Gasteizko hondartzak
Gasteizko hondartzak
1997, narrazioak
298 orrialde
84-86766-76-1
azala: Lander Garro
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2021, narrazioak
2017, nobela
2013, nobela
2004, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1998, kronika
1992, ipuinak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Gasteizko hondartzak
1997, narrazioak
298 orrialde
84-86766-76-1
aurkibidea
 

Zakur kontua

Segituan erreparatu genuen berarengan, Filorenera apopilo etorri eta berehala. Eta ez geuk bakarrik, auzune osoak ere bai. Ezin zitekeen bestela izan. Nekez aurkituko duzu autoa uzteko tokirik orain, gaur egun familia bakoitzak bana daukagu-eta, gutxienez. Garai hartan ordea, autoak ziren nekez ikusten zirenak inguru hauetan. Horregatik nabarmendu zen hainbeste, autoagatik.

      Ekarri izan ez balu ere, luze gabe izango genuen bere berri. Judizmendi auzune txikia zen orduan eta elkarren ezagunak ginen denok. Artean eraiki gabe zeuden Salburua aldeko etxe-bloke horiek guztiak eta urrun zegoela iruditzen zitzaigun orain horren gertu daukagun aireportu zaharra. Arana auzunea ere artean ez zegoenez, gureak ziren hiriko azken etxeak.

      Baina autoa ekarri zuen. Gure ume begi sinesberentzat ikaragarri handi eta dotorea zen Citroën beltza.

      - Citroënak dira munduko autorik onenak -esaten zigun aitak, bere gaztaroko istorioak berritzeko aitzakia hartuta-. Citroëna zen Alti jaunarena ere.

      Bagenekien zer zetorren ondoren. Hotel Frontonen lan egindakoa zen gerra urteetan eta sasoi hura gogoratzea maite zuen. Saloietako dantzaldiak, handik igarotako artista eta jende printzipala, lankide eta lagun zuen Martxelo (Ameriketara ihes egin zuena). Buruz genekizkien istorio haiek, baina ostera entzuteak guri axolarik ez, beti baitzeukan komeria berriren bat betikoei gehitzeko.

      Eta kontua da, Citroëna zela munduko autorik onena. Langile auzune batekoak izaki, aberastzat jotzen genuen lanera bizikletaz joaten zen edonor. Hortik atera kontuak zer nolako aztoramendua eragin zigun haren etorrerak.

      - Nor arraio da aberats hori? -galdetu genion Antoniori.

      Adi-adi entzun genion Cesarrek eta biok:

      - Lanerako utzi ziotek. Zineman aritzen duk. Espainiako iparraldea zaukak bere ardurapean. Autoa behar dik hiriz hiri eta probintziaz probintzia ibiltzeko.

      Txundituta geunden: Citroëna eta gainera zinema.

      - Santanderreraino joan behar izaten dik filmeak saltzera.

      - Banengoen ba -poztu zen gure ama, Antoniok kontatutakoa esan nionean-. Nik bai artista piura hartzen niola horri!

      Zinemara oso gutxitan joaten ziren gurasoak. Urtean behin edo birritan eta Acción Católica-ren antzokira baino ez, gainerakoen aldean merkea baitzen. Modaz pasatako filme zaharrak ematen zituzten. Horregatik hartzen zion Clark Gableren antza Filoren apopiloari. Ulertzekoa zen. Orduko galan askoren antzera, bibote fin eta ongi moztua baitzuen sudurpean.

      - Kontuz ibili gero horrekin, eta ez txorakeriarik egin niri! -kontatzen zigun Antoniok esaten ziola bere amak arrebari.

      Eta hura entzunda, barre galantak egiten genituen lagunok, Filo andrearen errieta moduko haiek ongi ulertzen ez genituen arren, sumatu baikenuen zerbait lizun eta, aldi berean, deigarria gordetzen zutela. Hamabi urte geneuzkan eta haurtzaroa mugatzen zuen hesia zeharkatu gabekoak ginen artean.

      - Ez txorakeriarik egin niri! -errepikatzen genien arrotza gustuko zuten auzuneko neska ezkongabe guztiei.

