Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri
Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri
1998, nobela
202 orrialde
84-86766-83-4
azala: Garbiņe Ubeda
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri
1998, nobela
202 orrialde
84-86766-83-4
aurkibidea
 

 

WOLFRAMAREN BAKARDADEA

 

Txikik ezin izan zuen fusilatutako zure lagun guztien besarkada hartu Montjuicheko paredoian. Hantxe fusilatu behar zuketen, baina ordurako gaztelua museo bilakatua zuten. Museoan, halanbe, ez da historia ageri: Arma Plazan kokaturiko geletan uniformeak artilleria tresnak fusilak berunezko soldadutxoak daude ikusgarri turistarendako, txukun, ziegak izan zireneko aztarren barik. Grillu pikana zartailu pheia katerik ez. Planoetan ere ez dira mazmorrak ageri. Bartzelonarrek gaztelu madarikatua esan zioten hark ez du torturaren gomutarik. Badaude oroitarriak, inon ez da fusilatuen barri emoten. Turista gutxi biltzen ditu gazteluak, gehienek beheragoko instalazio olinpikoetan egiten dizkiote argazkiak elkarri. Han, Sugearen Mihia izeneko leku hartan fusilatu izan dira sozialistak errepublikarrak anarkistak abertzaleak masoiak Elizaz ezkonduak ez zeudenak seme-alabak bataiatu gura ez zituztenak. Azken hurrengoan han ibili nintzelarik diana batzuk zeuden paratuak berton, tiratzaile olinpikoek egiten zituzten saioak, eta menturaz, non praktikatzen zuten zekitenak berotu egingo ziren. Suntsitu ezin izan zenuten gaztelu madarikatuaren orpoan, Moll de la Fustan, Bartzelonako euskal presoen aldeko batzordekoengana joan aurretik beti bisitatzen ditudan Salvat-Pa passeiten eskulturaren inguru zabaletan begitandu izan dut apezpiku gizen bat «Ohorea zuei, aberria uharte urrun hartan defendatzeko adorea duzuenoi, beti edukiko zaituztet gogoan nire otoitzean» diotsela Cataluña ontziaren aurrean paratua dagoen oholtzatik jantzi barritan mauserrak sorbaldan, zozotuak, berben zinikoa harrapatzeko ezgauza, lerrokatuak dauzkan mutilei. Orduan, bedeinkazioa hartzeko soldaduak ofizialak guardiazibilak ikusleak belaunikatu direneon, gizon batek, gero poliziek bizarduna zela jakingo zuten gazte batek, ezkutuan dakarren zakutoa zabaltzen du. Eskukadak paper jaurtitzen ditu gorantz, haizeak ikusleen bizkarretara soldaduen hedeetara ofizialen ezpatetara apezpikuaren urreetara eroan ditzan.

        «Soldadu, ez zaitez ontzira!»

        «Aberatsak ez doaz gerrara!»

        «Altxa zaitez ofizialen aurka!»

        Tiro batzuk entzun dira beste mutur baten, edo tiroak emoten dute behintzat, oihuak han eta hemen, garrasiak. Ikusleen samalda ikara baten zutundu da, haizeak astindutako zuhaitz gazteak dira, gura dute higitu baina elkarren preso daude, zango barik edo zangoloturik. Guardiazibilak ohartzen direnerako, Bartzelonetako karrika meharretan aurrera ezkutatu zaizkie zalapartariak arin.

 

 

Bihurgunean egin zuen moteltzea baliatu zenuen tranbiatik jaisteko. Rambletara abiatu zinen jaka besoan tolestuta, eskuak sakeletan. Urrundik sumatu zenuen Tomaso, esandako lekuan zeneukan zain, supiztekoari putz egiten. Zigarroa irazekitzen zuelarik heldu zinen. Ez ikusiarena egin zizun hurreratzen zentozela, zure espartinei begira esan zizun:

        — Bertotik bertora eduki diat apezpikua!

        Altxa egin zen, sorbaldan jo zizun abegikor.

        — Hurrengoan tiroka ekingo zigutek! Garagardo bana merezi diagu!

        — Ez —erantzun zenion lartxo azkar—, etxetik pasa gura diat egoitzara joan baino lehen.

        — Lagunduko diat bidean!

        Pozak sorturiko urduritasuna zeukan zure lagunak.

        — Ongi urten duk dena, traktaz bete diagu kaia.

        — Erraz egin diek hanka? Jarraika ikusi ditiat.

        Irriño puztua egin zuen Tomasok. Bizarra erakutsi zizun sakelatik osorik atera barik. Barre egin zenuen zuk ere.

        — Zer edo zer gogorragoa egin behar genikek.

        Ez zenuen erantzun. Pausoa nagitu zenuen.

        — Esaterako?

        — Orsini jaunaren gozoki bat jaurti behar geniekek, dozenaren bat garbitu behar genikek, Salvadorrek legez Liceuan.

        Barrea osoro amatatu barik egin zenion:

        — Heuk zabaldu eta ez duk orria irakurri? Kubara doazenak herri xehearen semeak dituk, burgesek dirua zaukatek ordainduta joan barik libratzeko. Laga itzak insurrektoendako, haiek hilko ditiztek guk baino eskubide handiagoagaz.

        — Eskarmentu bat emon behar genikek. Itsuak legez zoazak, zoratu egiten dituk martxa militarrak eta diskurtsoak entzunda, ez ditiztek ikusten hiriko bazterretan eskean dabiltzan Kubako elbarriak...

        Atzamarrak erakusten zenizkien behin eta birritan begiei, amorrazioa emoten zizun frogetako tindak azazkaletan.

        — Inork ez dik uste bala batek esleitua daukanik.

        — Geuk ikusarazi behar zieagu odola!

        — Salvadorrek burgesak hil zitian, baina Liceua hor zagok. Hobe duk ontzia hondoratzea.

        — Bai, denak barruan daudela! Ikustekoa duk gero zeinen pozarren ontziratzen diren kantari, Guadalupeko amabirjinaren medalla paparrean daroatela!

        Ironia apur batez amaitu gura izan zenuen solasa.

        — In hoc signo vinces, Tomaso...!

        Laguna sututa etorria zitzaizun ordea, gero eta arinago egiten zuen berbetan zeure inguruan, albo batetik bestera zihoakizula.

        — Uniformea jantzi duteneko, ez dituk herri xehearen semeak hik dioan legez. Burgesiaren morroiak dituk! Kolonialismoaren tresnak!

        Ez zenuen erantzun, bazirudien aspertuz emoten zenuela amore, argudio ezaz baino gehiago. Horixe adierazi gura izan zenion, nabarmenkiro egin zenuen hasperenaz. Halan aditu edo ez, zure lagun Tomasok aldatu egin zuen gaia.

        — Oso ideia ona izan duk Parisko moldiztegi horren izena ipintzea trakten oinean.

        — Ez ditek sinetsiko, baina lana emongo ziek behintzat.

        — Moldeak ez zituan zuen makinarenak, ezta?

        Jaka jantzi zenuen patxadaz, lotu zenuen, lepoa jaso zenuen.

        — Tomaso... hobe duk gure moldiztegian barriro ez azalduta.

        Karrikako bazter banatara aldendu zineten zaborketako zaldiari bide egitearren. Zeure espaloitik segitu zenuen, ezkerrera hartu zenuen aurreneko karkaban. Alboan zeneukan laguna ostera, espartinak orpoetan sartzen zituela, erdi jauzika. Oratu egin zizun Tomasoren eskuak. Artega egin zizun:

        — Hik halan uste ez baduk ere, hemen dena jakiten duk, Giuseppe. Nik ez diat hire moldiztegian ikasi Grauren emaztearekin oheratzen haizela. Baina lasai egon haiteke niregatik, nik bazekiat isilekoak gordetzen.

        Eta aurrea hartu zizun erantzunik eskatu barik, ongi ikus ahal zenezan haserre zihoala, pausaje harroan, lagun batek uste zion diskrezio apurragatik mindua.

        Birao egin zuen Bartzelonan Giuseppe Santo tipografoa zinen horrek, Robadors karrikaren erdian.

        — Nik prezio onean nasaituko zintuzket! —xu xurlatu zizuten atari ilun batetik gozo.

 

 

Brusa eta galtza garbitu barrietan bide egiten ari zinela entzun zenuen Dolorsen deia sukaldetik.

        — Zu zara, Jaume?

        Ez zenuen erantzun, arropetan bildua azaldu zintzaizkion ahalik eta mugimendu zabarrenak eginez. Dolors lisatzen ari zen, beti ari zen lisatzen.

        — Bai, zikin iezazkidazu, garbituko dituzu ostera gero zuk.

        Plantxa sukaldeko txapan berotzen ipini eta arropa zimurren artetik luzatzen zenizkion eskuak hartu zituen Dolorsek. Musura eroan zituen, usnatu egin zituen sakon.

        — Egunen baten ezpainak ere tindatu egingo ditut —eskuak libraturik burua goratu zenion ahoa hartzeko. Bildua zeunden arroperiak zorura egin zuen musu horretan. Besoak bizkarrean tinkatu zizkizun Dolorsek zure jakaren azpitik, gorputza zurean estutuz.

        — Nondik ekarri duzu horrenbeste arropa?

        — Orain Moritz lantegikoena ere lisatuko dut. Bost pezeta hilean.

        — Lisatzen pasa behar duzu bizitza osoa?

        — Laster ez dut apopilorik hartu beharko! —eta Dolorsen ironiari jaramon egin barik jaka erantzi zenuen plantxa hartu zenuen lisatzen hasi zinen; ohitura zeneukan, umetatik.

        Emakumeak aulki bat atera zuen arropapetik, jesartzeko. Isilik gelditu zitzaizun begira. Biluztasunaz haratagoko intimitate bat sentitzen zuen, senarrarekin inoiz nabaritu ez zuen asetasun bat, zu emakumeen etxekolan xume horretan hain pozik ikustean. Laster betaurrekoak lausotuko zizkizun plantxaren lurrinak. Belarrietatik arduraz kenduta emakumeari emongo zenizkion nonbait utz zitzan, eta metalak sudurrean eragindako gorrituetan egingo zizun gero txera.

        — Ezagutzen duzu Tomaso okina, ezta? —galdetu zenion begiratu barik.

        — Bai, Jaumerekin egin zuen beharra, San Martin de Provençalsen bizi ginenean. Egoitzan ikusten dut batzuetan.

        — Lasai egon nintekeela esan dit, berak ez ei dio Grauri esango bere emaztearekin oheratzen naizela, horixe esan dit —aitortu zenion arinkeria itxuratuz.

        Altxa egin zen Dolors. Plateren xukaderaren ondoan pilatua zeukan amantal tolestu mordo bat hartu eta pasilloan behera ezkutatu zen. Sukaldean metatua zegoen lisatu guztia besoetan zenuela jarraiki zintzaizkion bezeroen otzarak edukitzen zituen gela iluneraino.

        — Ez zait batere gustatzen tipo hori —esan zizun, amantalak otzaretan sartzen zituen bitartean.

        — Zuri guapoak gustatzen zaizkizu.

        Dolorsek ez zuen barrerik egin.

        — Ezagutzen zintuen handik?

        — Ez... Ez dut uste. Nik bera ez nuen ezagutzen behintzat. Horrek hemen jaioa izan behar du, ez du italiera ongi egiten.

        — Disimulatzeko gai da, ez zaitez fida.

        — Gorroto duzu, baina pertsona ona da. Begiluze samarra izatea...

        Kukulumuxu jarri zinen zeu ere, otzarak ireki eta arropak edozelan sartzen hasi zinen, Dolors amorrarazteko.

        — Berandu etorri zara gaur, ez dugu astirik olgetarako. Afaria prestatu barik daukat eta laster helduko da Jaume haurrarekin.

        — Nik lisatuko dut, zuk afaria prestatuko duzu —mu su emon gura izan zenion, baina Dolorsek atzera egin zuen, seriostua.

        — Ez dut gura Jaumek zu inoiz ikustea lisaketan.

        — Zergatik ez?

        — Ez dakit... Laido egingo niola uste dut, zu eredu jarriko banio legez.

        Zabar sarturiko arropa barriro atera eta laguntzen saiatu zinen emakumeari eskura emonez.

        — Bihar joango zara egoitzara, Dolors?

        — Tibidabora joan gura du haurrak, baina eguerdiko antzerkia ez dut huts egingo.

        — Ez joateko eskatu behar dizut...

        — Zer ba?

        — Zuk ez duzu gura Jaumek ni ikustea lisatzen. Nik ez dut gura zuk ni ikustea komedia egiten.

        — Eta ez didazu ezer esan! Entseguetan aritu zara egunero, eta ez didazu ezer esan! Amoranteren bat bildua zenuela uste nuen! —bizkarrean kolpeka hasi zitzaizun zumezko estalki bategaz.

        Ez zinen defendatu, oso samur egin zenion berba.

        — Lotsatuko naiz ikusten bazaitut. Ez nuen paper hori hartu behar, luzea da, ez dauzkat esateko guztiak buruz ikasiak...

        Eskuak hartu zizkizun Dolorsek, estalkia jausten lagata. Ez zituen sudurretara eroan hain gustagarri egiten zitzaion moldiztegiko tindaren usaina aditzeko. Sabel biribilaren kontra estutu zizkizun, bereakaz zanpatzen zituela. Luzaz eduki zizkizun, begietako distira eskainiz.

        — Ez da egia izango... —marmarikatu zenuen ahotsa arrakaldua.

        — Zurea izatea gura nuke —oso ozen oso lasai oso segur ari zela Dolors, iruditu zitzaizun.

        — Aita ni izatea gura duzu?

        Damutu egin zitzaizun, baina Dolorsek ez zuen min emoteko legez hartu.

        — Ez, hau bion arteko honetatik sortua izatea gura nukeela, ez dut besterik esan gura —gozotasun tristea zekarren halanbe emakumearen ahotsak.

        Zer erantzun jakin barik gelditu zinen. Noizbait, hunkiturik, aspaldian ez bezain libre mintzatu zinen.

        — Inoiz ez didate honelako maitasunik erakutsi.

        Sabelean gelditu ziren zure eskuak Dolorsek bereak altxa zituen arren, harenen beroa nabaritzen zenuen oraindino.

        — Zinez dinotsut, Lilio —aitortu zizun emakumeak, zutunduz.

        Eskuak aldaka eta izterretan behera labaindu zitzaizkizun. Dolors sukaldera itzuli zen. Bakarrik gelditu zinen ilunpean, maitaketan hainbat bider irauli izan zenituzten otzaren erdian. Labanatxoa aterata azazkalak garbitzeari ekin zenion, arropa artean jesarrita. Lanbideak emondako usadioa zen, denboraren buruan ezinbesteko bihurtua hausnarrean egiteko.

 

 

Stockmann doktoreak italierazko terminoz laguntzen zuen bere katalan xumea, eta horrek indartu egiten zuen pertsonaiaren garrantzia Orgarien Egoitzako ikusleen aitzinean. Baina bera berbetan ari zela hautsi zuten orgariek eta gonbidatuek antzerkia, guztiak altxa ziren baiezka, segituan egin behar zela bozketa, jokalekua hartu zuten oholtzara igan ziren drama amaiera barik gelditu zen.

        — Eskua altxa dezatela Stock... Stockmann doktorea herriaren etsaia dela uste dutenek!

        Inork ez zuen altxa. Irri alai bat ipini zenuen Stockmann doktorearen ezpainetan. Burua makurrarazi zenion eskerrak emonez, antzezlana txalotu balizute moduan.

        — Noski, Stockmann doktoreak arrazoi dauka. Hiri hau usteldua dago, edaten dugun ura ere usteldua dago, eta bakearen izenean isilik eduki gura gaituzte hil arte...

        — Hil bedi burgesia! —egin zuen oihu andrazko batek.

        Zuzendariak hartu zuen berba, dekoratutzakoa egiten zuen oihalaren aurrealdera urtenez.

        — Lagunok, burkideok, antzerkia ez da amaitu...

        — Ez du ardura —Tomaso zen mintzo, ikusleen artetik—. Oso ongi konprenitu dugu mezua, ez dugu zertan zergarik ordaindu ura etxeraino ekarri digutelako, uherra dator eta.

        — Baina, lagunok, hau antzerkia da... Aditu behar duzue gauzak ez direla zuzenean hartu behar, egileak alegia bat egin gura izan du...

        Baina beharginen auzoetako ur horniketari buruzko batzarra hasi zen orduan, zuzendariak ez zeukan larderiarik aktore barri haietan. Zinezko mediku baten eran egin zenion:

        — Felip, hobe diagu erretiratuta... —eta eskua sorbaldan lagunkiro ezarririk oihal ostera eroan zenuen batzarraren urruma atzean utziz.

        — Zorionak, Cortiella jauna, oso ondo eroan gaituzu.

        Zukako tratamendu demasak salatzen zuen lagunak zinetela.

        — Bai, beharbada egin dugun muntaiarik onena duk, eta txalorik entzun barik amaitu behar! —baina ezagun zuen harrotasuna Felip Cortiella antzerkigileak.

        — Jendea probokatu diagu, eta jendeak erantzun egin dik. Antzerki burgesean ez bezala...

        Estetoskopio hautsiaren gomak lepotik kendu eta luzatu egin zenizkion. Felip tentetu egin zen, paperak gordetzen ari zen maleta zarratuta. Sakelan sartu zuen tresna, zelan edo halan.

        — Egarritua niagok.

        Atzeko urteerarantz hartu zenuten bulegoetan barrena, asanbladakoen artean pasa behar ez izateko.

        — Joan zaik beldurra?

        — Beldurra? —harritu egin zen Cortiella—. Zeren beldurra?

        — Ikusi duk publiko eder bat daukaala, konbentzionalismoek hondatu bakoa. Ez duk leku hoberik aurkituko hire lanak jokatzeko.

        Ume bat legez gorritu zen zuzendari gaztea.

        — Nire lanak? Baina... hik zelan...

        Els Artistes de la Vida irakurri diat tipografian... Oso ona duk.

        Irri urduri baten luzatu zitzaizkion ezpainak Felip Cortiellari. Apal aitortu zuen:

        — Ona, Ibsen duk.

        Kalean jendea zebilen, ikusleetariko batzuk ere etxe aldera zihoazen bazkaritara, asanbladarekikoa eginik.

        — Zorionak Cortiella, zorionak Giuseppe, oso antzerki ederra izan da! —Jaume Grau zen, emaztea besotik zuela.

        — Egia da! —Dolorsek, bioi begiratuta.

        — Obra ez da nirea, itzulpena besterik ez da...

        — Baina... zelan hemen? —urten zitzaizun.

        — Ez dugu inoiz antzerkia huts egiten!

        — Uste nuen Tibidabora joan behar zenutela, etxean entzun nizuen...

        Harro begiratu zion Jaumek Dolorsi, erantzun baino lehen.

        — Ez zaio komeni hilabete batzuetan mendian gora ibiltzea...

        — Zorionak! —esan zenuen, apur bat artega.

        — A, ba, zorionerako izan dadila... Bigarrena duzue, ezta? —eskua luzatu zien Felipek.

        — Berandu gabiltza —esan zion Dolorsek bere senarrari serios, eta gero zuri—. Haurra nire amaren etxean utziak gara, tranbia hartu beharko dugu.

        — Tira, agur eta zorionak!

        — Eskerrik asko! —erantzun zuen Cortiellak; esku jasotze bat izan zen zure diosala.

        Pauso arinean zihoan bikoteari begira gelditu zen zure zuzendaria.

        — Zelan dik izena Grauren andreak?

        — Dolors.

        — Oso polita duk...

        — Bai? —harrituarena eginez begiratu zenion lagunari.

        — Ez ninduan orain arte konturatu. Oso polita duk, ez nikek bere apopiloa izan gura...

        Belarrondoko baten imintzioa egin zenion, algaraz.

 

 

Bizkarrean jo zizuten, hiru aldiz, atzamarrakaz. Egiteko zeneukan perpausa punturaino ekarritakoan jiratu zinen. Oso motel itzuli zinen, eta ohi legez betaurrekoen gainetik begiratu zenuenean pintxe barria topatu zenuen besoak gurutze aspertu plantan, petral eta lotsabako.

        — Urteteko.

        — Nor da?

        — Ez dakit, bizardun bat.

        — Bizardun bat? Ez dik izena emon?

        — Lasai, ez da polizia. Bakarrik dago.

        Betaurrekoak kendu zenituen, tekladu gainean lagatzeko. Sudurra balakatzen zenuela abiatu zinen aterantz.

        — Kaixo, Giuseppe.

        Ahotsagatik baino ez zenuen ezagutu.

        — Zer egiten duk bizar horregaz?

        — Ez etortzeko hona esan hidan, eta ez nauk ni etorri. Beste bat etorri duk, beste bat nauk. Nik ere izena aldatu beharko diat orain, esaidak Giuseppe, esaidak izen politen bat Tomaso ez beste norbait izateko hemendik aurrera... —kerua ekartzen zizuten berbek muturrera.

        — Edan egin duk!

        — Bai... eta gonbidatzera etorri nauk —sorbaldatik pasa zizun besoa Tomasok.

        — Utz nazak, beharra zaukat.

        — Beti beharrean, beti beharrean... Dinamita fabrikatzen duzue ala? —atea zarratu zuen pintxeak barrutik, emon ahal izan zion kankatekorik handiena sortuz.

        — Tomaso, mesedez, alde egin ezak lotara! —es kua kendu zenion sorbaldatik.

        — Dinamita intelektuala, ja, ja!

        Zuk oratu zenion orduan besotik. Eskaileretan gora eroan zenuen.

        — Zer behar duk?

        Bebarruan, bizkarra hormaren kontra ipini zen Tomaso. Bizarra kendu zuen, sakelan gorde. Ipurgainean jarri zituen gero eskuak, paretaren kontra.

        — Baduk tabakorik? Ez, hik ez duk erretzen... Corpus Christi eguna duk gaur, ez hekien?

        — Ardura zaidak...!

        — Tabakoa behar nikek oraintxe...

        — Halako premia badaukak eskatuko diat behean.

        — Utz ezak, ez hadila joan... Entzun... Prozesioa ikusten egon nauk, burgesen eta fanatikoen artean... Mundu guztiak egiten zian txalo, mundu guztiak egiten zian biba, mundu guztiak jaurtitzen zizkiean arrosak prozesioan zihoazen militarrei eta abadeei eta mariaren alabei eta guraso zintzoei eta komunioa egin barriei eta... Nik ere neure arrosa jaurti diat.

        — Ez diat sinesten —baina Tomaso lerdokeria hau kontatzera etorriko ez zitzaizula ohartu zinen, eta ikara bat sortu zitzaizun nonbait.

        — Bai, suzko arrosa bat jaurti diet!

        Barre egiten zizun, sumatua izan behar zuen zure laborria.

        — Sarraski bat izan duk. Lezioa egin diat.

        Listua irentsi gura izan zenuen, baina lehor zeneukan ahoa.

        — Ez nizun egin aurretik ezer esan gura, ez konprometitzeagatik —lasaiago mintzo zen orain, alkoholaren zamak on eginda legez.

        Esku bat atera zuen atzetik, sakelan miatu zuen. Paper zimur bat luzatu zizun.

        — Hemen ekarri diat komunikatu bat ekintza aldarrikatuz, trakta batzuk inprimatzeko.

        Erretasun bat nabaritu zenuen urdailetik gorantz.

        — Hik dakian legez, Giuseppe. Parisko inprimeria horren izenagaz!

        Zure adorea frogatzeko eran eskaintzen zizun papera Tomasok, barretxu baten. Begietara barik, ukabiletara egin zizun erretasunak.

 

 

Faro barria egiten ari ziren eta polizemanek ez zuten gura jenderik inguruetan, harriak eta burdina puskak desagertzen ei ziren aldizka, baina langileak hurbilduak zitzaizkizuen eta bertora eroan zintuzten arrazoia jakindakoan polizeman biek ere bat egin zuten suminduran, Ingalaterrak Espainia kolonizatu behar zukeela marmarikatu zuen batek ahapetik. Norbaitek lukainka batzuk atera zituen nonbaitetik, eta berehala biztu zuten harginek sua bokoi lehertu baten. Garagardoa zeukaten hondarrean lurpetuta ezkutuan eta fresko. Nondik sortzen ez zenekiten norabako ugari erakarri zuen urdaki errearen usainak. Harginak beharrari lotu ziren ugazaba azal zedin baino lehen, eta itsaso txarrak arribada atzeratuko zuela etsita zeundenean, «Isla de Luzon» deletreatu zuen doker zaharrak espainiera txukunean zure aldamenean, largabista bafore sabelandi bati noratua. Ilara estu bat egin zenuten moilarriaren ertzean. Sartzeko maniobra egin zuenean, ontziak Espainiako bandera erakutsi zuen txopan. Orduan oihuka hasi zineten ontzikoei, batzuk hil bedika besteak bibaka denak suhar. Pozik zeundeten, eta Rudolf Rockerrek besotik oratzen zizun, hunkitua. Garaitzen hasiak zineten estatu anker baten aurkako borroka.

