Taxiak ez dira inoiz gelditzen
Taxiak ez dira inoiz gelditzen
2021, narrazioak
168 orrialde
978-84-17051-67-9
Azala: Idoia Unzurrunzaga
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2017, nobela
2013, nobela
2004, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1998, kronika
1997, narrazioak
1992, ipuinak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Taxiak ez dira inoiz gelditzen
2021, narrazioak
168 orrialde
978-84-17051-67-9
aurkibidea
 

 

Galtzen ere traketsak

 

 

Ez geunden hogeigarren mendean, ezta Kalifornian ere, baina hura maitasunaren uda izan zen guretzat.

      Koro Larrea gutaz gaizki esaka ari zela bagenekien, lagunei debekatu ziela Maiteri ezer erostea ere bai. Ezertxo ere ez, ezta beharrik gorrienean ere. Horra haren agindua omen zena. Agindu guztiz barregarria bestalde, kokaren eskaera gero eta handiagoa baitzen, edozein modutan eskaintza baino askoz handiagoa. Barregarriena, hala ere, zera zen: Kororen eta bere lagunen sosak lehenagoko hornitzaile beraren patriketara zihoazela, harekin lan egiten baitzuten bai Maitek bai Maiteren ordezkoak ere. Hark kontatzen zizkion Maiteri, Korori eta haren lagunei entzundakoak. Hark jartzen zuen jakinaren gainean:

      Gozo-gozo duzu Koro hori. Epelak ari da zutaz esaten. Kontuz ibili gero.

      Txantxetan esaten omen zuen, baina ni fio ez. Gero eta mesfidatiagoa nintzen, egia esan, batez ere Koro eta bere kuadrilla ezagutu ondoren.

      Gainera, Maiteren kontra joanda, nire kontra ere bazihoan, nahiz ni ahotan ez hartu. Hartu egiten ninduen ordea. Nahiko seguru nengoen. Familia ospakizunen batean Amaiarekin topo egiten nuela, ihes zebilkidala iruditzen zitzaidan, beti bezain adeitsu hartzen baninduen ere, itxuraz. Hala hobeto, ez nekien-eta koinatarekin nola jokatu, Josurekin nola jokatu ez nekien era berean. Azken aldian ez nintzen haren ondoan eroso. Zer esan eta zer egin asmatu ezinik, harengandik urruntzen ari nintzen, ondo jakin gabe zer zela eta.

 

 

Iluntze batean Maite aurkitu nuen etxean, lanetik bueltan. Larritu egin nintzen, ez baitzen batere normala nire zain han egotea eta ez ordurako jendez betetzen ariko ziren tabernetan.

      Zer gertatzen da?

      Koro.

      Nahikoa. Hori entzun eta arropaz aldatu, etxeko txapinak jantzi eta haren azken txorakeria entzuteko prestatu nuen neure burua. Maitek kontatu zidanak, ordea, ustekabean harrapatu ninduen. Korok Poliziarekin hitz egiteko asmoa omen zuen, drogak saltzeagatik salatzeko.

      Egin ez nuen galdera entzuteko gai izan balitz bezala, salaketa nire kontra ere baliatzeko asmo zuela jakinarazi zidan Maitek.

      Nire kontra, nola?

      Mojengana joango omen dun, lesbiana izateaz gain, droga trafikatzaile batekin ibiltzen haizela kontatzera. Halako ikastetxe ohoragarriak ezin duela halakorik onartu esango omen zien. Ikasleentzako kaltegarria izango zela eta abar. Nire atxiloketaz egunkarian agertuko omen den albistea erakutsiko zien. Kale gorrian laga nahi hau, bihotza.

      Ezetz nik, benetakoa izateko korapilatsuegia zela dena.

      Eta Maitek baietz, kontatu berri zidanak telesail bateko katramila bazirudien ere.

      Hala eta guzti, sinesgogor ni oraindik: Nola dakin hik hori dena, nork kontatu din?

      Arratek, Kororen dendako langileak. Badakin.

      Hara, uste ninan gorrotatu egiten hinduela.

