Bihurguneko nasa
Bihurguneko nasa
2021, narrazioa
136 orrialde
978-84-17051-78-5
Azala: Xabier Gantzarain
Uxue Apaolaza
1981, Hernani
 
Bihurguneko nasa
2021, narrazioa
136 orrialde
978-84-17051-78-5
aurkibidea
 

 

Bizkarrez

 

 

“Kitto, joan naiteke ohera”. Berandu da, haur eskolarako argazki albumaren prestaketak irentsi nau: nire garuna edozein estimuluri lotzen zaio, azkenean metxeroa aurkitu duen erretzailearen grinaz. Eskulanak? Ba eskulanak. Eta jantzi, garbitu, erantzi, jaso, altxatu, aldatu, utzi, garbitu, garbitu, eraman, aldatu, eman, eman, jarri... eskulanak dopamina dira nire buruarentzat. Ebaki, irudikatu, marraztu, konbinatu, zer gustatzen zaio? pentsatu, kolaz itsatsi, bilatu ordenagailua, bilatu ordenagailuan: “Rita eta krokodilo”, kopiatu, inprimatu, Pantera Arrosa lore horia kentzen eta arrosa jartzen, brilli-brilli pixka bat, Tartalo, aukeratu, ahuntz bat... Ama izateak, lehen hilabeteetan gutxienez, muntaketa-kate efektua du; ez dizu gelditzen uzten, ez dizu pentsatzen uzten. Ama ez zaretenek esango duzue aspertzearen antzekoa dela hori, eta amaren batek ukatu egingo dizue. Posible al da aspertzea hain nekatuta egonik? Amaitutakoan, egongelan barreiatutako kartulina, plastiko eta paper zatiak jaso behar izan ditut; eta guraizeak, kola, margoak... Ohean jadanik, gaueroko otoitz laikoari lotu natzaio, “ez dadila umea esnatu gorputza mantapeko berotan goxatzen zaidan arte”. Ezinezkoa da gure etxea berotzea; ohean eta sofan manta sorta baten azpian baino ez zaizkigu gorputz atalak biguntzen. Grabitatearen eta koltxoiaren besoetan abandonatu dut neure burua, eskuak izterren artean: aspaldi itxi ditut begiak, etzan baino lehen ziur asko. Lokartzen ari naiz, eta umeari begiratu behar nioke hori gertatu baino lehen, “noiz ikusi zenuen bizirik azkenengoz?” galderari erantzun duina eman ahal izateko. Baina hari bizkarrez nago. Amak ez zion umeari begiratu ere egin oheratu zenean.

      Atzerantz adi jarri dut belarria. Ohi baino lehenago bereizi dut haren arnas hots ahula gainerako zaratetatik. Baina hori baino zerbait gehiago behar da begiratu dudala baieztatzeko. Arnasa entzun zion eta aurpegia eta bularraldea ukitu zizkion eskuaz, horrela ohartu zen... Nahikoa litzateke besoa atzerantz luzatzea, haurraren sehaska gure ohearen luzakin bat baita, tarteko langarik gabea. Sehaskatik urrun etzan naiz, ordea; ez naiz iritsiko. Ukituta ere ez nuke bereiziko zer ukitzen ari naizen, eta ukitu eta ukitu, burua, bizkarra (umea ere niri bizkarrez egongo baita)... esnatu egingo dut. Lokartzen ari naiz, eta hori pentsatzeak ez du lokartzeko prozesua moteltzen. Umeari begiratu aurretik hartuko nau loak, ez naiz ohartuko zerbait gertatu bazaio, gertatzen ari bazaio. Bere arnasa entzuten dut. Badakit, oraingoz, bizirik dagoela.

      Reality bateko tertuliakideak imajinatu ditut (edo txiolariak ziren?), nire irudiz betetako pantaila erraldoi baten aurrean eserita: “Zer gertatzen zaio ama honi? Zergatik ez dio umeari begiratu ere egin? Ez du argirik piztu, ezta mugikorrekoa ere. Ez du ikusi. Badu azalpenik horrek?”. Eta psikologo bat dago zutik, gorputz adierazpenean aditua, niri buruzko azalpenak ematen. Dena da larria, dena da ulergaitza ama batengan. Eta umea horren ispilu da, bera ere bizkarrez baitago. Hala egoten da, pediatrari kontrakoa esan banion ere. Nire kontzientzia Telecincoko tertulia arrosa bat da.

