Zoazte hemendik!
Zoazte hemendik!
1995, nobela
96 orrialde
84-86766-60-5
azala: Lotura Films
Patri Urkizu
1946, Lezo
 
1995, bilduma
Zoazte hemendik!
1995, nobela
96 orrialde
84-86766-60-5
aurkibidea
 

I

1926ko Santakrutzak

Mila bederatzirehun eta hogeita hamaseiko Santakrutzak. Ongiasko gogoratzen zait, bai. Nola ez oroitu, urte hartan preziso gerra piztu zen eta.

      Martxoan jaio zitzaigun gure azken umetxoa eta Joxeba deitu genion. Izena errejistroan ezartzeko arazorik ez banuen izan, jueza laguna nuen eta, ez hala elizan, Don Eusebio bikarioak galdetu zidanean zer izen jarri behar nion eta nik Joxeba eman nahi niola, haserre erantzun baitzidan:

      - José en cristiano, Joxeba en nacionalista.

      Badirudi honetan gutxienez orduan baino aurreratuagoxeak gabiltzala gaur. Aitajauna, nere adiskide Joxe Basurko mutrikuarra, «Joxe Marru» deitzen geniona, Pasaiako kaian elkarren ondoan arrantzan makina bider ibiliak. Amandretako koinata Marikrutx hautatu genuen.

      Garai nahasiak ziren haiek eta udaberria bero xamarra hasi bazen, uda kixkalgarria gertatuko zitzaigun. Begira, apirilean Gipuzkoan egin ziren aurre-hauteskunde batzuk eta haietan abertzaleak hogeita hamar herritan atera ginen irabazle, karlistak hamabitan eta sozialistak bitan. Gurean Benantxio Salaberria Intxaurrandieta hautatu genuen.

      Santakrutz txikitan, maiatzaren hiruan, ohi bezala izan genituen gure festak. Jendea erruz etortzen zen aldameneko herrietatik, eta Nafarroatik ere bai Meza Nagusira. Honetan izaten ziren sermoi eta abesti ederrak entzutera, erroskila mordo bat, Santokristoren estanparen bat erosi eta eguna pasa.

      Koroan Garbizutarrak asko luzitzen zuten, oso abeslari onak baitziren, eta batek organoa, besteak kanta, benetan iaioak ziren.

      Sermoia ere apartekoa izaten zen. Begira, egun horretarako kanpotik ekarrarazten zuten sermoilari ospetsuren bat eta honek latinezko esaldiez hasten zuen bere jarduna, gero, noski, euskara ederrean jarraikitzen ziolarik. Urtero gutxi gora behera ixtorio bera kontatzen zuen, alegia, nola Santa Elenak aurkitu zuen Gurutze Santua, nola bi lapur gurutzaturen erdian gurutzaturik utzi zuten hila Jesus judutar gogorrak, eta Jesusen gurutzea desohora ez zezaten lapurren gurutzeekin nahastu eta gorde egin zuten beren ahalegin guzian. Nola Enperadore haundia zen Konstantinoren ama Santa Elenak hartu zuen hura bilatzeko asmo eta gogoa, eta abiatu zen Konstantinoplatik Jerusalengo hirira. Nola hemen Venus zikin edo deabru beltz gaiztoaren elizetxe bat aurkitu zuen, zeinen harripetan behar zuten izan gordeak hiru gurutzeek. Nola harripil haiek kenarazi zituen eta haien pean zeutzan hirurak nahastuak. Jesusena zein zen ezagutzeko hango patriarka San Makariori biziaz etsirik zegoen andre bat erakarri zion, eta honi buruan ezarri zioten behin bata eta gero bestea. Baina hirugarrena ukitze berean utzi zuen honek gaitzik gabe eta guztiz sendatua, hala ikusi zutelarik hura zela Jesus maitagarriaren gurutzea...

      Eta luze jotzen zuen horrela, luzexko, hiru ordu laurden gutxienez, baina ohiturik geunden.

