Gizakiaren adin guztiak
Manuelek gauez hartu zuen erabakia eta gosaritan jakinarazi zion Beatrizi. Ohiko etxean, amantala soinean, laranja bat eskuan. Emazteak amaitu berri zuen ordu erdiko saioa bizikleta estatikoan, eta, dutxatu ostean, kefir esnea edaten ari zen Pyrenaica orriztatzen zuen bitartean.
Bueno, esan zuen kontuari garrantzia kenduz, datorren urtean beharbada.
Emaztearentzako zukua prestatu eta ontzi-garbigailuko platerak armairuan ordenatu zituen handitik txikira. Manuelek bere paperetarako janzten zituen galtza maiztuei erreparatu zien Beatrizek atzetik.
Atzoko menestra daukagu eguerdirako, esan zion Manuelek.
Eskolatik jubilatu zenetik goizero kantatzen zion menua. Beatriz jaiki egin zen. Galletak jaso, katilua eta edalontzia harraskan utzi, eta leihoak zabaldu zituen sukaldea egurasteko. Kanpotik sartzen zen autobideko igaro-hotsak itsaso urruna imitatzen zuen.
Ummm… Ze suerte!
A ze zortea!, zuzendu zion Manuelek, azentua a-n jarrita.
Á ze zortea!, errepikatu zuen Beatrizek alai.
Jaka eta poltsa hartu, eta bulegorako presatu zen. Ezpainak bilduta, begiak itxi zituen Manuelen muxua jasotzeko.
Agur, langile!, despeditu zuen senarrak.
Manuelen jaioterriko portu gaineko tabernako terrazan epela zen haizea. Andoni Bruselatik itzuli berria zen oporretan familiarekin, Amaiaren haurrek ere amaitua zuten ikasturtea; denak batera zeuden aspaldiko partez. Poltsako patata frijituak, olibak eta zerbezak atera zituzten mahaira.
Tira, erabakia hartuta dago, iragarri zien Manuelek haurrak belardira urrundu orduko: aurten ez dut zeharkaldia egingo.
Amaiak amari begiratu zion eta hark ezpainak okertu zituen diskrezioz. Andonik aitari begiratu gabe galdetu zuen.
Herniarengatik?
Sabelpean sumatzen zuen aspaldi molestia, erauzitako giltzurrunaren ebakiondoa baino hatz bi beherago. Baieztatu berri zioten iztai-etena, “zuloa betetzera jotzen dute erraiek”. Dena den, emaitzak onak izan ziren esfortzu proban; “ez dituzu ematen”, esan omen zion medikuak hatza Manuelen jaiotze-datan jarrita; “eman, emango nituzke gustura!”, hark erantzun seminarista umorearekin, baina medikuak ez zuen barrerik egin.
Zerbezari trago jo, eta kokotsaz seinalatu zuen itsasoa.
Hotza zagok!
Uztail hartan tarteka eta ahul irten zen eguzkia, eta ura ez zen hogei gradura iritsi. Manuel herriko igerilekuan hogeita bederatzi gradutan entrenatzera ohituta zegoen. Berriki, bazkide-txartelak erretiratu eta hatz-marka irakurgailua jarri zuten, baina makinak ez zuen funtzionatzen Manuelek erpurua arrimatzen zuenean. “Irakaslea?”, galdetu zion sarrerako langileak. “Erretiratua”. Klarionak hatz-aztarnak ezabatzen zituela azaldu zion, eta txartela eman, bueltan.
Ordubeteko saioak egiten zituen mutil segailen oin-zipriztinei segika. Planta oneko bat hautatzen zuen eta hari jarraitzen zion egoskor, sakaka, “ez didak, ba, alde egingo”. Nonbait irakurria zuen taupadak azkartu eta bihotzekoak jotzeko arriskua nabarmen handitzen zela hogeita bi gradutik behera. Presioa neurtzen zuen ordulari bat oparitu zion Beatrizek berrogeigarren ezkontza-urtemugan, eta goizero hartzen zuen, igerian egin aurretik eta ondoren.
