—3—
Euskalduna desagertu eta gutxira gaixotu zitzaigun aita. Kolonetik minbizia erauzi ziotenean eman zion abisua zirujauak: «Bost urteren buruan minbizia berriz agertzen ez bada, arriskutik kanpo biziko zara».
Bost urtetan bigarrenez erne zitzaion minbizia, berriz ez agertzeko mugaren aitzinegunetan, bost urteren buruan zantzorik agertu ezean arriskurik ez ei zegoen egunen atarian.
Bihotzeko hegoak banaka erori zitzaizkigun.
Zergatiaz galdetu nionean, aitaren izaerari buruzko erreferentziak eskatu zizkidan zirujauak. Aitzakiatu zidan medikuntza ofizialak oraingoz ez duela minbizien sor-gakoak zein izan daitezkeen kausitzen jakin, baina gaixoaren izaerak minbizia garatzeko zein desagerrarazteko izan dezakeen eragina ikertzerakoan lortu dituztela emaitza onenak. Bizipozak zahartzaroa bermatzen du eta saminak heriotza?
Gure aitak etxean lanari buruz egundo berbarik egiten ez zuela erantzun nion, Euskalduna ontziolako langilea izan zela eta, zekikeenez, hiru urtean aritu zirela Euskalduna bizirik iraunarazten. Aitortu nion, orduan, ama-alabok ez genekiela zer egiten zuen ontziolara joaten zenean, borroka sasoirik latzenetan ere, edozein hizketagai hobesten zuelako Euskalduna desagerraraziko zuen aferaz berbarik ez egitearren. Ez zuen sentimendurik hitzez adierazten. Izugarri maite gintuen.
— Zeu zara horietako bat, aita?
— Bai, bai, begira, horko ezkerreko hori da! Ibilera hori zeurea da, aita!
— Lorea... ikasketa bidaia ordaintzeko tortillak saltzen hasi zaretela esan dit Begoren aitak.
Kontatu beharra dudalako idatzi dizkizut lerrook, Peru. Amamaren eta izeko Amaiaren ardurapean utzi zintudan egunean bertan erabaki nuen noizbait kontatuko nizula nor naizen, zergatik jokatu dudan jokatu dudan eran, zerk eraginda hartu ditudan erabakiok.
Zu mundura ekartzea ez zegoen nire etorkizunerako asmoen artean. Ez dut inoiz etorkizunik planifikatu, eta bat-batekotasun konstante horren emaitza izan zinen zu, gorrotoak lagun dakarren mendekuaren ondorioa. Neurekoia izan banintz, beste guztia utzita heziko zintudan, bidelagun izango ginen luzaroan. Baina beste bide bat hautatu nuen. Zelan eta zergatik ulertzea gura nuke. Ez dizut esango inor eta ezer baino gehiago maite zaitudanik, ez baita egia. Egunero izan zaitut gogoan eta ez dakit horri maitasuna dei diezaiokegun. Abandonatu egin zintudan, hori da aitor diezazukedan egia.
Zure aitita zena, Luis Urresti Rekalde, Euskalduna ontziolako langilea izan zen 13 urte zituenetik, zure birraititaren antzera, haren itzalean. Zentzua duzunerako ziurrenik ez da ontziolako arrasto distiratsurik erakutsiko, eta ezinbestean gorde dituztenak, dikeak berbarako, eraikuntza berrietara atxikiko dituzte, inork ezagutu ez ditzan. Izenez izen zerrendatuko nizkizuke Bilbao Ria 2000 egitasmoaren ideologoak, amnesiaren aldeko mugimenduaren fundatzaileak, hatz markarik uzten ez duten lapur trebeen maisu ohoragarriak. Gainontzekoak ez bezalako espezie batekoak direla uste duten horiek urteak eman ditzakete benetako asmoak ezkutatu eta gezurretakoak sinetsarazten. Euskaldunakoei, hasieran, zin egin zieten inork ez zuela lanposturik galduko, guzti-guztiei enplegu berriak bermatuko zizkietela. Ur azalean, iritzi publikoari begira, ontzigintzaren mundu mailako krisia zerabilten birmoldaketa atzeraezina zela arrazoitzeko amutzat. Hondalean, gobernu bulegoetako sakonean, Euskal Herriari tamainako industriagintzak zemaion botere ekonomikoa ahultzea eta, ahal izatera, desagerraraztea zen xede nagusia. 1984an lanbro artean igarri genezakeen asmoa garbi dakusat orain, hogeita hamalau urte geroago. Ekonomikoki askea den herriaren hurrengo guraria politikoki askea izatea da. Espainiak inondik inora onartuko ez zuen apeta. Egia da, Korean hasiak ziren ontziak merkeago egiten, baina lana bazegoen guztiontzako lain. Bizkaiko aberats diruzaleek, ostera, ez zuten inorekin lehian aritzeko gogorik eta, iturria erabat lehortu orduko, beste isuriren bat bilatzen hasi ziren.
Bilbo hiri industriala izatetik zerbitzuetan oinarritutako hiria bihurtzea zuten xede. Eraikin berri, moderno, erakargarriak ezinbestekoak ziren horretarako. Eraikuntzarako enpresak sortu zituzten, diru-laguntza publikoak asmatu enpresa horiek baraurik lan egin ez zezaten; denbora oso laburrean milioiak metatu zituzten PSOEren eta PNVren inguruan jaiotako enpresek. Fanonek maiz gogorarazten zigun, benetako boterea horien esku zegoela, poliziak pistoladun txotxongiloak baizen ez direla, zeren alde jipoitzen duten ez dakiten borreroak baizen ez direla. Badakizu Fanon nor den, ezta? Jazinto Ibarruri, aititaren lankide, maisu, argi eta laino izandakoa.
— Eta zergatik ez duzue zuzenean euren aurka egiten?
— Batzuek Estatuaren bermea dutelako eta besteek Jaurlaritzarena. Horrez gain, alderdi politikoek babesten dituztelako; eta batez ere, ezjakintasunetik sostengatzen dituzten milaka herritar boto emaile dituztelako.
— Herritarrak ez gara berez ezjakinak, Fanon. Ezjakintasuna egotzi baino, apaldu eta zantar horiek dituzten ezkutuko asmoen berri eman beharko zenigukete herritarroi.
— Oraindik mukizua besterik ez zara lezioak ematen aritzeko. Ez nabil harrokeriaz, Lorea. Herritarrak informatzeko lanean ari gara, baina gure eztarriek ezin dute horren ozen kantatu.
— Mezuak garbiago helaraziko dituzten bozgorailu berriak behar dituzue.
— Mezuak urrunago helaraziko dituztenak dira faltan ditugunak.
Gaztaroaren ezaugarrietako bat bulkadaka jokatzea omen da, bitan pentsatu barik esatea, ekintzak ondorioei men egin gabe burutzea, odola berotu orduko irakiten izatea, txoro-flautaren doinuetara dantzatzea. Gaztea izateari utzi nionetik hogeita bost urte izango direla, barruko sumendia borborrean daroat oraindik, orroka segitzeko gogotsu.
Zure aititak lehenik lana eta gero bizia galdu zituenean, ez nekien ama izango nintzenik, ez nekien ama izateko gogoa nuenik ere. Ez genuen umegintzarako astirik, mundua irauli gura genuen. Bagenuen nori ikasi.
— Lorea, zuen amari eta aitari ez fitsik esan, ez dezatela ezer susmatu. Begok ere ez du jakin behar. Zuk eta biok dakigu, eta nahikoa da. Estatu bateko ministroa bahitzera goaz. Ez dugu antzeko lanetan esperientziarik, baina Euskalduna desager ez dadin egin dezakegun ekintzarik eraginkorrena da. Txakurrek ETAkoak izan direla pentsatuko dute. Batzuek zein besteek langile pobreok izan garela jakiten dutenean kontu eske etorriko zaizkigu.
— Lasai, Fanon, amak nahikoa zama daroa aldean, ez nioke astundu gura; eta gure aitaren galdera bakarrak ikasketei buruzkoak dira. Begori kontatuko ez diodanik ezin dizut bermatu, guztia kontatzen baitiogu elkarri. Dena den, aitak mesanotxean izaten dituen liburuak zeureak dira, ezta? Zein kontu eskatuko dizkit zurekin erabiltzen dituen berbagai berberek kezkatzen banaute?
— Beste guztiak itxi eta ibiltzeko bide bakarra zabaldu diotela erantzungo dizu aitak, berez bakezalea dela, neu naizen gisakoa, behartu egin dutela borroka dadin, neu behartu ninduten eran. Ikasten baduzu, zabalik bide bat baino gehiago izango dituzula erantzungo dizu.
— Bere ezpala izateaz harro beharko lukeelakoan nengoen.
— Eta harro dago egon, hitzez aitortuko ez badizu ere. Baina ministro bat bahitzea manifestazioak, greba orokorrak eta koktelak jaurtitzea baino arean ekintza larriagoa da, munduko langileen borrokarentzako mugarria. Aitak ez luke inolaz ere onartuko.
— Zuri aitortzen dizu, ezta, Fanon?
— Ni Jazinto naiz zuen aitarentzat. Zer da Bego zuretzat?
Heziko zintudan baino hobeto hazi zaituen amama Marik niri buruzko berba onak besterik ez zizkizun esango, badakit. Berdatuko zen nirekin gaupasa eginda etxeratuko nintzelako, gedar egingo zigun zure izekori eta bioi lantzean baten, etxeko beharretan zegozkigun ardurak ez betetzeaz gain sobera parte hartzen ez genuelako, hautsa kentzeko eperdikoren bat ere emango zigun, baina mailatu edo ubelik utziko zigunik egundo ez. Ez da bera izan ni gorrotatzeko aitzakiak eman dizkizuna, Peru.
18 urte betetzeko nituen 1984 hartan, Euskaldunaren itxieraren aurkako borrokak hasi zituzten sasoian. Institutuan azken urtea genuen, ontziolatik aurrez aurre, Deustuko zubipean, ibaiaz beste aldean dagoen Botikazar institutuan. Ikaskide nuen lagunik minenak Bego zuen izena, Bego Zamakona. Begi berdexka ilunak, ile beltzaran kirruduna, azal zuria, gorputz lerdena. Munduko irribarrerik politena zuen. Sano lotsatia zen, dantza eta kantua maite zituen, eta ondo konpontzen zen ume guztiekin. Litekeenik eta amarik onena zatekeela jokatuko nuke burua. Gelako guztiak maiteminduta gintuen: ez zuen inor iraintzen, ez zion inori iseka egiten, ez zuen nabarmentzea maite.
Begok zaletu ninduen euskarazko literaturara, aitak bera zaletu zuen eran. Bilbora ezkondutakoa zuen aita, Zeruko Argian kolaboratzaile izandakoa aitona. Begoren etxean ugariak ziren euskarazko liburuak plazaratzen zituzten argitaletxeetakoak. Bere logelan sartuta, orduak ematen genituen literatura aldizkarietako testuak irakurtzen. Begoren aita Koldok ordura arteko literatura aldizkari guztien gutxienez ale bana zuen sailkatuta. Ez zen bildumazale hutsa. Literatura maite zuen. Bakoitzetik bat oparitu zidan erbesteratu nintzen bezperan, erbesteratuko nintzela susmatu balu legez. Arropak atera nituen maletatik lekua egin ahal izateko.
— Ez dinat zuen aita halakorik inor ezagutzen.
— Literatura maite duenik, esan gura dun? Eta Fanon?
— Beste literatura mota bat dun Fanonek maite duena.
— Aresti aho artean kendu ezinik zarabilek ba! Bere etxean izan nintzenean, gurean beste liburu eta aldizkari daudela egiaztatu ninan.
— Fanonen etxean egonda hago?
— Marxi buruz galdetuta, haren etxeraino joanarazi nindinan.
Buruan ditut 80ko literatura aldizkari haien guztien izenak, zein baino zein deigarriagoak. Espainiako historia erakusten zigun irakasleak Espainiako probintziak errepikarazten zizkigunean, Begok eta biok probintzia bakoitzari literatura aldizkari baten izenburua gehitzen genion. Espainiako probintzia beste aldizkari ez genuenez, argitaratu berri ziren liburuen izenburuak edo musika taldeenak eransten genizkien. Madrid - Vomito, Burgos - Basilika, La Rioja - Kandela... Olgeta bitxiak gureak, olio uherrez nahastutako txokolatearekin drogatzea beste buruko minik ez zuten ikaskideen artean.
Institutuko ikasle mugimenduan ezagutu genuen elkar Begok eta biok. Ni izar gorri batek erakarrita sartu nintzen. Bego umetatik konturatu zen euskaldun bizitzeko borrokatzea beste biderik ez zuela izango, are gehiago Bilbo halako hiri erdaldunean. Komunikatu guztiak Begok idazten zituen, besteok ez genuen edukiez zalantzarik izaten, Begok denok pentsatzen genuen huraxe hitzez azaltzeko gaitasuna baitzuen. Begok idatzitakoa eskuz kopiatu ostean, gainontzeko hogeitakak gelaz gela eskolak eten eta komunikatuok irakurtzera joaten ginen. Behin kopiatuta, buruz ikasteko modukoak ziren Begoren komunikatuak, ozen aldarrikatu ahala norbera hunkitzen zutenak. Ikasleon borroka, ikasgai guztiak euskaraz ikasteko eskubidea, geure eskola nazionalak sortzeko beharra.
Gure institutuaren aurreko erreka bestaldean palmondoak daudela ikusi dut postaletan, altzairuzko xafla astunak pilatzen ziren erreka bazterrek erbeste honetako hiri askoren antza dutela. Margotutakoa dirudien belarra, oliozko ostadarren ordez. Garai bateko ontzien arrastoa mundu osoko agentzia bidaietako erakusleihoetan baino ez dago, nazioarteko azoka subentzionatuetan. Ederragoa dela diote denek, Bilbo lako hiri bati dagokion neurrikoa. Historia gazteegi ehortzi dute. Baina Historiak ez du etenik, ez luke etenik izan behar. Etenik izan ez zezan betetzen genituen Begok eta biok koadernoak, lau eskutara. Horietako batzuk neuk gorde ditut urteotan, baina bada bat Begok aldean eroan zuena, galdera askoren erantzunez betea.
Bilbo bere iraganaz lotsatzea lortu dutela iruditzen zait postalok begiratzean. Hiria modernitatera ekartzeko hartu beharreko neurriak direla, gutxi batzuentzat kaltea izan zena aurrerabidea izango dela gehienontzat. Putre alaenak, latzak ikusiko ahal dituzte egunen batean!
Hilduratu gaituztenak ez lirateke lo goxoan oheratu behar.
1984aren aurretik bisionario diru-goseak hasi ziren zabaltzen, ezinezkoa zela Bilbo erdian kea eta uherra sortzen zituen ontziola izatea, horixe zela Bilbo grisa izatearen arrazoi bakarra. Badakit Negurikoek diru iturri oparoa izango zutela helburu, baina zabaldu zuten eztabaida kearen zein uherraren ingurukoa zen, keak zein uherrak estali zitzaten euren benetako asmoak.
— Literatura irakurtzeak on egiten din, Lorea. Pertsiako alfonbrapeetako kakautsa aurkitzen ikasi dun.
— Bazakinat ontzigintzatik sortutako aberastasunak boteretsu egiten gaituelako desagerraraziko dutela Euskalduna. Bazakinat euren benetako helburuek ez dutela ezelango zerikusirik Bilboren itxurarekin, aitzakia baino ez dela, Bilboko pijo harro aberaskumeek atoan aldarrikatuko duten aitzakia salgarria.
— Hara, goazeman Verdesera. Aitak bi poema liburu erosteko dirua eman zidan. Esaldi arranditsuak gustuko baditun, errepertorioa aberastu beharko dun.
— Poema liburu bat erosi eta bestea zerbezatan inbertitzen badugu, erakutsiko dinat zein aberatsa den nire errepertorioa.
— Ondoegi konpontzen gaitun aita eta biok halako kokolokeriatan ibiltzeko. Endemas, egileak eta izenburuak papertxo honetan idatzi zizkidan, okertu ez nadin.
— Lanean hastea beste irtenbiderik ez dinagu. Neuk ere asko maite ditinat liburuak, baina lantzean baten zerbezatan ibiltzea zegokigun, neska!
— Zerbezak gura ditun? Zazpin eta Unaitxun zerbitzari eskean dabiltzala entzun dinat.
Ostegun arratsaldetik igande eguerdira arteko zerbitzari lanak hartu genituen, Begok Unaitxun eta nik Zazpin. Ardo merkea, zerbeza, kalimotxoa eta patxarana. Hasieran, barra atzea erakusleihoa zen guretzat. Bertatik edonori errepara geniezaiokeen, Bilbokoei zein Bizkaia osotik etorritakoei, harrapariak zerutik harrapakina legez.
Ez dakit zerbitzari ibili ginen sasoian zenbat izan nituen zirrikide. Iraultza sozialistarekin batera, sexua, musika eta literatura ziren gure ardurak. Horrek egiten gintuen odol bereko Bego eta biok. Bikote berberarekin luzaroan aritzea atzerakoia iruditzen zitzaigun, burgesa. Gazteegiak ginen betiko ainguratzeko. Neure ondoratzeen arrazoiak ulertuko badituzu, nire sexualtasuna onartzeko arazo latzak izan nituela jakitea dagokizu.
Ez genuen maitasuna gutxiesten. Chek esandakoa oso gogoan genuen: «Maitasuna da iraultza guztien arrazoia». Gureak eta gainontzeko tabernak zarratuta, txizatsari usaingor, portaleetan jesarrita Silvio Rodriguez eta Mikel Laboaren kantuak berbarik berba kantatzen genituen, orro batean: adarbakarrena, bihotzaz erditzen zen sasoiarena, ama aberri eta iraultzarena. Begiak bete-bete eta besarkatuta: «Lo más terrible se aprende enseguida y lo hermoso nos cuesta la vida». Malkoak xukatuta Bilboko Gaztetxera joaten ginen azken ordukoak kitatzera. Mikel, Silvio gutxi entzuten ziren punkaren eltze hartan. Talde gehienek espainolez kantatzen zuten, kapitalismoaren kontra, poliziaren kontra, boteredunen kontra, etorkizunik ez genuela salatzeko, sexuaren, drogen kontsumoaren eta autoantolakuntzaren alde oihu egiteko. Solfeoak, harmoniak, pentagramak eta gainontzeko arauak letretan zeuden, erraietan. Eskorbuto, MCD, Cicatriz, Barricada, Tijuana in blue, La Polla Records, RIP eta enparauak urtean bitan baino gehiagotan entzuten genituen Gaztetxean. Aurrez aurre esango genituenak kantatzen zituztelako maite genituen talde haiek, ordu eta erdiko emanaldian edozertarako ausart sentiarazten gintuztelako.
