ERRIBERAKO ZUBIA
Otsailean irteteari utzi nion lan-orduetatik kanpo. Etxe azpiko kebab-tokira sartzeko soilik kaleratzen nintzen. Mutil aljeriar heldu berri batek zerbitzatzen zituen bildots-doner miresgarriak. Denbora gorabehera hezur eta mami ginen, keinuetara mugatzen genuen solasa. Kopetaren izerdia Samuel Etooren kamisetaren urdin-gorriaz xukatzen zuen Najib luzexkak lau berba zekizkien ondo, sinonimo bi:
Bizia nahi? Mina gura?
Bizia eta mina!
Kaleko ate ondoko mahaian eseri nintzen hilaren 2an. Hiru zeuden. Lehena Kasena, bigarrena Coca-Colarena eta hirugarrena Kelerrena. Piztuta zegoen 32 hazbeteko pantaila. Manu Chao globalizazioari buruz ari zen berbetan. Erosteari uztea proposatzen zigun. Lasaitu ederra hartu nuen, pirateaturik nituen-eta haren disko guztiak. Mutil kanporakoiak irri adeitsua egin zidan. Kebaba uste baino minago zegoen. Biok lotu ginen telebistari begira, isilean, Chaoren berbetak azpiraturik. Gogoko izan edo ez, mesias berria da Chao. Halako batean, Andresen ezusteko deiak harrika eman zion egoera lasaiari. Destenorean zetorren. Nire egun libreari zekarkion gibel-asmoari hartu nion usaina.
Ordu biren buruan lantokira ailegatu nintzen abeslariaren iraultzari kito eginda. Andresi lurrin-usaina zerion. Distiratsu zegoen. Lifting-a egin berri. Soinean, Adidas markako kardigan nabarra. Aurrean udal-hilabetekariko kazetaria zegoen, nire zain. Sano erkina. Urduria. Diosal egin nion. Gure aurre-proiektuari buruzko erreportaje zabala idatzi nahi zuen. Deustuko Erriberako etxeei argazkiak ateratzen ibili zen bezperan, itsasadarraren bestaldetik.
Emaiok behar duen informazio guztia gonbidatu ninduen Andresek; kazetariari begiratu zion segituan: Eta dudarik baduzu, deitu lasai.
Ez zitzaizkion kazetariak laket. Niri ere ez. Behintzat, ez zigun zangotrabarik ipiniko. Orri mordoa eman nizkion. Gauean Ahab eta biok Zihuatanejo jatetxe mexikar dotorera joan ginen. Journalista lotsorra baino urduriago zebilen. Baikor aldi berean. Pozarren. Pendejo enchilada eta oilasko-fajitak eskatu nituen. Ahotik ahora zebilen lekuaren ospe ona. Markinako euskaldun mexikartu batena zen, hogeita hamar urte lehenago Laredora joandakoa. Andresek Mundakako egonaldia atera zuen lehen-lehenik. Sabaiko moldurei erreparatu zien, erako hitzak handik baletoz bezala.
Hurrengo goizean Carmek Marques de Riscal bat oparitu zidaan.
Egonaldiaz mintzatu ziren. Ederto pasatu zuten. Egunak igaro ahala Zorrotzaurreko aurre-proiektua gorpuzten eta sendotzen ari zen. Baiezko keinua egin nion. Isilune deserosoa egin zen. Une hartantxe bota zuen:
Biak zaudek gustatuta nirekin.
Chavela Vargasen doinu minak kontrako eztarritik joan zitzaizkidan, eztul eraginez chili con carne-a bota beharrean. Andresek barre maleziatsu txipia egin zuen. Ustekabeko aitorrak zer pentsatu beldurgarri ugari eman zidan.
Zer egin dezaket? Ezinezkoa duk biekin irtetea.
Sartre, Simon de Beauvoir eta Olga Kosakiewic ekarri zituen ahora. Adi entzun nion, ez ote zidan benetan arduratzen ninduen aferari buruz pistarik eskainiko. Ondoren Nietszche, Lou Andreas-Salome eta Paul Ree etorri ziren; Trotsky, Diego Rivera eta Frida Kahlo; Lenin, Nadezhada Konstantinova Krupskaia eta Inessa. Aho bete hortz gelditu nintzen. Jendilajearen erdia baino gehiago nuen ezezagun. Dimitri eta Sasarekin zebileneko garaietan ikasiak omen zituen Andresek. Berehala aitortu zuen.
