Errotik
Errotik
2010, nobela
200 orrialde
978-84-92468-24-9
azala: Unai Iturriaga
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2024, poesia
2023, antzerkia
2018, saiakera
2015, nobela
2007, poesia
2004, poesia
Errotik
2010, nobela
200 orrialde
978-84-92468-24-9
aurkibidea

Aurkibidea

—1—

—3—

 

 

—2—

 

Bizitza osoa hilabete bakarrean, tristezia bete ospitalean. Min bizi batek Lorea Urresti Arteagaren eta Luis Urresti Rekalderen arteko harremana betiko aldatuko du. Hogeita bost urtetan ezinezkoa izan dena, hilabete bakarrean. Alaba eta aita solasean: bizitzaz, heriotzaz, hil ala biziko bihurtzen ditugun huskeriez, maitasunaz.

        Leihotik begira dago Luis. Etxeko zapatila granateak eta gelako zuritasuna arean epeltzen duen txabusina urdina besterik ez daroatza aldean. Azken kordela solterik, agerian du ipurdiko erretena. Loreari irria sorrarazi dio.

        Luisen begiek kristalaren bestaldeko ninboestratuak dirudite, ez diete eguzki-izpiei igarotzen uzten. Zeruaren zati bat ere Gurutzeta gainera etorri da bizitza erreklamatzera. Ez du alabak negarraren zantzorik igartzerik gura.

        — Oraintxe joan da medikua. Ezer baieztatzeko goizegi dela esan dit. Jatorra ematen du gizonak. Euskaraz tutik ere ez daki baina jatorra ematen du. Aurreko minbizia kendu zidan zirujauari buruz galdetu diot eta Estatu Batuetan dagoela erantzun dit, nazioarteko ikerketa talde batekin lanean. Badakizu, hemen nahikoa diru edo ospe lortzen ez dutenek Estatu Batuetara jotzen dute, emaitzarik ez duten ikerketak egin ostean klinika pribatuetan dirutzak egitera. Honek jatorra dirudi, bai, berak ez besteren batek artatzea gura izanez gero eskatzeko aukera dudala bota dit, lotsa-lotsa eginda. Heriotzatik libratzen nauen edonor ondo etorritzat hartuko dudala adierazi diot, nahikoa etsai dudala minbizia, medikua ere etsai izateko.

        Loreak sorbaldaren ezkerreko aldea laztandu dio gora eta behera. Lanbroa antzeman du aitaren begietan. Amaitzen utzi dio. Luisek leihotik begira segitzen du.

        — Baietzik ez dit esan, baina minbizi kabroi hau indartsu ibiliko zait barruan, bost urteren ostean ernetzeko indarra bildu badu. Oraingoz beharrezko era guztietako azterketak egingo dizkidate. Ekarri dituzu egunkariak?

        — Ospitalekotik apartekorik jan dezakezun galdetzeko gogorarazi dit amak. Indabak prestatu ditu odoloste, txorizo eta guzti. Egunkariak ez eze liburu bat ere ekarri dizut, Joseba Sarrionandiaren Gartzelako poemak. Asko dakien lagun batek gomendatu dit. Gustatuko zaizula ziurtatu dit.

        — Erabat identifikatuko naizelako diozu edo ospitaleko ordu amaibakootan poesia irakurtzeko gogoa ere erna dakidakeelako?

        — Asko dakien batek gomendatu didalako ekarri dizut, ez dut uste ospitalean zaudela dakielako oparitu dizunik. Ekarritako bidetik eroango dut.

        — Ez horixe! Asko dakien batek gomendatu badizu, irakurri egin beharko dugu. Baina zelan daki asko dakien horrek gustuko izango dudana? Egon da inoiz koloneko minbiziak jota Gurutzetako ospitaleko 211 gelan? Edo horrenbeste literatura irakurrita berak pairatu ez arren zer sentitzen den jakiteko gai dela uste du? Edo agian espetxean egona da eta ospitale batean hilzorian egotearekin parekatzen du, ospitale batean hilzorian sekula egon ez bada ere. Galde egiozu zein liburu irakurri berri duen, edo zein telebista saio dituen gustuko; baietz medikukeriak erakusten dituzten horietako baten zale sutsua izan.

        — Liburua ez duzula irakurri gura esateko ez duzu nire laguna iraindu beharrik. Opari erosi dizu. Neuretzat gordeko dut eta kito.

        — Izango duzu astia gero ere, nik ez bezala. Irakurriko ditudan azken liburuak ondo hautatu gura nituzke.

        — Medikuak hil egingo zarela ziurtatu dizu? Ehuneko ehunean ziurtatu dizu ezin dizutela minbizia erauzi?

        — Irakurri egidazu liburuko azken poema. Gaur zerua ere kartzelan idatzitako poemak entzuteko irrikaz dago.

        Ohean eseriko balira, asko jota, lau lagun jarrita egoteko lekua legoke 211 gelan. Luisek ilobak izango balitu, lurrean ere eseriko lirateke eta orduan lau lagun baino gehiago bilduko lirateke 211 gelan. Luzaroan zutik egoteko ohiturarik ez duenak ez du ospitaleetara joateko ohiturarik, eta joaten denetan edozein aitzakia asmatzen du hogeigarren minutuan alde egiteko. Esertzeko ohitura edo aukera dutenek luzaroago irauten dute. Batzuek ordubete ere eman dezakete eurei ere inporta ez zaizkien kontuak kontari. Loreak jakin badaki, batez beste hamar ordu emango dituela egunero 211 gelan. Amak bulegoak garbitu behar dituenez, gauez baizen ezin du aitarekin egon. Iluntzeko 20:30ean bukatzen ditu garbiketa lanak. Etxera joan, afaldu, autobusa hartu eta ospitalera. Amaiak astea Donostian igarotzen duenez, asteburuetan egiten ditu ospitaleko txandak.

        Bizkarrezurrak besaulki beltzarekin bat egiteko beste egun emango dituen galdetzen dio bere buruari Loreak, gauez lorik hartu ezinik egunez besaulki deserosoa izango ote duen ohantze. Umetan, gauerdi askotan, oin puntetan amaren eta aitaren oheko babesera egiten zuela gogoratu du. Umea izan den edozeinen oroitzapena dela iruditu zaio, ospitaleko oheetarako estuegia den oroitzapena.

        Aitarentzako Gartzelako poemak liburuaz gain, beretzako Metxa esaten dioten agirretar baten ibili herrenak ekarri du.

        Gartzelako poemak liburua oparitu dizun berberak gomendatu dizkit. Euskaldunaren alde borrokatu zinetenak ere agirretarrak zaretela dio. Harritzekoa, ez nuke esango sua pizteko moduko odolberoa zarenik.

        — Zuk ez dakizu ezer nitaz, ez nauzu ezagutzen. Etxean ezagutu duzun aita ez da naizenaren erdia ere. Neu nintzen polizien kontrako borroketarako beharrezko guztiaz arduratzen zen taldeko burua. Neuk erosten nuen kokteletarako gasolina. Neuk erakusten nien burkideei zapiak busti, su eman eta txakurrei jaurtitzen. Hodien barruetatik norabidetzen genituen ehunka suziri lortuta ezkutuan gordetzeko ardura neurea zen. Ehunka metxari eman die su aurrean duzun gizajo honek.

