Belarriko gaitza
Botika noiz zabalduko duten zain nago, erakusleihoaren alde batean kristaletik fatxadara dagoen tartean sorbalda bermatuta, belarriko minez lehertu beharrean, tarteka-tarteka mugikorreko erlojuari begiratu eta botika zabaltzeko falta diren minutuak banaka kontatzen. Egunak daramatzat horrela; anbulatorioko medikuak minak alde egingo zidala esan zidan, baina hainbeste antibiotiko eta analgesiko hartu ondoren areagotu egin zaidala esango nuke. Gainera, hogei bat egun horrenbeste botika gogor hartzen pasatu ondoren, burua ere ez daukat bere onenean.
Aspaldi utzi nion prospektuetako balizko albo-ondorioak irakurtzeari, kalterako beste ezertarako ez baita izaten nire kasuan; zerrenda luze horiek irakurtzen hasten naizen bakoitzean, beti hiru edo lau kasutan islatuta ikusten dut neure burua, eta segituan hasten naiz txarrenak pentsatzen halako espiral hipokondriako batean. Baina azken egunetan hartzen ibili naizen pilula eta kapsula mordoaren ondorio posibleak irakurri gabe ere, badakit horien berri, neure larruan ondo sentitzen baititut: logura etortzen zait edozein ordutan, halako durduza deseroso batean pasatzen ditut ordurik gehienak, eta gauzek eta egoerek beren benetako kontsistentzia galtzen dute, errealitateak berez duen trinkotasuna arindu eta mehetzen joango balitz bezala. Munduak orain arte erakusten zuen sendotasuna orain zalantzazkoa iruditzen zait, eta ematen du gauza guztien ertzak eta muina bera ere gandu kutsakor batek lausotuta geratu direla.
Botika noiz irekiko zain nagoela, kaleaz bestaldean parez pare daukadan bebarrura begiratu, eta orain arte ikusi ez dudan gizon bati erreparatu diot. Nire adin samarreko gizonezko bat dago han, hura ere atearen aurrean zutik, sorbalda ate ondoko txirrin ilararen ondoan bermatuta. Gizon altua da, horretan ere nire antzekoa, baina gainontzean ni baino dotoreagoa iruditu zait edo klase handiagokoa, bai janzkeragatik, bai gorpuzkera edo plantagatik, eta ez da harritzekoa, azken bolada honetan zarpail antzean bainabil janzkeraz eta nahiko zargalduta itxuraz, ispiluan neure buruarekin aurrez aurre geratzen naizen bakoitzean ikusten dudanez. Izan ere, luzea eta gogorra izan da Isabelekin azkenaldian bizi izan dudan guztia: nire karrera artistikoa indarra galtzen hastearekin batera sentitu nuen pixkanaka nigandik urruntzen; orduan hasi ziren lehen eztabaida builatsu haiek, gero etorriko ziren liskar guztien atariko konpondu ezin haiek. Horiek denek nabarmen erasan didate; inork ere ez dit ezer esan, baina ederki konturatzen naiz, konturatzen naizenez.
Arropa ilunak ditu gizonak soinean, nire moduan, baina nire galtza zaharren eta larruzko jaka maiztuaren ordez beroki beltz ederra du, zapata distiratsuak, eta, nirearen antzik ez duen planta dotoreari azken ukitu borobila emateko, hegal zabaleko kapela ilun bat. Bere kontuetan murgilduta dabilela dirudi, begiratzen diodan bakoitzean ez baitut haren begiradarekin topo egiten; orain alde batera orain bestera jiratzen du burua, baina benetako interesik gabe, begiak han edo hemen pausatuta entretenitzeagatik bakarrik ariko balitz bezala.
Orduan emakume bat ikusi dut bebarruko atetik irteten, eta, gizonak emakumearengana jiratzean egin duen keinua ikusita, haren zain zegoela iruditu zait. Aurpegiera ederreko beltzarana da, ondo makillatua eta orraztua, gizonaren estiloarekin ondo uztartzen den dotorezia baten jabea: soineko gorri deigarria darama, ia belaunerainokoa, eta zapata takoidunak, horiek ere gorriak, eta sorbaldetatik zintzilik jaka ilun bat.