Batzuek dekadentetzat hartzen ditiztek hiruko harremanak, baina...
Dimitriz ari zela egingo nuke lepoa. Burges iritziko zien. Hara Gordon Banks Sasaren atezaina Ondarresa tabernako sesioetatik kanpo uzteko arrazoia, esan nion neure buruari. Talkak bikoa behar zuen derrigorrez.
Kapitalismoa eta sozialismoa! Baina hiruko harremanak garaikideak dituk. Modernitate-zantzu garbia ditek. Ezinbesteko bihurtzea duk kontua!
Otsailaren 5ean hondartzara joan nintzen nire zakur pekindar berriarekin. Isoszele katua zendua zen gripeak jota. Gau partean aurkitu nuen sukaldeko zoruan zetzala. Goralarria etorri zitzaidan. Errepidean odoletan topatu ohi ditugun animaliak ekarri zizkidan akordura. Pena apur bat hartu nuen. Lagun egiteko oparitu zidan anaiak. Nirekin egon zen artean, ordea, ez nion kasu handirik egin. Bere bakartasun-mundura bildu zen hasieratik eta bizkar eman nion.
Orain banuen zakur pekindarra. Jako deitu nion. Lau aste zituen. Harean barna zebilen lasterka, olgetan ezeren kezkarik gabe, ipar-haize izoztuari muzin. Haren bekaitz nintzen. Egunkaria irakurtzeari ekin nion begien bistatik galdu gabe. Berehalaxe relax-iragarki deigarrien gainean nintzen. Andresi zor nion, Zihuatanejoko afariaren hondarrean atera zuen gaia. Errusiar panpinen gisan, bata bestearen atzetik harrotu zituen ezusteak.
Duplex bat ordaindu ez ordaindu nabilek.
Alkandoraren goiko hiru botoiak lotu barik zituen. Gorbata laxo. Bularrean ile beltz sarria. Ez zebilen, ez, bromatan. Andrazko birekin oheratzeagatik ordurako ordaindu izana zen zitekeena. Arazoa boterea zela esan zuen irri lazgarri batez.
Begiak egunkaritik jasotzeaz bat, Pitbull batekin jolasean ikusi nuen Jako. Haren jabea, txandal arrosa beztitzen zuen neska anorexiaduna, porro bat erretzen ari zen. Nirearen politasuna azpimarratzeko keinatu eta edadeaz galdetu zidan. Hitz erdika erantzun nion, haren itxurarekin kupiturik. Gogoa Andresengana joana zitzaidan berriro. Duplexarenaz zirikatu ondoren, hiruko harreman iraunkor baten sexu-jokabideaz egin zidan kirika. Kalakari amaiera eman eta alde egiteko irrikan nengoen. Berbetan utzi nuen.
Beste biak mendean egotea duk funtzionatzeko modu bakarra. Edo mendetasunik egon ezean, sinetsarazi badagoela. Eta menperatzaileak menperatuen arteko harremana sustatu behar dik.
Andresen begiek dir-dir errukarri bat egin zidaten. Baiezkorik heldu ez zitzaionez, esanei kasurik ez emateko erregutu zidan. Ardoaren eraginez endekatua omen zen elkarrizketa. Ahazteko. Asmo hartan nire zakurraz itaundu zidan. Carmek kontatua zekien.
Lau egun geroago Aznar udal-eraikinera deitu ziguten. Aurkeztu nahi izan ez zidaten jende mordoa zegoen. Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako eta Bilbao Ria 2000ko lagunak. Imanol del Val ere bazegoen. Plan Orokorraren zirriborroa aurkeztu genuen, denen gogo-betegarri. Zinegotzia nasai zegoen, baina ez sobera pozik. Andres kargutu zen sarreraz. Ermenegildo Zegna-ren trajea zeroan soinean. Orrazkera aldatua zuen ostera ere. Dirdaitsu aritu zen hizketan, urduritu gabe, honi losintxa eta hari balaku. Esker oneko berbak zuzendu zizkien Carmeri eta Nekaneri, plazera zen elkarlana. Begi irrikatsuak ñir-ñirtu zitzaizkion. Bere erara zintzoa zen. Ni aitatu gabe, Carmeri eman zion hitza. Hura ere dotore solastatu zen. Amaieran Padovanoren bisita iragarri zuen, egitasmoaren nondik-norakoak azaltzera etorriko zen laster.