        Besaulki beltzean eseri da Lorea. Luisek leihotik begira segitzen du, eskuinetara. Autoak ziztu bizian doaz A8an. Autopistaren erdian jarrita, banan-banan geldituko lituzke, leihatila jaitsarazita gidariak ohartzeko: «Azkarregi bazoaz gazteegi sortuko zaizu minbizia».

 

 

— Egunon aita. Ondo egin duzu lo? Irrati txiki bat ekarri dizut, gauetan lorik hartu ezin baduzu, besteen miseriek kontsola zaitzaten. Egunkarietan ere bada zer irakurri. Badakizu Buesaren azkena? Euskara baino ingelesa irakatsi behar dela bota du.

        — Barkatu atzokoagatik. Lar gogor egin nizun berba. Ez dut uste onik aterako naizenik. Eta orain arte kontatu ez dizkizudan guztiak kontatu gura dizkizut, ondo baderitzozu.

        Besaulki beltzean eseri da Lorea. Leihotik begira hasi du kontakizuna Luisek:

        — Ez nuen gura pairatzen ari nintzen saminak zuek ere usteltzerik. Euskaldunakoa gerra zen. Borra kolpeak, gomazko pilotakadak, lankideen begietan izua. Egunero, hilabeteetan. Etxea nuen babesleku bakar. Etxera helduta kanpoko guztia ahaztu gura nuen, gertatu ez zela sinetsi, biharamunean errepikatuko zela ahantzi. Ezin nuen beldurra hezurretatik erauzi. Aldean neroan uneoro. Zuekin beste gai batzuei buruz berba egiteak lagunduko zidala uste nuen, etxean nengoen artean salbu egongo nintzela. Betiko lagunekin tabernarik taberna ibiltzeari ere utzi egin nion, gatazka sasoirik gordinenean ontziolakoa beste gairik ez generabilelako. Bihotza lehertu beharrean, kirioak arin-arin dantzan, estutasunak nagusi ziren egun haietan. Arazorik gabeko pertsona izan gura nuen, inguru hurbiletik kanpokoari jaramonik ere egiten ez ziotenen antzera bizi une batez bederen. Ez zitekeen horren gatxa.

        Aurrez aurre dagoen eraikineko zazpigarren solairuko leihora andere ile zuria agertu da. Ezkerretara begiratu du. Eskuinetara. Behera. Ogi birrinez beteriko mahai-zapia astinduta, etxean barna ezkutatu da. Ez da txoririk inon ageri. Antxetek ez bide dute gaixotutako haragirik jaten, ez bizirik dauden bitartean. Ogi-birrin gehienak hiru hilabetez ingresatuta daroatzan andre baten senar burusoil langabetuaren gainean erori dira.

        — Gure aita zena CNTkoa zen 36ko gerra hasi orduko ere. Gure amak, bost seme-alabak hartuta, zortzi hilabete eman zituen kartzelarik kartzela senarraren bila, Bartzelonakoan topatu zuen arte. Hezurrek gaina hartzen zioten aitaren azalari. Oso gogoan dut, kartzelatik irten zenean ez genuela ezagutu. Hil zen artean sano gutxitan hitz egin zuen gerraz; baina berba egin zuen guztietan, goseak ia akabatu zuela errepikatzen zuen. Zentzua galtzeraino torturatu zutela kontatu zigun amak. Berak bizitakoa bizi ez genezan, muga zorrotzak ezarri zizkigun aitak. Etxean ezin genuen politikaz solas egin; manifestazioren batean parte hartu genuela jakinez gero, ez zigun etxean sartzen utziko. Aurre egin genion apurretan, begiak sutan oihukatzen zigun ez ginela nor mundua aldatzeko, guk bakarrik ez genuela deus irauliko, etxekoez arduratzeko eta kanpokoenak ahazteko, nork bereak konpondu behar dituela.

        — CNTkoa, burgesen antzera, bere zilborrari begira?

        — Ez ezazu 36ko kartzeletako egoera 86koekin alderatu. Zuen ziegak luxuzko ostatuetako logelak ziren aitonaren bizileku izan ziren txerritoki haien parean. Presoak, euren besoei haginka egiteraino erotzen ei ziren. Harriak eta haize hotza, besterik ezin ezer jan. Kartzeleroengandik jasandakoak gizakiarekiko sinesmen oro ezabatu zion. Engoitik ez zen pertsonen alde borrokatuko.

        — Baina zu ontziolan sartuta atoan hasi zinen sindikalgintzan.

        — Ez zen berehalakoan izan. Aitak ez zidan berehalakoan baimenik eman. Bost bat urte eman nituen ontziolatik etxera eta etxetik ontziolara aitaren gerizpean. Orduko hamahiru urteak gaurko hogeiren pareko zitezkeen arren, ume mokoa nintzen aitari aurre egiteko. Bestalde, sindikalgintzan baino, sindikalisten morroi aritu nintzen hemezortzi urteak bete osteko lehen hamarkadan. Neure iritziak kolkoan gordeta taldearen zurrunbiloan murgiltzea erosoagoa zen. Lankide nagusiagoen berba-jarioa nekagarria zitzaidan, kontzeptu gehienak formula kimikoak baino ulergaitzagoak ziren, oihukatzen nituen aldarri askotan ez nuen pentsatu ere egiten, ez nituen neure sentitzen. Gizon haien ausardiak liluratzen ninduen, indarrak, adoreak. Talde bateko kide izatea, erreferenteak izatea, babesa da, are gehiago Francoren diktadurapean.

        — Gaur egun ere hamaika dira taldean oilar eta bakarrean koldar. Gizonok berezkoa duzuen jokabidea da.

        — Emakumeak ere harroago aritzen zarete taldearen abaroan.

        — Lagunartea eta taldea ez da gauza bera. Emakumeok elkartasunak biltzen gaitu.

        — Euskaldunakook erakutsi genuen elkartasuna berdintzen lanak izango ditu asko ahalegintzen denak ere.

        — Amak eta gainontzeko langileen emazteek, koktelik jaurti barik, buztana hankapean bidali zituzten poliziak, bata bestearen besotik oratuta, bularrak tinko, paparra puztuta. Zuek urteak zeneramatzaten egunero besorik beso zortzi ordutik gora lanean. Zuen emazteak hilabete bakarrean bihurtu ziren harresi.

        — Barkatu, ez nuen epikotasun kiratsik zabaldu gura.

        — Ez egidazu barkamenik eskatu, aita. Ederto dakizu nire lagun Bego eta biok izan ginela ikasleen artean borrokalari kementsu eta izukaitzenak.

        — Hamazazpi urterekin, 80ko hamarkadan, Bilbon, mozorro bakoitzeko zazpi heroi zegoen. Kontaezinak izaten ziren zazpigarren ardotik aurrera tabernetan pilatzen ziren iraultzaileak. Zu beste bat baino ez zinen.

        — Berandu orduko hiru-lau txaloko eman bazenizkit, apal-apal jaitsiko nintzen lainoetatik.

        — Zuen amarengan konfiantza osoa nuen.

        — Zurea bai azal lodia!

