ZILARREZKO AZKONARRA
Azkonarraren atzamartxoa
ekarri dot menditik.
Begizkorik eztegizuen
bulartxoan esegi.
Herritarra
Korri
zak! Korri zak, bizia galdu nahi ez baduk! Bizkor mugitu
hire hanka motzak sastrakaz jositako maldan gora. Muturra odoletan daukak oteen
arantzez urraturik, baina okerragoa duk gibelekoa.
Izartegia lainotuta zagok gau ilunean, nahiz eta hego haizeak bazterrak gogoz astindu. Arnas hartzeko astirik gabe ere, korri zak!, beranduegi izan baino lehen, atzetik datorrenak harrapatu baino lehen.
Azkonarrak bere kasa bizirauteko adina ikasia zuen. Ez zen aita bezain handia, baina espeziekideekin alderatuz gero, galanta zen hain gaztea izateko. Aitaren zilar kolore bereziko ilajea zeukan, eta erpe ahaltsuak, motzondo ustelduetan zomorroak azterka eta lurra industen zailduak. Aurpegiko marra zuri-beltzek sen argitsua nabarmentzen zioten, amaren azkartasunetik jasoa.
Gurasoen habia lagata, piztiak bakarka egindako lehen ibilerak berehala hedatu ziren harana gurutzatzen duen ibai zabalaren bestaldera. Gaztainadiak, amezti zerratuak, pagadiak eta otadiak nahasten ziren han, erripa malkarretan. Udaberrian isatsen horiz eta udan ainarren ubelez tindaturiko paraje haietan, ez zen azkonarrik aspalditik bizi, eurentzat lurralde aproposa izan arren.
Gertu, ibaiaren ataka bat pasata, baserri bat zegoen hegian gora. Borda itxurakoa eta garai batean saletxe izana. Pentze pikoak lantzen zituen, baina uhertzeko xunda batean alor emankorrak zeuzkan, arto sail oparoekin. Azkonar gazteak agudo aurkitu zuen pagotxa.
Artaburuak artean heltzear zeudenean, azkonarren gusturako puntu-puntuan, aniztu egin ziren piztiaren gaueko bisitak. Horrela, bere ekintzen aztarnak ageriko bihurtutakoan, ihiziren bat artotan zebilela konturatu zen baserritarra. Zapaldu eta jandako landare artean oin-arrastoak topatu eta arto xixkalaria garbitzea erabaki zuen.
Aranguren burdindegiko zepoak ezagutu nahi ditik horrek! entzun zion oilarrak baserritarrari egunsentian.
Alor ertzeko txarrantxan kateaturiko ileek salatzen zituzten azkonarraren joan-etorrien nondik norakoak. Hantxe paratu zituen zepoak, eta orbelez estalitako hiru metalezko barailak piztia atzeman zain geratu ziren.
Bi egun joan, beste hiru etorri, azkonarrak ez zuen zelatan erortzeko asmorik agertu. Baina baserritarra etsitzen hasita zegoenean hurbildu zen harrapakina. Ondoko baserriko zakurraren ainuriak entzun baitzituen, arteei kontu eginez eguneroko buelta ematerakoan.
Hantxe zegoen bere auzo ehiztariaren etxeko kutuna, setter ingelesa, burdinazko haginetan zangoa trabatuta.
Tentel arraioa!
Amezti baserriko Inaziok ehiza-txapelketak erruz irabaziak zituen setterrarekin, eta baserritarrak bazuen animaliaren truke beste ehiztariek jabeari eskainitako diru puskaren berri. Bai, Ameztitarra harro zegoen zakurraz, eta ez zuen ongi hartuko herren bueltatzea.
Animalia askatzeko harrapagailua irekitakoan, oinazea areagotu eta zakurrak salbatzailea bere min guztien errudun jota, gogor ausiki zion besoan.
Gizonak eritetxean amaitu zuen eguna, ehizorak albaitariarenean, eta Amezti baserriko Inaziok haserre, zepoak jarri aurretik zakurrak etxean loturik gordetzeko abisua ez emateagatik.
Iruñeko albaitari ospetsuak animaliari egindako ebakuntzaren ordainketak eta konpentsazio moduan Inaziok poltsikoratutako sosek, ez zuten ezer askorik konpondu.
Hura nahiko ezbehar ez nonbait, eta gertatutakoen zurrumurrua basozainen belarrietara heldutakoan, etxera etorri zitzaizkion zepoez galdezka, arte horiek ezartzea legez kanpokoa baita.
Zorigaitz bat bertzearen atzetik, eta dena azkonar horren erruz!
Hegoak ametz eta urki adar hostogabeak karraskatzen ditik. Hodeiak bere menpeko zaldi zorotan abiatuak dituk. Ez dik euririk ekarriko, goiak agorturik zirudik aspaldiko partez. Hegoi [1] gailendu duk beste haize ororen gainetik, lurrak idortzen, garoak hankapean kraskagarri bihurtu arte lehortzen. Eta Hodeik ez dik aski indarrik hainbeste harroturiko Hegoi gorriari aurre egiteko, euri-haize arrea erakartzeko.
Korri zak ba, azkonarra! Korri zak!