        Ontzia bazetorren kaietarantz bere izen probokatzailea erakutsiz, besoak inarrosten zituzten ontziko pasaiariek kalostran pilatuta eta portu osoa biltzen zitzaizuela emoten zuen, ontziak lotu behar zuen aldera zetozen zamaketariak lanari lagata, biltegi erre barrien egituraren barruan puxika bati ostikoka ari ziren mutikoek ere olgeta berton utzi zuten, itoren bat ikusteko aukera zutela pentsaturik zure zangoen artean ageri ziren mutu erne gose. Agurka hasi zitzaizkizuen ontzitik, haiek izan behar zuten. Estatxak jaurti zituzten, eta orduan ingelesez eta katalanez idatziriko pankarta, ez espainieraz, zabaldu zenuten. Zure lorpen bat izan zen, Felip Cortiella lagunaren gomutan.

 

 

Ahuldade itxura areagotu egiten zien ontzietako pasarelan behera ibiltzeko ohiturarik ezak, sokari dardarizo baten oratzen zioten, zangoa zangoari aitzinatzeko beldurrak. Hogeita zortzi espektro ziren Inkisizioaren zuloetatik argira etorriak. «Hondoratzeko zorian egon gara Galiziako pare horretan!» komentatu zuen baten batek. Ezaguna zen ahotsa, mingarri ezaguna. Largabistatik ikusi izan bazenu alde egingo zenukeen, biktimak ezagutzerik gura ez lukeen bortxatzaile batek legez egingo zenukeen kearena Liverpoolgo kaietan, zetozenak zetozela jakin izan bazenu. Baina orain berandu zenuen ezkutatzeko. Jaume Grauk batzordeko buruen musuak eta besarkadak hartzen ari zen zuri begira. Besoetatik libratua noizbait, begiak xukatzen zetorkizun Dolors zekarrela besotik. Emakumeak ez zuen ulerik ageri, burua zapi ilun baten bildua zeukan. Eskua luzatu zizun Jaumek.

        — Eskerrik asko, Giuseppe! —ez zegoen ironiarik bere ahotsean—, aspertuak geunden Montjuichen!

        Esku bietan bildu zizun bostekoa, bero.

        — Pozten naiz ikustea, Lilio! Ez genekien hemen zinenik! —esan zizun Dolorsek inoiz baino eztiago. Senarraren ondoan gelditu zen.

        Ez zenekien zer egin, ez zenekien zer esan, galdera guztiak iruditzen zitzaizkizun irain. Kaian aitzina abiatu zinen Jaumeren ondoan, beharginen eta deportatuen artean. Noizbait, lakartua, etorri zitzaizun ahotsa.

        — Nik ere ez nian uste han zeundetenik. Hemengo zerrendetan ez zarete ageri.

        Dolorsek entzun behar ez balu legez mintzo zitzaizun Jaume:

        — Orgarien Egoitzan egin zuten razzia nagusia, han genbilzan guztiok pasa gara Montjuichetik.

        — Atentatua poliziaren zelada bat izan zen, zelanbait —amorru barik egin zenuen berba, ez zen amorruarena zure urduria.

        — Bai. Baina inork ez zaukak frogarik. Tomaso kolaboratzaile zutela uste genian, baina hura ere fusilatu egin ditek.

        Ukabilak estutu zenituen sakeletan.

        — Tomaso geureetakoa zuan, eta prest zegoan bizia emoteko.

        Isilik jarraiki zenuten, gero eta jende gehiago biltzen zitzaizuen.

        — Giuseppe, jakin behar duk... Barka, Giuseppe eritzi behar diat, edo...?

        Senarraren gorputzak osorik estaltzen zuen Dolorsen aurpegia ikusi gura zenukeen, zer adierazten zuen, zergatik ez zintuen besarkatu, eta zerk eragotzi zizun zuri, besarka zenezan. Jaume gelditu egin zen une batez, Dolorsi aurrera joaten utziz.

        — Jakin behar duk. Egin dituanak egin dituala, guztia hartzen diat neure gain, ni ez naitek beratu burgesen morroi horiek.

        Hunkitu zintuen. Ahapetik egin zenion zuk ere.

        — Eskerrik asko.

        Deskargatzen ari ziren beste ontzi espainiarreraino iritsiak zineten. Boikot oihuak areagotu egin ziren, eta zamaketariek laga egin zioten beharrari. Antzeko zerbait gertatuko zen, segur naiz, Jeneral zaharrak hil gura izan ninduenean ere Albert kai honetan berton, ontzi espainiarren aurrean. Zuengana zetozen, eta Rockerrek argibideak emoten zizkien aditzen ez zenuen ingeles ilun baten. Urten zitzaizun noizbait, egiten ausartzen ez zinen galdera.

        — Zer moduz zaudete?

        Ez zuen behingoan erantzun.

        — Niri ez zidatean deus egin... Beste batzuei egindakoaren aldean, jakina. Eta hik, badaukak lanik?

        Baietz egin zenion buruagaz. Neskato bat zetorren Dolorsengana lore sorta eskuan, Joseph Perryk ekarria. Musuka hartu zuen Dolorsek, Jaumerengandik bananduz.

        — Dolorsena diferentea duk.

        Ezpain ertzean riktus bat ote zuen iruditu zitzaizun. Are apalago egin zizun, emazteari begiratu laburra egin ostean.

        — Haurra galdu dik. Kolpe gogorra izan duk berarendako.

        Umetan lizunkeriak kontatzen zizkizutenean nabaritzen zenuen erretasun bardina zetorkizun begietara, eta orduan ohartu zinen La Ciencia Socialeko bebarruan Tomasori muturra apurtu zenioneko hura bera zela. Isla de Luzonen kaskoa kontsignaz pintatzen ari ziren gazte haien artean egon gura zenukeen.

 

 

— Portas lotinanta, Botas kaboa, Carreras, honek burdinak sutan goritu eta markak egiten zizkidan gorputzean eta gero berak sendatzen zizkidan, Corral, Parrillas, Ruiz eta Mayans izan ziren zartadak emon zizkidatenak...

        — Gorputzak ez du sentitzen, momentu batetik aurrera bardin da.

        — Hormak etxeak iruditzen zitzaizkidan, buruz behera ipinitako etxeak, ateak gizon armatuak zirela uste nuen, harriak barriz hildakoen buruak zirela... Egarriak puskatzen nengoen, eta hormetako harriak miazkatzen nituen, hezetasun apur baten bila.

        Doker zaharrak itzultzen zituen deportatuen deklarazioak ingelesera. Kazetariek burua kaieretatik jaso barik idazten zuten mahai gaineko kriseiluen argitan, lekuko izugarriei begiratzeko uzkur baleude legez. Ez erretzeko eskatu zuen norbaitek eztulketan, zabaltzeko leihoak.

        — Ziriak sartu zizkidaten azazkalen eta haragiaren artean... mailu txiki batez barruratzen zizkidaten, kontu handiagaz.

        — Ahalik eta kolpe gehien jotzeko...

        — Bai, eta ziria apur ez zedin. Ezin dizuet esan zer sentitzen den azazkalpean ziria iltzatzen dizutenean... Hazurretan gora datorren zera bat...

        — Libratu ninduten, ura emon zidaten, sentitzen zutela oker egona eta lo egiten ahal nuela. Zoruan etzan nintzen, neure odolaren gainean. Ezin nuen lo egin, ordura arte gorra-edo egona nintzen; baina gero, ni torturatzen aspertuta, besteak zelan torturatzen zituzten entzuten nuen...

        — Hori mingarriago da... Batzuetan, emakume oihuak entzuten nituen.

        Horregatik ez zen etorri Dolors bilerara, horregatik ez zuen berba egingo Jaumek ere, zuk entzun behar ez zenitzan. Higidura mekanikoak egiten zituen paperaren gainean zure eskuak. Ez zeneukan kemenik Jaumeri begiratzeko. Maite zintuzten, ez zintuzten mindu gura.

        — Plazara igan ninduten, eta eguna zenez, euliak hasi zitzaizkidan ziztaka eskuetako eta besoetako zaurietan... Oso indartsua eta gogorra baldin bazara ere, edo morroiek gura dituzten guztiak diozuz, edo ezin esan ahalakoak sofrituta hil beharko duzu.

        — Ezin nuen ibili eta besoak eta eskuak lehertuak neuzkan, zartatuak... Ura eskatu nuen, barre egin zuten, bakailao lehor pusketa bat bota zidaten... Loturak nasaitzeko eskatu nien, eta orduan zigorka emon zidaten. Bonba nork jaurti zuen esaten banien ogia eta ardaoa ere emongo zidatela... Nik niotsen ez nintzela anarkista, ez nituela metodo horiek onartzen, errepublikarra nintzela, oker zebiltzala nirekin...

        — Bosgarren egunean egunsentian sartu zitzaizkidan ziegan eta ea nork jaurti zuen bonba. Nik ez nekiela ezer... Orduan barre egin zuten ostera, gomutarazi zidaten ez nuela ezagutzen bigarren zatia zelakoa izango zen, etorri zen haietako bat eta barrabiletatik oratu zidan hiru makilez eginiko tornu bategaz, eta trinkatu egin zuen, bihurritu egiten zizkidan esanez «Hona hemen bigarren zatia». Orduan kordea galdu nuen.

        — Begira ezazue, ez zait ardura fotografiak egitea. Ezin diet hesteei eutsi, zorroa lehertua daukat, gerruntze hau erabili behar dut.

        Argazkilariak fotoak egiteko gertutzen ziren bitartean zure galde egin zuten. Itzulpena kontrastatu gura zuten, lekukoek ez baitzuten gaztelaniaz klaru egiten, doker zaharrak aditzen ez zituen berbak zerabiltzaten. Ez zeunden gelan. Komunera altxa zen Rudolf Rocker. Atean jo zuen, eta yiddishez erantzun zioten, zakar, barrutik. Alferrik bilatu zintuen sarrerako gelan ere, zu ez zeunden jadanik The Sugar Loafen. Bilera gelara itzuli zen. Egona zinen aulkia hutsa zegoen, paper batzuk gainean. Hurbildu zen, orriak hartu zituen. Estenografiazko ohar bakan batzuk baino ez zituzten ageri. Aurpegi bat errepikatzen zen orrietan. Ez zeukan ulerik, burua soil ageri zuen, eta horrek areagotu egiten zuen begien tristura. Emakumezko bat zen, ezelanbe.

 

 

Ez ziren mila baino askoz gehiago, eta alabaina zeroaten urrats geldoak eta multzo osoaren isiltasunak hunkitu egiten zituzten londondarrak. Jendea gelditu egiten zitzaien begira, eta jakinaren gainean ez zeudenek galdetu egiten zuten zergatik zen elkarretaratzea. Orduan irriño dotorean luzatzen zizkien Spanish Atrocities Committeek sinaturiko traktak burua zapi ilun batez bildua zuen emakume polit eta higatu hark. Berton gelditzen ziren paperari begira londondarrak, eta irakurritakoan nork daki batek baino gehiagok ez ote zuen komentatu Espainia kolonizatu egin behar zuketela ingelesek. Trakten banaketak aitzakia emoten zion emakumeari batetik bestera ibiltzeko manifestarien inguru guztian, ez deportatuen multzoan edo senarraren besotik. Beste nonbait zain zintuela pentsatu gura zuen Dolorsek, edo mitinean egin beharreko berbak prestatzen zeundela.

        Iritsi ziren Trafalgar Squarera zaldizko poliziek diskretuki babestuta. Joseph Perryk egin zuen aurkezpena, txalo erauntsi baten erdian. Dolorsek, Joan Montsenyren berba suharrei jaramon egiteke, Wer theimer & Leo Printers etxeko tipografo barriaren galde egiten zuen han eta hemen.

        — Ez dut aspaldion ikusi.

        — Badu astebete Sohoko etxean azaldu ez dela.

        Eskumako belarrian metalezko uztaia zeukan gizon gazte batek oratu zion besotik, taldetik apur bat urrunduz.

        — Zelan duzu izena?

        — Dolors.

        — Eta zure senarrak?

        — Jaume, Jaume Grau.

        Poxpolo kutxatxo bat zen, Moulin Rougeren irudia azalean.

        — Tori, hau zuretako emon zidaten.

 

 

«Dolors:

        Cherbourgetik Londonera joan behar duen konfiantza osoko lagun baten sakelan doakizu honakoa. Esan diot non topa zaitzakeen, eta eskura emoteko. Ez dizu esan norena den, hauts ez zenezan edo hartzeari uko egin ez zeniezaion.

        Ez naiz gozo bizi izan iazko uztailean utzi behar izan zintuztedanetik, eta zer esanik ez azkena ikusi zintudanetik. Nik ez nuen uste horrenbesterainoko basakeriara iristeko gai izango zirenik. Baina Poliziari salatu izan bazintuztet bezain lotsatua bizi naiz, ez dakit zelan adierazi. Traizio egin izan banizue moduan egiten dit buruak, zapalketa izugarri hura sortu zuen bonba neuk jaurti izan banu legez. Torturatuak izango zinetela jakin izan banu, berton geldituko nintzatekeen: eztia zor duenak ozpina onartu behar du.

Lilio

 

P.S. Iduritzen zait hiri hau guztia maiteminduek hartua daukatela. Isilekoak esaten dizkiote elkarri, eta aldizka ozenki egiten dute algara. Tortura konpartitu balute bezainbeste maite dutela elkar, emoten du. Ez nago luzerako, beharrik».

 

 

Zaldiek axolabako zanpatzen eta zikintzen zituzten pave haien azpian egon behar zuten ublietek, Putzuen Dorrearen hondoenean zeuden zigor zeldek, ahazturaren ziegek: hazurrobiek, nire hizkuntzan. Inoiz arkeologoek topa ahal izan ditzaten estaliko zituzten, edo haiek ere suntsituak izan ziren, ausaz, zortzi dorreakaz batera. Plaza bat besterik ez zen ordurako Bastille, oroitzapen bat ublietetatik jasoa. Tamalgarria zen. Zirrara berezia hartuko zenukeen herriak jazarri eta garaituriko presondegi bat ikusten, ikazkinek kotxeroek teilaginek okinek urketariek poetek, hiriko tabernariek eta beren bezero guztiek lehertutako ate haiek ukitzen, grilluak haztatuz tiraniak hilduraturiko haragiari fereka solidario bat egiten zeniela sinetsia. Baina halanbe ez ote zen horrela hobe egin zenion zeure buruari, plaza eder hura, presondegia museo bilakatua baino. Zertarako behar ditu bere balentrien hondakinak erregeari lepoa gillotinatzen ausartu den munduko hiri bakarrak? Gomutak ez du hondakinik behar kontzientzia baldin badakar.

        — Errege bat gillotinatzen zelarik, ez genuen beste bat hobea bilatzen. Tronua hutsa egon zedila gura genuen.

        — Baina tronua beti hor dago, Versaillesen dago! —ausartu zinen erantzuten, ironia tanta batez.

        — Bai, egia da... —Rochefort ahitua zegoen, urduri jartzen zintuen eztul lehor bat egiten zuen esaldien erdian—. Nork daki burgesiak ez duen etorkizunean okuparaziko!

        Kotxea gelditu egin zen une batez.

        — Ez dugu asko falta.

        Omnibus batek gurutzatu zuen karrika, eta kotxeroaren oihuaren premia barik abiatu zen zaldia ostera.

        — Umekeria da baina... harro esaten dut beti: Parisko Komunaren urtean jaio nintzen ni.

        Tanpez jiratu zitzaizun Rochefort, kopeta zimurturik, zure berbek suminduta.

        — Udabarri bat, udabarri bat besterik ez! Horixe izan zen, zeu jaio zinen urtea!

        Zenbateko zigorra ezarri zioten galdetu behar ote zenion edo nora deportatu ote zuten zalantzan zeundela, Rochefort jaunaren hasperen batek jirarazi zizun ostera burua leihatilatik barrurantz.

        — Ez da zinezko iraultzarik izango langileei, edo hauen eliteari behintzat, bere maluren zientzia irakasten ez diegun arte.

        — Maluren zientzia... Oso ideia ederra da, Rochefort jauna.

        — Jules Vallesena da, beti errepikatzen zuen. Misiolari bat zen. Horra, Quai Bourbon-en gaude. Bebarruaren aitzinean geldiaraziko dut, atezainak begirune handiagoa dio kotxetik jaisten denari oinezkoari baino. Hor duzu gutuna?

 

 

Ramon Emeterio Betancesi dardara egiten zion paperak eskuetan. Noizbait amaitu zuenean, gutuna surtara jaurti eta oihu egin zuen.

        — Amelia!

        Aterantz hurbildu eta barriz deitu zuen, gaztelaniaz.

        — Amelia! Ekar itzazu chartreuse bi! —gero bekoz beko gelditu zitzaizun begira, betaurrekoak kendurik—. Ezaguna egiten zait zure aurpegia.

        — Duela aste bete iritsi naiz Parisera, ez dut uste elkar ikusi dugunik... —erantzun zenuen.

        — Jesar zaitez —eta zumezko aulki zartatu bat hurbildu zizun, gaineko liburuak mahaira ekarriz.

        — Henri Rocheforten lagunak nire lagunak dira, azkenaldian haserre gabiltzan arren... Bartzelonakoa izugarria izan zen, ezta?

        Amelia baltza zen, handia eta Betances bera baino zaharragoa. Zerbitzatuak ekarri zituen kopatxoak erretilu baten, bonbila barik.

        — Osasuna! —esan zuen Betancesek kopa buru gainetik jasoz.

        — Osasuna! —ez zeneukan ohiturarik, ozta busti zenituen ezpainak. Erretilu barruan utzi zenuen ontzia—. Ahaleginak egin izan ditugu tropen aurka...

        — Tropen aurka?

        — Jendea kontzientziatzen... —zuzendu ze nuen—, baina zaila dago, alde batetik atxiloketa ugari egon direlako, eta bestetik espainiarrak sukar nazionalista baten daudelako...

        — Baina ez dago alargunen elkarterik...?

        — Alargun gutxi dago, oso gazterik eroaten dituzte... Amekin eta senideekin egin gura izan genuen zerbait. Penintsulan oso zaila dago. Baina esaten ahal dizut infiltratuak dauzkagula tropan, han berton, uhartean, eta lanean ari gara ideia sozialistak zabaltzen.

        — Publizitatea ongi dago baina... Oker handia izan da Weylerren kontrako atentatua txarto aterea... —ule kirru zurian pasa zituen eskuak, aulkiari atzera eraginez eta hasperen luze bat jaurtiz—. Konzentrazioko auzuneetan jendea goseak hiltzen da, gure tropek ez daukate guajiroen laguntzarik, eta uharte osoa hartuko bagenu ere Habana zaila jarri zaigu, ezinezkoa ez esatearren. Informeak zehatzak ziren, atentatua ongi planifikatua egon zen, baina dinamitak huts egin zuen. Berariaz eginikoa dirudi...

        — Berariaz eginikoa? Zer esan gura duzu? —ez zen lehen aldia halakorik entzuten zenuela, galdera zakar samar urten zitzaizun arren.

        — Egundo ezagutu ez den legezko zanpaketa agindu du orain Weylerrek, lehen baino libroago dauzka eskuak, Madrilgo liberalenek ere onartu egin behar dute. Espainiarrek berek eginiko atentatua emoten du, jukutria bat. Ez litzateke zeuen aurreneko huts egite larria izango.

        Erretasun gero eta ezagunago bat hesteetatik gorantz, itobehar bat aurpegiraino, zeure burkideen zabarkeria ezin mesprezatuaren amorrua.

        — Min emoten didan arren, aitortu beharra daukat Canvis Nouseko atentatua guk egina izan zela; ez zen Poliziak planifikatua izan.

        — Zoritxarrez, bestela emoten du.

        Koparaino luzatu zenuen eskua. Mugitu egin zenuen, likidoaren distirari begira egin zenuen berba, ume liluratu batek legez.

        — Bizia emoteko gertu dagoena, neurri baten, itsutua dago.

        Berton laga zenuen ontzitxoa, ezpainetara barik.

        — Habanakoak ez zeuden itsututa, bizirik urten zuten —. Isilune mindu bat egin zuen, antzezle ona izan zitekeela otu zitzaizun. — Eta orain Weyler neutralizatzea askoz ere gaitzagoa da.

        — Agian ez da bera neutralizatu behar dena —on tzitxotik liburuetara eroan zenuen eskua. New Yorkeko edizioak ziren, gaztelaniaz. Ez zion zure esanari arreta handirik emon.

        — Luzerako zaude? Baduzu lan finkorik?

        — L'Intransigeanten dihardut, tipografoa naiz lanbidez. Baina ez nago luzerako.

        Belauna jo zuen esku hazurtsu haregaz, altxa egin zen ezpainetan irri handi bat zuela.

        — Badakit nondik ezagutzen zaitudan... zu ez zinen han aurrean, Kropotkin jaunaren hitzaldian, Rocheforten ondoan oharrak hartzen?

        — Bai —erantzun zenuen zutundurik—, aldizkarirako hartu behar nuen hitzaldia.

        — Frantsesez badakizu?

        — Bai, Marseillan bizi izan nintzen... Baina halanbe estenografian hartu nuen.

        — Estenografian? Ez al zara ba tipografoa?

        Zeuk egin zuen barre oraingoan.

        — Estenografoek hartutako ohar eta elkarrizketa asko iristen dira erredakzioetara eta ez dago denborarik hizkera alfabetikora aldatzeko, tipografo on batek estenografian jakin beharra dauka. Baina ez jakinda ere, ia bardin zitzaidan. Buruz nekien hitzaldia.

        — Hitzaldia buruz zenekien? Zuk bazenekien Kropotkin jaunak esan behar zuena? —begiak inoiz baino zuriago azaldu ziren Betancesen aurpegi baltzaranean.

        — Bai... Paroles d'un Révolté liburukoak errepikatu zituen berbaz berba ia.

        — To! Ordena barria Biblia zaharragaz! —eta algara egin zuen mulatoak—. Pikaro ederra, Kropotkin jauna!

        — Baliteke... —jendetasunezko irriño bat egin zenuen zuk ere—. Dena den, debekatua zeukan gauza barririk esatea... Ohartuko zinen noski, ez zuen Komuna ia aipatu.

        — Ja, Komuna...! Hori ere ez da barria! Ikusten dut ez duzula gogoko nire chartreusa, baina tipografo legez maiteko dituzu liburuak, zatoz.

        Sorbaldatik oratu zizun, ilunpean barrena gidatu zintuen.

        — Nor da orduan neutralizatu behar dena, zure ustez?

        Ameliaren inguruetara hurbilduak zineten nonbait, Betancesek ingelesera jo zuen behintzat. Zuk ere hala erantzun zenion, trakets.

        — Rochefort jaunak ez du nire analisia onartzen, baina bera frantsesa da. Kubatar batek zer pentsatzen duen jakin gura nuke.

        Barre egin zuen Betancesek, orri biko ate astun bat zabaldu aurretik.

        — Ni ez naiz kubatarra, jauna! Puertorricoarra naiz!

        Amelia irakurtzen ari zen manta baten bilduta liburutegian, leiho ondoan. Ez zen altxa etxekojauna azaldu zenean. Betaurrekoen gainetik begiratu zizun, zuk egiten zenuen legez.

 

 

Kazetariak, akusatuen diskurtsoak entzunda, urtenak ziren, ez zitzaien ezer axola lekuko moral baten jarduna, eta egia esan, nire moraltasuna zelanbaitekoa zitzaien. Han neuzkan, Palais de Justiceko bebarruan beren kronikak bidaltzen sakelako telefonoetatik. Dena amaitua zen, hilabete barru bizirako zigorra hartuko zuten lagunek. Hasi ere, halan hasi nintzaion epaile lehendakariari, Frantzian hiltzeko zigorra indarrean balego, gizonok gillotinapean ziratekeen bihar berton, baina honela ez zenukete euskaldunon arazoa konponduko. Neu ere, esan nion begietara begira, hiltzeko zigorra hartua naiz. Jeneral hark bazekien ni hilda ni lako beste mordo bat sortuko zela nonbait, eta horregatik laga behar izan ninduen bizirik. Baina halanbe, ni bizirik utzi behar izan baninduen ere, zuk kondenatu gura dituzun gazte hauek sortu ziren, nire herria zapaltzen dutenen aurka ausartuak. Ahozabalka entzun zidaten, dena erabakia zegoen, nire lekukotzak ez zuen deusetarako balio, urteetan ikusi bako lagunen bat segurtasunezko kristal ostetik agurtu ahal izateko izan ezik. Triste urten nuen, zertara nindoan eta zer gertatuko zen aldez aurretik nekien arren. Pont du Change iragan nuen, oinez abiatu nintzen ilunabar zoragarri baten.

        — Baduzu Germinal-en edizioren bat?

        — Badut bat 1923koa.

        — Iragan mendekorik baduzu, 1897 baino lehenagokoren bat?

        Orduan epaimahaiko lehendakariak legez begiratu zidan goitik behera liburu saltzaileak.