Arrotza, beraz, Antoniorenean bizi zen. Hargin izandakoa zen Antonioren aita, lanean ari zelarik aldamiotik erori eta betirako elbarritua. Lurretik metro t'erdi pasatxora besterik ez zegoen aldamioa, baina bizkarrezurra hausteko nahikoa. Zorte txarra. Sukalde bazterrean egoten zen aulki batean eserita, ezertarako balio ez baina, badaezpada, botatzera ausartzen ez garen gauzak zokoratzen ditugun era berean. Jantzi, janaria ahora eman, garbitu, den-dena egin behar izaten zioten, ez baitzen ezertxo ere egiteko gauza. Arnas hotsa birikak betetzen eta husten soilik entzuten genion, horixe bakarrik kanposantukoei baino gehiago. Gauzak horrela, alaba gazte eta seme jaio berria zeuzkatela, apopiloak hartu behar izan zituen amak. Eskerrak hura gurea baino etxe handiagoa zen. Familia gela bakar batean sartu zen, beste hirurak alokairuan ipintzeko.

      Hiru apopiloetatik bi betikoak ziren. Ajuriarenean lan egiten zuen gizontxo musu gorria bata eta, alorrak saldu ostean, herria utzi eta salmentaren etekinaz hiriburuan bizitzen jarritako mutilzaharra bestea. Hirugarren gelan denetarik egon izan zen: ikastera hirira bidalitako mutilen bat, mota guztietako langileak, udaletxeko bulegari bat ere bai denboraldi labur batez.

      Zalantzarik ez, azken apopiloa zen, Jose Luis jauna, gure adiskidearen maitatuena. Eta bazuen hartarako arrazoirik: Citroëna, zinema eta... txanponak. Bere lanbideagatik, maiz egoten zen etxera azaldu gabe, baina etortzen zenetan etekin ederra ateratzen genien haren egonaldiei. Tabako bila bidaltzen zuen Antonio eta eskupekoa ematen zion mandatua betetakoan. Ezer askorik ez, baina nahikoa igande arratsaldean bakero edo piratenak ikustera joateko, edota institutu ondoko kioskoan zigarreta solteak erosi ahal izateko.

      Erretzen zuten haurrek ohean txiza egiten zutela aipatzen zidan amak.

      - Bai zera! -esaten zuen Cesarrek; eta berak arrazoi.

      Atsegina zen gurekin Jose Luis jauna. Gu ikusi bakoitzeko bazeukan txantxaren bat. Ez zen beste zomorro haiek bezalakoa, nekazari mutilzaharra edo Ajuriako langile zurruteroaren gisakoa, ezta gure ama beti ozpindua bezalakoa ere. Etxean eta eskolan umemokoak ginen: bihurri, apetatsu, fidagaitz, ezjakin eta tentelak. Jose Luisek ordea, aintzakotzat gintuen, mutikotxoak ordez, bera bezain gizon osoak.

      - Ederrak ditik neska horrek, e mutilak? -esaten zigun.

      Eta horregatik maite genuen.

Neguaren hasieran iritsi zen auzunera filme saltzailea, nire hamahirugarren urtebetetzea ospatu eta gutxira. Harrezkero urte mordoska igaroagatik ere, oraindik zehatz samar konta dezaket gure kaleak aztoratu zituen gertakari bitxia.

      Zakur bat agertu zen hilik.

      Gertaera arrunta dela pentsatuko duzu agian, nonahi azaltzen baitira orain zakurrak eta katuak hilik. Baina zakur hura ez zen edozein zakur. Ez Judizmendin behinik behin. Eta haren akabera ere ez zen oso normala izan.

      Ehizerako erabiltzen zuen margolari batena zen. Zakurra ikusita, halakorik sinestea zaila zitzaigun, izatekotan ez baitzen ehiza zakur garbia, sasikoa baizik. Oso txikia, nabarra: ile zurikoa alde batzuetan, horiska eta hausterre kolorekoa besteetan, beltzekoa eskuin begiaren inguruan. Belarri kaskar eta tentekoa zen, ordura arte ikusia nengoen ehiza zakur guztien alderantzira. Eta piperra zeukan buztanaren tokian.