      Festa, goiz goizetik hasten zen dianarekin eta txistulariekin. Zinta karrera eguerdian eta gero arratsaldean dantza bostetatik zortzietara «Los Incansables» musika bandarekin.

      Zintakarreretako bezperatik Mariatxoren dendan eskaparatean egoten ziren esposizioan herriko neska gazte eta zaharrek kolore eta hari ederrez brodatutako zinta pollit batzuek, eta plaza erdian ipintzen ziren zintzilik zurezko tramankulu batetik eta haiek harrapatu nahiz bat baino gehiago bizikletatik erortzen zen jendearen irrifarren artean.

      Musika bandaren buru Polentzi Gezala zen. Bazekien honek jotzen bonbardinoa, klarinetea eta kornetina ere, beste zenbait instrumenturen artean. Daniel Garbizuk ere, ongitxo jotzen zuen klarinetea, honetaz gain tenore aparta zen. Joxe Berasarte eta Jose Luis Garmendia saxofoiarekin ongixko moldatzen ziren. Atanasio Berasartek kornetina. Fermin eta Jose Pikabeatarrak ere iaioak ziren kornetinarekin. Artolak tronboia, Martin Alberdik tronpa, Adurizek klarinetea, Veintemillasek bajoa, Txepetxa Errenteriakoak bonbardinoa, Etxenike Donostiarrak errekintoa, Uranga Pasaiakoak erredoblantea eta anaia Eusebiok tronboia. Beraz denetara hamabost lagun biltzen ziren, beti animoso eta inoiz nekatzen ez zirenak, inguruan eta atzetikan segika mukizu pila saltoka, elkarri bizkarretik helduz eta erromeriara joango balira bezala. Haiek bai ez zirela inoiz nekatzen!

      Jai hartan gogoratzen naiz, El Día, Donostian ateratzen zen egunkaria erosi nuela, euskaraz ekartzen baitzuen beti zerbait, eta ez La Constancia-k bezala, karlista amorratua hau, eta tradizioa asko goraipatu arren sekulan euskaraz tutik ere ekartzen ez zuena.

      Albiste emaile abertzalean Aitzolek langileriaren gainean idazten zituen artikulu ezin ederragoak irakurtzen nituen. Behin elebitasunaz, bestean antzertiaz, gaur poesiaren egunaz, bihar Euskadiko pelota txapelketaz, eta etzi euskal langileriaz, hau eta hura, denak abertzaletasunez eta kristautasunez beteak. Baina buruan dauzkadanak oraindik Atarrenek ondutako bertso batzuk dira, Maiatzaren Lehenari buruz, lanaren eguna zela eta ez zela, jai egin behar zela eta izan ziren eztabaidez. Umorerik ez zitzaion inoiz falta hari:

Batzuk lanian madarikatzen,

besteak jolasian alai,

au Fiesta del Trabajo dala

ziri ori, amunai.

      Geuk geure modura zelebratu genuen eta ez Maiatzaren Lehenean, hogeita hamaikan baizik. Begira, ni eusko langiletakoa nintzen eta Aberri Eguna egun horretan ospatu genuen. Eguneko irabazia biltzeko aukeratutako eguna zen eta kontatuko dizut nola ibili ginen.

      Goizeko seiretako ikurrina ipinia geneukan Batzokiko balkoian. Zazpiretan poxpolin, ezpatadantzari eta txistulariek herrian barrena biribilketa eman zuten alborada eta beste doinuekin. Bederatzietan pelota jokaldia, oiartzuarrak lezoarren kontra, hain zuzen. Asko kostata baina azkenean Garmendia eta Etxegaray lezoarrek irabazi zieten tanto bategatikan Azpiroz eta Mitxelenari. Hogeita bi eta hogeita bat, beraz. Bazen ikusle franko, bai, plazan.

