Franco hil zuten egunak
Franco hil zuten egunak
2016, narrazioak
256 orrialde
978-84-92468-91-1
Azaleko argazkia: Itzala (AHM fototeka)
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Franco hil da entzun genuen eguna

 

 

Bertan daukagu aperturismoa, orain ez duzu muga pasatu beharrik Malizia ikusteko, Laura Antonelliren boom berria: Angelak zoraturik dauzka alarguna eta alargunaren semeak gainez egiten duen bere limurtasun sexualarekin. Savoy zinema. Azken egunak. Hurrengoaren txanda zela gaztigatu zuen Crespo zaharraren semeak. La Voz bildu eta tronuan jesarri zen. Dany zegoen aitaren aizturretan, eta keinu egin zioten ispiluan elkarri. Ez hain motz, erregutu zion Iņaki Garciak Mario Crespori betiko estiloan moztuko ziola noski komentatu zuenean berriketa haste alde. Futbolaz arituak ziren, baina aste hartako atrakua zebilen ahotan oroz gainetik. Bigarrena zuten tarte laburrean, eta azkena ikusgarria izan zen inork ikusi ahal izan ez zuen arren, Oesteko pelikuletako tren asaltoen antzekoa, furgoia desbideratu, harrobi zokora eraman, pistoleroak lotu, ezpainak josi, karnetak kendu... ETAren lana zen ziurrik. Hogei milioi eraman zituztela komentatu omen zuen Amatriainen koinatak, jakinen du zerbait Amatriainek, enpresa horretan egin du lana. Hogeiren zurrumurrua baldin badabil, izanen dira berrogei. Dany altxatu egin zen Crespo zaharrak lepo-sorbaldak eskuilatzen zizkiola. Besoa nola zihoan galdetu zion Iņakiri, zapiaren azpitik nabarmentzen zen ezkerreko kozkorrera keinu eginez. Ongi uste dut, bihar kenduko didate igeltsu puska hau. Laster lanera beraz. Bai, aspertu egiten da bat etxean. Mariok arin egiten zuen lana, eskuan dardararik ez. Bizarra egitea nahi al zuen. Bai zera, inork ikusteko ere, muturra aparretan barberiako tronuan seņoritoek bezala. Zeu zara herriko seņoritoa eta!, barrez, Mariok. Ni? Donostiako natajaleekin munduan barrena dabilena. Bai zera munduan! Milanora joan nintzen iaz, beste inora ez naute eraman. Ni ez naute sekula eramanen leku horretara. Ez al dizu azkurarik ematen? Bi aste daramatzat, pasatuko zaidala esan didate. Bai, gehixeago hazi arte hazka ibiliko zara. Crespo zaharrari ordaindu zion umoreko eta puska bat eman zuen aterkiontzian zeudenen artean berea ezin bereizirik. Egun hartakoa dena erauntsi haize erreka luizi izanen zuten, astebete horrela. Autobus geltokirantz hartu zuen. Jendea espaloian, errepide nagusiko bazter batean aspaldi egina zegoen putzuaren ondoan. Ezezagun batzuk, eskafandra berdeak ziruditen jantzian, putzuaren sakona neurtzen. Rafael Artista Fotografo besoak luze buruen gainetik, bolondres batek aterkipean babesten zion makinari sakatzen. Eta multzo hura hantxe, doako legatzen esperoan.

 

MARIA SHULTE PAPER OREAREKIN GOTEBORGETIK

 

      Donostiako auzoetan eta mugako herrietan euriak sortu putzuen sakona neurtzeko menturan irtenak ziren errepide bazterrean uretan zeuden kazetariak. Bi aldeetarik batean Radio Popular letra loditan ageri zuen metro eta erdiko zurezko erregela batekin jotzen zuten putzuaren hondoa osin sakonenaren bila. Ikusleetarik batek ohartarazi zien neurtu beharrekoa ez zela putzua, putzuaren barruan zegoen zuloa baizik. Hogeita zazpi zentimetroko osina aurkitu zuten. Teknikari batek kanpainako telefonoaren antzeko batekin konexioa egindakoan, Eguneroko Abentura programakoak non zeuden jakinarazi zuen Eduardo Azkueren ahots ezagunak, putzuaren sakona eman zuen, artean atzemandako guztietan sakonena eta handiena, eta herritar batek bazuela zer edo zer deklaratzeko. Pako Brionesek, hura ere ezkaratzeko atelierra utzita hiri zilarrekoen lanari baitzegoen egun hartan, putzua baino hobe luketela putzuaren barruan zegoen zuloa neurtzea errepikatu zuen ilun, aurrenekoan baino ozenkiago. Ikusle guztiei behako maltzurra eginez, putzua eta zuloa ez ote ziren traba bera galdetu zion Eduardo Azkuek, uhinetako ahotsik ezagunenak, emakume guztiak xarmatzen zituen berrilariak, eta konponketarik ez daukan oinetako bat hartuko lukeen gupida berarekin heldu zuen Pako Brionesek mikroa, putzua eta zuloa ez zirela ber gauza argitu zion munduari, putzurik sortu izan ez balitz ez zela kazetaririk azaldu izanen, putzuak lau egun zeuzkala eta zuloak hiru hilabete, putzu hark ez zeukala berdinik Madrildik Iruneraino eta mila aldiz emana zutela parte bertako udaltzainek afera zegokien agintarien aurrean. Zola berriaren eske daukagu errepidea, ibiliak jana dauka. Eta badakit zertaz ari naizen.

 

MONTE ALTUBE OLIOAREKIN LIVORNORA

 

      Luzuriaga fonderiako eskolan ibiltzen zeneko gertatua izan zen, Mircovic jaunaren klasean. Atea jo zuten. Kristal transluzidoaren ostean emakumezko bat zegoela eman zioten tankera ikasleek. Maisuak atea zabaltzeko keinua egin zion atetik gertuen zegoenari, horrelakoetan ohi zuen gisan. Laguntzaile soziala, Karmele ondarrutarra. Ikusi zuen orduko irten zitzaion Milan Mircovic, atsegin zitzaion emakume sendo hura. Atea zabalik geratu zen, ikasleek xuxurla bat baino ez zuten sumatu ahal izan. Algara sorrarazi zuen Vieitesek atzamarrekin egin zuen keinu lizunak. Itzuli zelarik, Bost minutu dauzkagu esan zuen maisuak, Errepasa ezazue gaur ikasi duguna, eta baldin bada ulertzen ez duzuen ezer, galdetu. Buruak apunteetara makurtu zireneko, Txoperena zoaz Karmele Artetxerenera agindu zuen Milan Mircovic jaunak. Imanol Txoperenarengana itzuli ziren buru guztiak. Hamalau urte zituen, laster mandrinadoran hastekoa zen. Horixe izan zen gertatuaren lehen atala, sekula inori eman ez zioten agindu hura jaso zuela, klasea utzi eta emakume harengana joatekoa. Harritu egin zen, eta zerbaiten errua eginen ziotela sentitu zuen, eta ezin asmatu zerena. Bazihoala, Muruzabalek errepikatu egin zuen Vieitesen antzerkia atzeko ilaretara. Barre txipiek tristatu egin zuten Milan Mircovic, Txoperenari egindakoak zirelakoan. Aldagelen ondoko bulegorantz langile taldeak ikusi zituen kamioien ondoan, hizketan. Orduan jabetu zen dena isilik zegoela, makina hotsik ez, maisu jaunak berak diseinatu zituen kea hurrupatzeko turbinak mutu zeudela, makinak geldi, kamioien patioan bilduriko langileak taldetxotan hizketan. Egiten zituzten horrelakoak, baina hau desberdina zuten, isilean egiteko geldialdia zen, hitz gutiko asanblada. Eta bera laguntzaile sozialarengana. Zergatik ez klasea amaitutakoan? Ez zuen loturarik egin ahal izan aginduaren eta isiltasunaren artean. Karmele Artetxe zutik zegoen paper batzuk irakurtzen. Astiz utzi zituen mahai gainean. Egunon, Imanol. Bi aulki zeuden mahaiaren aurrealdean, haietan jesarri ziren. Istripu bat gertatu da fonderian. Horixe lotura. Istripu mingarri bat. Eta Karmelek esku biak hartu zizkion bere esku beroetan, begietara so. Ez zaituztegu abandonatuko. Imanol Txoperenak ez zuen jakin, Ez zaituztegu abandonatuko hura entzun zuelarik, andrazko garratz hark zuzendaritzaren izenean hitz egiten zuen edo sindikatuenean. Istripu izugarri bat, gertatzen dira horrelakoak fonderian. Amak negar isil handiak egin zituen, negar eta seme bakarra besarkatu, egunak horrela, kontsola ezineko. Lanpostu bat eman zioten bulegoetan, kontadurian. Paperak ordenatu, karpetak katonatu. Lagunetarik urrun, bakar, adindu aspertuz inguratua beti sobera beroturiko gelan. Noizean behin almazenera. Deskargatutako tonen apunteak hartu eta ekarri, errukimenduzko hitzak eta fazoinak pairatu. Imanol esaten zioten istripuaz geroztik, ez Txoperena beti esan izan zioten moduan. Utzi egin zuen. Karmele Artetxeren kontaktuek jesuitek zabaldutako Radio Popularrera eraman zuten. Posta bidezko CCC ikastaroa egin zuen soinu teknikaria izateko, diploma bat eskuratu zuen. Lau urte zeramatzan mikroak ozengailuak kableak kaskoak diskoak baliatzen eta, egun hartan, jarraitasuneko teknikari gisa estudioan itzulika ari zen bobinari begi emanik, aitaren ahotsa ahantzia zuela konturatu zen. Oroitu nahi eta ezin.