      Baratzak zeuden gure etxalde atzean. Ohol eta txapa erdi herdoilduez eraikitako txabola bana bakoitzean, aitzur, artaziak eta antzeko tresnak gordetzeko. Margolariak haietako batean gordetzen zuen zakurra gauero eta hark ere gauero eragotzi behar guri loa. Zakur aluak ez zigun bakerik ematen. Zaunkan hasi eta argitu arte ez zen isilduko. Gure aitak harri koskorrak igotzen zituen balkoira arratsaldean eta txabolari jaurtitzen zizkion gauerdian. Bost-hamar minutuz utziko zion ulu egiteari, baina ostera torturatuko gintuen petralak. Hartan ere arraro. Beste edozein zakurrek egingo zukeenaren kontrakoa egiten zuen. Isilune laburrak indarra biltzeko baliatzen zituen, kemen berrituaz ekin ahal izateko gero.

      Behin baino gehiagotan esan zioten margolariari zakurra handik eramateko, baina ez zuen halakorik entzun ere egin nahi.

      - Txabola nirea da -erantzuten zuen bere onetik aterata- eta barruan gogo dudan guztia gordetzen jarraituko dut, inori konturik eman gabe.

      Eta inor gutxi ausartzen zen hari kargu hartzen.

      - Erriberakoa naiz, requete izandakoa -aldarrikatzen zuen marmarrean-. Gerra garaian tiro egiteko dar-dar egiten ez banuen, ez dut orain egingo, behar izanez gero.

      Eta guk sinetsi. Zer erremedio.

      Nolako ikara albistea zabaldu zenean. Hasiera bateko pozarekin nahasitako izua nagusitu baitzen Judizmendin. Urduri geunden gu, zer gertatuko adi.

      - Zer egingo duela uste duzu? -galdetzen zion Antoniok.

      - Mutilak, zakurraren hilketa mendekatu arte ez dik horrek onik izango. Erne ibili! -beldurtu nahi izaten gintuen zapata konpontzaileak, mailuaz puntapaxak tinko jotzen zituen bitartean.

      Zirudienez, inork ez zuen animalia madarikatuaren bizialdiari bukaera ezarri zion tiroaren danbatekoa entzun. Gauerdi hartan gure aitak ez zuen harri koskorrik jaurti beharrik izan. Inork ez zuen ezer berezirik nabaritu. Ez zuen behintzat inork aitortu.

      Egunak joan egunak etorri, eta ez zen deus gertatu.

      - Erne ibili mutilak! Zakurraren hilketa mendekatu arte ez dik horrek onik izango -abisatzen zigun zapatariak.

      - Bai zera! -erantzuten zion Cesarrek; eta berak arrazoi.

      Egia esateko, zapuztu samar geunden, ez baitzen iristen nafarrarengandik jakinminez eta urduri espero genuena.

      - Ahobero bat besterik ez duk -esaten zigun Cesarrek-. Mehatxu batzuk botako ditik, eta akabo.

      Negar egin zuela kontatzen zuten zakurra hilik aurkitutako goizean ikusi zutenek. Animalia besoetan hartu eta negar zotin etsituetan eraman omen zuen. Ondorengo egunetan, lanerako tresnen bila etortzen ikusi genuenean, begiak gorrituta antzeman genizkion zapatariaren gela ilunetik zelatatzen.

      - Erne gero, mutilak!

      Baina hark ez gintuen ezagutzen. Bera ez zen Judizmendin bizi. Emaztea bertan jaioa zelako zeukan han txabola. Tabernako Felixekin baino ez zuen noizbehinka berbarik trukatzen. Hura ere, nahiz eta taberna auzunean eduki, beste nonbait bizi zelako eta, beraz, gauetan ez zuelako zakurraren zigorrik sekula jasan.

      Felixen ahotik ikasi genuen margolariaren asmoen berri.

      - Zakurrarena larrutik ordainduko dik norbaitek oraindik. Ez eduki kuidadorik! -madarikazioka ihardun zuela esan zion Felixek gure aitari.

