Hodeien adorea
Hodeien adorea
2012, nobela
216 orrialde
978-84-92468-38-6
azala: Inés López Ortega
Yoseba Peña
1977, Sodupe
 
2018, nobela
 

 

Esnatu.

        Zer?

        Esnatzeko!

        Zein ostia zara zu?

        Jakob Marley izena dut; baina ez flipatu, ez dut-eta Bob-ekin zer ikusirik, babo hori! Beste era batean esanda, Mefistofeles naiz edo zure Anubis partikularra; nahiago duzuna, niri bost.

        Baina ze...? Ez, ez. Zu Gizajoa zara!

        Izenak ez du garrantzirik.

        Zer nahi duzu?

        Bidaian eraman nahi zaitut.

        Bidaia bat?

        Bidaia BAT ez, BIDAIA: zure bidaia denboran.

        Denboran? Zer demontre? Ametsetan al nago?

        Ametsetan, baliteke, bai; azken batean, zer da amets egitea?, ez al da ba bizitza amets bat? Gogora ezazu: «The man is the dream of the dolphin».

        Ze paranoia klase da hau?

        Goazen, ez zaitez aspergarri jarri.

        Zeri begiratzen diozu horrela?

        Zure anaia zu hiltzen ikusi berri dut: pelikula ikaragarri ona, zure papera betetzeko dohain handirik behar ez baldin bazen ere.

        Ez dut ulertzen zer esaten ari zaren...

        Ez kezkatu, segituan ohartuko zara.

        Baina... benetan hilda nago?

        Astuna zara gero! Hilda nago? Entzun: zure gorputzari helduta dago Flash Gordon, negar eta odol malkoak nahasian. Eta, ezetz asmatu zer egin duen? Eskuak aurpegira eraman! Primitiboa, ezta? Ba marka da: anaia nagusia euskal labela etengabe irabazi nahian eta txikienak, aldiz, lehenengo saiakeran bete-betean asmatu ere! Neolitikoan bezala, ez dago odolez margotzea baino ekintza euskaldunagorik: goragutagutarrak!

        Zoaz pikutara!

        Ez harrotu, pittin.

        Aurpegi zuri-beltza duzu... joker baten antzekoa...

        Bai, zure kontzientziaren komodina naiz, iragana erakustera natorkizu. Iragana: etorkizunaren oroitzapena; etorkizuna: haren eldarnioa.

        Gelaren silueta disolbatzen ari da. Ez ahal da amesgaizto bat izango! Txunba-txunba musika gero eta ozenago. Begiak argien erokerietara ohitzen ari zaizkit: joan-etorriak, flashak, garrak, iluntasun argi-printzez urratua, aurpegiak izerditan blai, estasian, alai.

        Soinua moztu den arren, ero haiek dantza egiten jarraitzen dute, modu negargarrian, musikarik gabe, lekuz kanpo. Baxu bat entzuten da bateria baten erritmoan. Gitarra elektriko ezagun bat «Creep» aletzen, notak mahats-mordo heldu batetik hartuko balitu bezala. Loak hartu aurretik behin eta berriro entzuten ari nintzen abestia da.

        Hara bestea! Ihesbide merkea aukeratu zenuen, ezta? Triste zaudenean horrelako kanta bat jartzea da onena, zure buruarekiko errukia izateko.

        Radiohead: berriro entzuterik banu! Ametsetako txantxa bat izan behar du. Nik «Creep» entzuten dut eta gainontzekoek birao, bakailaozko goragalea. Begiak ixten saiatzen naiz, burua garbitzen, dena ahazten. Alferrik: betazalak gardendu egin zaizkit.

        Inozoa... ametsetan ezin da saihestu entzutea, ikustea, izatea. Hori da benetako bizitza, edozer eta denetarik gerta litekeena.

        Ez zait xelebrea egiten zu hor ikustea, ezta zauden moduan ere: erdi flotatzen, hemen bertan baina ezkutuan, kontzientziaren eta zientziaren arteko linbo batean. Transmutatzea gustatuko litzaidake: telebista kamera edo hontz-begi zaindari, berdin da. Hortxe egotea beste helbururik ez duen edozein gauza. Hortxe egotea: behatzea, aditzea.

        Gainontzeko zentzumenak sorgortuta ditut, eldarnioan dabilen artalde dantzariarenak bezala. Eta erdian zu, Gizajoa: lebitatzen, aura berde batez inguraturik. Ez! arrosa da; ez! urdinxka... kolorez aldatzen zara barre egiteaz batera, kameleoiak bezala, pailazoak bezala.

        Oso poetikoa. Baina... ikusi-makusi...

        Zer ikusi?

        Ondo! Kasu egin zure barruko umeari, orain baitator onena. Adi!

        Aurak ñir-ñir egiten dizu: horixkatik gorrixkara, kulunkan, diskoaren argien erritmoan. Pozik zaude, oso pozik...

        Erne hango tipoarekin, hondoan dagoen harekin. Ezagutzen? Ni naiz. Ederra, e? Iaz da hau guztia.

        Zer egiten zenuen hemen?

        Ez duzu asmatuko? Ez? Oso erraza da, motel. Kaka pasatzen nuen. Goi-mailakoa, jakina.

        Ez dut ulertzen.

        Ez al duzu ba ikusten? Ze motza zaren, ene! Kaka, gorotza, simaurra: trafikatu egiten nuen! Denetarik: pilulak, hautsa, heroina, estasia, azidoa, kalamua... trafika daitekeen guztia eta ez daitekeena ere bai.

        Ño, segidan gertatzera doana aurreratzen saiatzen ari naiz, baina alferrik da zurekin: kaikua zara, gero! Begira hondora. Tipo txikia ikusten? Bufoi itxurakoa. Ez du inoiz arropatan xentimorik gastatzen, apo horrek. Kanpoan bezeroak ditudala abisatzera etorri zait. Hona sartzea gustuko ez duen jendea, badakizu, infernu honetara. Arraroak baina fidatzekoak: beti ordaintzen dute. Ondo gainera, eta azkenean gehiegi, putakumeak!

        Morroi hura Gizajo bizidunari hurbildu zaiola dakusat, zerbait xuxurlatzen diola belarrira. Elkarrizketaren ondoren, sigi-saga pasatzen dira jende artetik, ziraunen gisan, irteera helburu.

        Dakusat? Euskaldun berriaren konplexua ala? Egin ezak natural, gazte: gora euskara sencilloa! Tira, goazen kanpora, funtzioko onena galduko dugu-eta bestela.

        Nola pasatuko gara jende multzo horren artetik! Ez dago lekurik...

        Ez al dakizu Supermanek bezala hegan egin dezakegula? Hau da mamu izatearen abantaila: zatoz.

        Abiadura hartu eta pareta zeharkatu duzu! Dragqueen dantzaria eta guzti! Utikan logika: atzetik noakizu.

        Bibrazioak oihartzun bihurtu dira, astiro-astiro mututzeraino. Trapitxeroek bi morroi dituzte zain. Ezker abertzaleko uniformeak: Txefe!

        Ikusi ote nau?

        Ez izan kakatia. Esan dizut inork ez gaituela ikusten. Mamuak gara! Adi egon, orain dator-eta jokaldi bikaina.

        Negoziazioa azkar jiratu dute. Tratua, bostekoa tinkatze zuhur batez zigilatu eta bururatu dute: di-da.

        Honetan ez da adiskidetasunik nahasten; zoriontasuna diru trukez bakarrik oparitzen da. Kasu honetan pilula gorrietan: yaba du izena. Flipatzen ari zara, ezta? Ez zenuen espero? Ba orain badakizu: zure anaia kolokatu egiten zen!

        Ez dut uste. Txefe ez da horietakoa. Gehien jota maria pixka bat erreko du, baina besterik ez.

        Besterik ez? Ez ibili nirekin zurikeriatan! Froga ikusi duzu: pilulak erosi zizkidan. Eta ez edonolako pilulak; esan dizut: yaba! Ez duzu ezagutzen? Ideia putarik ez, jakina. Thailandiarren botika eroa. Europan, yaba hartzen duena drogan aditua da, benetan. Estasia baino mila aldiz hobea da.

        Ez, Txefek ez...

        Inuzentea, babalorea; ez, Txefek ez du drogarik hartzen; ez, nire anaia kabroia ez da kolokatzen; ez, Txefe ez da hiltzaile bat! Ba bai: hiltzaile bat... zure gurasoen seme ere badena, hara ze kasualitatea! Ez, Txefe gaixoak ez du denborarik trapitxero errugabe bat garbitzeko.

        Errugabea zu? Zerbait egingo zenuen, seguru!

        Ez, Txefe ez... Ongi etorri mundura! Azken aste haietan ez al zenuen ba zeuk ere hartu! Ostia, motel, mojek ere bai! Bide batez: zure neska-lagunak ere kontsumitzen zuen, bai, Maddi maiteak ere bai.

        Ez da posible.

        Jakingo ez dut ba! Baita zurekin zegoenean ere. Nik neuk saltzen nion-eta. Lagunen urtebetetzeetan, neskak-bakarrik afari eta festetan... Zergatik uste duzu, ba, hitzordua zenuten ostiral hartan ez zitzaiola inporta izan zu berandu agertzea? Ez zitzaizun burutik pasatu ere egin, ezta? Inuzentea: bere lagunen berdin-berdina zen. Ederrak dira gero! Herri xumeak dirua du muga; horiek ez, batere ez. Eta ez pentsa zikinkeriekin edo erdipurdiko gauzekin ibiltzen direnik, bai zera! Garbi-garbia eskatzen dute, lehen mailakoa. Sosa lagun, ez dago gorotz arriskurik!

        Horrelakoa da bizitza, galtzaile! Ziniko halakoa zure azukre koxkorra, e? Ez zizun ezer esan baina ezagutzen ninduen. Baietz ba! Neure esku bekatari hauekin saltzen nion. Eta, egia esan, egunen batean berarekin larrutan egitea ere espero nuen; fabore baten truke, bere lagunekin bezala. Ez da horrelako zerbait gertatzen zaidan lehen aldia. Uste ez bazenuen ere, pija itxurakoak dira gaiztoenak.

