Egitate erreal eta irrealetan oinarritua,
merkatu askea eta kontratu soziala bezala.
2024ko maiatzaren 24a
Cassandrak lau egunez hura parapetatu eta harengana inor gehiegi ez hurbiltzeko agindu dit. Cassandra Angela Davisen idazkaria da. Kontua da, azkenean, ez dela idazkari huts izango. Zuzenbide estatuaren antzera. Ez argazkirik, ez sinadurarik, ezta adostu gabeko ekitaldirik ere, errepikatu dit. Dena debekatuta. Barregura sartu zait. Mediterraneoan gaude, Cassandra. Bartzelona ez da Far Westa edo Madril, gauzek funtzionatu egiten dute, baina jendeari inprobisatzea, ukitzea, emozioz oihukatzea eta bizitzea gustatzen zaio. Hau ez da Brusela edo Kopenhage, eta eskerrak. Uste dut nahiago nukeela Angelaren bisita Madrilen egin, Almeida haren inguruan saltoka ari den bitartean Angelak goitik ikus dezan, Oslon, Vienan edo Munichen egin baino. Eta hau da Espainiari buruz esango dudan gauzarik atseginena. Eta kamareroak arretatsuak direla. Ez hemengoak bezala. Eta Bartzelona diot, baina Girona edo Lleida esan nezakeen. Hemen zerbitzariek eskola ostean zigortutako nerabeak dirudite, gogoz kontra zerbitzatzen dizute, moteeeel, berandu, gaizki. Euskal Herrian, oin bat tabernan jarri bezain laster, sei begik zelatatzen zaituzte, hiru sudurrek usaintzen, sukaldea isildu egiten da zure arnasa entzuteko eta zerbitzari hurbilenak zer nahi duzun galdetzen dizu barra ukitu baino lehen. Eskumuturra barran pausatu duzunerako, ardoa zerbitzatuta daukazu eta zerbitzaria zain, berriro diot, hark zuri itxoiten dizu, zuk nahi duzun pintxoa aukeratu arte. Han ez dago ondo ikusita pintxoaren aukeraketan gehiegi luzatzea, are gutxiago edariaren aukeraketan, zerbitzu katea hausten duzulako, gauzaren arintasuna, herrialde osoaren erritmoa. Petrokapitalismoaren aroan, plazeraren fabrika fordista da taberna. Dena berdea eta garbia denean, ez da tabernarik ezta obrerorik ere egongo, familia ilehori birziklagarriak eta pinypon kafetegiak besterik ez. Zerbaitek arima zapaltzen dit. Urduritasuna al da? Kohl makilatxo galduaren bila nabil berriro, tapoi eta kotoi sorta amaigabeen artean. Kojak txupatxus batek burua atera du. Zer egiten duzu nezeserrean? Ate joka ari dira. Ez didate sekula atea jo hotel batean. Gelak garbitzen dituen langilea da, esan diot ez nagoela prest oraindik, ordu erdian banoala eta eskuoihalak ez aldatzeko. Ondo da. Eskerrik asko. Nola duzu izena? Ana Maria. Eskerrik asko, Ana Maria. Eguzki-krema pixka bat eman dut. Orain alkandora. Ai, alkandora. Koloretsua eta distiratsua. Eta Angela osoki beltzez jantzita badator? Nerbioen matxinada bat dut urdailean. Ekitaldi baterako alkandora bat erosten dudan lehen aldia da (bigarrena agian, baina jar diezaiogun epika). Duela egun batzuk, Donostiako erdiguneko dendatxo batean ikusi nuen zintzilik. Bi alkandora 25 euroren truke, jartzen zuen kartel batean, hurbildu, besteen artetik atera, eta zoragarria iruditu zitzaidan. Baina kolore asko ditu eta diskretua izan behar duzu, Jule, protagonista Davis da. Azkenean erosi egin nuen, eta hemen nago, Bartzelonako Fira Literaleko ekitaldi handiaren egunerako janzten. Lotu egiten dut. Askatu. Gaizki lotu dut. Berriro lotu. Galtzetan sartu dut. Atera egingo dut. Barrutik hobeto. Ispiluan begiratu naiz. Angela osoki beltzez jantzita baldin badator, Teruelerako errepideko neon batean txertatutako barraketako piruleta bat emango dut. Atea jo dute berriro, benetan? Tutoretzen ordua dirudi. Ireki eta zerbitzari bat agertu da zurezko erretilu handi batekin, frutaz, zerealez, jogurtez, zukuz, kafez, ahuakatez, tomatez, oliba-olioz gainezka, eta gama altuko probiotikoen iragarki batean sentitu naiz. Hasieran haserretu egin naiz. Zenbat janari! Gero konturatu naiz birentzako gosaria ekarri didatela. Gelak bikoitzak dira, ez dirua duten exekutiboek gauzak egiten dituztenean ohea partekatzen dutelako, ezpada unibertsaltasuna konkistatua duen ezkontza erregimen totalitarioagatik. Eta erregimen horretaz baliatuko naiz hil arte. Gosariaren erdia baino gehiago gorde dut afaritarako. Klase jakin batzuentzat birziklapena ez da inoiz ekologia izan, biziraupena baizik, baina orain ekologia biziraupena denez, ekologikoenak pobreak dira. Jainkosei eskerrak ematen dizkiet, orain pobrezia ez delako estankoa. Deszentralizatuta dabil gizarteko ia geruza guztietan, eta une honetan ni naiz jendeak kalean kartoizko kaxekin lo egitearen erruduna, norbaitek haien oheak lapurtu, zatitu eta urtu dituelako logelan daukadan ohe ikaragarri hau sortzeko, non hoteleko garbiketa staff osoak lo egin zezakeen. Eta nire kuadrilla osoak. Bi alfonbra daude, atseginez eta hutsaltasunez jarriak jurisdikzioaren eskuinaldean, hau ez baita logela bat, konderri turbokapitalista bat baizik, kutxa gotorra eta etxeko zapatilak dituena, bi koadro eta hiru estatuatxo, etengabe begiratzen didatenak eta itxuraz budistak direnak; gosarian ahuakatea badago, Buda ez baita gutxiago. Estatuatxoak, egiatan, Buladak dira, jainko monoteistak jaio aurrekoak, nahiz eta jainkosa bat ez den jaiotzen, egin egiten den, eta beste jainkosa batzuekin aliatzen da monoteistak izorratzeko.
Zein goxoa dagoen marmelada.
Monoteismoa bizitzaz nekatua dagoen jendearentzat da, bizitzari beldurra izatetik sortzen baita, bizitzaren aniztasunari izua izatetik, horregatik murriztu behar du den-dena bakar batera, beste jainko guztiak hiltzen ditu, eta fase historiko bakoitzerako gaizto bakarra aurkitu, lehenik Satanas, gero erregea, gero estatua, gero dirua. Ongiaren kausak ere bakarra izan behar du: arima, arrazoia, legea edo ekonomia; subjektu salbatzaile bakarra, egiazko maitasun bakarra eta moral unibertsal bakarra. Pixka bat hazkatuz gero beti agertzen da jaun burusoil berbera atzean. Eta guk, politeistok, ez dugu astirik ezagutza gisa zertifikatutako depresio honetarako. Herrixka osoak ditugu lagunez beteak eta etxe osoak etsaiez lepo. Europa bera elizaz eta jende tristez betetako herria da, gure alde doktrinatzeko prest. Eta horretarako ari dira antolatzen Buladak. Uruako mendekoak dira, baina ez begiratu Wikipedian, ez dituzue Buladak hor aurkituko, oraindik. Nireak dira, eta hemendik aurrera zuenak ere izango dira; izan ere, teismo oro botere egituratua da, botere egituratua dira jainkosak, familia, estatua eta kapitala. Hortaz, kontrajainkosak behar ditugu, gure jainkosak, gure botere egituratuak.
Buladak jainkosen eta gizakien alabak dira. Akiles marikita bezalaxe. Transespezieak. Argitu dezagun, Xi Wang Mu, bizitzaren jainkosa, lehen belaunaldikoa da; Rikba, aldiz, bigarren belaunaldikoa, eta hauek botere txikiagoa dute. Guztiak dira anitzak, denetariko hierarkiak daude. Kosmogonia mono-anarkista batean ez bezala, guk hierarkiak eta autoritatea nahi ditugu. Zergatik? Organismoa ezin baita organorik gabe bizi, ezta organoak ehunik gabe ere, eta ehunak ezin dira zelularik gabe sortu. Bakterioak zu gabe bizi daitezke, baina zu ezin zara bakteriorik gabe bizi, oso immorala iruditzen bazaizu ere. Horrek esan nahi du zure bizia berdin emango duzula bakterio batengatik edo zure alabagatik? Ez. Tira, alaba nolakoa den. Baina zure existentzia ahalbidetzen duena babesten ez baduzu, hil egiten zara. Horri hierarkia organikoa esaten zaio, eta esan nahi du ezin zarela bizi urdailik eta birikarik gabe. Piruletak deusezta ditzakezu, osasun sistema ez. Horri hierarkia politikoa esaten zaio. Eta ez dago bakarra, asko daude, besteak beste, osasun publikoa deuseztatu eta piruletak oparitu nahi dituen jendea dagoelako. Gatazka politikoa esaten zaio, eta betierekoa da. Beraz, hau ez da hierarkiarik gabeko ontologia bigun eta samur baten istorioa, Eagletonen segizio monoteistak esango lukeen bezala. Horregatik, hierarkiaren hirugarren mailan, askoz botere gutxiagorekin, Buladak ditugu, hirugarren belaunaldikoak, esan dudan bezala jainkosen eta gizakien alabak direnak eta milizia bolivartarrak bezala armatuta jaiotzen direnak. Rikbak, arkitekturaren, erritmoaren eta eraikuntzaren jainkosak, bere berezko Buladak ditu, txabolako Buladak, etxetzarrekoak, pisu eta hotelekoak, zeintzuek aldi berean euren egongelako, sukaldeko, komuneko, komunontziko eta komunzuloko Buladak dituzten. Eztabaida burutsu bat dago, duela pare bat mendetik, jarrera korapilatsuekin, hodien Buladek ez dituztelako onartzen, inolaz ere, komunontziko Buladak, ez behintzat orain antolatuta dauden bezala. Oraingoz, nahikoa da jakitea nire hoteleko gelako komunontziko Buladek gerra irekia dutela bideteko Buladekin, iraungitzear dagoen azpiespezie bat baitira, baina ez dira iraungitzen, Xi Wang Mu lehen belaunaldiko jainkosak babesten dituelako, atsoen babeslea baita eta atsoek bideta nahi dute. Kontua da toki guztietan ari direla bideteko Buladak ezeztatzen, alferrikakoak bilakatu direlako. Eta Angela Davis bakarrik jaiki badaiteke, taxietatik bakarrik irten, bakarrik ibili, bakarrik igo eta jaitsi, ez du nire bizkartzain zerbitzuen beharrik izango, bideta bezain alferrikakoa bilakatuko naiz, eta mundu guztiak jakingo du. Bai txarra kafea. Ilea besterik ez zait geratzen. Ondo lotu, ez ikaratzeko. Argi gera dadila, ez dut inoiz diskriminaziorik jasan nire ileagatik. Nire azala zuria delako. Irain batzuk bai, baina misoginia ziren. Gehiegikeria ez dago ondo ikusia emakumezkoa zarela uste badute. Feminitatea txikitasunaren sinonimoa da, eta txikikeria hutsalarena eta hau, berriz, ezgauzarena. Horregatik, ahotsa, begirada, eskuak, pisua, hankak igotzeak emakumetasuna murrizten dizu. Eta zuritasuna. Zuritasuna ere feminitate legitimoa egiaztatzeko mekanismoa delako, dirua bezala. Sei kako ekarri ditut. Bi falta dira. Aireportuko komunean ahaztu zaizkit? Arrengan bikaintasuna dena emeengan gehiegikeria da. Zer ziren arrak? Fifeak esaten diete nire herriko neskatxek (fifa dela eta) eta seiak eta zortziak bitarte gimnasiora doan tribu hiritarra dira. Jule, zentratu. Lau minutu ditut hallera jaisteko Angelaren bila. Hemen daude! Bost kako jarri ditut azkenean. Gehiegikeria oro da antifemeninoa. Eta gauza bera gertatzen da ilearekin, ile liso, ordenatu eta orraztuarekiko maitasuna menderakuntza eta segurtasunarekiko maitasuna da. Ilepolitika. Zeren eta baimenik eta ordenarik gabeko ile kizkur horiek ausarkeria hutsa baitira. Hainbeste forma, hainbeste kurba. Kaosa. Arriskua. Segurtasunik eza. Ile lisodunek ilekizkurrek baino gutxiago ordainduko lukete ile aseguruak egongo balira. Zenbat presidente zuri ilekizkur daude munduan? Bat bera ere ez. Zaharrak eta burusoilak direlako denak? Baliteke.
