Bihurguneko nasa
Bihurguneko nasa
2021, narrazioa
136 orrialde
978-84-17051-78-5
Azala: Xabier Gantzarain
Uxue Apaolaza
1981, Hernani
 
Bihurguneko nasa
2021, narrazioa
136 orrialde
978-84-17051-78-5
aurkibidea
 

 

Finkoa

 

 

ASTEARTEA

 

— Aizu, e, ez genuke beharbada bilera bat egin behar, langile guztiok? Zurrumurruak zabaltzen ari dira, jendea kanporatuko omen dute. Ez?

      — Guk ez dakigu ezer.

      — Galde diezaiokegu Mariari.

      — Galdetu diogu, baina ez omen daki ezer.

      — Zuek adina orduan.

      — Gure etsaia ez da Maria, Lur.

      — Baliteke presionatuago sentitzea langile guztien biltzarrera deitzen badugu, edo taldean joaten bagara, zuek bakarrik joan beharrean.

      — Hori ezin da egin.

      — Jakin behar dugu ze asmo duten, bestela ezin da erantzunik prestatu.

      — Ez dago ezer erantzuteko.

      — Jendea kaleratuko dute.

      — Zuek izango zaretela uste duzue, ez?

      — Ez da hori.

      — Edonor izan daiteke. Denek uste duzue hurrengoak zuek izango zaretela. Baina, hori, edonor izan gaitezkeela, ez soilik euskaldunak. Une hauetan lasaitasunari eutsi behar zaio.

      Gabrielek buruaz baietz-baietz egin zien azken baieztapenei, sindikatukoari begira.

      — Badakizue nor ez duten deitu oraindik Mariarekin bakarkako balorazio bilera egiteko?

      — Horrek ez du loturarik kaleratzeekin.

      Moteldu egin ziren Gabrielen baietz-baietzak.

      — Kontzienteki beharbada ez, baina inkontzienteki bai.

      — Edonor izan gaitezke oraindik.

      — Zu ez.

      — Ni ere bai.

      — Zuk sala ditzakezu, komitean zaude, horrek babesten zaitu.

      — Kontra zaude?

      — Zure kontra?

 

 

OSTEGUNA

 

Iritsi zen eguna, azkenik; koska bat gehiago guztion (ken bat) curriculumean (2009-gaur egun. Dokumentalista ****** ***** enpresan: nire saileko ezdakitzenbat langile kaleratu dituzte iritsi nintzenetik, bi beteranoagoak, eta hori enpresak Eusko Jaurlaritzako kontratua galduta ere). Egun hartan ez nuen kafesnean galletarik busti, mahaigainean geratu ziren, sabela gerrarako prestatu baitzitzaidan ni gudu zelaira iritsita nengoenaz ohartzerako: sabela oso aurretik joaten zait ia beti. Itxi-itxi egin zitzaidan, eta ukabil indarrez tentetzen ninduen gorantz: ziur asko, ez da nahikoa tentsio benetako gerra baterako, baina ez naiz sekula batean izan, eta nire neokortexa tokatu zaion testuingurura egokitu da.

      Isildu egin ziren denak, korroan zeuden beterano guztiak, sindikatukoak barne, bulegora sartu nintzenean, plastikozko edalontzian zehar hatz puntak erretzen zizkidan kafesneari begira (porque despierto nos gustas más). Eta isiltasunari eutsi zioten eseri nintzenean, haiei begira-begira nengoelako ni ere, kaskoak jantzita, entzungo banie bezala, eta zerbait oso erabakigarria baneki bezala, horrelaxe begiratu nien, berez, entzuten ez banien ere (kaskoetatik The Raptureren kanta bat entzuten ari nintzen, Fer eta biok ikusten ari ginen telesaileko sintonia; lasaigarria zen une batez Uma Thurman sentitzea, Hattori Hanzören ezpata batez lepoak ebakitzen). Isiltasunak guda iragartzen zuen. Gaur da eguna, beraz. Banan-banan itzuli ziren beren lekuetara, mantso. Ohiko amorru-malkoen ordez, irribarre bat atera zitzaidan niri. Plantxo bat edukitzeak pazientzia handia ematen du, eta irribarre horrek zerikusi handia zuen Mariarekin urteroko balorazio bilera eginda edukitzearekin. Gabrielek ez, ez zuen egin oraindik.

