Ez duk erraza, konpai!
Ez duk erraza, konpai!
1995, kronika
180 orrialde
84-86766-57-5
azala: Lotura Films
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

—XV—

 

Camiloren Metraileta Ekialdeko Armadak gorde ahal izan du, aurten ere Mendebaldekoari nagusitu zaio egin berria duten lehian. Bozkariotan da Ekialdeko Armadako jeneral buruzagia, baina hobetu beharra dagoela dio, baratzetan eta ikuiluetan egin duten ahalegina handia izanik ere autohornidura ehuneko hamabosta besterik ez da oraino...

        — Sierra Maestra!

        Kubako ekialdetarrek diote, mendebaldekoak baino abegitsuagoak eta ordainzaleagoak direlakoaz gainera, beraiek direla iraultzaileenak, bertan sortu zelako mambitasuna iragan mendean eta bertan hasi zirelako lanean Che, Camilo eta Fidel... Bohío xume baten ondoan dago ezarria, bide bazterrean, Raulen tanketa tirokatu eta hondatua Cochinos Badiako inbasioa txikitu zutenean. Eta Camiloren Metraileta ez ezik Camilo bera ere Ekialdean dago:

        — Ez omen zuan hil, Sierra Maestran omen zegok, eta irrati baten bitartez egiten omen ditik kontaktuak.

        Ñengék ez du irrati hori entzun, aspaldian utzi zuen Ekialdea bizimodua Habanan ateratzeko. Entzundakorik ere ez du ezagutzen, baina ba omen dago entzun duenik.

        — Hil ez den bakarra Martí duk!

        Ez du sinesten literaturaren indarrean. Baditu poeta hilezkorragoak.

        — Che ere ez duk hil!

        Berehala, zurrumurru hauen ondorio ezinbestekoa balitz bezala, edo omenka aipatu didana berak ere sinesten ez duela jakin dezadan, aitorpen bat:

        — Camilo hil egin ziaten...

        Ez du salaketa bat egin, uste zabaldu eta ahoz aho dabilena da, Kubako mito politiko aunitzetarik bat.

        — Ama euskalduna zian, ez hekien?

        Hemen dago El Cobreko Andredena Maria, Kubako patrona, Ñengé bezalakoentzat, eta asko dira hemen, gehiengoa esanen nuke, Oxun dena eta izanen dena beti: erreka bazterretan dantza egitea atsegin duen mulata ederra, ikusleak —sasiak belarriak ez ezik begiak ere baditu eta— zoratuz. Afrodisiakoa omen den eztiarekin igurtzitzen du gorputza, eta biluzi egiten da... Orula zaharrarekin ezkondu zen Oxun, baina insatisfos gelditurik, tarroak jarri zizkion, adarrak, senarrari. Xangorekin bildu zen gero, baina senar hau emaztezale eta liskarraria izaki, laster zaharkitu zen, eta hara non katolikoen Ama Karitatezkoa den Oxun honek Oggunekin jardun zuen, esan nahi baita beltzek ez dutela amabirjinen birjintasuna oso estimutan.

        — Behin Andredena Maria sortzez garbiak eta Hamaika Mila Birjinek baimena eskatu ziotean San Pedrori mundua ezagutzeko. Eman ziean, baina gaueko hamabiak baino lehen itzultzekotan. Lehen egunean Frantzian barrena ibili zituan, eta hamabietarako zeruan zituan ostera ate joka. Nor da? galdetu zian San Pedrok. Andredena Maria sortzez garbia eta Hamaika Mila Birjinak, erantzun ziotean... ez duk ezagutzen ipuina, Ñengé?

        — Ez...

        — Ba bigarren egunean Italia ezagutu ziaten, eta berriro ere hamabietarako zeruan ate joka zintzo. Nor da? Andredena Maria sortzez garbia eta hamaika Mila Birjinak... Horrela ibili zituan mundua korri Kubara heldu arte.

        — Eta Kuba ezagututa ez zutela zerura joan nahi!

        — Ja, ja...! Itzuli hituan, bai. Nor da? galdetu zian beti bezala San Pedrok... Ez dakik zer erantzun ziotean atearen kanpo aldetik?

        — Ez...

        — Berandu itzuli zituan, goizeko ordubietan...

        — Ez zekiat, kristauen gauzak ez ditiat ongi ezagutzen...

        — Horrelaxe erantzun ziaten San Pedrok nor ziren galdetu zienean: Kontxita eta bere neskak!