      “Haurrak lasaitu egiten dira ama usaintzen dutenean, ama gertu dagoenean, ikusten dutenean; ziur asko, bereizten duten aurpegi bakarra da: kumeak ahalik eta denbora gehien pasatu behar du amarekin” dio adituak, eta lakaz harrotutako ile hori metxadun batek bai-bai egiten du serio, kopeta zimurtuta. Osasun langileek ere fede handia diote amaren presentziari, haurra negar histeriko kontsolaezinean murgiltzen den bakoitzean jartzen didate besotan, “ez da inon amaren besotan bezain goxo egoten, e, txikitxo”: umea askatu eta lasterka hasteko gogoa pizten zait niri, lau porro erre eta konortea galtzekoa. Baina halaxe nengoen, haur negarlaria besotan, zeina zotinka ari zen, infernutik bueltan baletor bezala, pediatra arrotz batek burua eskukatu ondoren. Buruaren alde bat bestea baino zanpatuagoa zuela esan, eta hartu gaituen osasun langile orori entzundakoa errepikatu zigun; umea buruz gora jarri behar dela, baina burua maiz aldatu behar zaiola jarreraz, aldeetariko bat ere zanpatuta ez geratzeko. Normala dela, ordea, haurrek burua jartzeko alde kuttun bat izatea (eskerrak, “normala da”, hori esan du, hots, ez dela nire errua); orokorrean, sehaskan amari begira egoten dira. “Ziur zuk haurraren alde honetan lo egiten duzula, ez?”. Baietz esan nion, Ferrek ez zuen kontrakorik adierazi (orduan oraindik zenbait gauza elkarrekin egiten genituen), baina gezurra zen. Gure haurrak ez zuen biotako inori begira lo egiten. “Normala al da amak eta semeak horrela lo egitea, elkarri bizkarra emanez, hain urrunduta? Zer adierazten digu horrek?”, galdetu dio aurkezleak gorputz adierazpenean aditua den psikologoari. Sorbaldak eta bekainak jaso ditu erantzuten hasi baino lehen...

      Berotu zaizkit eskuak. Berez, pentsatzen ariko ez banintz, ohean luze etzango nintzateke orain, beso zabalik, eta zangoak luzatuko nituzke: behatzak tente jarri beharko nituzke berehala muskulu bikiei goranzko tentazioa sumatuko niekeelako. Inoiz ez zaizkit bikiak igo, inoiz ez zuten halako asmorik agertu, berrugaztundu naizen arte, esne-makina bilakatu naizen arte, alegia; hor joaten zait nire organismoak behar-beharrezkoa duen ura. Ez dauka konponbiderik. Biberoiak betetzeko beharko nukeen euro kopurua kalkulatzen ere ez naiz hasi. Eta zorabiatu egiten naiz biberoiak betetzeko nire titietatik esnea ateratzen. Zer egingo diogu. Beraz, badaezpada ere, berriro alde batera jarriko nintzateke. Baina orain horrek guztiak erabaki handia dirudi. Pentsatze hutsak begiak irekiarazi dizkit. Berriro itxi ditut, eta banan-banan hasi naiz egunean ikusitako pertsonen ehuneko hamarraz maitemintzen. Nekeak hori ere mugatzen du, fantasiak nire ahalmen fisikoaren neurrira egokitzen dira (aldagai kualitatiboez ari naiz, ez kuantitatiboez).