Bistan da azkonarrak irabazi zuela demaren lehen txanda. Baina baserritarra ez zen olgetan geratuko, piztia zikinak bere artoa bapo jaten zuen bitartean.
Bakean utzi? Ez horixe! erantzun zion alabari.
Azkonarra harrapatzeko bide batzuk aztertu zituen, baina izandako eskarmentuaz gero, pozoi eta lakioekin bere kabuz berriro jarduteko beldur zen. Amore ematekotan zegoelarik, ezagun batek eman zion konponbidea, ostatuan elkarrekin basoerdiak edaten.
Hik behar duanerako, Aginetako Joxe Prasku bezalakorik ez zagok munduan.
Joxe Prasku Ituren urtetan aritu izan zen basapiztiak atzematea ogibidetzat hartuta. 36ko Gerra ostetik hirurogeita hamarretara arte, Hego Euskal Herriko udalek saria eskaintzen zuten azeri, otso, azkonar, hegazti harrapari edo bertze edozein ihizi galtzearen truke. Bestalde, igaraba, katajineta, basakatu edo bertze hainbat animaliaren larruak ederki ordaintzen zituzten Donostia edo Iruñeko larrutegietan. Irabazi bikoitza, lepazuri baten larruak hilabeteko soldata balio baitzuen urte haietan.
Zepoz, lakioz edo estrikninaz akabaturiko piztien larru finekin egindako beroki eta lepokoak janztea laket zuten handiki Franco zaleek, erregimenaren ospakizun sozial zein ofizialetan bederen.
Orain aldiz erraten ari zitzaion laguna, ardoa eskuan eta begirada oroitzapenetan galdua, piztia berberak legez babesturik zaudek, zorioneko ekologia zaindu behar omen delako.
Ez dakik hik ongi! Basozainek egundoko zigorra jarri nahi zidatek zepotan aritzearren!
Non zaudek hire eme laguna eta zuen kumeak?
Gaueroko ibilalditxoa egiten ari hintzenean harrapatu hau ezustean, eta orain etsai gorriak azkonartegira bueltatzeko bide guztiak oztopatu ditik. Ezin duk bertara hurbildu, nahikoa lan duk ospa egiten. Hire familiakoek haren atzaparretatik salbu jarri ahal izango ote dute?
Gibelean triku baten izu garrasiak entzun dituk. Akitu egin duk ihesbidean. Animaliatxoa baino askoz azkarragoa den munstroak irentsi eta bertan klaskatzen ari duk.
Baina hik oraindik tartea ateratzen diok, eta hurren zagok mendiskaren tontorra. Hortxe daukak balizko irtenbidea, agian...
Agineta auzuneko errepide piko eta estuan gora gidatu zuen lanroberra hurrengo jai egunean. Herriska betiko legez aurkitu uste izan zuen: mendi kaskoko elizatzarra harrizko etxeez inguratua. Herriko plaza duela gutxi txukunduta zegoen ordea, eta itxura modernoko farolak eta paperontzi deigarriak elizako arkupe higatuez trufatzen ari ziren, baina eurak ere barregarri. Basaburuetara ere iristen da modernitatea!
Ostatura jo zuen artez. Bazekien Prasku non aurkitu. Musean ziharduen, beste hiru jubilaturekin. Txapela kopetan behera sartuta eta kea zerion dukadosa ezpainetan, agurearen begi txiki marroiek berak atzemandako dozenaka basakatu lepazurien bizitasuna zuten. Sagardo botila eta okel eta txorizo egosi platerkada eskatu eta muslarien alboko mahaian eseri zen Bordazaharko nagusia, partidari arretaz begiratuko balio bezala. Jokaldia ez zen asko luzatu, laster irabazi zuten Praskuk eta bere lagunak. Hain karta txarrekin jotako hordagoak aldez aurretik adiskidearen keinua jaso zuela ez zegoen zalantzarik.
Zakurraren putza! madarikatu zuten galtzaileek.
Piztialari ohiak txapel azpiko ile urdinera eraman zuen eskua, bere lekua beste batek har zezan eskatu zuen, eta jokatzeko txandaren zain zegoen gizaseme gaztea eseri zen haren tokian. Agurea ostatuko salmahairantz basoerdiaren bila hurbiltzera zihoala erran zion:
Aizu, zu Joxe Prasku Ituren zara, ezta?
Bai orain arte erantzun zion mesfidantzaz. Eta hi ez haiz auzokoa!
Ni Xabier naiz, Arrietako Bordazahar baserrikoa.
Jontxo, hi haiz orduan hango alarguna.
Horixe bera. Aizan agindu zion ostatuko neskatoari, ekartzan Errioxako botila ardoa, eta bertze plater bat zezina. Nire kontu. Halaxe ba, Bordazaharko alarguna naiz. Emaztea joan zitzaigula badira bederatzi urte, eta alabak zaindu izan ez banindu, haren aldamenean nengokeen.
Ezagutu nian emaztea, artean haur bat zenean, bere aita eta biok... erran zion Praskuk, aldameneko aulkian eseriz.
Bai, haren aitarekin ibili izan zinen baso lanetan bolada batez, eta uste dudanez, basapiztien harrapaketan ere bai.