Gizonak muxu emateko keinua egin du, baina emakumeak muzin egin dio nahiko modu itsusian. Zerbait esaten hasi zaio gizonari, ozen eta tonu zakarrean, baina ni nagoen tokitik ez dut ezer aditzen; gainera, belarriko infekzioak nabarmen erasan dit entzumenean, eta barruan ugaldu zaizkidan txistu eta hotsek askotan gaina hartzen diete kanpotik datozkidan soinuei. Zerbait aurpegiratu nahi balio bezala hitz egiten dio emakumeak, bekozko nabarmenarekin eta eztarria behartuta bezala, eskuak airean mugimendu biziekin dantzatzen dituela.
Orain hor doaz biak kalean barrena, elkarren artean tarte handi samarra utzita. Bat-batean emakumea gelditu egin da, zerbait bururatu balitzaio bezala edo gizonak egindako iruzkinen batek haserrearazi balu bezala. Pixka bat atzerago geratu da, eta hizketan hasi zaio gizonari eskuak astinduz, bestearen mututasunak haserrea areagotuko balio bezala. Berriz oinez hasi denean besotik heldu nahi izan dio gizonak, baina emakumeak mugimendu zakar batez berea libratu du, eta oihuka oldartu zaio. Haserreak gora egin du, eta emakumea bere onetik irtenda bezala dago; gizonari hurbildu zaio oihuka, ahoa ia haren belarriko zuloraino eramanda, kurrixka batean. Gizonak eskua belarrira eraman du, eta aurpegia uzkurtu zaio, garrasi hark garuna zeharkatu balio bezala.
Orduan neu ere ziztada bizi bat sentitzen hasi naiz belarrian, labana zorrotz batek barrua zulatu balit bezala, eta mugimendu erreflexu batez eskua belarrira eraman dut. Begiak itxi ditut, eta, minarekin batera, azken egunetan ozenagotzen ari zaizkidan hotsak entzun ditut belarriko zulotik garunerako bidea egiten. Abisatu zidan sendagileak infekzioak holako indarra hartzen duenean batzuetan akufenoak hasten direla, egun guztian bakean uzten ez diguten txistuak edo burrundarak, baina oraingoan aditzen dudanak helize baten hotsa gogorarazi dit, itsasoan murgiltzen garenean inguruan yate bat baldin badabil entzuten dugun burrundara metaliko hori.
Eta begiak itxi ditudanean, betazalen barrualdeko ilunpe hori pantaila bihurturik, gizona eta soineko gorriko emakumea ikusi ditut, orain biak atzeraka mugitzen, ikusten ari garen bideoa geratu eta birbobinatzeko botoiari sakatutakoan bezala, lehen aurrera egin dituzten pauso berak orain atzeraka eginez: orain gizona geratu egin da, eta atzeraxeago emakumeak imintzio handiak egin dizkio lehengoaren alderantzizko ordenan; hura ere geratu egin da une batez, eta gero biak atzeraka itzuli dira bebarruko ate aurrera; azkenean emakumea ezkaratz barruan galdu da, eta txirrinen ondoan sorbalda bermatuta geratu da gizona.
Begiak zabaldu ditut, eta han zegoen gizona berriz, bi minutu lehenago bezala bera bakarrik, lehengo jarrera berean, orain alde batera eta gero bestera begira. Mugikorra atera, eta pantailari begiratu diot ordua jakiteko; bost minutu falta dira botika zabaltzeko, baina badakit amaiezinak egingo zaizkidala. Gizonaren eszenak hasieran atera egin nau pixka bat nire ondoezetik, baina emakumearen kurrixkak areagotu egin dit belarriko mina. Etxetik botikara etortzeko irten naizenean baino biziagoak dira belarriaren barrenaldean sentitzen ditudan ziztadak, batzuetan erritmo erregular samarrean eta besteetan aurreikusi ezin dudan moduan erasotzen didaten eztenkadak.
Analgesikoak behar ditut, garbi dago, eta horretara etorri naiz botikara, inoiz baino beharrago ditudan aringarriak erostera, baina eguerdian ezin izan dut mina aguantatu, eta besterik ezean antsiolitikoak hartu ditut. Banekien ez zizkidatela ziztadak leunduko, baina larritasuna eta ezinegona baretuko zidatela uste nuen. Orain ari naiz konturatzen ez dela batere erabaki ona izan; berez erabakia ere ez da izan, egia esanda, eta kontzientziaz hartutakoa gutxiago; dena bulkada hutsa izan da, pentsatu gabe egindako zerbait, gero bazkalondoan ginebra edatea ere pentsatu gabe egindakoa izan den bezalaxe.