      Haurdun geratu nintzenean hasi zen prozesu baten ondorioz, inoiz baino gorputzago naiz orain: nire burua kulturizatzeko, zibilizatzeko, naturatik askatzeko egindako ahaleginaren ondoren, zenbat eta zenbat belaunaldik, berriro ere ugaztun; ez klase ertain, ez irakurle, ez euskaldun, ez ez-emakume, ez tipa maja... ugaztun. Nire gorputza inoiz baino erabaki gehiago hartzen hasi zen bere kabuz, eta nire egunerokoa irensten. Haurdun nengoela “disfrutatu” oihukatzen zidatenetan (eta nire harridurarako hori da gehien opa zidatena, eta nik ere ahoskatzen amaitu nuena, “disfrutatu”), kosta egiten zitzaidan ezustekoa ezkutatzea. Disfrutatu? Zer? Goragalea, zorabioak, ondoeza, gosea, ez, antsietatea, tabakorik ez, alkoholik ez, porrorik ere ez, noski, ezta txorizoa ere, ez eta beste hainbat gauza goxo ere, bihotzerrea, izugarria, muskuluetako mina, odoluzkiak (oraindik ere itotzeko beldurrik gabe ozeanora salto egiteko moduko flotagailua daramat ipurdian)... Eguna beldurrez pasatzen nuen, hasieratik hasi beharrari beldurrez, beste abortu bat, eta berriro hastera. Ez dakit berriro ekingo niokeen. Ezin da moduren bat asmatu ernaldia poto baten barruan gerta dadin? Egunero begiratuko nioke, berogailuaren ondoan edukiko nuke, musika hobeto entzungo luke, poto garden eta goxo batean, nire toxinetatik eta bihotz taupadetatik libre, dun-dun lasaiago bat. Eta potorik ez badago, aukera eman behar lukete haurdunaldi osoa ospitalean igarotzeko, ipurdia bistan, monitorizatuta. “Haurdun zaude, ez gaixo, zure gorputza prestatuta dago prozesu horretarako”; yaclaro.

      Ugaztuntasuna erditze egunean eta ondorengoetan iritsi zen puntu gorenera. Erditzen ari nintzela, kontrakzio betean, pentsamendu batek nahikoa trinkotasun lortu zuen garunaren zirrikituren batean: “Ezagutzen nauen inork ez ninduke ezagutuko oraintxe, aurretik pasatuko lirateke eta hurrengo egunean kontatuko lidakete pertsona bat ugaztuntasunera guztiz makurtuta ikusi zutela, hanka-zabalik oihuka; inguruan zuen teknologia medikoak ez zuela ahalmen aski basatasun hura arintzeko, zirrarak oraindik ere irauten diela”. Hau ez naiz ni, hau La2-eko dokumental desatsegin bat da. Natura oso zakarra da: edozein dokumental hasten ikusi orduko aldatzen dut katez, beti jaten dute norbait, hontz baten edertasuna miresten ari zara eta, bat-batean, kumea jaten hasten da. Eta ni ere han nengoen, ume bat edo nire erraiak, zer botatzen ari nintzen bereizi nahian.

      Titularrek eta tertuliek gertutik jarraitzen didate haurdun geratu nintzenetik eta gehiago, askoz, ama naizenetik. Ez naizen bakoitzean azaltzen dira. Poteatzailea naizenean bereziki. Ama taberna batean ibili zen dantzan. Iritsi zenean, mozkor zantzuak zituen eta substantzia sorgorgarrien eraginpean zirudien. Dantzan hasten banaiz, zerekiko itsu ari naizen gogorarazten dit tertuliakideren batek, zer gertatzen ari da eta ni hemen dantzan? “Begira, badakit matxista edo ez dakit zer deituko didazuela, baina hau ez da normala, barkatu baina ez da nor ma la: ni umearen aita banintz oso kezkatuta nengoke”. Edo kontzertu batean. Edo zineman, ez zion telefonoari begiratu filma amaitu eta bi ordu igaro ziren arte, isilduta omen zeukan. Edo irakurtzen, “hori esaten duen ama bat ez dago burutik ondo: nobela bat irakurtzen ari zela? Bere gorputzetik eta kontzientziatik kanpo zegoela? Zer uste du, beste amek ez dutela irakurtzen?”. Bai, noski, hori uste dut; ez dugula ez irakurtzen, ez telesailik ikusten, ez filmik, ez dugula larrua jotzen, ez dugula lorik egiten... Hasperen egin dut ohean, eta hasperenak gainerako hots guztiak bildu ditu, baita buru barnekoak ere. Bideozainduta banengo, bageunde, biratuta nengoke honezkero. Agian muxu emango niokeen kopetan oheratu orduko, esnatzera arriskatuta ere, zenbat maite dudan ikus zenezaten denek.