 

 

ASTEARTEA

 

Gabriel eta bere ezinegona ondoan, sindikatukoarekin hitz egin eta ordubetera deitu ninduen kapatazak, barkatu, managerrak, barkatu, koordinatzaileak, bakarkako bilerara, urteko balorazioa entzutera. Urte egonkorretan, tramite hutsal bat, kapatazari harremanak zaindu izanaren ziurtasuna ematen ziona: departamentuari buruzko pare bat tontakeria, langilearen balorazioa, zer egiten du ondo, zer hobetu dezake. Langileari bere iritziaz ere galdetzen zion. Langileak inoiz ez zuen ematen.

      Baina ez geunden urte egonkor batean. Zenbat kaleratuko zituzten Londresko norbaitek erabakiko zuen, Mariak nor baino ez zuen erabakiko. Komiteak nor hori aurreasmatua izaten zuen; ez zen zaila, sektore batzuk likidoagoak ziren beste batzuk baino: gure kapataza fosil bat zen. Egin genezakeen zerbait inor joan ez zedin. Moderatuki, denon soldatak jaitsi kaleratzeen ordez; justiziaz, lan egiteari utzi denok batera, ez da hain erraza plantilla osoa ordezkatzea (hori teorizatuta dago, ez? Esango nuke lehen bazela greba esaten zitzaion zera bat). Baina ez. Zergatik ez? Piramide bat zen. Egitura bat, ahuldade baten gainean ehundua. Kapatazarena. Eta horixe zen sindikatuak baliatzen zuen arrakaletako bat, boterera hurbiltzeko. Sindikatukoek Vicente del Bosqueren tonuan hitz egiten zioten Mariari, errietan ari den aita patxadatsu baten eran. Eta kapatazak, beldurrak izoztuta, onartu egiten zuen sermoia. Enpresako maila guztietan zen arrotza. Han zegoen arroka haren lehen sedimentua jarri zenean, eta han iraun du subrogazioz subrogazio, lehenengo enpresa txiki hartako biziraule bakar. Kariño falta zuen. Eta adimen emozionalari buelta emateko ordua zen.

      “Maria, ulertzen dut zure posizioa, bene-benetan. Denok ditugu arazoak, eta badirudi zure ardura direla, ez?”. Barre egin zuen: ez zion egiteari uzten hizketan hasita ere, algarek arazoak urrunduko balituzte bezala. Desatsegina zen, norbait aharrausi egin edo jan bitartean hitz egiten ikustea adina. “Gogorra behar du zuretzat”. Serio jarri zen. Besoa ukitu nion eskuaz, labur. Irribarre egin genion elkarri segundo pare batez. Ondo prestatu nuen bilera. Jolas gaitezen.

 

 

OSTEGUNA

 

Oihu egiteko gogoa izan nuen Gabrielek (nire ondoan esertzen zen) besoa ukitu zidanean, egun on esateko. “Egun on”, euskaraz, eta nik “baita zuri ere”, eta barre egiten zuen, eta nik “ez dut ezer barregarririk esan”, hori gaztelaniaz, eta barre gehiago. Ez zidan beti jotzeko gogoa, barkatu, jo esan dut, oihu da; ez zidan beti oihu egiteko gogoa ematen, baina inoiz ez nintzen kontaktu hartara ohitu. Eta egun hartan ukitu baino are heldu egin zidan besotik. Inbasio bat zen.