Hotza!, errepikatu zuen, joan den astean egin nian proba eta hamar minuturako bete ninduan. Ezin! Betaurrekoak mahai gainean utzi, eta sudur hegal gorrituak igurtzi zituen. Hirurogeita hamahiru urte, zer nahi duzue, ba!
Ordurako, hamabi zeramatzan hiru kilometroko itsas zeharkaldia egiten. Bere jaioterrian udan antolatzen ziren bi igeriketa probetako bat zen, eta, familiak uda han igarotzen zuenez, izena ematea erabaki zuen erretiroa hartu berritan. Hezueriak jo zuen urtean baino ez zuen huts egin.
Hiru zatitan banatzen zuen zeharkaldia mentalki. Irteerako sakadaren ondoren lasai egiten zuen moilatik badia txikirainokoa, xaboiak olioa nola zabaltzen zuen hatzaz ura, kulpak ere erantzita, gorputzak berez flotatzen ziola. Pentsamendu arin kulunkariak sortzen zitzaizkion, itsas belarren antzekoak. Tarte hartan, arnasaren erritmo konstantea entzuten zuen, urpean ez zen ezer aldatzen, gizakiaren adin guztiak zeuzkan batera. Pixkanaka iristen ziren, ordea, nekea eta hotza, zahartzaroaren konkrezio isila, moilatik urrundu ahala. Badiatik aurrera tristezia moduko baten aurka egin behar izaten zuen igerian, hondoa berriz argitzen hasten zen arte. Orduan hasten zen atzera bizkortzen, eta korrontea alde, zerbaiti ozta-ozta ihes egin izanaren ziurtasunarekin egiten zuen hondartzara artekoa.
Aurreneko hamar aldietan urtez urte hobetu zuen marka, ordubete azpitik sartu zen behin. “Ehun urterekin, txapeldun!”, animatzen zuten seme-alabek. Beatrizek burua astintzen eta ukabilak altxatzen zituen senarraren alde, bultza egiten zion aurrera, edo tira atzera, nola begiratzen den. Hamahiru urte gazteagoa zen Beatriz. “Igarriko dion”, esaten zion Manuelek.
Familian festa bilakatu zuten erritua. Goizean esnatuta, Manuelek eta Beatrizek elkarrekin gosaltzen zuten etxepeko gozotegian. Emazteak estutuak egiten zizkion sorbaldetan. Bizkar zabaleko gazte trinkoz betetzen zen herria; kirolari federatuak autobusez iristen ziren nor bere taldeko ekipamenduarekin, eta soin depilatuen desfilea hasten zuten txankleta eta igeritako estreinatu berriekin. Poz urduria hedatzen zuten herriko Erdi Aroko kalexketan, erritmo toniko bat.
Gosaldu ostean etxera itzultzen ziren probarako azken prestaketak egitera. Manuelek tentsioa hartzen zion bere buruari eta Beatrizek beste alde batera begiratzen zuen. Bainujantzia janzten zuen, boxer beltz estu bat, izter gihartsuak nabarmentzen zizkiona. Beatrizek dortsal zenbakia idazten zion bi besondoetan. Botikak hartu, aldatzekoak eta toalla Beatrizen bizkar-zorroan sartu eta, izen-ematean opari jasotako kamiseta soinean, txankletak eta bisera jantzita irteten zen atzera kalera.
Portu gaineko talaian itxaroten zieten seme-alabek eta lau bilobek argazkia egiteko. “Zuk irabaziko duzu?”, ekiten zioten txikien kalatxori ahotsek. Amaiaren bigarrena, barbarina baino mugituagoa, izterrean gora igotzen zitzaion ohartzerako. Manuelek gutxi hitz egiten zuen irteera aurreko ordubetean. Irribarre egiten zien. “Et, et, et” eta “kia, kia, kia” moduko soinuak egiten zituen. Gero izango zuen hizketarako eta jolaserako tartea jatetxeko terrazan, udako toldopean, nekearen neurriko arinduarekin.
