PATARIAREN ITZULERA
Mendi altu xamarrean
otso zarrak marmarrean;
oiek gosiak egoten dira
amaikatik amarrean,
Jaunak aparta animali bat
alakuaren aurrean.
Uztapide
Otsoa non aipa han gerta. Antzinako euskal esaerak adierazten digu otsoaren izaera totemikoa. Ahaltsu edo arriskutsutzat jotzen diren animalien izena ez aitatzeko tabua ohikoa izan da, eta da, munduko kultura anitzetan; eta zer esanik ez geurean, non izena duen guztiak izana daukan.
(Nire aurrean, Arabako Murgiako Oihan eta Nekazaritzako Lanbide Heziketa Eskolako neska-mutikoek espero nuena baino arreta handiagoz jarraitzen dute hitzaldia. Gaitz erdi, hizlari kaskarra naizela aitortu beharra daukat. Hitzetik hortzera egin ordez, apunteetatik irakurtzen ari naiz).
Manex Imiruri nauzue, eta Nafarroako Gobernuarentzat lan egiten dut urtebeteko kontratuarekin. Luzatuko den kontratua, espero dut! irribarre kidetsuak. Nekazari eta abeltzain gizarteak eta mendiko faunaren arteko gorabeherak ikertzea da nire betebeharra. Gertaerak, mitologia, etnografia, harremanak... historikoak eta gaur egungoak. Argibide horiekin, Administrazioak faunaren babesaren aldeko plangintzak egitean, laborarien aitzinean sinesgarritasuna eta eraginkortasuna bilatu nahi du. Ez da lantegi erraza izango, urte askotako ezinikusia baitago kalteak eragiten dituzten ihiziekiko. Belaunaldiz belaunaldi erroturikoa.
Nik guztien artean polemikoena den basapiztia aukeratu dut, bere inguruko gauzak gaur zuei kontatzeko. Otsoa, patarien arteko Pataria.
Zuberoako Maskaradetan, ez hain aspaldi gainera, gaur egun mozorrotzeko etxeko azienden larruak erabiltzen diren moduan, otso edo hartzenak erabiltzen ziren. Etxeko abereak zaintzeko nahia dago antzinako erritual hauen sustraian. Basoko piztiak aziendetatik ahal zen gehiena aldentzea zen otso eta hartzen larruen erabileraren helburua.
Ezin ahaztu ihauterietako kanta ere, otso eta otsail hitzekin jolasten duena. Gaur egun oraindik Gipuzkoa eta Nafarroa arteko hainbat herritan baserriz baserri jakien eske ibiltzen direnek kantatzen dutena.
Andra Mari otsailko, otsailko,
nik otsoa bizia hilko.
Okela bat eta okela bi,
nere burruntzia bete bedi.
Arabako Aranan nekazariek mezak eskaintzen zituzten Elizmendiko baselizan otsoen ehizaldiak hasi baino lehen, haien ustez Infernuko Etsaiarekin tratuak izateko susmopean baitzegoen piztia. Patariak ezin zuen alde onekoa izan, eta horregatik erlijio kristauaren laguntza behar zuten bere aurka jotzeko. Testamentu Zaharrean «Deabru Beltza» da otsoa. Jakina, testu haiek idatzi zituztenak artzain leinu bateko kideak ziren.
Nafarroa aldean halako sehaska kanta abesten zuen amak, Patariaren aitzinean haurraren babesgarri azalduz.
Bolon bolon uztaie
Otsoak jan du artzaie
Otso-kumeak axuri-zaie
Adios gure artzaie...
Haizearen ziztuek betetzen zuten Arabako Gaubeako sakan baztertua. Hango goilautada tapizatzen duten zenbait ipuru herrestari, errotik atereak, airez aire zihoazen sorgin-haizetan jira-biraka. Boladek, saiarreak pilatzen ziren kofadurak eta erlaitzak ekortzen zituzten. Haitzebakietan behera amiltzen ziren ondoren uluka indarra batere gutxitu gabe.
Haitzaren hormapeko basoan lerren adarrak astintzen zituen mendebalak, pagoen arre eta urrezko hostoak or bel-euri baten irudia zurrunbilatuz. Eiharren hostoak gorri dirdiratsuz jantziak zeuden. Udazkena zen beraz. Aurki atzeneko antzara karrakalarien V-ak goian marraztuko ziren, haien atzetik negulehena ekartzen. Ortzi goibela, haizea geratuz gero ura ekarriko zukeena.
Ler ainubeen azpian, oihanpe zerratua eratzen zuten ezpelek. Mendebalaren ufadak ez ziren haraino oso-osoak barneratzen.
Orkatzar gazteak, abaroan etzanda, ezaxolati hausnartzen zuen. Bi zotz bistakoak ziren aberearen buruan, urteetako berrikuntzen poderioz lirainak bihurtuko ziren adarren lehendabiziko aztarnak.
Sobrongo arroilan jaioa zen ihizia, kareharri mugerra berde ilunez tindatzen hedatzen diren artadietan. Baina barne grinari jarraikiz, ama, arreba eta ongi ezagutzen zituen basoak atzean utziak zituen beste leku baten bila abiatzeko. Gaztaroko bidaia hartan Ebro ibaia gurutzatu zuen, eta La Motako lerdoietan barrena segi, arroila apartatu hura topatu arte.