Orain dela ia urtebete hasi nintzen edaten, Isabelekin nituen eztabaidak gaiztotzen hasi zirenean, hasierako iseka eta gutxiesteetatik benetako umiliaziora pasatzen hasi zenean. Ia konturatu ere egin gabe erori nintzen edanaren irristalekuan, gure liskarretako batean Isabelek etxetik alde egin eta egun batzuk kanpoan pasatu zituen bolada batean.
Maldan gorako hasiera izan zuen gure harremanak, Isabelek etorkizun segururik gabeko artista batekin zituen zalantzek zaildutakoa (“nolako bizimodua izango dut zurekin?”, “zer espero dezaket zugandik?”); gero, pixkanaka erakusketak egiten hasi nintzenean-eta, nirekin konfiantza handiagoa hartzen hasi zen, beharbada karrera artistiko txukuna egingo nuelakoan; orduan iritsi ginen onenera. Bikotea egonkortutakoan sentitu nuen jaitsiera apala normaltzat jo nuen, baina erakusketak eta salmentak bakantzearekin batera Isabelen jarrera ere aldatzen hasi zen. Erakusketak neuk bakarrik egiten nituen garaiak paseak ziren, eta, erakusketa kolektiboak egiteko ere zailtasunak izaten hasi nintzenean, pendizean behera hasi zen gure artekoa.
Gure sesioak ugaltzen joan ziren, egunetik egunera lazten, eta garbi ikusten nuen zuzenean amildegi batera gindoazela. Orduan astindu bat eman nahi izan nion nire artista karrerari: koadroak utzi eta bideoak sartzen hasi nintzen noizbehinka egiten nituen instalazioetan, nire ibilbidea salbatzeko bide berri bat probatu nahian. Bideo-artea egiten hasi nintzen, hasieran koadroetan hain neurea nuen estetikan, baina gero pertsonaiak eta gertaera xumeak txertatzen joan nintzen, benetako eszenak. Nire joera berri hark gaiztotu egin zuen harremana lehenaz gain, eta ohiko eztabaidak erdeinuaren eremu arriskutsura eraman zituen Isabelek. Egun batean, bere onetik irtenda, lehertu egin zen, eta bide horretatik erreka joko nuela esan zidan, triste eta bakarrik bukatuko nuela eskale errukarri baten moduan. Ateari danbatekoa eman, eta alde egin zuen lagun baten etxera.
Egun batzuk iraun zuen lehen haustura labur hartan hasi nintzen edaten; ez zitzaidan erremedio hoberik bururatu amorrua eta tristura arintzeko, eta ginebra kopak hartzen hasi nintzen, horrela, bere hutsean, tonikarik eta izotzik gabe. Harrezkero ohitura bihurtu zait bazkalondoan eta afalondoan pare bana ginebra kopa edatea, eta gaur ere hala egin dut, antsiolitikoak hartu berri nituela ahaztuta. Burua laino batean banu bezala geratu naiz lehenaz gain, antibiotikoen eta analgesikoen eragina gutxi balitz bezala antsiolitikoak alkoholarekin nahasteak areagotu didan ilusio sentsazioarekin, munduarekiko arroztasun inpresio arraro horrekin.
Aurreko gizonari begiratu diot, eta hura ere zer ordu den jakin nahian harrapatu dut; hori bai, janzkeraz eta estiloz ni baino zainduagoa izanda, berokiaren mahuka pixka bat jaso eta eskumuturreko erlojuari begiratu dio. Ni botika noiz zabalduko zain nagoen bezala, hura ere norbaiten edo zerbaiten esperoan dagoela ematen du. Hori iruditu zait behintzat, baina ez dakit zer esan, azken asteetako medikazioak eta bazkalondoko hanka-sartzeak ikusmena ere pixka bat lausotu didate-eta. Gizonaren eta nire artean dagoen kalea laino mehe batek hartuta dagoela ematen du orain, orduak aurrera egin ahala trinkotzen ari den gandu bat sartu balitz bezala.
