Erreplika
Erreplika
2026, nobela
216 orrialde
978-84-19570-64-2
Azala: Xabier Gantzarain
Maialen Berasategi Catalán
1989, Gasteiz
 
 

 

IV
Ez da deskafeinatua

 

 

 

“Bueltatu, norbere lekura baino ezin bada bueltatu… Ni, orain badakit, ezingo naiz egundo inora bueltatu”.

Mara Meleiro, zoko-usaineko ikasle-gela

 

      Hirira iritsi zenetik, orduak zeramatzan sukarrak jota, ezin lorik egin. Ez, harakoan bezala, neurriz gaintxo okertutako hotzeria baten sukar fisikoak jota (nahiz eta oraingoan, bizikletaldia elurretan eginda, naturalagoa izango zen pulmonia txarren bat hartzea), baizik guztiz bestelako idatz-eldarnio batean. Harramazka zebilen, inork inoiz egin gabeko galdera likits bati erantzun nahian bezala, noiz dramatiko noiz burlaizez. Eliztar matxino bat predikatzaile kartsuari psikofonia aldrebesez oihartzunka.

      Bizitzan hartu gabeko mendeku guztien mendeku aparta iruditu zitzaion hura. Ideia bat fabulosoa. Ustelkeriara jausitako jainkosaren tenpluaren profanazio bidezkoa bezain burutsua.

      Egia da mendekua eraginkorra izan dadin komeni izaten dela mendekuaren biktimak mendekuaren berri izatea. Baina euforiak galarazi egin zion xehetasuntxo horretaz gogoratzea.

      Hartu beraz Mullerren edozein liburu, ireki ausaz edozein orrialdetan, eta bertako testuaren erreplika kreatibo bat egiten zuen koadernoan. Hala, Mullerren egunerokoetako “etxe honetara baizik ezingo naiz bueltatu” hura “ezingo naiz egundo inora bueltatu” tragiko bilakatu zen bezalaxe, Mullerren ipuin bateko “piztien albaitero leiala”, adibidez, “piztia adultero zitala” bilakatu zen Meleiroren orrialde bekatarietan, eta poema ospel samar bateko “patuaren serora”, berriz, “katuaren señora”.

      Errima solemneak infantil bihurtu, eguneroko-sarrera itxaropentsuak lanturu mainoso bilakatu, nobeletako deskribapen duinak zirkuzko egin, betiere bere gogo-aldartera ekarriz eta ekarriz Maria M. Mullerren hitzak, haren iturria itoz eta berea betez, halako moldez non, azkenerako, Meleiroren lumara eta mintzairara mudatu baitziren denak, higaduraren higaduraz kolorea eta beraz leialtasuna aldatu zaion bandera nola.

      Mututu beharra zeukan jainkosa itsua.

      “Bakarrik nago erabat, eta bakardade horretan piztu naiz”?

      Piztu zedila, ba, orain, benetako bakardadean.

      Merezi zuen.

      Oihuen gauaren biharamunean, izan ere, Mararen pijamaren mahukari gogor helduta esnatu zen Maria, eskuak ukabil.

      Begiak erdi zabaldu, eta ahoa ireki eta itxi zuen zenbait aldiz, arrain bat lehorrean. Arnasaldi dardarati bat. Eta, orduan bai, ondo enfokatzea lortu, eta hantxe ikusi zuen Mara non-eta bere ohean etzanda, begira-begira. Gau osoa emana baitzuen Marak horrela, Mariaren arnasa zaintzen, egiaztatzen Mariari ez zitzaiola gauaren erdian eteten taupada.

      Marak irribarre-erdi, lasaigarri.

      Mariak beltzuri.

      Maria gero eta beltzuriago, begiak urtsu baina sutan, ahoa oker.

      Mararen mahukari jaregin zion astindu zakar batez, eta, bere arbaso guztien bozaz mintzo den sirena zahar baten bozaz, marmarkatu zion:

      — Alde.

      Nahastuta, geldi geratu zen Mara, tenk, Mariak beste bultzada bat emango ote zion beldurrez baina halakorik gertatzea ezinezkoa zela sinetsita.

      — Alde egiteko esan dizut —Mariak, ahotsa amorruz dar-dar—. Alde nire ohetik! Ospa etxe honetatik! Ospa oraintxe bertan!

      Bai: bultzaka kanporatu zuen Mara zurtua mantapetik. Baina Mara ez zen gelatik irten. Saiatu zen, totelka, azaltzen bera zaindu nahian ari zela, bart atake bat-edo izan zuela, garrasika ari zela ito beharrean, eta Mariak berak eskatu ziola, eskatu ez, erregutu ziola azkenean, arren, bertan geratzeko.

      — Gezurteroa alaena! —Mariak, ahotik listu-tantak jaurtiz—. Eta lotsagabea! Asteak eta asteak etxean… itsasertzeko zera… itsasertzeko hotela! Ez barkatu, ez eskerrik asko, ezer ez… xurgatu eta xurgatu… bizkarroia! —begiak desenfokatu zitzaizkion—. Markak eta arrastoak nonahi… oinatzak, usainak, hitz-zirinak… eta katagorri-begi horiek beti begira, beti begira… Itzal bat atzetik, sega bakarrik falta, itzal bat atzetik beti…

      — Maria…

      — Itzal bat oheraino Maria-ka… —ezetz egin zuen buruaz—. Mara Meleiro… izan behar ez nuen guztia hezur-mamitua, ni zahartzaroan tormentatzera etorria… bakardadea janez, janez, janez…

      Mullerren pijama han bertan erantzi, lurrean botata utzi, bere ondasun urriak hartu eta arrapaladan eragin zien pedalei Marak, malutak aurpegian, behin ere atzera begiratu gabe.

      Hirira iritsi orduko, berriz jaio zen denbora.

      Abenduaren 23a zen orain, arrats lainotsua, eta, Maria M. Mulleren obra osoa porrokatzeko lan noble hartan buru-belarri zebilela jo zuten atea.

