I
Ala astakarduaz bakarrik
eskribitzen al duzu zuk
Itsasertzeko etxea, krisantemo-egunak
Meleiro andrea:
Jaso nuen, bai, zure lehen gutuna, eta jaso dut bigarrena ere.
Bigarren horretan nire argitaletxetzat jo duzunaren abisurik, ordea, ez zait iritsi. Harritu egingo zara agian, ni ez. Nire argitaletxetzat jo duzun horrek utzia baitio niretzat inolako etxea izateari. Jakin dezazun esaten dizut. Alegia, nire argitaletxe ohiak ez didala abisatu Meleiro andrea delako bat nirekin harremanetan jarri nahian zebilenik, eta zuzenean etxera iritsarazi dizkidazun bi gutunetatik baino ez dudala izan zure berri.
Despistatu egin direla usteko duzu agian, baina ez, gezurra esan dizute. Gezurra esatea erraza baita. Hain erraza delako esaten da hain maiz. Eta gezurrak, konforme egongo zara nirekin, ondo erretratatzen du jendea, ez hainbeste moralki, ez naiz-eta gezurra beti egia baino gaitzesgarriagoa dela kalakatzen duten txoriburu horietako bat. Ez. Gezurrak ondoegi erretratatzen du jendea gezurrak askotan agerian uzten duelako gezurtiaren alferkeria, edo imajinazio falta. Eta nork nahi du tratua izan zabar desirudimentsu batekin.
Beste hainbeste gertatzen da desleialtasunarekin. Asko esaten du desleialtasunaren parte zabarrak. Jendeak ez du uste, baina desleialtasun zabarra iraingarriagoa da desleialtasun interesatua baino, eta literarioagoa puskaz.
Nobela batean ere, etengabe inkoherentzia semantiko, argumental edo formal nabarmenak azaltzen direnean nola ustela sagarrean, hori ez da despiste hutsa, hori seinale da idazleak buruan nahasian zituela nobelakizun purua eta nobelakizun urardotua. Eta ideia zinezkoari leial izan behar zaio beti.
Gutunei ere aplikatzen zaie araua.
Horregatik ni, orain, leiala izango natzaio egiari.
Harritu nintzen zure bigarren gutuna iritsi zenean. Ez irakurleen eskutitzik sekula jaso ez dudalako. Ezta zure bigarren gutuna lehena baino are luzeagoa zelako ere, lehenaren erreplika etsiago eta murduskatuago bat. Baizik bigarren gutuna zelako. Hots, ez zenuelako antza batere entenditu lehen gutunaren ondotik eman nizun erantzuna.
Isiltasuna zen, Meleiro andrea.
Ez zenuen entenditu, edo ez zenuen entenditu nahi izan, zuk, nire liburu guztiak leitu omen dituen horrek. Eta etsi partez, hortxe ekin zenion atzera, nire literaturaren lausengu ustezkoan, zeure buruari buruzko berriketari. Zeren, Meleiro andrea, miresleak enamoratuaren hobena du: beti ari da bere buruaz, baita maiteari sonetoka ari zaionean ere. Eta zuk agidanez uste zenuen nitaz ari zinela, baina niri ari zintzaizkidan, zutaz.
Gauzak zer diren, orain behartua eta beheratua sentitu naiz gaizki-ulertua argitzera eta nire erantzun elipsizkoaren obiedadea esplikatzera, obiedadeak izanik ere, Meleiro andrea, jakingo du hainbeste unibertsitario batek, mundu honetan esplikatu behar ez liratekeen gauza urrietako bat, literaturarekin batera.
Ez zaitez, beraz, sumindu nire hitz hauei gogaitasun-kutsu ez oso leun bat antzematen badiezu. Azken batean, hitz egin dezagun zintzo, ez al da Muller andre zahar eta ustez ozpina izan Meleiro andre gazte eta ustez asmo onekoari amore eman diona, gutun hau idatzita?
Zein da garailea orain? Zein errukarria?
Esadazu, Meleiro andrea.
Maria M. Muller
Lehen irakurraldia: zirrara. Bigarrena: ezin sinetsia. Hirugarrena: durduza eta dardara. Eta izerdi hotza. Laugarren irakurraldia geroratzeko bezain hotza.
Bakarrik zegoen ikasle-egoitzako gelan. Ez zeukan, demagun, Daniela izeneko gelakide bat kontatzeko Bakardadearen Jainkosak bakardadea urratu berri ziola gau hartan, makinaz txukun idatzitako gutun batez.
Mukiak ozen xurgatu, eskutitza flexoaren azpiko liburu-meten ondoan utzi, eta leihotik begiratu zuen, amak oparitutako pijamaren mahukei antsiaz tiraka. Kanpoan, gauerdiko udazken-ekaitza. Ez itsaslabar baten gainaldean izango zen bezain zakar erromantikoa, baina ekaitz bat balekoa hala ere, beiratik gertuegi zegoen farolaren argitan euria zarra-zarra laranjatuta, eta arbolaren hostoak ere haizeak astindurik laranja.
Aulkiaren bizkarrean bermatu, eta urrutiagotik begiratu zion berriz paperari, letrak ez baizik eskutitza bera kontenplatzeko. Gutun-paper horixkak hosto berde batzuk zeuzkan grabatuta goiko ezkerreko izkinan, Meleiro andrea-ren ondoan, eta beheko eskuinekoan, berriz, Maria M. Muller baino beheraxeago, orbel okre-gorrizta. Gauzen bide naturala erakutsiz-edo, goitik beherakoa, diagonala.
Muller andreak idatzi berri zion. Zer, eta esateko ez zuela piperrik ulertu.
Ondo berraztertu behar zituen hitzak.
Lehenik: “Meleiro andrea”. Nork deitzen zion abizenez eta hain formalki 20 urteko neska bati, noiz-eta mendearen azkenean, formalismoak hain démodé zeudelarik. Aurreko kurtsoan hartu zuen Zuzenbidearen Hastapenak hautazko ikasgaiko maisu ile- eta aho-zuriak. Eta Noak ere bai agian aspaldi, tarteka, adarra jotzeko. Baina beste inork ez. “Meleiro” bai; “Mara Meleiro” ere bai; baina “Meleiro andrea”. Adeitasun-mozorroz distantzia efektiboago egiteko intimidazio-metodoa, inondik ere.
Zeren bigarrenik: gogaitasun-kutsua. Aski esplizitua.
Baina Muller andrea egiatan hain gogaituta egon balitz, erantzun ere ez zion egingo. Ezta? Itsasertzeko etxeko beheko suaren bazka izango ziratekeen bi gutunak, eta kito. Gainera, Maria M. Muller emakume umoretsua zen. Tira, bazuen umore-printzarik bere liburuetan. Ezta?