      Zazpietako txandako guztiei jarri zitzaigun hileta aurpegia bulegoko botere faktikoak paseoan ikusi genituenean (dramatismo gabeko seriotasun estoikoa saiatu nuen nik): nagusiek disimulatzen dakitela uste dute, subordinatuek maisutasunez antzezten dugun tuntuntasuna sinetsirik, baina ia dena igartzen zaie. Zortzietakoak iritsiz joan ziren; batzuek ez zuten behar zen tonuarekin asmatu gainerakoen aurpegiak ikusi arte, iritsi aurretik ondo aukeratuta zekarten keinua beste batzuek. Gabrielek ez zuen aurpegierarekin egun osoan asmatu. Zortzi urteko ume baten urtebetetze eguna animatu nahian dabilen aita katoliko baten eran hasi zen (zorionez, kantatu gabe), eta bizirik lurperatuta dagoela interpretatzen ari den antzerki aktorea zirudien amaierarako.

      Gero eta goizago iristen zen. Pastillei esker ez balitz, dena lehenago egingo luke, pixkanaka, hamar minutuka, beharbada bulegoan lotara gelditu arte, berriro inoiz sartu behar ez izateko. Gorri-gorria zuen aurpegia, baita burua ere, ikusi egiten zitzaion buruko azala: gorritasun zaratatsua zen. Ile gabezia elektrizitate estatikoak azpimarratzen zuen, geratzen zitzaizkion laurak tente-tente ekartzen zituen (hatz-mamia atea irekitzeko tramankuluan jarri orduko jasotzen genuen lehen elektrizitate deskarga eta ordenagailuz inguratuta pasatzen genuen eguna; informatiboetako berriak eta tertulia zein magazinetako interbentzioak banan-banan laburtu eta sartzen genituen programa informatiko batean hainbat bezerorentzat, informazioa emititu eta hogei minutura beranduenez).

      Gabrielen sarrera ez zen egunerokoa bezalakoa izan. Ez zen nagusiari egun on esatera gelditu, eguneko lehen botere arnasaldia hartzeko. Ez zen nagusiak gertu edukitzeko eguna, itxuraz; batez ere, Mariak urteroko balorazio bilera egiteko deitu ez bazintuen. Gabrielek bazekien, beraz, zer eta noiz gertatuko zen; baina ez zekien nori. Eta beretzat nori zen inporta zuen bakarra. Sinpatia maniakoz agurtu zituen hiruzpalau lankide, besoz beso, nireari heldu baino lehen.

      Txaketa esekilekuan zintzilikatzera joan zen; gainerakoek dena aulkitik zintzilik geneukan, beti bezala. Mokasinak eta mahuka luzeko alkandora zeramatzan. Gorroto du mahuka motzak erabiltzea, besoak erakustea, bere ezer erakustea: burua beti bistan darama eta badu nahikoa lan hori kudeatzen. Beroa izugarria izan zen egun osoan. Gauak ez ziren hobeak izaten ari. Hala ere, bulegoan hotzak egoten ginen, aire egokitua zela-eta (eta neguan beroak). Gustatzen zitzaion. Eraikina kristalezkoa zen, leku guztietatik ikusten zenuen kanpoaldea, baina leihorik ezin zen ireki. “Begira, Lur, begira, fularra, begira, lurra ukitzen ari da; eta txaketa aulkiaren gurpilean korapilatuko zaizu, esekilekura eramango dizut”. Narrasak ginen langileak, eraikinak sartzen uzten zuen kanpoko elementu bakarra. Altxatu egin beharko nuen gero txaketa behar banu. Berak inoiz ez zuen hotzik izaten. Kezka aurpegia prestatu, eta “Mariak deitu zaitu elkarrizketarako, edo oraindik ez?” galdetu nion. Sadismo hutsez, ez dago beste azalpenik. Hasperen egin zuen, birikak neurtu nahi balitu bezala. Ez zen benetako arazoak ahoskatu zalea. Hortaz, ez genuen esan, berez, zertaz ari ginen.

 

 

Kafesnea edan gabe nuen mahaian, ahazturik. Hamabost minutu iritsi zela eta Gabriel ez zen oraindik eseri. Ordenagailuari begira zegoen, ukabilak aldaketan, besoak hazta eginda. “Kurasan bat dirudizu”. Eguna atzeratu nahi du. Nik ere ez neukan presarik.

