Eulien bazka
Eulien bazka
2003, nobela
176 orrialde
84-95511-55-X
azala: Sonia Uribe
Hasier Etxeberria
1957, Elgoibar
2017, Donostia
 
2007, nobela
2005, nobela
Eulien bazka
2003, nobela
176 orrialde
84-95511-55-X
aurkibidea
 

 

6

 

Damian harritu egin da, gauzak batzuetan zein modu harrigarrian gertatzen diren ikusitakoan. Gutxien uste duzunean, hodeia erretiratu egiten da eta haizea epeldu. Kolorgeak margo hartzen du eta lahar artean, arantzak ezkutatu eta masustak bakarrik ikusten dira. Heldu-heldu. Gozo-gozo.

        Berak uste zuen Lupe eta gazte biak, gazte biak eta Lupe, arazo izango zirela elkarren ondoan jarritakoan. Txinpartak ere irten zitezkeela konbinaketa harrigarri horretatik. Bi ekintzaile eta ertzain bat. Bai, egia da ertzainak ez dakiela ezer. Biologiako ikasleak direla esan zaiola. Baina, beste biek bai. Hari guztiak ezagutzen dituzte. Baita ezagutu berri duten Lupe Latasa, ertzaina lagun bat baino apur bat gehiago ere badela etxe horretan. Ikusi beharrik ez dago zelako erosotasunaz dabilen atzera eta aurrera. Gauza guztien lekua ezagutuko balu bezala. Bertakoa balitz bezala.

        Baina ez da halakorik gertatu. Ezta gutxiagorik ere. Boxeolariek eragin duten ekaitzaren ostean era hain amultsuan jarririk, ematen zuen euretako bakoitzak zeukan izaera arriskutsua albo batera utzirik, argi guztia berari, Damiani, zegokiola. Bera izan dela gaueko izar bakar izendatua. Aho batez. Ez dagoela denborarik, ez biologiarentzat eta ez Lupek bidean zekartzan emakume amodioberrituaren desioentzat. Are gutxiago begien aurrean bere lana azken muturreraino eramateko aukera daukala ikusi ere egiten ez duen polizia batentzat. Eta arnasa hartu du Damianek, urpetik irtendakoan bezala, sortu den harmonia, irudizkoa baino, benetakoa dela ikusi duenean.

        Ezen ezin baita ukatu hirurek azkar egin dutela elkarren ezagutza. Inork ez du esan egia. Lupek ez du esan ertzaina denik. Bi gazteek ez dute esan ekintzaileak direnik. Baina gezurrik ere ez diote esan elkarri. Ez da horretarako beharrik sortu oraino. Ematen du hirurek erabaki dutela, gezurrak besterik ezean erabili beharreko tresnak direla.

        Har dezagun trago bat, esan du Damianek, gainerakoek ezin ulertzeko moduko pozak eraginda. Hozkailutik bitter gorri batzuk aterata, izotza eta laranja azalaren zatiez zerbitzatu ditu. Cinzano bitter soda. Made in Milano. Italy. Espero zitekeen odolaren antzeko bakarra, Milango gorri horrena izan da. Mikatza zein den gozo, batzuetan, esan du Lupek ezpainak busti dituenean.

        Gainera, Damianek zantzu arraro bat ere sentitu du. Gertatzen denaren narratzaile bakarra bera baizik ez daitekeela izan, horixe sentitu du. Bera bakarrik dela hari guzti-guztiak eskuetan dituena. Gertatutakoaren alde guztiak ezagutzen dituen bakarra bera dela. Eleberriti esaten omen diote horri lekuren batean. Eta gogora etorri zaizkio eleberria hilda dagoela eta, lo kuluxka baino lehen egin dituen pentsamendu ero guztiak. Grazia dauka, pentsatu du, neu izatea gau honetako nobelagilea. Neu, lau esaldi jarraian esaten ez dakien hau, izatea beste denek ezagutu nahi duten istorioaren jabea. Eta profitatu egingo duela pentsatu du, ustekabean erori zaion berezitasun berria. Kontatuko ditu bai, kontatu beharrekoak, baina berak nahi bezala.

        Lauron arteko afariak iraun duen bitartean —merkatalguneko arkume txuletak, gaztearenak direnean, ez dira hain txarrak egoten—, beste guztien begiak egon dira berari so. Ia elkarri ez diote erreparatu ere egin beste hirurek, denak egon baitira hain loturik Damianek esandakoetara, bere kontakizunaren arrastora. Bere ahotik irtendakoetatik dilindan egon dira denak.