Idazmahaian metatuta zeuden liburuen bizkarrak irakurri zituen: Geuretu garen honetan, Maitamoldeak, Jarioak, Eta lorontzia hobi bat zen, Jardin bat zure minari, Phoenix andreak Lorelei ezagutu zuenekoa, Andrea bere bakardadean, Bakardadearen putzua: berrirakurketa bat, Hila biziko bada, Itsasertzean ni (eguneroko bat), Urrunean gu (eguneroko bat), 70 urte eguzkiari biraka (eguneroko bat)… Egia esan, Marak ez zuen umore-arrasto handirik antzeman liburu haietan, ez. Lirikoak ziren, sosegatuak, pasiozkoak, engaiatuak batzuetan, dramatikoak beti, baina umoretsuak… Meristofeles katuaren buztan beltza haur-ipuin tragikomikoa agian, non Meristofeles kale-katu bihotz onekoak nahi gabe estolda batetik behera infernura bidaltzen zituen, bere buztan beltz luzearekin estropezu eginarazita, kale-kantoi batean ezagutzen zituen laguntxo guztiak…
Hirugarrenik: “ustez ozpin”. Ez zion, bada, Maria M. Mullerrek ozpin-fama ukatuko gutun egiaz ozpin bat idatziz. Marari betidanik kostatu izan zitzaion pitin bat lerro artean irakurtzea, eta ironia izango zen dena, seguru. Hiperbolea. Lizentzia literarioa eta jolasa. Idazleek egiten dituzten gauza horiek.
Zeren, gainera, barkatu baina: krisantemoak. Jakina, Maria M. Mullerrek ezin zuen data idatzi gizaki arruntek datak idazten dituzten bezala, adibidez “azaroak 3”. Hasieratik argi utzi behar izan zion bere itsaslekutik ari zitzaiola, noiz-eta krisantemoen garaian. Jolaserako gonbita, argi eta garbi. Gonbita zen bezalaxe gutunaren bukaera ere: “Esadazu”. Zuk niri.
Ez, Mara seguru zegoen: Muller andreak ez zuen isiltasuna nahi; erantzun bat nahi zuen.
Gutun bat.
Hirugarrena.
“—Ez naiz zurekin barrura sartuko —esan zuen Phoenix andreak, bere gogoaren kontra baina bere bizitzaren alde, Sirenen Kantuan trago batzuk hartzera sartzen ari ziren neska zaratatsu batzuei begira.
Bazekien, zuzenean so egin gabe ere, Loreleiri beltz ñir-ñir egin ziotela begiek hura entzutean.
Bazekien, orobat, Loreleik ez zuela traiziotzat hartuko ezetza.
Horrexegatik alde egin zezakeen Phoenix andreak orain, bizitzan lehen aldiz patxadaz: bazekielako Loreleik ondo ulertuko zuela zergatik ez zen berarekin bueltatuko tabernara, baina ezta, egundo, etxera ere”.
Maria M. Muller, Phoenix andreak Lorelei ezagutu zuenekoa
Bere bost seme-alabetako zaharrenaren literatura-irakasle ilehoria ezagutu eta, pasiozko esnaldi erromantiko-literario baten ondotik, senarra eta etxekoandre-bizimodu mengela atzean utzi eta bakardade sereno batera birjaiotzen den berrogeitaka urteko andreari buruzko nobelaren azken esaldi haiek berrirakurri zituen Marak biharamun goizean, gau osoa begirik ezin bildu eman ondoren. Buruz zekien kasik pasartea, direna izateari uzten dioten izakien eta gauzakien aldera liluraz lerraturik beti.
Direna izateari uzten dioten izakien eta gauzakien aldera liluraz lerraturik beti, walkmana hartu eta behiala haur-parke izandako porlantoki batera joaten zen Mara ateri zenean. Ikasle-egoitzatik gertu samar zegoen, eta belar txarrak ernatuak ziren garai batean jolasgailuak lurrera erantsita egondako zulo eta arrakaletan. Jaioterriko utzitasun urbanoa ekartzen zion gogora pixka bat, zerikusirik ez hiriko campuseko etorbide urre-hostotsuekin. Toki gisa berez mediokrea zelako, bakartoki ezin tentagarriagoa iruditzen zitzaion, bakardadea basatia eta gordina baitzen han, jatorriz bakardaderako sortuak ez diren gauzaki eta izakietan soilik izaten den modukoa. Hagin ustel bat hiriaren irribarre zurian.
Halako edertasun zakarren bila bizi zen Mara. Ez zuen nahi sistemak berarentzat espresuki diseinatutako politasun exhibizionistarik. Utikan brillantina eta promesak; eta sintetizadoreak: ez zen dantzatuko beragandik espero zen doinuan.
Ez hasiera, ez korapiloa, ez amaiera, bai marjinalia: hori zen benetan inportantea. Horregatik, irrikaz bilatzen zituen edertasun ezkutuak, zanpatuak, are morbidoak, bere punk-rock lirikoko talde gustukoenak zioen bezala “suntsipen ilun eta eder batek” baino ezingo baitzuen “egundo sendatu mundu zizaretu” hura.
Sosen bat aurreztu eta jendarteratzeko indar pitin bat biltzen bazuen, kontzertu-lokal ilunpetsuren batera sartzen zen Mara ostiral gauetan; jendekoitasunak abandonatzen bazuen, berriz, zinema-aretoko txoko batean esertzen zen bizitzaren xumetasuna espantu-erdirik gabe goresten zuen pelikula independente ia muturen bat begiak ñir-ñir irenstera. Egiaz, gehien-gehienetan izaten zuen faltan jendekoitasuna, baita sosak ere, zeren bakardadea, ez emozionalki soilik, garestia baita, soldatapeko lanerako ganorarik ez duenarentzat batez ere.
Marak berradministratuak zituen bere diru-sarrera urriak, hots, amak egoitzako gela konpartiturako eta gastuetarako sartzen zion apurra, hartara egoitzan bakarkako gela bat pagatu ahal izateko. Amak oraindik ez zekien ezer horretaz, zeren Marak, inondik ere joria izatera iristen ez zen imajinazio hala ere efikaz batez, Daniela izeneko gelakide bat asmatua baitzuen amari telefonoz kontatu beharreko bertsiorako: neska bat “beltzarana, altua, zurrungaria eta berba-lapiko samarra”; asmatua eta inexistentea guztiz baina, igual horrexegatik, “sinpatikoa”; “zoritxarrez bere mutil-lagun Daniel” orobat alegiazkoaren gelan pasatzen zituena gau asko, “zoritxarrez” Mara bakar-bakarrik utzita. Horrela, bertsio fantasioso hari esker, amak ez zuen disgusturik hartzen, eta bera goizeko hirurak arte egon zitekeen irakurtzen edo idazten, lasai ederrean zein herioan, inoren zurrungarik aditu beharrik gabe. Horrela, ezein Danielak ez zuen inoiz ere molestatzen bere nobio Danielekin izandako auskalo zer sesioren berri xehekeriaz kontatuz. Horrela, bereiz sentitzen zen, eta berezi, Mara Meleiro.