Begiratokiko eskaileretatik jaisten ziren senar-emazteak moilara, senegaldarrek zapatilak saltzen zituzten tuneletik barrena. Proba-egunean ez ziren han egoten, egun horretan ez zegoen tokirik salgaiak erakusteko. Manuelek jende ezaguna agurtzen zuen, zaharrenekin gelditu eta adinaren gaineko txantxak egiten zituzten, “kasko ona duk hik”, batek, “gila zaharra, ordea”, eta halakoak. Bere multzokoengana laguntzen zion Beatrizek eta, behin iritsitakoan, kamiseta erantzi eta, paparra bistan, urrezko katea askatzen zuen Manuelek. Han zeramatzan ama zenak opari egindako gurutzea eta bere jaiotze-urtea eta odol-tipoa grabatuta zituen medaila. Beatrizi ematen zizkion gordetzeko. Gero, txankletak eranzten zituen eta haiek ere jasotzen zizkion. Betaurrekoak kentzen zituen azkena; eman buelta, esaten zion emazteak eta baselinaz igurzten zion bizkarrezurra goitik behera, “ez hozteko”. Tutua berari pasatzen zion besapeak eta iztarteak ere koipezta zitzan. Txanoa eta uretako betaurrekoak janzten zituen.
Ea, ba, iristen garen, esaten zion.
Duda, ala?, erantzuten zion Beatrizek.
Manuel moilan hanka-hutsik utzi, eta oinez abiatzen zen Beatriz itsas gaineko paseoan barrena, bizi-bizi. Gurditxoei bultzaka zihoazen ama gazteak aurreratzen zituen, eta korrika edo patineteetan barreiatzen ziren igerilarien seme-alabak. Helmugako herrian itxarongo zion eskuoihala prest.
Tarteka gelditu, eta igerilarien artean senarraren besakada asimetrikoa bilatzen saiatzen zen. Ezkerreko besoa eskuinekoa baino gehiago ateratzen zuen uretatik, beti alde beretik hartzen zuen arnasa. Moilako estiloan igeri egiten zuen, bost urte zituela bere aitak soka gerrian txaluparen kareletik jaurti zuenetik.
Lepoa luzatuta eta oin-puntetan egoten zen familia osoa helmugako hondartzan, aitona nork lehenago begiz joko. Beatrizek ikusi ohi zuen beste inoren aurretik. “Han!”, seinalatzen zuen, besoa estutzen zion Amaiari, eta “aupa, Manuel!” egiten zion oihu senarrari, entzuteko oraindik urrun bazegoen ere. Amaiari malkoak ihes egiten zion aita hondarra zapaltzen ikustean —antzinako lehorreratzeak zekarzkion gogora, marinel nekatuak lurra zapaltzen—, eta Andonik bizkarrean hartzen zituen txikiak, jendetzaren gainetik adoretu zezaten aitona.
Orduan aurreratu egiten zen Beatriz, eta, helmugako ate puzgarria igarota, toallan bil-bil egiten zuen Manuel, bizkarra igurtzi eta “tiburón!” esaten zion belarrira, eta senarrak hozka egiten zion lepoan, probako domina jaso berria paparrean dilindan.
Taldeka abiatzen ziren igerilariak aurreko urteko markaren araberako multzotan. Pixkanaka bakantzen ziren multzook, nork bere erritmoa hartu ahala. Txano zuriarekin egin zuen Manuelek azken zeharkaldia, laugarren taldean.
Beatrizek huts egin zuen lehen aldia izan zen ordukoa, mendiko emakumeen taldearen txangoak igeriketa-probaren datarekin bat egin baitzuen kasualitatez. Haren faltan, Amaiak gosaldu zuen aitarekin. Ohi baino goizago esnatu zen, eta itsasertzean itzuli bat egitea erabaki zuen aitarekin elkartu aurretik. Lo zirudien itsasoak, apenas zuen pisurik egunak. Herria inguratu zuen oinez, eta Manuel baino lehenago iritsi zen kafetegira. Berea eskatu eta leihoaren arrimuan eseri zen aitaren zain.
Hemen, gure alaba, kasu egin zion Manuelek, goiz zabiltza.
Giltzak eta telefonoa mahai gainean utzi zituen. Ingurura begiratu zuen. Eseri aurretik izterretatik tira egin zien galtza motzei.
Betikoa, etxekoandre!