Gelako atea itxi eta atondora jaitsi naiz barruko patio eskuzabaleko igogailuetan behera. Ai, alkandora. Ez da galtzetan sartuta geratzen. Aspaldi ez nuen sentitzen esku bat ipurditik sartuta umetokiari heltzen. Arriskurik ez badago, nerbioak identifikatzea kostatzen zait. Hotel erraldoiko hall handira iritsi naiz, jainkosa hartzeko prest. Ez naiz monoteista, baina berak eskatuko balit... Igogailuek gora eta behera egiten dute arnasa hartu gabe, hiru daude, hiru harreragile eta hiru atezain. Bi gehi bat, barrutik kanpora dabilena. Bedeletako batek irribarre egin dit, bere lana da, irribarre egin diot, nire lana da. Berriro sartu dut alkandora praken barruan, kuleroek harrapatu arte, ehunen arteko mehatxua. Kalera ematen duen erakusleihora itzuli naiz, duela hogei segundo aurrez aurre zegoen zuhaitza ez dela mugitu baieztatu dut. Gerriaren biraketaren ondorioz, alkandora berriro atera da, eskuinetik. Grabitatea bidezkoa balitz bezala. Igogailutik, argi izpi bat, zango luze baten azpian sandalia joniko handi bat agerian utziz. Zergatik pentsatu dut Jonian? Kaixo? Sandaliarik ere ez darama. Angela handia da, maiestatikoa Xi Wang Mu bezala, Atena edo Mari nahi baduzue. Eskerrak ez den beltzez jantzita etorri. Koadro zuri eta beltzeko traje bat darama. Ale-eee-luia. Xake-taula handi bat dirudi. Bere irisak nire hezur muina zeharkatu du. Beste dimentsio batera ari naiz bidaiatzen. Eskua hurbildu diot nire mundutik eta hark bere kosmosaren eskuak zabaldu dizkit, besoak osorik ireki, eta iragan gabonetatik ikusi ez duen bere alabaren laguna banintz bezala besarkatu nau. Alabak lagunak balitu eta berak alaba balu. Baina ez du. Eta hura besarkatzean, alkandora osoa atera zait berriz praketatik.
“Ondo egin al duzu lo?”. “Ez oso ondo”, esan dit, “jetlaga”. Fira Literalerako taxia atean dugu zain, hotelak sarreran erreserbatuta duen triangelu birtual horretan. “Zer moduz bidaia?”. “Hori ondo”. Nekatu samar sumatzen dut. Hurrengo orduan gertatuko dena azaldu diot. Bi komunikabiderekin du hitzordua: Ara eta Kataluniako telebista publikoa. Arratsaldean dugun elkarrizketaren azken bertsioa zuzenduta daukala esan diot gero, eta ea hau den galdetu dit, eta mugikorra erakutsi, “bai, hori da, baina hori ez da azken bertsioa”. Cassandrak bidali dio, hori ikusi dut, baina gure email-hari amaigabearen bukaeran dago. “Hau da”, eta bere mugikorrean erakutsi diot azken bertsioa, “zuri berdin zaizu”, esan diot, “galderak berdinak dira, baina hobeto formulatuak, aste ero samarra izan dut”. Barre egin du, eta tximeleta talde bat atera da haren hortz artetik taxi osoa jasmin eta erregaliz usainarekin inbadituz. Goian eta ilusioz hasten ez banaiz, ez naiz asteartera iritsiko. Aste honetan ebakuntza egin diote nire amari tumore batengatik. Nik ez nuen gure harremana errausketa tonuarekin hasi nahi, baina kontua da galderen aurreko bertsioa korapilatsua zela, eta orain ezin hobeto daudela ozenki irakurtzeko eta publikotik norbaitek ni iraintzeko. Ez du aldea nabaritzen. Amari buruz galdetu dit. Amak ez zuen nahi inork minbizia zuela jakiterik, baina ebakuntza ondo atera da, ilusioa egin dio kronika honetan agertzeak eta nik eskakizun etikoz eta trikimailu politikoz betetako bizitza soziala dut, ikasturtearen garai honetan nire fikzionatzeko gaitasuna mugatzen dutenak. Iritsi gara.
Fira Literaleko koordinatzaileak, prentsa eta komunikazio arduradunak, Tigre de Paper argitaletxeko editoreak eta Bellaterrakoak jaso gaituzte. Europako liburu-azoka erradikal handiena omen da eta Sant Adria kalean egiten da, Fabra y Coatsen, Sant Andreuko ehun-fabrika zahar honetan. Duela hamar urte etorri nintzen azkenekoz nire Gunes maitearekin. Fabrika 1903an sortu zen eta lekua beti iruditu zait ederra. Segur aski ez nuelako inoiz hemen lan egin Sant Andreuko bizilagunekin, non, hari bihurrituez gain, hil arte birikak intoxikatuko zizkieten zuriketa eta tindaketa prozesuak burutzen ziren. Ederra den guztia bortxaz sortzen delako.
Baita langile borroka ere.
Firaren barruti ia hutsean sartu gara hura zeharkatzeko asmoz. Arantxa Tiradorekin gurutzatu naiz, oso azkar komentatu ditugu gure bizitzako azken gertakariak eta Angelaren ipurdiari lotu natzaio berriro, hainbat editore agurtzera gelditu nahi baitu. Arineketan doa kontaketa, kontatu beharrekoa bizkorra izaten ari delako. “Bide batez, arratsaldeko elkarrizketan galdetzen didazun liburu hori, ez dut ezagutzen. Nik idatzi al dut?”. Zoragarria izan behar du bizitzan une horretara iristea, non jakin gabe argitaratzen dituzun liburuak. “¿Democracia para quién?”. “Bai”. Bira egin eta liburu hori argitaratu duen argitaletxearen standera hurbildu gara. Editoreak azaldu moduan, liburuak Hill Collinsekin eta Federicirekin batera Brasilen eman zuen hitzaldia jasotzen omen du. Liburua eman dio, bat gaztelaniaz eta bestea katalanez. Liburuak begiztatu ditu, niri begiratu dit gero, liburuei berriro. “Beno, agian ez dizut liburu honi buruz galdetuko”, esan diot. Barre egin du. Eskertu dit.
Bigarren pisuko eraikin nagusira sartu eta, Ara-ko kazetariarekin utzi bezain laster, begiak astiro ireki eta bekainak igo dizkit, “zatoz” esanez bezala. Hurbildu eta poltsa, iep, eta mugikorra eman dizkit. Armazoi gardeneko betaurrekoak daramatza. Aurpegiko semiotika argia eta zehatza izaten laguntzen du. Horrela izan behar du nirekin komunikatzeko lengoaietako bat begiak eta bekainak izango direnean. Orain bai, komunera joan naiteke. Nire ingurura begiratu dut, ez dago inor espazio erraldoian, nodo artistiko, kooperatibo, sortzaile, existentzialista, irudimentsu honetan, pertsona bizi bakarra dago hamabost mahai huts harago. Harengana hurbildu ahala, tinko begiratu dit, ezagutuko banindu bezala. “Ze alkandora ederra!”. Oihu egin du ezagutzen ez nauen lautadako biztanle bakartiak. Ze ondo Bartzelona, beti hor behar zaitudanean, joder. Alkandoraren inguruan izan ditudan zalantzak komentatu dizkiot, eta emandako errefortzu positiboa eskertu diot. Bainugela? Hortik.
Lehen elkarrizketa amaitu da, besteak beste, angelu itsu batetik mimika egin dudalako beste elkarrizketa bat dugula jakinaraziz. Hirugarren solairuan igogailutik irten bezain laster, tximino zelatari haragijale gisa atera dira TV3ko kamerak alegiazko zuhaitzetatik, eta etengabe gogorarazten dizute molestatu egiten duzula, ez zaudela egon behar duzun lekuan, ezin zaizula ikusi, protagonista bera dela, iraultzaren erregina, eta Boticelliren Venusa balitz bezala grabatu nahi dutela, naturalean, brisa adatsean, lotsatua eta apala aldi berean, udaberriko ilunabar polit batean Sant Adria kaleko loreak biltzen ustekabean aurkitu izan balute bezala, naturalean. Ba ez. Venus halako bi neurtzen du, eta bizkartzainekin ibiltzen da, beno, bizkartzaintxoekin, inork ez dezan naturalean grabatu. Eta bizkartzain hitzak dioen bezala, bere atzean joan behar dugu, bere gotorlekua baikara, bere makulua, euskarria, zutabe doriarra, jo eta ke greziarrekin, bere alfonbra, bere zapatila, bere koltxoia. Beraz, naturalarena ez da natural ateratzen, eta ni agertu behar ez nintzen tokietan agertu naiz. Nire amak gobernatzeko hezi ninduelako, eta ez ikusezina izateko.
Baina badakit bigarren mailan egoten, distantziaz eta dotoreziaz.
Gobernatu ahal izateko zerbitzatzen jakin behar da,
gobernatzea herria burua gora zerbitzatzea baita.
Zein polita geratu zaidan lelokeria hau.
Hemen, beharrezkoa denean ezkutatzen, fokutik irteten, zaratarik egin gabe desagertzen eta soilik behar denean nabarmentzen dakiten bakarrak castratiak dira. Malkartsuki irten naiz fokutik, minutu bat itxaron dut, kamera itxi duten arte, eta TV3k esperientzia postextil erraldoi honen erdialdean muntatu duen plato inprobisatuan esertzen lagundu diot, argiz betetako eszenatoki baten erdian jarri dute eta soinu-probak hasi dira. Baso bat ur atera dut aigua minikontainerretik eta, plastikoz plastiko, eser naitekeela esan duten sofa txiki horretara itzultzen saiatu naiz, beldurrez zapalduz, egurrezko zoruak zaratarik egin ez dezan. Eseri eta begira jarri naiz. Pentsatzen. Ile aseguruak egongo balira eta ile leunekoek gutxiago ordainduko balute, ilea lisatuko genuke guztiok. Jakina. Edo agian ez. Nola bereiziko zituzten orduan castratiak eta basapiztiak. Gaur egun erraza da. Castratiak adeitsuak dira, beti, leunak eta lausotuak, normalean ez dira eszenatokira ateratzen. Eszenatokiari eusten diotenak dira. Euskaltzaindiaren arabera gaizki ari naiz erabiltzen terminoa, castratoak baita plurala, bat eta bakarra, baina orduan castrati maskulinoa emakumeak deskribatzeko erabiltzearen operazioa zapuzten da. Espainiako Errege Akademiaren arabera ere, gaizki erabiltzen ari naiz espainolari ostutako castrati terminoa, castrati plural maskulinoa delako. Horrek esan nahi du ez dutela Monique Wittig irakurri eta ez direla ezertaz jabetzen ari, gutxienez, duela berrogei urtetik. Castratiak gizaki argiak eta indartsuak dira, kastrazio masiboko plan batetik igaro direnak, senarrekin alderatuta, zalantzatiak, errudunak eta alferrikakoak direla barneratu dezaten. Oinarrizko alfabetatze plan masibo baten emaitza dira senarrak ere, mundua eta emakumeak beraiek sortu izan balituzte bezala jokatzen irakasten dien alfabetatze planaren emaitza. Dibortzioen ehunekoak argi eta garbi uzten duenez, diziplina plan hauek ez dira guztiz arrakastatsuak, baina ondo legoke Grasseten TV3ko telebista programak noizean behin norbait gonbidatzea gauzatxo hauek azaltzeko. Castratiek panpinekin jolastera kondenatuta igarotzen dituzte bizitzako lehen urteak, jolasaren eta jolastokiaren inguruan erabakitzeko ahalmenik izan gabe, helburua tentela eta periferikoa zarela irudikatzea baita, senar izateko programatuta daudenak baino tentelagoa eta periferikoagoa. Castratiek zalantzatiak eta errudunak izan behar dute beti, egiten dutena egiten dutela, edozer gertatzen dela ere. Horrela iritsiko da egun bat benetan inutilak, zalantzatiak eta errudunak sentituko direna. Autoestimuz esterilizatu ondoren, ezingo dute segurtasunik, baliorik eta aberastasunik sortu. Inutilak baino ezingo dituzte sortu, baina sekula ez castratiak eurak baino inutilagoak. Ene bada! 40 minutuko atzerapena daramagu, eta oso berandu iritsiko gara Sara Ahmeden hitzaldira.