Inoiz mundua alda genezakeela sinetsi izan bagenuen, hori Kortatu eta Hertzainaken kontzertuen ostean izaten zen. Ahalik eta kontzertu gehienetara joaten ginen: autobusez, trenez joanekoa, atzamar lodien erakargarritasunari esker etxerakoa. Nork bere fedeak mugiarazten du. Gure orduko erromesaldia distortsioaren ahaireei jarraitzean zetzan.
Egun gaztetxeetan jendetza biltzen al zarete, Peru? Orduan, sorbaldak sorbalden kontra lurra zapaldu ezinik egoten ginen. Herri bat, gaztetxe bat leloak arrakasta itzela izan zuen. Kantuetako teoria eguneroko praxi bihurtzeko ametsa izurria legez hedatu zen herririk herri. Okupazioa, zilegi ez eze, ezinbestekoa zen. Zure adineko gazte asko ketotuta jaio direla diote, gure belaunaldiko guraso asko, iraultzaile asko damututa daudelako izan dela. Menturaz minduta daude epeldu horiek, amestu zutenetik ezer lortu ez dutelakoan. Zenbat ote gara gurasoek erakutsitakotik.
Ez zirudidan zure amamak eta aititak irakatsi zigutena aurrez hitzartuta, planifikatuta edota adostuta izan zutenik. Ez dut uste mahai baten inguruan eseri, papera eta boligrafoa hartu eta guretzako hamar manamendu negoziatu zituztenik. Ez dut gogoan ama eta aita gure heziketaz berbetan entzun izana. Lanak ez zien beste ezertarako astirik uzten. Inork ez zien esan guraso izateko ezinbestekoa zenik.
Psikologia, pedagogia, pentsatu barik egiten dugunari latinetiko izenak eranstea baino ez da. Horren definizio zehatzik gabe ere makina bat lagun bizi da munduan. Zehaztasunak lagungarriak dira, akatsak detektatu ostean konponbideak errazago aurkitzeko balio dute. Baina ematen dugun urrats bakoitza zein arrazoi zientifikoren podesuz ematen dugun azaldu gura izateari gehiegi deritzot. Primate garatu aspergarriak baizen ez garela iruditzen zait, txinpantzeak poztu ere egiten direla gulakoak izatera heldu ez direlako. Benetan gertatu zenari arean hurreratzen bazaio, Jean-Jacques Annauden La guerre du feu filmean argi ikusten da betidanik izan dugula hurkoa menperatzeko grina, bekaitza odolean, nabarmentzeko sena, harrokeriarako joera. Bizirauteko baldintzak asko aldatu diren arren, elkar hiltzen darraigu. Zeinek irakatsita? Ez dakit zuk zein zinema mota maite duzun, guk gogoetarako hura maite genuen.
— Sinplifikatzen ikasi behar dinagu. Pertsona = menperatu beharra = hilketa, horri buruz ari naiz.
— Pertsona = menperatua = ordaina ere izan liteke.
— Edo pertsona = menperatua = betiko menperatua.
— Pertsona = begirunea, sinplifikatzea diot.
— Surik gabe geratzen bagara ere bai?
— Surik gabe geratuz gero atzetik sartuko digute, filmean errekan ura edaten ari denari sartzen dioten legez, ezustean, galdetu barik.
Faltan dugun horrengatik zer egiteko gai garen. Zenbateraino babesten dugun geure burua zorigaitzetik, minetik, beldurretik. Zergatik saritzen ditugun ausartak. Zertarako balio duen beste inor baino indartsuago izateak. Ez dago indarrean sostengatzen ez den botererik. Begorekin baizen ez nituen galderok gogoetagai. Punk mugimenduan galdera gutxi behar genituen. Bagenekien zeinen kontra egin.
Lasaitasuna dakar etsaia zein dukezun argi edukitzeak. Badakizu nolakoa ez duzun izan gura, badakizu zelan ez duzun jokatu behar. Badakizu erabat ezberdina izateko zelan jantzi, orraztu, ibili. Eskertzekoa da etsai izateko prest dagoen jendearen jarrera. Norberaren haserre ezinikusiak okaztatzeko aukera ematen digute. Etsaiei esker beti dugu arrazoiaren jabe garen ustea. Borrokan jarraitzeko oso lagungarria da arrazoia duzula uste izatea.
Baina ez da nahikoa. Gu, bederen, ez gintuen asetzen.
Begok negar egiten zuen sarritan. Buruarekin ezetz eta sorbalda gora eta behera. Begietatik isurtzen zituen malkoek ahotik barrura eginda asetzen zela begitandu zait beti. Amorrua bideratzeko ubidea zuen. Nik ez nekien ezintasuna zelan gobernatu. Umeaz erditzeko egin beharreko indarra egiten nuen ezintasunaz erditzeko. Gure aitak ere ez zion ezintasunari aterabiderik zabaldu. Ezintasunak zulatu zuen bera. Norberak igartzen du ezintasuna azalari ate joka. Gure aitak ez zuen atea zabaltzen jakin, ez zigun eskatu geuk zabal geniezaion. Minbizi batzuk satorren antzera ezkutatzen dira, zain egon ezean ez dituzu antzemango. Zergatik aurreikusiko genuen aitak minbizia zuena? Kaleratuak diren langile guztiek ez dute minbizirik garatzen. Zergatik gure aitak? Badakizu damua zer den?
Hitzez esaten ez ditugunez, liburu mardula idazteko lain gogoetatu dut aita hil zitzaigunez geroztik. Erbeste honetan ezin dizkiot inori esan, hemen inork ez daki euskaraz. Konfesioa ingelesez egin nezake. Tabernaren batean edozein ezezagunekin berbetan hasi, barrukoak gezur eta guzti kontatu, agurtu eta berriz sekula ikusiko ez duzun ziurtasunarekin oheratu. Baina ingelesez kontatuta, beste batenak direla ematen dit, arrotz baten bizitzaz ariko nintzatekeela.
Tabernako lanari esker, etxean dirurik ez eskatzeaz gain, erosi beharrekoetarako geure ekarpen xumea egiten hasi ginen. Heldutasuna irabazten hasi ginen gaztaroa galdu ahala.
— Hamazazpi urterekin lanean hasteari larregia deritzot, Lorea.
— Zu hamahirurekin hasi zinen, aita.
— Orduan ez zegoen aukera askorik ikasketak lagun ez genituenontzat.
— Kaleratzen bazaituztete, gatxa izango zaizu lan berria aurkitzea.
— Zu ikasle ona zara, oso azkarra. Sortu berri den unibertsitate horretara joan zaitezke, etorkizun handiko karrera amaitu eta atoan lanean hasi.
— Edo rock talde bateko abeslaria izan naiteke, edo arrakasta itzelezko idazlea, edo gaztetan ezkertiarra izanagatik alderdi eskuindar bateko legebiltzarkide baten emaztea, edo ETAko kide izateagatik kartzelan, edo euskararen aldeko militantzian emango dut bizitza, edo...
— Nik ez dakit gaztea izatea zer den.
— Asteburuetan tabernari baizen ez nabil.
Sasoian geundenez, hasierako hilabeteetan behin baino gehiagotan bete genuen goizeko txanda, ia gaupasa eginda. Igande bazkalostetik astelehen goizera lo egin eta kito. Nekea gogoarekiko borroketan gailentzen hasi zen arte.
Gogorren udan egiten zitzaigun. Herrietako jaietara joan ahal izateko, taberna noiz zarratuko zain egoten ginen. Nekatuegi, biharamunean taberna zabaltzeko ardurak zamatuta, lo ezak eragindako astebururoko buruko mina ekidin guran, goiz etxeratzen ginen. Koadrilakoak festarik festa, gu lanean edo lotan. Lanean xahutu genituen orduak ez dira egundo itzuliko. Lanean barik beste edozertan igaro genezakeen denbora. Berbarako, bizitza bakarrean egin gura izango genukeen guztiaren zerrenda osatu ostean, geure buruari zin eginarazten banan-banan gauzatzen ahaleginduko ginela, lan egin beharrak ez gintuela makurraraziko.
Gauza askorekiko gorrotoa sentitu izan dudalarik, derrigorrezko lanarekiko garatu dudan gorrotoak sentiarazi nau malerusen. Derrigorrezko lanak pertsona ez beste zerbait egiten gaituela iruditzen zait. Edozer egiten dugu diruaren truke. Batzuei mendeetan dirauen izena ezarri genien horixe bera egiteagatik. Urteetan aurrera egin ahala gero eta nekezagoa bihurtu zait onartzea dirua dela gure itzala, gizon gutxi batzuek laburtzen eta luzatzen duten itzal luzea. Bizitza gizon horien kontra jotzeko ahaleginean eman dut, ezin baitut onartu nire eguzkia izan daitezen. Menturaz, tronpatu egin naizela iritziko diozu, Peru; beti zerbaiten kontra baino osasungarriagoa dela zerbaiten alde egitea. Gezurra. Alde egitearen aitzakian kontra ere egin behar duzula ahaztuz gero, edozer onartuko baituzu azkenean, alde egiteko arrazoiak lausotuko baitzaizkizu ez kontra ez alde egiteraino, ikusle axolabakoa izateraino.
Euskaldunaren biziraupena aldarrikatzeko borroken lekuko izan ginen sasoian erne zitzaidan derrigorrezko lanarekiko gorrotoaren hazia.
Gurasoengandik ezkutuan, Fanonekin Bilboko Gaztetxean biltzen hasi ginen, batzarrak burutzeko zein ikastaroak antolatzeko erabil zitezkeen goiko solairuetako geletan. Inoiz inon izandako mugimendu iraultzaile ezkertiarrei buruzko formazio ikastaroak antolatzea proposatu genion Fanoni, baita honek baiezkoa eman ere.
— Arrasti on denoi. Fanon naiz. Historian izan diren ezkerreko iraultzei buruzko ikastaro honi hasiera emateko, Stanley Kubrick zinemagilearen Spartacus ikusi eta aztertuko dugu. Kristo aurreko 73. urtean matxinatu ziren Spartacus buru izan zuten milaka esklabo, inoiz izan den inperiorik boteretsuena belaunikarazteko. Hankabikook Historia errepikarazteko ohitura dugun aztertzeko aukeratu dut, hankabikook boterearekiko dugun menpekotasuna hausnartzeko, boterea indarraren bitartez baino lortu ezin denetz galdetzeko, eta menperatuak indarra erabiltzerik ez badu zer egin dezakeen ondorioztatzeko. Galderarik?
Gazteok Euskaldunakoak horrenbeste mirestearen oroz gaineko arrazoia, adinean gora egiteak berezko apaltzea dakarrela dioen ustea ezereztatu izana dela uste dut. Zahartu ahala burua gero eta gehiago makurtu behar ei dugu. Kontra egitea gazteei dagokiela sinetsarazi digute, helduaroan denari amen esatea dagokigula. Berrogeita hamar urtetik gorakoak polizien kontra harrika ikusteak harrotu egiten gintuen gazteok. Gurasoak tartean izanez gero, gangartu.
Taberna zarratuta etxera oinez nindoala atzetik susmatu nituen gau baten ostean. Fanonegaz berba egin eta tabernako lana uztea deliberatu nuen. Bilboko Zazpi Kaleak jendez gainezka izaten ziren, gero eta bezero gehiagok ezagutzen ninduten, izena ikasi zidaten ia guztiek. Ezagunegia bilakatzen ari nintzen.
— Ez dituzu segika izan dituzunak ezagutu?
— Zer dela-eta ezagutuko nituen poliziak izaki?
— Tabernara egunero hurreratzen zaizkizun bezeroetatik edozein izan zitekeen.
— Bai, zera! Ederto baten ezagutzen ditut ardo merkea edaten dutenak zein eskailerapekoa gogoko dutenak. Batek ere ez du polizia itxurarik.
— Arrazoi duzu, sekretak trikornio eta guzti ibiltzen dira txikiteoan. Beraz, edo tabernako lana utzi edo gure «lantxotik» kanpo zaude.
Aitzakia sinesgarririk asmatu beharrik ere ez nuen izan. Gurasoekiko harremana zinez zen gatazkatsua astebururo ordu txikitan, txikiegitan etxeratzen nintzela-eta.
— Tabernako lanak utziko ditinat, Bego.
— Berriz ere amarekin ardailan.
— Aitaren bisaia iluna egiten zaidan jasanezinen. Ez du ezer esaten ikasketei edo futbolari buruz ez bada. Euskal Herria sutan eta Athletic puta hori berbagai! Greba egun baten ostean Realarekin izandako partidari buruz, Salinasek gola sartu duela, Clemente bota egin behar dela...
— Gure amak dio denak duela lotura politikarekin, baita futbolak ere.
— Gure amak dio politikak dena kakazten duela, ur azalean dagoena ere ito egiten duela.
— Gureak ere gehiegizkoa deritzo, baina politikari ihes eginez gero, boterea lau kabroiren esku geratuko litzatekeela ere badio, eta hori ezin dugula inolaz ere onartu.
— Gureak dio lau kabroi horiek beti izango direla lau kabroi, ez dagoela alderik kabroien artean. Baina hire aita ez dun egundo futbol zalea izan, ezta?
— Horrexegatik ba! Baloiari orain arte kasurik ere egin ez badio, bere lantokia itxiko dutela jakinda, zer dela-eta orain futbolarekiko bat-bateko grina?
Gurean ez zen ez politikaz ez minik eman zezakeen beste ezertaz berba egiten. Institutuko ikasmahaitik ikusmiran genuen Deustuko zubian zein ibaiaren bestaldean egunero begien bistan genuena ikusezina zen etxeko jangelan. Kaleko suaren arrastorik ez zen sartzen gure etxeko atepetik. Aitak atalasean ostentzen zuen.
Hazi zaituen gure ama izaten zen, Peru, egoeraren larria zenbaterainokoa zen argitzen ziguna. Borroka borborrean zenean ere, aitak ezer gertatuko ez balitz legez jokatzen zuelarik, zure amama Marik begiratu eta isiltzeko esaten zigun ahopeka: «Jatorduetan ez da horrelako gaiei buruz berba egin behar, janak kalte egin behar digu». Begietan igartzen genion, isiltzeko baino barrukoak askatzeko gogoa zuela, baina ez aita bertan zela. Eskuak lasaitu ezinik aitortzen zigun izerditan esnatzen zela aita.
— Izarak busti-busti esnatzen da.
— Gauero?
— Gauero, eta batzuetan baten baino gehiagotan.
— Zurekin behinik behin asaskatuko da, ezta?
— Zuekin baino gehitxoago.
— Isiltasunak amets-okerrak eragiten zituenik ez nekien.
— Isiltasunak baino sufrimendua ez partekatzeak dakarkio ezinegona zuen aitari.
— Langile sozialistok dena partekatu behar dugula dio Fanonek.
— Zu ez zara ez langilea, ez sozialista, hain gutxi txiste kontalaria. Eta Fanon mutilzaharra da, ez daki deus partekatzeaz.
— Fanonek asko daki, asko irakurtzen du, saiakerak ere idatzi ditu Sobieten iraultzaz edota Kubakoaz.
— Tripa beterik idaztea erraza da.
— Ez ahaztu bera ere kaleratu dezaketena.
— Ez dut ahaztu. Fanonek 43 urte ditu, etxerako ogi bakarrarekin nahikoa du, eta aurkituko du edo diote lanen bat. Zuen aitak 55 beteko ditu aurten.
Zientziak alboratuta letrak ikastea hautatu genuen Begok eta biok. Ez ziren hamar urte Franco hil zela. Irakasle gehienak Euskal Herrian jaiotakoak izanik ere, espainolak izaten irakasten ziguten: Espainiaren historia, Espainiako literatura. Behinola, Begok, haserrea sumendi agertu barik, begirunez, apal, Euskal Herriaren historia eta literatura ikasi gura genituela bota zion Madrildik etorritako Alfonso Blanco irakasleari, Lengua y Literatura española eta Historia de España irakasten zigun bekokilunari.
— Zamakona andereñoa, nik curriculumak ezarritakoa bete behar dut. Franco hilda badago ere, zu espainola zara; eta neuk irakatsitakoa ikasiko duzu edo ez duzu ikasturte honetatik aurrera egingo.
— Blanco jauna, espainolak hezi gura badituzu, Madrilera itzultzea besterik ez duzu.
Biharamunean Blanco jaunaren abizena mira batek inguratzen zuen institutuko paretetan.
— Ez diten nire berbarik aintzat hartu. Hamabost egunerako egotzi naiten.
— Gure gelako norbait izan dun.
— Bazakinat nor izan den, Lorea. Ezaguna dun espraikera.
— Baita zuzendaritzakoentzat ere.
— Ni arriskutsuagoa ei naun, ordea.
— Egunen batean ordainduko diten.
— Zuzendaritzakoek? Blanco jaunak? Gizarte Segurantzak? Lehenago espraikerrek.
— Gurasoek ez diten errietarik egingo, gaitz erdi.
— Hiri baino ozenago. Irakasleak ukiezinak ditun, espainolak barne.
Poliziei harrika erantzun geniezaiekeen, irakasleei ezta hitzekin ere. Helduaroan zain ditugun ehunka kontraesanen oinarria barneratzea etsigarria dateke. Egun batean, entzun gura ez zenituen lezioak ematen hasten zara. Maite zaituen batek txalokoa emanda esnatzen ez bazara, leziook errepikatuko dituzu, egunero, gero eta sarriago, gero eta hutsalago. Gurasotzak arduratsu egiten ei gaitu; helduaroak buruko txoriak uxatu eta zentzatzea ei du berezko, ezkerreko ukabilak goratutakoa ahaztu eta erregeren aurrean belaunikatzeraino loarazten gaitu, «horiek gaztaroko ameskeriak dira» esateraino.
Zure amamaren ardurapean abandonatu zintudanean, ez nuen beste ezinegonik, Peru; ez nuen semea ustelaraziko zuen ama izan gura.
