Itzalaren ertzean
Itzalaren ertzean
1996, ipuinak
168 orrialde
84-86766-69-9
azala: Modigliani
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2002, nobela
2000, nobela
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
 

 

Ez beste guztiak

 

Trenetik jaitsi eta, kaian inor ez zela, ilunbistan, bide jakinik gabe, herri aldera zihoala, baratz batzuk inguratzen zituen itxitura prekarioaren gainean salto egindakoan, bekoz beko emakume sendo batekin egin zuen topo Josephek.

        — Larralde taberna, mesedez? galdetu zion.

        Emakumeak fijo begiratu zion. Zein zen (zirudien, esan nahi zuela) bere baratza zapaltzen ari zela Larraldez galdegiten zuen forastero hura? Bestalde, bere nagusitasuna erakusteko okasio bat atzemanik, zenbait instantez mutilaren zapata hautseztatuei begira egon zen. Baiki, zikin samarra zegoen. Mozkortuxe ere bai, emakumeak duda gabe antzemango ziona. Hala ere, ez erantzuteko arrazoiak ote ziren haiek?

        — Behera? galdetu zuen Josephek, besoa altxaturik, arrankura punta batekin herri aldera seinalatuz; eta: Agian ez da ja esistituko Larralde, pentsatu zuen.

        Emakumeak azkenik: «Behera, bai: Santa Krutzen atzean duzu», esan zion, hatzarekin elizatxo bat seinalatuz, eta Josephek, milesker esanik, dorpeki, emakumeak adierazitako direkzioan, maldan behera segitu zuen.

        Kale zabal batera heldu zen, ibaia zeharkatzen zuen zubirantz abiatu. Hantxe, sasiak inbaditu zuen fabrika zahar baten kontra, kotxe baten eskeletoa ikusi zuen.

        Amak irakur zitzan utzi zizkion gutunetan, bere aitak aipatzen zuen Larralde taberna: bertan lagunekin bildu, ardo batzuk edan, bertan ematen zituela-ta zenbait ordu egunero.

        Inor ez zen plazatxo bat pasa-ta, elizatxo-gibelean, etxe-bloke handi baten pean atzeman zuen Josephek Larralde.

        Kanpoan, zurezko aulki luze batean jarrita, baziren lagun batzuk, zerbezak edanez, animatuki solasean. Barruan berriz, jende dexente zegoen. Ostirala da-ta, pentsatu zuen Josephek, bere gibelean atea zerratuz. Bizpahiru zahar, barrako zoko batean, haietako bat tabernariari bromak eginez, gero zenbait gizaseme saldo, zutik, eta mahaietan ere, neska-mutilak, bokadiloak jan, zerbezak edanez.

        Joseph, taldeen artean bide bat eginez, tabernaren fondoraino heldu, libre zegoen barra-aulki bakarrean jarri zen.

        Ez-ezaguna zela-ta (iruditu zitzaion Josephi), arreta bereziz etorri zitzaion tabernaria berehala, zer nahi zuen galdeginez. «Beltza», eskatu zuen Josephek, eta berriz esan behar izan zuen, tabernariak ez ziolako ondo aditu.

        Bere ondoan tipo bat esku biez barra jotzen ari zen, apal entzuten zen taberna-musikaren hotsean. Musika estrainoa zen, menturaz zenbait tresna primitiboz egina. Eta hala ere, doinu abangoardistak ziren, erritmo gozoak. Josephek barra gainean zegoen kaseta-kaja hartu zuen, entzuten ari zirena hura zitekeela suposatuz. Apenas hartzea egin zuen, eta:

        — Hop Frog, informatu zion aldameneko tipoak: mutil aurpegi-luzea, astebetean-edo egin gabeko bixarraz. Eta, bista kajara bildu zuelarik, ohartu zen mutila disimuloz begira gelditu zitzaiola; segitu zuen hala ere, ezker eskuaz barra erritmikoki jotzen.

        Josephek, haren arreta somatuz, zigarrilo bat eskaini zion.

        — Ez, eskerrik asko, esan zuen mutilak, alkandorako poltsikotik beste pakete bat atereaz: honetatik nahiago dut. Eta gero, Josephek sua ematen ziolarik: Ostia, esan zuen mutilak, baten baten antza hartzen dizut eta ez naiz gogoratzen...

        Josephek bista altxatu zuen.

        — Zu ez zara hemengoa, esan zion mutilak.

        — Ez, ez naiz hemengoa, onartu zuen Josephek. Frantziakoa, esan zuen, trago batez husturik basoa. Eta, mutilak burua kordokatuz begira segitzen zuenez: Baten baten antza baldin banu ere, esan zuen, ez dut uste zu hartaz oroituko zarenik.

        — Zer ba? Zu ez zara ba izango...?

        — Kamio, esan zuen Josephek. Joseph Kamio.

        — Kamio? orain tipoa erabat beragana jiratu zen. Anjel Kamioren semea? Horixe, esaten nuen ba. Aditu nuen, seme bat zuela baina...

        Beraz, badakite nire berri, pentsatu zuen Josephek. Eta nik, ez nekien herri hau bazenik ere, orain dela gutxi. Aitaren berririk ere ez nekien-eta.

        — Aditu al duzu, Maria? esan zion mutil aurpegi-luzeak aulki luze batean jarrita, barraren kontra apoiaturik zegoen neska ile-kizkurrari. Anjelen semea da hau.

        — Zein, zu? esan zuen Maria zeritzonak. Aurpegia arin makilatuta zeukan, oso sorprendituta zegoen. Sorprendituago, halere, Joseph, gazte tankerako haiek bere aita ezagutu, hartaz gogoratzen baitziren.

        — Jarridazu beste bat, eskatu zion Josephek han-inguruan zerbait ari zen tabernariari. Eta: arras mozkortuko naiz, pentsatu zuen. Eta nahi dutena, lagunei, erantsi zuen. Baina, eskua poltsikora eramateko imintzioa egin zuenez:

        — Zaude, zaude, esan zuen mutil aurpegi-luzeak. Nik egingo dut hau. Bi beltz eta bi zerbeza, Irene. Anjelen semea, aizu, esan zion tabernariari, hura urreratu zitzaienean.

