Bar Gloria
Bar Gloria
2022, nobela
192 orrialde
978-84-17051-93-8
Azala: Arriguri
Nerea Ibarzabal Salegi
1994, Markina-Xemein
 
 

 

21

 

 

“Ni ez noa lasai”, entzun du ama esaten, eta bere gelarantz gerturatzen diren pausoak sumatu ditu gero. Aterik jo gabe sartu da barruraino.

      “Migel, ikusi al duzu zure anaia?”.

      Ez du bezperatik ikusi. Tabernako komunen batean egongo da lotan, edo autoren batean, bizitzaz ahaztuta. Ez litzateke lehenengo aldia.

      “Laster etorriko da. Beti etortzen da eguerdirako”.

      Amak kezkatuta eman du buelta erdia. Eztabaidan jarraitu dute; aitak irteteko ordua dela dio, behin eta berriro, garaiz iritsi nahi badute, baina amak semea ikusi gabe ez du alde egin nahi.

      Gurasoek oporretako zenbait aste emango dituzte Soriako herrian. Migelek iaz huts egin zuen lehenengoz. Umetan erraz joaten zitzaion hilabetea, larrua beltz eta ilea hori eder, egunero bihurrikeriaren baten jiran senide zein herriko haurrekin, baina orain ez. Igerilekudun herri bakarra urrun geratzen da beraienetik, eta izebaren baratzean ematen dituzte egunak, jaten eta edaten, eta gauez ibilaldi txikiak egiten kanposanturako bidean, gau zabalen azpian hormetako muskerrak zenbatuz. Anaia ez da joan azken hiru udetan, eta beste lehengusuek ere, urteak igarota, askatu egin dute haurtzaroko ohitura.

      Migel ohetik altxatu da, eta, badaezpada, armairuko kaxoira jo du. Eskua atzeraino sartuta, lasaitu egin da billetez betetako galtzerdi beltza ukitu duenean. Oraindik hor dago. Anaiak lanera joaten dela esaten du etxean, baina Migelek badaki ezetz, tabernako bezero batzuek esan ziotelako alderrai ikusi izan dutela goizetan errekondoan zehar. “Sumatu al duzue koilaratxoen falta?”, galdetu zieten behin Rakeli eta biei. Sumatu dute. Geroz eta kafe kikara gehiago itzultzen dira harraskara koilararik gabe. “Taladroz zulatu behar zenituzkete”.

      Burumakur, maleta parea eta janari poltsak ate ondora gerturatu ditu amak handik apur batera, eta Migel agurtu du. “Anaia iristen denean, deitu izebaren etxera. Bideko kabinaren batetik deituko dizugu guk ere laster”. Musu eman dio amari masaileko zimurraren gainean, eta aitak bizkarretik pasatu dio eskua, gora eta behera, birritan, hain berea duen alde egiteko gogo horrekin.

      Migelek leihotik jarraitu die. Patioan gora ikusi ditu gurasoak urruntzen, autora bidean, biak ingurura eta etxe kantoietara begira.

      Bazkalostera arte ez da entzun giltzarik etxeko sarrailan. Anaiaren aurpegiera aztertu du Migelek korridorearen beste kantoitik. Ile zikina kopetan behera, begirada oker, gorputza arrain-hezur bat. Sarrerako ispiluari begiratu dio anaiak giltzak saskitxoan uzterakoan, eta eskua aurpegira eraman du, logalearen pisuari eutsi ezinda.

      “Juan”, deitu dio Migelek, listua irentsiz. Orduantxe jabetu da anaia nagusia gaztearen presentziaz. “Dutxatu, jan zerbait, eta segi lotara”, esan dio, besotik heldu bitartean, amak erabiliko lituzkeen hitzekin, hantxe ahaztuta utzi izan balitu bezala, sarrerako altzarian, gantxillozko tapete zuriaren gainean. Anaiak laster askatu dio besoa, hala ere, eta zuzenean egongelako butaka gorrian amildu da, txupa hotza eranzteke.

      “Ikusten al duzu zeure burua?”.

      Migel zutik geratu da egongelako sarreran. Baina anaiak lo hartu du dagoeneko, edo lo plantak egiten dabil. Gorroto du hain urrun ihes egiten dionean, denak bere zain egotera behartzen dituelako, eta beste inork ezin duelako handik ihes egin. Berak ezin duelako handik ihes egin.