      Teklatuak kezkatzen zuen. “Auskalo zer jan duten, begira nola utzi didaten, bijilantzia jarri behar liekete, gantzez beteta dago dena”. Arratsaldeko eta gaueko langileez ari zen, txanda horietan ez zen inguruan kapatazik ibiltzen. “Nazka ematen du hor lan egiteak, naz-ka”. Takillara abiatu zen; kaskoez eta katiluaz gain, lan-mahaia garbitzeko produktuak ere gordetzen baitzituen han.

      Oso zahartu nintzen bi urtean. Bi urte bulegoan. Hamaika urte ziren Gabriel goizero erromesaldi berari lotzen zitzaiola, eta zahartua zen, noski; ez zuen ezer erabilgarririk ikasi, ordea. Bizi genuen Eta ez zen alerik ere geratu egunerokoan, hainbestetan ia-ia hil gintuztenean, ez zuen oraindik heriotzaren abantailak kontuan hartzen asmatu. Eta mahaiaren azpira makurtuta hots egiten zien medikuei, Sanitaseko medikuei, asmatu berri zuen auskalo zer orbanetatik salba zezaten; “¿acaso el cielo envía la lluvia por sí mismo? ¡No, Señor y Dios nuestro!”, barre, eta eguraldia madarikatzen zuen gero, malkoaren zorian, bere klase ertaintasun sofistikatua itxura proletarioa hartzen hasten zenetan, automespretxuak Orfidalezko laino artean ere lausotzerik ez zuen definizioa lortzen zuenean. Nik estoizismo psikopata samarra garatu nuen bulegoko gorabeheren aurrean. Hirugarren pertsonaren birtuosoa naiz. Nire heriotzaren kronika ere egiteko gai.

      Mahukak jaso zituen. Harraskatu eta harraskatu ari zen. “Ez da joaten, begira distira horri, begira, hori gantza da”. Begiratzeko biratzen hasi ziren normalak, txandaka. “Hobe nengoke lurpeko bulego isolatu batean, inor gabe”. Barre txikiren bat entzun zen, Whatsapp bidez aritzen ziren txutxu-mutxuan, Gabriel sartu ez zuten taldeetan. Orain inork ez du belarrira hitz egiten, orain whatsapp bat bidaltzen diote elkarri. Gabriel kide zuten taldeak hilda zeuden, inork ez zuen horietan idazten. Berak bakarrik. Ekzemaren bat irteten zitzaionean. “Gaur bulto bat daukat. Mingain azpian”. Eta erakusten ahalegintzen zen, mingain azpia. “Gantza izango da”. Sabelean lehergailu bat balu bezala zen, tragedia baten zorian balego bezala beti: Ezingo du gaurko egunarekin. Eta ni ez nintzen errugabea izango.

      “Ni ere ez nau Mariak deitu, badakizu, bilerarako. Bost geratzen garela uste dut”; gezurra esan nion. Gezur zintzo bat. Ea lasaitzen zen, ea berreskuratzen zuen botako gintuztenak euskaldunak izango ginenaren ziurtasuna. Nahiz bera askoz langile eskasagoa izan. Gaztelaniaz baino ez bazekien ere (eta frantses pixka bat, eta ingelesa, alfer-alferrik). Bera kaleratzea ni kaleratzea bezain merkea bazen ere, hainbeste eztabaida saio eman zizkigun lan erreformari esker.