Bat-batean motor hots batek burua jirarazi dit eskuinaldera, eta auto beltz bat ikusi dut hurbiltzen. Ez naiz auto kontuetan aditua, eta ez nuke jakingo esaten zer markatakoa den, baina erdiko gamako edozein izan liteke. Gizona ere autoari begira dagoela konturatu naiz, ni baino arreta eta interes handiagoz, harengana hurbildu denean bebarruko ate aurreko koxka jaitsi baitu eta kotxea zetorren aldera pare bat metro aurreratu eta zain bezala geratu baita. Autoa gizonaren parera iritsi denean, geratu egin da, eta barruan gidari doanak eskuineko atea ireki du. Gizonak ateari eskuarekin heldu, eta hanka bat luzatu du auto barrura; gero, jende altuak egin ohi duenez —eta nik neuk ere bai—, makurtu egin da, burua barrura sartzerakoan eskuarekin kapelari eutsiz.
Autoa berriz martxan jarri orduko, maniobra egiten hasi da etorritako tokitik itzuli nahi balu bezala, baina txoferrak ez dio ispiluari arreta handirik jarri izango; ez dirudi behintzat atzetik datorkion tranbia ikusi duenik. Tranbiak abisurako duen bozina metaliko ozena jo behar izan du gidariari ohartarazteko, baina gidariak zalantza egin izango du maniobrarekin jarraitu edo zer egin, autoa gelditu eta kalean zeharka geratu baita, ez aurrera eta ez atzera. Seguru nago gidaria konturatu dela tranbia gainera datorkiola, balaztek erraila estutzean ateratzen duten kirrinka zorrotza hasi baita kalea betetzen bozina ozenarekin batera, baina, agian motorra gelditu zaiolako edo beharbada gidaria bera blokeatu egin delako, hor geratu da autoa kalearen erdian.
Hots anabasa horretan belarrian ziztada bizia sentitu dut berriz ere, belarria zeharkatu eta barrualdera bere bidea egiten ari den daratulu mingarri bat balitz bezala, garuna alderik alde zulatu arteko onik ez duena. Keinu erreflexu batez burua makurtu dut tranbiaren eta auto beltzaren talka ez ikusteko, eta begiak itxita geratu naiz.
Betazalen barrualdea pantaila bat balitz bezala, han hasi naiz ikusten begiak zabalduta begiratzen ausartu ez naizen eszena, baina tranbia kotxearen kontra jotzera zihoan unean berriro errailetan atzera egiten ikusi dut, eta gero baita auto beltza ere lehen egindako ibilbide laburra beste aldera egiten eta bebarru aurrean geratzen. Gizona atzeraka irten da kotxetik, eta autoak ere atzeraka egin du harantz honanzkoan egin duen bide berbera. Gizonak gibelera egin, eta pauso batzuetan berreskuratu du bebarru aurrean zuen jarrera bera.
Burua jaso, eta begiak zabaldu ditudanean, han ikusi dut gizona lasai asko lehen zegoen toki berean, sorbalda etxeko txirrinen ondoan bermatuta. Orduan belarriko minaren beste eraso bat sentitu dut bat-batean; orain belarri barruko ziztada zabaldu egin zait pixkanaka, eta mina lokian gora hedatzen nabaritu dut; begia ere hartu dit, eta segituan sentitu dut buruaren ezkerralde guztiaren jabe egiten, garunaren ezkerreko hemisferio guztia oinaze uhin bortitz batek mendean hartu balit bezala. Oinazeak makurrarazi egin nau ostera ere, eta horrela geratu naiz une batez, esku ahurra belarriaren gainean jarrita lurrera begira.
Tentetu naizenean, parez pare daukadan bebarrura begiratu dut, eta orduan gizona ikusi dut ezkaratz aurreko koxka jaisten eta botika aldera etortzen, pauso luzeko ibilera patxadatsuan. Lehengo nire irudipen horietan ez bezalakoa du pausajea, neurearen oso antzekoa; nigana hurbiltzen ari dela, hobeto ikusi diot aurpegia, eta osasun betean dagoen gizon orekatuarena iruditu zait, ispiluaren aurrean neure itxura zargalduarekin topo egiten hasi baino lehen nik neuk ere ikusten nuena bezalakoa, begietan distira galdu aurrekoa.