      Boligrafoaren punta paperean oraindik, adi jarri zen. Bere eldarnio letrazaurituak (edo Mariaren etxetik itzuli zenetik bi donut lirdingatsu eta hiru intxaur lehormindu bakarrik jan izanak) sortutako entzukari bat zela sinetsiko zuen baldin eta ez balute handik segundo gutxira berriz ere kax-kax jo, lehenengoan baino irmoago.

      Oso gauza literarioa iruditu zitzaion hura, eta bihotza bizkortu zitzaion. Azken batean, ederki zegoen hantxe bakarrik, baina, liburuetan, espero gabeko kax-kaxek pizten dituzte maiz istorioak. Sorpresa, espektazioa, aukera berri bat desesperantzaren hobian.

      Iristear agian, akaso, bere bizitzak bere liburuak imitatuko zituen unea.

 

 

 

Ez da ohikoa, eta horregatik da doble aztoragarria, enara bat haserre ikustea.

      Garai batean, Mararen habiatik hegaka alde egin baino lehentxeagoko aro antzuan, Noak gehiago begiratzen zion dezepzioz, gehiago mintzatzen zitzaion desengainuz, haserre baino.

      Orain, atea ireki eta haren begietan gar bizi hura ikusi zuenean, Marak pentsatu zuen dragoiak bere kumeren bat bidali ote zuen itsasertzetik eta Noaren begietan hazarazi.

      Ohituraz-edo, ezin eutsi, begiei ihes egin eta lepora begira geratu zitzaion Noari.

      — Bazen garaia —haren diosala, gela barrura zirimolatuz.

      Zegokion moduan, hitz etenak eta esaldi laburrak txirikordatuz, kezkatuta egon zela esaten hasi zitzaion, ea non demontre ibili zen, deika ibili zitzaiola, bizpahiru aldiz ere etorria zela baina ez ziola inork aterik ireki, eta gaur, Gabonetako oporrak gurasoenean pasatzeko autobus-geltokira zihoala, orduantxe ikusi zuela azkenik argia Mararen leihoan.

      — Ez dakit nola demontre —asaldatua zegoen benetan—, baina zure amak, detektibea al da zure ama edo zer?, nire telefonoa lortu du. Hori nola? Ez al nintzen ba…? Sekretu bat nintzela argi uzten zenidan beti, orduan noiztik du zure amak nire berri?

      “Noa nire klasekidea aipatu nionetik; ez nintzenetik gai izan nornahiri etengabe zure izena ez aipatzeko”, Marak bere artean, distraituta.

      — Bi egun daramatza deika eta galdezka, deika eta galdezka, ea badakidan non zabiltzan. Aste batzuk daramala zure berririk gabe. Hots egin eta hots egin ibili zaizula, baina ez diola inork telefonorik hartu, ezta Danielak ere, baina noski, Daniela seguru Danielekin ibiliko dela, eta... Mara, ze Daniela? Nor demontre da Daniel? E? Esan diot nik ez nekiela.

      Marak ere ez zekien nola esplikatu bere gelakide imajinarioarena eta haren nobio imajinarioarena.

      — Gaur ezin zuen jai hartu, nagusiak esan dio ezetz, bestela kalera zihoala; baina biharko azaltzen ez bazara poliziari deituko omen dio, poliziari!, eta autobusen ordutegiak galdetu dizkit, bihar goizean goiz autobusa hartu nahi zuen-eta zure bila etortzeko. Eta nik nire artean, zoratu gara ala zer? Izango dira bost ordu autobusean zuen herritik hona...! Histeriko zegoen, Mara. Eta ni ere, kezkatuta.

      “Zu?”, Marak berekiko, samurtu samar.

      — Hemen egoitzan eta unibertsitatean ere ibili naiz galdezka, ez nekien nori, baina atezainari galdetu eta arrastorik ez. Eta zu eta ni aurten, Edgar Martin alde batera utzita, ez gaude ikasgai berberetan, aurten zu eta ni ez gaude, Mara, ez gaude… Egia da ez zaitudala ikusi Martinen klasean aspaldi, baina auskalo, haizeren batek jo eta, ez litzateke lehen aldia, ezta?, ikasgai hori beste interesgarriagoren batengatik utzia izango zenuela uste nuen. Baina galdetu eta jendeak begiratzen zidan nik jakin behar banu bezala, eta ni ere azkenerako hasi naiz pentsatzen igual nik jakin behar nuela, baina nik zergatik jakin behar dut non zabiltzan, Mara, nik zergatik? Zergatik ibili behar dut nik orain tripak jaten? Zerbait egin ote zenuen ere pentsatzen hasi naiz…

      Bere ama Noari telefonoz garrasika imajinatzearen arrarokeriatik adia galarazi zioten azken hitzek Marari. “Zerbait egin ote zenuen”. Horra enaratxoaren arrautza pozoitsua, lau hitz ustez inozentetan plaust Mararen buru gainera.

      — Zerbait egin ote nuen —Marak oihartzun, geldo eta hotz.

      — Zer dakit ba nik, Mara?

      — Ba, bai. Zerbait egiten ibili naiz, hori baldin bada zure kezka.

      — Bat-batean desagertu, arrastorik utzi gabe… Zer nahi zenuen pentsatzea, ikusitakoak ikusita?

      — Nire aurrekariak ikusita, esan nahi duzu.

      — Zure aurrekari ederrak ikusita, bai. Ez zaizkit ahaztu zure ilunaldi horiek. Hor egon gabe nola egoten zinen. Batzuetan iruditzen zitzaidan, nola nahi duzu ahaztea?, azpimundura salto egin beharko nuela zu handik ateratzeko. Lurrean bakarrik bazeunde bezala, Mara, beti berdin, Lurreko izaki bakarra bazina bezala… Eta orduan zer axola besteek, ezta?, eta orduan zer axola zuk besteei, ezta? Letrak eta fantasia bai, Mara, baina errealitatea, gauzak, jendea, hori dena bost. Eta zu inon ez. Eta ez dizut gezurrik esango —sua ahituta, koagulu-koloreko itzal bat agertu zitzaion begietan—. Zure aitaz ere akordatu naiz.

