Etxekalte
Etxekalte
2012, nobela
216 orrialde
978-84-92468-37-9
azala: Lander Garro
Harkaitz Zubiri
1977, Donostia
 
2007, narrazioak
Etxekalte
2012, nobela
216 orrialde
978-84-92468-37-9
aurkibidea

Aurkibidea

Lehen zatia

—1—
Josu

—2—
Herrera eta Etxebe

—3—
Nora

—5—
Etxebe eta Herrera

—6—
Nora

—7—
Josu

—8—
Etxebe eta Herrera

—9—
Nora

Bigarren zatia

—10—
Aingeru

—11—
Nora

—12—
Herrera eta Etxebe

—13—
Aingeru

—14—
Josu

—15—
Aingeru

—16—
Nora

—17—
Aingeru

—18—
Etxebe eta Herrera

—19—
Nora

—20—
Josu

Erosi: 16,62
Ebook: 3,12

Aurkibidea

Lehen zatia

—1—
Josu

—2—
Herrera eta Etxebe

—3—
Nora

—5—
Etxebe eta Herrera

—6—
Nora

—7—
Josu

—8—
Etxebe eta Herrera

—9—
Nora

Bigarren zatia

—10—
Aingeru

—11—
Nora

—12—
Herrera eta Etxebe

—13—
Aingeru

—14—
Josu

—15—
Aingeru

—16—
Nora

—17—
Aingeru

—18—
Etxebe eta Herrera

—19—
Nora

—20—
Josu

 

 

4

JOSU

 

 

Egun motela, pauso geldoa. Kemenak abandonatu egin du gaur. Azken asteen ordaina dela pentsatzen du Josuk, arnasa pixka bat hartzeko tartea. Gurasoen etxeko ordenagailua ere astiro pizten ari da. Zergatik daude oraindik bi aulki pantailari begira? Posta elektronikoa ikustera etorri da Josu, baina burua beste nonbaitera joan zaio. Orain dela urtebete hantxe eserita zeuden aita eta biak, bata azalpenak ematen, bestea bere esku handiekin dena urratsez urrats idazten. Aitaren lehenengo mugimendua sagua pantaila gainean jartzea izan zen: Ez al didazu esan traste honekin mugitzen dela pantailako gezitxo hori?

        Aitak seme zaharrena ezin izan zuela harrapatu pentsatu zuen Josuk, horregatik deitu ziola berari, baina ordenagailua nola piztu eta abar erakusten hasi zitzaionean, beste zerbait gertatzen ari zela iruditu zitzaion, inoiz gertatu gabea: bizitzan aurreneko aldiz aitari zerbait irakasten ari zitzaion, aitak laguntza eskatu zion estreinakoz, berari bakarrik. Aitak ez zeukan erantzunik, galderak soilik: birikei buruzko informazioa bilatu nahi badut? Eta inprimatzeko? Josuri ez zitzaion axola zergatik. Atsegina izan zen aita ikasle lanetan eroso ikustea.

        Josuk interneten sartzeko ikonoa klikatu du pantailan. Orain jabetu da aita laguntza eske joan zitzaiola, eta ez soilik ordenagailuak nola funtzionatzen zuen irakasteko.

 

 

Ospitaleko ohean aita umoretsu agertzen zen adiskideren bat bisitan joaten zitzaion bakoitzean, baina ez ziren asko hurbildu, aitak ia isilpean eraman nahi izan zuelako gaixoaldia.

        Familiakoak bakarrik zeudenean, aita kirol espektakuluez arduratzen zen batik bat, ingurukoei entzungor. Mundo Deportivo, Marca, Deportes Cuatro, Teledeporte, El Larguero.

        Baina Josu gelan zegoen batean, ama komunean eta alboko ohekoa korridorean, aitak besarkada bat eskatu zion Josuri. Isilik gelditu zen gela. Nabarmena zen ama komunean adi zegoela. Aitak keinurik egin gabe begiratu zion semeari eta Josuk patrikatik paper bat atera zuen. Etxean inprimatutako zerrenda luze bat.