Gustukoa zuen bizilekutzat harturiko baso itzaltsua. Hutsik zegoen etxarte bateko belardiak ez zeuden handik urruti, ezta ibarra gurutzatzen zuen erreka ere. Inguruetan beste zenbait orkatz ibiltzen ziren han-hemenka, baina ibarra aski zabala izanik, orkatzen kopurua txikiegia zen lurraldeengatik euren artean liskarrak sortzeko. Ihizia beraz, lasai zetzan laket zuen baso txokoan, haize zakarraren erasoetatik poliki gorderik. Agian horregatik, salto batez zutitu zen eskilasoaren karrakak entzundakoan. Oihaneko zaindaria da eskilasoa, eta bere alarma hotsak, bertako bizilagunentzat edozein presentzia arrotzaren abisu. Asaldaturik zebilen hegaztia. Orkatza jarrita zegoen tailisaren gainetik iskanbilan pasa zen. Nabarmen zeuzkan luma urdinak adarrez adar hegaldi motzak egitean.
Abereak ardura biziz usaindu zituen inguruak, baina ezpelaren keru sarkorra nagusi zen usain ezagunen nahasketa baino ez zuen atzeman. Belarriak alde batera eta bestera tente mugitzen zituen edozein soinuri adi. Al ferrik.
Eta halako batean zaztada bat sentitu zuen bihotzean, giharreak oro teinkatuz. Bat-batean piztia arre-beltzaska sartu zen zazkarditik agerrunera, letagin zorrotzak agerian, bere bulkada propioaren eraginez zuhamuxken murruaren kontra jo zuen arte. Azken unean orkatzak ia bi metroko saltoa egin zuen landare multzoaren gainetik, eta beste jauzi batez, ezpeldi barnean irekia zuen bidexka hartu arrapaladan. Atzean amorrazio marrakak entzun zituen, otsoak hesi hertsia bortxaz gurutzatzen zuen bitartean, baina ordurako orkatza korrika zihoan pagadian behera errekarantz. Sotila zen aberearen lasterka. Apatxekin lurra ukitu bezain fite airean zegoen ostera, harritzar baten gaindi saltoka edo kikimako batean zirt-zart.
Otsoak ez zitzaizkion ezezagunak. Bere bizitzako lehen negutean, otso bikote batek amaren taldearekin ibiltzen zen eme zaharra oratu zuen. Gogoan zeuzkan oraindik elur gorritua, orkatzaren garrasi-patarrakak eta erasotzaileen kurrinkak; piztia bat izterretik tiraka eta lepoan hozka bestea, gizagaixoa akabatu arte. Bisutsetik supituki sorturiko amesgaizto hartan, amaren orpoz orpo bi orkatz-kumeek antxintxika egin zuten maldan gora, txaparroen artean arnasestuka, behin eta berriro irristatzen eta hondoratzen. Elurtza gesala zegoen, eta haien apatx finak hondoratzen zitzaizkien artean, aise mugitzen ziren atzapar zabaldun otsoak, erpeetan elur-arrabilak jarriak bailituzketen. Neguminak erdituriko bi deabru hiltzaile ziruditen.
Bai, egun hartan zepo bat bezala sentitu zuen elur biguna, sarraskitik urrundu eta bere burua salbo ikusi arte.
Baina orain bera zen harrapakina, eta otsoa ezpelezko labirintoan zehar bere arrastoan zebilen trostan.
Orkatzak bazekien, pataria beste kide batzuek lagundurik izanez gero, ihes egiteko egokiera asko murriztuko zitzaiola. Hala ere otso hark bakartia zirudien, baina hori bai, bera atxitzeko nahian setatsua.
Aldapan behera zetorren, antxintxika nekagaitz, bere hats ikaratuari ziurtasunez jarraikiz.
Orkatzak otsoak baino azkarragoak dira traiektu laburretan, baina errazago nekatzen dira luzera. Are gehiago hura bezalako malkarretan.
Aberea errekara ailegatu zen. Ebrorantz irristatzen ziren ur hotzak, harrien tartean burbuilaka eta zorrotonka. Bi jauziz zeharkatu eta latsaren bestaldeko bazterretik segitu zuen bizkor. Izerdiak alpeak bustitzen zizkion, baina ez zuen jadanik jarraitzailea gibelean sentitzen. Hala eta guztiz, senak korrika egitera bultzatzen zuen. Haltz edo lizar bakoitzaren ostetik, piztia buruz buru brau irteten zitzaiola iruditzen zitzaion haien ondoan pasatzean.
Altzadia bukatu eta hustutako herrixkaren pentzeak olatu berde baten antzera zabaldu ziren bere aitzinean. Belar malgua sentitzen zuen hankapean, eta haize indartsua aurpegian... eta orduan otsoa ikusi zuen betertzetik. Latsetik irten zen ilajea blai eginda, beti letaginak ageri, mihia dilindaka, belarriak atzera eta begi nabarrak ihizikiarengan ezarririk sutan. Piztitasunaren askaia! Trabesean zetorren arineketan orkatzari bidea mozteko xedez.
Nondik ote zuen piztiak bidea laburtu? Lerdoian zehar edo errekan barna jarraituz? Artadian behera haitz eta harri solte artean jauzika? Baina han zegoen atzera etsaia, hura zen kontua.
Kiebro bat eginez belardi mugarantz lasterkatu zen orkatza, nekatzen hasita zegoen ordea, eta gero eta hurbilago sentitzen zuen otsoaren arnasatsa.
Orkatzaren begirada hegaleko hesian iltzaturik zegoen. Ebaki berriko akaziez eginikoak ziren hesolak; egurraren usain mikatza airean zegoen oraindik. Zazpi lerro txarrantxa estu eta altu josirik zeuden. Han ere azken unean egin zuen salto eta ozta-ozta gainditu zuen txarrantxaren goiko haria. Zelai ertzeraino kulunkatzen ziren lerren beheko adarrek bortitz zigortu zizkioten muturra eta alpeak. Baina ihiziak bazekien hesiaren bestaldean salbu zegoela.