      Bularreko haurren bat-bateko heriotza lehen urteko kontua izaten da. Ez? Bai. Ez? Ez naiz orain jaikiko ordenagailuan begiratzera. Nire telefonoak, burukoaren azpian dudanak, ez dauka Internetik, eta balu ere, gelatik irten beharko nuke argiak haurra ez esnatzeko. Manta pean begira nezake. Berdin dio, ez daukat Internetik telefonoan. “Zalantzarik gabe, bizi dugun garaiaren sintoma da ama hau. Begiratu ondo, manta pera sartu da, ikusten duzue argi hori?”, laser bat dauka adituak, pantailan nahi duena seinalatzeko. “Ba bai, nahiago izan du Interneten informazioa bilatu ondo-ondoan duen haurrari begiratzea baino”. Pediatrek lehen urtean ematen dizkizute horri buruzko aholkuak: haurra buruz gora etzan (eta zure ama mindu, bera ere ez zelako askoz lasaiago ibili, ziur asko, gu buruz behera etzaten, “eta bizirik zaudete, ez?”), panpinarik ez inguruan, burukorik ere ez, kontuz tapakiekin, bero handiegia ez da ona, tetea katerik gabe, erretzailea baldin bazara lehen hiru hiletan... Bat-batekoa eta ustekabekoa.

      Lehen hiru hiletan ez nuen apenas lorik egin. Berez, bi ordurik behin esnatzen zen txikia, eta maiz lokartzen zen horrela, nire gorputz esaten zioten horretako tripan goxo. Paganismo berriren bateko sinestuna banintz, gure gorputzaren jakiturian sinetsiko banu, haurdun egoteak emakumeen ez dakit zenbat belaunaldirekin konektatzen nauela eta horrek ere nolabaiteko jakituria inkontzientea ematen didala, zertarako ospitaleak (hil egiten ziren erditzen, niri garrantzitsua iruditzen zait puntu hori, ni bizirik ateratzearena), eta “nork ezagutzen du hobeto nire gorputza, nire medikuak edo nik?” bezalakoetan, pozik nengoke bere masaila sabelean sentituta, bere arnasa nirearekin dantzari (tira, nire alienazioak ez ezik, gure etxeko tenperaturak ere zailtzen zuen mistizismoaren kontua). Pentsatze hutsarekin bularretan sentitu dut esnea bidea urratzen. Esnatu egiten nuen, ez nahita, ohean ahoz gora uzteko mugimenduek, ordea, beti izaten zuten emaitza bera. Baina arnas hodiak libre geratzen ziren, negar egiteko ere. Zientifikoagoa dirudi, ez? Umeak ere hil egiten ziren, hain naturalak ziren garaietan. Umeari titia ematen lokartu eta tripa gainean ito zaio, txitxi estreinatu berrien bigunean. “Norbait harritu da emaitza honekin? Nik ere sentitzen dut, ez pentsa, baina esan egia, denok pentsatu dugu egunen batean horrelako zerbait gertatuko zela”. Gau osoan zelatan aritzen nintzaion, eta alde batera okertzen bazen, fetu jarreran jartzeko, zuzendu egiten nuen: ez zen buruz behera uztea bezain arriskutsua, baina bai buruz gora uztea bainoago. Eta esnatu egiten zen. Eta pediatrak esan zidan lasaitzeko, ez erotzeko, uzteko lasai umeari tripan goxo lo egiten. Ba abisatu, ez? Abisatu! Zenbat aldiz esnatu ote naiz haur-hiltzaile? Pediatrek ez dute beti asmatzen, hala ere. Inork ez du beti asmatzen. Pediatrek ere ez, beraz. Ez zion umearen koloreari jaramonik egin, pediatrak, lau ordu lehenago, pixka bat lasaitzeko eskatu ziolako. Batzuetan esnatu izan dut pediatraren absoluzioaren ondoren ere. Ez dakit nire pediatraren erlijioa zein den, osasun publikoan ere sinestun asko dago.