Ekonomia-kontuak hala, gosea pasatzen zuen Marak batzuetan, pixka bat. Baina zer ziren tripazorriak barrua astintzen zion biziminaren aldean. Gale hura ez zegoen berdintzerik. Nahi, nahi, nahi zuen. Zerbait, ez zekien zer. Bazekien zer ez. Mararen amak ez zuen libururik irakurtzen; gehienez ere teletestua, fabrikako ezorduko txandatik etxeratzean. Sofan lo gelditzen zen ama noiznahi, txotxongilo bat bezala, telebistako izar hankaluze fosforitoak etxekoandre gizentxoentzat egiten zuen aerobik-saioaren aurrean. Amak arrunkeria zaharrunoak esaten zituen haserretzen zenean (“txakurraren bibolina!”). Amak asko kantatzen zuen, eta oso gaizki; besteak beste, mezatan, mezatara joaten baitzen igandero. Eskuak latzak zituen, ez zen pertsona ilustratua. Beraz, ama pobrea zen, gorputz eta arima. Beraz, Marak ez zuen bere ama izan nahi. Hori garbi. Horregatik (eta pobrea zelako) ez zuen erosi telebistatxorik egoitzako gelan distraigarri jartzeko, eta horregatik joaten zen ez-parkera koadernoarekin, eta hantxe munduari begira geratu: nola kentzen zion txolarre bixiak justizia poetikoz ogi-pusketa uso jazarroiari, edo zenbat graduko makurdura zeukan jaki-dendara bidean gurditxoari tiraka arrastaka zihoan agurearen konkorrak.
Azaroko igande-goiz euritsu hartan, barrurako zegoen giroa. Gelan ezin kabitu, ordea, eta, azken egunetako katarroa ez larritzearren, ez-parkera ez baizik hiriko autobus-geltokiaren aterpera egin zuen oraingoan.
Metalezko banku batean jarrita, kanpoan autobusen burrunba adituz, Mara gogoratu zen, haren egunerokoetan irakurria baitzuen, Maria M. Muller lagun batzuen furgonetan iritsi zela itsasertzeko etxera bizitzera, eta ez autobusez. Hasteko, ez zegoelako harainoko autobusik; baina bereziki, egon balitz ere, Maria M. Muller ez zelako zoratuta ere giza usaineko autobus batean iritsiko bere behin betiko egoitza sakratura. Paradisuak hori baino solemnitate handiagoa eskatzen du, Marak bazekien hainbeste. Eta, hala ere, ezin bere artean galdetzeari utzi zenbat aldiz pasatu ote zen Maria M. Muller autobus-geltoki errauskara hartatik bertatik garai batean, norabait hitzaldi edo errezitalen bat egitera joan behar izaten zuenean, itsasertzeko etxearen aurretik, Bakardadearen Jainkosa bihurtu baino lehen.
Beharbada, Mara zegoen jarleku harexetan hoztuko zitzaion ipurdia inoiz Maria M. Mullerri. Beharbada, jarleku hartantxe deseroso zain zegoela erabakiko zuen akabo zela autobusen, jendearen, bizitzaren esperoan bizitzea. Oso zen hori gauza inprobablea, noski, baina Mararen pentsamenduak ez ziren probabilitate- eta estatistika-zehazkeriekin zapuzteko bezain prosaikoak.
Gizon batek musu arraro bat eman dio, ez masail ez ezpain ez den leku zehaztugabe horretan, bera baino dezentez gazteagoa den emakume bati. Alaba ote du, ala arreba, ala amorantea akaso. Pasatzen diren guztiei ez zaizkie galtzerdiak ikusten, baina ikusten zaizkienek berdin-berdinak daramatzate biak. Asimetria ez dago modan. Txarteldegiko langile bat bere kabina-zulotik irten da, zigarreta erretzera. Bularrak mardul nabarmentzen zaizkio laneko alkandora unisexaren azpian, eta badaki erretzen. Umerik apenas dabilen, eta dabiltzan apurrak ez dabiltza oso alai. Autobus-geltokiak, porlanezko jolastoki ohiak bezalaxe, ez daude umeentzat eginak.
Hori eta halako obiedade gehiago idazten ari zen Mara bere koadernotxoan, ingurukoei begirik kendu gabe, bere ustez idazle-itxura bohemio eta dotorez, nahiz eta, jendeak nolako indiferentziaz eta mesfidantzaz begiratzen zion ohartu balitz, seguruenik konturatuko zen antz handitxoagoa zeukala adarrean xomorroari beha dagoen kameleoi begi-zoroarena.
Hiru topiko zituen buruan, une hura baliotsu bilakatzen ziotenak, bere biziminerako bazka:
Bat: inspirazioak lanean harrapatzen zaitu.
Bi: idazlea begirale fina da.
Hiru: geltokiak inspirazio-leku onak dira. Horregatik hasten eta bukatzen dira hainbeste nobela eta pelikula geltokietan.
Maria M. Mullerrek, orain, ez zuen halako leku jendeztatuez idazten, noski, baina bere garaian, idazle hasiberria zenean, orduan bai. Beraz, Mara ez zebilen bide okerrean, baizik, besterik gabe, bidean. Eboluzioaren kontuak. Maria M. Mullerrek eta beste idazle handi askok naturaz eta izadiaz idazten zuten, bai, baina ez errazena zelako, ez moda zelako ere, baizik huraxe zelako “gai unibertsala”, eta “naturaz eta ondo, eskarmentu handiko idazleak bakarrik” dezakeelako (Muller dixit). Marak bazekien, eta onartzen zuen: gaur oraindik ez zeukan behar adinako sentsibilitaterik marigorringo batek itsas haize bortitzetan dagien hegaldi herrariaz ezer inspiragarririk idazteko. Are, gaur oraindik ez zeukan talenturik jabetzeko zein zaila den inspiragarri hitza esaldi batean ironiarik gabe txertatu eta airoso ateratzea. Baina hori gaur zen. Gaur autobus-geltokia, bihar akaso zerua.
Eta sustoa: jertse gorriko neska bat begiztatu berri zuen urrunean. Noa zirudien. Eskerrak ez zen. Ez zuen jakingo zer egin hantxe azaldu izan balitzaio. Noak agurtu egingo zuen, seguru, eta komentario asmamentsuren bat egin, zeinari ezingo baitzion Marak behar besteko duintasunaren erdiaz ere erantzun. Orduan, Noak irribarre kondeszendente bat egingo zion Mararen toteltasun atabikoari, eta, konturatzerako, alde egingo zuen Mararengandik urrun, beti urrun eramango zuen autobusen bat hartzera, beti bezala atzean utzita udaberriko lur lehortzen hasiaren usaina.
Ameskizun hark hatzak kamustu zizkion Marari, eta sabela nahastu. Koadernotxoa itxi behar izan zuen, biktima. Eta erraietatik madarikatu zuen bere izatearen parte oraindik jendezalea, barne hartzen zuena, puska handitxo batean gainera, emakume-lepauztairen bat bistan uzten zuten jertseek pizten zioten irrika eta izu-larri erridikulua.