Arineketa geratzeko tarterik gabe, otsoak txarrantxaren kontra jo zuen, eta hainbat urradura egin. Kalitxa bota zuen, alanbradaren azpitik pasatzen saiatu zen, alferrik; tenk eta lur-kontra josita zegoen beheko burdin-haria. Otsoak antxintxika egin zuen hesiaren ondotik, baina ehundaka metrotan zehar hedatua zegoen. Etsi egin behar. Entzumen finarekin orkatzaren lasterka sumatu zuen hapa-hapa hats gabea lerdoian gora, gero eta urrunago.
Eta finean, otsoak adarrartetik zetorren orkatzaren zaunka garratza entzun zuen, bere burua salbo ikusitakoan, haraneko bere espeziekideei Patariaren itzuleraren albistea ematen.
Ez pentsa otsoaren izaera deabrutarra Euskal Herrian bakarrik denik jarraitu dut nire entzuleei hitzaldia irakurtzen, Europa osoan zabaldurik dago.
Esate baterako, Galiziako bidegurutzeetan burdinazko gurutzeak ezartzen ziren garai batean, zinez sinesten baitzuten ibiltariek haien babespean meigen [1] edo otsoen erasoez libratzeko aukera izan lezaketela. Agi denez, piztiek bidaiari bat bedeinkaturiko bidegurutzera ailegatu baino lehen oratu eta irentsiarren, haien biktimaren eskuin besoa beti errespetatzen zuten... aitaren egiteko erabiltzen den besoa delako. Otsoek, Deabruaren patariak izanik, ezin dute Kristoren seinalea egiteko besoa sekulan irentsi. Otsoa, Izadiaren indarren haragipena izatetik, Infernuko Etsaiarena izatera pasatu zen kristautasunaren eskutik.
Otsoa, maltzur eta madarikatua! Dena da haizu bere kontra.
Leongo mendietako laborariek couso izeneko harrapagailuak eraikitzen zituzten. Otsoek erabilitako bidesketan hobiak egin eta hondoan zorrozturiko taketak jartzen zituzten adaskez estaliak. Ondoren uxa-ehiza eginez, ihesi zihoazen otsoak cousoetako taketetan kordaturik akabatzen ziren.
Zamoran cortello delako arteak eraikitzen zituzten otsoak atzemateko. Altueran hiru metroko harresi biribil batez eraturik zeuden. Goiko harlosak alaka egiten ezartzen zituzten, oso irristakorrak. Cortelloaren barruan ahuntz bat ipintzen zuten plataforma batean lotuta, eta haren marrakek otsoa erakartzen zuten. Barnera sartutakoan ezingo zuen irten, kanpora jauzi egitean labandu egingo zelako. Bertan akabatzen zuten gero makilkadez, tiroz edo sardekadez. Edo bestela, otsoa bizirik harrapatuz gero, belarriak moztu eta herriz herri erakutsi ohi zuten, herritarren iseka, trufa eta kolpeen artean hil arte. Hango nekazariek diotenez, ekintza anker hauen bidez argi eta garbi utzi nahi omen zioten Patariari «Gaiztakeriaren Izpiritua giristino onei zukuruztetik zer urruti dagoen».
Azken finean, oro zen zilegi etxeko aziendaren arerioak ziren Infernuko Patarien aurka. Galizia eta Portugalgo fojoak, Asturiasko chorcoak edo Euskal Herriko otsotegiak.
Otsotegi horiek, Araban daudenak al dira? neska motz bat lehendabiziko galdera egiten ausartu da.
Bai, Gibijokoak kasu.
Ni Koartangokoa naiz, eta gure aitona otsotegi horiek mantentzen auzolanean aritu zen askotan. Egundokoak dira!
Azal dezakezu nolakoak diren? eskatu diot.
Mendian bertan egindako bi harresi. Hasieran bata bestetik urruti daude, ehundaka metrotara, baina gero hurbiltzen doaz eta amaieran lubaki bat dago. Garai batean, otsoak harrapatzeko inguruko auzotarrak elkartu eta batida egiten zuten. Hormen arteko irekiunerantz bultzatzen zituzten otsoak. Handik ezin zuten irten jendea atzetik uxaka zetorrelako, eta korrika egiteko tokia estutzen eta estutzen joaten zitzaien, amaierako lubakian erori arte. Han garbitzen zituzten. Herriko zenbaitek, balentria egiteagatik, labanaz edo aizkoraz bertara salto egiten zuten otsoa akabatzeko. Aitonak batida haien istorioak...
Krika-krika batek eten egin du neskaren pasadizoa. Lotsa puntu batekin telefono higikorra gerrikotik atera dut, «barkatu apur bat, mesedez» esanez.
Baina-baina, horrek ere motorola al dauka! erran du pikorrez beteriko mutil batek, trufaka.
Bai, esan?
Manex Imiruri? uhinen beste aldetik.
Bai, neu naiz.
Gonzalo Fernandez de Pinedo naiz. Badakizu, Gaubean taberna duena, Karria taberna.
Zer berri Gonzalo?
Gogoratzen zara, Gaubeako otsoen inguruko edozein berri jakinez gero, zu abisatzeko hitza eman nizula. Bada, beste otso bat azaldu da gurean eta...
Bai! Non?
Basomutil batzuek oinatzak aurkitu zituzten atzo La Motako lerdoietan.