        — Anjelen semea? esan zuen emakumeak, ardo botila airean erdi-okertuta zuela, bat-batean harrituta. Anjel Kamio? Ez esan!

        — Toki onera etorri zara, esan zion boskarren solaskide batek: mutil bajo, sendo, begi bizi-bizi batek. Anjel hemen egoten zen, askotan. Gure laguna zen —eta, aurkezpenak eginez—: Maria, Luis Mari, ni Joxan naiz. Hau Irene da, erantsi zuen.

        — Orain esaten duzula... esan zuen Irenek —antza hartu ziola, alegia; orain bai, bete zituen likido gorri-beltxaz bi baso zabalak, kamaratik bi zerbeza atera zituen.

        — Eta, esan zuen Maria ile-kizkurrak: zer izan zen edo... ezer al dakizu?

        Lauak mutu-mutu, Josephen erantzunaren zain gelditu ziren.

        — Ez dakit ezer, esan zuen Josephek, begirada makurtuz.

        Berak ez zuen aita ezagutu. Arestian, hospitalean, amak esan zion nola, berak hiru urte zituela, desagertu zen hura. Berak ez zekien besterik. Akaso bertara, argibideren bat atzemango ote zuen, esperantzarekin joan zen. Haatik, mina eman zion, aitaren berririk ez zekiela aitortu beharrak.

        — Poliziak ez al zuen ezer esan...? galdetu zion Irenek.

        — Poliziak? Zer esango zuen? esan zuen Joxanek. Beraiek tartean ez baldin baziren...

        — Hala izan zen hemen zurrumurrua, esan zuen Mariak.

        — Bai, gauza asko esan izan zen baina... esan zuen Joxanek.

        — Ezer garbirik ez, esan zuen Luis Marik. Gainera zuek, ez al zinen zeran bizi...?

        — Frantzian, goian ez al zen? esan zuen Joxanek.

        — Amiensen, esan zuen Josephek.

        — Amiens, hori da.

        — Eta ez zenuten ezer jakin eh... esan zuen aho-zabalik Mariak.

        Josephek ezetz egin zuen buruaz.

        — Pues hemen ere...

        — Desagertu zenean hemen denok harri eginda gelditu ginen, esan zuen Joxanek.

        — Norabait alde egin ote zuen ere... esan zuen Irenek.

        — Nik, Ainhoak esan zidanean kanpoan seme bat zuela, esan zuen Luis Marik, agian zugana, edo zure amagana joana izango zela pentsatu nuen.

        — Ainhoa? galdetu zuen Josephek.

        — Neska bat, hemengoa, esan zuen Joxanek. Ez duzu jakingo, azken urteetan harekin ibili zen.

        Gutunetan behintzat, ez zuen aitak beste nobiarik aipatzen.

        — Nik ez nuen hori pentsatu, esan zuen Mariak. Nik egia esateko, ihes egina izango zela pentsatu nuen. Orduan batzu-batzuk izan ziren hemen...

        — Bai Tomaxek-eta...

        — Nik ere hala pentsatu nuen, esan zuen barraz bestaldetik Irenek, eskapoan edo joana izango zela. Hala zabaldu zen, behintzat.

        — Zera, esan zuen Luis Marik, Anjel ez zebilen-eta horrelako saltsetan.

        — Inoiz ez dakizu! esan zuen Mariak.

        — Nire ustea! esan zuen Luis Marik. Anjel orduan AHTko mobidan zebilen-eta...

        — Ez zen beste hartan ibiliko baina badakizu, esan zuen Irenek, lagunak ere bazituen-eta...

        — Eta, esan zuen Mariak, aurreneko aldia al da, hona zatozena?

        — Bai, esan zuen Josephek, aurreneko aldia.

        — Eta, ba al zenekien ba, taberna honen berri?

        Josephek orain irribarre egin zuen.

        — Aitak aipatzen zuen, bere gutunetan...

        — Bai, esan zuen Joxanek, ez da harritzekoa. Etxea urrutitxo zuen baina, ia egunero etortzen zen hona. Ez al da hala?

        — Hemen? esan zuen Irenek. Horixe! Bere kafetxoa, bere zigarriloa, egunkaria letzen hor (Mariari) zu orain zaren tokian egoten zen. Edozein etorrita ere, harekin kontu batzuk esango zituen. Gero oinez tipi-tapa joaten zen iluntzean.

        — Iluntzean, eta geroago ere bai ezta? esan zuen Luis Marik.

        — Ez genuen, esplikatu zuen Joxanek, biltzeko beste tokirik, tabernaz aparte.

        — Orain bezala, ez? esan zuen Luis Marik, irribarrea zabalduz.

        — Guztien laguna zen, esan zuen Irenek. Berdin hizketatzen zen honekin edo harekin. Joxe Marirekin ere, biak besarkatuta sartzen ziren hona.

        — Joxe Mari deitzen genion, esan zuen Joxanek, alfonbrak eta txorakeriak saltzen ibiltzen zen moro bati.

        — Baina Anjel ez zen beti tabernan egoten ziren haietakoa, esan zuen Mariak. Anartean Irene beste bezero batzuk atzenditzera joan zen.

        — Ez, hark bazuen bere lana, bazituen bere gauzak... esan zuen Joxanek.

        — Mendian ere ibiltzen zen eta... esan zuen Mariak.

        — Ostia! Mendia-ta... Ateratzen zenean parranda ederrak egiten zituen Anjelek ere, esan zuen Luis Marik, aurpegia berez zeukana baino areago luzatuz, eta besteak ixilik gelditu zirenez bere zerbezatik zurrut egin zuen.

        — Harrigarria da, esan zion Joxanek Josephi, begi txiki-txikiak bizi-bizi beragan tinkatuz. Aitaren igual-iguala zara.

        — Horrekin gelditu naiz ni, esan zuen Luis Marik.

        — Bai oso parezidoak zarete, esan zuen Mariak.

        — Ba zure aita, esan zuen Joxanek, askotan egoten zen gurekin. Hemen eta Juantxon eta...

        — Lazarorekin ere ederrak egiten zituen, esan zuen Mariak.

        Lazaro. Ez ote zuen aitak gutun batean izen hura aipatzen?

        — Lazaro honen mutila da, esplikatu zion Joxanek.