Doministiku egin zuen.
Hotzeriari bota zion kulpa.
Berokiko poltsikoan zapi bila hasi, eta zerbaitek gozo arindu zion larridura: hantxe gordeta zeukan, musuzapi erabiliarekin batera, Maria M. Mullerren eskutitz beroa, hotsik gabe erreklamatuz zerbait, erantzun bat, Marak autobus-geltoki hartan bere bakardadearen exhibizioa eginez geroratu baizik egin ez zuena.
Zumarkaleko etxeko sotoa, hortentsia-egunak
Eva, ene Eva, Eva nirea:
Hosto-puntatik amiltzear den euri-tantak bezala dar-dar egiten du zure izenak nire ezpainetan.
Zuenera joateko ekipajea prestatzen ari nintzela jaso dut zure gutuna.
Orain hortxe datza maleta, ohe gainean, erdi betea erdi akabatua: iragana eta ametsak hezur eta guzti irentsi dizkidan arrain erraldoi bat, hortz zorrotzen artean agerian zurekin zabaldu nahi nuen botila hori, eta zure lepo-zapi berdea, iaz “tori, ahots eder hori zaindu dezazun” esanda opari eman zenidana, eta hasi gabeko koaderno bat elkarrekin bete genezan nahi nuena, eta zapata-pare zuri dotorea Estherren festaren batera besotik helduta joaten ginenerako, eta beste zenbait puska jada segur aski aipatzea ere merezi ez duena.
Ez duzu nahi ni zuenera joatea, hala diozu gutunean. Azkenekoan argi esan zenidala. Alain benetan konturatu dela zer gertatzen ari den, eta haserre dagoela, inoiz ez duzula hain haserre ikusi. Azken batean zure matrimonioa zaindu behar duzula, hori delako matrimonioaren funtsa. Eta, zugan ohikoa ez den metafora gogor batez, erantsi duzu kontu bat dela gauzak literalki ez hartzea eta beste bat egindako promesak lanpasa nola hankapean ibiltzea. Erlatibistegia bilakatu omen zaitudala, baina kito, bukatu dela, gauzak ez direla beti edozer, eta ez dutela izan behar.
Daukadan baino botere handiagoa aitortzea edo leporatzea da hori, ordea, Eva maitea. Zeren nirea, egiaz, ez da izan basozainaren ahal xumea baino. Bat-batean izuak hartu zaitu, entenditzen dut, jabetu zarenean zein handia egin den bion haritz hori, eta izuak eta ez beste ezerk pentsarazi dizu haren sustraiak kate direla eta haren gerizpea itzal beltz. Baina haritza ez nuen nik hor jarri. Zerorrek erein zenuen hazia. Nik lur eta ur eman diot, besterik ez. Edo, tira, besterik bai: maitasuna ere eman diot. Maitasuna, gauza ez batere erlatibo hori. Maitasun bat barruan kabitzen ez zaidana eta orain, antza, zure bizitzaren ezein txokotan ez kabiaraztera kondenatzeko prest zaudena.
Ezagutzen zaitut eta entenditzen dut, Eva. Baina ez. Ezin dut entenditu nolatan neukan duela bizpahiru ordu tren-txartel bat paradisurakoa, eta orain, aldiz, arrain hil bat ohean.
Nik ere maite dut Alain, zer uste duzu, ezetz? Eskuzabala izan da beti, maitekorra gizon batek dezakeen heinean. Etxeko atea zabaldu zidan, eta logelakoa (badakizu hainbeste, eta hari ez zenion sekula ezer leporatu matrimonio santuaren izenean), eta beste etxe eta mundu askotarako atea ere bai, eta zuganakoa (zuganakoa!), eta gero itxi ere egin dizkit zenbait ate (motiboak berak dakizki, galdetu al diozu inoiz?), baina beti, beti egongo natzaio eskertuta. Ez naiz hain bihozgabea. Ez diot minik egin nahi. Baina ez iezaguzu, arren, orain zuk paper ofizial baten aitzakian min egin zeuri eta neuri.
Eva, ene Eva, Eva nirea.
Halako kolpeek babesgabe uzten naute berriro, ezinduta, txakur amorratu batek barren-hustutako panpina bezala (nik ere badakit metaforak egiten, maitea).
Baina ezin naiz hemen gelditu. Ezin dut zu berriz ez ikusi.
Hortxe dago tren-txartela, oraindik ahul taupaka arrain hilaren ondoan.
Barkatuko didazulakoan,
Zure Mmm
Mara seguru zegoen Mariak trena hartu zuela azkenean.
Eta pentsakorraren murmurra izan zitekeen, baina oso seguru zegoen, halaber, bestelako hots baten transkripzioa zela, gauza gustagarriren batena, Maria M. Mullerren izen-abizenen laburdura pertsonal hura.
Ezarian aurkitu zuen gutuna, Alain Gross itzaltsuaren biografia baimendu gabe batean.
“Hautatu idazle nazional garaikide bat, identifikatu haren gai fetitxea, eta aztertu zer-nolako oihartzuna eta eragina izan duen gure literatur sisteman”.
Hori zuten Literatura Nazional Garaikideko ikasturte-bukaerako lana osatzeko gaia, Edgar Martin irakasle erdi bohemioak jarria, “fetitxe” hitza propio erabilita argi eta garbi, ikasle berdetxoak epatatu eta motibatzeko.
Noak, bizitzan salbuespenik ez egite aldera erabakia bi aldiz pentsatu gabe, Alizia Kowalski hautatu zuen. Obsesionatuta zegoen haren antzezlan surrealistekin, zientzia-fikzioan egindako sartu-irtenekin, emakumeen eskubideen alde idatzitako artikuluekin eta haren poesia sentsual intimo mistiko apurtzailearekin. Alegera jo zion adarra Marari: “Hainbeste jainkosa aukeran, eta zuk gizontxo hori aukeratu behar??”.
Mara, salbuespenik gabe orobat, esplikazioak ematera behartua eta beheratua sentitu zen, topikoak parrastadan botaz burura etorri ahala: zuri-beltzez ez baizik grisez betea zegoela Alain Grossen literatura, eta ez zuela beldurrik izan bere garaiko berrikuntza formalen eta gaien uberari itsu-itsuan ez jarraitzeko, eta autore kanonikoa izanik ere kanonaren bazter samarrean zegoela, eta gauza askotan harekin bat ez etorri arren horrexegatik izan zitekeela interesgarria lana hari buruz egitea…
Hots, erretolika hanpatu samarra, zer-eta Noari egia ez aitortzearren: alegia, zer arraio, bene-benetan gustatzen zitzaiola Grossen literatura, eta dezentez lurtarragoa eta suspergarriagoa iruditzen zitzaiola Kowalskiren pentsajario esoteriko ia kurtsia baino.
