Txakur ingelesak
Txakur ingelesak
2011, narrazioak
160 orrialde
978-84-92468-28-7
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2007, nobela
2005, nobela
2002, nobela
 

 

Neuk diseinatu nuen
John Lennon hil zuen pistola

 

 

PISTOLA

 

Nahiko erraza da pistola baten arrastoan jartzea. Denek daroate serie-zenbaki bana, autoek edo garbigailuek bezala. Zaila da, ordea, jakitea nork diseinatu duen pistola jakin bat. E0130025 serie-zenbakidun pistola, adibidez. Eta are zailagoa deskubritzea nork diseinatu zuen Mark David Chapmanek erabilitakoa.

 

 

JOHN LENNON

 

John Lennon naiz. Ez Chapmanek New Yorken akabatutakoaren izen bereko gizona. Esan nahi dut ni neu naizela John Lennon hori.

        Hamaika biografia argitaratu dituzte nitaz. Azkena, Philip Norman kazetariak idatzitako John Lennon. Ez dut oraindino irakurri. Dardarka hasten naiz nire bizitzaren gaineko liburu baten aurrean ipintzen naizen bakoitzean. Ez dut neure burua ezagutzen. Gaztetan berdin gertatzen zitzaidan ispiluaren aitzinean: Koño! Hi ez haiz hori! Edo geroago irratietan eta telebistetan: Horrela hitz egiten duk? Halakoetan Paulekin alderatzen nuen neure burua. Paulekin beti. Egun zineman jazotzen zait. Bazter bateko aulki batean eseri eta nor naizen jakiten ahalegintzen naiz. Ikusi duzue The Killing of John Lennon?

        Biografia guztien artean, Cynthia lehenengo emazteak idatzitakoak artegatu ninduen gehien hasieran. 2005ean argitaratu zuen Hodder & Soughton-ekin, John izenburupean. Beste guztiak bezalaxe, baimendu gabeko biografia da.

        Noizean behin, banitate handiz, pentsatzen jartzen naiz nori baimenduko niokeen biografia bat. Beharbada Cynthiari berari, Yokori, Julian seme nagusiari (Sean txikiegia zen hil nindutenean) eta izeko Mimiri.

 

 

CYNTHIA

 

In my life kantarekin zoratuta zegoen Cynthia. Paulek eta biok konposatu genuen. Cynthia, Julian eta hirurok zoriontsu bizi gineneko sasoi batekoa da.

        Beti akordatuko naiz zenbait tokirekin, / nahiz eta haietako batzuk aldatu. / Batzuk betiko aldatu dira, eta ez hoberako, / beste batzuk joan dira eta bere horretan dirauenik ere bada.

 

 

JULIAN

 

Herentzia beldurgarria utzi nion Juliani. Sarritan, umemokoa besterik ez zela, kaleko jendeak ez zion bakerik ematen: Nire bizitzak zure aitarena orbitatzen du.

        John gora, John behera.

        Batzuk nire kontra jartzen ere saiatu ziren.

        Cynthia eta biok banandu ginenean, kasik betiko aldendu nintzen Julianengandik. Halako urrutiratze-zigorra.

        Inor legitimaturik baldin bazegoen ni tirokatzeko, huraxe.

        Eta inork mereziko balu nire errautsen gainean txiza egitea, hura Cynthia litzateke.

 

 

BESTE NIAK

 

Hil ondoren biografoek mantendu naute bizirik. Haiei esker nago hemen.

        Neronek beste niak esaten diet. Ondo ezagutu nindutenak; nirekin une zailak eta une goxoak bizi izan zituztenak; nirekin behin ere hitz erdirik egin ez zutenak eta gure kontzertu bat egundo ikusi ez zutenak; zeharo arrotzak zaizkidanak; edo harreman laburrak eta azalekoak baliatu dituztenak nitaz berba egiteko.

        Figuranteak, antzerkian bezala, asko eta asko. Estrak. Bost mila eta hamar mila artean izan litezke.

 

 

JOHN

 

Sumendi bateko laba lez zabaltzen den legenda naiz. Erre eta solidotu egiten dut. Baina kontu guztiak argi: hanka-sartzeak eta biolentzia-episodioak gorabehera, pertsona bikaina izan nintzen. Kritika eta agiraka guztiak alboratu gabe, kontrakoa dioen kontakizunik ez duzue aurkituko.