        Batek, zertarako nahi zuten gizon horiek argazkia, galdetzen bazuen, zer zen, bada, argazki hori, galdetzen zuen Lupek. Edo, bestela, nortzuk ziren, bada, gizon horiek. Hark ez baitzekien ezer, hiru gizonekin gertatutakotik. Bi gazteek zekitenari, Lupek ez zion antzik hartzen, eta alderantziz. Hasieratik kontatu behar izan ditu Damianek gauzak.

        Lupek Jaioneri buruz galdegiten bazuen, besteek esaten zuten, nor da, bada, Jaione delako hori. Eta horrela. Batak filmaren hasiera ezagutzen zuen, eta besteek bukaera.

        Hari guztiak, Damianen esku bakarrik egon dira. Bera izan da titiriteroa eta beste hirurak, txotxongiloak. Gertakizunak ezagutu nahiaren harian zintzilikaturiko txotxongilo haragizkoak.

        Hau esan eta besteari erantzun, gertatutako guztia kontatu die Damianek azkenean. Bi kontu gorde ditu, hala ere, bere kolkorako. Eta ez da izan esateko asmorik ez daukalako. Ezta gutxiago ere. Ez dago bere baitan ezer ezkutatzen ibiltzeko asmorik, azken finean gazte horiek bata eta bestea izango dira, baina biek ala biek atera dute handiagoa eta gaitzagoa izan zitekeen ataka arriskugarritik. Normalena ihes egitea zuten, golf alderako leihoetatik. Baina aurre egin diete hiru kankailuei. Ahal izan duten bezala. Eta Luperi ezer ezkutatzen ibiltzea ere alferrik izango da, pentsatu du, denak jakingo ditu azkar edo berandu eta. Hobe ditu nire ezpainetatik.

        Alabaina, beste baterako laga du berak zekiena: Jaioneren gorpukiak noiztik zeuden leize zulora botata. Eta beste kontua ere azkenerako utzi du, narrazioak bere unerik gailurrena hartu duenerako. Beste hiruren galdera aztoratuen artean une egokia iritsi denerako.

        Zer zegoen argazkian, galdegin dute behin eta berriz. Zer ageri zen bertan. Zergatik nahi zuten argazkia. Gizon horiek. Nork bidali ditu. Zer egingo duzu orain argazki gabe. Eta abar, eta abar.

        Irri zabal bat egin du Damianek une hori iritsi denean, eta atsegin handiz azken lerroa idazten duen eleberrigile baten dardara bera dela pentsatu du, zainetan sumatzen duen kitzikadura hori. Heinrich Böll sentitu da. Faulkner sentitu da. Truman Capote edo Joseph Conrad, edo beste edozein, bere nobelako azken esaldia idazterakoan bezala.

        Gizon horiek nortzuk ziren edo nork bidali dituen ez dakit. Hurrik eman ere ez. Baina ez dago arazorik, esan du, ordenagailuan daukat argazkiaren kopia bat, eta denek egin dute trufa eta irri, ordenagailura egin duten presakako bidean.

        Txakur zaharra dirudizu, esan dio Lupek. Nola deitzen da elurretan sekula galtzen ez den hegaztia, galdegin dio ondoren Gorkak.

        Basoilarra, Tetrao urogallus, erantzun du Damianek irririk galtzeke.

        Ordenagailua piztu eta bi klikadaren ostean, erdi-erdian agertu da Jaione eta gizonaren argazkia. Hirurek aldi berean aldatu dute aurpegia. Hirurek galdu dute irribarrea. Begien aurrekoa ikusi bezain azkar esan dute nahasian, baina gizon hori, baina gizon buruzuri hori, Bankutxako lehendakaria da. Jaime Aranbarri deitzen da. Ezaguna oso. Beti dago egunkarietan.

        Eta orduan bai, orduan Damian ere konturatu da argazkia ikusi zuen estreinako aldian eduki zuen zantzu hura egiazkoa izan zela. Izena entzun eta gero berak ere bai baitaki ezagutzen duela Jaime Aranbarri, Bankutxako lehendakaria. Jaioneren ondoan irri faltsuz ageri den gizon buruzuri hori. Eta irria ezpainetatik zeharo urrunduta, ederki jakin du nork bidali dizkion gaur arratsaldean hiru borrero itzelak argazkia bere eskuen artetik kentzera. Kosta ahala kosta.

        Eta Aranbarri bezalako gizonak badira Oxford Klubekoak, txiki-txiki egin eta zakurren jana egin dezaketela berarekin, sentitu du. Ur handiegitan sartua dela oharkabean, eta balitekeela olatu handi xamarren batek burua hondotik jasotzen ez lagatzea.