Batzuetan Alemania izateko gogoa pizten zait.
Baina arnasa hartu bezain pronto pasatzen zait.
Lehen lerroan gorde digute tokia, beraz, mundu guztiak ikusi gaitu berandu iristen. Salima Jirari eta Bel Olid dira elkarrizketatzaileak. Shhhh, Ahmed hizketan ari da.
“Lantokian feminista izorrante bat izatea, lehenik eta behin, izorrantea izatera kondenatu gaituzten erakunde horiek desegiten saiatzea da. Eta lan nekagarria izan daiteke, kolpeka jarraitu behar delako eta zentzua aurkitu behar zaiolako garenak izaten uzten ez diguten erakundeak desegiteari”. Ados, bere azken liburuaz ari da: The Feminist Killjoy Handbook. Familia bazkari batean norbere ahizparen senarrari eta ahizpari berari castratiak zer diren azaltzen diona izango litzateke feminista izorrantea. “Behin, adibidez, koloreko emakume bat topatu nuen unibertsitateko aniztasun batzordean. Eta esan nion, litekeena da aniztasun batzordeak ez zarenarengatik etiketatzea, zarenarengatik bainoago. Ez zara gizona. Ez zara zuria. Ez zara... Hau da, zenbat eta gauza gehiago ez izan, orduan eta batzorde gehiagotan amaitzen duzu. Bera batzorde horretan zegoen eta arraza desagerrarazteaz ari zen. [...] Garai hartan, Complaint! izeneko proiektu bat egin nuen, eta erakundeei eta unibertsitateei buruzko salaketak jaso nituen. Erakundeetan, normalean, banaka baino ezin gara kexatu. Eta horrek atomizazioa elikatzen du. [...] Arazoa indibidualizatzeko prozesu batean jartzen gaitu instituzioak”. Bel Olid: “Identitate politiken ideiarekin lotu nahiko nuke hori, nola identitate disidenteak inposatzen zaizkigun egokitu beharko ginatekeen paperera egokitzen ez garen heinean. Kanpotik ezarri dizkiguten etiketa horiek gure gain hartzen ditugunean, identifikatu egiten ditugu eta haietaz jabetzen gara, borroka politikorako tresna gisa erabiltzeko”. Spivaken esentzialismo estrategikoa. “Eta borrokarako tresna gisa erabiltzen ditugunean, orduan atomizatu egiten gaituzte berriro eta esaten digute, hori identitate politika da, hori ez da kolektiboa, hori ez da borroka eraldatzailea”. Ahmed berriro: “[...] Hitzaldi bateko mahaian gizon zuriak baino ez daudela esaten badut, hori ez da identitatea, egitura da, egiturez ari naiz; izan ere, nork du hitz egiteko eskubidea, publikoki hitz egiten dugunean? Hori egiturez hitz egitea da. Eta zergatik ez dago beltzik, emakumerik eta abar? Hori egitura da, hori ez da identitatea. [...] Baina badirudi koloreko pertsona bat baduzu, beti zaudela identitate politikan”. Jakina, zu, egiten duzuna egiten duzula, berezitasun kultural eta sinbolikoa zarelako, gizon zuriaren ekina, kaka eta lerde jarioa materiala den bitartean, kosmosa egiteko erabili zen materia unibertsala, eta mundu guztiak daki nire kosmosa zure sukalde identitarioa baino esanguratsuagoa dela, na, na, nana, na (irakur bedi tonutxoarekin), eta horrela daramatzagu bost hamarkada identitate politika kulturalen eta birbanatze politika materialen arteko gorotz dikotomiko honetan arrautzeztatuak. “Badirudi gu beti gaudela identitate politikan eta hori dela zerbaitetan parte hartzeko gure motibazio bakarra. [...] Egia esan, ikusten ari garena unibertsaltasunaren muga bat da. Konturatuko ez balira bezala da. Menderatze egitura hautemango ez balute bezala”. Zein edukatua den Ahmed. Horixe ikusten dutela. Botere egituratuaz ari gara eta ez dute boterea ezta egitura galdu nahi ere; hau ez da kantu, folklore eta identitarismo kontua, horregatik daude hain haserre, eta hori gaur bertan ospatu beharra dago. “Dena argi ez izatea oso feminista da. Ziurtasun osoaren jabe ez izatea oso feminista da. Azkenean, gauzak zalantzan jartzea da gure betebehar morala. Onartzen al dut kanpotik esatea nolakoa den nire bizitza, zer esan nahi duen arrakastak, noiz sentitu behar dudan arrakastatsua edo ez, noiz ezkondu behar dudan, eta ezkontza izango dela nire bizitzako egunik zoriontsuena? Hau antifeminismoa da, ezta? Emakume hark esan zidan ikaragarria bezain zoragarria dela gertatzen ari dena argi ikustea”. Hala da. Argitasuna baino beldurgarriagoa den gauza bakarra argitasunik eza baita. “Zalantza onartzeko beharrezkoa den argitasuna daukagula uste dut, indarkeria askok argitasunik eza, kontzientziarik eza erreproduzitzen dutelako, eta horrek mugimendurik eza dakar”.
Txalo hunkituak, irribarreak eta txalo gehiago. Hitzaldia amaitzean, atzealdetik atera gaituzte, eta Aramek, prentsaburuak, esparruaren barruko beste eraikin batera eraman gaitu, eskola arrunt eta bakuna dirudienera. Azkenik. Normala eta arrunta den zerbait. Segundo bat iraun du. Ahmed, bere bikotekide Sarah Franklin, Rita Segato eta Laura Arau, Azokako koordinatzailea, datoz segituan. Badirudi gelditu gabe ibiliko garela gaur arratsaldeko ekitaldi nagusia igaro arte. Gela arrunteko mahaitxoa libre utzi dugu, Ahmed, bikotekidea eta Angela eser daitezen eta bazkaltzen duten bitartean hitz egin dezaten. Gainerako hizlari eta langileak zutik, luntx bat da. Taldetxo batetik bestera nabil. Pixka batean hitz egin dut Ritarekin nazioz gaindiko politikei buruz, eta esan dit Bilbora doala egun gutxi barru. Han antipunitibismoarena ez da hemen, Katalunian, bezala, Rita. Jakinarazi egin diot, badaezpada. Ritak baietz, badakiela. Bihar, igandea, antipunitibismoaz eta abolizionismoaz hitz egingo du Firan; kapitalismoaren abolizioaz, ez puten abolizioaz. Gelatxotik irten naiz tarte batez, komunera joan behar dut nire hatzak bahituak dituen glass azukrea kentzera. Eta genero femeninoaren eta maskulinoaren abolizioa eskatu baina gizon eta emakumeen desagerpena nahi ez duten horiez, zer diozue? Uste dute emakume egiten zaituena umetokiak direla, baina emakume guztiek ez dugu umetokirik, orduan bularrek, baina gizonek ere bularrak dituzte, nireak baino askoz handiagoak, orduan xx kromosomek, baina emakume askok xy dugu, xxy gara, edo x bat bidean saldu genuen; askoz hobeto, beraz, Borgesen txinatar entziklopedia eguneratua gizakiak sailkatzeko: (a) enperadorearenak, (b) putre funtsenak, (d) ile luze bat dutenak titian, (e) senar erdia eta bi belarritako dituztenak, (f) txerrikumeak, (g) klasifikazio honetan ez dauden urdangak, (h) gamelu ilezko eskuila oso fin batekin marraztutakoak, (i) kromosomak eskolako jolasgaraian galdu dituztenak, (j) castratiak… Bai, badakit Borges oso eskuindarra zela. Eta hainbeste maite ditudan poema horien egile ia guztiak pederastak, misoginoak eta arrazistak. Horregatik ez dut inoiz artea etikara murriztuko edo politika moralera, telenobela monoteista txar batean bezala. Horrek Mantis religiosa bilakatzen nau? Baliteke. Arantxa Tiradorekin topatu naiz berriro komunetik ateratzean, Olga Rodriguezekin dago; komunismoa maitasun erromantikoarekin zein gaizki ezkontzen den komentatu dugu. Lehen aldia da Olgarekin nagoela, tuiterretik bakarrik ezagutzen genuen elkar. Ez pentsa nire bizitza horren interesgarria denik beti. Legegintzaldi batean gauzatu behar nuen zerbait lau egunetan estutu zait. Davisek hotelera itzultzeko eskatu dit berehala. Atseden hartu nahi du arratsaldeko ekitaldia baino lehen. Biodramina erdia hartu dut, berriz ere, hogei minutuko bidaia dugulako hotelera kotxez. Gero beste hogei bueltan. Lau egun emango ditut antihistaminikoz goraino.
Laurak eta laurden dira, beste biodramina erdia hartu, eta Angelari telefonoz abisatu diot hallean itxarongo diodala. Ordua baino lehen jaitsi naiz eta hoteleko harrerara hurbildu. “Gauza bat bidali dut inprimatzeko”. “Ez, hemen ez dago ezer”, bekadunak. “Bai, hemen dago”, bekadun ez denak, dei diezaiogun bekadun ohi, lanean hiru hilabete daramatzan arratsaldeko txandako proto-harreragileak; gutun-azal bat eman dit. Nire elkarrizketa inprimatua gorde, eta igogailuko atetik ateratzen ikusi dut Angela. Berandu gabiltza. “Atseden hartu duzu?”. “Um, apurra”. Firako segurtasun dispositiboari deitu diot bagoazela jakinarazteko. Sarrerara iritsi eta prentsaburua gure zain dago jendearen artetik gidatzeko, ilara handi bat dago, ikusmin itzela, oso berandu goaz, jendeak buelta ematen du Angelari erne begiratzeko, bere ondoan hobbitak gara denak, bottom up begiratzen diote, berari eta nire “debekatua hurbiltzea, zakurra” aurpegiari. Laster, mila eta hirurehun lagun baino gehiagok beteko dituzte gela hau eta ondoko biak. Eszenografia ederra da. Nirekin elkarrizketa egingo duen Bea Duodu Owusu kazetari eta telebistako aurkezleak esan dit arrazakeriaren aurkako talde batzuen adierazpena irakurriko duela lehenik, Ahmeden solasaldian egin duten bezala. Soinu probak egin ditugu, nik nirea eta Angelarena. Dena prest. Tira. Gora. Hasiko gara. Angela igo denean, magiak bere tokia berreskuratu du, jendeak txistu, txalo, barre, oihu egiten du. Txalo artean eseri gara. Segundo batzuen buruan isiltasuna da nagusi, lehenengo lerroetan eseritako arrazakeriaren aurkako kolektiboak “erradikalak ez dizu arrazista kentzen” dioten kartelekin altxatu dira. Bea mintzo da:
Bea Duodu Owusu: Gaurko egunean, 2024an, autoantolatutako kolektibo antiarrazista eta antikolonialak feminista izorranteak izaten ari gara eta berriro ere Kataluniako industria kulturalaren politikak seinalatzen ditugu, 2020an eta 2017an egin genuen bezala, eta lehenago beste hainbatetan egin izan dugun bezala. Hegoalde Globaleko erresistentzia borrokak eta Iparraldeko periferietako komunitate baztertuak eta haien jakintzak ezinbestekoak dira gorputz Beltz eta Marroi gisa bizirauteko, ikusten ez gaituen, nahi ez gaituen eta guk bizirik irautea espero ez duen mundu batean. Liburu kritikoen azoka hau bezalako gertaerek aukera bat izan beharko lukete gure antzinako erresistentzietatik, liburuetatik eta gure ekintza politikotik datorren ezagutzak topo egin dezan lurralde kolonial honetan gizartea eraldatzeko apustua egiten duten beste ikuspegi erradikalekin. Izan ere, tristuraz ikusten dugu argitalpen eta kultura mundua oraindik ere borrokatu beharreko lurraldea dela zuriak ez diren pertsonentzat. Eta hala da Angela Davis, Sara Ahmed edo James Baldwinen lana fetitxetzat tratatzen jarraitzen duen industria kultural baten errezeloagatik, kosta ahala kosta saihesten baitu egile horiek lotzea gorputz Beltzek eta Marroiek egunero hemen aurre egin behar ditugun errealitate arrazistekin: Europa hegoaldeko mugetako heriotzak, eskola segregazioa, egoitza bazterketa, polizia indarkeria eta beste hainbat. Angela Davis ez da zuen kamiseten kontsumorako produktu bat. Sara Ahmedek ez du zuen katiluetarako aipurik idazten. Haiek, Anzalduak, Lordek edo hooksek bezala, zeharkatzen gaituen indarkeriaz idazten dute, eta mundu antiBeltz honetan erresistitzera garamatzan itxaropenaz. Gu bezain feminista izorranteak dira. Horregatik jarraituko dugu hitz egiten, gu isilarazteko ahaleginak egin arren, lurralde honetako bazterretan gure ahotsak eta jarrera politikoak gutxietsi arren. Gaur areto honetan eta eszenatoki honetan bagaude, berriro ere gure sarrera behartu behar izan dugulako eta espazioa gupidagabe eskatu dugulako izan da. Gu antolatuta eta elkartuta gaudelako. Elkarrekin gaude leku guztietan.