        Nola esan zizun niri buruz hitz egin zenutenean? «Borja Iriartek eta Garmendiak, gelakoek» ezagutzen nindutela. Gezur puta! Beste gezur bat, itxurakeriazko orgasmoekin hasi eta drogekin amaitu, tartean tartekoak kontuan hartu gabe.

        Aurrean, ispilu batean bezala, neure burua: airean jarraitzen dut baina baten batek ikusiko banindu, banku batean eserita nagoela esango luke. Pentsakor. Dezepzioa isurkari lirdingatsua da burmuinean. Ez haserrea; dezepzioa.

        Kaka zaharra. Sumina sentitu nahi dut, baina sumina, ur orbanen gisara, lurrundu egiten da arrastorik utzi gabe. Dezepzioa, aldiz, ardo orbana da.

        Maddik ere hartzen zuen.

        Eta Txefek ere bai.

        Hil egin naute.

        Isurkari lirdingatsuaren aipu hori nondik atera duzu, Xekspir? Lasai, motel, horrela hasi ziren-eta neska guztiak.

        Mekaguendios...

        Ongi etorri linbora, pittin.

        Egoera normal batean zurbil-zurbil egongo nintzateke. A ze ironia! Nire gaztelu txikitxoa, segurtasunez, mitoz eta auto-justifikazioz eraikia, egiatan kartoi merkez egina zegoen. Edo, askoz okerrago, musuzapi zikinez. Ostia, txikitatik poliki-poliki altxatu nuena, marfilezko gotorlekua zirudiena: enperadorearen jantziaren material berekoa besterik ez zen. Lautada bat. Hondartza marea goran.

        Kitina gabeko labezomorroa naiz. Adam paradisutik bota berria, biluzik, bizitza zeneko muturrekoak jasotzeko gertu. Kain, odol orbanak kendu ezinik. Ardoa baino zailagoa da odola kentzea.

        «Horrelakoa da bizitza, egin ezazu behar duzuna!». Gora Radio Rahim!

        Eta orain?

        Orain? Funtzioa bukatu da gaurkoz, adiskidea. Agian esnatuko zara edo agian ez. Amets batetik esnatzea nahiago ala? Benetan? Pentsa errealitateari aurre egin beharko zeniokeela berriz ere. Baina... ze errealitateri? Ez dakizu benetan ametsetan zauden edo ni bezain seko. Bizitzan ez dago ezer ziurrik, hainbat gutxiago ametsetan.

        Zer egingo dut orduan? Zer gertatuko zait?

        Itxarotea beste aukerarik ez daukazu. Itxarotea: filosofo batzuen arabera, heriotzaren esperoa da bizitza. Hasiera eta bukaera erakutsi dizkizut: bietan odolez blai.

        Baina ez dut ezer gogoratzen heriotzako orduan gertatu zitzaidanaz eta...

        Lasai, horretarako naukazu-eta. Denbora sobera dugu, ez kezkatu. Nik lagunduko dizut. Patxadaz hartu, eta hurrengoa arretaz entzun:

        Imajinatu Donostia. Imajinatu Donostia baina ez postaleko glamourra: Zinemaldia, Laconcha, Kursaala. Badakizu, bidaia-telebistetako maskor argitsua. Ez, ez, ez; eguneroko asfaltoa irudikatu: beltzak orgatxoekin, hipoteka kitaezinak, txiza espaloietan, agureak tope-luxuzko haur-kotxeei bultzatzen eta adingabeko suizidak motorretan.

        Benetako Donostia diotsut, maskorrak ezkutatzen duena: bihotz txuri-urdina kartera hori-gorrian, pintadak, putak, txikiteroak, atso bakartiak, seiehun euroko lanak eta Peruko zaindariak umerik gabeko parkeetan. Michelin hiriburuaz ari naiz, bere larunbateko menuaz: txirri belarra entsaladan, botelloia edateko, plater nagusia nahi adina haragi gazte mikro-gonetan bilduta eta, postrerako, azukre-hautsa lerroetan; sukaldaritza?, hemen bezalakoa inon ez! Kantauri itsasoaren diadema hau gogoan hartu, plastiko arrosazkoa eta dena-merke txinatar batean lapurtua: zure Donostia.

        Hortxe, Alde Zaharreko kale meharrak gogoratu; eta orain, ihesi doan gazte bat, erotuta. Izutua: zeu. Naturalki arnasa hartu nahi zenuke, hankek eta besoek inposatzen dizuten erritmotik askatu. Hamasei urte dituzu. Gudari Egun hartan Jontxu Preziado zara, zure deitura maketoa txapelaz mozorrotuta: subkontzientean nazionalismo arrazistak urratzen zaitu taupadaka. Sabintxo Arana, bere garaiko seme fidela.

        Bizitza salbatzearren zoaz ihesi. Argazkietan ezagutzea galarazteko jantzi duzun palestinoak ito egiten zaitu; sinboloek, uf, pisu handiegia daukate. Eta Txeferi maileguan hartutako bota militarrek hamarna kilo gehiago kateatzen dizkizute hanketara: zureak egin du!

        Galduta zaude. Hiru beltz ikusi berri dituzu aldameneko bidegurutze batetik agertzen: kaskoekin, borrekin, egurtzeko baimenarekin. Max Weberrek dixit: poliziak erabiltzen duena indarra da, besteona bortizkeria. Estatua: hitzen definizio eta gauzen legitimitatearen gordeleku. Choose life. Estitxu: hamazazpi urte. Che baino erradikalagoa, feminista, libertarioa, abertzalea. Ez dakit zer pasatzen den azken aldi hontan, jendea hasi dela dantzatzen sarritan. Zarauzko Putzuzulo gaztetxean zeunden kasualitatez, institutuan egindako azken lagun min berriarekin. «Amets fabrika» esaten diote, eta benetan hala izan zen zuretzat: Kortaturen gitarrek lehenengo garagardoa lehertu zizuten buruan eta ska lotsati bati ekin zenion. Norbaitek atzetik bultza eta nor zen begiratzera bueltatutakoan titi pare eder batekin topo egin zenuen: ai, ama!; gora eta behera kamiseta marradunaren azpian, gora eta behera, gogor eta borobil. Ile hori motz errebeldez, on-ona zegoen.

        Hortxe erdian liluratuta geratzeak berehalako ondorioak ekarri zizkizun: morrosko batek kristoren bulkadaz erraztatu zintuen, mahai baten kontra lurrera arazi ere. Barreak ska-gerlarien artean, hori ostia! Estitxuk aurpegi txarra jarri eta kontra egin zion zatar piztiari sorbaldarekin. Horrelako laguntza ikusita, altxatu eta biek batera talka egin zenioten. Bi metroko bikingoa, eltxoei erreparatu ere egin gabe, etsai handiagoen bila desagertu zen. Erabateko garaipena: neska-katxarroak irribarre egin zizun eta dantzatzen hurreratu zitzaizun; talde bat gara.

        Esana dizut zortea zuen kabroi bat zinela, ezta? Gaztetxeko errebelazioa zen neska hura, diva berria. Agertu eta hilabete gutxiren bueltan kanpai guztiak bere ohorez dilin-dalan, amorruz, desespero batean. Mimatzen zuten, miresten zuten eta, batez ere, ohera eraman nahi zuten. Eskualdeko Rosa Luxemburg izan zitekeen, baina inork ez zekien Rosa Luxemburg nor zen. Estitxu Arregi: idealismo gaztearen indar geldiezina, mundua aldatzeko grina. Gau horretan zurekin liatzen da eta... adi hemen esaldiaren egiturarekin: bera da subjektu aktiboa eta zeu pasiboa. Molde horri eutsi zenion zuen istorio labur osoan: Estitxu aurretik, atzetik zu. Korrika.

        Oroitzen zara? Karteladak, asanbladak, manifak, txangoak, jaiak, mozkorraldiak, zalantzak egunero: deituko ote dizu? Berriz nahi izango al du zurekin? Ez zenuen potrorik aurrea hartzeko; bazenekien nolakoa zen. Choose a job. Choose a career. Itotzen ari zara; axubetek birikak zulatzen dizkizute eta, haizeak jota, esku bat sabelean duzula egiten duzu korrika, flakiaren mehatxua buruan.

        Bakarrik geratu zara: kalean ez dago inor, euria hasi du, ilunabarra. Fermin Calbeton hartu duzu; pertsiana jaitsita daukate taberna guztiek. Zeinen bakartia den hiri bat kaleak hutsik daudenean. Eta zeinen luzeak diruditen ikaratuta eskapuan zoazenean. Edonoren bila, berdin du: lagunak, lekukoak.

        Bakarrik zaude, bai, eta jakin badakizu setioa metodikoki ixten ari direla. Laster izango zaituzte beren atzaparretan atxilotuta. Helduta, kolpatuta. Segituan.

        Hiru beltzek pertsiana bat altxatu dute eta taberna barrura sartu dira, western pelikuletan bezala. Zientzialari txit gorenak dira: aipatutako Weberren hipotesi famatua baieztatzeko beste esperimentu bat hastera doa. Egur zozketa: jendea kalera arrapaladan, eskuez buruak babesten, garrasiak, beldurra, mina. Beldurrari usaina dario. Ez kiratsa: usaina. Xelebrea, goxoa. Txakurrek igartzen dute; pertsona batzuek ere bai. Borroka ezazu gurekin batera, gu garela EH sukarra. Arnasa hartzeko gelditu zara. Beltzen beste bikote bat agertu da zugandik ehun metrotara. Zu seinalatu eta galopan abiatu dira: trailerrak, petrolio-ontziak. Airerik gabe, zu ihesean berriz ere. Itsumustuan zoaz, berehala atzemango zaituztela jakinda ere. Txerria hiltegiaren ate aurrean. Badator Mari-harakina! Festa hastear dago.

