21
Arratsaldean, giroa okertzen hasi zela iruditu zitzaidan.
Bitor: Kaixo, neskak. Edatekorik? Pintxorik? Imazek mezua bidali dit. Zack Vicentek Carltonen hartuko du ostatu. Suite inperialean.
Saioa: Hori lehen ere bazenekien.
Bitor: Orain erabat ziurtatu zidan.
Saioa: Lehen erdizka?
Bitor: Zer esan gura dun?
Saioa: Eta zuk, zer ez diguzu esan gura?
Saioak gogor egin zion kedar. Zekien guztiaren berri xeheki ematen ez bazigun ez genuela bahiketan parte hartuko mehatxatu zuen, ez zuela balio informazioa liserituta ekartzea, komuneko papertzat ote gintuen. Nigaz galdua zuen patxadaz erantzun zion Bitorrek Saioari, ulertzen zuela bahiketaren eguna hurreratu ahala, ardurak hartu, ekintzak burutzeko tenorea zetorrelarik, urduri egotea eta baretzeko, jakin beharrekoak bagenekizkiela. Ezkerreko eskuak zegion dardarak salatzen zuen.
Ordenagailua piztu eta power-point batean nire argazkien gainean sortutako planoa erakutsi zigun. Sarreratik hasi eta suite inperialeraino, Zack Vicentek emango zituzkeen urrats guztiak irudikatu zituen, baita zenbat denbora beharko zukeen ere. Bitorren aurreikuspenak betez gero, Vicenteren besotik sartuko zen Saioa, bizkartzaina hoteleko sarreran utzita, Vicenteri buruz sarean irakurritakoak gogoan, ez baitzuen lar nabarmendu gura izaten, hain gutxi (Bitorren eranskina izan zen hau), prostituta gazte batek laguntzen zuenetan.
Hoteleko mandatumutilak maletak jasotzeko imintzioa egitean, Bitorrek erantzungo zion, Vicente jaunaren estantzia ordainduko zuen enpresaburuak agindua ziola Vicente jaunaren maletak taxitik logelaraino berak ez beste inork eroatea, enpresak eskaintzen zituen zerbitzuetarik ohargarrienetakoa zela bezeroarekiko hurbiltasuna eta ondasunekiko segurtasuna.
Maletak logelaraino barruraino eroan ostean, taxia sarreratik kendu eta Azkuna Zentroko aparkalekuan utziko zuen Bitorrek. Larruzko karpeta besapean, Carltonera itzuli eta Vicente jaunari ahaztu egin zitzaion aitzakiapean, suite inperialeraino sartuko zen, berriz ez itzultzeko. Taxia hoteleko ataritik kenduta, inor ez zen ohartuko taxista bezeroaren gelatik irten zenetz.
Saioa astiro-astiro biluzten ariko zen, 250 metroko suitean gelaz gela pasieran, Vicente artzain-zakur, alfonbrak adurrez arrastotzen. Txirrina entzun orduko maldizioka zabalduko zuen atea: Zer karpeta eta zer ostia, alde egin ezak! Orduan Saioak labanaren punta kokotean sartuko zion, Bitorrek ahoa mukizapiarekin estali, aulki batera bridekin lotu eta bahitua izan zela azalduko zioten.
Arantza: Plan xehatuagorik!
Bitor: Potroetaraino nago zure ironia merkeaz!
Saioa: Egia da, beldurrak ostentzeko erabiltzen duzula ematen du. Aspergarria zara.
Arantza: Negar egin ezinez barre egiten duen tristezia dela zioen gure amak, poetaren bati irakurria, ziur aski.
Bitor: Zu Vicenteren suitean zelan sarrarazi da orain asmatu behar duguna. Bi egun barru elkartuko gara berriz. Garunak urtzeko sasoia da, eragin errotarriari, ur faltarik ez daukagu. Eta Arantza, ironia erantzita etorri, otoi.
Arantza: Barkatuko didazue. Urduri nabil... Badakizue zenbat lasaitzen nauen barre egiteak.
Saioa: Zer dun, ba?
Arantza: Ikusmena galtzen ari naun, itsutzeraino
Saioa: Hirekin ere haserretu beharko naun?
Arantza: Osabak ez din ezer kontatu? Ez dinat ezezagunei nire gaixotasunen berri emateko ohiturarik. Glaukoma, bi begietan, sano aurreratua. Tentsioa altuegi, antza.
Saioa: Zuk bazenekien, osaba?
Talde lanerako giroa asko lardaskatzen ari zitzaigun, begi bakarretik ari ginen negarrez hirurok ere. Gatxa zen lanbrope zurikail hartan ezer bereiztea. Elkar ezagutu ahala, nork zenbat ezkutatzen genuen asmatzea aurrera egiteko benetako aingura bihurtzen ari zitzaigun. Banakako musean ari ote ginen, itzalgaizka albokoak ohartzeke, ordu txikietan isil-ostuka oheratzen. Horrenbestetan legez, egiak sinestezina zirudien. Ohiz kanpokotik deus gutxi. Beti dago aitzakiaren bat egiarik ez esateko. Saioak eta Bitorrek bazuketen andana, nire besteko piloa.
Jakako poltsan disimulatu zuen Bitorrek eskuko ikara, Doloresenetik zerupeko euri-zirtzilera irten ginenean. Dardarak sarriagotzen ari zitzaizkion, Huntington belarrira xuxurlaka zebilkion: Banatorrek, ikusten duk itzala hodeiertzean? Nire buruarena duk, laster natorrek osorik. Zer egin behar duk?
Taxistaren egonarria galarazten ari nintzaiola adierazi zidan agurreko begikuneak. Saioak bekainekin batera sorbaldak goratuz eman zion arrazoia osabari. Barruko egonezina baretzeko ukendua nuen barrea, disimulatzeko agertoki paregabea eskaintzen zidan. Bahiketakideak ez ziren iritzi berekoak, antza.
Ez nuen euritakorik zabaldu eta mela-mela iritsi nintzen etxera.
Dutxa beroa hartu, afaldu eta e-posta irakurtzeari ekin nion. Rekalde aretokoen erakusketari buruzko itaunak, newsletterrak, gerra argazkilarien nazioarteko posta-zerrendan Turkiako Armadaren bonbardaketa eta Suruceko atentatu zein atxiloketei buruzko testigantzak, beste koktel bateko sorta osatzeko lan eskaintza. Atsedena behar nuen, errota gelditu, tentsioak glaukoma indartu baino ez zidan egiten, medikuak azken kontsultan errepikatu zidan: Egoera traumatikoak saihestu behar dituzu edo AEBetako Milwaukeera joan LASIK bidezko ebakuntza egin diezazuten, konturatu orduko erabat itsu bizi gura ez baduzu.
Gogoa Surucen nuen. Zelal ote zen hildako edo atxilotuetarik bat? Gerra argazkilarion posta-zerrendan galdetu nuen nor zebilen inguruetan, Turkiako Gobernuak argitaratu ote zuen hildakoen eta atxilotuen zerrenda. Eta PKK-k? Erantzuna ez zen berehalakoan iritsiko.
Rekalde aretokoak prentsa-txostenerako testu eta argazkiaren aiduru nituen. Argazkiak aspaldi nituen galbaheturik, berbak haurgintza minetan. Erakusketaren adierazgarri erakargarria izango zen potreta aukeratu behar nuen 50en artean. Buruko minez laga nuen hautaketa biharamunerako. Ikusmen galtzea horren erraz atzeratu ahalko balitz!