      Nik ere bai, baina gaur hots egin zidan, lehenbailehen elkartu behar genuela esanez, telefonoz aipatzeko zaila omen zen kontu baten gainean hitz egiteko. Kontu serioa, batez ere niretzat.

      Ezagutzen nuen Arrate. Kororen dendan ikusia nuen, baina behin ere ez nion kasu handirik egin. Halakoetan egoten diren panpinatxo horietako bat iruditu zitzaidan, beti begi-ezpainak ondo margotuak daramatzaten horietako bat, beti irribarretsu, baita haserretzen direnetan ere. Ia kristalezko irudi bat. Ustekabe ederra hartu behar nuen harekin, ez baitzen, inolaz ere, nik uste bezain txoriburua.

      Nirekin hasi aurretik, azaldu zidan Maitek, Kororekin zunan. Horregatik uste ninan gorroto zidala. Hala izan omen dun duela gutxi arte, biok, hirurok, haren biktimak garela ulertu duen arte. Berak aitortuta zakinat, baina berehala esan zidanan orain aliatu moduan ikusten nauela, bizitza izorratu eta egunero umiliatzen duenaren kontrako borrokan lagun moduan. Mendekua nahi din, Korok bezala, eta edozertarako prest omen zagon.

      Hirurok gauza bera nahi dinagu, beraz.

      Egin duen kaltearen neurriko zigorra merezi din eta, beste inoren ezean, guk eman behar.

      Bai, baina nola, jakin nahi izan nuen.

      Horretan ari gaitun. Baditinagu ideia batzuk.

      Ez zitzaidan gustatu. Nik ere konplot hartan egon nahi nuen. Horixe eskatu nion. Ez nintzen Arratez fio, Koroz fio ez nintzen era berean. Zerbait irrazionala zen, badakit, baina zerbait horrek harekin kontuz ibiltzeko gomendatzen zidan. Berriz ere isiltasuna nahiago izan nuen eta berriz ere Maitek azkar arraio susmatu zuen barrena zulatzen ari zitzaidan harra.

      Elkarrekin egingo dinagu dena, ziurtatu zidan, orain arte bezala.

      Kopeta kopetaren kontra, elkarri begira geratu eta besarkada estu batean bildu ginen biok.

      Dena elkarrekin, esan nion.

      Den-dena.

      Gau hartan han geratu zen Maite, lanera joan gabe.

 

 

Uniformerik gabeko udaltzainak izan ziren Maite tabernako komunean sartu zutenak. Patrikak hutsarazi eta goitik behera miatu zuten, latexezko eskularru eta guzti. Zaputza hartu zuten: ezin izan zioten ezertxo ere aurkitu.

      Aurpegiak ikusi behar hizkien, esan zidan Maitek pozez gainezka.

      Burumakur alde egin zutenean, txalo egin omen zieten tabernako bezeroek.

      Ederra!

      Ia hunkituta kontatu zidan, ni esnatu eta maitasuna egin eta gero.

      Hurrengo egunetan betiko tabernetara azaltzen jarraitu zuen, drogarik gabe artean, badaezpada ere. Poliziak ez ziren atzera agertu.

      Kororen asmoen berri izan zuenean, nire etxean gorde zituen Maitek bere salgaiak; beraz, lasai samar zebilen. Ospatu egin behar genuela bururatu zitzaion egun batean. Bere etxera bazkaltzera gonbidatu gintuen Arrate eta biok.

      Estreinako borroka irabazi dinagu, esan zigun bere kopa altxatuz, eta gerra ere irabaziko dinagu.

      Topa egin genuen, hala izango zela seguru. Kontua ez zen Kororen erasoa gelditzea soilik. Erabat menderatu arte jarraitu beharra omen zegoen, Arrateren zein Maiteren iritziz.

      Mendekuaren nondik norakoak zehazten joan ziren, labean egindako legatza jan eta Arratek ekarritako ardoa edan bitartean. Kororen kontrako arma zein izan zitekeen argi geratu zen laster: Arrateren sakelakoan bizpahiru urte lehenagotik zeuden irudi batzuk, hura eta haren lagunak koka hartzen erakusten zituztenak. Irudiak ezer gutxi ziren berez, baina Arrate eta Maite seguru ziren kalte galanta eragingo ziotela. Horren alde topa egin behar genuen.