Ez zuen inoiz pentsatuko, noski, Grossenganako bidean Mmm azalduko zitzaionik, iraultza.
Kasualitatez, edo ez, bate-batera izan ziren bi abandonuak: Noak Mara utzi zuen, eta Marak Gross. Eta presaka jakinarazi zion Marak Edgar Martini Maria M. Mullerren gainean egingo zuela azkenean lana. Gai fetitxea: bakardadea. Edgar Martinek karei-antiojoen gainetik begiratu zion, susmoa, dibertsioa eta dezepzioa irribarre-erdi xarmantean, eta galdetu ea seguru zegoen. “Lehen aldia da ikasle batek idazle hori aukeratzen didana”, bota zion, susmatu gabe Mara areago berotu baino ez zuela egingo ohartarazpenak.
Aste haietan kilo batzuk galdu zituen Marak, ohi baino are otordu eskasagoak egitearen poderioz, dirua aurreztu nahi baitzuen Maria M. Mullerren liburuak mailegatu ez baizik erosteko, hartara nahi adina berrirakurri, zikindu, haztatu ahal izango zituen eta. Bata bestearen atzetik irentsi zituen, desordena kronologikoan eta emozionalean, eta haren hitzetan berretsita aurkitu zituen sua eta euri-langarra, Alain Grossen biografia baimendu gabearen egileak ere diplomazia handirik gabe iradokiak:
“Maria M. Muller, gerora bakardadearen eta naturaren aldeko bere apologiengatik eta bere jenio zailarengatik ezagunago bihurtua, azkenaldian bestek eta bere buruak bakartua eta panorama literariotik apartatuxea, idazlegai gaztea zela iritsi zen grosstarren bizitza eta matrimonioa zurrunbilotzera, hain justu norbaitek berari begiak eta literaturaren ateak irekitzeko premiarik gorrienean zegoen garaian. Ez zen ederra, bai naif samarra; ‘dramazale porrokatua’ eta ‘kasketara erraztxo lerratua’, Alainek berak adiskide bati eskutitz batean kontatu zionez. Baina bizkor ikasten zuen: anbizioa sobran zeukan, eta garatzen hasita zegoen gerora hainbeste ustiatuko zuen konkistatzaile-sena ere (…) Ez zen izan Alain Grossen amorante tipikoetako bat. Ez, antza, Alainek berak hala nahi izango ez zuelako, baizik eta, itxura guztien arabera, Maria gazteari Alainekiko maite-lanak baino dezentez gehiago interesatzen zitzaizkiolako harekiko hizketaldi literario suspergarriak, Alainek bilkura eta festetan aurkezten zizkion artistak, eta, batez ere, bereziki, ezbairik gabe, Eva Gross.
(…) Kontakizun ofizialak besterik iradokitzen duen arren, Mariak Alainekin izan zuen affaire trakets eta pasakorra guztiz hutsala izan zen Evarekin urteetan izan zuen maitale-harreman sutsu eta gorabeheratsuaren aldean, Mariaren eta Evaren pasio, zelo eta liskarren lekuko izan zirenen testigantza nardatu samarretatik segitzen denez”.
Mara liluraz zegoen: bere buruan asmatzen ari zen jainkosarekin liluratuta eta, aldi berean, liluraren onanismoan, bere lilurak berak liluratuta.
Orain bazuen nori begiratu. Azkenean bazuen modua, jakintsuek zioten bezala, bizi guztian lastatu zuen bakardadea “besarkatzeko”. Bere ahulgunea bertutea zen egiaz: bakarzaletasunak ez zuen beheratzen, baizik goratzen. Orain ulertzen zuen.
Orain ulertzen zuen, orain ez zelako munduan bakarra.
“Ez aitak ez amak ez zuten temarik itsasoarekin. Lagunek ere ez bereziki. Itsasoa nirea da”.
Maria M. Muller, Itsasertzean ni (eguneroko bat)
Maria M. Mullerrek “modu nahiko onean” erosi zien itsasertzeko etxea izeba zahar ezkongabearen herentzia-fardela gainetik kendu nahi bide zuten oinordeko presatsu batzuei. Zaharra zegoen eraikina, “hautsak jana, itogintsu, kirrinkari, gauzen erdiak erdi hondatuak eta beste erdiak erdi konponduak”. Telefono-linea noiznahi eteten zen, eta kalefakziorik ez zegoen, baina bai tximinia bana gela printzipaletan.
Pipiak eta hezeak jandako altzariak bota, haien ordez gurasoenak izandako “altzari maite batzuk” jarrarazi, eta, guztiz etxekotzeko, bi arau funtsezko ezarri zizkion bere buruari: bata, lursailean lorategi eder bat jarri eta egunero-egunero zainduko zuela; bestea, ahalik eta urriena eta igarokorrena izango zuela konpainia, izatekotan ere. Huraxe zuen modu bakarra ez izadia kontenplatzeko, baizik hura atzitzeko, eta beraz bere burua ere bai, “eta beraz munduaren egia”.
Hutsegite bakarra, “negu bereziki gorri baten hastapen zurian” aldatu zela etxe zahar berrira. Ohartzerako, hotzak eta elur-bisutsak basati hartu zizkioten teilatuak eta bazterrak, eta bere ametsetan eden bilakatu asmo zuen lursail hura uharte bihurtu. Bideak desagertu ziren, ez zen norakorik, “absentatu” zen postaria ere. Beraz, Maria M. Mullerrek hantxe gatibu eman behar izan zituen lehen asteak, beheko suaren arrimuan gotor, “loregabetuta”, leihotik antsiaz begira zain.
Baina ez al zen, bada, huraxe asmoa. Ez al zuen horretarakoxe utzi atzean ordura arteko bizimodu lasterregia, “bilerak, bidaiak, argitaratzeko irrika itsua, kritiken espero uherra, unibertsitateko eta irakurle-klubetako hitzaldien beti-berdina, miresleen esperantzak, bekaiztien bekaitza, zibilizazioa, Moira”. Inork behartu gabe ez al zuen, bada, alde egin. Zergatik zegoen itota, orduan. Zergatik bizi zen orain dardarka, “miniaturazko tartsio begi-handi bat nola harrapariari so”. Espero zituen korapiloak, noski, ez zen “txolin inuxente bat”, baina “isiltasun unibertsokara hura”, hura besterik zen. Hasieran pixka bat entretenitu zen hautsa kentzen eta liburuak langelako apaletan ordenatzen, baina denborapasa hark ere kontsolamendu izateari utzi zion konturatu zenean “letretarako antzu” geratua zela bat-batean: egonezinaren egonezinez hitz-erdirik ezin idatzi, “eskuak izotz”, ez hitz lau eta ez neurtu. Harik eta, “poinsetien garaian ondo sarturik”, etsi-etsian egunerokoa idazten hasi zen arte: andre bakarti baten egunerokoa.