        — Ez naiz sentitzen dudana esateko gai, badakizu, zerbaitek eragozten dit pentsatzen dudana berben bitartez azaltzea. Batzuek erraztasun itzela duzue horretarako, barruak asaskatzeko ez duzue ezelango zailtasunik. Zuen ama iaioagoa da horretarako.

        — Beharko! Orain etorri-etorrian zabiltzan antzera, orduan ere ahalegina egin izan bazenu...

        — Orduan ez nekien hilko nintzenik. Ez dago heriotzaren pareko ezintasunik.

        — Zirujauak ez du horrelakorik esan, ez zaitezela amaren besteko ezkorra izan. Probak egingo dizkizutela da ziur dakiguna, ez besterik.

        Luis ohean etzan da. Bekokia ilun zutundu da Lorea. Izerdiak itsatsi duelakoan, besaulki beltzari erreparatu dio. Bizkarrezurraren moldea hartu du. Ezker aldera egiten duen mendilerroa dirudi. Ospitaleko besaulkian elurra ari duela imajinatu du Loreak, elur egin berrian pausoa eman gurarik, gerriraino sartzen duela hanka. Metro gutxi batzuk egiteko orduak eta orduak emango lituzkeela begitandu zaio, tontorrera iritsi orduko nekeak lehertuko lukeela.

        — Borrokarik latzenak izan genituenean, batzuetan, irabazi egingo genuela erantzuten nion neure buruari. Sinetsi egiten nuen, polizia baino gerrarako soldadu haiei gailentzen bagintzaizkien, irabazteko gai izango ginela, ez gintuela ezerk geldiaraziko. Besteetan, beldurrak ezkor bilakatzen ninduen.

        Luisen gomutak kristaletik hara doaz, zortzigarren solairuko buztinezko lorontzietara. Andere-belarrek balkoiko barroteak estaltzen dituzte. Zuriak, horiak eta gorriak.

        — Ikarak etsiarazi egiten zaitu. Argudioak asmatzen dituzu ausardia eza justifikatzeko. Eta, azkenerako, amore eman duzu.

        — Bizitzeko aukerarik duzun ez badakizu ere, amore eman duzula diostazu.

        — Barruak diost. Galdu egin dut.

 

 

Erizainak azpil arre batean dakar afaria. Barazki-purea, oilasko egosia eta madari errea. Luis ez dago ez pozik ez triste. Hilko dela dakienarentzat jateak garrantzia galtzen duela irudikatzen du bere aldarteak. Ospitaleko ordu amaigabeak arintzeko beste aitzakia bat baino ez da jatea.

        — Eta, noiz egingo naiz aitona?

        — Bizitzeko gogoa itzuli zaizu.

        — Erretiroa hartzen dudanean neuk eroango dut goizetan eskolara eta arratsaldeetan futbolerako entrenamenduetara.

        — Noiz edo noiz emakumezkoak ere jaiotzen direla entzun dut.

        — Bai, noski, berdin maitatuko dut, neska zein mutil. Baina aukeran gurago mutila.

        — Amaiak eta biok sortu ez dizugun harrotasuna senti dezazun, ezta?

        — Etxean hiru emakume nahikoa direla eta lubakikidea gurago dudala besterik ez dut esan.

        — Gurekin egindako hanka-sartzeak ez errepikatzeko? Hori neskatila izanik ere egin zenezake.

        — Zeri deritzozu hanka-sartzea, nire sufrimendua zuekin ez partekatzeari? Egunen batean ama bazara, gogoratuko duzu gaur berba egindakoa eta arrazoirik ez zenuela onartuko duzu. Norberaren umeak min guztietatik babestu gura izatea gurasoen berezko sena da, ez hutsegitea. Pertsona hobeak zinateketen nire saminaren berri jakin izan bazenute? Zertan lagunduko nindukezuen, lan berria bilatzen? Solchaga edo Barrionuevo edo Jaurlaritzakoekin negoziatu eta Euskalduna ez ixtea lortuko zenuten?

        — Orain askatu dituzun antzera lehenago ere ezpainak askatu bazenitu, barruak lasaiago zenituzkeen, koloneko minbiziak ez zukeen bazkarik. Zeuretzat gorde duzun auhen bakoitza, barrura isuritako malko-jauziek, hesteetan gora eta behera erabili duzun herra, minbiziarentzako oturuntza paregabea izan dira. Amak aspertzeraino errepikatzen zizun, baina hari ere ez diozu kasurik egin.

        — Zuen amak ahoskatu duen berba bakoitza gogoetagai izan da beti niretzat. Baina hori ez da nahikoa. Izaera eta nortasuna errotuta nituen zuen ama ezagutu nuenerako. Hori ez da horren erraz aldatzen.

        — Arrazoi duzu, aldatu beharraz konturatu behar da, hasteko.

        — Hil aurretik aitona izan nahi nuke.

        — Amaiari eskatu beharko diozu.

        — Umeak gogoko dituzula uste nuen.

        — Horrek ez du zerikusirik ama izatearekin.

        — Eta zerk du zerikusia ama izatearekin? Guri eman diguten aukera beste batzuei ematean datza, erreleboa ematean.

        — Umea munduratzea ardura saihestezina da. Orain beste engaiamendu batzuek bizitzen naute.

        — Hamahiru urte nituenetik eguneko ordurik gehienak lanean eman ditut eta, hala ere, bi alaba hazi ditut.

        — Zure emazteak izango zuen meriturik.

        — Ederto ulertu didazu. Mundua konpontzea eta ama izatea bateragarriak direla esan gura nizun.

        — Zuk esan barik ere ondo dakit. Zer uste duzu egiten dugula emakumeok gizonok mundua kakazten duzuen bakoitzean? Garbi-garbi uzten ahalegindu.

        — Matxistatzat naukazula jakiteak min ematen dit.

        — Batzuetan zintzotzeak mina ematea dakar.

        — Gaitz erdi, orain nire urteetako isiltasunaren zergatiaz ohartu zara.

 

 

Aurreko egunetan ez bezala, zerua oskarbi ageri da 211 gelatik hara. Aurrez aurre dagoen zortzi solairuko etxebizitzaren teilatupean elaiak habia egiten hasi dira.

        — Ikusten dituzu elai horiek? Bertoko negua Afrikako epelean igaro ondoren, udaberri eta uda igarotzera itzultzen dira Euskal Herrira. Askok eta askok, jaio zireneko baserri atari edo teilatupeetarako bidea gogoratzen dute. Amagin-aitaginarrebak ezagutzera joan nintzen egunean, Areatzako karrajuan barrura eta kanpora ziztu bizian hegaldatzen zirela akordatzen naiz eta Pantxikek eztitsu egiten zidala ohar: «Kontuz, ez itzazula ikaratu».

        — Neuk ere gogoratzen dut, amama Pantxike udaberritan zain egoten zela eta, berandutzen baziren, arduratu egiten zela, negua udaberrian luzatuko zen seinalea zelako eta horrek soloan eragin kaltegarria izan zezakeelako.

        — Eskukada bat lur eta adartxorekin horrelako habia eraiki daitekeela sinestea kosta egiten da.

