Dendaostekoak
Dendaostekoak
2020, kronika
216 orrialde
978-84-17051-49-5
Azala: Xabier Gantzarain
Uxue Alberdi
1984, Elgoibar
 
2019, saiakera
2017, nobela
2013, narrazioak
 

 

 

 

Edonork jos dezake ikurrin bat. Estropadetarakoen neurriak 2’50 x 1’50 metrokoak dira. Dendaostean ez zait kabitzen tamaina horretako ikurrinik, lurrean jarri behar da zabal-zabal hedatuta: lehenengo, oihal gorria; haren gainean, lerro diagonal berdeak eta, azkenik, gurutze zuria. Oihal gorria eta lerro zuriak tamaina berekoak dira, berdeak luzeagoak: hiru metro dituzte lerro diagonalek. Ikurrina muntatu eta albaindu egiten nuen lehen, orain zuzenean egiten dut makinaz, hori ez nuke esan behar. Lerro zuriak eta berdeak lisatu egin behar dira josi aurretik. Hogeita bost zentimetro zabaleko oihal lerroak mozten dira eta ertzak plegatzen eta lisatzen zaizkie, behin josita hogei zentimetroko zabalera izaten dute. Lerro zuriak eta lerro berdeak zabalera berekoak dira. Dendaostean kabitzen ez denez, dendan egin behar izaten dut prozesu osoa. Bi gauza dira inportanteak ikurrina egiteko: dendan sartu-irtenean jende gutxi ibiltzea eta euririk ez egitea. Lurra bustita badago ezin da ikurrinik josi. Jostailuen mahaia eta liburuen irla apartatzen ditut oihalari tokia egiteko. Eta —Murphy— beti sartzen da norbait: “Nondik pasatu behar naiz?”. Harresi bat egiten dut puzzle kutxekin, inork ez dezan deskuiduan ikurrina zapaldu. Satin oneko gorria ra-ra-ra moztu eta dendan hedatu, lerro berde ongi lisatuak hartu, diagonalean gurutzatu eta buru-orratzekin ttak finkatu, lerro zuriak hartu, gurutzea egin, finkatu. Horrelako lau egiten ditugu, bandera bakoitzerako bi, alde bakoitzerako bana. Alde batean armarria eta idazkuna brodatzen dira, bestean, “Pitxintxu” letra txikiz. Armarria aparte brodatzen da eta gero ikurrinari josten, letrak zuzenean egiten dira oihalean. Bi aldeak amaituta daudenean barrukoz kanpora josten ditugu eta gero buelta ematen diogu iruntzitara, joskura guztiak barrualdera geldi daitezen. Lau aldeak josten ditut zulo bat salbu, ohazal nordikoetan bezala, zuloan besoak sartu, aurkako ertzei tira eta, flap, iraultzen da alde erantzira ikurrina: zeinuak agerian eta joskurak ezkutuan. Voilà!

 

 

Gure etxean gaztelaniaz hitz egiten zen, aitona-amonek bazekiten euskaraz, gurasoek ez, ordea. Gu erdaldun elebakarrak izan ginen gaztarora arte. Ni hamabost urterekin hasi nintzen euskara ikasten.

      “Vamos al zelai”, esaten genuen, euskarari usainik hartu gabe.

      Euskararekin dudan lehen oroitzapena da gaztetxoak ginela modan zegoela aldizkarien bitartez korrespondentzia lagunak izatea, eta nik kataluniar batekin egiten nuela gutun trukea hamabi edo hamahiru urterekin. Euskarazko hitz batzuk bidaltzeko eskatu zidan, ez nekien batere. Gorostizarenera joan eta euskara ikasteko gida bat erosi nuen eta, zer okurrituko eta, Gure aita errezoa bidali nion, Padre nuestrok zer esaten zuen banekielako. Besterik ez nuen ulertzen.

      Ni elizako lokaletan hasi nintzen ikasten, han ematen zituzten eskolak. Ez nekien “zer moduz” zer zen ere. Ordurako ikasketak utzita neuzkan.

      Gero gau-eskoletan aritu ginen hainbat urtez.

      Euskaltegian esaten ziguten telefonoa euskaraz hartzeko beti. Tontakeria dirudi, baina orduan automatizatu genuen “Pitxintxu, bai esan?”. Beti esaten dugu berdin. Etxean ere zenbat bider, telefonoak jo eta “Pitxintxu, bai esan?”.

      Batzuetan erdaraz hasten gara euskaraz ari garelakoan. Urte askoan eduki dugu dendaosteko atean “Euskaraz!” jartzen zuen oharra, geure buruari gogorarazteko.

      Dendako afixa guztiak euskaraz jartzea erabaki genuenean, ia ez genekien euskaraz.

      Andresek Bertsolari Txapelketako finala entzutera eraman ninduen 80an, zortzi ordu piperrik ulertu gabe, aldameneko gizonak esaten zidan “ederra bota du!”, baietz-baietz nik buruaz. Beste espezie batekoak iruditzen zitzaizkidan.

      Batzuetan hitzak nahasten zaizkigu.

      Elkarri ondo ulertzen diogu.

      Baina besteek ez digute ulertzen.

      Andresek dio ez ditugula esaldiak bukatzen.

      Nola esaten diogu elkarri…? “Marijo, recuérdame que te recuerde…”.

      Eta listo, guk badakigu zertaz ari garen.

      Ni euskaldun txarra naiz, ez euskaldun zaharra. Gaizki hitz egiten dut.

      Josten duzun bezala hitz egiten duzu.

      Zer esan nahi duzu?

      Di-da, akatsekin baina funtzionatzeko moduan, eta imajinazio handiarekin.

      Ez naiz perfekzionista.

      Asmatu egiten duzu hizkuntza: “bost axola” esan beharrean “hiru axola” esaten duzu, “itzulketa”ren ordez “deboluketa”, “multzoa”ri “moltzoa” esaten diozu eta iratzargailuari, “esnatzargailua”.

      Denda honetan esnatzargailuak saltzen ditugu. Eta norbait ikusten badut ezinegonez, esaten diot: “Zer dauzkazu, urduriak?”.

      Nire alabari ea lurperatzea ondo joan zitzaion galdetu zenion…

      Hegazkinez zetorren eta!

      Musika taldeen eta idazleen izenekin ere igualtsu. Stefan Zweig-i denetik deitu diogu: suij, tzueig, esguei, ez-bai, esbig, swing, twist…

 

 

Dendan, unerik zailenetako bat ikastolen publifikazioaren inguruko gatazka izan zen, 1993an. Gu publifikazioaren alde agertu ginen eta ikastolako bezeroen zati bat galdu genuen, batez ere irakasleak, gero pixkanaka itzuli direnak. Baina pertsona batzuek espainolista deitu ziguten publifikazioaren alde egitearren. Hainbat momentutan oso haserre egon ginen.

      Batzuek bizkarra eman ziguten, lagun minen batek ere bai, gurekin musika entzuten eta berriketan hainbeste ordu pasatutakoak. Eztabaida luzea izan genuen adiskide batekin. Bilera bat adostu genuen geure etxean afari bueltan gaiari buruz hitz egiteko, eztabaidatu egin genuen, gu publifikazioaren alde geunden, ez ikastolen kontra. Andres bertan aritu zen lanean urte askoan eta seme-alabak ere bertan geneuzkan!

      Guk adierazi egin genuen gure iritzia, borroka batean inplikatzen zarenean eta jendeari begirako negozio bat duzunean horrek eragina du bezerian.