— Zuek bai zuek! Pintada uherra egin eta Begok kaka guztia jan.
— Oso kontuan hartuko dinagu Begoren irmotasuna.
— Ausardia esan gura izango duk.
— Bere kanporatzea salatzeko deialdia prestatzen ari gaitun.
— Ea Begok zigorra bete baino lehen burutzen duzuen.
— Etsaiak besteak ditun.
— Eta gu heroiak.
Begok hamabost egun eman zituen institutura etorri ezinik. Ekainean selektibitatea gainditzeko langa besteoi baino gorago ezarri zion Blanco jaunak. Ikasteko profitatzea deliberatu eta Leioara joan-etorrian eman zituen bi asteak, unibertsitaterainoko garraioa doan izan zedin eta numerus claususak desager zitezen eskatzeko burutu ziren greba zein osterantzeko mobilizazioetan parte hartzera. Oztopoak oztopo, kazetaritza ikasteko izena emango zuen EHUn. Institutuko ikasle mugimendutik unibertsitatekoaren arteko alderik zegoenetz ezagutu gura zuen bertatik bertara. Nik ez bezala, Begok institutuko bigarren urtean erabaki zuen kazetaria izan gura zuela. Ikerketa kazetaritza politikoarekin uztartzea zuen amets. Behin eta berriz aipatzen zidan Mirentxu Purroy euskalduna izan gura zuela, Punto y Hora euskalduna behar genuela, Egin euskalduna ezinbestekoa zela.
Begori ikasi nion erabakiak zelan hartu. Berotan datozkigun amets, ilusio, gogoak beratzen jarri eta biharamunean hausnartuta gerokoan errazago barneratzen. Atzerabiderik bako hanka-sartzeak ekiditeko balio izan dit. Ez beti. Ez gura bestetan. Odol hotza gehien komeni izan zaidanean, odol beroak irakinda gainezka egin dit. Isildu beharrean kalakari, patxada premian izanda artega. Begok bazuen egonarria, barrutik eztanda egitekotan izanik ere, bere buruari eusteko ahalmena. Bost minutu dituzu, Polizia edozein unetan ager daiteke, eskuaren dardara gelditu ezinik zaude, sakatu ez sakatu. Usu galdetzen nion neure buruari Begok denbora geldiarazteko erlojurik ote zuen, arnasa hamar bider sakon hartu, begiak itxi, giharrak nasaitu, denbora berrabiarazi eta horregatik burutzen ote zituen burutu beharrekoak inoiz hutsik egin barik. Pertsona bazen, egunen batean huts egin beharko zuen zerbaitetan, derrigor.
Ez duzu egundo denbora gera lezakeen erlojua desiratu? Euriak ez zaitu bustitzen, hotza ez da beroa baino desiragarriago, milioi askotako autoak ostikoka maspildu ditzakezu, El Corte Inglesi su eman, ezezagunen ezpain potoloak musukatu, abadeak meza ematen daudela biluztu, telebistako zuzeneko saioetako aurkezleei gidoia aldatu, zerbitzu sekretuei informazioa faltsutu, pistolak urez bete, filmak goizaldera arte ikusteagatik biharamuneko iratzargailua zortzi ordu atzeratu, dirudunei egunero asko kenduta derrigorrezko lanik egin beharrik ez, badoazen orduak musika eta literaturara emanda bizi. Ihes egin, jarraituko zaituzten beldur barik, azalpenik emateke. Ihes egin.
Egun ere, deserri honetan, arrangurek eta hutsuneek loa galarazten didatenean, denbora gelditzeko erlojuarekin aldaraziko nituzkeenez, itzarrik amesteak beste ezerk baino gehiago baretzen nau. Fantasia da autoz, etxeorratzez, hizkuntza askotako pertsonez mugatutako erbeste honetan aurki dezakedan lo-belar bakarra.
Amama-aititaren etxeko ganbarako kutxetan H.G. Wellsen liburuak izango dituzu, The Time Machine, The Invisible Man, Ana Veronica, The War of the Worlds. Higuin dudan espainolez irakurri nituenak higuin dudan jatorrizko hizkuntzan berrirakurri ditut oraintsu, irribarrea eta negarra lagun, denboran atzera egiten ari naizela eta ikusezina naizela oharturik.
Bagara iraganari ihes egin guran irteera bako bideen ertzean luzaroan izoztu garenak. Ez ninduen damuak izoztu.
Jendetzan ikusezin izan gura genukeen arren, agurtuko gaituztenen faltan gaude, eguraldiaz berbagaia eskainiko diguten auzokide gabeak gara.
Erbeste honetan, inongotartasunean bizi naiz. Aurreikusi uste nuen zein ondorio izango zuen burutu asmo nuenak, zenbateraino aldaraziko zuen ordura arte bizitzatzat nuena. Filmetan horrenbeste bider ikusi ditugun kaleotan jendea batera eta bestera doa. Badirudi ez dutela beste egitekorik, kalean gora, kalean behera ibiltzea besterik. Aurpegi bakoitzari, ibiltzeko era bakoitzari erreparatu ezean, begipuntua desenfokatuz gero, tirrin-tarran dabiltzanak beti berdinak direla ematen du, ez direla milaka ez bada berrogeita hamar, eguneko zortzi ordutan hiriko kale bat populatzeko zein despopulatzeko ardura dutenak. Sarritan, jendetzaren erdian gelditu edo alboratuta, begiratuko nauen norbaiten zain egoten naiz. Esperoan.
Itxaroten ematen ditudan ordu luzeotan, gogoeta egiten dut, itxarotearen zergatiez edota itxaroten gaudela gertatzen denaz, egiten dugunaz. Ziur naiz, hiri honetako biztanle gehienak ere zerbaiten esperoan daudela, baina, lasaitu, gelditu eta zeren zain dauden hausnartu beharrean, ahalik eta denbora gutxienean ahalik eta gauza gehien egiten saiatzen dira, esperoa desagertuko delakoan edo gertatu beharko litzatekeen hori gertatuko ez den beldur direlako.
Etxera itzuliko naizen egunaren zain bizi naiz, berriz maiteminduko naizen egunaren zain, Euskalduna desagerrarazi zutenek egindakoa ordainduko duten egunaren zain. Hortzez eta haginez hobetu gura nuen herria milaka kilometrotara dago, ezin ditut munduari egin diodan ekarpenaren emaitzak ikusi.
Erbesteko bakardade honek erotu egingo nau. Bego hil zelarik ere, antzera sentitu nintzen aldikada baten. Samaldan bakarrik. Kartzelatu ninduten arte.
Euren burua aurrerakoitzat duten guztiek hiri honetara etortzearekin egiten dute amets. Abangoardiarik abangoardistenak berton daude, mundu osoa ezlekutar hauen doinuetara dantzatzen da... Hemen «zertan diharduzu?» galdetzen dizute beste edozer baino lehen. Ez dute ulertzen «ez nabil ezertan» esaldia. Zer edo zertan ez dabilena ez ei da pertsona, jendartekide izateko eskubidea galtzen du ezer egin barik itxarotea maite duenak. Ezlekutar hauentzat ezinezkoa da zereginik gabe bizitzea. Hiltzea bera ere, milaka zeregin horietako bat baizen ez dela dirudi.
Harrian sartu nuen iltzea. Eta hartutako erabaki haiek itzulera bako bidean alderraitu naute.
— Kontatu, kontatu... zer ikasi dun Leioan?
— Txakurren makilakaden beroa ezagutu dinat.
— Lehenago ere izanak gaitun manifa galdaratsuetan.
— Hesirik gabekoetan, ordea. Atzean hormak aurrean poliziak ibili gaitun Leioan ia egunero.
— Ikasle txarrenak bildu zarete hartara.
— Kosta egiten zaidan, horretan besterik ez bada ere, poliziak gu baino azkarragoak direla onartzea.
— Militarrei estrategia militarra erakusten zieten. Ez hadi horregatik harritu. Dena dela, kazetari lanak simulatzera joana hintzela uste ninan; eta kazetariak polizien lagunak ditun, ezta?
Ikasleen antolatzeko gaitasunak onerako harritu zuela kontatu zidan Begok. Gure instituturako biziki baliagarriak izan zitezkeen funtzionamendu erak ikasi zituela Leioako unibertsitateko ikasleengandik. Amorratuta itzuli zen, haginak estututa berba egiten zuen. Begirada antzeman ezinezko norabait finkatzen zuen. Bere kolkorako berba egiten zuen. Bere buruari adorea ematen ariko balitz lez, buruarekin baietz esaten zuen. Zeri, ostera?
Zientzia politikoak ikasten ari zen baten lagun handia egin zen hamabost egun haietan. Eta munduan zuen egitekoa argitu zion miraria ezagutu zuen: desobedientzia zibila. Borroka molde horrek ekarriko ei zigun garaipena. Desobedientzia zibilak aterako gintuen ataka guztietatik. Desobedientzia zibila ala hil.
— Ez din zerikusirik Euskaldunakoek darabiltenarekin?
— Eraginkorragoa dun. Gandhik erabili zinan.
— Baina milioika herrikideren babesean. Eta gainera Gandhik ez zinan ingelesen aurkako borroka armatua gaitzetsi, ez zinan ez bultzatu ez gaitzetsi. Ziurrenik prestakuntza militarrik ez zuelako ekin zionan desobedientzia zibilari. Metraileta on bat eskura izan balu...
— Gandhi eta Mandela nahasten ditun hik. Gandhik ez zinan armarik erabili. Indarkeriak indarkeria baizen ez dakarren uste osoa zinan. Indarkeria mota ororen aurka mintzatu zunan beti. Fedegizona zunan, inori minik ematearen erabat aurkakoa umetatik, begetarianoa.
— Eta begetarioanoek ezin diten borroka armatuaren alde egon? Zer dakin hik? Bertatik bertara ezagutu huen? Badakin zenbat milioi diren indiarrak? Pistola bakar bat desarratu gabe zapalduko zitiztenan ingelesek? Edo zapaltzea ez dun indarkeria erabiltzea? Zomorroa zapaltzen dunanean ez dun indarkeriarik erabiltzen?
— Nik ez dinat zomorrorik zapaltzen. Eta zapalduko banitu ere, ez ditun pertsonak eta zomorroak parekatuko, ezta?
— Zergatik ez? Ez ditun izaki bizidunak, gu legez? Nor gaitun gu zein izaki bizidun zapal daitekeen eta zein ez erabakitzeko?
— Txarriboda batean baino gehiagotan ikusi haut, odolari batu ez zedin eragiten. Hori bai krudelkeria, ganibeta bihotzean sartu eta odol guztia atera arte izaki babesgabearen heriotza ikuskizun bihurtua.
— Kristautasunaren aurreko ohitura dun txerri hiltzea. Amamak ez zinan horrenbeste maitasunez hazitako txerria hiltzen ikusi gura. Begirunezko errituala zunan. Zelan jango geninan bestela txerriaren okela, ukuiluan kontzentrazio isila eginda? Arren, hil zaitez jan zaitzagun pankarta erakutsita?
— Desobedientzia zibila beste bide guztiek huts egindakoan erabiltzekoa dun, agintean daudenek entzungor darraitenean gauzatzekoa.
— Eta borroka armatua jolasa da, no!
— Makina bat burubakoren atzamar burubakoa egoten dun pistolaren katuari noiz sakatuko.
— Baita etxeko besaulkian eroso-eroso.
— Aurka bahago gera hadi etxean, aurkituko dinat lagunen bat.
Desobedientzia zibila zeritzon borroka molde haren emaitzak bertatik bertara ikusi ezean, sinesgogor nintzela bota nion Begori. Argia ikusaraziko zidan erantzuna prest zuen daborduko. Henry David Thoreauren La desobediencia civil liburua eman eta hamabost eguneko epean irakurtzeko agindu zidan.
— Biharamunean Blanco jauna belztuko dinagu eta heu arituko haiz aurresku.
Massachusettsko filosofo anarkista ekologista bakezale haren gogoetak mesfidati irakurri nituen, Silvio, Pablo, Sex Pistols, Eskorbuto, Zarama, eta Hertzainaken berbei adiago. Euskalduna zatekeen Thoreau hori? Eta Massachusettsko basoa Iratikoa? 1849an argitaratuak balio zezakeen 1984an?
— Gure aitaren burkideei irakurtzeko emanez gero, su emango zioten.
— Zergatik, gobernurik onena batere agintzen ez duena litzatekeela aldarrikatu zuelako?
— Poliziei aurre egiteko balio ez duelako. Gobernuak estutzeko balio ez duelako. Edo uste dun izara zuriz jantzita akojonatuko ditugula poliziak?
— Komunikabideek arreta handiagoa eskaini zieten Euskaldunako emakumeen protestei, gizonen koktelen suari baino.
— Ez ditun titularrak irakurri, ezta? Ez zagon kazetari paternalista bat baino okerragorik. Irakurri dun El Correoko zorrizto horrek idatzitakoa? Eta gainera, Thoureau horrek gizona, gizona eta gizona besterik ez din aipatzen. Hori bai naturalista! Ezezagun hago, Bego, galbahean zulotzarra egin dinatela ematen din. Edozerk txunditzen hau?
— Egindakotik ikasi behar dinagu. Gandhik, Martin Luther Kingek edo Mandelak aintzat hartu bazuten, ez dun horren ezdeusa izango. Proba ditzagun Thoreauren teoriak, eta gero gerokoak.
— Blanco falangista hori izorratzeko balioko badu, lagunduko dinat.
— Ez nekinan horren herratsua hintzenik. Helburutzat mina ematea dutenekin ez naun egundo barkabera izan. Eta hi?
— Ni ere ez, baina Gandhi ziur baietz. Ez dun esan fedegizona zela eta txikitxuterik hurkoari minik ez ematekoa? Barkatzen ere irakatsiko ziotenan.
Hurrengo aste osoa eman genuen, Blanco irakaslearen zein institutuko zuzendaritzaren jokabidea salatzeko burutu asmo genuen desobedientzia zibileko lehen ekintza haren nondik norakoak gu bion artean edo ikaskide gogaikideekin batera gauzatuko genuen erabaki ezinik. Ondorioak pisatu genituen balantzan. Artaldearen babesak ezkerretara desorekatu zuen. Esker onekoa iruditu zitzaigun Blanco jaunari, Espainiako Historia eta Geografia horren gogotsu irakasten zizkigunez, guk geurea erakustea.
Zelan? Irteeran itxaron, eskurik esku katebegiak osatuta Euskal Herriko mapa irudikatu eta inguratu egingo genuen; ez genion luzaroan irteten utziko.
Euskal Herriko zazpi hiriburuen izenak tamaina handiko margotuko genizkion auto erosi berrian.
Zazpi lagunek, Euskal Herriko zazpi probintzien izenak agertuko zituzten kartoizko afixekin pertsekutatuko genuen, bera nora gu hara.
Astebetez, atsedenaldietan, institutuko jolaslekuan, bulegoko leihopean, Pantxoa eta Peio, Benito Lertxundi, Mikel Laboa eta Errobiren kanta abertzaleenak kantatuko genizkion.
Euskal Herriaren Historia Ikasi Gura Dugu pankarta eskegiko genuen institutuko teilatutik behera. Teilatuan bik eutsiko genion pankartari eta behean beste hainbestek, bikoteka.
Baldeak Nerbioiko ur lohiaz bete, Blanco jaunaren atzetik isuri eta oihukatuko genion: zapaltzen duzun lurra zikintzen duzu!
— Asanblada kideok, lagunok, denak dira proposamen originalak, ikusgarriak, ez-ohikoak. Baina eraginkorrak izatea da gure helburua.
— Eta zergatik ez dugu zubiaren bestaldekoekin bat egiten? Etsaiak berberak dira eta komunikabideek kasu gehiago egingo ligukete.
— Euskaldunakoek deitutako mobilizazioekin bat ez egiteari ez deritzot batere ondo.
— Edozer eginda ere, indarkeria barik gauzatzea ezinbestekoa da.
— Euskaldunako langileekin bat egiteaz ari da. Defenditzeko indarkeria eta txakurrena parekotzat ditun?
— Desobedientzia zibila bultzatzeko proposamenaz berba egiteko deitu zaituztegu. Gurekin bat egiten ez baduzue, hor konpon, guk geureari eutsiko diogu.
— Zertaz ari haiz, zer desobedientzia zibil eta zer kristo!
— Hi ados hago, Lorea? Hire aita eta poliziak maila berean jarri ditin Begok. Akorduan hago?
— Hik zer proposatzen duk, Blanco harrikatzea? Koktelez frijitzea?
— Ezertarako balio ez duten ekintza baketsuok baino eraginkorra izango dun, ziur.
— Blancoren aurkako pintada egin eta ezkutatzea bezain eraginkorra.
— Blanco ez da inor, ez da ezer, irakasle bekokilun zoritxarreko bat, besterik ez.
— Ez dago bakarrik, ostera. Zuzendaritzaren babesa du.
— Poliziak atxilo eroatea gura duzue?
— Ahaztuko ez duten irakaspena ematea proposatzen dut. Orain arte proposatu dituzuenetatik beste zerbait.
— Nik ez diot inori minik emango.
— Beste masaila jarriko dion, orduan.
— Zerrendatu ditugun ekintzetatik edozein zertuta, min itzela sorraraziko diegu, ez zalantza izpirik izan.
— Gure aurkako neurriak hartuko dituzte, amorruz hartu ere.
— Eta bakarra beharrean denak burutuko bagenitu? Nahigabea laukoiztuko genieke, ezta? Alegia, taldeka ekintza horiek guztiak egun bakar batean eta ordu berean burutuko bagenitu?
— Blanco eta gainontzeko irakasle fatxei erantzuna emateaz ez eze, gure ikaskideek gurekin bat egitea lortu beharko genuke. Nik ederto deritzot ekintza bat baino gehiago egiteari, hartara nork bere neurrikoan parte hartu ahal izango du, eta batek bestea babestuko dugu.
— Baina kartelak jarrita iragarriz gero, galarazi egingo digute.
— Horixe da desobedientzia zibilaren oinarrietako bat, debekuei eta injustiziei era baketsuan aurre egitea. Ekintza bakoitzerako arduradun parea izendatu eta lanean hastea proposatzen dut. Gaur zortzi batzartuta findu beharrekoak findu eta bi egun geroago burutu genitzake ekintzok.