 

 

Behinola adiskide batek oihuka esan zion Josuri:

        — Konturatu al zara une honetan hilezkorrak garela?

        Kemena suma zezakeen borborka. Hauts zuriz betetako poltsatxoa gorde eta abiadura sentitu zuen, gauak belztutako autopistan barrena. Arnasa sakon hartu. Begiak itxi, ireki: bizirik nago, indarrez gainezka. Josu, A8ko errege.

 

 

Posta elektronikoan ez dauka mezu garrantzitsurik. Egun hartan bezala, gaur ere interneteko historia klikatu du. Gordeta dago bisitatu dituen web orri guztien zerrenda. Egun hartan susmo txarrak gaina hartu zion. Aita interneten zertan ibiltzen zen jakin nahian begiratu zuen historia. Hasieran El País, Diario Vasco, Marca, Youtube eta gisakoak aurkitu zituen, eta berehala hitz ezezagun ugari: amiantoa, asbestoa, krisotiloa, mesotelioma, biriketako minbizia. Orduak eman zituen orrialde haiek irakurtzen.

        Ideia bakarrarekin irten zen etxetik. Ospitalean ez zen entzuteko gai, ezta aitak ohetik esan zezakeena ere. Amorrua irakiten. Patrikatik etxean inprimatutako zerrenda luze bat atera zuen, interneten bisitatutako orrialdeen historia.

        — Zergatik ez didazu ezer esan?

        Aitak berriro eskatu zion besarkada. Josu gortuta zegoen.

        — Pozoitu egin zaituzte zure laguntxo miresgarriek?

        Komunetik irten zen ama.

        — Aitaren adiskide min horrek, Pedrok, zuzendari nagusi handiak, badaki, ezta? Horregatik ez da agertu ospitalean?

        Amak azalpen ugari eman zituen. Josuk ez zuen ezer aditu. Bere buruan taupada erraldoi bat sentitzen zuen, burua lehertzear balu bezala. Ospitale usaina utzi nahi zuen berehala, kotxean sartu eta ihes egin.

 

 

Eskaileretan zain zeukan anaia.

        — Oso kezkatuta nengoen. Non sartu zara hiru egun hauetan?

        Josuk sorbaldan hiru kolpetxo joz agurtu zuen.

        — Jende guztiari deitu diot eta inork ez zekien non zeunden.

        Etxera sartu zenean, zuzenean jo zuen dutxara, azken hiru egunetan erantsi zitzaion kiratsa kentzeko asmoz.

        — Norari ere deitu diot. Ez nekien ez zabiltzatela elkarrekin.

        — Aspaldi.

        Pijama jantzi zuen eta ohera amildu zen. Munduaren amaiera zirudien.

        — Zer gertatzen da, Josu? Aitak eta amak ez didate ezer esan. Aitaren minbiziak biak mututu ditu.

        — Ba al dakizu, Iñaki, aita beti etorri izan dela ni erreskatatzera. Orain zu.

        Loak hartu zuen gero.

 

 

Surfeko taularekin ero baten antzera ibiltzen zen olatuetan dantzan. Garai hartan etengabe errepikatzen zuen egunen batean hondartza baten alboan biziko zela, surfari emana. Indonesia aipatzen zuen Josuk: jende guztiari esaten zion negozioa egingo zuela mundu osoko surflarien gidari lanak eginez. Egitasmo hori plazaratzen hasi eta urtebete pasa baino lehen baztertu zuen asmo galduen zokora. Aita ikaragarri poztu zen ideia hura berriro ez entzuteaz. Semea arroken kontra kaskezurra txikituta irudikatzen zuen.