Txaloak, txistuak eta txalo gehiago. Arrazakeriaren aurkako kolektiboak eseri egin dira eta elkarrizketa hasi da:
Bea Duodu Owusu: Uste dut areto honetan gauden gehienak, bereziki emakume beltz eta arrazializatuak, bat etorriko direla nirekin esaten dudanean Emakumea, arraza eta klasea mugarri bat izan zela gure autokontzientzia eta ahalduntze bideetan, emakume beltz gisa. Argitaratu eta 43 urtera, zure ustez, zer bilakaera izan dute hiru termino horien inguruko borrokek?
Angela Davis: Lehenik eta behin, arratsalde on guztioi. Eskerrik asko azoka zoragarri honetan parte hartzera gonbidatzeagatik. Oso galdera konplikatua egin didazu, liburu hori 1981ean argitaratu nuelako ingelesez. Eta hori duela zenbat da? 43 urte. Beraz, ur asko igaro da zubi azpitik ordutik. Gaur egun badira analisi interesgarriagoak, konplexuagoak, premiazkoagoak, nire ustez. Generoa ez ezik, arraza eta klasea ere nola landu zitezkeen ulertzen saiatu nintzen, une hartako feminismo beltzaren tradizioak hiru termino horiei aldi berean arreta jartzea eskatzen zuela aitortuz. Orain termino gehiago daude. Orain Kimberle Crenshawk sortutako intersekzionalitatea bezalako nozioak ditugu, noski. Eta utzidazue esaten oso garrantzitsua dela kontzeptu eta nozio horiek erabiltzea. Garai hartan, argudiatzen saiatu nintzen elkarrekin pentsatu behar genituela bereizita eskaintzen zitzaizkigun gauzak. Eta akademikoek, askotan, miope moduan tratatzen dituzte kontzeptuak. Batzuetan hori beharrezkoa da analisia egin behar baduzu. Baina ezin da ahaztu mundu errealean, mundu sozialean kontzeptuek kontzeptu izateari uzten diotela eta errealitate desordenatuei dagozkiela. Uste dut normalean bereizita pentsatzen diren gauzak elkarrekin nola pentsa ditzakegun jakiteko ahalegin hori denbora luzez egin dela intersekzionalitate terminoa sortu aurretik. Eta batzuetan terminoetan trabatzen gara. Uste dugu borroka terminoaren inguruan datzala. Eta borroka horrek jarraitu egiten du. Errealitate sozialean esperimentatzen dugunera hurbiltzen saiatzen jarraitzen dugu, sortzen ditugun kontzeptuen eta terminoen bidez. Beraz, uste dut borrokak aurrera jarraitzen duela esan beharko genukeela. Eta, jakina, edozein borroka sozial da etengabeko borroka bat, jarraitu eta jarraitu egiten duena.
Jule Goikoetxea: Zuretzat oso garrantzitsua da borroka sozial guztiak erlazionatzea. Esan ohi duzu ezinbestekoa dela Ferguson Missouriko jendeari (Michael Brownen hilketa, 2014) edo Minneapoliseko jendeari (George Floyden hilketa, 2020) azaltzea Palestinan gertatzen ari denak haiei ere eragiten diela. Palestinarren bizitzak ere industria-konplexu kapitalistaren parte den espetxe sistema batek menderatzen dituela. G4S, munduko hirugarren segurtasun korporazio pribaturik handienaren adibidea jarri ohi duzu. Diozunez, G4S “palestinar preso politikoen kartzelaldiaren baldintzen erruduna da, bete-betean, baita beste errealitate batzuena ere: apartheidaren harresia, Hegoafrikako kartzelatzeak, Estatu Batuetako kartzela itxurako eskolak, eta Londresko sexu-erasoak artatzeko etxeak”. Lotura horiek ulertzea intersekzionalitatea litzateke zuretzat?
Angela Davis: Bai horixe, intersekzionalitatearen nozioaren erabilera garrantzitsua dela uste dut, gure borroken arteko harremana aitortzea, alegia. Eta une honetan, azkenik, Estatu Batuetan behintzat, Palestinarekiko elkartasuna justizia sozialeko agenda guztien parte da. Uste dut garrantzitsua dela gogoratzea Palestinaren inguruko borroka horiek 1948. urteaz geroztik egon direla martxan. Ideologia sionistaren botereagatik, kapitalismoaren botereagatik, Israel kapitalismoaren postu aurreratua delako munduaren zati horretan, ez dezagun ahaztu. Eta ez dezagun ahaztu zergatik diren eta jarraitzen duten izaten Estatu Batuek, gaur egun ere, Israelen aliaturik hurbilenak. Jende askok parte hartu du, noski, mundu osoan, Palestinarekiko elkartasunaren aldeko borroketan, hamarkada askotan. Eta gogoan dut, agian 2010 inguruan, justizia sozialaren aldeko mugimenduaren zirkuluetan gero eta eztabaida handiagoa egon zela Palestina justizia sozialaren agenda zabalean elementu garrantzitsu bilakatzeko. Izan ere, lehen, mugimendu feminista, arrazakeriaren aurkako mugimendua, baita mugimendu ekologista ere, guztiak justizia sozialaren aldeko mugimenduaren agendaren parte ziren, eta Palestina aparte zegoen, bakarrik. Horregatik, oso garrantzitsua da oraingoa, 40, 50 urteren ondoren, gero eta jende gehiagok onartzen duelako zein garrantzitsua den Palestina, ez bakarrik Palestinaren askatasunaren aldeko borrokari dagokionez, baita justizia sozialaren aldeko gure borroka guztiei dagokienez ere. Palestinarrentzat mundu berri bat eratzeko prozesuan eraginkorra izango den elkartasun mugimendu bat eraikitzea lortzen ez badugu, nola helduko diegu etxean aurre egin behar diegun arazoei? Nola egin dezakegu aurrera arrazakeriaren aurkako borrokan? Nola abolitu ditzakegu espetxeak? Nola abolitu dezakegu polizia? Beraz, bai, intersekzionalitate terminoaren erabilera hori ona dela uste dut.
Jule Goikoetxea: #BizitzaGuztiekInportaDute, #GizonGuztiekEz #AllLivesMatter, #NotAllMen bizi dugun erreakzio neofaxista edo ultraeskuindarraren esloganak dira. Hemen, Katalunian, prozesu independentista hasi zenean, Espainiatik esaten zen independentistek faxismoa piztu zutela. Orain esaten digute erreakzio patriarkal eta arrazista feministen errua dela, migratzaileena... Inkesten arabera, erreakzio horrek demokrazia liberalaren legitimazioaren galerarekin du zerikusia, ez baita gai kapitalismoak sortzen duen pobreziaren hedapena geldiarazteko, baina mundu guztia ez da faxista egiten pobretzean: zer ezaugarri eta arrazoi ditu zuretzat erreakzio horrek, oro har, eta zehazki aebetan? Eta, bide batez, zer deritzozu zenbait hedabidek Trumpek hauteskundeak irabazten (edo galtzen) baditu gerra zibila gertatzeko aukeraz diotenari?
Angela Davis: Lehenik eta behin, onartu beharko genuke gure aurka altxatzen diren indarrak ahaltsuak direla eta, garaipenik txikiena lortzen badugu, deuseztatzen saiatuko direla. Beraz, zentzu batean, erreakzio hori kapitalismoaren aurka, arraza-kapitalismoaren aurka, kolonialismoaren aurka, heteropatriarkatuaren aurka garatu diren borroken boterearen neurria da. Ez genuen uste izango ateak ireki eta ongietorria egingo zigutenik, ezta? Ez. Ohiko arazoetako bat izaten da pentsatzea borroka batean konprometitzen garela behin, irabazten dugula eta garaipen hori harrian grabatuta geratzen dela. Baina badakigu erne egon behar dugula etengabe. Garaipena defendatu behar dugu. Sara Ahmedek adierazi duen bezala, hamaiketakoa baino lehen eszenatoki honetan izandako elkarrizketa bikainean, askotan errepikatu behar ditugu gauzak. Gure borrokak errepikatu behar ditugu, bestela, irabazitakoa kenduko baitigute. Uste dut horrek azaltzen duela faxismoaren eta ultraeskuinaren gorakada herrialde osoan. Ez da ezerezetik sortu gutako askok hamarkadetan borrokatutakoari erantzuteko. Beti egon dira hor. Esaten saiatzen ari naizena da askotan ez dugula ikusten haien iruzkinak, haien esku-hartzeak eta ekintzak gure boterearen neurria direla. Indar aurrerakoi eta erradikal batzuek historiaren alde egokian egoteari erantzuten diote. Eta haiek historia atzerarazi nahi dute. Beraz, aldaketarako estrategiak pentsatzen ditugun bakoitzean, gogoratu behar dugu borroka hori ez dela garatuko ingurune abstraktu batean. Borroka historian atzera egin nahi dutenen, kontrairaultzaileen, kontserbadoreen aurkako borroka da beti. Kontserbadore hitzaren esanahia gauzak diren bezala mantentzea da, alda daitezen eragoztea. Beraz, egin behar zutena egiten ari dira. Gure ardura da haiek baino botere, erakargarritasun, mugimendu eta jende gehiago lortzea.
Eta Trumpi buruz galde diezadakezu, noski. Egia esan, sentitzen dut, ez nuke bere izena publikoki aipatu behar, baina bai, galde diezadakezu “aipatu behar ez dena”ri buruz. (Barreak)
Bea Duodu Owusu: Zure teoriak bizirik irauteko eskuliburu bat dira beltzentzat, marroientzat eta mundu osoko “gutxiengo” guztientzat, baita hemen, Espainian, eta, zehatzago, Katalunian ere. Gure eskubideak sistematikoki urratzen jarraitzen dute: Mediterraneoan, 2014tik hona 29.600 pertsona baino gehiago hil dira Europako kostetara iritsi nahian. Atzerritarrentzako Zentro Itxietan egoera erregularizaturik ez izateagatik giltzapetzen dituzte pertsonak. Poliziaren indarkeria, eskola segregazioa... Aldi berean, gauza apartak gertatzen ari dira: azken udal hauteskundeetan, Bartzelonako alkatetzarako lehen hautagai beltza izan genuen, Basha Changue; macba kultur erakundea lehen aldiz zuzendu du emakume beltz batek, eta nire kasua, Kataluniako telebista publikoan albistegi bat aurkezten duen lehen kazetari beltza naiz, 40 urte igaro ondoren. Nola azaltzen da hainbeste kontraesan gertatzea batera? Batetik, faxismoaren gorakada, militarizazio gero eta handiagoa, poliziak gero eta baliabide gehiago edukitzea indarkeria arrazista eta kolonialarekin jarraitzeko, eta, era berean, aipatu ditudan berri onak.
