Odolbildua
Odolbildua
2002, nobela
184 orrialde
84-95511-49-5
azala: Garbiņe Ubeda
Josu Landa
1960, Altza
 
1983, poesia eta narrazioak
Odolbildua
2002, nobela
184 orrialde
84-95511-49-5
aurkibidea
 

—2—

 

Ekaitz burrunbatsuetako gauek eragiten zioten barealdian zegoen Mentxu, Rafael Artekalekoak igorritako Friburgoko Botikarien Kongresuaren akta eta txostenak irakurtzen. Minutu batzuk lehenago, leihotik begira aletu zituen zigarroa erre bitarteko begirakuneak eta hausnarketak. Haize erauntsiek kaleko harlauzen gainera jaurtikitako ur parrastek errekatxo lasterrak sortzen zituzten espaloi bazterretan estolda bila, baina tanta soil batzuk baino ez ziren ailegatzen leihoko kristaleraino, eta tanta horiek beiraduran marrazten zituzten arrastoetan iragarpen ezkutua aurkitzen saiatu zen Mentxu, esku ahurreko zimurretan eta kafe hondakinetan egin ohi den bezala. Tabakoaren kearekin batera hatsak kristalean sortutako lurrunak ur tanta ibiltarietan zelanbaiteko indar magnetikoa izan zezakeela imajinatu zuen. Gortinak euren zabalenean lagata, ikatza berritu zuen sutontzian nahiz eta gela barrua lar bero izan, halako eguraldiarekin kontrastean, etxearen babesa izatearen zortea azpimarratu beharra sentituz edo. Irratian uhin laburreko emisora ingeles bat aurkitu zuen, eta musika klasikoa nagusitu zitzaion leihoaz bestaldeko zaparradari. Hamar bat botila desberdin gordetzen zituen bazterrera hurreratu zen. "Ospatzeko gauza handirik ez dago, baina...", eta burbon xorta bat isuri zuen apalategitik hautatutako kopan. Mahai gainean zituen kongresuko txostenen inguruan laga zuen edalontzia eta aurreko zeremonia urratsez urrats bete zuela eritzita irakurtzeko asmoz jesarri zen.

        Zizpuru luzea libratu zuen estreinako dangadaren ostean. Arnas-sakontze bik laxatua zioten barrena, baretuago gogoa. Bigarren solairu hartako paretaz kanpoaldean zegoen "Fonda Portabella" letreroaren argi-distirak kristalean barrena isla egiten zuen gortinetan, eta oroitu zen ostatuari bere deitura ematea proposatu zionean zelako poza hartu zuen Antoniak. Jesarri aurretik emandako urratsek ez zioten espero bezalako ondoriorik ekarri, aurrean zituen txostenek ez baitzuten behar bezalako kontzentrazioa merezi izan. Bertan ostatu hartuta zeudenen zerrendari ekin zion buruz. Zazpi marinel eta merkatari bat, azken hau Bordeletik etorria armadoreei nabigazio sistema berri bat saldu guran. Esperantza eskasekoa behar zuen morroiak, Gran Hoteleko tarifei karuegi eritzita ailegatua baitzen Mentxurenera. Ez zuen galderarik egiten eta bere baitaratuta pasatzen zituen korridoreak eta jangela, oso diskretu.

        Beste bost bezerorentzako gelak libre zeuden eta bilatu beharko zuen promozio txikerren bat egiteko modua, Antonia lasaitzeko besterik ez bazen. Santosen emaztea beti izan zen triste itxurakoa, baina kopeta ilunetik kezkara aldatzen zuen puntuan, zer edo zer okertzen ari zelako seinalea zen Mentxurentzat.

        Irratia amatatu zuen instintiboki. Eguratsaren astuna bezalako indar batek etzan eragin zion ohean, eta erantzi barik manta soin gainean halamoduz hedatzeko gauza izan zen soilik. Azken kopa soberan ez ote zuen izan, agian bai, horixe izan zuen azken pentsamendu kontzientea.

 

 

 

— Mentxu, Mentxu, iratzarri lehenbailehen, Santos atxilotu dute, logelatik altxatu berri dute...

        Kisketa itxi barik eduki arren, Antoniak ez zuen gelan sartzeko atrebentziarik hartzen, eta ateko euslekuari gora eta behera egiten zion sarrailaturik balego moduan. Aspaldiko lo sakonenetik azaleratu behar izan zuen Mentxuren gogoak. Normalean baino segundo bat gehiago behar izan zuen jaiki eta bazihoala, bazihoala murmurikatuz txabusinaren bila itsuan hasteko, kaleko jantzian zegoela ohartu zen arte. Ezker-eskuma jo zuen kisketaz, Antoniari sar zitekeela klabez ohartarazteko edo, eta ohean jesartzera egin zuen. Antoniak lan-mahaiaren ondoko aulkia jiratu zuen Mentxurekin bekoz beko jartzeko.

        — Astiro kontatu, Antonia, mesedez.

        — Duela hogei bat minutu etorriko ziren... —eskuturrekoa begietara zuzenduta— seiak laurden gutxi aldera, eta batere zaratarik egin barik iritsi dira gure logelaraino.

        Alegia, gau osoan ostatuko atea zabalik uztearen apeta hargatik egin ahal izan zutela barneraino interpretatu zuen Mentxuk, hala hartzen bide zion kargu Antoniak. Sarritan esana zion txirrina entzunda bera altxatuko zela atarikoa zabaltzera. Espreski esandakoen hariari ere lotzen zitzaion, burua eskuek sostengatuta, ukondoak belaunburuen gainean, Mentxuren adimen erdi-anestesiatuak. Ez zioten argibiderik eman, kuartelillora edo Bilbora ote zeroaten, eta txukun janzten utzi ziotela behintzat, bultzakada gutxi batzuen laguntzaz kaleratu aurretik.

        Xehetasun ugariren beharrik ez zuen, baina, Mentxuk; mundu kontzienterako trantsizioa egiteko ezinbestekoa zuen denbora pasatzen uzteko baino ez. Bere logela hirugarren solairuan, eta Santosena lehenengoan izan arren, harrigarria zitzaion atxiloketaren eskandaluak iratzarri ez izana. Jaiki eta bekokian emandako musuaz gain, belaunbikatu eta estu besarkatu zuen Antonia, beharrizanak albo batera lagata lasai negar egin zezan. Negarraldi lotua zen, irrintzi ñimiño batzuk besterik ez ziren entzuten arnasarik gabeko eten amaigabe batzuen ondoren.

        — Beste gelarik miatu dute?

        Aurrez susmatzen zuen ezezkoa. Mukiak ozen zintzatu zituen Antoniak eskuturretik ateratako zapiaz, eta arnasaren estua baretzearekin Mentxuren atorraren besoari oratu zion.

        — Mentxu, gauza ikaragarriak esan dituzte brigadakoek Santosi buruz. "Oraingoan bai, jausi haiz!", esaten zioten ahapetik baina gogor, eta niri zuzenduta "andrea, gerta zaitez hurrengo hogeita hamar urtetan Santutxuko presondegira kaxuelak eta otartekoak eroatera, beno, baldin eta lehenago garrotea ematen ez badiote". Ni saiatu naiz deiadarrik ez egiten, albait lasaien egoten, baina min lazgarria sentitu dut muinetan, Santosen kontra zegoen salaketa esan dutenean... —apurka lurrerantz ari zen andrea.

        — Zer salaketaz ari zara?