Baso lanetan bai, piztietan ez.
Ba ni basapiztien inguruko tratua egitera natorkizu. Baserriko artasoroa hondatzen ari zait azkonar bat eta...
Aizak zakartu egin zuen ahotsa, ni lantegi haietatik aspalditik erretiratuta nagok!
Gurea kasu berezia da ordea...
Gure garaian sariak zeudean, baina gaur demaseko isunak zaudek. Mila esker nitaz gogoratzearren, baina ez diat nire jubilazio eskasa txorakeria bategatik hondatu nahi!
Inork ez du jakin beharrik berotu egin zen, bere asmoa pikutara zihoala ikusita. Egia aitortuko dizut. Nire kabuz saiatu izan naiz, baina ez dut asmatu. Ondoko baserriko setterra erori zen zepoan azkonarraren ordez, eta gizona oraindik muzindurik daukat bere ditxosozko zakurra izorratu diodalako.
Praskuren aurpegi irribera argitu egin zen, eta adarra jo zion Xabierri:
Orduan, azkonartxoak, artotan ibiltzeaz gainera, auzoan txokolatea nahasi dik. Primeran, edo egungo azkonarrak burutsuagoak ditiagu, edo haien harrapaketan dabiltzanak tenteldu egin dituk.
Aizu, aizu...
Piztiekin arazoak dituzuenak Tolosako feriara edo Elizondora joaten zarete zepo bila. Baserriko jira harra pagailuz josi eta etxeko aziendari edo lagunari istripua eragin. Tresna horiek ez dituk edozein modutan erabiltzekoak.
Horrexegatik natorkizu laguntza eske. Ez dut berriro txorakeriarik egin nahi.
Praskuk garondoa hazkatu zuen, Errioxako ardoa astiro dastatu eta erabaki:
Ontsa! Hire alaba hire burugabekeriatatik libratzearren eta hire aitaginarreba zenari mesede bat zor niolako lagunduko diat. Elkarrekin konponduko gaituk: heu, neu eta azkonar jostarin hori.
Tontorrera heltzerako, eztanda egiteko zorian dauden hauspoak ziruditek hire birikek. Hartzak arnasa! Eginahalagatik uherturiko begiak haran aldera itzulitakoan ohartuko haiz egoera beldurgarriaz.
Etsai gorria bailara eta mendiaren jaun eta jabe egin duk Hegoiren laguntzarekin. Asezin, milaka zuhaitz, dozenaka sastraka hektarea eta larre irentsi ditik jadanik. Eta hala ere aurrera zerraik.
Bere hatsa birika minduetan sartu zaik, garratz, itogarri.
Hartu arnasa eta korri zak!, munstroaren mingain gosetuak muino azpiko sastraka milikatzen ari dira-eta.
Ziplo abiatu beharko duk maldan behera, zazkardian hire larrua ostera urratzen. Belarriak sorgin-haizearen karkarez beteta, ihesaldi eroan segi zak!
Pagauso eta birigarro samaldak zetozen udazkenean Bortuetako ohiko pasalekuetatik. Ibai handiaren haraneko ortzian marrazten ziren etengabe, usote-haizearen menpe, oso baxu hegaka.
Ürzo lüma gris gaxua,
orai bidajian bahua,
baratzen bazaik Musde Sarri,
jaun apetitü hun hura,
begiz ikusten baldin bahai,
Phetiriñalat bahua.
Lapurdi eta Nafarroa arteko mendi lepoetan kokaturiko usokarien postuetatik eskopeten deskarga itxiak ailegatzen zitzaizkien. Epela zegoen, atsegina: uso giroa, makina bat hegazti Musde Sarriren ondorengoen lapikoetara joateko apartekoa.
Xabier egunero Aginetara hurbiltzen zen goizean goiz, lanroberraz Praskuren bila. Piztilari ohia jaso, biak Bordazaharrera bueltatu eta jarritako xederei kasu egin. Aztarna berriak aztertu, lakio batzuk lekuz aldatu... Lana bukatutakoan, errepide nagusian zegoen Iruñarra ostatura jaitsi eta hamarretako eder bat elkarrekin egin, gizalegea zenez Xabierrek ordaindua. Gero, hamabietarako, Aginetako kamioan gora agurea ostatuan laga mus partida lagunekin jokatzeko, eta Xabierrek berriro buelta baserriko beharretara.
Prasku eta Xabier Bordazahar baserriko lurretan paraturiko burdinazko lakioen errepasoan ari ziren bosgarren egunez segidan. Mendibizkarretako pagoak kolorez aldatzen hasiak ziren, paisaia arre eta urrez dotore beztituz. Praskuk gustura arnasten zituen oihan eta landako usainak. Xabier aurrean onartzen zuen, baina laketago zitzaion azkonarrak mendian lagatako arrastoak bilatzea, pasaleku eta ibilbideak aztertzea. Erronka zirikagarria beretzat, hainbeste urte eta gero.
Giro polita diagu, Xabier. Uso-pasa honekin basozainak uso-postuetan ibili beharko ditek, eta bakea guretzat.
Zaila da basozain edo foraletako inor konturatzea lakioetan gabiltzala. Baten batek salatzen ez bagaitu behintzat.