        Hurbiltzen ari dira; gelditzeko oihukatzen dizu batek. Hirurogei metro. Choose a family. Choose a fucking big television. Independentzia zioen zure kamiseta kuttuna, anarkiaren lepokoa, Txeferenak ziren bota militar zaharrak, mozorroa ezin hobea: labeleko Jarraitxu baten planta duzu. Estitxu eta beste hirurekin hitzartutako izkinan batu zara, denak antzeko uniformez. Bulebarrera heltzean masa izatearen indarra sentitu duzue: tankerako jende asko dabil han, Alde Zaharreko saltsara sartzen. Jai giro nabarmena. Kolore bizia, arrazakeriaren kontra; kolore guztiak faxismoaren kontra. Flekilloen printzesak bereziki zoriontsu dirudi; zu bere ondoan ere bai.

        — Euskal gazteriaren boterea erakutsiko zieagu putakume horiei —diotsu—. Ez gaitiztek geratuko!

        — Gora ETA militarra! —zeuk, ukabila altxatuta.

        Begiratuarekin sariztatu zaitu. Batzuetan ez dakizu zer nahiago duzun: gorputz puska hori edo bere pertsonalitate geldiezina. Beti gorputza!, ez izan ergela. Choose a washing machine, cars, compact disc players, and electrical tin openers. Urrutitik ikusten dituzu sei morroi, ikurrinak eta «Presoak etxera!» pankartekin. Bat besterik ez duzu ezagutzen, baina oraintxe aurkeztuko dizkizut neronek, plazer handiz gainera: Txiki, Otaegi, Muguruza, Lasa eta Zabala. Ez da txantxa bat, ez. Artaldearen buru Txefe duzu. Edo Argala, ez bazaizu inporta. Bai, bai, Argala, ez egin barre. Beraiek hautatu zituzten izen horiek omenaldi moduan; nerabezaroko tontakeria bat, denboraren poderioz xarma irabazi duen jolas pribatua. Erradikal nostalgikoak: anaia eta bost adiskide; apokalipsiaren sei zaldun, gizajoak garbitzen hasi aurretik.

        Adi: ez dituzu-eta denak batera berriz ikusiko; akaso bost, Alde Zaharreko bazter batean, mendekua gauzatzen.

        Agurtu dituzu eta anaiak flipatuta behatu dizu. Buruarekin seinalatu eta adiskideei zerbait esan die. Egia aitortuko dizut: anaia lotsatu egiten da zutaz. Ez hartu kontu pertsonal baten moduan: «zutaz» horrek bere familia osoa esan nahi du. Badakizu, Estitxurekin gauza bera sentitu zenuen: maketoak, erdaldun kaikuak. Ikastolak mirari linguistikoak burutuko ditu batzuetan; odola eta konplexuak, ordea, ezin ditu garbitu. Eta eskerrak ez zinetela extremeñoak; asturiarrek behintzat baduzue meatzariak izatearen harrotasun aire bat.

        Zuen aurretik pasatzen ari direnez, gelditu egin zara, harro, inbidia emateko: bular mardul horiek aurkeztu nahi dizkiozu, putoamo hutsa zarela erakustearren. Abelek egun osoa ematen omen zuen Kaini bere ardiak lodiak zirela erakusten, zokor-mazo galtzaile bat zela errepikatzen. Izorratzeko, besterik gabe; horretaz aparte, ez omen zegoen egiteko gauza hoberik Eden mendebaldean.

        — Hau nire anaia dun: Txefe.

        Morroi gogorrak buru keinu xume batez aztertu zaituzte.

        — Estitxu, nire neska-laguna.

        Hirugarren hitz hori airean flotatzen geratu da, disolbatu ezinik, lixiba odol putzuan. Libre izateko haiz jaioa, Mari, ez zara izango niretzat. Estitxuk alde batera egin du eta espainola deitu izan bazenio baino okerrago begiratu dizu.

        — Hire zer? Ni ez nauk inoren neska-laguna, aditu al duk! Matxista zerria. Hire neska-laguna: baita zera ere! Joan hadi porkulo hartzera —eta ospa egin du sutan.

        Barreka lehertu dira Txefe eta boskote miragarria. Badakizu hanka sartu duzula. Berdin da nola zurituko duzun zeure burua, berdin da ze hitzez goxatzen saiatuko zaren: betiko galduko dituzu miretsitako bular gogor eta borobil horiek. Gargantua bezain ahohandia zara zu. Estitxuk ez entzunarena egin du. Zutaz paso. Agur nere maite politari; ez egin negar etorriko naiz egunen baten pozez kantari. Aise iritsi da lehenengo pankartara; zuk nahikoa duzu jende artean bultza gabe pasatzearekin. Asko dira eta denek batera oihu egiteak amorrua handitzen die. Zuzen dabiltza eta ziur daude. Ez dira beren kontra ausartuko. Mundua salbatu beharra dago. Puzzle hartako alderantzizko pieza bakarra sentitzen zara: ametsak lokatzetan hondoratu zaizkizu.

        Gaur egungo gerretan, kantitateak ezer gutxi du esateko. Hutsaren hurrengoa zarete. Zarete, bai, erdi-erdian baitzaude. Furgonetak agertu dira: txorrotak irekita, uholde beltza. Kasko gorri, istiluen kontrako ezkutu, borra zorroztuak, txikitzeko gogoa.

        Ikara uhin bat zabaldu da manifaren barruan: irabazi egin dizuete. Baina berehala, deiadarka irain egin die ausart batek, beste batzuek balentriari eutsi; kontrola berreskuratu duzuela ematen du momentu batez. Inozoak: zuekin jolasean ari dira: tigreak eta Bambi galdua. Horrekin gozatzen dute. Kondaira ezagutzen duzu, ezta? Droga eta egurra ematearena. Agindua heldu aurretik pitbull-saldo basati baten gisara eraso diezue. Astinaldia hasi da: gomazko pilotak, gas negar-eragileak, kea, orroak, tiro hotsak, dinba-danba, borra kolpeak, ukabilkadak, ostikoak, zauriak, atxiloketak, izua. Odola, malkoak.

        Bai, usaindu egin liteke izua, eta entzun, eta uki. Eta zuk egundoko beldurra diozu piztia bat zure gainera etortzeari. Zer esango dizut ba: naturala da.

        Denek jipoietatik ihes egin duten bitartean, han Estitxu, geldi-geldi: Amaiur behar zuen izena. Harro egiten die aurka, itsaslabarra marearen kontra. Harri bat hartu eta parabola eginez jaurti die. Pauso batzuk aurrera eta beste harri bat. Baina zuk ezin dituzu oinak lurretik mugitu. Adrenalinak korrika eskapatzera bultzatzen zaitu. Kakati hutsa zara, beti izan zara. Hortxe bukatu da zure antzezlana. Akabo behoka horrekin larrua jotzea: dream is over, Yoko. Lehenengo urratsa atzera ematea, betiko galdu duzula onartzea da. Agur eta ohore, laztana; gehiegi zara niretzat.

        Gomazko pilotek txistuka hegan egiten dute inguruan. Liztor hiltzaileak: ihes! Beldurra izu bihurtu eta burmuina ikaratan ito zaizu. Choose good health, low cholesterol and dental insurance. Pauso bat eta gero beste bat ematean kontzentratzen zara; ziur zaude laster galduko duzula konortea. Hogeita hamar metro. Saihetsek labanak balira bezala mintzen zaituzte. Birikak eztanda egiteko zorian dauzkazu. Minutu gutxiko esprinta eta beltzak orpoz orpo. Hamabost metro: harrapatuko zaituzte. Beren galoparen oihartzunak tinpanoaren barruan sentitzen dituzu: hamar metro. Atzean doazkizu: dribling bat egin behar zenuke, baina nora? Zortzi metro: eta bertan kieto gelditzen bazara ezer ez duzula egin azaltzeko? Sei metro: negar egiteko gogoa; zergatik sartu zara kontu hauetan? Ozta-ozta zu plakatzeko moduan daude. Lau metro: burua jiratu duzu. Batek eskua luzatu du zugana. Atzera begiratzeagatik estropezu egin eta lurrera joan zara zilipurdika. Haika mutil, jeiki hadi, argia den mira hadi. Aurrenekoak ez du zu saihesteko ahaleginik egin: belaunaz jo dizu buruan, bete-betean. Bigarrenak borraz besoan. Besteak ostikoka ari dira, horrenbeste korrika egitera behartu izanagatik. Bizkarrean egurtu zaituzte, izterretan, bikietan... espasmoka mugitzen zara, narras, burua babestu nahian. Kolpe zaparrada: ez dituzu zartako berriak sentitzen. Bertan hilko zaituzte, kaleko txakur bat bezala. Sinetsi egidazu: ondo baino hobeto ezagutzen dut izu hori. Choose fixed-interest mortgage repayments. Choose a starter home. Orro bat entzun da eta itzal bat oldartu zaie. Zipaio bat lurrera, beste batek ostikada basati bat jaso du kaskoan, oreka galduz. Gainontzekoak, eroriak hartu eta laguntza bila aldendu dira. Gazte bat lurrean aurkitu dugu, lore gorriz beterik kolkoa. Txefek kamisetatik tira dizu zutitzeko. Kordea galtzeko mugan, txiza egin duzu galtzetan.

        — Goazen, joder, laster itzuliko dira —estutu zaitu.

        Haren lagunak atzean daude, amarru bat prestatzen, ihes egiteko denbora izan dezazuen: partisanoen gerrillak. Aurpegi eta ukondoak odoletan, besapetik helduta zaramatza Txefek.

        Inguratuta zaudete. Alde Zaharreko irteera guztiak blokatu dituzte: ehizatuko zaituztete, zuek eta gainerako guztiak. Izorra zaitezte, ea horrela ikasten duzuen.

        Txefek ezker eta eskuin begiratu du. Otsoak gertu sumatu ditu eskopetak: irtenbiderik ez. Erne: gogoan hartu begirada desesperatu bezain gogor hori, berriz ikusiko duzu-eta. Azkenean, beti zure besotik tiraka, moda-denda baten pertsiana igo du eta bat-batean beste dimentsio batera sartu zarete: andere batzuk erosketak egiten kanpoan mundua erretzen ariko ez balitz bezala. Denak harrituta, beldurtuta gero. Zergatik ordaindu behar ditugu denok zuen guda jokoak eta astakeriak? Lasaitasuna nahi dugu, bakea behar dugu!