        — Gizon bat hil izana leporatzen diote, antza lehengoan Algortako elizan aurkitutako gorpua.

        — Hori baldin bada, lasai egon. Hitz ematen dizut Santosek ez duela horrekin zerikusirik. Hala eta guztiz ere, goiz da oraindino. Goazen behera gosaltzera, eta pentsatuko dugu zer egin.

        Antoniak aurrez aurre begiratu zion aspaldiko partez. Mentxuk sentitu zuen beharbada ez ziola kontsolamendu nahikorik eman, edo behintzat hori adierazten zutela haren begi erregugileek.

        — Bilborako trena zortziak baino lehenago hartzea alferrik izango da, ez duzu uste? Pentsatu behar dugu osterantzeko egitekoak nola bideratu, baina hobe hausnarketok almortzu on baten inguruan egitea.

        Gorputza jasotzen lagundu zion, eta gelatik kanpora egin zutenerako hantxe zegoen Joselu, eskailerako goieneko mailan jesarrita. Emakume biak saiatutako kontsolamendu-berba bakanei ez entzunarena egin zien, amak "erdu, logelaraino lagunduko zaitut" esan arte. Gerria oratuta abiatu ziren biak. Mentxuk eskaileraren zulotik behera begiratu zuen. Ama-semeen pausoak lehen solairuan urrundu zirenean, goizaldeko isiltasunean arakatu zuen iluntasuna. Bigarren solairuko bezeroek lotan zirauten, edo zalapartak ez zuen inor barandara irtenarazi behintzat.

        Eskaileran jesarrita minutu pare bat eman zuen isiltasunean laketurik eta, sukaldera jaitsi zenerako, Antoniarekin bateratsu egin zuen sarbidea. Zartagina labetik hartu zuen Antoniak, baina Mentxuren eskuek heldu zioten giderrari sutegia isiotu eta gero. "Neuk egingo dut, zuk deskantsatu". Antonia bernak igurzten hasi zen, tentsio guztia bertan pilatu ote zitzaion. Eguneroko jokabideez bestera ari ziren, Antonia mahaiaren alboan hankak luze-luze eginda, eta Mentxuren jan-edan eskaintzei amen egiten. Bezperako kafearen lapikoa berotzen ipini, irratiaren azpiko erredizatik hiru arrautza, eta arasaren goiko apalean paperez bilduta zegoen hirugiharretik lau xerra hartu zituen. Zartagineko olioaren borborrak isilunea eten zuen.

        — Bilbora joango zarela esan duzu, baina ez dakigu nora eroan duten.

        — Arrazoi duzu...

        Korridoreko altzarian zegoen telefonora jo zuen Mentxuk. Herriko taxistari hots egin zion, eta berehala zen sukaldean ostera.

        — Andres Bilbon dela esan dit Pakitak. Beraz, Santos ere han izango da.

        Ondorio haren harridura agertu zuen Antoniak, eta Mentxuk argibideren bat emateko beharra ikusi zuen.

        — Ez duzu lehenago esan Santosen bila etorritakoak brigadakoak zirela? Kale-jantziz etorriko ziren beraz, eta horiek herrian ez dute egoitzarik.

        — Aurretik baldin bazenekien, zertarako deitu diozu Andresi? Herri osoa enteratuko zen honezkero.

        Kafea kikaratan ipini, eta bitsaderaz platereratu zituen arrautzak eta enparauak Mentxuk. Bizkorregi zihoan eta apaldu beharra zeukan.

        — Eurek horretarako antolatu dute dena, maitea. Ordu perfektua aukeratu dute, oharkabean aritu gura izan dute, baina aldi berean seguru zegozen handik ordu batzuetara herri guztiak izango zuela Santosenaren berri. Jendearen esamesetara ohitu beharra edukiko dugu.

        — Ez dakit zer esan beharko diogun Inaxiri, eta Joxe Luisi, eta Eusebiari, eta...

        — Lehen esan dizudan bezala, zortzietan hartuko dut Bilborako trena, eta pentsatu behar dugu zer egin botikarekin —kafearen mikatzak tonu indartsuagoan berba egiteko adorea eman zion—. Zu lasai, itxita edukiko dugu gaurkoz, bost axola neuri.

        — Ez, Mentxu. Neuk jagongo dut botika. Zeuk bete itzazu egiteko denak, eta neuk hartuko ditut hemengo beharrok.

        Antoniak lehertua zuen arrautza gorringoa, eta xardearen hortzez haur-marrazki batetik sortutakoa zirudien eguzki antzeko zerbaiti izpiak luzatzen zizkion platerean.

        — Oso zaila da, baina kezkabako planta egitea zenuke ganorazkoena. Hemendik ordu bitara sakamantekasen pare erabiliko dute Santos, eta guk zeharo bestera egin beharko dugu, oker ulertuarena eta abar. Batez ere andrazkoekin ibili tentuz, eurek sinis dezatela da inportanteena.

        Hirugiharren azken zukua ogiaz xukatu eta kafe kikara hustu zuen. Sarri pentsatua zuen benetako kafea hartzeagatik bakarrik merezi zuela ostatuaren negozioa martxan iraunarazteak.

 

 

 

Aduana zaharreko geltokian hartu zuen trena. Usoak ere nekez ari ziren egun berrira esnatzen, eta Chavarriren estatuaren inguruko lorategietan zebiltzan ibilaldi urdurian han eta hemen mokoka nagian. Norabide desberdineko ezkiletatik heldu zitzaizkion zortzietako joaldiak, segundo gutxiren tartean, trenaren lehen bagoiko aurreneko aulki-ilaran jesarrita egunkaria irakurtzen zuen bitartean. Entzuna zuen istripua egotekotan zenbat eta aurrerago egon orduan eta okerragoa zela, baina gogoan zituen aurreko urtean Mirandan jazotakoaren argazkiak: lokomotora atzeko bagoia izan zen onik ateratako bakarra eta hilko ziren guztiak atzenekoan zihoazen. Txistu sarkor batek oroimenen haria eten eta lokomotora eta bagoiaren arteko lehen talka iragarri zuen, estreinako bapore bufada, eta apurka suabeagotzen eta azkarragotzen zihoan trenaren abiada. Mentxuk Bilborako txartela erosi zuen, baina hiribururaino egin ordez Sestaon jaitsi zen.

        Geltokitik kalera egin zuenean, atzera ez begiratzeko gogor egin behar izan zion bere buruari. Ez zuen bost minutu baino luzeagoko ibilbidea egin, errepide nagusian bertan zegoen "Remolcadores Bermejo" letreropeko bulegora sartu aurretik. Pedriño bakarrik zegoen lehen solairuko gela txiki hartan; mahai-aulkiak eta artxibadore mordoaz gain ezer gutxi gehiago zeukan egoitza argitsuak: idazkari-lanak orduka egiten zituen loba batek erabiltzen zuen mahaian idazteko makina eta faktura itxurako paperak pilatzen ziren. Leiho bakarraren alboan kutxa akorazatua zegoen lurrean eta, haren gainean, beste altzari txiki bat, kanpoan zuen termometro txiki batengatik puruetarako behar zuena, sarraila eta guzti, baina tamaina egokia ei zeukalako edariak gordetzeko erabiltzen zuen Pedriñok. Kontrako izkinan, itsasontziekin konektatzeko erabiltzen zuen irratia. Bere flotako bost atoiontzien argazki bana zeuden paretetan, eta baita txatarrean desagertutako beste bienak ere.