 

ELKA KAHRS DENETARIKO ZAMAREKIN ROTTERDAMETIK

 

      Errepide nagusiko zuloak, izenik ageri ez zuten karrikak, frontoiaren ezker horma pintaketa iraingarriz zatartua, geroz eta ke zikinagoa ekartzen zuten zaborra errausteko labe zartatuak, horrelakoak, ezin konta ahala bafora tren edo auto nobedade, hondamendi txipi eta ez horren txipien katalogo bat zeukan osatua urteen poderioz Rafael Artista Fotografok. Estudioko lanaz harat portuko agintaritzaren aunitz enkargu hartzen zuen eta kasik egun oroz La Vozeko korrespontsalaren eskariak albistea ilustratzeko. Aspaldiko euriterik luzeena baitzuten, erreka gainez egina zen irin fabrikako presan, eta poligonoko atelierrak hartu zituen zenbait pikardia eginez, inprentan bereziki, bobinak eta paper paleak bustiz. Elkarrekin egin zuten lana korrespontsalak eta biek sarritan bezala, hura atelierretako arduradunekin hizketan eta hari interesatzen zitzaizkion gauzak eta pertsonak argazkitan hartzen bera. Ikusi duzu, Metalicas Molinaon makinak martxan dauzkate eta langileak oinak kasik urpean, elektrokutatzeko arriskuan. Argazki bat egin zien alegia deus ez, kamera begira jaso gabe. Berarendako argazkia. Ez zen erraza jendea lanean argazkiz ateratzea, nagusiek ez zuten argazkilaririk ametitzen lantegi barruan, konpetentziaren aitzakia egiten zuten baina begi bistakoa zen ez zitzaiela komeni nolako baldintzetan aritzen ziren azaltzea. Rafaelek ez zekien zehatz zergatik, zertarako metatzen zituen inork erosiko ez zizkion klixe haiek denak, milaka batzuk, karrikak hutsik karrikak beteak balkoiak butano bonbonez balkoiak arropa zabalduz, zapataria ezkaratzean, fonderiako pabiloiak biadukto azpiko atelierrak, udaltzaina errepidean, moiletako gatz pirita txatarra ikatz mendiak, baforen branka harroak itsasgoran, zaborketaria gurditxoarekin. Halako batean, astia hartzen bazuen, erakusketa antolatuko zuen. Kafe bero bana merezi zutela esan zion korrespontsalak, Pitxitxulo tabernarantz abiatuz. Kafeak ekarri zizkietenean deskafeinatua eskuan hartu eta leiho ondoko mahaian jarri zen korrespontsala, tabernariaren belarritik urrun. Edukiko zuen ahapekoren bat, zaletua zen. Korrespontsalak kafearen beroa dastatu zuen, platertxoan laga zuen kontuz. Garai garratzak datoz, Rafael, albertitu zion egun hartan, goibel, Gureak eginen du laster. Orain gazteen aldia zela aitortu zuen argazkilariak apaltasun zintzoz, Bizilegea. Ez entzuna egin zion korrespontsalak, Garai odoltsuak datoz. La Vozeko zuzendariak berari komentatua. ETAk sarraski bat planeatua zeukala, herri guztietako zerrendak zituztela. Ez zion sinetsi. Gu zerrenda horietan gaude, gu kolaboratzaileak gara ahal ditugun okerdura eta horkonpon guztiak salatzen saiatzen garen arren. Kartera zabaldu zuen. Hobe zenuke neurriren bat hartu. Beste txartel bat ateratu zuen prentsako txartelaren azpitik, luzatu egin zion. Aspaldi naiz. Zigilua eta guzti, alderdi debekatuaren zigiluak jotako argazkiarekin. Hari so etorri zitzaion aurpegi hura bera gaztetxotan, eskuadran eta zenturian desfilatzen legionario eta gorrien fusilaketetan jolasten, zenbat horrelako. Bi mila klixe bai. Kafea hoztuko zaizu, Rafael.

 

CALIFORNIA KLINKERRAREKIN PUERTO DE LA LUZERA

 

      Bizi osoan edukiko zuen oroit egun hura Iņaki Garciak, xeheki kontatzen ahal zuen orenez oren eta solasez solas, Anita ikusi zuen tren geltokiko markesinan, portualdeko neskarik zerarena, zaila zen adierazten, neskarik kukuena, Asturiana de Minaseko bagoiak garbitzen zituen euriari beha. Besamotz zetorren Iņaki, igeltsaturiko ukondoa gabardinaren azpitik, ezker mahuka dilindan hutsik. Anita bakarrik, beste inor ez trenaren zain. Halako tentetasun hanpatu bat hartu zuen simetriarik ezak areago narras ez zezan. Bost bat metrora gelditu zitzaion, bera ere jasaren emanari. Neskarik kukuena zen, bai, aldian behin azaltzen zen zineklubean, eta aldian behingo haietan zantzua uzten zuen beti proiekzioaren ondoko solasaldian. Hurrengoan ez zen azalduko, eta eztabaidak haren hitza eskas. Bi bat metrora. Ezin zuen edozerkeriarik bota, Ederra dela gero euriaren hotsa edo Zeinen triste dauden bagoiak euripeko, horregatik bota zuen, besterik ezean, Bostehun mila kuku kantari oraintxe Madagaskarren. Eta ezkerraldera behatu zuelarik Anitaren soslaia besterik ez baitzuen ikusi. Okerra zuzentzeko Ordaindu al duzu zineklubeko kuota? atera zuen Chicagoko ahots mehatxuan, apur bat hurbilduz. Le mani sulla cittā ikusi genuen lehengoan. Verdiren pertsonaia batek merezi lukeen ahoskeraz Le mani sulla cittā. Zeinen cantabile den italiera, ezta? Errenteriako hirigintza batzordekoak etorri ziren, azkenean ez genuen filmeaz jardun, bero aritu ginen eztabaidan. Bateko eta besteko, esan zuen Anitak aurpegia kantariarengana itzuliz, aspaldi ez naiz zinemara joan. Trena heldu zen, besoa igeltsatu ziotenean erosi guardasol automatikoa zabaldu zuen Iņakik markesinatik bagoirakoan busti ez zitezen. Aski betea zetorren, zutik geratu ziren erdiko plataforman. Anita ilegorria zen, eta masailak betetzen zizkioten oreztak suntsitu egiten ziren sudurņo zutaren hegaletan goiti egin ezinik geratutako infanteria nekatu baten antzera. Iņaki Garciak bolondres eman zuen bere burua jazarrerako, orain edo sekula ez: Gonbidatzen zaitut zinemara, gaur bertan, zazpi eta erdietakora. Anak kokotsa harrotu zuen mutilari begietara egiteko. Pelikulan, bi aho haiek batu eginen ziren trenaren trankalotsa handiarazten zutela. Asko arriskatu naiz, aitortu zuen begien urdin hotzari kasu eman gabe, Kritikaririk gogorrena pelikula batera gonbidatu dut! Arratsaldeko txandan nabil aste honetan, ezin dut. Horrelako zerbait ustetu zitekeen erantzutea horrelako neska zerak, horrelako neska kukuak. Beste batean agian, gaineratuko zuen barkamena eskatuz bezala, horregatik edukiko zuen Iņaki Garciak hain akorduan egun hura, ez zuelako esan Beste batean agian, Ezin dut ordu horretan esan zuelako Anita Alberdik, Ezin dut ordu horretan baina gonbida nazakezu gauekora. Eta irriņo bat atera zuen Hain berandu ahal baduzu eransteko. Nola ez gogoratu behako gozogaizto hura?

 

WEDFJORD PATATAREKIN DEN HELDERRETIK

 

      Estudioetara heldu zirelarik, Pasaiako desgraziaz ez ote zuten deus ekarri aipatu zien Imanol Txoperenak Eguneroko Abentura egiten zuten kazetariei. Portuko sarreran, Arando Haundia farolaren parean, bafora bateko arrantza patroia itsasoak eraman bezperan. Ba ez, barnealdeko distrituan aritu ziren neurketak egiten, padura gainean eraikia zen eta euriteek itsasgorarekin bat egiten zutenetan urak hazi egiten ziren azpi hartan edonondikako bideak eginez, leku atsegin hartan egonak zirela. Hogeita zazpi zentimetro sakonenean eta sei metro eta erdi luzean putzuak han, errepide nagusian gainera. Pozik zeuden menturatzaileak, deklarazio politak lapurtu ahal izan zizkieten herritarrei. Programa entzun nahi zuten galdetu zien Imanol Txoperenak, jarraitasuneko teknikariak. Nola entzun, zuzenekoa zen, zuzenekoak grabatzeko dirua daukagu orain? Gobernadore Zibilak deitu zietela jakin zuten. Espainiako Irrati Nazionalarekin konektatzeko gogorik ez baldin bazuten egiteko mesede espainiar zintzoen dolua errespetatzeko bederenik egun hartan. Ohiko programazioa etetera derrigortu gaituzte, ez al duzue irratia pizten autoan? Artean Eduardo Azkue ez zen jabetu musika klasikoa emititzen zutela, musika klasikoa eguerdian. Ken ezazu Beethoven hori, Imanol, jar ezazu Guridi. Ez da Beethoven, Telemann da. Jar ezazu Diez Melodias Vascas behin eta berriz gobernadoreak berriro deitu dezan. Imanol Txoperena miresmen batean geratu zitzaion bekainak harrotuta. Telefonoa hartu eta jesuiten etxera deitu zuen egun hartan, sekula horrelakorik. Ideia ona, baina arriskutsua. Kontsultatu eginen dut. Arriskutsua ez balitz, ez litzateke ideia ona izanen.

 

ANGLIA ESPATO FLUORRAREKIN HAMBURGORA

 

      Tarte bat harturik, etxean pattal samar zegoen Pepe Beltzari egin zion bisita egun hartan, alabak eskatua zion moduan. Odol isuri bat garunean, minutu aunitz konortea galduta. Bi aste ospitalean. Bazetorren bere onera, nekez baina. La Voz irakurtzen harrapatu zuen sukaldean. Bitter bat ateratu zion Yvettek, alabak. Eta zer dio zureak, ondo al dago? Ez du erretiratu nahi, ez du etsiko barberiako tertulia gabe. Franco ehiztaririk onena zen, jakinarazi zuen Pepe Beltzak egunkarikoa irakurriz. Aita, goiz osoa daramazu kontu horrekin, a zer gogaizioa! Kendu eginen dizut paper nazkagarri hori. Zekarren kutxatxoa zabaldu zuen Mario Crespok zilar merkeko bitxiak erakutsiz. Egunkaria tolestu eta mahaiaren gehiena hartu zuen lanerako, labana orrazia makinila Floīd flaskoa. Zapi zuria zabaldu zuen, lepoan lotu zion Pepe Beltzari. Franco kristau handia zen, egin zuen anuntzio. Frankista bihurtu al zara, Pepe? Pepek begiak itxi zituen. Yvettek bitterra luzatu zion motzaileari. Laranja xerra eta guzti, tabernako legera. Gustura edan zuen erdia, botika metatxo baten ondoan utzi zuen, Melitaren ondoan. Franco arrantzale handia zen. Barre egin zuten Mariok eta alabak. Bizarginak makinila gizonaren lepoan goiti pasatu zuen. Zauritxoak zeuzkan belarriko kartilagoaren pleguetan. Eta, Pepe, nola ikusten duzu Espainia Franco zerura joanda? Berandu! Urte askoan iraun du Francok, bai, adostu zuen Mariok lanbidean ikasitako zuritasunez. Putz egin zion makinilari iletxoak zorurantz eurituz. Kutxatxoan utzi zuen. Puska batean, alabak surtan ipinia zuen lapikoaren lurrinak sukaldea hartzen zuela, aizturren kliski-klaskak baino ez zituzten entzun. Carrillo, Pasionaria, traidoreak! sententziatu zuen Pepe Beltzak astiro, traidorearen lehen silabari lau bat erre kateatuz. Lo daukate Espainia. Aita, mesedez, espainiarrek ahal dutena egiten dute, zer uste duzu! Mario damutu egin zen gaia sortu izana. Zer, Pepe, noiz ikusiko zaitugu berriz herrian barrena paseatzen? Espainia esnatzen denerako... Espainia esnatzen denerako berandu izanen da. Bizarra ere eginen ziola adierazi zion Mariok alabari, baimen eske. Yvette patioan eskegiak zeuzkan arropak biltzera aldendu zitzaien, eta gizonezko biak hartaz jardun zuten, zeinen ongi zaintzen zuen alabak, ez zela kexatuko, bazeukala funtsik, bai. Ateko txirrina jo zuten. Hemen dira nire kamaradak!, kamaradaren hirugarren silabari dozena erdi bat erre kateatuz. Pepe zaharraren biloba biak, Yvetteren berdinak, eskolatik bazkaritara. Nik saldarik ez! Saldarik ez! Ilea moztu beharko diegu neskato bihurri hauei, Mario Cresporen diosala alegiazko mototsean kliski-klaskak emanez. Neskatoek gezurrezko izuan egin zioten ihes garrasika eta Pepe Beltzarengana itzulirik Yvette ikusi zuen moztu iletxoak biltzen. Haserretu egin zen bere buruarekin Hori nire lana da!, eta erratza kentzera oldartu zitzaion. Indarka txipi batzuk, baietz, ezetz. Emakume ezkondu batekin jolasean ari zela konturatu zen Mario Crespo, haren etxean haren sukaldean haren aitari bizkar haren alaben aitzinean. Eta algara egin zuela emakumeak.