 

 

Metodo batekin ikasi nuen josten, liburu-bilduma bat zen: Mujer. Método práctico de corte y confección. Kutxa batean bilduta sei liburuki, kapitulu bana zuten gonek, ohe-atorrek, gonazpikoek, eztei jantziek… Liburuki bakoitzak kapitulu bat zeukan hasieran: “Emazte ona izateko jarraibideak”. Xeheki azaltzen zituen etxeko aingeruaren egitekoak: senarra lanetik etxera etortzerako afaria prest izatea, goizalban hura esnatu aurretik etxean kafe usaina zabaltzea, egunkaria mahai gainean eta lan-jantzia irteeran pronto edukitzea… Diseño del figurín izeneko liburu bat ere bazen: txikiak eta zabalak ziren figuratxoak, moztakak, gaur egungo diseinu argal luzexketatik lekutan. Haiei begira trebatu nintzen arropak marrazten eta mozten: non josi sorbaldak, nola egin galtzak aurretik eta atzetik, nola eskoteak, papar-hegalak, zirrituak, eskumuturrak, kanezuak, sisak… Zein gisatara moztu zeharkako gona lasaiera handikoak —al bies deitzen genien—, eta nola, adibidez, kanezu gonak, aldaketan estuak eta nasaiak izterretik behera, evasé kanpai erakoak, godet gonak, lapitz-gonak, tulipa-gonak, sirena-gonak, tutu-gonak… edo tolesdunak, gerri altukoak, gerri baxukoak… Moztean oso inportanteak dira alozak, arroparen tolesak: bular oparoa baduzu, edo gerri estua… nola egin alozak arropari. Sorbaldetan ere jartzen dira alozak. Lehenengo, patroia egiten da: patroiak marrazkiak dira zeintzuek esango diguten nola moztu aurreko aldea, nola atzekoa, nola mahukak edo lepoa. Nik ez dut patroirik egiten, nik saltatu egiten ditut zenbait urrats, baina, normalean, paperean egiten da patroia eta gero eramaten da oihalera. Nik zuzenean egiten dut oihalean. Buruan izaten ditut lepo, mahuka, luzera eta abarrak. Mahuka mota asko daude: raglan mahuka, lepotik eskumuturrera pieza bakarrean egina; mahuka gainjarria, ohikoena, sorbaldatik beherakoa; mahuka japoniarra, zabala; jostun mahuka deiturikoa, dotorea, formaduna, ukalondoan aloza duena, trajeetarako erabiltzen dena; obispo, poeta, tximeleta, saguzar, farol mahukak… Zuk jantzita daukazuna raglan mahuka da, leporainokoa, ez da sorbaldan mozten. Nirea, gainjarria, sorbaldan mozketa duena. Lepoak ere askotarikoak dira: atorra-lepoa, bi piezakoa; mao lepoa, papar-hegalik gabea; lepo ingelesak, puntaluzeak; lepo italiarrak, irekiagoak eta puntamotzak; amerikarrak, hegaletan botoiak dituztenak; Chelsea, Johnny eta Peter Pan lepoak…; hegaldunak, dortoka-lepoak, urjauzi-lepoak… Edo papar-hegalen ordez txanoa izan dezake jantziak, zuzenean lepoari josia. Alkandorak izan daitezke kurta antzekoak, luzeak, motzak, tiradunak, taxutuak, zuzenak, botoidunak… Taxuketak ere alozekin egiten dira: bai gerrian, bai bularrean.

      Joskintza ikastaroak egin zenituen.

      Liburuez gain, bi irakasle izan nituen. Hamalau urterekin, duela ia berrogeita hamar urte, Elgoibarko jostun onenarengana joan nintzen aprendiz. Claudia izena zuen, berakatza baino finagoa bera, atzamar luze zorrotzak zituen eta buru-orratza bezain zehatza zen, perfekzionista hutsa. Arratsaldero joaten nintzaion etxera, irrati-nobela entzuten zuen, Simplemente María, Santanderretik Madrilera neskame joandako gazte baten gorabeherak, aberrazio galanta, hantxe egoten nintzen. Gero prakagin batengana joan nintzen ikastera, mahoizko galtzak egiten zituen, tindu anilaren usaina izaten zuen etxeak. Orain Eizaguirre okindegia dagoen tokian bizi zen, azkeneko pisuan. Han ikasi nuen, galtzak egiteaz gainera, lana errazten. Nire izaerak gehiago du prakagiletik sastretik baino. Galtzagilea Dioni zen, baserritarra, emakume garai mardula, azkarra eta praktikoa: odolosteak bezala egiten zituen galtzak.

 

 

Hasieran ez geneukan sarrerako ateko pertsianarik, gerora jarri genuen, lapurretak hasi zirenean. Ni beti izan naiz fidakorra eta sobera lañoa, zu fidagaitzagoa zara eta, normalean, arrazoi izaten duzu. Dendara taldetxoan sartzen badira, sartu-atera jirabiraka ikusten badituzu, poltsaren bat baldin badaukate… erne jartzen zara, eta asmatu egiten duzu. Orain gutxi arte liburuak lapurtzen zizkigun morroi bat izan dugu, astero etortzen zen kirol-poltsa besapean: seiehun euro inguru lapurtu dizkigu liburutan, hainbat liburu dendatan ostu omen du, Bizkaian eta Gipuzkoan, aspaldi zeunden zu susmoa hartuta. Telefonoz deitu zenion eta kristorenak esan.

      Behin liburu bat enkargatu zuen eta telefonoa eskatu nion, nahita, arrastoa hartua nion, ez nintzen fio.

      Ni ez naiz ausartzen. Pertsiana jartzea zure iniziatiba izango zen, Marijo. Lehenengo eskuzkoa, gero automatikoa, ordua programatuta zeukana, eta orain urrutiko aginteduna. Zenbat bider egin ote dudan amets pertsiana arraioa errailetatik atera eta bere lekuan jarri ezinda genbiltzala. Eskuzko pertsiana zuloduna zen, haurreria igo egiten zen bertara, zintzilikatu, eskuak eta hankak zuloetan sartu eta pertsiana astintzen zuten danba-danba, zalaparta ateratzeko, jolasean. Oraiko taberna kontra-kontran zegoen, egundoko martxa asteburuetan, gazte samaldak tragoarekin atarian, pertsianaren aurka bermatzen ziren, elkarri bultzaka hasten… eta pertsiana errailetatik ateratzen zen. Igandero etortzen nintzen nola zegoen begiratzera: semeari baino kasu gehiago ematen nion! Sarri-sarri askatzen zen eta bihurria zen atzera sartzeko! Gizonak igarotzen ziren, “lagunduko dizut?”. Kaka. Halako batean burdinazko haga bat jartzen hasi ginen aldez alde, jendea ez zedin pertsianaren gainean etzan, ez ziezaioten sabel konkabo zatar hura atera. Ia bi hamarkadatan egon zen kale hau borborka, larunbatetan ezin izaten zen ibili ere egin. Igandeetan ikusi egin behar zen dendaurrearen kuxidadea: gonbitoak, edalontziak, zigarrokinak… Parranda gau haietan eskaparateko kristala puskatu ziguten hiruzpalau aldiz, borroketan, beiratearen kontra botilak jaurtita. Udaltzainek deitzen ziguten goizaldean, kartoi bat ipintzen genuen erakusleihoan, goizeko zortzietan aseguru-etxekoak etorri arte. Behin, jaitsi nintzen kristala zapartatu zutelako eta hara non ikusten ditudan herriko gazteak erakusleihotik gauzak eramaten, platerak-eta, parrandan, ganberrokerietan, iji eta aja. 2000. urte aldera tabernak gorilak eta edalontzi biltzaileak jartzen hasi ziren, udaltzainak kalean patruilatzen, ertzain uniformedunak binaka, drogaren kontrako miaketak… Botiloiaren kontrako legea atera zuten, tabakoarena gero. Bakalaoaren ibilbidea puri-purian zegoen, Guass diskotekara jendea sailean etortzen zen, auto asko, gainezka egindako trenak. Eraitsi egin zuten duela urte batzuk, aparkalekua egin. Txitxarrotik, Jametik, Veneciatik, Jazz Berritik… bazter guztietatik etortzen ziren gazteak. Droga sintetikoak eskuz esku omen zebiltzan: tripiak, pilulak… Neska-mutilek dirua lodi maneiatzen zuten, tabernariek zioten billete handiekin ordaintzen zutela, bost mila pezetakoekin lehenengo eta berrogeita hamar eurokoekin gero. Urte gutxi batzuk lehenago klarimostoak eta zuritoak eskatzen zituzten eta, bat-batean, konbinaturik garestienak. Beldur ginen beste gazte belaunaldi bat galduko ote zen Elgoibarren. Ni ez naiz inoiz alarmista izan, baina kezka bagenuen. Orain, arazoa txakur kakak dira. Orain ez dago ezer, orain ez da gazterik etortzen Elgoibarrera. Txakur gehiago ikusten da gazteak baino.