        — Aldi baterako bada, kumeak hazi eta abandonatuko badute, zertarako alferreko ahaleginak egin? Etxearekiko menpekotasun gehiegizkoa dugu hankabikook.

        — Etxea lantokia izan da euskaldunontzat. Sustraiak dira, finean.

        — Pisu ziztrin batean bizi gara, aita; lau horma uher horiekiko lotura afektiborik nahita ere ezin liteke gorde. Areatzan biziko bagina, akaso.

        — Hormak uherrak edo urrezkoak izateak ez dio ardura, barruan bizitakoak lotzen gaitu.

        — Elaia naiz, neu ere, orduan.

        — Gure etxeak oroitzapen txarrak dakarzkizu? Umetan ez zinen zoriontsua izan? Ez dituzu gomutan neguko zenbat arratsalde igarotzen zenituzten Amaiak eta biak etxean ezkutatzera olgetan? Edo zenbat arineketaldi egiten zenituzten pasilloan aurrera eta atzera harrapaketan?

        — Umezaroan zoriontsua izatea erraza da. Oroitzapen lausoak dira gehienak, zehaztasun bakoak. Oraintsuagoko oroitzapenak dira balio dutenak eta horiek ez didate irririk sorrarazten.

        — Nerabezaroan gura izan duena egin duenarengandik horrelakoak entzun beharra ere.

        — Hori berori. Ez zara konturatzen lo egiteko baizen ez nintzela etxeratzen?

        — Zuen amak eta biok sekula ez dizuegu mugarik ezarri.

        — Bazenekitelako arduratsuak ginela, ez genizuela atsekabe larregirik eragingo. Etxean ez genuen arazorik, dena zen egokia, zuzena. Liskarrerako zitezkeen berbagaiak ekidinda, liskarrik ez.

        — Gurago zenuen egunero matrakan aritu.

        — Bidea erakustea gura nuen, 80ko hamarkada hartan, Bilbon, zirimolak irentsi egiten zintuen. Garaiz konturatu ezean, heroinak betiko eroan zintzakeen edo Indian amai zenezakeen lebitatzeko edozer hartzen. Etxetik argiontzi eta guzti atera izan banintz, errazago aurkituko nukeen ildoa. Eskerrak Fanoni.

        — Gure Fanon, bizitza osoa bakardade gorrian bizi arren, eredutzat hartu dugu familiako bik gutxienez.

        — Etxekoon arteko bizikidetzari buruz eman dizkidan aholkuei ez diet egundo kasu zipitzik egin. Buruan politika beste ezer ez duen mutilzaharra da.

        — Jaioberriak amari legez jarraitu diozu ba!

        — Eta noren itzala izango nintzen, zurea, tabernarik taberna? Politikari buruzko argibideak gura nituen, Euskal Herrian gertatzen zena ulertzeko gakoak. Pertsonak arrazoi politikoengatik hiltzen zituzten, torturak sistematikoak ziren, polizien jazarpena itogarria. Ezin nion gertatzen ari zenari atzea eman, eta talaia eskatzen ari nintzaizun. Ezkutatzen zenigun guztia zen behar nuena.

        — Nahita ere ezingo nizkizun eskatutako argibideak eman. Behargin gizajoa besterik ez nintzen, Leninen pareko gidariak izatea amesten zutenen jarraitzaile isila.

        — Orain ere zeure burua gutxiesten ari zara. Herenegun harro aitortu zenidan hilabeteetako borroketan gerrillaburu izan zinela.

        — Hori herenegun izan zen, gaur ez daukat epopeietarako gogorik.

        — Bizitza osoa eman duzu sindikalgintzan, urteetan ikasitakoaren nirekin konpartitzea horren mingarria suertatzen zitzaizun?

        — Sindikalgintzak poz beteak zein estutasun antzuak eman dizkit. Zer irakatsiko nizuen, ni neu ikasten ari nintzen-eta!

        — Borrokatzeak ez zuela merezi esan bazenit, aurka egingo nizun arren, eskertuko nuen. Gutxirekin nahikotuko nintzen.

        — Nik ez dut egundo esan borrokatzeak merezi ez duenik. Derrotak garaipenak baino gehiago izan daitezkeela diotsut orain, garaipenen bat lortu orduko jasotako porrotek amore ematera behartu zaitzaketela. Egun handiak dira gogoan iltzatzen direnak, baina egun latzetan pairatutakoek osatzen dute gure izaera. Euskal Herrian egun beltzak argiak baino askoz gehiago bizi izan ditugunontzat mingarria da hanka-sartzeetatik irakaspenak erauztea.

        — Euskaldunakoa ez zenutela galdu, irabazi egin zizuetela esan zenion behinola amari.

        — Neurri berean borrokatu izan bagina irabaziko genien. Baina Euskalduna desagerrarazi egin zuten eta oroitzapen horixe da galduko dena. Galtzaileen oroimena bi belaunalditan gal daiteke.

        — Horra irakaspena, oroitu zaitzaten baizen ez bada ere, irabazi egin beharra dago. Ez da epopeia, tragedia da, grekoa, Akilesenaren parekoa, gutxienez.

        — Kakatzarra! Irakaspen mingarriena hauxe duzu: indarkeria erabiltzen dutenen aurka indarkeriarik erabili ezean jai duzu, galdu egingo duzu beti!

        — Desobedientzia zibilak etsairik armatuena garai dezake.

        — Ez dut sekula ahaztu zure lagunik minena zela Bego, harekin ikasi zenituela borroka bide berri horiek, eta mundu solidarioago baten ilusioa piztu zitzaizuela. Baina horrek guztiak heriotzara amildu zuen kolpetik, gazte izaten hasi orduko. Martiri izateko umeegi.

        — Sinesten zuena defenditzeko hil zen! Heldu koldar, kakati, kikil gehienek ez duzuen adorea erakutsita! Haren pareko dozena batekin ez zegokeen Euskalduna desagerraraziko zuenik ezta Euskal Herria makurraraziko zuenik!

        — Adurretan odola zerien poliziak ezagututa, zuen desobedientzia ekintzaren aurrean txaloka hasiko zirela uste zenuten? Gure aurka berunezko balak erabiltzen ari ziren, greba eguna zen, edozer gerta zitekeen.

        — Ederto ikasi duzue gidoia amak, Amaiak eta hirurok. Gure errua izan zela sinetsiko dut azkenerako.

        — Begok bazekien, ordura arte Euskal Herrian ezezaguna zitzaigun desobedientzia zibilari aurre egiteko, estatuak edozer egin zezakeela. Bazekien mukizu batzuek eginagatik okerkeriatzat har zezaketela, eta oso presente zuen litekeena zela gogor erreprimitzea. Deman egingo nuke Begok ondoriorik txarrenetarako prestatu zuela bere burua, edozer hartzeko gogortu zela. Ez zizun aitortu, erabili egin zintuen. Itsutu egin zintuen maiteminak.

        — Zuengatik berdin jokatuko nukeen.

        — Ez zenuen jokatu, ostera.

        — Ez zenidaten aukerarik eman.

        — Ez, Begok eman zizun.

 

 

Ospitaleko gelatik pasillora irtenda, goizetan ordubete eta arrastietan beste ordubete ibiltzeko erabakia hartu du Luisek. Sei metroko luzera eta lauko zabalera ditu 211 gelak.