        — Lehenago elkarrekin lan egin zuten-eta, esan zuen Mariak, oso lagunak ziren.

        — Ez al zegoen... esan zuen Josephek, zerbait gogoratuz, ez al zegoen...?

        — Preso? lagundu zion Joxanek. Han segitzen du!

Han segitzen du. Zenbat urte zeraman ba, kartzelan? Bestalde, berriz harritu zen, bere solaskide haiek, aita hain ongi ezagutzeko, gazteegiak ez ote ziren. Ze edadea izango zuten? Mariaren eskuei erreparatu zien —zenbait eraztunez apainduriko esku ximurtzen hasita zeuzkan.

        — Zergatik sartu zuten? galdetu zuen Josephek.

        — ETAkoa zen, esan zuen Joxanek.

        — ETAkoa da, ezta? puntualizatu zuen Luis Marik.

        — Bueno-bueno, moztu zuen Mariak: ez zuela merezi, adieraziz.

        Luis Marik urduri-antxa zirudien. Beharbada bera ere ETAri nolabait lotuta dago, pentsatu zuen Josephek.

        — Donostia komandoa, esan zuen Joxanek. Hamazazpi urte darama barruan.

        — Bera harrapatu eta handik gutxira izan zen zure aitarena, esan zuen Mariak.

        — Ez, hura izan zen...

        — Bai, bai: horregatik lotu ziren gauzak.

        — Orduan hauek Udaletxean itxi ziren...

        — Gero sarjentua hil zuten Errekalden...

        — Bai, bai: dena oso bateratsu izan zen.

        Josephi geltokitik heldu zela, bide bazterrean ikusi zuen kotxe errea gogoratu zitzaion.

        — Hor bada ba, esan zuen, kotxe bat errea...

        — Bai, hori orduan ez bazen izan, gerotxoago izango zen.

        — Zera, hori orain dela gutxi...

        — Hori frantsesen kotxea zen, esan zuen Joxanek. Orduan Frantziak estradizio batzuk egin zituen, eta kotxeak erre, kamioiak tirokatu... atentatu asko izan zen.

        — Bai, eta honen aita kontra zegoen, esan zuen Luis Marik.

        — Kontra? Zer ba? esan zuen Joxanek.

        — Zure aita kontra zegoen, bai, esan zuen Luis Marik. Esaten zuen, ez al zarete gogoratzen?, ea kotxe frantsesak erretzen baziren, zergatik ez ziren espainolak ere erretzen: espainolek ere egin zigutela ba, dexenteko mina.

        — Horretan bazuen bai, arrazoi pixka bat, onartu zuen Joxanek.

        — Lazaro preso sartu zutenean, esan zuen Mariak, lagun talde bat Udaletxean itxi zen, protesta modura. Haien artean zegoen zure aita.

        — Bai, mobida izan zen...

        — Herria okupatu egin zuten-eta, esan zuen Joxanek.

        — Bai, esan zuen Luis Marik. Eta Sagartzazu, eroa, pistola bat zuela sartu zenean Udaletxera, zure aita eta Indio, herriko beste baten artean desarmatu zuten.

        — Hala zegoen giroa! esan zuen Joxanek.

        — Gauzak ez dira asko ere kanbiatu, esan zuen Luis Marik.

        — Ez. Zoritxarrez, esan zuen Mariak.

        — Eta gero, bat-batean, esan zuen Joxanek, handik... egun batzutara, flop! zure aita ixkutatu egin zen.

        — Bai, hori eta geroxeago izan zen, esan zuen Luis Marik.

        — Orduan Txinkoenean bizi zen.

        — Bai, klaro, bi edo hiru urte zeraman Txinkoenean.

        — Txinkoenean, ez al ziren orduan ijitoak bizi? galdetu zuen Irenek, atzera ere beraiengana heldu zena.

        — Bai! esan zuen Joxanek. Han, errekaz bestaldean egoten ziren haiek.

        — Herriko etxeak garesti zeudela-ta, esan zuen Mariak, zure aita Txinkoenera joan zen.

        — Bolada batean, esan zuen Irenek, oso ondo gogoratzen naiz, pisu bila ibili zen. Hemen egunero-egunero begiratzen zion egunkariari. Horko tabladoan ere anuntzioa jarri zuen. Guk hemengo pisu bat esan genion, Juanita, gure izebarena, baina hau garestia zela-ta, hara pasa zen.

        — Ordurako hala ere, esan zuen Luis Marik, ja bazeraman Anjelek denbora dexente kalean gutxi azaltzen zela.

        — Krisia-ta, esan zuen Irenek.

        — Anjel? esan zuen Joxanek. Ez dut uste. Harritzen naiz. Ez zen batere etxe-zuloa.

        — Baina lan bat bukatzen ari zela edo...

        — Eta: sosik ez zuen-eta...

        — Hori bai. Dirurik ez zuela.

        — Xentimorik gabe zebilen, esan zuen Luis Marik. Hemen ere, (Ireneri) zuk badakizu ondo, beltza, normala gaseosarekin eskatu, eta gero baso-urak edanez igarotzen zuen arratsa.

        — Bai, azken boladan hola ibiltzen zen.

        — Ainhoaz ari ginela, esan zuen Joxanek: hor duzu.

        Joseph itzuli egin zen. Koadrila bat igaro zen une hartan taberna paretik. Mutil batek atentzioa eman zion, zeramatzan arropa koloretakoez, ile motx gorri puntakoengatik. Haren atzean, beltzez jantzitako neska txiki, ile motzarekiko bat.

        — Beltzez jantzitakoa, hori, esan zion Joxanek.

        — Gaztetxekoak dira horiek, esan zuen Luis Marik. Anjel askotan horiekin ibiltzen zen.

Gaztetxea. «Atzo kontzertua zegoen. Zutaz gogoratu nintzen», esaten zion aitak, gutun batean, amari. Seguraski bertan ezagutu ziren.

        Koadrila handi bat irten zen tabernatik orain. Mahai batean, lau mutil karta-jokoan hasi ziren, beste koadrila bat gelditzen zen izkinean.

        — Atera beste ronda bat Irene, esan zuen Mariak.

        — Niri ez, esan zuen Luis Marik, banoa-ta.

        — Orain joan behar al duk? esan zion Joxanek. Gaua hasi besterik ez dik egin-eta!