— Ekintza bakoitzeko zenbat lagun bilduko ditugu? Gutxienekorik ez dugu bermatuko?
— Kopuruak ez du horrenbesteko garrantzirik. Arreta geureganatuz gero nahikoa garaipen izango da.
— Baina lau katu barregarri geratuko gara.
— Arreta geureganatu? Blanco irakasleari eta zuzendaritzari zertarako prest gauden jakinarazteko ekintzak zirelakoan nengoen, ez argazkietan ateratzeko umekeriak.
— Guk eta Blanco irakasleak baino ez badugu ekintzon berri, alferrik izango da.
— Zergatik alferrik? Euskaldunoi begirunea zor digutela ikusarazteko balio badute, helburua aise beteko dugu.
— Ekintzongatik institututik bota egingo gaituzte, lagunok. Burutzen duguna burutzen dugula, askoren artekoa eta ikusgarria ez bada, gure ikasle ibilbidea bertan amaituko da. Lau katu barregarri atoan kanporatuko gaituzte. Berrehun etxera bidaltzeko nahikoa adorerik ez dute.
— Ikusgarria baina kanporatzeko ez bestekoa datekeen zer edo zer ere egin genezake; berbarako, elkarretaratze isila.
— Hori-hori, zergatik ez dugu eskutik helduta otoitz egiten?
— Bitxiloreak batu, ileen artean erakutsi eta Blowing in the wind kanta genezake.
— Munduko borrokalaririk miresgarrientzat duzue zuen burua eta ume moko batzuk besterik ez zarete.
— Nik kantariak bilduko ditut. Astebetean hiru-lau kanta prest izango ditugu
— Autoa margotuko diotenak artalderatzea neure kontu.
— Arduratuko naiz pankarteroak eta karteleroak estutzen.
— Guk ez dugu umekerietan parte hartuko.
Zortzi egun genituen, beste bi kiderekin batera xederatu asmo genuen ekintza taxutzeko. Bego eta biok igoko ginen institutuko teilatura, pankarta eutsi eta aldarriak zubiaren beste alderaino oihartzunaraztera.
Biharamunerako Begok jokamolde zehatza proposatua zigun: nor nondik zein ordutan igo gintezkeen teilatura, pankarta non ezkuta genezakeen, zer oihukatuta geuregana genezakeen arreta. Laukidun bitakora batean errotuladore beltzez institutuaren irudi zehatza zuen egina: gorriz gu non kokatuko ginen izen-abizenetako lehen letrek berezituta, urdinez orduak minutu eta guzti, eta berdez zein aldarri oihukatu beharko genuen uneoro. Orriaren kopiak banatu zizkigun.
— Beste biei ez zienat ezer esan. Hi eta biok teilatuko eskulekura eta pankartara kateatuko gaitun.
— Zergatik kateekin?
— Osterantzean berehala jaitsaraziko gaitizten, eta desobedientzia isila bihurtuko dun gurea.
— Kazetaritza ikasketei agur esan beharko dien.
— Kazetaria izango naun, Espainiako erregearen oniritzi barik ere.
— Ez zaidan bidezkoa iruditzen. Ondorioen kolpeak taldeka jasotzea erabaki dinagu. Ez daukan besteok baino gehiago jasotzeko eskubiderik.
— Ekintzok burutzeko ideia nirea izan dun. Zilegitasuna inork izatekotan neuk dinat. Neu kaleratu ninditenan egin ez nuen zerbaitengatik. Nire curriculumetik desagertuko ez den orbana aldean eroango dinat betiko.
— Kateatzen bagara, umeen protesta baino sano larriagotzat hartuko diten. Poliziei hots egingo zieten atxilo eroan gaitzaten. Kartzela zigorra ezarriko ziguten.
— Hire aita eta Euskaldunakoak etorriko ditun gu askaraztera.
— Goizean entzun zionat aitari Fanonekin telefonotik berbatan. Greba orokorra prestatzen ari ditun. Galtza bete lan izango diten gure okerkeriei jaramon egiteko.
— Greba orokorra? Noizko?
— Abenduaren 21erako deituko diten, hori ulertu nionan Fanoni.
— Zergatik ez diten orain arte iragarri?
— Hori gurea baino hiru egun geroago dun. Itxarongo dinagu.
— Atzera egiteko hiru egun gehiago. Sinetsita ez bahago, esadan oraintxe bertan, ez dinat galtzaileekin borrokatu gura.
— Atzera egingo dutenak ditinat gogoan.
— Guk atzera egiten ez badugu, besteek ere ez diten atzera egingo.
— Idatziak ikasgelaz ikasgela irakurtzearen eta Poliziak atxilotuko hauen arriskupeko ekintza burutzearen artean alde makala zagon. Batentzat baino gehiagorentzat olgeta moduko bat dun ikasleen mugimenduan militatzea, lagunartean izen ona lortu eta norbait izatea erdiestea. Txakurrak zaunka hasi orduko Artxandan egongo ditun.
— Hi ez haiz beldurtuko, ezta? Zergatik epaitzen dun horren merke? Zergatik uste dun besteak ez direla hi bezain militante?
— Hik esan dun, guk aurrera eginez gero atzetik etorriko zaizkigula; hi ari haiz liderrarenak botatzen. Erakutsi ez dutenengan horrenbeste konfiantza ez izateko baizen ez dinat esan.
— Hi heu ere ibilita hago Euskaldunakoen aldeko manifetan, hik ere ikusi ditun institutuko ikaskide asko langileekin.
— Guraso dituztelako gehienek.
— Berdin din. Euskaldunako langile askoren alaba-semeak etxean ezkutatzen ditun, uko egiten zioten protesta egiteari, izua zioten beldurrari.
— Poliziak egin diezaiekeenagatik.
— Hain zuzen, horregatik ez ditun gure kideak gutxietsi behar.
— Ez ditinat gutxietsi gura. Ez dinat etorriko ez denaren zain egon gura. Inork ez zakin zehatz zer den desobedientzia zibila, eta garaiz ulertarazten badien ere, poliziak etorriko direla susmatu diten gehienek. Soldadu gutxitxo horren lubaki zabalerako.
— Ez ditinagu soldaduak behar.
— Egia, barkatu, kolpe zakuak behar ditinagu.
Laguna horren tinko, horren eskier ikusteak poza eta beldurra eman zizkidan. Institututik kaleratuta, unibertsitatean igarotako hamabost egunek aldaezina zirudien etorkizunari buruzko iritzia irauli zioten Begori. Ezagutzen nuen, Begok beti aurreikusten zituen ondorioak. Bego ez zen odolberoa, zapatei baino zeruertzari begiratzen zion, datorkeenari. Sua izan bazuen, baina ez zitzaion ezustean isiotzen, luzaroan putz egindakoan baino.
Niri neuri, etorkizuna zer demontre ote zen batere argi ez edukitzeak bestelako askatasun eta norabide eza zemazkidan. Nahita ere ezin nuen Bego halakoa izan.
Alabak etorkizuna bermatuta izatea amesten zuen Begoren aitak. Amak ondo iritziko zion alabaren hautabideari, barru barrutik, ezkertiarren ustezko derrigorrezko koherentzia madarikatuta ere.
Gure aita zubiaren bestaldean ari zen poliziekin borrokan. Teilatu batera igo eta, kateatuta, hiru lau orro botatzeagatik ezingo zidan kargua gogorregi hartu, komisaldegira eroango baninduten ere. Alabentzako irakasgaiak, gedarrak, kontu eskeak etxekoandrearen esku uzten zituen aitak. Buzo eta kasko atzean kalean, emaztearen gona atzean etxean.
Amari burutu asmo genuenaren berri eman erabakitzen joan zitzaizkidan egunak. Senarraren egoerak gogoa lainotsu atxikitzen bazion, nire punkeriak erabat lanbrotuko zion. Batetik Barrionuevorena, bestetik Begorena. Horra askatzen gatxa den korapiloetako bat. Geure uste sendoekiko fidela izan ala maite gaituztenek paira dezaketena saihestu? Nire uste sendoei kasu egin ala amari eragingo nion sufrikarioa ekidin?
Aitak ez zuen beste irtenbiderik izan: Euskalduna itxita, lanpostua galduko zuen; borrokatzea zuen bide bakarra. Etxean gelditu izan balitz, amak, ahizpak eta hirurok gutxiago sufrituko genukeen? Bere betiko lagunak, lankideak, izerdikideak abandonatu izan balitu, auzoan burua tente ibiliko ginatekeen?
Amari galdetu ere ez genion egundo egin. Zetorkiona hartzea zegokion, amaizatez, berez.
Jatorduetan laneko gorabeherez berba egiteko aitak jarritako debekuak indarrean zirauenean, begi-zuloek argi adierazten zuten etxeko lauroi loa galarazten ziguten galderak berberak zirela. Amarenak ziren begi-zulorik sakonenak. Senarraren isiltasunaren bozeramaile, alabei bide zuzena hautatzen irakasteko arduradun. Bizitza oso bat eta hamaika gehiagotan ere ezingo zukeen iragarri gure amak zetorkiona. Bizitza oso bat eta hamaika gehiagotan ere ezingo zuen aitak minbizia garatzea ekidingo, Euskaldunaren desagertzea saihestuko, alaba zaharrena naizen hau sasian betiko ostentzea galaraziko.
Zama hark ernarazitako konkorra irudikatu nion behin baino gehiagotan, sukaldean, laurentzako mahaia atontzen, begirada koilarak desitxuratutako aurpegian.
Beharrik Euskaldunako emakumeek senarren egoeragatik protesta egitea erabaki zuten. Poliziei bertatik bertara oihukatutakoek baretu egiten zuten gure ama. Amorratuta baino baretuta itzultzen zen etxera, konkorra desagertuta, tente.
— Zelan gaurko manifa, ama?
— Emakumea naizelako ez didala aurpegia txikitu esan dit txapeloker kakati batek. Oilobusti, txaldan, ustel, txepel, mertzenario, bihozbako, zakilmehe, ganorabako, zerritzar, nazkante, zantar... zer ez diogu pankartakideok bota!
— Entzun duzu, aita? Esaiezu etxean geratzen diren auzoko txikiteo koadrilakoei, San Mamesera baino hobe dutela manifetara joanda asaskatzea, arbitroei baino poliziei edozer esatea lasaigarriagoa dela.
— Horixe dena lasaigarriagoa, eta endemas kontzientzian ez du batere eragin txarrik.
— Beldur itzela, ezta, ama?
— Baita bizirik nagoen sentipena ere.
Gurasoen belaunaldikoengan eragina berandu antzematen hasi zen eran, Bego, Amaia ahizpa eta gure belaunaldiko askok eta askok gure sinesteak, pentsamendua, diskurtsoa eta iruditeria liburuetatik beste elikatzen genituen kantuetatik. Galbaherik gabe irensten genuen irakurtzen zein entzuten genuen hura. Mendeetan gatibu izan gaituen Eliza katolikoaren eraginez, etxea, familia, zintzoa izan beharra, modernizatu beharreko zaharkeriatzat genituen; eta eskolak berak ez zigun horretarako bitartekorik eskaintzen, automata hezi gura gintuzten. Hertzainakek Estatuari gerra beti, Zaramak Goazen borrokara eta Eskorbutok Mucha policía, poca diversión. Edoskitzeko errape ederrak hirurak. Etxean politikaz azaltzen ez zigutena ulertzen genien kantuoi. Errepikatzearen poderioz iltzatzen zitzaizkigun estribillo horiek ziren gure diskurtsoen muin, pankartetako lelo, txostenetako izenburu.
Norbaitek halakorik aurpegiratu izan baligu, ezezko borobila erantzungo genion, hori baino mamurtuagoa genuela diskurtsoa, ez ginela inoren esanen errepikatzaile hutsak, geuk garatzen genuela gure pentsaera. Nik neuk hurrago sumatzen nituen kantuok Euskaldunakoen borroketatik Thoreauren liburuetako teoriak baino. Begok onartzen zuen, zapalduak baduela indarra erabilita erantzuteko arrazoia; osagarritzat zekusan indarkeria eta desobedientzia zibila. Bigarrenaren alde egitea erabaki zuen, lehena gaitzetsi gabe.
Begorentzat ziren galderak neure kolkorako gorde nituen: zelan borrokatu indarkeria erabili barik?, zer egin kolpatzen zaituztenean?, zelan aldarazi indarra besterik erabiltzen ez duenaren ustea? 80ko hamarkada hartan bere burua, bere erabakiak eten barik ezbaian zituen bakarrenetarikoa ote nintzen?
Begok bazuen haizeari kontra egiteko adorea, eta halaxe erakutsi zidan teilatuko kateatzeaz aholkua eman ziezagukeen bakarrenetarikoak erotzat hartu gintuenean.
— Greba orokorra langileena da. Zertara dator heroiarena egiteko asmo hori?
— Desobedientzia zibila aldarrikatzeko ekintza izango da, Fanon, zuen borroka lagunduko duena.
— Zelan lagunduko digu, egun osoa komisaldegi atarian eman beharko badugu aska zaitzaten agiraka?
— Langileak eta ikasleak elkar hartuta, Fanon. Zer gehiago behar dugu iraultzarako?
— Gutxienez Bilboko ikasle guztien erdia. Zenbatekoa gehitzen duzue Loreak eta biok?
— Gu artzain txakurrak izango gara, bideratuko dugu artaldea.
— Eta lortuko duzue artzain egokiari kasu egin diezaioten? Aginte makila askotxo altxatuko dira greba egunean!
— Gazteak gara, ez hezigabeak!
— Ahaztu erokeria hori. Sua, kea eta odola gura beste izango duzue etorkizunean ere. Orain gure ordua da. Bilbo gudu-zelai bihurtuko dugu, gure azken erasoa izan daiteke, sekula ez bezala oldartuko gatzaizkie, estatuaren zimentarriak dardaraziko ditugu. Zaudete babespean.
Fanonen bedeinkapen ezak amore emanaraziko zuelakoan, inoiz ez bezala sumindu zen Bego. Ez zegoen atzera eginaraziko zuenik. Erantzunik garrantzibakoena aspertu arte hausnartzen zuen emakumea, gutxitan izan arren hanka sartzeak onartzen zituena, nerabe buruarin egoskortua bihurtu ote zitzaigun goizetik gauera?
Nik banekien Fanonek ez ninduela egunkarietako titulargai gura: ez zitzaigun komeni inork nigan gehiegi erreparatzerik. Begori ari zitzaion agiraka, baina begietako berbak niri ari zitzaizkidan.
Carlton hoteleko joan-etorrien berri jasotzea zen nire egitekoa. Moyua plazan liburua irakurtzen ari nintzela, atzealdeko orri zurietan orduak eta izenak elkartzea. Gobernu Zibileko ateak jagoten zituzten guardia zibilek terroristatzat hartuko ez zuketen nerabe bakarti irakurzale betaurrekoduna bihurtzeko agindua eman zidan Fanonek. Tabernako lanak utzi nituenetik, astitsu nenbilen, gurasoen ustez, liburutegian ikasten.
Barrionuevo ministroa, poliziei zein alderdiko buruei Euskaldunako langile matxinatuekiko zelan jokatu erakutsi eta emaitzak bertatik bertara ziurtatu arte geratuko zen Bilbon. Gutxi gorabehera astebeteko kontua, aste eta erdi gehienez.
Fanonek hasieratik argitu zidan, bahiketa bere ideia zela, ontziolako lankideek ez zekitela fitsik; hilabeteetan hausnartu ondoren, Euskalduna ez desagerrarazteko, milaka lanpostu galdu eta milaka familia ez desegiteko aukera bakarra zela. Aspaldian Baionara egindako horrenbeste joan-etorriri buruz galdetu nionean, ETAk ez zuela bere gain hartuko erantzun zidan, logistikari zegozkion zalantzak argitzeko burutu zituela Lapurdiko hiribururainokoak.
— Hemezortzi urte bete barik dituen bati tamainako erantzukizuna eskatzea ez ote da lartxo?
— Fitxatu gabeko norbait behar dugu, Lorea. Eta euren burua heldutzat duten askok baino zentzu gehiago demostratu izan didazu zuk. Zelatan egon eta koaderno batean izenak eta orduak apuntatu besterik ez duzu egin behar.
Ez nion zeregin arriskutsuaren tankerarik hartu eta berehala erantzun nion baiezkoa. Gaur argi daukat, Fanoni bost axola zitzaiola ustez bere lagunik onena zenaren alaba adingabea atxilotu eta ekintza terrorista batean parte hartzeagatik kartzela urte amaigabeetara zigortzea. Inor ez da ezinbestekoa.
Begok ez zekien deus horri buruz. Ez nion fitsik esan, behin baino gehiagotan aitortzeko gogoa izanagatik. Gorde egin nion, jakin izanez gero, atzera eginaraziko baitzidan. Amak arrazoi zuen: Fanonek eskatuz gero, burua zubitik behera botako nukeen. Haren berba bakoitza egiatzat neukan, haren teoria politikoak ukaezin. Mutilzahar bakartia iraultzaile miretsiena.
Txalokoa emanda esnaraz nintzakeenik egotekotan, Bego zen hura. Jo eta neurez pentsatzeko ohartaraziko zidan Begok.
Gaur neuk emango nizkiokeen mila eta bat gehiago, Thoreau, Gandhi, Luther King eta enparau bakoitzeko bana.
— Etsaia edozertarako prest zagon. GAL sortu diten. Gutarrak bahitu, torturatu eta hiltzeko asmo sendoa diten. Langileak belaunikarazteko milaka polizia bidaliko zizkiguten. Eta gu bitartean liburu artean?
— Baina hi ez haiz indarkeria erabiltzearen kontrakoa?
— Horixe baietz! Baina koldarregiak bagara armak hartuta ezer iraultzeko, gutxienez egin diezaiegun aurre! Atzera egingo ez duen ahalik eta lagun gehien bildu behar dinagu, borroka moldeak herritarron ausardia mailara egokituta.
— Orduan proposa ezan nork bere etxe barrutik borrokatzeko eraren bat. Ez zakinat, menturaz, arrautzak eta tomateak banatzen hasi beharko dinagu, nork bere etxeko leihotik jaurti diezazkion Poliziari.
— Hik uste baino gehiago zagon kalera atera eta gogor egiteko adoretsu. Eraginkorra izango den moldea besterik ez zienagu proposatu behar.
