
5, 4, 3…
(Gidaria)
Zuzen doa Laida errepidean barrena, dagokiona baino abiadura azkarragoan, argiak ondo piztuta, autoak, autobusak pasatzen, eskuinetik aurreratzen duten motoak garaiz ikusten. Donostian sartu da eta arreta bidean zorrotz fokatua du, oroitzapen zehatz bat gogoan.
Iluntzea zen. Gurasoen etxera iritsi zenean ilunpetan topatu zuen ama, bi bilobekin. Kaixo! egin zuen oihu Laidak iritsi zela jakin zezaten, baina normalean bere besoetara zangoak galdu beharrean korrika abiatzen ziren ilobek txissssst! egin zioten. Isilik eseri zen haien ondoan.
Film bat ikusten ari ziren. Egungo telesailen kolore saturatuekin zerikusirik ez zuten urdinxkak, griskarak ziren nagusi pantaila barruan, eta baita begiak atera beharrean zituzten bi haurren aurpegietan ere, argi hotzen isla. Bi neskato ikusten ziren pantailan. Hori apalak. Gorri maiztuak. Hiru neskato, bat makurtuta zegoen, maindire handi bat gobernatu nahian, zereginerako motzegiak ziren besoekin.
Gu gara eta! esan zuen Laidak eta beste txissssst! bat jaso zuen ordainetan. Ilobak hipnotizatuta zeuden, ama irribarre oso samur batekin, bilobarik txikiena altzoan. Ze ondo pasatzen zenuten esan zuen, ahots normala baino are ozenago entzuten zen xuxurla tonuan, eta beste txissssst! bat jaso zuen berak ere, suabeagoa; amona zen, azken finean.
Pantailan jarri zuen arreta Laidak, galderak gerorako utzita. Garazi ikusi zuen. Azkenean, endredatzen zuen oihala nahi bezala jartzea lortu eta orpoen gainean biraka zebilen izararen beheko aldea jira bakoitzarekin puztu eta altxarazten. Tarteka bi besoak astintzen zituen, uhindura handiagoak lortzeko, eta frafra esaten zuen ahoarekin, fra-fra!
Baina ez egin ahoarekin! Maindireak atera behar du soinua!
Lotsagarriki ezaguna egin zitzaion ahotsa Laidari. Bera zen, ez zegoen planoan baina bazekien bera zela. Kamera mugitu egin zen, gainera, esaldiak iraun zuen tarte laburrean. Beste haur bat sartu zen une berean, kizkur ilun eta begi erraldoidun neskatila bat, eta Laida helduari zuzenean pantailatik begira, Laida txikiari erantzun zion: baina ez du zaratarik egiten izarak, ahoarekin egin beharko dugu. Egin ahoarekin errepikatu zuen Garaziri begira, esanez bezala, lasai, hau nire kontu. Laida heldua konturatu zen txikiari ez ziola graziarik egingo errealismo falta horrek. Laida! Etorri zu ere! Autoan biok joan behar dugu! Luxia berriro, txikitatik ahotsa beti besteek baino pittin bat grabeago, urratuago. Baina nik grabatu egin behar dut. Ba utzi kamera grabatzen eta etorri. Baina ez da gauza bera. Eta eztabaida antzu eta luuuuze batean kateatzen ziren Laida eta Luxia. Barre egin zuten ilobek. Amak ere bai. Ze lagun onak zineten baina ze burugogorrak esan zion Laidari.
Harritu egin zuen Laida bere burua ikusteak, pixka bat izutu ere bai. Ez zuen bere ni haurra hain egoskor, hain indartsu, hain bizi gogoratzen. Nola lagun onak, ama? esan zion amari, hark Luxiaz halako samurtasunarekin hitz egiteaz harrituta, baina txissssst! jaso zuen berriro, hitz egiten ari baitziren pantailako bi haurrak, Laidaren ilobek berarekin lotzen ez zituztenak, amonak zinta jarri aurretik eta kendu ondoren ere esango zien arren ikusten, ikusten zuen izeba telesaileko horren laguna nola den? Lehen grabaketak elkarrekin egin zituzten!
Luxia txikiak irabazi zuen eztabaida dena den, eta kamera kokatu eta haren ondoan jartzeko agindu zion Laidari keinu batekin. Ezaguna egin zitzaion Laidari nabarmenki handia zuen txandal berde hori. Ile liso-lisoa, zinta gorri elastikoa bekokian. Adats bakar bat ere ez bere lekutik aterata, zerikusirik ez Luxiaren kizkur zoroekin, kiribil pare bat izerdiarekin kopetan itsatsirik. Kutxa batekin inprobisatutako autoan sartu ziren pantailako haurrak. Laida kopilotu. Bost, lau, hiru… egin zuen oihu Laida txikiak, konfiantzaz, segurtasunarekin, eskua jasoz. Eta klaketarena egin zuen Garazik maindirearen azpian bi txalo jota. Ez! Ni naiz zuzendaria! esan zuen Laidak, umetako ahots kirrinkariki finarekin. Lotsatu egin zen bere burua ikusteaz, hain mandona, esango lukete haurrak zirenean, hain txula. Luxia ere ez zen motz geratzen, baina hori espero zuen. Eztabaida labur baten ondoren erabaki zuten Luxia zela protagonista eta Laida zuzendaria. Garazi gajoa esan zuen Laidaren amak, leun. Kamera fijoari begiratu zioten berriro haurrek, eta Laidak lehen baino ozen eta irmoago errepikatu zuen bost, lau, hiru… klaketaren txaloa. Bakarra. Non ikusi zenuen hori? Profesionala ematen duzu, barrez Laidaren amak.