        — Barka, jauna, duela ehun urteko Zolaren edizioek diru mordoska balio dute.

        Betances jaunak erakutsi eta oparitu ez eta nire katanarruak ezin ordain zezakeen Germinalen azken edizio margodunak erakarri zizun begirakunea. Eskuetan hartu zenuen bukinistaren apaletik, ongi eginiko lana zen, Garamond molde barrietan, lerroarteko zabalakaz. Italierazko edizioan aurkitu ez zenituen, edo irakurriaren akordurik behintzat ez zeneukan egilearen ohar honek hunkitu zintuen ustebakoan: «Gizon barrien adorea adieraziko zuen izenburu bat gura nuen, beharginek, oharkabean bada ere, ilunpeetatik urteteko egiten duten ahaleginarena... Eta egun baten, inkonszienteki, Germinal berba etorri zitzaidan ezpainetara. Hasieran ez nuen gogoko, lar mistikoa aurkitzen nuen, lar sinbolikoa; baina nik gura nuena islatzen zuen, apiril iraultzaile bat, gizarte higatuaren hegaldia udabarrirantz.» Ibaiari begira gelditu zinen, eta labanatxoa aterata azazkalak garbitzeari ekin zenion. Rochefortek arrazoia zeukan menturaz, munduko maluratuek zientzia barri bat ikasi behar zuten, baina gerezien sasoia ez zen jakite hutsaz helduko. Non irakurria zinen, zeu ere, filosofatzearen filosofatzez morroitu egiten dela gizakia? Tuileries sutan, une apokaliptiko bat suntsimen unibertsaleko orkestraburu klandestinoek zuzendua jendetza basa hordi zoro bat manipulatuz, Komunaren aurkako ideologoen esanetan. Liceu guztien suntsipena. Sena bezain luzeko bandera gorri bat. Entzun, badatoz langileak, badatoz gure lepotik bizi direnei lepoa egitera, gizarte barri bat sortuko dute Thiersen tropak suntsitu ondoren, Versailles sutan. Herri matxinatuaren erdian, nik ere Élisée Reclus bat izan gura nuke: fusila sorbaldan bat eginda Komunako atorrabakoekin, baina gizatasuna ezeren gainetik baloratzen dudanez anarkista konsekuentea izan gura nukeenez hiltzea gorroto dudanez, bala barik eroango nuke. Zuekin nabilek baina ni ez nauk zuetarikoa. Txabik ez zuen halako aukerarik izan, berak irakatsi zigun gutxi ginela eta gurea ezezik beste guztien ordekoa emon beharko genuela. Herria matxinatzen denean eskuak sakelan sartuko ditugu, eta sakelan eroango dugun Astra zaharra ez da izango oroigarri bat baizik. Laburpen perfektoa da irudi ederra da irakaspen moral zehatza da ekintza estetiko baten goien gradua da, Élisée Reclus atxilotua eta hiltzera kondenatua izan zelako. Munduak salbatu zuen jakintsu handia, gure kasua azter zezan. Bere iritzian, euskaldunok «un peuple qui s'en va» ginen, zu hil zintuzten urte hartan. Palais de Justicera itzuli behar nukeen, tribunaleko lehendakari harroari galdegin behar niokeen zein izan zitekeen heriotzara joan gura ez duen herriaren ekintza estetiko liberatzailea, zelakoa izan zitekeen hiltzeko zigorra mereziko lukeen aieru ederra. Orduan erabaki nuen, Robespierreren lepotik isurtzen den ibaiari begira, besterik ezean, kondena txiki bat mereziko duen liburu hau egitea.

 

 

Ibili izan nintzen auzune goietan noraezean, inori galdetzeko asmo barik baina. Egia esan, etxola xume haietatik edozeinetan bizi izan zitekeen. Elkarrizketa egitera etorri zitzaizkion kazetariei ere, 1924an, ez ei zieten auzoek non bizi zen esan gura. Gregorio Mayoral langabean zegoen, eta gizon zintzoa izanik familiak ezaguna zuen abokatu batek gaztigatu zion bazegoela lanpostu bat urtean 1.750 pezeta emongo ziona, kenketagaz. Soldadutzan korneta izan zelako irabazi ei zuen. Egun ere txiroak dira inguru haiek, uralitazko teilatuen gaineko telebista antenek iraingarri egiten duten txirotasun modernoan.

        — Inoren bila zabiltza? —galdetu zidaten uzkur.

        — Ez, katedralaren perspektiba on bat gura nuke.

        — Hor atzetik hobeto, zabortegi gainetik.

        Begira gelditu zitzaidan argazkia egin nuen arte. Ordua nuen. Beheranzko bidea hartu nuen, eta ezponda baten, hiru xiringa jaurtiak zeuden bazterrean, harri zapal bat ikusi nuen gurutze azpierliebean zizelatu batez markatua, artikulu hartan esaten zuten moduan. Beste argazki bat egin nuen xiringak ere enkuadratuz. Baiki, auzune hartan bizi izan zen zure borreroa. Burgosen, Espainia eternoaren bihotzean.

 

 

Eraikuntza hotz, ilun eta tristea da, behar modukoa. Halako itxura emoten du dokumentaletan edo argazkietan aurrealdea ikusten diodanean ere. Ni atzeko parketik sartzen ninduten, furgonetan. Poliziaren ibilgailuetan ekartzen ninduten, prentsak zabaldu zuen argazki baten ageri naiz, leihatilako sare eta haga ostean. Burgosko Kapitaingo Nagusiaren azpiko parkinean sartu orduko hasten ziren polizien eta militarren arteko ika-mikak. Denek gura ninduten manupeko, gerra kontseilu sumarisimoan epaitzen ninduten kriminal zaildua nintzen, edozelako bortxakeriak egin nitzakeen, edo ni baino ikaragarriagoak etor zitezkeen ni askatzera. Zer egiten nuen nik ordea, hogeita hamar urte geroago, Burgosen, Jeneralaren lehen hiriburuan?

        — Lehengo astean hirutan deitu nuen, eta hiruretan esan zidaten ezin zidatela ez ezezkorik eta ez baiezkorik esan. Berba egin gura nuke ezezkorik edo baiezkorik esateko ahalmena duen norbaitekin...

        — Entzun... —kapitainak nire nortasun agiria itzuli zidan, ez zekarren bisitari txartelik, alferrik joana nintzen—. Zer behar du zu lako batek espainiarren eremuan?

        — Kontsulta bat egin gura nuke.

        — Baina zuek, ez al zenuten hautsi Espainiagaz eta bere erakundeakaz? Ez dakit zelan azaltzen zaren hemen...

        Behin, Espainiako parlamentuko kide nintzelarik, Hendaiako mugan geldiarazi ninduten. Guardiazibiletako lotinant bat hurbildu zitzaidan pasaportea itzultzeko, eta honela esan zidan «Zuk gura ez baduzu ere, zu autoritate bat zara niretako. Zure aginduetara!» eta militarki agurtu ninduen. Baina ez nuen lotinant haren ez kapitain honen mailan jardun gura.

        — Artxiboa kontsultatu behar dut.

        — Zelan dakizu hemen artxibo bat daukagula? Zurea zeure abokatuari eska, gainera... liburuetan azaldua da behin baino gehiagotan.

        — Badakit artxibo bat daukazuela, eta badakit artxibo honetan dagoela nik behar dudana. Ez da zuk uste duzuna.

        — Zer behar duzu? —artxibo bat zeukatela ulertu behar nuen.

        — Canovas del Castillo jaunaren hilketaren sumarioa.

        — Ja, ja! Magnizidioei buruzko tesi bat egiten ari zara? Zelan zen anarkista hura...?

        — Angiolillo, Michele Angiolillo —zuregatik joan nintzen heriotzara kondenatu nindutenen artera.

        — Angiolilloren figura loriatu gura duzu, jakina.

        — Kontsulta egin dezaket?

        — Ez dago hemen, Bergarako epaitegian egongo da. Han egin zioten gerra kontseilua, oker ez banago.

        — Ez, ez dago han. Badakit hemen dagoela.

        — Guk ere aztertu genuen atentatu hura akademian... Ekintza hobeagoa izan zen, bai, zuk egin zenuena baino.

        Begietara egin nion nik ere erronka. Hil egin gura izan nindutela gomutarazi behar ote nion? Esango ote nion neure heriotza izango nuela ekintzarik onena?

        — Kausa hura ikusi gura nuke. Ezin bada kopiatu, irakurri, beste barik.

        — Nik ere ezin dizut ez baietzik ez ezetzik esan hemen artxiborik ei daukagulako horretaz. Ez dago nire esku, lotinant koronelen batekin egin beharko zenuke berba. Zoaz Archivo Historico Militarrera, menturaz han suerte hobea izango duzu.

        Belaunak ikaran heldu nintzen hiri barnera. Hotzak ezin egonik nengoen, eta halanbe gar mingarri bat neukan barruan. Garagardo izoztua eskatuta mahaietan jesarri nintzen, ez nintzen gauza izango ontzia eskuan hartuta isuri barik ekartzeko. Tabernariak barra gainean laga zidan kaña. Ez zeukan mahaizainik eta bera telebistako zezenketari jarri zen. Minutuak egin zituen edariak nire begira, malkotan ahituz doan kandela moduan. Lasaitu beharra neukan. Burgosko Kapitaingo Nagusian oinezko eta libro onartua izateko aukera tentatua nintzen, eta ukatu izanak emon zidan, hain zuzen, posibilitate horren izugarria: inoiz ni hiltzeko aukeratua zegoen ziegan maitasuna egin gura izan banu lako zerbait. Zergatik sartu nintzen halako segadan? Zer ikasi behar zuen han, zu epaitu zintuzten militar berberok kondenatu zuten batek? Zer ardura zitzaidan zure epaiketaren transkripzioa? Zer barri ikasi behar nuen orduerdi iraun zuen bista hartaz? Prentsari ezer azaltzeko debekuak berak, ez ote zidan nahikoa argi esaten zein izan ziren zure berbak, zeren noren defentsa egin zenuen zeure burua defendatu zenuenean? Ez nintzen zuregatik joan hara, Lilio, gu heriotzara kondenatu gintuztenek berek ehun urte geroago sekretupean gordetzen duten zure berben bila. Niregatik joan nintzen, oraindik ere han epaitua izanaren duin nintzela frogatzeko.

 

 

Tribunala hormako gurutze zurezko handi baten azpian zegoen, kondekorazioz, eskunarruz, sablez. Mahai gainean, ezpaten artean, beste gurutze metaliko bat zeukaten, harri biribil batek eusten zuela. Denak ere, fiskalak tribunalak defendatzaileak gurutzeak ezpatak, epai historiko bat emon behar zutelako kontzientzia osoagaz. Zamau gorri ilunkara batek estaliriko mahaiaren ertzean telefono bat ageri zen, artean edalontziak buruz gora ipintzea lortu ez zuen metal-ur bonbila baten ondoan. Gogoan daukat oraindino, eskuman aulki bat ikusten dut kazetariendako, paperak dauzkate mahaitxo batzuetan. Bakan batzuk baino ez dituzte sartzen utzi ordea. Publikorako ekarri dituzten elizako zizeiluak ere militarrez beteak dauzkate, eta tarteko paisano bakanak jantzi-aldatuta daude, bibote faxistak salatzen ditu. Polizia armatuak zutik gelako lau bazterretan, publikoaren atea zaintzen. Tribunalaren ezkerrean zegoen aulki hartan jesarria nago, mikro zaharraren aurrean, eskuak aurretik pheiatuta, abokatuaren eskariari uko eginda. Zatoz nire ondora, Lilio, egizu berba nire ordez.

        — Montjuichen eginiko torturak ikusi ahal izan nituen, Francisco Gana eta Cayetano Oller entzun nituen Londonen, eta azazkalak falta zituzten, sabelak lehertuak zeuzkaten...

        — Zu epaitzeko gaude hemen. Berba kenduko dizut horrela jarraitzera.

        — Barkatu jauna, hil egin behar izan dut berba izateko!

        — Zer diozu?

        — Egin dudanak emoten dit eskubide.

        — Egin duzunak tribunalera ekarri zaitu. Zergatik hil duzu gizon hori?

        — Nik ez dut gizon bat hil.

        — Zuk ez duzu D. Antonio Canovas del Castillo jauna hil?

        — Nik kriminal bat hil dut.

        — Zergatik hil duzu gure lehen ministroa?

        — Hila izateko.

        — Lehen deklarazioan esan zenuen zure anaiak mendekatzeko hil zenuela Canovas jauna.

        — Anaia torturatu eta erail guztiak mendekatzeko ere hil dut. Kuban eta Filipinetan askatasunaren alde borrokatzen diren guztiak mendekatu ditut.

        — Balio handiko estatu gizona hil duzu, baina etorriko da ordezkorik.

        — Nire ondotik ere etorriko dira.

        — Krimen honek ez du asko egiten ordea zure ideien onerako.

        — Nire ekintza ez da oraindino amaitu.

        — Mehatxu egiten diguzu?

        — Nik, momentu baten, historia eduki dut eskuan. Eta hautsi egin dut.

        — Gizon bat hil duzu, ez errejimen bat. Errejimen bat hil izan bazenu, ausaz heroia izango zinateke.

        — Zuek gurago zenuketen erregina alarguna edo erregegai infantea hil izan banu?

        — Geu gaude hemen itauntzeko!

        — Tronuaren ideologia suntsitu dut nik. Espainia koloniala akabatu dut, Inkisizioaren lehendakaria azkendu dut.

        — Krimen hutsa da egin duzuna.

        — Justiziaren egitate batzuk krimenak izaten dira; krimen batzuk justiziazko egitateak dira.

        — Oso oker zaude, justiziak epaitzen ditu krimenak.

        — Hilko nauzue, baina ni hilda nire ideiak zabalduko dituzue.

        — Hilko zaitugun ala ez, epaia emondakoan jakingo duzu, ez lehenago.

        — Zuek hil egin behar nauzue.

        — Zelan dakizu?

        — Zuek ez daukazue eskurik nire biziaren gainean, zuek heriotza besterik ezin didazue emon. Historiak ez du etenik.

        — Legeak betearazteko gaude.

        — Ez dago zuen esku ni ez hiltzea.

        — Epaileak gara, eta justiziaz erabakiko dugu.

        — Zuek zeuen borrero lana besterik ezin duzue egin.

        — Damutua zaudela emoten du, zeure heriotzaz purgatu gura duzu egin duzuna?

        — Nire heriotzak zentzu handiagoa emongo dio nik egin dudanari.

        — Errudun aitortzen zara, beraz.

        — Martiri bat naiz.

 

 

Don Carlos de Escosurak bazeukan fiskal gutxik duten jendetasuna, ez zuen bere eskaera egiten salatuari begiratu barik edo mesprezuzko begirakuneak luzatuz irakurtzen zuen testuaren arabera, ez zuen ahotsa goratzen, ez zuen estiloa egiten. Bere jarduna sotila zen, zehatza, monokordea. Eta izugarri efikaza tribunal militarretan: ohorezko kode biziduna zen. Papertxo batzuk eskuan hartuta altxa zen. Iharra, motz antzera gelditzen zitzaizkion mahukek iharrago zuten egiten. Bere lekutik mintzo zen, berbak entzule guztien artean banatuz. Papertxoak bere irudiaren zati ziren, ez zituen begiratu ere egiten.

        — Epaiketaren buruan frogatua gelditu dela uste dut Michele Angiolillo Lombardi jaunak premeditaziozko hilketa egin zuela D. Antonio Canovas del Castillo jaunagan, eta hildakoaren kalitatea kontuan izanik, hau da, gobernamenduko lehendakaria, uste dut hilketa hau autoritatearen aurkako atentatutzat hartu behar dela, eta hildakoaren zelakotasunak aski garden erakutsiko ez baligu ere, akusatuaren berbek adierazi digute bere eskua gidatzen zuen ideologia zertan oinarritzen den: autoritate ororen suntsipena. Ez du dinamita erabili, egia da, baina Anarkismoaren Errepresiorako eginiko legearen 1. Artikuluan dator tipifikatua bere delitua. Beraz, baldintza aringarri barik, eta lege penaleko 418, 224, 90 eta 33 artikuluetan oinarri hartuta, hiltzeko zigorra eskatzen dut akusatuarendako, bide zibiletik ezarria, eta 30.000 mila pezetako ordainketa Canovas jaunaren alargunari, indemnizazio gisa.

 

 

Tomas Gorria lotinanta ez zegoen bere onean. Lehen aldia zen hiltzaile bat defendatu behar zuela, artean kasernako diziplina hautsitako mozkorrak baino ez zituen lagundu behar izan, probintzia baketu baten bizi zen lasai zu heldu zinen arte.

        — Zure baimena gura nuke... Aldatu egingo dut estrategia. Lehen ministro jaunaren heriotzaz damurik ez baduzu, uste dut onena dela zu burutik zaudela argudiatzea.

        — Egizu gura duzuna, alferrik ari zara.

        — Defendatu egin behar zaitut.

        — Eta zuk, benetan uste duzu ni burutik nagoela?

        Isildu egin zen, eta eskertu egin zenion, ez zenuen areago jarraitu gura argudiaketa absurdu baten. Etenalditxoa amaituta epaileak guardiak lekukoak kazetariak entzuleak aretora barriro etorriak zirelarik, atea zarratzerakoan, zango batek traba egin zuen kanpotik eta barrukoen bultzadaz hanka jausi zitzaion belaunetik. Hankapalua eskuan gelditu zen gizon zarpail bat, mehatxu egiten ziela guardiei, kolokan. Ez zioten aditzen, euskaraz ari zitzaien, eta gizonak ez zien begiratu ere egiten, zuregana luzatzen zituen begiak.

        Tribunalean bokal zegoen alferez bat inguratu zen.

        — Zer jazotzen da hemen, guardia, zer da iskanbila hau?

        — Aldeanu honek sartu gura izan du eta ateak...

        Hankabakoak papertxo bat luzatu zion alferezari. Zabaldu zuen, irakurri zuen.

        — Egon hemen isilik eta lasai!

        Epaimahaira hurbildu zen, tribunaleko lehendakariari luzatu zion. Betaurrekoak belarrietan jantzi barik irakurri zuen. Sumatu zenuen zer edo zer ahomentatu zutela bien artean, eta azkenik alfereza aterantz etorri zen ostera. Papera itzuli zion oraindino zangoa eskuan zeukan gizajoari, eta atzerako keinu harro bat egin zuen eskuagaz. Kanpora eragin zioten guardiek, eta atea zarratu zuten. Eskaileretan behera lur joko zuen noski eskailburuko zaindariek eutsi ez bazioten behintzat. Gizon hartaz gogoetan gelditu zinen, zure abokatuaren eginahalari ezarduratua.

        — Jaunok, nik legez entzun dituzue salatuaren deklarazioak, eta uste dut nik legez hunkiturik egongo zaretela nire defendatuak erakutsi duen hoztasunaz. Izan ere, jaunok, gaur epaitzen duzuen gizon honek uste du ongi egin diola gizarteari burutu duen krimenaz. Garbi adierazi digu, zalantza izpi barik. Berbok sumindura sortzen dute gure barnean, hain izugarriak direnez. Eta kontuan hartzen baldin badugu hilaren kalitatea, areagotu egiten dira gure sentimenduak: haserrea, indignazioa, herra. Baina, jaunok, lehen asaldura honen ostean, saia gaitezen konpreniezina dirudiena ulertzen. Eta ulertzeko, hurbil gaitezen gazte honengana. Zeren aitzinean daukaguna gazte bat baita, ume bat esango nuke. Berak esan dituen berbok, bere ahotik entzun ditugun izugarrikeriok, gurago baduzue, nondik datoz? Bere burutik sortuak ote dira? Gazte esan dut, ume esan dut, eta honenbestez, bere espiritua ere osatu bakoa dela esan behar dut, segurtasun osoa daukat. Esan dituenak, desorduko irakurketek eta bera baino zailduagoko espirituek eraginak direla, ez dut batere zalantzarik. Eta irakurketa hauek, solas hauek, jaunok, zoramenera ekarri zuten egun epaitzen duzuen gizona. Bere teorien arabera, D. Antonio Canovas del Castillo jauna zen bestek Montjuichen egin ei dituztenen erantzule. Horrela, berak egindakoaren erantzule, bera ez dela ulertu behar luke. Horregatik, arren, eskatzen dizuet ez ezazuela kontuan hartu berak esandakotik ezer, bere logikan bera ez baita eskua besterik izan, burua beste nonbait zegoen, eta dago. Langileria bere kondiziotik mesianismoz jaso gura ei dituzten doktrina barriek martiriak behar dituzte, eta horretarako baliatzen dira gazte eta ume sineskor eta suharrez, zoratzeraino. Egizue kontu, jaunok, gazte hau, ume hau, burutik egina dagoela. Urrikia eskatzen dizuet.

 

 

— Badu esatekorik salatuak?

        Nire azken predikua jesarrita egingo nuela erabakia neukan, ni epaitzen nindutenek berba egiten zidaten modu berean. Baina urduri nengoen eta neure buruari agindu niezaion baino lehen nintzen zutundu. Ezin nuen barriro jesarri, horrela hobeto entzungo zidatela pentsatu nuen. Mikrofono bat hurbildu zidan morroi batek.

        — Jaunok, oso hurbiletik jarraitu ditut azken urte bi hauetan Europako gertakariak. Espainiako eta bizi izan naizen gainerako estatuetako egoera aztertu izan dut. Nire ogibideak eta nire jaidurek herri hauetariko biztanleria langile eta txiroarekin jarri naute harremonetan. Edonon entzun izan ditut lantura bardinak, edonon ikusi ditut malko bardinak, edonon nabaritu ditut errebolta bardinak, asmo bardinak. Eta edonon nabaritu ahal izan dut aberatsen eta gobernamenduen ankerkeria bardina, giza bizitzaren mesprezu handia. Oharpen hauek, oro har, gizartearen oinarrian dauden injustiziak gorrotatzera eroan naute. Gizon suhar, kementsu, justiziazaleek, bat egin izan dute nirekin matxinadaren bidean. Injustiziak sumindu egiten dituen eta harmonia eta ongizateko mundu bat bilatzen duten gizakiok, anarkistak gaituzue. Eta aldi berean ikasi dut Espainiako lur honetan, Inkisizioaren lurralde klasikoan, torturatzaileen arraza ez dela hila. Jakin izan dut ehundaka gizakik, ospetsu bihurturiko gaztelu baten itxita, torturarik ikaragarrienak pairatu dituztela. Jakin izan dut indarrean jarri izan direla, aitzinamendu zientifikoak dakarren fintasun osoagaz, Erdi Aroko borreroen baliabide guztiak. Jakin izan dut gizaki hauetatik bost hilak izan direla, beste hirurogeita hamarrek kondena gogorrak hartu dituztela, errubako deklaratu behar zirenak erruduntzat izan direla hartuak, eta gizaki hauek guztiak anarkistak zirela, edo halakotzat hartuak.

        — Gobernamenduak zabaldua du inkesta bat, eta erantzukizunik balego kulpanteak zigortuak izango dira. Gobernamenduari ez zaio interesatzen bere izen ona zikintzea, ez duzu konprenitzen?

        — Egia da, jaunok, halako izugarrikeriak ezin daitezke inpune gelditu, eta neuk bilatu ditut erantzuleak. Borrero lanetan aritutako polizien gainetik, epaile lanetan aritutako ofizialen gainetik...

        — Ez dizugu onartuko epaimahaien ohorea lohitzen duen ezer...

        — Jaunok, gainez egiten zidan gorroto bat nabaritu nuen neure bihotzaren barnean terroreaz eta torturaz gobernatzen zuen estatugile honengana, milaka soldadu gazte harakinari entregatzen zizkion ministro honengana, halako lur oparo eta aberatsean prosperoa izan zitekeen herri espainiarra zergapean hondoratzen duen potentatu honengana, Kaligula eta Neronen oinordeko, Torquemadaren ordezko, Stambuloff eta Abdulhamid-en hurrengo, Canovas del Castillo izeneko mustro honengana, pozik eta harro lurretik bota dudan mustroa!

        — Zure diskurtsoa ez da egin duzun krimena estaltzeko aitzakia besterik. Amai ezazu, arren.

        — Gaizki egina ote dago gizonen bularra atzaparka zartatzen eta giza buruak matelezurren artean txikitzen dituen tigrea hiltzea? Krimena ote da ausiki hiltzaileko narrastia akabatzea? Canovasek ehun tigrek baino biktima gehiago egin ditu, mila narrastik baino gehiago. Fanatikeria erlijiosoaren basakeria gorpuzten zuen, krudelkeria militarrena, klase jabegodunen gutizia. Espainia, Europa eta mundu osoa libratu ditut hartatik. Horregatik, jaunok, ez naiz hiltzaile bat, justiziagile bat baizik!

        — Amaitu duzu?