 

 

Aldi berean hirurehun komertzialekin lan egitera iritsi ginen 90eko hamarkadan, bisuteriakoak asko, bilbotarrak gehienak. Orain ehun saltzaile inguru dauzkagu. Bazen bat akrata samarra, bera beratara ibiltzekoa, edadetua, seguru asko hilda egongo da. Beltzarana zen, igerilaria. Goizaren hondarrean edo arratsalde hasieran egiten zigun bisita, eguerdiko tartean Debara joaten zen eguzkia hartzera edo igeri egitera. Kantuan sartzen zen: “Por el río Nervión bajaba una gabarra, chúndala chúndala chun…”. Ez naiz izenarekin gogoratzen, Eugenio edo halakoren bat.

      Alberto.

      Horixe, Alberto.

      Duela hamar bat urte utzi zion etortzeari; erretiroa hartuko zuen edo…

      Bazen beste bat sinpatikoa, Santi, bilbotarra hura ere. Bi seme-alaba zeuzkan, semea txar amorratua ikasketetan. Zabor biltzaile eman zuen izena Bilbon. Behin batean, gaueko txandarako botak ahaztu zitzaizkiola eta, lantegira eramateko mesedea eskatu zion aitari. Inguratu zizkion, ba, eta bertan zegoela, semearen soldata txukuna akorduan, zer bururatuko aitari eta arduradunari galdetzea: “Aizu, eta hemen lan egiteko zer egin behar da?”. Izena ematea aski zela azaldu zion, deituko ziotela Athleticek jokatzen zuenetan, festetan gauez… Handik aurrera astelehenetik ostegunera bitxiak saltzen zituen eta ostiraletik igandera zaborra biltzen. Etortzen zen bakoitzean esaten zigun: “Bazenekite zenbat ikasten den zaborra biltzen!”.

      Parrandazaleek sastarra balitz bezala tratatzen zutela zioen, eta horrek buruargitasuna ematen ziola.

      Eta nola izena zuen maletadunak?

      Ramon, Valladolidekoa.

      Harreman estua izan genuen, trapuzko panpinak ekartzen zizkigun. Iruñean maleta lehertu zioten duela hogei urte. Autoaren aldamenean ahaztuta utzi, itzuleran aurkitu ez eta galdutzat jo zuen. Handik hamar egunera deitu zioten Udaltzaingotik maleta jasotzera joateko. Han topatu zituen bere agenda, bezeroen datuen libreta, kalkodun kaiera eta maleta osoa kiskal-kiskal eginda. Bizilagun batek deitu omen zuen auto baten ondoan bonba-pakete bat zegoela esanez eta eztandarazi egin zuten badaezpada.

      Bum.

      LPak saltzen zizkigutenak jatorrak ziren oso.

      Osaba-ilobak: Carlos eta Joseba.

      Carlosek Bilboko musika-talde batean jotzen zuen. Nola zen, Izas?

      Quinta reserva. Abesti bat zuten ezaguna: “Amores que se lleva el viento…”. Aho handi-handiak zeuzkaten biek, irribarre zabalak. C-15 batean etortzen ziren ehunka LP kutxetan kargatuta. Bozina jo eta furgonetako ateak zabaltzen zituzten biniloak aukeratzera irten gintezen: Genesis, Pink Floyd, Supertramp… Zaila zen hautatzea, diskoak ezin izan dira inoiz bueltatu, erdiz erdi asmatu behar zen erosketan. Astero etortzen ziren eta hamar bat disko hartzen genizkien aldiro.

      Guapoa zer zen iloba! Salegi gozotegira eramaten genuen kafea hartzera, denek begiratzen zioten. Esaten zuen trafikoaren arabera igartzen ziola salmentari, autopistan jende asko ibiltzen zela onaldietan. Guk arrazoia ematen genion pozarren.

      Pil Collins erosten genien. Adarra jotzen ziguten ez genuelako Fil Colins esaten.

      Doinuatik Makalo etortzen zen hilean behin. Tarrapatatan-tarrapatatan sartzen zen panderoaren soinua eginez. Txiste aurpegia zeukan. Lehenengo, tabernetatik igarotzen zen musika apalategitxoak jartzera eta gero gurean uzten zuen materiala. Hilabeteko kontuak kitatzen genituen.

      Horiek atseginak ziren, baziren zenbait txaplata hutsak. Batzuek ez zuten onartzen hitzordua guk jartzea.

      Liburu saltzaileek ez dute ordua hartu nahi izaten, edozein momentutan agertzen dira. Gainerakoekin, lortu dugu agenda geuk antolatzea: goizez bakarrik kasu egiten diegu. Gogor egin behar izan genien, gogoak ematen zienean etortzen ziren; jo arratsaldeko seietan izaten zela, denda beteta eta gu neka-neka eginda. Erosteko burua argi behar da!

      Orain goizez hartzen ditugu, eta egunean saltzaile bat baino gehiago ez. Ia egunero etortzen da baten bat.

      Desmadratuetako bat Zigor da, baina hari ametitu egiten diogu.

      Zigor bestelakoa da.

      Zigor, Igor da izatez. Guretzat, Zigor. Eskola materiala saltzen du. Australopithecus samarra da, estimua diogu. Noblea mutila. Nahastailea, baina… gure urtebetetze egunean landare bat oparitzen digu eta bazkaltzera ere gonbidatu izan gaitu. Gauza bat eskatu eta beste bat bidaltzen du; gero, barkazioa eskatzeko patata tortilla pintxo batekin azaltzen da dendan.

      Saltzaile gehienak gizonak dira, ehuneko laurogei edo laurogeita hamar.

      Eta erdaldunak. Ia dena gaztelaniaz erosi behar izaten dugu.

