Franco hil zuten egunak
Franco hil zuten egunak
2016, narrazioak
256 orrialde
978-84-92468-91-1
Azaleko argazkia: Itzala (AHM fototeka)
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Hondartza

 

 

Kaskagorrik ilea luze utzia zeukan, zainetakoak mihia lotzen zion neskaren batekin begiz begi hitz egin beharra egokituz gero, liburu guztiak ikuskatzen zizkion arrebari eta Camel pakete bat zeraman beti aldean tristura krisiren batek itotzen zuenerako. Baina bere lagunik onenak, Patxik, gauza ilun mordoa zekien eta aleka zituen agertzen zaku ipurtandi hartakoak. Futbolean posturik apartekoena zeukan gainera, gailendu aire batekin esaten zion sarezaina taldean zeukan egitekoari. Irratian ikasitako hitza futbolari argentinarrei, baziren batzuk Espainiako ligan. Umetarik antz ematen zitzaion bokazioa, nahitarat botzen zuen maiz baloia putzura, mendi artean dagoen portu hau putzua da guretzat, eta gero bere burua botzen zuen arropa brastako batean kenduta, horrelakoa zen, waterpoloko jokalariek bezain artoski ekartzeko eta putzutik bertatik jaurtitzeko eskuin besoko palanka indartsuarekin moila gainera. Fixprayrekin orraztua eta baloia mokorraren kontra eusten zuela ageri zen frontoian markatu berria zuten eskubaloi pistara edo erreka bazterreko zelaitxora, hura sarezain eta besteok aspertu arterainoko penalti jole, gogor gogorrago, zital zitalago. Gozamena zen Patxi lagun izatea, hiru urtean sega pasatu gabeko belarretan izan zementu lakarrenaren gainean izan beti zegoen sakrifikatzeko prest, errateko maneran, bere izterren zangarra jauzi batean frogatzearen truke. Eta opari ederra zen estatua hura hezur eta gihar plongeon eginez luzatzen ikustea, airean flotatzen, edo izurdeen antzera hegatzen, gero basatzan lau bat metro egiteko lerraka.

      Orain, hamabosna urte, hamabosna urte ernai zoro gaitz, gorroto txipiak sortuak zeuzkaten biek lagunen artean, Patxik kokotsa tente ageri zuelako arra bete soberako goitasunez, eta Kaskagorrik, alegia deus ez, fitxatzea lortu zuelako: baloia pirrilaka ikusi eta haren atzetik ekiten zion, ez zekien aiduru ernean egoten esferoideak zer egin zezakeen ikusteko, ez zen gauza aurkariaren jokoa aurretiaz asmatzeko edo zenbat aukera zeuzkan kalkulatzeko baloiaren jabe jarraitzearren. Arazoa oinetan zeukala hasten zen pentsatzen zer egin, atunburu alaena, ez zuen inoiz jokoa ikasi, entrenatzaileek ez zuten arbelik, gimnasia zeukaten, huraxe zekiten, eta edozein lasterraldi txalotzen. Pirrilaka doaneraino iristeko gibeletik korrika joatea beste biderik ez zegoela uste zuen. Izerdilari hutsa zen, horrela egiten zuen golen bat noizean behin, aurkarien artean bulkaldika infiltratuz, nolako tratua baloiari, arrastaka eramanez. Berak ere taxu emana zion zer moldetako ostikolaria zen, ohartua zen Patxik, hain adiskide, ez ziola futbolaz hitzik egiten. Donostiako hondartzara joan zen kuadrillatxo bat, fitxatzeko proba antolatua zeukan Real Sociedadek, probintziako klub nagusiak. Fitxatzea, futbolaren hitz mitikoetarik bat. Patxi eta biak hartu zituzten. Zergatik hartu zuten Kaskagorri eta ez zatiaz hobeak ziren probara joandako beste lau edo bost herritar, ezin asmatuzkoa izan da beti guztiontzat. Larruzko baloia, bustian bi kilo irabaziagatik, aise harrotzen zuelako kornerretik? Ona zela komentatu zion norbaitek aitari, jendeak ez du futbolaz ezertxo konprenitzen. Aitak pilota zuen gogoko, gaztetan partida batzuk jokatu zituela zuriz jantzita esan izan zuen. Jakin behintzat bazekien zer edo zer, herriko festetan antolatzen zuten txapelketan ez zuen partidarik huts egiten eta komentario zuhurrak ateratzen zituen gero, afalorduan, kantxan ikusitakoaz. Semea futbolari zetorrela aipatzen ziotenean pilotan baino diru gehiago irabaziko zuela izaten zen haren komentarioa. Orain, aitak zioen moduan hemen ez baitago honezkero umerik, laneko istripuren bat edo horrelako albiste tamalgarriren bat ez baldin bazuen, semearen nota txarrek baino ardurago hartzen zuen politikak otorduetako solasa Kaskagorrirenean. Ez zegoen beste konturik mahaian, aita-alabak liskarrean aitak berak hasitako komentario mingarriren bat sorburu, beti berdin amaitzeko. Zuk asko dakizu baina nik aspaldi kentzen dut bizarra goraka, zuek gerra nahi duzue gerra zer den ez dakizuelako, nik bai. Zapia lepotik kendu, mahai gainean utzi eta altxatu egiten zen, eta orduan amaren txanda hirurekin haserretzeko. Kaskagorrik adi entzuten zituen arrebaren iritziak, Patxik adi entzuten zizkion hari ikasitakoen errepikak.