 

EGHOLM TXIRBILAREKIN KOPENHAGETIK

 

      Laneko mandarra Singer gotorra sabaiko fluoreszentea mahaia estaltzen zuten lanabesak, dena zen iluna Pako Brionesen atelierrean, Avenida de Navarra karrikako zortzigarren ezkaratzean. Iluna baino eztiagoa zuen ahotsa, ahotsa eta hitza, Ez lotu gogor, oina itoko duzu eta zapata tristatu eginen da, edo Larru ona da, zure oinetan sartutakoan bigantxaren jantzia izan zela oroituko da eta ibilaldi ederrak egin ahal izanen dituzu mendian zapaton atzetik. Goiko apalean zeukan zurezko Marconi zaharra ere halakoa zen egun hartan, iluna eta eztia, musika klasikoa zabaltzen zuen eta inoiz baino mailukada gutiago jo zuen ezkaratzeko zapatariak. Goizeko lehen bezeroa heldu zitzaion, garaia zen, Egun on, Bouzas. Dany Bouzasek ez zion deus arrapostu, mutu geratua zen kaxetako ate zabalduan zapatariak goizean goiz jositako txartela irakurtzen. Hementxe dituzu zapatak, eskatu zenidana egin diet. Egun on, Pako. Zapatak hartu zituen zorroren bat edo egunkari zaharren bat ez ote zeukan galdetuz. Probatzeko eman dizkizut. Zolaz goiti ipini zituen Bouzasek eta eskatuak zizkion ferrek distira egin zuten fluoreszente tristearen azpian. Ederki daude, puntan eta orpoan. Probatzeko eman dizkizut ordea! Hemen? Hementxe, nire aurrean. Barre egin zuen mutilak. Eskaileretan jesarri eta zekartzanak askatu zituen. Zapatariak Marconia itzali zuen aurrena, gero ezkaratzeko atea itxi zuen. Isilik sartu nahi omen du zeruan, inor konturatzeke. Baiezkoa eman diet, zer erremedio, ipiniko diedala zola espezial bat, hodeien gainean zaratarik ateratuko ez duen materialekoa. Bixente Gabaraini eskatu diot ekartzeko, produktu zaila dela esan dit. Paratuko al dizut kautxu hori zure zapatetan? Ez, ez, nik ferra hauekin aski dut! Emadazu hor konpontzeko dauzkazun guardasol horietarik bat. Kapelua falta dugu! Ba, berdin dio, eta du-di-dudi-dada, du-di-dudi-dada eginez ibili zituen zapatak klakean besoak zabal guardasola jauzika eskurik esku, du-di-dada-di-dada! Zoaz Parisera Dany, txaloka Pakok, zapatari gozoak, Hemen ez duzu karrerarik egin ahal izanen. Ez al daukazu poltsa zaharren bat? Daukagun eguraldiarekin, nolaz ateratu zara horrela? Zenbat zor dizut? Ordaindua dago. Ez ba, zenbat da? Gaur gauza berri bat jakin dut zapaten gainean, ez dizut kobratuko. Bazihoala, sartzerakoan ikusitako txartelarekikoa egin zion buruaz, Hitz horiek arazoak emanen dizkizute. Arazoak, hitz horiek? Arazoak Francoren zapatek ekarriko dizkidate, gizon horrek ez du pauso on bakar bat eman bizi guztian, egizu kontu zer tratu eman dien zapatei! Dany Bouzasek piru berari heldu zion, Itsatsi iezaiezu lehengo zola motako puskaren bat beste pauso txar batzuk eman ditzan... Infernuraino? Infernuraino! Bouzas, gaiztoa zinela banekien, baina...! Dantzariak atzamar pototsa erakutsi zion ukabila estututik, letra gorri lodiz Abierto por Defuncion zioen paperari beha.

 

ADA FERRER MAKINARIAREKIN LONDONERA

 

      Benetan, ez dakit zerk eragin didan geltokian pentsatu dudana. Ez dizut galdetuko zer pentsatu duzun markesinan euriari beha, ni ez nengoen ezertan pentsatzen. Edo gaur edo sekula ez pentsatu dut, gaur hementxe hitz egiten ez badiot ez naiz sekula gertatuko halako egokieran. Plataformak erdian zeukan haga zutari helduak zihoazen bakarrak ziren, pistaren erdian numero bat egiten. Apal samar mintzo zen Iņaki Garcia, eta trenaren trankalotsak arras diskretua bihurtzen zuen tonua. Barka ezazu, besoa nola hautsi nuen asmatzea besterik ez nuke falta, ez dakit zer ari naizen nire bizitza kontatzen aurreneko egunean jendez betetako tren baten barruan. Aurreneko egunean? Durduzamendu huraxe, hainbatgarrenez, Anita Alberdiren hitz pare batek Iņaki Garciari. Arraioa, Anita, dialogo guztiak buruz ikasiak nekartzan eta estutu egiten nauzu, dena aldrebesten didazu, egun batean, nire bizitza egun batean kontatzen. Nirea kontatzeko sobera nuke ordu laurdena. Anita, mesedez, ez al dakizu bizitzak kontatzeko iraupen estandarra ordu eta erdikoa dela? Hitza ateratzen zuen aldi oroz neskaren izena errepikatzen ari zela iduritu zitzaion, hurkotasunean aurrera samar sartua. Bizitza zinematografikoa zurea da, Scalan kantari eta horrela. Ikusten? Zer? Anita esatekotan egon naiz berriz, eta hirugarrena izanen zen. Denek esaten didate Anita. Baina ez hiru aldiz minutu batean, eta zuk ez didazu Iņaki esan. O, barka ezazu, Iņaki! Masailak gorritu zitzaizkiola ikusiko zuten bizarra moztu izan balu, bagoi osoa enteratu zela eginen zukeen. Zeuk barkatu behar didazu, ez dakidalako nola... nola jokatu zurekin. Jokatu? Ez dakizu zeinen ergela sentitzen naizen, esadazu non jaitsi behar duzun eta beste geldialdi batean edo bitan edo hirutan jaitsiko naiz. Euriari egona zen moduan jarri zitzaion Iņakiri portualdeko neskarik kukuena, pozezko malenkonia baten erakusle Madagaskarren esateko, Madagaskarren jaitsiko naiz. Araberako barrea egin zuen Iņakik, trena gelditzen hasia zen trankalotsa geroz apalagoan, geroz apalagoan, geroz apalagoan. Hamarrak eta hamarretan Gaiztarroko geltokian. Eta hura ere bagoi osoak jaso zuen. Hitzordua emanik, opera kantari atsegina trenean abandonaturik jaitsi zen Anita, edo Anita Grosen abandonaturik utzi zuen opera kantari xarmatzaileak, eta zineklubeko kritikaririk zehatzena ez zen kaian geratu pelikulak eskatuko lukeen bezala trena berriz abiatu arte bazihoanari agur egiteko, eskaileretan beheiti suntsitu zen euripean. Ordu laurden bat zeukan oraindik, Trueba zinemako kartelera ikustea otu zitzaion. Perfume de mujer, emakume batekin edo lurrin flasko batekin zoratzeraino maitemintzen ahal zen gizon baten historia. Vittorio Gassmanen hortz ederrak algara batean. Agostina Belli bularrak erakusten zapi batez estali antzean. Maite zuen Gassman ganberro hura. Lepoa jarriko luke pelikulak bazeukala sekuentziaren bat neska dutxan biluzik errezela zabaldu gabe Gassmanen begi itsuen aitzinean. Zuk, ikusle, ikusle matxo dohakabea, Gassmanek debeku daukana dasta zenezake. Savoykoa ikertzera joan zen San Francisco karrikan barrena. Malizia ikusi zuen, Laura Antonelli bularretakoak ongi betetzen gonaren kremailera askatzeko jarreran. Zalantza egin zuen interesgarrizko ezer egon zitekeenik Donostiako aretoetan. Zein izanen ote zen Iņaki Garciaren sorpresa? Lehen soldatarekin erosi Certina txipian ikusi zuen tenorea zela egitekoa egiteko. Egun hartan ere 2.Bkoa sakatu zuen hiru aldiz Iparragirre karrikako hamabigarrenean, motz luze motz, Anita Alberdik.

