Odolbildua
Odolbildua
2002, nobela
184 orrialde
84-95511-49-5
azala: Garbiņe Ubeda
Josu Landa
1960, Altza
 
1983, poesia eta narrazioak
Odolbildua
2002, nobela
184 orrialde
84-95511-49-5
aurkibidea
 

—4—

 

Salto azkar batez zapaldu zuen kalea Mentxuk. Aurreko kantoiko etxean bigarren solairutik gora argitzen zuen eguzkiak, eta gerizpeko freskura diosal legez interpretatu zuen. Udaberri hondarreko egun haiek ezusteko atseginak zitzaizkion. Begietan zuen irribarrea, ezpainetakoa ingurukoentzat nabarmenegia izango zelakoan. Amodio osteko poza sentitzen zuen, zelanbaiteko arintasun ezohikoa pausokeran.

        Botika itxi berria, bazkari bitartekoa kalez kale egiteko asmoa zeukan, salgaiez urri hornitutako aurkeztegiak ikusten eta herritar zintzoarena betetzen bati eta besteari agur legea eginez. Bazuen buruan beste egiteko baten aukera. Pello-Txikiren tabernan Santos topatzeko esperantza zeukan, Antoniak esan baitzion, eguerdiko otordurako etxera agertzekoa zela, eta horrelakoetan basoerdi osteratxoa egiten zuen leku aski ezagunetatik.

        "A zer kasualitatea!" esan gura balu legezko aurpegia ipini zuen tabernaren barruan Santos lagunartean ikusi zuenean. Sartu barik egin zuen antzerkitxoa atetik, norbaiten aurrean interpretazio saioren bat burutzen egongo balitz bezala, harik eta inguruan inor ez zeukala konturatu zen are. Areago, taberna barrukoetatik inork ez zion erreparatu, eta kalearte aldapatsu hartako leihoetan mugimendu txikerrenaren itzalik ez zen antzematen. Etsi antzean erretiratu zen tabernako ataria zen eszenategi hartatik, eta Kristoaren plazatxoko aulkian jesartzera abiatu zen, handixe ederto ikusten baitzen Pello-Txikireneko kanpoaldea. Ezin zuen burutik kendu aurreko astean Joseluk aipatutako zurrumurruarena, alegia, Santos bere txotxongilo hutsa zelako istorioarena, eta hura entzun baino lehenagoko egunetan taberna barruko lagunartera dei egingo ziokeen arren, orduko hartan ez zuen horrelakorik egin, eta hogei metrora patxadan itxarotea deliberatu zuen. Irribarrea ezpainetaratu zitzaion Joseluren gizontzeaz isilean ironizatuz, dagoeneko mutikoa ez zela hain ume eta beregan eragindako portaera-aldaketa zuela haren froga zuzena.

        Zigarro bat erretzeko jorana sentitu zuen baina jendaurrean halakorik ez egiteko aztura, usadioetan aski sakon finkatutakoa, nagusitu egin zitzaion, eta besoak gurutzatu zituen blusa zuriaren gainetik, itxaronaldi behar bezain luzerako. Plazako aulki hartan eguzkiak goitik behera jotzen zuen gura baino pisuago. Ez zuen luzaro hala egon beharrik izan, buruz erretzen uste ari zen zigarroa amaitu aurretik kaleratu baitziren Santos eta lagunak. Egoera berria zitzaion eta ez zekien handik aurrera zer egin behar izango ote zuen, urrutitik aldarri egin ala ezusteko topaketaren bila kalean behera abiatu. Santosek sama okertze batean ikusi zuen urrutitik eta apur batean egoteko keinua egin zion beso luzatuaz. "Kontuz, txotxongilo, nabarmen geldituko haiz lagunen aurrean" xuxurlatu zuen Mentxuk gaiztakeriaz. Handik laster bekoz beko izan ziren biak.

        — Kontxo, zer egiten duzu hemen? Kalearteko ohitura onen aldeko ikuskatze lanak betetzen?

        — Paseatzen, Santos, beste barik —esan zuenaren eta jesarrita egotearen arteko kontraesanaz jabetzearekin bat eten zuen Mentxuk erretolika—. Segi lasai, lagunek alde egingo dizute.

        — Berdin dio, etxera joateko asmoa neukan —ordulariari begira.

        — Goazen toki diskretuagoren batera.

        — Bada halakorik herri honetan?

        Jaiki eta karkaba ordeka batean zehar joan ziren. Ez zen beste inoren pauso hotsik entzuten harlauza zaharkitu haien gainean.

        — Kontatu dizu Joseluk berri ona? —itaunaren erantzuna ezezkoa zela aurrez jakinda jarraitu zuen Santosek—. Ganorazko borroka baterako aukeratu dute gimnasioan. Borrokako prakak eta guzti eman dizkiote. Aitaren lelokeria irudituko zaizu, baina egingo nuke ahotsaren tinbrea ere aldatu egin zaiola geroztik. Ez dakit, gizonduago bezala ematen du, eite serioagoa erabiltzen duela iruditzen zait. Berdin du, gurasokerietan ari naiz.

        — Gazte jatorra da, eta zuek ere merezia duzue bere arrakasta.

        Elizaren azpiko kantoira heldu zirelarik Santa Maria kalean behera egin zuten udaletxe aldera. Etxarte ilun batera ematen zuen barandilaren aurrean gelditu zen Mentxu, eta bestearena moduko jarkera hartu zuen Santosek ere, besoak hesiaren burdinan ipinita eta itzalune hezera begira.

        — Gogoan duzu aurrekoan ekarri zenidan orri hura, zezenzaleen buletinetik erauzitakoa?

        — Ipini duzu albumean, ezta? Banekien atsegin izango zitzaizula.

        — Ez, oraindik ez dut argazkia ebaki, begira —eta gonetako faltrikeratik ateratako aldizkari puska destolestu zuen—... Bertako artikulua irakurtzen hasi nintzen bart eta, tira, zezen kontuak ez dira nire gogokoenak baina grazia zeukan kronistak, eta hurrengo orrialdean segitzen duenez, atzeko aldeari ere ekin nion. Eta ezusteko galanta jaso nuen.