      Nire aita Uruguain jaioa da, esan zion behin entrenamendura zihoazela trolebusean, Argentinako bandera zeukan zamaontzi baten paretik pasatzerakoan.

      Nire aitak sudurra hautsi zion apaiz bati, sekretu handiagoa zen hura eta Kaskagorrik isilarazi egin zuen sarezaina.

      Letra zuritan Real Sociedad zioen larruzko giderreko kirol poltsa urdin bana erabili ahal izateko berezkuna zeukaten. Lotsatu egiten zen hura erabiltzen, Patxi ez bezala. Hark bazuen nabarmen eramateko estakururik, onena zen, hondartzako onena.

      Egia al da zure aitak sudurra apurtu ziola apaiz bati?

      Bai, nire arrebak zer edo zer kontatu zion amari, eta amak aitari. Ikastetxekoek antolatu zuten erretiro batean gertatu zitzaion. Eta zuk nola dakizu? Arrebak kontatu zidalako. Erretirokoa? Konta nazak hori! Ez, motel! Apaiz harengana joan zela eta sudurra hautsi ziola kontatu zidan, muturreko bat jota hautsi ziola!

      Belarriak tapatzen zituen, aitak, kopetaraino errerik, arrebari botzen zizkionak ez jakiteagatik. Nazka eginda naukazue!, eta alde egin zuen mahaitik platerekoa utzita, behin egin zuen, aitak berak ohi zuenaren antzera alabak arrazoi batzuk ematen hasten zeneko. Gero arreba etorri zitzaion, ohearen ertzean jesarri zen isilik, eta aitak apaiz bati sudurra apurtu ziola kontatu zion, sudurra apurtu ziola bere partetik apaiz zikin bati. Kalean ezer esaten bazioten, jakin zezala egia zela, eta zergatik. Aita gizon ona zela politikan arras gibeldua zen arren. Eta malkoa etorri zitzaion begietara. Aitak bazekiela seme-alabak defenditzen. Kaskagorri ez zen ausartu deus galdetzen, arrebari zer zikinkeria mota egin ote zion apaizak idurikatu ezinean egon zen luzaz itzarririk, geldi, behakoa ilunpearen mamian.

      Zure arrebaren limoiak probatu nahi izanen zituen apez hark!, irri ergelik erantsi gabe, Patxik. Irakurtzen zihoan neska batek burua jaso eta beha geratu zitzaien, tinko, luze, errateko maneran aita sumindu baten muturrekoarena emanen zien hitzaren bila. Euskalduna fortunatu, halakorik. Patxik bulka egin zuen, mugitzeko atzeko aldera, han bazutela lekua. Areago lotsatu zen Kaskagorri. Guztiz bestelakoa zen Patxi, irtena, zakarra, aparte batekoa. Kapitain izendatu zuten berehala Real Sociedaden. Euskaraz egin zion entrenatzaileari lehen egunetik, nola edo hala ulertzen zion gizonak, ez beti, eta miresmen ikaratu gisako bat hartu zion mutilari. Horregatik fitxatu zuten ausaz beti ondoan zeukan Kaskagorri ergela, harekikoa egin ahal izateko, Patxik ez baitzion taldean inori erdaraz egiten, arbitroei ere ez, gazte samarrak ziren eta burutik zeuzkan. Aingira zen. Etorkizuna ikusi zioten.