        Hamaikak markatzen zituen tabernako erlojuak.

        — Etxean mokadu bat jan eta zulora, esan zuen Luis Marik. Irene! Emaidazu zinta —Irenek ekarri zion; beste musika eztiago bat entzuten zen orain.

        — Guk ere zerbait jango dugu ala? esan zien Joseph eta Mariari Joxanek.

        — Ui nik ez, esan zuen Mariak, oso nekatuta nago. Laster etxera noa ni ere. Zuk ba al duzu lo egiteko tokirik? galdetu zion Josephi.

        — Hendaian, lagun batzurekin kanpinean nago, esan zuen Josephek.

        — Hendaian? esan zion Joxanek. Motel hori urruti dago!

        — Etorri nirekin, esan zion Mariak, etxean tokia badago.

        Ez zuela nahi, ez zuela inportarik, keinu bat egin zuen Josephek.

        — Beldurrik gabe...

        — Igual ez du lo egiteko gogorik izango, esan zuen Luis Marik.

        — Bueno, nahi baduzu behintzat...

        — Irene, esan zuen Joxanek. Atera beste bi beltz, eta beste birra bat.

        — Bueno! esan zuen Luis Marik. Ni banoa. Bueno Joseph, bihar hemen segitzen baduzu... ikusiko gara.

        — Bai...

        Luis Mari kanpora zihoala gazte talde bat sartu zen tabernan. Batzuk mozorrotuta zetozen, saltoka, kantari: ta-ra-ra eginez, gehienak, ez baitzekizkiten kanten letrak osoki.

        — Gaztetxekoak, esan zuen Joxanek.

        — Festa dute? galdetu zuen Josephek.

        — Arratsaldean egin dute festatxo eta afari-merienda, orain kontzertua edo ez dakit zer zuten.

        Edan egin zuten. Festazale haietako bat, mutil moxkote, brusa urdinez jantzitako bat, beraiengana heldu, Josephi besotik txintxilika zekarren boltsa handi bateko kontenidoa erakutsi zion: torloju handiak, ikusi zituen Josephek, metalezko tutuak, beste zenbait txatar-puxka.

        — Mmm, esan zuen Josephek, ikusten ari zena biziki interesatzen zitzaiola, planta pixka bat eginez.

        — Guk ez dugu burruka gogorrik planteatzen, azaldu zion mutil moxkoteak, gurea mobida bazterrekoa da.

        Josephek ez zuen ulertu, zertaz ari zen —eta hala ere, mutilak esaten zuen hartan arrazoi-zantzu bat atzematea iruditu zitzaion. Bere basoa altxatu egin zuen, mutil moxkoteak erakusten zion botilaren kontra topa eginez.

        — Justizia! esan zuen, fuerte oso, mutil moxkoteak, bere lagunengana jiratuz.

        Joxan hari begira barrezka ari zen, Maria berriz beste batekin hasi zen hizketan. Joseph puxka batean zurrunduta egon zen, gero pixagalea somatuz:

        — Komunera noa, esan zion Joxani, WC zioen aterantz joateko bezala.

        — Itxita dago, esan zion Joxanek. Etorri, erantsi zuen, eta besotik helduta, taberna kanporantz eramanez: Gaztetxean egingo duzu.

        Kalean, lagun taldeen artean dinbi-danba zihoazela, Josephek erreparatu zuen, kalearen alde batetik bestera, banderinak ipini zituztela. Ozen xamar entzuten zen musika-zarata.

        — Joseph Kamio! esan zion Joxanek, enfasi pitte batekin, besoa lepo gainean jarrita; bat-batean oso animatuta zirudien. Tipo jatorra, zure aita! Ez zen sekula mozkortzen baina jatorra zen, bai!

        Geroxeago, beti tinki besarkatuz:

        — Zer moduz, ama? galdetu zion.

        Josephek harri eta zur begiratu zion. Ez zuen espero halako galderarik.

        — Nik zure ama ezagutu nuen, esan zion Joxanek. Hona etorri zenean.

        Ama ezagutu zuen! Hogeita hamar urte zuenik ere ez zuen ematen-eta... Eta bazuen hogei urte, ama izan zela bertan.

        Josephine, bere ama, eta bere taldea, urte hartan Europako zenbait herrialdetan barrena jiran ibili ziren. Bertara etorrita ezagutu zuen Anjel, bere aita izango zena. Elkarrekin astebete-edo egin zutela, deduzitu zuen Josephek, aitak gutunetan esaten zuenetik. Gero amak, Amiensera itzuli eta denbora batera, haurdun zegoela jakin zuenean, itxuraz haurra berak bakarrik izatea erabaki zuen.

        — Oso goapoa, bai, esaten ari zitzaion Joxan.

        — Zuk... ezagutu zenuen? galdetu zion Josephek.

        — Bai. Anjelekin, hemen ibili zen-eta.

        — Baina... badu hogei urte, izan zela hori.

        — Hogei urte... Joxan instant batez pentsakor gelditu zen, gero segitu zuen: Bai, izango dira; ni gazte-gaztea izango nintzen. Baina gogoratzen naiz. Zeren, zure aitak, zure ama hemen zela, nire anaiari kotxea eskatu zion. Ez dakit nora joateko. Badakizu, artean zure aita bere familiarekin bizi zen-eta... Galdegiozu amari. Zure aitak ez zuen karnetik baina, beti hola ibiltzen zen. Behin harrapatu zuten. Ez al zenekien? Baina, zeukan aingeru aurpegi harekin... libre utzi zuten. Eta: ondo egongo da ala? Ama, esan nahi dut.

        — Hil egin zen, esan zuen Josephek. Aurten, martxoan hil zen.

        — Hara. Sentitzen dut, esan zuen Joxanek, eta kariñozko zimiko bat egin zion lepoan.

        Bat-batean Joseph estrainoa sentitu zen han. Inpresioa izan zuen, herri hartan, aita ez beste guztiak zeudela, denbora bateko lagunetarik aita baizik ez zela falta... Alabaina, bera zen, eta ez aita, Joxani besarkatuta kalean zebilena.