Ongi deskantsatu zuela kontatu zion Amaiari, “lo bat, inori ezer demostratu beharrik ez-eta”. Amaiak aitaren bekainak orrazteko bulkada sentitu zuen, baina eutsi egin zion. Betaurrekoen gainetik begiratu zion Manuelek nini biluziekin, “nahi bai, demostratu!”.
Sudur-hots bat egin zuen Amaiak.
Aurten ere bai?, galdetu zion Manueli puru itzalia ezpain artean sartu zen auzokideak.
Paparra zabaldu, eta begirada jaitsi zuen Manuelek.
Intentzio horretan!
Irtetean, auzoarena ere berari kobratzeko eskatu zion zerbitzariari. Ez zion Amaiari gosaria ordaintzen utzi. “Tira, tira!”, baztertu zuen alabaren imintzioa.
Besoetan dortsal zenbakia markatu zionean, aitaren kolonia ezagutu zuen. Soldaduskaz geroztik erabiltzen zuen kolonia berbera, Quorum. Lehen sarri kontatzen zien kaporal egin zuten kuarteleko pisu-jaurtiketan txapeldun gelditu zenekoa. Pudorea sentitu zuen aitari beso biluzitik heltzean.
Kalerako eskailerak eta porturakoak jaitsi zituzten. Aitari jarraitu zion Amaiak. Ibilera eskuinerantz eskoratzen ari zitzaiola ohartu zen, sorbalda zaintsuetako lerroa erori egiten zitzaiola istriborrerantz. Aldakatik zetorkion desoreka. Kaira apartatu zuen behakoa.
Inoizko handiena zen partaidetza; igerilariak gal-gal ari ziren moila barruan, arrain sarda sarean bezala. Kaio guztiak jela-fabrikako teilatura erretiratu ziren ezohiko zalapartarekin kikilduta. Talaiapean laborategiko lankide batekin topo egin zuen Amaiak. Albotik igarotzean, mahukatik suabe tira egin zion hark, eta Amaiak ezin izan zuen harridura ezkutatu haren gorputz zehatzaren aurrean. Igerilari federatua zela ondorioztatu zuen taldekoen slip gorri-beltzari erreparatuta. Txolarre gosetuak bezala mugitu zitzaizkion begiak.
Zenbatean egiten duzu?, galdetu zion Amaiak begiak itsasorantz desbideratuz.
Zeharkaldia?, barre egin zuen lankideak jolasti, berrogei minutu azkenekoan.
Zortea opatu, eta urrundu egin zen irribarre behartuaren erruz ezpain gaina oraindik hortzoian trabatuta. Aitaren buru zuria bilatu zuen inguruan. Ez zuen ikusten larruazal gordinen artean. Eskailera-koxkara igo, eta kofradia zaharrerantz begiratu zuen, pantalanaren alderantz.
Aita ikusi duzu?, galdetu zion igerilarien artean paseoan zebilen arrantzale erretiratu bati. Eskailera ertza seinalatu zion. Kamiseta erantzia zuen ordurako, berotze-ariketak egiten ari zen esku bat kontrako sorbaldan jarri eta besoari helize tankeran atzerantz eraginez.
Koipea zabalduko dizut?
Azala ezagutu zion hogeita bost urteren ondoren. Lepoa, atzealdetik, ez zitzaion batere aldatu Amaiak umetan bertara igota uretara jauzi egiten zuenetik. Mendian nekatzen zenean altxatzen zuen lepoa; bere paperekin lanean ari zenetan tentetu hutsez isiltzeko agintzen ziona. Urrezko katea askatu eta esku ahurrean jarri zionean ikusi zion sikaturiko kolko maskala. Betaurreko graduatuak jaso, eta motxilan gorde zizkion aldatzeko arropekin.
Prest?
Erretratua egin zieten moilan. Bizkarretik helduta, “datorren urtean biok?”, tentatu zuen alaba. Manuelen langak azpitik pasatzera egina zegoen ordurako Amaia, eta, hala ere, hunkitu egiten zuen zeharkaldia aitarekin batera egitearen ideiak, besakada konpasatuan, elkarren aldamenean, nahiz eta jakin gurasoen bertute fisikoak Andonik jaso zituela oinordetzan eta ez berak, igerian nahiko ondo moldatzen zen arren. Irribarre egin, eta aita baino urrats erdia aurrerago kokatu zen; bizkarrarekin estali zion hegaleko ebakiondoa, giltzurruna erauzi ziotenetik puzten joan zitzaiona planta oneko gorputza itsusteraino.