 

 

S.O.S. Save Our Souls. Salba itzazue gure arimak. Lan horren ardura hartu zuen aitak Josurekin. Behin eta berriro zulatzen zion burua esaldi berberarekin: Ez zara hilezkorra, Josu, kontu handiagoz ibili behar duzu, nik ezingo dizut beti lagundu, eta, gainera, hasi beharko duzu behingoz etorkizunean pentsatzen.

        Josuk beti berdin erantzuten zion: Eman bakea, aita, eman bakea.

 

 

Erlijio baten antzekoa zen, aitaren sinesmen sakonena. Ospitaletik ihesi Josu tabernara joan zenean, ez zuen besterik gogoan:

        Lehenengo lau garagardoek aitaren santu-izendegitik bana oroitarazi zioten: zuzendaria, ingeniaria, medikua, abokatua.

        Aurreneko lau belar likoreek aitaren mandamenduetatik bana ekarri zioten gogora: ez izan pobrea, ez izan alferra, ez eduki ezer ematen ez dizun adiskiderik, ez bazterrak nahastu.

        Estreinako marra zuriak lagundu zion musika ozenaren doinura egokitzen aitak etengabe errepikatzen zion dogma: Zure laguntxoek bide okerretik eramango zaituzte.

        Gauerdirako ia ezin zuen gogoratu institutua hamaika aldiz utzi nahi izan zuela, baina hantxe zegoela aita, Ingeniaritza egitea ezinbestekoa zela sinetsarazi zion gizon hura, bere semea alkandora jantzita ibil zedin bulegoetan. Josuk iraganean lainotuta ikusten zituen unibertsitatean emandako urteak, arrastaka, agertu gabe maiz, Zientzia Politikoak ikasten ariko balitz bezala ere eman zituen bi urte Leioan, ondoren hasi zuen Ingeniaritza Teknikoa Donostian, eta aitak oihu egiten zion: Nik ordainduko dizut, ez zait axola zenbat denbora behar duzun lortzeko, baina saiatu, gero beti eskertuko didazu. Adiskideek estudiante tunante deitzen zioten Josuri. Gelakoek, berriz, aitona. Azkenean, unibertsitatea utzi eta lanbide heziketa egin zuen, delineatzaile. Aita pozik hala ere, bereziki berak lan egiten zuen enpresan semeari postu bat lortu zionean, Josu bulegoetan ikus zezakeenetik, aitak miresten zituen horien artean. Orduan aitak behin eta berriro esaten zion: Ez Indonesia eta ez Jamaika; kontratu iraunkorra egiten dizutenean, elkarrekin joango gara oporretan Londresera gu biok.

        Vodka eta Fanta Naranja, izotzak. Giroa epeltzen ari zen tabernan. Parrandako adiskideak hurbiltzen hasiak ziren: Gaur handia izango da.

        Ia ezin zuen oroitu iragan hura, baina Josuk buruan iltzatuta zeraman aitaren sinesmen sakonena.

 

 

Hegan egin zuen. Kotxea, mila eta bostehun kiloko akrobata, hasiberria. Une labur bat besterik ez zen izan. Desoreka, hegaldia eta kolpe bortitza. Ondoren, denbora gelditu egin zen Josurentzat. Asfalto bustiko metro koadro bat ikus zezakeen. Ezin zuen ezer pentsatu. Belaunean hasi eta gorputz osora hedatzen zitzaion oinazea.

        Eta denboraren geldoa. Ospitalean ere halakoa zen. Lo edo sabaiari begira eman zituen egunak. Aitak ezin izan zuen bisitan joan.

 

 

Horrela jarraitzen baduzu, sekula ez zara inor izango. Esaldi hura biziki maite zuen aitak, batik bat Josuri esatea atsegin zuen. Ez zara inor izango. Ni naiz eredua, esango balu bezala. Bizitzan aurrera egin duen gizona, bere lekua landu duena, adiskide baliotsuak lortu dituena. Seme, zu ez zara inor izango.

        Horrela jarraitzen baduzu.