— Eraginkortasun madarikatua! Bihotzarekin ari hintzela uste ninan.
— Bihotzarekin ari naun, baina ez horrekin bakarrik. Fanon bera ikusiko dinagu komisaldegi atarian aska gaitzaten oihuka, inor baino ozenago.
— Fanon atxilotutako langileak aska ditzaten eskatzera hurreratuko dun komisaldegira. Abisatu zigula esanda zurituko dun.
— Agertzen ez bada akabo gure harremana, ez zionat barkatuko.
— Egurtuko hauten poliziei ez dien zirkinik egingo, baina adiskidea galdu egingo dun erreskatatzera etorriko ez zainalako?
— Adiskide-adiskidea ere ez dinat. Gurekin bat egiten ez badu, gurago dinat ezaguna ere ez izatea.
Kateak eta giltzarrapoa erakutsi zizkidan bezperan. Erosi berriak ziruditen. Zilar koloreko kate lodia, behin zarratuta berriz ez zabaltzeko diren ateetan jartzen diren horietakoa. Giltzarrapoa urre kolorekoa, atzamar txikia sartzeko besteko zuloduna. Kostako zitzaien poliziei apurtzea.
Begoren eskuei ez zerien izerdirik. Eten genituen makina bat aldiz eskola orduak, herri-mugimenduek deitutako mobilizazioen berri emateko; ehunka kilometro genituen korrituak, gomazko pilotetatik ihesean, aldarri askotako manifestazio jazarrietan. Beti urrunetik, beti arrisku neurtuan. Litekeena zen teilatuan orduak ematea poliziek inguratuta, kateak moztu ezinak astiro-astiro irakinarazitako ostitxar giroan; borrakaden, irain sexisten eta laztan polizialen begi-puntuan.
Carlton hoteleko zaintza lanek amiñi bat ere urduritzen ez nindutena, izu ikarak gogortuta nengoen institutuko teilatuan biziko genuena gogora ekarrita.
Begok lehor zituen eskuak, zuri, hotz, berben antzeko.
— Liburuetarako motxila eta guzti igoko gaitun teilatura. Kateak eta giltzarrapoa neuk igoko ditinat. Teilatura ematen duen atea kateaz eta giltzarrapoaz zarratuko dinat. Bitartean hik pankarta teilatutik behera botako dun. Buruan daukan plana?
— Buruan ditinat marra beltzak, argibide berdea, puntu gorriak, ordu urdinak. Ezinegona txapelokerrek sortzen zidaten. Teilaturako atea zabaltzen denbora galtzen badute, are amorratuago jazarriko gaitizten.
— Ahalik eta denbora gehien irabazi behar dinagu, komunikabideek grebari ez eze geure ekintza honi ere arreta jar diezaioten. Jakinaren gainean zauden.
— Nortzuei hots egin dien?
— Jakin beharreko guztiek zakiten.
— Fanonek arrazoia din, heroi bihurtu gura dun.
— Hori baino gehiago.
Itxaropen poxi bat nuen, greba orokorrak lanpetuta, ez zela poliziarik agertuko gure institutuko teilatu hartara, ez ziotela ume moko baten abisuari jaramonik egingo, langileei ekintzaren bat egiteko astia lortzeko egindako abisutzat hartuko zutela Begorena.
Bezperako gaua oso-osorik itzarrik eman nuen, itzarrik ametsetan, biharamunekoa guk aurreikusi legez gertatu zedin esna, ametsetan:
Poliziak ez zitzaizkigun piztia amorratuen gisan oldartuko.
Kateak apurtu bitartean ez gintuzten borrekin jipoituko.
Eskuluze batek ez ninduen goitik behera eskuztatuko.
Ez nion barrabiletan ukondokoarekin joko.
Ez zidan ostikoa jota Begoren kontra estropezu eginaraziko.
Bego eskuburdinekin egongo zen.
Eta ez zen teilatutik eroriko.
Nik ez nuen jagoitik haren aurpegia amets-okerretan presente. Aurpegi hura, begirada hura, erortzen ari zela, ez izuak zurbildua ez ezintasunak desitxuratua, onarpen keinu etsigarria erakusten zuen agur hura ez zitzaidakeen amets-okerretan betiko iltzatuko.
Gerta zitekeena aurreikusi bazuen, zergatik ez zuen zirkinik egin? Gertatuko zena aurreikusi zuelako ez zuen zirkinik egin? Teilatu hartatik eroriko zen jakitun proposatu zidan heldulekura kateatzea? Benetan deitu zien poliziei bezperan? Tamainako ankerkeriarik ez nion egundo igarri. Martiri izateko deliberoa ez nion sekula antzeman. Oraino ez diot irakaspena ulertu.
Amets-oker hori eroan dut aldean, itzalaren ordez, urte luzez:
Bego azalpenak ematen ageri zait.
Zerbait ahoskatzen ari da, baina ez diot entzuten.
Ez dut esaten duena ulertzen.
Begitartea gero eta ilunagoa du.
Gero eta haserreago dago.
Nigandik urruntzen da.
Buruarekin legez ezker eskuko atzamar erakuslearekin ezetz dio.
Ahoa belarrietaraino zabaltzen du.
Oihuka amorru bizian ari dela dirudi.
Entzungor darrait.
Berak ere ez didala entzuten konturatzean, izerdi batean hasten naiz.
Kontuz ibiltzeko diotsot, amildegiaren ertza bertan duela. Kasu, amildegia!
Ez du atzera begiratzen.
Badoa.
Poliziak kargugabetzeaz gain, desobedientzia zibilagatik eta Begoren heriotza inboluntarioki eragiteagatik ezarri zidaten zazpi urteko kartzela zigorra ia osorik betetzeko bost urte eta erdi eman nituen, Yeseriasen lehenik eta ondoren Martuteneko espetxean; hemezortzi urte bete arteko hilabeteak Amurrioko erreformatorioan igaro behar izan bainituen. Arinegi gertatu zen. Begorena onartzeko urteak behar izan nituen. Nire bizitzan geldialdia bailiran bizi izan nituen erreformatorioko eta kartzelako urteak. Kartzelatik irtendakoan ere, gutxitan oroitzen nituen urte haiek. Denboraren erlojua nik agindu barik gelditu izan balitz legez. Zer zioten etxekoek?
Neuk ere baditut kontatu gura ez ditudanak, berbarik berba esanez gero, sendatuko ez den zauria sortuko dizutelako ahaztu gura dituzunak, errubakoa izanik ere, errudunik errudunena sentiarazten zaituzten horiek. Nik ere gurago ditut giltzapeturik mantendu, Peru.
Erreformatorioan eman nituen hilabeteetan ez nuen apenas berbarik egin, ez bazen amarekin, aitarekin eta ahizparekin. Leihorik gabeko geletan zarratzen gintuzten; ez ginen egunean lau orduz baino gehiagotan irteten; patioko denbora bakarrik ematen genuen, hurkoarekin berba egin ezinik; hormak ia beltz koloreko grisak ziren; egunero goizeko 06:00etan mezetara joanarazten gintuzten; jatorduetan albokoari begiratzea ere galarazten ziguten. Erreformatorioaren ardura zuten Religiosos Terciarios de Ntra. Sra. de los Doloreseko torturatzaileen esanetan, egindako bekatuengatik penitentzia gogorra zegokidan.
Yeseriasen eta Martutenen iragandako urteez askoz oroitzapen gozoagoak ditut. Arrazoi politikoengatik kartzelatutako gizonezkoak Herrera de la Manchan pilatu zituzten. Kanpoan GALekoak gogor ari ziren, eten barik hiltzen zituzten ETAko militanteak, ehiztarien antzera, presa berezia balute legez, ahalik eta denbora laburrenean ahalik eta pieza gehien zenbatu asmoz. Ni, ustebakoan, ETAkoa nintzen. Zio politikorik gabeko arrazoiengatik espetxeratutako emakumeek, modulu-kide nituen militanteek ez bezala, ETAkotzat hartu ninduten. Lehen egunetan azaldu nien, desobedientzia zibileko ekintza batean polizia batek gehien maite nuen lagunaren aurka bultzatu ninduela, eta laguna protestarako generabilen teilatutik erori zelako sartu nindutela preso, poliziek eragindako istripu baten arduradun egin nindutela. Barrionuevo zelatatzeko kontuez, prefosta, ez nien aztarrenik eman.
— Bai, bai, baina hori ETAkoek baino ez diten egiten.
Inteligentzia zerbitzuek ere ez zuten jakin Barrionuevok Carlton hotelean eman zituen egunetan neuk zaindu nituela haren sartu-irtenak, Euskaldunako langile baten aginduz.
Fanon libre zen. Ni arriskutik salbu, kartzelan.
Film txarretan baizen gertatu ezin diren istripu horietako baten ondorioz nengoen preso. Eta Espainiako justizia ustelaren aginduz.
Nire uste harroan, banuen formazio politikoa. Fanonekin orduak eta orduak iraganda nituen, historiako iraultzei nahiz langileen borrokei buruzko doktrinak irensten; Bilboko Gaztetxean antolatutako era guztietako ikastaro mordo batean parte hartu nuen; Jarraiko pre-militantziak ere egin nituen.
Kartzela besterik zen. Kartzelak nintzena baino askoz gehiago apaldu ninduen, kartzelak nintzena baino elkartasun zaleago bihurtu ninduen, bizi gintuen jendartea ulertzen lagundu zidan, nire egitekoa zein izan zitekeen argitzen, kartzela pertsonaren asmakizun ankerrenetan ankerrena dela konprenitzen. Kartzela ezerezetik hastea da, eta nik ez nuen astirik. Kartzelako egunak argi eta, era berean, lauso gogoratzen ditut. Litekeena da egunerokotasunak zorionik ekarri ez izanak eragina izatea. Euskal Herriko egoera politikoa okertu zen eran krudeldu zen guganako jarrera. Urteetako tratu txar haiek oroimenaren ziega baztertu batean mantendu ezean, etorkizunean lorik ere ezingo nuela egin konturatu nintzen. Ez dut ahaztuko. Ez diet oroitzapen horiei zoriontsua izateko dudan eskubidea ukatzen utziko, ez diet borreroei burua eskainiko.
Martutenera amak berak bakarrik egiten zizkidan bisitetan kontatu zidanez, Euskalduna jitoan zegoela zirudien, ez zegoela egoera arteztuko zen itxaropen zantzorik, aitak gero eta ordu gutxiagoz biltzen zituela begiak, amets-okerrek eraginda izerdia uholdeka esnatzen zela gauero.
— Zuloak baino amildegiak ditu zuen aitak begietan.
— Zureetan ere ez da sakonera ikusten.
— Amets-okerrek noiz esnaraziko duten zain egoten naiz, neuk ere bere amets-oker berberak izango ditudan beldur. Zelan edo halan amaitzea baizen ez dut desio.
— Ezin gara belaunikatu, ama. Ezin dugu amore eman.
— Kartzelan zaudela esaten duzu hori; ez duzulako, nik bezala, aitaren nahigabeagatik gauero loa galtzen. Ez dit ezer esaten, baina badakit aukeran ez litzatekeena poliziekin borrokatzera joango; igarri egiten diot, haren aurpegi zurbilak ikara erakusten dit. Goizero ez dakit nondik elikatzen duen ausardiak bizipozerako indar guztia xurgatzen diola ematen du. Gogoan duzu zein gogoko zuen kantuan aritzea?
— Bisitan etortzen zaidanean ez dirudi ezerk larritzen duenik. Aspaldian liburuak ere ekarri dizkit. Ezagun du Fanonek literaturara zaletu duena.
— Horretara eta ez beste ezertara zaletu izan balu!
— Kasu egiten dio, badakizu, baina aita erabakiak bere gogoz hartzeko gai da.
— Gai baina ez nahi. Zu ez zara horretaz irakaspenak emateko aproposena; Fanonek burua errekara botatzeko esango balizu, ukondoka arituko zinateke lehena izatearren. Zergatik zaude bestela zulo uher honetan?
— Gehien maite dudan lagunaren alboan egotearren nago kartzelan. Ezin nuen Bego erokeria hartan bakarrik utzi. Fanonek ez du zerikusirik.
— Eroekin beti ondo konpondu zara zu. Hemen ere makina bat zoro izango dituzu lagun.
Martutenen egon nintzen sasoian ama, Amaia eta aita nor bere aldetik etortzen zitzaizkidan bisitan, eta bakoitzarekin berba egindakoari kasu egitera, Amaiak baino ez zituen nirekin trukatutakoak etxeko afalorduetan berbarako proposatzen. Amaia zen azkenburukoa jan orduko gordin hitz egiten zuen bakarra, ezer ezkutatzeko beldurrik ez zuen bakarra. Amak gogor ikusi dut laburbiltzen zuen nirekin egondako denbora. Aitak ondo, ondo, laster izango dugu etxean eta orduan bakea.
1990eko irailaren 24an irten nintzen espetxetik. Uda amaitu berria izanagatik, eguzkiak polito berotzen zuen. Errepidea gurutzatzeko ezker-eskuin begiratuta, Amaia besarkatu nuen errepide erdian. Amak masailak busti zizkidan eta aitak arnasa geldiarazi. Hitzik ez. Poza eta negarra. Aitaren 124an sartu eta Bilbora.
— Auto zahar honenak egin du, aita. Berria erosi beharko dugu.
— Loreak eta zuk erosiko duzuela esan gura duzu?
— Gurpildun galdara da hau. Eskerrak kartzelaldiaren azkenak Martutenen eman dituzun. Yeseriastik jaso behar izan bazintugun, ez dakit egosi barik helduko ginatekeen Bilbora.
— Galdarek eman dizute zuri jaten urte luzetan.
— Bai, eta indabak su gutxirekin pol-pol irakiten edukita jaten dira gozoen; baina gu ez gara indabak, eta ontziolen garaia azkenetan da.
— Modernizatu beharrean gaude, gizona.
— Modernoak ekologistak eta garraio publikoa erabiltzearen aldekoak direla irakurri dut.
— Zer dago gaur afaltzeko, ama? Bero zapa honek letxuga eta tomate entsalada jateko gogoa eman dit. Sei urtean ez dugu baserriko tomaterik jan.
— Bihar Areatzara joango gara eta ortutik bertatik batuko ditugu.
Betiko ohearen ertzean esnatu nintzen biharamunean. Kostako zitzaidan ziegako ohea halako bi zena osorik erabiltzen. Sei urteko kartzelak hamazazpiko askatasunak baino arrasto sakonagoa utzi ote zidan? Bilboko Gaztetxeko sasoietan denbora galtzea neritzon lo egiteari, hildakoan etzanda egoteko denbora nahikoa izango genuela errepikatzen genion elkarri zerbezarekin topa egiten genuen bitartean. Kartzelatik irtenda ohea zelan besarkatu nuen akordatzen naiz.
— Amaia, lotan hago?
— Bai.
— Zelan zagon aita?
— Badakin medikuak esan ziguna: bost urte igarota minbizia berriz ez ernetzekotan, arriskutik kanpo egongo zela; eta horretarako, jana zaindu eta batez ere estutasunak ekiditeko.
— Istripua izan zunan, poliziak bultzatuta erori nindunan Begoren aurka.
— Kateatu egin zineten Euskaldunakoen greba egunean, Bilbo sutan eta poliziek beruna erabiltzeko agindua zuten egun berean. Edozer gerta zitekeen, onerako gutxi.
— Ezin ninan Bego bakarrik borrokatzen utzi.
— Bakarrik ez uzteko ahalegina ideia zoro hura aldatzeko erabili izan bahu...
— Zoritxarra izan zunan, ez besterik.
— Ez ardura zoritxarrari egotzi. Ardura zuena izan zunan, ez beste inorena.
— Poliziak ahaztu ditun.
— Poliziak ez ditun ahazten, barruan ditinagu beti, gorrotoak bizirik iraunarazten zizkigun. Zuek bazenekiten agertuko zirena, bazenekiten zer egiteko gai ziren, bazenekiten zein den polizien egitekoa gerra puta hartan. Teorizatu ere ez zenuten egin ba?
— Polizia hark alua eta bularrak ukitu izan ez balizkit, ez niokenan barrabiletan joko, hark ez nindinan bultzatuko, eta Bego...
— Ez zitenan Bego eskuztatu? Ez zizkiotenan bular eder haiek ukitu?
— Bai, baina...
— Baina Bego ez zunan mugitu ere egin, ezta? Desobedientzia zibila zer den ederto baten zekielako.
— Zer ikusi din desobedientzia zibilak sexu gehiegikeriekin? Zer egin behar ninan, ukitzen utzi?
— Indarkeriarik ez erabiltzea dun desobedientzia zibilaren oinarria. Eta orain utz nazan, lo egin gura dinat.
— Abisatu gabe emakumetu haiz.
— Kartzelan hengoen. Ez hindudan gehiago kezkatu gura.
Hogeita hiru urterekin unibertsitateko ikasketak bururatuta neuzkakeen, erabakita ez nuen ez-dakit-zer izateko tituluaren jabe. Beharrizana zegoenez, menturaz maistra ikasketak egingo nituzkeen, eskola zein ikastolaren batean ume txikiekin borrokan arituko nintzatekeen. Aita lanik gabe zegoen, Fanonen arrazoiek konbentzituta, poliziekin aurrez aurre borrokan aritu ziren gehienen antzera, uko egin baitzien Espainiako Gobernuak eskainitako birrinei, La Navalen eskaini zieten lanpostua Euskaldunakoa baino maila baxuagokoa eta euren duintasunaren kontrakoa zela iritzita.
— Utzi harrokeriak. Onar ezazue enplegua sustatzeko fondoetan sartzea. Bihar ere jan egingo dugu.
— Ez da harrokeria; harrotasuna da, duintasuna.
— Esaldi horiek Fanonek bota ditzala. Gu lau gosegai gara etxean. Galdu egin dugu. Galdu. Onartu eta segi aurrera, gizona.
— Ez dugu galdu, irabazi egin digute. Ontziola bateko langileak gara, eurak Estatu oso bat. Ez dugu galdu, inolaz ere.
— Orduan onar ezazue irabazi egin dizuetela. Sartu enplegu fondoetan eta kito.
— Egunero oinetan muin emanda bizitzea gura duzu?
— Bost urte baizen ez dira. Bost urte eta gero erretreta.