        Santosen begien bistan zabaldu zuen atzeko alde hura, eta oinean zeuden argazki bietatik eskumakoa erakutsi zion. Aurreko urteko zezenketa bateko argazkia zen, zezena hilda eroaten ari ziren unean ateratakoa. Hareatza amaitzen zen tokian, hesiaren gaineko gotorleku erreserbatu batean, hainbat jenderen buruak nabarmentzen ziren "Autoridades" letreroaren gainetik. Bost gizon ziren, haietako hiru kapeladun polizia uniformatuak, eta beste biak paisanoz jantziak. Baten buruak arkatz gorri baten marra zuen inguruan.

        — Ez zaizu ezaguna egiten?

        Santosek ez zuen erantzun. Orria hurbilagotik ikertu zuen begiak nabarmen txikiagotuz.

        — Bera da, ezta? Algortako hitzorduko morroia —kolpetik irten zitzaion Mentxuri pazientzia agortuta, lagunak paperean hiru milimetro baino luzeagoko diametroa izango ez zuen aurpegiari begira segitzen zuen bitartean.

        — Baliteke, baina hain tamaina txikian zaila da esatea —orria itzuli zion Mentxuri, eta baiezkoarena egin zuen kokotsaz—. Erantzuna derrigorrezkoa den galdetegi horietako bat balitz, baietz esango nuke, bera dela.

        — Arrazoia eman beharko dizut azkenean, zaharra, zeuk hasieratik hartu zenion txakur usaina. Orain ere ez zara batere harritu ikusitakoan.

        — Ez da harridura falta. Kezka da. Eta harridura apur bat ere sortu dit, egia esan, horrela ibilitako tipo bat hain nabarmen etorri zaigulako. Ez daukat ideiarik ere zertan dabiltzan.

        Atzera gorde zuen papera eta ukondokada batez egin zion kalean behera segitzeko gonbitea.

        — Bistan da urduritasuna kutsatu gura digutela. Eta asmo horren arrazoitzat bi ikusten ditut neuk posibleen. Bata, gu gogaitzea edo izorratzea, garbi izan dezagun haiek direla nagusi, eta ez gaitezen mugi beldurragatik. Bigarren hipotesia, gaiztoena beharbada, jokaldi okerra egin dezagun bultzatzea izan liteke. Ea urduritasunak hanka sartzera garoatzan.

        — Bi-biak iruditzen zaizkit niri gaiztoak.

        — Euren helburua edozein dela, zer edo zer egin beharra daukagula uste dut. Lehen hipotesiaren kasuan, harrotasunak eskatzen didalako geldirik ez egotea. Eta bigarrenarenean, ustez gurea izango den hanka sartzea eurena bihur dadin.

        Xehetasun handi barik kontatu zion ordura arte pentsatuta zeukana, amarruzko operazioa antolatzea otu zitzaiola, urte batzuk lehenagokoen antzekoren bat, itsasontzi bidezko kontrabandoa emango zuen zerbait, txakurrek gezurretako amukiari heldu ziezaioten.

        — Irrati bidezko sare bat muntatu beharko genuke egun horretarako, eta burutik pasatu zait modu errazena Bermejori eskatzea izango dela. Zelan ikusten duzu?

        — Uzkur samar dabil nirekin atxiloketaren kontuaz geroztik... nik behintzat gurago nuke zeuk eskatuko bazenio —gaiztakeria aurpegiz begiratu zion Mentxuri—: Batzuetan iruditzen zait zurekin maiteminduta dagoela.

        Mentxuren algarak luzatu zuen Santosen irri-karkaila. Isiltasunak bermatu zuen Bermejorekiko gestioari buruzko adostasuna.

 

 

 

Musu bat emanda eta afaritarako pertzetan zer zegoen begiratzen zuen bitartean, ea Mentxu goian zegoen itaundu zion Joseluk amari. Ezezkoa jaso zuen arrapostua, eta gainera, ez zuela uste laster batean etortzekoa zenik, botika itxi ostean betebeharrekoren bat izan behar zuela kanpoan, afaritarako iritsiko ote zen duda egin baitzuen. Esplikazioaren jarraipenari ezaxolarena egiten zion Joseluk. Ea zertarako jakin gura zuen galdeginda, Joseluk ardurabako tonua erabili zuen "lagun batek esandako zerbaitez itaundu gura nion" erantzuteko. Poltsatik izerditutako elastiko eta galtzerdiak atera zituen eta ama erabiltzen ari zen sukaldeko mahaian bertan utzi zituen, zuritu berriko patata azalen alboan. Biharamunerako garbiak beharko zituela esan zion, ez zuela ardura erabat lehorrak ez bazeuden ere, eta eskaileran gora egin zuen hirugarren solairuraino.

        — Mentxu? Ni naiz, Joselu! —aldarri egin zuen beldurraizez atea zabaltzearekin batera.

        Barruan inor ez zegoelako ziurtasunak ez zion eragotzi begirada barreiatze azkar batez ustearen berrespena bilatzea. Arreta handiz mugitzen ari zen, zaratarik ez egitearren edo argia isiotu ez zuenez kaleko farolek soilik argiztatzen zituztelako bazterrok. Linterna txiki bat hartu zuen sorbaldan dingilizka ekarritako zakutotik eta ezker-eskumako izpi mugimendu arina burutu zuen aurrez aurreko paretan. Pianoaren segidan zegoen atean finkatu zuen linternaren jopuntua eta bertora gerturatu bitartean pausoen kulunkak baino ez zuen lortu eskuaren dardara atean islatzea. Maratilari eragin zion eta kirrinka mehe batek adierazi zion sarbidea giltzatu barik zegoela.

        Argi gorri indarge batek erditzalez zirriborratzen zuen begietara hedatu zitzaion esparru ezezaguna, eta instintiboki makurtu zuen linternaren norabidea lurrera. Mentxuren gelako arrosek barreiatutako usain goxoaren kontrastean, gela hartan kirats itzela zegoen, hanka-usaina, izerdia eta botika-giroa. Hezetasun beroa. Arnasa sakon hartu zuen goragale iragarpena eteteko.

        Berak espero baino gehiago urrutiratu behar izan zuen bista. Izkina batean, lanpara txiker bat identifikatu zuen argitasun gorrixka haren sorburu legez. "Nor dabil hor" itaun marrantatua entzun zuen. Linterna goratu zuen apurka eta berari esker ekin zion aurrean zituen objektuak zehatzago identifikatzeari.

