Axun
Axun
1995, nobela
118 orrialde
84-86766-59-1
azala: Judy Pedersen
Abelin Linazisoro
1942, Zumaia
 
Axun
1995, nobela
118 orrialde
84-86766-59-1
aurkibidea
 

 

II

 

Hozkailutik atera duen koka-kola edaten ari den bitartean bueltaka darabil burua Pedrok. Axun abokatuarekin berriro egon behar luke. Bihar hobe etzi baino. Ia ziur da, bestalde, hots egin eta esango balio, besterik gabe, berarekin hitz egin nahi lukeela, onartuko liokeela, baina irtenbide hori oso gogorra eta lotsagabea izango litzaioke. Aniskutsua. Helduleku bat behar du. Koartada antzeko bat. Gezurrezkoa bada ere.

      Etxeko atea itxi eta kalean da berriro. Emazteari esan baino askoz goizago iritsi da herrira. Orain hiru urte lanik gabe geratu zenetik egunero kafetegira joaten da bulegoko lankide izandako bat eta koadrilako beste birekin berriketan egitera. Etxeko lanak egiteko-eta askoz lasaiago ibiltzen dela esaten dio, baina Pedrok ondotxo daki hori ez dela horrela.

      Urratsek ibai aldera daramate. Ibai-hegaletik zehar gorantz doa. Neska eta mutiko asko dabil igerian edo belarretan etzanda eguzkia hartzen. Zenbat aldiz ibili ote zen moila hartan jolasean edo igerian! Mendeku egun hartan ere bai. Hainbeste maitatu zuen Axunek traizio egin ziola-eta, mendekatzea erabaki zuen hartan. Hura bai izan zela bakardadea! Goizean lankideak berehala ohartu ziren Pedrok ez zuela eguneroko alaitasunik, eta hori baino okerrago, oso adigalkor zebilela. Egun normal batean Pedro bera ibiliko zen tornoa martxan jarri eta bati eta besteari adarra jotzen edo txiste kontalari, baina egun hartan ez zion ia inori jaramonik egin, ezta burkidea etorri zitzaionean ere esanez udazkeneko enlaze sindikal aukeraketetan aurkeztea komeni zitzaiola, horrela legearen babespean, goitik behera kontrolaturiko sindikatua izan arren, azpilana askoz erosoago egingo zutela-eta. Batez ere herriko tailer handienetako langile borrokalarienak hautatuak izan zitezen lortzen bazuten.

      Lantegian hala ere denbora ondo eraman zuen. Okerrago izan zen arratsaldea! Bazkalondoan familia udatiarra bazkaltzen ari zen bitartean, Pedro jangelan apropos sartu, hitz bat edo beste Axuni ezik beste guztiei esan, goizez han nahita utzitako toaja eta liburua (Axunek ikus zezan) baitu, eta neska behera begira ari zela betertzez zekusalarik gelatik irten zen. Mendekua hasi zuen! «Bart beste mutil baten konpainia nahiago izan bazuen, orain biok elkarrekin jarrai dezagun nahi badu, erreguka etor dakidala!» pentsatu zuen.

      Hondartzara joan ordez, moila gainean arropak utzi, uretara murgil egin eta hain ernegatuta eta senetik aterata zegoen, ezen ez baitzion igeri egiteari utzi kilometro bat gorago zegoen trenzubiaren harrizko eustazpira ailegatu arte. Han koska batean eseri zen atseden hartzeko asmoz, baina laster asko ohartu zen zeukan abaildura ez zela gorputzarena soilik. Ia ez zen iruditzeko gauza ere! Egonean, herritik urrun, lekukorik gabe, burdinazko angelu arteko haizearen txistua zuela lagun, arima erratua baino goibelago sentitu zen. Mendekuak ez zion pozik ematen. Alderantziz, adiskidetzeko ordua etor zekion barru-barrutik nahi zuen sugartsu! Denboraren neurria galdurik, untzigalera bateko bizidun bakarra baino bakartiago, mendekutik minera eta minaren lekuan neurtezinezko hutsunea zuela, egunetan zintzilikaturiko olagarroa baino lehorrago sentituz, hantxe egon zen karguntzi baten urrutiko turut-hotsak munduratu zuen arte.

      — Aitta! Aitta! —seme txikia saltaka datorkio.

      — Baina motel! Zer egiten duk hemen hain urruti? —konturatzerako ia trenzubi pareraino iritsi da Pedro.