        Txefek pertsiana jaitsi, mahai batetik hiru kamiseta hartu eta dendaren atzealdera eraman zaitu arrastaka eta herrenka. Emakumezko jantziak dira baina jada ezer ez zaizu arraroa egiten. Anaiak begirada bortitz bat bota die dendariei eta hiru aldagela dauden pasilloan erdiko atea trangatu du. Aulkian eseri zaitu; negarrez hasi zara, urratuta dituzu atal guztiak, sudurreko jarioa gelditu da behintzat. Txefek ahoa estali dizu eskuaz. Pertsiana igotzen entzun duzue, bota batzuk sartzen.

        — Dena ondo? —gizon ahotsa.

        — Bai —dendariak.

        Kanpoan gutxienez hamabost doberman izango dira, borrak zorrotik aterata. Berriro ere atzematen bazaituzte, kito. Ez duzu beste jipoirik aguantatuko; akabatuko zaituzte eta gero esango dute ihes egiten hil zarela, edo zeure buruaz beste egin duzula. Badakizu: nazien kontzentrazio esparruetan bezala, alanbre-hesi elektrikoaren kontra.

        Txeferen eskuak zure ahoa sakatzen du; haserre behatzen dizu. Masaileko muskulu tenkatuei jartzen diezu arreta; ezin duzu bere begien mespretxua jasan. Orduan konturatu zara ez duzula ezagutzen. Haurtzarotik norgehiagoka estu batean borrokatu duzu anaia nagusia, metodikoki eremu guztietan gainditu ere bai: eskolan, etxean, kiroletan, bizitzan. Zure akuilua izan da: umiliatzea, atzean lagatzea, bere lorpen xumeak birrintzea. Txefek, baina, ez du lehia horretan inoiz parte hartu.

        Gogoratu: auzoko futbol taldeko kapitaina zinen, etorkizun oparoko erdilaria. Reala eta Athletic zure atzetik, behin Bartzelonako begirale bat ere etorri omen zen. Fina, teknikoa, dotorea, karismatikoa: dena zenuen goraino heltzeko. Txefek eramaten zintuen partiduetara gidabaimena atera berritan, Txefe zen zure zalerik beroena, Txefe zure sostengua, bermea, animoa. Astapotro baten sarrerak errotik moztu zizun ametsa: belauna txikituta.

        Eta urte erdi hartan, zer egin zuen anaiak? Ez zen zure aldetik mugitu. Lehen Mailan zurearen antzeko lesioa izan zuten jokalari guztien historiala ekarri zizun. Noiz itzuli ziren, zer erdietsi zuten gero, nola helduko eta hobetuko zintuen sufritzeak. Zuk, ordea, ez itzultzea hautatu zenuen. Doi-doi errekuperatu zinen: promesa galduak zirrara eragiten zizun sabelean, pena. Ez zinen zure burua frogatzen ausartu: galtzeari beldur. Alferrik saiatu zen Txefe zu konbentzitzen, nazkatzeraino saiatu ere. Baina, ez ahaztu, azken mesede bat egingo zizun: ez zuen inoiz bere mespretxua aditzera eman, zeuk sumatu ere ez. Eta hoztasunak dena estali zuen, elurrak bezala.

        Doberman botak dendan paseatzen aditzen dituzue. Pixka bat geroago, irteten ari direla ematen du. Choose your friends.

        Kabenzotz: utziko al diozu behingoz abesti zatiekin kontaketa mozteari? Haria galduko dut! Ederki iruditzen zait Trainspotting filma ikusi izana eta euskal musikan aditua izatea, baina dena neurrian, motel.

        Oroitzapenak erabat berreskuratzen laguntzen didate.

        Ea argi geratzen zaizun: nobela honen narratzailea neu naiz! Nik lagunduko dizut oroitzapenak argitzen!

        Norbaitek atean emeki jo du eskuarekin:

        — Joan dira. Irten hortik, mesedez.

        Sinetsi ala ez? Txefek badaki egia edo gezurra, beste erremediorik ez duzuela. Zirrikitu bat ireki du kontu handiz, dendariaren aurpegi kezkatua ageri da. Beste inor ez. Ninjen antzera atera da pasillora: sorbalda beti hormari itsatsita, mugimendu guztiak kalkulatuz, mesfidati. Dendaria izerditan dago: zuen beldur da.

        Piloten zarata iraungi da: poliki-poliki normaltasuna bueltatzen ari da Alde Zaharrera. Hainbat zaborrontzi sutan edota kiskalita, beste frogarik ez. Larunbat gaueko ohikoek mozkortu egin nahi dute beren arazoak ahazteko; horien artean nahasita, gune epelagoetara abiatu zarete.

        Txefek bus geltoki ondoan utzi zaitu:

        — Horrelako beste batean harrapatzen bazaitut, hortxe utziko zaitut, ulertzen? Zin degizut. Hau ez da jolas bat.

        Zure burmuinak deskonektatu egin du: pasadizo honen lotsa eta izua memoriaren ate txiki baten atzean giltzapetuko duzu, gustatzen ez zaizkizun gertakari guztiekin batera. Ez-naizenaren gela.

        Anaiak ipurdia salbatu zizun berriro. Egia esan, berak beti ematen zuen dena zuengatik. Zertan lagundu zenion zuk? Ezertan ez. Hegazkinlariari ere ez, bide batez esanda. Zu beti zureari eusten: zure etorkizun joriari, zure ikasteari, zure mutil onaren plantak egiteari... Ez esan gezurra denik: dagoeneko ahaztu duzu zergatik utzi zion Txefek ElPueblora joateari?

        Pista bat: hamahiru urte estreinatu berriak zenituen, Neil Armstrongek zortzi eta Txefek hamazortzi luze. Orain bai?

        ElPuebloko udarak. Auto bidaia luzeak gogoratzen ditut: Gipuzkoa, Bizkaia, Santander, Asturias. Errepidea pasako zen hurrengo herriaren izena oroitzera jolasten ginen: Cabezón de la Sal, Treceño, San Vicente de la Barquera.

        Harritzekoa bada ere, bidaietan gehien gozatzen zuena Astronauta zen. Mugikortasun eza, estura eta zorabioaren gorabehera, haizea aurpegian eta gauzen igarotze frenetikoak liluratzen zuten. Aho irekita zihoan bere barruko mintzairan zezelduz eta barreka, zoriontsu. Behin ere ez zuen bere burua jipoitzeko krisi latz horietako bat pairatu.

        San Roque, Llanes, Poo. «Asturias» zioen kartela igarotzean, aitak, eserlekuan ezin kabituz, beti gauza bera botatzen zuen:

        — Bagaude en casina.

        Bai: tradizioz, bere lehenengo hitzak ibilbide osoan. Bestela, Radio Nacional de Españaren bolumena igo, bolantea heldu eta Ducadosak irentsi, besterik ez zuen egiten. Eta Txefe atzealdean amorratuta berak hor erretzerik ez zeukalako. Salomonen epai mitiko bat erabili ohi zuen Amadeok bidegabekeria justifikatzeko.

        Hala da: «Cuando seas padre comerás huevos». Alegia, familia-buru izateak pribilegio hura eskaintzen ziola.

        Hori eta beste batzuk gehiago! Bitxi-bitxia, gero; nago ez ote zuen alderantziz izan beharko. Enpin.

        Gizon ezberdina zirudien ElPueblon. Aurpegia argitzen zitzaion, denekin hitz egiten zuen: erlaxatu egiten zen gizona.

        Erlaxatuko ez zen, ba! Autoa aparkatu eta zuzenean jotzen zuen... nola esaten diete han tabernei?

        Chigre.

        Horixe. Maleta eta poltsa guztiak kapotik lurrera, ate guztiak metodikoki itxi, eta agur lakoniko batez desagertu: gauerdira arte Bonaparte!

        Tira, ordurako Txefe eta biok nahikoa heldu baginen traste guztiak etxera eramateko.

        Lau solairu igogailurik gabe eta eraikuntza zaharren eskailera koska handiekin: ez da hutsaren hurrengoa. Ez ahaztu meatzarientzat bereziki eraikia zutela auzo hura: kale estuak asfaltatu gabe, leiho txikiak eta ikatzaren belztura zirrikituetan jauntxoen eskuzabaltasuna loriatuz. Herri ziztrina izan arren, aspalditik kutsatua zen hirien xarmaz. Ondorioz, erle migratzaileak zineten: erlauntz batetik beste batera!

        Eta erle erregea, barkatu honekin tematzea, ederki baliatzen zen bere eskubideaz.

        Oporretan zegoen.

        Zuen ama ere bai! Baina Manolik ez zuen arnasa hartzeko astirik ere. Lita Julianaren eremuan zeundeten: bere etxea, bere agintea, bere menpean. Amaginarreba jeloskor eta amaorde gaiztoaren nahaste korrosibo eta garratza zenuten atso txiki hura. Beti beltzez jantzia, uzkurra, hitzen bidez baino, begirada zorrotzez komunikatzen zen. Hara: Amadeo bere semea datorkit burura!

        Bere alde eginez, ezin zaio ukatu bilobagatik edozein akabatzeko gai zela. Zeu biloben artean kuttuna zinen baina Supernova, nola azalduko dizut: bere haragia zen, gorputzaren zati bat. ElPueblon Lita Juliana arduratzen zen umeaz, zuen ama baztertuz... eta beren arteko lehia, isilpekoa eta errukigabea, irabazteko.

        Adibidez: auto-erasoen kontrako onena bainatzea zen. Txorrotari begira lasaitu egiten zen, plisti-plastek segituan isildu balute bezala bere burua mintzera bultzatzen zuen barneko ahotsa. Zuen amak Donostian bizpahiru bainu egunean prestatzen zituen gehienez jota. Pentsa beste hiru basajaun ere bere bizkar zituela: otorduak prestatu, etxea txukundu, erosketak egin, arropa garbitu eta lisatu... batzuetan nahiago gatibu-lanak! Ba Covadongako santinak mirariak ematen omen dizkio bere fidelei eta zuen amonak bainuontzia edozein ordutan zeukan ur epelez bete, gatz aromatikoak eskura.