Ea, ba, iristen garen.
Zain egongo gara.
Paseorantz jo zuen Amaiak helmugarako bidean, zeruari begiratu zion. Zeharkaldia hastearekin batera altxatu zen haizea eta zartatu uraren gainazala. “Eguraldiak kanbioa du”, iragarri zuen aitak gosaritan, baina hitz beste egin zuen Amaiak. Egunsentiko zamau barea harrotu eta orbandu egin zen, ordea, haize-olatuak ugaritu ziren itsaso zabalean. Kostaldeko paseotik aitaren bila aritu zen alferrik, ez zuen identifikatu ehunka txano zuridunen artean.
Parrokia aurrean elkartu zen Andonirekin eta haurrekin. Haraino heltzen ziren Michael Jacksonen Beat it eta esatariaren kalaka. Malekoira jaitsi zirenean, lehen taldekoak jada dutxatuta zetozela ikusi zuten, saihetsak bistan, nekearen pisurik ez hazpegietan. Une hartan txano horiak ari ziren sartzen, “bi talde lehenagokoak”, azaldu zien Andonik haurrei. Urdinak hasi ziren iristen gero. Kronometroari begiratu zion Amaiak, berrogeita hamahiru minutu. Beste bost kalkulatu zizkion gutxienez aitari; hamar ere bai, itsasoaren zakarra ikusita. Aleka bistatu ziren lehen txano zuriak, eta ugaritzera egin zuten laster. Amaiaren begiak aitarenak ortografia akatsen bila bezala mugitzen ziren ur-azalean ezker-eskuin. Azken txanpan olatuak hartzen saiatzen ziren igerilariak, bagek eraman zitzaten hondartzara arrastan. Nabarmena zen zenbaiten nekea, pasara hartuta zetozen.
“Ordubete eta bost”, esan zion besoak gurutzatuta irribarrez hondartzara begira zegoen nebari. Itsasora begiratu zuten. “Aitona?”, galdetu zion alabak. “Aitona azkena geldituko da?”.
Bizkarra ukitu zion semeari. Herriko igerilari gazte bat animatu zuen eta itsasora begiratu zuen atzera. Zango bat falta zitzaion igerilari bat iritsi zen. Halako batean ikusi zuen, kronometroak ordubete eta hamaika minutu markatzen zituenean, aitaren gorputza uretatik irteten. Dei egin zion: “Aupa, aita!”. Zotin bat irentsi, eta txikia besoetan hartu zuen. Builaka hasi ziren haurrak, eta Andonik, txaloka, urrats bat egin zuen atzera. Manuelek eskua jaso, eta begiak asko ireki zituen paretik igaro zitzaienean.
“Larri-larri”, esan zion Amaiari, hark helmugan toalla zabalik itxaron zionean. Putzu bat egin zitzaion oinen artean. Aurpegia igurtzi, betaurreko graduatuak jantzi, eta urrutira begiratu zuen.
Zeharkaldi alternatiboa antolatzea Andoniren ideia izan zen, portu gaineko tabernako terrazan. “Moilatik irten eta arranpalara, ea nor lehenago”, proposatu zuen hatzaz ibilbidea markatuz. “Amaia, zu eta hirurok; ‘Isastitarren zeharkaldia’”. Kokotsa altxatu eta sudur puntarekin jo zien erronka aitari lehenengo, arrebari gero.
Beatrizek baxoerdia mahaian utzi, eta zutitzeko imintzioa egin zuen, “ni arbitro!”.
Manuelek esertzeko agindu zion emazteari esku-keinu batez. Begiak barrez-barrez, ezpainekin soinurik atera gabe txistu jotzeko keinua egin zuen Beatrizek.
Inguruan bada txapelak brodatzen dituen inor?, ekin zion Beatrizek atzera.
Telefonoan bila hasi zen Andoni, “hemen bat!, Maria Jesus Lorenzo. Eskatuko dut?”.
Manuelen erreakzioaren zain gelditu ziren.