Ziur otsoarenak direla?
Hala diote, eta morroi horiek piztien arrastoak ederki ezagutzen dituzte. Ehiztariak dira, baina lehengo erakoak. Basurde eta orkatzen arrastoetan behintzat artista hutsak.
Ontsa. Orain hitzaldi bat ematen ari naiz eta bukatutakoan deituko dizut. Eskerrik asko eta oraintxe arte, Gonzalo.
Komunikazioa eten eta erran diet entzuleei:
Ematen duenez, otsoak gure hitzalditxo honetara gonbidatu du bere burua. Badakizue, otsoa non aipa... Itxuraz, beste otso bat azaldu da Gaubeako haranetan.
Neska-mutilak zurrumurruka hasi dira, fikziozko nire asmakizun efektista bat baino ez delako ustean.
Bi urteko otsar gaztea da. Aurpegia beltzaska, gris-arreak gorputz eta hankak. Oraindik ez du neguko ilea agerian, bai ordea borraren lehendabiziko aztarnak. Begirada argia, ibilera dotorea.
Burgos eta Kantabriaren arteko mendi-multzoetan jaio zen, espeziea duela zenbait hamarkada desagertu eta ostera berkolonizaturiko eskualde batean. Hango herri eta basaburuak jendez husten ari ziren etengabe. Gizakiek kalera jotzen zuten bizimodu erosoagoren bila, hiritasunak liluraturik. Geratzen ziren bakanak belaunaldiz belaunaldiko bizimoldea mantentzen saiatzen ziren paraje latz haietan. Larre-behiak, ardiak eta behorrak udako goiko larreetan, eta esne-behiak baserrietan. Haiekin batera etxeguneen inguruko ortu eta artasoro batzuk. Haatik, lahardiek urtero jaten zituzten ordura arte alor edo zelai izandako ehundaka hektarea.
Sastrakarekin batera basurdeak, oreinak eta orkatzak anizten ari ziren. Herrietan gero eta eskopeta gutxiago eta mendietan gero eta eremu apropos gehiago baitzuten. Basabereen ostetik, otsoak itzultzen ari ziren, garai batean suzko armen, zepoen eta pozoiaren eraginez galduriko lurraldeetara. Horrela, gero eta ekialderago zetozen pizti aldrak, gero eta Euskal Herrirantzago.
Otsarrak, bere gurasoen bigarren kumaldikoa izanik, bizkor ikasi zituen, halabeharrez, gizakiek haien aurka erabilitako arteak. Kumaldiko lau otsokoetatik arrebak eta biek soilik igaro baitzuten lehenengo negutea bizirik.
Otsanda bat burdinazko xederan atzeman eta eskopetez akabatu zuten, ardi-eskorta baten ondoan zelatan zebiltzanean. Beste otsandoa ehiztariek tiroz josi zuten basurde-ehizaldi batean txakurrek familia guztia erdi-erdian harrapatutakoan. Otsoek bi ehizor zintzur eginik utzi zituzten atzean, eta beste zenbait zauriturik. Auskaren erdian danbada hotsak entzun ziren, eta anaiak garrasia bota zuen bala batek jota. Taldea ihesika zihoala, otsandoaren lasterka motelduz joan zen, bere familikoengandik ezkutatu eta desarra hotsak entzun arte. Orduan jakin zuten tragatua izan zela. Haiek antxintxika jarraitu zuten basoan barna, adausiak euren gibelean itzali bitartean.
Bigarren udaberrian banandu egin zen otsaldetik. Arreba, otsoen artean ohikoa denez, bertan geratu zen bedatse hartan jaiotako otsakumeen hazkuntzan aitamei laguntzen. Bera ordea, sortalderantz abiatu zen, otsorik gabeko lurraldeetarantz. Eta beste patari bat Mendebaldetako Haranetan barrena Euskal Herriko lurretan barruratu zen.
Orain Arabako ibar isolatu honetan dago. Udazkena da, eta euria egingo luke haizea geratuz gero. Zakote mardulek goia erabat estaltzen dute.
Aldapan gora doa lerdoirantz, lurzorua leku hartan azeri-mahatsezko alfonbra da. Gose da. Nekeza baita otso bakartiarentzat animalia handiak oratzea. Atsotitzak dioenez: «Otso bakarrari orroka, bi ezkeroztik korrika». Bi patarik batera ekinez askoz eraginkorragoak dira ehizean. Eta hiruk, otsaldea osatzen dute jada. Agian untxi zuloak aurkituz gero, abagunea edukiko luke zer edo zer sabeleratzeko.
Gaztelako iparreko, «Labore-lautada» eskualde agerretako otsoen elikaduraren oinarria untxia da, alorren arteko muino eta ezpondatan ugariak. Galiziakoek berriz, zabortegietan bilatzen dute jatekoa, arras gizatarturik dauden Concello-etan [2]. Baina bera mendialdeko otsoa da, eta basurde eta orkatzak dira paraje haietako ehizakiak, gizakien aziendarekin batera. Bestela, harrapakin arrunten faltan, haratustelaz, satainez eta saguez elikatu behar, eta udazkenean, basoko fruitu asko heltzen direnean, abeiurriekin, basaranekin, ezkur eta sagar basakekin mantendu.
Bere taldekoek ihes egiten zuten gizakiaren hurbiltasunetik, baina goseak bultzaturik herrixketara hurreratzen ziren jatekoaren bila: kate-txakurrak edo arditegien atepetik ateratako abelxuriren bat, normalean.