Nire parera iritsi eta nire ondoan jarri denean, hura ere botika noiz irekiko zain dagoela konturatu naiz. Zuzenean aurpegira begiratu dit, eta hizketan hasi zait irribarre murritz batekin.
— Berandu zabiltzak —hasi zait esaten, berriz ere berokiko mahuka jaso eta erlojuari begiratu ondoren—. Honezkero zabalik egon behar zian botikak, baina ostirala duk, eta barkatu egin beharko zieagu.
Zer egunetan bizi naizen ere ahaztuta nago ni, eta aspaldi galduak ditut gizonak erakutsi dizkidan umorea eta aldarte gozoa.
— Premia handiena dugunean, orduantxe kostatzen zaiek gehien botika zabaltzea —jarraitu du, nire sufrikarioaz ondo jabetuta balego bezala.
— Niri behintzat ikaragarri luzea ari zaidak egiten —esan diot, hitz egiteko gogo izpirik gabe.
— Nik behin goizaldera irten behar izan nian —hasi zait kontatzen, nik falta dudan hitz egiteko gogoa berak gainezka balu bezala—, hagineko minarekin neure buruari eutsi ezinda. Kostatu zitzaidaan ederki gaueko txandako botika aurkitzea. Azkenean taxia hartu behar izan nian. Ez zaidak sekula ahaztuko gau hartakoa.
— Ni ezkerreko belarri honekin nabilek gerran ia hiru astean.
— Bai, konturatu nauk. Ni ez nauk niretzako ezeren bila etorri; andrearentzat erosi behar diat.
Oraingoan burua jaso, eta zuzenean begiratu diot. Osasun aurpegiaz eta aldarte onaren seinale guztiez gain, satisfazio aurpegia zuen, bizitzan dena ondo doakionak izaten duen espresio orekatu eta kementsua. Emaztearenganako borondate horrek orain urtebete pasatxora arte nik neuk nuen jarrera ekarri dit gogora berriz ere.
— Hara! Hor zatozak! —esan dit, buruarekin berrogei bat metro aurrerago dagoen taberna seinalatuz.
Alde hartara begiratu, eta bi emakume ikusi ditut tabernako atetik irteten. Kafea hartu berriak direla dirudi, botika ireki aurretik arratsaldea pasatzeko bizigarria hartuta datozela. Kontu kontari dabiltza, elkarri esaten dizkiotenekin barre eginez, asteburuaren atarian jenderik gehienak izaten duen alaitasun horrekin. Gure parera iritsi direnean bi emakumeetan helduenak oso argi egin dio diosal gizonari, lehendik ere ezagunak balira bezala.
Beste pixka bat itxaron behar izan dugu, emakumeak lanerako prestatu, bata zuriak jantzi eta atea ireki diguten arte. Mutu egon naiz, eta oraingoan gizonak ere nire isiltasuna errespetatu nahi izan duela iruditu zait, nire egoeraz jabetu eta nirekin errukitu balitz bezala.
Botikan sartu garenean, gizonak parafarmazia eta kosmetika aldera jo du zuzenean, lehendik ezaguna zuela zirudien emakumearengana. Niri bi emakumeetako gazteena tokatu zait, eta analgesikoen bila barrura sartu denean beste bien solasa entzun dut; emakumeak barre txiki bat nola egin duen ere ikusi dut gizonak Pompeia olio intimoa eskatu dionean. Harreman esturik gabeko aspaldiko ezagunek bezala hitz egiten dute, elkarren bizitzaren berri jakin arren bestearengan interes handirik ez dutenek bezala. Erakusketa bat aipatu dio gizonak, gaur bertan inaugurazio ekitaldia dutela ilunabarrean Bitarte galerian, eta emakumeak “A bai?” behartu batekin erantzun dio, ondo geratu nahi hutseko poz keinu artifizial batekin. Gustura zirudien gizonak, eta, emakumeak erakusketarekin zorterik onena izan dezala esan dionean, eskerrak eman dizkio.