      Heldulekuren bat behar zuen, eta, nolabait, eman egin behar izan nion; margolan erromantiko elurtu batean zebilen, tenplu erromatar baten hondakinetan barna, zutik zirauten zutabe klasikoak zenbatzen. Gaztelania, Eliza, zuzenbidea, monarkia, erakundeak oro har, ingelesa eta frantsesa, hizkuntza serioak oro har, zinema klasikoa, literatura klasikoa, ordena, hierarkia adeitsuak. Antizutabeak, hizkuntza irrigarriak (eta hizkuntza irrigarriak gauza serioetarako erabili nahi genituenok), M-15a, Elizako pederastia kasuak, ustelkeria kasuak, erlijioaz bera baino gehiago zekiten ateoak... Pozik behar luke, jmj (Jornadas Mundiales de la Juventud) Madrilen egin zen. Madril gazte katoliko kartsuz bete zen, erlijioaren funtzio arautzailea etxean utzi eta gogoberotzaileena soineratuta zebiltzanak, metroa lurpeko benetako infernu bihurtzen, gaztetxo kantariz gainezka, langileok eserlekurik gabe eta katolikoetan katolikoena ere nerabeak urkatzeko gogo desatseginera kondenatuta, beren herrialdeetako banderekin, edozein gorputz adarretan lotuta zeramatzatenak, neskaren batzuek soinekotzat. Baina M-15ak bizirik zirauen artean, eta amaitu zitzaion festa Gabrieli. Kalte handi samarra egin zion bi gertakarien urteberekotasunak; normalean izaten zidan maitasuna (beti ulertzen niolako zertaz ari zen, zergatik zen garrantzitsua esaten zuena, logika metodologiko mendebaldarrak nerabiltzalako) kolpetik desagertu zitzaion, eta batzuetan izaten zidan gorrotoak (zure aurka dagoenak zuk bezain beste datu dituelako) bider bi hartu zuen haren lekua, beretzat zibilizazio talka apokaliptiko bat zena kontatzen ari zitzaizkigulako transkribatzen genituen pilula informatiboetan (taularatze folkloriko bat baino ez zen berez; errezoan batzuk, errezoan besteak, “Menos crucifijos y más trabajo fijo”, “No estamos todos, falta Satanás”, “De mis impuestos, al papa cero”... Inork ez zuen iraultzarik egingo; eta hori batzuen alde zen, Gabriel, nire gozamenerako, ohartzen ez bazen ere. Garaileak beti daude galtzeko beldurrez). Eta erraza zen ni non nengoen eta bera non zegoen antzematea. Baina ez zegoen garbi Jesus, berez, noren bandoan legokeen. Dibertigarria izan zen.

 

 

Ordu eta erdi lanean ari nintzela. Komitekoek hara eta hona segitzen zuten begiradak ekidinez; langileonak, ez nagusienak. Normalean baino buelta gehiago ematen ari ziren, hala ere. Eguna kalkulatu baino gogorragoa izango zen; eskerrak kafesne hotza gustatzen zaidan. Momentuz, tekla hotsak. Jendez betetako lau ilara tekleatuz, eta tekleatuz, luzatu besoa gorantz mina baretzeko, eta teklak joz.

      Hurrengo egunean, norbaitek ez zuen jakingo norantz jaiki, goizeko zortzietan hamaikak balira bezala sentituko zen, eta ez zuen jakingo isiltasun hura zer zen. Gabrielek bai, jakingo zuen: heriotza. Berrogeita hiru urte bizirik edo, eta beste hainbeste talentu gabezia tituluz titulu egiaztatzen. “Ezingo dut beste lanik lortu, gainera burusoila naiz” eta muki batzuk ziren nagusiari egiten zizkion erreguak, estutzen zuenean.

      Gabriel, gaiarekin lotuta balego bezala kaleratzeekin, enpresan kaleratzeak egiteko moduarekin, kontatzen hasi zen, kaskoak kenduta ere altuegi, ekzema bat zuela eskuin eskuan, medikuari deitu behar ziola (ahaztu egin zitzaion mingaineko bultoa). Tonua igo zuen, eta keinu eta algaratan lehertzen zen bat-batean, eta kontakizuna nahasten zuen eguraldi txarrarekin, eguraldi txarra gerta zitekeen gauza okerrena balitz bezala, M-15a baino okerragoa, zahartzaroa bezainbeste, aita santuaren aldeko zerbait ere txertatzen zuen han-hemenka, “Benedicto, equis, uve palito”, barre, eta teklatuko gantza, zenbat denbora behar izan zuen kentzeko? “Begira, Lur, be-gi-ra!!”.

      Lankide guztiek guganantz zuzendu zuten begiratua banan-banan, begiratzeko lotsaz hala ere; Gabriel lizuna izan zitekeen. Eta normalek tolerantzia txikia dute ez-normalen nabarmenkeriekiko. Sindikatuko baten begirada lotzeko baliatu nuen abagunea.