        Gazteak saldoka pilakatzen ziren etxe apal, orma oker samarrekiko, barraka gisako batera ailegatu ziren. Teilatu gainean, katu batzuk zebiltzan. Behean, lorategi itxurako batean, mueble tzar batzuk, trafiko seinale pilo bat alde batera, lurrean eta siletan hainbat lagun jarrita zegoen. Barrutik neska baten ahotsa heldu zitzaion.

        — Hor duzu, esan zion Joxanek, eskubitara, ganbarara zeraman eskailera pean, letra handiekin «Materialak» zioen ate berde kaxkar bat erakutsiz: Hor duzu komuna.

        Baina, Joseph sartzera zihoala, hantxe lurrean eserita zegoen mutikoxkor batek:

        — Ez sartu, esan zion, nire ama dago-ta.

        Eta gero andre batek, orobat lurretik:

        — Zu ez al zara... Naiaren nobioa?

        Ezetz, esan zuen Josephek, eta besteak:

        — Ah pues uste nuen lehengoan Altzan harekin ikusi zintudala, insistitu zuenez, Josephek desenkusa-irribarre bat egin zuen, paretaren kontra apoiatuz.

        Handik minutu pare batera, Joseph praketako botoiak lotzen ari zela gela-txarretik irten zelarik, ez zuen lorategian, ez ate ondoan ere Joxanen arrastorik ikusi. Sartu egingo zela pentsamentuarekin, etxe barrenera jo zuen berak ere.

        Lokal handia, ilunkara, halako ordenik ez zegoena zen. Aurrean eszenategia, non musikoek, zenbait lanparatxoren argitan, bi konposizioren artean etenalditxo bat egin zuten orduantxe; atzean mahaiak eta silak, alde batera mostradorea, armario bat ere, haratago koltxoneta batzuk metatuta. Gazte ugari zegoen, aurreko aldean zutik, atzean jarrita gehienak, taldeari begira, edo solasean.

        Jendearen artean zigi-zaga ibiliz, Joseph eszenatoki ondoraino iritsi zen. Gitarrak bi nota jo zituen, kantariak mikrofonoa hartuz: «Azkenekoa», iragarri zuen. Josephek harmaila batean, tipo baten ondoan txoko bat egin zuen, kili-kolo, kukurrukaturik.

        Neska kantatzen hasi zenean, haren ahots lodia harrigarri ederra iruditu zitzaion. Amodio izugarri, guztiz inprobable batetaz ari zen. Hura zuen indarra hura! Hotzikara bat somatu zuen Josephek. Begiak itxirik, bere aita imajinatu zuen, bere ama zitekeen kantariari begira. Hala hasi zatekeen, beren maitasunaren historia: historia labur hura.

        Kanta amaiturik, txaloak eta gero, kantaria eta musikoak euren gauzak biltzen ari zirela, ondoko tipoak pipa batzuk eskaini zizkion. Orduan ezagutu zuen: kalean, Ainhoa, bere aitaren nobiarekin ikusi zuen ile gorriekiko mutil hura zen. Josephek eskukada bat onartu zion —Ainhoa bera ikusi zuen haraxeago, sila batean, paretaren kontra jarrita. Eta, koadrila tankerako hartan inor ez zela ezer edaten ari, ikusi zuenez, zutitu egin zen eta:

        — Zer nahi duzue? galdetu zien, mostradorera zihoala eginez.

        Bik esan zuten: zerbeza; beraz Josephek, jendea apartatuta barraraino iritsiz, han zen neskari:

        — Hiru birra! eskatu zion.

        Neskak atenditu egin zuen, itxuraz; basoak ordea barraren zokogune iristen gaitz batean utzi zizkion. Hara, ahalegin handiz, heltzen saiatzen ari zelarik, beste batek kendu egin zizkion, hiru basoak, edo hala iruditu zitzaion Josephi, zeren eta gero beste hiru baso berdin-berdinak ikusi zituen, nahiz beste haiek are haruntzago zeuden.

        — Ekarri basoak! eskatu zion tabernakoari.

        Neskak azkenean ondoratu egin zizkion hiru basoak. Josephek barra gainean haien prezioari gutxi gorabehera egokituko zitzaion txanpon mordoxka bat utzita, basoak hartuta pipak zirela medio egin zituen lagun hala-moduko haiengana joan zen. Bi zerbeza, eskatu zutenei eman eta, hirugarrena eskuan zuela, Ainhoaren aurrean paratu zen.

        — Nahi al duzu? eskaini zion.

        — Ez eskerrik asko, esan zuen Ainhoak.

        Joseph ondoan jarri zitzaion.

        — Ainhoa zara ezta?

        — Bai... Ile motza, begi berdeak zituen, hortz bat hautsita menturaz.

        — Kaixo... hasi zen Joseph.

        — Zu...

        — ...

        — Zu al zara, Anjelen semea? Josephek buruaz baietz egin zuen eta: Oraintxe Joxanek esan dit, hemen zinela, esan zuen Ainhoak.

        Apur batean ixilik, begiek dizdiz zegietela, elkarri begira egon ziren, gero Ainhoak esan zuen:

        — Eta... zer moduz?

        — Hementxe, esan zuen Josephek. Ardoa sobera edan dut eta, egia esan, nahiko nahastuta nago.

        Eguerdian hasi zen, Irunen, bere lagunekin ardoak edaten. Bazkalondoan ere kopa pare bat hartu zuen. Beharbada —pentsatu zuen— ez zuen-eta bestela aitaren herrira joateko aski kemenik izango. Eta hala ere orain despejatuxeago zegoen.

        Ainhoaren begirada somatu zuen. Aitaz gogoratzen arituko da, pentsatu zuen. Neskaren eskua ikusi zuen berak, esku gazte eta morenoa.

        — Herri honetan, etorri zitzaion espontaneoki galdera, ez ote zarete sekula zahartzen?

        — Pff! egin zuen Ainhoak, barreari eutsiz. Zer, ba?

        — Agian sobera edan dudalako izango da baina, inpresioa dut oso gazteak zaretela eta aldiz... guztiok ezagutzen duzue nire aita... orain dela hamazazpi urte, gaizki ez banago, desagertu zena.

        — Arin doa denbora, esan zuen Ainhoak, irribarre goxo, zabal bat eginez, eta Josephi zerbeza hartuta, trago bat edan zuen.