        Gutxi balitz, bere gelan pasatzen zuen gaua, lo hartu arte abestu, bazkaria prestatu eta ahoan sartu, arropa eskuz garbitu eta Spock kapitainaren orbitazioa gelaz gela jarraitzen zuen herren bezain egoskor. Manoliri etengabe aurpegiratzen zion behar hura: «Auskalo nola artatuko duzun haurtxoa ni ez nagoenean».

        Gatozen, ordea, berriz ere abentura gogoangarri hartara. Zuen amari etxetik irtetea baimendu zioten aldi bakanetakoa izan zen: aldameneko herrian bizi ziren lehengusinei bisita egiteko. Eta tragedia sustatzeko, bigarren kasualitate bat: Ama Birjina egunean, Lita Julianak meza santura joan beharra zeukala sentitu zuen.

        Kontua da, etxean utzi zintuztela Inurri Atomikoaren zaindari. Boxeolariek erabiltzen dituzten horietako kasko bat jantzarazi zenioten bolada batez anaiari.

        Txeferen ideia izan zen. Kick-boxing-eko klase batean ikusi eta erosi egin zion. Horrela, kopetaz paretaren kontra etengabe jotzen zuenean babestu samar egoten zen. Edo mekanikoki izugarrizko ukabilkadak ematen zizkionean bere buruari masailean. Ez zegoen aurreikusteko modurik: bat-batean hasten zen oihuka eta ostiaka eta di-da batean zisko eginda geratuko zen, odoletan. Batzuetan hiru, lau edo bost bider egun berean. Gutxitan igarotzen zuen astebete bare.

        Eta kaskoarekin eramaten zenuten kalera?

        Ez, kaskorik gabe. Jendeak ez luke ulertuko.

        Jakina: kasko eta guzti, eta jira-biraka, satelite bat emango luke!

        Siesta bota ondoren ez zen asko mugitzen, erdi sorgortuta geratzen zen. Eta ni asper eginda nengoen. Txefe hango lagunekin alferkerian, eta nik Hodeirekin etxean egon behar!

        Egun hartan eguraldi zoragarria egiten zuen, abuztuko egun eguzkitsu bat.

        Abuztua, bai, baina zuretzat udaberri gisako bat: nerabezaroan sartu berria zinen, jakinguraz begiratzen hasia neskatxo lotsatiak ezkutatzen saiatzen ziren titiei. Nola zuen izena kasurik egiten ez zizun hark?

        Sonia. Hamalau urte zituen. Bilbotarra zen, eta hura ere urtero joaten zen familiarekin ElPueblora.

        Arratsalde osoan entzuten ari nintzen nesken ahotsak eta irriak, gure atarian eserita. Ispilu batekin begiratzen saiatu nintzen leihotik, baina ez nuen gauza handirik ikusi. Jaisteko desio geldiezina sentitu nuen.

        Geldiezina: marka da gero!

        Arazoa Hodei zen.

        Seietako mezak hiru ordu laurden uzten zizkizun; eternitate bat, azkar iraungitzen ari zena. Baina goseak begiak argi: estrategia bikaina bururatu zitzaizun.

        Hodeirekin jaitsi... Hodei gabe. Atariak bi ate zituen: bata kalekoa eta beste bat barrurago, gardena ez zena. Bigarren horren atzean utzi nuen eserita anaia eta neskekin eseri nintzen eguzkitan. Ez zen plan txarra: bizikide guztiak lanean edo elizan izango ziren, ez zegoen Hodei jantzi beharrik ere. Etxean zebilen moduan eraman nuen.

        Eskaileren ondoan zegoen leihoa ireki zenuen, txakurra auto barruan uzten denean bezala: anaia errukitsua zinen! Hala ere, ez zenituen E.T.ren jakin-mina eta trebetasuna kontuan hartu edo ez zenizkion suposatu.

        Baina, aurrera jarraitu aurretik, galdera bat: ba al dakizu ze hegazti den kukua? Besteen habietan hazten dena, gurasoek arrautzak sakabanatu egin dituztelako. Zuen artean zein ote zen txori arrotzen semea? Ba horrek jo zizun, kukuak! Erne: kristalaren zikinkeriari begiratzeaz nazkatu zenean, Straussen Honela mintzatu zen Zaratustra musikaz lagunduta bezala, belaun bat, gero bestea, heldulekuan eskua eta hara!... Platonen leizetik ideien mundurat jalgi zen Gizakumea. Eta, sinetsi egidazu, metafora ederra izango zen, juxtu ondoan mutil gazte koadrila bat egon izan ez balitz txorimalo argal haren agerpenak txundituta, galtzontzilo hutsean eta kasko urdina buruan lotuta.

        Hodeik, nonbait, nabaritu egin zituen barreak eta urduri jarri zen.

        Eta beti berdin, zapla: ukabilak itxi eta jo eta ke bere buruaren kontra.

        Hasieran horrek gehiago harritu zituen, baten bat beldurtu ere bai.

        Beldurtu? Bai zera! Haietako putakumeenak baloiaz bete-betean jo zuen aurpegian. Lurrera bota zuen.

        Baloia etorri zen lekura begira geratu zen, hipnotizatuta. Ihes egin ordez zutitu egin zen. Horrelakoa zen Hodei.

        Mundua ez dago autistentzat egina. Beste kabroi batek ondo apuntatu eta bularraldean asmatu zion berriz ere eroraraziz. Gainontzekoei ere jolasa atsegin eta txuteka hasi ziren denak: fusilamendua, Bagdadeko obus euri-erauntsia.

        Eta zu bitartean neskekin txoratuta, gertatzen ari zenaz ohartu gabe.

        Hodeik ez zuen oihurik egin! Altxatzen zen bakoitzean bere burua astindu besterik ez zuen egiten.

        Aitzakiarik ez, mesedez: Jainkoak meza motza agindu zion bere morroiari eta espero baino lehenago jarri zuen duintasunaren zaindaria etxeko bidean. Eta panorama izugarri harekin topo egin zuen. Superamona, hori furfuria! Inork ez zekien Lita Julianak nondik atera zuen erratza, baina antzinako zaldunen antzera azaldu zen ezker eta eskuin kolpeka, bera bakarrik arerioen armadaren aurka.

        Hodeik ez zuen zauririk: sustoa baino ez. Afalordura arte ez nintzen etxera igotzen ausartu. Lita Julianak ez zion inori azaldu Hodeiren urduritasunaren arrazoia. Ohi baino luzeago mantendu zuen bainugelan, lasaitzearren. Baina hala ere argi zegoen zerbait igarri zutela: afariak ehorzketa zirudien.

        Amonak esan zuen arte:

        Pegaron al fillín.

        Plateren gainean erori ziren mahai-tresnak.

        Eta Lita Julianak izenak aletu zituen: heriotza kondenak.

        Aulkia atzera bota zuen Txefek eta, amaren erreguei kasurik egin gabe, mendeku gosez irten zen etxetik. Han doa Batman, katamalorik gabe, maltzurren bila. Lita Julianaren gisara eraso zion banku batean eserita zegoen taldeari: isilik, zuzen, bera bakarrik etsaien erdian. Lehenengo mutila konorterik gabe utzi zuen kaskarreko itzel batez, bigarrenari bi ebakortzak erauzi zizkion, eta besteak ederki berotu. Kostata ezagutu zuen Amadeok seme nagusia, melee hartan ez baitzegoen bereizterik, esku, hanka, oin eta beso nahaste zoroan. Mingaina lodi-lodi eginda bazihoan ere, belarritik tiraka eraman zuen Rocky bere gelaraino.

        — Maletak prestatu. Bihar bagoaz.

        Ez zenuen inoiz ulertu zergatik ez zintuzten zigortu. Funtsean zurea zen errua. Nolatan familiako inork ez zuen sekula santan kontua berriz aipatu?

        Baga: Lita Juliana ez zenutelako berriz bizirik ikusi; negu hartan hil zen «mi fillín, mi fillín» errepikatzen zuela. Biga: Txefek ez zuelako arrazoirik bere barruan erein zuen gaizkiaren hazia hizpide hartzeko. Higa: zure gurasoek, harkaitzak baino mutuagoak, gertakari hura lurpean ezkutatu nahi zutelako.

        Laga, boga, sega: logelan Manolik dena kontatu zion Amadeori, eta honek tinko ebatzi zuen:

        — Hemendik aurrera giltzapean!, eta akabo arazoa.

        Jendeak Hodeiren gaixotasuna antzematea ez zuen inoiz gustuko izan, baina hura izan zen, ingelesek dioten moduan, gameluaren bizkarra hautsi zuen azken lasto-izpia.

        Zai, zoi, bele: emaztea intzirika hasi zen eta aurka egin zion suminez, lehoi-emea kumea babesten:

        — Halakorik egiten saiatzen bazara dibortzioa eskatuko dut!

        Patriarkak belarrondoko zakar batez erantzun zion: arma, tiro, PUN!

        — Ezta brometan ere.

        Manolik bazekien bizitza ez zela gaztetan amestu bezalakoa, ezkonberritan pentsatu modukoa. Aurreneko eta azkeneko belarrondoko hark, ordea, aurpegia birarazi zion, bere bizimoduaren benetako izaera erakutsiz. Ez zeukan aldatzerik.

        Senarra oheratu eta gutxira nabarituko zuen bizkarrean ohiko ukitu grinatsua. Barkamena eskatu eta damua agertzeko zuen aitaren era, koreografia erraza eta xumea inposatzen ziona: ahoz gora jarri, kuleroak baldarki eranzten laga, senarraren mugimenduak jasan, arnasketa beroa, azkeneko geldiune laburra, zizpurua. Bero likatsua hankartean irrist, nazka; komuneko ispilua eta ezagutzen ez zuen aurpegia.

        Baina aldi horretan Manoli ez zen mugitu ere egin. Amadeo berriz ere saiatu, baina bera, izututa, berriz ere irmo. Zuen aita nahastuta sentitu zuen eta harrotasuna zabaldu zitzaion barnean, aspaldiko partez garaipenaren eztia.