 

 

Lehia etengabea zen aita-semeen artekoa, mendira igande-pasa joaten zirenean maldan gora, sukaldeko mahaian haragi zatirik handiena platerera eramateko, bazkalosteko karta jokoan, nonahi. Josu erretxindu egiten zen, oihu ozenenak orduantxe egiten zituen, tarteka negarra. Aitak garaile gizajoaren harrokeriaz erantzuten zion: Hori erakusten al dizuete eskolan? Eta nerabezaroarekin batera hasi ziren nor zen jakintsuagoa eztabaidatzen, nor azkarragoa, noren bizitza zihoan hobeto. Amak beti gauza bera esaten zien: Nahikoa dugu; elkarrekin egoten ez badakizue, zoazte bakoitza bere aldetik, zu kalera lagunekin eta zu tailerrera lankideekin.

        Baina Josuri nerabezarotik hain begi-bistakoa iruditu zitzaion aita ez zela inor izango, ume izateari utzi berri zion baten aurrean ere asaldatu egiten zela, Josu nerabeak aitatxoren autoestimua kolokan jar zezakeela, etxe osoa dantzan has zitekeela familiako txikienaren gorabeherekin. Hainbeste urte anulatuta sentitu ondoren, erregearen aurrean maila ematen ez zuen oinordekoa sentiarazi ostean, orain esku artean zeukan sekula amestu ez zuen boterea.

        Horrela jarraitzen baduzu.

 

 

Ezgauza, pentsatu du Josuk, ni naizen ezgauza izanda ere, aitak besarkatzeko eskatu zidan. Etxeko txikia, etxeko erregea, etxea suntsitzeko gai den bakarra, behin baino gehiagotan saiatu dena. Aitak esan nahi zidan: Barkaidazu hasieratik ezer ulertu ez dudalako, benetan ahalegindu naiz. Eta nik ezin dut burutik ezabatu: aita nire kaleko zorrak kitatzen, aita abokatua kontratatzen, aita zuzendari nagusiarekin niri buruz hizketan. Nire istilu guztiak beti bukatzen ziren berdin: kotxez bueltatzen ginen etxera, aita gidari, eskuaz laztantzen zidan ilea, eta mugimendu bakoitzean mezua indartsu helarazten zidan: Zu bakarrik ez zara gai, nik lagunduko dizut, lasai, ahaztu ameskeriak. Gorrotoak erretzen ninduen. Bere gizajokeria kutsatu zidan. Bai, aita, ezingo nizuke hitzez inoiz adierazi. Gu ez gara oso trebeak izan horretan. Konforme, sinetsarazi didazu sekula ez garela ezertarako iaioak izan, izatez garela besteak baino gutxiago, baina ni ez naute oraindik akabatu.

        Ospitalean, besoak ireki zituen eta zain gelditu zen aita. Barkaidazu. Badakit: hil egin naute, hil egin naute, hil egin naute. Barkaidazu. Eta nik alde egin nuen. Ni, etxeko txikia, etxeko erregea, beti edozeinen gainetik pasatzeko prest dagoena.

        Aita azken unean jabetu zen ulertzen ez zuen mundu batean hilko zela.

 

 

Baina zer egin dut?, Josuk bere kautan.

        Erotu egin al naiz?

        Zer egin dut?

 

 

Telefonoak esnatu du bere oroitzapenetatik. Nora da: leku diskretu bat nahi zutenez, Aratz tabernan adostu dute hitzordua, Igaran, Aste Santuko oporren biharamunean, 19:30ean, Norarekin bost minutu lehenago.

        — Utzi niri hitz egiten, Josu. Beraiek zer esaten duten ere entzun nahi dut.

        Tabernaren txoko batean aurkitu dituzte hirurak: Zuriarrain erdian, albo banatan Manuel zaharra eta Jon Mikel gaztea.

        — Hirutasun saindua —xuxurlatu dio Josuk Norari.

        Zuriarrain jaiki egin da eta Josuri eskua eman dio, indartsu, ia min emateraino.