      — Lagunekin arrantzan! Zatoz aitta! Begira! —otartxoan buztanbeltx bakarra da ageri.

      — Eta hori harrapatzeko etoni al zarete honaino? Zenbat denbora daramazue hemen?

      — Bi ordu edo.

      — Hobe duzue herri aldera joatea. Itsasaldera. Hemen lazuna eta xinxangrea besterik ez zagok. Eta aingira bat edo beste. Hala, zoazte herri aldera, han urraburuak, urdoak, brekak, karraspixoak... denetik harrapatuko duzue.

      — Jo aitta! Paol aldean askotan izaten gara, baina hemen...

      — Beno, beno, nahi duzuena. Meriendatu al duzue?

      — Bai! —lau mutikoek batera.

      — Gero arte orduan.

      — Bai, gero arte, aitta! Gero arte, Pedro!

      Itzuli aurretik soa trenzubi aldera botatakoan jada ez dazagu ingurua. Lehengo leku oihandar hartan orain lantegiak, etxeak... Dena aldatzen ari da: lekuak, lurra, gu.

      Herrirantz doala, gizon bat gorantz datorrela dakusa. Kainabera sorbaldan, otarra eskuan... Mika ipurtokerra! Deblauki, badaki zer esan emazteari! Bai. Emazteari eta abokatuari. Biei.

 

 

— Baina Pedro! Zure jenio honek galduko zaitu! —Jexuxa emazteak.

      — Eta zuk zer egingo zenuke? Zure familiaz nahi dituen guztiak esaten laga?

      — Bai, izan ere txotxolo hutsa da hura, baina, ukabilkada bat ematea ere...

      — Ondo egin duzu, aitta! —txikiak.

      — Hago ixilik, lotsagabea! —Jexuxak.

      — Zergatik diok hori, Bikain? —Pedrok.

      — Ba, ipurtoker horrek lohi-harrak kendu dizkigulako pototik! Ia denak!

      — Txilipito alua! Zeraman kainabera motarekin ez zian amuan karnatarik jarri beharrik-eta!

      — Horregatik esan dizut, ba, ondo egin duzula! Zu bezala handia banintz oztarrena sartuko nioke ipurtzulotik!

      — Hura ez duk zintzoa izango baina hi ere ez hadi hain mingainarina izan —Pedrok—. Zaharrenganako errespetu pixka bat ere erakutsi behar duk...

 

 

Donostiara berriro joateko aitzakia jartzeak ondo irten dio Pedrori. Abokatuarekin telefonoz hitz egin duenean, kabina batetik etxeko inork entzun ez ziezaion, honek esan dio epaiketarako ez diola batere onik egingo ekintza horrek. Bai, kalean egurtu duela enkargatua, baina enkargatua beti enkargatu dela, tailerrean, kalean eta komunean.

      Pedro pozez eta urduri dago. Bihar arratsaldean Axunekin egoteko parada izango du. Bi ordu. Hiruretatik bostetara. Eskuzabala izan da abokatua! Emakume eder hark ziplo igerri dio zerbait berezia edo ezkutua daukala hari esateko. Eguerdian despatxoan emakumeari bere izenaz galdetu baino lehen. Biharko denbora nahiko luzea ematea jakinminak eragindakoa izango da. Ez du zalantzarik. Bestalde, arratsalde zatia, osoa edo behar duen denbora etxetik kanpo ibiltzeko ez du arazorik.

      — Ondo lo egin, Jexuxa.

      — Bai, ondo lo egin.

      Senar-emazteek ohean elkarri ezpainetan muxu labur bat eman, argia itzali eta lotarako egunero bezala jarri dira. Elkarren ondo-ondoan.

 

 

Kostatu zaio Pedrori bezperako aparkalekuan tokia aurkitzea. Gaur dotoreago dator. «Ez zaitez abokatuarengana atzo bezaia jantzita joan, bakero zahar horiekin ez-dakit-zer baino narratsago!». Bai. Emazteak esan ez balio ere dotore antzean janzten ahaleginduko zatekeen, baina primeran etorri zaio emaztearen aholkua. Alde batetik ez duelako ideiarik ere zein fraka nolako alkandorari datorkion ondo —emazteak janzten du—, eta bestetik, ez duelako bere burua nabarmendu nahi dotore jantzi nahiarekin. Jexuxak oraindik ez daki abokatua emakumezkoa dela. Gaur hartu duen automobila ere emazteak lantegirako joan-etorrian erabiltzen zuena da. Dotoreago eta berriago. Pegatina bakar bat dauka atzeko kristalean. Euskal Herrian Euskarazek aspaldi atera zuen «Euskaraz eta kitto». Ez zaio inoiz gustatu pegatinak eramatea —ahal zuenik eta oharkabeen igarotzeko bideak—, baina hau euskaldun guztiek eraman beharko luketela deritzo.