Argi ibili gero! Largabistak asmatuz gero, urrundik ere ikusten ditek horiek.
Gaurko tiro haserrearekin, guri begira egotea baino bertze eginbeharrik ibiliko dute. Nondik hasiko gara gaur lakioak ikusten?
Beheko hesitik. Han ditiagu azkonarra harrapatzeko aukera gehienak.
Zurekin ez dut bertze zakurrik izorratzeko beldurrik.
Noiz edo noiz hanka sartu izan diagu denok. Behin, nik jarritako lakioan...
Bai zera!
Bahuen azeri bat ia egunero Gipuzkoako baserritar baten oilategira joan eta bisita bakoitzeko oilo parea akabatzen ziona. Gizona aspertu eta azeria harrapatzeko deitu ninditean. Problema zera huen, azeriaren habia Diputazioko finka baten barruan zegoela. Finka hura jende handiarentzako ehiz kotoa izanik, lau basozain gora eta behera ibiltzen hituen gau eta egun, bazter guztietan usainka, jende xumea ehizean ez ibiltzeko. Beraz, kontuz ibili beharra genian han. Lakioak jarri nitian finka barruan, haietako bat azeria maiz zebilen bidezidor estuan. Beheko partean sasiak harturiko pendiz altua zegoan, eta horregatik suertatu huen: basozainetako batek hanka lakioan sartu, korapilatu, estropozo egin eta pendizan behera amildu huen. Han geratu huen zintzilik, lakioa erabat teinkatuta eta askatu ezinik.
Basozain harrapaketan ere espezialista orduan!
Azeri deabru hura nire lakioetatik enparatu huen azkenean. Baina baserritarra kikilduta zegoan basozainaren pasadizoaren ondoren. Agindutako diruaren erdia eman zidaan eta antzarak ferratzera bidali nitian. Gaur zorte hobea izanen ahal dugu!
Esperantzaz beterik, bi gizonak maldan behera jaitsi ziren ibai ertzean zegoen artatza aldera. Ez oso urrutitik, konkor grisaska antzeman zuten hesola baten ondoan.
Hara hor gure arto lapurra! oihu egin zuen Praskuk.
Ihizia trabatuta zegoen, burdinazko xederaren kontrako borrokan etsiturik.
Azkonar latza! erran zuen Praskuk basapiztia begi adituekin aztertzen. Zilar kolorekoa gainera, bitxia. Segituan akabatzea izanen duk zuzenena bizkarrean zeraman eskopeta paralela urtetsua eskuratu eta bandatzen hasi zen.
Ez, ez, zaude!
Zer duk ba? Garbiena tiro bat buruan sartzea eta kitto. Ez diat gustuko piztiei alferrik sufriaraztea.
Baina...
Larru ederra geratuko zaik sutondo gainerako. Garai batean azkonarraren atzaparrak eta larrua begizkoari kontra egiteko erabiltzen hituen etxeetan. Indar handiko kutunak hituen, oso preziatuak. Agian zorte ona ekarriko dik aurrerantzean.
Gaur izan dut nik zorte ona. Honen erruz muturturik daukat Ameztiko Inazio. Hari oparituko diot, baina bizirik. Ea kaskagogorraldia gozatzen zaion...
Eta zertarako nahi dik Inaziok azkonarra bizirik? Hau ez duk etxeko atarian katean edukitzeko azienda, ezta herriko plazan hedean hartuta paseatzekoa ere.
Hemen, auzoan bertan, Azkaratekoak oso basurde ehizazaleak dira. Eta gogoratzen naiz, zakurrak trebatzeko basurdea zeukatela etxeko ikuiluan. Baliteke Inaziori azkonarra balio izatea bere ehiza zakurrak trebatzeko...
Herorrek ikusiko duk azkonarrarekin zer egin. Harrapatzea huen nire lana. Hortik aurrera hire kontua duk... Inaziori oparitu edo ogi tartean jan...
Ez zapuztu, gizona! Hainbeste neke eman digun azkonar ziztrin honengatik ez gara orain haserretuko...
Nik esan beharrekoa esan diat: kontu bat duk piztiak harrapatzea eta beste bat alferrik sufriaraztea!
Hegoiren ziztu amorratuek goia garbitu diate. Ortzia oro duk haize. Eta hala ere hitsa duk gaua, ilargi behera izartegian. Gure alaba ttikia duk, argi gabea. Izarren erlantz motelak kasik ñirñir ere ez.
Hor behean zagok argitasuna, etsai gorriak ilunbeari inposatua, ibarreko basoak eta bidean harrapatzen dituen animaliak tragatzen dituena. Munstroaren mingainetan sortzen duk argia, eta handik gora zoak txuaren zipriztin artean. Haran osoa okitu dik bere hatsak.
Segi antxintxika! Hoa hegian behera itsu-itsuan, munstroaren atzaparretatik landa dagoen edozein lur zatiren bila. Ezer ez duk hutsala!
Lanroberrak orroka igo zuen Amezti baserrirantz zihoan porlanezko aldaia. Huraxe zen azkonarrak autoz egiten zuen lehen bidaia, eta beldurturik zihoan atzeko partean jarritako kaiola barruan. Bi gizonezkoen presentzia aurrean sentitzen zuen. Gauza larrigarri hura kendua zioten behintzat lepotik.