      Neketsua da erostea, zer gustatzen zaizun pentsatu behar duzu, zer uste duzun gustatuko zaiela bezeroei, zenbat ale erosiko dituzun soberakinik ez gelditzeko. Erostea zailagoa da saltzea baino. Asmatu ezean katea puskatzen da. Horregatik erosten dugu goizez kafe orduaren ostean, hobeto kontzentratzeko.

      Tabletarekin etortzen dira komertzialak, material fisikoa ere ekartzen dute: zapiak, diru-zorroak, poltsak, eskularruak, bitxiak… Maletetan edo erosketarako gurdietan ekartzen dituzte salgaiak, modelo bakoitzetik ale bat ikusgai eta tabletean kolore-karta aukera zabaltzeko. Arropa, esekitokietan edo astoetan ekartzen dute. Haztatu egiten dugu kalitateari igartzeko: harizkoa den, artilezkoa, zetazkoa… Ordu eta erdi ematen dugu bakoitzarekin. Udako materiala aurreko urteko irailean erosten da eta udazkenekoa otsailean. Guk dendan erosten dugu kasik dena, mostradorearen ezker aldea libratzen dugu eta bertan kasu egiten diegu; ez gara erostera hoteletara joaten. Gaur egun arropa etxe guztiek hotelak alokatzen dituzte hiriburuetan eta han erakusten diete produktua dendariei, ordu erdi erreserbatzen dute erosle bakoitzarentzat. Guk lege zaharrean jarraitzen dugu.

      Hautatu eta egizu gaizki mila euroko erosketa, eta pikutara joango zaizu! Geldituko zaizu hamar urtean dendan bueltaka… berotu, “haizea hartzera!” esan eta bi pezetatan ateratzen duzun arte.

      Zuri pazientzia agortu zain egoten dira bezero batzuk, Marijo, beherapenetan erosteko.

      Oporretan zaudenean aprobetxatzen dut.

      “Noiz zoaz mendira, Izas?”, galdetzen didate, “zure ahizpak bai jartzen dituela beherapen onak!”.

      Aspaldi erabaki genuen erosketa guztiak bion artean egitea, elkarrekin erosten dugu beti, eta erosketaren bat bakarka egin izan dugunetan, huts egin dugu. Nik zure begia behar dut eta zuk nirea.

      Saltzaileek esaten digute inguruotako eroslerik azkarrenak garela: “Hau bai, hau ez, hau bai, hau ez”, di-da batean adosten dugu. Zu gehiago gerturatzen zara erosleen gustuetara.

      Norentzako erosten ari naizen pentsatzen dut, bezeroak erakusten dizu erosten. Garate jantzi dendako Aintzane erretiroa hartzekotan da eta ahizpa gazteak esan zion: “Ni moldatuko naiz saltzeko, baina erosten lagundu behar didazu”. Aintzanek garbi zeukan: “Dendan ari ezean, ezin dut erosi”. Derrigorra da saltzen aritzea ondo erosteko, berdin arroparekin, liburuekin edo bitxiekin: pertsonentzat erosi behar duzu, honentzat edo harentzat.

      Azoketara joaten garenean standaren aurrean jarri eta esaten duzu “hau Mariajerentzat”, “hori Begoñarentzat”, “baietz hura Pilik erosi”. Eta asmatu!

      Dena den, egiten ditugu hankasartzeak ere. Etxeko bingoena, adibidez. Orain zenbait urte bingo batzuk ekarri genituen Gabonetarako eta emakume bat, oso bezero ona bera, etorri zen baten eske, afalostean familia entretenitzeko dibertigarria izan zitekeela eta. Sinple-sinple bat saldu nion, hamabost eurokoa. Agertzen da hurrengo astean barrez eta esaten dit: “Marijo, jolastu ozta-ozta egin ginen, baina algara galantak egin genituen suelto!”. Hasi omen ziren bolak ateratzen, eta eskuetan hartu orduko zenbakiak ezabatzen ez zitzaizkien, ba!

      Eta, gero, badira balbea duten pertsonak, beti bezero berei egokitzen zaizkie orri bat falta duten liburuak, erabilitako koadernoak, dedikatoriadun liburuak… Batzuetan, fabrikako akatsa izaten da; bestetan, geure despistea; inoiz, bezeroen azal lodia.

      Behin telefonoak apuntatzeko libreta bat erosi zigun emakume batek, agenda moduko bat, baina handik astebetera bueltatu egin zuen, erosoa iruditzen ez eta. Jaso genion, ba, libreta, itzuli genuen agenden apalera eta saldu genion, trukean, prezio bereko beste zerbait. Handik pixka batera, hara non aukeratzen duen beste bezero batek libreta huraxe bera eta dioen: “Ene, idatzita dago eta!”. Irakurtzen hasi zen: “Abasolo, Lurdes. Agirre sastrería. Ajuria, Jone…”; orduan ohartu ginen aurreko bezeroak erabili ostean itzuli zigula libreta! Bazituen hiruzpalau orri telefono zenbakiz zirrimarratuak. Harritu egin ginen, ohiko bezeroa baikenuen, hezibide onekoa. Gutxira, alzheimerra diagnostikatu zioten.

      Eskaintzadun liburuak ere saldu izan ditugu.

      Hamarretik gora.

      Oparitzen dizkiogu elkarri liburuak urtebetetzetan edo Gabonetan eskaintza eta sinadura eta guzti eta irakurtzen amaitutakoan dendaostera jaisten ditugu bertako liburutegirako, elkarri pasatzeko. Neu aritzen naiz liburuak antolatzen, ikusten dut ale solte bat han, ez naiz ohartzen etxekoa dela eta ateratzen dut saltzera. Eta gero hartzen du bezeroak eta…

      “Izaskun, berriz?!”.

      Tranpati samarrak ere bagara. Esan dezagun asko birziklatzen dugula eta negoziante sena dugula. Hainbat eskari hautsita edo zartatuta iristen dira askotan; halakoetan argazkia egiten diogu salgaiari eta hornitzaileari bidaltzen. Inoiz eskatzen dute paketea itzultzeko baina, gehienetan, bonua egiten digute ordezko zerbait eskatzeko. Ahal den guztietan konpondu egiten dugu kraskatuta, tarratatuta, etenda, desjosita iritsi dena eta mehe saltzen. Konpondu ditugu aterkiontziak Loctiterekin, josi ditugu poltsa barrenak eta kremailerak, adabatu kamisetak, apailatu buru-orratzak, lotu kateak, itsatsi apaindurak… Bost harridun brotxeari lau harri itsastea lortzen badugu, hutsaren truke, baina saldu egiten dugu.