        Biharamunean, Donostiarako bueltako bidaia bera izan zen benetako zigorra: nor bere penitentzia partikularrean murgilduta.

        Ikusten al duzu zure txoriburu apetak nolako iskanbila sortu zuen? Dena Star Trek ez babesteagatik. Eta, aldiz, Txefe edozer egiteko prest Galaktikoa defendatzearren.

        Ez esan lelokeriarik. Zer nahi duzu, Hodeirekin sartzen zen bakoitza jipoitzea? Ezagutzen ez zuenarentzat arraroa zen, eta nik hori ulertzen dut.

        Itxaron: arraroa esan duzu? Salatu egin zaitu subkontzienteak. Maite izango bazenu, «xelebrea» edo «berezia» esango zenuke. «Arraroa» beti da ezkorra. Eta horrek nire hipotesia baieztatzen du, alegia, Txefek beti maitasun handiagoa erakutsi zuela Buzz Aldrinenganako zuk baino. Hori argi dago.

        Guztiz deskuidatuta zaude! Txeferen arazoa —eta bide batez amarena— Hodei normal tratatu nahi izatea zen. Hodei ez da normala ezta anormala ere, autista baizik. Au-tis-ta.

        Ezin diozu bere mailako autista bati normal hitz egin; bere munduan dago eta ez du gurearekin zer ikustekorik, ulertzen? Haurtxo bat bezalakoa da: jan egin nahi du, edan, korrika egin... atseginak zaizkion gauza guztiak eskatzen ditu. Gainontzekoarekin ezer ez. Ama eta Txefe, jo eta ke, egunero berarekin hizketan, edozein aitzakiarekin sekulako jaiak egiten. Esaterako, Realaren golekin batera saltoka hasten zenean ematen zuen... ez dakit nik... lehenengo hitza esan berri zuela! Ez ziren konturatzen gaizki hezten ari zirela.

        Eta zer egin behar zuten ba? Katez lotu? Eroetxean atxilotu? Suizidatu?

        Autista bezala tratatu, hain zaila eta hain erraza: gaixo bat zela onartu eta ez kontra egin errealitateari. Hodei gaixo zegoen. Baina haiek normal tratatzen tematzen ziren, autismoa gaixotasuna dela aintzat hartu gabe. Nik maite nuen; maite izango ez nuen ba! Baita gure aitak ere, baina ezin genuen normal tratatu, besterik gabe. Ez dakizu zer den horrelako pertsona batekin bizitzea.

        Ba ez, ez dut imajinatzen. Baina denborak, Jon Preciado jauna, demostratuko du zu ere oker zenbiltzala.

        Ez etorri orain ikasgaiak ematen!

        Egoskorra zara gero! Beste gertakari batzuk gogoraraziko dizkizut, urte batzuk geroxeagokoak: zuen Concorde sukaldean infinituko zerbaiti begira gelditu da bat-batean; barre algara bota, salto txiki bat egin eta eskuak astintzen hasi da korrika. Amak eztul egin du eta mahaira itzuli da. Inor ez da ezer ere esaten ausartzen. Familia-bilera: aita, ama, anaia, Son Goku eta zu.

        Maddi alde egin berria da.

        Txefek ireki du meloia:

        — Ze iruditu zaizue?

        Bizkarra harrotuz, patriarkak zerbait bilatu du poltsikoan; Ducados bat atera eta bizpahiru aldiz jo du esku ahurraren kontra. Terroristak sua eman dio. Jaungoikoaren epaiaren zain daude denak. Lanpararen argiak dirdira egiten du Txeferen belarritakoetan.

        — Beno —horrat Abrahamen hondar elea.

        Lau letrekin pikutara bidali ditu zure amodio ametsak. Heriotza zigorra ebatzi du zuen harremanarentzat.

        Amak aspaldi ziharduen estrategia egoki baten bila. Hori zen maitasuna!: zuretzat egokia baldin bazen, Manolirentzat ere bai.

        — Neska ona dirudi —bitartekari lanak egin nahi ditu oraindik.

        — Ergel hutsa da —esan dizu Txefek—. Eta zu beste bat.

        — Zoaz popatik!

        — Txefe, mesedez. Ezin duzu jendea horrela epaitu. Oraintxe ezagutu duzu...

        Pokerreko tinba sekretu bateko giroa hartu du sukaldeak: aurpegi luzeak, tirabira, mesfidantza, ke zurrunbiloak. Amadeok zerbait bilatu du aho barruan mingainarekin, gero eskuarekin. Zigarroaren muturrak hiru zentimetroko hautsa pilatu du, baina ez da eroriko.

        Andereño bat da —epaile progresista, zuen ama. Hitz okerra erabili du, zentzu onean izan arren.

        — Berdin dio — Txefek—. Zer espero zuen, eskuan musu ematea? Ez diozue nazka aurpegia nabaritu?

        Bitxia da gero: zure etxekoak jatorrak direla pentsatuz joan da Maddi. Eta zure familian, aldiz, inor ez da amua irensteko bezain inozoa izan, ezta Alf bera ere.

        Gauzak diren bezala esan behar dira: zortea izan zenuen. Bai, badakizu zertaz ari naizen: ia-ia ez zenuen astirik izan jostailu kuttunaren estatus hartaz gozatzeko. Gertatu zenagatik, diotsut. Eta bestela ere, zenbat iraungo zenuketen? Urtebete; apustu egitekotan: urte eta erdi, asko jota. Gizonak ezberdinak gara: prezio bat ordaintzen dugu denok, fideltasuna aukeraren falta besterik ez da. Emakumeek serioago hartzen dute jokoa: argi distiratsu eta zabalagoa eskaintzen duen farola aurkitzen dutenean, zaborretara zaharra, eta kito. Ados, bale, denok ez gara berdin-berdinak, baina gehienak bai. Bo... a ze lelokeriak!: ebasleak bakarrik uste du denak lapurrak direla, denok ez gara zu bezalakoak, denetarik dago munduan, eta abar. Badakit, matxista nazkagarri bat naizela esango didazu. Baina nik gaztigatzen ahal dizut: egoera zailetan zein komenentziazkoetan beti igual jokatzen dugu. Horregatik sinesten dut nik berdintasunean! Zer egingo dugu ba.

        Edonola ere: zuen ama berehala altxatu da mahaia batzen jarraitzeko. Txefek ere zigarro bat piztu du. Juxtu momentu horretan, handik pasatu da Buzz Lightyear espazio-ontziarena egiten, infiniturantz baino haratago. Bi txingar laranjen iraungitzeak gelditu du.

        — Ez erre hemen, umea dago-eta.

        — Utziozu bakean. Ke pixka batek ez dio kalterik egingo.

        — Erreko duzue kalean.

        — Gure aitak ere gure aurrean erretzen zuen, eta denok berdin-berdin joan ginen meategira.

        Amadeok ez dio Nasa koheteari begiratzen. Txefek bai: buruan laztandu, esertzen lagundu eta coca-cola botila jarri dio aurrean.

        — Bi hilabete, ez dute gehiago iraungo. Printzesa laster aspertuko da eta akabo, ikusiko duzue.

        — Ba niri gustura daudela iruditu zait. Jonek neska bat etxera ekartzen duen lehenengo aldia izan da. Ea zuk noiz ekartzen diguzun...

        — Et-et, ez gaia aldatu.

        — ...baina horretarako txima horiek kendu beharko dituzu.

        — Ez hasi tontakeriekin...

        — Ez horrela hitz egin zure amari!

        Mahai gainean ukabil kolpea eman du aitak. Son Gohanek barre egin du, coca-colak burbuila gehiago lehertu dituelako botila barruan.

        Maddi deseroso zegoen. Antzeman egin nion, baita nire gurasoei ere. Bost minutu besterik ez ziren izan; nahikoa nire familia bere mailan ez zegoela sentitzeko. Ez gaizki ulertu: nire familia, nire familia zen; baina, ez dakit, nahiago nuen berearen antzeko etxe handi bat izatea, bazkaria zerbitzatzeko neskame bat, Maddiri hori guztia ere eskaini ahal izateko.

        Akaso lotsa pixka bat sentitu nuen ama amantalarekin ikusita, isilik egon ezin eta hortaz eta hartaz galdetzen. Ez zenuen Maddiren ama ezagutu, ezta? Koadrilako batek esaten duen moduan, TXEMA bat zen: Txortan Egiteko Moduko Ama. Polita, elegantea, karrerarekin, modernoa, sasoikoa... web porno bateko istorioetatik ateratakoa zirudien. Egunen batean horrelakoa izango zen Maddi: zoragarria. Harekin alderatuta, nire amak, zera... emakume zahar, lodi eta on bat zirudien. Ez nintzen lotsa, baina nolabait esatearren, ez nuen inolaz ere nahi Maddik nire amaren edo aitaren antzeko bihurtuko nintzela pentsatzea. Edo Txefe bezalakoa.

        Txefek ez zuen ahoa ireki. Denbora osoa mutur luzez. Aita ere mutu, ohi baino serioago. Hodeiri behintzat gustatu zitzaion, hala uste dut.

        Maddiren kotxerainoko bidea arraroa izan zen, magia zati bat galdu berri izan bagenu bezala. Ziur aski, orduantxe konturatu ginen mundu zeharo ezberdinetatik gentozela: puntu batean elkar topo egin dezakete bi pertsonak, baita maitemindu ere, baina denok gure zirkunstantziara lotuta gaudenez... Momentu hartan zerbaitek krak egin zuen gu bion artean, ez dakit argi esplikatzen naizen.

        Primeran. Zuen aitak mutxikina hautsontzian zapaldu eta honelako zerbait bota zuen arnasots zakar horrekin:

        — Suarekin jolasean ibiltzen dena erre egiten da beti. Jauntxoen mundua jauntxoentzat da, eta hala bedi.

        — Bi hilabete, ez dute gehiago iraungo.

        — Jon unibertsitatean dabil, Enpresa ikasten... Bizitzan gorantz egingo du. Zergatik ezin du neska horrekin egon?