Bezperako arrats beheran, maiz egiten zuenez, bi edo hiru artaburu jatera hurbildu zen alorrera. Hesi azpitik pasatzean ordea, zer edo zer kateatu zitzaion lepo bueltan. Zenbat eta gehiago tira, are tinkoago ixten zitzaion azkonarrari samaren inguruan, itobeharrean. Gau osoa iraun zuen borrokari ekin zion. Baina akaziazko hesola sendoari loturiko burdinazko xedera ez zen etsai makala. Egunsentiak leher eginda eta erdi itota harrapatu zuen. Gizonak azaldutakoan, ez zen gauza izan eurei aurre egiteko, eta erraz sartu zuten kaiola barruan.
Orain, berriz, zuzpertzen ari zen, eta etengabe saiatzen zen preso mantentzen zuen kaiola apurtzen. Lan antzua.
Bidaia ez zen oso luzea izan. Lanroberra baserri baten atari aurrean geratu zen berehala. Gizonak kotxetik irten eta laster ireki zuten atzeko atetila.
Hau duk orduan hemen inguruko pikardien egilea?
Ameztiko Inazio zen hura galdetzen zuena. Hogeita hamasei urte, ihar eta beltzarana, azkonarra arakatzen zuen arretaz. Piztiak marraka mehatxugarriz erantzun zion. Gizonak irribarre maltzurra egin zuen eta sudur zuloak atzamarrekin igurtzi zituen pentsakor.
Hauxe bera duk! erantzun zion Xabierrek. Hau duk gure arto saila txikitu duena eta hire txakurrarekin gertatukoaren erruduna.
Azkonar latza diagu. Arra al duk?
Potroak baditik behintzat! arrapostu eman zion Praskuk lehor.
Ba, uste dut potroak galtzeko joko polita asmatu dudala. Zer diok orduan Bordazaharra, azkonarra niretzat, ezta?
Bai, noski, izandako kalteen ordainetan...
Orduan, jaunak, jokoa eginen dugu! Azkonar jokoa! Ehiza-zakurraren eta azkonarraren arteko borroka. Inguruko lagun batzuk deitu eta apustuak libre! Zer deritzok, Bordazaharra? Azkonar honek hiri eta niri egindako pikardiak larruaren truke ordaindu beharko ditik!
Nire iritzia nahi baduk Praskuk bazekien azkonarrez, astakeria galanta! Ehiza-zakur bat galdu nahi baldin baduk, jo buruan aitzurraz eta kito. Horrela behintzat azkarrago akabatuko duk gizagaixoa, azkonar honek txikitu ordez. Eta bertzela ere, basozainak eta foralak enteratzen baldin badira apustuaren kontuaz, jai duzue.
Aizu, aitona erantzun zion Inaziok erretxindurik. Nire edozein basurde-zakurrek derrepente garbituko du azkonar kaskar hau!
Begira, Inazio, bost axola niri hire zakurrekin zer egiten duan, baina eman bake santua denoi txorakeriatan hasi gabe.
Ba, niri ez zaidak ideia txarra iruditzen tartean sartu zen Xabier. Azken finean, azkonar zikin honengatik aski buruhauste izan diagu. Orain behintzat onura pixka bat atera beharko zioagu harrapatuz gero...
Ongi, Xabier, hirekin ados natorrek behingoz. Gaur bertan eginen diagu, arratsaldean. Jende gutxi baldin badago tartean, hobe denontzat. Abisua konfiantzazko lagunei bakarrik emanen zieagu. Nire basurde koadrilako lagunei-eta.
Praskuk hasperena egin zuen berriro. Halako sekretua benetan gordetzeko zerbait behar ez bazuten, Inazioren basurde taldea bezalako ehiztari hitzontzi multzoa zen. Haiena bai, tabernan bi patxaran edan eta balentriak kontatu beharra!
Bon, kito! Nik aurrera edo atzera erranda ere, berdin-berdin eginen duzue jokoa. Ba, orduan nik ere parte hartu nahi diat.
Tira, hori taxuzkoagoa da, aitona. Noren alde egin behar duzu, zakurraren ala azkonarraren alde?
Azkonarraren alde, jakina. Azkonarrak galtzen badu, nik hamar mila ogerleko galdu. Baina berak irabazten badu, Inazio, bost mila ogerleko niretzat eta piztia askatuko duzue eta mendian gora bidali, haizea baino libreago. Hori duk nire apustua!
Egina zagok, aitona!
Han zaudek aurrez aurre, beste aldeko mazelan, munstroak inguraturik. Artalde horrek ez zaukak salbabiderik. Bere buelta guztia sutan zagok. Oteek erretxinaz igurtziriko zuziak ziruditek. Garrak ortzirantz goratzen dituk, ardien jiran suzko harresia eraikiz. Eateren bizarrak [2] ziruditek, eta sutearen baurreak bere karkarak. Bai, Eate duk etsai gorria. Eate! Behin askatuz gero, neuk ere kontrolatu ezin dudana.