      Hamarretan Meza Nagusia, eta hamaika t'erditan estropadak. Jakin, badakizu nola Bilbo aldean ere ibiliak ginen, baina bideak ez ziren oraingoak bezalakoak eta leher eginda, erdiak ohiturik ez eta erdi minzuriak jota, gorakoekin eta guzti ibiliak, nahiko pattalduta atera baitziren.

      Orduan gure herrian afizio haundia zegoen arraunketarako. Orain baino gehiago. Batel estropadak izaten genituen kaian. Lau arraunlari, ankekoa, atzekoa, erdikoa eta lemazaina. Ziabogak oso inportanteak ziren, hiru ematen baitziren. Errotetan bi eta Puntalean bestea. Hortxe lohitegi haundia ageri zen mareak estaltzen zuena. Lohitan ibiltzen ziren garai hartan ere mutil koxkorrak eta emakumeak, beso batean otarretxoa eta bestean ailtxur motx-motxa lohi mordoa harrotzeko, eta irteten ziren txirla eta muskuiloak berehala otarretxoan sartzeko. Beste batzuek esku-atzaparrekin altxatzen zuten lohi zulatua eta behatzez ekartzen zulotik txirlak. Xixare eta ixkira bila ere ibiltzen ziren beste batzuk, baina marea gora lohia estaltzera zetorrenean handik denak harrapatutakoarekin alde egin behar izaten genuen. Batelikoak poliki-poliki ur gainean gelditzen ziren, marearekin batera gora egiten zutelarik pabetan lasa lotuak, plixti-plaxt dantzan. Ezagutzen duzu aingiretara joan zirenen izkirimiri hura?

      Bada, begira. Behin joan omen ziren bi gizon aingiretara eta esan zion batek besteari: - Aizak, hi, poto huts hortan aingiririk badagon ikus zak. - Ez zegok. - Nola dakik? - Herorrek esan dukelako.

      Gure Borda izenarekin bi koadrila atera ziren eta Alaitasuna izenez beste taldea. Arnasa estu eta izerdi franko bota genituen, bai egun hartan, baina azkenean txanpa luze baten ondoren guk irabazi genuen bandera.

      Gero kukainak ere izaten genituen baraderoan. Zuhaitz etzan, azalik gabeko eta irristakorraren puntan bandera bat izaten zen eta hura hartzen zuenak saria jasotzen. Iritsi baino lehenago makina bat uretara erortzen zen. Ospakizun hauek Andres Enea izena zuten almazen haundi batzuen aurrean egiten ziren marea goian zegoenean. Paraje honi baraderoa deitzen zioten eta izen hori bertako nagusia Andres Saez de Parajuelo zelako ipini zitzaion.

      Sagardotegi mordoxka bazen garai hartan, eta, beraz, ez zitzaigun lekurik falta irabazitako kopa bustitzeko. Garai hartan Olatzarren eta beste baserri gehiagotan ere baziren tolareak. Amuntene, Bordatxo, Errekalde, Lopene, Matejoane, Txatxamendi eta Urrullon. Kalean berriz, San Juan kalean Bonifazio Salaberriarenean, kale nagusian Andreseneko-Tolarieta etxean eta Maripoxeneko sotoan. Eta sagardotegiak ere baziren: Beti Ondo, Sagar Zulo, eta Gure Borda. Hemen biltzen zen jenderik gehiena, beraxe baitzen haundiena, eta gainera frontoi itxia ere bazeukan.

      Hantxe kantatu genituen Tomas Garbizu denen buru zelarik, honen anaia Daniel denen gainetik nabarmentzen zela, eta zuela urte batzuk trenak harrapatu eta hil zuen anaia Zubigar olerkariak Lezoko arraunlarientzat ondutako bertso hauek besteen artean:

Ez nuan uste Lezon bazanik

arraunketako gizonik,

baña badira asko ta onak

iñork ez uste izanik,

orrengatikan niozkateke

bertso batzuek jarri nik.

