Henriren irudia
Henriren irudia
2000, nobela
160 orrialde
84-86766-11-7
azala: Garbiñe Ubeda
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2002, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
Henriren irudia
2000, nobela
160 orrialde
84-86766-11-7
aurkibidea
 

 

Eli eta konkorra. Pitita

 

Arratsaldean, zerua gris, ateri zegoela, bide zuzena ibili barik, mendi mazeleko karriketatik barrena itzuli bat eginez inguratu zen Xan Henriren anaiaren etxera. Bazekien nontsu zen, bazekien nora zihoan; izan ere, auzo hura, kale haiek, nahiz oso kanbiatuak izan, ezagutzen zituenak ziren; bertan izan zuen, denbora batean, bere bizitokietako bat, bertako ostatu batean egin zituen lagun pasajero batzuk.

      Herrenka zihoan, baten batek jarraitzen ote zion behin edo behin gibelera miran. Ez zitekeen batere fida. Behin, bere atzean, oso hurbil, itzal baten presentzia sumatuz, eskaparate bati so gelditu zen, bere begitazioa izan zela komentzitu zen arte. Gero, kale nagusira heldu zelarik (bera zihoan kalea bertatik ikusi zezakeela), berriz ere atzean norbait zuela begitandu zitzaion; ez zuen seguru ere esango. Kale hartan jende asko zebilen. Edozertara ere, bertan zegoen ostatu batean sartu, haren kristalen atzetik, disimuloz, kitziketan egon zen. Denbora gutxi egin zuen han; eskatu zuen ardoa trago batean edan eta, irten egin zen. Prudentki hala ere, etxe-sailari itzuli bat egitea pentsatu zuen.

      Berriz ere, orain gorago, kale nagusira heltzera zihoala, bertan zen parke txiki batean, zuhaitz batzuen azpian, lagun batzuk bilduta zeudela ikusi zuen. Lagun haiek, hogei bat, gehiagorik ez, semizirkulo baten hastapena bezalako lerro bat osatzen zuten: oro isilik, oro kale nagusira begira. Xan, jakinminez, gelditu egin zen. Bertan lagun haiek zerbaitek, segurrenik ideia, edo kausa batek batu zituela zirudien; antza beren isilaz zerbaitegatik protesta egin, zerbaiten alde edo kontra zeudela adierazi nahi zuten. Inoiz ez elkarri begira, inoiz ez elkarri mintzo, bazitekeen aldez aurretiko erabakiz, baina bazitekeen lotsaz, bazitekeen elkarrenganako estimarik ezaz. Batzuk zamarraz eta kirol-zapatillez jantzita, beste batzuk beroki luzeez eta oinetako sendoez, elkarrengandik aski diferenteak izan eta, ez pankartarik ez beste erakusgarririk zutela, bista batera, elkartzen zituen zer bakarra hain zuzen ere isiltasun hautsigaitz hura zen. Bestalde, Xani ere, aurrena beraien aurretik igaro zenean, eta gero, zuhaitz baten atzean gelditu zenean ere, ez zioten begiratu, edo egin bazuten, oso begi-erdiz, ez ikusi irudia eginez egin zuten; agian hotzak lepo-zurrunduta zeuden. Zierto, bera parketik kanpora zegoen, haiengandik urruntxo; zierto, bera ere kuxkubilduta zegoen, zuhaitz azal-zimur baten atzean, ez oso gordean, baina apenas aurpegiaren perfila, agian zapaten muturrak agertzen zituela. Bestalde, arrats iluna zen, eta bertako farolek ez zuten parkea erabat argitzen.

      Zuhaitz haren atzean goaitean zegoela, bada, halako batean, bertatik ez urrunegi, kale nagusian bertan, gorago, tiro-hots batzuk aditu zituen. Kale nagusiko oinezkoek gora begiratzen zuten, lerroan zirenek ere bai; orain txutxumutxu pixka bat egin, oinetakoak astindu zituzten. Laster oso, kale nagusitik barrena gazte andana bat lasterrean etorri, batzuk beherantza segitu, beste batzuek parke-inguruan posizioak hartu zituzten. Lerrokoak une batez elkarrengana inguratu ziren, geroxeago, egonean egon ziren bezain isilik, emeki-emeki, inguruko karriketara barreiatu ziren. Gazteek, batzuk aurpegiak estalian, beste batzuk ez, parke bazterrak beren mende hartu eta, espantu handiak eginez, gora begiratzen zuten. Hantxe zegoen kafetegi batetik emakume batzuek, soinean larruzko berokiak zituztela, kaleratu eta, antxintxika txikian kalean behera jo zuten. Aurki kalean oinezko bakan batzuk baizik ez zebiltzan, haiek ere urduritxo, bizi-bizi urratsa. Xan beretik, zegoen zuhaitzetik aldendu eta, berehalaxe erretira egitera deziditu gabe, bertan aparkatuta zegoen jeep batean apoiatu zen; alde batera hankan min handi samarra zeukan; bestera berriz, ikusmina ere bazuen. Anartean gazteek kotxe bi kruzatu, kontainer bat irauli, nonondik harri batzuk eskuratu zituzten. Etxeetan balkoiak itxi eta, kortinen atzetik pertsona bat edo beste zelatan zegoen. Kale nagusian, goian, poliziak ikusten ziren: aho-zabaleko eskopetekin armatuak, parke alderantza tiro tiraka. Laster gauzak, arma primitiboak zerabiltzatenentzat, oso gaizki jarri ziren. Ke artean erretiratzen hasi ziren. Gazte batek, eskuan botila bat zuela, ez-lasai, gora begira bizkarka zetorrela, Xanekin topo egin eta errebeska, mesfidantzaz begiratu zion. Ja parkearen gainean poliziak agertu ziren, ja gazte gehienek beherantza egin zuten, ja lagun bik baino ez zuten barrikada defenditzen. Bat-batean Xanek bere burua oso bakarrik ikusi zuen: gelditzen ziren kafetegi hartako atean gizon ez-inplikatu batzuk, gelditzen ziren parkeaz hara hiru-lau mutil-koxkor, gelditzen zen, jeeparen babes ez oso seguruan, bera.

      Poliziek, gazteak uxatu eta kalea despejatu eta gero, kantoi bitatik, behetik harriak eta su-ziriak jaurtitzen zizkieten gazteei disparatzen segitu zieten. Parke parean establezitu zen kalma relatiboa aprobetxatuz, oinezko batzuk, nondik-handik, beren ezkutalekuetatik irten, nora-hara abiatu ziren. Une egokia zelakoan, Xanek ere, jeepetik aldenduz, poliki-poliki, hanka herrenka, burua makur, su biren artean harrapaturiko hiritar arrunt bat legez, kalea kruzatu zuen. Ja beste aldean, ja gorantza, ahal zuen arinen, izkina batera heltzen ari zela, polizia bat begira zuela iruditu zitzaion. Hark bere aurpegirik ez ikusteko, Xanek bista apur bat gehiago bajatu zuen. Orduan bere atzean, boz sendo batek: “Tú”, esan zuen. Zierto eta garbi zekien berari ari zitzaiola. Hala ere segitu zuen ibiltzen. Bizkarrean kolpe bat sentitu zuen. Buelta-erdia egin eta, oso makur, begiak itxita, burua besoarekin babestuz: “No me pegue, yo no he hecho nada”, esan zuen. Barre batzuk aditu zituen. “Déjale”, esan zuen polizia batek, “es un pobre hombre”. “Venga, muévete”, besteak. Xanek lotu-lotuan, herren handiarekin, kalean gora segitu zuen.

      Tiro-hotsa atzera laga eta, hanka herrestan zuela urrundu, borrokaren aztarrenik ez zen kale-gurutze batera iritsi zen. Orain, helbide jakinera lehenbailehen iristeko asmoz, kale batean sartu, hura bide itxia zela-ta, apur bat gora egin, gero eskumara sartu zelarik, ohartu zen berriz ere bidea erratu zuela. Kale estu, ilun batean zegoen. Bat-batean bere atzean, oso bertan, baten bat zuela sumatu zuen. Jiratu zen. Bekoz beko beroki iluneko gizon ile-zuria zuen. Ikarak paralizatu zuen. Gizona beragana zetorrela-ta, Xan, atze-atzeka joan eta, hormigoizko eskailera baten kontra jo, estropezu egin, erori, hortzak gora zituela, farola baten argiak itsutu egiten zuela, jarrera gaiztoan gelditu zen hantxe. Gizona bere aurre-aurrean gelditu zen; atxiki gabe baina, Xanek edozein mugimendu egitera bere esku gotorrez atzemateko prest; bere sorbalda gainetik kaleaz alde bietara begiratu zuen; ez zen inor begi-bistan. Gero begiak Xanengan tinkatu zituen; halako satisfazioa, halako mespretxua zegoen haren begiradan. Xan, eskaileraren kontra estututa, begi izuak gizonaren aurpegitik apartatu ezin zituela zegoen.