      Requetearen maldizioek baino aho zabalago laga gintuenik entzun genuen arratsalde hartan bertan.

      - Zakurra garbitu dionak pistolaz egin omen zian -ai tatu zion Felixek zapatariari-. Eta horrek bazakik zer dioen. Gerran ibilitakoa duk, eta ehiztaria gainera -beldurtu nahi izan gintuen zapatariak.

      - Bai zera! -Cesar harroskoak.

      - Hala esan badik, hala izango duk -jarraitu zuen puntapaxak mailukatzen-. Zakurra hil ziona pistoladuna dela esan dik, eta norbait begiz jota daukala gainera.

      - Nor ba? -Antonio eta Cesarren aldean kakatia nintzen ni.

      - Gizon baten moduan berari aurre egiteko potrorik ez daukan bat. Jainkoaren eta aberriaren alde borrokatutakoak gorroto dituen gorri koldarren bat.

      Hori esanda bai beldurtu gintuela zapatariak. Bere hitzekin lortu zuen putakume hark, zakurrak lortu ez zuena: gaueko ordu txikietan esnaraztea. Harekin egindako amesgaiztoak nekez ahaztuko zaizkigu.

      Denborak, ordea, dena sendatzen omen du. Bereziki mutikoengan. Adin horretan egunero gertatzen da zerbait berria, egunero ikasten da zerbait gehiago eta aise ahazten da lehen hil edo bizikoa zirudiena. Ez dago alferrik galtzeko astirik. Eta horixe suertatu zitzaigun guri ere, beste kontu batek harrapatu zuela gure arreta segituan.

      Jose Luis jaunak agindutakoak.

 

Beti bezala, Antoniok kontatu eta Cesar eta biok ezin sinetsi.

      - Egun hauetako batean Citroënean eramango gaitik!

      Ametsik baldin bazen, huraxe handiena guretzat. Kanpotik baino ikusi ez eta hainbestetan miretsi genituen larruzko eserleku haiek probatzea, huraxe guretzat bizitza honetan egin genezakeen inportanteena. Eta hala izango zen, ze orain pentsatzen jarrita, harrezkero egin duguna ez baita askoz munta handiagokoa izan. Tira, hori uste genuen orduan, eta txangoa noiz egingo irrikan geunden, pentsamenduak beste ezertara errenditu ezinik.

      Behingoan ahaztu zitzaigun margolariaren zakurrarena. Aste Sainduko oporrak heldu ziren. Ez zegoen eskolarik, ez zegoen ez tebeo ez igandeko filmerik, eta harrigarriena, ez zegoen fubolik ere. Istripuren bat izan eta amnesiak jota egongo bagina bezala, gure elkarrizketak betetzen zituzten kontuek Citroënari laga behar izan zioten aparkalekua. Egundokoa zen gure ezinegona.

      - Hi, eta txangoa noiz? -galdetzen genion Antoniori behin eta berriz.

      - Egun hauetako batean -erantzuten zigun dudati.

      Kezkatuta geunden gure galderekin apopiloa gogaitu eta ez ote zuen atzera egingo bere eskaintzan. Eta hala ere, irrikari ezin eutsi.

      - Galdetu orain Antonio, galdetu! -zirikatzen zuen Cesarrek, Citroën beltzaren muturraren gainean jarrita.

      - Noiz eramango gaituzu zure autoan? -eskatzen zion orduan Antoniok.

      - Egun hauetako batean -erantzuten zigun bibotearen azpitik, eta gero keinu bat eginez segitzen zuen- Konturatu al zarete? Hortzak baino lehenago hazi zaizkiok neska horri!

      - Bai jauna -gizontzen zen Cesar-, ederki puztu zaizkio! -eta barre egiten genuen laurok neskatxaren titiei begira.

      Citroën beltzean sartzen zen gu ohartu orduko. Motorra piztu eta burrunba batean ipintzen zuen gu txunditzeko. Ezker besoa ateratzen zuen leihotik, eskua bilduta baina atzamar lodia altxata, pilotuek bezala. ok. Ziztu batean abiatzen zen, eta bozina jotzen zigun lehen hamar metroak egin ostean.