Gaztietako patroya zitian

Isidoro Irastorza,

zuzen joan ziñan bañan alperrik

bestian zegon-ta gaitza,

baña egiyak danak zenduten

atera ugari patza.

Beste ontziyan patroi zana zan

Joxe Migel Salaberri,

bidean ziran zuzen okerrak

ibili zuten an larri

baiña lau birak artuta beintzat

au zan aurrena etorri.

Oso ederki egin zenduten

nere Lezotar maiteak,

kalterik beintzat ez dezute-ta

ez batek eta ez besteak,

gañera beti lagun zerate

bai zarrak eta gazteak.

      Arratsaldean bostetatik seiretara Eusko Erromeria, eta ondoren Batzokiko Antzeztaldeak Dotrinan, Goiko Elizako atzeko partean, pertsianak jaitsita korupean gelditzen zen une hartantxe antzezemanaldi ikusgarria. Uste dut Endrike Biarren Euzko Gogoa jokatu zutela. Amaitu zenean funtzioa denok zutik Gora ta Gora Euzkadi, eta Agur, Jaunak txapela eskuan kantatu genuen.

      Baina festa eguna agudo pasatzen da eta lanera bueltatu beharra zegoen. Nik, garai hartan Guittet-eko konpainia frantsesean lan egiten nuen. Lan sariak zirela, soldaten goiti-beheitiak, lege berrikuntzak... horrelako arazo eta saltsetan nenbilen, ez nere borondatez Eusko Langileen Elkartasunean halaxe erabaki zutelako baizik. Ongi atera ginen borroka honetatik Axentxio Lasa lagun neukala, eta On Martin Lekuona Errenteriako koadjutorea aholkulari bikain gisara. Baina pozak, tamalez, ez zigun luzaro iraun.

      Lau hilabete kunplitu berriak zituen gure haurtxo txikienak gerrako lehen hotsak entzun genituenean. Saltsa-maltsa, buila eta sesio, eztabaida, iskanbila ugari bazebilen ere ordurako herrian. Behin ezkerrekoek hau egin zutela, hurrengoan eskuindarrek beste hura, eta noski, tartean euskaldun gaixto franko ere bai. Karlistak eta abertzaleak, zuriak eta gorriak, denak anaiak izaki jainkoaren lege aurrean eta denak borrokan. Egia esan, tristea zen benetan herritarren arteko, anaia anaiarenkontrako giro itsusi hura.

      Egun haietan iritsi zen agindu bat goiko agintariek bidalita Frente Popularra izendatu eta eratu egin behar genuela herrian zeuden indarrekin. Alderdikoek, komunistek, ugetekoek eta eusko langiletakoek behar genuen frente hori osatu. Izen askoren artean nerea ere hantxe azaldu zen. Guk ez genuen utzi nahi herria gorrien eta anarkisten menpe eta orduan sortu zitzaigun makina bat komeri. Patti Lopetegi, Fernando Intxaurrandieta, Tito Labordeta, Iñaxio Pikabea, Benantxio Salaberria eta ni tartean ginen.

      Guda aurrera zihoan. Faxistak odol-zale amorratuak agertzen ari ziren. Han hemenka baso itzaltsuetan edo sasian gorde basurdearen gisa edo azeriaren tankerara gutxiena espero zenean azaltzen ziren beren odol arrastoak non-nahi utziz. Aspaldian ez genuela, egunkariek halaxe zioten, horrelako hilketa basatirik. Gezurra iruditu arren hainbeste urte pasa eta gero, karlistarrak gero eta bortitzago altxatzen ari ziren, baina oraingoan ez erregearen edo euskal foruen alde borrokatzeko, faxismoak bere kausarako irabaziak baizik. Eliza defenditzera zihoazela errepublikanoek eta komunistek komentu eta eliza guztiei su emango zietenaren aitzakian.