 

 

PLASTIKOZKO PISTOLA BAT

 

1980ko abenduaren 7an, Galesko iparraldean zeukaten jatetxe txikerrean zeuden Cynthia eta Angie. Bazkideak ez ezik, lagun-minak ere baziren. Arratsaldean Gabonetako apaingarriekin ari ziren. Kanpoan eguraldi mina egiten bazuen ere, tabernan giro alaia zen nagusi. Ardo botila bat ireki zuten. Zuhaitzean bolak ipini zituzten. Halako batean, barnean sorpresaren bat edo beste gordetzen duten kartoizko kutxa horietako bat zabaldu zuten. Lurrera jausi zen barruko jostailua. Cynthia goragaletu egin zen pistola bat zela ikustean. Seinale txarra iritzi zion.

        Biharamunean Cynthiak Londresera bidaiatu zuen. Egun horretantxe hil ninduten.

        Baliteke Cynthiak istorio hori asmatzea edo egunarekin erratzea.

        Baina litekeena da kontatzen duen moduan gertatu izana.

 

 

ABENDUAK 8

 

New Yorken tirokatu ninduten, Dakota eraikineko nire etxe aitzinean, 1980ko abenduaren 8an, gaueko 22:50ean. Londresen 9ko 03:50ean.

 

 

MEHATXUAK

 

Behin baino gehiagotan etorri zitzaidan burura hil ahal nindutela. Baina ez hor zehar aipatzen duten beste bider. Eta, Cynthiak uste duenaren kontra, ez nintzen zama horrekin bizi izan nire azken hamalau urteetan.

        1966an lerdo batek gutun bat bidali zidan. Bere burua igarletzat hartzen zuen memelo hutsa. Ohartarazten ninduen egun batean tiroka hartuko nindutela Estatu Batuetan. Garai hartan Ingalaterran bizi nintzen. Adierazia nuen Jesukristo baino famatuagoak ginela. Hura eskandalua! Mehatxu ugari bidali zizkidaten. Baina egia zen: kristorenak ginen!

 

 

HILKETA

 

Eleberri beltz bateko hilketa-tokia balitz bezala eraiki dut hamaika aldiz nire tiroketa. Ironikoa da ikertzaile baten azalean sartu behar izatea ongi ulertzeko zelan kalitu ninduen Chapmanek. Biografiak eta filmak ditut iturri. Baita garaiko egunkariak. Poliziaren ikerketak. Yokoren testigantza. Eta batez ere Chapmanen beraren adierazpenak.

 

 

PETE

 

Musika munduan bateristaz urri ibili gara beti. Zer esanik ez onak badira. Pete Best izan zen gurea Ringo ailegatu baino lehen. Bere barnera bildua, melankolia aieru batek joa beti. Neskak berehala maitemintzen ziren harekin.

        1962an Parlophone Records zigiluak disko bat grabatzeko proposatu zigun. Gure lehen kontratua! Paul, George eta hirurok, orduan, aho batez erabaki genuen Pete kanporatzea. Zigiluari buruz deus ez esateaz aparte, Brian agenteari eskatu genion bota zezala. Pete gizajoak aste bi eman zituen etxetik irten gabe. Ez zuen ulertzen zer zela-eta geuk, bere lagunok, gibeletik sastakatzen genuen. Sano krudela eta bidegabea zen. Gainera, sinetsita zegoen bateria jotzeko bere moduak eraman gintuela urrun. Eta guk azalpenik gabe kaleratu. Ez genuen adorerik bildu hura bisitatzen joateko. Nik neuk pentsatu nuen amorrutan egon behar zuela, eta agertuz gero txiki-txiki egingo ninduela. Ez nion hots egin.

        Hark ere bazeukan eskubidea niri tiro parea desarratzeko. Gibeletik.

 

 

JOHN 2.0

 

Murgil egiten dut Internetera niri buruzko kontuak jakin nahian. Egunero ipuin berriak. Banitateak eta oroimena koipeztatzeko beharrak lotu naute Facebookera.

        Zergatik kalitu ote zuen Chapmanek John? Horra talde birtualaren izena.

        Holden Caulfielden (J.D. Salinger idazlearen The Catcher in the Rye nobelaren pertsonaia nagusia) eraginez burutu zuela aitortu du beti. Holdenek hipokrisia gorroto zuen eta ni pertsona zuria nintzen Chapmanen begietara. Oparotasunean bizi baina Imagine kantan jabetzarik gabeko mundu bat amestu.