Otsoa pagadirantz abiatu da trostan. Azken boladan basafruituez elikatzen da halabeharrez, baina haragia gura du, aspalditik ez baitu okela ganoraz jan. Orduan, ia bekoz beko, topo egin du ardiarekin.
Sasardia da, elorri-zuri galantaren ondoan dagoena. Ez du hasiera batean piztia begietsi. Zuhaiska kimatzen ari da beste ezertan erreparatu gabe. Abelxuriaren atzean ipuruz, ezpelez eta arantzez estalitako mendi hegala pagadiraino hedatzen da. Ardiak, pixkat herrena izanik, agian bere akatsagatik, akaso sasardia delako, artaldetik banatzeko aldaroa du. Etsaia sentitzerako ordea, beregandik sei metrora dauka. Ardiaren begirada inozoan, ulerkuntzaren pindarra piztu da zapasaltoka datorren ihizia ezagutzean.
Artaberea supituki jiratu da itzuri egiteko, baina otsoa bere gainean dago jada. Letaginek abelxuriaren bizkarraldeko artilea trenkatu dute haragia urratzeraino, eta hankaz gora erori da oreka galduta. Otsoaren matelezurrak itxi egin dira zintzurrari heltzen. Ardiak hil zoriko marraka bota du eta patariak burua astinduz lepoa kraskatu dio.
Otsoak badauka zenbait egunetarako bazka, gizakiak agertzen ez baldin badira behintzat.
Ikasia zuen gurasoengandik, ardiak harrapatu errazak direla, baina baita bueltan beti konplikazioa dakartela ere. Artalde bat jaukiz gero, ohikoa da otsoen aurkako ehizaldiak antolatzea. Tiro hotsak, zakur hozkariak gibelean eta ihesaldia. Amaigabeko ihesaldia...
Piztia madarikatua!
Otsoaren atzean altxatzen den muinoko tontorrean, gizon bat prismatikoak begietan.
Piztia madarikatua! errepikatu du marmarka eta aldameneko lagunari diotso: Amen batean ito dik ardia!
Gizon heldua da. Bizarduna eta txapel higatua kaskoan. Hildako ardiaren jabea ahuspez etzanda dago, harritzar baten ostean, ihiziari so. Urteak eman zituen Ipar Ameriketan artzantzan. Han ikasi zuen artaldeak hartz, koiote, otso eta gainerako basapiztietatik erriflez defendatzen.
Sasardi herrena akabatu dik, beti aparte zebilena ondoko unaiari prismatikoak utzi dizkio.
Otso zaharra al da?
Artzainak txu egin du erantzun baino lehen. Ahoa oretsu dauka tentsioagatik.
Ez, ez diat uste. Burgostik datorren otso gazte horietako bat izango duk seguruena.
Orain astebete Karrantzako artaldea txikitu zuena?
Ez, ez diat uste. Zaila duk berbera izatea. Gero eta otso gehiago zetozak hona. Gaztela-Leongo Juntak garbitzeko potrorik ez! Ekologistak eta zakur gorotzak! Azkenean pozoiz hasi beharko diagu berriro, arazoarekin behingoz amaitzeko.
Unaia artzaina baino gazteagoa da. Ile horia, erdi lan erdi ehizeko arropaz jantzia. Inguruko etxalde bateko peontza lanak egiten ditu, ia ibar osoko pentzeak hartzen dituen Bilboko jauntxo baten behitegian.
Zorte ona izan dugu, hona azaldu eta berehala ikusirik erran dio mutilak. Zuen eta gure arteko larreetako hesia konpondu beharra genuenaren esker...
Zorte hobea izan dik horrek. Nik hemen eskopetarik ez dudalako, bestela....
Mutilaren oreztez beteriko aurpegian irrikaitza marraztu da.
Uste al duzu otsoa hurrengo hamar minututan hortik mugituko dela?
Zer ba?
Anaiaren ehizeko fusila eta eskopeta Nissan-ean dauzkat. Bihar pasatu behar du armen errebista Puentelarrako Guardia Zibilaren kuartelean, eta autoan dauzkat. Garbitu eta koipeztu berri-berriak.
Balarik?
Baietz uste dut.
Ba hoa bila, astia galdu barik!
Gaztea armak ekartzera joan da, eta lagunak erretolikarekin marmarka jarraitu du, badaezpada ere prismatikoez otsoa bistatik kendu gabe.
Zer egin beharko dugu artzainok, gau eta egun artaldea zaintzen egon ala? Otsoagatik galdutako orduak Diputazioak ordainduko al dizkigu? Bai, berehala! Otsoak babestu? Hemen ikusi nahi nituzke orain ekologista eta Diputazioko horiek! Eta ez noizean behinka artzainen bileretara etortzen, berba politak esatera!
Otsoaren eremu mitologikoaz beste bitxikeria bat kontatuko dizuet entzuleek interesa berritu dute nire hitzaldiarekiko. Pirinioetako Ampurdan, La Garrotxa eta Pallars eskualdeetako folklorean ezagunak ziren garai batean encortadors de llops direlakoak. Baita Pirinioetako iparraldean ere, Okzitanian zehar. Guk otsolaria euskaratu genezake hitza. Antzeko pertsonaiak aurki daitezke Portugalen eta Galizian peeiro dos lobos izenarekin.
Claude Seignole idazlea frantziarrak Maire La Louve eleberria idatzi zuen meneur de loups batek berari kontatutako benetako gertakarietan oinarriturik. Emakume hura 1944an bizi zen oraindik. Baina Seignole baino lehen, Dumasek eta George Sandsek ere idatzi zuten gaiaren inguruan.