 

 

ASTEARTEA

 

Gurean ezin zen jakin begirada hori ugtkoa edo ccookoa zen, ezinezkoa zen bereiztea; hauteskundeetara zerrenda bakarra aurkezten baitzen, konpetentziarik ez izateko. Txandaka, ugt edo ccoo izena hartzen zuen hautagaitzak, baina zerrendako pertsonak berberak ziren. Guk sindikatu txunditua (perplejo, gaztelaniaz) esaten genion; gertatzen zena gertatuta, beti, “ezustean hartu gaitu, harrituta gaude” esaten zigutelako.

      Instituzio bat ziren, ordena bermatzen zuten, eta Gabrielek bazekien hori. Paradoxikoa zen. Albistegietako kontuez ari ginenetan, Gabriel inoiz ez zen sindikatuen alde jartzen; enpresan aldiz, defendatzaile sutsua zen: sindikatuak eta sindikatuak daude. Egia izango da: gure eraikin berean lan egiten zuten telefonistak protestan ikusten genituenean, cnt eta cgt irakurtzen zen banderetan. “Lur, onartu behar da komiteak ondo funtzionatzen duela: plastikoak jarri dituzte hatz-marken bidez fitxatzeko makinaren azpian, elektrizitate ziztadarik ez izateko; mahaien arteko tarteak handitu zituzten eta pantailen argia egokitu... Normala da informazio guztia denei ez ematea, zu bezalakoek bulegoa greban edukiko zenukete urte osoan, eta hori ez da eramangarria”. Baina azkenaldian ez zebilen hain defendatzaile, baziren aste batzuk talde beteranokoek hamaiketakoa egitera nora joango ziren esaten ez ziotela, ez ziotela abisua pasatzen atsedenaldia elkarrekin igarotzeko. Isiltasunez inguratuta zegoen, zokoratuta. Baina kontuz ibili behar da zokoratu kopuruarekin, gehiegi haz daiteke.

 

 

OSTEGUNA

 

Egun hartan benetako kezkaren bat antzeman nuen sindikatuko ordezkariaren harridura keinuan. Kontua ez zihoan beraiek nahi bezala; beharbada ez gintuzten euskaldunak botako, beraien gertukoago norbait baizik: “Ez dakigu zer gertatzen ari den”. Eta nire burua irudikatzen nuen besoak zabal mugituz, kokainomano begiz eskuin muturreko tertuliakide, sindikatuez ezkertiar batek esan behar ez lituzkeenak oihukatzen.

      Gabrielek diplomatikoa izan nahi zuen. Maiz etortzen zitzaion gogora: ingurura begiratu, eta Orfidal bat irensten zuen. Inork ez genuen inoiz pentsatu lan hori egingo genuenik. Ez lan txarra delako, bazenik ere ez genekielako baizik. Eskumuturretik heldu nion: “Ez da desagertuko egun osoan igurzten baduzu ere, distira hori ez da gantzarena”, teklatua gehiegizko indarrez igurzten ari zen. Eguneroko ibilbideen gainean etxe egin genuen: ordutegien erritmoak eusten zion gure klase ertaineko epika umilari. Gabriel gustura murgiltzen zen informazio jasa horretan: bere buruaz pentsatzeko denbora gutxi uzten zion. Irratsaioetako sintoniak indargarriak zitzaizkion, señoras y señores, me alegro, buenos días, Carlos Herreraren agurra eta Marvizonen notak, Suspiros de España pasodoblea Losantosen saioan. Kontratatu zuteneko autoestimua berehala desagertu zitzaion, lorpen bereko zenbait lankide ikusi zituenean; zaila da onartzea batzuek liburu bat nondik irekitzen den badakitela.