        Ni ez nintzen jadanik ni, zeu nintzen, Lilio, besoak buru gainetik luzatuak, ukabilak ongi itsutuak. Zeu nintzen, Lilio, erbesteratu tristea anaiarik mazalena tronuaren eta aldarearen aurka jagia esperantzaren aingeru Burgosko Kapitaingo Nagusia ikaratzeko.

        — Montjuichen gura dut fusilatua izan!

        Eta orduan, mututu egin ninduen amorrutik eztitasuna sortu zen, gure ahotsek bat egin zuten, zoragarri. Foggiako alorretan etzanda geunden, amets egiten genuen:

                «Quando la anarchia verrá

                tutto il mondo será transformato...»

        Halan begitantzen dut orain nire epaiketa hura, zure ekintza ere neure gain hartu izan banu moduan, eta zure argudioak esan nituen hiru berba haietan bildu izan banitu legez:

        — Gora munduko langileria!

 

 

Barre egin nuen, gomutan daukat barre egin nuela, eta zinezkoa izan zela algara, ez presondegira datorren bisitariari zor zaion bihotz-altxagarri halamoduzkoa.

        — Tira, gura ez baduzu ez, baina aukera bat izan liteke...

        — Aukera bakarra, ezta? —txantxetan esan nion, baina serios hartu zuen.

        — Egia esan, bai...

        — Ez nuke zorrik eduki gura jaun horrengana.

        Demokrata zintzoa zen, demokrazia zer zen Europatik zetozkigun liburu eta modetan ikasi uste genuen hartan, injustiziak salatzeko ausardia zuten haietarikoa, gu legezkoek lagun erabilia; aingeru baliagarria, esango nuke. Gure bidean erretzen gindoazen ugarietariko bat edozelanbe. Ezin zuen ulertu patxada hura, abokatuak uste zuen, espero izana zen, nire harrotasuna apalduko zela fiskalaren eskaera sententzia bihurtutakoan. Indar egiten zuen, arima salbatu gura zidan konfesorea emoten zuen.

        — Erabaki libre bat hartu behar duzu.

        — Aspaldi hartu nuen erabaki libre hori, arma eskuan hartzeaz batera —ea ezetz erantzuteko adorea zeukan.

        — Orain ez dauzaku armarik, orain garrantzitsuena zure bizia da.

        Ez zuen aditu gura. Bezeroa bihurtua nintzen goizetik gau. Eta abokatuaren zeregina berak defendatua onik ateratzea zen, ez helburu politiko bat lortzea. Oso lasai erantzun nion, gogait egiteko zorian neure irriñoa arren, eragiketa bat hainbatgarrenean oker egiten duen ume motzaren aitzinean hasperen eginik:

        — Hain zuzen, neure bizia dut armarik onena, edo hobe esan, neure heriotza.

        Isilik gelditu zen, begirakunea makurtu zuen eta kartera baltz handi hartan sartu zituen eskuak paper miaka.

        — Sentitzen dut... huts egite larri bat zure karreran!

        Tanpez goratu zituen begiak. Ez dakit nire biziaz neukan ardura apurrak ala bota nion azken esaldiak min emonda zeuzkan begiak malkotan. Ez zuen ongi hartu behintzat, mindu egin zen.

        — Ez naiz karrera egiten ari! Badaude bide ho beak!

        Maitatu nuen, damutu zitzaidan esana.

        — Barka ezazu... ironia bat besterik ez zen, urduri nago.

 

 

Ez dut uste urduri nengoenik, beldurra barrezka uxatu behar izateraino behintzat ez. Kristaua ote zen galdetu nion ziegarakoan funtzionarioari. Katolikoa zela erantzun zidan, mezatara joaten ez bazen ere. Zurrun zetorkidan ondotik, beldurtua esango nuke. Menturaz abokatuarekikoa entzuten egona zen ate ostean. Jakin gura izan nuen.

        — Nire abokatuak dio aitasantuak bakarrik salba nazakeela.

        — Jenerala oso katolikoa da.

        Harritu ninduen halako erantzun diplomatikoak, solaskide ona izan zitekeen. Orain beraiek emon behar zituzten pausoak. Aitasantuak berak eskatuko zion Jeneralari indultua nire abokatuak telegrama bidali barik, Elizak badaki noiz urrundu behar duen diktadura batengandik. Jeneralak ezin erakuts zezakeen jadanik katoliko batek norainoko katolikoa izan behar zuen, gerra hotza amaitua zen eta Erromak garbitu egin gura zuen bere iragan faxista. Hiltzen baninduten euskal populua ez zen matxinatuko noski, oraindino ez zegoen baldintzarik horretarako, baina baldintzak egiten hasiko nintzen, martirietan edukiko ninduten. Ni bitartekoa besterik ez nintzen, aingeru baliagarri bat.

        — Ez, hortik ez. Beste galerian jarri zaitugu.

        — Eta nire gauzak?

        — Ekarri ditugu, lokutorioan zeundela ekarri dizkizugu. Alde honetan eguzkiak jotzen du goizean.

        Urduri nengoenetan egiten ohi nuen legez zoruan bizkarra horman emonda jesarri nintzen, hartan hondoratu gurarik, eta irrikaz itxarondako bidaia baten bezperetan banengo moduan, ezagutuko nituen xehekerietan barrena abiatu nintzen. Nobeletan ikasitakoak egia ziren frogatu ahal izango nuen, edo Cordobako kartzelako komunista zahar haiek gezur kontari aritzen ote ziren. Kaperan sartzea benetan kaperan sartzea den jakingo nuen. Azken guraria zinez galdetzen ote dizuten. Begiak estali barik lagatzen dizuten. Pelotoikoei eskua emon behar ote nien.

        Hormetan jo nuen kainutik egin nuen berba. Ez zegoen erantzunik. Leihoraino igan nintzen zelan-ha lan. Hagetan zeuden beste lagunak ere, urrunduak. Inork ez genuen berbarik egin, ukabila gogortu nien, irudi zuen mehatxu egiten niela. Denok geunden bakarrik, oso bakarrik, Bergarako kartzela bana genuen gutariko bakoitzeko. Haiek ez zekitelako zer esan hil behar duenari, eta ni beldur nintzelako gutiesten nituela pentsatuko ote zuten. Komunikazio bila nenbilen urduri minutu batzuk lehenago, eta orain ez nuen deus esateko gogorik.

 

 

Bazkalosteko ziegako orduetan preso morroi bat azaldu zen manta tolestuak besoetan. Atzetik zekarren funtzionarioa.

        — Ezer falta duzu?

        — Ez ditut boltsak ireki ere egin.

        — Hemendik aurrera bestelako errejimena egin beharko duzu, ordu biko patioa izango duzu goizero eta gainerakoa ziegetan emon beharko duzu.

        Ez nuen deus esan, kexatzea gura izango zuten, mesedeak eskatzea. Sozialak begietara begiratzen zidan, zerbait adierazi gura zidan begirakune harekin, funtzionarioaren aurrean ezin esan zezakeen zer edo zer esan gura zidan. Edo liluratua zegoen beste barik, ni heriotzaren galerian sartu barria zen tipo gogor bat nintzaion.

        Atzera bakarrik utzi nindutenean hasi nintzen desgogara boltsetan miatzen, ez zerbait falta ote nuen, komuneko satsa arintzearren Vim erosi barriaren bila baizik. Arropa tartean Aralarko poster handia idoro nuen, lautan tolestua. Ez nuen zabaldu, ez nuen horman eskegi, oso denbora gutxirako nengoen ziega hartan, zertarako gura nuen apaindu ostera inoiz zapalduko ez nituen mendien ikusmiraz, oso denbora gutxirako nengoen kartzelan, esan behar nukeen. Zigarro bat piztu nuen. Ez nuen hagetan egon gura, kamainan etzan nintzen.

        Guardiazibilek hartzen zaituzte goizalban, eta hilerriraino eroaten zaituzte furgoneta baten. Inor ez zaizu mintzo, denek gorrotatzen zaituzte; edo behartu egin dituzu berea ez den lanbidean, edo bolondresak dira zu kalitzeko. Fusilaketa da errematea behar duen exekuzio mota bakarra: menturaz arratoi handiaren pauso hotsa nabarituko nukeen, hurbildu egingo zitzaidan ofizialaren bota lustreatuaren forma hartuta, eta azken tiroaren grazia egingo zidan nik berari tu egin izan nion legez. Ez, nik egingo nion tu ostera ere, hil aginean nengoela. Pozik egon behar nuen hiltzeko zigorra hartu izanaz. Etsaiak hil gura ninduen, etsaiak hil egin behar ninduen. Harro egon behar nuen, iritsia nintzen borrokaren azken mailaraino zu legez. Ez nuen onartuko begiak estal ziezazkidaten. Bizkarrez tirokatu gura izango ninduten noski, baina azken orduan itzuli eta neure gora botako nuen, ahoa ez ei zuten inoiz tapatzen.

        Afaritarako korneta deia entzun nuen, eta funtzionarioak atea ireki bitartean ohe gainean ipini nituen mantak. Zabaldu nituelarik, paper zati bat ikusi nuen, tolestua. Sakelan gorde nuen gakoaren hotsak behartuta. Afarira jaisteko agindu zidaten. Oherakoan miaketa egin ziezadaketen, eta afaldu bitartean irakurri nuen sozialak berak eginiko oharra, akats ortografikoetan zuen ezagun. Ez nion inori pasa, gauero emoten ziguten zaperoagaz batera joan zen hondakinen pertzera.

 

 

Ohiko bikoteak eta hirukoteak barik, multzo handian ibili ginen patioan hurrengo egunean, inork ez ninduen bakarrik utzi gura, beroa emon behar zidaten guztiek. Denek egiten zuten berba nire inguruan, baina inork ez zidan zuzenean egiten. Beldur ziren inozokeriak esateko, ezer behar ote nuen edo tabakoa eskaintzeko edo bisita zeukatela komentatzeko. Nire abokatuaren proposamena aipatu nuen, giroa alaitzeko. Barre egin zuten denek.

        — Aitasantuak hiltzeko zigorra kentzeko eskatuko ziok Jeneralari, halanbe. Erromak bere probetxurako erabiliko naik. Baina litekeena duk, errejimen ultrakatoliko batek jaramon ez egitea aitasantuaren eskariari.

        Horrelakorik ez bururatzeko, hasi zitzaizkidan. Oso egun luzeak eduki behar zituen orain Jeneral zaharrak. Etsaiak larriago egon behar ei zuen guk baino, hori sinetsarazi gura zidatela zirudien. Askotan legez, Mateok jaurti zuen harria putzuan.

        — Hiltzeko zigorra altxata Erromaganako begiramena baino zuzenago interpretatuko duk ahuldade sintomatzat...

        Ez zen damutu esan zuenaz. Eskertu nion, bihotzez eskertu izan diot sintzeritate hura. Isilaldi luze baten mututu ginen. Geldituak geunden patioaren erdian, eskuak arnaska berotzeari utzita. Izutuak zeuden Mateo eta biok ez beste denak.

        — Barne-kontrakuntzak sortu zizkieagu! —esan zuen norbaitek Mateoren hoztasuna ezin eroanik.

 

 

Kartzela osoa, egia esan, euskal preso politikoon alde zegoen, inoiz baino fermuago nabari zen espetxeratuen arteko elkartasun ikusezina, zigor ziegetakoek gauean egiten zituzten aldarrietan ekonomatokoek emoten zizkiguten albisteetan kartzelarien zurruntasun urdurian. Kondena luzekorik ez zegoen arren, une haietan ia denak zeuden gertu bizia niregatik arriskatzeko. Sukaldekoek inoskuen aukera bat zegoela armak sartzeko, hondakinen kamioian. Patxik ziostan ezin nintzela txahala legez hiltegira joan. Matxinatu egin behar genuen, errebelatu, borrokan ekin eta borrokan hil, kartzela bera holokausto bat bilakatuz. Hori ei zen guk geure herriari eskain geniezaiokeen eredurik hoberena.

        — Azkeneraino borrokatu behar diagu!

        Orduan sutu zen Mateo lehenengoz, ea ez ginen ohartzen zeinen erraz manipulatuko zuen botereak gure jokamoldea. «Motin bat sortu zuten, kondenatua ez zelako gai heriotzari aurre egiteko». Isildu behar luze bat etorri zitzaigun denoi.

        — Gure herriak bazakik gu gudariak garela! Edozer eginik ere, aditu eta onartu egingo du, Jeneralaren manipulazioak ez dauka indarrik gure herrian!

        — Arrazoi zaukak Mateok —esan nuen takar, Patxiren argudioa hausteko—, epai honegaz gure borrokak gainditu egin ditik orain arteko mugak, Euskal Herri osoa guri begira zagok. Orain erakutsi behar diagu benetako iraultzaileak zelan hiltzen diren. Niri tokatu zaidak, baina edonor izan zitekeen. Beraien bortxakeria erakutsi behar genioan herriari, bai ala ez?

        Militante izango ziren gaztetxoak herria mundua denak zeuden niri begira, Jeneralak erakustoki ezin hobea eskaintzen zidan, baldin nik adorerik baneukan. Etsaiaren erpeetan hil behar nuen, Mateok arrazoi zeukan. Arratoiaren irri sadikoa erakutsi behar nion munduari.

        Lagunek ez zekiten funtzionarioak atelierretan beti zarraturik edukitzen zuten gelatxo baten bildu izan zirela epaia emon zidaten egun berean burdinazko tramankulu bat zaku artetik jaso, garbitu eta olioztatzeko. Ez zekiten fusilamenduarena ez lako agonia izango nuela, urkabe zitala haga lotsagarria pikota laidozkoa garrote bilaua, huraxe emon behar zidatela, Angiolillori legez.

        Neure kolkorako gorde nuen preso sozialak pasa zidan papertxoan irakurria, ez nintzen ausartu lagunei ezer aipatzen. Menturaz ez zen egia, menturaz nire morala hausteko funtzionarioek eginiko jukutria izan zitekeen. Baina hori posibilitate ahulena zen, neure buruak egiten zidan Jeneralak ez zidala heriotza militarra emon gura, gaizkile arrunten mailara jaitsi gura ninduen, ez zidan utziko gudari hilekin eskuz esku joan nendin hilerriko paretaraino.

 

 

Ez nintzen hagetan barriro egon, mingarri sartzen zitzaidan urdaileraino «Gora Euzkadi!» urrun haietariko bakoitza. Garrotatze batek Espainiaren basatia erakutsiko zuen, gillotina kamutsa urkabilur pikaduna Erdi Aroko aulki elektrikoa Inkisizioaren zeremonia. Eta neu nintzen aingeru hilgaia. Gero eta maizago ageri zen marraskari handiaren burua komuneko zuloan, eta zure gomuta behar nuen uneoro, hari begira gelditzeko atzea emon barik. Bergarako kartzelan urkamendiko mailak harro igan zituen idealistaren eredua behar nuen. Zu zintudan gogoan, Txabi neukan gogoan, nik ez nuen hil gura, nik hila egon gura nukeen, neure komandokidea legez sportibo itxurako auto inkautatu baten barruan tirokatua, hirugarren gerra hasi behar zuen pistola zahar bat eskuan. Izutzen ninduen urkamendiak, izutzen ninduen nire gora munduko langileria hartatik heriotzaraino segundo baten deskarga ez baina minutu luzetako ito beharrak. Gudariak ez ziren garrotatuak izan. Ez zegoen tradiziorik gurean, anarkisten azkena zen hura. Tunika bat jantzita eroan behar ote ninduten nire esfinterren libramenduak estetika hauts ez zezan? Mihia zintzilik likina ezpainetan begiak urten beharrez aieru izu bat aurpegi morean hil behar ote nuen? Nik ez nuen halan hil gura, Lilio, orduan ez neukan adorerik lagunekin eztabaidatzeko, beraiek ez zekiten izutzekoa nekien nik. Isilik gorde nuen, laborrian, zurekin banatu nuen sekretu hau.

        Altxa nintzen ohatzetik, eta zigarroa zakar jaurtirik arratoiarengana abiatu nintzen izerdi zuritan. Pauso bi emon orduko suntsitu egin zitzaidan, koldar halakoa. Paretan jo nuen ukabilaz, min hartzeko. Hormaren kontra indar eginik zabaldu nuen gero esku odoldua, ez neukan ezer hautsirik. Bergarako pareta zikinetan aurkitu nuen izena bilatu nuen atzamarrakaz. Ez nuen atzeman. Orduan nik zure izena idatzi nuen paretan ateak zabaltzeko gordea neukan gakoagaz, amorruan, sakon, negarrez. Zuri eskatzen nizun barriro indar, zure eskua zen ostera Burgosko kartzelako hamahirugarren ziegaren horma berba batez zulatzen zuena, heriotzaren hurrengo maizterrak adorea har zezan amets egin ahal izateko. Ezein izenek, ziegako paretan, burkide bat ekartzen dizu ondora.

 

 

Eguraldi ederra zetorren, eta segur zegoen pistolariak azaldu behar zuela gurdibidetik behera errekaraino zabaltzen zen pagadi sarrian. Astoan zekartzanak orbeletara jaurti zituen, eta animalia bazkatzera bidali zuen gorago zebiltzan ahuntzen artera. Pagadian sartu zen manta hartuta, inoiz baino baldarrago. Erorka biren ondoren iritsi zen eguzkiak laster berotuko zituen iturburuko haitzetara, hankapalua narraska eroala. Berton kukutu zen lo hartzeko beldur barik, orbelaren hotsak salatuko zuen sasikoa. Segur zegoen azaldu behar zuela, hura baino leku hoberik ez zegoelako: han ezin zitekeen oinez baino sartu, bera besterik ez zen erreka ondoko bidezidorretik pasatzen, eta baso-mutilen aizkorakadak entzuten ziren, inguruetan inork gutxik bereziko zuen burdinak zurean eginiko ukaldiaren hotsa eta tiroarena.... Baina ez zen inor azaldu basotxo ainube hartan. Bigarrenez fusilatuak izan barik gelditu ziren pago tirokatuak. Astia izan zuen, gorritzen hasitako hosto arteko eguzki printzei begira, bala arrasto haiek nork eginak zitezkeen, eta zergatik, pentsatzeko. Arrasto haiek balarenak izan behar baitzuten, inondik ere.

        «Hori emakumeren baten lana duk!»

        Emakumeak ziren, batez ere, bainuetxean astotxoak alogeran hartzen zizkietenak inguruetako baserritarrei, mendialdiak egiteko ermitetara eta iturburuetara. Haietarikoren batek aterako zuen pistola, senarra akabatu baino lehen praktika apur bat hartzeko. Tiro haiek inork entzun ote zituen beldurrak, beste norabait aginduko zion gaurkoan astodunari. Erraz lotzen zuen haria.

        «Gaueko dantzak izango dik errua!»

        Sendotu egin zitzaion emazte jeloskorraren hipotesia. Aldaerak pentsatu zituen, senarra hil baino amorantea hiltzea guragoko zuen beharbada, edo biak garbituta bere buruaz beste egingo zuen gero... Andrazko batek zelan eduki dezakeen pistola bat, otu zitzaion. Urak hartzera etorritako Madrilgo militar haietarikoren baten emaztea ikusi zuen ohe-mahaiko kaxoitik senarraren arma hartzen. Eta beharbada izarrak Kuban irabazitakoa zatekeen, La Cabañako zuzendari gisa, ausaz...

        Ezkila urrun bat entzun zuen. Ikusia zegoen alferrik etorria zela, balnearioko bezeroak ez ziren bazkalostean mendiratzen. Malkarrean gora pentsatu zuen tiroketak egitera zetorrena bakarrik abiatuko zela, ez zuela astodunik gura izango aldamenean. Zaila zen emakumezko batek alogeratzea asto bat, baserritarren baten laguntza barik. Gizonezkoren bat ote zen? Galdetu behar zuela balnearioan edozelanbe, erabaki zuen orbeletan aztarrika egiten zuela pusken bila. Gose amorratua zen.

 

 

Bero galdatan iritsi zen egurra botatzen ari ziren mendi gailur ingurura, Murugain deritzoten hartara. Kantari zihoan, bazetorrela adierazteko baso-mutilei. Harrera egin ziezaiotela gura zuen, inguruan behar zituen lehenbailehen.

        — Bazatorrek Cienfuegos. Ea zer ekarri digun!

        Eta orduan Cienfuegosek bere zama deskargatu zuen txintik esateke, ikus zezatela puskei begiratuta, zelan zekien portatzen.

        — Txarri bat!

        — Eta hemen? Indabak!

        — Eta tabakoa? Ekarri duk tabakoa, Cienfuegos?

        — Paga barik laga behar gaituk litxarkeriatan ohituta!

        Orain, inguruan pozik zeuzkala, onena eskaini zien.

        — Balnearioan zer edo zer jazo behar dik!

        — Zer gertatu duk ba balnearioan?

        — Ez duk jazo, baina jazoko duk. Bihar edo etzi jazoko duk.

        Eta ez zuen deus gehiago esan. Tabakoa atera zuen jaka barrutik. Txarria zatitzen hasi ziren, berak zahatotik edaten zuen artean. Noizbait, eragin zien esanak.

        — Zergatik diok ba, zerbait gertatuko dela? —galdetu zuen Azkaratek.

        Epaitondo bateraino hurbildu zen astiro. Jesarri egin zen, eta denak begira zeuzkala esan zuen:

        — Maniguako palmondo baten bala arrastoak ageri direnean, insurrektoek tiroketa saioak dituztela esan gura dik.

        Ahoa bete hagin gelditu ziren denak, beti zeukan uste baino handiagokoren bat Cienfuegos errekardariak.

        — Baina... zer manigua eta zer... hemen ez zagok palmondorik!

        Barre egin zuen gazteen inozoa deitoratuz. Tu egin zuen.

        — Jazoko duk izugarriren bat laster! Cienfuegosek esana!

        Gero, gauean, txarria erretzen zen bitartean hurrengo egunerako lanabesak prestatzen ari zirela, Azkarate etorri zitzaion ondora.

        — Hik non ikusi dituk bala arrastoak? Guk ez diagu tirorik entzun!

 

 

Iturrigorri deritzoten iturrian laga zuen zamaria, astodunek egin ohi zuten legez. Harritu zen ordea abererik ez egotea ordu hartan, bezeroak ez ziren hain goiz mugitzen. Panpanoen gerizpera egon behar zuketen batuta baserritarrek, paseozaleen zain, eta ez zegoen inor. Ate nagusiaren aurrealde guztia zalgurdiek hartua zeukaten, besteetan ez lako etorria iruditu zitzaion bisitarietan, berbarorik sumatzen ez zen arren. Atzealdera hartu zuen. Okela zati handiak ari ziren sukaldean sartzen, zapi zuri bustitan eta iratze berdetan bilduak. Sartu egin zen, neguan mandatuakaz etortzen ohi zen legez. Neskameek plater metak zeroatzaten jangelarantz. «Erregina etorri duk bisitan!», guardiazibilen txapel okerrak ikusi baitzituen galerian.

        — Zer zabiltza hemen, aspaldikoa?

        Doña Josefa zen, Don Anselmoren emaztea; etxeko ugazabak.

        — Jende bila, mendirako.

        — Etorri da bat edo beste lehen ere, baina bidali egin ditugu. Gaur jendea ez dago mendirako... —Do ña Josefa oso dotore jantzia zegoen sukaldeaz arduratzeko, Cienfuegosek irriño baten esan zuen:

        — Denak erreginaren zain zaudete orduan.

        Ikaratu ere egin zen etxekoandrea.

        — Erregina? Ez, ez dut uste etorriko denik, halako nahigabea hartuko zuen gajoak...!

        — Nahigabea?

        Hurreratu egin zitzaion anderea. Inguruetara begiratu zuen ahotsa apaldurik zioela:

        — Ez dakizu? Izugarria jazo da!

        Irriño bat egin zuen Cienfuegosek, manigua mezuz betea dago jasotzen dakienarendako.

        — Canovas hil dute atzo! Gure etxean!

        — Canovas... —bizarra laztandu zuen.

        — Espainiako lehendakaria... Urtero etortzen zen, badakizu, halako gizon jatorra! Bere gelan ari dira mortaja egiten, Donostiatik etorri zen bart erreginaren medikua.

        Bere kautakoetan ari zen Cienfuegos, berbetari jaramon egin barik.

        — Canovas... espero nuena baino hobea da!

        — Zer diozu, haurra? —baina berehala gainditu zuen estonamendua balnearioko andereak—. Ai, gaur ez dizut bazkaltzen utziko hemen, etxe guztia txapelokerrez betea daukagu, dinamitaren bila ari dira, izugarria da.

        Begietara begiratu zion Cienfuegosek andrazkoari.

        — Emazteak hilko zuen noski?

        Doña Josefak askotan komentatu izan zion, zelan ez zuen andra hartzen. Cienfuegosek ezkerreko hankako zurajea erakusten zion herabetasunaren aitzakiatzat, baina garbi zegoen bazuela emakumeenganako okerren bat gizajoak, ez zien begiratu ere egiten sukaldeko neskameei.