      “Zer ari zara?”, esan zuen gizonak erdeinuz; “berriz ere legez kanpo jarri nahi al duzu, ez al duzu ikasi...? Noiz eta orain, ustez ondo-bidean zinela, zeure bizitza hondatu nahi duzu...? Kide zaharrak atzeman nahian al zabiltza...? Haiek galdu dira, haiek zure imajinazioan beste inon ez dituzu bizi... Ez al dakizu erakundea bere azkenekotan dela, ez al zara ohartu?”; haren ezpain meheetan irribarre anker bat dibujatu zen; “edo beharbada”, esan zuen, “independentziaren kimera horrekin egiten duzu amets; he! Zer uste duzu, zuri horrek zer ekarriko dizu? Kondena igual-igual beteko duzu”; aita-doinu zuri, zital hura... puñal bat zen haren frase bakoitza; Xan ezpainak lotuta zegoen; “Etxezuriak”, segitu zuen gizonak, “lege onez eskaini zizun baimena aprobetxatuz ihes egin duzu; badakizu zer dakarren horrek... Eta hala ere, oraindik ez zaude zeharo galduta. Zuzendaria prest dago zu barkatzeko, orain, zeure kabuz, nirekin itzultzen bazara. Informean, kolaboratzen baduzu, pena arintze aldera, esango dugu, konparazio, nahasketaldi batean, hirira zeure ama ikusteko asmotan etorri zarela; bestalde, biok dakigunez, ezinezkoa dena... Alferrik tematuko zara. Kanpoan inor ez duzu, han duzu zeure benetako familia, beso-zabalik hartuko zaituena...”.

      Xanek azken hitzak apenas aditu zituen. Bazekien gizonak zioen informe hura ez zela osasun-informe bat izango, ezpada informe judizial bat, eta berak handik hara esan zezakeenak bere pena larritu baizik ez zuela egingo... Eta, guztiarekin, gizon hark, eta beste saripekoek, egun haietan jarraitu, berari buruz asko bazekiten ere, ez bide zekiten printzipala, ez bide zekiten Henri zela bila zebilena; Henriz, baina, berak sekulan ez zien informazio koskorrenik emango.

      Halako batean gizonak, berokia zabalduz, gerri-gibeletik eskuturreko batzuk atera zituen. Istant hartan aditu zituen Xanek, handik ez urrun, tiro bi, garrasi batzuk. Lepoa okertuz, kale muturrean gazte batzuk agertu zirela ikusi zuen. Haiek ordea, harantza begira eta gainera, beraiengandik urrutitxo zeuden. Hala ere Xanek, laguntza eske, eskua jaso zuen; esan ere, esan nahi izan zuen: lagundu!, bere eztarritik ordea bele-arrazka bat atera zen. Gizona, arriskua sumatuz, makurtu egin zen; eskua heldu nahian, Xan pilota bat eginda zegoela, besotik tira eginez arrastaka ibili zuen. Gero bat-batean, gizonak laga egin zuela nabaritu zuen. Begiak ireki, mutil aurpegi-zorrotz bat sorbalda astintzen ari zitzaion. “Ondo al hago? Ondo?”, galdetu zion hark. Xan poliki, nekez jaiki zen. Ile zuriko gizona konorterik gabe, lurrean tripagora zegoen. Xanek beste hitz batzuk murduskatu eta, abiatu egin zen...