        — Pultsuak egiten jarraitzen duzula pentsatzen dut —Zuriarrainek Josuri eskua askatu gabe.

        Umetan Josu inguruko guztiekin lehian ibiltzen zen eta ez zuen galtzea atsegin. Aitak oso tarteka bakarrik uzten zion irabazten, Josu neurriz kanpo haserretzen hasten zenean. Iñaki anaiari amarru bidez bakarrik gailentzen zitzaion. Umetan Alberto Zuriarrainekin maiz egoten zirenez, hari ere desafio egiten zion, baina ez zion sekula irabazi, nahiz eta amarru mota guztiak saiatu zituen.

        — Umetako kontuak besterik ez dira —esan dio Josuk eseri bitartean.

        Jon Mikel bi iritsiberriak aztertzen ari dela sumatu du Josuk, baina begiratu dionean, supituki seriotasun osotik atsegin izatera igaro da eta zer hartu nahi duten galdetu die.

        — Zer moduz zuen ama? —galdetu du Manuelek.

        — Gero eta hobeto.

        — Hala behar du —aurreratu da Zuriarrain—. Gogoratzen dut oraindik gazteak ginenean nola ibiltzen ginen nire andrea eta biok zuen aita eta amarekin. Haiek bai garaiak.

        Barrara joan da Josu denentzat kafea eskatzera. Inor begira ez duela egiaztatu bezain azkar, azukrea eskuzabaltasunez banatu du Zuriarrain, Manuel eta Jon Mikelen kikaretan, eta platertxoen gainean eramateko azukre poltsatxo gehiago eskatu ditu.

        Norak hartu du hitza. Josuk bere aitaren kontuari buruz azaldu dion guztia zehatz-mehatz kontatu die Norak aurrean dituen hiru gizonei, azkenik beren sindikatuak zer egingo duen galdetzeko. Haiek dira erakundearen ordezkari nagusiak enpresan. Josu isilik dago. Eskuan darabilen txotxa mila zatitan erdibitu du dagoeneko. Josu hasieratik jabetu da Nora etengabe zeharka begira duela.

        Kafea keinu bakar bat ere egin gabe edan duten arren, Zuriarrainek ezin izan dio mingainari eutsi:

        — Eguna gozo bukatuko dugu behintzat.

        Norak eta Josuk galdera aurpegia jarri dute, Manuelek konpromisozko irribarrea, eta Jon Mikel entzungor lotu zaio elkarrizketa nagusiaren hariari. Hark egin ditu sindikatuaren bozeramaile lanak. Itzulinguru ugariren ondoren iritsi da mamira.

        — Zuen aita enpresan bertan gaixotzeko arrazoi bat baino gehiago aurkitu dugu. Historian zehar material arriskutsu asko egon izan dira tailerrean. Susmoa dugu zuk esaten duzuna egia izateko aukerak handiak direla. Baina ez dugu inolako frogarik aurkitu. Gainera, arraroa da enpresan osasunarentzat kaltegarriak ziren materialak bazeuden, zuen aita bakarrik gaixotzea.

        Norak zuzenean begiratu dio Josuri. Zain dago Josu noiz lehertuko. Baina gaur ez da gertatuko. Gauzak aldatu egin dira, pentsatu du Josuk. Hitzik ahoskatu gabe, aitaren karpeta berdea atera du zorrotik eta Jon Mikeli hurbildu dio. Barruan paper mendi bat dago: aldizkari eta egunkarietako orriak, fotokopiak, inprimatutako Din A4ak, eskuz idatziko apunteak.

        — Sindikatuan eskura daukagu informazio mota hori —esan du Jon Mikelek—. Nahi baduzue, helaraziko dizuegu behar duzuena.

        Josuk bi eskuez gogor eutsi dio aulkiari. Izerdia eta berniza elkar igurtziz. Ahoa ireki gabe jaso du karpeta berdea, kafe arrasto eta guzti.

        Jon Mikel hizketan hastear dagoela eten du Zuriarrainek.