      Guk batu egin behar genuen, militarrak Gipuzkoan sartu ez zitezen. Sozialisten, komunisten, abertzaleen, langile guztien eta gure agintarien esanak, aginduak zintzo bete. Ordurarte betetzen ari ginen bezala, noski. Zintzo, irmo eta leial Errepublikari eta Erlijioari, eta ez altxatu ziren asaldatu haiek bezala. Ez al ginen bada gu beraiek baino kristau eta katoliko zintzoagoak, eta langileago, euskaldunago? Dudarik batere ez. Langileen eta militarren arteko eztabaida zen hura, baina ez nolanahikoa, hitzezko sesioa, odolezkoa baizik.

      Zoritxarrez abuztuaren hasieran ja Baztango ibarraz jabetuak ziren faxistak, eta bere menpean geldituak ziren abertzale eta errepublikanoak gogorki zigortzen zituzten. Iruñean bertan plazaratzen zen egunkari katoliko eta abertzalea, Diario de Navarra izenekoa itxi egin zuten.

      Irunen defentsa gogorra egiten ari ginen. Sarrera galeraztearren Endarlatsako zubia moztu genuen, baina dena alferrik gertatu zen muniziorik gabe ezin baitzen luzaro iraun. Oiartzungo mendietatik lehen aldian sartzen ahalegindu ziren baina baja ugarirekin erretiratu behar izan zuten. Aiako harrietan, Pikoketan, Erlaitz eta Pagogañan talde ezberdinak zebiltzan banatuak.

      Oiartzun aldera igarotzen zuten uda markes eta militar ospetsuen familiak, hala Miraflores eta Laguna, Barrios eta Solchagatarrak. Beldur ziren Errenteria eta Trintxerpeko taldeak igotzen zirenean herrira, karlista fama baitzuen honek, baina abertzaleek dena kalman, kontrolpean zegoela adierazi zieten bai batzuei eta bai besteei. Eta halaxe zen, Solchaga, Iruñean komandante militar errebeldea zenaren emaztea joan zitzaien alderdikoei laguntza eske, eta hauetako batzuk han egon ziren zaintzen eliza ez ezik faxisten zenbait etxe. Baina sartu ziren hauek, bidean bidegabekeria izugarriak eginez, astelehen batez Beorlegi koronela buru zutela herriko plazaraino. Aurrez-aurre agertu zitzaienean apaiza, galdetu zion militar batek eskuan paper bat eta bertan pertsona zerrenda idatzia zeukanak:

      - ¿Usted será nacionalista vasco, no?

      - Sí, señor.

      - ¿Cómo se llama?

      - José Domingo Larrañaga.

      - Veamos. Sí, aquí viene en la lista.

      Muxika apezpikuaren kontra birao izugarria boteaz elizako kanpaiak aidean jartzea agindu zuen. Bikarioa detenitu egin zuten baita zerrendan ageri ziren guztiak, eta norbait etxean falta bazen iheslariaren gurasoak edo familiakoren bat, hauek zaharrak izanagatik berdin zitzaien, preso hartzen zuten. Beldarrain alkatea ere kartzelatu egin zuten eta ordez Zalacain karlista ezarri. Preso hartu zituzten andreen artean Beñardo Epelderen ama, andrea eta ahizpa zeuden, bestaldera ihesi joana zelako hura. Erreka-Txikiko bi alabak, Maria Luisa eta Dolores burua soildurik plazan paseatzera behartu zituzten.

      Halere bizirik zeuden, eta esaten zutenez batzuek Iruñeko kartzelan ja fusilatu zuten, besteen artean, adibidez, Anjel Arizmendi. Beste batzuk Artikutzako bidean bertan. Antziyeko semea Aldako baserri ondoan tiroz akabatu omen zuten. Altzibarreko auzoan ere beste bi. Lekuona anaiak, eta beste hainbeste gero betirako desagertu zirenak, betirako hilik edo bizirik egongo ote ziren zalantza utzi zutenak...