      Nahi nuke ikusi, nahi nuke ikusi, esan zion belarrira makurtuz, zure arreba dutxatzen, zuk egiten duzun bezala. Kaskagorrik, errefera gisa, oina zanpatu zion orpoarekin. Gandu batean etorri zitzaion, kezkatzekoa, umetxoa zen aldiko iduri bat. Amarekin, ama eta beste emakume bat oihal artean. Berarekin eramana josten zuten etxera. Gonaz jakaz oihalez aldizkariz betea zegoen gela hartan sartu ziren, aldizkari bat ipini zioten esku artean ez hausteko aginduz eta hura ikuskatzen eduki zuten beraiek etxean zeukatenaren berdina zen Alfa beltz dirdiratsuaren ondoan, amak eta jostunak zerabilten jardunetik guztiz urrundua. Aldizkaria ikusten gogaiturik burua jaso baitzuen, ama zuen ikusi beso has, kolko has, azpiko urdin mehean oztarik sartua zuen ikusi, irri gazte bat ezpainetan armairuko ispiluaren aurrean, eta haren bularren mardula zuen ikusi orpora askatua zeukan soinekoa jasotzeko makurtu zelarik. Ez zeukan oroit ikustate hark zirrararik edo ikararik edo bestelako sentimenik hazi zionetz orduan, arranguratu egin zen nola zitekeen halako gertatua etortzea akordura hamar edo hamahiru urteren buruan. Ispiluko hura ez zela inoiz gertatu pentsatu zuen. Eta areagotu egin zitzaion ezin konprenitua.

      Patxi eta Kaskagorrirekin batera jaitsi baitzen Plaza Gipuzkoako azken geltokian, behako hartan Urdetxo lizunok apaiz galantak eginen zarete adierazi zien neskari segitzeko proposamena egin zion Patxik serioski eta hondartza aldera joz. Moja izateko ikasten ariko zela argitu zion bidean. Ba ote zeukan mojek komentuetan egiten zituztenen berri. Trenkak josten zituztela Kaskagorrik xalo, eta Bai, horixe egiten dute, barre txipian Patxik. Lehenak iritsi ziren entrenamendura, arkupeetan aldatzen ari zirela batu zitzaien entrenatzailea, Atsaldeon alai batekin. Eta Patxik kasu mikorik ez, flexioak egiten hasi zen, eta flexioetan espantuzko hasperenak botzen zituela Mister, bota zuen, inork ez zion Mister esaten, Heldu den igandean ezin dugu etorri. Nola ezin duzuela etorri, zer da hori? Ezin duzuela? Erdaraz, Kaskagorriri beha. Maiatzaren Lehena da, greba egin behar dugu. Zer ari zait hau, ondo ulertu al dut? Kaskagorrik jauzi egin zuen hondartzara, platerekoa bertan utzita.

      Amak esnatu zuen, zain zeukala laguna, zer egiten zuen ohean oraindik.

      Aita komuna okupatzen ordu erdirako, bizarra goraka egiten.

      Makarrak kenduz jaitsi zituen eskailerak, Patxi ezkaratzean, poltsa bizkarka, publizitate gizona. Ez al zion abisatu ba entrenatzaileari ezin zutela joan, igandea ez zela igande, Maiatzaren Lehena zela? Azaltzen ez bagara suplente jarriko gaituzte, Donostiako txatxu horiek denak gure inbidiatan daude, ez al zara konturatu? Jubeniletako entrenatzailea etorriko da eta gu ikusiak gauzkala erranen dio eta beste batzuk paratzeko erranen dio, ikusi nahi dituela. Jende guti kalean, mezetara zihoazen batzuk. Patxi eta biak beren poltsa susmagarriekin. Aberri Eguna edo Errepublika Eguna edo Maiatzaren Lehena, haiek partida zeukaten Kontxan. Hamabosna urte, aurrera gazi gordin gogor! Real Sociedad, erne guri! Ea barru hartan zer. Futbolariak gara! Ezin zutela Donostiara. Kremailera ireki, Nola ezetz? Partida daukagu! Ezin dugu huts egin! Alferrik. Errealaren aurka txapelokerrak. Diktadura batean gaude, konturatu zara, ezta?, egin zion eraso Kaskagorrik lurrera beha, tren geltokirako bidean.