        Hiru mailatako literak ziren, lau ilara paraleloetan ezarriak. Kalkulatzen zuenez korridorearen hurren egon behar zuen paretaren kontra. Litera-sail bakoitzaren aurrean mahaitxo bana zegoen, eta hurrenekoa eskuko argiaz miatu ondoren ikusi zituen gain-gainetan zeuden koadernoak, botiken kristalezko ontzi koxkorrak eta goma korapilatu batez itxitako kutxatxo metalikoak. Literaren beheko apalean zegoen manta puztua ikusita berton norbait lotan zegoela iruditu zitzaion, eta paretaren aldera egin zuen burkoa han behar zuelakoan. Ohean zegoenaren aurpegia linternaz distirarazi zuen arren, morroia ez zen esnatu. Goiko literan zegoenak ez zuen mantarik gainean, eta xehetasun handiagoz ikusi ahal izan zituen gizon mehar haren hezurdurek, hanketakoek nahiz besoetakoek, osatzen zuten erliebe durduzarazlea, hezurrak eta narruazala ia giharrik gabe elkarrekin itsatsita.

        Arnas beharrean egongo balitz moduan jesarri zen Joselu baldosen gainean, ohearen zurezko oina bizkarraren euskarri, baina gutxi iraun zuen horrela, eta jaiki barik atera zituen zakutotik tresna metaliko astun bi. Aurretik lurrean utzitako linterna sabaira begira ipini zuen argitasun zurixka hura heda zedin. Argazki-kamera eta flasha kable batez lotu eta esku banaz heldu zien jaiki aurretik. Aldez aurretik entseatutako atzapar-mugimenduak atzenekoz berretsi guran, klikada batzuen simulakroa egin zuen argazkirik egin barik. Segundo batzuk pasatu zituen goiko literetara, gorputza agerian zuen gizonarengana, zuzendutako estreinako argazkia bota baino lehen. Flashak sortutako itsumenak eta sustoak beste hainbeste segundoz utzi zuten paralizatuta bezala, nahiz eta segidan abiada itzelean etorri ziren beste bost, zortzi, hamar gehiago. Kexu batzuk entzun ziren hondoko literetako norbaitek eginak, oihu izatera iristerik ez zuen murmurioa. Eztul konbultsionatuak, kexuen oihartzun eten legez.

        Ondoko gelan entzundako bat-bateko zaratak izutu zuen Joselu, eta kamera-flashak zakutoan sartu zituen jausten utzita. Linterna eskuratuta irteera aldera jiratu, eta gelako atea argiztatu zuenean ikusi zuen Mentxu, ate ertzean arduragabe itxuran kokatuta.

 

 

 

— Betidanik sumatu izan diat higan anparorik gabekoenganako errukia.

        Iturburua paretaz bestaldean zukeen ahots modukoaz isuri zituen berbok Mentxuk, eta atzamarren mugimenduaz adierazi zion Joseluri bera zegoen tokira hurbiltzeko.

        — Goazemak, koitaduek bake apurra merezi ditek.

        Atzeko gelako atea itxita Mentxurenean sortutako berbeta falta zaurigarria zen. Hormako erlojuan zortziak paseak ziren. Txundituta baino beldurtuta begiratzen zion Joseluk.

        — Zer? Zerbait interesgarria aurkitu duk?

        Lepoko edo bizkarreko oinazeak jasango balitu moduan sorbaldak beheratuta, Joseluren begiek lurreko baldosak zituzten jopuntu, nahiz eta burua geldirik begi-niniek alde batera eta bestera ñirñirtutako barreialdiek labezomorroen ehizean aritzearen itxura ematen zioten. Eztarriko soinurik meharrena egin barik Mentxuk aginduko zizkiokeen gauza guztiak, hurrenez hurren, zintzo betetzeko prest zegoela zirudien. Andrea ez zegoen ezusteak sortutako amenzaletasun egoera hura pasatzen uzteko. Uhalari eginiko tiraldi arin batez kendu zion sorbaldatik eskegita zeroan zakutoa eta idazmahaiko aulkian jesartzeko eskatu zion.

        Zakuto barruko tresneria ateratzean sortutako zaratak jadetsi zuen aspaldi luzean Joseluren begiak Mentxu zegoen tokira zuzentzea. Poltsak mahai gainaren kontra hartu zuen atseden eta, flasharekin lotzen zuen kablea askatu ostean, esku biez oratu zion argazki-kamerari. Buruz gora hogei zentimetro altxatzea izan zuen Mentxuk lehenengo erreakzioa, baina jarkera bitxi hartan sakon hartu zuen arnasa eta damuaren aurpegia ipinita besoak euren onera itzuli zituen. Bera ere jesarri egin zen, eta birbobinatzeko ziriari eragin zizkion behar baizen itzuli gehiago, burdina jiratzearen ariketak pentsatzen lagunduko balio bezala. Kameraren barrenak zabaldu eta klixeak haizatu zituen soinekoaren poltsikoan sartu aurretik. Lurrean amultsuki laga zuen kamera, matxuratuko ote zuen beldurrez.

        — Hire galderen zain naukak. Gura duana itaundu, nik neureekin hasi aurretik.

        Adorea berreskuratzen ari zela ematen zuen, eta esperobako tonu indartsuaz erantzun zion:

        — Uste dut ikusi beharreko guztia ikusi dudala hor barruan —eta soa Mentxuren musurantz zuzentzeko ausardiaz biribildu zuen esakunea.

        — Eta zer duk, bada, hor barruan ikusi duana? Gaixo batzuk, besterik ez. Baduk adina orain arte gurasoek ezkutatutako hainbat gauzaz ohartzen hasteko.

        — Ez dut uste hor barrukoa gurasoek bakarrik ezkutatutakoa denik. Zuk ere parte izango duzu.

        — Bakean utziko ditiagu hire gurasoak, arrazoia daukak. Behintzat, jakin gura izango duk zenbat dagozen, ez diat uste guztiak banan-banan zenbatzeko abagunea izan duanik. Jolas txiki bat egin dezagun, ea asmatzen duan zenbat dagozen...

        Joseluk ez zuen erantzun.

        — Tira, jolasa duk.