— Bost egun balira ere. Barruko minbiziak eztanda egingo lidake, osorik irentsiko ninduke. Horren erraz ahaztu dituzu gainontzeko emakumeekin burututako protestak? Pankartari oratzen aurresku ibili zara, eta orain amore ematea gura duzu?
— Zer lortuko duzu enplegu horri uko eginez gero? Euskaldunaren biziraupenerako zirkinik ere egin ez duen bati eskainiko diote. Kale gorrian utziko zaituzte. Inork ez dizu berrogeita hamabost urterekin lanik eskainiko.
— Aurkituko dut zer edo zer.
Ama bulegoak garbitzen hasi zen. Arratsaldeko 19:00etatik gauerdira arte.
Amaiak, institutuko azken urtea amaituta, Euskal Filologia gogo biziz ikasteari ekin zion.
Behinola Erriberatik udaletxeraino erreka bazterrak bizi zituen ontziola haren arrasto gero eta gutxiago antzeman zitekeen, Deustuko zubitik begira jarriz gero. Odol hotzeko hiltzaileak atoan desagerrarazten ditu arrastoak. Gehiegikeria iritziko diozu diodanari: aurrerabideak aurrekoa suntsitzea beste irtenbiderik ez du. Zentzua izan zenuenerako, Euskalduna ontziola iragana zen.
Ez dakit, Peru, gure amak ontziola garaiko oroitzapenak kontatuko ote zizkizun edo sufrimenduarekin zerikusia duten oroitzapen guztiekin batera beretzat gordeko zituen. Zure aititak ez bezala, barrukoak ateratzeko joera zuen gure amak, baina maite zituenei samina eragingo ziena ezkutuan gordetzen zuen sakon-sakonean. Kosta egiten zitzaidan sufrikario abisal horiek azalerarazten. Beharrik begi-zuloek salatzen zuten, igarri izan ez banio, minbizia aitaren barruetatik amarenetara igaroko baitzen osterantzean.
— Amaiak esan dit, aitak zinak eta minak ikusi dituela kartzelan nengoen artean. Minbiziari bazka eman izana egotzi dit.
— Ahizparentzat erreferentzia izan zara beti, gurtu egin zaitu txikitxuterik. Begorekin teilatura igota kateatzeari burubakokeria galanta iritzi zion arte. Kartzelan zeundela jakitea jasangaitza egin zitzaion, aitari legez.
— Eta zuri, ama?
— Nori ardura dio? Galdetzea ere.
— Kartzelara egindako bisitetan gero eta begi-zulo sakonagoak antzematen nizkizun.
— Hara, zeuk ere ez didazu mina erakutsi.
— Zeuk noiz erakutsiko zain nengoen.
— Baita neu ere.
— Bego nire lagunik onena zen, lagundu egin behar nion.
— Badakit zenbat maite zenuen Bego. Gu zenbat maite gaituzun jakitea falta zait.
— Edozer egingo nuke zuengatik.
— Hasi zaitez orduan.
— Duela ez horrenbeste, aita lanagatik goiz oheratzen zenean, egongelan izaten genituen berriketaldiekin akordatzen naiz. Hamaikatxo barre eta malko.
— Amaiak ez du horretan zure lekua bete. Astea Donostian ikasten eman eta gero, asteburuetan lagunekin ibiltzen da tirrin-tarran etxekoontzako astirik hartu barik. Zulako dardaixa da, ezin geldi egon.
— Eta zergatik ez zara aitarekin asaskatu?
— Hasieran itaurreko aritzen nintzaion, barrukoak kanporatzeko ahaleginetan tiraka eta tiraka. Lantzean, tira eta tira, ateratzen nion zer edo zer, baina gutxi izaten zen. Urduritu egiten zen edo oihuka hasten zen esan gura zidana ulertzen ez banion. Sentitzen duena aurpegira esateko ezintasun itzela izan du betidanik zuen aitak. Izerditan hasteraino estutzen da eta azkenerako ihes egiten du. Ezezko etengabeek etsiarazi naute, eta orain ez dut ezertarako indarrik.
Kartzelan iragandako urteetan hamaika zereginetan irudikatu nuen neure burua. Isolamenduan eduki ninduten guztietan, egun asko izan ziren, lanean hasteko nituen aukerak aztertzeari ekiten nion denbora ahalik eta azkarren iragateko. Aseko ninduen ogibidea hautatuko nuen, astelehenik gabeko lana, pertsona legez beteko ninduen huraxe. Eskolak ematen irudikatu nuen neure burua, batean umeei bestean euskara ikasi gura zutenei. Amaiak esana zidan milaka zirela euskara ikasteko euskaltegian izena ematen ari zirenak, irakasle premia larria zegoela. Gure hizkuntzaren, kulturaren eta herriaren aldeko lan zoragarria zatekeen, militantea baina ordaindua. Musika talde bateko abeslaria izatea ez zitekeen horren gatxa. Gaztetxean entzun genituen makina bat taldetako abeslariek baino ahots erakargarriagoa nuen, gero eta talde gehiago zegoen musikatik bizitzen. Baina ospearen zama pisutsuegia dela ondorioztatuta baztertzen nuen rockaren izar izatearena. Hamar urteren ostean boterea galdu zuten Sandinistei lagundu niezaiekeen edo Kubara joan azukre-kanaberak moztera. Mundua konpondu gura izatekotan horren urrun joan barik ere, etxean makina bat herri-mugimendutako liberatu gisa lan egiteko aukerak eduki nitzakeela ziurtatzen nion neure buruari. Ziega uzteko azken hilabeteak nituela erabaki nuen. Kazetaria izango nintzen.
Irten nintzen irail hartan bertan Hemen eta Eguna astekariek euren azken aleak kaleratu zituzten, Jaurlaritzak diruz nahikoa laguntzen ez zituelako. PNVk euskarazko egunkari publikoa sortu gura zuen, eta horretarako dirua behar zuela argudiatu zuen. Zorionez, euskaltzale talde batek, euskara hutsezko egunkari nazionala izango zen Euskaldunon Egunkaria sortu zuenez, PNVren asmoek ez zuten askorik iraun, amore eman zuten azkenean. Itzela da gero, gure herrian gertatzen dena. Herritarrek, elkartu, euren burua antolatu eta gainontzeko herritarrei proposamenen bat luzatzen dietenean, agintean dauden politikariek, lagundu beharrean, oztopatu edo fagozitatu egin gura izaten dituzte. Ez dakit nork errotu zigun kontrolatzen ez dugunarekiko mesfidantza, beldurra. Ezagutu aurretik, gogokoa izan genezakeen jakin orduko, gaitzetsi egiten dugu. Erantzunik gabeko horrenbeste gakoren antzera, pertsonok berezkoa dugula esanez zurituko gara, ez dugu sakoneko arrazoia ulertzeko ahaleginik egingo. Horrenbeste akats ditugu pertsonok berezko!
Nire amaren ama zen zure birramama Pantxikek ez zuen iritzi horrekin bat inolaz ere egiten. Ez zizun hipotesi filosofikorik eraikiko, ez zizun pentsamenduaren klasikoen aipurik botako. Berak ez zuela egundo boterea desiratu xuxurlatuko zizun, ez zuela agintzea maite. Sekula ez zigun eskurik altxatu. Bera halako emakumeak, desagertzen ari diren molde batekoak ziren. Amak eperdiko hautsak kendu zizkigun apurretan gogor egiten zion: «Ez umeari jo, umeak ez dauka nagusiak txarto irakatsitakoagatik erantzun beharrik».
Pausuz pausu ezagutu gura nuke gurasoen aginduak betetzetik milaka lagunen eguneroko bizimoduan eragin zuzena duten aginduak emateraino pertsonak egiten duen ibilbidea. Apala desitxuratzeraino harrotzen ikusi gura nuke, eta aztertu zelan bihur daitekeen pertsona bakar bat milakaren nagusi. Historian izan diren agintari ankerrenei bihotza harrizko zerk bihurtu ote dien galdetu diot nire buruari sarri. Nork eman ote zion lehen kolpea nori eta zergatik. Zergatik ez diogun ordutik elkar kolpatzeari utzi. Zer sentitzen duen boterea duen jakitun bizi den horrek. H.G. Wellsen denboraren makina hartuta ere, noiz arte egin beharko genukeen atzera pertsona batek beste bat mendean hartu zuen unea kausitzeko. Aurkituta ere, zelan sinetsarazi menperatzaileari, ekintza horrek pertsonen historian milioika hildako eragingo zituela. Horrenbeste bizitzaren erantzule zatekeela ulertuta ere, atzera egingo ote zuen menperatzaileak?, emango ote zion eskua menperatuari?, onartuko ote zion maila bereko izatea? Eta hori nahikoa izango litzateke Historian pertsonok elkar indarrez ez belaunikarazteko?
Zeinen erraza zitzaigun bizitza amama Pantxikeren baserrian igarotako udatan. Goizean goizetik eskolurretan biltzen ginen neska eta mutil, eguneko jolasa hautatu eta iluntzera arte baso, landa, soloetan, denboraren zama barik, inoren katepe barik, irudimenak oparitutako olgeta zoriontsuetan. Guztiak jango ez bagenituen ere, inoren sagarrondoak biluzten genituen. Gorroto genituen porruak aterako genizkion intxaurrondo makilez jotzen gintuen baserritar mutilzaharrari. Beherakoa eragiteraino aseko ginen gereziez, eta biderakoan belarritakotzat eskegiko genituen. Maitasunaren lehen silabak, jaietan iturrian arto bizarra erretzea, galga bakarreko bizikletatik erorita belaunak mailatuta desitxuratzea, urtegi ere ez ziren potxingoetan bainatzea, txakurra lagun Bizkargi eta Gaztelumendirainoko mendi bueltetan sioux indio ile luze menderakaitzak izatea.
Ulertu beharra nuen. Gezur bakoitzaren atzean dagoen egiarainoko bidea bilatu behar nuen; jasan nitzakeen atentatu, atxiloketa eta mehatxuak jasotzeko ere, kazetaria izango nintzen. Zorrak kitatzen hasteko ordua nuen.
Segurtasun arrazoien aitzakiaz, Fanon ez zen kartzelara behin ere bisitan etorri. Idatzi ere ez zidan idatzi. Leninen estatuak eraitsi zituzten eran erori zitzaidan, burua moztuta. Eredu bat hilik eta besteak huts eginda, ordezkoa kausitu nuen: hedabide bateko zuzendaria izatea lortu zuen emakume hura nuen ispilu. Nik euskaraz idatziko nuen.
Amarekin garbitzaile lanetan hasi nintzen. Hasieran karrerako bost urteetako ikasketak ordaindu ahal izateko. Gerora, asmo altruistagoak bete ahal izateko. Goizetan Leioako kanpusera joaten nintzen eta arratsaldeetan bulegoak garbitzen nituen. Bilboko kale nagusia den On Diego Lopez Haroko bulegorik handiustekoenak garbitzea egokitu zitzaidan. Hiru metroko sabaia, marmolezko eskailerak eta oralekuak, 1,50 x 1,80ko leihoak, kristalezko lanparak, larruzko jarlekuak, Pertsiakoak ei ziren alfonbrak, brontzezko erlojutzarrak, ebanozko lan-mahaiak, haritzarekin egindako armairuak. Zerbitzarientzako atetik sartzen ginen.
— Duela bost urte, Bilboko kale nagusi hau ontziolaren defentsan zeharkatzen genuenean, bulego hauetako leihoetara begiratu eta jaunskilo hauek guztiak burlati egiten ziguten irri: Egin oihu, egin orro, alferrik ari zarete, geu gara hemen agintari. Ederto jo digute adarra.
— Zuen aitak enplegu fondoetan izena eman izan balu, ez geundekeen ataka honetan.
— Dirudunen bulegoak garbitzea gure hautua izan da, ez aitari errurik egotzi.
— Lan bera egiteagatik lau bider gehiago ordaintzen digute.
— Orduan gauden isilik. Onar dezagun irabazi digutena, ezin ditugula eraitsi.
— Aspertu arte esan ohi didazu asaskatzeko, saminak barruan ez gordetzeko. Eta orain isiltzeko agintzen didazu?
— Koherentea izateko baizen ez dizut eskatu.
— Garbitzen hasi aurretik lixiba eta enparauei txistua edo txiza nahasteari deritzozu koherentzia? Eta zertarako balio du koherentea izateak? Hileroko soldata emendatuko dizutela uste duzu, curriculumean Ni koherentea naiz erakutsita?
— Diruagatik edozer egiteko prest gaudela onartu behar dugula, besterik ez dizut eskatu. Eta bai, egia da, hauen zikina garbitzeko urari txistu edo txiza egiteak asko lasaitzen nau.
— Kazetaritza ikasketak ordaintzeko ari zarelakoan nengoen.
— Zutaz ari nintzen.
— Nitaz ari zarenean zutaz ere ari zara.
Kazetaria edo bulego garbitzailea izango nintzen jakiteke nengoela ospitaleratu zuten aita, bigarrenez. Eskuartean nerabilen guztia utzita, aitarekin ahalik eta denbora gehien igarotzea erabaki nuen. Banekien amari lana uzteko eskatuz gero, egun eta gau emango zituela ospitalean. Lanak burua beste ardura batzuetan lanpetuta edukitzea zekarkiokeelako proposatu nion lana neuk uztea, gure ama, bere buruaz izan ezik, beste guztienaz atoan estutzen den horietakoa baita. Unibertsitatearekikoek itxarongo zuten, bizitza osoa nuen ikasteko. Oroz gain, minbizia bigarrenez ernetzea sano seinale txarra zela sumatu nuelako hartu nuen erabakia. Ordura arte inoiz ez bezala, okerrena gerta zitekeen ustea nagusitu zitzaidalako. 211 gela hartan sartu nintzen egun beretik antzeman nuen bizitza aienatzen ari zitzaigula.
Aitaren eta bion arteko harremana asko gaiztotu zen hura ospitaleratu bezperako hilabeteetan. Huskeriengatik eztabaidatzen hasi eta oihuka amaitzen genuen. Telebistan ikusten genuen edozerk pizten zuen gure arteko ika-mika. Barkamena eskatzea galarazten zigun harrokeriak. Gehienetan, amak edo Amaiak isilarazten gintuztenean, besarkatu eta barkamena eskatzeko gogoa izaten nuen. Batek besteari arrazoia onartzeko ezinduta geunden, geure hutsak onartzeko elbarri. Elkar ez ikusteraino urrundu ginen.
Ospitaleko egunetan ere, eguneko ordu gehienak bere alboan eman nituen arren, ez nintzen «Asko maite zaitut» esateko gai izan. Bera baino helduagoa banintz legez edo, kontu eskean aritu nintzaion. Aitarekiko urruntzea neuri zegokidala onartu beharrean, ezintasunak sortu zidan gorrotoa beste batzuenganako ordain bihurtu nuen. Beranduegi zen aldatzeko.
Hirugarren astetik aurrera morfina dosi gero eta handiagoak sartzen hasi zitzaizkion. Denbora oso gutxi ematen zuen esna. Aitari begira ez nengoenetan, leihotik begiratzen nuen. Ideiak, sentimenduak, errazago datoz leihotik begira. Berdin dio aurrean zer dagoen, zer mugitzen den, eguna zein gaua den. Luzaroan leihotik begira egonez gero, berbak etortzen ikus ditzakezu, burezurrean ate joka. Morfinaren abaroan dagoen gaixoari begiratzea zirkinik egiten ez duen momia bati so egotea da. Ikaragarria da morfinapekoak arnasa ahotik hartzean sortutako hotsa. Medikuak ziostanez, dosi kopuru handi haiek eman ezean, minak erotu egingo zukeen aita eta guk ezingo genituzkeen oinaze garrasiak jasan. Dena dela, berba egiteari ez uzteko esan zigun, frogatzerik ez bazegoen ere, askoren erreakzioengatik, lantzean zerbait entzutea litekeena zela. Esateko berba ederrak belarrira, kantatzeko gura izanez gero, berotan hiltzen laguntzeko edozer egiteko.
Nahiz eta ospitaleko egunak luzeak izan, dena azkarregi gertatu zen sentipena dut barruan gotortuta. Zenbat denbora behar dugu maite ditugunei eragindako mina sendatzeko? Hilabete bakarrean zenbat gauza egin daitezkeen pentsatzen hasita, lau berba ahoskatzeko nahikoa izan ez nuela gogoratzen dut. Lau berba ziren, lau. Hil zen egunean haren eskutik oratuta egoteak ez ninduen kontsolatu. Azken hatsa zuen bitartean musukatzeko aukerak ez zidan samina baretu. Gure amak belarrira «Nahikoa da laztana, nahikoa da» xuxurlatzen ziolarik, ez nintzen negar egiteko baino gauza izan, ez nuen berak eta biok bakarrik entzungo genituen lau berba haiek esateko adorerik bildu. Hiltzera etxeratu genezakeen galdetu genion medikuari. Hogeita lau orduz morfinatuta eduki behar zutela-eta, ezinezkoa zela erantzun zigun. 1992ko apirilaren 30ean hil zen gure aita, hirurogei urtean bizi ostean.
Mezatara joaten ez bazen ere, fededuna izatea garrantzibakoa zirudiela, elizakoak eman genizkion. Ezagutzen ez zuen abadeak, anaia batenak esan zituen gure aita zena ohoratzeko. Lepo zegoen eliza, portalea lepoago. Euskaldunako lankideak, txikiteorako lagunak, auzoko ezagunak. Lehen jesarlekuetan senitartekoak eta burkideak. Atautean ikurrina eta buzoa. Akorduan eramango dut, beti, hilerrian Eusko Gudariak eta Internazionala negar-kantatu zituztela aitaren burkideek. Logistika arduraduna ez zuten ahazteko.
— Ezin izan dut, ulertu egidazu. Esaten nuenagatik baino nintzenagatik maite izan nauen bakarra zen, ezin nuen hiltzen ikusi.
— Zure gutuna irakurri ostean, hiltzeko gertu zegoela esan zidan, ez zuela uste horrenbeste estimatzen zenuenik.
— Barrionuevoren bahiketaren porrota, Euskaldunaren itxiera, zuen aitaren heriotza...
— Porrot gehiegi, ezta, Fanon? Herriak ez du barkatuko.
— Edozer egiteko prest nago. Egindakoa ordaindu behar dute. Nik badakit norekin berba egin.