“Ezer gertatzen ez zen, ezer gertatzerik ez zegoen leku hura argi-izpiz izpi ezpaldu eta koadernoratzeari” ekin zion, diziplinaz: nola sukaldeko beheko sua harroagoa zen beti beste geletakoak baino, “anai-arrebak baino hobeto bazkatuta dagoen kumea bezala”; nola imitatzen zuten elur-malutek borborka elur-hodeiaren distira iluna; nola gauean “obsidiana-desertu dunatsu bat” ematen zuen itsasoak; eta nola, ilundu aurretxoan tarte batez oskarbitzen bazuen, “neguak baizik fabrikatzen ez dakien zeru-urdin bizi horretatik” idazmahairaino sartzen zen eguzki etzanaren inar bizi bat, “koadernoaren azalean gorringo”.
Halaxe, gerora halako ospea emango zion egunerokoan jasoz argia eta oroitzak eta bakartasunaren gaziak, halaxe harrapatu zuen udaberriak Maria M. Muller, paperetik leihora begira, eta han: “eguterako esparrutxo bat lurmen bat-batean”.
“Erlearen diligentziaz” atera zen gordelekutik. Neguaren gordinenean “denbora-alde, denbora-aldeegi” ibili eta gero, denbora-kontra zebilen orain bat-batean: ezin zuen itxaron, bertan zen martxoa, “eta bazetorren apirila ere esku-ahurra zabal bere errenta hostailazkoa erreklamatzera”. Hartu sardea, aitzurra, pala, jantzi katiuskak, eta, orduan bai, “lurrari eman” zitzaion zeharo.
Zenbaitetan, “zirimiri ondoko eguzki-antxaren sargorian”, egosi eta babatu egiten zitzaizkion oinak gomazko botetan, eta zira ere kendu behar izaten zuen arnaska, baina bazekien horixe zela, giza izerdia, “landare-izerdiari bide egitearen pagamendua”. Iluntzero, “gerlariaren harrotasunez” behatzen zien egun hartan garbitutako lurguneari eta sastrakek esku-besoetan egindako harramazken ebakiondo gorriztei. Gogoratzen zen nola amak “laba-lorratz” esaten zien lorategian lanean egindako zaurien orbainei, esaten baitzuen sasitzak, bere geldian, sumendien karraz defenditzen zuela bere burua, eta ebaki-sorta hura zela “azken borrokan bere menderatzailearen larruan uzten zuen oroigarri duina”.
Egun batean, lunbago txar batek jota, “lehen aldiz” atera behar izan zuen laguntza eske, eta halaxe ezagutu zuen Janus, beretik bi kilometro eskasera bizi zena, txabola batean. Janus (abizenik ez zen aipatzen liburuan), “urteetan sartuxea, begi-ñarroa, iharra baina beso izpitsu sendokoa, urte osoan beltzarandua”. Baratzerako trasteetan gastatzen zuena bere bizitoki “kalamastran” gastatzen ez zuena.
Ekonomia partikularra zuen hitzetarako ere, eta, ezer esatera, “patxada gordin neurritsuz” esaten zuen, “bere salbaian eder, basajardin baten antzo”. Hain justu, buru-keinu lehor batez eman zion baiezkoa Maria M. Mullerri, hark lotsaz galdetu zionean ea lagunduko zion lorategiko lanetan, “soldatatxo baten eta hamaiketakoaren truke”.
Lehen lanegunean, hamaiketakoa egiteko atsedenaldian, “Eta zertan ba hemen” galdetu zion bizilagunak, eta “Idazlea naiz” erantzun zion Maria M. Mullerrek. Janus ez zen batere inpresionatu. Are: gaiaz beste eginda edo egin gabe, gertueneko herriko elizara gonbidatu zuen segidan Maria M. Muller; eta, hura txunditu samar hezibide oneko ezezkoa ematear zela, lasai egoteko esan zion lorezainak, apaiza igandean baino ez zela azaltzen.
— Gainontzean, leku txukun askoa da. Neu ibili nintzen habeak-eta berritzen, eta orain han egiten dituzte, zera, juntadizoak eta. Herriko kontuak nola gobernatu deziditzeko. Edo hala omen. Ze, jeneralean, maiseoan ibiltzeko juntatzen da han jendea. Berriketa gaiztoan ibiltzeko, alegia —xehatu zion badaezpada azalpena idazleari, azken ogitarteko-puska irentsiz—. Halako beste halakorekin sesioan ibili dela… beste hura, berriz, beste harekin enamoratu dela… Han bilatuko duzu, bai, zer eskribitua —eskuetako koipea praketan garbitu, eta ondoko landare latz batzuei keinu egin zien—. Ala astakarduaz bakarrik eskribitzen al duzu zuk.
— Ba, landareez asko, bai; animaliez ere bai nahiko maiz, eta beste askotan jendeaz. Dena gauza bera ez al da, ba…
— Orduan elizara etorri —Janusek zutituz ebatzi.
Maria M. Muller, noski, ez zen behin ere elizara joan.
Oso zegoen “okupatuta”: eguraldi leun argiak susperturik, idatzi eta idatzi ari zen, eta lorategiak ere lana besterik ez zuen ematen.
Uda ez zegoen urruti “jardina benetan jardintzea” lortu zutenerako. Orduantxe, ordea, basurderen bat-edo azaldu gau batean basotik, eta dena hankazgoratua aurkitu zuen Maria M. Mullerrek goizean: hilabeteetako lan eskerga, “porrokatuta zeharo”.
“Zaputzak” hartu zion barrena, eta zaputzaldiaren ondoren, haserreak. Baina ez zen izan betiko amorrualdi itsua, tripak eta burmuinak lehertzen zizkion “amorreri kiskalgarri hura”, parean harrapatzen zuenari txilioka hastera behartzen zuen “ezin-jasana”. Aitzitik, haserre epel eta kasik aringarri bat zen.
Halaxe konturatu zen Maria M. Muller ezen azken hilabete mordoxka hartan, “itsasertzeratu” zenetik alegia, ez zuela behin ere menperatu lehengo amorru pairagaitz hark.
Edo hori, hori dena irakurri zuen behintzat Mara Meleirok Maria M. Mullerren egunerokoetan.
Itsasertzeko etxea, ziklamen-egunak
Meleiro andrea:
Ezin zara izan, diozun bezala, nire liburuen irakurle hain sutsua. Edo sutsutasun hori, bestela, horixe besterik ez da: sua. Gazteen kar sustraigabe hori. Zeren benetan bazina hain irakurle fina, hain gartsu ez ezik bestelako gogo-ulermenez ere irakurri bazenitu nire idazkiak, erraiez entendituko zenuen zeinen luzeak eta geldiak diren egunak itsasertzeko etxe honetan, eta nolako asaldua eragin dezakeen beraz hemen arrotz baten gutun soilak.