        — Zer dugu, Mentxu? Hilabeteak elkar ikusi gabe!

        — Berri txarrak, Pedro. Santos atxilotu dute.

        — Badakigu zergatik?

        — Morroi bat garbitu izana leporatzen diote.

        — Eta egia da? —itaunaren damua aurpegiratu zitzaion berehala, eta eskuaz ezabatu zuen aurrean zuen airearen txatal bat, bere arestiko berbak bertan idatziak balegoz moduan.

        Elkartasun seinale legez, jaiki eta Mentxuri hurbildu zitzaion. Segituan nabaritu zuen Pedriñoren hatsak zuen kirats jasanezina. Gabana kentzen lagundu zion, eta idazkariarentzako aulkiaren bizkarraldean tolestu zuen.

        — Abokatua zeuk kontratatzea behar dut. Neuk emango dizut dirua.

        — Zelako abokatua?

        — Eurek gurako dute kriminaletik eroatea, susmoa daukat sekulakoa izan balitz eran antolatu gurako dutela, baina nik uste dut geuk alderantzizkoa saiatu behar dugula. Auzi administratibo gisa tratatu behar dugu, isun bat ez ordaintzeagatik atxilotu balute legez.

        "Isun bat ez ordaintzeagatik..." errepikatu zuen Pedriñok marmarrean. Ipurdia mahaiaren kontra ipini zuen, eta esku biak alboetako ertzetan. Adikunea sabaiaz haratagoko jopuntu batean finkatuta segundo batzuk igaro eta gero, soluzioa aurkitu izanaren aurpegiera egin zuen.

        — Latasa nabierakoentzat lan egiten duen Asenjo da ezagutzen dudan onena. Nazioarteko auziak ere eroaten ditu, atzerriko armadoreekin eta zamatzaileekin dituztenak eta. Faboretxoa zor dit iaz moldatu nizkion ziurtagiri batzuen kontura. Hala ere, iruditzen zait ez duela odol-kontuetan nahastu nahiko, ez bada diru-sari tentagarri baten truke —esku gihartsu biak faltrikeretan sartu zituen berba-jarioaren etenaldi labur batean—. Ni txarto nabil diruz. Zeu?

        — Badaukat zerbait. Baldintza bakarra: nire izena ez dadila inon agertu.

        — Nire patroi onena izateaz gain, Santos laguna ere badut, e? Mila arrazoi dauzkat arazo hau neurea balitz bezala jotzeko toki guztietan. Ez kezkatu, zoaz, eta abisatuko dizut zerbait dagoenean.

        Telefonoz deitzeko baimena eskatu zion Mentxuk. Paretan iltzatuta zegoen aparailua seinalatu zion, "automatikoa dugu, Sestaon ipini zuten lehenetakoa" esan zuen harro, eta korridorean zegoen komunerantz abiatu zen andreak bakardadean telefona zezan.

        — Rafa? Mentxu naiz. Jaso dut Friburgokoaz bidalitakoa. Mila esker. Bilbora joan beharra daukat, eta pentsatu dut... zer iruditzen zaizu bisita egiten badizut? Hamaiketan, bai. Laster arte.

        Zutik aritu zen telefonoz eta aurikularra gakoan eskegi ondoren ere halan iraun zuen, Pedriño noiz itzuliko zain, leihora hurreratu eta pertsianaren zirrikituetatik kalera begira jarri zen arte. Labe Garaietako eraikin erraldoiek betetzen zuten paisaiaren erdia luze. Atearen zabaltze hotsa entzun zuen bizkarrean. Begiak panorama hartatik urrundu gabe itaundu zuen Mentxuk.

        — Pedro, lehengo egunean bidali zenigun morroia, Azken Portuko hitzordukoa, non ezagutu zenuen?

        — Hementxe, bulego honetan bertan. Trago bat gura duzu?

        Mentxuren isiluneak dangada eskaintzaren aurreko gaira itzuli eragin zion solaskideari.

        — Kontatu zidan istorioa sinisgarria egin zitzaidan. Santosek esan zidanagatik, zeuroi kontatutakoaren oso antzekoa azaldu zidan niri ere. Zurekin lotzeko bidea ematea ere ez zitzaidan arriskutsua begitandu.

        — Esango dizut argi zein den neure susmoa. Azken Portuko hitzordua eta Santosen atxiloketa zelanbait lotuta dagozela iruditzen zait. Kasualitate handiegia litzateke bestela.

        — Posible da.

        — Gainera, morroiak poliziengandik ihesi zebilelakoa egiten zuen, baina bere egoeraz seguruegi zegoelako inpresioa hartu nuen.

        — Nahi duzu horren inguruko aberiguaziorik egitea?

        — Ez, utzi. Santos albait lehenen libre utz dezaten ahaleginetara jar zaitez. Osterantzekoak ez du ardurarik.

        Treneko txartela blusako faltrikeran zuen oraindik Mentxuk, eskuen artegak ordurako aski zimurtua baina. Handik atera, eta Pedriñoren mahai gainean zegoen paper-zulagailuaz behin eta birritan erasotu ondoren, paperontzira bota zuen. Paretako erlojuari begiratuta, eskua eman zion agur moldez.

        — Tranbia hartu behar dut Bilborako.

        — Santosi buruz zer kontaturik eduki bezain laster deituko dizut.

        — Baina ez deitu zuk. Besteren batek dei dezala Asenjo horren izenean, eta telefonoa neuk hartutakoan bakarrik egizu berba zeuk.

        Bilborako tranbia heldu bitartekoa markesinako aulkian eman zuen Mentxuk, bere burua lasai eta patxadan irautera behartuta. Ez zuen esfortzu handirik egin behar izan, hala ere, azken ordu biotan bere umoreak egiazki egin baitzuen onera. Burutua zeukan goiz hartako betebehar gorriena, eta askoz lasaiago zegoen komisaldegiko kontu guztiak Pedriño bitartezko Asenjo haren eskuetan utzita. Galego zaharra fidatzekoa zitzaion kontu horietan. Arazo handi barik itzul zitekeen botika beharretara, baina Antonia trankilago egongo zen Mentxu Bilbo aldean zebilela jakinda. Poz aurpegiaz igo zuen tranbiaren eskailera maila parea. Bilbon izango zuen elkarretaratzearen perspektibak areagotu egin zion pausoen erritmoa.