        Bat-batean Josephek sentsazioa izan zuen, neska harekin fida egin zitekeela. Zalu mintzatu zitzaion:

        — Nik, esan zion, orain dela gutxi jakin nuen aita bertokoa neukala. Amak, ez dakit zergatik, ez zidan inoiz ezer esan. Ezagutu al zenuen nire ama: Josephine?

        — Ez, esan zuen Ainhoak, ez nuen ezagutu. Ni ez bainaiz hemengoa. Gero etorri nintzen.

        — Aurtengo martxoan, segitu zuen Josephek, hil-zorian zegoela esan zidan dena: aita nor, eta nongoa zen. Haren argazki bat, eta idatzi zizkion gutunak erakutsi zizkidan.

        — Itxoin: nik ere badut...

        Neskak galtzen gibeleko patrikatik larruzko kartera zahar bat atera zuen, paperen artean atzemanda argazki bat erakutsi zion.

        Mendian, zutarri megalitiko baten ondoan, aita eta biak, kamara gainetik, xeharka, urrutiko paisajeari begira zeuden. Josephek gertuagotik begiratu zuen. «Aingeruaren aurpegia», esan zuen Joxanek, aitaz; bazuen bai, halakoxe airea; berak ere bai, ote? Ainhoa berriz ez zen batere kanbiatu.

        — Etenetan, esan zion Ainhoak, hor-mendi lepo batean gara. Azken aldian afizioa hartu zuen, mendira joateko.

        — Oso... lagunak zineten? esan zuen Josephek.

        — Bai, esan zuen Ainhoak, aztoratuxe, irribarrez. Azken bi urteetan ibili ginen elkarrekin. Ondo eramaten ginen... Bueno, bera oso independientea zen...

        Une hartan Gaztetxeko argiak itzali ziren, paratu zuten musika gelditu, protesta-hots eta txistu batzuk aditu ziren. Ainhoak ahots apalagoaz:

        — Badakizu? esan zion. Anjelek Amiensera joateko asmoa zeukan. Behin esan zidan.

        «Musuak Josephi»: aitak, gutun amaiera denetan, paratu zituen hitzak. Ainhoaren begiek dizdiz zegiten.

        — Desagertu zenean, segitu zuen, ni hara, zuengana joana izango zela pentsatu nuen. Aunke nola ez zuen ezer esan, oso harrigarria zen. Gero beste hipotesi batzuk atera ziren, jakingo duzu.

        — Zerbait aditu dut, bai.

        — Urte gogorrak izan ziren haiek, esan zuen Ainhoak. Guztientzat ere. Ez zen lanik-eta, orduak berton, edo kalean ematen genituen. Lana lortzen zutenak ere oso kondizio eskasetan aritzen ziren. Kontraturik gabe ere bai askotan. Eta pozik, hala ere, zerbait ateratzen zenean. Nik suertea izan nuen: ostatu batean hartu ninduten —Anjel desagertu aurreko urtean izan zen hori.

        Baten batek han-eta-hemen kandela batzuk piztu zituen, musika taldekoak beren trasteak ateratzen hasi ziren, lagun taldeek erre egiten zuten, apalago hizketan. Beste zerbeza batzuk atera zituen norbaitek.

        — Anjelek berriz, segitu zuen Ainhoak, lana gogotik egiten zuen etxean, baina ez zuen diru-etekinik izaten. Liburu bat idazten ari zen, eta hura bukatu arte behintzat ez zuela beste lanik egingo, esaten zuen.

        Ze gutxi jakin zuen Josephek bere aitaz! Txikia zela, gogoratzen zen, hil egin zela, esan ziola amak. Euskalduna zela ere, esan zion inoiz. Idazten jarduki zuela berriz, haren gutunak irakurrita asmatu zuen.

        — Hemen batzuek barre egiten zioten, segitu zuen neskak, eta berak, eutsi. Oso erradikala zen... bere lanari buruz. Eta bestela ere bai. Familiarekin bizitzea besterik ez zuen, edo nirekin etortzea. Nik esaten nion: etorri. Baina berak bakarrik nahi zuen. Txinkoenean hartu zuen gela bat, Arrola deitzen den etxean. Hori herritik apartexo dago, ibai ondoko kamioaren bukaeran, mendiaren kontra. Arrola etxe zaharra zen. Ez dakit txutik egongo den oraindik, pentsatzen dut baietz: aspaldi ez naiz hara joan-eta.

        — Aldi batez, segitu zuen Ainhoak, diru laguntza bat jaso zuen udaletxetik; ez dakit zenbat zen... Laguntza txiki bat. Gero berriz, hura kendu ziotenean, trena pagatzeko ere ez zuen dirurik izaten. Larunbatetan, azoka izaten zen eta, bera azkeneko orduan joaten zen eta, botatzen zituzten frutak eta berdurak eramaten zituen... Jantzi ere, barregarri egiten zen: galtzak eta galtzerdi guztiak petatxoz josita zerabilzkien...

        Joseph erabat samurtuta zegoen; alabaina aitak, ez zuen bere gutunetan halako premia gorririk aipatzen.

        — Desagertu zenean, esan zuen Ainhoak, beste gertakizun bat oso aipatu zen. Hilabete lehenago, Donostian atentatu bat izan zen eta, komandoak ihesean Txinkoenean, justu Anjelen etxe pean utzi zuen autoa. Gero goardia zibilak eta ertzainak hor barrena ibili ziren, euren etxera sartu, dena miatu zioten. Egun batzuk geroago atxilotu zuten Lazaro, bere laguna zena. Kale ixtilu batzuk izandu ziren. Hori dela-ta, ihes egin ote zuen, ibili zen marmarra...

        — Ez al zen izan, esan zuen Josephek, hilabete haietan, intsektu-plaga bat edo...

        — Plaga bat? esan zuen Ainhoak. Ez naiz gogoratzen.

        — Aitak bere azkeneko gutunean aipatzen zuen ba, esan zuen Josephek. Mitxirrikak eta... iñurriak, ere bai.