      Nola zabalduko dugu bideoa?

      Bere izebak uste bezala Irati jenioa izan edo ez, bost axola; bai, ordea, Maite eskatzen ari zitzaiona azkar ulertu eta, pare bat ordu geroago, Arrateren bideoa sarean egon beharreko guneetan egotea. Horixe ziurtatu zigun, gure konplot koxkorraren parte izateaz harro. Bideoaren eragina ikuskizun, lasai ginen, eginahal guztia egina genuelakoan. Handik aurreragokoa ez zegoen gure esku, denboraren edota halabeharraren esku baizik. Zain geratu ginen, beraz, haiek zer ekarriko.

      Uste baino askoz laburrago itxaron behar izan genuen. Iratik Maiteri kontatu zionez, sareratu eta gutxira hasia zen zeresanen soka luzea. Mezu gehienak ironikoak, are sarkastikoak ziren. Zenbaitek kokainaren apologia egiten zuten, haren kontra gogor beste zenbaitek. Irainak edonon agertzen ziren, gero eta latzagoak, gainera.

      Bideoan ageri zirenen izen-abizenak eta haiei buruzko hainbat zertzelada eman ziren ezagutzera. Betiko aberaskume alfer aspertuak omen ziren eta, ia aho batez, zegokien zigorra eskatzen zitzaien, askotan modu erretorikoan, ez baitziren gutxi azkenean haien familia ahalguztidunek libratuko zituztela uste zutenak.

      Koro Larrea eta bere lagunen asaldura ere ez zen txikia, Arrateri esker genekienez. Kororentzat lanean jarraitzen zuen, ezer gertatu izan ez balitz bezala.

      Nola liteke?

      Uste duelako ni izan naizela bideoa egin eta Internetera igo duena, erantzun zidan Maitek, nire harridura azaldutakoan.

      Gutxitan agertzen zen Koro Larrea dendara, baina Arratek, ezagutzaile ona, erraz nabaritu zion kezka. Han zegoela, deiren bat jaso eta atzealdeko biltegira jotzen zuen berehala eta, hala ere, apal hitz egiten zuen, ia marmarka, inork entzun ez zezan.

      Beldurtuta zagon, kontatzen zigun Arratek, hiri erdiak bideoa ikusi duela sinetsita. Kalera ere ez dun irteten, ez hura ezta haren lagunak ere. Madrilen duen etxera joateko asmotan zabilen.

      Doala lehenbailehen, barre egin zuen Maitek. Ea udaltzainak joaten zaizkion atzetik, nire atzetik ibili ziren moduan.

 

 

Internetez guk baino are gutxiago jakin arren, gure amaren belarrietara ere iritsi ziren Koro Larrea eta bere lagunei buruzko hotsak. Lotsatuta zegoen ordura arte atsegin bezain dotore iritzitako errainaren izebaz, hura guztien ahotan zegoenetik. Ahoz ahoko hedapena Internet bidezkoa bezain makurra izan nonbait eta, aste gutxi batzuen buruan, izugarrikeriak ziren, salbuespenik gabe, haietaz zabaltzen ari zirenak.

      Nire koinata Amaia gaizki pasatzen ari zen, esan beharrik ez dago. Txikitatik harreman berezia zuen izeba harekin eta nahigabe handia hartu zuen.

      Amaia gajoa, errukitzen zitzaion gure ama.

      Koinataren izena entzun banion ere, bere buruaz ari zen ama, betiko moduan. Bere seme kutunaren emaztea zen partetik baino ez zitzaion Amaia axola.

      Sufritzen ari dira, jarraitu zuen amak, familia osoa.

      Koro Larrearen sufrimendua pozgarria zen guretzat, justua: egin nahi izan zigun kaltea itzultzen ari gintzaizkion, azken finean. Haren senideen sufrimendua, aldiz, okerra zen, zuritu ezinezkoa, nire ustez. Nire zalantzak entzundakoan haserretu egiten zitzaizkidan Maite eta Arrate.