      Diktadura batean gaude, gure gurasoek gerra galdu zutelako.

      Eskaileretan beheiti zetorren jendea, atzera bidalitakoa zen, ez omen zioten inori uzten. Nora zoazte? Bi emakumezkorekin Don Serapio. Poliziak daramatzate bagoietan batetik bestera. Jaistera derrigortu zituen, Kaskagorri bizkarretik helduta. Praka luzetan zabiltzate orain eta ez zaudete apaizak sufritzeko, hori badakit. Horrelakoa da bizitza. Aizue, datorren igande arratsaldean, lauretan, bizikleta lapurtzen dioten gizon baten abenturak botako ditut. Ba al duzue bizikletarik? Guk lapurtu egiten ditugu bizikletak, bota zuen Patxik. Don Serapiok jaramonik ez, Oso pelikula ona da. Kritika sozial bat, Italian egina. Etorri zaitezte, ez zaizue damutuko. Hamalau urtetik gorakoentzat dela ipiniko dut elizako atarian, jendea etorriko da. Neskak ere bai! Eta hurrengo igandea arte despeditu zituen beste espaloitik beha zeuden katekista itxurako andrazko haiengana egiteko beti bezain zut Don Serapiok, kalean sotana soinean inork sekula ikusi ez zuen apaiz berezi hark.

      Niri Liz Taylor gustatzen zait, aitortu zuen Patxik, zuri ez?

      Taxian joan zitezkeela bururatu zitzaien. Iturendarra zegoen paradan, tabako kontrabandoan ibiltzen zen, huraxe egokiena traturako. Hurrengo egunean pagatzekotz eramanen ote zituen, oraintxe dirurik ez, trolebuserako bertzerik. Partida daukagu eta ezin dugu huts egin. Ospitalera lau lagun eramatekoa zela bisitan, eta ospitalean espetu behar ziela gero.

      Donostiara joateko asmoa baduzue abiatzen ahal zarete mendiz, bertzenaz...!

      Ez zuen euritara joko, Altzara noratu ziren txapel fabrikaren ondotik Berrara, Berratik Errotetara, extremeñoen auzora, taberna bat zabalik, garagardoa eskatu zuen Patxik Kaskagorri komunera zihoala, errateko maneran galtzak zintzilik. Ogitarteko lehor bana irentsi zuten. Dirua akitu zitzaien, baina harakoa oinez eta honakoa hanka gainean, esplikatu zion Patxik. Arriaga Zaharreko muinoaren hegalean gelditu ziren unetxo batean. Ikatz metak, txatarra puskailak, hamaikak hamar guti, baietz, Patxik aitari ikasita esaten zuen bezala laneko hasmentak eta akabantzak tutuka ematen zituen dorretxoan hamar guti, bigarren xaiaren teilatua Tolosako eta Errenteriako paperoletarako pasta fardoz betea. Ikusten, ez dago inor ordu estrak egiten, nire aita bakarrik. Guarda bat bizikletan, zer ote dabil? Nire aita da, berretsi zuen Patxik, kontrabandoa antolatzen ari da, gauean ez du etxean lo eginen. Beti kankailu horrekin ibiltzen zara, portuko guarden buruaren semearekin, amak, ohetik jauzi batean jaiki eta tarrapataka janzten ari zela. Gure atezaina da, herriko bakarrak gara Errealean. Aurreko batean, afaltzen ari zirela, Patxiren amaren kontu bat ahomentatu zuen amak, harategiko zerbait gauzen garestiaz. Bere aita Uruguain jaio zela esan zidan Patxik, jakinarazi zuen Kaskagorrik. Eta aitak, berari beha, Zure lagun horren aita...! Isildu egin zen. Zer, bere aita zer? Ezer ez, ezer ez! Bere aita, Simon Arizkun! egin zuen aitak hasperen, izena bera aski zen argitu nahi ez zuen larriarena adierazteko.

      Nire aitak ez zuen gerra galdu, bota zuen Patxik ahapetik.