      Langela argitsuan dotoretasunak bereak bakarrik ez direla ohartu da. Axun abokatua ere zertxobait apainduago dago eta aurpegian bezperan baino makilaje pixka bat gehiago eman duela iruditu zaio. Polita dago benetan!

      — Orain egoera beni baten aurrean zaude... gaude.

      — Bai —baina Pedrok ez du ulertzen.

      — Enkargatuak denuntzia jar lezake, eta orduan auzia ez litzateke laboral hutsa izango... Ulertzen?

      — Bai, noski...

      — Aizu, Pedro, zuri ez zaizu hau asko inporta...

      — Ez.

      — Halako metodoak erabiltzea... Arrazoia zuen nire senarrak... Zer enkargu eman didaten esango dizut. Begira...

      Axun abokatua hitz egiten ari den heinean Pedro unetik unera erakarriago dago. Gero eta antz handiago duela deritzo. Ahotsa, esakerak, mugimendua... Dena!

      — Nire senarra Herri Batasunako parlamentaria da. Dirudienez ongi ezagutzen omen zaitu eta...

      — Bai, bai. Nik ere hura ondo ezagutzen dut. Zu ez zintudan ezagutzen baina hura... LABen asko mugitu zen sasoi batean.

      — Beno, ba niri, egia esan, enkargu mota hauek egitea ez zait gehiegi gustatzen, baina gizagajoa aspaldian arnasa hartzeko astirik gabe dabil eta...

      — Itxoin. Badakit zer enkargu eman dizun: langile mugimendua indartzeko LABen sartzea egokia izango litzatekeela edo horrelako zerbait, ez?

      — Ba bai. Senarrak esan didanez sasoi batean zu asko mugitu omen zinen langile batzarrak indartzen-eta, eta orain LABen zenbat eta jende gehiago sartu orduan eta nazio askapenaren mugimenduaren aldeko askoz hobe dela, eta horrelakoak esan dizkit. Esan beharrik ez dizut ni ere ados nagoela nire senarrarekin.

      — Bai, bai... Pentsatzen dut zer eta nola esango zizun... Beno, ba, esaiozu eskertzen diodala nitaz gogoratzea eta beharbada merezi dudan baino estima handiagoan naukala, baina... ezetz esaiozu. Alde batetik hainbeste urte luzeko borrokaren ondoren nekatuta aurkitzen dudalako neure burua eta, bestetik, eta zure senarrak ondo daki hau, ez dudalako sinesten ez alderdi eta ezta sindikatuetan ere.

      — Nahiko bitxia da, ba, langile mugimendua indartzen jardun zuen batek sindikatuetan ez sinestea.

      — Tira, ikuspegiak eta ikuspegiak daude. Libertarioa naizela esaten badizut dena argituko dizudala uste dut. Askatasuna gauza guztien gainetik, eta hau eraiki ahal izateko batzarretan erakundeturiko behetik gorako sistema batean sinesten dut. Batzarrak indartu beste oro bigarren mailara pasaz.

      — Eta gure egoera? Euskara, euskal kultura, preso politikoak, ekonomia, atzerriratuak, errefuxiatuak, torturak...

      — Zuk uste duzu autoerakundeketa eta autogestioan oinarrituriko mugimendu indartsu batek ez lukeela aurrera eramango behar den guztia?

      — Ez dakit, ez dakit... Agian bai. Airean legoke nola erakundetu Euskal Herri mailan...Gai honek eztabaida luzeagoa eskatzen du. Beno... hurrengo baterako utziko dugu, ez?

      — Bai, Axun. —Pedro Axuni so geratu da. Pertsona argien miresle da eta ziur da aurrean duen emakumea oso argia dela. Bere Axun ere bai...

      Biak isilik geratu dira. Bilera ofiziala amaitu dute. Pedrok ez daki nondik hasi. Axun gaztea ere mingainaren puntan daukan galdera nola bota asmatu ezinik dabilela dirudi. Baina halako une teinko bat sor daitekeela pentsatuz emakumeak aurrez zerbait prestatu du. Jaiki eta diotso:

      — Freskagarriren bat? Ala patxarana-edo...