      Haurrak osasuntsua dirudi eta lotan dagoen bitartean hil egiten da, ez dakigu zergatik. Lehen urtean. Baina itotzen bada badakigu zergatik hil den. Eta hori gerta daiteke urtea bete ondoren ere. “Amek sen berezia izaten dute, azaldu ezin den lotura bat haurrarekin, baliteke, beraz, amak jakin izana zerbait gertatzen ari zela eta horregatik beragatik ez biratu izana. Ez da naturala seme-alabak gurasoak baino lehen hiltzea, ez gaude horretarako prestatuta”. Norbaitek esango die baietz, naturala badela? Naturala ez dena hainbeste kume (bizirauteko guztiz ezgauza) bizirik ateratzea dela, eta hori kontu artifizialei esker dela? Nire arnasari eutsi diot berea hobeto entzuteko, ea aireak zer neurritako oztopoak topatzen dituen bere hodietan barna. Baina bat-batean ez dut ezer entzuten: isiltasunaren dentsitatea hazi egin da nire belarri ahoan, lodi-lodia da, gorgarria. Utzi diot arnasari irteten eta, pixkanaka, aditu dut berriro arnasa zikina. Bai, zikina dirudi. Mukiak izango ditu? Biriketan zerbait? Baliteke gaixorik egotea. Ozenegi entzuten diot arnasa, zurrungaren zorian. Tapatu gabe dago ziur, ostikoka kentzen ditu tapakiak; hoztu egingo da. Beti iristen gara berandu samar, gaixorik egun pare bat daramala, kosta egiten zaigu sukarra hartzea, eta hartzen diogunerako, aurreko egunean “bero xamar dago” pentsatu ondoren, hogeita hemezortzi graduak ondo pasatuta izaten ditu. Amak ez zekien esaten sukarra noiztik zeukan. Baina, dena den, bizirik dago.

      Ez daukat kezkatuta egoteko arrazoirik. Ezer gerta ez dadin gure esku dagoen guztia egiten dugu, eta haurren ehuneko oso txikia hiltzen da horrela (esaldi horrek ez du inor konbentzitzen, ehuneko guztiak dira itsugarriak guraso batentzat, ondoren “hil” edo “heriotza” baldin badoa, baina saia nadin). Igaro du arrisku-adinaren langa, eta sehaskan ez dago ito dezakeen ezer. Kezka handiagoren bat banu ez nintzateke honetaz pentsatzen ariko, edo handiagoa izan gabe, beste kezkaren bat: nire bizitzako beste alderdiren bat problematizatu beharko nuke. Berez, lasai etzan, gogoa sabai aldera proiektatu eta betetasun hasperen bat egin behar nuke, ahoz gora, besoa semearen bularrean, hau da nire erreinua, zer ondo gauden hemen goxo-goxo, lau hormaren artean, bonba hotsik gabe, afalduta, senideak hurbil... Amak poliziari esan zion, ia oihuka, lehen munduan bizi garela, ez errefuxiatu gune batean, ez zegoela kezkatzeko arrazoirik, horregatik lokartu zela umeari begiratu gabe. Eszenak ni biratu orduko utziko lioke idilikoa izateari, muskulu bikiak egarriz uzkurtuko liratekeelako.

      Berriro eutsi diot arnasari. Eta isiltasun lodi hori itzuli da. Ezinegona urdailean. Pintto Pinttoren erritmora inhalatu eta exhalatu dut. Nire arnasa da entzuten ari naizena, nire zurrungak. Maiz gertatzen zait; haurra entzuten ari naizela uste dut eta nire arnasa da, edo beste norbaitena. Zenbat denbora daramat umea hauteman gabe? “Bizirik dago” guztiak baliogabetu dira. Kolpetik eseri naiz ohean, eta besoa luzatu dut itsumustuan. Haurra, zorionez, aitaren etxean zegoen eta garaiz iritsi ziren ospitalera. Ama, bitartean, Internet bidez ezagututako gizon ezezagun batekin zetzan. “Onartu behar da barregarria izan dela gizonari eman dion zartakoa, umore pixka bat azkenean. Eta badakigu zergatik ez duen sehaska begiratu. Baina, jakin nahiko duzue; nor da gizon hori? Sandrak azalduko digu hari buruzko txostena. Baina itxaron unetxo bat, Lurrek zerbait esan du: ‘Barkatu, dei bat egin behar dut, eta umea ikusi, orain’. Besterik ez; gizonak ez dio entzun, lo dago. Momentuz, janzten hasi da Lur, azaleko arnasketa bizkorra dauka. Deia, eta ligatzeko aplikazio batean ezagututako gizonari buruzko txostena, sei minuturen bueltan, hemen”.