Mee izutuak, alferrikako lasterketak sastraka artean artile xerloak arantza artean lagaz, eta hi begi zabal-zabalik so. Aharia ere kateatua geratu duk, ez aurrera eta ez atzera mugitzeko gauza ez dela. Eatek bere gainera salto eginen dik goseti. Horra, azkonarra! Instant batean abere malerusaren neguko artilea garretan duk, tortxa bizidun bihurtuta. Izugarriak dituk marruak. Oinazez eroturik salto egin dik haitzetik behera amilduz, baina mazelan behera biribilka erortzeko soilik. Sua bere gibeletik hedatu duk agudo, berak ukitutako ote eta sasiak irazekiz. Ahariak niri buruzko istorioetako suzko abere bat zirudik. Edozein unetan lurretik altxa eta garretan Aizkorri edo Anbotorantz hegaz jalgiko dena.
Korri zak, korri zak, nora jo ez jakin arren. Eatek atzaparrak gero eta estuago ixten ditik hire inguruan, eta hik ere hori badakik!
Borroka gunea, baserri aurreko larrainean egurrez eta burdin-sarez apainduriko karratua baino besterik ez zen, sei bat metrokoa alde bakoitzeko.
Praskuren tukuak poliki kunplituz, azkonarraren eta zakurraren arteko borrokaren albistea nahi baino gehiago hedatu zen inguruetan, eta han zegoen inork gonbidatu gabeko jende mordoska, ikuskizunaz gozatzeko irrikan eta apustuekin bero-bero eginda.
Basapiztiaren aurkakoak ziren postura gehienak. Ehiztarien artean ezaguna zen Inazioren hozka-zakur hura, basurdeekin borroka odoltsuetan trebatua. Ile ugari zeukan, kanela koloreko tximez gorputza estalia; sendoak hankak, atzaparretako atzazalak hainbeste ibiltzeaz gastaturik; eta hori bai, mutur luzeska, hortzadura zorrotzaz horniturik. Berrogei kilo, gihar eta zaintxuriak.
Giroa pil-pilean zegoen, Ameztiko Inaziok eta Bordazaharreko Xabierrek azkonarraren kaiola bien artean eramanez baserriko ikuilutik atera zutenean. Kaiola barrutik urduri begiratzen zuen ihiziak. Bizkarreko ileak laztuak zituen, eta marraka egiten zion hara bilduriko jende zalapartatsuari. Beldurrak eragina besterik ez zen azkonarraren ustezko jite txarrak mota guztietako iruzkinak piztu zituen ikusleengan. Onartuak izan ziren azken apustuak. Eta kaiola burdin-sa rezko lauki barruan sartu ondoren ireki zioten atea azkonarrari.
Hasiera batean ihiziak ez zuen kaiolatik irten nahi izan, baina horretaz Xabier arduratu zen, makila batekin zirikatuz. Azkonarra kaiolatik atera eta dardarka geratu zen laukiaren erdian, Inazio bere etsaiaren bila zihoan bitartean. Minutu batean azaldu zen Ameztiko nagusia bere hozka-za kurrarekin, uhaletik eutsita eta egoerak agindutako aire zeremoniatsuz.
Laukiaren bestaldetik, Praskuk aurpegi ironikoz begiztatzen zituen prestakuntzak.
Hauxe duk inozo koadrila! esaten zuen bere kolkorako. Benetan, zakurraren pena bakarrik dudala!
Ordurako, Praskuk Inazio eta Xabierrekin azkonarraren askatasuna hamar mila ogerlekoren kontra egindako apustuaz aparte, basurde ehiztarien taldekoekin ere gurutzatu berriak zituen, bera beti piztiaren alde.
Zakurra itxituraraino hurbildu zuen Inaziok eta hau segituan ohartu zen arerioaren presentziaz. Ehiztariak animalia xaxatu zuen azkonarraren aldera begira jarriz. Marmar eta zaunkaz lehertu zen. Letaginak erakusten zituen, barautsa ahotik zeriola, uhaletik tiraka.
Hori duk basapiztia! Barruan dagoena baino piztiagoa laudatzen zuten zakurra ihiziaren aurka postura egindakoek.
Baina denak batera isildu ziren, Inaziok zakurra itxituraren barruan sartu zuenean.
Aurkaria hain gertu ikustean, etzanda jarri zen azkonarra, mehatxuzko kurrinkak eten gabe. Bestea, buztana tente, inguruka eta jiraka hasi zitzaion nondik erasotzeko toki egoki bila, azeri eta oiloaren jokoari jarraituz.
Jendea mututu egin zen bi animaliei igurikipenez begira. Egoerak minutu t'erdi iraun zuen, zakurrak eraso egin zuen arte. Salto batez atzeko partetik oratu zion azkonarrari eta izter batean sartu zizkion letaginak. Basa-animaliak txilioa egin zuen. Zakurra, harrapakina askatu gabe, burua astintzen hasi zen amorruz. Eta borrokaren patua bere alde zegoela zirudienean, azkonarra jiratu eta lau atzaparrak martxan jarri zituen. Lurrean industeko tresnak ziren erpeak, borrokarako demaseko armak bezala azaldu zirenak. Gertatzen ari zenaz inor konturatzerako, zauriz josita zegoen ehizoraren gorpua. Azkonarrak atzaparka zebilen zirimola zirudien, eta azkenean bere haginak zakurraren bularrean hondoratu ziren labanak bailiran. Beldur eta minezko ainuri eta kalitxa bilakatu ziren zakurraren kurrinka zemaigarriak. Odola ihesi zihoan bere gorputzetik, atzaparkadek irekitako txirrioei jarraikitzen. Ihiziarengandik aldentzea lortu zuenean, laukiaren bazter batera joan zen jendearen babesaren bila, narras eta zinkurinez.