Dinak atea harramazkatu dit goizaldean, argitu baino lehentxeago, eta, hotzak zegoelakoan sartzen utzi diodanean, konturatu naiz kreaturatxo bat zekarrela ahutzetan, katagorri bat oso gorria. Jaregin nahi ez, eta errieta egin behar izan diot, baina lortu dut halako batean animaliatxoa askatzea, bizirik zorionez. Lo premian nengoen, baina ezingo nuen, ba, katagorria berriz Dinaren helmenean askatu, eta, botak eta berokia jantzita, basoko txoko batera eraman dut, esku artean taup-taup.
Hantxe joan da, biziberriturik.
Beste harrapariren baten atzaparretan erori gabe zenbat iraungo ote duen galdezka bueltatu naiz. Eta, halako batean, jardinera iritsita, zure irudia agertu zait hortxe, inoiz ikusi ez dudan aurpegi bat, argi eta garbi eta garden nire postontzian islatuta. Eta katagorri-begi ilunak zenituen, eta niri begira-begira zeunden, fitsik esan gabe.
Ezin izan naiz berriro lotaratu. Idazmahaira etorri besterik ezin izan dut egin.
Izan ere, zer da hau, Meleiro andrea: begia begi truk?
Ez zaitez ausart esatera noiz-eta oraintxe erabaki duzula isiltzea, justu zure idazle ustez miretsiak erantzun dizunean. Ez ausart esatera unibertsitario lanpetua zarela, eta etsaminetan zaudela, eta ez duzula astirik izan zeure gain hartzeko itsasertzeko etxe honetan nahita eta berariaz piztu zenuen aztoramenaren ardura.
Ausart zaitez, eta emadazu ez aitzakiaren bat merkea, bai azalpen bat funtsatua.
Emadazu zor didazuna, Meleiro andrea.
Maria M. Muller
Ba-baina. Prest zeukan eta.
Prest zeukan-eta gutuna, zazpi aldiz hautsia eta zortzi aldiz berridatzia eta bidaltzera-ez-ausartua. Zortzi buelta hitz berberei, tximak laztuta, Muller andreari zor zion barka-eskea zinezkoa izan zedin baina ez patetikoa, esker ona ere bihotzetikoa baina ez mirabekeriazkoa, eta aurreko bi gutun hain segidakoen esplikazioa, berriz, sinesgarria eta batez ere… batez ere funtsatua.
Krisantemoak zer lore kristo ote ziren ikertzera ere joana zen-eta liburutegira…!
Hantxe ibili zen, entziklopediaren zazpigarren tomoan (jib-lek, jibaro-lekaime) eta aurkitutako botanika-gida guztietan begira: habitata, motak, sinbologia. Baina, krisantemoez enpo egindakoan, ez zitzaion bururatu landare-liburu haietakoren bat maileguan etxera ekartzea. Eta orain berriz joan beharko zuen liburutegira. Ziklamen dontsuen xerka.
Noak, Rebecarenera hegaldatu ez balitz eta Mararen habian erdi dantzan balebil oraindik, murrikaz leporatuko zion, seguru, senari kasu gutxiegi egin izana. Enarek, izan ere, halakoak eta halako beste gauza samur batzuk aurpegiratzen dituzte aise. Haien natura da, zurrunbiloa eta txilioa eta ezin pausatua bezala. Eta Noa enara zen, oso enara. Mara, berriz, zikoina porrokatua. Ikasle-jendearentzako lokal-zulo bateko kontzertu batean endredatu ziren, grunge, elkartzen diren bezala enarak eta zikoinak udaberri aldera, ezarian, nor bere migrazioaren erdibidean, eta Marak, zikoina-sen zoliz, horixe pentsatu zuen hura ezagutzean, horixe bera, ez gehiago ez gutxiago: “Hara, enara bat”.
Noaren balizko aholkuari jarraituz senari kasu gehixeago egin izan balio, idatziko eta berridatziko zuen erantzun-gutuna ez zortzi aldiz baizik agian soilik hiru, krisantemoen inguruko disertazio koxkor bat barne, neurritsu baina bizkor-plantak eginez pixka bat, eta bidaliko zuen eta iritsiko zen eskutitza itsasertzeko etxera garaiz; garaizago behintzat; Dinak katagorri gorria ehizatu baino lehen. Eta Maria M. Mullerrek ez zituen hartara Mararen katagorri-begiak imajinatuko postontzian, eta ez zion bidaliko hitz-sorta, nola esan, intentso hura dragoiaren suaz.
Emadazu zor didazuna, Meleiro andrea.
Hainbeste zor zion, baina: itsas fosarik beltzenetik ur-azalera ateratzeko zirga; lorezainen gaineko miresmena eta naturaren halabehar lasaiarena; bizi-sen bat bareagoa eta salbatzailea, enarengana berriz ez hurbiltzen laguntzeko adinakoa; bakardade bat itxaropentsua baina esperorik gabea, lozorroan bizitzeagatik kulpante sentiarazten ez zuena, zeren lozorro pilpiratsua baitzen azken batean. Jada ez zion ikararik etorkizunari, zeren, arrazoi zuten maisuek, etorkizuna ez baitzen existitzen. Biharko oraina oraina izango zen eta kito. Eta oraina, Maria M. Mullerrek bere egunerokoetan iradoki bezala, erraz beza zitekeen sukaldeko mahaiaren gainean lore-sorta xume bat jarrita.
Nola kitatu halako zor neurtezina. Marak ez zekien. Saia zitekeen berriz: liburutegira itzuli, ziklamenei zegokien tomoa hartu (xil-zuz, xilofono-zuzkidura), eta gero etxeratzean beharbada irmotasun maskulinoz idatzi gutun bat funtsatua zeharo, oraingoan azkarrago, askoz azkarrago eta deliberatuago, eta bidali arin.
Sukarra zeukala iruditu zitzaion.
Hotzeriari bota zion kulpa.
Gutun jaso berria bosgarrenez irakurrita, hantxe irudikatu zuen Bakardadearen Jainkosa, postontziaren eta ziklamenen artean ahutzak su.
Eta istantean jakin zuen: zikoina baten gutun elkorra ez zen sekula nahikoa izango dragoiaren garra itzaltzeko.
Meleiro andreak erabaki zuen loreak erosiko zituela.
Ofrenda bat, errespetu- eta bake-erakutsi.
Baina a ze arratsaldea, umela, marmoka bati opari emateko modukoa.
Ostarte azpian irten zen hiri zuritik, institutuko orlarako baino jantzia ez zuen jertse beix parpailadun eta honbreraduna soinean. Bi gurpilak errepidearen bazterbidetik lur-bidera sartu ahala, ordea, erraustu egin zen zerua, eta, ohartzerako, zaparrada. Ez zirimiria, ez langarra, zaparrada.
Oin bustiak, azkenik, pedal bustietatik kendu zituenean, eta ipurdi bustia jarleku bustitik, eta hantxe lurreratu zenean, euria oraindik zarra-zarra burutik behera, bizikleta izterren artean geldi, orduantxe jakin zuen garaia zela hiru orduko etorrian egitera ausartu ez zena egiteko: atzera begiratzeko, alegia.