      Mugimendurik ez kaietan, putzua bare, zamaketaririk arrantzalerik kamioilaririk. Garabi flotantea badiaren erdian, Francoren kaxalota jaso zuena, hogeita hemezortzi tona haiek. San Andres atoiontzia buietan lotua. Bagoi ilara luze bat, hutsik, aduanaren eraikinaren parean. Telefono konpainiaren dorretxoa errepide gainean, txapelokerrak han ere. Fenwickak bata bestearen ondoren, Coles garabi autonomoak. Eta kinkirik ez, dena hila.

      Pistola bat dauka etxean, ez dakidala uste du.

      Beste aldean, Ulia mendiaren orpoko kaian, armadoreek marinelentzat eginiko etxe erreskada, panoramika luze bat, Trintxer-Aurre, Trintxer-Pe, Trintxer-Alde, okre urdin berde hori, eta gainean Francisco Franco arrantzale pobladoaren teilatuak, neska izukaitzak, lotsaz goitikoak, erakargarriak, durduzagarriak, pobladokoak.

      Egunen batean belaontzian sartuko naiz portu honetan.

      Nondik etorri behar duzu ba?

      Ez dakit, oraindik ez dut erabaki, aunitz aukera dago. Afrikatik, seguruenik. Liz Taylor baino gehiago gustatzen zaizkit beltzak.

      Baloiarekin hasi baino lehenagoko beroketen erritmoan ekin zioten Herrera aldera. Geltokian txapelokerrak erretzen, fusilak bizkarrean kaparen gainetik. Ez zituzten ikusi, trenbideren azpitik pasatu eta elizarantz jarraitu zuten, handik tranbia abandonatuaren karrilen ondoko bidezidorrari lotu ziren Ategorrietara oinez bizi samar. Garaiz azaltzea komeni zaigu, badakizu suplente uzten baldin bazaituzte behin, suplente utziko zaituztela hurrengoetan. Ategorrietan ezin izan zuten atzera egin, buruz buru azaldu zitzaizkien aterpetik. Haiengana ezinbestez. Hi lasai Patxiren gomendioa, Lasai eta ez atzendu egun igandea dela eta itsasbehera dela orain eta bigarren goazela eta liderraren aurka daukagula eta ezin dugula huts egin titularrak garelako. Beste hitzik gabe egin zuten haienganainokoa, batzuek erdi barrez eta kaboak sobera zurrun, antzerkiz, ustedeska hartu zituzten, aspertuak edo. Nondik zer nora zertara, kamisetak galtzak toailak galtzerdiak orkatilakoak, jertsea belaunetakoak eskularruak eta Sloan linimentua eta Fixpray potoa eta orrazia gainera Patxirenean. Etxera itzultzeko etorriak ziren bidetik. Izan ere partida garrantzitsu bat daukagu hasi zen Kaskagorri, eta eskua ahoan ipini izan balio bezain nabarmen tapatu zuen Patxik, gezurra esan zien, gezurra esan zien eta dardaraka zimurtu zen Kaskagorriren sabela, Pasaian kontrolatu zituztela, Herreran berriro zabaldu zituztela poltsak eta bietan utzi zietela aurrera segitzen, segitzeko zuzen hondartzaraino Avenida de Españan barrena zuzen, ez beste inondik hiri barruan. Beha geratu zitzaion kaboa, begi odoltsu haiek eta bibote mehe hura haren karikatura, Viva España Arriba Franco oihukatzeko aginduko ziela uste izan zuen Kaskagorrik eta halakorik egin behar izan baino nahiago izan zuen inork eskatu ez zion karneta erakutsi ikaran zeuzkan atzamarren puntan. Begi-biboteen azpitik esku bat hurreratu zen, Real Federacion Guipuzcoana de Futbol, argazkia zigilua izena abizena kluba kategoria, hari beha hitzak letraka irakurriko balitu moduan Patxi sarezainak sakela guztiak haztatzen zituela, zazpi kukusoren laztana, Beste galtzetan utzi dut nirea, amaren errua da, ez dit asteko galtzekin irteten uzten igandeetan, larri, herioan, txapelokerrei banan-banan esplikatu ezinik ama galtzak igande txapelketa titularra. Barre egin zuten denek, fusila erdi arrastaka zeraman gizenkoteak usaina hartzeko irekia zeukan Sloan botilatxoaren metalezko zipotza harian sartzeko ahaleginean ari zenak ere bai, barre egin zuen, Utzi ezazu, hetsiko dut nik, zaila dago eta hondatzen bada ezin izanen dut kortxoarekin ongi gorde, isuri eginen zait Patxi berriz, eta bibote mehearen gaineko begi biek abandonatu egin zuten Kaskagorriren karneta, irriño erre bat egin zuen kaboak, bibotearen bikoizketa izan zen, Zaindu ondo zuen linimentua, beharko duzue Donostian hartuko duzuen jipoiarekin, zoazte Bulebarrera, zoazte Bulebarrera bai, han bai egonen direla zuek noiz azalduko zain.