      Mara larritu egin zen egun hartan lehen aldiz, oroimenean aztarrika: aita alkoholiko eta ludopatarena Mariari kontatua zion; Noari, berriz, zer bertsio…? Ez zuen gogoan.

      — Nire aita…?

      — Zure aita gaixo mentala, bai, Mara, eta haren hiru suizidio-saialdiak, kotxeko motorra piztuta utzi, harriak poltsikoan ibaian murgildu, burua labean sartu… Kontatu zenidan, eta ez zait ahaztu.

      Gaixotasun mentala eta suizidio-saioak. Bingo. Hiru idazleren hiru heriotzak aitaren mistikari erantsiak. Bai: Noa inpresionatu nahian ibili zen garaian beti izan zuen joeratxoa hordago handira jotzeko. Eta hark irentsi egin ohi zizkion porruak. Norbera bezain mitomanoa ez den norbaitekin ibiltzearen abantailak.

      — Joan beharra daukat, alde egingo dit autobusak —Noak, bufanda berriro ondo jarriz—. Eta zuk ere… aditu?, zuk ere hobe zenuke hurrengo autobusa hartu eta amarengana joatea. Zoaz etxera, Mara.

      Isilik geratu zen Mara tarte batez.

      — Ez, ez noa. Ezin naiz bueltatu.

      Hasperen exasperatu batekin ireki zuen atea Noak.

      — Berriro deitzen badit, Mara…!

      Mehatxu-esaldi burutugabe hura izan zen despedida.

      Mara ez zen askorik harritu. Ohitura zeukan Noak gauzak burutu gabe uzteko. Esaldiak, misio bitalak, harremanak.

      Atearen kolpe sorrarekin batera, ohartuta bi errieta egin zizkiotela oso denbora gutxian, Marak zalantza egin zuen zerk sumintzen zuen gehiago, merezitako errietak ala merezi gabeak. Irudipena izan zuen kulpa hobeto toleratzen zuela injustizia baino.

      Arazo praktikoa lehenbailehen gainetik kentzearren, itxaron gabe deitu zion amari. Baretu zuen, esan zion ondo zegoela, ez hartzeko autobusik. Barka-eske automata baina konbentzigarri samar batean, aitzakia bota zion buru-belarri ibili zela ikasketetan, kurtso berriak benetan zeukala lanpetuta eta ordu asko ematen zituela liburutegian. Azpiasmazio batez gatz-ozpindu zuen, gainera, asmazioa, esanez baietz, e, bueno, tira, ez ziola oraindik kontatu nahi goizegi zelako, baina mutil jator bat ezagutu zuela liburutegian, Mario, eta despistatu egin zela azkenean eta hots egiteaz ahaztu. Eta sentitzen zuela baina ez zela Gabonetan etxera joango, mutilaren gurasoek etxetxo bat zeukatela mendian eta haiekin joango zela eskiatzera, barkatzeko eta barkatzeko eta baina eta baina.

      Alaba Gabonetarako etxeratuko ez zitzaiola jakitean aztoratu egin zen ama, baina ondoez hura, berehala, nolabait estali eta ahantzarazi zion beldur handi batek, hots, alaba baldarrontziak elurretan tibia, peronea eta lau hortz hautsiko ote zituen beldurrak. Garestiak dira dentistak.

      Azkenerako, ordea, unibertsitate-giroa halako batean (halako batean!) alaba zentzatzen eta emantzipaziorantz lerratzen ari ote zen susmo onak kontsolatu bide zuen ama, Mara azkenean pixka bat normaltzen ari ote zen esperantzak, eta bare samar bukatu zen elkarrizketa.

      Atseginez txundituta eskegi zuen Marak telefonoa, oharturik zeinen ondo funtzionatzen zuen beti estudiante arrunt saiatuaren fartsa antzezteak.

      Eta orain bai, bakarrik zegoen azkenean.

      Hortxe zeukan, esku-eskura, bakardadearen promesa: gabon-egun mordoxka bat inor-ezen konpainian, eta, errematatzeko, urte berri bat hortxe zain, liburuz betea eta errietarik gabea.

      Logaletu egin zuen perspektiba goxoak, eta pijama jantzi zuen, zenbait astean lehen aldiz berea.

      Askapen-sentsazioa behazundu egin zitzaion izara hezeetara sartzeaz batera.

      Hanka lakiotik at, gillotinan lepoa.

 

 

 

Ez zen mina, bai zerbait mindua.

      Goizean sumatzen zuen gehien, esnatzean.

      Zoko-usain lizuna.

      Marak hasieran pentsatu zuen kanpoan izan zen asteetan pilatua izango zela itxi-kiratsa. Gero, ordea, garun-axala baino askoz sakonagoko garun-geruza amorragarriago batek iradoki zion seguruena lehendik ere bazuela ito-giro hura gelan, baina bera ez zela orain arte konturatu, orain zera etorri berri zelako, landare- eta tximinia-urrin gozoko etxe baten epeletik.

      Motibo gehigarri harengatik ere Maria M. Muller hortz artean madarikatuz, bufanda eta txanoa jantzi, gelako leiho bakarra alderik alde zabaldu, eta jateko zerbaiten bila abiatu zen. Atezaina agurtu ere egin gabe egoitzatik irten eta kanpoko buzoien paretik pasatzean, orduantxe gogoratu zen zer egunetan bizi zen: Gabon eguna, eta denda guztiak itxita.

      Madarikazio-erretolika gordinduta, higuinez begiratu zion belardi zurituan norbaitek altxatua zuen elur-panpina amorfoaren sudur azenariozkoari, eta otu zitzaion, etsi-etsian, gertueneko gasolindegia zabalik egongo zela seguruena, jainko alegiazkoaren seme alegiazkoaren urtebetetzea bera ere ez baitzen aski inportantea izango motordunek, autodunek, jeepdunek egun hartan ere beren ibilgailu preziatua bazkatzea eragozteko.