 

 

Liburuek eta oihalek gaizki jasaten dute eguzkia, azalaren modukoak dira. Biltegiaren hondoan dauzkagu, eguzki argitik babestuta. Maindiretarakorik ez da gelditzen, erretiratu egin genituen. Apalategi honetan feltrozkoak dauzkagu, kolore guztietakoak; botak, pajaritak, txapelak, gerrikoak, antifazak… egiteko balio dute; Gau Beltzeko kalabazak, Batmanen bularreko saguzarra, Peter Panen txapela, iratxo jantziak… hauekin egiten ditut. Beste hauei trilobal deitzen diegu, satin merkea da; hainbat koloretakoak dauzkagu. Tunikak egiteko erabiltzen da, baita kortinetarako, zamautarako edo edozeren estalgarri ere, oso merkea da, hiru euro metroa. Ondo saltzen da bildots oihal hau ere; honekin egiten ditugu Gabonetako artzain txalekoak, inauterietako inuitak, elur panpinak, arkumetxoak, hartz zuriak, untxiak… Aldamenekoak ilezko oihalak dira: beltza, adibidez, otsoa edo gizotsoa egiteko; gorria, amona mantangorrietarako; hori-beltza erleak egiteko; arrosa adarbakarretarako; leopardo-itxurakoa… Segidakoak, distiradun oihalak, lentejueladunak eta fantasiazkoak: maitagarri, drag queen, charleston eta gisakoetarako. Azpiko hauek kotoizkoak, mateak eta satinatuak. Albokoak, crepe oihalak, eta beste hauek, harizkoak; hauekin egiten ditugu brodatzeko zapiak eta errezelak. Goiko horiek guztiak popelinazkoak dira: loratuak, koadrodunak (koadro txikia, handia eta eskoziarra), eta vichy deitzen den hau, zuri-urdina, amantaletarako, mahai-zapietarako, Grease-ko soinekoak egiteko… Hauek, oilo-hanka, kaxmir eta tweed estanpatuak. Tita zuri txikidunak, marradun ilunak eta loratuak, baserritar jantzietarako, adibidez. Hau satin ona da, bost edo sei euro metroa, ikurrinak egiteko. Gorria, berdea, zuria eta beltza dauzkagu. Eta atzeko horiek estanpatu merkeak: marradun zuri-beltza zebrak egiteko, eta pirata galtzak, preso buzoak… Tantodunak pailazo jantziak, sevillana soinekoak, perretxikoak, Ladybug-ak, Minnie Mouse-ak… egiteko. Marrak eta titak asko erabiltzen dira. Loratuokin gona buhameak josten ditut. Eta hauek tulak dira, bost koloretakoak: arrosa, berdea, morea, gorria eta beltza. Egokiak tutuak eta bolumendun gonak egiteko, sorgin jantziak, printzesak, askotariko apaingarriak (marrubi-txortenak, begiztak, beloak). Oihal doratu eta zilarkarekin estralurtarrak, latorrizko gizonak, astronautak… Estanpatu koloretsu askotarikoak, festetako kasaketarako. Belus gorri pixka bat hor… eta zakuzko tela txatxo, troglodita, kanibal, txorimalo eta halakoetarako. A, eta estanpatu txinatarrak; orain ez daude modan. Asko eta asko egin ditudanak, bakeroak eta indioak: gamuza marroiarekin galtzak eta larru-itxurako oihalarekin txalekoak. Inuitak, Txanogorritxo, pailazoak, printzesak, sorginak, piratak, mexikarrak… urterokoak dira. Orain, gehienek, Amazonen erosten dituzte.

 

 

Helikopteroan ibili nintzen bigarren aldia New Yorken izan zen. New Yorkeko maratoia egin nuen 1995ean, nire lehenengo maratoia, berezia izan zen. Amaitu nuenean tapaki metalizatu horietako bat jarri zidaten bizkarrean, andre zahar batek eskua eman zidan kalean, “congratulations” esan eta bi musu eman zizkidan, hunkitu egin nintzen. Itzulia ere egin genuen helikopteroan, hogeita bost mila pezeta balio zuen kapritxoak, nik ez nuen nahi baina nirekin etorri zen lagunak bai, behin haraino joanda hori egiteko ilusioa zeukan eta hartu genuen, ba, ordubeteko hegaldia helikopteroz New Yorkeko zeruan. Dorre bikietako 102. solairura ere igo ginen igogailuan. Miroren tapiz bat zegoen sarreran, sekulakoa, zoragarria. Badaukat argazkia. Eta dorre bikiak bota zituztenean tapizarekin gogoratu nintzen ni, “ze pena tapiza” pentsatu nuen, misantropo samarra izango da agian… baina ni tapizaren ederrarekin gogoratu nintzen.

 

 

Badira hamalau urte hilekorik ez dudala eta ahaztuta ditut sentsazio haiek. Dendan zubia hartuta maratoia egitera joan nintzen Londresera, bigarrena, nire bigarren maratoia. Ez zitzaidan hilekoa tokatzen, aurreratu egin zitzaidan urduritasunagatik. Korrika ari nintzela nabaritu nuen odola galtzak blaitzen. Ez neukan ez konpresarik ez tanpoirik, eskerrak galtzak ilunak ziren. Urduri jarri nintzen, baina korrika jarraitzea erabaki nuen. Aurrera egin ahala izugarrizko lasaitua sentitu nuen; horrela egin nuen maratoi osoa, isurian.

 

 

Emakumeen mendi irteera batean izan zen, autobusaren zain geunden norbaitek hizpidera sexua atera zuenean. Hizketan aritu ginen bakoitzaren bizipenez, harremanez, gustuko genuenaz eta ez genuenaz… Gogoan dudan aldi bakanetakoa da. Orain dela sei urte, Haizea emakume taldetik Kursaalera joan ziren zenbait andre teatroa ikustera; garaiz zebiltzanez, promenatzeko aprobetxatu eta sex-shop batekin egin zuten topo. Bertako langileak gauza mordoa azaldu zizkien menopausiaz, adin batetik gorako emakumeen sexualitateaz… Poz-pozik itzuli ziren herrira, pizkortuta, xanpaina edanda bezala, haietako batek kontatu zigun dendara etorrita. Handik hilabete batzuetara, lagun bati eta bioi mamografia egitera Donostiara joan beharra suertatu zitzaigun, eta esan nion: “Begoña, pijama batzuk erosi beharra daukat eta goazen egun osorako, kapitalean bazkalduko dugu”. Bidean gindoazela nik: “Ahaztu pijamak, sex-shopera joango gara”. Hasi zen algaraka, “bai ona!”, esaten zidan. Joan gara, eman dizkigute azalpen pila bat eta atera gara materialarekin. Etorri da Begoña handik egun batzuetara dendara; senarrarekin dagoela guk erositako jostailu haietako bat atera eta hasi zaiola galdezka: “Non erosi duzu zuk hori?”. Erdi izu erdi lotsa, egia esatera ausartu ez eta txinatarren dendan erosi duela asmatu ez du ba! “Erosketak egitera atera naiz, kasualitatez ikusi eta hartu egin dut”. Senarrak ez zion sinetsi: “Zu ez zara zeurez hau erosteko gai. Norekin joan zara?”. Orduan aitortu zion: “Mari Joserekin”.

      Sexuaz oso gutxi hitz egin izan dugu, baina irakurri egin dugu, liburuak erosten genituen sexuari buruzkoak, ikasteko.

      Ez dut jaso zaharra La sonrisa vertical-eko bilduma osoa etxean. Andresen lagun bat hil zen orain gutxi, haren emazteari bisitan joan gintzaizkion eta hildako lagunaren liburuen artean kuxkuxean ari ginela “hara! La sonrisa vertical!”, esan nuen. Hartu zituen denak eta esan zidan: “Zuretzat”. Etxera ekarri nituen. Bere garaian irakurri genituen, bat berrirakurtzen ari naiz orain. Baina hitzik ez genuen egiten. Telebistan bazen sexuari buruzko programa bat, han galdetzen zuten: “Zein izan da zuretzat inoizko larru-jotzerik onena?”. Pentsatzen jarri eta ohartu nintzen, niretzat, sexurik onena kirol gogorra egin ostekoa dela: Aneto igo ostean, Behobia-Donostia egin ondoren… Kirolak piztu egiten nau, kirola egin ostean ondo sentitzen naiz nire gorputzean.