        — Ez dakit... hamar, eman dezagun.

        — Gutxiago, gutxiago. Duela urtebete hamabi zegozean, ez zegoan gehiagotarako tokirik literetan. Baina gauzak aldatu egin dituk azken aldian, eta behera egin dik kopuruak.

        — Nahikoa da, Mentxu, ez nago tontakerietarako.

        — Ez noski, mutikoa detektibearena egiten zabilek, edo poliziarena, eta film bateko pertsonaia nagusiaren moduan hasi ez zaidak bada trufarako zer den eta ez den aholkatzen. Detektibearena egin gura duanez, jakingo duk itaunak egitea egokitzen zaiala, krimen denak argitu arte. Lehen ere eman diat aukera eta orain berritu egiten diat. Itaun egik gura duana.

        — Hil aginik dagoz...

        — Badakik zer jazotzen den meatzetan dabilen alproja bat tuberkulosiak edo silikosiak jota gaixotzen denean? Soldata osoa ordurarte legez jasotzen segitu gura badu, beharrean jarraitu behar duela. Eta zer egiten dik jendeak, jota dagoenean, oinazerik ez sentitzeko? Botikak hartu, gero eta indartsuagoak. Azkenean, morfina bihurtzen duk miseriak ahazteko eta mea-ustiaketari ez uzteko bide bakarra. Hasieran debalde edo oso merke lortzen ditiztek sustantziok mafietan, baina hilabete gutxiren buruan soldata erdia edo gehiago gastatzen ditek horretan. Drogen eraginez ere beharrerako ahalmenik ez dutenean, kale gorrira zoazak. Ia guztiek kanpoan ditek familia jatorrizko herrietan, eta soldata haiei bidali beharrak eroaten ditik puntu horretaraino. Ez itsuki maite dituztelako, frakasatu ez dutela adierazten jarraitzeko baizik. Nik, hire aitaren laguntzarekin, gaixoak hemen jasotzen ditiat beste inora ez dutenean. Hil arte ez zaiek ezer falta, ezta ezinbestekoa duten morfina ere.

        — Eta zelan meatzariekiko harreman hori? Urruti dagoz paraje horiek Portugaletetik.

        — Erdu hona —leiho ondoko mahaian antolatuta zeukan laborategitxo aldera seinalatu zuen, eta Joselu heldu bitartean paper mordoa hartu zuen apalategitik, aldizkariak, liburu bat eta koadernatu gabeko eskuizkribuak; bion arteko bakea sinatu asmorako ematen zuen beso tinkatzea egin zion sorbaldetan—. Ikusten duk dokumentazio hau? Emaiok begiratu txiki bat —izenburuetako testuak atzamarrez azpimarratzen zituen hurrengo orrialdeak haizatu aurretik denbora neurtzen legez—, ez zekiat jakingo ote duan botikarako zelako beharrak egin behar izaten ditudan hemen goian, baina zin egiten diat honek guztiak ez daukala zerikusirik botikako negozioarekin. Portugaleten ez zagok hainbeste gaixo birika kontuetan. Meatzariekin ari den mediku adiskide bati laguntzeko egiten diat. Aspaldiko ezaguna diat, hori eta gehiago merezi duena. Lucas Fernandez dik izena —barregarri eritzi zion bere buruari Mentxuk, lagunaren deitura eta guzti esanda—. Apuntatu duk? Non idatzi ere ez daukak! —algara egin zuen—. Zelako txibatoa!

        — Mentxu, mesedez... —lotsagorritzeak masailetan islatutako ondorioak disimulatzearren aulkira itzuli zen Joselu, eta Mentxuk ere gauza bera egin zuen oraindik estreinatu gabe zeukan dangada aurrekoan baino antsia apalagoz ezpainetaratuta.

        Lurrean zegoen argazki-kamera hartu zuen.

        — Zoritxarrez klixeak izorratu zizkioat lehen traste honi; beharbada, neure erretratua ere gurako huen.

        Ahoskera seriotasun aldera apur bat zuzenduta mintzatu zitzaion ostera.

        — Neure itaunen txanda duk orain: norbaitek bazakik hor barruan sartzekoa hintzela?

        — Ez, inork ez, nik uste...

        — Eta zer dela eta sortu zaik horretarako asmoa? Norbaitek eskatuta?

        — Ez, zurrumurruak zirela esan zidaten eskolako lagun batzuek.

        Argazki-kameraren estalkia irekitzeko kisketari eragiten zion Mentxuk behin eta birritan, eta sortutako hots metalikoak modu akonpasatuan entzun ziren. Motelago Joseluren lehen erantzunarekin eta azkarrago bigarrenarekin.

        — Badakik zer den hau? —esku arteko tramankuluari begiratu zion—. Gezurrak detektatzeko amerikarrek asmatutako tramankulu berri bat. Nik fidatu gura nikek hitaz, baina makinak ziok gezurretan ari haizela —tramankuluaz zarata egiteari utzi zion, ondoko isilunea areagotu guran; hamar arte kontatu bitarteko isilunea ematen zuen, arerioak lurrera bota ondoren KOa lortu ez lortu epaileak atzerantz egiten duen kontaketaren itxurakoa—. Hara, hire urtemugarako argazki-kamera oparitzea otu zitzaidaan, halakorik ez huela uste nian, baina baten batek lapurtu egin zidak ideia.

        Bekokia lurrerantz uzkurtuta lotu zitzaion Joselu hizketari.

        — Ez dakit nor den. Gimnasiora etorri zitzaidan eta hitzordua ipini zidan. Aitaren eta batez ere amaren onerako zela esan zidan. Polizia zela uste dut...

        — Eta nola dakik polizia zela? Hi ere aita bezala hasi haiz poliziak alde guztietan ikusten —eskua paparreko botoi artetik sartu zuen—. Segi egik.

        — Argazki batzuk erakutsi zizkidan, aita eta zu elkarrekin... —ezinezko berba egokiaren bila dudatu zen une batez— ohean... eta esan zidan aita zenbait kontu ilunetan nahasia zela... aita garbi gelditzea gura banuen lagundu beharko niola, hona etorri eta argazki batzuk atera... hori da dena.