      Oraindik ez dun ulertu. Hari bost axola gure penak, bost axola hi kale gorrian geratzea edo ni kartzelara joatea.

      Hala zen. Ezin Maiteri kontra egin.

      Guk ere familia dinagu esanez bukatu nahi izan zuen.

      Irabazi genuen, bai, baina hiruron garaipena ez zen berdina izan. Maitek ulertzen ninduela esan zidan. Ez zen erabat egia. Familia harremanak tarteko, nire jarrera eta haiena ezin zirela berdinak izan bazekien. Hala ere, harritzen omen zuen betiko familiak oraindik nigan zuen indarrak.

      Anaia, esan nion.

      Izendatu gabe ere, bazekien Josuz ari nintzela.

      Arratek, aldiz, nekez ulertzen zuen ezer. Zein milikeriatan ote nenbilen inoren errukirik merezi ez zuen hartaz errukitzeko?

      Lotsa sentitu eta isildu egiten nintzen. Banekien zer uste zuten.

 

 

Eguerdi lainope sargoritsu batean egin nuen Amaiarekin kalean topo, lanetik irten eta bazkaltzera nindoala. Ikastetxe parean izan zen eta, nire harridurarako, Amaiak zer edo zer edateko gonbita egin zidan. Hitz egiteko gogoz zegoen, antza. Ni, ordea, nekatuta, goiz osoan eskolak eman ondoren, eta beldurrez gure berriketa ez ote zen alderdi maldatsuegietan gora abiatuko. Gure arteko harremana txarra ez izanagatik, ez zen estua. Josu eta bera beste mundu batean bizi ziren, nire mundutik oso urrun ordurako.

      Kafetegi bateko kanpoaldean eseri ginen. Amaiak kafe bat eskatu zuen, garagardo bat nik. Edatekoak ekarri bitartean, aipatu nahi zizkidanak asmatzen ahalegindu nintzen. Bi kontu bururatu zitzaizkidan: alde batetik haren izebarena zegoen, eta bestetik, horixe beldurgarriena niretzat, Josurekiko harremanarena. Horregatik arindua hartu nuen, Amaiak kikarari hurrupa txikia egin eta bere izebaren izena esan zuenean.

      Nire kalkuluen arabera, bazuen nik harekin izandako harremanaren berri.

      Barkatu beharko didazu nire galderak mintzen baldin bazaitu, esan zidan Amaiak, baina, zer egin dizue nire izebak?

      Aulkian bihurritu nintzen. Egia konta niezaiokeen, noski, edo gezurren bat asmatu edo zertaz ari zen ez nekiela esan. Zalantzetan nabaritu eta, niri lagundu nahian agian, beste galdera bat egin zidan, aurrekoa baino askoz zuzenagoa: Zure Maitek igo du bideoa, ezta?

      Galdera horri esker ez nion gezurrik esan beharrik izan. Ezetz erantzun nion istantean, hori gezur galanta zela, hark ez zuela ez bideoa egin, ezta sareratu ere.

      Zuk ere ez, jakina.

      Esan orduko damutu zitzaion. Barkatzeko eskatu zidan berehala. Senide, familia berekoak ginelako ausartu zela galdetzen ziurtatu zidan. Izebaren sufrikarioak nire onetik ateratzen nau, Ane, ezin dut eraman, desenkusatu nahi izan zuen.

      Arratek kontatuta genekienez, Madrilen zegoen Koro Larrea eta han ez ote zen erotzen ari zuen haren ilobak kezka: Han ere ez da ia etxetik irteten. Eta, irtetekotan, beti gauez, izututa dago-eta, jendeak bideoa ikusi eta ezagutuko duela sinistuta.

      Izebaren paranoiak izututa zuen iloba.

      Maite ez bada, gogoeta egin zuen ozen, bere begiak nireetan finko, hura errugabea bada, nor ote da izebari hainbesteko gorrotoa diona? Nor? Zergatik?

      Eskua hartu nion Amaiari.