      Kale jakinean inor ez zebilen. Garik aipatu zion oinetako-konpontzailearen tailerraren ondoko portaletik, une hartan, lagun batzuk irteten ari ziren: aurretik umemoko bat, gero emakume bat, sudur handia zuena, kasu egin ziona, azkenik gizon moreno bat, Xanen praketara begira pasatu zena. Bebarrura sartzera zihoala, kale izkinan bi pertsona azaldu ziren. Ez ote berari begira, ez ote beragana zetozenak? Goreneko pisua, esana zion Garik. Larri-larri igo zituen eskailerak. Gora iristen ari zela aditu zuen, beldur zenez, bebarruan jende-hotsa. Atea irekita zegoen, burua sartu zuen. Pasiloan baten bat urruntzen, fondoan argi baten isla nabaritu zuen; osterantzean iluna zegoen. Erabat sartu zen. Urratsak gora zetozela-ta, kuarto batera egin zuen. Leihotik sartzen zen argi pixkarekin mueble zahar batzuk, lurrean kartoi pila bat, ohearen gainean zenbait manta nahaspilatu ikusi zituen. Bat edo batzuk, isil-isilka, apartamentura heldu zirela sumatuz, Xan ohepera sartu zen herrestan. Pasiloan ahots batzuk oso bajutik, sekretuka bezala ari ziren. Xanek arnas-hotsari eutsi zion. Lagun bat, gero beste bat sartu ziren gelan. Argirik pizteke: “Aquí está”, esan zuen emakume baten bozak. Xanek begiak itxi zituen. Presio bat sumatu zuen: baten bat ohe gainean jarri zen, uxumuxuka hitz batzuk esan zituen, run-run bat aditu zuen. Ez ziren, antza, beragatik ari. Bazen nonbait baten bat ohatzean, manta nahaspilatuen azpian. Orduan baina, zutik gelditu zenak, pixka bat makurtuz: “Aquí hay otro”, esan zuen; Xanek hankak bildu zituen; neska batek, somierra apur bat jasoz, lagun gisa: “e, qué haces tú ahí?”, galdetu zion. Xanek, orain beldurrez baino gehiago lotsaz, erresistentzia pixka bat egin zuen. Alde guztiz, ez zirudien neska hura etsai moduan zetorrenik. Noski etxekoa behar zuen. Nolanahi ere, atzeman egin zuten. Halaz ere berak, burua pixka bat agertuz: “Xxx”, esan zuen. Neskak barre egin zuen. Azkeneko behintzat, Xan irten egin zen, baldarki zutundu. Bere aurrean neska lodixko bat zeukan, ohean beste neska bat zegoen eserita, haren aldamenean, manten artean burua ikusten zitzaiola, mutil bat itxuraz. Hura, berriz, lo gogortuta zegoen. Hartan, ohe gaineko neskak: “Xan?”, galdetu zuen; intziri batean esan zuen, Xanek ez zuen ezagutu; isilaldi baten ondoren, irri pixka bat egin eta gero: “ez nauzu ezagutzen?”, galdetu zion neskak. Noski dibertituta zegoen. Xan, pixka bat harengana makurtuz: “Eli?”, galdetu zuen. Neskak berriz ere irri, Xanek dardar egin zuen. Ile luzeak aurpegia ia erabat estalian, beti barre-doinuan: “Zer egiten duzu hemen?”, galdetu zion Elik. “Esan didate”, balbalkatu zuen Xanek, “hemen bizi dela... Henriren anaia”. Beste neskak min-intziri txiki bat egin zuen, pixka bat tolestu zen. “Eseri”, esan zion Elik hari; neska eurengandik aldendu, leihoaren ondoan, aulki batean jarri zen; “nire ahizpa da”, esan zuen Elik; isilaldi bat izan zen, Xanek ikusi zuen Elik eskua lo zegoen haren buruaren gainean ipinita zeukala; hargatixe: “ez duzu ezagutzen?”, galdetu zion Elik; Xanek ezezkoa egin zuen; “bera duzu Henriren anaia”; Eli haren aldamenean, beroki handi baten barruan, hankak bilduta, txikortua, figura txikitxo bat zen; “zergatik sartu zara hor?”, galdetu zion Elik, irritsu. “Beldur nintzen...”, esan zuen Xanek, bista apaldu zuen. Hurbildu egingo zen Eligana, haren kontra estutuko zen, ez balitz urrutitxo egon, ez balitzaio Henriren anaiari ezti-eztia burua laztantzen arizan. Ez hona eta ez hara zegoela: “Jarri”, gonbidatu zuen Elik, eskuaz ohea seinalatuz. Xan, kartoi batzuk apartatuz, ohearen oinetan, izkina-izkinan jarri zen, bizkarra paretaren kontra. Orain Eli eskueran zuen, ez zen haatik ukitzera ausartu, ez zen, seguru aski, une hartan halakorik komeni. Anartean ahizpa liburu bat zabaldu eta, kanpo-argi motelaren pean begiztatzen hasi zen. Xanek, apur bat zer egin ez zekiela, bere sudurra, gero bere kokotsa igurtzi zituen. Elik zigarro batto eskaini zion; sua emandakoan pixka bat elkarrengana bildu, gero berriz ere bereizi ziren. Biek erre zuten. Halatan, bada, lagunak ziren, ez zen elkarren artean beharbada besterik. Pasiloan urrats batzuk aditu ziren, norbaitek atea pixka bat ireki, barrura begiratu, ezer esateke, atzera pasiloan ezkutatu zen; Elik eta bere ahizpak ez zuten erreparatu, ez zioten behintzat hari garrantzirik eman. Euren berokiak erantzi gabe, ez ziren segurrenik luzerako etorri. Xan apur bat mendratuta zegoen: ez-leku samarrean, pixka bat lotsatuta ere. Eli-ta, zertara ailegatu ziren hara? Zer zen ere, Xan ez zen behintzat hasiko galdezka. Zeren zain zeuden? Henriren anaia esnatzeko zain, agian; hura, ordea, manten azpian lo-lo, hotzak kuxkubilduta bezala zegoen. Puxka batean hala egon ziren. Istant batez, Xani iruditu zitzaion Elik irribarre egiten zuela. Zer pentsatzen ari zen? Ez zekien, agian, berak ere zer egin; eta halaz ere kontrolatu egiten zuen, era batera, situazioa. Neska misteriosoa zen. Bazuen zerbait, Xani barren-barrenera heldu, erremedio gabe zeramana; zena zela, handia zen bien arteko une hartakoxe distantzia; hankak bilduta, isilik erretzen zuen Elik. Zergatik, ahapeka bada ere, ez zion ezertxo ere esaten? Ez zekien Xanek zer pentsatu hartaz. Agian ez zituen bere sentimenduak erakutsi nahi, bere ahizparen aurrean; edo agian ez zuen berari zer esatekorik, ez-normala zena, kontuan izanik beren arteko historia labur, bai, baina gozoa. Hala ere, lasai ematen zuen neskak; haren besoa ezpainetatik hautsontzira elastizitatez bildu eta luzatzen zen, pipaldi bakoitzean. Azkenean: “Eta zu?”, galdetu zuen Xanek. “Ni?”, galdetu zuen Elik, amets batetik aterata bezala. “Zer moduz zaude?”, galdetu zuen Xanek. “Ondo esan beharko”. Distraitu antzean esan zuen; bista, bistan da, beste horizonte batzuetara ipinita zeukan. Artean Henriren anaia mugitu egin zen, gero manten artetik soina atera eta, nagiak ezaxolaz, lotsa gutxiz atera zituen. Mutil handi, gaztetxo, bizkar-konkor, ezpain-lodi, bixarguri, Eliri begi-kilimusi bat egin zion. Noski lagun onak ziren, ez baziren amanteak, alde batera, mutilaren adina, bere fisikoa, bere xabarkeria kontuan izanik, estonatzekoa zena, eta bestera berriz, Xanentzako mingarri samarra. Alabaina, mutil lañoa zela zirudien; lasai eta gozoa, menturaz, esperientzia eta arrasto gutxikoa, hala ere. Guztiarekin, desabantailatsua zen Xanen posizioa; ezen, bera Eligandik urrutitxo zegoen, eta konkorra berriz, oso haren arrimuan. Isilantzeko solasean hasi zirela nabarituz Xanek, pudorez, begirada apartatu zuen. Handik pixka batera, armarioko ispiluan, ilun hartan, Elik eta konkorrak elkarri musu bat ematen ziotela begitandu zitzaion; edo, halakorik izan ez bazen ere, behintzat bien bisaiak oso juntu egon ziren momentu batez. Gerotxoago berriz, Eli zigarroa hautsontzian uztearren jiratu zelarik Xanek ikusi zuen, konkorra bere belarria Eliren eskulepoaren kontra marruskatzen ari zela. Baziren, beraz, une hartan behinik-behin, bata bestearentzat, nahiko nabarmenki. Eta Elik hala ere, ez zuen bera erabat gaitzesten: konkorragana zalutasunez desplazatu zelarik, zango bat luzatu zuen, botarekin Xanen izterra ukitzeraino. Xanek ahizpari begiratu zion; hark bere aulkian, liburuari begira, hasperen egin zuen: min hasperen, neke hasperen? aurki zain zegoen, Xanek ez baitzekien zeren. Atzamar birekin ferekatu zuen Eliren bota, pentsatuz ezen, denborarekin agian, haren orkatilaraino iritsiko zela. Bitartean Elik eta konkorrak, ohearen buruan bat eginda, apal-apalik berbetan segitzen zuten. Guztiarekin, beharbada ez zuten bizitzari buruz elkarrekiko guztizko xederik, beharbada lagunak besterik ez ziren. Konkorrak, halako batean, manten artetik erabat irtenda, jaiki eta pasilora egin zuen. Elik bere jarrera berkonponitu zuen: atzera zangoak bilduta, atzera zigarro bat piztu, Xani eskaini ziolarik, honek, ez epelegia, ez, agian, sendikorregia ematearren, eta halaz ere eztiki: “Orain ez”, errefusatu zuen. Izan zuen hark, agian, bere eragina. “Esan didate”, esan zuen Elik, “Olaben zinelarik, ura sartu dela...”. Xanek harrituta begiratu zion. “Bai”, esan zuen; “porzierto: konfusioarekin, guardasola han utzi dut”. “Guardasola? A”; ez zuela inporta, keinu bat egin, gero pausa bat, gero, irri maltzurtxo batez: “Raissa ezagutu duzu”, esan zuen. Ilunean, Eliren begiak bilatu zituen Xanek. Zer esan nahi zuen? “Berak esan dizu?”, galdetu zuen Xanek. Elik keinu anbiguo bat egin zuen. “Eta”, esan zuen, “zer moduz harekin?”. Bazen haren doinuan inkirin pixka bat, bazen, agian, zelorik ere zerbait. “Ondo”, esan zuen Xanek, esan nahiz bezala: besterik gabe; Elik barre txiki bat egin zuen; agian berarekin burlatzen ari zen, betiere fineziaz; Xanek burua makurtu zuen, boz apal-apalarekin: “zurekin gogoratu naiz”, esan zuen. Isilune baten ondoren: “Ni ere gogoratu naiz zurekin”, esan zuen Elik; ez zen, ordea, hitz haietan halako poz edo xagrinik; konstatazio sinple bat zen; eta, hala bazen ere, baziren haiek egiaz beteriko hitzak. Eta, berriz ere, Xanek inpresioa izan zuen Eli haur hauskor bat zela. Aurpegitxoa hartu, laztandu egingo zion; ez zatekeen hala ere momentua. Nolabait bere atxikimena erakutsiz, Xanek hautsontzia hurreratu zion. Elik begirada galdua zeukan. Xanek zerbait esan nahi izan zuen, eztarrian baina korapilo bat zeukan. Orduan sartu egin zen atzera konkorra, gela erdian plantatu zen, eskuak poltsikoetan zituela, bertso bat bota behar zuela zirudien. Xani keinu arraro bat egin, gero Eliri: “Listo”, esan zion; larri antzekoa zuen ahotsa, triste eta maliziosoa, agian, begirada; Elik zigarroa itzali, hankak luzatu, ohearen ertzean jarri zen; “iluntze nabarrean?”, galdetu zuen konkorrak; jijimajia pixka batekin hitz egiten zuen. “Bale”, esan zuen Elik; Xani bizkarra emanda, bere poltsatxoan zeozeren bila, konkorra bere aurrean akuriko jarri zen; berba-marmar pixka bat egin zuten. Ez ote, berataz ari? Eta, Elik irri pixka bat egin zuen. Irri hark behintzat, Xan pixka bat mindu zuen. Eli beragandik hain urruti zegoen. Begiak lausotzen ari zitzaizkiola nabarituz, Xanek beste aldera begiratu, ahizpa ikusi zuen. Hura, beti liburu hari begira zegoen, orrialderik, ustez, pasatu gabe, min-arrasto bat aurpegian. Eli baino beteagoa zen, beldurti samarra menturaz. Beroki, agian, urdin ilun bat, larruzko bota luzeak jantzita zegoen. Gero begiak Eliren bizkarrean atxiki zituen; haren gorputzaren parte harekin konformatu behar zuen; bizkar hura, pentsatu zuen, oraindik pixka bat berea zukeen; neskaren bularrak, berriz, konkorrarenak izan. Alabaina Xanek, Eli ikusten segitu nahi izanez gero, handik goiti, nolabait, konkorrarekin konpartitu beharko zuen, neskaren oniritziz. Sobra ere konkorra tipo berezia zen. Gisa batera, Eli ere berezia zen, neskak berak ez zekien, beharbada, noraino. Biak ere bereziak, nahiz fisikoz hain diferenteak izan, bazuten elkarrekiko entendimendu arraro bat, bazuketen elkarrekiko nolabaiteko antza, umore beretsua. Xanen begian malko bat zegoen. Orduan: “Ai”, lamentatu zen Eliren ahizpa; eta berehala: “ai, ai”, lamentatu zen. Eli harengana joan zen. “Goazen”, esan zuen. Ahizpa jaiki zelarik, Xan ohartu zen hura haurdun abantzatuxea zela; joan behar zuten, menturaz, ospitalera oraintxe. Xan ere jaiki zen. Elik bere ahizpa konkorraren besoetan laga eta, berari etorri zitzaion. Begian malkoa ikusi zion, hatz batekin xukatu zion. Hark pixka bat kontsolatu zuen Xan. Ez zuten hitzik esan. Dena esanda zegoen. Eli ja bereizten ari zen. Agian apur bat nahastuta zegoen, Xanen sentimenduen indarraren aurrean. “Egongo gara”, esan zuen. “Bai”, esan zuen Xanek; ez zegoen oso sinetsia.