        — Baita hik sinistu ere. Ea, Joselu, hik uste duk poliziek ez daukatela lehen ikusi duanaren berri? Egia esan, ez diat uste argazkirik dutenik, baina horrek bost axola. Gura balute, honez gero filma ere eginda lukete. Hor atzeko koitadu guztiak ostatuko bezero bezala zagozak erregistratuta, eta legez bezero guztien datuak agintariei pasatzea ezinbestekoa duk. Hiltzen direnean ere hemengo helbidea izaten ditek hil-agiriek. Zer uste duk espero zutela aurkitzea?

        — Datu berriren bat, nik zer dakit bada —lurrerantz makurtu zuen lepoa eta mutu iraun zuen, ailegatu ez ziren Mentxuren berben esperoan—. Zer gehiago esatea gura duzu? Aitaren alde egin besterik ez nuen gura.

        Disko entzungailua zegoen tokiraino hurreratua zen Mentxu azken berbaldia aditu artean, eta kartoizko zorroak begiz barik atzazalez ikuskatzeari ekin zion. Bizkarra emanda hasi zen berbetan, ausaz aukeratutako disko bat abian ipintzen zuen bizkitartean.

        — Asko maiteko duk aita, sinisten diat baina hik ere sinis egidak, nik ez diat gutxiago maite. Imajinatzen diat zein erretratu erakutsi dizkiaten, eta heuk ere berorietatik ondoriozta dezakek zenbat maite dudan. Istorio zaharrak dituk... Ez haut aspertu gura.

        — Abisatuko dizut aspertzen naizenean.

        — Hire aita eta biok gerra garaian batailoi berean ibili gintuan, komunisten batailoi batean. Ez huen gozoa izan, denak kontra genitian, Francorenak eta baita nazionalistak ere, anarkistak, sozialistak... denak. Gerraren amaia desastre erabatekoa izan huen. Nik lortu nian anonimatoan pasatzea. Hire aitak ez, eta justu-justu salbatu huen fusilamendutik. Kartzelako urte gogorrak jasan behar izan zitian berak, eta egoera larria neuk. Jakingo duk familia Negurikoa dudala, baina errepublikarrekin ibiltzen hasi nintzenetik ez zitean nirekin ezer jakin gura. Azpijoko zikinetara kondenatuta nengoan beraz. Nik ez nian batailoi hartako beste inoren berririk, duela egun gutxi beste bat ere bizirik zela deskubritu nuen arte... Beno, haria joan egiten zaidak. Hori duk istorio triste baina polit horren zatirik inportanteena, osterantzekoa akzidentala izan duk. Ez dik merezi gehiago kontatzeak.

        — Ez dizkidazu detaile asko kontatu, baina alderdi polit hori ez dut hain garbi ikusi.

        — Erraza duk hiretzat hori esatea. Sentitu duk inoiz gosea, beste baten narruazalaren beharra, berorik beroenaren beharra?

        — Bai, noski —mututu egin zen, Mentxuri espero ez zuen erantzuna eman ziolakoan, baina bestearen isiltasunak behartu zuen jarraitzera—. Egia esan, aitarena ez zait hainbeste ardura. Batez ere amak min ez hartzea gura dut. Bera ez da aita bezain indartsua.

        — Horretan erratuta hago. Ez itzak nahastu apaltasuna eta ahulezia.

        Ispilu batean bere burua imintzioka ikusi izan balu legez, jarkera hieratikora itzuli zen Mentxu.

        — Tira, utz ditzadan amakeriak; baduk nahikoa ama bakarraz. Aitak aipatu zidak azkenean borrokaldi serio baterako hagoela. Zelan?

        Mentxuren imintzioak galdera errepikatu behar ez izateko moduko eragina sortu zuen.

        — Kristolakoa izango da. Entrenamentuen erritmoa gogortzen hasi behar dut.

        — Areago?

        — Hau ez da txantxetakoa izango, Mentxu. Froga honek alda dezake nire etorkizuna. Boxeoan, esan gura dut.

        — Zein ordu dela kalkulatzen duk? —galderaren hutsala nabarmentzeko hormako erlojuaren orratzak irakurri zituen zeharrez—. Zortziak eta hamar. Hogei minutu barru hire aitarekin lotuta nagok. Etorri gura duk? Bazaukat bidean kontu pare bat hirekin komentatzeko.

 

 

 

Ezkutatu aurreko azken kolore aldaketak ageri zituen eguzkiak Abrako lurmuturrek mugatutako zeruertzean. Taberna bateko terrazan jesarrita zegoen Santos, Santurtziko portutik hurre, eta bere begiak ez zeuden itsasadarra errainu kaleidoskopikoez janzten zuen arrastiriaren kontenplazioan. Inguruko hamar bat mahaietatik erdiak edo zeuden okupatuta.

        Ezin sinistuaren keinukera ipinita sorbaldak jaso zituen aulkiaren bizkarraldetik, kalean zehar hurbiltzen ari zen motozikletan Mentxu eta Joselu ezagutu uste izan zituenean. Hamar metro eskasetara lurreratu zituen oinak Mentxuk, eta semea izan zen jausi batez espaloira eginda eskuaz agurtu zuen lehena, motorraren zarata amatatu aurretik. Agurra ere ez zirudien buru-jasoaldi batez Santosek diosala itzuli zion. Mentxuk motozikleta bere hartan zutik geldituko zela ziurtatu arte iraun zuen gazteak haren aldamenean, eta elkarren gerizan jo zuten Santos jesarrita zegoen lekura. Txarto disimulatutako harrotasuna islatzen zen Joseluren aurpegian, Mentxu baino altuagoa izan arren haren babesean legez ibilita.

        — Ez nuen uste festa bat antolatua genuenik. Aurretik jakinez gero terraza girnaldaz apaintzeko gaztigatuko nieke tabernakoei —alai ahoskatu zuen Santosek, hain tarte laburrean jasotako ezusteko biak, motozikletarena eta Joselu ikustearena, albait errazen irenstearren—. Non eskuratu duzu harribitxi hori, Mentxu?

        — Ez nizun esan, baina pasa den martitzenean Fonsecarekin egon nintzen, eta maileguan utzi zidan egun batzuetarako. Zer, ez duzu gustukoa? —baina Mentxuk ezagutzen zuen erantzuna, gerraurrean mosso-ek erabiltzen zituzten motozikletak Santosek zelan begiratzen zituen gogoratuta.