        — Zer, kobazulotik ateratzea erabaki duzu? Udaberriak esnatu zaitu lozorrotik?

        — Plastikozko loreengatik diozu? Diru eske etorri ziren ez dakit zein elkartekoei erosi nizkien. Usteltzen hasi dira eta zakarrontzira botako ditut.

        — Usteldu baino erre esan gura izango duzu, plastikozkoak badira. Erretzen direnak hauts bihurtzen dira, haizeak eroaten ditu. Ustelak edozein zomorrorentzako jana dira, bizitza luzatzen dute. Martin naiz, 212 gelako zure auzokoa. Minbizia dut gibelean. Laster hilko naiz.

        — Luis, koloneko minbizia. Bigarrena bost urteren buruan.

        — Metastasirik?

        — Ez didate baietzik esan.

        — Ezetzik ere ez. Metastasia duzu.

        — Medikua zara.

        — Gibelean sortu aurretik, neuk ere kolonean izan nuen minbizia. Laurogeita lau urteotatik hiru bat urte ospitale batetik bestera eman ditut berrogei bete nituenez gero. Buruz dakit medikuen hizkera. Esaten ez dizutena ulertzea lortu behar duzu. Gerta daitekeen edozein ezbeharren aurrean, erantzukizuna saihesteko moduan berba egiten irakasten diete, egin dezaketen edozein hanka-sartze zuritzeko diskurtsoa garatzen dute. Lanean hastearekin batera nortasuna zein hizkera ospitaltzen zaie. Ibiltzeko modua ere, larri-larri.

        — Nirekin zintzoak izaten ari direla iruditzen zait.

        — Hiltzera doanak bi jarrera har ditzake: edozer barkatzekoa edo ezer ez barkatzekoa. Ezagun da zuk zein hautatu duzun.

        — Eta zuri ezer ez barkatzeak zein onura dakarkizu?

        — Gura dudana esaten dut, etorri ahala. Botaka egitearen parekoa da, indartsu datorkizu eta ezin duzu kontrolatu. Bota ondoren gustura geratzen zara.

        — Bilboko Gaztetxean ibiltzen ziren punkien gisa mintzo zara.

        — Gaztetxeetan ibiltzen zara? Hirurogei badituzula egingo nuke apustu.

        — Duela hilabete bete nituen, martxoaren 29an. Alaba Gaztetxeko ohiko bizilaguna zen eta hari entzundakoengatik dakit.

        — Gerra bizi izan dugunontzat punkiak arkumeak dira. Horietako gehienek gosea zer den ere ez dakite. Guk harriak xehatuta jaten genituen frankisten kartzeletan.

        — Gure aitita ere kartzelan egon zen luzaroan. Esteban Urresti zuen izena. CNTkoa zen.

        — Ni Gernika batailoian ibili nintzen, Kepa Ordoki komandantearen esanetara. Espainolen eta nazien aurka borrokatu nintzen. Hitler kumeei Pointe-de-Graven aurre egin zienetakoa naiz. De Gaulleren esker hitzak entzun zituen euskaldun bakarrenetakoa duzu berbalagun.

        — Ni Euskalduna desagertzearen aurka borrokatu ziren langileetakoa nauzu. Polizien esker ona jaso zuenetako bat.

        — Hogei urte gutxiago eta neure iskilu zaharra eskuartean izan banitu, suaren gainean dantzaraziko nituen. Guretzat nahikoa zen baten bat Eusko gudariak gera kantatzen hastea, beldurrak uxatuta handienak txikitzeko.

        — Guk Eutsi gogor genuen; baina euskaldun gutxi ginen letrak dioena ulertzeko, eta rock zale gutxi.

        — Niri galtzeak ez zidan minbizirik ernatu. Hiltzeko gogoa nuen, ez nekien nola eta minbizia sortu nion neure buruari.

        — Luzaroan zaude ospitalean, Martin? Zure adinerako hogeita lau urte ditut faltan. Ez nioke neure buruari horrelakorik egingo. Andrea eta alabak ditut. Euskalduna desagertuta ere, aurrera egin nezake.

        — Metastasia baduzu ez duzu hilabetea amaituko.

        — Eskerrik asko berriketaldiagatik, asko pozten nau zu ezagutu izanak. Laster alaba etorriko da eta aurpegia garbitzera noa.

        — Maite duzu pintura? Ezagutzen dituzu Rembrandten koadroak? Duela hamar bat urte Hagan izan ginen, bake-konferentzia batean gure gerra ibilerak kontatzen. Azken egunean turismoa egitera eroan gintuzten parlamentu ondoko museora. Orduan ikusi nituen, lehen aldiz, Rembrandten koadro erraldoiak. Ezagunenetako batean, doktore bat ageri da autopsia lanetan. Museoko gidariak zehatz azaldu zigunez, XVII. mendean, Amsterdamen, ohikoak ei ziren zirujauen gremiokoek antolatutako anatomia eskola publikoak, ondo ordaintzen zutenentzat. Rembrandti autopsiaren berri koadroan jasotzeko enkargua egin zioten. Autopsia batean gorpua zabaldu egiten zuten, txikitu, desitxuratu. Ni baino handiagoa den koadroari begira nengoela, anatomia eskolarako baliagarria zen eskola hartako ikasleek, gaizkile batena omen zen gorpuari ordez, liburu bati begiratzen diotela konturatu nintzen, Rembrandtek bakarrik erreparatu ziola gorpuari.

        — Mesedez, Martin, oraintxe ezagutu dugu elkar, ez egidazu irakaspen merkerik eman. Ez daukazu senitartekorik gezur ederrok kontatzeko?

 

 

Lorea arnasestuka sartu da gelan. Leihotik begira dago Luis. Kumuluninbo erraldoia ageri da ospitalearen gain-gainean.

        — Egunon, aita. Etxetik euritako barik atera naiz eta, auzoko Milak ekaitza datorrela esan didanean, konturatu naiz giltzak barruan ahaztu ditudala. Ama garbitzen dagoen bulegora joan behar izan dut, etxera itzuli, giltzak hartu, amari bereak bueltatu eta autobusa galduta hurrengoari itxaron. Norekin haserretu zara?

        — Alboko gelan istorio itzelak asmatzen dituen agure zoroa dago. Pasilloan ibili gura nuen, baina gelako atea itxi orduko lagun minak bagina hasi zait heroien balentriak kontatzen. Hitler bera makurrarazi zuela, ez dakit zein margolari ospetsuren koadroak ez dakit zer adierazten duela... Nigan ezezaguna nuen adorea bildu eta zakutik hartzera bidali dut. Medikurik jakitunena antzo, hilabetea amaitu aurretik hilko naizela bota dit, berak minbizia sortu ziola bere buruari bizitzeaz nazkatu delako...

        — Berbalaguna baizen ez zuen gura izango. Bakarrik egongo da.

        — Hilko naizela badaki, ulertuko du ez dudala geratzen zaidan bizitza apurra ezezagun baten txorakeriak entzuten xahutuko.

        — Txorakeriak badira hobe ezagunenak entzutea, ezta? Ez zaitezela bat-batean krudel eta bihozbako bihurtu.