— Ez dut inoren beharrik. Erabakia hartua daukat. Eutsi, hemen duzu aitak zuretzat idatzitako gutuna, zurearen ordaina. Berdin dit ondo iritziko diozun, irakurri egin dut.
Jazinto,
Hiltzera noala dakidala erabaki dut bizitzaren azken urteotako errepaso azkarra egitea, batez ere Euskaldunan lanean hasi nintzenetik gaurdainoko guztia koaderno batean idaztea. Gutun hau, kontakizun horren zatitzat gordeko dut. Ez nuen inori ezergatik kargu hartzeko asmorik, zure gutuna jaso nuen arte. Idazteko gogoa ere kendu didazu. Sinets dezaket mina emango zizula hilurren nagoela jakiteak. Badakit errazago zaizuna diskurtso politiko amaigabeak taxutzea, baina azken agurra gutun bitartez ematea ez dizut barkatuko. Zintzoa izan naiz beti zurekin, arrazoia zenuela uste nuenean ez dut onartzeko ezelango arazorik izan. Berba asko eta ekintza gutxikoa izateagatik kritikatzen zintuztenei gogor erantzun izan diet, lubakikide zintugula defendatuz. Pertsonak maitatzen irakatsi nizula diostazu. Ez zaitez nire etxekoengana metro batera ere hurbildu. Bila ezazu familia berria.
Luis
Horren zeure den pertsona hiltzen denean, hilabetegarrenean sumatzen duzu benetan hutsunea. Ordura arte, edozein momentutan etxeko atea zabalduko duela sinesten duzu, edo afaltzeko etxeratu aurretik auzoko betiko tabernako kristaletik begiratzen duzu lagunekin txikiteoan ote dabilen. Hutsunea ikusi, ia ukitzen duzunean, latza izaten da. Begietako zainak gorritzen, burezurrekoak hanpatzen, ukabilekoak gogortzen sentitzen nituen usu.
Euskalduna itxita aitaren minbizia esnarazi zutenekiko, kartzelatu nindutenekiko zorrak kitatzea nuen motibazio bakarra, eta barruan gordetzen nuen sumendiaren leherketa denbora baino lehenago antzemango zidaten beldur nintzen. Gure aita sufrimenduak usteldu ei zuen barrutik, sufrimendua lana galtzeak eragin zion, euren buruaz eta alderdiaren interesaz baizen pentsatzen ez dutenen erruz galdu zuen lana, Bilbo modernitatera eta dirua euren kontu korronteetara ekarri behar zela erabaki zuten horien erruz. Etxekoek arrazoia zuten, Begorena ez zen istripu hutsa izan, zanpatzen gintuen egoera itogarriaren ondorioetako beste bat baino ez.
Begoren egonarriaren omenez, eutsi egingo nion neure buruari. Helburua zen garrantzitsuena. Burua hotz mantendu behar nuen, txikikeriarik ezdeusena aurreikusi, urrats bakoitza lur hondoraezinean eman. Nirea ez zen desobedientzia zibileko ekintza zuzena izango. Ez nuen harrapatzerik gura, ez nuen martiri izateko inolako asmorik. Neure borroka zen, ez beste inorena. Onik ateratzekotan, munduko beste txoko askotatik kaltea eragin niezaiekeelako baztertu nuen Begok hobetsiko zukeen desobedientzia. Nire atzetik ez ziren milaka herritar altxatuko, nire gidaritzapean ez genuen estaturik eraitsiko. Ebakia egin, zauria barrutik zabaldu, astiro, larritu barik.
Amak lanean zuen izen onari esker ekin nion Bizkaiko aberatsenen bulegoak garbitzeari. Txakurrak nahasteko onartu nuen, amore emanda bergizarteratu nintzela sinets zezaten. Mendekua gauzatzeko edozer egiteko prest nengoen, hiltzaile odol hotzenen antzo, une egokia iritsi arte zain egoteko. E egunaren zain joan zitzaizkidan aita hil osteko hurrengo lehen urteak, bulego garbitzaile, amaitu barik utzitako kazetaritza ikasketak bururatu asmotan.
Ogasunari ahalik eta gutxien emateko, zati bat inoren aurrean zuritu gura ez zutenez, beltzean ordaintzen ziguten. Amama Pantxikek sarritan gogorarazten ziguna: «Ez dago lapurretan egin barik aberastuko denik».
Luzeegia zatekeen itxaronaldiaren eraginez amorrua mantsotuko zitzaidalako arduratuta nengoela, unibertsitaterako egin beharreko lan baten karietara, garbitzaileen lan baldintzei buruz idazteko aukera suertatu zitzaidan. Erratz-kideei entzundakoak jasotzen zituen artikulu txukun baina bertzenaz arrunta zena, Argia aldizkarira bidaltzea proposatu zidan irakasleak. Unibertsitatean ikasi baduzu jakingo duzu, irakasle batek baino gehiagok euren lantzat jasotzen dituztela curriculumean ikasleek atonduriko lanak. Prentsan argitaratu zidaten lehen artikulua Bilboko jauntxoei buruzko erretratu krudela izan zen. Zelan igarriko nuen artikulu xume hark itsasargiarenak egingo zizkidala?
— Artikulu hori gure azkena izango da. Erdi mailako burges zeken xuhurren bulegoak garbitu beharko ditugu berriz. Oraingo orduak halako bi eman beharko ditugu lanean. Ezagun da zenbat maite gaituzun.
— Kazetaria izan gura badut, nabarmentzekoa izango den zer edo zer idatzi beharko dut.
— Horregatik lanpostua galduko badugu ere?
— Inoren kaka garbitzeari lanpostua deritzozu?
— Beti esaten didazu galtzaileak garela onartzeko...
— Eta onartzen dut, baina odolosteak ordainetan ematea ezin digu inork eragotzi. Jakiten badute, zuri ezer esan barik argitaratu dudala esango diet ugazabei, ez duzula artikuluarekin zerikusirik.
— Horixe jakingo dutena! Zer uste duzu, gora adi egoteko dituztela poliziak eta komunikazio arduradunak soldatapean?
— Ez ernegatu ama, Argia dagoenik ere ez dakite; eta jakitekotan, politikari buruzko artikuluak baizen ez dituzte irakurriko.
— Argia zer den, nortzuek eta zertarako sortu zuten ondotxo dakite. Begiak laurden bat baino ez dituzu zabalik, eta gauez gainera.
Astiro-astiro, begiak zabaldu guran eman nituen karrera amaitu beharreko urteak. Ustelkeria, lagunkerian esleitutako diru-laguntzak eta politikarien diru-kontuak ikertzea deliberatu nuen. Konturatzerako, mendekuaren lehen silabak ahoskatzen ari nintzen. Egunkari zein aldizkariei saltzeko erreportajeak idatziko nituen, ahoan bilorik gabeak; ezizenez sinatuko nituen; erredakzioetan miraz irakurriko zituzten; zuzendari askoren deiak jasoko nituen, lan eskaintza erakargarriak luzatu aldera; iritzi publikoan ezinbesteko erreferente bihurtuko nintzen, agintari ustelen ur-lohiak garbituko nituelako; ezkerreko politikariek nire aipuak erabiliko zituzten diskurtsoetan... Kartzelako isolamendu ziegetan igarotako egunetan amesten nitueneko hondarrak zebilzkidan arrazonamenduetan.
Txaloko bat amets bakoitzeko.
Amaren harridurarako, Bilboko aberatsenei buruzko erreportajearen eraginez ez genuen handi-mandien bulegoak garbitzeko lana galdu. Eta irabazi ere egin genuen, nuen, nik, aukera bat, aukera aparta.
Guggenheim museoa Bilboko erreka bazterrean ainguratzeko egitasmoa aurkezteko Bizkaiko Foru Aldundiak deitutako prentsaurrekora joatea proposatu zidan Argiako erredakzio buruak.
Zelan igarriko nuen erreportaje huraxe bihurtuko zitzaidala itsasargi?
Solomon R. Guggenheim Foundationek Bilbon museoa zabaltzea erabaki zuen. Ez Londresen, ez Parisen, ez Erroman, ez Munichen. Bilbon. Zergatik munduan hain ezezaguna zen hiri batean? Zergatik gatazka politiko eta armatua puri-purian bizi zituen herrialde batean? Nor zatekeen Guggenheima Bilbora ekartzearen onuradun? Zenbat diru jasoko zuten Solomon R. Guggenheim Foundationekoek? Zein atarramentu zemaion Bilbo halako hiri bati museo batek Euskalduna ontziolak eman zionaren aldean?
Bego ari zitzaidan belarrira galdera-iskilua desarratzen. Banuen erreportajerako lain. Baita gehiagorako ere, baita askoz gehiagorako ere. Lehen izpiak nekusan ortzimugan.
Guggenheimdarrak nor ziren ikertzeko ildoa izan zen zabaldu nuen lehena. Suitzako familia judua, diru-metaka metalgintzan eta meatzaritzan aritua. Bilboko titanioak ehun eta berrogeita hamar urte zituen eta 1914ko Lehen Mundu Gerrarako ekoitzitako kobrea zuen arbaso.
— Badakizu Lehen Mundu Gerran 40 milioi pertsona hil zituztela?
— Barkatu, Lorea, ez dakit zertaz ari zaren.
— Guggenheimdarren urrea zinez gorria dela diot, Bilboko langileekin zerikusirik ez duen gorri kolorekoa.
— Egidazu berba argi, arren. Kazetarigai eta sasi-ikertzaile lanak hartu dituzunetik ez dut esaten duzunetik erdia ulertzen. Zeure buruarekin izaten dituzun elkarrizketa horietan, lantzean, denok entzuteko moduko galderak egiten dituzu, baina gu ez gaude zure gogoetekin solasean.
— Aitaren malurrez ari naiz, ama, gure zorigaiztoaz. Guggenheimdarrek dirutza ikaragarria egin zuten 1914ko gerran aliatuentzako kobrea ekoitzita.
— 1914ko kontuez zatoz? Batek daki diru horrek zenbat bira eman dizkion munduari ordutik. Zein zerikusi du horrek gure familiarekin? Gainera, Guggenheimdarrak ez al dira filantropoak?
— Bai, noski, gu eta gaztetxe sasoiko lagunen bestekoak. Guk ere ilarak maite genituen, ez museoetara sartzekoak, badakizu. Filantropo, mezenas eta enparauek lapurretak, esklabotzak, hirugarrenen miseriak gorde ohi dituzte itzalpean. Milaka lagunen heriotzarekin aberastu izan ez balira, euren jainko judu horren aginduetatik bakarra bete izan balute, ez zegokeen ez Guggenheimik ez osterantzekorik.
— Mundutik alde egiten ari zarela iruditzen zait horrela berba egiten duzunean. Kartzelan zeundenean beldur banintzen, orain erabat ikaratuta naukazu. Poza ekarriko dizuten egitasmoetan xahutu gaztetasuna, Lorea. Ez ibili basatzetan iraunaraziko zaituzten kontuetan. Sufritu dugu nahikoa, zoriona berreskuratzea merezi dugu.
— Ziria sartzen digute, ama, uzkiak ia igarri egiten ez duena. Arteak basakeria guztiak ahantzaraziko dizkigula aitzakiatu digute, historian izan diren margolaririk ospetsuenen lanez gozatu ahal izango dugula, eta Guggenheimdarrek munduko maparako sarbidea zabalduko digutela. Eta guk denari baietz.
— Lar boteretsuen aurka jotzen baduzu, tamainako erantzuna jasoko duzu.
— Eta isiltzen banaiz are boteretsuago izango dira.
— Baina zer jainko klase zarelakoan zaude? Jendeak zure esanei men egin eta saldoka jarraituko zaituela uste duzu? Koadro politikoen antzera berba egiten darraizu horrenbeste urteren ostean.
— Paradoxa ederra orduan nirea. Koadroen antzera mintzo naizela, koadroak eskegitzeko erabiliko den eraikinaren sustraien ustela ikertzen tematuta nago. Neure urka-bilurraren sokak matxinbratzen ari naizela diozu.
— Ez da gutxi zu zeu konturatu izana. Egunero hiltzen dute munduan kazetari bat, muturra okerreko lekuan usaintzen jartzeagatik.
— Begori lagundu egin nion, baina ni Lorea naiz eta luzaroan bizitzeko itxaropena daukat. Makina bat kazetari dago nire aurretik boteredunen jomugan. Urteetako lanaren oihartzunak egiten du bat ezagun, ez erreportajetxo batek.
— Baina hil ala bizikoa zaizula dirudi!
— Senak diost ez galtzeko aukera dela.
— Sena eta zezena! Zuen aitak ere jaramon ditxosozko senari egin zion, ez bizikide ninduen honi.
— Atzera begiratzea arrainetan solora joatea da. Aita hilda dago eta ni harro egin zuenaz.
— Zeure kolkorako ari zara edo ez duzu bereizten esaten duzuna egiten duzunetik?
— Etorkizun hobearen alde ari naiz, gu izorratu gintuztenek beste inor izorra ez dezaten. Hori ez da iraganean bizitzea, geroa garbitzea baizen. Neu ere egunero akordatzen naiz aitarekin.
— Oheko hutsunea neuk igartzen dut, ostera.
Honezkero ondo dakizunez, Peru, gure amarekin eztabaidatzea topeka aritzea da; aharitoen antzera, azkena zeinek jo, hura irabazle. Amaren izaerak hausnarrean ez etsitzera derrigortzen ninduen, arrazoi hutsalak baztertzera, lastoa bereiztera. Adorearen sinonimo guztiak irakatsi zizkidan, arbelik gabe.
Ainguratu eta gutxira, Bilboko Guggenheim Fundazioak Guernica Bilbora bost urtez ekartzeko eskatu zien espainolei 1998ko abenduan, orduan Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusia zena lagun. 1937an izan zuten jeltzaleek Guernica euskaldunontzat gordetzeko aukera, baina Jose Antonio Agirrek beretzat ez zuela gura eta ez zuela deus balio erantzun zion Picassok berak luzatutako eskaintzari.
Hasitako ikerketa ildotik arean okertzen hasi nintzen, baina ikerketa kazetaritzaren arauetako bat derrigorrean bete behar nuela sentitzen nuen: ostendu gura duten hura azalaraztea.
ETAren mugagabeko su-etenak eta Lizarra-Garazi akordioak sortutako aldeko koiuntura politiko itxaropenez betean, Olentzerori eskatutako opari gisa mozorrotu zuten. Irudi kolpea ikaragarria izango zen: Guernica bera Bilbon, Guggenheim museoaren irekitzearekin bat, Picasso Bilbo berriaren irudi, mundua Bilbori begira. Nork gutxietsiko zuen tamainako lorpena? Nork egingo zio muzin opari eder hari? Zelan apalduko zuten museoaren aurkakoek euskaldunen gehiengoak laudatuko zuen arrakasta? Guggenheima laguntzeko 3.800 milioi pezeta bideratuko zituen Eusko Jaurlaritzak. Inork ez daki horietako zenbat sobornotarako. Ondorioz hurrengo urte luzeetan euskarazko kultura birrinik ere gabe utziko zutela-eta, hainbat sortzaile Kultur Kezka taldearen abaroan bildu ziren. Alferreko ahalegina. Inork ez zuen lemaren norabidea aldatuko. Euskarazko kulturak itxarongo zuen, kulturgintzan zihardutenek ordura arte legez biziraungo zuten, ez zen inor hilko euskarazko kultura ez indartzeagatik. Erabakia aspaldi zuten hartua, Euskalduna ontziolaren azken urteetan mamitua. Guernica Bilbon. Garaipenaren klimaxa. Errepikatuko ez zen aukera. Nire erreportajerako testuinguru paregabea eta mendekua iragartzeko oholtza miragarria. Eta bide batez, abuztuan itxitako Egin eta Egin Irratia-ko kideei elkartasuna adierazi ahal izango nien. Zeren, ni bizi nintzen Euskal Herrian, zaila izaten zen boterearekiko amorrua apaltzea, bi egunetik behin, gutxienez, gorrotatzeko aitzakia berria asmatzen baitziguten.
Elkarrizketa politikoek huts egin zuten, noski. Bazterrak erabili zituzten, bete ezineko promesak egin zizkieten espainolei: ETAren atentaturik ez beste ezelango talderen erasorik ez zuela jasoko bermatuko zutela agindu zieten; boterea partekatzeko prest zeudela zin egin zieten, behatzak Bilboko urez garbituko zizkietela. Zumarrari garia eskatzea suertatu zitzaien jeltzaleei. Urteen joanak emandako talaiatik, espainiar agintarien berezko sen larderiatsu eta burgoiaz gain, bilbotarren mobilizazio eza azpimarratuko nituzke. Kalean ez zen aldarririk egin, arrazoi askoren karietara antolatzen ziren manifestazioen parekorik ez zen antolatu. Eguneroko bizimoduan zein etorkizunean eragingo zuten erabakiak zuzendaritza politikoen esku uzteko ohitura hartu genuen edo, akaso, herritarroi Guernica Espainiako museo batean gordetzeak ez zigun ezinegonik sortzen. Gernikarrak izan ziren Gernikara eramateko eskaria herritartu zuten bakarrak. Hilabete batez luzatu ziren era guztietako aldarrietan ia 10.000 lagunek parte hartu zuten. Baina nork ditu gernikarrak gogoan?
Ifrentzua ziren arrazoiengatik bazen ere, nire mendekuaren jomuga zirenen amorrukide bihurtu nintzen. Komenientziak itsututa, sinetsi egin nuen lortuko zutela Guernica Guggenheimera ekartzea. Ez nekien zer, ez nekien zelan, baina barruan zebilkidan burutazioa aurrera ezin eroateak frustrazio itzela eragin zidan. Gorroto nituen berberen garaipena behar nuen. Inoizko txizarik zikinena egin nuen lixibarik gabeko baldera. Sekula baino lohiago garbitu nituen bulegoak.
— Gauzeztan, ezgai, inutil...
— Denbora baino arinago burua galtzen hasi ote zara...
— Koadro ziztrin bat ekartzeko negoziazioetan kale egiten badute, zelan demontre lortuko dugu bakea herri honetan?
— Guernicarenaz ari zara. Koadrotxo hori ziztrina baino arean gehiago dela esango nuke.