      Atera ziren haiek, Xan eta konkorra buruz buru gelditu ziren. Konkorrak despistatuta ematen zuen, preokupatuta agian, ez agian oraindik erabat esnai; gero betaurrekoak jantzi zituen eta, zurrun Xani begira: “Hi haiz, hortaz, Xan”, esan zuen; Xanek mormor batekin eman zuen baietza; “...Motan zeldari su eman ziona”; Xanen begiek diz-diz egin zuten; “Etxezurian latzak pasatuko hituen...”, esan zuen; Xanek ez baitzuen ezer esaten: “etorri”, esan zuen, “goazemak sukaldera. Hemen satorrak ematen diagu”; gero, pasilo luzean zebiltzala: “orduan... Lazarorekin izan hintzen?”, galdetu zion. “Bai”, esan zuen Xanek. Konkorrak barre-karkara batzuk egin zituen, bere karkasa osoari eraginez. “Hobea dik anaiak”, esan zuen, “hark ez jakitea non den... Egoera ez zagok brometarako”.

      Sukaldean, zuri-beltzezko telebistan, trajedun mutil bat, alboan neska gona-laburtxo bat zuela, esaten ari zen: “Y ahora, señoras y señores, vamos a saber a quién corresponde este magnífico premio...”. “Honek zer utzi dik...”, esan zuen konkorrak; bolumena kendu, pertsiana ondo itxita zegoela konprobatu, argia piztu zuen. Ezkerrean, telebistaren aurrean sofa txiki bat zegoen; eskuinean sukaldea, mahaia, mahaiaren gainean zumogailu bat, ogi erdi bat, ardo botila bat erdiaz gora beterik, baso zikin bi zeuden. Sabaian tranpilla bat ireki zen, handik buru txiki bat agertu zen, hark konkorrari: “Zer habil?”, galdetu zion. “Hi...!”, esan zuen, saludo gisa, konkorrak, segidan buru txikia gorde zen, tranpilla itxi, sabaian urrats batzuk aditu ziren; “eseri”, esan zion konkorrak Xani; baso zikinak erretiratu, baso garbi bi atera zituen; “ez zakiat zerbait ote den”, esan zuen; “a, hemen duk”; armario batetik txorizo luzanga bat atera zuen, kutxilo bat eskainiz: “hamaika buelta emanda egongo haiz eta... jan!”, esan zuen. Eskua kopetan zuela, motibo aparenterik gabe sukaldean itzuliño bat egin, gero Xanen ondoantsu jarri zen. Kristal lodien atzean begi marroi hitsak, gorrikara masailak, beheko ezpaina pittin bat eroria, soinez handi-delikatua, mutil baldarxka zirudien, ez agian oso kartsua, ero samarra menturaz. Xanek txorizo mutur bat eskaini ziolarik hark, esku-palmak erakutsiz retxazatu zuen. Gero, bizkar-konkorraren zamapean beso-aurreak mahai gainean ezarrita, nondik-handik ateratako erretzeko puskak atondu zituen. “Heuk ere”, ekin zion Xanek, “ez dakik, orduan, anaia...”. “Ez jakin eta ez jakin nahi ere”, esan zuen konkorrak; gero, boza apalduz: “orain”, esan zuen, “askok esana duk, hirian ote den...”; eta, boz ozenarekin: “nik ez nikek baietz karraturik esango!”; bekainak goititu, sorbaldak jaso zituen, kanutoa egiteari lotu zitzaion; Xanek basoa kup batez hustu eta, usu bete zuen atzera; “guk ez diagu behinik-behin ikusi”, esan zuen konkorrak, papera listuaz hezetuz; “nik azkenekoan”, esan zuen eta, korkotxak permititzen zion hartaraino bista gora emanik, kixkortuta begiak, segundo batzuk pentsakor eman zituen, gero: “aitaren entierroaren egunean ikusiko nian; bai, orduan izan zuan”; zigarreta piztu, segitu zuen:

      “Bi egun lehenago etorri zuan etxera. Orduan bera ihesi baina lokalizatzeko moduan zegoan eta nik, lagunen bidez aita ingresatuta eta oso gaizki zegoela abisua helarazi nioan eta, hala etorri zuan. Anaia zaharra kanpoan zegoan eta etxean, haren seme-alaba txikiak eta ama eta ni neu gintuan. Bazkalaurrean etorri zuan, lagun batekin: Pitita, igual ezagutuko duk”; Xanek ezezkoa egin zuen; “eta, bezperan izan zuan, jendarmeek hiru lagun utzi baitzituzten hemengo polizien esku, haietako bat Asier, auzokoa, eta huelga deia eginda zegoan, goizaldetik zeudean karreterak moztuta. Hamaikak aldean zibilak trenbidea garbitzen aritu zituan, eta trenez etorri zituan ba haiek”; konkorrak erre egin zuen; belarrak bizkortuta: “atea ireki nuenean”, esan zuen, “hasieran ez nian ezagutu. Pitita ere apenas ezagutzen nian orduan eta, Henri berriz, antiojo beltzak eta lehenago ibiltzen ez zituen bibote luzeak ere bazitian eta, amak ere ez zian ezagutu aurrena. Hilabeteak zeramatzaan hark ere ikusi gabe, Henri ez baitzen aldegin zuenez geroztik etxean azaldu. Pitita bazter batean gelditu zuan, eta amak, bera ere ziztrinduta eta ohean zegoan eta, ezagutu zuenean oihu bat egin zian eta besarkatu zian eta, lehenbiziko gauza: ‘Ene! Kontuz etorriko zineten!’, esan zioan; ‘ez al dituzue atzean izango...!’. Ama horrelakoa baita, bar-bar-bar, eta: ‘Ri-ra joan zinen, guk ez genekien ezer, gauean etorri ziren’, hala etorri zituan-eta beste gau hartan sekretako txakurrak, atea hautsi, aita sutan jarri zuan, ateratzeko! ateratzeko etxetik eta pertsonak sartu behar diren bezala sartzeko! Buruan kolpe bat jo ziotean, gero Henriren gela azpikoz goiti jarri zitean, paper eta zinta batzuk hartuta joan zituan; eta, handik bi-hiru egunera osaba Eusebio etorri zuan, hark esan ziguan, ondo eta toki seguruan zela Henri, geroztik ama gau-ta-egun begira zegoan, ordu-orduoro irratiko boletinak aditzen zitian, bat hil zutela hemen, bi detenitu zituztela han... Eta, Henri etorri zen beste hartan, bada, amak: ‘Baina esan, esan: ondo jaten ematen al dizute?’; ez zakiat zer pentsatzen zuen, pentsio batean zela edo...; eta: ‘horko hori, laguna al duzu?’. ‘Bai ama’, eta: ‘Zerbait jango duzue’; eta niri: ‘jarri, jarri zerbait bazkaltzeko’; eta: ‘atera sagardoa’; eta: ‘ekarri arropa horiek, ez? labadoran momentu batean... ene! zer duzu hori?’; Henrik gerrian pipa zekarrean eta, amak hura ikusi zuenean hitza galdu zian; ito larrian jarri zuan; osasunez makal samar zebilean eta, susto hark ez zioan on handirik egingo; boz apal-apalarekin: ‘zertarako daramazu hori?’, galdetu zioan; Henrik hari buruan maite-maite eginez, nola-hala kontsolatu zian; ‘ze, orain ere joango zara ala?’, galdetu zioan amak, esperantza poxi batekin. ‘Bai ama, oraingoz... hauxe da nire tokia’. Garbi esan zioan. Gero ama lo goxoak hartu zian, gu badaezpada ere eta mahaia ere hala zegoelako jarria, haren oinetan jarrita bazkaldu genian. Henri, Pitita eta hirurok bazkaldu genian, eta mahai txiki batean, Jon eta Alaine, gure ilobatxoak. Espagetiak, nik prestatu nitian”; beste zupako bat jo, Xani eskaini zion konkorrak zigarreta; “han ari ginela, bada”, segitu zuen, “amak begiak zabaldu zitian eta: ‘Henri’, esan zian. Ez zian ikusten, uste zian joan egin zela eta hots egin zioan. Henri aulkiño batean jarri zuan ohearen ondoan, ama besoetan hartu zian, kulunkatu zian, hura berriro lokartu zen arte. Eta, Henri atzera mahaira etorri zenean, hutsik atzeman zian bere platera. Pitita, sabel-ustel hark, bereekin ez aski eta, Henriren platereko spaghettiak ziplatu zitian. ‘Hor hozten eduki gabe’, esan zian eta, zapla barrura; ileak harro, aurpegia zikin, estanpa bat zuan; ni harekin aluzinatuta nengoan; ‘redios!’, esan zian, halako batean. Noski Alainek tomate-saltsarekin galtzak zikindu zizkioan... Kirol poltsa batekin, zerbait ari ote ziren, nik orduan ez nekian ezer. Susmoa banian noski, ez ninduan itsua”; zigarreta itzalia arrabiztu zuen, bere azazkal horixka biribilen artean kondar hari heldu, azkenaurreko zupadako bat eman eta, segitu zuen:

      “Gure aita handik hilabetera abantxu hil zuan. Elizara ez zuan Henri azaldu, baina gero hilerrira bai. Gorro bat jantzita, zuhaixka batzuen atzetik begira egon zuan. Bazituan tipo arraro batzuk tunba baten gainean jarrita; haiek txakurrak zituan, deskarado. Gero, jendea barreiatu eta tipo haiek ere joan, eta ama eta anaia zaharra eta haren emaztea eta haurrak eta ni neu gelditu ginenean: ‘Henri non dago?’. Bila hasi gintuan eta... Zuhaixken atzean lo gelditu zuan. Bazeramaan bi gau lorik egin gabe eta, simaur pilo batean ere egingo zian lo...! Aterarazi genian behintzat bere gordelekutik... Orduan aitaren tunbaren atzean katu beltz bat hexur bat marruskatzen ari zela ikusi genian. Gero, etxera ailegatu eta ama bastante deprimituta zegoela, aber katu beltz hark deprimitu ote zuen, galdetu zioan Henrik. ‘Ez, ez’, esan zian amak, ‘hori oso ondo egon da’. Arratsalde berean kamioi bat galtzerdi erosi zian, hori zian bere negozioa. Lan egin behar zuela, esaten zian. Sobera ez egiteko, esan zioan Henrik, eta berak: ‘Orain egin behar da...’. Bera ere begi bat tunban, bestearekin berriz negozioei begira zegoan. Iluntze nabar hartan, terrazatik, hil eta gero bere hezurrak non lurperatzea nahi zuen, erakutsi ziguan, etxeko jardinean: aurreko aldean, halako tokian, eta gero, bertan zuhaitz bat aldatu behar genuela. Eta nik: ‘Orain aldatuko dugu’, esan nioan. ‘Ez’, esan zian amak, ‘orain ez, lege batek galarazten du-ta’. ‘Lege batek? Zera!’, esan nioan nik. ‘Bai’, esan zian amak: udaltzainak esan ziola eta hala zela. Eta nik: ‘Orduan, horko pinu hori... Eta gainera: inspektorea nola etorriko da, ba! Eta, batez ere: orain galarazia bada, gero ere hala izango da...’. Amak ezetz; eta espero zian Henri bere alde jarriko zela, baina Henrik: ‘Bai’, esan zian, ‘absurdo samarra dirudi’”.

      Konkorrak zigarreta zapaldu zuen hautsontzian. “Harrezkero”, esan zuen, “guk ez diagu ikusi. Handik gutxira berriz, kasernako leherketa hura izan zuan eta... hi orduantsu atzeman hinduten ala?”; Xanek baiezkoa egin zuen; “ba, beharbada jakingo ez duana duk, Henrik egun haiek, edo aste haiek, ez zakiat, herritxo batean eman zituela, hemendik ez urruti. Eta, leherketa izan zen egun hartan, herri hartako ostatuan zela, ostalariari (nire ezaguna dena, nik hau berak esanda zakiat) esan ziola, tipo bat han bazterretan ostuka ikusi zuela; bere kusan ote zebilen; eta gure etxeko telefonoa eman zioan, edozer gertatzera guri abisu emateko”; apur batean isildu egin zen, gero jaiki egin zen eta: “egon hadi pixka batean”, esan zuen.

      Haren urratsak pasiloan isiltzearekin, Xanek ardo zurrut bat edan zuen, telebistara begira gelditu zen. Une hartan, bezperan Lazaroren gurasoen etxean ikusi zituen, kalean hil zuten neska haren irudiak ematen ari ziren; gero berehala gaueko kale-irudi batzuk: barrikadak sutan, auto irauliak, banketxe partzialki fundituak; pantailako azpiko aldean, irudien gainean ezarrita, zer-non izan zen argitzen zen. Eta, segidan: oihal zuri batez estaliriko mahai sinple batean, atzean ikurriña zutela, beltzez jantzitako txanodun bi agertu ziren: bat lodikara, txikixeagoa bestea. Xan jaiki, bolumena igo zuen. Txanodun txiki hura, uhu-uhu eztul pixka bat egin eta hasia zuen frasea amaitu zuen: “...beraz, gobernuarekin kontaktuak etenda daude”.

      Une hartan telefonoak jo zuen. Aparatoa telebistaren ondoan zegoela, Xanek hartzekoa egin zuen, berehala ordea, ez hartzea hobe zukeela pentsatu zuen. Alabaina, hiru bider jo eta gero eten, eta gero oso segituan berriz jotzen hasi zenez, kontsideratu zuen komeni zatekeela hala ere erantzutea, zena zela ere enkargua hartzeko edo, txarrenera ere, zerbait ez-beharrekorik igarriz gero, deus esan gabe eskegitzeko. Hala bada, hartu egin zuen aparatoa. Hartu eta bertan baina, eten egin zen komunikazioa; eta hala ere, kableaz beste aldean baten bat zegoela aditzeko betarik izan zuen, menturaz hitz bat esaten hasi zena. Berak eskegi eta oso sarri berriz, atzera jo zuen. Eta berriz ere Xanek istant batez duda egin, eta berriz ere azkeneko hartu. “Mmm?”, esan zuen. “Oui?”, emakume batek, kableaz haraindik. “Nor da?”, Xanek. “C’est moi”, emakumeak. “Mmm”, Xanek. “Oui?”, emakumeak. “Qui?”, Xanek. Xanek ez zuen noski ezagutzen, besteak berriz ez zion bistan zenez bere izenik eman nahi. “Qui êtes-vous?”, galdetu zuen emakumeak. “Ni?”, esan zuen Xanek, “no... moi...”. Xanek ere ez zuen bere izenik esan nahi. Hala ere, arazorik handiena berak frantsesez ez jakitea zuen, hartara ez zituen emakumeak esan zituen beste zenbait hitz ulertu. Laster ageri zen solasak irtenbide gutxitxo zeukala. Alta, bat-batean Xanek bere gibelean norbait zela sumatu zuen. Itzuli eta, aurrez aurrean gizon moreno, ihar bat zeukan. Hark telefonoa hartu eta: “Oui?”, esan zuen, handik goiti berak segitu zion, frantses aisean, Xanen solas etenari.