        — Norberak jakitea nahikoa da. Ez dut beste inork hilko naizela gogoratzerik behar. Are gutxiago agure arrotz batek. Barrenak husten ari naiz, minbiziari hesia jartzen. Horixe gura duzue, ezta?

        — Agure horrek esandakoak mindu bazaitu, zergatia ulertzea dagokizu, ez iraintzea.

        — Hilurren nagoela ez naiz psikologoarena egiten hasiko.

        — Arrazoi zuen Milak: ekaitza etorri da, haize-hego eta guzti. Kanpoan ginela medikua etorri zaizu hil-eguna zehaztera?

        — Zure amaren gero eta antz handiagoa duzu. Zuentzat erraza izango da aldartea egonkor mantentzea. Niretzat ezinezkoa da.

        — Borrokatzea da. Zu aditua zara horretan.

        — Ikusten ez den etsaiaren aurka ez dut egundo borrokatu. Ez dakit noiz, zelan edota nondik erasoko nauen. Eta okerrena dena, bakarrik nago borroka honetan.

        — Hara heroien balentriak entzun gura ez zituena. Gogora dezazun, lana utzi dut zure alboan egoteko. Ama, egun osoa bulegoak garbitzen eman ostean, gauero zure ondora dator besaulki ezin deserosoago honetan lorik ez egitera. Ez diguzu eskatu eta hemen gauzkazu. Zoaz agure horrengana eta esan barkatzeko, bide batez zeure buruari ere barkatuko diozu-eta.

        — Egunen batean ama bazara emango dituzu aginduak. Oraingoz aitarengandik jasotzea dagokizu. Ez daukat inori barkamenik eskatzeko asmorik, ez naiz ezeren errudun.

 

 

Gelako atea jo dute. Medikuak hamar minutu barru ikustatuko duela jakinarazi die erizainak. Luisekin berba egin ondoren senitartekoekin mintzatuko da. Erizainaren aurpegiak adierazi duenagatik ez dago jakiterik berri onak edo txarrak izango diren. Hoztasun horrek urduritu egin ditu aita-alabak. Sartu da medikua. Lorea, aitaren besoa estutu eta, gelatik irten da. Pasilloan agure bat dabil bakarrizketan.

        — Jauna, seruma amaitu zaizula uste dut. Deituko diot erizainari?

        — Ez da seruma, morfina da. Eskerrik asko, neuk abisatuko diot. Beste ordu pare baterako minak arintzeko lain badaukat. Luisen alaba zara, ezta? Heriotzari aurre egiten lagunduko dion norbaiten premia larria du. Izututa dago.

        — Eta zu Martin zara, suizidatzeko bere buruari minbizia sortu dion agurea. Ez dakit zehatz zer esan diozun gure aitari, ezta berak zer erantzun dizun ere, baina ezezaguna egin zait aitaren haserrea. Ezagutzen ez nuen pertsona gupidagabea bihurtu duzu.

        — Entzun gura ez zituenak esan dizkiot.

        — Eta zergatik hil gura duzu zeure burua?

        — Hasieran, zahar etxean abandonatu nindutenekiko mendekuz, ahalik eta luzeen biziko nintzela erabaki nuen, abandonatu nindutenei erruduntasun sentimendua desagertu ez zekien. Gero, bakarrik borrokatzeak zentzurik ez duela pentsatu nuen, berdin izango zirela zoriontsu ni barik.

        — Urkatu, eskopetarekin tirokatu, leihotik behera bota... hiltzeko era ugari dago.

        — Azken egunak ospitalean emanez gero, bisitan etortzeko derrigorra sentituko zutela uste izan nuen; hilzorian ikustean, egindakoaren damuak loa galaraziko ziela.

        — Ez zaizu inor etorri. Abizenak ez du familia bermatzen.

        — Etorri ziren, bai, baina medikuen azalpenak entzun, burutik eginda nagoela oihukatu eta alde egin zuten.

        — Medikuari sekretua kontatu ez bazenio...

        — Laguntzeko egin nuen. Milioiak eta azpiegitura garatuenak erabili arren, koitaduok ez dute oraino konprenitzen minbizia zerk sortzen duen.

        — Milaka pertsona salbatuko zenituela eta agian norberak sortutako minbizia zure izenez bataiatuko zutela uste izan zenuen.

        — Ahaztu egin nuen, horrelakoetan medikuek gaixoari egia erdia esaten diotenean, senitartekoei egia osoa aitortzen dietela.

        Zirujaua 211 gelatik irten da. Txabusina zuriaren poltsikotik zapia aterata, bekokiko izerdia lehortu du. Esku biekin sobre handi bati eusten dio.

        — Egunon, zelan dago gure aita?

        — Biopsia egingo diogu, kolonean sortutako adenokartzinoma beste organo batzuetara zabaldu den jakiteko.

        — Sendatuko da?

        — Proben emaitzak izan arte ezingo dugu askorik jakin.

        — Eskanerrak ez dizue ezer argitu?

        — Ez da %100 zehatza. Kolonoskopiak argi erakutsi digu hesteak erabat hartuta dituela. Gibela zein inguruan dauden osterantzeko organoak kutsatu dituen jakin behar dugu.

        — Minbizia sortu zitzaion lehen aldian, heste zatia moztuta erauzi zenioten.

        — Metastasia bada, ez diogu ebakuntzarik egingo. Alferrekoa litzateke, ez legoke zereginik.

        — Zer esan diozu aitari?

        — Proben emaitzak jakin arte ezin diogula ezer baieztatu.

        — Eta berak?

        — Badakiela hil egingo dela.

        Loreak albora begiratu du, Martinen begiek eutsi erantzun diote. Medikua 212 gelan sartu da.

 

 

— Itxaron egin beharko dugu, beraz.

        — Bai, heriotzari.

        — Entzun diozu medikuari, proben emaitzen berri izan arte, ez dago ezer ziurtatzerik.

        — Zeuk ere ederto baten dakizu medikuaren begiek, esku zein bekokiko izerdiak, itxaropen zantzurik ez dakartela. Esaten dizutena baino, esaten ez dizutena ulertu medikuei.

        — Benetan diostazu. Itxaropena da galtzen azkena.

        — Ez, arnasa da galtzen azkena. Itxaropena itxarotea besterik ez da.

        — Borrokatu gaitezen elkarrekin, aita. Amak, Amaiak eta hirurok bat egingo dugu zurekin.

        — Minbizi hau neurea da, ez diot utziko zuetako batengan ernetzen. Erdu hona, besarka nazazu.

        Hamar urtean zain egon den besarkadak malkotan leherrarazi ditu aita-alabak.

        — Bihar koadernoa eta boligrafoa ekartzea gura dut. Isilduta gordetakoak idatziko ditut. Auzoko zoroari kasu egitera, bi aste eskas ditut.

        — Pozik entzungo ditut esateko dituzunak.

        — Idatzita zorrotzago, doiago, txukunago azaleratuko dut esan gabeko guztia.

        — Amesgaiztoak ere bai? Gauetan izerditan esnatzeko ikaragarriak izango ziren.

        — Kontatzeko ausardiarik ez nuen guztia kontatzen zizuen Marik.