Angela Davis: Kontua da Europak bere burua zuritzat irudikatzen jarraitzen duela, nahiz eta hemen, Europan, jatorri afrikar, asiar eta latinoamerikarreko pertsona asko bizi diren. Gogoan dut behin kultur etxe batean hitz egiten ari nintzela, emakume beltz batek galdera bat egin zuela eta katalana bere lehen hizkuntza zela adierazi. Hala ere, atzerritar gisa ikusten zuten. Eta uste dut ospatzekoa dela zu izatea Kataluniako telebistako lehen emakume beltza. Baina tentuz ibili beharko genuke lehenengoaren kontu horrekin. Eta aitortu beharko genuke ezin garela lehenengoarekin konformatu, ez bigarrenarekin, ez hirugarrenarekin, ez laugarrenarekin. Garaipenek gutxitan lortzen dute nahi duguna garaipen isolatu modura ulertzen baditugu. Esan nahi dut, oso pozik nago Kataluniako telebistan zaudelako (eta eskua jarri du Bearen eskuaren gainean), baina lehenengoa ospatzeko joera dugu, lehenengoak gehiago lortzeko eta borrokatzeko gonbita izan beharko lukeenean. Asko gustatzen zait antolatzaile feminista beltzek bere garaian hartu zuten leloa: “Eskalatzen dugun bitartean ondokoa altxatu”. Beraz, ez lehena izan. Ez zaitez bakarra izan. Eta borrokan jarraitu gero eta jende gehiagori atea irekitzeko. Eta gero eraldaketaren kontua dago. Lehenengoa izateak, askotan, egiturek berberak izaten jarraitzen dutela adierazten du. Benetako kontua zera da, nola eraldatu hori posible egin duten egiturak, hau da, ez diot egurrik eman nahi Kataluniako telebistari, baina adibide honek erakusten du hainbat urtetan zehar, arraza beltzeko pertsona kopuru esanguratsua egon ondoren ere, borrokak jarraitu behar duela, borrokak etengabea izan behar duela. (Txaloak)
Bea Duodu Owusu: Hitz egin dezagun mundu osoan zuriak ez diren gorputzei eragiten dien polizia indarkeriaz. Kataluniako SOS Arrazakeriaren azken txostenaren arabera, populazio zuria baino zortzi aldiz gehiago atxilotzen dituzte atzerritar ez-zuriak, edo fenotipikoki hala irakurriak. Zuk asko landu dituzu kartzela sistemak eta nola dauden diseinatuta komunitate minorizatuak desagerrarazteko, baita kartzelak abolitzeko beharra ere. Gaur egungo testuinguruan, segurtasun indarrak aurrekontu publiko handiagoarekin ari dira armatzen eta adimen artifiziala erabiltzen dute aurpegiak ezagutzeko. Haien alde erabiltzen dute teknologia, are gehiago erreprimitu ahal izateko. Nola artikulatu beharko lirateke poliziaren indarkeriaren aurkako erresistentzia sozialeko mugimenduak? (Txaloak)
Angela Davis: Badakigu batzuetan poliziaren aurka garaipenak lortzen ditugula dirudien arren, amorru handiagoz itzultzen direla beti. 2020ko udan puntu gorenera iritsi zen arrazakeriaren aurkako mugimendua, eta diskurtso publikoan termino batzuk erabiltzen hasi ziren, hala nola abolizioa edo polizia desfinantzatzea, eta denbora batez bazirudien estatus kontra-hegemoniko moduko bat lortuko zutela, botere erreal pixka batekin, baina polizia amorru itzelarekin itzuli da, eta horregatik ikusten dugu orain Atlantan (Georgia) Cop City deitzen dutena, poliziarentzako entrenamendu eremuak sortzeko saiakera. Gure herriaren historian inoiz baino eremu handiagoak hartzen ari dira. Polizia benetan erasoaldi betean dago, eta ez dira soilik “polizia hiria” bezalako egitura berriak sortzen ari. Bide batez, Atlantako eremu horretan, pobreak eta beltzak diren bazterreko komunitateei agindu zitzaien gune berde bat izango zutela, baina parkeen ordez, mendi-ibilietarako espazioen ordez, orain polizia entrenatzeko eremu zabala izango dute.
Polizia erasotzeko iniziatiba berreskuratzen ari den beste hainbat adibide ere badaude eta, nire ustez, garrantzitsua da adieraztea etorkinentzat erabiltzen dituzten atxilotze-zentroak ere oso lotuta daudela mugimendu abolizionistarekin, kontua ez baita soilik espetxeak eta kartzelak abolitzea; ez dugu soilik polizia abolitu nahi, baizik eta mundu osoan etorkinen aurkako erasoarekin lotuta sortu diren instalazio guztiak. Izatez, mugimendua beste mugimendu askorekin lotuta dago. Abolizionismoa miopea izango litzateke erakunde pare batean bakarrik zentratuko balitz; ez, haurren ongizatearen egitura deiturikoan eta etorkinen polizian zentratzen da, baita kontrol sozialeko erakunde gisa etorkinen aurka gero eta gehiago erabiltzen diren instalazioetan ere. Beraz, lan handia dago egiteko, eta egoera honetan intersekzionalitate terminoa erabil dezakegu: erakundeen intersekzionalitateak borroken intersekzionalitatea eskatzen du. (Txalo zaparrada) Eskerrik asko.
Jule Goikoetxea: Hurrengo galderan apur bat luzatuko naiz, eztabaidatu nahi dudanaren sarrera egokia egiteko. Elkarrizketa honen izenburua Amaitzen ez den borroka da, hain zuzen ere, zurekin batera uste baitugu emantzipazioa etengabeko borroka dela. Baina borrokak gatazka dakar, eta gatazkak erresistentzia, indarkeria eta hertsapena. Graduko lehen mailako nire ikasleei indarkeriari buruz galdetzen dizuten bideo historiko hori jartzen diet beti, non kaleko protestak buruan, indarkeria gaitzets dezazun saiatzen den elkarrizketatzailea, eta zuk erantzuten diozu zein indarkeriaz ari ote den, Ku Klux Klanena, poliziarena, espetxeena edo afroamerikarren desjabetzea legitimatzen duten erakundeena. Indarkeria desberdinak daudela ikusarazten duzu. Aldiz, indarkeriari eta antipunitibismoaren eztabaidari dagokionez, bada ezkerrean oso hedatuta dagoen korronte bat, non antipunitibismoa esparru filosofiko zehatz batetik ulertzen den, zeinaren arabera indarkeria oro, zigor oro eta hertsapen oro gaitzesten diren berez txarrak direla argudiatuz, eta baieztatuz posible dela herria gobernatzea eta komunitate politikoak sortzea inolako derrigortzerik gabe eta, beraz, inolako indarkeriarik gabe, demokrazia deliberatibo habermastarraren bidez bakarrik. Eta oso bitxia da dena, Habermas Israel defendatzen ari baita egunotan, hain zuzen ere, eta, ezkerraren zati handi batekin batera, indarkeria erabiltzen dutenak primitiboak eta terroristak direlako ideiari eusten diotelako, primitiboak euskal herritarrak atzo arte izan garen bezala, eta gaur, atzo eta beti palestinarrak diren bezala. Judith Butlerrek eta Jodi Deanek ere esparru filosofiko horri buruzko eztabaidan parte hartu dute azken asteotan, eta Dean unibertsitatetik kaleratu dute Palestinaren aldeko jarreragatik. Nik uste dut ez hiltzeko, ez zigortzeko eta indarkeria ez erabiltzeko mandamentua indarkeria hutsa dela (eta txalo zaparrada bat munduratu da, irakurtzeari utzi behar al diot? Jarraitu behar al dut? Jarraituko dut), batez ere diskurtso hori zuzeneko indarkeria erabili gabe bizirik iraun dezaketen gorputzek adierazten baitute, zeharkako indarkeria-egitura normalizatu oso bat dutelako, beren posizio pribilegiatuari eusten diona. Galdera: (txaloak berriro, lasai hil naiteke) uste duzu deliberazio habermastarra esplotazioarekin, aberatsekin eta korporazioekin amaitzeko bidea dela, edo uste duzu ezkerrak serioski planteatu behar duela zer nolako hertsapen eta indarkeriak behar dituen emantzipazio prozesu batek? (Txaloak, uste dut Kataluniako belaunaldi berriak oso haserre daudela deliberazio mahaiekin)
Angela Davis: Hainbeste gai lotu dituzu! (Barrez) Lehenengo eta behin, denok dakigu mundu hobea sortzeko borrokan ari direnak akusatzen dituztela beti indarkeria arma gisa erabiltzeaz, eta hori da, egia esan, duela 50 urte aipatu elkarrizketa horretan eman nuen argudioa, 28 urte nituela, eta kazetaria indarkeriari buruz galdetzen ari zitzaidanean. Atxilotu nindutenetik egin nuen lehen elkarrizketa izan zen. Ni kartzelan nengoen une horretan. Erakunde bortitz batean nengoen preso. Galdetu zidan ea zer pentsatzen nuen aldaketa sozialaren alde borrokatzen ziren mugimenduek indarkeria erabiltzeari buruz. Eta orduan oso haserre nengoen. Ezin dut gogoratu zehazki esan nuena, baina badakit hazi nintzen Birminghameko indarkeriaz hitz egin niola. Alabaman hazi nintzen, Ku Klux Klaneko jendearen indarkeriarekin, elizak, sinagogak eta etxeak bonbardatu eta jendea hiltzen zuten. Horrez gainera, indarkeria gorroto zuen familia eta komunitate batean hazi nintzen, indarkeria handia ikusi zutelako. Baina, era berean, bere burua defendatzeko beldurrik ez zuen komunitate bat zen. Aitak armak zituen etxean, eta batzuetan begiratu ezin genuen tiraderatik pistola bat ateratzen ikusten genuen, bizilagunen aurkako mehatxuak zeudenean, komunitate horretan bonba-atentatuak egiten baitzituzten. Ku Klux Klaneko zuriek komunitate horretako etxeak bonbardatzen zituzten behin eta berriro. Baina pertsona taldeak ere bazeuden, egun haietan komunitateko gizonak, gauero patruila gisa gidatzen zutenak inguru haietan, patruila armatu gisa, komunitatea defendatzeko modu bakarra zelako. Autodefentsaren garrantziari buruzko kontakizun oso bat idatz nezake, batez ere erabat normaltzat jotzen diren indarkeria modu instituzionalizatu horiekin amaitzeko borrokan ari baikara. Aipatu dudan bezala, kontu zaila da, eta indarkeriaren zereginari buruzko nahi beste elkarrizketa izan genitzake. Fanoni errepara diezaiokegu, adibidez, Les damnés de la terre-n indarkeria deskribatzeko duen moduari. Baina ez dakit hain modu miopean jarri beharko genukeen arreta indarkerian, kontua ez baita indarkeria benetan. Kontua borrokak irabazteko eta norberaren garaipenak defendatzeko gaitasuna da. Eta batzuetan indarkeria beharrezkoa da. Eta, jakina, Habermasek mundu idealizatu bat dauka, mundu idealizatu baten nozio bat, non diskurtsoa erabat libre dagoen era guztietako indar kausaletatik. Baina ez gara mundu horretan bizi. Mundu errealean bizi gara. Eta nahiz eta uste dudan indarkeriak eragin izugarria duela bere objektibo direnengan, baina baita erabiltzen dutenengan ere, gure borrokak eta garaipenak defendatzeko eskubidea dugula berresten jarraitzen dut. Baina horrek ez du esan nahi denok armak hartzera irten behar dugunik, kontua ez baita hori. Arma nuklearren auzia hor dago. Izan ere, zilegi bekit hona ekartzea Israelen adibidea, eta nola irudikatzen den indarkeria gisa palestinarren indarkeria, askotan harriak botatzean datzana; aldiz, arma nuklearren indarkeria eta eskualde horretako gobernua, beste edozein gobernu baino militarizatuago dagoena, ez da indarkeria gisa irudikatzen. Beraz, pentsatzeko gaitasuna ere garatu dezagun. Eta Habermas irakasleari esango nioke, aspaldi nire irakaslea izan zenari, gogoan dudala 1967an bera ez zela ikasleen aurka poliziari deitzearen kontra agertu, Frankfurten eta Berlinen ikasle mugimenduak izan zirenean. Ulertzen duzue zertaz ari naizen, ezta? Gure defentsa nagusia ez da inoiz hausnarketarik gabe egiten den indarkeria. Badakigu gure mugimenduak defendatzeko, gero eta pertsona gehiago erakarri behar dugula mugimendu horien lerroetara. Horixe da gure defentsa modu nagusia. Baina tematzen denik baldin badago, altxatu eta borrokatu egiten gara. (Txaloak eta txalo gehiago)
Jule Goikoetxea: Askatasuna, etengabeko borroka bat liburuan horrela diozu: “Ikasi behar dugu nola pentsatu, ekin eta borrokatu ideologikoki normaltzat harturiko horren aurka. [...] Eta geure buruari galdetzen diogu testuinguru horretan ea zergatik emakume transak, eta bereziki emakume beltz transak —oharkabean aise pasatzerik ez baitaukate—, zergatik jartzen dituzten normatik hain urrun. Feminismoak [...] lagundu digu estrategia epistemologiko eta antolakuntzazkoak garatzen, zeinek emakume eta genero kategoriez haraindi eraman baikaituzte. [...] Oraindik ere aurrez aurre dugu erronka hori; alegia, ulertzea nolako lotura konplexuak eratzen diren arrazaren, klasearen, generoaren, sexualitatearen, nazioaren eta gaitasunaren artean, bai eta nola jo ere halako kategoriez harago, itxuraz bereiziak eta loturarik gabeak diren ideia eta prozesuen arteko harremanak ulertzeko. Alde horretatik, prozesu feminista bat da lotzea, batetik, aebetako borrokak eta arrazakeria eta, bestetik, Israelek Palestinaren aurka darabilen errepresioaren aurkako borrokak”. Zergatik da hori prozesu feminista bat?