      Gurasoek ez ziguten inoiz sexuaz hitz egin, baina gauza bat egiten zuten: sexuari buruzko liburuak erosten zituzten, eta bistan jartzen etxean.

      Nik ere gauza bera egin nuen seme-alabekin.

      Liburuek gauza askotarako balio dute, batez ere hitzak jartzeko, adibidez, bizitzen ari zarenari eta bizitzen ari ez zarenari.

      Aspaldi, agnostikoa zela irakurri nion norbaiti. Nik ez nekien zer zen hori, hiztegian bilatu nuen eta hala jakin nuen ni ere agnostikoa nintzela. Nire burua koska bat zehatzago definitzeko hitz bat aurkitu nuen.

      Horrelakoak, askotan. Batzuetan hitzek erakusten dizute zerbait lehen ikusten ez zenuena, hitzak erakusten dizu toki bat eta zu toki horretarantz zoaz.

      Denda itxi ostean Orbea tabernara joaten ginen ardo pare bat hartzera, han aritzen ginen tertulian eta gogoratzen dut esan niola jabeari: “Marian, hiztegi bat eduki behar zenuke tabernan”. Eztabaidan hasten ginen eta beti azaltzen zen hitz berriren bat. Beti bazen falta zitzaigun berbaren bat, zalantza sortzen zigunen bat… Ez da batere ideia txarra: hiztegi bat taberna bakoitzean.

 

 

Josteko makinak eta brodatzekoak soinu diferentea egiten dute; bata eskuzkoa da, bestea, elektrikoa. Brodatzeko makinak klik-klak-klik-klak egiten du; jostekoak trrrrrrrrrrr-trrrrrrrrrrr… Brodatzekoak pedalarekin funtzionatzen du, norberaren abileziaren arabera egiten du soinu biziagoa edo motelagoa. Jostekoak, lanaren arabera egiten du soinu etena edo jarraitua, batzuetan trrr-trrr-trrr egiten du eta besteetan trrrrrrrrrrrrrrrrrr, luze-luzea. Ni brodatzen ari naizela telefonoz deitzen badizute zuk mugitu egin behar izaten duzu, ez duzu ezer aditzen. Inoiz ez dugu biok batera joskintza lanik egiten, aulki bakarra daukagu dendaostean, brodatzekotik jostekora eta jostekotik brodatzekora erabiltzen dugu.

      Orratza apurtzeko zorian dagoenean makina soinu itsusia egiten hasten da; haria trabatzen denean ere egiten du kra-kra-kra. Esaten didazu: “Hor trabatu zaizu zerbait”, edo bestela “kendu hautsa makina horri”, segituan jabetzen gara gure makina edo bestearena eztulka hasten bada. Batzuek autoaren motorrari ulertzen dioten moduan aditzen diegu guk josteko makinei.

      Zakuzko oihalak, jostean, orratza kamusten du, eta makestean beste hots bat ateratzen du, trrrrrrrrr ez, baizik eta kla-kla-kla. Orduan badakit aldatu egin behar dudala, orratz kamutsarekin oihal fina josiz gero dena tarratatzen du.

      Txapelek, brodatzean, biloa askatzen dute, inportantea da txapelak brodatu ostean makinari trapua pasatzea, beheko partea askatzea eta ondo garbitzea.

      Zakua jostean orratza haustea ere oso ohikoa da. Behin atzamarrean sartu nuen, hatza zeharkatu zidan osorik, pla, akordu hutsarekin hotzikarak hartzen nau.

      Niri ez zait inoiz gertatu.

      Gerta zekizukeen baina.

 

 

Ez baita erraza gauza batzuei hitzak jartzea, batzuetan isiltasunak babestu egiten gaitu. Nik ez dut ezer esan berrogeita hamaika urtean. Hamabi urte nituela arazo bat izan nuen gizon batekin, zubiaren bestaldean. Jolasean ari nintzen hor goian, Erreizabalen, eta gizon batek bortxatu egin ninduen. Oraindik ez neukan hilerokorik, garaia nintzen, neska izateko handia, hamabi urterekin. Etxera joan nintzenean gurasoek egundoko sustoa hartu zuten, batez ere aitak; gizonaren bila atera zen korrika. Nahasi egin zen, okerreko gizonari esan zizkion txakurrarenak. Ez zen hura izan, gizon sendo bat izan zen, Robot deitzen zioten. Lehenengoz hilerokoa etorri zitzaidanean, esan zidan aitak: “Orain bai ibili behar duzula kontuz gizonekin”. Ez dut sekula honi buruz hitz egin, ezta ahizparekin ere. Jakingo du, baina ez dugu sekula aipatu. Sexualitateari buruzko testu feministak irakurtzen hasi nintzen, orduan asko idazten zen sarketarik gabeko sexuaz. Nik hor aurkitu nuen salbazioa. Beldurra neukan barruraino sartua. Gero, urteak aurrera, sarketari beldurra gainditzera iritsi nintzen, kostata; oraindik ere denbora asko behar dut, kontuz eta sentsibilitate handiz tratatua izatea. Behin, gaztetan, afera labur bat izan nuen mutil batekin, eta sarketarik gabeko sexua proposatu nionean denetik deitu zidan, zakil-berotzaile, frigido… Ez zuten ulertzen, garai hartan oso zaila zen gizonek norberaren sexu premiak ulertzea. Baina niri asko balio izan zidan feminismoaren ildo hark, sexua sarketatik bereizten zuenak, ni salbatu egin ninduen, halakorik aditu gabea nintzen lehenago. Lagunek kontatzen zidaten nobioarekin mendira joaten zirela, haientzat normala zen arbola atzeko di-dako larru-paxara, nik ezin izan dut halakorik egin, niri ez dit balio, nik askoz denbora gehiago behar dut, baina ez diet lagunei aipatu izan zergatik.

 

 

Hamar edo hamaika urte nituela amak gomazko panpina bat oparitu zidan, merkaturatu zuten aurreneko modeloa, aberaskumeen luxua. Jaioberria zirudien, leuna eta trinkoa zen, ilerik ez zuen, bai kalparra goman zizelkatua. Uretan sar zitekeen, garbitu, ostera jantzi. Begi biziak zituen, keinu gozoa. Blankita izena jarri nion, amarena. Mota guztietako jantziak egin nizkion, asko jolastu nintzen berarekin, gorroto nuen. Kotxekapota oparitu zidan gero, hura ere jantzi nuen, lo-zakua, ohazaltxoa eta xingolak egin nizkion. Hamalau urte bete arte jostatu nintzen panpinarekin.

      Bi oheko logela geneukan, eta pareko jesarlekua peluxez eta oihalezko panpinaz betea, amak erosiak denak: txakurrak, katuak, neskatoak. Gu ere panpinen modura janzten gintuen, biok berdin, soineko, amabirjinaren domina eta kakorratzezko burukoekin.

      Garai hartan elizara joaten nintzen egunero, harreman estua izan nuen apaizarekin, fedea nuen, fedea-edo. Ez nintzen etxetik irteten, ez zitzaizkidan nire lagunak gustatzen, ez nintzen neskekin ondo konpontzen, nahiago nuen etxean egon. Zu gaixotia zinen, makala, ohean egon behar izaten zenuen, eta ni gustura egoten nintzen zurekin.

      Santa Izaskun deitzen zizuten.