Nork berea erosi dugunean, gizona eta biok batera tokatu gara botikako atean berriz ere. Ilusiorik ez egiteko esatekotan egon naiz, onena opa diotenei bost axola diela berak egindako lanak, erakusketaren inaugurazio ekitaldira joaten direnak beste asmo batzuekin joaten direla, eta berak ere ondo dakiela, bere buruari onartu nahi ez badio ere, ez duela zipitzik salduko. Neuk Isabelekin bizi izandakoa gogoratu dut, eta ia-ia esan diot aspaldian baretuta daudela diruditen sumendiak erupzioan hasten direnean hauts eta laba oldearen azpian geratzen direla Ponpeia guztiak, betiko kiskalita.
Baina hitz egiteko kemenik ere ez daukat, eta, poltsikoan sartu berri ditudan analgesikoak hartu arteko onik ez daukadanez, presaka irten naiz botikatik. Bera izan da eskua sorbaldan jarri eta lehenbailehen osatzeko opa izan didana, eta “hurrengora arte” bat esanda hor joan da kalean gora, beste egun batean berriz ere botikan topo egin behar bagenu bezala. Erakusketaren inaugurazio ekitaldira gonbidatuko ote ninduen beldur izan naiz une batez, baina ez du holakorik egin, kalean aurkitutako ezezagunei ez baitzaie lagunarteko sarao horien berri ematen, eta eskertzekoa da, bestela lanak izango nituen-eta garbi aurreikusten diodan porrota ez aipatzen.
Tentazioa izan dut pentsatzeko “gizajo horrek baleki zer datorkion gainera!”, baina besteren kontuekin entretenitzea baino aurreragoko premiak baditut, eta, gizonaren pausoei jarraitu beharrean, beste aldera begiratu dut, botikako emakumeak irteten ikusi ditudan taberna dagoen aldera; analgesikoak oraintxe bertan hartu behar ditut, bestela burua laster lehertu egingo zait-eta.
Eta tabernarako bidean noala, hara nola etorri zaizkidan Isabelekikoak berriz gogora, harremanaren akaberako gertaera guztiak. Instalazio bideodunekin hasitako bideari jarraituz, performance bat aurkeztu nuen behin: dentista-besaulki batean eseri nintzen biluzik, bideo pantailaz inguratuta; pantaila bakoitzean eszena bat aurkezten nuen, eta eszena hori klimaxera iristen zenean, buru gainean nituen barra eta beso metalikoetako batetik odol zurrusta bat erortzen zitzaidan; gero irudiek atzera egiten zuten birbobinatzerakoan bezala, hasierako puntura iritsi arte; eszenak errepikatu egiten ziren, lehenbizi aurreraka eta gero atzeraka, beti horrela etengabe.
Instalazio hura izan zen Isabelekikoa leherrarazi zuena (“onartu egin beharko duzu porrota, eta lan arrunt bat bilatu”, “ez zara salbuespen bat, jende askori gertatu zaio gauza bera”, “eta orain gainera esperimentu berriekin hasten zara, berrogeita hamar urteko gizasemea hasiberriak diren gaztetxoekin batera, mundu horretan inortxok ere ez zaituela ezagutzen jakinda!”). Neurean tinko segitzen nuela ikusita, hor hasi zuen mespretxu eta umiliazioen azkeneko eta behin betiko eskalada, gure artekoa erremediorik gabe hondatu zuena.
Tabernan sartu naizenean, pilulak hartzeko baso bat ur eskatzearekin batera kafea ere eskatu dut han sartu izana justifikatzeko, edo horrela egin dudala iruditu zait niri behintzat. Zerbitzariak “ronarekin?” galdetu didanean konturatu naiz neuk esaten ditudanak ere ez ditudala kontrolatzen. Nahi gabe karajilloa eskatu izango dut, zer esaten ari nintzen pentsatu gabe ia automata batek bezala eskatu baitiot kontsumizioa, eta galdera hori egiten didaten bakoitzean erantzuten dudana atera zait, hori ere modu automatikoan: “Ez, koņakarekin”.
Pilula bati gutxi iritzi, eta bi hartu ditut, horrela efektua azkarrago egingo didatelakoan. Karajilloa hartzen dudan bitartean Isabelekin izan nuen azken liskarra berritu dut oroimenean, orduko hartan, aurrekoan ez bezala, neuk alde egin bainuen etxetik, eta betiko gainera. Azken erupzio hartan, gure harremanak iraun zuen denboran osatu zuen errepertorioko perla hautatuak, gogorrenak eta batez ere mingarrienak bota zizkidan. Lagun bati deitu nion, eta segituan nuen gure etxeko atarian auto beltz batean nire zain. Etxean libre zeukan gelan eman zidan ostatu: bi gizon banandu berri, ezkongabe garaietako ohiturarik txarrenak berreskuratzen.