      — Patxarana? Abokatu baten bulegoan patxarana?

      — Beno, hau ez da inori esatekoa, baina alboko gelan hozkailu txiki bat daukagu eta patxarana etxetik ekarri dut. Neuk egindakoa da.

      — Hala bada, primeran. Patxarana orduan. Lagunduko dizut —Pedro ere jaikiz.

      — Ez, ez. Lasai. Zaude eserita.

      Berehala itzuli da. Bandeja batean botila, bi baso eta izotza edukitzeko ontzi bat dakartza. Eta zapi zuri bat. Pedrok emeki hartu dio zapia. Destolestu, mahai gainean zabaldu eta ertzean ondo jartzeko asmoz kantoian eskua jarri duenean, Axunek, izotzontzira iritsi nahian luzatu du gorputza konturatu gabe kantoira arrimatuz. Nahasi samarra geratu da. Patxarana basoetara bota bitartean saiatu da naretzen. Aitzinean daukan gizon hura ez da batere goapoa baina gizon itxura du. Belarri inguruetan ja zuritua duen ileak nortasun berezia ematen dio eta betaurreko txiki biribil haien atzean ezkutatzen diren begi urdin haiek... galduta dauzka! Bazirudien berari begira zegoela, baina ez...

      Axun...! Hainbeste maitatu ziren uda haren aurreko urtean, udazkeneko lehenbiziko egunean, pelikula famatu on horietakoa botatzen zuten Amaya zine aretoan. Barrura sartzeko ilara luzean zegoen, bakarrik. Axun senargaiarekin barrealgaraz hurbildu zitzaion esanez ea han ondoan sartuko ziren, ilara oso luzea zegoela-eta. Atzekoei galdetzeko erantzun zion. Ez zegoen arazorik. Eta hantxe zeudela, Axun senargaiari erdaraz berari euskaraz, jendea zertxobait pilatu zen, elkarren kontra jarri eta, ustekabean, behealdera zeukan eskuan Axunen hankartea sentitu zuen. Oreka galdu eta asaldatu zen. Ez zuen eskua higitu ere egin. Geldirik. Eztarria lehor. Eta han jarraitzen zuen Axunek senargaiari besotik helduta berriketa eta berriketan. Halako batean Axun Pedroren sorbaldan sostengatuz oin punttetan jarri zen zinera sartzeko atea ireki ote zuten egiaztatzeko-edo... Gora eta beherako higiera hura eskuan sentitzea gehiegizkoa egin zitzaion! Nora begira asmatu ezinik, hitz egiteko ahalmena galduta... Une hura izan zen hurrengo udako maitasunaren aurretiko iragarpena.

      — Barkatu. Adia galdu dut.

      — Ez duzu esan beharrik. Hemendik oso urruti zeunden. Zigarro bat?

      Zigarroa eskaintzerakoan Axun gazteak alde batera okertu du burua sorbaldarainoko melena beltza mugiaraziz. «Nire Axunek egiten zuen keinu berdin-berdina dik! —bere artean Pedrok—. Hau kasualitatea! Ez duk posible! Begi beltz horien soa ere...».

      — Tira, hel gakizkion oraindik ukitu ez dugun arazoari —ez duen lasaitasuna erakutsi nahirik abokatuak—. Jakin nahi nuke, axola ez bazaizu, zure harriduraren zergatia. Zer du harrigarritik nire izenak?

      — Zure izenak ezer ez, izanak bai. Hau da, izena eta izana elkarturik egotea da hanitzekoa —Axunen ulertezina igerriz—. Begira... ez dakit nondik hasi... Atzo ikusi zintudanean bazterturik neukan aurpegi oso maite bat nekusala iruditu zitzaidan. Gero, aneta handiagoz begiratzean, ziurtasun osoa izan dut. Zure aurpegia eta nik ezagutu... beno, maitatu nuen neska batena berdin-berdinak dira. Ziplo iraganean sentitu eta erabat endretatuta geratu naiz eta...

      Pedro isildu, patxaranari zurmt bat egin eta zigarro gorriaren trakadaren kea biriketaraino irentsi du. Garai hartan bezala...

      — Zerbait igerri dizut —Axunek elkarrizketa bideratu nahi du gizon hari lagundu ahal izateko—. Hainbesteko antza al daukagu ba?