Batzarra bukatutakoan komun eleganteetara abiatu nintzen. Bilera-aretora berriro sartzean, berbetan ikusi nituen zinegotzia eta beste gizon tripaundi bat. Batzarrean ez zuen ahoa ireki. Egia esan, zinegotzia alde batera, inork ez zuen ekarpenik egin. Ados zeuden gure proposamenekin. Edo ez zuten hanka sartu nahi izan. Etengabe burua goiti-beheiti mugitzen zuten ezjakin ustel hutsak ziren. Alta, susmo txarrak hartu nizkion bien tonuari. Haserre ziruditen. Afera edozein izan zitekeen arren, zerbaitek ziostan gureari buruz ari zirela.
Ziztu bizian atera nintzen eraikinetik. Euria ari zuen. Hildako katuarekin akordatu nintzen. Hiruko harremanak okagarriak dituk, esan nuen neure kabutan, are okagarriagoak isoszeleak. Neronek adierazia nion Andresi, zubia barik, hirukia hobesteko. Somerako taberna batean okela garmindua jan ondoren, lauretatik seietara firin-faran ibili nintzen hirian gaindi nagusia burutik ezin kendurik. Bartzelonako episodioak etorri zitzaizkidan gogora. Nou Camp futbol-zelaian bandera haizatzeagatik atxilotu izana desiratu nuen. Brigada Politiko Sozialekoek torturatu izana. Brigada hura zer zen ere ez nekien. Sasak esandakoa bakarrik. Zokoratu bat. Gizajo hutsa bere bakardadean gotorturik. Antz handiagoa zuen Isoszele zenarekin nirekin baino.
Seiak eta erdietan Andresen bila joan nintzen estudiora. Bulegoak garbitzen zituen andrazko gizena baino ez nuen aurkitu. Ezikusia egin nion. Ez nuen, ordea, luze itxaron behar izan. Berehala bistaratu nuen Ermenegildo Zegnaren trajea.
Moet & Chandon eta guzti egin diagu topa Carme, Nekane eta hirurok! Proiektua ezin hobeto zabilek, gaurko bileran ikusi duk!
Whiskitegi batera joateko proposatu zuen. Jende ugari zebilen kalean, merkealdien azken maukak non eskuratu. Umeltasuna hezurretaraino sartzen zen. Esandakoaren kontra, Andresek oso urrun ikusten zuen goizeko batzarra. Harira joan zen:
Bazkarian sexuaz hitz egin diagu. Gure bizitza sexualei buruz. Gure gustuei buruz esan nahi diat.
Beluegi. Ametsak, fantasiak eta putak besterik ez zeuden haren agendan. Sasoiko zegoela esan zioten. Konplimendu hutsa zen, noski, tolesa. Nahikoa, nolanahi ere, Andres nahasteko. Azalpenak oro soberan zeuden. Alferrik ahaleginduko nintzen asmoa aldarazten. Aterainoko bidaide nahi ninduen.
Whiskitegia hutsik zegoen. Bizio-zulo txikia zen, egur dirdaitsu bernizatu berrikoa. Zoruan moketa, Ingalaterrako puben eran. Ez geunden taberna batean, behinik behin. Zerbitzari luzeak agur egin zion Andresi, ezagun zuen. Lantzean-lantzean emakumetan omen zetorren. Mahai txiki batera bildu ginen, barratik hurbil. Lekuak galdera ekarri zidan:
Txortan egin duk jada bi putekin batera?
Erotu haiz, ala? zerbitzariari begiratu genion biok, ez zebilen gurekin arduratuta. Hitz egin ezak baxuago, mesedez.
Andresek Havana Club eta Coca-Cola eskatu zuen biontzat. Ahoa zabaldu gabe, baiezko keinua egin zidan. Eskuin eskuko eri erakuslea luzatu zuen aldiak zehazteko. Gezurretan ari zen beste behin ere. Andresek urteak zeramatzan putak bisitatzen. Gainera, sudurzuloak hantzen zitzaizkion gezurra esaten zuen bakoitzean.
Kolonbiarrak.
Hegoamerikarrak edozein kasutan, ez zekien, berdin zitzaion. Bata gaztea eta bestea heldu samar, nahiz eta zin egin hogeita hamar urte zituela. Berrogei zeuzkan gutxienez. Segidan detailerik detaile hasi zitzaidan xalotasun espantagarriaz. Emakume biren felaziora mugatzen zen dena, azken batean. Carme eta Nekanerekin oheratu behar zuela burura sartu zitzaionetik, training moduan ikusten zuen ikaragarri gustuko zuen hitza, ikastaro batera joatea bezala. Helburua oso besterik izaki. Kabroiak, baina, ez zekien zelan bideratu.