      Edozein itxaronaldi beti luze, batez ere gu ginen moduko mutikoentzat.

      - Jakinduria egonarrian datzala esan zuen filosofo handi batek -errepikatzen zigun zapatariak-. Egunen batean ikasiko duzue zer den pazientzia.

      Baina ikasi gabe iritsi zen eguna, munduko autorik onenean ibiltzeko egun handia, filosofo jakintsuak sekula ezagutu ez zuena.

Lainotuta zegoen zerua eta zuhaitzetako adar eta hostoak kulunkatzen zituen haize epela zebilen. Euria ekarriko zuen.

      - Euria ekarriko dik -esan zigun Jose Luisek gurekin bildu bezain laster, Citroënean eraman behar gintueneko goizean.

      - Bai zera! -hirurok batera errepikatu genion Cesarren leloa.

      Gidariaren aldamenean eseri zen Antonio, Cesar eta biok atzean. Ikustekoak ziren auzuneko neska-mutilen bisaiak abiatzear geundelarik. Besoak leihoetatik atera genituen guk hirurok, eskuak bilduta eta atzamar lodiaz ok eginez.

      - Zintzo ibili eta gizonak bezala portatu! -gure amen erreguak, hain jator jokatzen ari zen Jose Luisi esker ona erakusteko.

      Martxan jarri eta ziztuan aldegin genuen, hiruzpalau aldiz bozina joz. Judizmenditik errepide nagusira zeraman maldatxoa jaitsi eta bidean geunden. Ohartzerako, atzean utzita genituen aireportua eta paraje ezagunak. Zaila zen sinestea horren bizkor ibil zitekeenik.

      - Hirurogeita hamar kilometro orduko abiaduran goazak, mutilak. Baina errepide hobean ehun eta hamarrean jartzen ahal diat -harrotu zen gure Fangio.

      Ez dakit azalpen hartatik zer ulertuko genuen, gutxi ziur aski, auto batera igotzen ginen estreinako aldia baitzen hura. 70 zenbaki magikoaren arabera zuhaitzak, zelaiak eta etxeak begibistatik zein azkar galtzen genituen konprenitu uste izango genuen. Eta belardiak, arbolak eta alorrak begietan hartzeko astirik gabe igarotzen ziren antzera pasa zitzaizkigun gurasoei sarritan entzuteaz baino ezagutzen ez genituen Elgorriaga, Argandoña, Andollu, Egileta.

      Azatzeta mendateko gailurrean gelditu ginen lehen aldiz. Laurok puxika laxatu bitartean, talaiatik beheko ibarra azaldu zitzaigun bere edertasun osoan: han-hemenka baserri eta herriskak, nonbaitetik zerurantz igotzen zen ke-adar urdin mehea.

      - Cesar -txantxarako gogoa piztu zitzaion Jose Luisi-, nirea bezain lodia egingo zaik hiri.

      - Lodiago Antoniori -maltzurrago Cesarrek-. Horrek ileak ere baditik dagoeneko. Erakutsi!

      Eta erakutsi egin behar izan zituen. Eta nik lotsatuta gorde nuen nire zakiltxoa.

      Gasteiztik lagundu gintuen lainoa desagertu egin zen hara gora iristearekin batera eta eguzkia jaun eta jabe bihurtu zen oskarbian. Elizatxoan sartu ginen. Aitaren egin genuen isiltasun sakonean mututurik. Kanpoan txoriak kantari ari baziren, guk ez genituen aditu. Sorgor geunden inguratzen gintuzten hotsetarako, errekaren murmuriorako zein pago hostoen firfirarako. Auzunetik irteten ginen estreinako aldia zen ia-ia eta miragarria iruditu zitzaigun dena. Itsasoa lehendabizikoz ikusi eta amaierarik gabe hedatzen zen lautada urdinak sortutako lilurak baino biziago iraun du Azatzetako udaberriak sortutakoak nire oroimenean.