        — Urrats bakoitza dagokion garaian egiten ez badugu, gureak egin du. Ulertzen dut zuk dena berehala egin nahi izatea, normala da, baina benetan esaten dizut, beste esperientzia batzuk ezagutzen ditugu, eta ez baditugu gauzak ondo lantzen, ez dugu ezer lortuko.

        Bostekoa emanez agurtu dute elkar. Josu mutu. Zuriarrainen txamarran txiklea itsatsi du. Manuelek, orain arte isilik egon den sindikalistak, eskumuinak eman dizkio amarentzat. Gizon txikia eta argala da, berea ez dirudien ahotsa duena.

 

 

Abokatua soilik dago eroso, agian egoera ezagutzen duen bakarra delako. Josuri nabarmena iruditu zaio gainerako hirurak bera bezain urduri daudela. Nora urrun eseri da, beraien arteko distantzia argi utzi nahi balu bezala, eta mahaiaren beste aldean kokatu dira sindikatu marroiko Ander eta beste kide bat, Harkaitz izeneko bat. Norak berehala ikusi ditu gune distiratsuak mahai gainean, besteen esku izerdituek utzi dituztenak, hain zuzen. Abokatuaren inguruan ez da halakorik. Aurkezpenen ondoren, abokatua Josuri begira mintzatu da:

        — Zuen aita amiantoaren erruz hil bada, badaukagu zerbait gure alde: oso material ezaguna da eta aspalditik onartuta dago minbizia eragin dezakeela. Baina, aldi berean, kontuan hartu behar dugu betidanik hil dela jendea, jende asko, amiantoaren erruz, eta ia denak isil-isilik.

        Abokatuak adibide bat jarri die adi entzuten ari diren lau lagunei: Getafeko Uralita enpresa. Orain 20 enplegatu inguru dauzka, baina milaka langile pasatu dira handik. Urtetan erabili dute amiantoa. Abokatuak esan duenez, ziur aski jende asko hilko zen horregatik, gehienak gaixotasunaren jatorria jakin gabe.

        — Enpresa batzordeko kide ohiak eta lehengo langileak mutu daude. Uralitan inoiz lan egin ez duten gazte batzuek osatu dute taldetxo bat amiantoarena salatzeko eta alargun gutxik lagundu diete. Enpresak ezkutatu egin nahi du gertatzen ari dena, garesti aterako litzaiekeelako, eta gobernuak isilpean pasa nahi luke, alarma sozialik izan ez dadin eta azken ardura berea delako. Baina bertan lan egin duen jendeak zergatik ez du ezer esan?

        Josuk txalo bat jo du.

        — Nahi duzunean hasiko gara martxan.

        — Ez da hain erraza. Zuen aita biriketako minbiziak jota hil zela esan didazu, ezta? Bada, pleurako mesotelioma txarra denean, minbizia, kasuen %85ean onartzen da amiantoarekin lotura duela, baina biriketako minbizia beste kontu bat da. Ez da hain erraza frogatzea ez duela, adibidez, tabakoak eragin. Lur eman ondoren gutxiago. Aurretik mediku azterketak egin daitezke, edo azken aukera autopsia izan daiteke.

        Norak eztarria garbitu du.

        — Zuen aita gaztetatik izan zen erretzailea, ezta?

        Josuri keinu etsia atera zaio. Abokatuak azalpenak ematen jarraitu du. Egin beharreko urratsak ditu hizpide. Norak eta Anderrek oharrak hartu dituzte. Amaitu bezain azkar, Josuk, ezer aditu ez balu bezala, bota dio galdera:

        — Hortaz, nondik hasiko gara?

        — Egia bada zure aitaren biriketako minbizia amiantoak sortu zuela, gaixotu den jende gehiago egongo da. Bilatu biriketako minbizia daukatenak, eta baita asbestosia edo pleurako eta peritoneoko mesotelioma dauzkatenak ere.