      Solchagaren emazteak, noski, ez zuen orduan deus ere egin hauen bizitzak salbatzeko, bere esku egongo zen zerbait egitea, jeneral rebelde baten emaztea izanik... Lotsagarria! Baina tamalgarriago oraindik Arizmendiren etxean gertatua, bertan bizitzen jarri baitziren eta hantxe ama-alabak hiltzaileak zerbitzatzen egon behar...

      Garai hartan mundu guztia ibiltzen zen eskopeta bizkarrean. Edo zeukanak edo baten bat lortzen zuenak, behinik-behin. Esate baterako Pasaiako Juventud Libertaria delako taldean neska gazteak ere eskopeta bizkarrean ibiltzen ziren eta oso gustokoa zuten oihuka, tiroka eta kantari kalez-kale, batetik bestera ibiltzea. Pikoketa aldera Erromeriara bezalaxe joaten ziren. Hara igo, han egun osoa pasa behatzari gustua emanez, makina bat bala alferrik galduz, eta aspertzen zirenean fusilak eta guzti bizkarrera bota eta herrira jaisten ziren. Hemen tabernaz-taberna basoerdi mordoxka edan,
-gu ere ez ginen makalak horretan garai hartan-, eta zintzurra bero-bero zutenean hantxe hasten ziren deihadarka, ¡Viva la Dinamita! eta ¡Viva la Libertad! Riegoren himnoa, Internazionala, eta honako beste kanta hau ere abestuz:

Euzko Indarra no tiene miedo,

no tiene miedo, no tiene miedo,

Euzko Indarra no tiene miedo,

no tiene miedo al invasor.

      Inork ez zion gerrari tankerarik antzematen, baina espero zitekeena gertatu zen. Oso eskas genbiltzan munizioz eta ez zen nahikoa, noski, beldurrik ez izatea, bibaka, oihuka eta goraka ibiltzea. Iskiluak, armak behar genituen eta zer egin genezakeen txispa edo eskopeta eskas batzurekin, arma askoz ere gehiago eta hobeagoak besteek bazituzten?

      Bazen tren arrunt bat burnizko txapaz josia, tiroetatik estaltzeko. Hamaika joan-etorri egin zuen Donostiatik mugara eta hemendik hara, eta Arkaleraino iritsi ziren faxisten eta karlisten kontra tiroteo franko gurutzatu zituen, errepidea har ez zezaten.

      Bestalde, faxisten España eta Almirante Cervera gerra-untziek noiz-nahi bonbardeatzen gintuzten beren kainoiekin eta polliki-polliki ikara nagusitzen joan zen inguruetan. Obus batek Maternidadeko Etxea desegin zuen Donostian. Ez zeuden deus ere errespetatzeko haiek. Abioiak Aiako Harritik agertzen ziren gero eta burrunba ikaragarriagoarekin Oiartzun, Errenteria, Lezo eta Pasaiako portutik heriotze doinu, orrua eta negarra zabalduz. Jendea beren etxeetan, metazpietan eta tuneletan gordetzen saiatzen zen. Sotoetako ateondotan ere koltxoiak ipintzen ziren, badaezpada, inor zauritu ez zezan bonben metrailak.

      Agintariek, horien artean Indalezio Prietok betiko leloa errepikatzen zigun, hiru egun gehiago erresistitzeko, eusteko oraindik pixkat gehiago, halako batean era guztietako errefuertzuak iritsiko zitzaizkigula eta, baina bere izenarekin bat izatearren edo, beti "prieto" eta estu ibilki, inoiz agindutakorik ez zigun, ez, bidali. Estuago zebiltzan oraindik Irun aldean eta azkenean irailaren hiruan errekete, lejionario eta moroen menpean erori zen mugako hiria.

      Ez zitzaien aski izan No pasarán, no pasarán kantatzea Moskuko Plazan, ukabilak jasoaz zerurantz, azkenean sartu egin baitziren eta nola... Dena erre eta kixkaliaz.