Belagile hauek ahalmen berezia zuten otsoak euren aginduetara ezartzeko. Zenbaiten ustez, erritual demoniako baten bidez lortzen zuten indar hura.
Otsoarengan zuten botereaz baliaturik, zerga eskatzen zieten mendialdeko abeltzain eta herrisketako biztanleei. Ordaintzen zutenen azienda, otsoen oldarretatik libre geratzen zen, baina encortadoreek otsoak bidaltzen zituzten zerga ordaintzen ez zietenen abereen aurka.
Encortadors de llops hauei aurre egiteko modu bat oracionaires-en laguntza zen. Hauek, encortadoreek otsoengan zuten manua deusezteko ahalmena zuten, errezoen bidez.
Eta oraindik geratzen al dira encortadoreak? galdetu dit mutil batek. Ez du ematen negozio txarra, otsoak norberarentzat lanean jartzea...
Gure mendearen hasieran, azken encortadors de llopsek euren botereari eusten zioten Pirinioetako hainbat bailara isolatuetan, baina gaur egun ez dira geratzen. Orain dela hamarkada batzuk desagertu ziren otsoak Pirinioetatik, eta haiekin batera encortadors de llopsak eta oracionairesak, eta baita euren premia ere. Orain jendeak beste mito eta beldur batzuk sortu ditu Pataria ordezkatzeko.
Muturra gorrituta atera du artaberearen sabel urratutik, haragi puska batetik tiraka. Demaseko betekada dauka. Alta, zenbait egunetarako aski jatekoa du oraindik. Egarri da. Ardiaren hondakinak leku seguruan ezkutatu eta errekara jaistea erabaki du. Ardiaren hilotza lepotik heldu eta pagadirantz narras eramaten hasi da.
Haizea baretzen ari da, eta ortzia gero eta goibelago dago. Orduan ailegatu zaio usaina muturrera, eta burmuinean iltzatu zaio ia min fisiko bat bezala. Piztiak ardia askatu du eta urduri ekin dio bere inguruari so. Une hartantxe sentitu du tiro hotsa eta, harekin batera, erredura mingarria atzealdeko izter batean.
Batera entzun dira otsoaren ainuria eta gizonaren bi raoa:
Kaguendios! Gaizki jo diodala uste diat! eta artzainak beste bala bat sartu du fusilaren errekamaran, morroiloaren zatagatxoari bortizki tiraka.
Otsoa, bitartean, korrika hasi da, herren. Balak sartu-ir tena egina du piztiaren izterraren hegalean. Sakia ez da larriegia, baina, harri eta azeri-mahatsen gainean odol haritxoa uzten doa ihesaldian.
Fusilaren ikusgailu teleskopikoa otsoaren bila hasi da atzera, ezpel eta elorrietan zehar dena arakatzen, baina ihizia artzainaren bistatik desagertua da jadanik, zazkardiaren barnean ezkutaturik.
Kaguendios! Madarikatua gorde duk!
Bere aldamenean lagunak eskopeta errepikatzailea dauka eskuartean. Bost tiroko arma, hamabi kalibreko balazko kartutxoekin bandaturik.
Adizak, bazekiat zer egingo dugun! Sastraka hori garbigunez inguratuta zagok. Hi hurbildu hadi pixkat eta hasi tiroka beheko partetik. Otsoa handik mugiarazi, goiko garbira atera eta neuk josiko diat tiroz hemendik, alajainkoa!
Unaiak zalantza nabaria islatu du aurpegian. Une hartan belaunaldiz belaunaldi entzundako eta sinetsitako otsoen inguruko kontu izugarriak bere gogoan pilatzen ari baitira trumilka.
Aziendarekin egindako sarraskiak, artzanor lepamoztuak, neguko ausotean galduriko bidaiariei egindako oldarmenduak. Edo Gorbeiako Haraneko harriaren lepoan otsoek hil zuten neskaren istorioa. Behinola, baserri bateko alaba, ardi basatuen bila zebilela, otsoek oratu eta klaskatu zuten. Etxekoak bere bila joandakoan, ile bakar batzuk besterik ez zituzten topatu; halaxe dio behintzat Arratialdeko elezaharrak.
Okildurik al hago? itaun egin dio artzainak begi zorrotzekin bestearen begi uzkurtuak arakatzen. Ze arraio! Ez al duk bost tiroko eskopeta bat, ala? Hoa derrepente eta hasi tiroka otsoa mugiarazteko! Zer uste duk, bertan jango hauela? Zauriturik zagok, eta ez diagu orain eskapatzen utziko!, ez horixe!
Mutilak ez du fitsik ere arrapostu eman. Jiratu eta sastrakarantz abiatu da. Agi denez, herriko jendearen isekarekiko beldurra, otsoarekikoa baino handiagoa da bere baitan.
Zazkardiak hiru mila metro karratu inguruko azalera dauka, eta irla bat bezalakoa da mendi-hegiaren soilgunean. Muinoaren tontorretik ederki bistatzen ahal dena. «Tiro egiteko aproposa», gurguratu du artzainak, sastraka eta pagadiaren arteko agerguneari arretaz so.
Otsoa bitartean lahar eta zuhamuxken izkinan narras dabil, goiko pagadiari erreparatuta, harantz ihes egiteko esperantzan. Baina muinoko aldaparen erdian dagoen gizon gaztea sastrakaren aurka tiroka hasi da. Haitzebakien arteko oihartzunak tiro hotsak ozen aniztu ditu. Saiarreak, asaldaturik, multzoka aireratu dira harrizko hormen gainetik eta belatxinga xanfarinak bat-batean isildu.