Azkonar garailea erdi-erdian geratu zen, orain isilik eta txunditurik zegoen jendeari marrakaz.
Lehen uneko harridura pasata, hilzorian zegoen ehizor estimatua lehenbailehen albaitari batengana eramatea otu zitzaion Inaziori. Hesi barrura sartu, beste gizon baten laguntzaz iraulitako aberea eskuetan hartu, etxetik ateratako manta batean bildu eta kotxean sartu zuen presaka.
Azkonarrak ez zuen ezer egin ekintza hura galarazteko. Ihizia laukiaren erdi-erdian geratu zen, etzanda, marrakaz eta dardarez.
Jendarteko zurrumurrua ozendu egin zen. Sumindurik zeuden gehienak, apustuak galdurik baitzituzten. Berbaroaren gainetik altxatu zen Xabierren ahotsa:
Akabatu beharko diagu behingoz deabru hau! eta eskopetaren bila abiatu zen lanroberrerantz.
Geldi hor, Xabier! erran zuen Praskuk jendearen marmarraren gainetik. Ahantzi duk apustua, ala? Uste diat gure azkonarrak askatasuna irabazi duela!
Piztia madarikatu hori benetan libratu nahi al duzu? harritu zen Xabier.
Oker ez banabil, horixe huen gure apustua. Azkonarraren askatasuna hamar mila ogerlekoen kontra.
Zer egin behar duzu azkonarrarekin, aitona? trufa egin zioten, eskutik heldu eta San Antonio egunean elizara eraman apaizak bedeinkatzeko?
Burutik al zaude? eraso zion basurde taldeko lagun batek. Animalia deabru hori askatu?!
Zuek zarete hemen txoratuta dauden bakarrak. Zer uste duzue, normala dela hogeigarren gizaldi amaieran egin duzuen astakeria?
Hara, hara, moztu zion baserritar zahar batek. Nondik atera zaiguk Prasku. Orain ekologista bihurtu haiz ala? Nork akabatu dik bailara honetan heuk bezainbertze piztia?
Jaunak, gogora ezazue diru mordoska bat daukadala zuei kobratzeko...
Posturan zazpi mila ogerleko galdutako ehiztaria atsekabetu zen:
Zuk daukazu gibela. Zuk egindakoak egin eta gero besteoi halako erretolika botatzea ere...
Garai bakoitzari berea dagokio erran zion Praskuk. Gauza bat duk kaltea egiten duen azkonarrarekin kontuak kitatzea, eta beste bat zuek hemen antolatu duzuen zirkua.
Praskuk langa gainditu eta alikateez burdinazko sarea kentzeari ekin zion. Inork ez zuen oztopatu, baina laguntzera hurbildu ere ez. Zuloa zabalzen ari zen neurrian, jendea aldentzen hasi zen, basapiztiaren irteeraren beldur. Praskuk lana amaitu eta ziztuan atera zen ihizia, zauriei kasurik egin gabe. Zelaian gora zihoala, ameztiak eta malkarrek euren magalera deitzen zutela iruditu zitzaion piztiari. Airean zebilen zapelatz baten miaukek oihanera itzultzen den lagunari egindako agurra ziruditen.
Eatek inguratuta hauka azkenean. Oteek txistu eta sasiek kirrika egiten diate suaren koskapean. Txinpartez kargaturiko Hegoiren boladak buru gainean sentitzen dituk. Hiretzako hilobia bilakatzen ari den troka hori tximini bat bezalakoa duk gainera, beroaren eraginez sutearen indarra areagotzen duena. Ilaun goriak airez aire bidaliak eta haien bidez sutea kitzikatua.
Hireak egin dik, azkonarra! Etsaiak harrapatu hau eta ez duk irtenbiderik. Beldurra eta amorrua nahasi dituk hire baitan. Azkonar arrazaren izpiritua, azkonarren adorea, irakiten zagok hire odolean.
Horregatik aukeratu haut nire tresnatzat Eateren suntsiketa geratzeko. Horregatik, eta azkonarrek indar gauezkoen aurka duzuen berezko adurragatik [3]. Gidatuko haut nire indarlekura, mairu-baratzera! Lehenbailehen igaro behar duk mendi-lepoa eta, hara heltzean, bertako mairu-baratzeko harri biribilaren barrura sar hadi babes bila! Iruinarri ohoragarrietan erlantza sortuko ditek garrek. Orduan egingo diok aurre, koska egingo diok Eateri! Bere mingain gorriak urratuko dituk atzapar zorrotzez, behinola zakur haren gorputzarekin egin huen bezalaxe. Eateri bizarrak aterako dizkiok ausikika!
