Erresistentziarako gorputzak: bollerak
Erresistentziarako gorputzak: bollerak
2023, saiakera
108 orrialde
978-84-19570-02-4
editorea: Jule Goikoetxea
Eva Perez-Pons
 
 

 

2.3.
GORPUTZ PERFORMATIBOA

 

      Butlerrek (2007) generoaren performatibitatearen teoria aurkeztu zuenean, identitatea errepikapenaren eta bazterketaren bitartez nola eraikitzen eta deseraikitzen den ulertzeko gakoak eman zituen. Haren ustez, subjektuak genero-rolak errepikatzen dituen heinean, beste batzuk baztertzen ditu, generoa izanik praktika horren produktua. Hau da, generoa ez da egitate zurruna izango Butlerrentzat. Ildo horretan, Mari Luz Esteban (2009) antropologoak generoa etengabe aldatzen doan “egoteko” modu bat bezala aurkezten du, eta etengabeko aldaketa hori gorputz-praktiken bitartez era kontzientean edo inkontzientean ematen da (2009: 34).

      Generoa egoteko dugun modu bezala eta ez garen hori bezala aurkeztuz, momentu oro egiten dugunak identitatea eratzen lagunduko digu. Horrek garen horren atzean dagoen esentzialismoarekin hausteko bide ematen du. Izate horrek aldaketarako aukerak eragozten ditu, aldez aurretiko egia baten existentzia ezkutatzen baitu bere erroan; horren arabera, sexua eta sexualitatea finkoak lirateke, biologikoak, norberak aldatu ezinezko izateko formak.

      Bestalde, generoa performatzeko aukeren artean aldaketak era kontzientean egitea baldin badago, sexualitatea aukera daitekeen praktika estrategiko bezala interpreta daiteke, ez soilik sexu-praktikei dagokienez, baizik eta sexu-praktika batzuei kontrol soziala bermatzeko egokitutako bizitzeko moduak iraultzeko tresna gisa ere. Zentzu horretan, “sexualitatea gorputz politika izango da, keinuaren estetika eta harremantzeko formaren etika” (Preciado, 2020: 38).

      Egiten dugunak baina baita egiteari uzten diogunak ere eratzen du gure identitatea. Errepikapenaren eta bazterketaren bitartez genero-arauetara hobekien egokitzen diren generoa, sexua eta sexualitatea eraikitzen dira, helburua subjektu egonkorrak eta koherenteak sortzea izanik. Era horretan, Butlerrek “matrize heterosexuala” deritzon esanahi kulturalez osatutako sistema bermatuko da, zeinak, aldi berean, generoaren eraikuntza askea ekidingo duen:

 

      Matrize heterosexuala terminoa darabilt [...] generoa ulertzeko eredu diskurtsibo/epistemiko hegemoniko bat deskribatzeko. Eredu horren arabera, gorputzak koherenteak eta zentzuzkoak izateko beharrezkoa da sexu egonkor bat egotea, genero egonkor baten bidez adierazten dena (maskulinoak arra adierazten du, femeninoak emea adierazten du), eta modu oposizional eta hierarkikoan definitzen dena nahitaezko heterosexualitatearen bidez (Butler, 2018: 294, 6. oharra).

 

      Matrize heterosexualak determinatuko du zein den ulergarria eta zein ez, zer den onartuta dagoena eta zer ez: “Identitate ulergarria gobernatzen duten erregelek, hots, ‘ni’ ulergarri bat baieztatzea baimentzen eta mugatzen dutenak, genero hierarkiaren eta nahitaezko heterosexualitatearen matrizeen arabera egituratuta daude, besteak beste. Erregelok errepikapenaren bidez funtzionatzen dute” (Butler, 2018: 284). Sexua eta sexualitatea kontrolpean egotea ezinbesteko baldintza da sistema sozioekonomiko modernoaren oinarriak sendo bermatzeko, eta hori heterosexualitatearen instituzioaren bidez eta haren erregulaziorako mekanismoak diren ezkontzaren, familiaren eta bikotearen bitartez lortzen da. Aitzitik, sexualitatea kontrolik gabe bizitzea ekonomikoki ez litzateke errentagarria izango, sozialki desordena bultzatuko luke eta politikoki subertsiboa izango litzateke. Hori dela-eta, sexualitateari eta plazerari sistematikoki uko egin zaio eta gorputza ahanzturara kondenatu (esam, 1979). Era horretan eratuko dira Michel Foucaultek (1998) izendatutako gorputz otzanak, zeinak otzanak diren heinean, produktiboak izango diren, eta produktiboak diren heinean izango diren ulergarriak.