Pilulak hartu eta komuneko buelta egitea pentsatu dut kalera irten aurretik. Eskuak garbitzeko pixka bat makurtu naizenean, gorputzak aurrera egin dit eta kopetarekin jo dut ispilua. Momentu horretan sentitu dudan minak belarrikoa ahantzarazi dit une batez, min berria handiagoa denean aurrekoa estaltzen duelako momentuko kolpea pasatu arte, edo beharbada analgesikoak ere efektua egiten hasi zaizkidalako. Burua pixka bat jaso, eta neure irudiarekin egin dut topo: begi puztuetan betazalak ia erdiraino jaitsita, kemen falta nabarmenaren adierazgarri; kalean hotzetan egoteak gorritutako sudurra, azken boladako edanak gorriagotua; egunetako minak ezpainetan utzi didan rictus patetikoa.
Beste edozein egunetan aurpegia freskatzeko aprobetxatuko nuen, baina uraren hotzak atzera eragin dit, eta irten egin naiz. Kalea zapaldu dudanean, analgesikoak beren lana egiten hasiak zirela sinetsita nengoenean, belarriko ziztada bortitz batek eraso dit berriz ere, eta areagotu egin dit buruaren ezkerralde guztian dudan mina. Norbaitek egindako madarikazio baten ondorioak direla sinesteko puntuan nago oraintxe, baten batek nire itxura duen panpina batean orratzak sartu izan balitu bezala belarrian eta burualde guztian.
Ziztadekin batera, belarriko hotsak ere areagotu egin zaizkit, tonu grabeetan dudan oinarrizko burrundararen gainean entzuten ditudan txistu zorrotzak aztoratu egin balitzaizkit bezala. Minaren oldarraldia ezin jasanda, gelditu egin naiz galtzadaren alde batean, eta oinazeak eta burua hartu didaten hotsek makurrarazi egin naute berriz ere, eta hor geratu naiz lurrera begira, adokinen artean ageri den errail batean begiak jarrita.
Harrabotsaren erdian soinu metaliko batzuk entzun ditut, txirrin edo bozina baten kutsu elektrikoari hots-kolpeen metalikotasuna gailentzen zaiola, eta une batez kanpaikadak direla ere iruditu zait, nire aldera okertzen eta jausten ari den kanpandorre bateko zalaparta hurbiltzen ari balitzait bezala. Burua jaso dudanean, nire begi lausotuek suge berde-gris erraldoi bat ikusi dute gandu horixka baten artetik gerturatzen, eta bidutzi beldurgarri hori gero eta hurreago sentitzearekin batera balazta batzuen kirrinka entzun dut zoruko errailei halako dardarizo bat eragiten diena.
Begiak itxi ditut, eta ozenagotzen ari den harrabotsaren artetik emakume baten deiadarra iritsi zait kaleko bazter batetik. Ezpainak estutu, eta indar handiagoz itxi ditut begiak, eta betazalen barrualdean ageri zaidan pantailari erne geratu naiz une batez, kaleko laino mehearen artetik ikusi berri ditudan irudiak nire baitan berritzeko, nigana datorren suge erraldoi horrek abiada nola moteltzen duen eta kalean nola geratzen den egiaztatzeko, eta gero pixkanaka atzeraka hasi eta etorritako bidetik nola aldentzen den ikusteko.
Baina betazalen barrualdeko pantailak ilun segitzen du; ez naiz inolako irudirik ikusteko gauza. Burua hartu didaten txistu, burrundara, kanpai-hots eta oihuen harrabotsean desegiten ari naizela sentitzen dut orain, laino trinko bat ari dela inguru guztia bereganatzen, eta ni neu ere mehetzen eta lurruntzen ari naizela, pantailako belztasun ikaragarri horrek irentsi behar banindu bezala.
Orduan kolpe handi bat sentitu dut eskuineko sorbaldan, eta gero bultzakada bortitz bat saihetsean, nengoen tokitik mugitu eta lurrera bota nauen astindu bat. Bat-batean isildu egin dira hotsak eta kirrinkak, eta jendearen garrasiek ere ahotsen zurrumurruari egin diote leku, pixkanaka itzaltzen joan den berbaroari.