      Xanek pauso batzuk egin zituen atzeraka, sofa txikian jarri, izterpean zuen liburuxka bat hartu zuen. Gain-miratu zuen, kimika liburuxka bat zela zirudien. Hura alde batera laga, loguraz ahoa zabaldu, begiak ertitxian gizon iharrari begira egon zen. Mokasin marroi distirantak, oihal argiko galtzak, elastiko urdinaren gainetik agertzen zitzaion alkandoraren lepoko zuria.

      Telefonoa eskegi zuenean, gizon iharra ere telebistari so gelditu zen: bolumena igo gabe, eskuak patriketan, irribarre leun bat ezpainetan. Pantailan zenbait gizon mahai obalatu baten inguruan eserita zeuden. Dudagabe politikoak, batzuk ez-bertakoak itxuraz, beste batzuk euskaldunak; arranguratuxe agian, azkenekook; irri-zabalka, satisfazio-plantak eginez hala ere; paper bat zerabilkiten eskuz esku, bertan firma bana ipini, akordio batera heltzen ari zirela zirudien. Ikusi batera errepresentazio arrunt, ez oso interesante bat ematen zuen; gizon iharrak, ordea, eztul txiki pixka bat egin eta, Xanengana amiñi bat itzuliz, hargatik begiak pantailatik kendu gabe: “Soka tenkatzen ari dituk...”, esan zuen. Hain zorrozki, hain sujerikor, halako segurtasunez esan zuen... Xanek abisu bat zela konprenitu zuen: iharrak bazekien antza bilera hark zein ondorio ekarriko zituen, eta bazekikeen orduan bere zeregina zein izango zen ere; behintzat, hitz haien alkantzea arrunt barneratu gabe: “Bai”, musukatu zuen Xanek. Gero iharrak, telebistari saihets emanik, berari begira: “Eta, zer moduz aurkitu duk herria?”, galdetu zion. “Kanbiatuxe”, erantzun zuen Xanek, ez biziki eroso; segurrenik gizon hark konkorrarekin topo egin zuen, honek bere historia kontatu zion. “Gauza asko kanbiatu duk”, esan zuen iharrak, “eta hala ere... igualtsu segitzen dik denak”; isilaldiño bat izan zen, gero atzera iharrak: “eta hi heu, zelan?”. “Ondo edo”, esan zuen Xanek, begi-erdiz telebistari so; apur bat larritu egiten zuen iharraren begirada trankil, bai, baina zorrotzak. “Orain gauzak lasai hartzea onena”, esan zuen iharrak, berriz eztultxo pixka bat egin eta, berak ere begiak telebistaren gainean atxiki zituen.

      Eztul hura, ordea... kolpetik Xanek argi ulertu zuen, gizon hura eta telebistan arestian azaldu zen txanoduna, pertsona berbera zirela. Iharra, hain zuzen ere; hori zuen ez-izena; ikusia zuen nonon haren argazkia, buruzagi zaharretakoa zen. Xan harri eta belarri zegoen. Non zen? Noski konkorra ere erakundearen inguru-marietakoa zen. Xan fijatu zen Iharra ernerik zegoela. Itxuraz lasai baina, hanka-besoak tink, buruan katramilaren bat zerabilela zegoen. Sobra ere situazioa kezkatzekoa zen; beharbada erakundea su-etena haustekotan zen; ez bazuen dagoeneko hautsi... Gero bere pentsamenduak inprezisoagoak, hautemangaitzagoak bihurtu ziren; lo gelditzen ari zela konprenitu zuen; ez zuen kontrako ahaleginik egin, utzi zuen loak eramaten; alde batera makurtuz, burupean kojin bat paratu zuen. Geroxeago, Iharra manta mehe batekin estaltzen ari zela nabaritu zuen.

      Iharrak esnatu zuen. “Nahikoa egin al duk?”, galdetu zion; gero, berehala: “altxa, bagoazak-eta”. Xan sofan eseri eta, begi bat itxita zeukala, eta bestea ez oso zabalik: “Ni, bestearekin...”, hasi zen; konkorragatik, ez baitzekien haren izenik ere. “Hura joana duk”, informatu zion Iharrak, “orain gurekin hator”; orduan ikusi zuen Iharraren atzean neska bat zegoela; “vas-y”, esan zion Iharrak hari.

      Sabaiko tranpilla zabalik zegoen, esku-eskailera bat erabiliz hara igotzen hasia zen neska. Xanek baldarki jarraitu zion, hirurak ganbaran zirela Iharrak eskailera gora jaso eta tranpilla itxi zuen. Korridore batean barrena abiatu ziren. Iharra aurrean, linterna bat zuela, gero Xan, gero neska. Gain apaleko korridorea zen, makurtu gabe apenas ibili zitekeena. Azpian egurrak krak egiten zuen, baziren gora eta behera aldapa txikiak. Orain ezker, orain eskuin, kontuz eta isilik zihoazen. Lantzean behin Iharra itzuli egiten zen, Xani eta neskari zuloren bat, koskaren bat argiztatzeko, konprobatzeko ondo zihoazela. Bederen-bederen, puska on batean ibili ziren hala, Xan apur bat zuntzunduta zihoan. Bazitekeen beti edifizio berean izatea, probableagoa zen behintzat etxez etxe ibiltzea. Azkenik, leihoxka batetik teilatu batera irten eta, handik terraza batera salto egin zuten. Giro muxina zegoen. Iharrak ateño bat ireki zuen eta, hirurak estu-estu zama-igogailu suerte batean sartu ziren. Neskak zerbait esan zuen, Xanek ez baitzuen ulertu. Barru-patio batera iritsi ziren; baziren han edari-kajak, zerrauts-zakuak, upel txiki bat ere. Handik-eta pasabide bati jarraiki, beste ate bat ireki zuten. Lababo batean, gizon narras bat ispiluaren aurrean bere burua orrazten ari zen. Beste ate bat ireki zuten. Kafetegi batean zeuden.

      Kafetegi handi, biziki argitua zen, eurak sartu ziren alderditik ikusita alderantziz ipinitako L baten forma zuen barra zabalekoa, kaletiko sarrerak haranzko eta eskuma aldean zituena, eurak arribatu ziren espazio karratu-antzekoan berriz, zortzi-hamar bat mahai egurrezko, bakoitzak bere intimitatea zuela: alde bietara aulki fijoak, plastiko gorriz tapizatuak. Mahai haietariko bi baizik ez zeuden hartuta. Batean lau emakume, lan-uniforme zuriak jantzita kafe-kruasanak hartu, kalaka ari ziren. Bestean mendi-arropekin jantzitako gizon mustur-ilun, sendo, burusoil bat bakarrik zegoen. Haren mahaira eurak iritsitakoan hura, zer nahi zuten galdetu eta, bera eskearekin barrara zihoala, Iharrak Xani: “Ezagutzen al duk?”; Xanek ezetz, eta: “Pitita”, esan zuen Iharrak.