        — Ordu txikitan etxeratu nintzenetan, sarritan aurkitu nuen ama egongelako besaulkian jarrita, zapia eskuetan, begiak beteta. Dena eman dizu amak, baita malkoak ere.

        — Besarkadaren ostean labankada, zu bai alaba zu.

        — Ez zaude bakarrik, ez zara sekula bakarrik egon.

        — Badakit. Behar bezala eskertu barik hiltzeak samina areagotzen dit.

        — Emazkiozu orain arte ukatu dizkiozun laztanak.

        — Nire izaeraren ondorioa zen, umetan ez ziguten elkar ukitzen erakutsi. Ukatzea aurrez pentsatuta burutzen da.

        — Amaren bihotz erdiratuaren osasunerako, zure izotzezko izaera hori aldatzeko saiakera egin zenezakeen.

        — Askotan errepikatuagatik, goizetik gauera ez naiz bihurtuko maitekor, laztan zale, txeratsu, musu-banatzaile.

        — Hamar urtean eman ez didazun besarkada eskatu didazu, hazia kimuak ematen hasi zaizun seinale. Lastima beranduegi izatea.

        — Afaltzeko ordua da. Zoaz etxera, ama laster etorriko da.

        — Itxaron egingo diot, ez daukat inorako asmorik.

        — Bakarrik egon gura dut. Ez ahaztu koadernoa eta boligrafoa ekartzea.

 

 

Ama-alabak ospitaleko eskaileretan elkartu dira. Loreak gogor besarkatu du ama.

        — Zer esan dizu medikuak, ez dagoela ezer egiterik? Esan diozu Estatu Batuetara ere eroateko prest gaudela? Ebakuntza egingo diote? Noiz? Badugu itxaropenik? Lasai, laztana, bihartik aurrera zeugaz egongo naiz ospitalean, elkarrekin lagunduko diogu aitari minbizia gainditzen.

        — Entzun, ama, medikuak pazientzia izateko eskatu digu. Biopsia egingo diote, eta probetako emaitzak jakin arte ez hipotesi faltsurik egiteko. Ez duzu lana uzteko derrigorrik, aita eta biok primeran konpontzen gara. Sano kementsu dago, onik aterako den itxaropenez betea.

        — Tipula txikitzen aritu zarelako dituzu begiok gorri-gorri, noski. Goazen kafetegira, neuri ez dagokidan bulegoa garbitu behar izan dudanez, pintxo uherra bazkalduta nago-eta.

        — Zenbat maite dudan esan ordez, lelokeria galanta bota diot.

        — Ez esatea erabaki arren, berez irteten diren horietakoa, ezta? Ospitalean ordu lar igarotzearen ondorioetako bat da. Egunek orduak galtzen dituzte, gaixo-giroak irensten zaitu, mundua gela hotz batera ekarri behar duzu, eta isiltasunaren beldurrez edozer esaten dugu.

        — Geure baitan izan arren, ezagutzen ez ditugun batzuk ere bai. Hiltzeko arriskuan daudenekin zelan berba egin txikitxuterik irakatsi beharko ligukete. Ez nekien hain krudela nintzenik.

        — Zoriontsuak izateko hazi zintuztegun, ez egun osoa penetan emateko. Nahikoa zigortu gintuzten apaizek eta mojek: dena sufrimendua, dena damua, dena fedea.

        — Aipatu ere egin barik hazteak ere ez du askorik laguntzen. Aititak esaten zuen legez, heriotza da berdintzen gaituen bakarra.

        — Heriotza neke pisutsuegia da egunero lepoan eroateko. Ezin gara bizi noiz, zelan edo non hilko garen aurreikusteko ahaleginean. Datorrenean ahal duzun eran egiten diozu aurre, holan edo halan. Ezin dugu liburuetatik ikasi. Bizitzaren ostean zer dagoen adosteko mendeak daroatzagu-eta!

        — Gure aita minbiziak hil dezakeen bitartean, albokoari mina ematea beste zereginik ez dutenak ohean hilko direla pentsatzeak ernegu bizitan jartzen nau. Horra Franco edo Fraga bera. Eragindako hilketengatik ezelango zigorrik jasobakoak.

        — Euren aldekoak ez datoz iritzi horrekin bat. Zuzen jokatu duten gizon handitzat dituzte. Boterea eta militarrak alde dituenak erabakitzen du justizia zer den, hemen eta Txorroko puntan.

        — Ezin dut aita gaixotasun batek hilko duela beste barik onartu. Ezin da patua izan, aitak ez du horrelakorik merezi.

        — Eta zer egingo duzu, heriotza desafiatu? Komeni zaizunean zoriari egotziko diozu errua eta gainontzekoetan sistemari? Fraga garbituko bazenu minbiziak aita bakean utziko lukeela uste duzu? Mendekuak ezer konpondu dezakeelakoan zaude?

        — Justiziak pertsona onen alde egiten duela sinetsiko nuke.

        — Ba ez du egiten.

        — Ba neuk egingo dut.

        — Kaka egingo duzu zuk, horixe. Biopsiak erakusten duenaren zain egoteko esan digu medikuak. Zoaz etxera, afaria prest utzi dizut. Deitu egiozu Amaiari eta egizu lo lasai. Bihar ere argituko du egunak.

        — Zuk, esateko guztiak esan dizkiozu aitari?

        — Orain artekoak bai. Gerokoak, ez dakit aukerarik izango dudan.

        — Hiltzen bada, zer egingo duzu?

        — Pertsona izateari utziko ez diodanez, aita barik bizitzen ikasi beharko dut.

        — Zeuk ere ez duzu baztertzen hil daitekeela.

        — Minbizia izan zuen lehenengo alditik daukat hipotesia gogoan. Besterik da unea iritsitakoan, zuen aita barik bizitzea badagokit, zelan jokatuko dudan.

        — Eta aitari minbizia sorrarazi diotenak patxada ederrean biziko dira?

        — Laztana, medikuek ere ez dakite zergatik ernamuintzen den batzuengan eta ez besteengan. Azkarrak gara, izugarri eboluzionatu dugu, baina asko dugu ikasteko oraindik. Ahaztu bengantzak, gauden aitaren alboan eta gero gerokoak. Zoaz etxera, hartu atseden.

 

 

Ez da lainorik ageri 211 gelatik begiztatzen den zeru zatian. Besaulki beltzean eserita dago Luis, hoditxo batek bideratuta, gurpildun esekigailu batetik zintzilik dagoen plastikozko poltsa zuriari begira. Poltsatik irteten den likidoa zainetatik gorputz osora zabalduko zaiola ikusita, minbiziak berdin jokatu duen galdetu dio bere buruari, heriotzari bidea errazten dion hoditxoa ote den minbizia.

        — Entzun duzu irratia? Terra Lliureko 60 militante atxilotu dituzte. Garzon izeneko epaile batek agindu ei du. Zergatik jarri dizute seruma?

        — Probak egin bitartean ezin dut besterik hartu. Begira egiozu ondo, likidotxo honek bizirik manten nazake. Zer diozu katalanei buruz?