Ez ditut nire bizitzako une guztiak arrapaladan pasatzen ikusi; ez dut neure burua tunel baten barruan balego bezala sentitu, ez tunelaren beste ahoa zeharkatu eta argitasunezko izakirik aurkitu, tunika zuriz jantzita eta elkarri eskutik helduta korroan dantzan. Begiak zabaldu ditudanean neure burua ikusi dut aurrez aurre laino horixkak bilduta, edo hori iruditu zait behintzat, etzanda nagoen tokitik gora begiratu dudanean nire moduko gizon bat ikusi dudala zutik, nire erreplika iruditu zaidan figura tente bat, baina ni baino lerdenagoa, itxura hobekoa, beroki ilunarekin eta kapela zabalarekin ni baino dotoreagoa.
— Eskapada ederra egin duk —esan dit—. Ia harrapatu hau tranbiak.
Orduan tranbiaren gurpilek errailen gainean egiten duten hotsa entzun dut, eta suge berde-grisa atzeraka mugitzen sentitu dut, etorritako bidetik itzultzen, metro batzuk egin eta berriz geratu den arte. Inguruan bildu den jendea ere atzera lehengo tokietara bueltatzen ikusi dut, ikusminak bakoitza bere tokitik atera ondoren berriro nor bere lekura itzultzen. Nire aurrean zutik neukan gizona ere atzeraka mugitu da, eta nigandik pixka bat urrundu denean mugikorra atera du, eta deika hasi da.
Begiak itxi ditut, eta ostera ere betazalen pantaila ilunarekin egin dut topo. Ez dago inolako irudirik edo mugimendurik, dena beltz. Segituan hasi naiz sirena hotsak entzuten, hasieran urrutiko kale batekoak balira bezala, eta gero pixkanaka gertuago eta ozenago. Ez dut inongo minik sentitzen, azkenean analgesikoek beren efektua egin didaten seinale, eta belarriko hotsak ere barealdian sartu direla konturatu naiz, egoerak su-etena deklaratzera eraman balitu bezala.
Segundo batzuetan iritsi da anbulantzia, sirenarekin batera argiak jira eta buelta dituela. Begiak zabaldu ditudanean, kalea hartzen zuen laino horia ere desegiten hasi dela iruditu zait, gauzak gero eta garbiago ikusten hasi naizela. Gizon bat eta emakume bat jaitsi dira anbulantziatik, eta hitz batzuk egin dituzte beroki iluneko gizonarekin. Azterketa azkar baten ondoren ohatila gainean sartu naute barruan.
— Lasai, nik lagunduko diat ospitaleraino —esan dit gizonak.
Anbulantzian noala, gizona ikusten dut aurrean, pare bat minutu lehenago adokinen gainean etzanda nengoenean ikusi dudan irudi tente bera. Lasaiago nago, eta orain neu hasi naiz hitz egiten.
— Erakusketaren inaugurazioan anekdota bat izango duk kontatzeko.
— Bai. Ondo etorriko zaidak solasak indarra galtzen hasten direnerako.
— Baina tristea izango lukek hire lanez hitz egin beharrean denak gertakari honetaz hasiko balira.
— Berdin zaidak. Gainera, ideia bat eman zidak egoera honek. Hasita nagok instalazioak eta holakoak ere egiten, baina orain pantailak erabiltzen hastea bururatu zaidak. Ezinbestean gertatu behar dutela diruditen eszenak azalduko dituk bideoetan, baina momentu batean, zorigaiztoko unea iristear dagoenean, irudiak geratu egingo dituk eta gero atzeraka mugitzen hasiko dituk, orain tranbiarekin gertatu den bezala.
— Ez zakiat ba... Ez duk ideia txarra, ez. Asmatu egin behar ondo egiten.
Txoferraren ondoan doan emakumeak, itxuragatik medikua izan behar duenak, begiratu egin digu. Solas lasaian ikusi gaituelako-edo, irribarrea atera zaio, eta zerbait esan dio txoferrari. Segituan isildu da sirena hotsa, eta anbulantzia abiadura moteltzen hasi da. Ez dago, nonbait, ospitalera iristeko presarik.