      Ateri zegoen, baina, auskalo nondik erorita, maluta lehor bat pausatu zitzaion eskuin betileetan eta beste bat ezker masailean. Ibilian gorantz begiratu, eta ezezaguna egin zitzaion, edo atzendua oso, adar soilduen artetik begiztatzen zuen berun jakin hura. Irudipena zuen Dina katuaren lehengusu bat balitz bezala zenbait aldiz hil eta berpiztua zela azken asteetan, Maria ezagutu bezperan bukatu balitzaio bezala lehen bizialdia, eta M.o. Mariaren ondorengo egunotan hasi izan balu bezala hirugarrena. Ahaztu beharra zeukan orain itsasertzeko etxeko bigarren bizialdi hura, ahalegin horretan zebilen joranean, baina biziegi zegoen bizitza hura oraindik, eta lehenengoa zeharo kontsumitua zion antza, parasitoak ostalaria nola.

      Nondik hasi orduan, hutsetik ez bazen behintzat nonbaitetik, nonbaitetik berriz.

      Unibertsoak laguntza bidali zion supituki: aspaldi (lehenengo bizitzan!) ezleku faborito izan zuen porlantoki abandonatura iritsia zen oharkabean.

      Baina, ai poxaren laburra, akabo zen hango hustasun zatar-ederra. Hondeamakina morbido bat eta beste zenbait traste-lagun zeutzan orain orubean, elefante-hilobi metaliko bat kalearen erdian elurpean, eta zuloa egina zuten hemen eta hondakinak metatuak han.

      Izutu egin zen Mara, neurriz gaintxo izutu ere, bere bizi galduaren hilerria balu bezala begien aurrean, azkenerako benetan Ebenezer hirugarren espirituari dar-dar so.

      Ama harri eta zur geratzen zen beti, alaba koldartxo eta uzkurtxo harekin zer egin ezin asmatu. “Hogei zapore aukeran, eta hik beti hurra; besterik probatuta ere ez haiz ba hilko, ume!”, esango zion udan inoiz, behingoagatik umore onez Marari izozkiren bat erostea onartzen zuenean. Edo “Ezta pentsatu ere: kapitalera joango haiz ikastera, premia galanta daukan eta”, Marak etxezulo segitzeko asmoa azaldu zuenean.

      Gasolindegiko dendako argi zuriak eta bero zuriak distraitu zuten pixka bat. Sobreko bi letra-zopa hartu zituen, zorro bat saltxitxa, tableta bat txokolate zuri, eta kakao-irabiatua ere bai erruz, sei tetrabrikño zehazki, zein bere plastikozko lastotxo eta guzti.

      Lehen bizialdiko jakiak denak, ea horrela berreskuratzen zuen bere izatearen amiñiren bat behintzat.

      Izan ere, ezingo zen, ez, egundo inora bueltatu, epaia emana zegoen, emana zuen; baina, oraintxe ikusten zuen argi, norabait abiatzekotan handixe abiatu behar zuen, gasolindegi hartatik, ez amaren etxetik, eta are gutxiago itsasertzekotik.

      Logelara itzultzean, presaka itxi zuen berriz leihoa, usainaz erabat ahazturik, hotzari hain tuntunki sartzen utzi ziolako maldizioka. Hamaiketakoa jan zuen, letra-zopa, eta hoztu egin zitzaion, koilararekin pasta-hizkiak plater-ertzean apartatuz hitzak eta perpausak osatzen ibili baitzen buru-belarri.

      Bereziki gogobeteta geratu zen “Ex novo” osatzea lortu zuenean, epifaniko.

      Gero, barrenak bareago, Maria M. Mullerren beste bospasei testu hondatzen eman zituen ordu batzuk, eta, iluntze aldera, lokartu baino lehen zer irakurri pentsatzen zebilela, bat-batean garbi eta zelai ikusi zuen bidea bere begien aurrean: apal hautseztatu batetik liburukotea hartu, eta hasieratik berrirakurtzen hasi zen bizpahiru hilabete lehenago erdizka utzitako nobela: Oro guztia, Alain Gross errespetagarriarena.

 

 

 

Edgar Martin ikaslan zuzenduak bueltatzen ari zitzaien ikasleei, banan-banan. Mararengana iristean, dezepzio etsiz begiratu zion bere ikaslerik finena izan behar zuenari. Marak suspentso gorri handi bat ikusi zuen orri-sortaren azalean. “Esan nizun hobe zenuela Alain Grossi buruz egitea”, xuxurlatu zion maisuak, ahots melengaz. “Maria M. Mullerrek kalte egin dizu buruan. Puntu eta komak ondo jartzen ere ahaztu zaizu…”.

      Egunak zeramatzan halako amesgaiztoekin, puntuazio-kontuak tartean maiz. Izan ere, enararen azken bisitatik, konturatu zen (beste errebelazio bat, alajaina…!) bai Noak eta bai Mariak zeharo bokatibotzen zutela beti: “Ez, Mara”, “Faborez, Mara”, “Nik zer dakit, Mara”.

      Orain ulertzen zuen: ez zen kondeszendentzia. Edo ez, behintzat, kondeszendentzia hutsa. Noak ez al zuen, bada, euliak ere aspertzeraino errepikatzen Arianne Beachen kontu hura, izendatzea boterea zela eta abar eta abar…? Noak eta Mariak ez zuten, ez, Mararen izena esaten Mararen atentzioa pizteko, edo mezua Marari hobeto helarazteko, edo Marari goxo egiteko. Biek Mara izendatzen zuten biek Mara egiten eta desegiten zutelako horrelaxe izenez deitzen zioten bakoitzean.

      Amorruz gogoratu zen nola egin zuen Mariak Mara egun hartan, “Meleiro andrea” esateari utzi eta lehen aldiz “Mara” esan zionean, edota bere abizenaren dultzetasuna Janusi nabarmendu zionean.

      “Bakardadean, inork ez zaitu izendatzen”, idatzi zuen koadernoan. “Eta, beraz, inork ez zaitu beretzen. Inork ezin zaitu ez egin eta ez desegin”.