      Barran gizon dezente bazegoen ere, batzuk agian gaupasa eginda, zalapartaka, eta barran kamarero bakarra, Pititak hari deiadar sendo bat eginik ziztu bizian erakarri zuen. Iharra eta neska frantsesez ari zirela, Xan paretan zegoen koadro txiki bati begira egon zen, gero beste nonora, harik-eta Pititak bandeja batean gosaria ekarri zuen arte; esertzen ari zela: “Eta?”, galdetu zion Iharrari laburzki; honek irribarre misterioso batez erantzun zuen. Neska eta Xan barrari bizkar emanda zeuden, Xan txokoan, parean Iharra zuela. Gero Iharrak eta Pititak izan zuten solasetik Xanek ez zuen ezer aditu; diskretuki, bolloa kafesnetan beratu, jan egiten zuen. Iharra berbetan, Pitita adi-adi zegoen; ezagun zen lagunak esandakoak gogotik asimilatzen ari zela edo, haiek ordenak baziren, lehiaz eta txintik atera gabe beteko zituela. Neska: gaztea, hezurtsua, kokots luzeduna, pixka bat ruborizatuta zegoen; beroa zen, agian, edota momentuko kezka; barran abarrotsen bat aditu eta, inkiet hara itzuli zen. Pititak berriz, Xani begiratzen zion; ez oso zuzenean, tentuz, eta halaz ere kuriositate disimulagaitzaz; noski oraintxe Iharrak berataz hitz egin zion; noski lehenago ere bere berri aditu zuen; noski bazekien zelan heldu zen ihesi. Halako batean: “Goxoa zegoan?”, galdetu zion Xani, eta: “beste bat hartuko duk”; Xanek ezetz adierazi arren, Pititak, lau emakumeen mahaia jasotzen ari zen kamarero musu okerrari: “ekatzak beste bollo bat”, agindu zion; hozten ari zitzaion kafearen aurrean antxumatuta besoak, ezpainetan irribarrerik ez, begirada altzairu urdinezkoa, dudagabe egoskor handi bat zen. Iharrak purito kaja bat atera zuen, Xani eta neskari eskaini zien; Xanek: “Orain ez”, esan zuen; neskak berriz, bere zigarro gorrietarik nahiago zuen. Kea uxatzearren eskutzarrari eraginez: “Dagoeneko erretzen”, esan zuen Pititak erremuska. Alabaina Iharrak, barra aldera zorrozki begira, ez ote zion han zenen bati, bekainak jasota keinu bat egin; gero bere erlojuari begiratu eta, neskari frantsesez zerbait esan zion. Neskak zamarra barrenetik paper bat atera, mahai gainean zabaldu, Pititari erakutsi zion. Iharrak eztul pixka bat egin zuen eta: “Orain Pititak eramango hau”, esan zuen. “Nora?”, asaldatu zen Xan. “Henrirenera”, esan zuen Iharrak, irribarre samur bat eginez; gero berehala: “paperik baduk?”. “Paper bat...”, hasi zen Xan, baina, zeukan paper hura zein zen gogoratuz: “ez”, esan zuen, “balio duenik ez”. Pititak, neskarekin ari baina, sobra ere hura aditu egin zuen eta, biengana itzuliz: “Lasai horregatik”, esan zuen. Xan ordea, ez zegoen oso lasai. Agi denez azkenik bere helburua iritsi behar zuen; hala ere... kezkatuta zegoen. Iharrari begiratu zion; hau baina, ke-laino batean murgilduta, begiak puntu atxikigaitzen batean jarrita, orain perspektiba luzeagoko kalkuluak egiten ari zela zirudien. Xanek gauzak zertan zeuden, su-etenaz galde egingo zion, nabari zuen ordea, bere hitzak laburrak eta ez egokiak izango zirela. Estrainio samar sentitzen zen; lagun haien prestutasuna, haien sua, haien dezisioa; baina bai haien janzkera, haien begiradak, haien umorea, haien keinurik sinpleenak ere... beste denbora batekoak balira bezala zen; hain zuzen, Xanen beraren denborakoak... Izan ote zen, su-etenik, inoiz?

      Halako batean Pititak, papera bildu, zutundu, jesarlekupetik bizkar-zorro bat atera zuen: bizkar-zorro gorri bat, aski ibilia itxura zenez. Eta, hura bizkarrera jasoz: “Goazemak”, esan zuen. Eta, neska ere zutundu zenez, bistan dena Xani pasoa emateko, Pitita eta biak abiatzeko tenorea zela ulertu zuen Xanek. Neskak bostekoa eman zion Xani: hala nola, ofizio-lagunak izanik, negozioren bat arrañatu berri balute bezala; Iharrak berriz, jaiki gabe, eskua jasoz baina kontaktua, menturaz, ebitatuz: “Ez adiorik”, despeditu zuen.

      Goiz-sentia zen, hotz handia egiten zuen. Kafetegitik irten eta kale aldapatsu, luze batean goiti jo zuten, Pitita botatzarrekin, bizkar-zorroa zeramala bizi-bizi aurrean, Xan bi-hiru pausoz osterago, eginahaletan burusoilari jarraitzeagatik. Hankak min pixka bat ematen ziola zebilen, Pitita baina, ez zen hartaz ohartua; haren nahia inondik ere kale haren azken muturrera lehenbailehen ailegatzea zen: hiritik irteteko, nonbait; izan ere, han aurrean, laino trinko baten pean, mendi baten irudia igarri zitekeen. Alta, Pititak bere buruari jomuga bat, ordutegi bat ezarri zion, eta bete egingo zuen. Horrek, alde batetik, konfiantza ematen zion Xani: tipo adoretsua eta beldurbakoa zen, erne askoa bestalde: zorrotz zeharkako kaleetara begira, begi-belarriak alerta. Bestetik baina, abiadura hark kezkatu egiten zuen, bai baitzekien, hala segitzera, mina gaiztotu egingo zitzaiola. Momentuz behintzat, ez zuen deus esateko modurik, ez zuen kaleko xehetasunik hautemateko betarik ere; arreta guztia Pititarengan ezarrita zeukan. Auto gutxi zela, bai. Horrek eman zion atentzioa. Jende gutxi zebilela ere bai: gizonak banaka, maldan behera. Azken hori berriz, orduari atxiki zion. Eta, gizon bat ez ote zen beraiei begira gelditu. Pititak baina, hartan erreparatu bazuen, ez zuen erakutsi, ez zion behintzat garrantzirik eman, brasta-brasta segitu zuen.

      Gero azkenean kale hartatik irten, zenbait etxe apalen artean mendian gora jo zutenean, Xani hanka huts egiten hasi zitzaion. Hartan Pititak zerbait esan zuen. Xanek baina, atze samarrean zihoan eta, ez zion entenditu. Gero Pititak Xanek entenditu ez zuen beste zerbait esan zuen. Handik goiti ez zuen beste hitzik esan: arin-arin, ordoki txiki batera heldu zirenean, gero malda behera gozoan, Xanek, mainguka bada ere, lortu zuen hari pixka bat hurbiltzea, Pititak ordea, erritmoa moteldu, edo zeramanari eutsi gabe, biziago ekin ote zion. Eta, Xanek hala ere, ahalegin handi bat eginez, zerbait hurreratzea lortu zuelarik, Pitita itzuli egin zitzaion eta: “Aparteago”, esan zuen. Xan baratu egin zen. Nonbait ez zen komeni elkarrekin ibiltzea. Badaezpada Xan dezente atzerago ibiltzea komeni behar zen. Handik aurrera bata besteagandik aski bereizi ibili ziren. Pitita zalu-zalu, Xan berriz, herren eta zabuka. Gurdibide batean, berriz ere gora, txabola baten ondoan zela elurra hasi zuen. Orduko Pitita, Xanek nahi izango zukeen baino askoz urrunago zen. Elurra zela-ta, une batez Xanek esperantza izan zuen, Pititak itxoin egingo ziola; edo, indarrak berritzeko ez bazen (hura behinik-behin, ez baitzebilen eskasean), bederen mendizaleen artean hala zelakoz usantza, mokadu bat jateko geldituko zirela. Ez zen halakorik izan. Han zihoan, bada, hura, eta bakan oso Xan, hasgeldika, herrenka. Elurra goian-behean, oinak bustitzen hasita, bide luzea ote zuten egiteko oraindik? Eta, nora zihoazen...? Henrigana, noski; harekin oroituz, pentsatuz-eta laster eta azkenean hura ikusi egingo zuela, Xanek aldi batez bizkorrago ekin zion, luze gabe baina, flakezia handi batek hartu zuen. Elurretan lerra-lerra, geroz eta nabarmenkiago gelditzen ari zen atzean. Bestalde, txiza egiteko gogoa zeukan. Abisua emango zion Pititari, zain egoteko esango zion, izan balitz gertuxeago hura. Esku zurrunduez brageta ireki, zakilari eragin, txiza egiten ari zela berriz, kaka egiteko premia larria sumatu zuen. Hantxe zeuden harri mokor batzuen ondoan, sasi batzuen artean jaitsi zituen galtzak. Makurtu zelarik berriz, irrist egin zuen, sasietara erori; eta, handik ateratzearren egin zuen ahaleginean, sasitan barrenago joan zen. Madarikazio bat bota zuen, esfortzu handi bat eginez atera, elurraz ipurdia garbitzen ari zelarik, Pitita une batez ikustea iruditu zitzaion; haren figura baina, berehalaxe elur-lainotan ezkutatu zen; uste ote zuen bada hark berak bazekiela bidea? Eta, Xanek bideari berrekin eta handik pixka batera berriz, bidea bitan bereizten baitzen, zalantza egin zuen. Ez zen oin-arrasto ebidenterik han, aztarna bat baino gehiago zegoen, guztiak elurrez estaliak. Beherantza baina, behor eta beste abere-aztarnak zirela zirudien. Xanek gorantza egin zuen, puska batean Pititaren ustezko oin-arrastoei jarraitu zien. Lauoinka, eskuekin belar-muilo bakanei helduta aldapa piko bat igotzen ari zela, irristatu egin zen; atzera aldapari ekin, atzera irristatu, zulo batean ez aurrerako eta ez atzerako gelditu zen. Elurrez erdi estalian, oinak eta eskuak, musua eta belarriak ere hozminduta zeuzkan. Orduan ikusi zuen behean borda bat. Bilin-balanka, burua erdi txorabiatuta iritsi zen hara.