Neu ere hirekin nagok, une latz honetan kuraia ematen. Eateren erasoa hasi denetik egon naizen moduan.
Hire eztarri barru-barrutik kurrinka sortuko duk. Dzartadako jarkiko haiz Eateren aurka, eta segundo gutxitan bizitza guztia pasatuko duk hire gogotik. Gurasoen habia; amaren esnearen epeltasuna edoskitzerakoan, anai-arreben konpainia alaia. Baso eta mendian zehar lehendabiziko joan etorriak. Hire lurraldearen aurkikuntza. Burdinazko lakioan harrapaturik erori hintzeneko estuasunak. Gizakiez inguraturik zakurraren aurkako borroka, eta leku hartatik egindako ihesa... Udaberriko egun zoragarria, isats lore artean hire bikote azkonar-eme txikiarekin topo egin huenekoa. Amodio jolasak. Azkonartxoen trebaketa...
Eateren hats beroa aurpegian sentitzen duk, hire kurrinkari baurre harroz erantzuten dionean. Baina hi ez haiz horregatik beldurtuko, zilarrezko azkonar pijoa!
Hi, eta neu hire laguntzan hegaka, zilarrezko [4] labana bat bezala sartuko haiz Eateren gorputzean, koska eta atzaparka, izterbegia atzera bota arte. Hire haran maitea eta euretarrak etsaiarengandik defenditu izanagatik, ez duk ez minik ez beldurrik sentituko Eateren suzko hatsaren aurrean.
Gau
hartan sute ikaragarria menderatu ezinean aritu ziren su-hiltzaile,
baserritar eta basozainek kontatzen dutenez, sutea indar betez zegoenean, halako
batean, oinazezko eta beldurrezko baurre bat aditu zen. Animalia erraldoi batek
botatako ainuria bailitz. Une hartantxe hego-haizea geratu eta suteari bat-batean
ahitu zitzaizkion indarrak. Eta handik aurrera oso erraz amatatu zituzten sugarrak,
haraneko mendi gehienak enparatuz.
Aginetako Joxe Praskuk, herri saileko mendien itzalketa lanetan parte hartu zuen piztilari zaharrak zin egin zuen, su mingaina mendian behera atzeratzen ikusi zuela garretan zihoan azkonar baten erasoaren aurrean, animaliaz izututa balego bezala. Azkonarraren buru gainean, metro bat altueran asko jota, erlantza zerion saizuri bat zihoan hegan. Suzko piztiak eta saizuriak geratu zuten hondamendia, Ezkietako haitzetaraino ailegatu eta handik gora amezti guztira zabaltzea galaraziz, leku hura gaindituz gero haraneko baso gehienak kiskaliko baitziren bertan.
Inork ez zion Praskuri jaramonik egin, jendeak xelebretzat baitzeukan, bereziki Bordazaharreko Xabierri artasoroa hondatzen zion azkonarra xederan harrapatuz gero libratzeagatik, apustu bat zela medio.
Herriko senton batek ordea sinetsi eta elezaharretako Eatez, sute eta ekaitzetako ireluaz, hitz egin zuen. Berezkoak [5] ziren gauzetan erantzuna ez bazuten topatzen, aireko gauzetan topatu behar zela esanez.
Sinesterrazagoa izan zitzaien Xabier Bordazaharrak kontatzen zuena. Honek bai, ikusi zuen azkonarren familia bat, eme txiki bat bere lau kumeekin ibaiko ibi batetik pasatzen, garretatik oso tarte laburrez onik aterata. Ibaiaren bestaldeko ezpondan gora joan ziren, zazkardian barneratzeko. Kumeek bizkarraldean kolore gris oso bitxia zuten, ur zipriztinen artean, mendiko sutearen argitasunean, zilarrezkoa zirudiena, duela zenbait urte Praskuk askatu zuen azkonarraren tankerakoa.
Zoritxarreko gau hartan, larrean zeuden Xabierren dozena bat ardi hondamendian kiskali ziren, herriko beste hainbat azienda bezala. Etxeko artabereak galdu eta berak hainbeste gorroto zituen azkonarrak bizirik ikusitakoan, deiadar egin zuen sutearen baurrearen gainetik:
Madarikatuak! Kaguendios! Ez zarete, ez, bertan kiskaliko, piztia madarikatuak!
Bordazaharrekoaren herrak ez zion suari lagundu ibaia zeharkatzen, azkonarren atzetiko jazarkundea jarraitzeko. Ur ertzean hil ziren garrak, txinka eta ke artean. Salbu ziren azkonarrak, haraneko gainerako baso eta larreak bezalaxe.
[1] Hegoi: hego-haizearen pertsonifikazioa euskal mitologian. Sorgin-haizea ere deitzen da.
[2] Eate: Euskal Mitologian uholdeen eta suteen irelua. Etxe edo mendi bateko sutearen garrak «Eateren bizarrak» deitzen dira.
[3] Indar magikoa euskal mitologian.
[4] Zilarra da irelu askok gorrotatzen duten metala.
[5] Berezko eta aireko hitzek euskal mitologian, izaki, gauza edo gertakari «naturalak» edo «magikoak» bereizten dituzte.