        — Emazteak? Bai zera, burutik egingo zaio koitaduari, negar baten pasa du gau osoa, nik ere ez dut lo handirik egin baina... —. Irriñoak egiten zizkioten neskameek elkarri Cienfuegos azaltzen zenean, eta lizunkeriak entzuna zen, zangoaren ebaketaz ari ziren baten. Arrazoi zuten menturaz.— Italiar batek hil du, kazetari batek, anarkista ei da. Telegrafoaren gelan daukate orain preso hartuta, Bergarako juezaren zain gaude denok.

        Zoruko koipean mugitu zuen hankapalua Cienfuegosek, pentsakor.

        — Izugarria izan da, nik neuk esan nion bigarren klaseko jangelatik lehen mailakora etortzeko, prezio berean utziko niola, nik, badakizu, kazetaria zelakoan... Oso mutil atsegina, zu baino gazteagoa, eta oso adeitsua... Nork esan behar zidan niri! Gure etxean! Ikusten? Sukaldea ere miatu gura dute hauek.

        Urtetera egin zuen. Baina atera heldu baino lehen, Doña Josefarengana jiratu zen bat-baten, zerbait ahaztu izan balu moduan.

        — Pistolaz izan da, ezta?

        Anderea berbatan hasia zen sukaldean sarturiko txapeloker birekin, entzun ere ez zuen egin. Urten egin zuen lasai, atean alboka ipiniz sarturten jarraitzen zuten hornikariei bide emoteko.

        Etxea inguratzen duen harresia iragandakoan, Arrasateko erretorea topatu zuen bertora zetorrela.

        — Jakin duk, Cienfuegos?

        — Bai... gertatu behar zuen!

        Abadeak Doña Josefaren solasa osatu zuen, bezperan berba bardinak eginak izan behar zituzten elkarrekin.

        — Euskal Herrian jazo behar halakoa! Hiltzailea behintzat ez duk euskalduna eta, hainbestean!

        Doña Josefari bezain tinko begiratu zion Cienfuegosek abadeari.

        — Italiar batek etorri behar hona, justizia egitera!

        Harritu egin zuen gogoetak abadea. Baina algara lehertu zitzaion aurpegiaren erdian.

        — Ja, ja, ja! —eta oratu egin zion eskutik, higuin eragin zion herrenari—. Isil hadi, Cienfuegos, isil hadi heure mingain luze horrek galtzea gura ez baduk!

        Cienfuegosek bizkarra emon zion eskua abadearenaren berotasunetik libratuz. Bere astoaren bila joan zen bide bazterretik, okerka eta harro. Tu egin zuen sasira.

 

 

Idien azpiak aldatuta sukaldeko beharretan hasia zela, arrantza entzun zuen Azkaratek. Errekardaria izan behar zuen, mandatuakaz. Txabolatik urten zuenean, txiza egiten ari zela ikusi zuen, fistuka, pago baten kontra. Hutsik zekarren astoa. Berak lotu zuen, Cienfuegos agurtu barik. Kafea sutan ipini zuen txabolan errekardariaren atzetik sartuta.

        — Toke zorrotz bat aurrena, gero beste laburrago bi, eta gero deskarga entzuten genian... La Cabañan sartu izan dena ez duk hangoaz ahaztuko bere bizi guztian.

        Kamainetariko baten etzan zen Cienfuegos.

        — Ba nik entzun diat presondegirik gogorrena El Hacho dela, Ceutan —katilu garbi biren bila zebilen Azkarate.

        — Nik ezagutu nian Ceutatik Habanara eroandako jendea, eta inork ez zian horrelakorik esaten. Fusilatuta hiltzen ez zena disenteriak hiltzen zian han. Hilabete batzuk emon behar izan nitian preso, gauean kasernara belu iritsi nintzen baten...

        — Ibiliko hintzen...!

        — Orduan oraindino zuzen! —moztu zuen Azkarateren ironia herrenak. Bere kolkorako hasi zen teilatuko zotalpeko txilarrari begira—. Etortzen ziren, «Ea, Lopez!», edo «Askasibar!», edo «Negro Juan!», bagenekien fusilatzeko ateratzen zituztela, eta guk han barruan gelditu behar ezer egin ezinik... eta batzuetan geuk urteten genian fusilatzera.

        Isilik gelditu zen Azkarate, lagunari begira. Fusilatzera urteten zutelakoa barria zuen. Baina argituko zuen, galdetu behar izan barik.

        — Sartzen hinduten eta aste pare bateko zigorra izan behar zuena urte eta gehiago bihurtzen zuan, halako beharra zeukaten hainbeste auzi eta kontseilugaz, ahaztu egiten zituan hire kasuaz. Orduan, presondegian leku egiteko, fusilamendura bolondres joandako espainola libro utziko zutela agindu zitean epaitu barik egotera ezkero, eta urtebete kenduko zietela luzekoa zeukatenei. Ni ez ninduan gauza horrelakorik egiteko. Hi, kafe hori egina zagok.

        Erdi jesarrian jaso zuen gorputza Cienfuegosek, kafea hartzeko. Mutu hartu zuten, eta mutu jarraitu zuen Azkaratek hondoko azukrea zaliaren giderraz mihiratzen. Ondo ezagutzen zuen herrena.

        — Bolondres eske azaltzen zituan astero legez. Nor zen garbitzeko, galdetzen genian. «Inor ez», zioten, «baltz bat». Horrelaxe, «inor ez». Nik bizirik urten gura nian handik, baina ez neukaan adorerik inor paredoi baten kontra akabatzeko. Ia urte bete egon behar izan nian han, goseak madarikatzen eta beroak hazurretan nindukala. Liskar batzuk izan nitian eta ozta urten nian bizirik, uxualak zoratu egiten gintian. Hasieran nire eskrupulu bardinak zeuzkatean ziegakide batzuk kanpoan zeuden aspaldian tribunaletik pasa barik, ulertzen duk? Eta nik hori... Badakik, pertsona baldin bahaiz, lotsatu egin behar duk espainolak kubanoa zelan tratatzen duen ikusita... Eta jende guztia pozak zoratzen, nor lehenago apuntatuko kongoak txinoak mulatoak fusilatzeko!

        — Neuk egiten ez badut beste batek egingo dik, pentsatuko zitean! —lagundu zion arrantxeroak, lagunari katilu hutsa eskutik kenduta.

        — Epaitu bako bakarra gelditu ninduan La Cabañan. Heldu zituan halako baten ea bolondresik bazegoen. Hamabostetik hamarrera jaitsia zegoen valentziar bat jausi zuan hamakatik, «Insurrekto bat gutxiago!» esanez. Baina soldaduek ezetz, espainola zela, koronel baten semea, konpainiako diruak lapurtzearren pagadorea hil zuen kapitain gazte bat, fusilatu beharrekoa. «Orduan ez!», esan zian valentziarrak. Eta nik emon nian pausoa aurrera. «Baina... aberkide bat hil behar duk?», galdetu zidaan izututa ziegakideak. «Bai!», esan nioan, eta pauso bat egin nian aurrera, aditzen? Bolondres bakarra izan ninduan.

        — «Ez!» erantzun behar hioan!

        Barretxu bat egin zion Cienfuegosek, entzule azkarra zuen Azkarate.

        — Ez ziaten kronprenituko...

        Arrantxeroa zen, zalantza barik, Cienfuegosen istorioak ongien konprenitzen zituena baso-mutiletan.

        — Euskal Herri osoan ez liketek bolondresik aurkituko Canovas hil duena fusilatzeko!

        Bere jarduna luzatu zuen Cienfuegosek lagunaren suharrari ezaxolatua.

        — Medikuak hila zela adierazi zuenean, bandak pasodoblea jo zian, aditzen duk? Pasodoblearen martxan desfilatu genian gorpuaren aurretik. Eta bitartean, jendeak txalo egiten ziguan, han, Ereinotzen Zuloan berton. Aulkiak eta guzti joaten zuan jendea fusilamenduak ikustera, halan joango duk gure herri puta hau ere italiarra akabatzen ikustera!

        Herrenak Azkaraterenetan tinkatu zituen bere begi loratuak.

        — Zer edo zer egin behar diagu, eta gogorra.

        Altxa egin zen arrantxeroa, ikara emoten zuen batzuetan errekardariak. Katiluak betetzen zituela galdetu zion:

        — Ez duk Eibarko inorekin berba egin?

        — Hire anaiak bandan jotzen dik.

        — Bai...

        Larregi bete zituen katiluak, pauso geldian hurbildu zen lagunarengana begiak kafeari emonak.

        — Berba egin behar diok. Ezin diagu ametitu bandak pasodoble bat jotzea, edo erregearen martxa. Lortu behar diagu italiarra fusilatzen dutenean Marseillesa jotzea.

        Bide erdian gelditu zen tupustean, eta kafe isuriak eskuak erre zizkion.

        — Baina zelan joko dik Marseillesa italiarraren ohorez!

        Cienfuegosek zoruan landatu zuen bere zura, haserre.

        — Marseillesa!

 

 

Epaiketaren etenaldian, Gorria lotinantak burutik egina nengoela argudiatzeko baimena eskatu zidanean, epaiketan sartu gura izan zuen norbaitek entzule. Iskanbila txiki bat sortu zen publikoa sartzen zen atean. Paper bat atera zuen aurpegi bizartsua ozta ikusi ahal izan nion gizon batek, eta alferezak epaimahairaino eroan zuen. Isilekoetan egin zuen berba lehendakariarekin, gizonak hanka eskuetan zuela atean zeukaten artean.

        — Kubako beteranoa da, Maria Cristinaren gurutzea dauka. Sartu egin gura du...

        — Bota dezatela! —agindu zuen lehendakariak papera begiztatzen zuela.

        Atzera jiratu nuen burua ostera. Gizon hark nire begirakunea bilatzen zuen. Kanporatu zutenean, ukabil estutu bat ikusi uste izan nuen atea guztiz itxi zezaten baino lehen, niri buruz.

        Cienfuegos ipini diot izena ezkerreko belaunetik behera zurezkoa den gizon honi. Tu egiteko usadioa dauka eta mezuak bidaltzen dizkit goiz batzuetan ziegaren zoruan aurkitzen ditudan harri-txintxarren bitartez. Salbatu egin gura nauen zoro bat, Dolors.

 

 

— Zergatik, zergatik! —galdetzen zidan behin eta barriz, baina ez zuen erantzun beharrik, berak jarraitzen zion solasari—, bost seme-alaba ditut zergatik hondatu gura izan nauzu italiar nazkagarria!

        Puebla poliziaburuak Piztia zaintzeko ardura zeukan, eta balnearioko sukaldariak atzetik oratu zidalarik lepora oldartu zitzaidan ausart. Zotinka alde egin zidan, baina atea itxi orduko beste polizia bat heldu zitzaidan izerditan.

        — Ulertzen didazu, parlatzen duzu nire hizkuntza?

        Baietz egin nion barreari ezin eutsirik, barregarri neuk egon behar nuen arren begiak handiturik eta erdi itxian.

        — Eta alfabeto morsea, ulertzen duzu?

        — Ez, ez dut ezelako morserik ezagutzen.

        Handik gutxira ondoko gelako telegrafistak bere teklatzeari ekin zion. Bihar festa izango da Londonen Parisen Habanan Manilan Bartzelonan, pentsatu nuen. Maleta jaitsi zuten ondoren, eta neure aurrean ireki.

        — Nireak dira arropak, eta pistola hori ere bai.

        — Barkatu jauna, epaitegiko idazkaria naiz eta lehen instrukzioa egin behar dut.

        Gizon lasaia emoten zuen, ule zuri motzak militar erretretatuaren antza emoten zion arren. Ez nekiela non erosia nuen pistola hura, balnearioan berton, egon nintzen esatekotan. Ea noiz egona izan nintzen azken aldiz Eibarren, ez nekiela. Inguruan ei dago Eibar, ez nekien. Noraezean ari balitz bezala jardun zidan, inplikazioen bila agi denez.

        — Non gorde duzu dinamita?

        — Zer dinamita!

        — Ez zara anarkista?

        — Dinamitaren aurka egon naiz beti, eta gainera, zertarako gorde behar nuen dinamita, atxilo nazaten utzi baldin badiet?

        — Emilio Rinaldini noren izena da, benetan?

        — Ez nirea ez beste inorena.

        — Italiarra zara?

        — Italiarra naiz, geografiaz mintzo baldin bagara. Ni mundu osoko gizakien malurek kezkatzen naute, nongo naziokoak diren erreparatu barik.

        Oinazearen federazio handiarena aipatzekotan ere egon nintzen. Baina ohartu nintzen ez zuela esaten nion guztia apuntatzen.

        — Kartzelara eroan behar zaitugu —gaineratu zuen begirakune triste bat eginik.

        — Ez dut eragozpenik.

        Eskuak atzean lotu zizkidaten. Telegrafo gelatik pasa nintzenean, bertoko langilea begira gelditu zitzaidan. Guardiazibiletako bat atzetik etorri eta gelatxoan gelditua zen kapelua ekarri zidan, berak jantzi zidan. Eskertu nion, Marseillatik Bruselarako trenean merkatari batek oparitu zidan jandarmen harriduran, eta maite nuen. Ez ninduten aurreko galeriatik eroan, epaileak bere marrazkiak egin beharko zituen oraindino, ezer ukitu barik utzi gura izango zuten. Lorategiko iturritik barrena joan ginen ate nagusiraino, karrosek urteten duten aldetik. Bazegoen jenderik alboetan, baina denak isilik, nik ez nuen behintzat irainik entzun, gaur ere ezin sinetsirik egongo dira zelan izan litekeen nireak lako manera landuak dituen gazte bat halako gizon gurgarriaren hiltzaile. Lando estali txiki bat nuen zain, dozenaren bat zaldizkok inguratua. Kotxea zegoen posizioagatik, bainuetxea gelditu zitzaidan begipe atea zabaldu zidatenean. Doña Joaquina ikusi nuen leihoan niri begira. Eskuak aurrean lotuak izan banitu, kapelua kenduko nukeen agurtzeko. Ez dakit trufatzat ez ote zukeen interpretatuko baina.

 

 

— Angiolillo jauna, terrorismoaren aurkako legeak dinamitazko ekintzak hartzen ditu, eta ez pistolazkoak. Baina hildakoaren kategoriak dinamita bihurtzen du sutautsa.

        Barre egin nuen legelarien eztabaida begitanduz.

        — Militarrek epaituko zaituzte azkenean.

        Berak ez zeukan bere burua militartzat, antza, infanteriako lotinanta zen arren. Bere paperak guztiz hartua zeukan Tomas Gorria nire defendatzailea. Baina kondenatu nautenez gero, ez zait azaldu. Penatua egon behar du, menturaz ez du ulertu bere papera. Edo ez daki zelan kontsolatu behar nauen.

        — Ez dut dirurik zure lana ordaintzeko. Eta gainera, gurago nuke neuk defendatu nire burua.

        — Araudia bete behar da, Angiolillo jauna. Estatuak ordaintzen dit, ez duzu zorrik.

        Epaimahaiak behar zuelako azaldu zen nire ziegan, ez nik behar nuelako. Araudia bete behar zen, arrazoi zeukan. Begietara begira gelditu zitzaidan, adore hartzeko legez. Hunkiturik egin zuen berba.

        — Doña Joaquina de Osmak agindua emon du esan diezazudala barkatu egiten zaituela.

        Desenkusatzeko profitatu nuen.

        — Ezin izan nuen kapelua kendu agurtzeko, eskuak atzean lotuak neuzkan. Esaiozu, mesedez.

        Eskuak igurtzi zituen Tomas Gorria jaunak praketan, disimuluz.

        — Ez... Nik ez dut berarenganainoko modurik. Almanza kapitainari esango diot, berak jakingo du zelan helarazi.

        Zutaz oroitu nintzen, Dolors, zu alargun gisa begitantzeko eskubiderik ez badaukat ere.

 

 

Sabaitik zetozela uste izan nuen, goizean, argitu baino lehen, Bergarako kartzelan emon behar nuen nire lehen egunean iratzarri ninduten kolpeak. Cienfuegos zuloren bat egiten ari ote zen pentsatu izan nuen, pausoak sumatzen nituen tarteka. Isolamenduan daukaten presoak txoriari apurrak han-hemen kokatzen dizkion eran zeuden harri-txintxarrak ziegaren zoruan, eta haiei begira nengoen, ihesaren data emoten ote zidan nire herrenak, edo mezu barik hartuak zituzten posizioak lotuta zer irudi egiten ahal nezakeen ezin sumaturik, ustebako bisita ekarri didatenean.

        — Bera da! —esan zion berarekin zekarren lagunari.

        Nik ere «Bera da!» egin nuen neure artean. Ezpainetan behera egiten dion muztaxagatik bera zen, nire lagunek ahotan mesprezuka zerabilten huraxe, Liceuan harro eta lepozain barik ausartzen zen kriminala.

        — Zuzendari jauna, ken iezadazu gizon hau begi bistatik. Ez dut nire aurrean gura!

        Zuzendariak, une batez, kanporatu egin behar zituela iruditu zait.

        — Bera da, Michele Angiolillo, anarkista odolgiroa, Corpus Christi eguneko atentatuaren egileetariko bat, Bartzelonan Giuseppe Santo legez ezaguna.

        Ahal izan dudan lasaien erantzun diot, erantzun behar ez niokeen miserable horri:

        — Jakin behar zenuke, nik kondenatu egin nuen atentatu hura.

        Muztaxak ezin izan dio estali letagin ondoko lehen haginaren hutsunea, barre ziniko bat egin duenean. Ez dakit zergatik, burezur baten akordua ekarri dit ikustate horrek.

        — Orain damutzen zara? Ez zaitugu anarkista?

        — Nire ekintza bera mintzo da aski garbi, zer naizen adierazteko. Errubakoen odola isurtzea ez zait iraultzaile iruditzen.

        Politikaren printzipioak aplikatzen dizkio urde horrek torturari, asko ikasita etorri zait ziegaraino:

        — Ba ote dago ba errubakorik, gizarte honetan?

        Poztu egin naiz orduan, berbetan hasia.

        — Erantzukizun mailak daude. Zuk, esaterako, makina bat gizajo zanpatzen duzu egunero. Baina Europako egunkari guztietan Portas lotinanta torturatzaile legez ageri den arren, zu ez zara morroi saskel bat besterik. Zure eskua eta beste askorena gidatzen zuen besoa moztu dut, hura zelako benetako erantzule zuk Montjuichen egiten duzunaz. Beste batzuek hilko zaituzte, nik gorago miratu dut.

        Ezpainak dardara egin dio une batez. Kanporako agindua emon dio bere lagun isilak buruagaz, Bartzelonako Audientziako norbait izan behar zuen. Eta Portasek heriosuhar urten du nagusiaren atzetik atea zarratuz bere gazteluan bailegoan.

        Zuzendariarekin gelditu naiz bakarrean. Hunkitua dago.

        — Zu... zu torturatu izan zaitu horrek?

        Galdera inozo honek, Portas begi aurrean eduki ostean, ikara baten sartu nau, erpearen laztana benetan hartua izan banintz legez. Zure haragiaren akordua ekarri baitit, Dolors, eta buruagaz erantzun diot ahotsak sala nazan beldur. Sabaian entzuten ditudan kolpeakaz batera hasi zait taupaka bihotza. Edo nire bihotzaren mailukadak ziren, ziega baten joka.

 

 

Tomasok salatu behar izango gintuen, ez da posible berba egin barik iraun ahal izatea Montjuichen, zer esan behar dizut nik zuri. Bazekiten zuenean bizi nintzela, Jaumeri nire galde egin zioten behin eta barriz. Bestek esanda dakit, bestek esanda dakizkit zuri egindakoak ere. Jaumek ez zidan deus esan, garrantzia kendu zion torturari. Eta zuri... zuri, zinez, ez nizkizuke entzun gura. Lotsa naiz neure buruaz.

                Segur naiz aipatu ziotela, segur naiz egunero errepikatzen ziotela, zartaka emoten zioten artean, bere andreak adarrak jartzen zizkiola anarkista batekin, eta anarkista harengatik zegoela orain zegoen moduan, ohea eta andrea emon zizkiola orain makilapean egotearen errua zeukanari... Antzekoak esango zizkioten ahultzeko, burkideen aurka bihurtzeko, bestelakotzeko. «Egin dituanak egin dituala, guztia hartzen diat neure gain» esan zidan Jaumek kaian berton, lehorreratutakoan. Eskerrak emon nizkion orduan, alde politikotik hartuta. Baina gero konprenitu nuen esaldi hartan bazegoela mezu pribatu bat. Zutaz egin zidan berba, zure egoeraren aipu egin zidan Liverpoolen eta gero Londonen... ni zuri ezer galdetzeko gauza izango ez nintzela jakingo balu moduan. Horregatik ez zuen berba hartu torturak azaltzeko prentsaurrekoan, horregatik ez zinen zeu etorri.

        Zer esan zenioten elkarri ontzian, Dolors? Nitaz egin zenuten berba? Hitzarmen bat adostu zenuten, ni errudun ez egiteko? Orain errazago zait galdera hauek egitea, erantzunik izango ez dudanez. «Eskerrik asko, Giuseppe!» esan zidan Jaumek, «aspertuta geunden Montjuichen!», deus jazo izan ez balitz moduan, eta neuk libratu izan bazintuztet legez torturatik.

 

 

Ni nagoen ziega beharginen maluraren bihotza izatea gura nuke, baina ez ziren nire taupadak sabaian entzuten nituen kolpeak. Ziegaz aldatu naute, eta zoriontzea espero duen umearen galdera egin dit zuzendariak, poza begietan.

        — Ez didazu ezer esan behar?

        Ez dut jakin zer erantzun, pinturaren usain gordina baino ez dut sumatu.

        — Oso txukuna da ziega, egon naizenetan txukunena.

        Orduan zuzendariak korridorean egon behar duen tramankuluren bati eragin dio, besoa zerbaitean erabili du. Gero, sabairantz noratu du atzamarra. Argi elektriko bat daukat begira. Horixe ari izan dira paratzen, niretako.

        — Wolframezkoa da, nire bulegokoa lakoa. Gauean irakurtzen edo idazten egon gura baduzu, neuk biztuko dizut.

        Ez, hau ez da nire bista laburrari zuzendariak egiten dion oparia. Gauean, lo nagoela, ziega honetako argia biztuko du aldiro, kanpoko zaindariek zehatz jakin dezaten zein den nire leihoa. Zaila dauka Cienfuegosek.

 

 

Itxura honetan ez, itxura honetan ez dut argazkirik baimenduko. Beste alkandora bat behar nuke, eta bahitu egin dituzte nire pildak. Odol arrasto hauekaz harakina emoten dut, eta ni ez naiz harakina, harakina hil duena naiz ni.

        — Neuk lagako dizut garbi bat! —esan dit keinu baten argazkilariak.

        — Ongi da —onartu du zuzendariak, eta bere larderia argi erakustearren Markaida jaunari begiratu barik jarraitu du—, nik ekarriko dizut alkandora zuri bat, eta lepoaizuna ere bai.

        Argazkilaria ez da asko mindu. Argazkiak salduko ditu, eta dirutxoa egingo du nire pekora.

        Bakarrik gelditu naizenean, presondegi osoan bakarrik nagoela emoten du. Edo urrun lekutuko zituzten enparauak, kutsa ez ditzadan. Ez dut zirkinik entzuten. Kiratsik ezak handiagotu egiten du bakardadea. Alkandora kendu dut amorrazioz, bazter baten jaurti dut. Horixe zuen lohi Caserioren ekintzak, Carnot lehendakariaren arrastoa arropan, labana odoldua eskuan. Eta alkandora zimur eta zikin honi begira ohartu naiz heriotza eskuz ukituz oratuz eragiteko higuinak ikarak gidatu zituela nire pausoak errebolberra eros nezan King Crossen aurrera galdu nintzenean, entzun barri nituen torturak gogoan.

 

 

Dominikoek ez dute jesarri gura, ez daude ohituak, antza, inor parez pare mintza dakien. Zutunik gura dute, eta ni menpeko. Jesarrita ez baina merezi lukete hilgaiak kamainan nasai etzanda egin diezaien berba. Zutunik gelditu naiz, eta eskua luzatu dut ahurra tente erakutsiz, ukatzeko.

        — Ez dut erretzen, eskerrik asko.

        — O, guk uste genuen... —aita Hilario argala da, eta azazkalak puntan ebakiak dituela iruditu zait. Baina aita German da liburua eskaintzen didana, hurrengo baten aztertu beharko dut harrapariaren kasta. Liburua debozionario bat da, gaztelaniaz.

        — Errazagoa bazaizu, latinez ere badaukagu...

        — Ez latinez eta ez italieraz! —esan diet debozionarioa jausten utziz. Aita Germanek makurtzera egin behar zuenean aita Hilariok oratu dio. Berton lagatzeko asmoa izango dute, hemen gelditzen baldin bada, noizbait, alpertsuan, zabaldu egingo dudala usteko dute. Liburuek behintzat doan izan behar dute.

        — Canovasen hilketaren barri izan duenetik, aitasantuak ez du bere geletatik urteten...! —aita Hilario da, duda barik, nagusia.