        Gerra amaitu berritan, Bartzelonatik Bilbora heldu berria zelarik ezagutu zuen Rafa, eta Artekaleko bere botikan laguntzaile onartu zuen. Mentxuk farmazeutiko titulua izan arren, dirutan nekez ordainduko ziola gaztigatu zion Rafael Lizarraga lizentziatuak, eta pentsio truke itxi zuten tratua. Egia esanda, diru arazo handirik ez zeukan Mentxuk, amak aitaren ezkutuan nahikoa eta sobera eskuratu baitzion. Denbora apur bat pasatzen uzteko atseden toki bat baino ez zuen behar, hurrengo pausoak norantz eman lasai erabakitzeko. Rafarekin deskubritu zuen Mentxuk farmakopearen artisautza, berrehunetik gora pote zeuzkan oinarrizko osagaiez hornituak, eta zaletasun ia bokazionala zeukan maisutza jardunerako. Neurriko ikaslea baizik ez zuen falta bere senari bide emateko, eta Mentxurengan topatu zuen hautagai perfektua. Bizitzako proiektu apetatsuenari dedikatzen zizkion ahal zituen egun guztiak: fraide beneditarren mendetako tradizioa ikertu, sailkatu eta argitaratzea. Mentxu botikan lanean hasi zenez gero maizago egiten zituen egonaldiak Silosko Santo Domingoren monasterioan, hango liburutegia arakatzen. Bigarren urtea hasterako Lizarraga jauna Rafa bihurtua zen Mentxurentzat eta soldata jasotzen ere hasi zen. Handik aurrera jardun porrokatuan tematu zitzaion Mentxuri botikadenda propioa zabaltzeko eta zabaltzeko. Orduan jakin zuen portugaletetarra zela Rafa, herriko organujole famatuenaren semea, eta hark erabilitako kontaktu eta gomendio berben ondorioz, Portugaleteko Udalean zein botikarien kolegioan edozenbat gestio egin zituen eta, lortu zuen Mentxuk botika zabaltzea. Artekalekoan hirugarren urtea bete aginean zegoelarik alde egin zuen Bilbotik, Antonia komentzitu zuenean semea hartuta berarekin bizitzera joan zedin, hantxe elkarrekin errazago itxarongo zutela Santos zigor-lanetako batailoietatik noiz libratuko.

        Tranbia Arriagarako aldats beheran zihoan eta balaztatu beharraren durundiak iragarri zion bidaiaren amaiera aurreko unea. Ateko zulora hurbildu zen, zubiko farolen atzeko marea behereko Nerbioi uherra begien bistan, salto egiteko prest.

 

 

 

Eguaztena arte ez zuen Mentxuk Pedriñoren berririk izan. Halan eta guztiz, Antoniari zelanbaiteko informazioa emateko erabakia hartua zen lehen egunetik. Ezin zuen permititu artegatasuna euren artean nagusitzea, eta mataza bihurregia ez zedin bihur, auzia kontrolpean edukitzearen sentsazioa transmititu gura zuen.

        Bilbotik itzuli zenean, astelehenean bertan, asmaziorako zeukan ahalmena erakutsi zion bere buruari, Antoniari egin zion kontakizun xehetasunez josia froga. Asenjo izeneko legegizon famatu baten laguntzarekin Gobernu Zibilera bertara jo zuela eta komisario batekin berba egiteko aukera izan zutela. Baldin eta errugabea bazen, ez zeukatela zertan kezkaturik. Santosek harrezkero krimenaren eguneko ibileren zertzeladak emanak zizkiela, Algortatik urrun ibili zela arratsalde hartan, eta datu haien benetakotasuna egiaztatzen ari zirela. "Ikusi behar zenuen, Antonia, zelako berbakera daukan Asenjo horrek. Enbaxadore batekin ari balira ere ez zuketen leunago tratatuko. Botika ikasketak baino, zuzenbidea ikasi behar nukeen, tituluarekin batera besteren begiruneaz jabetzen zarela ematen du", eta egoitza ofizialaren deskripzioa egin zion, alfonbra, koadro eta koloreez albait ñabardura gehien emanez.

        Martitzenean gaitzagoa izan zuen zerbait asmatzea, baina Asenjok deitua ziola dena ederto zihoala esanez, eta lasai egoteko. Pedriñok ere deitu ziola bere laguntza eskainiz eta lanpostuagatik behintzat kezkarik ez edukitzeko. "Bermejo jauna beti primeran portatu izan da gurekin", izan zen Antoniaren komentarioa. Mentxuk erabakia zuen lehen-lehentasunezkoa zuela Antoniari gezurretan segitzea, gero eta zailagoa gertatzen ari bazitzaion ere. Horregatik poz biderkatua sentitu zuen Pedriñoren lehen deia jaso zuenean.

        — Arrazoia zenuen —izan zituen Pedriñok lehenengo berbak.

        — Berri pozgarriak beraz —Mentxuk ez zekien seguru Antonia non zebilen eta ozen ahoskatu zuen badaezpadan.

        — Poliziak ba ei du Azken Portuko hitzordukoaren berri. Eta badirudi Algortako elizan hildakoa neuk hitzordura igorritako tipo bera dela. Horregatik nahasten dute Santos, baina Asenjok esan dit ez diola irtenbide zailik ikusten. Ez duela uste froga argirik dutenik. Gainera, informazio hori guztia abokatuari kontatzea bera ere oso seinale ona ei da.

        — Noiz libratzeko esperantza? —soberazko berbak aurrezteko moduan ari zen Mentxu, telegramak osatzeko kalkuluetan.

        — Ez dauka argi hori ere. Hori da albiste txarra: baliteke kartzelara sartzea, nahi dutena egin dezakete baina, kontrakoa sorpresa izanda ere, ezusterako atea zabalik utzi du legejale ilustratu horrek.

        — Eskerrik asko, Asenjo. Eta gura duzunean faktura bidali.

        Entzungailua telefonoarekin bildu ostean minutu bat iraun zuen Mentxuk korridorean, itxaroten ea Antonia berri eske agertzen ote zitzaion. Ez zen halakorik jazo. "Antonia!" deiadar eginda bigarren solairutik hartu zuen erantzuna, bezeroen gelak atontzen egongo zen. Dena bide onetik zihoala laburbildu zion ustezko abokatuaren deia. Eskuetan zeukan izara saila komoda batean utzita eskaileran behera jaitsi zen Antonia.

        — Faborea eskatu behar dizut, Mentxu. Afari sasoian edo, emango dizkiozu zeuk albisteak Joseluri? Ez sinistuta legez begiratzen dit aitari buruzko zerbait kontatzen diodanean, eta nik uste dut neuri ez didala jaramon handirik egiten. Seguru zuk esanda errazago sinistuko duela.

        — Konforme, ez zaitez kezkatu. Gaur bertan egingo dut berba mutilarekin.

 

 

 

Normalean baino zalapartatsuagoa gertatu zen eguna herrian. Portugaleteko esamesguneak asaldatuta zeuzkan Hierro-n argitaratutako albisteak. "Trufarako bada, tira..." titulu handiaren azpian beste azpititulu hau: "Portugaleten ere ikasle batek plater hegalari bat ikusi zuen astelehenean zazpiak aldera". Erredaktoreak idatzitako txantxazko lerro jostalari batzuen ondotik, ikasle bik idatzitako gutun luzea zekarren, eurek egindako marrazkiez hornituta. Mentxuk bezperan irakurria zuen barre-ikaraz, bereziki hizkerari eman gura zioten tonu zientifikoa zela eta, "egungo zertzeladen karian, azken hilabeteotako plater-psikosiak ondorioztatua, ulertzekoa da giza-zerebeluak ikusmena engainatzea, eta hala ibiliko dira asko eta asko bazterrotan, gau eta egun, plater hegalarien aztarrikan. Horrek guztiak gure deskubrimenduaren berri emateko adorea eragotziko liguke. Baina...", eta euren esperientziaren berri gehiago ematen zuten. Malekoian jesarrita ei zeuden, itsas ertzean, Zuzenbide Penaleko testu bat ikasten. Mila bat metroko distantzian, ipar-ekialde orientazioan, arrautza formako objektu geometriko bat begiztatu zuten, berrogei metroko luzera eta hamarreko zabalera zuena, eta "dimentsioen proportziorako, plater batenetik oso urruti zegoen bere forma". Marrazkien arabera, zepelin baten antzeko ontzi helikoidala zen, aurrealdean begi itxurako zerbait erraldoia zuena. "Kolorea, argi distiratsu baten errainu-intentsitatearen poderioz, gris-aluminiozkora hurre zegoela esan liteke. Alboetako azken heren bietan, bioleta koloreko jarioen antza zuten ildo bi. Ez zaratarik, ez kerik. Hegalen moduko batere adarrik gabe, fenomenoaren ezaugarririk bereziena, agian, mugimenduen zakartasuna izan zen". Bostehun bat metrora zegoela, "ziaboga harrigarria" egin zuen eta ziztu bizian desagertu.