      Foucaultek panoptikoaren metafora[5] erabili zuen azaltzeko nola norbanakoak bere ekintza propioak kontrolatzen dituen jendartearen onarpena lortzeko. Panoptikoa sistema kapitalistarekin erlazionatuta dago, norbanako gisa akastunak eta osatugabeak garela agintzen duelako, eta normara egokitzeko eta ulergarri izateko gorputzak moldatzera bideratzen gaituelako. Neoliberalismoaren politika indibidualekin ere harremana du, arazoen eta betebeharren oinarrian norbanakoa kokatzen duelako, desparekotasunak sortzen dituen sistemaren ordez.

      Bioboterearen bitartez estatuek gorputzaren eta normalitatearen diziplina zabaltzen dute modu sotilean; boterea ez da normalean modu zuzenean estatuaren instituzioetatik norbanakoarengana zuzentzen, eguneroko ekintzen bitartez zabaltzen da norma sozialen bitartez. Norma sozialak autokontrolaren edo Foucaultek izendatutako ni-aren teknologien[6] bitartez barneratzen dira. Gorputza genero, arraza, osasun mental, gaitasun, sexualitate... terminoetan neurtzen da, eta horien gaineko ezagutza boteretik jasotzen eta ikasten dugu. Autokontrola gizarte otzan baten emaitza izango da Foucaultentzat. Laburtuz, anatopolitikaren[7] bitartez heziko da gorputz otzana maila indibidualean, eta gorputz otzan izateko beharrezkoak diren biolentzia guztiak normalizatzea izango du helburu; Rubinek esan bezala, emakume eta gizon bezala heztea biolentzia horren parte izango da. Bestetik, biopolitikaren[8] bitartez kudeatuko dira bizitza soziala, pertsonen bizitza eta pertsonen duintasuna.

      Hala ere, errepikapena ez da mekanikoa, eta, hortaz, ez ditu beti subjektibitate egonkorrak eta koherenteak sortuko. Singularitateak daude, eta nahiz eta testuinguruak gure gain jokatzen duen hasieran, badago puntu bat non guk testuinguruaren gainetik joka dezakegun. Hau da, ez gara ez aktiboak ez pasiboak gure osotasunean. Barrutik kanpora eta kanpotik barrura joka dezakegu, eta hori da, hain zuzen ere, performatibitateak proposatzen duena: bi egoera horien arteko interrelazioa.

      Performatibitatea, hortaz, boluntarismo/determinismo dikotomia zapartatzeko praktika litzateke; “performatibitatearen errepikagarritasuna agentziaren teoria bat da, bere posibilitatearen beraren baldintza gisara boterea ukatu ezin duen teoria” (Butler, 2018: 27), eta “‘agentzia’ bilatu behar da errepikapen horren barruan aldaketak egiteko posibilitatean” (idem, 284). Dena aldatzea ez dago gure esku, hori azpiegitura ukatzea litzateke, baina botere horren baitan nolabait eragin dezakegu; Gayle Rubinen hierarkia sexualaren eskeman alde okerrean kokatzen diren praktikak erreprimituta daude bazterketaren bitartez ezkutatzen direlako, baina desira, egon, badago. Gorputza naturala ez den bezala, sexualitatea naturala ez bada, eta generoaren performatibitatearen teoriak planteatzen duen ideia oinarri harturik, zergatik ezin du izan heterosexualitatetik ihes egiteak feminismoaren estrategiarik oinarrizkoena?

      Bazterketaren bitartez matrize heterosexualaren barruan lekurik ez duten subjektibitate anitz geratzen dira bestearen baitan bazterretan. Ulergarriak ez diren subjektibitate horiek gorputz zitalak izendatuko ditu Julia Kristevak (1988), eta horiek izango dira subjektibitatearen muga markatuko dutenak: “Beste horren baitan marratzen da zitala eta subjektua bereiziko dituen espazioa” (Kristeva, 1988: 19). Baina errepikapenak huts egiten duenean agertzen diren erresistentzia-eremu posible horiek dute normaltasunaren mitoa hausteko potentzialitatea. Kontrara, normara egokitzen ez diren gorputzak (gorputz intersexak, transak, ez-bitarrak, ez-heterosexualak, elbarriak...) salbuespen patologiko bezala hartu izan dituzte Elizak, Estatuak eta Diskurtso Medikoak norma heterosexualaren fikziozko izaera ezkutatzeko eta gorputzak bizitzeko dauden hamaika moduak legalki, medikoki eta sozialki zigortzeko. Izan ere, historikoki munstrositatearekin[9] lotu diren gorputzak ez daude kulturatik kanpo, aitzitik, kulturaren parte dira, horiei esker ezartzen baita zer den txarto dagoena eta, hortaz, baztertu beharrekoa. Heterosexualitatea, beraz, matrize horren bitartez diferentzia sortzeaz eta markatzeaz arduratzen da. Eta egiten duen lehen galdera zera da: diferente zerekiko? Hor markatzen du norma, eta hor bereizten dira gorputz ulergarriak eta ulergarriak izateko eskubiderik ez dutenak; zenbat eta heterosexualago izan (zenbat eta subjektibitate egonkor eta koherenteagoa izan, zenbat eta gizonago edo emakumeago izan), orduan eta ulergarriago izateko eskubidea dago. Horrela egituratzen eta hartzen dute zentzua bazterketak eta hura bermatzeko mekanismoek, hala nola, sexismoak, arrazakeriak, homofobiak eta transfobiak, besteak beste.