        — Itxoin. Orain esaten duzula. Bai, gogoratzen naiz zerbait izan zela. Egia da, urte hartan arras ugaritu zirela xomorroak. Ni berak esanda ohartu nintzen. Mitxirrikak, arrazoia duzu. Ttikiak ziren, hegaletan marrazki polit-polit batzurekin. Eta beste batzuk, ez dakit ze xomorro klasea zen, hegalak urdin eta gorriak zituztenak. Eta iñurriak, ere bai. Badakizu zer gertatu zen —orain gogoratzen naiz: oso udaberri ona izan zen, elurra ere izan zen, gero eguzkiak oso berotu zuen eta... belarra ikaragarri hazi zen. Belarraren atzetik heldu zirela xomorroak, esaten zuen Anjelek. Eskarabajuak. Oso maite zituen, eskarabajuak.

        Edan egin zuten biek. Pentsakor gelditu ziren.

        Beti argirik gabe, kanpoan berriz, egun-sentiko argitasuna nabaritzen hasi zen. Neska-mutil batzuk trasteak biltzen ari ziren, mahaiak eta silak kanpora ateratzen ari ziren. Beraiek ere zutitu behar izan zuten, Ainhoak basoak eta botilak barrara jaso zituen. Orduan fijatu zen Joseph, paretean beste hainbaten artean zinta-kolaz paratuta zegoen txartel batekin: hortz izugarriekiko tren-monstruo bat, mendi bat urratzen, arrabaskatzen ari zen. «AHTrik ez», irakurri zuen. Ez al zuen Luis Marik-edo esan, aita mobida hartan ibili zela?

        Neska batek sila bat eman zion, eramateko kanpora. Lorategian mutil bat, aizkora txiki batekin, aparadore bat txikitzen ari zen. Armario bateko ispiluan, bere burua ikusi zuen Josephek. Ikusgarri zegoen: begiak, ahoa eta sudurra oro bil-bil eginda aurpegiaren erdira...

        Beste bi lagun, buzoekin jantzita, ur-toma bat edo horrelako zerbait egin behar zuten. Ura zikina zetorrela, komentatu zuten. Beste norbaitek beste zerbait esan zuen. Josephek, barrura begiratuz, Ainhoa eta bere lagunak bilatu zituen. Ez zituen ikusi. Nora sartuko ziren? Koltxonetak lurrean zabalduta, lagun batzuk zakuetan sartzen ari zirela ikusi zuen. Lo pixka bat egitea bururatu zitzaion. Ez zuen merezi, ordea. Han atzeman zuen komiki bat gain-gainetik begiratzen egon zen. Gero kalera jo zuen. Freskoa nabaritu zuen. Gizon bat ibaira harriak botatzen ari zen, jolasean. Kale-horizonteari begira, ez zuen Ainhoa, ez beste lagunik hauteman.

        Espaloian gora, kontuz ibili behar izan zuen ez inorekin egiteko topo; han eta hemen tipo batzuk geldirik baitzeuden; gutxi zebiltzan, ibili. Joseph okela deskargatzen ari zen kamioi frigorifiko batean sartzeko zorian egon zen. Portal batetik, neska batek begiratu zion.

        Deskapotable zahar koloretsu batek aurreratu zuen abailan: bertan lau mutil zihoazen, ile gomatsuak atzera, builaka. Gero, ibai ondoko pasealekuan, beste lau lagun zeramatzan egurrezko karrito bat ebitatu zuen. Geldirik zegoen kotxe batean zegoen neska bati, zeharka begira, titi-burua ikusi zion; geroxeago berriz, titi-buru hura maletin batera jaso zuela iruditu zitzaion —nonbait, puta izaki-ta, gizonek, bezeroek zupa ziezaioten zeraman.

        Pasealekua zelai batean amaitzen zen, non zenbait feriazale han-hemenkari beren postuak montatzen ari ziren. Eguraldi bikaina zetorren, etxekoandre batzuk eta lana galdutako edo jubilatutako gizaseme bat edo beste kuxkux hasita zeuden.

        Joseph emakume aurpegi txabal, ilea painuelo batez bilduta zeukan batek atenditzen zuen fruta-toki baten aurrean gelditu zen.

        — Zer jarriko dizut? galdetu zion hark.

        — Nik... jarrizkidazu albarikoke batzuk.

        — Ez dira albarikokeak. Proba ezazu bat —eta, Joseph dastatzen ari zelarik—: Familiakoak dira, baina handixeago, eta goxoagoak dira hauek. Kilo bat, jarriko dizut?

        — Kilo erdia, jarri.

        Kaja batean, aparte, zenbait fruta lizun edo pasatuxe ikusi zituen. Aitarentzat preparatuta, ote? pentsatu zuen Josephek, eta berehala uxatu egin zuen pentsamentu txoro hura.

        — Besterik, jarriko al dizut? esan zion frutazaleak.

        — Ez, besterik ez dut nahi —ordaindu eta, bere bideari segitu zion. Arrolara joan nahi zuen. Handik aurrera izan behar zuen, ordea bide bat baino gehiago zegoen.

        Kamio ondoan, pretil batean jarrita, bi gizon zahar ikusi zituen. Xinple jantzita, txapelaz, bizarra egiteke zeuden.

        — Barkatu, esan zien Josephek, Txinkoenera joateko, hemendik al da?

        — Txinkoenea? Hara al zoaz? esan zion beragandik gertuen zegoenak: zahar ñarro eta zarpaila, ahoan hortz bat edo beste besterik ez zuena. Han dago; elizaren atzean ikusten da ba. Ez, zuzendu zuen, Josephek nonbait behar ez zen tokira begiratu zuen-eta: Eliza hura ez, ondokoa, bestea.

        Antza zaharrak ez zuen ondo ikusten, konfunditu egiten zen, ez baitzen han, berak esandako tokian, elizarik ageri.

        — Han, han, esan zuen beste zaharrak: luxea, ximaila. Gorago, ez al duzu auzune bat ikusten? Hura da Txinkoenea.

        — Nahi al duzue? Josephek fruta eskaini zien, luxeak ezetz egin zuen, besteak halakoxe gutiziaz bere hatz hezurtsuak poltsan sartu zituen, ale bat atereaz.

        — Hara al zoaz? galdetu zion Josephi. Segi bide honi; galdu gabe ailegatuko zara.

        Informazioa eskertuta, ja espaloirik ez zuen kamioan aurrera egin zuen Josephek.