      Autoan berriz ere, aldapa behera, Maeztura heldu arte ez ginen berriro gelditu. Bertan bazkaldu genuen. Izara zahar bat lurrean zabaldu, gure amek pardeletan prestatutakoa erdian jarri eta eseri ginen laurok. Jose Luisek botila ardoa atera zuen otarretik eta elkarri pasa genion patata tortilla mokaduen artean. Bazkalostean, izara jaso, zumar baten gerizpean etzan eta, guk jolasean ihardun bitartean, lo kuluska egin zuen gure gidariak.

      - Andregaia izango al du? -otu zitzaion Antoniori.

      - Citroën horrekin, hiri bakoitzean parea -murmurikatu zuen Cesarrek.

      Gasteizerako bidean bueltan, bide ertzeko herrietatik igarotzerakoan moteldu egiten zuen abiadura.

      - Astiro Jose Luis -esana zion Cesarrek-, autoa erakutsi behar dugu! -eta gustatu egin zitzaion ateraldia.

      Ilunabarrerako atzera Judizmendin geunden. Nekatuta baina pozez gainezka.

Tabernatik hedatuko zen albistea auzune osora. Ziotenez, zapi batean bildutako zerbait zekarrela ikusi zuten margolaria bere txabolan sartzen. Handi samarra omen zen, beso biak luzatuta ere, kostata heltzen ahal zuena.

      - Bueltan ekarri du zakurra!

      Nahasturik utzi gintuen zurrumurruak.

      - Ez al zegoen ba hilik? Ez al zioten bala bat sartu?

      Kontu hari ez hankarik ez buztanik aurkitu, eta esames hutsa besterik ez zela erabaki zuen Cesarrek.

      - Sineskeriak besterik ez dituk, sineskeriak!

      Eta aise linburtu gintuen bere aldera. Jose Luis egon izan balitz, berari galdetuko geniokeen. Baina Santanderrera joana zen filmeak saltzera. Itzulitakoan ordea, kolokan jarri zuen gure ustea.

      - Taxidermistek edozein animalia hil hartu eta bizirik balego bezala lagatzen ditek.

      Harengan sinesmen osoa geneukanez, egundoko jakinmina sortu zuten gugan bere hitzek. Mirakulutzat jo genuen berak kontatutakoa, eskolan eta elizan entzundakoak bezain itzel eta harrigarri baitzen. Hartaz zenbat eta gehiago pentsatu, orduan eta jakinmin handiagoa geuk. Eta hain handia izatera iritsi zen, ikusi egin behar genuela deliberatu baikenuen.

      - Erne mutilak! -gu beldurtzen jarraitu nahi zuen zapatariak-. Hilik dagoela ematen dik. Baina edozein unetan egingo dik salto!

      Arratsaldean eskolatik irten eta txabolara hurbiltzen ginen. Ez gehiegi hargatik. Margolariari bezainbat zakur amorratuari genion izuak kontuz ibiltzera behartu gintuen. Artean ez genekien beste zakurrik ekarri ote zuen hildakoaren ordezko; eta aspaldi zaunkarik entzun ez arren, ez ginen requete anker hartaz batere fio.

      Harrika egiten genion txabolari eta adi geratzen ginen ea handik zaratarik irtengo. Deus ez. Orduan baino ez ginen txabolara hurbiltzera ausartzen. Txapazko pareten zirrikituetan begia pausatu bai, baina ez genuen tutik ikusten. Ilunegi zegoen. Pospoloz argitzen saiatu ginen behin batean. Sudurra erretzea besterik ez genuen lortu.

      Zapuztuta geunden eta zirt edo zart egiteko garaia heldu zitzaigun. Ilunabarrean izan behar zuen, lekukorik gabe egitekotan. Baina egunak gero eta luzeagoak ziren, eta afalondoren kaleratu ezin.

      - Sanjuanetan egingo diagu! -erabaki zuen Cesarrek.

      Judizmendin jai handia izan da beti San Juan gauekoa. Guretzat festarik zoragarriena, gainerakoetan debekatuta geneukana egitea zilegi izaten baitzen gau hartan. Lehen mozkorra Sanjuanetan harrapatu genuen eta baita amodioaz lehen aldiz gozatu ere. Hala da orain eta hala zen gure garaian. Afaldutakoan denok kalera. Eta berandu etxeratzeko baimena ematen ziguten. Huraxe genuen aukerarik onena.