      Han ez zen Pitita, galduta zegoen. Borda bestalde, kandado batekin itxita zegoen, eta haren teilatuaren hegalak eskaintzen zuen aterpea oso badaezpadakoa zen. Ezin zen han egon, izoztu egingo zen. Behera zihoan bideari segitu zion. Hanka beti herrestan, puxka batean elur-maluta handiek erdi-itsututa ibili zen. Pinudi handi bat igaro eta gero errepide batera iritsi zen, handik eta beheraxeago trenbidera, haren ondoan bazegoen kobertizo bat, zeinaren tximiniatxoari ke pixka bat zerion. Elur-izpika ari zuen orain, errepidea kapa lodi batez estalita zegoen. Xanek, kobertizora inguratuz, haren leihatila ertirekitik, barruan, estufa baten ondoan, mono horidun enplegatu bat potajea jaten ari zela ikusi zuen. Enplegatuak bera ikusi zuelarik, apur bat inkorporatu zen, leihatila gehixeago ireki, ahoa beteta zeukala, izutu-antzean begira gelditu zitzaion; Xanez nahikoa inpresio txarra hartua behar zuen. “Hola”, marmarkatu zuen Xanek; enplegatuak buruaz ihardetsi zion; “non nago?”, galdetu zuen Xanek; enplegatuak Xanek inoiz aditu ez zuen izen bat esan zuen; Xanek hala ere, konprenitzekoa egin zuen, eta: “ba al dago trenik?”, galdetu zuen. Enplegatuak eskuaren atzearekin ahoa garbitu zuen eta: “Hemen trenak ez dira gelditzen”, esan zuen. “A”, esan zuen Xanek; enplegatua begira gelditu zitzaion; agian espero zuen beste informazioren bat nahi izango zuela, agian zain zegoen, Xan aldendu zedin, potajea lasai jaten segitzeko; Xanek ordea, ez zuen besterik esan; ahoa ere apenas ireki zezakeen, hotzak hormatuta zegoen; ez zuen baina, arrazoi berberagatik, berehalaxe handik aldentzekorik egin; zain zegoen, enplegatuak beste zerbait esango ote zion; edo, agian, jateko zerbait ez bazen, kobertizoan babes pixka bat eskaini ziezaion; enplegatuak baina, berak ere ez zuen ezer esaten; hartaz: “on egin dizula”, esan zuen Xanek eta, trenbidea kruzatuz, errepide zuriari jarraitu zion. Errebuelta handi bat egin eta gero, auzo txiki batera heldu zen. Auzo zaharra, etxeak erdi botata zeuden. Errepidearen erdian zegoen zakar meta baten gainean baldar zebilela, hiru haur ijito berari begira gelditu ziren. Forma zehatzik ez zuen kale bati jarraitu zion. Etxeak okreak, beigeak, gorrixkak ziren. Baserri baten aurrean asto bi, astakume bat, txakur bat zeuden. Txakurrak, etzanda, penaz begiratu zion Xani. Itxitura batean neska batek: oiloei jana ematen, aurpegia gorri-gorri, bera ikusi zuenean, jakinminez, agian gurari pixka batez begiratu zion. Ukuiluko atean berriz, gizon bat zegoen: buruan txapela, eskuan aitzurra, muturtsu, betosko ilunarekin. Xanek ezkerrera estrata bati jarraitu zion, handik pixka batera berriz ere trenbideko kobertizoaren aurrean zegoen. Enplegatua orain leihatilan apoiatuta zegoen, zigarro bat erretzen. Xanek, distantzia batetik, errepidea bestalderantza eskuaz seinalatuz: “Harantza zer dago?”, galdetu zuen. “Hor badago herri bat”, esan zuen enplegatuak, korrok egin zuen. Pausaldi baten ondoren: “Handia al da?”, galdetu zuen Xanek. Enplegatuak ez oso handi, ez oso txiki zela esan nahizko karantza egin zuen, gero: “Plazan bada ostatu bat”, esan zuen.

      Elurra gelditu zuen. Maldaxka batean gora, Xan hanka sentitzen ez zuela, argiarekin begiak erreskinatuta zihoan. Etxe multzo batera iritsi zen. Etxe handiak, karratuak ziren; pobreak ematen zuten hala ere bertako lagunek; arropa zaharrak janzten zituzten, oihuka mintzatzen. Gehienak pixka batean berari begira gelditzen ziren, gero segitzen zuten oihuka. Xan ostatuaren bila balebil bezala zebilen. Poltsikoak hutsik zituen-eta, ez zuen hura atzemateko interes partikularrik; hala ere, hura zen ohitura. Eta, edari-iragarki txiki bat zuen etxe aurre batean gelditu zenez, painuelodun emakume batek: “Ostatua han da”, esan zuen, “elizaren ondoan”; eta, Xan harantza zihoala, emakumeak lagundu zion: gibelatuxe, apartexko; eta, elizara iristen ari zirela: “hor, hor”, esan zuen emakumeak. Barrutik gizon batzuen ahotsak helduki ziren. Xan baina, bertara sartu gabe, kanpoan, estalpean zegoen aulki luze batean jarri zen. Hainbesterekin, emakumeak errespetatu egin zuen bere erabakia. Hura ere han gelditu zen, neska bati hizketan. Neskak triste ematen zuen. Xanek begiradaz, une batez, bere estima adierazi nahi izan zion; neskak berriz, idor begiratu zion. Plazara gizon gazte batzuk etorri ziren lasterka, elur pilotekin jolasten aritu ziren. Kaskamotzak ziren, seguru aski soldaduak, permisoarekin etxera etorri zirenak. Neska, Xan bezala, haiei begira zegoen; une batez hark lotu zituen. Gero ostatutik hiru gizon atera ziren. Bularrutsik, han inguruan non-edo-non lanean ari zirenak. Disimulo handirik gabe begiratzen zioten berari: nor zen? nondik zetorren? zer ari zen han? Eta, batez ere: eurak bezalako pertsona bat al zen, ala txoro samar bat: zamarra zikin, galtza urratu, zapata basitu haiekin, zozo-zozo inora begira? Xanek bista apaldu zuen. Aulkiaren azpian animaliaxka bat ikusi zuen. Molusko antzeko bat zen, itxuraz arnasa hartzeko problemak zituena. Harri bati atxikita, ahoxka alde guztietara zabaltzen zuen, airean ziratekeen jaki mikroskopikoen bila. Hari begira makurtuta zegoela, Xan erori zorian egon zen. Oso nekatuta zegoen. Bizkarra paretaren kontra jarrita, begiak itxi zituen; koloretako marrazkitxoak ikusi zituen. Begiak ireki zituen. Eguzkia zegoen. Esfortzu handi bat eginez jaiki zen; atzera begiratu gabe, pauso xeheka, mainguka, errepidera heldu zen.

      Aski denboraz ibili zen hala, eguzkia aurrean zuela, norabide hautemangaitzean. Zelaietan elur zuri-zuria zegoen, errepidean berriz, auto batzuk igaro ziren. Sobra ere bide hark hiriko suburbioetara zeraman. Urrun fabrika batzuk begiztatu zituen. Beragandik hurrago, pareta altuekiko eraikin handi bat. Hara heldu, pareta haren ondoan zebilela, ja ate nagusira iristen, hantxe, bizkar-zorro gorri bat ikusi zuen. Ez ote...? Xan, baldartuta, bizkar-zorroaren ondoan gelditu zen. Zer zela-ta...? Bizkar-zorroa ireki zuen; barruan pakete bat zegoen: gaileta-kaja baten tamainakoa, paper zakarrarekin estalia, listarekin itxia. Ahots bat aditu zuen. Gora begiratu zuen, garita batetik soldadu bat hoska ari zitzaion. Argi handi bat ikusi zuen.