 

TELANA XAFLEKIN NEWPORTETIK

 

      Ni tabakoan nabil, tabakoan eta whiskyan, traste horiek ez dira erraz ateratzen. Magnetofoi on bat Imanol Txoperenaren enkargua. Zertarako nahi duzu magnetofoia, musika entzuteko hobeak dira diskoak. Adarra jotzen, prezioa igotzen Bixente Gabarain, herriko taberna guztiak hornitzen zituen amanteroa. Erlojuak izaten ditut, Citizen, Tissot, onenak, Seiko, Kanarietarik merke, ahoan zeukan adaxka ezpain ertzetik ezpain ertzera. Portuko soinuak grabatzeko lana agindu omen ziotela irratian. Gabarainek ez zion sinetsi, galaraziak zeuden kantuak grabatzeko nahiko zuen, horretan zebiltzan gazte guztiak, hiru seme zeuzkan eta bazekien zer edo zer. Biharamunean taberna berean ordu berean haatik. Portuko almazenak zaku faltsuz beteak zeudela ezin uka. Eta bai, Philips batekin azaldu zitzaion hurrengo egunean, larru beltzeko poltsa, kabledun mikro luzagarria, tresna profesionala. Imanolek ausarki zeuzkan kantuak estudioan, portuko soinuak grabatu zituen, eta antxetak eta baforak eta garabiak eta lokomotorak eta kamioiak eta fenwickak eta txatarraren jausiak jaso zituen hamar kasetetan. Sinfonia haiek behin eta berriro pasatuz ohartu zen bakarlaria zutela eskas zarata haiek, eztarria marmar edo eztarria garrasi, Gabarainen kastako amantero kontrabandistak eta kontrabandistekin adostuak zeuden guardak eta moilako zamaketariak eta lokomotoretako gidariak eta garabietako makinistak eta atoiontzietako pilotuak eta hizkuntza guztietan oihu egiten zuten estekatzaileak eta antxeten harkaitzetako farolaren zaindaria eta Atlantikoaren gainean joan-etorrian bizi ziren marinelak eta, jakina, fonderian aitarekin lan egindako labezainak konpontzaileak mekanikoak trazadoreak urtzaileak errebabako peoiak eta bera izan zen moduko aprendizak. Lotsa ematen zion, lapurreta iduritzen zitzaion, bai, jendeari galde egitea. Eguneroko Abenturakoek ezer ez zekitela esan zioten egun hartan konprenitu zuen berak egin behar zuela erreportaia lapurretan behingoz ausartuta, Marceloko arrantzako patroia hartu zuen aitatzat: ez burdin saldan urtua, baina baga zakar batek eramana hala ere gesal bihurtzeko. Mokadu arin bat egin zuen amarekin. Laster pentsioak igoko zituztela komentatu zutela arrandegian, ba ote zekiten ezer irratian. Beti lantu bera, alargunen otoitza. Arrantzaleen auzora hartuko zuen, gizonezko guztiak jokoan aritzen ziren bazkalondoan luze, kafea eta kopakoa tapete berdearen ondoan. Ez zen unerik egokiena galdezka hasteko, jokoari beha egoten zirenetan hiztunen bat aurkitzeko itxaropentxoa zeukan. Multzoak taberna guztietan, lortuko zuen zerbait, informazio apurren bat. Zabaletarenetik pasatu zen, pilak eta ordu beteko bi kasete, dena berri tresna berriari. Imanol Txoperenak zimitorioan eman zituen minutu batzuk, mikroa euriari luzatua. Nolakoa zen aitaren ahotsa? Ez zen gauza tonu eskala batean kokatzeko. Zubi-garabiaren matxura baten konponketan ari zela ondoeza egin eta putzu goritura jausi. Lurrin zikin hark botzen zituen gasek zorabiaturik, haren lankideek uste zutenez.

 

WARNA POTASAREKIN OSLORA

 

      Festaleku KA neonezko letrak pizturik edertuko zuten ate gorrira aldendu zitzaion bezeroa, itzulkina gordetzeko esan ondoren. Lau sos zikin, zer uste zuen maritxu hark? Galtza zuritan azaroaren gordinenean. Hondartzako toldoa iduri zuen aterkia. Eta taxi barruan euritako botak kendu eta zapatatxoak janzten aritua. Festaleku KA letren azpiko aterpera heldu zelarik bezeroa jiratu egin zen taxia zegoen aldera, agur irribarretsu bat oparitu zion ezkerreko eskuan zeramatzan oinetakoak jasoz. Irratiaren botoia sakatu zuen taxilariak. Musika gogaikarri hura frekuentzia guztietan. Trastea isildu eta zigarro bat piztu zuen, taxietan munduan izan litekeen jenderik bitxiena ibiltzen zela pentsatuz. Inor hirirako bada, taxi bat dauka parkinean zain, jakinarazi zien Dany Bouzasek izerditzeko makinetan ari zirenei. Bost minutu itxaroteko eskatu diot. Zer ondo, itxaronaldia ordainaraziko digu. Eskupeko on bat eman diot, aizu. Arraioa Dany, bestelakoa jaiki zara gaur! Bai, eta du-di-dudi-dada, du-di-dudi-dada eginez klake saioa eskaini zien erdi gimnasio erdi prestatoki zuten aretoan. Fred Astaire ematen duzu. Errespetu bat aizu, Gene Kelly naiz. Go-go dancer taldeko gazteena Bouzas. Eroxka samarra zen eta espektakulua hobetzeko proposamenak zeuzkan beti ahotan. Izterrak bizikletan indartu ordez, klake erakustaldiak eskaintzen jardun zuen egun hartan. Txuma azaldu zitzaien, kudeatzailea, bere gilbor bikainaren atzetik. Jai daukagu. Papertxo bat zekarren. Gutun bat heldu zaigu Gobernu Zibiletik, itxi egin digute aretoa. Ez du adierazten noiz arte, abisatu diot abokatuari. Kakazahar bat Desde Santuce a Bilbao Blues Band horri. Egia da, zergatik egin zioten burla Francori halako txiste sastarrekin? Izan ere, bilbotar horiek! Ez dira bilbotarrak, ez zara enteratzen! Badakit ez direla bilbotarrak, ni ez naiz enteratzen eta zuk ez duzu zizare herren bat harrapatzen. Zizareek ez daukate hankarik. Korrokoiek ez dituztelako azkazalak maite. Horixe zarete denak zure herri horretan, korrokoiak. Antzeko gisan jarraitzen ahal zuten aspertu arte. Zorte handia izan dugu, eten zuen Danyk. Izugarri handia, isunaren ondoan itxiera. Har ezazu inbertsio gisa. Inbertsioa? Publizitatea egin digute. Alegia, jantzi nazak, ea ulertzen dudan... Zuk badakizu harrapatzen, beste batzuek ez bezala, inor aipatu gabe. Noizbait zabalduko dugu berriro, eta betekadak edukiko ditugu asteetan. Antolatu behar genuke zer edo zer, harrigarrizko bat. Ezagun bat daukat Radio Popularren, disko mordoa daukate. Burutik egin zaizu, irratietako diskoak zaharrak izaten dira denak, zuk uste duzu Radio Popularren edukiko dutela Led Zeppelinen azkena? Agian ez, baina euskarazko guztia daukate. Eta inori zalapartaka hasteko paradarik ez ematearren, Dany Bouzasek mitina jo zien, garai berriak, kantuak euskaraz, dantza zurrunbilo bat folk modernoan, akelarrea, jantzi zuriz eta txapela berdez. Benetako aker batekin aldarean, meza beltza! Ulertzen? Txumarekin bazkaldu zuen The Venecia Innen, hilabetea zen zabaldu zutela eta oraindik ez zuten mustu. Italiako jakiak ematen zituzten, berria zen hura hiriburuan. Txumak erreserbatua zeukan txoko batean jarri ziren. Hitz egin beharra zeukan, eta lasagna ekarri zutenean aipatu zuen hitza, Danyk entzutekoa. Hitza, promiskuo izan zen. Aizu, ni oinutsik ibili izan naiz kalean espartinak ez hondatzeagatik, promiskuo finegia da niretzat, esadazu prostituta. Ritxi sufritzen ari da, ez zara konturatzen? Ez naiz promiskuoa, librea izan nahi dut, besterik ez, eta ez zait axola prostituta esaten baldin badidate. Ibili zaitez kontuz, Dany, isunarena eta itxierarena ez da ezer, mehatxuak hartu ditugu. Ez gara bakarrak, Radio Popularrak hilero jasotzen ditu mehatxuak, eta nire herriko zineklubak, eta... Barka ezazu gordin esatea, Dany, mehatxuak hartu ditugu marikoi kuadrilla bat daukagulako kontratatua, hori dio mezuak. Eta izenak ageri dira, ezta? Bai. Txuma, hori Ritxik idatzi du. Txumak baztertu egin zuen platera jakia ukitu gabe. Dany, jende gehiegi ezagutzen duzu, edozeini ematen diozu konfiantza. Edozeini? Miarritzen ikusi zaituzte. Promiskuo baino larriagoa zen izen hura, Miarritze, egiagoa zen, hain airoski zeraman solasak zintzurra idortu zion Festaleku KAko go-go dancer onena zen Dany Bouzasi. Hotel batean, Donostiako abokatu horrekin. Orduan bereganatu zuen platera Txumak, eta gogotik ekin zion. Ez zuen mutilaren ikara ikusi nahi.

 

MONKSGARTH TXATARRAREKIN DETROITETIK

 

      Karabineroek kontrolatzen zuten kontrabando sarea apurtzea lortzen zuen Simon Arizkunek urtero. Kontaktuak zeuzkan agidanez goialderen batean. Ez zen erraza ulertzen gerra partikular hura, zamaketarien arteko sarea babesten zuela ematen zuen, baina inori ez zion partxorik eskatzen. Batzuena zein besteena zelatatzen zuen, moilako bazter ilunenean azaltzen ahal zen goizeko hiruretan, whisky kaxak lehorreratzen ari zirenean berean. Zigarro bat izekiko zuen aurpegia erakutsiz, eta hantxe luze maniobrari beha, Segi lasai deskargatzen manatuko balu bezala, Karabineroak azaltzen badira neuk igorriko ditut aurretik. Eta kontrabandisten susmoa, Halako batean guztiok galduko gaitik horrek! Beldurra ematen disfrutatzen zuen. Edo karabineroak zoratzen. Edo manupeko zeuzkan guardak estutzen. Edo lo ezina zeukan. Ez gau beranduan, eguerdi betean harrapatu zuen egun hartan Gabarain amanteroa, sekula nabarmendu ez zen gizon lasaia, lanurdinaren azpian zortzi kartoi Camel gerrian zituelarik heldu zitzaion bizikletan Simon Arizkun mandeuli hura Ceutatik garraiaturiko gatza deskargatzen zeukaten Ciudad de Pamplona baforaren eskalaraino. Ordu estrak sartzen, Bixente?, eta solasean geratu zitzaion ipurdia bizikletaren zelan oin bat eskalaren orpoan bestea pedalaren gainean. Badakik, laster erretiratu eginen nauk. Ez diat sinesten, zer egin behar duk hik ibiliok utzita? Semeak Frantzian jokatuko dik laster, sendatutakoan. Bai zera!, Frantzian errugbia egiten ditek! Ez pentsa, sekulako kontratua sinatu dik. Harrokerian ariko duk. Bai, harrokerian... ez al duk Mugimenduaren prentsa irakurtzen? Bartzelona atzetik ibili zian eta ezezkoa eman ziean, atera ezak kontu. Noski irakurtzen zuela prentsa Mugimenduarena, eguraldiaren pronostikoa, mareajearen orduak eta baforen sarrerak. Hire semeak eskapo egin nahi dik Espainiatik. Larrua osorik, hori duk printzipala, gerran gaudek eta. Barre txipi bat egin zuen portuko guarden buruak. Ez didak sinetsiko, Bixente, ni gaztetan anarkista izan ninduan, ez jaunik ez jainkorik. Eta gero faxistetan ibili hintzen, amanteroak bere artean. Simon Arizkunek taxu eman baitzion Gabarain isilduak adierazten zuenari, Gerran gerrako legea, aitortu zion begiz begi, Larrua osorik ideien truke. Orduantxe espero zuen Gizendu egin haiz bat, eta ez, Laster gerran gaudek ostera bota zuen Simon Arizkunek, Nik ere alde eginen diat Espainiatik. Eta pedalari eragin zion beste ikaramendu zatiren bat han barrena banatzera urrunduz, bagoien karril bien erdian artez, gero eta biziago, berriro hasia zuen euriak akuilaturik.