      Koro ez da perfektua, jarraitu zuen, hanka sartu eta huts egiten du beste edonork bezala. Okertu egiten da, baina ona da berez eta ez du gertatzen ari zaiona inolaz ere merezi.

      Funtsean halakoak garela denok pentsatu nuen, baina merezi al zuen Arratek Koro Larrearen etengabeko mespretxua, merezi al zuen Maitek kartzela edo nik langabezia?

      Amorruari ezin eutsita, Kororen makurkeriak aletzeari lotu nintzaion orduan, esandakoa damutu ahal izan baino lehenago ni ere. Bukatu nuenean, Amaia zurbil zegoen. Mutu biok azkenik, haren pentsamenduen zurrumurru iluna entzun nezakeen bat-bateko isiltasun astun hartan, zerbait esateko egiten ari zen ahalegin gaitza. Azkenean ahoa ireki zuenean, dir-dir egiten zioten begiek.

 

 

Josuren bitartez jakin nuen. Hark hots egin zidan, koinataren eskariz agian. Aspalditxotik ez genuen elkarrekin hitz egiten.

      Bere buruaz beste egin du, beraz?

      Hala ematen du, baina oraindik ez diote autopsiarik egin.

      Emazteaz galdetu nion gero. Gaizki omen zegoen, negar batean. Egun batzuk lehenagoko gure berriketa etorri zitzaidan gogora. Nolabait errudun sentitu nintzen. Amaiarengana joatea burutik igaro arren, ez nintzen ausartu. Ikusi orduko pikutara bidaliko ninduen beldur, pitin bat itxarotea erabaki nuen. Erraza zen gertatutakoa asmatzen: guk eragin genion Koro Larreari heriotzara eraman omen zuen depresioa.

      Halakorik ez esateko eskatu zidaten Arratek eta Maitek. Suizidioa haren aukera izan zela, hark modu librean erabakitakoa eta, hortaz, ez bilatzeko beste errudunik, ez zegoelako.

      Geure burua defenditu besterik ez dinagu egin, haserre egin zidaten. Edo ahaztu al zain egin nahi izan ziguna?

      Gogoan nuen, baina ezer gutxi iruditu zitzaidan heriotza haren ondoan. Edozein heriotzaren ondoan, egia esanda. Dena den, haiek ere ezin izan zuten albisteak eragindako egonezina ukatu. Ez zuten inolaz ere espero. Inork ez zuen espero.

      Depresio kontu bat zena guretzat, droga kontu hutsa zen, ordea, gehienentzat. Gure amarentzat, esate baterako. Ezin besterik izan harena, dena omen zeukanarena. Hainbat teoria zabaldu zen bazterretan, zein baino zein fantastikoagoa. Hala, hasieran suizidioa bide zena, hilketa bilakatu zen laster. Aberatsa izan arren, zor handia omen zuen drogaren mafiaren batekin, eta horregatik hil zuten. Eskuin eskuko hatzak moztu zizkiotela ere entzun zen.

      Barregarria dena. Hots haiei guztiei kasu egin gabe ere, Arratek eta Maitek ez ziruditen aurreko egunetan bezain lasai. Ordurako ondo jabetuta egongo ziren, nahita edo nahi gabe, eragin genuen kaka-ekaitzaz.

      Hileta-elizkizunak katedralean izan ziren, noski. Jende gutxi azaldu zen, Koro Larrearekin batera zoritxarreko bideoan agertzen zirenetatik bat bera ere ez.

      Denontzat hobeto, pentsatu nuen, bertan ikusi ez nituenean. Gure amaren eta Amaia eta Josuren artean nengoen eserita, han egoteak sentiarazi zidan lotsa ezkutatzeko ahaleginetan. Zikin sentiarazi ninduen. Zurikeria ez beste, nirea. Eskerrak dena azkar igaro zen.

      Apaizak ia ez zuen sermoirik egin eta beste inor ere ez zen hildakoaren omenez hitz egitera azaldu. Ados ginen denok: buka zedila hangoa ahalik eta azkarren. Hura bukatu eta gutako bakoitza bere betiko bizimoduari berriz lotzearren, ezer gertatu izan ez balitz bezala. Parentesi itsusi hura itxi eta betiko ahaztu.