        — Unibertsitatera joan ez garenok tontolapikoak gara, ezta? Begira, ama: Jonek langile familia batekoa dela onartu behar du. Eta ez da ezer gertatzen. Ematen du gutaz lotsa dela, kabenzotz!

        Txefek ospa egin du sukaldetik, solasaldi txepelaz gogaituta. Manoli suak igurzten ari da, marmar artean kantari; dena ongi doan plantak egitea egokitzen zaio beti. Zuen aitari, aldiz, esfingearena; beste Ducados bat erretzen hasi da, azpimarratuz bezala bera ere joan egingo dela gogoa etortzen zaion bezain pronto, eta segituan izan da, egongelako bere besaulkira alde egin baitu, telebistan zer dagoen ere asko inporta ez zaiola. Sateliteak, jakina, kasu putarik ez. Familia eredugarria, benetan: aita matxista, ama sado-zalea, martin-jakintsu bat eta... natural-born killer bi.

        Ez dakit zertan ari zaren nire familiaren kontura gaizki esaka. Begira egiozu zeure buruari: drogazalea zinen zu.

        Ni drogazalea... ez dakizu zertaz ari zaren.

        Ez bakarrik drogazalea: trafikantea!

        Benefizentzian egiten nuen lan, babo arraioa. Droga prostituzioa baino zaharragoa da: animaliek hartzen ez dute ba! Sokrates eta enparauek duela bi mila urte ekin zioten bizitzari zentzua bilatzeari. Ez ziren ohartu kimikak ematen dizkigula erantzunak.

        Aitzakiak.

        Joder, beti beharko dugu zerbait: pilulak haurdun ez geratzeko, pilulak buruko mina kentzeko, pilulak argaltzeko, pilulak odola arintzeko, pilulak oroimena ez galtzeko, pilulak adinari aurre egiteko... zoriontasunaren pilulak denontzat! Txikiak dira, perfektuak dira, logo polit batekin apainduak: limoizko zoriontasuna, marrubizko zoriontasuna, kontenplaziozko zoriontasuna, orgasmikoa: denok zoriontsuak gure mundu zoriontsuan. Akabo rokanrolaren epika, botila zainak urratzen eta abar. Ez. Hori guzti hori atzean geratu da. Inork ez du xiringarik erabiltzen gaur egun. Zertarako? Orain, gauza ñimiño bat ahoratu, ur tragoxka bat besterik ez eta kolokoia zuzenean burmuinera: subidoia, paradisua, paradisua, paradisua; eta gero bajoia, ohea, aste osoa narrasean... hurrengo asteburuko dosira iritsi arte. Zeru-mina. Asteburuetan askok eta askok opor-etxera aldatzeko ohitura duten bezala, edo eskiatzera, edo eskalatzera, edo surfera... halaxe guk ere: kimika papur batzuekin zorionera! Filosofo berriak gara!

        Drogak berdindu egiten ditu klase sozialak, ezabatu ideologiak, politika, arrazak, interesak. Diru pixka bat osatuz gero, aise lortuko duzu linborako zure bidaia partikularra. Jainkoak ere ezin dizu oztoporik jarri. Halako hacker on batek atzeko ate bat utzi behar izan zuen libre, ezta? Eta ate hori zabaltzeko giltzaren moldea gaur egungo alkimistek deskubritu dute amets laborategietan. Horregatik debekatzen dizkigute drogak, hauxe delako sekretua: kimikak jainkotu egiten gaitu, jadanik ez dago beren aurrean zertan makurtu, ez dago zertan haiek gurtu. Zergatik saiatu zoriontasunaren bila, jo eta ke borrokatu, lortu baldin badaiteke diru eta esfortzu gutxirekin?

        Edozein gizarteren logika hausten du drogak, lehen premisa faltsutuz: gezurra da zure bekokiko izerdia dela bidea; ardatz nagusi horrek absurdora darama dena. Beraz, ez hasi orain aurreiritzi eta ergelkeriekin, nik zoriontasuna besterik ez bainuen saltzen. Besteak beste... zure Txefe maiteari.

        Setatu zara nire anaiarekin!

        Egia delako. Eta aditzeko falta zaizuna! Beraz, erne: erosketan niregana etorri zirenean, ezin zuten sumatu errusiar erruletan jokatzen ari zirela; bestela ez zuketen hainbeste barre egingo. Ederki egin genuen trukea: tori dirua, emadazu saria. Eta a ze saria, aizu! Yaba, la chiave, Firenzeko Santa Maria dei Fiori eliza irekiko zien giltza, stairway to heaven bezain highway to hell izan zitekeena.

        Ez ziren bereziki arraroak zure anaia eta lagunak. Gaztetasunaren adorea pixka bat zimelduta, betiko mozorro abertzalearekin janzten ziren, betiko tabernetan bildu, manifak, ekintzak; baina barrutik, bakoitzak bere bide pertsonala hasia zuen. Eta azkenean, denon antzera, binomio sakratua praktikatzen zuten asteburuetan: bizitza alkoholean ito eta, langa eta lotsa kulturalak lurrera jaitsita, larrua jotzen saiatu.

        Lokalera jo zuten seiek, sei koronel matxinoren gisan, arrosa bana baionetan. Sei uniformedun, sei bota pare, sei putakume doktrinatu, bide okerretik, zerbait berri edo ezberdinaren bila.

        Buruzagia Argala zen. Lokalean sartzean, Txefe, Jose Felix edo dena delako izena galdu egiten zuten, izengoitiaren alde: Argala naiz, Argala nauzue. Ez dut uste anaiak buruzagia izateko abilezia berezirik zuenik, baina kasu honetan ere indartsuenak, erotuenak eta fanatikoenak irabazia zuen koroa. Eta, gainera, yabaren berri izan zuen lehena ere bera zen.

        — Speed, koka eta zuek nahi duzuena baino hobea da —esan zien lagunei—. Soldaduak erne mantentzeko erabiltzen zuten naziek.

        — Bai zera! —Txikik berehala erakutsi zuen interesa eta edabe magikoa lortzeko mugitzen hasi zen. Alemana deitzen zioten auzoan, mutikotan urte batzuk kartoffeln artean emanak zituelako. Teutoiekiko lilura besterik ez zitzaion geratu, eta nazionalsozialismoaren aldarte soziala estalinismoa bezainbeste defenditzen zuen: batere ez! Taldean irakurketa politikoak eginak zituen bakarra zen baina ez pentsa, horrek ez du zertan ona izan, izatekotan alderantziz.

        — Badirudi Thailandian, duela hogeita hamar urte, berriz ekoizten hasi zirela. Legala ere bazen!

        Ez zuten motibazio gehiago behar. Antenak luzatuta, azkar heldu ziren Erromara, hau da, niregana. Muguruzak aurkitu ninduen: ezagun bat geneukan eta haren bitartez galdetu zidan. Eta nik, jakina, baietz. Nola ez nizkien, ba, aspirina gorri horietako batzuk lortuko? Lan gogorraren ondorioz landu nuen nire ospe bikaina, eta eutsi egin behar nion.

        Orduan, irudika ezazu: negoziazio bizkor bat, nigana bisitan etorri eta astebetean erosketa itxi. Hortxe zeuden sei babo haiek antsia batean, poltsatxoko promesei irrikaz begira.

        Gorriak. Globulu gorriak, babarrun gorriak, ezpain gorriak. Txikiak, dirdiratsuak, txanponen modukoak, Karonteri emateko-edo.

        Eta beldurra airean: ausart horiek, gure heroiak, kikilduta. Zer egin? Baten batek beste nonbait egotea nahiago izango zuen: ez zekiten drogaren ustekabeko faktorearekin gozatzen. Esan beharrik ez dago: drogari bakarka egin behar zaio aurre, baina astazakil hauek taldeka egiten zuten dena.

        — Beno, egurra edo zer? —urratsa ematen lehena Zabala izan zen.

        Isiltasuna, ezbaia eta mesfidantza.

        Poltsatxotik atera eta mahai gainean utzi zituen, ilaran, zer egin ongi ez zekiela. Gero, partxiseko fitxak balira bezala, bakoitzaren aurrean kokatu zuen bana. Ez zegoen atzera egiterik.

        Hilabete luzea igaro zen Gizajoak berriz haiekin topo egin arte. Eta, zin degizut, unea ez zen batere atsegina izan. Amua barruraino irentsita, gustatu zitzaizkiela pentsatu nuen, eta gehiagoren bila zetozkidala. Aitortu behar dizut, dirutza irabazi nuela kaka harekin; beraz, zergatik ez pixka bat gehiago? Batzuetan, bai, pixka bat es mucho. Gogoan hartu Paracelso handiaren hitzok: dosiak egiten du pozoia.

        Baina... beti dago baina bat. Ez zetozen tratu asmotan, ezta hurrik eman ere. Mendeku bila zebiltzan bulldog oldarkorrak! Txiki, Otaegi, Lasa, Zabala eta Argala ez ziren negoziatzera itzuli. Jada ez nintzen merkatu beltzeko lortzailerik trebeena, mezu zorrotz baten eramailea baizik, euskarria. Eta laburra zen garraiatzeko zuten mezua, 3 hitz, ume-jolasa: «Muguruza gogoan zaitugu». Izan ere, Muguruza bi metro lurpean zegoen.

        Berehala konturatu nintzen hanka sartu nuela. Ez pentsa yabaren kontuagatik damututa nengoela: nire gordezulotik inolako babesik gabe irten nintzelako baizik. Beraz, han nengoen ni, putakume horiekin aurrez aurre eta bakar-bakarrik, armarik gabe, borrokan hasiz gero, zero aukerarekin. Suizidioa.

        — Ze kaka zuan eman higun hura? —Lasa lodiak, garrasika.

        — Yaba, ergel hori! Ez zenuten yaba nahi? Ba yaba eman nizuen.

        — Gure laguna hil egin duk!