 

VOLTA SERVICE ZEMENTUAREKIN DAKARRERA

 

      Lehenik eta behin, Don Marcosek esan zuen gisan, Donibaneko apaizek bileraurreko ohar bat egiteko baimena eskatu zuten. Auzo bakoitza esku zen, parroko propioa zeukanez, deliberoak hartzeko. Ez zuten argi ikusten zertara zetorren lau barrutien batzarra. Beraiek erabakia zuten meza emanen zutela baina ez zutela sermoirik eginen. Eta latinez eman gainera. Sacrificium intellectus, jaso zuten erantzun. Don Serapiorengana egin zuten hamaika buruek. Herria ergela dela uste duzue? Hasperen egin zuen Don Marcosek. Ez, horregatik eginen dugu latinez eta sine oratio, herriak ulertuko duelako aginduak betetzen ari garela, ez garela ari geure borondatez. Inkisizioko borreroek hori bera alegatuko lukete, manamenduak betetzen zituztela, ez zutela inor torturatzen beuren gogoz, legea bete besterik ez zutela egiten. Urruntxo joan zela komentatu zuen Don Matiasek, beti bezain zuhur. Paper bat ateratu zuen Don Serapiok jakaren barrutik, Nik uste dut apezpikuaren testu politiko inmoral hau iruntzira ipintzea dela egokiena, horregatik proposatzen dut meza sermoiduna izatea, eta papera zabaltzen zuela elkarri behatu zioten gainerako apaizek, bazekiten zer zetorren, Don Serapio Euskal apaizak Francoren hankapean liburu debekatuaren egile ezkutua zen. Francoren biografia bat irakurtzea proposatzen dut, haren krimen guztien zerrenda. Zeu ari zara politika egitea proposatzen, masailak gorri, barnealdeko erretoreak. Orduan bilera zati bi egin zuen Don Serapiok, Isildu zaitez eta har ezazu hitza San Paulo aipatu gabeko sermoiren bat egiteko gauza zarenean bota zuen, apaiz gazteenen irribarrea sorraraziz. San Paulo...! San Paulorekin hasi zen Elizaren galera! Jakin al liteke, galdetu zuen erretoreak lasaitasun antzeztu batean, jakin al liteke, arren, zer egiten duzun Elizaren barruan? Hasteko, agerian jartzen dut Elizaren barruan dagoen gezurra. Azkazalak luze samar zituela konturatu zen erretorea, haiei beha geratu zen mutu bere aldekoen hitza probokatzearren. Bazekien ez zutela bakarrik utziko bazter nahaslearen katramila dialektikoetan. Bizitza osoa daramagu Francoren aurka. Parrokia guztietan hartu ditugu mehatxuak. Eta zigorrak ere bai. Probokaziozko martiritza harrokeria besterik ez da. Zekarren testua paperean geratu zen, tolestatu egin zuen Don Serapiok. Apaltasuna erakustearren, agian. Mundua hobetu nahi izan duten abade guztiek egin izan diote gerra Elizari. Don Migelek zer edo zer salatu zion ezkerrekoari belarrira. Begiz begi baitzeukan Don Serapio, Vatikanoko Bigarren Kontziliora huts egin duzula komentatu dut, argitu zion Don Migelek, broma da. Zertarako bildu gara, Serapio maitea, zureak hausnartzera edo erabaki orokor bat hartzera?, Don Matiasek. Zutitu egin zen, bilera hura lehertzen saiatu zen inork bozketa bat komeni zela aipatu aitzin. Argudio batzuk eta jarraibide bat hartu zuten apaiz gazteek, eta posible ikusten zuen prestatua zeukan kontrasermoia multikopiatan banatzea auzoetan egun hartan bertan. Eskumuturreko erlojuari erreparatu zion. Posible zen, bai. Meza, latinez izan edo mutua izan, zeremonia bat da, sinbolo bat, proklamatu zuen, Hori ongi asko daki teologia ikasi ez duen herriak. Francoren aldeko meza ematen badugu, jakin dezagun Hitlerren alde azalduko garela. Protestatxo batzuk sumatu zituen, ez isilarazteko lain, Hark ere edukiko zuen arimaren antzeko zer edo zer bere ankerkeriaren zokoren batean. Bai, ezta?

 

ASTEELY CARRIER ENBORREKIN ABIDJANETIK

 

      Bakailao gaziaren usainean zehar bokalerantz, mikroari mintzo zitzaion Imanol Txoperena aterkipean, Gizon bat urpera hemen bertan eta inor hitzik ateratzeko gauza ez, armadoreen beldur zirelako susmoa zeukan, Marceloko gainerakoak non bizi ziren edo non aurki zitzakeen ideiarik ez, kanpotarrak omen denak, Ondarroa aldera joan zirela auzoko taxi guztiak hartuta. Kontramaisu bat harrapatu zuen haserre Amaya tabernan. Zer egiten zuen arrantzako patroiak ontziaren kubertan itsaso honekin, portuaren sarreran? Lankide bat hila lan istripuan eta beraiek kafe konpletoa hartzen tabernan, habano gizenak zupaka. Kazetari sentitu zen egun hartan. Bazuen zentzurik soinuak hartzea, ezaxolako giro hura, enbidoak, musak, urrunagoko domino fitxen talka marmolaren gainean. Ez zuen bete ahal izan kasete baten erdia. Hitz apur haiek grabatu zituenean, bestelako fondo bat eskatzen zutela konturatu zen, oraino grabatzeke zeukan lehen soinua, tragedien orroa, itsasoaren gaindia Arando Haundia eta Arando Txikia seinaleen gaindi, uhinen betea eta gupidarik ez zekarren jausia. Gero, blai eta pozarren, irratira hartu zuen zuzen, bobina irekietan kopiatu zituen gizonen aitorrak, itsasoaren joak. Malher izan zitekeen zerbait ari ziren emititzen, Diez Melodias Vascas kenduta. Neurri zuhurra zela onartu zuen. Kaskoak ipini zituen eta edizio mahai zaharrean kontzentratu zen. Ontzia hiru hilabete lehenago konpondua zen, bafora ona zen. Bagaren zaparta harkaitzaren kontra. Galernan ez dago ontzi onik. Bagaren zaparta harkaitzen kontra. Errua bafora maneiatzen dutenena da. Bagaren zaparta zapartaren kontra. Zer egiten zuen kontramaisuak kubertan itsaso horrekin, portuko bokalean? Zer egiten zuen nire aitak burdin saldatik hamar metro gorago? Ikasgelatik irten nintzenean, nolako isiltasuna, dena geldirik, makinak stop emanak, beste geldialdi bat biharamunean. Baina Marceloko arrantza patroiaren heriotzak ez du panfleto bakar bat mereziko. Zer egiten zuen nire aitak burdin saldaren gainean segurtasunezko loturarik gabe? Berriz eta berriz entzun zituen gizonen hitzak eta itsasoaren orroak. Inork ez zuen Marceloko arrantza patroiaren izena aipatu. Berak ere ez zekien, ez zitzaion bururatu galdetzea, zorigaitzak eramandako anonimoetan urtuko zen. Ohituak zeuden ordea, multzokako heriotzak ezagutzen zituzten. Bere galde xumeek eragindako hasperena izan zen: Mardomingo B, Galiziatik soldata hobearen bila etorritako hamabi marinelekin, eskifaia osoa, Irlandako labarren aurrean hondoratua, Ballinskellings inguruan, hantxe galdu nituen bi osaba. Metal kolpe itoak itsasoaren barruan. Landeira, makinista, ez zen marea hartarako ontziratu. Hark bazekien zerbait, ontzia ez zegoen ondo. Galiziara alde egin zuela esaten dute. Sibelius likido bat, bare, etsipenezkoa.

 

CELLA VALDEMOSA POTASIO KARBONATOAREKIN LIVERPOOLERA

 

      Laura Antonelli ikustera joan zitekeen, Anitaz ez pentsatzeko. Lotsatu egin zen. Bigarren dutxa bat hartu zuen. Ezin zuen burua ezertan jarri. Dolu zen txartelak eguerdian erosi izana, luzea eginen zitzaion hamarrak eta hamar artekoa. Eta eguraldi harekin. Verdiren Requiemaren partitura hartu eta pasarte batzuk fraseatzen jardun zuen bainugelan, ozentasun doi bat zeukan gela bakarra etxe hartan. Ez zuen huts egin nahi Londonerako bidaia, Royal Philharmonicarekin abestekoak ziren. Abesbatzaren bidaietan onartuak zeuden lagunak, Anitarekin Greenwich Parken etzanda Hitchcocki buruz eleka zer Gloria, Gloria... Ordu erdi iraun zuen kantu eta ameskeria. Lagun guztiak lanean. Hobe kasik, ikusiko balute erraz igarriko zioten urduri zegoela. Zeinen ondo kantatzen duzun, seme. Eguerdiko barbarinen usaina sumatu zuen ezpaingaineko ileetan. Nola ez zitzaion lehenago bururatu? Bainugelan entzerratu zen berriro. Baina ikusi zuelarik bere burua aurpegian Palmolive Men aparra eta eskuan Wilkinson aitzurra, hondamendiaren hurbila ulertu zuen. Aparra kendu eta bizartegira jaitsi zen, Marioren aholkura. Crespo zaharra zegoen, bi bezerorekin. Mario kinielak hartzera irtena, bertan edukiko zuen laster. Etorriko zela geroago kinielak egiten laguntzeko eta ihes egin zuen esku dardartietarik kafe bat hartzera. Primo de Riverako izkina batean zabaldua zuten taberna berrira zihoala, erauntsia ekarri zuen trumonadak. Zimitoriora egin zezakeen laster batean. Geldirik geratu zen. Goizean bizardun ezusteko topada batean, mutiko xalo gaueko hitzorduan. Barregarria zen eta desenkusarik ez zeukan barrea egin zion bere inozoari. Nortasuneko azaldu behar zuen egun hartan Iņaki Garciak, ordu hartan erakusten zuen mailakoa zenternaka ari zuen euripean pentsakor, lasai, bakar, tximu eginda. Zer axola? Eta ez zekien zein argudiok hazi emanik, Anitak gusturago laztanduko zuela bizarra asmatu zuen, mazela soildua baino. Gizonagoa zelako, ausaz, mazela bizarduna? Zinemako iduria izan zitekeen emakumezko baten eskua gizonaren iletxoetan, batzuetan ezin izaten zituen bereizi jasotako eta bizi izandako oroitzapenak. Tanta guztiak dastatuz burutu zuen etxerainokoa. Birritan egin zuen urtzintz eskaileretan. Esnea ipini zuen surtan sukaldean sartu zeneko. Arraitasun bitxi baten ondorio, azkarki erabili zuen eskupainua buruan. Ezti puska bat esnetan, eta amaren aholkuari muzin eginik, Carlos III tantarik ez. Txarra zela eztarrirako errepikatzen zion beti, alferrik. Eskuak katilua estutuz berotzen zituela, hiru astean garbirik iraunarazitako igeltsuari beha geratu zen, pentsamendu delikaturen baten bila galduta kukuaren hegaldian.