Espero baino okerragoa zen: parrillan kontu handiz lotutako lore-sorta galanta erabat porrokatuta zegoen, blai, zuztarrak izpituta, maspil-maspil korolak. Pot-pourri zopatsu makabro bat, loreen hil-ondoko eginkizun noblea zapuzten zuena zeharo.
Hotzikarak jota, katarroa nola kronikotuko zitzaion irudikatuz marmarka, aurrera jiratu zuen berriro burua. Uharte-etxe bat zeukan han parez pare, pikor bat belazean, atzean amildegia. Lur-bidea bat-batean amaitzen zen hantxe, eta harekin batera bide-ertzeko belar luzeak, esparru botaniko fin apailatu bat hasten zen lerro perfektuan justu. Urratsa honaxeago egin edo haraxeago egin, nabarmena zen aldea. Baina hesirik egon, ez zegoen.
Nolatan, pentsatu zuen Marak. Nolatan dena zabal-zabalik. Edozein izatxar sartzeko ere… basapiztiak, lapurrak, fan zoroak... Gainera: nornahi sar badaiteke, edena definizioz ezin da eden izan. Marak bazekien hainbeste. Orduan, zergatik irekitasun axolagabe hura. Naturaren barruko natura ezin delako hesitu, igual. Edo dragoiak ez duelako babes-hesirik behar.
Burura etorri zitzaion nola idatzi zuen Janice Vectorrek ulertzea beti dela gauza mugatua, eta ez ulertzea, berriz, infinitua, mugarik gabea, Jaungoikoarenganainokoa. Maria M. Mullerren itsasertzeko etxea bezala.
Baina mugak euskarri dira, eta muga falta, berriz, auskalo zer, aske usteko funanbulismo bat akaso, horixe pentsatu zuen Marak inteligente bezain zapuztuta sentituz, hesirik ezean bizikleta ere non bermatu ez zeukala konturatu zenean.
Ezkerrean, bide-ertzean lo, eguzkiak (eta euriak! euriak!) koloregabetutako jeep galardo bat zeukan, zaindari.
Jeep bat, Maria M. Mullerrek?
Eskuinera begiratu zuenean, berriz, salto egin zuen sustoaren sustoaz: bi katagorri-begi zeuzkan hantxe, postontzitik begira-begira.
Ez zen lehen aldia bere buruaren islarekin sustoa hartzen zuena, azken batean Noa Rebecarenera hegaldatu zenetik orrazteko ohitura ere galduxea baitzuen Marak, baina Maria M. Mullerren postontzia ispilu siniestroa zen benetan, horixka eta distiratsua eta erliebeduna, eta irudia gaixoti eta deforme islatzen zen, halo mamukaraz.
Lehenik tximistak argi egin zuen; gero, natur legez, trumoiak jo, eta Marak bizikletari jaregin zion nahi gabe, bigarren susto hartan eskuen koordinazioa galduta. Kolpearekin, petalo hori eta laranja mordo bat erori zen parrillatik lur-bidera. Marak hantxe utzi zuen dena.
Motxila bizkarrean egokitu, filmetako heroiek bezala arnasa hartu, eta hesirik gabeko muga gurutzatu zuen urrats sendoz. Lorategiaren erreinuan zegoen orain, erreboilo bat legokeen bezain dotore. Ez zuen ingurura begiratu nahi, tap-tap-tap euriaren azpian bizirik baitzegoen hostotza, eta lorategiak gogora ekartzen baitzion bere gainbehera, hots, bizikletaren parrillatik bidera eroritako petalo bakoitza, eta bere ezjakintasuna, hots, landare haiek denak zer demontre ziren jakiteko liburutegian begiratu ez zuen botanika-liburu bakoitza. Ezin zituen landare haiek izendatu, ezta bakar bat ere, nork-eta Marak, bere balioa bizitzan irakurri zituen liburuen baturaren arabera neurtzen zuen neska bizkorrak. Errudun sentitu zen, gogoratuz nola Noak kontatu zion Arianne Beachek idatzi zuela izendatzea boterea dela eta emakumeei gauzak izendatzeko eskubidea ebatsi dietela historia guztian eta, beraz, eskubide hori lortzeko borrokatu direnen oinordekoek ezin diotela beren buruari permititu gauzak izendatzen ez jakiteko luxua.
Polita zen jardina, horixe pentsatuz kontsolatu zen edertasun-bilaria. Baina (kontsolamendua pikutara) zer adjektibo ziztrin zen hori, polita, halako jardin eskergarentzat; are, zer adjektibo ziztrin zen hori edozerentzat hantxe, Bakardadearen Jainkosaren erreinuan.
Hilkorra esku-hutsik zetorren, eta hitz-hutsik, Olinpora.
Oinetakoetatik gora zetorkion lohi limuriaren usaina hartu zuen, eta, haizearen bafada isildu zen segundo-parean, burrunba bat etorri zitzaion amildegiaz bestaldetik. “Itsasoa”, pentsatu zuen, mitologiko eta izututa, zepoan harrapaturik gelditu eta gainera otsoaren ulua hur aditu duen orein-kumeak nola.
Portxearen pareraino iritsi zen halako batean. Han aterpea eta han dragoiaren gordelekua, biak bat, hiru eskailera-maila igo eta bertantxe. Astakardua zer den jakin balu, horixe pentsatuko zuen, astakardu zimel bat zirudiela lorategiaren ertzean. Baina orduan oraindik ez zekien astakardua munduan bazenik ere, eta, beraz, gauza askoz prosaikoago bat pentsatu zuen, “ai ene”.
— Hara!
“Ai ene”.
— Sustoa eman didan!
“Ai ene, ai ene”.
— Baina zer habil hor, neska? Blai eginda hago eta! Hator, korri, igo portxera!
“Ai ene, ai ene, ai ene”.
Andrearen hanka handiak hiru eskailera-mailak jaisten, andrearen esku handia Marari besotik heltzen, andrearen gorputz handia Mara portxera ia airean igoarazten: inoiz bereziki desiratu ez zuen modu batean ikusi zuen eszena osoa Marak, hots, etereo, inpotente eta nolabaiteko arintasun umel batez, airetik lurrera amilean doan zirinaren antzera.
— Nor haugu, ba?
“Esan zerbait”.
— Izango dun izenik. Etxe honetan animaliek ere baditen…!
Marak lortu zuen azkenean, ez jakin nola, bi silabak ahoskatzea.
— Ez esan! —begiak argiturik—. Baninan gogoa hi ezagutzeko!
Andrearen beso mardulek andrearen bularralde mardulean sarrarazi zuten Mararen aurpegi bustia. Mararen aurpegi bustiak mapa busti bat utzi zuen andrearen jertse goxoan. Gero, Marari jaregin, eta sarrerako ate irekitik barrura deiadar egin zuen andreak:
— Maria, Mara!
Isiltasuna.
Eta, halako batean, hitz lakar bat barrutik: “Zer?”.
— Mara dun, Maria!