Angela Davis: Zergatik da prozesu feminista? (Galdetu dit, galdetu digu. Zuri geratu naiz) Intersekzionalitatea! (Oihukatzen dute ikusleek. Oso ondo, tentela ematen dut eta zuzenean ematen ari dira. Gutxienez ondo jantzita noa) Noski, badira feministak eta feminismoarekin lotutako pertsonak eta mugimendu feminista batzuk behin eta berriz esaten dutenak feminismoa kristalezko sabaia apurtzean datzala. Baina, jakina, urrun iritsi diren emakumeak dira horiek, piramidearen pinakuluaren, edo egituraren, beste aldera iritsi direnak. Sabaia apurtu besterik ez dute egin behar, eta lortuko zuten. Michael Bennettek, Seattle Seahawks futbol amerikarreko jokalari ohiak, beti esaten du ez dutela hainbeste kezkatzen gailurrean daudenek, ezpada zorupean daudenek. Orduan, feminismoaren kezka nagusia askatasun gutxien sentitu dutenak izan beharko lirateke. Esango nuke feminismoa, nik besarkatzen dudan feminismo mota, ez dela inoiz feminismo abstraktua. Ez da askatasuna emakume abstraktu batentzat. Izan ere, feminismoak ez du soilik generoa jorratzen, uste dugun bezala. Ontzat jotzen dugu feminismoaren metodologia erabiliz gero, generoa sakonago ulertzea dela kontua. Baina uste dut feminismoa, bereziki koloreko emakumeek hasitako borroketatik sortutako feminismoa, eta feminismo dekoloniala besarkatzen dutenek, feminismo antikapitalista eta arrazakeriaren aurkakoa besarkatzen dutenek, guztiontzat mundu hobea sortzeari lotuta egon dela beti. Historian atzera eginarazi nahi diguten indarren aurkako erasoa izan da beti. Beraz, feminismoa ahaltsua izan daitekeela esango nuke. Eta ez da genero bat, bi, hiru edo laura mugatzen. Zabalago pentsatzeko gonbita da. Elkarrekin pentsatu ez ditugun gauzak aztertzeko gonbidapena da. Kontzeptu horiek artikulatzeko gonbidapena da. Gauzak desegiteko gonbidapena. Hortaz, nik esango nuke feminismoa, bere formarik eraginkorrenean, metodologia bat dela, pentsatzeko modu bat. Antolaketa estrategia bat da. Errotik eraldatutako mundu baten ikuspegia da, ez bakarrik gizakientzat, baita Lur honetako gure bizikide ez gizatiarrentzat ere. (Txaloak eta txaloak)
Bea Duodu Owusu: Denbora gutxi geratzen zaigu. Beraz, azken galdera bat egingo dut. Galdera tranpa bat da, bi direlako. Baina oso sinpleak eta laburrak. Alde batetik, uste dut nolabaiteko borroka sozialean inplikatuta gauden pertsona guztien izenean hitz egiten dudala, hau da, gu guztiontzat eskubide gehiago eta bizitza berdinzaleagoa lortzeko borrokan inplikatutako guztien izenean. Askotan mingarria da nekatzea, gorputza, arima eta borondatea ipintzea, eta indarkeria bolada bat, kritika bolada bat jasotzea, deseroso zaudela ohartzea, kritikatzen duena izatea beti, gure kasuan gertatu den bezala, gaur hemen azoka honetan egon ahal izateko. Galdera da, nola egin duzu hainbeste denboran? Zein da sekretua? Eta, barkatu, amaitzeko egin nahi nuen beste galdera oso laburra da. Baietz erantzuten baduzu, munduko pertsonarik zoriontsuenak izango garela uste dut, zu baitzara sinetsiko dugun pertsona bakarra. Ba al dago itxaropenik gure borroketarako?
Angela Davis: Mariame Kabak esaten du itxaropena ez dela munduan lor daitekeenak eragindako emozioa, diziplina bat baizik. Eta asko gustatzen zait itxaropena diziplina gisa pentsatzea, gure borroka erradikal eta iraultzaileen funtsezko elementu bat itxaropena sortzea izan behar dela ulertzen laguntzen baitigu. Bestela, ez du zentzurik arrazakeriaren, heteropatriarkatuaren eta kapitalismoaren aurkako borroketan parte hartzeak. Beraz, esan duzun bezala kontu hauekin denbora asko daraman norbait naizenez, etsipenezko aldiak izan ditut. Baina ikusi dut nire lanaren parte dela itxaropena sortzen laguntzea. Eta mugimenduek oso esplizituki hartu behar dute beren gain itxaropena sortzen laguntzeko zeregina; hurrengo belaunaldira eta hurrengora transmiti daitekeen itxaropena. Eta ez nuen zorte hau espero, lortu ditugun aurrerapen batzuk bizirik esperimentatzea, alegia. Gutako askok onartu behar izan dugu gure lanaren fruituak ez dugula zertan guk bizi. Imajinatzen dugu gaur egiten dugunak hamarkadak beharko dituela, eta agian baita ehunka urte ere. Baina teknologiaren arloan, komunikazioaren arloan gertatu diren eraldaketekin, denbora historikoa bizkortu egin dela ematen du. Zalantzarik gabe, 2020ko udan arrazakeriaren aurkako kausen alde inoiz izan diren manifestazio handienen lekuko izan ginen, eta nire irudipenik burugabeenetan ere ez nuen aurreikusi 2020an inoiz baino jende zuri gehiago egongo zenik kaleetan arrazakeriaren aurka. Une historiko zehatz hau azpimarratzen dut, memoria historikoa funtsezkoa baita egiten dugun lanerako. Denborazkotasun kapitalisten eraginpean gauden bitartean, uste dugu gertatu zena gertatu zela eta kito, baina historiaren parte da, eta historia, jakina, liburuetan irakurtzen den zerbait ei da. Ez omen da gurekin eta gure baitan bizi den indarra, eta jazartzen eta bultzatzen gaituena. Beraz, bai, uste dut denok saiatu beharko genukeela itxaropena sortzen eta modu zabalagoan pentsatzen eta denborazkotasun zabalagoak besarkatzen. Pentsatu behar dugu egiten ari zaren lanak norbaiti eragingo diola hemendik hamarkada askotara, zuk jada Lur honetan forma fisikorik ez duzunean. Horrela jarraitzen dugu bizirik. Horrela berma dezakegu gure izpirituek biziraungo digutela eta askapenaren aldeko lanak jarraituko duela. Ez nuen neure burua inoiz imajinatu 80 urteko pertsona gisa, baina benetan zoragarria da parte izan zaren lanaren fruituak ikusi ahal izatea. Palestinarekin hasi gara eta uste dut Palestinarekin amaitu beharko genukeela. Artikulu bat idatzi berri dut. Keeanga-Yamahtta Taylor etxe honetan dago, hortxe, lehen lerroan. Hammer and Hope izeneko aldizkari berri baten editorea da. Nire historiari buruz idazteko eskatu zidan, Palestinarekiko elkartasun mugimenduarekin lotuta. Eta hasieran esan nuen, jainkoa, hau gehiegi da. Nola destila dezaket hau? Baina unibertsitateko ikasle urteak gogoratzeak eta atzera egiteak nire inplikazioa arakatzen lagundu zidan. Europan izan nintzen 1967an, eta borroka batzuen elkargunea izan zen urte hura, Berlinen poliziak ikasle alemaniar bat hil izana barne. Beraz, gai horiek guztiak elkarrekin nola lotzen ziren hausnartzeko aukera izan nuen, garai hartan borroka horien arteko harremanari buruz sakon pentsatzeko gaitasunik ez genuen arren. Palestinarekiko Elkartasuneko aktibistak ginenez, ohituta geunden bakarrik egoten, ohituta antisemitismoari buruz beti itaunduak izaten. Ez genuen imajinatzen Palestinaren askatasunaren aldeko deia mundu osoan entzungo zenik, eta ikasleek kanpamentu ikaragarriak sortu eta altxatuko zituztenik, honakoa oihukatuz: “Ez du axola zer egiten diguzuen, ez du axola zenbat aldiz atxilotzen gaituzuen, hemen egongo gara eta herri palestinarraren askatasuna eskatuko dugu”. June Jordan nire lagun handiak, poeta feminista beltzak, askotan esan zuena ulertzera eraman ninduen horrek; aitzindari honek zioen jende beltza Palestinarekiko elkartasunaren aldeko borrokara batu behar zela, Palestina su moralaren froga zelako. Askotan esaten zuen, eta askotan hitz egin genuen horri buruz, baina inoiz ez nuen imajinatu halako momentu bat biziko nuenik, non munduko jende gehienak uste duen Palestinak askea izan behar duela. Zure lehen galderari ere erantzun al diot?
Bea Duodu Owusu: Bai, zalantzarik gabe. Mila esker.
Angela Davis: Eta horregatik jarraitzen dugu borrokan. Nire heroia Dorothy Burnham da, Margaret Burnham lagun eta abokatu ohiaren ama. 109 urte ditu. Hara, hara. Nire amaren lagunik onena zen. Berak eraman zuen nire ama aktibismo erradikalera. Denbora luzez, Alderdi Komunistako kide izan zen, eta Alderdi Komunista utzi zuen eta, begira, “aipatu behar ez dena”ren ondoren itzuli zen. (Barreak) Nolanahi ere, belaunaldiz belaunaldi transmiti daitekeen itxaropen mota sortzea da helburua. Uste dut zahartzearen balioa benetan horren lekuko izateko eta adineko pertsona gisa dugun zeregina aitortzeko gaitasunean datzala. Izan ere, jakina, gazteak dira lehen lerroan daudenak. Gazteek beti gidatzen dute borroka. Horregatik hartzen dut nire buruzagitza gaurko ekintzaile gazteengandik. Baina adinekoak garenok, geure buruarentzat une berri hauek esperimentatzeaz gain, hemen ez daudenen lekuko ere bagara, eta nire garaian beren bizitza mugimenduei eskaini zieten pertsona gehienak ez daude gaur gurekin Lur honetan; beraz, hemen nago gu une honetara ailega gintezen egin zuten lanaren lekuko gisa, etorkizunera hegan eraman gaitzazuen”.
Txaloak, barreak, oihuak, txistuak, itxaropena. Israel genozida, oihu egiten dute atzetik. Palestinako bandera zabaldu dute, Palestina askea! Txaloak, oihuak. Israel genozida. Altxatu egin gara, txaloak eta txistuak eta zirrara gehiago. Pixka batean jendearekin egotea eskatu du. Eszenatokitik jaitsi eta gauzak sinatzen hasi da. Cassandrak ikusiko banindu, hil egingo ninduke. Etorkizunak banatzen dituen Moira handi bat balitz bezala inguratzen dute; nerbioak, irribarre asko eta begien irekialdi amaigabea. Moirak Aisak dira testu homerikoetan, Parkak erromatarretan. Zoriaren gudariak. Grekoentzat Moirak Nix (Gaua), eta Kaos edo Ananke (Beharra) bezalako jainkosa nagusien alabak ziren. Eta horixe da Davis, gautik eta beharretik datorren biharamunarekiko konpromisoa, bizitzarekiko konpromisoa. Calvino, Felipe Gonzalez eta Convergenciako koldar horiek izan ez ziren guztia. Nik, Uruaren jainkosek emandako botereen izenean, Angela Davis etorkizunaren jainkosa izendatzen dut une honetan bertan!
Ez da enteratu, niri bizkarra emanda dagoelako, behar duen bezala.