        Holden Caulfieldi eta hipokrisiari buruzko teoriak nahastu egiten nau. Kontradikzio ugari bizi arren, ez nuen nire burua hipokritatzat. Gainera, ez da Holden bera kontradikzioen paradigma?

 

 

LENNON 2.0

 

Interneten denetik irakur daiteke. Psikologo batek adierazi berri du, Yokorengan bilatu nuela haurtzaroan eta nerabezaroan izeko Mimik emandako babesa. Izugarria da norbere bizitzaz halakoak deskubritzea hil ondoren.

        Internetek mundu zabalago bat ekarri dit. Lehen betikoek hitz egiten zuten nitaz, badakizue, Bob Spitz, Ray Coleman, Barry Miles, Peter Brown eta halako jendeak. Ezin zulatuzko hierarkia osatzen zuten. Egun, berriz, lauagoa da dena.

        Oraindik orain, kasu, Mauricio Gondra Ugalde izeneko gizon baten erranek zurtu naute. Chapmanek erabilitako pistolaren egilea dela dio.

 

 

CHAPMAN

 

Inor hilez gero, pertsona ospetsu bihurtzen zaituzte. Gizarteak bere egiten zaitu. Haietako bat zara. Jendeak soberakinak uxatzen ditu liposukzioen bidez, kisteak egotzi, tumoreak kiskali. Hiltzaile ankerrak, ordea, mimatu egiten ditu. Hiltzaileak sona handiko pertsonaia bilakatzen dira telebista-saioei eta biografiei esker.

        Zenbat eta sarriago berba egin nitaz Chapmanek, orduan eta onartuago.

        Ni hil ondoren Atticara bidali zuten preso. Sei urte inguru eman zituen prentsarekin mintzatu gabe. 1987an Chapmanek elkarrizketa bat eskaini zion James R. Gaines-i People aldizkarirako. Ondoren Jack Jonesi eman zizkion batzuk, Democrat and Chronicle egunkarirako. Jonesek berak, 1992an, liburu bat argitaratu zuen: Let Me Take You Down: Inside the Mind of Mark David Chapman, the Man Who Killed John Lennon. Izenburua lar luzea da eta ez du aski indarrik nire izena aitatu gabe.

        Chapmani buruzko film aipagarri bi ere egin dituzte: Chapter 27 (Salingerren liburuak 26 atal dauzka) eta The Killing of John Lennon.

 

 

HOLDEN CAULFIELD 2.0

 

Zendu ondoren atzera ere irakurri nuen The Catcher in the Rye. Hasi eta buka. Hamaika bider harrezkeroztik. Aztertu egin dut Salingerren literatura.

        Egun Salinger 2.0 eta Holden Caulfield 2.0 interesatzen zaizkit. Facebooken gune bat zabaldu dut hausnartzeko Mr. eta Mrs. Antoliniren etxean Holdeni gertatzen zaionaz. Sarean honakoak ere aurki daitezke: Salingerrek ez balu Caulfield sortu, beharbada inork ez zukeen Lennon hilko. Eta nik neure artean: Salinger bere burua hilduratzen penalti erabakigarria huts egiten duen futbolariaren antzo? Bai zera!

 

 

DOUBLE FANTASY

 

Sinatutako azken diskoa nori eta Chapmani sinatu nion. Ironia krudelagorik!

        Sgt. Pepper's Lonely Hearts Club Band entzun ondoren sentitu omen zuen ni hiltzeko beharra. 1980an Hawaiin bizi zen. Abenduaren 6an New Yorkera abiatu zen (hirugarren aldia udazken hartan). Sheraton Hotelean hartu zuen ostatu bi egunez. 8ko goizean esaldi batek durundi egin zuen bere buruan: "Gaur duk eguna". The Catcher in the Rye erosi zuen liburu-denda batean.

        Eskolakideek jazarria kirolari eskasa izatearren, erlijio-kontu ilunetan nahasturik, amarekin lotsaturik, aitari gorrotoa, Gloria emaztea jipoitu... Horra hari buruz esaten dutena. Batek jakin.

        Chapmani Double Fantasy diskoa sinatzen ari nintzeneko unea harrapatu zuen bere kameraz Paul Goresh argazkilariak. Bion aurpegiak baino ez dira agertzen. Horri, berriz, ez dakit zelan deitu.