        Eguena zenez, Mentxu Abastu Merkatura joan zen erosketak egitera. Maite zuen lantzean behin "arrain finetan finena" iragartzen zuten orroen edo emakumeen tarteko berba lotsagalduen iskanbiletan galtzea. Saltzaile bi eta garraiorako orgatilak erabiltzen zituzten gaztetxoak kenduta, udaltzaina izaten zen bertoko gizonezko bakarra, eta gehienetan kaleko atearen magalean egoten zen kanpora begira, jagon beharrekoa espaloietako eta kaleetako esparrua balitz bezala. Osterantzekoak andrazkoak ziren eta euren gune gorde eta ia esklusiboa zen hura. Kalean emakume baten ahotan nekez entzuten ziren esamoldeak jaso zitezkeen hots-pilatze trinko eta burrunbatsuaren erdian. Zenbaitetan irainek eta biraoek birbiltzen zituzten elikagai iraungiak saldu izanaren salaketak. Andre asko isilik eta apal zebiltzan postutik postura baina euren aurpegi baketsuetan inguruko zoramenaz gozatzen zutela antzematen zen. Bigarren solairuko aulki luzea zuen tertuliarako lekurik gustukoena. Bertan jesartzen ziren etxekoandreak nekearen ondoko lasaitu arnasa hartzearren, eta bernak masaiatzen zituzten bitartean, salneurrien gorakada edo ogirik zuriena non eros zitekeen izaten zuten hizpide. Egun hartan, ordea, bala-bala barreiatutako plater hegalariena tokatzen zen. Aurreko asteetan ere kutunetakoa izan zen, baina bezperako egunkarian argitaratutakoak biziagotu egin zuen gaiarekiko interesa.

        Zuzenbideko ikasle gutxi zegoen herrian, hori garbi zegoen, eta oso posible zen gezur hori gurata asmatua izana, identifikaziorako aztarnak galaraztearren.

        — Ez dirudi oso paraje egokia aukeratu zutenik horrelako gauza konplikatua estudiatzeko!

        Maria zapataginaren eranskinak zer oroitua eman zion Mentxuri, Farmaziako ikaslea zenean zenbat arratsalde luze eta gozo pasatu zituen Barcelonetako kai ertzean liburukoteak eta apunteak hanka tartean. Haietako batean ezagutu zuen Santos, kide komunista batzuekin oktabillak banatzen, eta nola hurbildu zitzaion orrixka urdin bat eskainiz. Paperari eusten zion esku zartatu eta belztuak kontzientzia txar moduko zerbait piztuko zion seguru aski orduko Mentxu ikasle nerabe eta kontserbadoreari, eta agian horregatik egin zizkion bizpahiru itaun jatorriaz, lanbideaz eta elkarrekin kafe bat hartzeko paradaz. Horrela jakin zuen aurpegi ederreko gazte indartsu hark Santos zuela izena, nabiera bateko behargin mekanikoa, ezkondua eta aurreneko semea jaio berria.

        — Gure etxean platerak ez, plateretako edukiak izaten dira hegalariak! Hain azkar desagertzen dira! —aulkikideen algarak orainaldira erakarri zuen Mentxu.

        — Manoleteren izpiritua izango da, hilobitik berpiztua mendeku bila. Irratian entzun nuen haren oroitarrirako antolatu zuten diru-bilketa porrota izan dela —izan zen norgehiagoka trufariari Mentxuk egin zion lehen ekarpena.

        — Entzutekoak izango dira domekan monsiñore Txopitearen berbak.

        — Batek daki, beharbada apariziño legez erregistratu gurako du, ea eliza lehen baino lehen basilika izendatzen duten.

        Botikara itzulita, Antoniak ere plater hegalarien itzala argitu zion Mentxuri. "Mentxu, ahal duzunean, irakurriko didazu atzoko egunkariko albiste hori, inporta ez bazaizu?". Botika itxitakoan, goitik behera irakurri zion, Antoniak potajearen lapikoari eta arrainaren kaxuelari azken astinaldiak eragiten zizkien bitartean. Eskuak amantalaz txukatu bitartean tinko erreparatu zien egunkariko irudiei.

        — Jainkoa ematen du zomorroak, begi handi bakar horrekin, fuselaje biribilaren ordez triangelu bat bakarrik falta zaio.

        Joselu azaldu zen eta hirurek bazkaldu zuten sukaldean. Trankilago ematen zuen semeak, Antoniaren ustez bezperan Mentxurekin izan bide zuen solasaldia zela eta. Gau hartan ez zuela etxean afalduko esan zuen gaztetxoak, amaren baimena lortuko zuela segurantza osoa adierazten zuen irribarre samur batez goxatuta, "lagun batzuekin San Rokera joango gara ilunabarrean, ea plater hegalariak ikusten ditugun".

        Giroa oso aldagarria izaten zen Gran Hoteleko kafetegian, eta Mentxuk gurago izaten zuen atzeko atartera hurreratu eta zuriz estalitako kristalen landare-marrazki gardenetatik besaulki eta sofaz betetako gela handia gainbegiratzea, sartu aurretik. Udan esaterako saiatu ere ez zen egiten, sasoi horretan itzultzen baitziren Madrildik herriko gizon prestu eta erregimenaren txit adiskideak, eta hoteleko aulki patxadatsu haietan antolatzen zituzten luzimenduzko hitz-aspertuak. Deserosotasun hori aurki berriztatuko zen, maiatzean bertan hasten baitziren itxuraldaketaren aurreneko aztarrenak. Egun hartan, hiru mahai bakarrik zeuden hartuta, batean ezezagun koadrila bat, atzerritarrak behar zuten, baina beste bietan betikoak. Atetik gertuenekoan "Alfonso XIV.aren klubekoak" zeuden, errege-erreginen egonaldiek herrian utzitako arrastoaren nostalgian bizi zen xahar monarkiko bospaseikotea. Deportiva Nauticako historikoak denak, hautatutako jesarlekua ez zuten halazorian hartua. Aldameneko paretan erregea protagonista zuten hainbat argazki zeuden: Antzokiaren inaugurazioa, belaontzi-estropada bateko garaikurra jasotzen, hileta-ospakizunak herriko elizan...

        Mentxuk atea zabaldu eta barrura egin zuen hirugarren mahaian zeuden bere jakineko mahaikideak ikusita. De la Fuente eta Bergara, biak Luis, eta Joxe Astondoa. Lehenari Luigi deitzen zion Mentxuk, beste Luis txistulariarekin bereizteko, eta hainbeste maite zituen film neorrealisten kontura; ahal zuen guztietan ekartzen zituen film italiarrok bere kargupeko zinemetara.

        Kafesnea eskuan hartuta lagunen mahaira hurbildu zenean, etsian agurtu zuen arratsaldeon, mahai gain hartan ere egon baitzegoen plater hegalariei buruzko egunkari-orria.