      Soldadutzan fimosia eginen zigutek.

      Nik ez dut soldadutza egiteko asmorik, erantzun zion Kaskagorrik.

      Hamabosna urte, hamabosna urte gazi gordin gogor, Pepe Beltzarenera joaten ginen garagardo zitroindu porroi batzuk iraultzera, izerditutakoan. Patxik kopetara botzen zuen zurrusta, ixten zituen begiak eta likidoak sudur alboetan beheiti egiten zuen bide kokotsa luzatuak eskaintzen zion zirrituraino, ezpain ertzetarik ahoratuz. Gauza trauskil mordoa zekien, zaku ipurtandi bat zeukan halakoz betea. Tabernariak bazituen egun gogoangarriak, errateko maneran. Gazte jende apur bat biltzen gineneko, sarrerako pertsiana jaitsi eta hantxe denok preso. Mutilak, badakizue heldu den igandea maiatzaren lehenarekin egokitzen dela, ekin zigun harako hartan. Maiatzaren lehena Lanaren Festa zela ikasi genuen eskolan, baina denok genekien ez zela lanarena, langileena baizik, eta egun horretan borroka antikapitalista eginen zutela mundu kapitalista osoan kapitalismoak zapaltzen zituen langileek. Horrelakoak ziren unomayoak aspaldi, jende aldra bat lotzen zuten preso egun horretan, eta ondokoetan. Egun hori aukeratu omen zuten munduko langileek beren eskubideak aldarrikatzeko eta bizimodua hobetzeko. Bi aste lehenago, apirilaren hamalaua Errepublikaren Eguna zela gogorarazi zigun. Eta hurrengo igandean taberna hura itxia ikusiko genuela, ez zela vermouthak hartzen ibiltzeko igandea, ez baitzen igandea, Maiatzaren Lehena baizik, Francoren diktadurari buru egiteko eguna, munduko langileak bat izateko eguna kapitalismoaren aurka. Ez ahaztu, gazteok. Borroka egiten ez baduzue, hankapean biziko zarete. Eta sukaldera joanik, disko bat ipini zuen, apal, Les Chants de l’Armée Rouge zioen karpetatik aterata. Kantu eder hura entzuten genuela, Pepe Beltzak itxi egin zituen begiak, ukabila estutu zuen zinkaren gainean. Tabernariak bezala bildu zituen begiak Patxik, errusiera itxuratzen zuten silabak botzen hasi zen letra jarraitu itxuran.

      Lauza hexagonal txipiak zapaldu zituzten, hiri setiatuan ari ziren sartzen.

      Patxik poltsa bizkarretik kendu eta ezker albora ekarri zuen Real Sociedad salbokondukto hura, Kaskagorrik zeraman moduan. Konboi neutral bat Avenida de Españan barrena nabigatzen.

      Nire gurasoen ohe azpia panfletoz betea egoten da askotan, komentatu zuen Kaskagorrik. Arrebak ekartzen ditu, eta amak gordetzen dizkio. Gero laneko lagunak etortzen dira bila, fabriketan banatzeko eramaten dituzte.

      Zergatik ez ditu bere ohe azpian gordetzen?

      Patxi...! Polizia etortzen bada nire arreba atxilotzera, haren gela miatuko dute! Eta nirea, ez gurasoena!