        — Bartzelonan olinpiar jokoak egingo dituztenez, nazioartearen arreta desbideratu dezakeen guztia ekiditeko, 60 independentista preso hartu dituztela dio egunkariak. Terra Lliurekoak direla aitzakiatuta harrapatu dituzte. Erakundea desagertzea eragin lezakeela dio kazetariak.

        — Fanonek behinola esan zidan, Terra Lliurekoak borroka armatua behin betiko utzi ala ez erabakitzeko eztabaidan hasita zeudela.

        — Kataluniako independentismoaren azkena izango dela dio.

        — Fanonekin egin duzu topo? Noiz etorriko zait bisitan?

        — Bart, etxeratu nintzenean, zain nuen atarian. Ondo zauden galdetu ostean, gutuna eman zidan zuretzat.

        — Ez da etorriko. Irakurri egidazu, mesedez.

 

        Luis, bihotzeko lagun,

        Marik telefonotik deitu eta minbizia zenuela esan zidan egunetik begiak batu ezinik nabil. Lepoan hartu eta segi aurrera kantatu dugu askotan elkarrekin, eusko gudariak garela. Inor ez dela ezinbestekoa erakutsi digute ezkerreko teoria politikoek. Ausardia barik, txikiok ez dugula etorkizunik, munduko herri zanpatuok etsaiari gehiago egiteko bildu behar dugula. Euskal Herriarentzat etorkizun hobea erdiesteko borrokan dena emateko hezi gintuzten. Norberaren ongizateari muzin eginda, langile klaseak boterea eskuratu dezan, borrokari emanak bizi behar dugula. Seminarioan irakurritako liburuetako teoriak praktikan frogatzeko limurtu nuen gure osaba Euskaldunan lanpostua lor zekidan. Agerikoa denez, ekonomiari buruz nekizkienak eta gorputz eskasa kontuan hartuta, bulegoko lana egokitu zidaten. Zeuk gonbidatu ninduzun CATekoen asanbladara, lagun zintudalako onartu ninduten gehienek. Zuekin eskuz esku lan egin ezinak ekarri zidan hasierako amorrua otzanduta, bulegoko ordu luzeak marxismo-leninismoa aztertzeari ematea erabaki nuen. Liburu haietako esaldiak gorriz azpimarratzen nituen, gero zuei neureak bailiran errepikatzeko. Zuek besoetan halako indarra nuen mihian. Sasoi batean oso harro nengoen nire mitinekiko erakusten zenuten begirune zein arretagatik. Zuen aldean jakintsu, aditu eta intelektualtzat nuen neure burua. Liderra sentitzen nintzen, itsutu arteraino.

        Bekaitza izan dizut betidanik, Luis. Eguneroko ogia izerdia litroka isurita irabazten zenuelako, apala zarelako, entzuten dakizulako, edozeini edozertan laguntzeko prest agertu zarelako beti. Auzokoekin tabernarik taberna ibiltzeko zalea zinen, nik horri denbora galtzea neritzon, gurago nuen etxean liburukoteak zein egunkarietako iritzi artikuluak irakurri. UGTkoei laguntzea baino gurago nuen hil. Zuk, ostera, lankidetzat zenituen. Formazio politikobakoa izan arren, justua zena bereizten jakin duzu, dagokionari arrazoia aitortzen. Edozer egingo nuke duzun familia izatearren: Mari, Lorea, Amaia. Ez dakit barkatuko didazun. Ez dakit neure buruari egundo barkatuko diodan. Ezin dut idazten jarraitu, ezin zaitut hiltzen ikusi.

        Garaipen egunera arte

Jazinto

 

        — Maite ditudan guztiek maite nautela hilko naiz. Deitu medikuari, datorrela okerrena esatera, datorrela arin.

        — Ordu biko mitinak emateko gai dena, lagun minari orrialde erdia idatzi ezinik; eta zu hiltzeko prest.

        — Irakurri diozu, ni sufritzen ikusteak eragiten dion saminagatik ez da bisitan etorriko. Ez nuen uste horrenbeste estimatzen ninduenik.

        — Adiskidetasunari buruzko iritzi kontrajarriak ditugu. Bego minbiziak erasanda egon izan balitz, egunero egingo niokeen kukua.

        — Bego hilda dago eta Jazinto den modukoa da. Ezin dituzu pertsona guztiak zure neurrien arabera epaitu. Neuk ere gurago nukeen berton balego, baina horixe da agurtzeko aukeratu duen modua.

        — Erabakia hartua duzu, biopsiaren emaitzek diotena diotela, epaia emanda dago: hil egingo zara.

        — Nekatu naiz, ez dut gehiago borrokatu gura.

        — Ezta gugatik ere?

        — Ezta nigatik ere.

        — Bat-batean, aita gisa egin duzun bizi guztian ez bezala, larderiaz jokatzen hasi zara. Alabekiko heziketaren alde itsusiena emaztearen esku utzi duzun horrek, bizitzaren alde ez borrokatzeko hartu duzun erabakia onartu behar dugula inposatuko diguzu.

        — Ez da agindua, aitortza xumea da. Hiltzeko gertu nago, zuek onartu zein ez. Jagoitik inork ez du nire erruz gehiago sufrituko.

        — Ebatzi horren aurkako helegitea aurkezteko eskubidea dugula uste dut. Zor diguzu.

        — Utzidazue beldurrik gabe hiltzen. Batekoagatik, ez dut ikararik sentitzen, ez nau etorriko denak izutzen. Zuen maitasunaren berotan hilko naizela jakinda, pozik hilko naiz.

        — Ahaztu gure arteko liskarrak, ezin ulertuak, txarto esandako guztiak. Ume moko heldubakoa baizen ez naiz izan. Ezin zara horren gazterik joan, oraindik gauza asko ditut zuri esateko, aita.

        — Idatz itzazu, zeure buruari barkatzen lagunduko dizu eta, egunen batean agian, norbaitek eskertuko ditu.

        — Horregatik eskatu zenizkidan koadernoa eta boligrafoa, biontzat berandu zela bazenekielako.

 

 

Estratuak edo behe-lainoak dira nagusi 211 gelatik ikusten den zeruan. Udaberria izaki, biharamunean eguraldi ona egingo duela diote. Enaren habian lau buru ageri dira, gora eta behera.

        — Biopsiaren emaitzak argiak dira. Kolonean sortutako minbiziaren zelulak odolaren zirkulaziotik barreiatu dira urdaila eta gibela hartzeraino. Metastasia pairatu du.

        — Ez dago ezer egiterik?

        — Mina kentzeko morfina nahikoa sartuko diogu.

        — Zenbat?

        — Astea, bi aste asko jota.

        — Morfinaz ari nintzen. Alboko gelako Martinek esan zidan, dosi handietan gaixoak errealitatearekiko lotura oro galtzen duela.

        — Zuen aitak ezingo luke mina jasan, konortea ere galduko luke. Morfinak minik gabe hiltzen lagunduko dio. Ikerketa berriek diotenez, baliteke gorputzean morfina dosi handiak dituzten gaixoak, batzuetan, gertatzen denaz jabetzeko gauza izatea, baita sentimenduak azaltzeko ere. Ez galdu itxaropena.

        — Ez, bizitza da galduko duguna. Eskerrik asko.

        Leihotik begira dago Luis.