      - San Juan gauean egingo diagu!

      Afalostean, artean gainerako mutilek egur, paper eta denetariko hondakinak metatzen eta txukuntzen zihardutelarik, margolariaren atezuan geratu ginen gu, hura txabolara noiz agertuko. Eta agertu, ohi baino lehenago agertu zen, festako suaz kezkatuta balego bezala.

      Sua piztu arte itxaron genuen, beraz.

      Eta suaren ondoan bildutakoen oihuak eta zalaparta nagusitu zirenean piztu genuen geuk ere gurea. Adar baten puntan petrolioz bustitako zapia pospoloz isiotu eta argia egin zen gure aurrean. Zapatariari eskatu eta arratsaldean txabolaren alboan ezkutatutako mailuaz ekin genion lanari. Estreinako kolpearen durundiak ikaratu egin gintuen. Elkarri begiratu genion, zalantzan. San Juan suaren ingurutik zetorkigun azantzak adoretu gintuen. Jo eta jo, atea ixten zuen giltzarrapoa apurtuta erori zen lurrera.

      - Ireki ezak! -agindu zidan Cesarrek-, ez beldurrik izan!

      - Baina...

      - Ireki ezak, kakatia! Hor ez zagok inor!

      Esku dardartiz zabaldu orduko atzera egin genuen hirurok, suziriaren argiak kristalezko zerbaitetan islatu eta dir-dir egin zuenean.

      Begi bat zen, begi distiratsu, heze eta bizia. Aurrez aurre geneukan zakurraren kristalezko begia. Ez genuen berehala ezagutu. Piztia ez baitzen guk gogoratzen genuen zakur ziztrin eta sasikoa, baizik eta, haren antza eduki bai baina, hark inoiz izan ez zuen dotoreziakoa, zakur argi eta fierra, otso baten trazakoa.

      - Erne mutilak! Salto egingo dik! -esan zuen gure gibelean ahots ozen batek.

      Eta sustoarekin airean irten ginen korrika, piztia bere lozorrotik iratzarri eta lepora jauzi egingo zigun beldur.

      Zapataria izan zen, noski, guk eskatutako mailua zertan erabili behar genuen antzeman ziguna.

Arestian, gaztetan gauzak zeinen aise ahazten diren aipatu dut. Nola gaur ezinbestekoa zaigunak bere balioa galtzen duen goizetik gauera. Hala izan da beti eta ez du bueltarik. Eta horrelaxe ahaztu genuen San Juan gaueko pasadizoa. Bagenuen arreta jartzeko beste kontu garrantzitsuagorik.

      Uztailean eraikitzen hasi behar zituzten etxeak zirela-eta, baratzak zulatzeari ekin zioten. Txabolak bota eta beste nonbaitera aldegin zuten margolariak eta piztiak. Eta haiek ez ziren izan utzi gintuzten bakarrak. Jose Luisek ere aldegin zuen halako batean. Citroëna galtzea deitoratu genuen, jakina, baina batez ere, adiskidetzat genuenak guri adio esan gabe Judizmenditik joateak mindu gintuen.

      Hura ere ahaztu zitzaigun agudo ordea.

      Joan zen uda eta negua heldu da. Neskatan hasi ginen. Igandero Mendizorrotzara joaten. Espainiako fubol taldearen balentriak gure irrati erosi berrietan entzuten. Zenbait urte igaro zen, Filorenean apopilo izandako gure lagunaren berriak ostera jaso arte.

      Lapurreta txiki batean harrapatu zuten Cesar eta atxilotuta egon zen hiru egunez.

      - Gogoratzen al zarete Citroënean eraman gintuen Fangiorekin?

      - Nola ez!

      - Ba, txakurra duk. Komisaldegian ikusi nian... bere pistola sakelean sartzen. Cesar aspaldikoa!, esan zidaan. Eta ate baten atzean desagertu zuan.