Itxaron, esan zuen Beatrizek, bekainak bildu eta buruaz ezezkoa eginez. Legeak jarri behar ditugu.
Legeak, legeak… Arauak esan nahiko duzu, zuzendu zion Manuelek.
Arauak. Moilatik arranpalarakoa laburregia da, aitak irabaziko badu, distantziak luzeagoa behar du. Hondartzari bi joan-etorri gutxienez.
Manuelek ez zuen zirkinik egin.
Ni ados, onartu zuen Amaiak. Zenbat metro luze da hondartza?
Seiehun hortxe-hortxe, bota zuen begiz Beatrizek.
Eskuak burura eraman zituen Andonik, flotatzen ikasi beharko dut!
Ba, ikasi!, erantzun zion amak. Beste erronda bat?
Handik astebetera, hondartzako petrilean erantzi dituzte arropak elizako kanpaiek hamaikak jo dituztenean. Oraindik antzematen dira kaioen oinatzak hondarrean. Euri txikia ari du. Beatrizek argazkia egin die odol bereko hiru soinei. Andoni da garaiena, iparraldeko terrajea du, amarenaren antzekoa. Manuelek eta Amaiak molde berekoak dirudite, gorputz baten bi bertsio, bular-kaiola zabal eta gerri estukoak; azala ere leku berean lehortzen zaie. Atzean dute, ilun eta zabal, itsasoa.
Manuelek uretara egin du bizkor, eta atzetik segi diote seme-alabek irteerako arranpalara. Beatriz ere bertaratu da haurrekin. Amaia bien erdian kokatu da, ezkerrera aita eta eskuinera neba. Beatrizek irteera abisua eman duenean, dena emanda hasi dira neba-arrebak elkarri indarrak neurtzen, bazirenik ere ez zekiten amorru zaharrak giharretan. Metro erdia ateratzen dio Andonik, baina Amaiak erabakita dauka nebari irabazi egin behar diola. Elkarren kontra lehia daitezkeen kirol bakarra da. Manuelek atzetik jarraitzen die.
Lehenengo luzearen erdi parean nabaritu du Amaiak nebaren flakia, bat-batean, crawl estilotik bizkarkakora igaro denean. Bere kautan, “bat gutxiago”, pentsatu du Manuelek. Amaiak ukitu du aurrena hondartzaren bestaldeko ertza, Manuel iritsi da segundo gutxira, eta ia harekin batera baina pott eginda, Andoni. Bigarren eta hirugarren luzeetan Amaia doa buru, bere gorputzean eroso, inork harengandik espero gabeko erakustaldiaz harro. Laugarren eta azken luzeari ekin orduko jarri zaio, ordea, parean aita. Besakada bakoitzean ikusten diote aurpegia elkarri, kuku eginez bezala, ispilu-jokoan, Amaiak eskuinaldetik eta Manuelek ezkerraldetik hartzen baitute arnasa.
Amaiak ezin dio irribarreari eutsi bere buru jiratuak aitarenarekin topo egiten duen bakoitzean. Horman alboz albo jarritako bi penduluren modura, bat egiten doaz apurka, sinkronizatzen urpetik elkarri igorririko bibrazioen bidez. Amaiak badaki gutxi gorabehera denbora-tarte berean kulunkatzen diren edozein bi gorputzek, elkarrengandik gertu egonez gero, harmonizatzera jotzen dutela pixkanaka. Hogeita bost urte bete arte aitarekin izandako ezin ulertuak etorri zaizkio burura. Haitzen moduko isiltasunak. Elkarri egindako mina.
Bat-batean, aitak erritmoa nabarmen bizkortu duela nabaritu du, gorputz erdia atera dio ohartzerako. Berdintzen saiatu da, baina koska bat gehiago estutu du Manuelek. Amaiaren aurrean kokatu da, oinekin aparra harrotuz. Ihes egin dio malapartatuak. Eta zabaldu egin zaio zerbait bularrean, ezin bete diren promesen distirarekin. Burua hondorantz murgildu duenean, barre egin du urpean. Arnasa behartzeke iritsi da helmugara, bostekoa luzatu dio aitari, bularraldeko ikara mehe hori zer den oraindik arrastorik gabe.