«Ulertzen duk» gogaikarri batzuk entzun nituen. Zerbitzariari ez zitzaizkion arrantzak oharkabean joan. Begira lotu zitzaigun. Orduantxe erreparatu nion benetan lehen aldiz. Adats luzea motots batean biltzen zuen mutil beltzaran luzanga zen. Ile-mototsarena lar informala begitandu zitzaidan toki hartarako, baina sano mutil ederra zen. Emakume helduak erakartzeko ezin egokiagotzat jo behar zuen jabeak.
Andresengana bihurtu nintzen berriro. Otu zitzaidan lehen astakeria bota nuen. Beste joko bat proposatu ahal zien, zer edo zer konprometigarriagoa. Andresek apo-begiez behatu zidan. Depakine pilula bat atera zuen praken poltsiko batetik. Zuria zen, itzela. Krisi epileptikoa ikusi nuen bat-batean whiskitegian. Nire begiek zerbitzariarenak bilatu zituzten. Bistan zegoen gorroto ziola gu bezalako jendeari. Zorionez, ez nuen haren laguntza beharko.
Zarra-zarra ari zuen whiskitegitik irten ginenean. Taxi bat eskatu nuen. Luze gabe Mercedes zuria ailegatu zen. Joan baino lehen, lan-bilera batetik irten bagina bezala, Andresek bostekoa eman eta nire proposamena aztertuko zuela agindu zidan.
Autoko irratian zortzietako albisteak ematen ari ziren. Nire kalera iristean, esatariak hamaika kulturgileren izen-deiturak aipatu zituen, Zorrotzaurre bizi nahi plataforma sortu berriaren kideak denak. Aste batzuk lehenago ikus-entzunezko proiektuari babesa eman zioten gehienak zeuden zerrendan. Gidariari ordaindu nion unean, aurreko kazetari bera manifestu baten aldarriak irakurtzen hasi zen. Une batez eserita gelditu nintzen, hark zer esango.
Dena ondo? bota zidan taxistak ezin zakarrago.
Etxeko atea zabaltzean Jako nuen zain, brinkoka. Zeharo ahaztuta nengoen berarekin. Jai zeukan uste baldin bazuen aterako nuela kalera. Komunera eraman nuen. Kabroiak, ordea, ez zuen txiza egin gura izan. Setari susmo txarrak hartuta, bere toalla berdea ukitu nuen. Blai eginda zegoen. Kolpe batzuk eman nizkion bizkarrean, ezer txarrik ez zela gertatzen adierazteko. Gero sukaldera eraman eta galleta batzuk utzi nizkion zoruan.
Sofan etzanda, akorduan nituen idazle, musikari, artista, bertsolari eta bestelako kulturgile guztiak zakurraren salara bidali nituen. Demagogo haietako inor ez zen Zorrotzaurretik kilometro batera bizi. Gure bulegoa salatu ote zuten itaundu nion neure buruari. Auskalo. Padovanoren kontra bakarrik jo izana zen litekeena. Errazena ere bai. Eta, gainera, berdin zitzaidan. Ezin nuen orojakile eta orosalbatzaile hura jasan. Telebista piztu eta zapping egiten hasi nintzen. Prentsan irakurriko nuen hurrengo egunean zeren kontra zihoazen sinatzaileak. OT utzi nuen. Une batez, Andresi deitu ez deitu egon nintzen. Balantza batean aldeko eta aurkako arrazoiak jarri nituen. Entzundakoaren berri emanez gero, ez zuen gauean begirik bilduko. Tamalez, whiskitegiko kontuak aterako zituen berriz ere. Erabaki egokia hartzear nengoela, etxeko telefonoak gogoetak uxatu zituen. Zutundu baino lehen lau bider jo zuen. Zalantza egin nuen. Banekien Andres zena. Erantzungailua aktibatu arte utzi nuen jotzen. Zarata batzuk besterik ez nituen entzun.
Handik gutxira mezu berria sartu zen sakelakora. «Estrategia diseinatu behar dugu. Bihar arte». Amatatu egin nuen telefonoa. Nahikoa nuen. Carme eta Nekane etorri zitzaizkidan burura. Baita hegoamerikarrak ere. Izerdirik bota gabe aterako zizkioten sosak benetako asmoak azaldu eta gero: «Esto, señoritas, no es más que un training, entiéndanme. A usted le llamaré Blonda y a usted Beltza».