      Ez zekien seguru zein, baina Eguberri egunaren eta Urtezaharraren arteko egun horietako bat zen. Ume bat ikusi zuen leihotik, txakurkume batekin jolasean, eta gogora etorri zitzaizkion eskolako atsedenaldiak, andereño hura esan eta esan jolas zedila beste umeekin, andereño hura beste umeei esan eta esan jolas zitezela Mararekin, eta Mara, berriz, beste umeek bakean uzten zutenean, orduantxe lasaien, eta batez ere andereñoak bakean uzten zuenean. Ikusezin eta libre, bere kasa. Zeren nahi, nahi... nahi zuen ibili beste umeekin, nahi zuen izan beste bat eta edonor, saiatua zen gogotik, baina umeartea erlategi bat zen: ikusgarria kanpotik begiratuta, baina barrura sartuz gero, pozoitsua.

      Barrura sartzen zenean, Marak irten besterik ez zuen nahi izaten. Zeren erlauntz hartan denak burrunbaka, denak senez bezala nor berean setati, erregina erreginakerian, erlamandoa erlamandokerian, eta erle langileak... gutxienak lanean, lana ematen gehienak. Denak “ni tontoa ba zu gehiago”, denak “ni naiz ama eta zu alaba”, denak aski predezible, Mara seko aspertzeraino, baina era berean denak ankerki irudimentsu, ez ipuinak asmatzeko baizik jolasak, eta batez ere izenak. Instintu zoliz, erregina izan nahi zuen erleño ezdeusaren harropuzkeriatzat hartu zuen erlabatzak Mararen asper lotsagabea, eta nahiko modu logikoan apalarazi zuten: izenak asmatuz Marari. Bat hasi zitzaion esaten “Marasma”, eta beste bat “Marabu”, eta beste bat “Maraka”. “Kontuz, tapatu belarriak, badator Maraka”.

      Hori dena buruan zerabilela, egun hartan munduak izena itzuli zion Marari.

      Unibertsitatera hain luze piper egiteagatiko ohartarazpenen bat izango zelakoan hartu zuen gutun-azala postontzitik, gogo txarrez, janari-furgoneta bateko ogitarteko begetal zimela bazkaldu berritan gose-muturtuta. Igorlearen arrastorik ez, eta azaleko hartzaile-izenera joan zitzaion begia:

 

mara

 

      Helbiderik ere ez zen ageri. Soil-soilik, gehiegitan ikusteagatik ikusezin bihurtu den arbola bat ustekabean berriro ikusten denean bezala, bere izena begiztatu zuen hantxe biluzik, letra larriz inbokatua.

      Marak hasieran pentsatu zuen enararen arrautza pozoitsuren bat izango zela, azken bisitan gelatik alde egitean burutu gabe utzitako mehatxuaren amaia. Baina berehala konturatu zen ez zela Noaren letra. Ezta amarena ere.

      Barruko testua makinaz idatzia zegoen.

 

 

Itsasertzeko etxea, poinsetia-egunak

 

Mara:

Sekula egon ote zara luzaro ezer leitu gabe.

Luzaro, hilabeteak edo urteak esan nahi dut, ez egunak.

Tokatuko zitzaizun igual, baina ez dut uste.

Hiru eskari egingo dizkizut gutun honetan, zehatzak eta garbiak, eta lehena hauxe da: imajina dezazula zeure burua, zeure pertsona bibliofilo hori, luzaroan ezer leitu ezinik.

Orain, bigarren eskaria: har ezazu horretan pentsatzeak sentiarazi dizun terrorea eta hutsa, eta oroit nitaz. Oroit nire begiez. Oroit zu ni zarela.

Aitari hanka moztu ziotenean, kolpe latza izan zen. Baina lankideak, ikasleak eta lagunak etxera etortzen zitzaizkion, eta orduak eta orduak ematen zituzten bulegoan berriketan, munduaz eta zientziaz, purua ahoan, ordura arte klubean-eta egiten zuten bezalaxe. Hanka falta, baina hor zeuzkan bere pentsakide eta mintzakideak, bere mikroskopioak eta tramankuluak. Hortxe bere liburuak. Zorionez, zientzialaria zen, ez alpinista. Problemak bazeuzkan, animalia-beharrak asetzeko problemak, baina amak egiten zion horretan kontu. Giza premiak betetzeko, berriz, beregaina zen, librea.

Garai laiotz batean azaldu zinen itsasertz honetara, jakin gabe barrenetik zetorkiola etxeari ospela, tumore. Gerra-garai bat bizita nago, gosea, mespretxua, baina sekula sentitu gabea nengoen orduan bezalako desanparorik, animalia-beharrak aseta, giza premietan ordea eskasian, jardinaren koloreei lauso antzematea kontsolabide bakar.

Itsutasuna bere hartan txarra da, zahardadea bere hartan gogorra, baina itsutasuna eta zahardadea biak batera, hori deskribatzeko adjektiborik ez daukat.

Dora, pentsatuko duzun bezala, purrustaka ari zait oraintxe, lerro hauek idazten dizkidan bitartean. Koma batzuk eta hatxeren bat joan zaio bidean, baina konponduko ditu eskuz gero. Ez da larria. Zeren hau, nire hitzak beste esku-pare bati uztea zurian beltz jar ditzan, diktaketa kontuz eginez gero, ez da ezintasun toleragaitza. Bai baitakit, Mara, nire boza eta ez beste inorena entzungo duzula gutun hau leitzen duzunean.

Idazle maiteen eta gorrotatuen ahots-oihan oso hori besteren begiz eta ahotsez jaso beharra, aldiz, hori sarraskia zait. François Laconek zioen elkarrizketak gizakia zalutzen duela, eta idazkuntzak doizaletzen, baina gizakia, egiatan, irakurketak egiten duela oso. Bada, ni orain ni-erdi naiz, edo ni-heren. Zurtz nago, naiz. Hitz idatziak ez dira jada nireak, ez guztiz, eta ez dira sekula izango.

Ez nizun esan nahi zein sakona dudan hebaina, ezin nizun esan, ahuldadeak konfesatzea oraindik ahuldadea zer den ez dakitenen ahotan baino ez baita erromantikoa. Baina horregatik irratia, eta horregatik gabon-kantak. Konturatu nintzelako banindoala, banindoala nahi ez nuen lekura, setatsu deitzen ninduen ilunpe batera, eta bizitza entzutea zela bide bakarra bizitzatik zeharo ez apartatzeko.