— Margolan bat ekartzea, finean, zortzi orduko lana da, dozena erdi lagunen lana; ez da etsaiarekin trukatu beharreko gerra presoa. Gainera, ez dute betiko ekartzea eskatu, bost urterako mailegua baizen ez diete eskatu, museoaren izen ona hedatzeko laguntzatxoa.
— Erditu izan ez bazintut, Guggenheimdarren eta enparauen alde zaudela ulertuko nuke.
— Euskalduna halako ontziola erraldoia di-da batean desagertzearen arduraren zati handi bat izan zuten berberak ezinean amore ematen ikusteak ematen dit amorrua. Gure borrokalariei urteetan egin zieten aurre, gogor egin ere.
—Ederto. Orain kontatu egidazu egia. Zerk gatzitu dizu odola?
Agertuko zitzaidan beste aukeraren bat. Zain egoten ikasi behar nuen, patxadatsua izaten, besterik ez. Amarekin izandako asaskaldiak erne jarri ninduen. Sumindura kontrolatzen ikasi ezean, gutxien beharko nuenean gailenduko zitzaidan. Jomuga berria hauta nezakeen, lorgarriagoa, ez horren arranditsua. Galtzaile izaten jarraitu edo tamainako aurkaria topatu beharko nuen.
Berotan, Bilbao Bizkaia Kutxan lapurtzea bururatu zitzaidan. Baina zertarako? Zaku bete ebatsita ere, euliaren ziztada zatekeen eurentzat. Eta Euskaldunaren haur besoetakoa zen Athletici? Zuzendaritzakoak eskegitzeko modukoak baziren ere, langileen taldea zen, oraindik.
— Guggenheim horretan lan egiteko prest dagoen inor ezagutzen ote dudan galdetu didate enpresako buruek. Zure lagunetako bat prest legoke garbitzaile lanotarako?
— Ni neu hasiko naiz, ama, ondo baderitzozu.
— Zer darabilzu eskuartean? Museoari buruz direnak eta bi idazten badituzu, paparrean dominak eskegiko dizkidatela uste duzu? Ama ezjakinarena eginda ere barkatuko didatelakoan zaude? Ahaztu egin duzu zergatik diren eurak handi-mandiak eta ez gu?
— Ez dut ezer idazteko asmorik. Kakak garbitu behar baditut, gurago artistikoak izatea!
Lan-elkarrizketa itxura-azterketa izan zen. Bulegoko atea zabaldu eta elkar agurtzen denbora luze eman genuen: zein garraiobide erabili nuen, hego-haize zakarrak buruko mina eragiten diola bati baino gehiagori... eseri bitartean aurpegi, gerri, ipurmasail, bular eta enparauak aztertzeko zurikeriak. Modernoak dira Guggenheim museoko hezur eta azalak, antzinakoak barrenak. Zabaldu zuten egunean bertan Euskal Herriko kulturgile askok eztarria lakartu arte salatu zutena egiaztatu nuen: akuiluaren puntak ez zuen euskaldunetik ezer; idi-uztarria pop art legez erakusten zuten arren, kirtena New Yorken zegoen. Langileen arduradunaren bulegoko hormetan Frank O. Gehry, Peter Lawson-Johnston, Thomas Krens edo Julian Schnabelen argazkiak ageri ziren.
— Bete formulario hau eta zehaztu zenbat errelebotan aritzeko prest zauden.
— Lehen aldia da lanbasa pasatzeko formularioa betetzeko eskatu didatena. Hau bai lantoki serioa.
— Munduko museotarik entzutetsueneko batean hasiko zara lanean, ez ahaztu.
— Ez duzu nire curriculuma irakurri? Bilboko bulego ospetsuenei distira ateratzen ibilitakoa nauzu.
— Asko da curriculum honekin bulegoak zuzentzen ez aritzea.
— Aberatsa izateko burubakoa izatea eskatzen zidaten eta, badakizu, naturari ezin zaio aurka egin.
— Ikusten duzu curriculum meta hau?
Agur Bilboko Zazpi Kaleak bizigune zituen gazte iraultzaileari. Jagoitik etxetik lanera eta lanetik etxera beste ekarpenik egiten ez dutenetakoa izango nintzen; mundutik igaro direnetz, desagertu egiten direnetako beste bat. Amaren enpresan hasieratik langile zen batek ohartarazi zidanez, Guggenheimek langile bakoitzaren polizia-fitxen antzekoak osatzen zituen. Ama langile finegia zelako lortu nuen lanpostu hura. Ezingo nuen une bakar batean ere ahaztu soka gainean dantzan nenbilela.
Museoa txandaka garbitzea egokitu zitzaigun. Aste batez goizeko 07:00etatik 10:00etara eta hurrengo batez 19:30etatik 22:00etara. Lehen hilabeteetan gogor lan egin nuen, patxadaz baina atsedenik hartu barik, gainontzeko garbitzaileekin solastatzea ekidinez. Ez nuen nabarmendu gura, ez onerako ez txarrerako, ez lar behargin ez alferrontzi.
Museoa barru zein kanpo kamerez josita zegoenez, baztertxokorik garrantzibakoena ere gogoratu eta, etxeratutakoan, paperean irudikatzen nuen. Segundoro zelatatzen gintuzten kameren kokapena, zaintzaileen joan-etorriak eta ordutegiak, erakusketen garraioaz arduratzen zen enpresaren lan egiteko erak, bost minutuan Bilbo erdian atzetik letorkeena galtzeko kaleen arteko distantziak... Prestaketa lanak artegatu barik neroatzan, pausu bakoitza aurrekotik ahalik eta hurbilen emanez, inoren eta ezeren susmoa ekidinez. Lanean hasi nintzenetik eguneroko agurkide nituenetatik batek ere ez zidan ez boligrafo ez koadernorik aldean ikusi. Irakurtzeko ezer ez nuen egundo museora eroan. Obsesionatuta nindukan mendekurako informazio bilketak. Horrenbeste informazio metatu nuen, museoko gidari izateko lan eskaintza zabaldu zutenean izena ematear egon bainintzen. Museoari kalte egiten munduko azken pertsona neu nintekeela antzeztu beharrak itsutu egin ninduen. Hango langile guztiak ezagutzen nituen, izenez agurtzen nituen egunero, kabroirik handienari ere jatorraren irria eskaintzen nion. Irria eta zirria.
Antzezpenaren horditasunean, museoaren barrunbeak esku ahurreko marren gisan ezagutzearren, ordu eta osterantzeko zehaztasun guztiak lortzearren, segurtasun arduradunarekin larrutan egin nuen, museoan bertan, baten, bitan, hirutan.
— Medikuarenera joatekoa naiz, ama. Goragalea eta zorabioak ditut azken egunotan.
— Umedun zaudela diostazu?
— Ez dakit, ez naiz inoiz umedun egon.
— Arduratsuagotzat zintudan.
— Abortatzeko nora joan behar dudan esango didaten pare bat ezagutzen ditut.
— Umearen aita izango dena iritzi berekoa da?
— Aitak ez du sekula iritzirik izango.
Abortatzea baztertu eta zu erditzeko erabakia amets bati zor diozu, Peru. Zure aitita Luisekin amets egin nuen. Besoetan zintuela, kantuan ari zitzaizun. Gure umetako lo kanta zela dut akorduan, gure ama ezagututa oheratzean kantatuko zizun hura: «Zu bezalako haurrek lo egin dezaten, ilargia hasi da zerua pintatzen».
Tamainako erabakia amets baten karietara hartzeari sinesgaitza iritziko diozu, edo barru-barruan ama izateko grina piztu zitzaidala, onartu ez arren. Utopietan sinesten dudalako erditu zintudala badiotsut? Gure amaren altzoan irudikatuta, aitak utzitako hutsunea beteko zenuela sinetsita nengoen. Amamarekin nigandik libro biziko zinen, barneratuko nizun boteretsuenenganako gorroto itsutik salbu.
Zure aita biologikoari buruz ezin dizut askorik argitu. Ez daki semea zaituenik. Beltzarana, metro eta hirurogeita hamar eskasekoa, besaulkietan igarotako orduetako sabelaldea, txanka mehea, sorbalda uzkurrak... ministroen antzera berba egiten zuela gogoratzen dut. Ez nuen maite. Ez nuen harremana mantentzeko ezelango asmorik. Guggenheimetik Bizkaiko Foru Aldundira igo zuen maila eta Bilboko aberaskume baten alabarekin ezkondu zen.
Inoren kontura aberastea bizitzan beste helbururik ez zutenen bulegoak garbitzen eman nituen urteetan, ezezagun harekin larrutan egiten baino putago sentitu nintzen. Egia da, bulegoak garbitzearena erraz zuritu nezakeen: helburu jakin bat lortzeko onartu nuen lan hartan itzuliko ez diren urte haiek xahutzea. Arrazoi zintzoek bultzatu ninduten. Alabaina, lansaria gorde egiten nuen, neuretzat. Diru lohi, kutsatu, nazkagarri haren kopuru bat zergatik ez nion eman beharrizanetan zeuden horrenbeste herri-mugimenduetako bati?
Ezinegona baretzeko, neure buruaren erdeinutik babesteko, agindua errepikatzen nuen kolkorako: segada prestatu diguzue eta amua irentsi dugu; baina orain gonbitoka itzuliko dizuet, behazuna bota arte; ez dizuet bakerik emango, xanpainarekin bustitzean duzuen ospakizun bakoitzean alfonbra gorrian gainean egin dizuet oka; inork eskatu ez dizuen erantzukizuna betearaziko dizuet, neuk bakarrik, inoren laguntza barik, milaka garenon izenean. Zin dagit: horretarako biziko naiz, begi bat zabalik egin beharko duzue lo, bizkartzainak beharko dituzue bunkerretan.
Aldean daroadan promesa hark zaindu nau amiltzetik.
Arbuiatu dugun guztiaren hazia zinelako, medikuak umedun nengoela baieztatu bezain laster baztertu nuen abortuaren aukera. Aititari aitortu ez nionaren ordainetan jaio zinen, amamari bizipoza berreskuratzen lagunduko zeniolakoan. Gorrota nazazu ni, zure inguruko beste guztiek maitasuna baizen ez dute merezi. Jaio aurretik ere bizipoza ekarri zenigun etxera. Amamak igarri egin zidan: bazekien amatasuna ez zela egundo izan nire gurarietako bat; ondo gogoratzen zuen, gaiari buruz ezer aipatzen hasiz gero ilundu egiten zitzaidala bekokia, berbagai berria proposatzen nuela ez entzunarena eginda. Horregatik ziur naiz ez zela harritu bere ardurapean abandonatu zintudanean. Zergatik egin nuen ez jakiteak erasango zuen urte luze hauetan. Mesede hori besterik ez dizut eskatuko. Koaderno honetakoak irakurtzen dituzunean, Peru, utziozu gure amari; ahaztu ditudanak, neuretzat gorde ditudanetatik batzuk, behinik behin, berak osatuko dizkizu.
Zu jaio zinen hilabetean jakinarazi zuten bigarrenez eskatu ziotela Espainiako Gobernuari Guernica Bilboko museora ekartzea. Indarkeria mota oro behin betiko desagertzea erdietsi zen. Horrenbeste urte iraun zuen gatazka armatua konpondu zela ospatzeko, eta espainolen bakerako borondate gisa, Guernicak Euskal Herrian behar zuen. Ageriko zein ezkutuko negoziazioen ondorioz, Guernica Bilboko Guggenheim museoan erakutsiko zuten urtebetez, eta ondoren berriz Madrilera bueltatuko.
Amatasun baja laburregiaren ondoren itzuli nintzen lanera. Segurtasun neurri zorrotzak ezarri zizkiguten. Erronka pizgarri suertatu zitzaidan. Apunteak errepasatu nituen. Bere buruaz harroegi dagoenarengandik espero zitekeenez, munduko margolanik entzutetsuenetakoaren segurtasuna bermatu behar bazuten ere, ez zuten ezer berezirik aldatu. Kamera finkoek bere horretan zirauten, zaintzaile kopurua berbera zen, salbu eta ArcelorMittal gelan kokatu zuten gonbidatu berriari beren-beregi egokitutakoa. Museoko buruak ezagututa, ez ninduen harritu gehiegizko ustantza hark.
Xede zuenak aise aurkitu zuen margolanen kontrako sabotajeei eta, batez ere, lapurretei buruzko informazioa. XX. mendean ehunka biderrez lapurtu zituzten norbaitek historiako arte lanik onenak legez izendatu zituen haiek: Van Gogh, Cezanne, Rembrandt, Bellini, Goya, Brueghel... XXI. mendean ere makina bat lapurreta izan ziren, tartean Picassoren beraren koadroenak. Norberari gertatu arte hurkoari gertatu zaiola sinesten ez duenaren arduragabekeriaz baliatu behar nintzen.
Paparra ateratzen zuen zaintzailea limurtzea zegokidan lehenik; gero, segurtasun-arduradun berria lausengatzea, alarma-sisteman eskua zelan sartu aitortu arte. Hiru hilabeteko adiskidetze saioen ondoren ezagutu nuen koadroa distantziatik zaintzen zuen artzaina. Margolanari erantsitako haririk gabeko transmisoreen sistema zen jagolea. Ikusleak ahalik eta gehien hurbildu arren, alarmarik ez pizteko, transmisoreak programatu egiten zituzten. Halandaze, margolana zegoen lekutik 30 zentimetro mugituz gero, gorrenak esnarazteko durundia zabalduko zen museo osoan. Horrez gain, zaintzaile bakoitzak haririk gabeko bilagailua zeroan lan-egunak zirauen bitartean. Ez nuen kristal lodiak babesten zuen margolana inora mugitu beharrik. Saihestu beharreko bakarrak, ateak zabaldu arteko orduetan Guernicari begirik ez kentzeko ardura zuen Jaime zaintzailea eta kamera gelako Mariano eta Rodol ziren.
Bederatzi hilabeteetako lana planifikatzeko ez nuen buruko min handirik izan. Hankabiko artzain-txakur haiei eskutik jaten erakusten emango nituen hogeita hamar egun, eta hogeita hamaikagarrenean kortako atea zabalduko nion otsoari.
Izterrak agerian, bular arteko erretena nabarmen, txiste txarrei barre, kruasan egin berriak goizetan... aho zabalik geratuko zinateke jakingo bazenu estatubatuarrek unibertsal bihurtu dituzten topiko guztiak zein barneratuak ditugun eta zein emaitza onak dituzten. Eta nor yankien filmetara zaletuago, borradun gizonezkoa baino? Edozein botikatan eros daitezkeen loa eragiteko aringarrietako edozeinekin lor nezakeen. Urriloa hautatu nuen, lo-eragile kimikoek ez bezala, ez baitzien sortuko bigarren mailako eraginik, eta ondorioz ezta susmorik piztuko ere.
Azken ia bederatzi hilabeteetan goizero 08:30ean kafe eta kruasanaren zain izaten nituen txakurtxoen esnatzea ikusi aurretik alde egin nuen, ohi baino ordu erdi lehenago, medikuarenera joan behar nuen aitzakiapean. 14:10ean Berlingo Tegel aireportuan nengoen. Gure ama bazkaltzeko berandutzen hasita nengoela kezkatuta zegokeen, eta zu... arratsalderoko lo-kuluxka gozoan.
Egunkari nazionalista espainolek ezin zuten sinetsi. Gerra guztien zentzugabekeria salatzen zuen maisulana, gerraren krudelkeria beste ezelango sorkuntza lanek baino hunkigarriago irudikatzen zituen margolana, faxismo guztien kontrako aldarri unibertsala, basakeriaren aurkako ikur nagusia, erasotua? Non eta Euskal Herrian? Zein zorori bururatu ote zitzaion mural erraldoian berba haiek margotzea?
Onartu zuten, erasoaren helburua zein erasotzaileen jokamoldea ezohikoak izan zirela, salto kuantitatiboa bezain kualitatiboa izan zela. Kuantitatiboa, mundu mailan ezaguna zelako erasotakoa; eta kualitatiboa, segurtasun neurri zorrotz guztiak gainditzeko ahalmena erakutsi zutelako barbaroek. «Borroka armatua bera baino sofistikatuagoa bihurtu ote da arte borroka?», horra soldatapeko zutabegilearen galdera.
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak gogor salatu zuen gertatutakoa. «Honek lotsagarri utzi gaitu euskaldunak munduaren aurrean». Arduratsuenek euskaldunen artean zabaldutako bake eta itxaropen giroa zapuztu zezakeela ohartarazi zuten. Bilbo kosmopolita bihurtzeko urteetan egindako ahaleginak ezerezean gera zitezkeela azpimarratu zuen alkate erdaldun harroputzak.
Berlindik egunkarietara bidalitako komunikatuan azaldu nituen Guggenheim museoa erasotzearen arrazoiak eta sabotajea zehaztasun osoz zelan gauzatu nuen. Argi gera zedin errepikatu nuen, ez zela zio politikoengatik egindako erasoa izan, ez zela ETA izan, ez zela talde bat izan, pertsona bakarra izan zela. Ordaina izan zela, mendeku zintzoa.
— Neu naiz, ama. Gogoan duzu aitaren lankide Alfonek diseinatutako pegatina, aitak sukaldeko baldosan jarri zuena? Paparretik kendu barik erabiltzen genuena?
— Oso urrun entzuten dizut.
— «Euskalduna» idatzi dudala.
— Euskalduna zer?
— Picassori ahaztu zitzaiona idatzi dudala! «Euskalduna» Guernican!
— Lorea, laztana, egidazu berba ozenago, Txorroko puntan entzuten zaitut.
— Agur, ama. Muxu handi bana etxekoei.
— Muxu zer? Lorea, Lorea!
Koaderno honetako azken berbak idatzi bitarteko urteetan, bizirauteko era guztietako lanetan luzatu dut itxaronaldia. Kostatu egin zait testigantza utzi behar nizula konturatzea. Guernica desitxuratu zuen erotzat gogoratuko nautela ohartu naiz. Ustezko eroa izateak anekdota bihurtu duela den-dena, Euskalduna desagerrarazi zutela eta Guggenheimek loriatsu dirauela. Zure aitita zenaren koadernoa irakurtzeko aukerarik baduzu, ni ez gorrotatzeko adorea biltzen baduzu, idatzi egidazu, ez nadin isildutakoak errepikatzen bizi. Hiltzen lagunduko didazu. Laster arte, Peru.
1071 Fifth Avenueko Cafe 3
2018ko martxoaren 29an