      Semaforo guztiak itzaliak, bi edo hiru Seat 1500, grisak, kale izkinetan geldirik. Taxirik ez Banco Guipuzcoanoren ondoko geltokian. Espaloietan adineko bakan batzuk, emakumezkoak, eraikinen babesean joaki. Ikaratzekoa zen isilaren isila. Auto barruan dauden horiek kalekoz jantzitako mendizerriak dira, argitu zuen Kaskagorrik. Hemen hobe dugu erdaraz, gaineratu zuen bere burua zuzenduz. Patxik, hustasun hark sortzen zuen laborria hezurretarik kentzearren, atzo zahar baten sekretua hasi zen erdibanatzen, isilik joatea susmagarria zela sortu zitzaion. Futbol zelaia egiteko Shell Total BP Gulf Mobil bidoi zaharrak erabiltzen zituzten garaiko kontua, etxera sare kirastuen usaina zeramaten urte zoragarri haietan jasana. Oroitzen al haiz Garmendia eta Lozanorekin?, erdaraz egitea komeni zitzaiela ohartu gabetarik. Falangekoak zirela esan zidan arrebak. Eta zergatik ez hidan abisatu? Ez nekien zer zen Falangekoa izatea, hik bai ala? Arratsalde batean Molinaoko zelaira eraman zutela, entrenamendu berezia, penalti mordo bat bota ziotela, bi baloirekin, larruzkoak gainera. Onena haiz oihuka, Onena haiz. Unarazi ninduten pixko bat. Ez egoteko eguzkitan, gerizpera joateko, arnasa lasai hartzeko. Jesarri ziren erreka bazterreko kanaberek ematen zuten itzalean, Albo batean Garmendia neukan eta bertzean Lozano. Hernia aztertu behar ziotela, inportantea omen zen hori futbolari batentzat. Trankil, ez ziotela minik emanen, Eta Lozanok eskua izterrean paratu zidan. Etzan zaitez, erran zidan Garmendiak.

      Zuk bazenekien zer zen hernia?

      Nola jakinen nian nik hori? Ez nekian deus ere! Gauza zikina zuan hura, beurak urduri zeuden eta elkarri behatzen zioten, trankil errepikatzen zuten, trankil, eta Lozano bere hankartea igurzten hasi zen. Etzan nintzelarik Garmendiaren aurpegia ikusi nian niregana, ostikoa jo nioan kokotsean, alde egin nian ziztu batean, arropa biltzea atzenduta, tira ahala fite, negarrez. Batzuetan aitari kontatzeko gogoa etortzen zitzaidan. Gero, aitzinean neukalarik, ez nintzen ausartzen. Zigorka emanen zidala pentsatzen nuen.

      Begira, Patxi!

      Hire aitak muturra txikituko ziean zerri haiei.

      Hondartza gaineko paseoko erlojuak hamabiak hamar guti markatzen zuen, hamabietan zeukaten partida zazpigarren zelaian. Oraindik ez dira hasi beroketak egiten.

      Nire aitak Francorekin egin zian gerra, aitortu zion Patxik damu kutsuan, horregatik zaukak pistola etxean.

      Ametsetan zegoen Kaskagorri, ametsetan zegoela erabaki zuen, begiak itxi zituen, estutu zituen, igurtzi zituen betazalak behin, berriz, berriz, eta ostera zabaldutakoan taldekideak beroketak egiten entrenatzailea beraiei deika Trintxerpeko neska gaziak oihuka ikusiko zituen.

      Popatik hartzera nire aita, marmarizan Patxik, bostekoa luzatzen ziola.

      Leloturik estutu zion Kaskagorrik, hunkidura erre bat etorri zitzaion urdailetik, despedida zen, zerena despedida, zergatik, inoiz ez zioten eskua eman elkarri.

      Bulebar aldera binaka hirunaka zihoazen gizon gazteen artean urrundu zitzaion hondartza osoko sarezain bakarra, plongeon eder bat egiteko segurantza adierazten zuen irrian.

      Kaskagorri hondartzako eskaileretara ausartu zen geldiro, baina, errateko maneran, bihotza abante guztije emanda, futbolariak eta entrenatzaileak eta arbitroak eta ikusleak beheko arkupeetan zeuden noski gorderik, tupusteko itsasgora batek harrapatu izan balitu bezala, bera noiz azalduko.

      Oihu batzuk, Libertad, Libertad, sirenak, tiroa iduritu zitzaion zerbait.

      Inora ezin geratu zen joko marrarik ez zeukan zelai handi hartan, aurkari ikusgaitzez inguratua, bakarrik, arazoa nori pasaturik ez. Beti bezain berandu hasi zen pentsatzen, kolko has ageri zen hondartza, kolko has, milika unatzen ez ziren olaxtei beha.