Babestuta, seguru eta pozik dagoela ziurtatu dut, gazteriari etorkizuna banatzen, eta backstagetik ateratzeko aprobetxatu dut, teknikariekin eta kazetariekin batera erretzeko. Horietako bati sua eskatu eta “A ze alkandora polita!” esan dit, irribarre egin diot berarekin ezkontzekotan banintz bezala. “Maite dut munduko parte honetan argiak, koloreak eta bizitzak ematen dizueten alaitasuna!”, diot pozarren. Gipuzkoan, nire jaioterrian, berdin du Gucciko alkandora edo Gabonetako zuhaitz piztua eraman, inork ez lidake ezer esango. Jende gehiago hasi da ateratzen, taldetxoak egiten dira, Mediterraneoko biri gehiegizkoa iruditu zaie arrazakeriaren aurkako kolektiboen protesta. Barre algara egin dut. Sentitzen dut. Niri Katalunian egiten duten guztia oso zibilizatua iruditzen zait. Arrazismoaren aurkako taldeen komunikatua, urriaren 1eko independentziari buruzko erreferenduma, urriaren 3ko greba orokorra. Jende zibilizatua da. Kanten Zer da ilustrazioa? liburua besapean hartuta jaio edo hezten dira hemen.
Handik hogei minutura, jende artetik atera dut, dugu, da, eta Keeanga-Yamahtta Taylorrekin hitz egin nahi duela esan dit. Backstagean du zain laguna. Arnasa hartzen utziko diot. Baina ez asko. Hamar minutu geroago, zer asmo duen galdetu diot, bere desioak bete ahal izateko bere desioak aurreikusi behar baititut. Desira bi ezpataren artean jausten den txinparta bezalakoa da, une batez bakarrik irauten duen inklinazio txiki bat izan daiteke, baina une hori existitzeko ezpatak behar dituzu eta horretarako errementari bat. Baliteke azkenean desirak ere diziplina behar izatea, itxaropenak bezala.
“Keeangarekin zerbait hartzera joan nahi dut”. “Ados”. Muguruzari galdetu diot toki baten inguruan. “La Kalada”, esan dit. “Angela, begira, hemen, La Kalada”. Helbidea erakutsi diot, laguntzarik behar ote duten galdetuz. “Bakarrik joan nahi duzu Keeangarekin?”. “Ez, zatoz zu ere”. “Noski”. Etorkizunaren jainkosa da. Bada, goazen elkarrekin etorkizunera!
Baina bi taxitan, ez baikara batean sartzen. Prentsaburuari esan diot, segurtasun dispositiboko burua ere badena, mesedez bi taxi eskatzeko. Bat Fermin Muguruza eta Jone Unanuarentzat. Beste bat Angela, Keeanga, Roisin eta laurontzat. Unanua eta Muguruza La Kaladara datoz, ez bakarrik Angela ezagutzen dutelako, ezpada beren seme Unai DJ dabilelako bertan. Irtetean kaosa. Jendetza argazki eske. Ilea platinoz tindatutako emakume argentinar batek lortu du; Angelak onartu egin du, baina Firaren esparrutik kanpo, beste inor etor ez dadin. Platino andrearekin atera gara. Beste bikote batek ikusi eta egoera aprobetxatu nahi izan du, gogor jarri naiz, inorekin ez, taxia berehala agertu delako.
Sant Andreutik Poble Sec-erako ibilbidea oso interesgarria izan da, azkenean “aipatu behar ez dena” aipatu dute. Laranjito hiltzailea. Trump. Roisinek, Keeangaren lagun irlandarrak, egoera uste bezain ikaragarria dela esan dit, alderdi demokratarekin eta bere barne zatiketekin zer gertatzen den galdetu diodanean. Zergatik ez dira mamitzen? Ez al zen alderdi sozialista berregiten ari? Angelak esan du ez dela ezer aurrera atera. Ez komunistak, ez sozialistak, ez ezer. “Arrautzetaraino nago” tonuarekin, urteak baitaramatzate alderdi alternatiboak sortzeko ahaleginak egiten, eta ezinezkoa da, azaldu duenez. Eta urteak esaten duenean hamarkadak dio, jada belaunaldiak diren hamarkadak. Esaldia nire keinu gogokoenarekin itxi du: nazka-keinua, mehatxu-keinutik eratorria eta espazio-eskala berean bizi diren ugaztun askok partekatua: txakurrak, katuak, azeriak, gizakiak. Ezpainaren goiko eta ezkerreko aldea pixka bat altxatzean datza, gainerakoa posizio estatikoan mantenduz. Ezpainaren ezkerraldea altxatzean, zer agertzen da? Letagina. Nahikoa da ezpainaren ezkerraldea igotzea, ilerik mugitu gabe, mehatxatzeko. Energia aurrezte gorena adierazkortasun handienarekin. Gerora labana eta sardexka asmatu genituenez, orain nazka-keinuarekin identifikatzen da. Baina ez edozein nazka, baizik eta nazka politikoa, bizitza galtzeko mehatxu politikotik baitator. Zerbaitek usain txarra duenean, nazka-keinua beste bat da, goiko ezpaina eta sudurra batera igotzen ditugu pixka bat, eta zapore txarra duenean, ahoa horizontalki irekitzen dugu beherantz, erdi irekitako ezpainak belarrietako lobuluetara atzeratuz, batez ere beheko ezpainak. Nazka politikoaren keinua desberdina da, keinu guztien artean zuzenena, zorrotzena eta dotoreena. Oso ondo ari zait erortzen Angela. Bere aurpegiko semiotika zehatza, argia eta adierazkorra gustatzen zait, hitzik gabeko enpatiaren oinarria da. Eta Angelak zerbait badu, enpatia politikoa da. Agian horregatik izendatu zuten etorkizunaren jainkosa.
Bai, badakit nik izendatu dudala. Neure alienazio propioan ari nintzen lokazten. La Kaladara iritsi gara. Legez kanpokoa dirudien garaje-ate baten aurrean gaude. Atea jo dugu. Zerbait entzun eta ireki egin da. Sartu bezain laster, gelatxo batera pasarazi gaituzte, denbora arteko ziega baten antzekoa da, kartzelara bisitan zoazenean pasatu behar dituzun ziega horietakoa. Ziega iragankor batean sartzen zaituzte, aurreko ziega ixten den bitartean; dena zarratuta eta zu ondo diziplinatuta zaudenean, hurrengo ziega irekitzen dute, gutxi gorabehera hamar urte dituzunean. Orain ez zaituzte zaldiekin lautan zatitzen, eskubideekin baizik; izan ere, xviii. mendeko espetxeratzeak xix. eta xx. mendeko bazterkeria bidezko inklusioaren aurka egiten du, eta esango nuke xxi. mendean oraindik ere bahiketa sare instituzional batean sartzen gaituztela, eskolek, lantegiek, heziketa moduluek, supermerkatuek eta unibertsitateek osatua, bata bestearen atzetik ordenatutako ziegekin (gelak, logelak, kutxazainak, bulegoak, biltegiak), ohiko erdiko patioarekin, ohiko zaintzaileekin, betiko funtzionario, guraso eta irakasleekin, betiko preso politikoekin eta preso sozial… politikoekin. Hori guztia egiten dute anormal moldakaitzak izateari utz diezaiogun eta ezkontzen diren eta espeziea ugaltzen duten pertsona zintzoak izan gaitezen; beraz, ez kexatu. Kasu honetan, nana ere eskatu digute, baina presoak tontotzeko ematen duten ketaminaren ordez, hemen belarra zerbitzatzen dute. Beganoak denok gara, eta pobretze prozesu honek horrela jarraitzen badu, jonkiak eta pobreak ere izango gara guztiok. Jonki edo pobre ere ez zarelako jaiotzen, egin egiten zaituzte. Espetxe politika subjektu zehatzak sortzeko baitago, espetxeratu beharreko subjektuak, hala nola, jonkiak eta pobreak. Horregatik, Davisek esan duen bezala, kartzelen abolizionismoak ez ditu kartzelak kenduko arraza-kapitalismoa, heteropatriarkatua eta kolonialismoa ezabatu arte.
Berehala azaldu da Teo delako bat, aka RudeTeo, dio Muguruzak, eta inbaditzear gauden marihuana elkarteko burua omen da. Eskerrak eman dizkiet tugurioen Buladei, zeren eta Teok denbora pixka bat gehiago behar izan balu gu ziegatik erreskatatzeko, pasatzen uzten ez zigun marihuana-aduana honetako porrero nerabea etorkizunaren jainkosaren pasaporte nazionala ikuskatzen hasiko baitzen haren ile guztia ke-laino alegal batean bilduz. Barruko ataka handiari bultza eginez sartu gara, ezkerrean izugarrizko sofak daude, zera entzuten da… musika, eskuinean marihuana erosteko barra, aurrerago pegatinaz eta aldarrikapenez betetako mahai erraldoia. Mahai hori etorkizunaren jainkosarentzat, bere Buladentzat eta bere bizkartzainentzat gordeta dago. Paradisu ez-kristau baten usaina dario.
Mahai zabalaren inguruan jarri gara denak. Lautada huts bat da, ilustratuak etorri, kaka egin eta eskubide naturalaren izenean euren jabetzatzat hartzeko prest, ostean armadaz, esklaboz eta inperatibo kategorikoz betetzeko. Baina gu iritsi garenez lehenago, dena hartu dugu, garagardoak kokatu ditugu iparraldeko lurraldeetan, ura barnealdekoetan, ardo zuriekin eta izendatu-ezin-daitezkeen-kolekin batera, eskuin hegalean izotz soldadu errakitikoak eta haien lagunak, glutenik gabeko garagardoa eta light patatak ezker hegalean. Muguruzak dieta zorrotza darama urdail arazoak dituelako. Bere anaia hil ondoren gaixotu zen. Gaizki pasatu du. Nire aita hil zenean ere bihotza atera zidaten, eta Kale Nagusiaren erdian sakabanatuta utzi zuten, nire erailtzeko gogoa berarekin eramanez. Zer zentzu du bizitzak erailtzeko gogorik gabe? Badakit batzuek hiltzea nahiago dutela erailtzea baino. Heriotza estatistiketan oinarrituta, esango nuke herritar gehienek hiltzen uztea nahiago dugula erailtzea baino. Edo komunikatuak irakurri erail baino. Eboluzio urrats handia omen da. Ez dakit, urratsa egiten duenaren arabera izango da ba. Kontua da hemen izotz iharrak baino ez dituztela, gaizki elikatuak. Goizean esandakoaren harira, Bartzelona bezalako hiri globaletan izotz handienak Txinara esportatzen ari dira, han kapitalismo industrialak etorkizuna du eta, beraz, tabernek ere bai. Eta hainbat hobe, izan ere, hemen dituzten kamareroekin... Badator berriro Teo, heresia paradisiako honen burua. “Zu, zer zara?”. “Ni? Materialista”. Irribarre zabala atera da RudeTeoren sudur zuloetatik. “Ez, sativakoa edo indikokoa zaren esan nahi dut”. “A, ba orain nahiago dut sativa, lanean bainago”. “Kar-kar”, barre egin dugu elkarrekin eta marihuanazko poltsatxo bat, grinder bat eta paper erraldoiak oparitu dizkit. RudeTeok Apoloko Canibal Sound System-en pintxatzen du eta Luv Messenger kolektiboko dja ere bada. Besarkatu dut. Fitxatu dut. Maite dut. Nire alkandorak ederra izaten jarraitzen du, elkarrizketa ondo atera da eta Angela Davis pozik dagoela dirudi, kanabis hodeiz eta ardo zuriz inguratuta.
Lautadak erdigunea artikulatzen jarraitzen du, eta gero eta beteago dago. Mendebaldeko mokadu geroratuek hegoaldeko haragi beganoekin nahastuta jarraitzen dute nire talde bartzelonarra taberna-zuloan sartu denean, ezagutzen ez dudan baina etsai komunen bati esker lagun bihurtuko den beste kuadrilla batekin batera. Taldetxoak sortzen dira, lautadaren iparraldearen eta hegoaldearen arteko komunikazioa zaila delako, distantziak eta musika altuak ezinezko egiten dute. Alderdi aniztasun handiagoa dago taberna-zulo honetan Estatu Batuen lurralde osoan baino. Kongresuko pare bat diputatu daude, ministroak eta kabinete-buruak, unionistak, independentistak, antikapitalistak, terroristak, alkateordeak, bake-negoziatzaileak, prozesistak, preso ohiak, ama ohiak, legebiltzarkideak, desegituratuak eta bizitzeaz nekatuak egonik Historia partekatu honen une hau eskertzen didatenak.