        — Ja, ja, ja...! Halakoa duk Kuba, Goldo...! Zelako herria! Baina hik... Hik nondik dakik hainbeste...?

        — Nik ez zekiat ezer Ñengé, paperetan bizi nauk!

        — Ez diat ulertzen, barka ezak karabela... Zertara etorri haiz Kubara? Hi ere gaueko hamabiak arte bizi izan haiz bakarrik?

        — Ja, ja...! Ez, ez nauk horretara etorri...

        — Orduan?

        — Ni zafrara etorri nauk, karabela!

        — Damutuko zaik... Nahiago diat giltza galdu zen lekuan egon!.

        — Esaidak, Ñengé, zein santu hartu behar luke kartzelatuak?

        Irri karkailetan lehertu da, malkoak eten zaizkio.

        — Behin jan egin behar izan nian dolar bat, badakik, dibisak debekatuak genituenean, poliziak harrapa ez nintzan... Osorik irentsi nian, eta hurrengo egunean osorik atera zuan. Garbitu nian eta pozik. Kubako pesoa izan balitz ez zuan osorik aterako, desegin eginen zuan.

        — Gezurra esan badidak ere, sinesten diat... Dolarrak ez dituk liserigarriak!

        Ez dago ados, baina isilik egon behar du argumenturik bururatzen ez zaionez. Moncada kasernari eginiko jazarrean bizirik irten zelako Fidelen amak El Cobreko Andredenari eskaini zion exvotoa ikus omen dezaket bertan. Ez da aukera makala ez naizela inoiz eliza horretan sartuko esateko, ea izutzen den. Ikaratu zait Ñengé, baina ez nire Fidelenganako begiramen apurragatik.

        — Ez haiz fededuna?

        — Ez!

        — Nik santua egina zeukaat...!

        — Etzak esan, urtebete egin huen zuriz jantzita?

        — Bai, muttikoari ere egin nahi zioat, ea indartzen den. Garestia duk, baina merezi dik! Geroztik ez diat osasun arazorik izan.

        — Garesti?

        — Zazpi mila peso ordaindu nitian, eta ahuntz bat... Beha, hurbiltzen ari gaituk!

        Ez da sinestekoa! Jamaika hurbilaren berotasuna nabaritzen du Ñengék, Santiago dugu bertan Bilbo bat bezala.

                Kubako Santiagora joanen naiz ilargi betean

                Santiagora joanen naiz

                ur beltzeko kotxe batean...

        Santiagon izan zela —Venus izeneko hotelean hain zuzen— frogatua dagoen arren, ez dut uste Lorca heldu zenik inoiz Santiagora, nire iritzirako aginduak berak adierazten du bete gabeko zin bat edo gutizia geroko gerotan luzatzearen plazerra, nahiago du poetak Santiago ezagutu baino Santiago amestu. Pablo Milanesek ere abesten du Santiagora itzuliko dela berriz, Txilekora, etorkizun hobe baterako uzten duen bidaia seguran. Eta ni ere, barka halakoen mundela egitea, beti nago Santiagora itzultzeko, orain arteko bisitek asegaitz utzi bainaute beti, Compostelak beste ezein herrik ematen ez didan tristura ematen baitit, baina ez dut aski, eta jakin egin nahi nuke zer den, harriaren grixak, lauzen leunak edo euriaren xeheak, topikoan hain neurebaitako eta barneder egiten nauena... Ez nuke nahi Santiago honek pitza nazan, ez nuke nahi B. galdutako uharte honetara berriz itzuli nahi. Zer nabil ni hemen ezin uler nazakeen Ñengé alai eta ulergaitz honekin? Erromes? Etxahun txipi bat Galiziarantz? Iraultzaren lurrinetan sauna bat hartu? Errealismo Miragarria in situ ezagutu? Ihesi nabil, liburu sobera irakurri dut ezer berririk ikasteko. Eta badakik zeren ihesi habilen, txinito.

        — Motell! Bidetik aurrera jo behar genian Santiagora!

        — Ez goaz Santiagora!

        — Zeeer?

        — Habanara goaz itzuli!

        E per che, signore? No le piace il mio paese?

        Erantzun iezadak egia Ñengé, esaidak garbi B.k ez nauela maite.

        — Nola zegoen zafra Camagueyn?

        — Esan diat... berde, hilabete beharko dik oraindik... Baina horrek zer ikusia dik...?

        — Habanara!