 

 

DAKOTA

 

17:00etan Yoko eta biok Record Plant estudioetara joan ginen eguneko grabazio-saioak prestatzen. Limusinara igotzear nengoela, Chapmanek eskua luzatu eta Double Fantasy sinatzeko erregutu zidan. Hala egin nuen (pazientzia handiz jokatu dut beti fan guztiekin; haiei esker lortu genuen, azken batean, arrakasta. Cynthiak ezin hobeto biltzen du bere biografian).

        22:49an bueltatu ginen Dakota eraikinera. Chapmanek bost tiro desarratu zizkidan. Bik bizkarra jo zuten eta beste bik sorbalda. Baletako batek aorta zulatu zuen. Berehala ailegatu zen polizia-auto batean eraman ninduten Luke's-Roosevelt ospitalera.

        Zeharo odolusturik hil nintzen 23:07an.

 

 

CHARTER ARMS WIKIPEDIA

 

Chapmanek 38 kalibreko Charter Arms bat hautatu zuen nire egunei akabua emateko.

        Colt eta beste etxe batzuentzat lan egin zuen Douglas McClenahan armen diseinatzaile gazteak Charter Arms Co. fundatu baino lehen.

        Hainbat errebolber mota fabrikatu zituzten Charter Arms-en: .22 Long Rifle, .22 Magnum, .32 Long, .32 Magnum, .357 Magnum, .38 Special eta .44 Special, besteak beste.

        Lehena 38 kalibreko bat izan zen, Undercover izeneko modeloa.

        Ni, baina, kalibre bereko beste modelo batez hil ninduen Chapmanek: Hawaiin eskuratutako 38 Special Off Duty bat.

 

 

PISTOLA 1.0

 

Interneti esker jakin dut Poliziak ez zuela Chapmanen pistola erre. Epaiketaren egunetan ez nuen ikusi nahi izan. Nire bizia hautsi zuen frogari tresna deabruzkoa neritzon. Eta ikusteko gogoa sortu orduko, Poliziak aspaldi kiskalia behar zuela otu zitzaidan.

        Henry Leutwyler-ek argazkia atera zion, ordea, Queenseko Auzitegiko Ikerketen Institutuan. Chapmanen armarekin daude han, besteak beste, David Berkowitzen pistola eta 60ko hamarkadan Nazio Batuen erakundea erasotzeko erabilitako bazoka.

 

 

MAURICIO GONDRA UGALDE

 

Urte askoan, Interneten eta prentsa idatzian, Smith & Wesson batez akabatu naute, Dixie Derringer batez, Patriot batez eta, are, Luger batez ere bai. AEBetan, Argentinan, Alemanian eta beste hainbat lekutan sortutako armez hil naute. Hamaika entzuteko hil gara.

        Mauricio Gondra Ugalderen Neuk diseinatu nuen John Lennon hil zuen pistola liburuaren sinopsian irakurri dudanaren arabera, autoreak, autobiografiaren aitzakian, errebolberraren industria aztertzen du. Nor da Mauricio Gondra Ugalde? Googlen 81 erreferentzia daude dagoeneko. Gondra eta Lennon sartuz gero, 7. Egunkari batean elkarrizketa bat ageri da: Pistola batek elkarrengana hurreratzen ditu John Lennon eta euskaldunak.

        Gondra Espainian hasi omen zen, Astra eta Star enpresetan. 1960an Estatu Batuetara joan zen High Standaren kontratu bati esker. McClenahanek 1964an Charter Arms-era eraman baino lehen, Sturm-en ere lan egin zuen. Dirudienez, Gondrak sortu zuen Off Duty modeloa.

        Estatu Batuetan urte mordoa eman ostean, Ean bizi da egun Gondra. Ea Gernikatik hur dago. Picassoren koadroari esker dut ezagun Gernika. MoMAn ikusi nuen New Yorken bizi nintzelarik. Eak toki ederra dirudi Googleko argazkietan. Bisita bat egingo diot Gondrari. Eta, ondoren, Cynthia emazte ohiari. Mallorcan bizi da bere laugarren senarrarekin.

 

 

EA 2.0

 

Web-bilatzaileak keletone.org blogera eraman nau. "Julio Cortazar mila aldiz euskaldunagoa da Lennon baino", dio Keletonek. Antza denez, Ean zituen sustraiak idazle argentinarrak.