 

BERSOE GRANITO BLOKEEKIN NARVIKETIK

 

      Bost eta erdiak jotakoan utzi zuen lana, zamaketari kuadrillaburuari abisatu zion moduan. Erlojuko komunetara zihoala Hi bizi haiz, hi! bat bota zioten, portuko diosal unibertsala, baskulako mukizu erdaldunak ere ikasia. Dutxapean kendu zuen Txileko nitratoa iletik belarrietarik sudur barneetarik. Zarpa zikinen zakutoa sorbaldatik zeukala abiatu zen Bixente Gabarain azken aldian ia egun oroz lagunek oroitarazten ziotena, Hitza hitz, betetzera. Egun hartan gertatu gertatzen zenean denendako afariarekin ospatzekoa zuena. Sartu-irtena denda pare batean. Soziedadeko frigorifikoa zabaldu eta bere izena zeukan plastikoa ateratu. Legatzak almejak perrexila. Olioa gatza baratxuriak eta honantzakoan erositakoak. Dena frigorifikora berriz. Patatarik ba ote behatu, bazegoen ausarki. Atea berriro giltzatu eta etxera igo zen. Emaztea plantxan. Zarpa zikinak balkoira. Ohe gainean etzan zen jantzirik, emazteak irratia itzali zuen. Handik apurrera hasi zen zurrunga txipitan. Bixente, zazpiak dituzu. Haserretuarena egin zion, ordu erdira esnatzeko eta betikoa. Hain gustura zinen! Erresumina txiza egiterakoan, bazeukan zer edo zer. Hurrengo astea ez zuen utziko medikuarenera gabe. Eskuak garbitu, soziedadera. Mandarra lotutakoan txakolina zurrusta bat hartu zuen, pulamentuzkoa. Alkandoraren mahukak ukondoraino jaso, frigorifikoa ireki eta gorpu haiei denei bizia emateko miragarriak prestatzeari ekin zion burua beste ezertan ez zeukala. Pako azaldu zen, zapataria, afaldarren arteko bat, laguntzarik nahi zuenetz. Eskerrik asko. Hitza osorik beteko duk ezta? Ea, ea, zer diagu zalantza hori? Gero hankak garbituko genituela hik ekarritako xanpainetan. Ez, horrelakorik ez. Hik esan huen... Baina ez duk nik espero bezala hil. Hila duk hala ere. Itzali egin duk, ez duk hil. Hik daukak...! Barre egin zuen sano Francori zerurako zapatak egiteko eskatu omen zioten Pako Brionesek. Atera iezadak lurrezko kazola txipi bat. Burua eta bi xerra pasatu zituen aluminiozko zabal haietarik lurrezkora, almeja batzuk, patatak. Zer egiten duk hor beha, perrexila txikitzen ez al dakik? Honi aurrena! Mandarra askatu eta eskegi egin zuen. Bota iezaiok gainetik, ez gehiegi ez gutxiegi, eta utzi bere horretan, ez ukitu ezer! Hementxe nauk laster. Kazola txipia hartu eta etxera igo zen emazteari limur egitera. Bixente Gabarain ez zen gizon hiztuna, bihotzak egiten zion ordaina.

 

SIERRA BLANCA KONTSERBEKIN BREMENERA

 

      Simca 1200 urdin bat gelditu zen apur bat aurrerago, eskuineko pirrilak espaloi gainean, motorra martxan. Espaloiz aldatu eta General Molatik jarraitzeko aukera zeukan, baina aurrera eraman zuen jakiteko irrikak. Usnatua zuenez, Andereņo, aizu! egin zioten autotik bertatik, gidariaren aldamenekoak ukondoa leihatilatik ageri zuela. Hiru morroi. Coronel Beorlegui karrikara nondik helduko ziren. Bidali zituen. Hurrengoa ezkerrera eta ibairaino segitzeko, handik eskuin Orlando kontserba fabrikara iritsi arte, egin beharreko maniobrak beso luzaka adieraziz, hantxe hasten zela Beorlegui. Eskerrak ozta emanik alde egin zuten. Simca 1200 urdin hark ezkerrera egindakoan, ibilia besteratu eta Alameda del Generalisimo zeharkatu zuen arin Marga Trekuk, elizaurreko atari batean txirrina jotzeko. Berehala zabaldu zioten, Simca 1200 urdina Orlando hitzak ageri zituen xairaino heldu zen une hartantxe. Han ez zen hasten zabaldi zikin bat besterik, makadama lehertuta gainez egindako basatza. Astiro itzuli zen herri barrura, gidari ondokoak eta atzekoak karrika izkinei erne, Coronel Beorlegui zioen plakaren bat hautematen ote zuten. Aspertua nagok Txakurrak hormara hori ikusten! jakinarazi zuen atzekoak. Kuartel bat komeni zaie hemen. Txapeldun tente bat ikusi zuten karrika gurutzatzen, Euskaldun horrek nozituko ditik beste guztienak, nire kontu, eta haren bila irten zen pauso tinkoan Eusebio Davila jaun gaztea. Aizu! Kopetilun behatu zion interpelatuak, buruan txapela eta zintzurraren azpian plastiko zati zuria ageri zuen euskaldunak. Barka ezazu, pater... Flectamus genua! egin zion oihu apaiz aperturista hark, zilarrezko toxa bat ateratu zuen jakaren barrutik euskaldun guztien larrienen guztiak nozitzeko hautatuak morroiaren mutur aurrean paratzeko. Biatiko Santua ematera noa, belaunika zaitez, egizu aitaren Jaunaren gorputz santuaren aitzinean! Flectamus genua! Sinatu zen belaunikazio bat itxuratuz eta Coronel Beorlegui karrika non dagoen bazenit, pater, Coronel Beorlegui, hamabigarren zenbakia. Don Serapiok jakaren barruan ezkutatu zuen zilarrezko toxa eta Seme, esan zuen ahapetik, Hamabigarren zenbakia Kristoren apostoluetan da, hortz artean eta begiak sutan. Bestelako bedeinkapenik gabe lotu zen bideari Simca 1200 urdinekoen kontra otoitzik gozoenak eginez orbel zahar kartoi busti teila kozkor adar zati eta etendako arropak zanpaka.

 

MITSOS ARDOAREKIN HELSINKIRA

 

      Zergatik zeukan jendeak beti azken orduan azaltzeko ohitura hori? Txirrina inork ez jotzea ere ez litzatekeela izugarri ona eta, beti bezala, eskuan zeukan telefonoa eskegi eta errenditu egin zen zabaltzera. Aurrera, bai, ez du axola, horretarako nago. Ezaguna egiten zitzaion mutil gaztearen aurpegia, Markos Urbietaren semea zela atera zion, Xoan dut izena. Zure aitak etxeko hari guztiak berritu zizkidan, entxufeak, kisketak, dena aldatu zidan igande goiz batean deus kobratu gabe, materiala nik erosita. Goraintziak emateko, ongi zegoen noski. Mutila ez zetorren karneterako, argazki bila zetorren. Rafael Artista Fotografok bazeuzkan jabeak hartzera pasatzeko batzuk, izena esateko. Antzinako argazkia da bila nabilena, argazki bat eduki dugu beti etxean, eta galdu egin zaigu obra batzuk egiterakoan. Susmo izpi batek jo zuen argazkilaria, ezerezera suntsitu zen bristada izan zen. Gurasoen ezkon argazkia, edo aitonarena edo amonarena, pentsatu zuen, horixe izaten zen denek behar zutena, bere garaian garrantzirik eman ez izana damuturik. Nire osaba baten argazkia da, elizako eskaileretan aterea, mutiko talde bat uniformez. Susmoa ziurtantza bihurtu zen. Badakit zer argazki mota den, ikusi izan ditut horrelakoak... Nik estudioa 1945ean zabaldu nuen, lehenagokoak dira argazki horiek, ni orduan Irunen nengoen, Renfen. Ez, zuzendu zion gazteak irmo, 1950 arte ibili zituzten faxistek umeak instrukzioa egiten Frente de Juventudesatakoen uniformetan. Bi mila klixe, kristalezkoak, kartoizko Valca kutxatxo horietan ordenatuak. Mamuz bete zitzaion estudioa. Osaba baten argazkia? La Vozeko korrespontsalak goizean komentatu ziona ez zen txantxa. Begiratuko dut nire klixe zaharretan, emadazu denbora pixka bat, zera, puska bat, dena desordenatua daukat, nolanahi ere ez naiz oroitzen horrelako argazkirik eginik. Eskerrak eman zizkion mutilak, eta osabaren argazki bakarra zela hura, bakarra eta xelebrea gaineratu zuen irri maltzur bat eginez, maite lukeela edukitzea, eta zenbat izaten zen horrelako lana. Lasai, auskalo nola dauden klixeak, halako hezetasuna daukagu hemen, badakizu. Eta esan dizut, zure aitak ez zidan kobratu, beraz... Umeak bizkarrean zurezko fusil bana, ezagutzen zituen serie haiek Rafaelek, urtero zeremonia berak, alamedan lerroan denak tente eskuin eskua ezker sorbaldara luzatua, eskolan hurrena, paretako argazkiari agur faxista eginez. Zorabio batek jo zuen. Herri osoa zeukan salatua berak, inor ez zen salbatzen, denek jaso zuten eskua, denek ipini zuten bandera balkoian, denek hartu zuten esku Seccion Femeninan, denek omendu zituzten apaiz eta alkate eta maisu eta maistra faxistak, denek dantzatu zuten Sicilia erregimentuko bandaren doinuetan, denek edan zuten xanpaina gobernadorearen morroiekin festetako zezen afarian, denek zuten izena emana Accion Catolican. Etzan egin zen. Ez denek, baina herria ziren. Urte haiek ezagutu ez zituztenek ez zeukaten eskubiderik epaitzeko. Jendea desagerrarazten ari zenaren negatiboak zeuzkan berak, erakusketa anker bat. Begiak sabai zikinari zituela, argazkiak betikotu egiten zuela ikasi zuen. Artean ez zekien zer esaten zuen Argazki hau betirako izanen duzu esaten zuenean. Une bat betikotzen zuen. Une bat bizitzaren froga? Bere erantzukizuna zen herri dohakabe hura iragan penagarri hartarik salbatzea. Jaiki zen, hartu zuen kutxatxo bat, atera zuen lehen kristala. Ez zuen argi mahaian ipini, manta batean bildu zuen. Maitalea itotzea, behin, berriz, gupida barik, zure onerako da, maitalea triskatzea, bataioak suteak ezteiak lasterketak, eta hezur hautsien intziria, hatzak, hortzak, sudurrak, irriak, festak, musikak, ixo maitea, zure onerako da. Zabaldu zuen manta, kristal abarrikatu apur haiek konpondu ezin zitekeen leiho batenak ziren, leiho handi batenak. Bigarren kutxatxoa hartu zuen Rafael Artista Fotografo urrikaltsuak.