        — Zer kontatzen du Fonseca zaharrak? Zer tankera?

        — Saltsetan, beti legez. Burges ttipiaren estatusa berreskuratu du eta han-hemen dabil negoziotan.

        Zer hartuko zuten galdegin zien Santosek, eskuetaratu berri zuen ardao edalontziak exijituta. Mentxu kopaxka bat hartzeko joranez zegoen baina kafesnea eskatu zuen, eta Joseluk gaseosa basokada bat. Mentxuk adarra jo zion gazteari bere ustez halako edariak egiteko erabiltzen zituzten sustantzia kimikoek bera moduko boxeolari ia profesional baten giharretan zelako kaltea erakar zezaketen, farmazeutiko izatearen autoritatezko aipuez eta Mentxuk berak inoiz irakurri gabeko ikerketa batzuen ondorio asmatuen kontura. Santosek edarien eskaera orroka egin zion tabernako atean paper batzuei begira zegoen kamareroari.

        — Gaur ez huen entrenamendurik? Geure gauzez berba egiteko lotuak gintuan gu biok.

        Semeak imintziorik ere egiteko abagunea izan aurretik hartu zuen parte Mentxuk.

        — Lasai, Santos, Joselu nik ekarri dut hona. Beharko dugu bere laguntza, eta berak esan dit gertu dagoela. Ez, ala? —albo bietara egin zuen bere buruak, eta baita atzealdera ere, terrazako apaingarriak aztertzen ari balitz moduan—. Sekula dastatu gabea naiz taberna honetako kafea.

        Eskatutakoa zerbitzatu arte esperoan egon zen Mentxu, motozikletan ibiltzearen sentsazioei buruz hizpidea emanez. Joseluk ere ia ume baten estiloan jardun zuen Portugaletetik harainoko bidaia laburrean bizitutakoak deskribitzen, abiadaren handia exajeratuz. Mentxuren esker ona jaso zuen kafe-kikara eta gaseosa-edalontzia mahairatu zizkien gizonak. Santosek ordaindu zuen. Edan barik usnatu zuen Mentxuk kafe ustezkoaren usaina.

        — Entzun egizue biok. Hemendik hiru astera, kontrabando operazio bat deskubrituko dute poliziek. Aztarna guztiek guganantz zuzenduko dituzte susmoak, eta gu horretaz baliatuko gara deskubritutakoarekin ezelako zerikusirik ez daukan beste zerbait burutzeko. Baina horretarako hi beharko haugu, Joselu...

        — Zeuk esan.

        — Prest egotea nahikoa duk oraingoz. Jukutria hau zuzen irten ala ez, handia da jokoan daukaguna.

        Gogoan hartzeko sententzia moduan ahoskatua zuen Mentxuk azken esaldia, eta hitz zizelkatuen hoztasun bereko isiltasuna jaso zuen solaskide biengandik. Joseluk trago luzeegia jo zuen antza, eta burbuiletako airea kontrako eztarrian trabeskatu zitzaion. Eztul-erauntsiak mahaiaren gaina eta inguruak zipriztindu zituen. Aitak parte hartzeko beharra sentitu zuen semeari babesa emateko edo:

        — Ez dakit hau leku aproposa den honetaz berba egiteko.

        — Egon daitekeen seguruena. Goazen malekoian paseatzera eta kontatuko dizuet.

        Santos Mentxuren ezkerrean, eta Joselu aitarenean, ekin zioten osteratxoari, baina emakumea berbetan hasi eta gutxira tokiz aldatu zen gaztea azalpenak hobeto aditzearren. Normalean baino disimulu txikiagoko pausokera okerraz zihoan Santos.

        — Hiru bat aste barru izango da eguna, baina ez dakit seguru, dena Joseluk jokatu behar duen boxeo borrokaren dataren arabera baitago. Jaialdi hori noiz izango den jakin bezain laster, egun horretarako izan beharko dugu prest. Ordurako, inguruko polizia guztiak gainean izango ditugu, eta hori izango da gure koartadarik onena: polizien aurrean egingo dugu inoizko operaziorik garbiena eta ez dute ezer edukiko gure kontra erabiltzeko. Hik, Joselu, borroka horietan parte hartu besterik ez duk egin behar. Hori izango duk hire laguntza, asalto pare bat, besterik ez.

        Adarra jotzen ari ote zitzaion, zeukan gazteak begi artean.

        —Beno, ez hori bakarrik —zuzendu zuen Mentxuk—, irabazi ere egin behar duk, galduz gero guztiontzako porrota izango duk.

        — Eta nola lortuko dugu poliziak gure alde erabiltzea?

        — Hasiak gara daborduko lan horretan. Gezurra dirudi, Santos, egun osoa pasatzen duzu polizien fantasmak ikusten, eta batzuetan zure aldamenean dagozenean igarri ere ez —atzerantz seinalatu zuen atzamarra paparrean ezkutatuta—. Ez ezazue biok batera begiratu. Atzetik eduki ditugu osteratxo osoan.

        Paseoaren abiapuntua izandako terrazan ziren handik minutu gutxitara. Elkarren aurpegiak ikusteko moduko triangelua osatu zuten motozikleta utzitako tokitik gertu, nola agurtu ez dakien koadrila baten antzera.

        — Uste duzue hirurok joan ahal izango dugula motoan? —aurrea hartu zuen harrigarriki, Joseluk—. Nik baietz esango nuke.

        — Ez, joan zaitezte zuek —esan zuen Mentxuk—. Gogoratuko duzu zelan gidatzen den, Santos? Ni oinez joango naiz, Joseluk kontatuko dizu honanzkoan zer trakeskeria egin behar izan ditudan gona hauekin burdina horiek zamalkatzeko —motoaren giltzak eman zizkion—. Utz egidazue zerbait afaltzeko!

        Ardura gutxiko itzuli erdia egin eta aldentzen hasi zen Mentxu gizonak giltzak hartu zizkion mementoan, baina handik metro batzuetara atzera begiratu eta ohartu zen aita-semeak ez zeudela berari begira. Umoretsu zihoazela ikusi zuen, eta harrotasunezko poza sentitu zuen, gizaseme bi haiek senar-semeak balitu moduan. Motorraren durunda entzun zuen. Jeloskor sentitu zen apur batez, mutikoak aitaren gerriari ordubete lehenago bereari baino estuago oratzen ziola begitandu zitzaionez.