        Ze ostia erantzun behar nien ba? Enkargu berezia zen, zabor hori pasatzen nuen lehenengo aldia zen eta, gainera, nire erreferentziak ez ziren batere onak. Buruz ikasia neukan mila eta bostehun orrialdeko Escohotadoren liburukotea, esperientzia zabala ere banuen. Yaba bereziki Asiako hego-ekialdean kontsumitzen zela deskubritu nuen, bigarren mailako efektu latzak zituela: paranoia, suizidio saiakerak, eskizofrenia, hori da hori!

        Droga osasunarentzat kaltegarria dela eta antzeko berriketa penagarria baztertuta, nire bezeroak ondo zaintzen nituen, benetan. Zaindu maite duzun hori, ulertzen? Eta nire ogibidea maite nuen. Norbait gauza arraro batekin setatzen bazen, bere arazoa zen, ez nirea. Eta haiek setatu egin ziren! Eskatu nien astakeria ordaindu ez zidaten ba!, fitsik ere esan gabe. Hortaz, zergatik uko egin? Serio eta profesionaltzat jo nituen. Drogarekin ez da ez argibiderik ez garantiarik ematen. Eta batez ere, inoiz ez da dirurik itzultzen.

        Enkargu bereziak onartzeagatik ezaguna zen nire izena Euskal Herri osoan. Munduko diktaduran, merkatu beltzeko Printzea nintzen, theArtist, nire aurreko izenak garrantzirik ez zuelako. Diruaren esku luzea nintzen, bere epaile zuzena: ordainduz gero, eskatzen duzuna eskatzen duzula, emango zaizu. Espainia eta Frantziatik ere etortzen zitzaizkidan!

        Hasieran ez nintzen zure anaiaren koadrilaren beldur. Trankilak ziruditen, eta minutu pare baten buruan itzultzen ez banintzen, nire sozioak kontrolatuko zuen ea dena ondo zihoan. Ez nintzen besamotza, baita zera ere! Ohiko lantokia nuen leku hura, bulego baten gisakoa; bezeroak nituen ateko morroskoak ere. Beharrezkoa izanez gero, haiek defendatuko ninduten. Gainera, nire izaera negoziatzaileak estutasunik gabe aterako ninduen trantzetik, beste askotan bezala. Baina dena esaten hasita, aitortu behar dizut: pixka bat kolokatuta nengoen.

        — Mutilak, lasai hartu. Benetan, sentitzen diat. Ez zuan nire errua izan. Ez raiatu. Pilula bat besterik ez zian hartu? Erabat ziur zaudete horregatik hil zela?

        Orain ongi pentsatuta, badakit nire lelokeriak sinestezinak zirela. Izu-ikara batekin jabetu nintzen, ez zitzaidala aitzakiarik eskaintzeko geratzen. Deus ez. Droga ekarri nien eta, danba, haietako bat zerraldo erori zen zuzen-zuzenean. Ostia, horrelakoa da negozio hau, ezta? Uste nuen argi eta garbi zeudela arauak hastapenetik.

        Oldarkorrena, Zabala, hurreratu zait; heldu alkandoratik eta astindu itzela eman dit, astiro esateko:

        — Zer egin behar diagu hirekin, putakumea?

        — Utz nazak bakean —neuk mehatxari, oraindik uste izanik dena kontrolpean dudala—. Zuek ere hartu zenuten eta ez dizue kalterik egin...!

        — Goazemak beste leku erosoago batera —Lasak muki bat banintz bezala altxatu nau—. Han hitz egingo diagu patxada handiagoz —armairu handia da kabroi hori!

        Zentzumen guztiak sorgortu dizkit drogak, nahiz eta bortitz sentitzen segitzen dudan izu-zirrara. Lasari aurka egiten saiatu naiz; hankei eraginez, ukabilkadez. Alferrik: kartarik gabe nago partida hasi denetik.

        Saltsan sartu dira Argala eta Otaegi ere: bultzaka eta ostikoka, egur pixka bat eman didate: azkar eta profesionalki, kolpeak nondik erortzen zaizkidan aurreikusteko astirik eman gabe. Curriculum luzea dute halako liskarretan: denak bakar baten kontra.

        — Obratara!— Mafiosoen antzera mintzatu da Argala, buruaren keinu batez lagunduz.

        Arrastaka bahitu naute. Adio laguntza eskatzeko azken aukerari; inor ez dagoen ezleku batera naramate, lur eremu soil batera. Tokiak berak definitzen ditu haien asmoak. Harrituta gelditu naiz buru-estalkiak janzten ikusi ditudanean, blokeatuta: zer da hau!?

        Aurreko eszena bera errepikatuko da, baina kuxkuxeroengandik urrun. Txorimalo apurtu bat naiz, otsoek inguratutako ardia, zulo batean gerriraino hondoratutako emazte desleiala... harrikatua izateko gertu.

        Paparretik heldu dit Txikik:

        — Hamar segundo dauzkak esan beharrekoak esateko.

        — Lasai, mesedez. Ez duk nire errua izan. Nik ez zeukaat honetan zerikusirik... —kalte-ordainak nolabait pagatuko ditudala esan nahi diet, baina ez zait trikimailurik bururatzen, ez dago-eta galera konpontzeko modurik.

        Txikik bere ego ñimiñoa puzten dihardu: txorakeria hutsalak botaz, purrustaka jarraitzen du, besterik gabe kolpeka hasteko ez baitauzka ondo jarriak.

        — Hamarretik bost xahutu dituk. Ez daukak astirik gezurrak asmatzeko. Hasi hadi fundamentuzko zerbait esaten. Izen bat, leku bat...

        Arrazoiak behar ditu berotzeko, hitzak; eta hitzez hitz hauspotzen du bere sumina, gero eta erreago, gorroto txinpart bihurtzeraino. Behin lehenengo muturrekoa emanda, hurrengoak errazak dira: inertziaz irteten dira.

        — Izen bat, esango dizuet izen bat —baretzen saiatu naiz, ihes egiteko ditudan aukera urriak kalkulatzen.

        Beranduegi: abisurik gabe buruz kolpatu nau ahoan; agortu zaizkit hamar segundoak. Kolokoia puntu gorenean dagoenean heldu zait, ate danbada baten antzera. Jadanik ez naiz hitz egiteko ere gai. Ezpainak odoletan antzeman ditut, hegazkin batetik jaurtita bezalaxe erori naiz lurrera. Handik gertu, pixka bat beherago, berehala dago... infernua.

        Ezin diot gertakarien hariari jarraitu: erabat txundituta begiratzen diet, une batetik bestera den-dena hortxe bertan bukatuko dela intuitu ezinik.

        Zure anaiak, Argalak, oinazez makurtuta nagoela, mailuz joa dirudien ezkerreko bat eman dit matrail hezurrean. Ulertzen duzu orain, zertara joaten zen kick-boxingera? Cocoon-i kaskoa erostera, bai zera!

        Lurretik zutitzen saiatu orduko jaso dut belauneko bat sorbaldan, intentzio handiz baina min txikiz. Untxi bat naiz, lau hankatan. Bota militarrak ikusten ditut alde guztietan, berunezko puntadunak. Haietako batek, ez dakit zeinek, atzera egin du, abiada hartu eta ostiko batez kraskatu dit sudurra.

        Gauzak astiroegi gertatzen ari diren sentipena daukat, B-serieko filmetako kamera geldoan: izerdi, listu eta odol zipriztinak airean barreiatzen.

        Bota-mutur blindatu batek masailean asmatu dit. Klonk batez barrura sartu zait hezurra. Luze-zabal erori naiz lurrera, azkeneko aldiz. Ostiko gehiago; beste batek hortzak erauzi dizkit, hurrengoak tinpanoa hautsi. Gizajo bat naiz! Konortea ere galdua dut dagoeneko.

        Zure anaiak, bai, hori da, harroputzenak antolatu zuen akelarre makabroa: diskotekatik kanpora erakartzearena eta obratara eramatearena. Odol hotzean. Hori da zuk ikusi zenuena, hain juxtu ere: nola garbitu ninduten putakume horiek, puta zikinen zerrikume horiek!

        Gogoratu zaitez: kolpe, odol eta herio orgiak isiltasun osoan segitzen du. Ez dute tutik ere esaten. Talka bakoitzaren hotsa, gauaren erregea. Gizaki ahotsik ez, estertorerik ere ez. Norbaitek grabatu izan balu snuff movie hau, harategiko soinu banda izango luke. Honela entzuten da heriotza: txaf, txaf, txaf.

        Oraindik ostikoka dabiltza, aspaldi akabatu banaute ere; ez dira jabetu noraino iritsi diren. Azkenean, besteak bezain sadikoa ez den bakarra konturatu da zerbait handia egin dutela.

        — Aski da! —Otaegik, kikilduta—. Goazen hemendik lehenbailehen.

        Zure Txefe, Captain America maitea, azkenean bera ere ohartu da sekulakoa izan dela jipoia. Aktore ona balitz, malkotxoren bat isuriko zukeen, kabroiak, poxpolintxoaren galeragatik! Ziur zaude anaia ez zela gay? Katemea teilatu gainean antzezlana gogorarazten dit mendeku premia honek.

        Ase da haien kontzientzia. Ondratu dute memoria: hilik dago Muguruza, baina kabroi hau, onik ateratzen bada, betiko oroituko da gutaz.

        Begira, begira... bizitza nola badoan.

        Beti aurrera baitoa bizitza: lokalera itzuli dira eta kristoren mozkorra harrapatu dute. Oroimen selektiboak lanak izango ditu hurrengo egunetan; azkenean, nolanahi dela ere, errutina gailenduko da erailketaren adrenalina disolbatuz.

        Ez dago pelikula berrabiarazteko irudirik, ez dago ez burutazio gaiztorik ez kontzientzia txarrik. Ahulen kontuak dira horiek. Egin egin behar zen eta egin egin dute. Mandatua bete da. Eta hemendik aurrera, beste lagun bati antzeko zerbait gertatuz gero, denak ziur daude vendetta izango dela.

        Anaidia izanda, erlijio guztietan bezala, heriotzaren ondoko bizitzaz arduratzen dira; badakizu, Biblia, Talmud eta antzeko argibide-liburuetan etorkizuna besterik ez

ZARA