“Zein lasaia izan den protesta”, esan du euskaldun batek ni ikusi bezain laster, eta buruarekin berretsi dute katalanek. “Zer nahi duzue?”. “Haiek ere gerran jaio ziren”, esan dit kurduetako batek arrazakeriaren aurkako kolektiboen protestaz, garagardo batzuk hartzera laguntzen didan bitartean. “Zer egiten duzu euskal zuritxo honekin”, galdetu dio Fanik Jihani, kurduari, neure burua bere bularren artean zapaltzen duen bitartean. “Eskerrik asko hemen zeundetela abisatzeagatik, laztana”, esan dit Fanik, aspaldiko laguna da. “Feminista zuriei buruz ezer jakin nahi ez duten baina gizonekin oheratzen direnek, potota jan diezadakete”, esan dio Jihanek Faniri. Badirudi iskanbila izan zutela atzo arrazismoaren aurkako kooperatiba eta kolektiboen bilera batean. Kolektibo feministen, ekologisten, sozialisten, antiespezisten artean gertatzen ez den bezala... Zazpi garagardo lata merke eman dizkigute. Oximorona errepikatuko dut. Merkea. Bartzelona. Merkea. Bartzelona. Pegatinaz beztitutako lautadaren behe-eskuinaldera itzuli gara. “Protesta oso ondo, zeinen lasaia”, hirugarren euskalduna zur eta lur, gainerako euskaldunak bezala, tokiko borroka errepertorio baketsuekin. “Ba niri ez zait batere gustatu, ez zelako ulertzen”, dio beste kurduak. Kurdu guztiek ere ez dutelako berdin pentsatzen. “Nik ez dut ulertu goizekoa, nola zen?”. “Ahmed”, erantzun du bere alabak. “Ez da hain zaila, ama”. “Ama ez deitzeko”. “Ai, neska”, alabak berriro. “Ahmedek esan du aitak beti esaten duena, izorrante batzuk garela”. “A, beno”. Ama ohiak, txikitan zerbitzari lanera etorri, Aljeriara bueltatu eta gerora berriro hona itzuli zenak, etsipen eta axolagabetasun aurpegia jarri du. Ez dio uzten alabari “ama” deitzen. Ama aspaldi izan baitzen. Orain beste zerbaitetan dabil. “Ni oso ados nago protestarekin”, alaba aljeriarrak. “Niri atzoko pija horiek ez diezadatela ‘gure anaia senegaldarrez’ hitz egin”, beste katalan batek, beltza, Manresan jaioa. Bere anaia zaharrenak pateran etorri ziren. “Zer nolako harremana dute ba Txileko eta Argentinako unibertsitarioek senegaldarrekin! Gero kalean txistua botatzen digute eta”. Uste dut atzo kooperatiba eta kolektibo antiarrazisten arteko bilera horretan izan zuten liskarrarekin jarraitzen dutela. “Baina zuk ere larrua jotzen duzu gizonekin”, argi dago bollera kurduak Manresakoarekin ligatu nahi duela. “Nire nobioak esan dit erasotua sentitzen dela arnesarekin penetratzen dudanean”, esaldi hau aldameneko elkarrizketakoa da. “Kar-kar-kar-kar”, marikitaren baten algara, “ui, gaixoa, emakume sentitzen da penetratzen dutenean, eta orain klase disforia dauka nobioak”. Ez bitarra, Akiles baino marikoiagoa, algaraka. “Hauek denak etsaiarekin ezkonduta daude”. “Zer etsai?”, mexikarra galduta dago. “Zer klase?”, gaur arte marihuanarik inoiz erre ez duen turkiar mozkortuak. “Heteroa izatea ez da identitate sexual bat, botere egitura patriarkal bat baizik, Ahmedek esan du ba goizean”. Maria eta Jose, hogeita hamar urte berdina errepikatzen eta ezer ez. “Hau da politeismoa!”, dio nire maitasunetako batek. “Horretaz hitz egiten du honek, ezta?”. “Honek” uste dut ni naizela. “Berak eta guk”, turkiarrak, euskaldunekin batera. “Intersekzionalitatea!”, dio ama ohiak. Ez da berdina, baina zaldizko intersekzionalitatearen bizkartzaina naizela gogorarazi dit horrek. Burua ziztu bizian biratu eta ingurura begiratu dut. Identifikatuta. Keeanga lagunarekin ari da Angela edaten eta hizketan. Muguruzak eta Unanuak zaintzen dute. Gorka Elejabarrieta ere hortxe dago, hirurak dira ni baino askoz ere anfitrioi hobeak, eta horrek areagotu egin du haienganako nire maitasuna. “Intersekzionalitate pila, baina gaztelaniaz hitz egiten dute”, esan du mexikarrak, katalana ere badenak, “katalana hizkuntza koloniala dela diote, eta espainolez mintzatzen zaizkizu”. Algarak, ez dakit elkarrizketa honetakoak edo ondokokoak diren. “Niri espainieraz hitz egiten badidate, birrindu egiten ditut”, Manresako senegaldarrak. “Aizue, zein lasaia gaurko protesta, ezta?”, iritsi berri den laugarren euskaldunak. Zein gustura, azkenean, bakean sinesten ez duten amazona iletsu eta itsutuz inguratua, nahiago dutenak sua izan suaren beldur izan baino. Nahiago sutzarrean hil, sutzarra mantentzen duen txingor etsia izan baino. Baina castratiak maite ditugu, su-metan bizirik irautea lortu duten gizaki ez-legitimo horiek. Haiei esker gaude hemen. Izan ere, ez zara zilegi jaiotzen, egin egiten zaituzte, etsipenez puztuz, eta badakizue nola deitzen dieten itxaropenez beterik dauden etsituei? Emakume onak. Horregatik izan behar du borrokak diziplinatua, itxaropena etsipen bihur ez dadin, hori da Davisen nire interpretazioa. Bizinahiak ezartzen digun diziplinari esker irauten dugu bizirik hemen. Eta bizitzea erreproduzitzearen guztiz kontrakoa da. Horixe da egia bakarra, baina egia interpretatu ezin dena izan beharko litzateke, interpretatuz gero, orduan ez baitago egia absoluturik. Eta ilerik gabeko hankabikoen mundu hilgarrian dena interpretagarria denez, ez dago egiarik, ondo diziplinatutako kontakizunak eta txorradak bakarrik. Ondo diziplinatutako kontakizunei zientzia, umorea eta artea esaten zaie, eta kontakizun sakabanatu, lerden eta aldakorrei txorradak. Badira bizitza osoan txorradan instalatuta bizi direnak, baina bat-batean, ostiral arratsalde batean, egia nahi dute. Eta ez dute aurkitzen. Ez dutelako diziplinarik. Ez dute diziplinarik nahi. Maite dituen norbait nahi dute. “Maitea, lagunduko komunera?”, xuxurlatu dit Gunesek belarrira. Ozgur Gunes Ozturk nire bizitzako, eta komuneko, burkideetako bat da. “Zemuz monoteistaz inguratu…a?”. “Pozarren. Hau komun ederra!”. Komunak sekretuz eginiko espazio enigmatikoak dira. Bertan gertatzen dira munduko gauzarik dramatikoenak, intimoenak, drastikoenak, misteriotsuenak, bizitzak janarazi dizkigun zentzugabekeria guztiak bizitzari itzultzen dizkiogulako, gorotz bilakaturik. Magia da. Mendekuaren kankarro sakratua. “Hartzu…heltu…besoa”, xuxurlatzen du mozkortuta, eta nire besoari heltzen dio komunzuloak irentsi nahi izango balu bezala. “Komuontzien atal sindikalean gaude, kar-kar-kar”. Gunes ere politeista da. “Komuontzi”, “kar-kar-kar”. “Ko-mun-on-tzi”, ene bada!, eta oraindik hamarrak besterik ez dira. Esan dizuet jada ostiak daudela komunontziko Buladen, usainik gabeko komunen, hots, inodoroen Buladen eta hodien Buladen artean. Kontua da, Bulada batzuen arabera, usainik gabeko komunaren, komunontziaren eta hodien arteko banaketa arbitrarioa dela, zeren eta non hasten da komuna, non komunontzia eta non hodiak. Non hasten da gizabanakoa eta non komunitatea, non hasten da langile klasea eta non amaitu. Hodirik gabeko komunontzia plastikozko edo portzelanazko aulki soil bat da, erdian zulo bat duena. Beraz, komunari garrantzia ematen diona hodiak dira, baina zer gertatzen da komun gisa erabiltzen diren hodirik gabeko komunekin, zer gertatzen da heskai batzuen atzean muino baten erdian komun gisa markatutako zuloekin, norenak dira, nork du haien gaineko eskumena, hodien Buladek ez, ezta usainik gabeko komunen Buladek ere, komunzulo horietan ez baitago ez komunontzirik ez hodirik baina bai kirats handia. Eta hori hainbat laidoren kausa da. Horiei gehitu behar zaie komunontzi modernoa asmatu aurreko zurezko zulo eta euskarriak dituzten zurezko komunen Buladek sentitzen duten ondoeza. Sindikatu moduko bat antolatu dute komunontziko Buladek eta hodien Buladek duten babesa jaso ahal izateko, hauek baitira orain hegemonikoak, baldintza eta babes onena dutenak. Osasun langileak ere etxeko langileak baino hobeto antolatuta daude, baina ez da hau zergatia aztertzeko tokia. Gainera, hodirik eta komunontzirik gabeko komunei dagokienez, intsektuen eta zomorroen Buladen kalapita gehitu behar da, protesta sutsua egin baitute, haiek arduratzen baitira kanalizatu gabeko eta ordenarik eta dotoretasunik gabeko kaka sakabanatu hori guztia konpostatzeaz. Osakidetzako garbiketa langileen antzera. Edo lehen mailako arretako medikuen antzera? Ez da ezer berria, baina Xi Wang Muk, bizitzaren jainkosak, ez du liskar honetan sartu nahi, eta intsektuen eta zomorroen Buladek energia ekoizteko eta eraldatzeko prozesu guztietan zeresan handia duten arren, ez dira ados jartzeko gai, beraz, ez dute antolaketa sektorialik. Gunesek ulertzen ez dudan zerbait xuxurlatu du berriro. “Usainik gabeko komu..ontziko Buladak Comisiones Ob..eras bezalakoak dira”, eta barre egin du, “pileku sektoreko”, marmarrean, “pixalekuen sektorekoak”. Gunes mozkor baina adi. “Bidetak bezala amaituko dute”. “Komunontziko Buladek?”. “Ez, Comisiones Obrerasek”. “Garbitu zaitez”, kleenexa, “aaaaaag”. Porrua komunzulotik behera erori da.
Komunetik irtetean, goi-lautadatik urruntzen ikusi dut Angela, eta despistatu egin naizela konturatu naiz, irteerako uhaterantz doalako. Ez da erraza norberaren holobiontea maneiatzea, ordu hauetan eta toxikoz blaituta. Pausoa bizkortu dut. Bere ondoan jarri naiz eta ea bagoazen galdetu diot. Esan dit Keeangaren hotelera doala afaltzera eta gero gure hotelera itzuliko dela taxian. Nahi duzu zurekin joatea? Ez. Lasai, geratu. Tugurioan geratzen utzi dit. Agur esan diot, Roisin eta Keeangari ere adeu, eta nire talde gogokoenera itzuli naiz, aldez aurretik sakabanatuta zeuden bi taldez osatua. “Altra aigua. Gràcies”. “Aigua?”. Eta nazka aurpegia. Nazka politikoa. “Bai, aigua”. “Pelusok dioen bezala, ahal dudalako egiten dut topa urarekin”. “Asko gustatzen zait Peluso”, gobernari katalanak. “Nahiago dut Diana Pornoterrorista”, aljeriarrak, graduondokoa amaitu berri du kamarero gisa lanean, komatxo artean, zeren hemen kamareroak... “Gogoratzen al duzue gizon haurdun batek abortatu eta bere fetua baratxuriarekin frijitu zueneko espektakulua?”. “Nik ez dut ikusi, baina kontatu egin didate”. “Gizon haurduna?”, ama ohiak. “Fuertea da gero jendeak haragia jatea”, beganaren batek. “Hipokrita galantak”, aljeriarrak. “Fetua baratxuriarekin jan zuten?”, Perpignaneko ilustratuak, izututa.