      Telefonoan izebaren zenbakia markatu du. Juani azken begiratu bat bota, eta buruarekin ezetz esan ahala, bere logelako mantaren bila joan da. Zakar bota nahi izan dio gainera, baina samurtasunez egin du azkenean. Anaiaren gorputzaren forma hesitu du eskuarekin mantaren gainean, hegaletatik hotzik sartu ez dakion, eta hantxe utzi du, egongelako erlojuaren tik-tak takarrez inguratuta, denboraren txirlorak moketa gainera erortzen.

 

 

Zerbait ilundu da tabernan, bonbillaren bat funditu izan balitz bezala.

      Sukaldeko balkoian eserita topatu du Rakel, muletak barandaren kontra utzita, eta hanka aurrerantz, luze, beste aulki txiki baten gainean. Benda trinko batekin estutu diote orkatila.

      “Baretu al zaizu mina?”. Migelek izterrak laztandu dizkio bere parera makurtuta.

      “Zeozer. Puztuta daukat oraindik”. Altxatzen laguntzeko keinua egin dio, eta moldatu dira nola-hala, elkarri besoetatik helduta.

      “Itxi balkoiko atea, freskatu egin du”, esan die Germanek, bandeja bete arrautza eta patata frijitu eskuan dakarrela. Mahaiaren erdian utzi du hirurentzako afaria. Bezperako ogi barra bat paperezko zaku handitik atera, eta hiru zatitan egin du.

      Migelek bandejako patata bat ostu du German eseri aurretik, mostradorera joan baita erdizka hustutako zenbait ardo botila ekartzera. Itzuli denean, basoerdiak bete dizkie jankideei, doi-doi, zipriztinik atera gabe. Migelek Germanen esku zaintsuei erreparatu die ardoa zerbitzatu bitartean. Botilen formara egin zaizkio atzamarrak. Sarriago ikusten zuten lehen, bandeja beretik afaltzea ohikoa zenean; Gloriako seme gazteena sartu-irtenka bizi da orain. Kolonia erosi berriaren usaina sumatzea aski izan zen hor nonbait neskalagunen bat baduela jakiteko.

      Ogi muturrekin zapalduta txikitu dituzte arrautzak, zuringo-gorringoak xehe-xehe egin arte. Ardoak barruak beratu bitartean, sardexken sastadak baino ez dira entzun sukaldean, eta Rakelen lantzean behingo inkesak, hanka luzatzeko jarkera egokirik topatu ezinda. Handik apur batera, ordea, ahaztu zaizkio minok, eta barrezka hasi da, egutegiaren kakotik eskegitako kapela beltza buruan ipinita, baten batek aspaldi tabernan ahaztutakoa.

      Laster eten dira algarak. Hanka-hotsa dator logeletatik.

      Patxi sukaldera agertu orduko, German estututa jaiki da mahaitik. Zartaginari heldu dio berriro arrautza-frijitzen hasteko.

      “Afaltzeko zaude, ezta?”.

      “Kanpoan jango diat”.

      “Berehala egingo dizut”.

      Patxik Migel agurtu du buruarekin, Rakelik ez balego moduan. Begiak alabaren buru gaineko kapelara joan zaizkio, hala ere.

      “Mirenek deitu al du?”.

      “Bai. Antzera jarraitzen du. Medikuak proba batzuen emaitzaren zain omen daude”.

      Patxi lurrera begira geratu da, isilik. Txabolako giltzak hartuta, maldizioka irten da ate txikitik.

 

 

Bien artean eraman dute Rakel eskaileretan gora. German bere logelara erretiratu da, eta Migelek soinekoaren lepoko botoiak askatu dizkio ohera sartu aurretik. Etzandakoan, Rakel negarrez hasi da, zotina paparrean gora erdi arrastaka datorkiola. Malkoak begietatik belarri zuloetaraino labaindu zaizkio, lokietako ile kizkur txikiak ere bustiz.

      Migelek besoa luzatu dio alboko ohetik, gabon esateko. Anaren usaina dario burkoari, eta oin biluzietan sentitu duen izaren freskurak logalea eman dio. Pentsamenduak ametsekin nahasten hasi zaizkio samur-samur, anaia butaka gorrian botata ikusi du, baina hondartza batean dago butaka, eta zerua ilun, trumoia lehertzeko zorian. Ametseko trumoiaren soinua koltxoiaren karranka izan da, hala ere. Rakel sentitu du ohetik jaikitzen, eta horrek urrundu egin du loaren eskuetatik.

      Sarrerako atearen ondoan dagoen telefonoa hartzen entzun du ohetik. Bederatzi botoi sakatu ditu segidan, zalantzarik egin gabe, klak-klak-klak, Rakelen atzamarrak egin beharreko mugimendua buruz baleki bezala. Migelek arnasari eutsi dio elkarrizketa entzun ahal izateko.

      “Andoni hor dago?”.