      Denok sartu ginen bitartean. Ez genekien zergatik irabazi genuen noizhaszaitezkea. Infojobsen irakurri genuen lizentziadunak nahi zituztela; Kazetaritzan berez, baina batzuk urrunagotik iritsi ginen, Zuzenbidetik (Gabriel), Historiatik, are Matematikatik. Azkenaldian hizkuntza izan zen kontratazio arrazoia, Mariak lan elkarrizketan adierazi zidanez, “azkenaldian euskaldunak, katalanak eta galiziarrak baino ez ditugu hartu, azkenean normalak gutxiengoa izango gara, kar, kar, kar”. Eusko Jaurlaritzari zerbitzu eman behar zion enpresak, eta deabruzko hizkuntza hura ulertzen zuen jendea behar zuten.

      Baina gobernua aldatu zen, lehiaketa galdu zuten, genuen esango luke Gabrielek, eta orain gu ginen banan-banan kaleratu behar gintuzketenak, “zuri kariñoa dizut baina justuagoa da, guk denbora gehiago daramagu hemen”. “Gabriel, Roucok esan du abortatu duten emakumeei barkatu egingo diela Elizak benetan damutzen badira: ez dakizue jada fededunak nondik atera ere”. jmj gehiago behar nituen (tira, ez naiz kexatuko, denbora batez luzatu ziguten errestaurazio aurreko dibertsioa: Corinna, elefanteak, abdikazioa... “Jakingo zuen Sofiak?”, “Gabriel, mesedez”).

 

 

ASTEARTEA

 

Sindikatuak zer informazio zuen sindikatuak baino ez zekien, eta sindikatukoekin gosaltzera joaten zirenek. Ratz kafetegia zen beren kuartela, nagusien berbera. Ez genekien zeri buruz hitz egiten zuten ostiralero, gure lanarekin sostengatzen genuen bileran. Guretzat enpresako departamentu bat gehiago ziren, departamentu buxatzaile bat. Estatu mailako greba orokor pare baterako deia baino ez zitzaigun emaileko kontura iritsi, komitetik.

      “Maria, ulertzen dut garrantzitsua dela sindikatuarekin harreman ona izatea, baldin eta departamentua arriskuan jartzen ez bada. Estrategia on bat baldin badaukazu, denen errespetua irabaziko duzu, bai langileena, bai nagusiena, eta karta bat daukazu horretarako. Hizkuntza erregionalak: ezinezkoa da horiek deslokalizatzea. Lantalde bat sortu behar zenuke Eusko Jaurlaritzako kontratua berreskuratze aldera, txosten on bat idazteko, gaztelaniaz eta euskaraz. Izan dadila zure ekimena: tanto bat zure alde”. Hitz horiek nire ahotik irten ziren.

 

 

OSTEGUNA

 

Gabriel bederatziak laurden gutxitan esnatu zen errealitatera. “Leticia ez da iritsi”; esan beharra balego bezala. Sarreran bertan desbideratu zuten bilera-bulegora. Sindikatukoa kapatazaren keinua ikusi eta zutitu zen, ia lasterka, hari jarraitzeko. Denek jarraitzen zuten tekleatzen, bi aulki hutsik, Leticiarena eta sindikatukoarena, eginkizun notarialak betetzen ariko zena, kaleratzearen paperak zuzen zeudela bermatzen. Fede ematen. Gero, kafe orduan, kontatuko zien bere fakziokoei zer eginkizun gogorra izan zuen, Leticia negarrez hasi baitzen: zazpi urte enpresan, berak baino hiru aldiz gehiago irabazten zuen bikotekidearen etxera aldatu berri, haurdun. Contrato indefinido. Horixe zen bere euskarria. Eta beteranotasuna. Eta guk izan behar genuela kaleratuak, berriak, euskaldunak, dagoeneko ez gintuztelako behar. Edo, bestela, Gabriel: alokairuan bizi zen soltero-solteroa.

      Nire poltsa bultzatu zuen, bion mahaien arteko muga-mugaraino, berera pasatuta zegoelako; mantso hasi zuen mugimendua, “zure desordena amildegi bat da. Garrantzitsua da mahaia txukun izatea”, barkamena eskatzen hasi nintzaion, “barka...”, baina halako batean, mezua azpimarratzeko keinua bizkortu, eta nire galleta paketeari jo zion, eta biraka-biraka lurrera erori zen, lehendik han zegoen fularraren gainera. Negarrez hasiko zela uste nuen. Kaskoetatik zetorkigun notizia jarioa ez zen nahikoa zarata ordurako, isiltasuna gehiegi irauten ari zen, eta halakoetan ohi zuen eran, glups, irentsi zuen pilula bat. Beste bat. “Psikologoak esaten dit ez duela merezi antsietateari agertzen uztea, kaltegarriagoa da hori Orfidal bat hartzea baino”. Eta berak uste du drogazaleek beldurra ematen diotela.