Balak sastrakaren barnean eraio dira, ezpelen, lurraren edo bidean topatzen duten edozeren kontra. Jaurtikigai batek otsoarengandik gertu dagoen harri bat txikitu eta inguruetan barreiatu ditu eskardak. Basapiztiak muturra eta sabela lurraren kontra zapaldu ditu. Tiroketa bukatu, izua ezin gehiago jasan, altxatu eta korrika abiatu da trakets.
Artzainak tontorretik zuhamuxken mugimendua antzeman eta ikusgailua begira eraman du. «Otso honen gaiztakeriak hementxe amaituko dira», esan du bere kolkorako. Errifleak metal-dirdira estrainioa dauka argi hitsarekin.
Otsoa ez da beti piztia madarikatua izan. Antzinaroan errespetatua izan zen kultura anitzetan, eta Odin, Apolo edo Cernunnos Jainkoen laguntzailetzat azaltzen zaigu Europako lehen erlijioetan. Erdi Aroan otsoaren irudiak lekua izan zuen Euskal Herriko aitonsemeen armarrietan. Otsoa, Otsanda eta Otsando izenak oso erabiliak izan ziren garai batean gure artean.
Baina otsoen eta gizakien arteko errespetua (edo beldurra) edo otsoarekiko ehiztari paleolitikoen mirespena, basa-belarjaleak gizakiaren jabetzako bilakatu zirenean amaitu zen. Orduan hasi zen otsoen kontrako gerla. Eta otsoaren historia espeziearen sarraskiaren historia bilakatu zen. Basoak atzeraka joan eta hiri, herri eta soroak zabaldu izan ziren neurrian, otsoek gero eta gehiago eraso behar izan zituzten basabereek ordezkatu zituzten gizakiaren aziendak.
Horrela, Atenasko Solon, seigarren mendean, otsoen larruaren trukeko saria jartzen lehena izan zen. Gaur egun Greziako azken otsoek Balkanetan bilatzen dute babesa, Vikouko arroila itzelaren iparraldetik hedatzen den Zagorian (Mendien Atzeko Herrialdea, hango hizkuntza eslaviarrean), aldi batean Epiroko lautadetako greziarrek, turkiarrengandik ihesika, geriza harturiko mendi paraje berberetan.
Karlomagno enperadore frankoak, VIII. mendean, Lupardi otso sakatzaileen taldea sortu zuen, gaur egun arte iraun duena.
Ehizaldi erraldoiak burutu zituzten Okzitanian hamasei eta hamazazpigarren mendeetan Patariarekin amaitzeko. Gevaudanen, 1764ko urriaren hogeita zortzian, hamar mila nekazari eta soldaduk eraturiko armadak hirurogeita hamalau otso akabatu zituen egun bakarrean. Porcher abadeak berrogei mila gizon bildu zituen ehizaldia aipatzen du. Arrakastarik gabekoa gainera!
Gaur egun hamar urtean behin akabatzen dute otsoren bat Okzitanian, Hego Alpeetan eta Margeride Mendikatean geratzen diren hondarrek ez dute gehiagorako ematen.
Bosniako esaera zaharrak dioenez, «Otsoaren arreba guda da». Soilik elkar hiltzeko lagatzen dute gizakiek otsoen aurkako gerla. Orduan bai zuzpertzen direla Patariaren populazioak. Badakite zerbait bosniarrek gerlaz eta otsoez, mendetan zehar bietarik anitz izan baitute euren lurraldean.
Ingalaterran, hamabosgarren mendean, basoak errausten zituzten otsoekin bukatzeko.
1743an bota zuten Eskoziako azken otsoa Firdhorn ibaiko bailaran. MacQueen izeneko ehiztariak eskuratu zuen ohore hura bere klanerako.
Hogeita hamar urte geroago desagertu zen espeziea Irlandatik.
Iberiar eta Italiar penintsuletan otsoak ekialdeko populazioetatik isolaturik geratu ziren, baita euren artean ere talde asko. Apeninoetako otsoak egoera larrian daude. Beste otsoekiko isolamendua, jazarpena eta txakur deslaiekin nahasketa dituzte etsai.
Errusian, Bigarren Mundu Gerlaren ondoren, 25.800 otso sarraskitu zituzten urtero. 500 garbitu zituzten Kanadan 1971n. 150 Albanian 1985ean.
Europako otso guztien artean, Iberiar penintsulakoak baino ez dira pixkat zuzpertzen ari. Alta, urtero ehundaka otso galtzen ditu gizakiak. Eskarmenturik gabeko otsokoek bereziki hilkortasun tasa handia dute.
(Telefonoren krikak nire hitzaldia eten du berriro, eta uste dut sagar bat bezala gorritu nintzela).
Bai, esan.
Manex Imiruri?
Neu naiz.
Hemen Gonzalo, Gaubeakoa. Barkatu berriro deitzeagatik, baina zure lanerako materiala lortu nahi baduzu, hemen daukazu okasio polita.
Zer da, bada, orain?
Ba, kasualitatez ondoko herrira hurbildu naiz enkarguak egitera, eta bidean topatu dut unai bat eskopeta eta erriflea kotxetik jasotzen, otsoa tiroz josteko asmoz. Dirudienez piztiatxoa pikardiak egiten hasi da gurean. Inguruko jendeari abisua pasatzeko eskatu dit gizonak.
Tabernan al zaude?
Bai.
Banoa. Ordubete baino lehen hantxe nauzu.
Eta zure hitzaldia?
Amaitu dut. Nahikoa aspertu ditut gazte hauek!