Egun laiotz batean azaldu zinen, hain laiotza ze argindarrik ere ez zegoen. Liburuetatik ezagutzen zenuelako-edo sentitu bide zenuen eskubidea etxe honetara sartzeko, nik gutun hartan espresuki esanda ere emateko bakea. Barruraino sartu zinen, bidean lore-gorpuak utzita (bai, Dorak eman zidan zure petalo-festaren berri). Nire langelan lokartu eta izerditu zinen, eldarniotan. Nire etxean sendatu. Nire jardinetik hartu zenuen arnasa, nire janetik jan. Nire ondoan eseri eta nire ondoan isildu eta galderak egin. Nirekin hormaz horma lo egin. Kuxkuxean ibili zinen nire liburuetan eta argazki-albumetan, nire bizitzaren zokondorik intimoenetan, jabetzen ez nintzelakoan. Nire sukaldean lotsagabetu zinen, eta nire paseoetan umildu.

Hori dena eta beste gauza asko egin zenituen etxe honetan zuk, zeure burua hain xalotzat eta uzkurtzat daukazun horrek.

Lehenik zeure burua engainatu zenuelako engainatu ninduzun ni ere.

Jabetzen nintzen nola begiratzen zenidan behetik gora. Txikitxo sartu zinen etxe honetara, bai, baina handi-handi eginda joan zinen. Handi-handi, ez nire kulpaz. Zeureaz.

Kemena behar da, izan ere, eta sena, gonbidatua izan gabe sartzeko etxe arrotz baten barreneraino eta bakean uzteko eskabide zakarra egin dizunari bakea emateko azkenean, nola-eta eskatutakoaren kontra-kontrakoa eginez. Zeren konturatu naiz, oso berandu, horixe ekarri zenuela etxe honetara, bakea. Itotzen ninduten demonio guztien su-hesia gainditu zenuen, aingeru zazpiki baldartxo horrek. Nahi gabe bezala, baina nahita.

Joan zinenetik, neuretzat idatzi ezinik nabil. Utikan autobiografiak eta egunerokoak. Joan zinenetik, aspaldian lehen aldiz, badut nori idatzi. Ni-erdi honek, joan zinenetik, nori idatzi, horixe besterik ez du.

Azaldu zinen garai laiotz batean, eta entzun nuen ustekabean nola irekitzen zen ataka bat, eta nola isurtzen zen ura, ildoz ildo, nire lurrik idorrenetaraino. Ezin nuen sinetsi, baina bakardadea, zure ondoan, bakardadea zen oraindik. Bakardadearen aurki argitsua.

Gau hartan, ordea, bakardadearen ifrentzu grumotsuak irentsi ninduen. Hector Hughek arrazoi du: izugarriena ez da bakardadea bera, baizik hura habitatzen duten ahotsak. Zuk ahots dultzea duzu, abizena bezain. Gau hartan, bekatari biluzarazi baten gisan infernuko pertzean egosten ari nintzela, xirripa bat izan zen zure boza, ukendua zure ukia. Baretu ninduzun eta loarazi, nola amak umea.

Baina ni ez nintzen umea. Ni, ederki nekien, andre zahar bat nintzen, bizi-lotsari guztiak bistan hantxe. Eta ezin izan nuen eraman. Izutu egin nintzen. Bai: umeak bezala.

Ni umea nintzen, eta zu, handi-handia.

Dorak baietz dio azkenean buruaz.

Egingo ahal duzu zuk ere baietz, bihotzaz. Zeren hau dena ez dizut kontatzen aitzakia gisa, zuritzeko neure burua eta nahasteko zeurea, baizik baietz esan dezazun, baietz esan diezaiozun egiteko eskubiderik ez dudan eske bati, gutun honetako azkenari.

Bueltatu, Mara. Bueltatu etxera.

 

Maria

 

      “Zergatik, Mario, alu hori, ez haiz existitzen?”. Harekin eskiatzen egon beharko zukeen oraintxe, tibia, peronea eta lau hortz puskatzen.

      Gutuna lau aldiz irakurrita, zorabiatuta zegoen, norbait erail, gorpua itsasora bota eta olatuek hondartzara bueltatu baliote bezala.

      “Liburuetatik kanpo, sorpresak inbasioak dira, granada xingolatuak”.

      Ohean ahoz gora botata kakalardo egon ez balitz, Marak koadernoan idatziko zituen pentsakizun haiek. Baina ez zen gai boligrafoari begiratzeko ere. Zeren boligrafoek balio baitute, burutazio burutsuak idazteko ez ezik, gutunei erantzuteko ere. Eta hori ez: lehenago hil.

      Iluntzen ari zuen jada, eta eskutitzak burrunba egiten zuen, “Zatoz”, flexoaren bonbillaren azpian gori. Marak, berriz, “Erreko ahal haiz”, Noari esandako azken mantra burutik ezin kendu: “Ez noa, ez noa, ez noa”.

      Eta, orduan, liburuetan gertatzen den bezala, aste hartan bigarren aldiz norbaitek atea jo zuen.

      Buruak, aldaroka: “Ez ireki, ez ireki, ez ireki”. Baina ahula zen mantra, edo mantraren esalea. Gutun-azal itxia eskuetan erretzen eduki zuenean ere errepikatu zion bere buruari “Ez ireki, ez ireki, ez ireki”, eta tximinoak platanoa zuritu baino azkarrago ireki zuen.

      Azken finean, pentsatu zuen, alferrik izango zen gutuna ez zabaltzea, eta berdin atea. Dragoia, behin haraino joanda, kapaz zen ateaz bestalde zain geratzeko, gau eta egun. Pazientzia dute dragoiek sugartzen ez direnean, badakite altxor etorkizunak jagoten. Eta bera, Mara, ezingo zen betiko gorde sator-gela hartan. Bi salami-xerra baino ez zitzaizkion geratzen hozkailutxoan, eta kafe-hondar bat armairuan.