        — Etxenagusiaren semea izan behar du, Joxerena ez, bestea, nafta-fabrikakoa —ahotsa goraturik ari zen Luigi, ez zegoen garbi serio ala ez—, iaz udaletxean aurkeztu zuen salaketa irakurri nuen, eta tonu berbera dauka egunkarikoak.

        — Baina hori ez dago abokaturako...

        — Gura luke baina. Seguru nago bere ilusiorik handiena udaletxeko funtzionarioa izatea dela, kontadurian edo interbentzioan.

        — Ba nik egingo nuke dena amarru publizitarioa dela, kapitalekoak hona etor daitezen prozesioan. Lourdes edo Fatima berri bat.

        Luigik oihu egin zien beste mahaiko agure beneragarriei, "barkatu, eta zuen ustez?". Jaiki eta bere iraganeko marinel aristokratikoaren molde zilarretan zuzendu zitzaien. Mentxuk ikusten zuen Luigi laineztuta zegoela, eta oso maite zuen halakoetan erabiltzen zuen ironia mehea, batik bat inor gutxik hartzen zuelako ironiatzat. Esku ahurretan bildu zuen kafesne-kikara. Etxean hutsa hartzen zuen baina kanpoan gurago zuen esneaz nahastuta, kafe-zapore falta estaltze aldera. Eztarriak ere eskertu egin zion isurkiaren berotasuna, eguraldiaren hezetasunari aurre egiteko behintzat balioko zion eta. Interesgarriagoa izan zen goizeko tertulia, ez zegoen dudarik. Kalerako bidea hartuta, Luigik besoa jasota gelditu eragin zion.

        — Presaz ala?

        — Botika zabaldu aurretik enkargu parea egin behar dut.

        — Halako batean Mar Zineman lotu behar dugu, badaukat sorpresatxo bat zuretzat.

        — Zapatu goizean, zelan?

        — Ederto.

        Estuan hurreratu eta ukondotik oratu zion Luigik. Burua makurtuta egin zion ahapetik.

        — Jakin nuen Santosena. Zerbait egin ahal badut, esadazu.

        — Mila esker —irribarrerik adeitsuenaz lagundu zuen erantzuna.

        Gizona ostera urrundu eta betiko ahoskera ozen eta jostalariari heldu zion.

        — Zapatua arte beraz —eskuaz agurtu zuen—, guk bitartean estralurtarren arrastoei usainka jarraituko dugu.

        "Ikasle hegalarien" ehiza zabaldu zen herrian, halako deitura egozten hasi zitzaizkien egunkariko gutuna idatzi zuten ustezko gazte biei.

 

 

 

Narru akoltxatuaren kontra zartakoek sortutako hotsa sikuegia zen gimnasioaren durunda algaratsuaren gainetik nabarmendu zedin. Joseluk bere grina osoa zaku eskegiaren erraietan eta minutu bakarrean hustu behar zituela zirudien. Borrokako azken asaltoa amaitzeko hamabost segundo faltako balitzaizkio moduan ari zen. Izerdiak blai eginda zeukan zilborra doi-doi estaltzeko luzera zuen elastiko zuria, eta praka laburren gerri aldea ere hezetasunak ilundua zeukan. Txandaka irudikatzen zituen balizko arerioaren gorputz atalak zaku zigortuan, hara hor eskumako masailean krotxeta, to oraingoan ezker gantxoa birikaren azpiko saihetsean, eta bat-biko azkarra gibelean, batez ere sabelean, ezker-eskuma andana. Entrenatzailea aurrean izan balitz, errieta egingo ziokeen eskumako besoaz kokotsa ez babesteagatik. Ez zion larregi inporta guardia behar bezala ez jasotzea. Zakuari atzeko aldetik eusten zegoen lagunak txanda eskatu zion, eta gogoz bestera luzatu zituen besoak alboetara, salto txiki batzuk emateari utzi barik. Gorputza zakuaren kontra jausten utzi zuen, lagunak bere saioa egin zezan, eta burua ere zakuari itsatsi zion, alboz. Narruarekin bat eginiko belarrian danbateko mutuak aditzen zituen.

        Gimnasio gehienak baizen argitsuagoa, klaraboia erraldoi batek adierazten zuen inoiz ontzitegi izandako pabilioiko sabaiaren erdigunea. Bilboko boxing bat kenduta hura zen Bizkaia osoan ring parea zuen bakarra, eta une hartan animazio handia zegoen borrokarako laukietako nagusian, klubeko izarra zen Manu Kid Sanchez, pisu astunetako txapelduna, berton ari baitzen erakustaldi bizian. Sarritan ibilia zen Joselu haren sparring lanetan, baina aurreko hilabetean hasi bide ziren beretzat gauzak aldatzen, eta bera baino maila apalagoko batzuen kontra aritu izan zen saio batzuetan, bigarren mailatik lehenera pasatua zela seinale dudabakoa. Esperantza handia zeukan uda partean soirée garrantzizko batera eroango ote zuten, eta ring-era luzatutako begiradek gero eta gutxiago zeukaten inbidiatik, eta gero eta gehiago handigura eta oldarkortasunetik.

        Entrenadoreak gelditzeko agindu zien zakuan ari ziren lagun biei. Paperezko poltsa zeroan eskuan. Kolpe imintzio batzuk egin zizkion Joseluren lagunari guardia zelan goratzen zuen frogatzearren. Sorbaldatik heldu zion Joseluri berari, belarrira mintzatzen zitzaion, eta aparteko txoko batean, besteen ikusmiratik urrun, jesartzera gonbidatu zuen. Poltsatik praka motzak atera zituen, borrokarako bereziak, zeta ematen zuen oihal distirantezkoak. Gorriak ziren, alboetako marra eta gerriko zuridunak, eta Joseluren magalean zabaldu zituen neurriz ederto ote zihoazkion frogatu guran. Gogor plantei eusten saiatzen ari zen gaztea, emozioak ez ziezaion larregi gainez egin. Normalean, horrelako kaltzoiak maileguan eskuratzen zituzten jendaurreko borroketarako, norberak erositakoak ez ziren klub osoan bizpahiru baino gehiago izango. Gimnasioak berak horrelako oparia egiten zuenean, afixetan agertzeko moduko debuta gertu zegoela adierazten zuen. Orain arte jendaurrean jokatutako hiru borroketan, "Ibar Ezkerreko boxeolari gazte eta etorkizun handikoek osatuko dituzte soirée honetako beste borrokaldiak" izaten zen esku-orrietan azaltzen zen testua, letra xeheegiz gainera. Orain, aldiz, afixa horietan zein izenez agertuko zen erabakitzeko ordua heldu zitzaiola ohartu zen Joselu.

 

 

 

 

Eguerdian, botika itxi ostean eta bazkalordua arteko ordubetea pasatzeko, gelara igo zen Mentxu. Barikua zen, eta luze zihoan Santosen atxiloketa. Bezperan mintzatu zen azkenekoz Pedriñorekin, arratsaldeko seiak aldera telefonatu eta egun hartan bertan erabakiko zela Santosen hurrengo egoitza zein izango zen, epaitegitik pasatuta kartzelara, edo zuzenean kalean, libre uztea ere litekeena baitzen. Oso baikor zegoela abokatua, ez zuela uste giltzaperatzea erabakiko zutenik. Antoniak oso hotz eta batez ere isilik jaso zituen Mentxuk emandako berriak. Geroago erretolika Joseluri errepikatzeko kemenik ere ez zuen izan. Bai, luzeegi zihoan Santosena, eta bere ondoan eduki gura zuen, hain berba jario urriaz beti halako laguntza eman izan zion gizona.