        Aurreraxeago, autobiaren azpiko tunel laburra pasa-ta, pare-parean, gaintxo batean ikusi zuen Txinkoenea.

        Ez zen batere bertan, iristeko haran zabal bat zeharkatu behar zuen. Paraje ederrak ziren baina, zaharrak besterik esan bazuen ere, bide bat baino gehiago zegoen: bazen bat, ezkerraldean errebuelta eginda hara zihoana, eta beste bat, era berean errebuelta eginda bertara zihoana baina, bestea baino semizirkulo zabalagoa, leunagoa eginez. Gauza haiek denborarekin, ibilian, eta zebiltzan kotxe bakanei begiratuta ulertu zituen.

        Atzean utzi zuen industria poligono baten gainean, bi makinatzar ikusi zituen, beren kutxara izugarriekin mendiari kozk egin eta hauts pila handia sortuz, etengabe jaisten ziren kamioiak lurrez betetzen ari zirenak. AHT, gogoratu zitzaion, atzera, Josephi.

        Ja Txinkoenetik hurbil, azken albarikokea jaten ari zela, ixilago bazterrak, aldapa batean, gizon gazte bularrutsikako bat segaz belarra ebakitzen ari zela ikusi zuen. Inguru-minguru bi txakur txiki beltx, bata jolasean, mitxeleta bat harrapatu nahian, bestea hazka eginez, gibeleko hankaz. Aitak ez ote zituen gutun batean aipatu, «inguruko txakurren auriak»...?

        Auzogunera heldu zen. Eta bertan, malda-maldan, aurreneko etxean, plaka batean jarrita: Arrola, irakurri zuen.

        Etxe zahar, gris, ez oso handi bat zen, behean inoiz ukuilua izango zen (baina, orain, antigualeko Dophine kotxe batek okupatzen zuen) soto-gela bat zuena, goian berriz bi pisu, leihoak gorriz pintatuta, aspaldi.

        Arras berdea zen inguru guztia. Goian, mendi lepoan, baseliza bat ikusi zuen. Txinkoenetik behera, errekatxo bat zihoan. Urrutira, behean, jende nimiñoa ikusi zuen herriko kaleetan. Ibaiaren ondoan, jendaki batzuk baratzetan, makurrik, afanean ari ziren.

        «Egunez eguzkia bete-betean sartzen da —esaten zuen, gutun batean, aitak—, gauez berriz izarreri guztia ikusten ahal da. Eguraldiak ikusten dira etxe honetatik».

        Ahots lakar batek aterarazi zuen bere gogorazioetatik.

        — Kaixo. Zer dugu?

        Lehenbiziko pisuko leiho batetik, gizon lodi musu-ubel bat ari zitzaion.

        — Hementxe; begira, esan zuen Josephek.

        — Bueno, bueno, esan zuen gizonak. Kamiseta tirantekiko batez jantzita zegoen. Giro ederra dagoela-ta, erantsi zuen.

        — Hala dago bai, esan zuen Josephek, eta gero: Zuk... Anjel ezagutuko zenuen?

        — Anjel? Mutil bat izan zen hemen, izen horrekin.

        — Ja. Josephek duda egin zuen, gizonaren begirada zorrotza somatu zuen. Haren semea naiz ni.

        — Ño! esan zuen gizonak. Semea zuenik ere...! —apur batean ixilik gelditu ziren; gero gizonak—: Berton, berton bizi zen, bai, hura. Hara, bestaldera ematen du hura bizi zen gelak.

        Gustora ikusiko zuela pentsatu zuen Josephek. Baina, gizonak gonbidatzen ez zuenez:

        — Orain ere jendea hartzen al duzue? galdetu zuen.

        — Ez! Aspaldi ez da inor etorri... Jendeak kalea nahi du! Hona ijitoek bakarrik nahi dute!

        — Ijitoak, hemen al dira ba?

        — Hor dira, bai! Hemendik ez dira ikusten, goitik bai, leihotik bai!

        Ixilune luze bat izan zen. Joseph ohartu zen, gizona moztuxe zegoela. Berari ere ez zitzaion besterik bururatu.

        — Hor barrena, ba al da jaistea? galdetu zuen, mendi-malda hausten zuen bide meharra seinalatuz.

        — Bai! esan zuen gizonak. Bide-txiurra utzi gabe, erreka pasa-ta, gero eskubitara, behera!

        — Bueno ba...

        — Ondo ibili, bai!

        Piku-ondo usaintsu baten ondoan, gero intxaur baten azpian pasa zen. Atzera begiratu zuen, etxera. Eguteran zegoen, gorago zeuden beste etxeetatik aparte. Ez zen batere toki txarra, bizitzeko, hura. Baina, aita desagertu zen han.

        Errekara heltzen ari zela, maldan gora, lehen belarra ebakitzen ari zen gizon gaztea ikusi zuen, alkandora jantzita orain, txakurrak atzean zituela belar-axe handi bat sorbaldan zekarrela.

        Ur-txirripa pasa-ta, beheraxeago, ijitoen kanpamentura heldu zen. «Ni bakarrik utzita —idatzi zuen, beste batean, aitak— joan dira, auzotik, ijitoak».

        Zoko samarrean, eguzkiak poliki berotzen zuen han. Hiru-lau karabana, bi kotxe, haur andana bat lurrean jolasten ari zen, emakume bat su-tokiaren inguruan eskoba pasatzen ari zen.

        Mendi bizkarrean behera segitu zuen. Haritz baso baten ondoan zebilela, ber-bertan, oihu bat aditu zuen; makurtu egin zen; miru bat ikusi zuen hegan.

        Beherago, bidearen alde bietara, belaze ederrak zeuden, batzuk arestian ebakita, edo ardiak zebiltzala, beste batzuk ipar finak gozo erabilita, belar usua zutenak. Autobiako eta fabriketako hotsak oso apal iristen ziren hara. Txori batzuk lurretik sasitara, eta sasitatik arboletara zebiltzan.

        Bide hark mugarik ez izatea, irrikatu zuen Josephek: ibili eta ibili, goian zerua zuela, iñarren eta laparren artean, ixiltasun handi hartan, gelditu gabe... akiturik erori arteraino.

        Instant hartan dan, eta gero dan, elizako hil-kanpaiak aditu zituen.