        — Ongi egin dut orduan!

        — Semea, zelan esan dezakezu horrelakorik...!

        — Elizak dio, bere bosgarren aginduan, inor ez hiltzeko. Baina armadak bedeinkatzen ditu gerlara doazelarik, te deuma kantatzen duzue zeuen armek milaka kubatar akabatzen dituztenean...

        Aita Germanek zaildu bakoa emoten du, berotu egiten da.

        — Guk guztion alde egiten diogu otoitz Jainkoari!

        — Ideal baten izenean inor hiltzea kondenagarria da, baina oso ekintza zuzena da aberriaren izenean aldraka hiltzea.

        Ez dute ukatzeko kopeta izan. Aita Hilariok ez du sinesten diostana, edo bere sinesteak ez dio argudio handirik emon.

        — Zuek... zuek fraide dominikoak zarete, ezta?

        — Bai, halan gara.

        — Abuztuaren zortzian hil nuen nik Piztia. Badakizue zer egun den, noski.

        Isilik gelditu zaizkit, aita German lurrera begira. Noizpait, apal:

        — Gure ordenaren fundatzailearen eguna da, Angiolillo jauna.

        — Halan da, Inkisizioa Europan ezarri zuenaren eguna da. Ospatu gura nuen, eta ospatu egin nuen. Benetan santifikatua gelditu da abuztuaren zortzia orain, Inkisizioaren azken ideologoa akabatu nuen egun horretan. Ez zenidaten entzun epaiketan?

        Otoruntza hondatu nien, ezin izan zuten urtero legez Piztia komentuan hartu ahal izan. Hurrengo gobernuburuak beste sekta bat maiteko du menturaz. Gorrotatu behar naute, azken uneraino saiatuko zaizkit damutzen.

        Egunkari bat zabaldu du aita Germanek. La Epoca izan behar du, ezin ikusi izan dut lehen plana. Irakurtzen hasi zait:

        — «Herriko udal batzaren izenean, presa handian bildurik Espainia Txit Noblearen Kontseilu lehendakariaren hiltzailearen nortasuna jakin zen bezain arin, erregu egiten diogu Berorri, Foggiako biztanleen atsekabe sakonaren sentimendu aho batekoa Gobernu horri adierazteko nekea har dezala, asturu nahigabekoak lur honetan sorrarazi zuen kriminal itzelak eginiko delituaz suminduak».

        — Utziko zenidake egunkaria?

        Ez dute konprenitzen, ezin dute konprenitu berbok hunkitu ez izana. Kontzientzia bako kriminal hutsa naiz. Noizbait, baiezkoa egin dio buruaz aita Hilariok bere lagunari, eta emon egin dit.

        — Jakin ezazu otoitz egiten dugula zure arimagatik.

        — Euskaldunak zarete? —oso garbi egiten dute gazteleraz, ez dute euskaldunak emoten.

        — Bai, halan gara.

        — Euskaldun bakarra ezagutzen dut nik, Juan Crisostomo Ibarra. Ezagutzen duzue?

        Ez dute ezagutzen, jakina. Ez dutela ezagutzen egin didate isilik, aita Germanek kopeta zimurtuz eta aita Hilariok bekainak jasoz.

        — Ba Juan Crisostomo Ibarrak beste gorroto ditut nik dominikoak.

        Eta nire asperdura nabarmentzeko betaurrekoek minberatutako sudurra laztandu dut. Baina benetan nago nekatua, mina dut begibarruan.

        — Hurrengora arte, semea.

        — Gabon, semea.

        Debozionarioa zoruan gelditu da. Ostikoz itzultzen ahal nien atea osoro itxi aurretik, baina errukitu egin naiz. Emon diodan ostikoa samurra eta oheperakoa izan da.

 

 

Tipografo txarrak dauzka La Epocak, hiru era desbardinetan emoten du neure izena ale atzeratu honetan. Uste nuen legez, balnearioan izuturik daude denak, ezin dute konprenitu ni lako gizon heziak zelan egin zezakeen halakorik. Badaude kritika gogorrak Piztiaren zaindarien ardura apurraz. Inork ez ei du okupatu gura jangelan ni jesartzen nintzen aulkia.

        «Negarrak eta logalduak osoro ahuldu zutenean, Doña Joaquina de Osmak baimendu zuen noizbait mikeleteek senarra zuenaren katabuta jaso zezaten. Bainuzaleak ikusmiran hurreratzen ziren, negarren bat entzuten zela, jaunak kapelua kenduta, zerbitzari guztiak beharrari utzita, politikari handiaren gorpua eskaileretan behera jaitsi denean».

        Doña Josefa ikusi nuen negarrez, mutu begiratzen zidala jendearen artean.

        «Kutxatik dingilizka dauden zintak San Luisko kondeak Villasegurako markesak Satrusteguiko baroiak Don Emilio Nietok eta Moral de Calatravako kondeak daroatzate eskuan. Eskailerak jaitsitakoan, eta Angiolillok gure lehendakaria hil zuenetik hurren, hilkutxaren atzetik zetorren alarguna Vallejoko markesari oldartu zitzaion besarkada baten. Urteeran, mikelete piketeak armak aurkeztu zituen errege-martxa jotzen zen bitartean eta sei zaldik tiraturiko kotxe girotuan sartu zuten katabuta. Behingoan estali zen koroaz. Erreginarena lore naturalez eginikoa zen, besteen gainean ipini zuten. Guardiazibilen zaldizko talde batek tiratu zuen ondra».

        La Ilustracion Española y Americanak erredaktore artistiko bat bidali ei du hona, Comba jauna, jarraigoaren zenbait ikuste fotografiko hartzeko. Markaida horrek ideia ona izan du. Bere kolegak beti karrosak eta soldaduak eta banderak eta abadeak eta zerraldoa hartzen ari diren artean, berak hementxe nauka ni, mustro bat, eskura.

        «Hiltzailea makaldua dago oso. Badaki ezin duela urrikalmenik espero».

 

 

Comba jaunaren ibiliak begitandu ditut hemengo malkarretan gora eta behera bere tramankuluagaz. Akordatuko zaio, morroi barik etorria bada menditarte honetara. Ezponda baten gainean dagoela jarraigoari plaka eder bat egiteko, tu egin du norbaitek bere atzean, zapataren ondoan erori zaio listua. Bertako langileak dira, ez die ulertzen.

        — Ederki izorratu ditek alu hori! Baina oraindino ere sasikume mordoa gelditzen duk! Arbola batzuk bota behar ditiagu bidean!

        — Burutik egin zaik, zaldiz zatozak, harrapatu egingo gaitiztek.

        — Arratsaldean iritsiko dituk hauek Zumarragara. Denbora zaukagu. Esaiok Azkarateri!

        Comba jaunak burua jiratu du, eta ikusi dituen aurpegiek madarikarazi dizkiote plaka gutxigaz eta presaka etorri izana. Aizkoraz ebakitako kokotsak eta sudurrak, euskal tipo eredugarriak. Eder geldituko ziratekeen oin egoki bategaz, «Bergarako nekazariak hunkiturik estatugizon handiaren gorpuaren aurrean», adibidez.

 

 

Gauzak arin doaz hiltzeko zigorra ofizialki jakinarazi zenez gero. Lehendabizi maindireak kendu zizkidaten, neure buruaz beste egin ez dezadan. Gero ziegaz aldatu ninduten, ihes egin ez diezaiedan. Orain neurriak hartzera etorri zaizkit, fitxa antropometriko bat egin gura izango dute fusilamendua baino lehen. Baina neurtzaileok ez dira presondegietako funtzionarioak. Zurginak diren galdetu diedanean ez dute ulertu. «Hauek nik dakidan batendako ari dira lanean», neure kautan. Medikuak dira.

        — Kriminal peto bat naizela uste duzue? Edo pasionala?

        — Gu agindupean gaude, neurketak zientifikoen eskuetan ipini behar ditugu.

        — Goraintziak emon Lombroso jaunari!

        Mira egin zaie nik halakorik esatea, eta berbetagatik atera dut irakurri barik dutela, aipamenetatik ezagutzen dute.

        — Neurtu duzue Canovas? Hura bai zela kriminala!

        Artega daude. Adarra jo diet apur bat, eta are urduriagotu ditut, ez dakit neurriak hartu dizkidaten.

        — Eskaera bat egin behar dizuet. Mesedez, fusilatzen nautenean eska ezazue ez egiteko tiro burura, nire zerebroa aztertu ahal izango duzue horrela, nire lobuloen konfigurazioa, zelako asasinoa naizen ikusteko, eta baimena emoten dizuet formolean sartuta ikusgarri edukitzeko.

        Izuturik egin dute hanka. Oraindino ere algara egiten dut.

 

 

Leiho ondora hurreratu gara. Han, argiari bizkar, banan-banan pasa dizkit Markaidak bere ertiaren emaitzak. Hiru argazki, ohean jesarririk bi, urrun samar eta ilunpe antzean; hirugarrena hurbilekoa da, gerriz gorakoa, kamerari aurrez aurre, hurbilegi ordea betondoetako ubeldurak ez nabaritzeko, betaurrekoek sorturiko itzala dela esan litekeen arren. Zuzendariari pasa dizkiot.

        — Zer iruditzen zaizkizu, uste duzu ondo luzitzen duela zure alkandorak nire soinean?

        — A, bai, bai! —erantzun dit zuzendariak argazkiei begiratu barik—. Emazteak gura du... Nik ere halan gura dut, opari bat, zuretako da alkandora.

        Barre triste bat egin dudala uste dut.

        — Nire aitaren antza duzu... Bai, segur nago nire aita traje barri bat egiten ari dela oraintxe zuretako, badakizu, idatzi diot...

        — Nik ere idatzi diot. Eta horrelakorik ez egiteko eskatu diot. Nire beharra da, nik zutaz arduratu behar dut orain.

        Gizon ona da benetan, munduko kartzelaririk zintzoena da.

        — Sentitzen dut... Zure gomutak ez du luze iraungo nire gogoan.

        — Ez esan horrelakorik, Jainkoarren! Sententzia ez dago berretsia! —baina zuzendariaren izuak bide egin dio Markaidari bere proposamen zikina egiteko.

        — Zera... Angiolillo jauna... Berresten baldin bada... utziko zenidake argazkiak egiten... zeremonian?

        Algaraka hasteko gogoak hartu nau, hala egingo nuen zuzendaria mintzeko beldurrik izan ez banu.

        — Lasai egon zintezke, horiek ezin naute bizirik utzi.

 

 

Gazteenak zapelari atzera eta aurrera eragiteko ohitura dauka, berba egiten hasteko. Urduria izan behar du berez, eta Cienfuegos aurrean edukitzeak ez du lasaitzen.

        — Oker hago!

        Baietz egiten dio aldamenean duen lagunak, kokotsetik ezpainetaraino sakaila bizarbakoa duen gizon gordin bat.

        — Gu ez gaituk hik uste duan lakoak.

        Tabernaria heldu da erretilua bete arrautzagaz. Mahaiaren erdian laga du. Ogia zerratu du, xerra bana luzatuz.

        — Utzi horrela, ogiaren gainean hartuko ditiagu, ez ekarri platerik —agindu dio Cienfuegosek.

        — Tomate egina ekarriko dizuet, busti gura baduzue.

        — Eta beste bonbila bat.

        Helduena altxa da edatekoaren bila, bonbila hutsa mahai gainetik erretiratuz.

        — Arma fabrikan egiten diagu lan, baina gu bortxakeriaren aurka gaudek —dino zapeladunak—. Guk eginiko armek Kuba zapaltzeko balio ditek.

        — Armak ez dituk gaiztoak berez... noren eskuetara joaten diren! —argitu du Cienfuegosek—. Zuen armak ez lituzkek txarrak insurrektoendako!

        Arrautza irauli du ogi xerratik ahora. Masailaren albo baten mastekatu du, eta zurruta egin du irentsi baino lehen.

        — Lapurreta bat proposatzen duk? —galdetu dio gazteak harriduraz. Zapela kendu du, burusoila da.

        Hasperen egin du Cienfuegosek. Edalontzi hutsa esku artean estutu du, hari begira mintzatu zaio lagunari, bere kautakoetan jardungo balu legez.

        — Laster, hemen berton, geure begi bistan, iraultzaile bat akabatu behar ditek. Iraultzaile honek heriotzazko kolpea emon ziok Espainiaren kolonialismoari, eta euskaldunok izan ez ditugun potroak izan ditik, guri foruak kendu zizkigunari merezi zuena emoteko. Iraultzaile ez bahaiz, esaidak euskalduna ere ez haizela, eta banoak, ez diagu zer berba eginik.

        Tomatea dakar tabernariak, eta ezpaina zati bitan duen lagunak ardao bonbila bi. Zerbitzatu egin du. Solasa entzunak dira.

        — Hi herrena izango haiz, baina presaka habil beti. Menturaz ez dute hilko.

        — Zakur baten moduan! —egin dio oihu Cienfuegosek sakaildunari—. Ez duzue prentsa irakurtzen zirkuluan? Espainia osoak eskatzen dik heriotza, eta har ezazue hau gogoan, har ezazue gogoan gerorako ere, militarrak ez dituk tribunalean jartzen inori bizia barkatzeko!

        Paper tolestu bat atera du Cienfuegosek, sakelatik eskuratu duen kartera zahar iluna zabalduta.

        — Irakur ezak, baldin badakik! .

        Ardura handiz destolestu du tabernariak, zigiluz beteriko agiri bat da. Begiak zirritu ditu irakurtzerakoan.

        — Halako drogosoa haiz eta, nik uste nian gezurra zela! —arin egin du tabernariak, ohitura dauka letretan. Beharginei luzatu die, eta buruak bat eginda irakurtzen dute, ezpainak mugituz.

        — Eta ez zidatek sartzen laga, aditzen duzue? Erakutsi zieat eta atea zarratu zidatek halanbe. Horrek esan gura dik ez dutela lekukorik behar. Horrelaxe egiten zitiztean gerra kontseiluak La Cabañan, epaia emon eta Ereinotzen Zulora zuzenean.

        Harriturik gelditu zaizkio begira arma fabrikako lagun biak. Tabernariak destolestu duen ardura bardinaz bildu du lautan agiria gazteenak herrenari itzuli baino lehen.

        — Zer egin genezakek? —ausartu da tabernaria.

        — Ahal badugu, kartzelatik atera.

        — Zer?

        — Amets egiten duk, Cienfuegos!

        — Eta ezin baldin badugu, erakutsi behar zioagu gobernamenduari ezin duela iraultzaile bat edozelan akabatu. Eta italiarrari gure elkartasuna emon, bakarrik ez dagoela adierazi. Horregatik deitu dizuet, nik bazaukaat lagun bat gogorrerako gertu dagoena. Sakelan gordetzeko moduko armak behar ditiagu.

        Labana bat azaldu du mahaian, narruan sartua. Eskua luzatu du kokotsa sakaildua duen langileak, mendeku zaharren bat gomutan, menturaz.

        — Honelako txikerrak, baina urrunerako ere balio dutenak! Aditzen?

 

 

Amaitu zaio noizbait egun hauetako sargoriarena. Gorria lotinantak badauka hori baino larriagokorik, zelan esan ez dakien barriren bat. Pausoz pauso emon gura didan zerbait, eta zeharbidez. Amaitu .

        — Damurik, ez da Montjuichen izango... Barkatu, ez litzateke Montjuichen izango.

        Otu ere egin zait nire abokatu honi ez ote zaion burutik pasa niri bizia barkatuko balidate bere defentsaren egokia laudatuko luketela egunkarietan. Barkagarria da.

        — Beldur dira ihes egingo dudan? Edo trenari jazarriko dioten?

        — Gobernamenduari ez zaio politikoki komeni Bartzelona... Herria zuen kontra dago, baina torturen aurka ere bai... ez dut uste Montjuichen fusilatuko denik barriro.

        Oker dago militartxo hau. Gobernamendu orok, halako batez, izua eragin behar du kalte politiko guztien gainetik. Montjuichek badu historia siniestro bat, eta hori oso oinordetza onuragarria da estatuak ankerkeria izugilea erabili behar duenerako.

        — Montjuichen torturatu eta fusilatuko da gerora ere, baldin eta lehenago guk ez badugu...

        Aulki gainean zegoen egunkaria hartu du lotinantak, eskuetan darabil nire argazkiak agerian utzi dituela ohartu barik. Badu, bai, orain artekoa baino larriagorik niri esateko.

        — Gomutatuko zara noski... Fiskalak eskatu zuena kode penal arruntaren araberakoa eskatu zuen, ez kode militarrean oinarrituta.

        Pareton mikaztasuna konzentratu zait eztarrian.

        Elkarri begira geratu gara nire abokatua eta biok.

        Ez naiz Montjuichen fusilaturiko lagunen eskuei oratuta fusilatua izango.

        Ez dut «Sua!» oihukatu ahal izango pelotoiaren aitzinean, ofizialen eskolan egin behar genuela irakasten ziguten legez, aukera etorriz gero.

        Hilko naute, baina ez naute fusilatuko.

        Ulertu dut nire defendatzailea esaten ausartzen ez den hori: bakarka egongo gara, buruz buru, arratoi handia eta biok.

        Zer egin behar dut? Rizal errezitatu, pose bat harturik?

                        «El sitio nada importa:

                        ciprés, laurel o lirio,

                        cadalso o campo abierto,

                        combate o cruel martirio...»

        Edo menturaz patxada adierazi gura duen algara baten lehertu behar nuke?

        «Horregatik etorri zara gaur zibilez jantzita, ulertzen dut».

        Edo eztabaida tekniko baten ezkutatu, barri honek goizean txoria zoruan hila ageri zaion isolamenduko presoa legez utzi nauela ametitu gura ezik?

        «Baina zelan liteke, militarrek epaitu naute!»

        Nire begietatik eskuetan duen egunkari tolestura doaz lotinantaren begiak.

        — Gobernamenduak ez du gura zure ekintzari maila militarra emotea, gaiztagin hutsa legez ageri behar duzu iritzi publikoaren aurrean.

        Laidozko pikota urkabe zitala haga lotsagarria garrote bilaua daukat zain.

        — Belu ari dira, zoroek eta jeloskorrek ez diote sistemari erasotzen... Biktimak berak egin nau politiko, ni anarkista ez izatera. Hori ere fiskalak berak esan zuen!

        Inozo edo zuhur, aitortu egin du nire abokatuak:

        — Funtsean, gobernamenduaren helburua da desohorean hil zaitezela.

        Zure duin izango naiz, Dolors. Ez dut alferrik hil, jakin egingo dut zer den tortura. Ikara honek emon dio hasiera ikasketari.

        — Hari horiek wolframezkoak dira —diotsot sabaiko lanpara seinalatuz—. Erre arte, argi emongo dute.

        Ez du burua sabairantz jaso, zinez eroturik banengo legez begiratzen dit. Argazki bat erakutsi diot. Begira gelditu da ezer esan barik.

        Altxa eta mahaitxora hurreratu naiz beste argazki bat hartuta, abokatua kamainan jesarria utzirik, lasaitua baina aztoratua noski. Zer idatz dezake iraultzaile batek, ukatzen duen defendatzaileari eskainiriko heriotza-aurreko argazkian? «Mila esker zure laguntzagatik, egin duzun beharrak justizia honen okerra erakusteko balio izan du»? Edo ironia bako esku tinkatze bat egiten diodala, beste barik? Eta zergatik orain, heriotza ankerrenaren sententzia hartu dudaneon?

        Grafologoek ikus dezaten zenbateraino nagoen izuturik, Dolors.

 

 

 

Lurrinari aurrea hartuz azaldu da lokomotora ibaiondoko bihurgunean. Haren fistuak leihatilatik kaira ekarri du enplegatu barria, eta geltokiburuak oilotegitik urten du kapelua eskuan. Lumatxo batzuk ageri ditu sorbaldan, enplegatuak arduratsu astindu dizkio.

        — Azken trumoiek galdu egin zizkidatek arrautza gehienak. Halako kolka txintxoa edukita!

        Heldu da trena, handik honako burdinola. Kazetari bi hiru guardia maisu zaharra sei moja jaitsiko dira. Eta oso urrundik letorkeen emakume kaskamotz batek ere urten zezakeela pentsatu dut, Bergarara zelan hel litekeen ahalik arinen, galdezka. Baina suntsitu egin zait, larregi pentsatzen dut hartaz, hemen bisitan azal dakidan.

        Trenak eroan zaitu ostera.

        Ni joango natzaizu, zu etorri barik.

        Leihatilazaina eskuak sakelan gelditu da trenaren abioari begira. Baina antxintxika egin du geltokiburua harrapatzeko oilategian ezkuta dakion baino lehen.

        — Badakizu... horrek galdetu dit Burgoskoa zer ordutan iristen den. Alkohol kerua zeukan.

        Zapela begietan aulkian erdi etzana dagoen alprojarengana egin du pototsaz atzerantz.

        — Lasai... Oilo bila etorri baldin bada bizkarra berotuta alde egin beharko dik!

        Alprojak ezkerreko prakaren barrutik hankapalu bat ageri du luze, trenaren gurpilari traba egin guran edo.

 

 

Espainia eternoaren bihotzetik heldu da justizia betearazten duen maisua, mekanikari guztietan bostekorik latzena duen Gregorio Mayoral jauna, nire zerbitzura.

        — Eskertzen dizut eskua emona, badago atzera egiten duen jenderik. Baina ni kontzientzia bakean bizi naiz, alkate jauna.

        Hil behar duenaren beldur da hil behar duena.

        — Ni ohitua nago presondegietan lo egiten, ziegaren baten. Baina kasu hau berezia da. Hil behar dudana anarkista da, eta presondegian hil egin nazakete, ez naiz fio.

        Alkate jaunak eskertu egin behar lioke gizon honi hain aratz egitea berba bere lanbideaz. Goiz osoa emon du borreroari eskua luzatu behar zion edo ez hausnarrean.

        — Gure herriko presondegian preso bakarra dago.

        — Ez naiz fio, alkate jauna. Bihar berton sar dezakete horren lagunen bat, lapurreta txiki bat egin duela eta.

        Ez ahotsak, baizik eta mintzatzerakoan besoakaz erabiltzen dituen zeinuek egiten dute zakar. Bere lanbidea dakitenek begitanzino errazak egingo dituzte.

        — Ostatu bat arriskutsuago da presondegia baino!

        — Noski, eta gainera jendeak honez gero badaki nor naizen, inork ez lidake ostatu emon gura izango! Pausoak hartzen hasi zaizkit Zumarragako geltokira iritsi naizen orduko!

        Bergarako mendi zoko honetan, munduaren uzkian, izango da ikara bat, lausoan bada ere, ideala amesteko. Sinetsia nago badela hemen Cienfuegos bat.

        — Hemen egongo da komenturen bat... Horiek dira lekurik seguruenak.

        — Bai, dominikoena... Saiatuko naiz, egingo dut berba nagusiarekin.

        — Gela bi, arratsaldean daukat etortzekoa laguntzailea.

        Gregorio Mayoral bera altxa da alkateak despeditzeko keinurik egin baino lehen, bere maleta hartuta.

        — Barka ezazu ateraino ez laguntzea, edozeinbeste egiteko daukat mahai gainean oraindino... —eta aterantz doan gizonaren maleta astunari emon dio begi alkateak.

 

 

Udaletxea utzi dueneko, herren zarpail bat erabili du jarraian maletadun gizonak, plazako arkupeetan barrena. Ezkerrera hartu du, kantoi baten ostendu zaio Cienfuegosi. Herrena urrats handian hasi da, ihes egin gura dio maletadunak. Kantoiari jarraikitakoan tupust egin du arrotzarekin. Oso tinko begiratu dio, maletari eskua kendu barik.

        — Ni nauk herrena sendatzen duena!

        Ezkerreko belaunetik gora zur eginik gelditu da luzaz Cienfuegos, maletaduna kartzelarako eskaileretarantz abiatzen ikusten, heriotzaren mekanikariaren antzeak hankapalua buztinean tinkatu izan balio legez. Izerdi zuritan dago, ikusi ere ez du egin zurginaren gurdia aldats gora.

        — Ondoezik, Cienfuegos? —agurtu du zaldia geldiaraziz.

        — Bai... ez, hanka txarto lotuta urten dut gaur...

        — Ez zagok potrorik herri honetan, urkamendia jaso behar diat presondegian, eta inork ez zidak lagundu gura.

        Herria gure alde dago batzuetan, Dolors. Eta herria oker dago, ez nau hilik gura.

 

 

— Zuk lehengoan aipatu zenigun Juan Crisostomo Ibarra hura kristaua zen, Jainkoa aitortzen zuen dominikoak gorroto zituen arren...

        Zuzendariak sartzen laga die nire eskaera ahaztuz. Izutua egon behar du kristau hil gura ez dudalako, barkatu egin beharko diot.

        — Akastunak gara, aitortu beharra dago.

        Menturaz, Filipinetan egondako fraideren bat daukate orain hemen Bergarako komentuan paludismoa sendatzen.