        Tabako xeherako erabiltzen zuen narruzko toxa zabal-zabalean zeukan mahai gainean, eta haren inguruan hiru pilatxo erregai. Estankoan erositako tabako espainola, kontrabandoan lortutako holandarra piparakoa, eta berak xehatutako beste bat ustez sendagaiak ziren belar izpiak ere tartean zituena. Nahasketa desberdinak egitea ia zientzia gisan erabiltzen zuen, eta normalean asteburuetan egiteko beharra izanda ere, aste hartan egun batez aurreratu behar izan zuen eragiketa. Larregi erre zuen azken egunotan.

        Buruan zerabiltzan pentsamenduek urrutiratuta bezala zeukaten haren gogoa, eta ez zuen osteko segundo laburretan lehertuko zen ekaitzaren kontzientzia apurrik ere izan. Joselu ziztu bizian sartu zen Mentxurenera, eta mahai azpian bilduta zeuzkan hanken jarkera aldatzeko ere denbora eman barik, eskukada batez lisatu zituen mahai gaineko tabako pilatxoak. Gehiena lurreko alfonbraren gainera jausi zen. Betarteari erreparatu zionean, gaztea bere onetik guztiz aterata zegoela ikusi zuen. Ezer jazo ez izanaren itxurak egiten saiatu zen Mentxu, birritan dastatua zuen Joseluren sualdia, eta barrenean sentitzen zuen amorruari jaramon egin baino, astiro eta suabe irten zitzaizkion berbak.

        — Hoa pikutara, motel. Sartzeko baimena eskatu behar huen...

        Mahai gainean gelditutako tabako apurrez zigarro bat egiten hasi zen Mentxu, baina mahaian jotako beste kolpeak dardararazi zion eskuartekoa.

        — Pikutara... zure kontu guztiak, Mentxu! Aita preso eroan zutenetik astebete pasatu da, eta zu hortxe zagoz, denborapasa tenteletan —belar ilun batzuen arrastoak besterik ez ziren mahai gainean gelditzen baina harantz seinalatzen zuen Joseluk; Mentxuk erlaxatzeko ariketa moldean eusten zion atzamar arteko tabakorriaz zigarroa osatzeari—. Eta? Ez didazu ezer esan behar?

        — Arrazoi osoa daukak. Nik ere bazaukat barrua zerbaiten kontra husteko premia...

        — Utzi alde batera zure asmo oneko berba horiek. Zure kulpagatik dago hantxe, eta ez ibili gehiago zintzoarena egiten!

        — Trankil, trankil. Bazakiat asmo onez ari haizela, denak gaudek Santosekin kezkatuta —sermoilari hutsa sentitu zuen bere burua, baina ez zitzaion besterik otutzen—. Ulertzen ditiat hire urduritasunak, baina hoa heure gelara edo gimnasiora edo gura duan tokira, eta nasai hadi apur bat...

        Beso biak mahai ertzean eutsita apur bat makurtu zen Joselu, eta askoz baxuago, baina burlaize txiki batez lagunduta, prestatua zeukan sententzia biribila adierazteko legez mintzatu zitzaion.

        — Ez pentsa babua naizenik, Mentxu. Badakit aita beste egunekoagatik atxilotu zutela. Neu ere han izan nintzen, ahaztu zaizu?

Gentleman Jim filmeko fotograma iruditzen zitzaion egoera hura, mutikoa Errol Flynn izateko gazteegia bazen ere. Bizkarraren alde bietara boxeo-eskunarruak zeroatzan dingilizka eta aski patetikoa zeritzon aurpegian zirriborratutako segurtasun keinuari.

        — Hobe duzu zerori joatea poliziei guztia kondatzera, neuk salatuko zaitut bestela.

        Ezer esan barik iraun zuen Mentxuk segundo batzuetan, baina ez hainbestetan elkarrizketaren jabe izatearren erabiltzen zuen taktikari amore emateagatik, sustrai-sustraitik zetorkion haserre-denboraleari badaezpadako hutsartea emateko baino. Kontrolatu uste zituen zentzumenak esku artean lantzen ari zen zigarroari eskaintzen saiatu zen.

        — Uste diat ez dakiala zertaz ari haizen. Lehendik ere nekatuta nengoan, eta hire etorrerarekin areago —mingain puntaz busti zituen zigarro-paperaren ertzak, eta amaitu berrikoa eskaini zion Joseluri. Bazekien ez zuela erretzen—. Gura duk?

        — Ez diozu jaramonik egin nik esandakoari —toxa atzamar soil pareaz hamar zentimetro goratu eta, garabi baten antzerako jira emanez, lurrera jausten utzi zuen.

        — Ederto. Zer gura duk egitea? —ironi tonuaz saiatu zen Mentxu. Ez zekien bataila hartan zer arma erabili—. Joango nauk komisaldegira, eta esango zieat: "Arratsaldeon. Neure burua entregatzera nator. Ni naiz bilatzen duzuen hiltzailea. Ez dakit pistolaz edo estrangulatuta hil ote nuen, baina neuk hil nuela seguru nago". Sinistuko zidatek, noski, nire hiltzaile ospea atzerrietan ere ezaguna duk...

        — Ez saiatu niri adarra jotzen. Ez nauzu hain erraz nahastuko. Aita kakaztuta dago eta zu eskuak zuri. Hori da nik dakidana.

        — Lar gutxi ez ote den... Ez duk uste zerbait gehiago ere jakin behar hukeela horrela etorri aurretik? Nazkatu egin nauk. Hik ez baduk alde egin gura, neu izango nauk alde egingo duena.

        Korridorera heldu eta berehala aldarri betean hasi zen Mentxu, "Antonia! Non sartu zara, demonio...". Deia errepikatuagatik Antoniarenik jaso barik, eskailerako zulotik begiz hausnartu zuen belarriz jasotzen ez zuen erantzuna. Beheko pisuan agertu zen, telefonoaren aurikularra eskuetan.

        — Itxaron, telefonoz ari naiz. Dei bat pasatu behar didate oraintxe. Berehala igoko naiz.

        Barrura itzulita, Joselu gelaren beste muturrean ikusi zuen, eskua laborategiko beirazko ontziteriaz betetako apalategi batera luzatuta.

        — Hori ikutzen baduk, garbitu egingo haut.

        Paralizatu antzean geratu zen Joselu, bihurrikeriaren batean harrapatutako umearen moduan, eta Mentxuk jakin zuen gustukoa zuen neurria gainditua zuela. Korridorean barrena egin zuen azkar. Mukitsu alaenak jadetsi zuen nerbioen dantza leher zekion, eta arao etsitu batez jesarri zen herriaren ikurra bihurtutako zubi eskegiaren argazki erraldoiaren azpian zegoen aulkian. Ahaztua zeukan atzamarrek helduta zuten zigarroa eta txabusinan topatu zituen hura isiotzeko poxpoloak. Eskaileratik gorako pauso gogorren hotsa entzun zuen, antxintxika zetorren Antoniaren "Mentxu, Mentxu...!" orroekin batera. Azken mailei ekin aurretik, Mentxurenaren aurrez aurre gelditu zen Antoniaren begitartea.

        — Posible bazenu baxuago berba egin... Erotu egingo nauzue gaur denon artean.

        Antonia belaunikatu egin zen Mentxuren aurrean.