Garazi maindirea astintzen hasi zen txaloaren atzetik, ahoarekin fra-fra! fra-fra! egiten. Luxiak oso modu sinesgarrian ireki zituen begi biribilak, garrasi egin eta bolante kolpea eman zuen halakorik batere eduki gabe, eskuak airea moldatzen. Laidak ere oihu egin zuen orduan, ekarpenen bat egitearren, eta sofaren bazterra jo zuten autoa zen kartoizko kutxarekin. Hilarena egin zuen Laidak, seguruenik ez zekielako zer gehiago egin, baina Luxiak atea irekitzeko keinua (eta hotsa) egin zuen berehala. Begira! Eta biek begiratu zioten mahai gainean zutik zegoen Garaziri, kokotsa harro, besoak zabal. Begira, aingerua! Isiltasuna hedatu zen pantailan, isiltasuna telebistak soilik argiztatutako amaren egongelan ere. Listo, ezta? esan zuen Laida txikiak orduan, eta kamerako planoa estali zuen esku ahurraz. Moztu! entzun zuten segituan. Pantaila beltz zegoen ordurako.
Amaitu zen filma.
Berriro! eskatu zuten ilobek bi malgukiren erreakzioz. Amak begiratu egin zion, baimen eske. Baietz egin zion Laidak buruarekin. Berriro blaitu zizkieten ilobei aurpegiak argi urdin-griskarek, Garazi eta Laidaren ahots agudoek, Luxiaren ahots beti pittin bat marrantatuak.
Amari begiratu zion Laidak. Zeharka. Iloba txikienari helduta zegoen, irribarrea alderik alde. Ze lagun onak zineten, baina eskerrak Garazi lasaiagoa zen, ze a ze bi. Lastima kanpora joan behar izan zutela. Ama oso jatorra zen.
Laida, une zehatz horretan, ez zen haserretu amaren enegarren bertsio aldaketarekin. Une jakin horretan ez zitzaion axola. Bera ere harrituta zegoen, pantailako Luxia eta Laidaren joan-etorriekin, kontzentrazioarekin, sinkroniarekin. Nolakoa izango zatekeen bera orain Luxiaren laguna izaten jarraitu izan balu? Eta Garazi joan izan ez balitz? Erabaki berak hartu izango zituen?
Ama, nondik atera genuen kamera? galdetu zion Laidak, ilobak txissstekin erlaxatu zirela aprobetxatuta. Zure aita, erantzun zion. Ez zuen azalpen gehiagorik eman. Soslaia ikusten zion amari, identifikatzea zaila egiten zaion keinu horrekin: tinkoegia erlaxatua izateko, bareegia ezer adierazteko. Nolakoa izango zatekeen ama aita ezagutu ez balu? Haurrak, bilobak izan ez balitu? Zer nahi zuen amak horren guztiaren aurretik? Eta orain? Zer nahi zuen amak orain? Zoriontsu izan ote zen inoiz? Zuk ez dakizu amak eta guk zer aguantatu dugun esan zion behin Laidari Imanolek, aita kanpoan bizitzeak eragiten zion nahigabearen inguruan konplizitate bila hurbildu zitzaion batean; ez dakizu ze zortea izan duzun aita zaharragotan ezagutu duzulako. Baina ez zion beste ezer azaldu. Ez zion gehiago esan eta Laida ez zen gaia berriro ateratzen ausartu.
Luxiaz gogoratu zen, hark, akaso pantailako haur horren adina zuenerako, bere aitarengan ikusi zuenaz. Zenbat keinu, isiltasun ez zituen igarri Laidak, Luxiak haiek ikustera behartu zuen arte? Aita erretiratu eta etxetik joan ondorenean, gainera, ez zituen gehiago ikusi behar izan.
Amari begira jarraitu zuen Laidak. Azal ona zuen oraindik, zimurrak luma sorten gisara zabaltzen zitzaizkion, begi ertzetan, ahoaren inguruan, tolestura leun-leunak, apropos jarriak ziruditen. Agurtzeko bi musuak ematerakoan bakarrik igurzten dio azala, masailarekin, bestela ez dio apropos aurpegia ukitzen. Sofaren bere ertzetik amarengana hurbildu eta masaila laztandu zion orduan, gehiegi pentsatu gabe. Amak irribarre zurruna egin zuen, albotik uxatzeko imintzioa egitera zihoan, baina Xuban iloba txikia ere hasi zen orduan amonari aurpegia ukitzen eta barre egin zuten guztiek.
Barre arraroa izan zen, malkoetara gehiegi hurbiltzen den barre horietakoa.
Itsasoa ikusi du Laidak. Ez du kresalik usaindu oraindik. Leihatila jaitsi eta burua atera du. Semaforoak etenarazi du autoak irristan zeraman erritmoa.