 

 

 

Siesta garaiko lasaitasunak baretuta zeuden ostatuko korridore-eskailerak. Ohikoa zuen ordu laurdeneko kuluxkaren lorratzak uxatu ezinik jaitsi zen Mentxu sukaldera. Antonia bertan topatuko zuelako esperantza zeukan baina han ere ez zegoen inor, eta sargoriaren kontrako haize fresko apur bat sentitu zuen. Patioko atea erdi irekita zegoen. Ahots mututu batzuen oihartzuna aditu zuen patio aldetik eta lapikotik kafea zerbitzatu bitartean harako belarria egin zuen. Zurrumurruka legez berba egiten zuten kanpoan zeudenek eta kafea hartzearekin batera bere presentzia salatuko zuen zaratarik egin barik adi-adi egotearen jolasari eman zitzaion. Antoniarekin batera berriketan ari zen beste andreak Inaxi izan behar zuela uste izan zuen, murmurioka mintzatu arren haren ahotsak zuen tonu larria zela eta. Amaitu berriko kafearen kikara harraskan utzi zuenean koilaratxoa marmolean behera biribilkatu zen eta metal hotsak salatu zien kanpokoei bere presentzia.

        "A, zu zara?" agurtu zuen Antoniak, Mentxuren gorputz erdia ate ertzean kulunkatuz ikusi zuenean. Patioak ez zituen hiruna metro besterik luze-zabalean, baina beti gerizpean egoten zen eta txoko ospel hura izugarri atsegina izaten zen ordukoa bezalako egun eguzkitsuetan.

        — Sartzerik bai?

        — Bestelakorik! Zure etxean zagoz! —erantzun zuen Inaxik, lehen berba berea izatea Antoniak eragotz ez zezan—. Eta gainera, egia da!

        Algara egin zuten hirurek, eta zumekizko aulki bat eskuratuta lagunartera bildu zen Mentxu. Lagunarteko zaharrena zen Inaxi, berrogeita hamar urtetik gora aski aurrera behar zuen, eta sarritxo biltzen zen bikote hura kontu-kontari aritzeko. Alargunduta ezagutu zuten herrira etorri zirenean, eta hiru semeak etxetik kanpo zituen jadanik behargin. Egun hartan ez zeuden kalaka hutsean, mahai moduan patioaren erdian ipinitako aulki batean joskintzako tresneria eta mota desberdineko oihalak baitzeuden. Andre biek jostun lanabesak zituzten eskuartean, artaziak, hari-jostorratzak eta titareak erpuruetan. Antoniak metroa ere bazuen bernen albo bietara kulunka.

        — Zeinentzat ari zarete beharrean?

        — Gutxi falta da herriko jaietarako, eta jantzi merkeen lehiaketarako ari gara. Iaz hirugarren saria irabazi genuen, eta aurten lehenaren bila goaz.

        Mentxuri ez zitzaion burutik ere pasa laguntza eskaintzea, moja ikastetxearen garaitik erabat utziak baitzeuzkan horrelako langintzak. Laguntzaren beharrizanik ere ez zuten beste biek, eta kontenplazio hutsaren plazerean aritu zen bere burmuineko zoko nagienak erabat iratzarri arte. Gustua ematen zion besteen berriketa entzuteak. Aurreko urteko lehiaketaren epaia zeharo injustua izan ei zen, lehen saria eskuratu zuena Marisol izan, Udaleko interbentorearen emaztea, eta gainera, soinekoa jantzita erakustaldia egin zuen neskatxa ere, Pepita izenekoa, udaltzainen kaboaren alaba.

        — Aitortu beharra dago Pepitaren gorputza itzela dela, panpina pinpirina, eta horretan huts egin genuen Antoniak eta biok.

        Orobat aurtengorako horretantxe ere zuten arazoa, eurek egindako soinekoa aurrekoan luzitu zuena aurten herritik kanpo izango baitzen uda osorako.

        — Denbora gutxi falta da, eta premiazkoa dugu modelo egokia topatzea.

        Halako batean isildu egin ziren, eta xuxurla gabeziak sortutako hutsunean bestelako soinuak entzun ziren, goiko solairuetako komun batekoa izan behar zuen ur-parrastada hodi metalikoetan behera, eta teilatupean habia egindako txoriek siesta garaiari zegokion bakea hautsiz barreiatutako txioak. Istant labur eta miresgarri haren ostean beste lagun bien estilo marmartian hasi zen Mentxu.

        — Egun gutxi falta dira Joseluren urtemugarako, Antonia, eta oraindik ez dugu oparia erabaki.

        — Ez nengoen ahaztuta, Mentxu, baina igoal du, berak badaki ez gagozela larregikerietarako. Ezagutzen dut, eta orain gizontxoarena egiten saiatzen da denbora guztian. Beraz, kexatu ere ez da egingo oparirik jasotzen ez badu.

        — Kontatu dizu parte hartu behar duen borroka horrena? —Inaxik berbei eutsi ezinean ematen zuen, eta erantzunaren zain itxaron barik segitu zuen—. Hara oparia! Badakizue niri zer oparitzen didaten semeek? Azkenekoan, kapela bat. Zer uste dute horiek? Txoriburu baten antzera ibiliko naizela herrian? —jostorratzaz mina hartu zuen eskuturrean eta oinazezko espantua baliatu zuen Mentxuk aurreko gaiari eusteko.

        — Sorpresa daukat. Badaukat opari eder askoa Joselurentzat.

        — Zer da?

        — Orain bigarren sorpresa: zuri ere ez dizut esango.

        — Ez zenuen erokeriaren bat egingo, ezta?

        — Ikusi eta gero esango didazu erokeria den ala ez.

        Inaxiri igurtzalditxo batzuk eman zizkion lepoan agur legez, baina andreak masaia bat zela pentsatu zuen, eta erdi intzirika esan zion ahapetik, "zuk dituzu eskuak, Mentxu, zuk...".