      Eta zuri La chipichusqui, bihurria zinen eta. Ama nirekin haserretu zen, esan zidan ez zela normala hamabost urterekin kalera ez irtetea. Halako batean erabat irauli zen egoera: zure kuadrillarekin irteten hasi nintzen, adoptatu egin ninduzuen, amak behartu zintuen ni zure lagunartean sartzera. Gero anarkoak ezagutu nituen, ez nintzen etxean sartzen, ordutik aurrera kalean beti. Eta ama atzera haserretu zen, ez omen zen normala beti parrandan ibiltzea ere. Ez zekiten norekin nenbilen, zertan, noiz arte. Asko sufritu nuen nerabezaroan, sentsazio hori dut gorputzean, badakit zuk ezetz.

      Ni zure tristuraz gogoratzen naiz.

      Orduan hartu nien gorrotoa Blankitari eta elizari, amatasunari, instituzionalizatutako guztiari. Ama feminitatearen militantea zen: garbitasuna, dotorezia, estiloa. “¿A dónde vas con esos pelos?”.

      Dendan trapuzko panpinak saltzen hasi ginen laurogeiko hamarkadan, ez ziruditen jaioberriak, koloretako tximak zituzten neskatila begihandi barrubigunak baizik. Regalo informal deitzen zitzaion. Geroztik, beti saldu izan ditugu panpinak. Uko egin izan diogu Barbieak, Nenucoak eta Nancyak saltzeari. Duela bost urte ekarri genituen andare oso errealista batzuk, trapuzko soina eta gorputz-adar eta buru gomazkoak zituztenak, betazalak itxi-irekitzekoak, betile luzeak, pisua ere haur txiki batenaren modukoa.

      Zeramikazko andrakilak ere saldu genituen garai batean, aurpegia eta eskuak zituzten zeramikazkoak, soina oihalezkoa, amak erosi zituen hiru: bat beltzarana, bat horaila eta bat ilegorria, apal garai batean eseri zituenak zango iharrak zintzilik. Faszikuluka ere saltzen zituzten andrakilok, bildumagileak baziren herrian. Ohean, burkoaren aldamenean, bakar-bakarrik eta geldirik egoteko jaiotako kopinak ziren, edota beste andrakila aurpegizuri batzuen artean isilik eta obediente irautekoak, kiribilak sorbalda gainean, kapelua xingolaz kokospera lotuta.

 

 

Erlojuei pila edo uhala aldatu, gerrikoei zuloa egin, poltsen uhalak neurrira moztu, eskumuturrekoak laburtu, larruzko lepokoei saltokorapiloak egin, zilarrari distira atera, bezeroei deskatalogatutako liburuen PDFak eskuratu…

      Eskoletako jaialdietarako lan txikiak egin…

      Igual eskatzen diete zapi hori bana eramateko eta jende gehienak ez dauka zapi horirik etxean, oraingo etxeak ez dira lehengoak, ez da dena gordetzen. Dendara etortzen dira eta zapiak mozten dizkiet euro batean.

      Martxoaren 8rako besoko moreak…

      Badaramatzagu bizpahiru urte laurehun besoko mozten, udalak ordainduta. Besoko morea nahi dutenak hona etortzen dira bila.

      Bezeroren batek zilarra ilunduta daukala ikusten badugu esaten diogu “ekatzu, garbituko dizut”; edo norbaiti botoi bat ikusten badiogu erdi dingiliz, “zaude, josiko dizut”.

      Adabakiak jarri, galtzei barrenak hartu, kuxinentzako fundak josi, konponketak egin…

      Poltsa bat moztu behar bada, cowboy mozorro batentzat kartutxo-uhala zulatu behar badugu, Mila Zapari whatsappa bidaltzen diogu eta xixtakoan joaten da zapata denda zaharrera, orain itxita dago baina han dauzka tresnak, mesedea egiten digu.

      Erlojuekin bitxitegikoek laguntzen digute: uhala aldatzeko zaila bada, ordulari hermetikoen kasuan pila ez bada aldatzen erraza… Auzoz egiten dugu.

      Gabonetan eta inauterietan inguruko tabernak eta dendak apaindu…

      Eguerdian, gurea itxi eta inguruko negozioetara joaten ginen apaingarriak jartzera. Hartu girlandak, lazoak, bolak, buru-orratzak…, bion artean egiten genuen.

      Arbolak jantzi eta etxeetara eraman...

      Aurrekontu bat adosten dugu eta horren araberako jantzia ipintzen diogu arbolari. Apaindu izan ditugu hogeita hamar arbola hamabost egunean. Tailerretarako pinu tantaiak, dendetarakoak, etxe partikularretarakoak. Dekoratu ditugu: Aterpe, Orbea, Iriondo, Gabi, Truk eta beste zenbait taberna; Osoro zapata denda, Uzuri optika, Kemen belar denda, Maidagan jantzi denda… Arbolak jantzi ez baina apaingarri guztiak prestatu izan dizkiogu beste hainbati: lazoak eginda utzi, zintzilikatzea beste lanik gabe. Zein apaindura-mota nahi duten esaten digute: haurrentzakoa, koloredun argiekin eta panpinatxoekin; dotorea, alaja doratu edo zilarkarekin; nordikoa, argi txiki, orein eta Bizarzuriren irudiekin; tradizionala, Gabonetako kolore gorri-zuri-berdeekin…

      Erraldoiak eta buruhandiak jantzi…

      Danborrada egunerako bi erraldoiri trajea aldatzen diete urtero, iaz Elgoibarko futbol taldeko kamisetarekin eta bigarren ekipazioarekin jantzi genituen. Erraldoiei arropa egitea berezia da, ez da hemen kabitzen! Luzera, mahuken neurria… ondo neurtu behar dira, kontuan hartu behar da erraldoiak ez direla malguak, ez dituztela besoak tolestuko arropa janzteko… Horregatik, mahuka belkroz ixtekoak egin behar zaizkie, gonari zuloa non egin ondo kalkulatu behar da… Lau edo bost urte daramatzat erraldoientzako trajeak egiten. Buruhandientzakoak ere eskatu zizkiguten, egin genituen Donald ahatea, Mickey Mouse, Mirri, lurperatzailea dirudien beste gizon beltzezko hori…

      Nik dolu-xingola bat egin nuen behin. Larunbat goiz batean bi gazte etorri ziren zinta gorri-zuri-berdea bageneukan galdezka. Ezetz, nik: gorria, zuria eta berdea bageneuzkala, baina ez hiru kolorekorik. Kezkatuta ikusi nituen. “Lagun bat hil zaigu”, esan zidaten, “arratsaldean zabaldu behar ditugu errautsak eta loreekin batera dolu-xingola jarri nahi diogu”. Loradendetan galdetu omen zuten eta ez omen zuten aurkitu. “Neuk egingo dizuet, emadazue ordubete”, esan nien. Dendaostera sartu, hartu albainua, buru-orratzak, koloretako zintak eta dolu-xingola gorri-zuri-berdea josi nien.

      Orain dela gutxi ludotekatik besaulki bat forratzeko eskatu ziguten.

      Txarangakoak inauterietan hona etortzen ziren aurpegiak margotzera, kalera irten aurretik, ilaran jarri eta banan-banan makillatzen genituen hogei morrosko.

      Truk tabernakoak ere urtero etortzen ziren. Jantziak egiten genizkien eta egunean bertan makillatzera etortzen ziren, taberna ere apaintzen genien. Brasildarrez bazihoazen, dekorazio brasildarra prestatzen genien; hippyz bazihoazen, dekorazio hirurogeitarra.