 

MYRIAM DEL TORO BERUN MINERALAREKIN KENITRATIK

 

      Zer moduz zaudete? Karmele Artetxe zuela izena, Anitak lana egiten zuen fabrikako laguntzaile soziala zela, denek ezagutuko ez balute bezala. Anitaren berririk bai? Ene, zer gertatu zaio, Grosera joatekoa zen enkargu batera eta gero lanera. Bera da zoritxarrez, bai, aitortu zuen Karmelek, Anita izeneko bat atxilotu dute Donostian eguerdian, Groseko etxebizitza batean, eta sindikatuetakoek Anita hori Anita Alberdi dela ziurtatu didate, horixe ekarri zuen Karmele Artetxek gurasoenera. Sindikatuko lagun batzuekin zegoen, propaganda harrapatu omen diete. Eskua ahora eraman zuen amak. Errespetu handia ziotela lantegian erantsi zuen laguntzaile sozialak. Oraindik ez al zaizkizue etorri etxea miatzera? Abokaturik ote zeukaten. Eskuak hartu zizkion amari, Ez zaituztegu abandonatuko. Eta Anitaren nebak, Kaskagorri esaten zioten gazteak, Ez zaituztegu abandonatuko hura entzunik, ez zuen jakiterik izan sindikatuen izenean edo ETAren izenean mintzo zen, emakume garratz hura izan baitzitekeen portualdeko atraku eta leherketa guztien antolatzailea. Amak, halako hitzak eskertu ondoren, Jontxu, esan zion, hogeita bi urte eta oraindik Jontxu, lotsa ematen zion, Ezertan sartua baldin bazaude alde hemendik izebarenera. Karmele Artetxe beha geratu zitzaion erabakia jakin nahirik, ama beha geratu zitzaion erantzun baten zain. Ez dut uste etxea zelatatzen jarri direnik, auto bat daukat atzeko kalean, nahi baduzu eramanen zaitugu etxe seguru batera. Mila esker, eta segundo pare on bat irabazi zuen ganorazko zerbait asmatzeko, Anitak ez daki nitaz ezer, lasai. Begiak bete zitzaizkion amari. Eta egoeraren jabe bihurtu zen, Laster helduko dira eta zoaz lehenbailehen, zu ere atxilotuko zaituzte bestela hemen ikusten bazaituzte, laguntzaile sozialari fermu. Ni neure amarekin geratuko naiz, ez dut bakarrik utziko tipo horiekin. Bazekitela ezertara behartuz gero non bizi zen, besarkada bana eman zien eta laster arte despeditu zen presaturik Karmele amorragarri hura auto barruan urduritzen hasia izanen zen Milan Mircovic jaun errukiorrak segurtasun epearen erdira gabe alde egin ez ziezaion. Garbi ezazu zure gela, eta Kaskagorrik ohe azpikoak ateratzen hasteko esan zion amari. Kopeta zimurtu zuen, Anitak ez omen zuen aspaldian ezer ekartzen etxera. Ezinegon batean ibili ziren tiraderak arakatu papertxoak txikitu leihora hurreratu. Amak xahutu zuen Anitaren logela. Kaskagorrik termodinamikako apunteak eta liburu tekniko batzuk ipini zituen egongelako mahaian, zetozenean ikasten ari zelakoa egitearren. Ama, utzi zer edo zer Anitaren gelan, bestela dena atera dugula pentsatuko dute. Noizbait, txirrina jo zuten, goraino iritsiak ziren interfono ipini berria erabili gabe. Lasai, ama, lasai! Nor da? Polizia, ireki! Orain aurrez aurre ikusi ahal izanen zituzten Francoren lekaio zabarrak. Zabaldu eta Zuek al zarete nire alaba atxilotu dutenak? Aizu, zuk nola dakizu zure alaba atxilotua dagoela? Non daukazue? Harritu egin zuen amaren ahotsaren indarrak. Epailearen agindua betetzera gatoz, etxea miatu behar dugu. Kaskagorrik zaborren azpian gordeak zeuzkan paper eta pegatina guztiak eta futbola utzitakoan idazten hasia zen egunkari sekretua. Beste inor etxean? Egongelara eraman zituzten ama-semeak. Hitzik ez egiteko. Zipriano eta Txaro ekarri zituzten miaketaren lekuko gisa, aldamenekoak. Besoa estutu zion Ziprianok mutilari, Eutsi! isil bat. Miaketan hasiko gara, zein da zure alabaren gela? Lekukoak, mesedez, zatozte gurekin. Ama-semeekin geratu zen morroietarik bat. Soingainekoa erantzi, lautan bildu eta alfonbra gainean utzi zuen Impermeables El Bufalo marka ageri zuela. Jaka gurutzatuko trajea zeukan. Heldu ziren tiraderen eta armairu ateen soinuak Anitaren logelatik. Ikara ematen zuen, pertsona baten erraiak ateratzen ari ziren. Zuen baimenarekin, eta jesarri egin zen. Koadernotxo bat atera eta idazten jardun zuen Sheaffer urdin batekin. Ilea gominaz eta zilarrezko katetxo bat eskumuturrean, A.C. letrekin. Chester paketea ateratu zuen. Erre nahi baduzu, irten zaitez balkoira. Amari ez, semeari behatu zion Francoren lekaio isilenak Ez zaidak etxe hau gustatzen edo Ezaguna egiten zaidak hire aurpegia adieraz zezakeela. Sarrailaren hotsa sumatu eta zutitu egin zen. Orain atake bat emanen dio aitari, egin zuen Kaskagorrik bere baitarako. Nor zara zu, zer egiten duzu nire etxean? Plaka erakutsi zion. Egun hartan gertatu zen, zitzaion, zioten Anitaren aita beldur zena. Malkoa berriro amaren begira, Anita atxilotu dute... Zer dira soinu horiek? Zure alabak gordetzen duen propagandaren bila etorri gara, jauna. Nire alabak, propaganda? Anitaren gelan aurkitutakoekin azaldu ziren Francoren beste bi lekaio zarpailak, Zipriano eta Txaro atzetik zituztela. Interesgarriagoak ziren aurpegiok, batek orbaindua zeukan masaila ezkerreko belarritik zeharka, besteari sudur zuloen tabiketik sortzen zitzaion makoan ezpain ertzetaraino mehetuz zihoan bibotea. Lucha Obrera, Lantegiko Batasuna, Leyes fundamentales de la dialectica, Contes du Pays Basque, Huntaz eta Hartaz eta Picassoren Guernica zurlandu txipi bat mahai gainera. Hau dena propaganda klandestinoa da eta Ana Maria Alberdiren arropen artean aurkitu dugu, lekukook baiezta dezaketenez. Epaitegiko zigiluak zeuzkaten paper batzuetan hasi zen idazten jangelan geratua zenak, faborez mahai gainean zeuden liburuak eta paperak apur bat baztertzeko eskatu ondoren. Ama irten egin zen. Kaskagorrik Contes du Pays Basque hartu zuen, Hau ez da propaganda, hau etnografia da. Isilik geratu baitziren denak, Eta hau artelana da, deklaratu zuen zur polit hura ere multzotxotik bereiziz, Neuk egina da. Eta sudur hegalak zabal hesteak zimur geratu zitzaion buruz buru inspektoreari, bere burua ezagutzen ez zuela. Liburua paretako apalean zegoen eta Guernica ohemahaian eduki du beti, argitu zion Francoren lekaio dotoreenari belaunak dardara txipitan. Ez zekien haiek edukitzea zilegi zen edo delitua zen, poliziak lapurretan ari zirela egin zitzaion, besterik ez, eta inoiz baino koldarrago sentitu zen Anitak ez daki nitaz ezer hura gogoratuta. Eraman iezaiozue hau nire alabari mesedez, amak, Anitaren amak, alaba atxilotuaren amak, paketetxo bat eskuetan. Arropa garbia da, aldatzeko. Sentitzen dugu, emakumea, guk debekatua daukagu horrelakoak egitea. Txarok besarkatu egin zuen emakume atsekabetua, seme ilegorriak Lasai, aita, lasai esan zuen ahapetik eta Ez hitz egin zuen dialektoz gure aurrean! agindu zuen orbaina egitada heroiko batean irabazi zuenak. Zerorrek eraman zeniezaioke paketea bihar goizean Gobernu Zibilera, aholkatu zion amari leun ugazabak, trajedunak. Horra, orain badakizue non dagoen, gero jardun ezazue asmakeriak zabaltzen Poliziaz. Zuek txol ausartak zarete zuen plakarekin eta zuen pistolarekin, ezagutzen ditut zuen ezpalekoak. Lasai, aita, lasai! Aholku bat emanen dizuet guztiei, aholku interesgarri bat: ez zaitezte harrotu komeni baino lehen, Ez zaitezte harrotu komeni baino lehen, leun, beti leun, manupeko zeuzkan zokormazoen aitzinean hitz erdien eraginkortasunari buruzko ikastaro praktiko bat emanez. Zu bai harro, gerra batean zu erretaguardian emakumezkoak fusilatzen. Atxilotuta eramatea nahi duzu, ezta? Hori nahi duzu, gudari jauna? Odolak lepoko zainera jauzi eginda kolpe bat jo zuen mahaian Anitaren aitak Francoren lekaio zikin haien muturrak hausteko ukabilarekin, Atxilo nazazue ni eta utz ezazue libre nire alaba! Ezin lasaiago zutitu zen Hilario Hidalgo bigarren mailako inspektorea, zilarrezko pultseran A.C. letrak grabaturik zeuzkana, Kaskagorrik atzeman zuen moduan. Sheafferrari klik egin eta jakaren goiko sakelan sartu zuen. Psikologian matrikulatu berria zen Zuzenbideko klaseez landara, bestelako tonuan hitz egin zuen, apal, sarkor. Ez ditugu kanjeak egiten, ez gaude gerra batean, eta El Bufalo markako trintxera jaso zuen alfonbra gainetik. Entzun ezazu, polizia jauna, ni nazionalista nintzen hogeita hamaseian eta nazionalista izanen naiz beti, jo nazazue hil arte baina utz ezazue libre nire alaba! Ez zioten jaramonik egin, morroi haiek ohituak zeuden horrelako espantuak ikusten. Guk ez dugu inor jotzen, zure alabari ilea tindatuko diogu, besterik ez, gero epaileak erabakiko du. Irriņo bana egin zuten hirugarren mailako inspektorea izateko alferrik ahalegintzen ziren bi morroiek. Bazetorren garai berriko lehen inspektoreburuen belaunaldikoa izanen zela ziur zegoen hiztun leuna zutitu egin zen. Eta zu ibiltzen ahal zara kontuz, atxilotuaren nebari atzamarra zuzentzen ziola, Ez zaigu zure pelukaren kolore hori batere gustatzen, jakinen dugu nor eta nor ibili diren herri honetan karriken izenak kentzen, eta hobe zenuke tartean ez egon. Papera luzatu zien lekukoei, Irakurri eta sinatu, mesedez. Barka ezazu, komisario jauna... Ez naiz komisarioa, inspektorea naiz oraingoz. Inspektore jauna, esan zuen Txarok poliziak hartua zuen apaltasun ironiko berean, Hemen dagoen hau ez da ezeren froga, ez dugu sinatuko, ezta, Zipriano? Ez, arrapostu zion Ziprianok, ez dugu sinatuko. Inspektoreak ez zuen galdu aldarte aspertu eta barkabera sumingarri hura, Hara, denak nazionalistak teilape honetan, nolako jendea daukagun hemen!, alai antzean. Amak aski adore eduki zuen egun hartan hitza bigarrenez indartsu ateratzeko, Jende ona dira hauek, zuek ez bezala! malkoak xukatzen zituela, desarmaturiko jendearen aitzinean gerriko pistola erakusten laketzen ziren Francoren lekaio barrenuts haiei. Sobiet Batasunean heziak, jakinarazi zuen Ziprianok zakar.