 

 

 

Lehen eskailera-mailak binaka, baina hurrengoak banaka igo zituen Pedriñoren bulego atera heltzeko. Egun hartan ofizialki estreinatu zituen udako janzkiak, aurreko bederatzi hilabeteetan armairuan gordetako soineko berde mahukabakoa eroatea erabaki baitzuen arratsalde hartan. Besotik eskegitako poltsoa gordailu beltz txikia zen, eta eskaileran gora oroitu zen eskumako galtzerdian, trenean jesarrita zihoalarik, deskubritutako hamar zentimetroko karreraz. Eguneko uneetatik gogoz kontrakoena izan zen, lan gehiago Antoniarentzat, amorratu zen Sestaoko geltokira gerturatzen ari zirela jaiki zenean, bere burua madarikatuz.

        Eri-koskorraz jo zuen kolpe pare bat atean eta erantzunik itxaron barik sartu zen bulegora. Pedriño irakurtzeko antiojo beheratuak jantzita zegoen idazmahai atzean, eta luma batez zirriborratzen ari zen zenbakiz betetako formulario erraldoi bat. Antiojoen gainetik baina burua jaso gabe agurtu zuen iritsi berria:

        — Ongi etorria, Mentxu —jakako faltrikeran gorde zituen antiojo tolestuak eta bestearengana hurreratzearren zutitu zen—. Ez zara aurrekoan bezalako endredu batekin etorriko, ezta?

        — Ez, hain justu. Abokatuarena ordaintzeko falta zen dirua ekartzera nator. Jaso zenuen bidalitako lehen zatia?

        — Bai, bai. Hala ere, oraindik Asenjok ez dit diru guztia erreklamatu, eta edozertara ere, horretarako ez zenuen honaino etorri behar. Aurrekoan bezala egin zenezakeen bidalketa.

        — Egia esateko, eskerrak eman nahi nizkizun aurrez aurre. Asteak pasa dira Santos libratu zutenetik eta kontzientzia txar apur bat neukan. Primeran portatu zara, eta mila esker, beraz —bostekoa eskaini zion aitorpenari solemnitatea erakusteko.

        Jesartzeko erregutu zion Mentxuk. Portuan zegoen itsasontzi trafikoari buruzko iruzkinek eta atoiontzien negozioaren gorabeherek bete zituzten lagunarte hartako hurrengo minutuak. Pedriño kexu zen, baina beti izaten zen horrelakoa, Mentxuk gogoratzen zuenez. Telefono dei bat erantzuteko jaiki behar izan zuen gizonak, eta itzulitakoan emakumeak jesarrita segitzen zuela ikusita, mesfidantzaz begiratu zion.

        — Postura egingo nuke baduzula beste zerbait niri esateko.

        — Jesarri apur batean.

        — Ez, ederto nago horrela.

        Mentxuk paretaren kontra zegoen irrati emisorea seinalatu zuen.

        — Horko traste hori beste nonbait instalatzea zaila da?

        — Ez oso. Antena toki egokian kokatzea eta emisorearekin lotzea duzu zailena. Osterantzekoa eroangarria da erabat. Buruan zer duzun jakin daiteke?

        — Zu irrati horren bidez edozein itsasontzirekin komunika zaitezke, ezta?

        — Bai. Baina oraindik ez duzu nire galdera erantzun.

        Mentxu atzazalak miatzen aritu zen denbora tarte batean.

        — Kontaidazu gezurren bat, besterik ez bada, nik sinisteko modukoa —tematu zen Bermejo.

        — Jolas moduko zerbait antolatu nahi dut datorren hilabetean izango diren trainerila estropaden inguruan. Berba egin dut Nauticako batzuekin eta irratia duten bost belaontzi badira tartean. Esperimentu bat da. Aipatu nion Santosi, eta berak zuganako ideia eman zidan. Nire asmoa hasiera batean hemendik bertatik egitea zen, baina Santosek gomendatu zidan beharbada onena hara eroatea zela eta gure etxetik zuzentzea dena. Horrekin nahikoa?

        — Ez zaizu batere txarto irten. Oraintxe bertan asmatu duzu?

        — Pedriño, zin egiten dizut ez dudala okerrik egiteko asmorik. Bestela, ez nizuke eskatuko. Egun bakarrerako izango da. Santosek gau batean desmontatu eta hogeita lau ordutan hemen izango duzu ostera.

        Santosek esandakoaz gogoratu zen, gizon hura berataz maiteminduta ote zegoen susmoarena, eta halakorik ez zela bazekien arren bere buruaren eragingarri bezala benetakotzat jo zuen hipotesia. Jaiki eta gizonaren beso iletsuan atximurkada maitekorra egin zion.

        — Ezin didazu ukatu. Gainera, hemen egon naizenetan inoiz ez zaitut aparailu hori erabiltzen ikusi.

        Trikimailua oker irten zitzaiola pentsatu zuen Mentxuk gizonaren erreakzioa ikusita. Besoen gurutzea hautsita amorraziozkoa izan gura lukeen hasperena egin zuen, eta idazmahaiaren atzera jesarri zen. Mentxu desgustura sentitu zen gelaren erdian zutik eta bakarrik. Itxarotea deliberatu zuen.

        — Nik ez dizut irratia hemendik eroateko baimenik emango, ezin dizut inola ere eman. Baina Santosek, beste askok legez, maiz izaten ditu bulegoko giltzak mila kontuetarako. Egunen batean irratia desagertuko balitz, eta hurrengorako berriz agertu, ezin izango nioke inportantzia handirik eman. Nahikoa garbi gelditu da nire ezezkoa?

        Mentxuk bihurrikeriazko masail okertzeren bat bilatu zuen bestearen aurpegian, edo ulergarritasunezko keinu atseginen bat sikieran, baina garbi zegoen eskatutako mesedea ez zitzaiola batere gustatu.

        "Bai, oso garbi", erantzun zuen egoerara egokitu ezinezko tonukeraz eta hasieran legez bostekoa eskaintzeko ideia txatxua besterik ez zitzaion bururatu.

        — Bisita berean eskua birritan tinkatzea ez da larregi? Hurrengoan abisatu eta gorbata jantzita etorriko naiz.

        Alferrik luzatutako eskua jaso zuen, dudati hasieran baina kolpetik ondoren, eta poltsotik ateratako kartazal erdi ireki bat utzi zuen idazmahaiaren gainean, askoz ere lehenago egin ez izanaz damututa. Ertzetatik billete batzuen kolorea antzematen zen.