        — Bazituen arrazoiak zuek gorrotatzeko, egizu kontu handik gutxira hilarazi zutela dominikoek Rizal idazle handia, Ibarra hori sortu zuen gizona, hain zuzen.

        — Baina Rizal kristautasunean hil zen.

        Susmo bat sortu zait oraintxe. Uste ez nuen posibilitate barri bat.

        — Horretara ere behartu zenuten, damuarazi egin zenuten. Bitan hil zenuten.

        — Tira, guk ez zaitugu ezertara behartu gura...

        — ...baina zuk Canovas jaunari emon ez zenion aukera eskaintzen dizu orain justiziak... —aita Germanek osatzen du bere nagusiaren argudioa.

        Isilik gelditu gara, neuk ere ez dakit zer erabili hipokrita hauekin. Gero, ahotsik latzenaz, baina batere espantu barik, halan gomutarazi dit aita Hilariok:

        — Zure azken gaua da!

        Ez, bergarar hauek ez daude izuturik egin dudanagatik. Zuzendariaren beraren tratuak fraideon argudioek argazkilariaren begirakuneek, denak emoten dit ez ote dauzkadan euskaldunok asaldatuago Jainkoa ukatuz hil behar dudalako, Espainiako lehen ministroa odol hotzean hiltzeagatik baino.

        — Tabakorik ekarri duzue?

        — Ez... Ez zenuela erretzen esan zenigun eta... Baina orain berton ekarriko dizu aita Germanek...

        — Ez, nongoa zen galdetu gura nizuen, Filipinetakoa zen...

        — Bai, halan uste dut...

        — Bartzelonan, Filipinetako Tabakoen Konpainia Nagusia eliza baten ondoan dago, elizaren luzapena da... Rambletan berton daukazue, ikusgarria da.

        Ez dute aditu gura.

        — Elizak debozionarioak emoten dizkigu, eta tabakoa gordetzen du.

        Zuzendaria sartu da, atean jota sartu da. Fraideak bizirik ote dauden jakin gura izango du.

        — Barka, Michele... Zer edo zer behar duzu? Kafea?

        — Ez, idazteko papera besterik ez. Eta zuzendari jauna, mesedez, ez dut ez dominikorik ez jesuitarik ez ezertariko fraiderik gura inguruan ez gaur eta ez bihar!

        Fraideen bisita errepikatuek zuzendariaren berba jateak eta orain gizajoak hartu duen durduzamenduak baieztatu egin didate anarkista baten heriotza ekintza bidezko propagandaren luzagarri dela. Eredu emon behar dut, beraz.

 

 

Cienfuegosek barru honetan sartzea lortu du. Guardiazibilek lanabesen zakua besterik ez diete miatu, zuzendariak presaka pasarazi ditu bera eta zurgina patiora, ziegen korridorearen buruan zabalik edukitzen duen ate horretatik. Sumatu egiten dut, milaka soinu txikietan sumatzen dut mezuak igortzen dizkidala Cienfuegosek.

        — Nik ezagutzen diat lanean lagunduko ligukeen jendea —esan dio zurginari oholak patio erdiraino bizkarka garraiatzen dituzten bitartean.

        — Ez zaukaat dirurik ordea, huskeria pagatzen zidatek hau egiteagatik!

        — Bardin dik, nirea egingo diat harekin erdi bana.

        — Konforme —erantzun dio zurginak—. Bihar hamaiketan egin behar ditek zeremonia, bion artean ez zakiat amaituko dugun!

        Patioan oihuka entzuten dut, bera da.

        — Hi, Errasti! Ez ezak «zeremonia» esan, ez ezak «zeremonia» esan!

        Oratu egin dio ia, Cienfuegosen begi gorrituak dauzka zurginak hurbil, eta edanak eragindako amorrazioren bat izango duela pentsatu du.

 

 

Orain ez daukat bisitarik. Isiltasun hau berezia da, ateren baten kolpea sumatzen dut aldizka, pauso hotsak kankatekoak mailukadak, baina ez zait berbarik iristen. Irudi luke espetxea presoz betea dagoela, eta denek dakitela lagun bat urkatu behar dutela bihar. Isiltasuna aginduko zuen zuzendariak, bizitzaren ordu latzenak ditu.

        — Dena prest daukagu, zuzendari jauna. Hilgaia ikusi behar nuke orain.

        — Zelan? —lehen aldia du borrero baten bisita daukala.

        — Ikusi egin behar dut zelako luzera duen, aulkia noraino igan behar dudan jakiteko, osterantzean ezingo nioke krabata jantzi.

        Gizon bat hiltzea pertsona praktikoen lana da noski, baina hoztasun horrek, tresna akabatzaileari jantzi izena emoten dion gizon honek... zer esango ote dion hilgaiari erabiliko du buruan zuzendariak, «Arratsaldeon, zu hil behar zaituen borreroa naiz, lepoa neurtzera nator?» Eta hotzikara batek hartuko du.

        — Nire luzera dauka, apur bat altuago. Ateko mirillatik ikusi ahal izango duzu, behar izatera.

        Zorrotz begiratu dio Gregorio Mayoralek. Ezagutzen dituen presondegietako zuzendari gehienek ez dakite zelan hil behar den gizon bat, baina egundo ez du ikusi horrelako milikarik.

        — Asko sofrituko du? —galdetu dio behar baino ozenkiago.

        — Begira ezazu, jauna, palanka honi itzuli erdi bat eginda hilko dut...

        Zuzendariak izuturik ikusi du borreroaren maniobra. Erraz jiratu du palanka.

        — Froga ezazu zeuk! Eragin!

        Borreroak atzamar arina luzatu du tornuak egin behar duen ibilbidearen erdian, nire lepoa zuzen edukiko duten burdinen artean. Zuzendariak erdi begiratze baten ikusi du berak eragindako tornua atzamarreraino iristen.

        — Ez du ezelako oinazerik emoten! Zuk usteko duzu itota hil behar duela gizajoak, baina ez da horrela, nire lehenengo urtean erantsi nion tornu barriak lepoko bertebrak hausten dizkio aurrena.

        — Burdina hori... sartuko diozu, sartuko zaio... lepoan? —zuzendariak ezin du listurik irentsi.

        — Ez zaitez kezka, ez dio atximurrik egingo ulean, zaku puska bategaz biltzen dut, oso trinkatze bortitza eta azkarra emoten du. Nik hau guztia hobetu dut makinan, eta Madrilgoak barriz, oso lan sastarrak eginda, doblea kobratzen du!

        — Tira, bai... Goazen ziegarantz, ikus dezazun.

        Korridorera urten dute, laguntzaile gaztea trepetxuak maletan sartzen utzita. Epaitegirako atea irekia dagoela iruditu zaio zuzendariari, argitasun zirrinta bat iruditu zaio behintzat, norbait ibiliko balitz legez. Guardiazibilak batetik bestera dabiltza azken egun honetan.

        — Hemendik! —eta ezkerrerantz abiatu da.

        — Zuk ez baldin badakizu ere esan egiten dizut, errespetu guztiagaz... —Mayoralek pentsatu du krabata begi bistatik ezkutatuta adiskidetu ahal izango duela zuzendariarekin—, Espainian tradizioa da koitaduak Kredoa errezatzea hil aurretik, jesarrita eta lotua dagoenean. Berak uste du otoitz egin ostean hilko dutela, baina «seme» berba izaten da gure seinalea, orduan nik...

        — Ez dut uste bihar horrelakorik egin ahal izango duzunik... Angiolillo jaunak ez du otoitzik gura... —ebaki du zuzendariak borreroaren jarduna.

        — Bai, hauek denak oso harro ibiltzen dira bezperan, baina gero, aulkian jarri behar denean, mundu guztia ikaratzen da...

        Zuzendaria nardaturik dago, eskertuko luke lehenbailehen hilko banindute. Ez ninduke ikusi gura hiltzen, eta horrek berak daroa exekuzioa ahalbait arinen egin dadila desiratzera.

        — Hementxe dago! —ahotsa apaldu du nire ate ondoan.

        — Umorea ere badaukazue zuek! —egin du borreroak atalburuari begira.

        — Zer ba? —entzun dut galdetu duela zuzendariak.

        — Heriotzara kondenaturikoa hamahirugarren ziegan eduki behar!

        Barre egin dut, eta eskuaz agurtu dut judasean azaldu den begia.

 

 

«Ravacholen fisonomian begia jotzen duen aurreneko gauza, basakeria da; aurpegiak oso asimetria nabarmena dauka, betondoak handi sudurra eskuinera oker belarriak altura desbardinetan paratuak beheko matelezurra handi, karratua eta nabarmen kriminala jaioaren ezaugarri tipikoak dituen burua», esan zuen Lombrosok martiriaren argazkia ikusirik. Zein ondorio atera ote du dagoeneko, nire neurriak ikusitakoan? Zer esango du nitaz? Zein arrasto, zein aztarna izugarri sumatu ote du nire begitartean, urkamendian amaitu besterik ezin nuela egin frogatzeko? Zuk balakatzen zenizkidan betaurrekoen gorrituak? Nire bekokiaren zabala? Doña Joaquina de Osmak abanikoaz masailan egin zidan urratua? Arrastoren bat baitaukagu, epaitzen duenaren begian kriminal egiten gaituena. Bizarra moztuko didate hildakoan, frogatu gura izango dute dotorezia susmagarri honen azpian antropoide baten matelezurra ezkutatzen dudala. Edo menturaz kriminal ederren artean kokatu behar izan naute, menturaz ez didate aurkitu desarauko ezer, eta nire arbasoen heriotza motak ariko dira aztertzen oinorde epileptikoren baten bila, erakutsi ahal izateko nire garunen kitzikadura anormalek eroan nautela gaizkintza politikora, jainkokerian zora nintzatekeen modu berean.

        — Eskertuko nizuke labana zorrotz bat ekarriko bazenit!

        Ahoa ireki du, baina ez zaio berbarik etorri. Lo gutxi egiten du azken egunotan.

        — Zuzendari jauna, begira!

        Ume bat naiz maisuari eskuak erakusten bazkaritarako baimena hartu ahal izateko.

        — Txukunak dauzkat azazkalak, tipografoa emoten dut! Lumaren punta garbitzen saiatu naiz, eta azazkalaren eta haragiaren artean sartu zaizkit tinda lehor zatitxoak. Portas jaunaren bulegoan gobernatu banindute legez.

        — Ez... ezin dizut labanarik ekarri —ez du eskuetara begiratu—. Txotx batzuk ekarriko dizkizut.

        Bazihoala, gomuta egin zaio zertara etorria den.

        — Nire andreak esan dit... Tira, nik ere gura nuke estimazioa egitea... berak egin gura dizu afari hau eta... zer duzun gogokoena galdetzeko esan dit.

        — O, aspaldi emon behar nizkizun eskerrak niregana izan duzun begiramenagatik...! Esaiozu... esaiozu egin dezala berari gehien gustatzen zaiona.

        Oihu iskanbila txikizioa iraina, edozer egiten ahal nukeen gaur, ziegari su emon fraideak itotzen saiatu gurutzearen gainean tu egin neure burua paretaren kontra zartatu zainak ebaki. Dena onartuko lidakete dena konprenituko lidakete dena eskertuko lidakete, zuzendariari esperantza izpi bat sortu zaio labana eskatu dudalarik, lipar batez. Etsipen une bat behintzat behar du heriotzara doala dakienak. Besteak lezkoa izan behar nuke orain. Izutu egin behar nuke. Hogeita sei urteko hil behar duena ezin liteke ados egon bere buruarekin. Bihar suge hotz batek laztanduko du nire zintzurra, eta dagoeneko sumatu behar nuke palankaren itzuliaren doinu gozoa borreroaren eskupean. Heriotzak zentimetro labur batzuk baino ez ditu behar nire lepora iristeko, Dolors, laster joango naiz Montjuicheko ziegarik ilunenera, zu eztitzera. Inoiz baino lasaiago nago, Foggiako mahastietako gerizpera etzanda egoten nintzenean legez:

                        «Quando la anarchia verrá

                        tutto il mondo será transformato...»

        Morroi zintzoa dute burgesek Lombroso jauna, berba zientifikoak asmatzen ditu gure jardun politikoa eritasun mailara ekartzeko. Kontzientziaren hartzeari hiperestesia deritzo, besteren oinazeak hunkitzen gaituenon eritasuna. Izugarria da. Ohartzen zara, Dolors? Patologian aztertuko naute, zure oinazeak min emon didalako.

 

 

Aitzina egin du korridorean poliki. Hemen nonbait, hamarren bat pausora, ate ilun hauetako batek gordea, ni nago, italiarra, euskaldun zabarren kontzientzia harrotzera etorria mendekatzaile eskuzabala heriotzaren mesprezatzailea.

        — Nora zoaz? —entzun du bizkarrean.

        — Urten egin behar dut! —garratz egiten du beti berba Cienfuegosek artega dagoenean, zuzendaria dauka aurrean.

        — Urteera patio ondoko atetik daukazu, honaino etorri barik.

        — Nahastu egin naiz, lehen aldia da hemen nagoela, ja, ja...

        — Ez al duzue material guztia sartu? —zuzendariak hirugarren dominikoa emoten du, bere ahots eztiaz.

        — Bai, baina lagun baten bila noa. Lan handia daukagu dena josten.

        — Ez. Hemen ez zarete ibiliko sartu eta urten. Laguntzailerik behar baldin baduzue neuk egingo dizkizuet ordeak.

        — Preso nago ala? —Cienfuegosen barreak ez du bere urduria gordetzen.

        — Hemen denok gaude preso, beharra amaitu arte!

        — Beharra? Beharra deritzozu gizon prestu bat hiltzeari?

        Ukabil estutuak legez egiten dute Cienfuegosen begiek mehatxu. Zuzendariak pauso bat atzera egin du eskua sakelan sartuz. Tu egin dio Cienfuegosek zorura, eta herren bezain zuzen hartu du patiorantz.

 

 

Koldarra naiz, horregatik ez nintzen Trafalgar Squaren azaldu. Heriotzaren bezperan, oraindinoko erreferentziak urrun daitezela gura dut, urak etendako zubia legez. Gorria lotinantak ere ez du kuraiarik izango azken bisita egiteko, ez dut inor kontsolatzen ibili beharko. Izarrak ageri dira leihoan, bihar eguraldi bikaina egingo du Markaidak bere lana egoki egin ahal izan dezan, argazki onak lortuko ditu. Alaraurik ez azken gau honetan: presondegian hil behar dutena da preso bakarra, ziega honetatik at heriotza da. Kamainan etzanda, isiltasuna zentinelen oihuek bakarrik urratzen dutela, zutaz pentsatzen dut, non zaude zelan zabiltza zoriontsua ote zara, eta baita, aitortu beharra daukat, nitaz pentsatzen ote duzun, Dolors. Berba egin gura nizuke, tristatzen nauela honetara ekarriak, sentitzen dudala niregatik pasa behar duzun ataka, badakidala sofritu egingo duzula barriro nire erruaz. Eskubidea ote daukat ordea maite nauzula esateko?

        «Bakarrik munduan eta meatze baten barruan».

 

 

Orain lurrean dagoen enbor hori laster zutituko dute, ni biratuko nauten masta izango da. Burdinak harrotu egingo nau une batez, gero haize bako kalma zurian geldituko da nire burua, dilindan, lepoa hautsitako bandera.

        — Barka ezak, Errasti, nik ezin diat lan honetan segi!

        Cienfuegosek oihuka egiten du berba, nik entzutea gura du, kartzelan sartu denez gero gaztelaniaz eta ozen ari da.

        — Esan diat, esan diat arratsaldean, hiru pezeta baino gehiago ezin diat emon! Ez hasi orain alukeriatan!

        Zurginak ez du ulertzen, ezin du ulertu Cienfuegosen sumina.

        — Nik ere ez zaukaat potrorik... Hemen iraultzaile bat urkatu behar duzue bihar, eta nik ez diat lan honetan eskurik izan gura!

        — Hi, hi! Nik ez diat inor urkatuko!

        — Bai, hik ere urkatu egingo duk! Borreroa Burgostik ekarri izan ez balute, heu aurkeztuko hintzateke esanez hik ez egitera beste norbaitek egingo zuela!

        Cienfuegosek, ohi moduan, tu haserre baten bedeinkatu ditu ohol kriminalak. Errasti hori izuturik gelditu da epaitegi aldeko aterantz ihesi doakion laguntzaileari begira. Bai, maite dut Cienfuegos. Bere izena betikotuko dut ziegaren zoko baten, zuritasun hau edertuz.

 

 

Gaur ez dut herria zeharkatzen duten guardiazibilen zaldien ferra hotsa hain garbi entzuten, harriaren gainean ez baina zurarenean egiten du lana orain burdinak, urkamendia jasotzen jarraitzen dute patioan. Ezer esan barik egiten dute beharra zurginak borreroak laguntzaileak zuzendariak. Hilgaiari afari berezia ekarri dio eta gero urkamendia jasotzen laguntzen du, urrikarriak. Ez da lasai biziko gizon hauxe, ordaindu beharko du hiltzera kondenaturiko batengana makurdura bat izana. Gu urrun edukitzeko gizakiak gara, osterantzean instinto arriskutsuak sorrarazten ditugu, errukimendua, elkartasuna, eta batzuetan kondenatua ez izanaren lotsa, nik zurekin batera torturatua ez izanarena ezagutu dudan legez.

        Orain beharbada lotuko nauten enborrari eusten dio, probatzen ariko da ongi tinkatua dagoen.

        Tornua alderik alde pasatzeko zuloa non egin behar duten markatuko du borreroak gisu puska batez.

        Zenbat minutu behar ote diren inkonszientziara iristeko, galdetuko du zuzendariak.

 

 

Barriro fraideak izango zirela uste izan dut zuzendariak bisita daukadala esan didanean atean kolpe diskretu batzuk jota zabaldurik.

        — Medikua dator.

        Gizon lodikotea da, masailgorria, eta afalondo luze batetik datorrenaren itxura dauka berbetaren traketsean, alai ageri den arren.

        — Ederto... utz gaitzazu bakarrik, zuzendari jauna, medikuaren eta bezeroaren artekoak konfidentziala izan behar du... Urten ezazu baina laga atea zabalik, ez naiz fio eta, halako kriminalekin... Behin Azpeitian atzaparra lepoan erantsi zidan ergel batek...

        — Korridorearen kabuan egongo naiz.

        Zuzendariak higuin aurpegia egin du medikuarengana, urten aurretik. Eskertzen diot, baina ez luke horrela hartu behar. Gizon trauskil honek zurrut apur bat egingo zuen bere buruari kemena emotearren, ez da eguneroko gauza hildako bizi bat bisitatu beharra.

        — Eskertzen dizut bisita, baina oraingoz behintzat ederto nago osasunez.

        Ateraino hurbildu da, korridorearen albo bietara begiratu du. Sartu delarik, ahotsa apaldu du.

        — Hauekin bai ez dagoela fidatzerik, dena entzun behar izaten dute... Nik erabaki behar dut noiz zaudean legez hila. Gura duzu?

        Errito bat izan behar du hilgaiari tabakoa eskaintzea.

        — Ez duzu ezelako zalantzarik izan behar, Gregorio Mayoral oso profesional ona da, azkar egiten du beharra, garbi. Alde horretatik lasai. Baina gauza bat adierazi gura nizun...

        Zigarroa ezpainetan erabiltzen du, esku batetik bestera pasatzen du, ahora ekartzen du ostera.

        — Nik informeak egiten ditut, informe faltsuak, konprenitzen duzu? Exekuzioa akastuna izan dela idazten dut txostenean, hilgaiak hamar minutu edo gehiago behar izan dituela arnasa emoteko, adibidez. Horrela desprestigiatu egiten dugu garrotea, hiltzeko zigorraren aurkako nazioarteko batzordeak elementu barriak dauzka abolizioaren alde indar egiteko.

        — Ez duzu zigarroa biztu behar?

        — A, bai, bai... biztuko dut...

        Gero eta zurbilago dagoela iruditzen zait. Aterantz hurreratu da barriro. Batera eta bestera begiratu du. Handik egin dit berba, apal.

        — Morfina ekarri dizut.

        — Ez duzu esan ez didatela zatarkeriarik egingo?

        — Adorea hartzeko.

        — Ez dut behar, sofritzera etorri naiz.

        Ez dit entzuten, berea esatera etorri da eta behingoan egin gura du hanka nire ondotik. Erlojua atera du. Lanak izan ditu tapa zabaltzen.

        — Gura duzun legez... Axola ez bazaizu, agonia behar baino gehiago luzatu dela idatziko dut.

        — Ez, idatz ezazu egia.

        Ezin nau konprenitu.

        — Ez dut gura sofrituko dudana baino gehiago sofritu dudala uste dezan inork. Haien pareko izan gura dut.

        Ez du konprenitzen. Zuk bakarrik konprenituko nauzu, Dolors.

        — Herriak uste du gurutzea eskuetatik jausten zaionean hil dela osoro urkatua, baina horiek sineskeriak dira...

 

 

Nire burua jausiko da Kristo batena legez ordu gutxi barru zure magalera. Goizean igan beharko ditudan azken mailak josten dituzte, patxada luze bat hartuko dudan aulkitxoa tinkatzen dute, nire katabut publikoa osatzen dute. Ni gurutzefikatzen naute orain, nire eskuak, nire zangoak.

        Entzuten dituzu mailukadak, Dolors? Munduari ari dira ezkilka. Beharginen maluraren taupadak dira.

        Laborrian jarri behar nindukeen tobera hits honek, ordea, elizako orduen artekoa beteko dit, eta zurgin baltzek egitekoa burutzen dutenean, goizeko hamaiketan, harro hurbilduko naiz urkamendira, eta eskua ipiniko dut kalostran, Cienfuegosen omenez. Eskerrik asko, Cienfuegos, baina nik ez dut gura inork libra nazan hil behar honetatik, zure eskuaren beroa emongo dit zurak, lagun fusilatuekin eskuz esku fusilatu behar banindute bezain lasai etorriko naiz torturaren ziegarik ankerrenera.

        Mundu batek ikusi gura izango du zenbateraino naizen zure duin, Dolors. Umeak arraitxiko dakartzatela etorriko dira euskaldun inozook italiar zoro bat zelan izutzen den ikusi ustean, eta zerbait ikasiko dute. Berba daukat eskaintzeko. Horretara etorri naiz neure heriotzaren bila munduaren zokondoan galduriko herri honetara. Zeure tortura zatia hartzeko, Dolors, zuk inoiz maitatu izana merezimenduz irabazteko, berba bat, berba xume bat esan ahal izateko egin dut egin dudana, apiril iraultzaile bat iragarriko duena, gizarte honen hegaldia udabarrirantz. Torturan galdu ume batendako izenik egokiena den berba bat. Haregaz kontsolatu ahal izango ditut gure hildako guztiak.

 

 

Albakoan itzarri naiz, eguzkia enarak zoratzen hasi denean. Neuk emon dizkiot egunonak aurrena zuzendariari, gosariagaz etorri denean. «Bai, gero arte» esan dit, eta urten egin du berehala. Ziegaren bazterrean bilduak nituen harri-txintxarrak jaso ditut, gero miatzen banaute mira egingo zaie sakelan harritxo horiek aurkitzea. Mezuak hartuak izan direlako froga izango da, kontsigna sekretu bat, Cienfuegosek ulertuko du. Orduak dira mailu hotsik ez dela. Dena gertu dago, antza. Altxa naiz kamainatik, hurbildu naiz leihoko hormara. Haur baten negarra ere entzun uste izan dut. Ahotsak garbi heltzen zaizkit, ozen ari dira noski, baina ez diet aditzen, flandriera baino urrunagoa zait mintzaira hau. Inork ez dit izenaz dei egiten, bakean utzi gura izan naute, menturaz inork ez daki zer esan behar zaion lepoa emon behar duenari. Kamainaren euskarri metalikoan emon dut zangoa, ezkerreko horman etzan dut bizkarra, leihoaren ertzaren kontra estutu dut burua. Larre zati bat ikusi ahal izan dut, baina bertorantz higitu den talde batek estali dit berdea. Oihu bat entzun da, emakume batek besoa luzatu du nagoen leihora. Jaitsi egin naiz. Markaidak hor ibili behar du nonbait, eta ez dut gura argazkirik egin diezadan hagen ostean nagoela.

        Atean jo dute, nik ezin zabaldu dudan ate baten jotzen didate azken egun hauetan, bitxia da. Zeremoniaren zati izan behar du. Edozelanbe, eskertzekoa da. Jaka kendu ohe gainean bota alkandoraren botoiak askatu. Ireki dute. Zuzendaria da aita Hilariorekin batera, harrapari halakoa. Ez ditut agurtu, eta mutu gelditu zaizkit alkandoraren botoiak zeinen lasai lotzen ditudan begira, izuturik.

        — Prestatzen hasi behar dugu —ausartu da zuzendaria.

        — Horretan ari naiz.

        Inoiz baino hotzago egin dit aita Hilariok.

        — Erlijioaren laguntza dakarkizut, gura baduzu.