 

NICOLE MAGNESITAREKIN BIRKENHEADERA

     

      TF1ek emititzen zuen Le Comte de Montecristo ari zen ikusten Pepe Beltza egongelarena egiten zuen jangelan, soinua goiti samar, eta atea itxi zion alabak sukalderantz zetorrela prismatikoak eskuan. Zertarako ekarri dituzu prismatikoak, Yvette? Egun hartan ez baitzuen atertuko, guardasolaren azpian gorderik ibiliko ziren hiletara zetozenak. Erne egon beharra zuten. Zeinek emanen ote du meza, kuriositatea daukat, aitortu zuen Marga Trekuk. Ez dakit, ez ditut apaizak ezagutzen. Don Serapiok ez du emanen, horrek bai ezetz. Berdin zait, ez zaizkit apaizak gustatzen, ez apaiz faxistak, ez apaiz komunistak. Nahiago nuke euria gogor hasiko balu berriz, inor ez etortzeko. Ba nik nahiago nuke atertuko balu, Franco maite duten guztiak etor daitezen, eta aitarengana irten zen Yvette botikarekin eta jogurt batekin. Leihora hurbildu zen Marga Treku. Elizaurreko bi argiak fonderian Donostiarako egin zituztenen sailekoak ziren, launa lanpara zeukaten eta dotore argitzen zuten. Bigarren solairuan zeuden eta aterkipean zetozenen aurpegiak ederki ikusten ahal zituzten. Prismatikoak zorrora. Badakizu, Yvette? Honantzakoan polizia batzuk topatu ditut. Topatu egin dituzula? Nor atxilotu behar ote dute Coronel Beorlegui karrikan? Aizu, Marga, ez zenituen karrikaraino lagunduko, ezta? Orlandoren lantegi zaharrera bidali ditut. Egitan? Egitan! Algara egin zuten. ONUn masta erdira daukate bandera, kexatu zen gero Marga, lotsagarria da. Neska, Franco klubeko bazkidea zen! Irakurri al duzu Aita Santuaren telegrama? Marga, mesedez! Liburuak irakurtzen ditut tarteka, aitak lehen hitzetik azkeneraino irakurtzen ditu eskura datozkion egunkari eta aldizkariak, buruko mina jartzeraino aritzen zait egunean egunekoaz. Laurden guti, laster azalduko ziren kristau zintzoak. Esadazu, zer dio Erromako Jaunak bere telegrama dibinoan? Ez dizut esanen, haserretu eginen zinateke, Yvette. Ni etxekoekin haserretzen naiz. Hasi ziren ailegatzen, eta etorri ere harro zetozela iduri zuen, ez gordeka alajaina, aterkia goi. Lanari ekin zioten. Yvettek izen eta abizenak edo abizen eta lanbideak kantatzen zituen, Margak zerrenda osatu. Tarteka izena eta noren emazte. Hori ez al da Mario, ileapaindegikoa? Bai, bera da, zer doa hori elizako eskaileretan goiti! Itxaron, ez da sartu. Eskela irakurtzen geratu da. Eta ez da sartu, zer ona! Eskela norena den irakurri eta eskaileren erditik dator orain karrikara elizan sartu gabe, zer ona! Zerrendatzeari ekin zioten berriro. Gaueko Gurtzakoak prozesioetako kandeladunak atelierretako enkargatuak zinegotzi ohiak udaleko enplegatuak, ordenazaleen samalda, jan zakurrak. Horiek ote ziren herri faxista? Desplazer txipi bat hartu zuen Marga Trekuk, ustebako on batzuk espero zituen. Yvette, utziko al zenidake galdera indiskretu bat egiten? Hain indiskretua ez. Ba... zerrenda hau, ETAkoei pasatuko al diezu? Zur eginda behatu zion lagun minari eta algara etorri zitzaion ahoa betean. Yvette, orain lasaitu naiz. Ez dakit zer eginen dudan zerrenda horrekin, agian makinaz jo eta herrian barrena zabalduko dut, ikusiko dut, etorkizunak emanen dit aukeraren bat. Non dira nire kamaradak?, Pepe Beltzak sukaldeko atetik. Aita, nola altxatu zara bakarrik! Gaur berandu datoz, Yvette, kezkatua nago.

 

ARQUETAS FOSFATOAREKIN AL-AYYUNDIK

 

      Butaketan ez zieten utziko zorua ogipapurrez betetzen eta inguruko ikusleek haserrezko behakoak eginen zieten. Planoren bat, sekuentziaren bat komentatzen bazuten, Shhhhh! eginen zieten haserre. Ez zen jende askorik egonen astegun buruzuri batez gaueko saioan, eta akomodadoreak bikote gazteak zilegitasunik ezeko jarreretan harrapatzen laketuko ziren, beren linternekin. Oilategian ez zituen akomodadoreak poxelatuko. Goi hartara ez ziren azaltzen. Barre eta hitz eginen zuten lasai. Charlot bera, oilategiko aulki gogorretan egonen zen, ez butaketan. Zineklubean Gaumont Palace esaten zioten Bellas Artesera iritsi zelarik, laprastadaren arriskua ikusi zuen leihatilan. Eta zer gerta ere lau sarrera erosi zituen, butaka patioko bi eta oilategiko bi zeuzkan egun hartan eguerdiaz geroztik karteran Iņaki Garciak. Ez zuen berak trenkatuko, Anitak hauta kota ala patio. Poltsatxo bat zeukan parte zaharreko Alcalde tabernan erositako urdaiazpiko ogitartekoekin. Edatekoa Anitaren esku, anbiguan. Autobus bat heldu zen. Amak malkotan emana zion Omega kontsultatu zuen hirugarrenez, aita zenak igandeetan lotzen zuena. Hamarrak. Anitak bost minututan eginen omen zuen geltokirainokoa. Hamarrak eta bostetan lau gizonezko iritsi ziren, Anita ez. Lantegiko kontuen hizpidea zeukaten. Neskaren galde egitekotan egon zen. Trolebusera igo ziren eta horrek salbatu zuen Anita nabarmen uztetik. Eta bere burua barregarri. Bazihoan autobusa Mirakruzeko maldan beheiti urrunduz Zahor txokolatearen publizitatearekin. Pelikularen azkena zen eta proiekzioa zirkulu txiki batean murriztu zen istorioaren amaiera adieraziz. Lantegi aldera hurrera zitekeen. Ez, hori ez, hori Anitaren hitza ez sinestea izanen litzateke. Hamarrak eta laurden. Nodoa hasia zen, Francoren berri emanen zuten. Franco hila zela zioten, bizi osoa Nodoa ikusten jarraituko zuen, Su Excelencia el Jefe del Estado recibiķ Su Excelencia el Jefe del Estado visitķ Su Excelencia el Jefe del Estado inaugurķ alegeraki zioen ahots zinematografiko hura urraturiko diskoan entzuten bizi osoan. Ezin dut ordu horretan, baina gauekora gonbida nazakezu. Eta orain bestelako zentzua hartzen zion ironia ondoren, Hain berandu ahal baduzu, jakina. Ergela ni igeltsua kendutakoan besarkada bat idurikatzeko, ukondo berrituari manatuko nion aurreneko lana, egun hark biharamun bat edukiko zuelako, ustantza horretan zegoen, Anitaren ileak euriaren lurrina ekarriko zion eta haren atzamarrek zarrapo txipiak eginen zizkioten bizarrean. Nola dakizu gomendatu didaten terapia dela? esanen zion barrez, eta Anita barrez. Hamar eta erdiak. Rey Soria presenta Charles Chaplin. Limelight, Candilejas. Amor... Risas... Lagrimas... Barreak bai, inork. Anita geltokiko eskaileretan beheiti ezkutatu zitzaiolarik lotsatu egin zen bere buruaz. Savoyrako sarrera erosteko azaldu zen tren geltokian, Laura Antonelliren betetasunak ikustearren. Eta ustekabean bizitzako egunik inportanteena bihurtu zitzaion, sinetsi egin zuen gertatu hura berari ari zitzaiola gertatzen. Neskek bazuten aurpegi bat, neskek bazuten behako bat, neskek bazuten ahots bat. Eta bazekien hura dena esaten, debatitzen. Jakinen zuen hautua egiten ere, ni butakan zu oilategian. Zakurren bat ikusten bazuen, hari emanen zizkion ogitartekoak. Igeltsuan idatzia zeukan pareatu delikatua ezabatuko zuen errotulagailu bat eskuratu baikoz, edo laban batekin, edo zernahirekin. Oinez ekin zion herrirantz, benetako lehen eskarmentua hartutako Charlot. Madarikatu zituen tren geltokietako markesinak, Madagaskarreko kukuak eta munduko begi urdin guztiak, Laura Antonellirenak halakoak ziren dudarik gabe. Tren baten fokua ikusi zuen Herrera aldera. O, barka ezazu, Iņaki! Eta bagoi osoa barrezka. Trenaren bagoi guztiak barrezka. Tren guztien bagoi guztiak barrezka. Bere bizitzako egunik tristeena zen egiazki egun hura.