      Ke, tiro, su eta bonben artean sartzen joan ziren eta Amuteraño iritsi zirenean Hondarribiko jende zenbait, larri eta estu, ahal zituzten gauzak hartu, batel, txalupa, txintxorro, baporetara igo, bakoitzak ahal zuenera, eta han joan ziren batzuk arraunean, besteak motorretan, tropeletan Hendaiako hondartzaraino. Sortetxetik kanpo baina gutxienez bizirik.

      Guadalupeko fuerte inguruan gerra itsasuntziek botatako bonba pila erortzen ari ziren, eta hura zaintzen ari ziren errepublikanoak hangoak berea egina zuela konturatu zirenean, izugarrizko nahaspilan ihesi egin zuten. Antza denez, azkeneko momentoan batzuek preso zegoen faxista mordoa hil zituzten, baina besteek zenbait libratu ere bai, hauek elkar harturik monarkiko eta errepublikano batek baino gehiagok Bidasoa ibaia untzian iragan zuelarik bestaldera.

      Guk eratuak geneuzkan talde batzuk eta bai Gaintxurizketako kaxkoan, bai Jaizkibelgo punttan, Tiñelu aldean ahaleginak egin genituen egun batzuetan esku bonbekin eta guzti, tiroak ahalik eta gutxienak boteaz, eta genituen munizio eskaxak ondoen aprobetxatuaz. Ikusia zegoen, halere, ez baziren errefuertzuak iristen halako egoerak ez zezakeela luzaro iraun. Hamar egun ibili ginen astoekin eta behar genituen jan-edariekin goiti ta beheiti, egun haietan egiten zuen bero zakar sargoritsupean izerditan blai...

      Bapatean azaldu ziren Darieta aldean erreketeak. Haiek egindako kalteak oraindik herriak gogoan dauzka!

      Papelera atzean bazegoen baserri txiki bat Etxetxo izenekoa, eta tiroak estazio aldean hasiak zirenez batetik eta bestetik, arriskua haundia zen. Goiz hartan Darietako nagusia joana zen aziendarako inurkinen bila. Handikan zebiltzan errekete batzuek ikusi zituzten ama eta hiru seme baserritik atera eta beste batera ihesi zihoazela. Joxe, anaia zaharrena, hamazazpi urte zituenarekin, Miren Olamartakoaren baserrira zihoazen, hemengoa baitzuen andregaia. Eta kanpora orduko ama eta bi semeak hantxe hil zituzten gurdi bidean, estrata ertzean zerraldo gorputz hilak utzirik. Goardia asaltoko erreketeak izan ziren hiltzaileak, eta hiltzearekin aski izan ez zutelarik puinalaz gerritik pasatu zituzten bi semeak. Garai hartan beste asko bezalaxe gerrikoan marfilezko euskal ikurrina omen zeramaten.

      Felix zakar biltzaileak ekarri zituen karroan. Hura odol putzua eta sarraskia! Izugarria zen, ia ezin begiratua. Kanposantura berehala eraman zituzten eta han Olatzarreko Joxek lagundu zion lur ematen.

      Goizero, Nafarroako aldetik zetozen hegazkinak gure lurretatikan pasatzen ziren pertsona eta abere guztiak izutuz. Gogora datorkit nola lehen bonbak goizeko bederatziak inguruan bota zituzten. Bigarrenak, abuztuaren hogeita seian bota zituztenak kaletik bere zaldiarekin eta karroarekin zihoan Felix Iglesias gixajoa, andre bat eta bi neska txiki, bata hamabi urtekoa eta bestea seikoa metrailaren bidean hartu, jo eta xoil zaurituta eritetxera eraman behar izan zituzten. Haietako bat berehalaxe egin zizkioten hileta elizkizunak.