 

 

Biharamun goiza da eta Urrutikoetxearen bulegoan, Larrañaga forentsea ez besteko guztiak daude bilduta: Damian, Lupe, Mangas, Leniz eta Urrutikoetxea bera. Dena hitzez hitz eta poliki-poliki kontatzeko eskatu dio Damiani tenienteak. Kontatzeko nola eta noiz jaso zuen argazkia eta, batez ere, esateko berari, Urrutikoetxeari, zergatik ez zion horren albiste eman berehala.

        Horixe egin nuen lehenengo gauza, zeuri bidali nizun posta elktronikoz. Eta Damian gizon haiek argazki bila joan zitzaizkioneko unera iritsitakoan, lehor eten du Urrutikoetxeak haria: nork zekien argazki horren berri. Horixe galdegin dio, ea nortzuk zekiten argazki hori existitzen zela eta zure eskuetan zegoela.

        Zu zeu zinen bakarra, erantzun dio, eta argazkia nire gutunontzian jarri zuena ere bai, jakina. Baina ez dakit nor izan daitekeen nire etxeraino hori ekarri duena.

        Ez zaitez lerdoa izan Arruti, erantzun dio tenienteak, nik oraintxe, zuon aurrean zabaldu dut estreinakoz posta elektronikoa. Ezer bidali zenidanik ere ez nekien. Zertarako dago telefonoa, galdegin du haserre, eta jarraitu egin du hizketan. Inork ez zuen zure etxeko postontziraino isilpean joateko lana hartuko, ondoren argazkia zure eskuetatik kentzen ibiltzeko. Inor ez da hain zozoa. Beste norbaitek ere bazekien argazki hori zure eskuetan zegoela. Derrigor.

        Eta Damianek lurrikara bat sentitu duen arren, ez du deus esan. Hanka azpiko lurra pitzatu zaio eta ez du, hala ere, ezer erantzun. Barrua supituan usteltzen hasi zaio, baina isilik geratu da zeharo. Mutu. Burua galdu duten ero askoren antzera. Hildako animaliak bezala. Harriak bezala. Mutu erabat.

        Pentsa ezazu ondo eta ezer berririk bururatzen bazaizu, hots egin. Beste norbaitek ere eduki behar zuen argazkiaren berri. Latasa, agindu dio gero lehor Luperi tenienteak, ez duzu gizon hau istant batez ere bakarrik utziko. Eta zuek biok, esan die Mangas eta Lenizi, etorri nirekin. Aranbarri jaunarekin hitz egitera joango gara oraintxe bertan. Ostirala da. Bulegoan harrapatuko dugu. Eguerdia baino lehen.

        Polizia-etxetik irten direnean, udatik aurreratutako eguzkiak erre egiten zituen begiak, baina Damian ez da konturatu ere egin. Berdin dio horrek. Berdin dio eguraldiak. Berdin dio Lupe bere itzal bihurtu beharrak ere. Gorpukiek leizean hamabost edo hamasei egun zeramatela Urrutikoetxeari esatea ere ahaztu egin zaio. Baina futitu egiten da. Berdin dio horrek guztiak. Bost axola horrek guztiak eta beste guztiak ere bai. Soilik galdera batentzat dauka lekua buruan. Ertz eta tarte oro betetzen dizkion galdera da. Metalezkoa edo, behintzat, merkuriozkoa. Gai kimiko astun eta garratzez egindako galdera mota horretakoa.

        Eta ia ezin du ibili ere egin kalean galderaren kausaz. Pauso egokia ezin du erabaki. Kosta egiten zaio, zango bat eta gero beste bat, bakoitza bere urratsean jartzea. Eseri egingo litzateke. Apartatu egingo litzateke. Desagertu egingo litzateke.

        Ez du, ordea, Lupek ezer nabari diezaion nahi. Ez du inork ezer nabari diezaion nahi, baina ez da segur lortuko duenetz. Antzerkiak luze iraungo ote dion, ala, aitzitik, kalean doazen herritarren begi galduek ere nabarituko ote duten pauso bakoitzarekin golem astun bilakatzen ari dela. Pauso batetik bestera, bere tripetan eztanda atomiko bat gertatzeko arriskua gero eta hurbilago dagoela.

        Bere begietan dena ikus garbi ikus daitekeela iruditzen zaio, eta ezkutatu egin du begirada lurrerantz. Asfalturantz.

        Galdera bakar eta single bat du buruan, baina, hori bai, bere hesteak harri bilakatzeko gaitasuna duen galdera da, inondik ere.

        Nork bestek zekien argazkiaren berri. Horixe du galdera. Eta badaki erantzuna. Eguzkia hor goian argitan dagoela bezain ederki daki. Sinetsi nahi ez duen arren. Pentsatu nahi ez duen arren. Jakin badaki zein den erantzun bakarra. Ederki asko jakin ere.