      Etxera nahi nuen lehenbailehen, ez nuen Amaiarekin buruz buru inolaz ere geratu nahi. Horregatik, ahal bezain laster amari adio esan, Amaia eta Josuri masail banatan muin egin eta bizkor urrundu nintzen handik. Hitz egingo dugu, agindu nion koinatari belarrira lehentxeago. Negar-zotinak eragotzi zion baietz esatea.

 

 

Hiletaz Maitek galdetu zidanean, nik sentitutakoaz kanpo ezer gutxi zegoela kontatzeko konturatu nintzen. Nonbait aurpegiera txarra nekarren, eta, ikusi orduko jaiki, nigana etorri eta besarkatu ninduen. Joanak joan. Ematen zuen baino zailagoa zen iraganetik libratzea, ordea. Handik gutxira telefonoak jo eta gure amaren ahotsa entzun nuen.

      Arraroa, pentsatu nuen, oso bakanak izaten baitziren bere deiak. Bakanak eta, salbuespenik gabe, honengatik edo hargatik niri errieta egitekoak. Horregatik, deiak berak baino gehiago harritu ninduen haren ahotsaren alaitasunak, nire izena ahoskatzean. Txundigarriegia, egia izateko. Haren alaitasuna benetakoa zen, ordea, ez espero nuen trikimailu zuria.

      Istripu bat izan zunan, iragarri zidan, poza hitz bakoitzean nabarmen.

      Istripu bat?

      Amaiaren izeba, argitu zidan. Josuk hots egin zidan autopsiaren emaitzaren berri emateko eta hara, ez omen zinan bere buruaz beste egin. Istripu tamalgarri bat izan zunan, Ane. Etxeko egongelan irrist egin, buruak mahai behe bateko kantoia bete-betean jo eta kito: behingoan hilda. Izugarria, baina egunero gertatzen diren istripu askotariko bat besterik ez, azken batean.

      Kontu mordoxka gogoratu zitzaidan amak kontatutakoa entzundakoan, lotsa emateko modukoak gehientsuak. Nork zuzendu behar ditu orain haren gainean esandako astakeriak, pentsatu nuen, barkatzeko eskatuko al du iraintzaileetariko inork? Barkamenaz pentsatzeak Amaia ekarri zidan akordura. Arindu ederra hartuko zuen. Nik ere lasaitu galanta hartu nuen, egia esan. Eta Maitek ere hartuko zuen, nik uste.

      Nire pozak Maite kutsatu zuela esan daiteke, eta konturatu baino lehen besarkatuta ginen berriz ere. Ez bereizteko, gainera, elkarri atxikita eta musuka egin baikenuen logelarainokoa, eta halaxe utzi ere gure gorputzak ohe gainera erortzen.

      Haserretu eta berriz adiskidetzen gineneko saio sutsu gogoangarriak baino are gogoangarriagoa izan zen ordukoa. Bukatu zenean, izerditan blai, azkenean bereizi eta buruz gora etzanda geratu ginela, ez genuen ezertarako kemenik. Hain leher eginda ginen, hain ahul eta indarge, non loak laster hartuko gintuela uste bainuen. Ez ordea. Pixkanaka suspertu eta berriketan hasi ginen.

      Koro eta haren heriotza saihestu arren, horretaz ari ginen luze gabe, ia ezinbestean. Maite, estreinako aldiz seguru asko, patxadaz ari zen, ahotsa goratu gabe, gorrotatzera iritsi zen hartaz aritu beharrean, beste norbaitez ariko balitz bezala, hain gustuko zituen telesail horietako baten pertsonaia batez edo. Halako tarte zabala utzita ari zen, urrutitik eta bare begira, ordura arteko amorrua jada alferrikakoa zela jabetuta nonbait.

      Besoa luzatu nuen harengana, esker onez. Kopetan itsatsia zeukan ilea alboratu, matela laztandu eta galdegin nion: Barkatu egin dun, ezta?

      Ostera egingo niken egin genuen guztia, izan zen haren erantzuna.