      Eguna argitu orduko hantxe zetozen bere zurrunbilo eta motorren orruz belarriak gortu arte, izua hezur-muinetaraino sartzen zigutelarik. Baina nola bonbardea zezaketen Jainkoaren eta Erlijioaren izenean Gurutze Santuaren herria? Konpreni ezina.

      Noski, herria, jende xehea mindu, sutu eta haserretu egin zen bonba eta heriotze haiekin, agintariek manatutakoa betetzen hasi zelarik. Orden público delakoaren izenean batzuk detenitu zituzten eta kartzelan sartu.

      Eta iritsi zen Santakrutz bezpera. Ezin genion egoera hari gehiago eutsi Jaizkibelgo kaxkoan. Iñaxio Pikabeak deitu zion Joxe alpargateroari, hau orduan San Bartolomeko koartelean baitzegoen gudari talde baten buru, gorriak Gurutze Santuko Elizari su emateko prest zeudela eta lehenbailehen etortzeko. Hantxe azaldu zitzaigun laister asko autobus batean herriko plazan. Tito eta Frente Popularreko beste batzuk Udaletxeko balkoian zeuden eta esan zioten:

      - Zertara etorri zarete zuek?

      - Zuek ixo, goragoko ordenak ditut eta...

      Banatu ziren, bada, launa gizon Txerrimuñon, Andreonen, Goiko eta Beheko Plazan. Hurrengo goizean sartu zirenean erreketeak herrian zain zuten Euskera Maite baporera igo eta hantxe joan ziren Getari aldera.

      Baina igande benetan triste eta tamalgarri hartaz mintza nadin.

      Badakizu nola garai hartan meza oso goiz izaten zen. Guretzat ez, noski, ohituta baikeunden. Meza ondoren mendigoizaleak mendira eta arrantzaleak arrantzara joaten ginenez. Seiretarako beheko eliza bete-betea zegoen eta beti bezala atzeko partean gizonak zutik. Don Luisek izugarrizko sermoia bota zuen.

      Urteroko ixtorio bera erabili zuen gaitzat Don Luisek, alegia, nola Konstantinori agertu zitzaion ospatzen egun hartan bertan zeruan gurutze haundi bat eta nola zerutik jaisten zen ahots ozen batek esan zion, cum hoc signo vinces, seinale honekin irabaziko duzu eta jendea berotu zuen esanez erreketeen bila joan behar zutela kristau onak ziren lezoar guztiek harrera ona ematera, hauek baitzekarkiketen Jaungoikoak adierazitako seinale zerutiarra.

      Hantxe joan ziren bera buru, kasuilarik dotoreenarekin, Gure Bordako Klaudio zaldi eder baten gainean, herriko agintari batzuek estandarteak eta Gurutzea zeramatela aurretik, eta mutiko gazte mordoa atzetik.

      Christus vincit kantari, eta ¡Viva los requetés de Navarra!, ¡Viva Cristo Rey! oihuka Gaintxurizketako kaxkoraino. Hemen erreketeen kapitainarekin ituna, paktua egin zuten. Frentepopularrekorik herrian ez zela gelditzen aseguratzeko mutiko taldea han eduki zuten bahituta preso Arriaundiko baserri inguruan. Gero tirorik bota gabe jaitsi ziren. Lehendik nahiko hilik ez balitz bezala batzuei baketsuegia iruditu zitzaien inbasio hura. Zertxobait aurrea hartua zien Don Luisek, eta ikusi zuenean gu oraindik hantxe geundela Bikarioenea eta elizak zaintzen, ze mehatxua botea zeukaten anarkistek su emango ziotela goiko elizari, behekoari eta bikarioaren etxeari, eta gainera kaia ondoko arto baratza barruan gordeak zituzten jada metxak, dinamita kartutxoak, eta dena hankaz gora botatzeko behar zituztenak. Beraz, ez zebiltzan txantxetan. Nioen bezala, han ikusi gintuenean Don Luisek eliza eta bere etxea zaintzen, haserre biziz esan zigun:

      - Zoazte, zoazte hemendik.