      Atea irekitzen bazuen, ordea, galdua zen. Ikusiko zuen bere flexoko bonbilla betaurreko batzuetan doble islatua, eta azken gordelekuraino sartuko zitzaion Maria, eta orduan Marak jada ez zuen izango, ez zuen nahi izango, Mariagandiko ihesbiderik.

      Bi aukera inposible izanik aukera bakarrak, Marari azkenean karramarroki joan zitzaion gorputza atera, eta sen guztiei kontra egin behar izan zien hura zabaltzean begiak ez ixteko, nola lehen zinemaren lehen ikusleak pantailatik gainera zetorkion lokomotorrari.

      Sorbalda-alde zabal bat betaurrekoen ordez.

      Ia konortea galtzerainoko arindua hartu zuen Marak hantxe ikusi zuenean, nola ez, nola ez!, Doraren aurpegi musugorria txano ponpoidun baten azpian: nola ez, ate guztien atzean Dora, Mararen Petri partikularra, sartzeko eta irteteko beldurrak samurtzen.

      — Atezainak utzi zidan sartzen —agurtu zuen Doraren ahoak bufandaren atzetik—. Eskerrak, titi-puntak ere izoztu zaizkidan-eta hor kanpoan.

      Jende handiaren pausaje itxuraz motel baina egiaz lasterraz sartu zen. Eskularruak eta gainerako berogarriak ohe gainera bota, eta Mararen berogailu elektrikora makurtu zen.

      — Goizean utzi dinat karta buzoian, baina hartzen huela segurtatu behar ninan, horixe ninan mandatua. Kostatu zain, horratik. Zer egoten haiz, egun santu guztian zulo honetan sartuta? —mahai gainean zabalik zetzan gutunari begiratu zion—. Leitu dun. Ondo —eskuak igurtziz, gelara begira geratu zen, zerbaiten bila—. Hartuko niken kafetxo bat.

      Marak eskertu zuen zehar-agindua, horrek aitzakia eman zion-eta zerbait egiteko, Dorari bizkarra emanda. Kafeontzi italiar ipurbelztua atera eta gas-sukaldetxoa pizten zuen bitartean, “Txizagurak akabatzen nagon” esan zuen Dorak, eta komunera sartu zen.

      — Etxera bueltatzekotan nengonan, baina… —esan zuen barrutik, txizerrekaren sinfonia lagun; segundo luze batzuk geroago irten zen, praketako botoia lotuz—. Ez dinat gezurrik esango: ez nindunan askorik fidatzen.

      “Fidatu, nortaz? Zertaz”, Marak bere artean. Baina horren ordez:

      — Noski.

      Aurrera segitu zuen Dorak bere berriketa arin eta axalean, harik eta, kafea prest, bizpahiru zurrutada luze eman eta, nonbait, mamiari heltzeko prest sentitu zen arte. Keinu egin zion orduan Marari, ohean ondoan eser zekion, baina Mara idazmahaiko aulkian jarri zen, aurrez aurre. Horixe espero balu bezala, irribarre egin zuen Dorak. Mararen begietan begirada konplize bat bilatu, eta:

      — Astakirtena, eta txolin hutsa —bota zuen.

      Mararen talo-aurpegia ikusita, irribarrea barre-algara egin zitzaion Dorari.

      — Hi ez, neska: Maria. Maria dun astakirtena eta txolin hutsa. Gandor-zut samarra. Eta zilbortsua; edo zuen bion hizkuntzan esanda, ergozentrikoa. Eta maridrama bat. Baina tira, hori gutako zein ez —barrez, begi-keinu; Marak, susmoa bai, baina ez zeukan oso garbi nor zen “gu”; badaezpada, baietz egin zuen buruaz—. Zera gustatzen zaion asko —Dorak segi, esan gabe doan esplikazio bat emanez bezala—: nabarmentzea. Baina berak ez zakin. Maribonbilla samarra dun, baina nahi gabe. Bihotza, berez, handi-handia zaukan. Baietz, ba —Marari keinu sinesgogor batek ihes egin bide zion—. Neurri handi batean, Mariak salbatu zinan Amelia unibertsitateko txolopote hartan; bere izen ona arriskuan jarrita, gainera. Jakingo dun noski. A, ez din kontatu? Harritzekoa ba… Tira, aurrerago kontatuko dinat hori, istorio luzea dun eta. Kontua dun azkenean Mariari iruditu zitzaiola Ameliak ez ziola behar bezala eskertu, eta halaxe leporatu zionan, eta orain muturtuta zabiltzan biak. Eta ni, ba, erdi-erdian, kaka zaharra bezala. Biak maite ditinat, izan ere: bata, maite dudalako, eta bestea, berriz, ba, maite dudana salbatu zuelako; eta maitagarria delako, ze arraio! Ez begiratu horrela, halakoxea dun. Eta ni ere, halakoxea: astapotro samarra, baina, aukeran, nahiago jendea maitatu, ez maitatu baino. Hiri ere hartu ninan kariño pixka bat, Maratxo.

      Mara gorritu egingo zen, gorritzen diren horietakoa izan balitz.

      — Ipuinak kontatzen ere trebea dun, zer esango dinat hiri —Dorak, Mariaz berriro—; aurrena, bere buruari. Eta gero, ba, klaro: burua halako batean zilborretik atera, eta sustoa hartzen din. Beti. Hirekin ere halaxe izan zunan, igual-igual. Nik ikusten ninan, bai, gustura zegoela, gusturegi aukeran… —irribarre erdi nostalgiko erdi garratz bat—, eta banekinan izuak hartuko zuela azkenean, alde batetik ez bazen bestetik. Hirekin, aspaldi ez bezala ikusi ninan. Eta jakina, aspaldi ez bezala kakalarritu zunan. Tartean Moiraren txolopotea. Igual ez ninan hainbeste estutu behar, baina… jabetu nindunan kapaza zela Moira han zulo hartan utzi eta Eguberriak hirekin bakarrik pasatzeko. Horixe zinan asmoa, titi biak egingo nitizken. Eta jabetu zunan jabetu nintzela, eta akabo.