 

 

Leticia ere badator, denok gainbegiratzen gaitu, ni baino ez nago berari begira. Beste guztiek, bere lagunek, sindikatukoek ere bai dagoeneko, tekleatzen jarraitzen dute. Leticia eta Gabriel bakoitza bere pantailari begira geratu dira, bat eserita, zutik bestea. Jendepata naiz baina espezie duintasunak edo jo ninduen, eta estanpa hura ez zitzaidan duintasun horren mailakoa iruditu. Zutitu eta kolpe bat eman nion besoan Gabrieli, espabila zedin: urte osoko kontaktu fisikoak edukitzen ari ginen. Leticiarengana hurbildu eta besotik heldu nion. Horiz zihoan goitik behera; janzki bakoitza tonu bat. Manoletina laranjak. Zer guapa zegoen esateko gogoa izan nuen. “Goazen kafe bat hartzera”; baietz egin zidan buruaz, pozik norbaitek ideia bat izan zuelako. Nire fakzioko hiruzpalau ere altxatu ziren agur-kafea hartzera (neska euskaldunak). “Inoiz ikusi dudan kaleratze injustuena iruditzen zait”, atera zitzaion nahi gabe, baina oihuka, nahi gabe ez balitz bezala. “Joder, Gabriel”, erantzun nion, baxu; denbora pixka bat behar zuen kaleratua bera ez izateagatik lasaitzeko. “Tira, hamar minutu baino ez ditut kaferako, gero lasterka joan behar dut tertulia hustera”. Hori zen bere elkartasunaren muga. Kafe makinaren gelan denak atondu, eta 10 zentimoko kafeak atera eta atera jarri nintzen. Leticia ukabilak estututa ari zen negarrez; karrera bat ikasi zuen, dena bikain ateratzen zuen. Ez zuen berriro lanik egingo. Bere gizonak hiru aldiz gehiago irabazten zuen. Haurdun zegoen. Besteek qué fuerte-ren tankerako esaldiak botatzen zituzten. Leticiak Gabrieli begiratu zion zuzen; “nik uste nuen...”, ezin zuen esan, beharrik ere ez; nik bai: “Gu izango ginela, euskaldunak”. Bukatu zen kafea. “Banoa, hasi egingo da tertulia, Leticia”. Eta esku batekin besotik heldu zion, bestearekin telefonoaren keinua egin zuen, “deituko dizut”. Gezurra, noski. Horrela kapatazak ikusiko zuen bera izan zela Leticia utzi eta lanera itzultzen lehena.

 

 

Kitto, egun normala zen berriro. Gabriel zen lehergailuaren tik-taka entzuten zuen bakarra. Tira, eta ni. “Gabriel, zu baino ez zara falta”, esan zion Mariak, algaraka. Izu aurpegiz begiratu zidan Gabrielek, “zu egon geldi, ez ezer esan”, lasaitu nahi izan nuen; are beldurtuago zirudien, ordea. Ondo iruditu zitzaidan hala egotea. Niri, denbora batez, ezezaguna banintz bezala begiratu zidan. Hala nintzen. Trebetasun hori daukat. Ezezaguna izatearena. Lortu zuen Mariaren bulegoraino joan eta itzultzea. Ez zidan begiratu nahi. “Zer moduz bilera?”, “Ondo, argitu dit Mariak departamentuaren estrategia”. Nire kontratua finkatzen ari zen; Hattori Hanzören ezpata bat zen ia. “Eskerrik asko”; ohartu da beraz. Besotik heldu nion: ez gara inoiz normalak izango. Zakar apartatu zen. “Tira, Gabriel, bihar bijilia eguna da”.