Kotoi uherrezkoa dirudien ortzia sarritan errepikaturiko eszenaren lekuko mutua da. Orain dela lau mila urteko gizakia, uztaia eskuartean, eta Otsoa. Egungo Gizakia, suzko arma batekin, eta Otsoa. Tartean milaka urtetako arrangura.
Animaliak hanka odoldua narras darama aldapan gora, oinazeak adimena nahastuta. Estuasunetik nola ihes egin besterik ez dauka gogoan. Otsoaren aitzinean, orain hagitz urruti deritzon tokian, pagadia hasten da bere zuhaitzen azpiko ezpeldi gerizatzailearekin. Pagoak benetan ederrak daude urre eta arre dotorez beztiturik.
Ez du jadanik haizerik korritzen baso eta haitzebakietan zehar, eta hodeiak mehatxuka ari dira urezko zamarekin.
Egarri da, erreka batetik gutizioso edango luke. Orduan, ortziak bere gurari erantzunez bezala, ur tanta erori zaio muturrera. Eta ordurako milaka jauzi izan dira zelai eta harkaitzetara, ler eta pagoen kukuletan pausatuak, airean kiribil bat osatzen biraka altxatzen diren saiarreen hego zabalak pelatzen...
Otsoa zazkarditik irten eta, edozein arreta lagata, dorpe abiatu da pagadirantz, artzainaren erriflearen ikusgailuan garden azaltzeko. Gizonak leun teinkatu du hatza katuaren inguruan. Ikusgailu teleskopikoaren gurutzea otsoaren bizkarrean pausatu da. Euria segundoz segundo areagotzen doa, jasaren hasiera.
Itsumustuan, artzainaren ikusmenean otsoaren irudia desegin da eta, bere ordez, ikusgailuan barruraturiko ur tanten kolorezko zirriborroa azaldu. Egundoko zaparrada botatzen ari da dagoeneko ibarraren gainean.
Bala otsotik sei metrora xartatu da. Piztiak burua makurtu du lasterka moteldu gabe. Demaseko ernegua botaz, artzainak errekamaran beste bala bat sartu eta tiro egin dio bustitako ikusgailua erabili gabe. Alferrik, otsoa asagoegi dago mira optikorik gabe tiroz jotzeko. Behean unaiak oihuka dihardu, eta bere eskopetaz, balazko denak erre ostean, perdigoizko kartutxoekin ekin dio ihiziari. Alferrik hau ere, urrutiegi dago perdigoiekin sakitu ahal izateko.
Otsoa pagadian barneratu da, bere gibelean isuritako odol haria euri istilekin nahasten den bitartean. Ordu batzuk baditu oraindik, ehizorak bere arrastoan jarri baino lehen. Bere zauriak aukera ematen dion neurrian behintzat, gero eta sortalderantz joango da, noraezean. Agian Gorbeiaraino iritsiko da, edo Aizkorriraino. Otsoen ulu zirraragarriak aspaldidanik entzun ez diren mendi eta basoetara ailegatuko da, bere atzetik etorriko diren anai-arrebei bidea irekitzera... Jazarkundearena, alegia. Gizakiaren zibilizazioari jarkitzeak dakarren bidea. Abere madarikatuen bidea.
Eurak dira Europako otsoen artean berretura tipia ezagutzen duten bakarrak. Dena den, desagerpenaren aurreko azken zuzpertzea, adituen ustetan. Kriseilua itzali baino lehen biziagoa den hondarreko argi-dirdira.
Euri lausoak erabat estaltzen ditu anabasan barreiaturiko gisuharriak. Ura ipuruen orrien artetik ttanttaka iragazten da azpia iboiltzen. Bat-batean, haize ufada batek lausoa ebaki du, Patariaren askaia bizkarrean zehar arinka erakutsiz. Une batez geraturik, laino-zarpailen artean, urrutiko haran aldera so egin du. Hantxe, ibilgailu lurrorotakoak, motor zarata ozenez, haitzpean pilatzen ari dira bide bukaeran. Ibarraren beheko aldetik ere ehiza-zakurren zaunka hotsak ailegatzen zaizkio. Adausi amorratuak dira grifoien kasuan. Zenbait haizetxakurrek ordea, ehiztariek iheslariaren arrastoan ezartzean, atzera egiten dute gizonen madarikazioen artean. Ikaraturik, buztana hankartean eta kalitxaka, oraldeak koadro tamalgarria eratzen du. Gehiegikeria da, otso bat harrapatzera behartzea normalki erbitan edo azeritan jarduten duten animalia gizagaixoak.
Une horretan saizuri bat airatu da arroka-kofadura batetik. Behelainoa bere hegaldiaren ostean trinkotzen eta areagotzen doa, lehen baino itxiago eta itsuago. Ongi begiratuz gero, putreari lumajetik lanbroa dariola dirudi. Otsoa dagoen bizkarra oro berriro lurrunpean ezkutatu da beheko aldean dauden ehiztarien begietatik.
Zer egiten du hegazti hark arroila hartan horren berandu, Afrikako migrazio-bidea hartu gabe oraindik bere habi-lurraldean? Sarritan Izadiak erantzun gaitzeko galderak dauzka. Edo Izadiaren bitxikeria baino zerbait gehiago da saizuria?
Mamu arre-beltzaska ipuru eta gisuharrien artean desagertu da, herren baina lasterka. Sasoi honetako hosto eihar baten trazako pikoa izter batean ageri, udazkena baita Arabako Mendebaldeko Haranetan.
[1] Galizako sorginak.
[2] Galizako udalerriak.