        Begirakune baten karitatea egin barik erantzun diot.

        — Aspergarriak zarete...!

        Zer egin ez dakitela gelditu zaizkit berton. Une batez galdetzekotan egon naiz dotore ikusten ote nauten, senargai duina ote naizen. Edo, alkandora ez dela nirea eta, agintzeko borreroari kontuz ibil dadila. Baina urrikaldu egin naiz.

        — Zelan galdu zuen zangoa Cienfuegosek?

        — Zer...?

        Heriotzaren hurreak burutik eragin didala pentsatu dute. Edo antzeko begirakunea egin diote elkarri behintzat.

        — Cienfuegos, bart zurginari laguntzen egon dena.

        — Barka, Michele... zurginak bere semea eta biok eduki gintuen laguntzaile eta... —esan duenak gaitzituko nauelakoan isildu da.

        — Gizon prestu bat hiltzeari beharra ez deritzola erantzun zizuna, bart. Zer galdu zuen zangoa, maniguan ala basoan?

        Elkarri begiratu diote ostera zuzendariak eta fraideak, zeharrez. Itxaropen printza batek berotu du aita Hilario.

        — Seme, patioan egongo naiz denbora guztian, ezertarako behar baninduzu.

        — Alde egin ezak azazkalak moztera!

        Gorritu da, aitaren eginez egin du aterantz, urten egin du. Harrituta gelditu naiz, neu ez beste bat mintzo izan balitz moduan. Uste baino pazientzia gutxiago daukat, zuzendaria ere durduzatu dut. Burdin hotsa sumatu dugu korridorean, laster azaldu da atean gazte bat aurpegia bizar lakain batzuek han-he menka ilundua, grilluak eskuan. Leku egin dio zuzendariak nireganako bidea libratuz, eta gaztea, burua baiezka apaldurik, pauso bitan hurbildu zait belaunak genuflexioan tolestuz aurrez aurre gelditu behar izan barik makurtzeko.

        — Zu zara ofizioko kriminala? —Ez du ulertu. Isilik jarraitu du behintzat—. Zu zara borreroa?

        Jauzi baten tentetu da, izua dauka aurpegian, zurbil zuri ageri ditu bizarrak hartu bako zokoak eta zuri handi begi biak. Aurpegia jasorik edukitzeko ahalegina egiten du, korkoxa izan behar du.

        — Ez, jauna, ez naiz ni.

        Ozta izango ditu hogei urte. Eskua tinkatu diot sorbaldan. Dardara egin du. Halako hotzikara sentitu zuen Cienfuegosek borreroaren ahotsa entzutean.

        — Para iezadazu grillua praka barrutik, mesedez.

        — Baina... burdinak urra egin zaitzake!

        — Ja, ja!

        Zuzendariak irriño bat egin du, tximista izan da, urduritasunak hartua dago. Entzun duzu, zuzendari jauna, burdinak urra egin ei nazake. Baina ez gupidaz oraingoan, baizik eta heriotzaren hurbilak soraio itxurak egitera behartzen nauenik pentsa ez dezaten, isilik gorde ditut trumilka etorri zaizkidan ironia guztiak.

        — Para itzazu praken azpitik, ahal dudan dotoreen azaldu behar dut.

        Ahal dudan dotoreen azaldu behar dudala borreroaren aitzinean, bota nezakeen. Harrigarria da azken une hauetan berbek eskatzen didaten ardura, irudi luke ertz biziak dituztela, burdinak baino garrazkiago urra dezaketela entzulea, eta nik halako jabaldura bat daukat, inor mindu gura barik burdinaren besarkada hotza zangoetan, nasaitu egin naiz fraidea begi bistatik ostenduta. Estu lotuak dauzkat, gaitza da zauririk egitea urkamendirako bide laburrean. Gazteak belaunetaraino jasoak dizkidan prakak jaitsi egin ditu atzera, alboetatik estali ditu uztaiak, barnealdetik lotzen dituen katean gainez egiten dutela. Halan darabil oihala nire aitak etxeko jangelan, aulki gainean zapatak kendu barik paratzen diren bezeroei azpildurak hartzen dizkiela.

        Ohera hurreratu gura izan dut, baina zangoak ez dit obeditu, uste baino astunagoak dira burdinak eta laburra oso grilluak lotzen dituen katea. Lotsagarri ikusi dut neure burua, zangoak arrastaka eroan behar ditut, praketan egindako ume baten antza hartu dut. Arrazoi zuen Torinoko kaporal hark, galtzak zangoetaraino jaitsita presonerrak ezingo du ihes egin eta gainera derrotatuago sentituko da. Bizi baldin bada, honezkero izan du mazmorretara zigortu zuen soldadu napolitano haren barri. Eta izan ez badu, laster emongo diote. Barre eragin didate gomutok orain. Hartu dut jaka noizbait.

        — Kotxeroa, arin, Trafalgar Squarera!

        Eskua luzatu dit zuzendariak. Korkoxak legez, ezin dit begietara begiratu. Edo ez du gura bere begiak ikus ditzadan.

 

 

Errekalde deritzoten goiko jauregiko zelaietan lekua hartua duen jendea amorraraziz dator Cienfuegos.

        — Bide, egizue bide!

        Bidea zabal behar du, fotografoaren hiruhankakoa dakar besoetan trabes. Lotsabako etorri da tramankuluagaz Bergarako kartzelako patioa begipe edukitzeraino. Lurra lehorra dagoen arren sendo tinkatu ahal izan ditu hankak, herrenak badaki zura manejatzen. Laster azaldu da Markaida bera, gura zuen zeremonia argazkitan hartzeko.

        — Eguzki ederra dugu, plaka onak egingo dituzu!

        Zaku baltzaren barruan ezkutatu du burua argazkilariak. Ederto, ongi ikusiko du guztia. Eskailerak hartuko ditu, oholtza, postea. Eskailerari begira paratuko nautela esango zion zuzendariak. Burua argitara dezan baino lehen, esku batek oratu dio ukondotik. Cienfuegosen buru-keinu batek agurtu du ilunpetik urtendakoan, begira dezala patiorantz. Borreroa azaldu da burdinak dakartzala eskuan. Mutil gazte korkox bat datorkio atzetik, aulkitxo bat eskuan. Igan dituzte eskailerak, paratu dute aulkitxoa postearen orpoan. Hortxe jesarri beharko dut.

        — Leku ona hartu dugu, e? —esan du herrenak.

        Gero, burdina postean paratzeko korkoxak mailuka ekin dionean, Kristoren eskuak iltzatzen ariko balitz lakoxe izu baten isildu dira ikusleak, ez da irririk ez da ardao eskerik entzun. Isilekoak ekarri dizkio orduan norbaitek herrenari.

        — Cienfuegos, hator segituan!

        — Ezin diat, mugitzen banauk lekua kenduko zidatek! —erantzun du takar bezain ozen Cienfuegosek, jendearen jakingarri.

        — Beharra... beharra zaukaagu basoan!

        Inork ez du protestarik egin herrenak atzera jo duenean jende artean balantzaka lagunaren presari amore emonik. «Nik hemen egon behar nian, ni neure lekuan nengoen, ni gertu nengoen emon behar nian seinalea emoteko, sakelan zaukaat zapi gorria, zer arraio jazo ote duk, arrantxero alu hau beldurtu egingo zuan!». Oraindino jendea ikuskizunera dakarren zalgurdiei madarikazioka sartu da Artekaleko bebarru baten Azkarateren morroia balitz legez. Soinurik egiteke itxi da atea gazte bien atzetik. Argi zirrinta bat sartzen da atepetik.

        — Ez zagok ez pistolarik eta ez ezer! —Azkarate izerditan dago.

        — Zer diok! Atzo...

        — Inor ez duk etorriko Eibartik! Traizioa egin zigutek...!

        Herrenak birao egin du, eta ahoa garbitzeko tu lodi bat jaurti du harri biribilez eginiko zoruko lorearen kontra. Hortz artean mintzo da Azkarate.

        — Hi, pentsatu diat... Zurgindegia erre behar zioagu Errastiri!

        — Errastiri zurgindegia erre? Horrek ez dik italiarra salbatuko!

        — Berak jaso dik urkamendia, paga dezala!

        — Ez, hori ez....

        — Zer egin zezakeagu besterik? Zer edo zer egin behar diagu, ezin diagu horrela gelditu, gure herrian berton, geure begi bistan...

        Gainetik egin dio Cienfuegosek, ez dio jarraitzen laga, gogorrerako gertu zeukan laguna negarrez hasiko delako, jarraitzekotan.

        — Ez, gaur ez. Sinbolo bat besterik ez lukek izango. Gainera, ikusi egin gaitiztek alde egiten. Gaur ez, baina etorriko duk eguna. Gu hemen gelditzen gaituk, uharte honetan, aditzen?

        Azkaratek baietz egin dio, eta ezetz esan izan balio ere bardin jarraikiko luke nire herrenak, Manzanilloko portuan preso hartutako insurrektoei ikasi zien argudio xume bat errepikatzen duela, gorrotoa ekintza politikora noizbait ekarri ahal izatearen ilusioak emoten dion harrotasunaz:

        — Guk ez zaukaagu beste lurrik. Hauxe duk gure lurra, hauxe duk gure lur pobrea eta, hago ziur, kandelaz onduko diagu harik eta geurea izan arte.

 

 

Lasai jesarriko naiz borreroak eta bere laguntzaileak bizargin adeitsuak legez panpinatuko nauten aulkian. Iritsiko naiz noizbait zain zintudan horretara, Dolors. Nire berba beteko dut, zure ziegan azalduko natzaizu.

        «Zuk ez nauzu ni torturatu, Lilio».

        «Ihes egin nuen».

        «Neuk esan nizun ihes egiteko».

        «Ihes egin ez banu, hil egingo ninduketen».

        «Horregatik egin behar zenuen ihes».

        «Horregatik hil behar dut».

        Cienfuegosek eskusoinua jotzen baleki, Marseillesa entzun ahal izango nuke. Salbatu egin gura nau zoro horrek, Dolors. Guk biok ez maitatzea gura du.

        «Nik maite zaitut».

        «Miresten dut Jaume».

        «Nik ere bai. Baina zutaz ari naiz, nitaz».

        «Hark merezi zaitu».

        «Ez daukazu zeure buruari zer gaitzetsirik».

        «Koldar hutsa naiz. Zuri egin nizun ihes».

        «Ez da egia. Hemen zaude».

        «Ezin zaitut maitatu. Oraindino ez».

        Ke zuri bat ikusten dut teilatuetatik gora, ke lerro zuzenean. Beroa daukat. Tximeleta baltzek hartu dute nire kopetarako abisua. Ikusten ditut, badatoz. Portas lotinantak batuko ditu laster gure haragiak.

        «Borrero jauna, hil nazazu astiro, baina emakume honi min emon barik».

 

 

Azcarraga jenerala Augusti jenerala Tetuango kondea Pidalgo markesa Emilio Castelar diputatua Manuel Lizarriturry aldun nagusia Alfredo Laffitte alkatea Cosme eta Evaristo Churruca jaunak Valdeiglesiasko markesa Pino Hermosoko kondea Lopez Illana gobernadorea Torre Muzquizko kondea Satrusteguiko baroia Henestrosa jauna Arteche eta Ochoa jeneralak Caudillako kondea Donadioko markesa anderea mister Taylor Tovarreko markesa Aguirre de Tejada Casalgo kondea Satrusteguiren alarguntsa baronesa Mandasko dukesa Aguilar de Campooko markesa anderea Lascoitiko kondesa Irastorza anderea Ramiranesko kondesa Rocaverdeko markesa Lizarriturry anderea eta andereñoak militarrak politikoak udatiarrak zinegotziak merkatariak, gizartearen maila guztiak ordezkatzen dituen jaun-anderetza luzitu eta ugari bat dago dator dihardu ahapean atsekabeturik udako ostiral sargori honetan egin behar den funtzio nagusiak ekarria. Erregina ez da etorri, erregina ez zen Madrilera joan halanbe Donostiako udaldia berton behera lagata egun hileta egiten zaion gizonaren gorpuari jarraigoa egitearren, erreginak lan handiak dauzka Miramar jauregian Polavieja jeneralak eginiko eskaintza tentagarria bere kontseilariekin aztertzen. Etorri izan balitz paliopean hartuko zuketen, baina ez ziratekeen errege-martxaren nota handiosak entzungo, elizkizuna dolukoa da. Ez da nabarmenduko, beraz, Espainiako Erregina Errejentaren bularra Donostiako Santa Maria elizako tribunako antepetxo gorrian, baina halanbe abaniko astinduek eragiten duten harrabotsa dateke funtzio eder hau arruntu egiten duen gauza bakarra, batez ere Orfeon Donostiarra Requiemari lotu zaionean. Damek beroa dute, egia da baltzak ez duela laguntzen.

        Ez dakit lepoko bertebrak hausteraino zapaltzen zizkizuten unean Bergarako San Martingo ezkilek jo zuten zure alde Erromako Sant'Angelokoak jo zuen legez zeruari barkamendua eskatzen Giordano Brunorendako, zu ez zinen fraide erratu bat, Elizak ez zintuen zertan oroitu, inork ez zintugun ezagutzen, ez zintugun hemengoa, eta hemengoek zure ekintza gero txalotuko zuten, gero eta isilean, zinismorik gordinenaz. Arrotzean bete zenuen zure lana eta arrotzean emon genizun lur, zuri ohorea irudituko zitzaizukeen kanposantuari erantsitako baratzetxo ez bedeinkatuan, Osoro izeneko parrizidaren ondoan. Elizako guztiak Piztiarendako dira abuztuaren hogeigarren honetan: garrotatuaren burua bere kolkora eror litekeen eztitasun bardinagaz jaitsi du abadeak ostia, zatitzen du ahoratzen du murtxikatzen du irensten du. Badatoz komekatzera ministro kontseiluko behin-behineko lehendakaria oposizioaren burua euskal kostaldeko herrietatik etorritako enbaxadoreak erreginaren administraria. Organoaren durundioa justizia kunplituaren loria da, zorabiatu egin dira zenbait dama, mukuru betea dagoen atarira daroatzate jaun prestuek. Gertakari honek, eta hiletaren luzeak, inguruko tabernetara sakabanatu ditu abokatuak ostalariak noblezadunak neskameak poliziak, gehienak ere ur eske min txuria egin zaien damendako, eta edaritegi barruko gerizpetik jendetzaren higidura ikusi dute gero kale eginik, agintariei diosala txalo gora egiteko urteeran. Badatoz bekokiak xukatzen dituztela, taldetxotan biltzen dira, eskuak emoten dizkiote elkarri, funtzioaren dotorea ahotsen ederra aipatzen dute, Orfeon Donostiarrak oso ozentasun egokia erakutsi du errege umea ezkontzen denerako kontuan hartzeko modukoa da, marmarrak estaltzen du orain abanikoen harrabotsa. Eliza noizbait hustu delarik, eta oraindino ere zalgurdiak zain dauzkatela karrika nagusian, oposizioak protagonismoa kentzen dio Azcarraga jeneralari, Grilo poeta insignea eta Castelar diputatu ezaguna besarkada baten bildu baitira portikoan, kazetariek inguratuak.

        — Denok gaude umezurtz, eta zu inor baino bakarrago. Zure bizi guztian hildakoarekin izan duzun solas intelektuala betirako eten da. Lagun ezazu Aberria ataka larri honetatik urteten!

        Baietz baino ezin dio esan Castelar patrizioak, menturaz zapi bat atera zuen jakatik begi ertza lehortzeko, hizlari beldurgarri hau hunkitua dago, lan ona egin du poetak. Gelak madrildarrei alokatzen dizkien etxejabe batek edo La Union Vascongadako idazkari nagusiak edo mister Taylor Estatu Batuetako enbaxadorea Zarauzko trenak alde egin baino lehen geltokira eroan behar duen kotxeroak edo hiletara etorri ala urkatzea ikustera joan zalantzan egon den Elizaren zentsuraz argitaratzen dela lehen orrialdean gaztigatzen duen El Fueristako erredaktoreak, esate baterako, kate-erlojua zabalduko du.

        — Hila behar du honezkero.

 

 

Amaitu da zure itxarotea. Heldu da azkenik irabazia zenuen martiritza, jendaurrean eta eguzkitan bezain bakar eta urrun. Heriotza egin dizute. Hila zara. Hila zarela adierazi dio medikuak eskua ez ker-es kuin mugituz lekukoa den gerra kontseiluko lehendakariari, garrotatuak ez du pultsurik. Baluke borreroak irriño harro bat egiteko aitzakia, tornuari ezarri dion galgak eragotzi egiten du lepoaren presioak manibela atzeraka eroan dezan, arin ekartzen du heriotza. Zangoak posteari lotzen dizkizun uhala askatu du lehenik, eta fraideen laguntza eskatu du lepokoa askatutakoan gorputza eror ez dadin. Aita German hurreratu da lehenik. Borreroak berak hartzen dizu burua eskuetan, zama handiko fruta da adaska lar mehe batetik zintzilik eta ez du gura eten dadin, mezabarri emoleak ogi santua baino debozio handiagoz burua eskuetan, ikaraz fraide gazteek ateoaren gorpu beroa eskuetan. Soldadu batek gonbitoka egin du patio bazterrean.

        Ikusleek ez dute berba egin gura izan ikusi dutenaz, edukiko dute luzaz ezinegon bat barruan, algara bako urkatzea izan da. Ez zara zalapartaka oldartu borreroari ez duzu barkamenik eskatu ez da zotinik urten zure bihotzetik. Fartsa bat agindu zitzaien, baina bufoiak huts egin die. Inork ez ditu umeak zafratu, gaiztaginen akabantza zelakoa den gomutaraztearren umeei negarra eragiteko usadioak baino indar handiagoa izan du zure dotoretasunak. Mateok hil behar nuela zioen moduan hil zara, duin harro solemne. Heriotzaren mekanikak tanta izoztu bat isuri die bizkarrezurrean behera euskaldun zabarroi, eta zure soseguak ez die onik egin. Burumakur eta ahapeka ari dira, barrua lasai ez daukanak legez.

        — Zer esan dik? Entzun diok?

        — Germinal!

        — Germinal?

        — Italiarra zuan...

        — Eta hik badakik, Germinal horrek zer esan gura duen?

 

 

Argazkilaria bakarrik gelditu da Errekalde jauregiko zelai bazterrean. Alferrik egon da Cienfuegos alprojaren zain, berak garraiatu beharko du hiruhankako astuna, herrenak beharra dauka Artekale eta Kale Nagusiko bazterrean, bertora dator izerditan irakiten.

        — Bertso barriak Angiolillori jarriak!

        Elosuko irentzailea da hasia pregoia jotzen, bera izan balitz moduan lekuko bakarra zeremonia sekretu baten, Bergara osoa ikusle joan ez balitz moduan kartzelako patioa doan eskaini duten larreetara. Sosik ez daukatenak irakurtzen ez dakitenak berandu iritsi direnak bertsopaper saltzailearen ahots zakarra entzuten gelditu dira tragediaren literatura buruz ikasteko:

                        «Urkamendian nintzen eserita jarri

                        Jainkoari otoika eginik aldarri

                        Lepoa emon behar nuen lotsagarri

                        Gaiztakeriek naute hontara ekarri»

        Bertsoak ez dira hogeita hamabi urte lehenago Osoro parrizidari jarritakoen aldaera bat besterik, batez beste antzekoak izaten dira kondenatu guztien portaerak, denek egiten dute estropezu zurubiaren mailetan, ez daukat ezer bertsogilearen aurka. Ni ere «Gora munduko langileria!» oihukatuz hil nindutela esango zukeen nire herriak, ni, heriotza heroikorako adorea besterik ez neukan koldar hau, harro eta beldurbako hil nintzela kantatuko zukeen nire herriaren epika xumeak. Baina zu ez zintugun heroi, gure herriak ez zekien oraindino wolframa bereizten, gero irakatsi genion. Miserable eta koldar hil zintezela behar zuten denek, damutu bat behar dute kondenatu zintuztenek, urkamen publikoak bere funtzio guztiak bete ditzan. Lauso baten bada ere, hori dena konprenitu du Cienfuegosek irentzailearen kantua entzundakoan.

        — Bizi gura baduk, emostazak paper horiek guztiak segituan!

 

 

Krabata garbitzea esaten dio borreroak orain egiten ari denari, abadea emoten du kalizaren ezpainak zapi bedeinkatuz igurzten, burdinazko uztaian itsatsirik gelditu diren urkatuaren lepoko haragi eta azal zatiak kentzen ditu zaku zahar bati eskaturiko zati garbituagaz. Langile eskrupulosoa da, zatar honetan bildu eta katabutean ipintzen ditu pertsonalki gorpuzkinak. Iaz itzul ahal izan ziezazkion baino lehen ehortzi zioten urkatua Sigüenzan. Bertoko kalbarioaren lehen gurutzean erre zituen gero. Ez zen inori ikasia, barrenak agindu zion. Pozik dago bere lanaz, garrotatze txukun bat egina da, eta pena du hurrengo egunean deus aurkitu ezin izana bere trebeziaz egunkarietan, gobernamenduak, anarkistaren bat hil behar den guztietan legez debekatua baitu urkatzea deskribatzea, zeren egungo dolu nazionalaren kausa den ministro kontseiluko lehendakariaren pertsonan egin den atentatu kondenagarriak gure ahotsa fiskal jaunei zuzentzeko agindu zorrotza eskatzen baitit, ez aski ezagunak dituzten legeetako testuak eta goragoko instrukzioak oroitarazteko, baizik eta abertzale eta estatugile handiari ohore tristea egiteko. Errudunei buruzko xehetasunak emoteko aitzakian, sortu izan dira, halako helburua izan barik ere, ideia baten martiriak eta zernahi neke eta anaiak esaten dietenen alde bizia emoteko prest legez jartzen dituzten leiendak, traizioak heroitasuna balekar moduan, edo odolgiroak gizatasunik. Delitu hauen apologia ez da bakarrik egitate kriminala laudagarri aurkeztea eta egiten duenaren jokamoldea txalogarri, baita delituen handia txikiagotzea, sinpatikoak egin litezkeen ezaugarriakaz aurkeztea ere.

        Ahoz aho ekarri da zure maitasunezko mehatxua egundaino prentsako zentsura guztien gainetik. Cienfuegosek edo Azkaratek edo ezpainean behera sakaila duen Eibarko armagile batek edo tabernari irakurtzale batek zure berba esplikatuko zuten urteetan, tipografo klandestinoak balira legez: gizarte higatu baten hegaldia udabarrirantz, beharginen maluren zientziak, hazi eginik, ekarriko duen gerezien sasoia.

 

 

Cienfuegosen omenetan eskua kalostran emona ageri zara, agindu legez, Markaidak egin zizkizun sei argazkietatik aurrenekoan. Lombroso espainiar batek aztertu zituen argazkiak, jarreren kiromantzia baten. Ez zuen zutaz mesprezurik egin ahal izan. Ikustekoa ei zen zure patxada borreroak bere prestaketa izugarriak egiten zituen artean, «zure jarrera fisiognomikoak» erakusten zuenez. Soldaduek burua makurtu zuten. Borreroak itoketa hasten duelarik, zure gorputz osoa bihurritua ageri da, buruak atzeraka egiten duela, begiak itxita. Azken argazkian, hegal baltz batzuek estaltzen dute zure sofrikarioa. Norbaitek negatiboa manipulatu izan balu moduan, idazten ahal badezaket.

        Argazki honek, plano orokorrean egina den arren, presondegiko teilatua hartzen du goialdeko ertzean, ez du zerurik ageri. Ez digu erakusten zu garrotatzen zintuzten unean haize bako goiz hartako zeruan gora igan zen ke luze zuria teilatuen gainetik. Urkatzea ikustera joandako askok uste izan zuten seinale bat zela, eta aztoratu egin ziren, munduko langileria jazartzen zitzaion Bergarari mendeku gose. Gero jakin ahal izan zuten Joxe Berriozabalek bere ohe guztiak erre behar izan zituela oihal eta tapakiakaz. Baztanga zeukan etxean.

        Ke hutsa zen, gar bakoa.

        Baina uste dut izan zela inoiz Cienfuegos bat Bergaran.

        Sinetsi beharra daukat, zuk legez, badabilela Cienfuegos bat Bergara guztietan torturatuen mindura eztitzen bertsio ofizialak erretzen borreroak mehatxatzen kondenatuak askatu guran. Menturaz ni ez nengoen gertu heriotza duin baterako, menturaz amets egiten nuen ni salbatu gura ninduen zoro bat, ez neukan adorerik heriotza zikin baterako, esana dizut. Horrek sorrarazi ote didan Cienfuegos, egin izan dut neure artean. Baliteke. Baina neure herria ere duindu behar nuelako sortu dut herren libertario hori, neure herria munduan gura dudalako. Cienfuegos han zebilen, segur naiz, nire herriaren historiaren aurka azpilanean, zuk sortu didazun Dolors hori dabilen legez Trafalgar Squaren elkartasuna eskatzen munduko oinezkoei.