      Mara kopeta zimur geratu zen.

      — Kontuak kontu —Dorak soil berrekin—, egia zera dun: gezurrik ez dinala esan karta horretan. Kafe gehixeago bai?

      — Ez da deskafeinatua… —Marak, leihotik begira zein gaututa zegoen jada.

      — Jainkoari eskerrak!

      Marak otzan isuri zion kafeontziko azken hondarra katilura.

      — Kaskagogorra dun, eta ele-fintxoa, baina gezurrik ez din esan —trago luze bat—. “Barkatu” ez din sekula esango, halakorik ez espero izan, baina hi neska bizkorra haiz, eta jabetuko hintzen: karta oso-osoa dun barka-eske bat: horixe dun kartako laugarren eskea —serio jarria zen orain—. Izan ere… aspaldi ez ninan horrela ikusi, Mara: hain galduta, hain damuak jota.

      Marak desesperazioa antzeman zion lehen aldiz, eta lehen aldiz susmatu zuen agian Dorak jokoan zuela bi adiskideren arteko harremana baino zerbait gehiago, zerbait bereagoa.

      Katilu jada hustuari azken hurrupa urduri bat eman, eta, iheslari samar begira, irribarre behartuz, eskaria ez zirudien eskari bat egin zion Dorak, Marak egun hartan jaso zuen bosgarrena:

      — Eta hi… hi ez hintzen gaizki bizi han, ezta?

 

 

 

Unibertsitateko “puta ofiziala”: horixe bilakatu zen edo zuten Amelia Armand. Zehazki, doktore-tesiaren epaimahaikideetako bat sobornatu izana leporatu zitzaion. Eta, oro har, bere enkantuen bidez zenbait irakasle eta ikasle limurtzea, gizon zein emakume.

      Limurtu gabeko irakasleek, gizon zein emakume, bizkarra eman zioten; gehienek, salbu gutxi batzuek; tartean, unibertsitateko irakasle gonbidatu Maria M. Muller andrea.

      Hasi eta buka egon zen Maria Ameliaren ondoan. Azkenean ezin izan zen krimenik frogatu, baina ezta noski inozentziarik ere, “nola, ba!”; eta ondorioa soila bezain gordina izan zen: Amelia Armandek bere kabuz utzi zuen unibertsitateko lanpostua, “bere kabuz-edo”, eta Maria M. Muller “oso modu edukatuan gonbidatu zuten” unibertsitateko irakasle gonbidatu izateari uztera. “Etxe santu hartatik” zeharo apartatuta, Armand dibulgazio-liburuak idazteari eman zitzaion, eta unibertsitateak baino fortuna handiagoa ekarri zion horrek.

      — Enkantua duela? Bat baino gehiago. Nik zakinat ondoena! —irribarre pikaro bat—. Baina tranpatia ez dun, hori ez. Zorionez, zoragarri eskribitzen din, eta hortxe bilatu din bizibidea. Hik leituko huen igual Ameliaren libururik. Klasean egiten zinan gauza bera egiten din, baina jende normalak entenditzeko moduan. Pentsa, nik neuk ere entenditu ditinat haren liburu batzuk, eta, badakin, listo samarra bai baina ez naun munduko markesarik ilustreena ere. Zerak egiten ditin, best-sellerrak. Igual horrek ere ez din askorik lagundu; Mariaren eta Ameliaren haserrealdi txoro horretan, alegia.

      Kafeina-gaindosiak edo agian beste zerbaitek estasiaturik kontatu zizkion Dorak, begiak errepidean diz-diz, Ameliaren tragedia amaiera goxokoa, Mariaren tragedia amaiera ozpinekoa, eta, laburbilduz, Dorak berak Mariari zion leialtasunaren esplikazioa.

      Marak gogoan zuen, gaingiroki, unibertsitateko pasarte hura, egunerokoetan irakurrita, baina hango bertsioa kontzisoagoa zen askoz ere: “Ameliaren afera” aipatzen zuen Mariak, disgustu-hitzez, baina porrot hura ez zegoen, beste pasadizo batzuk bezala, xehe-xehe aletua. Marak bere artean galdetu zuen, sinesgaitz, nolatan galdu ote zuen Mariak bere burua abonatzeko eta heroi gisa agertzeko halako abagunea.

      Lur-bidean aurrera, Doraren motxilak eta Mararenak saltotxo egiten zuten atzeko jarlekuan. Jeepeko kopilotuaren eserleku boteretsutik, larreak apar-itsaso zekuskien Marak gau ilunean. Elurraldi baketsuak atertzen dueneko giro artega. Ahal izan balu, Mara harritu egingo zen paisaia sorgingarriaz, gau ilunaz, giro artegaz. Harrituko zen motxila handi hartan sartu zuen gauza-pilagatik, harrituko zen motxila egite hutsagatik eta bat-batean han egoteagatik, Dora Casiusen kopilotu, ihes egin zuen lekura halabeharrez (edo, sinonimoki, Doraren pertseberantziaz) arrastatua.

      Azken egun haietan, amildegi bat irudikatua zuen dragoi-zuloaren eta bere zikoina-habiaren artean. Bizikletaz elur lodian ildoa eginez hiriratu zeneko odiseak eman zion modua sentitzeko oso urrun, antipodetaraino alde egina zela, Mariaren eta bere artean milaka metroko arroila zabal bat babesgarri utzita.

      Autoz, ordea, ber-bertan zeuden itsasertzeko etxea eta Maria.

      — Ez preokupatu: besoak zabalik hartuko hau.

      Halaxe justifikatu zuen Mararen Petri partikularrak sarrerako atea ireki bai baina Mararekin batera barrura ez sartzea, eta pozak airean alde egin zuen, presaka, hilabeteetako itsasaldiaren ondoren barkutik etxea begiztatu eta barruan emaztea larru-zain imajinatzen duen marinelaren antzera.

      — Ariadna!

      Agurtu zuen Moirak Mara, aho-zabalik, Marak Mariaren logelako ate erdi irekitik gorputz-erdi sartu zuenean.