      Eta horrelako txorakeria pila bat.

 

 

Etxeratetik presoentzako dirua eskatzen ziguten urtero. Gabonen bueltan gutunazal bat jasotzen genuen bertan nahi adina sos sartzeko. Guri iruditu zitzaigun, liburu denda izanda, politagoa zela presoei liburuak bidaltzea, eta hiru-lau urtean halaxe egin genuen: bi liburu bidaltzen genizkion preso bakoitzari opari. Ez zuen arrakastarik izan. Ezin jakin kartzelekin arazoren bat izan zuten edo bestelako motiboak ote ziren tarteko, baina liburuak baino dirua nahiago zutela esan ziguten halako batean.

 

 

Kutxan diru xehea behar da beti, billete batzuk ere bai. Hilabetearen arabera kalkulatzen dugu beharko dugun txanpon kantitatea. Inauterietan eskuarteko asko behar da, gauza txiki ugari saltzen da eta txanpon gorria beharrezkoa da. Gurean gehien erabiltzen den moneta bi eurokoa da, batekoa baino puskaz gehiago; gutxien, zentimo batekoak eta bikoak, bostekoak dezente. Ikasturtearen hasieran eta inauterietan, borragomak, arkatzak, xingolak, distirak edo oihal puskak direla, sortzen dira prezio xelebreak, posible da bezero batek 67 edo 81 zentimo gastatzea.

      Egunean bi aldiz husten dugu kutxa, eguerdian eta arratsean.

      Kutxako kontrola egitean ez ditugu txanponak zenbatzen, bertan uzten ditugu biharamunerako.

      Sarri joaten gara banketxera txanpon eske. Dendako dirua banketxean sartzeko, aldiz, kutxazain automatikoa erabiltzen dugu, astean hiru aldiz.

      Gaur egun, dendako kobrantzen erdia txartel bidezkoa da, telefonoarekin ordaintzen ere hasiak dira bezeroak. Billete gutxiago pilatzen da orain.

      Hilaren hasieran berrogeita hamar euroko gehiago sartzen dira hilaren amaieran baino, hilaren hondarrean billete txikiak erabiltzen ditu jendeak: hamarrekoak eta bostekoak. Orduan paper meta sortzen da, honenbesteko moltzoa, zorroa lodituta eramaten dugu bankura, zenbatekoa txikiagoa izaten da baina. Jendeak, justu dabilenean, itsulapikotik tiratzen du, isilekoak ateratzen…

      Azaroan eta otsailean hilabete osoan izaten da diru txikia nagusi, motz-aldiak dira, herriko jendeari aldapa goren zaizkionak.

      Emakumeek, normalean, diru xehe gehiago maneiatzen dute; gizonek, zer esanik ez gizon baserritarrek, soinean diru-papera suelto eramateko beharra sentitzen dute, billete sorta lodiak berokiko edo alkandorako patrikan.

      Lehengo gizonei ziurtasuna ematen zien gainean sosa eramateak, dendan nabaritzen da hori, gizonei, normalean, ez zaie zakarrik falta izaten.

      Guk ere oso diru gutxi eraman ohi dugu patrikan; senarrek beti izaten dute ehun edo ehun eta berrogeita hamar euro; atera ere, handizka ateratzen dute bankutik. Dendan txanpon-zorroak saltzen ditugu emakumeentzat eta billete-zorroak gizonentzat, gizonentzako ziskuek ez dute txanponentzako tokirik izaten. Gizon bat buruz behera jartzen baduzu, klin-klin-klin, adituko dituzu txanponak patriketatik erortzen. Emakume bat hankaz gora jarri eta, plof, eroriko da diru-zorro txikia.

 

 

Hasieran nor bere kontura maskaratzen ginen, trukatu egiten genituen jantziak urtero. 1985etik aurrera hasi ginen lagunekin taldean mozorrotzen. 1988an Munster familiaz mozorrotu ginen, gaztelu eta guzti. Jose Luisa eta Mila Zapa gurekin irten ziren, ez zitzaien gozoa gertatu, batari semeak esan zion lotsa ematen ziola ama horrela ikusteak, besteari emakume batek galdetu zion kalean geldituta: “Horrela janzten al zara gauetan senarrarentzat?”.

      Nabarmendu egin ginen, ez ginen diskretuak izan: hori ez zen barkatzen. Amaren argimutilak eskuetan atera ginen, kandelak piztuta, Milak beloa erre zuen deskuiduan.

      1993an Velazquezen Las Meninas margolanaz jantzi ginen, markoa egin genuen gozotegiko erretilu urrekarekin. Bakoitzak jokatu zuen koadroko pertsonaia bat, margolaneko zakurra ere atera genuen. Ni Velazquez bera nintzen aitaren paleta eta pintzela eskuan.

      Hurrengo urtean eguzki sistemaz eta astronomoz jantzi ginen.

      1994an Greenpeace-ra deitu genuen, bale-arrantzaren gaia pil-pilean zegoen. Informazio eske hots egin genuen baleen erreskatea antzezteko. Itsasontzia eraiki genuen amaren garajean, baleak josi, bizkarretik ur-txorrotak botatzeko sistema bat egin genien, zodiak txiki bat puztu eta afixa pintatu: “Bolantarik ez”. Eskuorriak bota genituen Greenpeacetik bidali ziguten informazioarekin.

      Behin Pitxinpizzaz jantzi ginen, Telepizzakoen antzeko arropekin eta bizikletekin motorrak eginda. Ohitura geneukan urtero argazki dendatik igarotzekoa taldeko erretratua egiteko eta hara pizza bat eskatzea bururatu zitzaigun. Banatzailea gu baino lehenago iritsi zen, ordea, eta argazki dendakoak irri-arra batean uxatu zuen, berak ez zuela ezer eskatu eta. Mutil gizarajoa pasa-pasa eginda zegoen iritsi ginenean: “Pizza guretzat da!”, oihukatu genion. Algaraka hasi zen, argazkia egin genuen berarekin. Propina eman genion, zer gutxiago.

      Tubkal mendia igo genuen urtean kale saltzailez mozorrotu ginen handik ekarritako tunikak soinean eta amaren alfonbra kiribilduak sorbalda gainean. Dendako kasete zaharrak atera genituen eta bi sosetan saldu. Txoro-txoro, atera genuen txikiteorako eta afaritarako adina.

      1999an, arrain saltzailez. Arrain zaharra eskatu genuen arrandegian, sekulako kiratsa zabaldu genuen.

      Mozorroak errazten hasi ginen, izugarrizko lan karga izaten baikenuen inauteri bueltan. Estilo tolosarragorantz egin genuen: ez hainbesteko joskintza lanik, teatralago eta probokatzaileago. Hemengo jendeak ez du ondo ulertzen inauteri tolosarra, jendeari nazka ematen zion gu arrainarekin ikusteak, izugarri ondo pasatu genuen, katiuskak ere utzi zizkiguten. Inauteriak lotura du itsustasunarekin eta nazkarekin. Niri horrelako karnabala gustatzen zait.

      Hurrengo urteetan etxe garbitzailez maskaratu ginen institutuko garbitzaileek utzitako balde eta lanbasekin; negutegiz, eskarola fresko bana buru gainean jarrita…

      Inork ez zigun galdetzen gure gizonentzat janzten ote ginen.