      — Antza bakarrik ez. Hogeita hamar urte atzerago banengo huraxe zarela esango nuke. Hark ere Axun zuen izena. Eta... nire iritziz zerikusia izan behar duzue. Nahitaez! Ez zara, ba, zu durangoarra izango? Edo zure ama?

      — Ba, ez. Donostiakoa naiz eta oiartzuarra jaiotzez. Baina... nire amonak bazuen ahizpa bat Durangora ezkondua. Halako garrantzia izan al zuen neska hark zure bizitzan? —Axunek ez du zalantzarik lehenbiziko amodioaren itxura guztiak dauzkan istorioren bat azalarazi duela.

      — Beharbada bai. Nik uste baino handiagoa. Baina ez nazazu eduki ez brankan eta ez txopan! Azal iezadazu, arren, ea zuk eta nire garaiko Axunek zerikusia duzuen.

      — Ez dakit, ez dakit... Une honetan ez naiz oroitzen. Agian, amari galdetuko banio...

      — Benetan ez dakizula? —abokatuak zerbait ezkutatzen diola ia ziur da Pedro. Durango aipatzean, izenak asaldatu bailuen edo zerbaitetaz gomutatu bailitzan, Axunen begietatik distira bitxi batek ihes egin diola ikusi baitu—. Zure amonaren ahizpa Durangon bizi zela aitortu duzu eta nire gaztaroko Axun ere hangoxea zen. Beraz, hau ezin daiteke kasualitatea izan.

      — Despatxo honetan lanean hasi nintzenetik mila eta bat ezagutu ditut. Harritu egingo zinateke zenbat kasualitate gertatzen diren jakingo bazenu.

      — Hala eta guztiz ere... —Pedrok bapatean moztuta aurkitu du bere pentsamenduaren haria. Ez daki nondik jo.

      — Zure Axun hura Zumaiara joan al zen bizitzera ala...? —zerbait lagundu eta jakin nahirik abokatuak.

      — Ez... denboralditan izaten zen han... —oraingoan iraganean galtzear.

      — Zure, zure... lehen amodioa, ezta?

      — Bai, bai... —Pedrok hitz egiten jarraitu nahi du, baina eztarrian tiraña dagoenean olatuek haitzartean sortzen duten zurrunbilo antzekoa nabaritu du. Ezin du jarraitu.

      — Ba... gustatuko litzaidake zure istorio hori jakitea.

      Hau entzutea aski izan du gizonak lasaitzeko. Begiak hertsi eta oroimenaren gandu artean galdurik zeukan Itsaspe berezi hura dakusa.

      — Ondo iruditzen al zaizu?

      Telefonoaren txirrinak eten du Axunen hitza.

      — Bai...? Konpromezu bat sortu zainala? Bai, lasai. Daukadanarekin amaitu eta beste bi bezero bakarrik zeuzkanat... Bai Mirari, sei t’erdietarako hor izango naun. Hi aizan, Ekaitz hobeto al dago? Eta Goizeder...? Bale. Gero arte.

      Gizona pentsakor geratu da. Ekaitz, Goizeder, Mirari... Atzo ezagutu zuen emakumea eta bere haurrak ote dira? Zerikusia ote du Axunek Mirarirekin?

      — Jarrai dezagun. Ba, hori... Esaten dute emakumeok oso jakinberak garela eta... tira, pozik entzungo nuke, eta benetan diotsut, zure maitasun istorio hori.

      Gela hura ez dela egokiena pentsatu dute. Telefono deiak noiznahi. Tabernazulo batean sartzea ere... Abokatu gazteak aurkitu du irtenbidea. Bera bizi den etxean lasai egongo dira. Etzi, ostiralean, bilera garrantzitsu horietako bat izango du bere senarrak eta arratsalde osoa, eta baita gauaren zatia ere, etxetik kanpo emango du. Haurren arazoa Mirari bere adiskidearekin konponduko du. Ostiraleko bezeroak ez dira presadunak eta astelehenera pasatuko ditu. Kalerako atean, eskua Pedrok eskaini dio.

      — Ostirala arte orduan.

      — Bai, ostirala arte.

      Eskailerak jaisten hasi bezain laster itzuli du burua Pedrok. Axun oraindik ate zinikituan dagoela dakusa.

      — Ez ahantzi nire etxeko helbidea, e? —dio abokatu gazteak.

      — Ez, lasai.

      Ahaztu? Amodio zaharra halako indarrez berpiztu dion emakume zoragarri haren helbidea ahaztu? Ezta munduak eztanda egingo balu ere!