        — Askatu egin dute, libre utzi dute Santos. Komisaldegitik hots egin du, honantz datorrela. Epaitegira ere ez dute eroan. Oi, Mentxu, banekien ez zela posible bera izatea...

        Hortzez heldu zion zigarroari, ezpainak libre albait zabalenik goratzeko, libratutako esku biez Antoniaren buruari oratuz. Pot emateko gogoak zigarroa lurreko baldosetara jausten uztera behartu zuen. Kaskezurrean emandako lehen musuak gako metaliko baten kontra egin zuen, eta birritan saiatu zen ile azpiko narruaren epeltasuna ezpainetan nabaritu arte. Hortzez tinkatu zion ostera lurretik jasotako zigarroari.

        — Bazen garaia, ea oraingoan lasai egoterik daukadan. Uste dut bazkaldu ere egin barik kuluxkan emango ditudala hurrengo orduak. Eroango zenuke zure seme hori ordu batzuetan hemendik urrun? Deskantsatu gura nuke.

        Antoniak harridurazko betartea ipini zuen semearen aipua entzun zuenean. Burua jiratu eta gela atarian ikusi zuelarik aurpegiera itaunekora aldatu zuen begirada berriz Mentxurenera itzulita. Gelan sartu zen Mentxu, eta Joseluren paretik igarotzean ez zion baztertzeko keinua egiten utzi.

        — Ez, itxaron, Joselu, gauza bat itaundu gura diat —gelara bultzatu eta atea itxi zuen barrutik.

        Joselu artega zegoen, eta eskunarruen soka muturrei heltzen zien esku biez, atzamarretarako jolas berriren bat asma zezaten erregutuko balie moduan.

        — Hire aitak egin beharrekoa duk hau, baina ez diat itxaroteko gogorik: nork esan dik nigana etortzeko, salaketa kontu horiekin?

        — Inork ez dit horrelakorik esan.

        — Ea honela... Norekin berba egin duk egunotan joan den asteko topaketa hartaz? Nork esan dik egun hartako morroia zela Algortan hil zutena?

        — Gimnasioan jende gehienak daki Algortakoa. Ez dakit zelan, baina hala da. Min egin zidan konturen bat ere entzun behar izan nuen, aita zure txotxongilo hutsa besterik ez dela.

        — Berdin dik, ez dik ardura, hoa hemendik —ez zuen gisa horretako zurrumurruetan gehiago sakondu gura, eta aski maitekorra eritzitako bizkar-igurtzaldi batez agurtu zuen.

        Lurrean barreiatutako tabako-izpiak jasotzen hasi zen baina poltsatxoa baino ez zuen mahai gainera ekarri. Barealdiaren plazera dastatzeko beharra sentitu zuen eta ohean luze etzan zen.

 

 

 

Arte eta Ofizioetako eskolaren atarian zegoen Santos, Joselu noiz aterako zain. Sei laguneko koadrila baten erdian ikusi zuen, eta semea bere presentziaz konturatu arte itxaron zuen bost bat metroko distantzian. Istant batzuk besterik ez ziren izan baina aitak semea aurkeztegi batean legez ikustearekin disfrutatu zuen tarte labur hartan. Gizontzen ari zen zinez, eta Joselu izena txikigarriegia ez ote zen zalantzak hartu zuen. Aita ikusi zuelarik, Joseluk ez zituen lagunak agurtu ere egin eta ziztu bizian jo zuen harengana. Aitak, serio, ez zien semearen poz-keinuei berehalakoan erantzun. Lepo zabala izan arren, Joseluren altura ez zen aitaren besaperainokoa besterik eta hortxe txertatu zuen ezkerreko bizkarra, beso biez gerria besarkatuta.

        — Amak esan zidak ordu honetan irtengo huela eskolatik. —Santosek ez zuen Joseluren burua ikusten, oraindik ere sama azpiko magalean gordea zegoen eta—. Izan ere, zelan ikasketak? Laster izango dituk azterketak, ezta?

        Aitaren hoztasunak zer arraro bat adierazi zion Joseluri. Ohartu zen amak kontatua izango ziola Mentxurekin izandako atralaka.

        — Azkar batean joan behar duk entrenura, baina badaukak denbora apur bat berba-aspertutxo baterako?

        Kalean behera abiatu ziren.

        — Amak kontatu dizu eguerdikoa?

        — Bai, horretaz berba egin gura diat.

        Topaketa banatan gurutzatutako ezagun biren zorionei, kalean libre egotearen kontura jasoak, kasu egin behar izan zien bodegoira ailegatu bitartean. Mahaian jesarri zirenerako ardaoa zeukan Santosek aurrez aurre.

        — Hara, semea, ez diat istorioak kontatzea maite, baina baduk bat oso laburra, eta merezi dik heuk ezagutzea.

        Joseluk atzamarrei begiratzen zien, lotsa itxuraz, eta lantzean behin upategiei eta sabaitik eskegitako zahagiei ematen zien begi.

        — Trankil, ez nauk aspaldiko kontuez ariko; azken urteotako zerbait da.

        Santosek egoerari tentsioa kentzearren txantxa tonukeran ahoskatua zuen, baina semearen aurpegian ez zuen lasaiturik susmatu.

        — Hau ez duk lehenengo aldia atxilotua izan naizena, eta pentsatzekoa duk berriz ere halakorik izan daitekeela. Inportanteena, gauza guztien artetik inportanteena, nerbioak ez galtzea duk, heriotza gainean sentituta ere.

        Aitaren tonukera apalak baretasuna kutsatu zion mutikoari, eta aurpegira begiratzeko ausardia hartu zuen. Santosek, baina, ahur biez heldutako edalontzian galduta zeukan begirakunea. "Nik behin galdu nitian nerbioak, eta berehala damutu zitzaidaan... gogoratzen dudan bakoitzean ere damutzen zaidak". Hura jazo zenean, Joseluk berak hamabi urte edo izango zituen, eta tabako kontrabandora dedikatzen ei zen zigor-batailoietatik libratu eta gutxira, beste baten agindupean barkuko patroi. Ederto zebilen negozioa. Behin deskubritu egin zuten trikimailua eta kartzelan sartu zuten. Hilabete bi edo pasatu zituen, baina askatu behar izan zuten. Ezin izan zuten ezer frogatu: tabakoa postako zakuetan ekartzen zuten eta beraz erantzukizuna teorian ez zen eurena, jatorrizko posta bulegoarena baino.

        — Kalera atera ninduan azkenik, erru aldetik zuri-zuri eta poltsikoak ezin hustu zizkigutela. Utzi behar izan genian kontrabandoarena, baina negozioburuaren azkartasunak salbatu ninduen ataka larriagoetatik. Tabako kontrabandoa zuzentzen zuena eta neu agindupeko neukana Mentxu huen, asteotako afera honetan ere neu libre uztea lortu duen pertsona bera.

        Santosek ez zuen bereizten jakin Joseluren begietan zegoen arrastoa harridurarena ala interesarena ote zen, baina hamalau urte lehenagoko akordua ekarri zion, semea umea zenean loak hartu aurretik Antoniak kontatutako ipuinek sortzen zioten aurpegiera bertsua iruditu baitzitzaion.

        — Gaitza izaten duk askotan bera bezalako pertsona bat konprenitzea, baina ez dudarik egin, motel, inoiz ez hau kolokan utziko, ez dik inoiz lagunik traizionatuko. Amaren lanpostua eta etxea ere berari zor zizkioagu. Ez duk gutxi.