      Elvira Burgosek (2019) ere, Butlerren generoaren performatibitateari jarraituz, identitatea egitate zurruna izatetik urrun, etengabeko aldaketan dagoen praktika-multzoa dela ulertzen du; identitatearen desoreka amaigabe horrek subjektua zaurgarritasun egoeran jarriko du. Performatibitatean dagoen gorputza ez da bere osotasunean norberarena izango, erlazioan sortzen eta mantentzen baita. Hori dela-eta, “gorputza bizitza eta pentsamendu kolektiborako leku gisa” aurkezten du Burgosek (Burgos, 2019: 42). Ideia horrek gatazkak sortzen ditu, zeren subjektuaren independentziaren idealak zaurgarritasuna ahuldade gisa aurkezten duen ordena maskulinista hegemoniko bati jarraitzen dio. Ordena horrek zaurgarritasuna feminitatearekin lotzen du, zaurgarritasunik eza maskulinitatearekin lotzen duen bitartean. Neoliberalismoak ideia horri heltzen dio gure bizitzarako beharrezkoak diren lotura sozial eta komunitarioak hausteko, subjektuaren autogestioaren eta ahalduntze indibidualaren izenean, indibidualismoa muturrera eramanez (San Pedro, 2018). Era berean, jokaera indibidualista generoak markatzen du, gizonak izanik etekin handiena atera dutenak, emakumeek lan komunitarioak eta doako lanak bere gain hartu dituztenean. Burgosek defendatzen du feminismoaren erronketako bat interdependentziaren ideiari zaurgarritasun kolektibotik heltzea dela. Zaurgarritasunaren antolaketak generoaren produkzioa erregulatzen duenez, emakumearen zaintzak gizonen baitakoa izan behar duela agintzen du nolabait. Horren eraginez, oraindik dependentzia ez dago ondo ikusia korronte feminista askotan. Horietako bat da feminismo liberala, zeinean emakumearen autonomia erabatekoa aldarrikatu izan den, lotura komunitarioek duten berezko garrantzia bigarren maila batean utziz. Baina, ez da gauza bera emakumeak emakume izate hutsagatik gizon bat behar ez duela aldarrikatzea eta aldi berean interdependentziaren beharra defendatzea denak zaurgarriak garelako, edo emakumea subjektu ez-zaurgarri bezala aurkeztea bere autonomia aldarrikatzeko. Hori izan daiteke erresistentziarako mekanismo kolektiboak agenda feministan bere osotasunean integratu ez izanaren arrazoietako bat. Ideia horri jarraiki, Butlerrek zaintzaren erromantizazioari kritika egingo dio baieztatzen duenean “ez dela politika nahikoa zaurgarritasuna besarkatzea horrek balio moral berriak ekarriko balitu bezala, edo ustekabeko ‘zaintza’ kontzeptuaren pizgarri bat” (Butler, 2014). Ideia horrekin esan nahi duena da joera egon dela gorputza dimentsio bitan zatitzeko, teorikoki izan ez bada, bai praktikan, eta eremu pribatuan geratu den hori bizitzako beharrizan materialak asetzeko erabili dela. Horrek ekarpena egin du bizitza sexuala eremu pribatuan mantentzeko, nahiz eta askotan kontrakoa aldarrikatu izan den. Butlerrek azaltzen du ezin dela zaintzaren etika eremu publikotik atera, horrek indartu egiten duelako subjektibitate maskulinoek eta femeninoek historikoki jasan duten bereizketa sistematikoa. Horregatik, beharrezkoa ikusten du zaurgarritasunaren etikari buruz hitz egitea; zaurgarritasunak agerian uzten duelako gizakiak bestearekiko duen behar aurrekontraktuala gizadia eraikitzeko (Butler, 2014). Gorputza ez baita norbanakoarengan amaitzen, besteekin eta baliabide materialekin dugun harremanen bitartez hedatzen da ni-zu-gu kolektiboa sortzeko.

      Denak zaurgarriak garela onartzean soilik berdinduko gara bata bestearekin, guztiok dugulako guztion beharra, eta hori da, hain zuzen ere, benetako kolektibo gisa bizitzera eramango gaituena. Baina, zaintza kolektiborako tresna horiek urrun ditugu, tolerantziarako estrategia nagusia arlo instituzionaletik datorrelako, berdintasun liberalaren politiken bitartez, zeinak integrazioan edo normarekiko egokitzapenean zentratzen diren. Horrekin batera, askotan, besteen zaurgarritasunak izendatzen edota ikusten abilak bagara ere, gureak ukatu egiten ditugu, zaurgarritasunaren banaketa asimetrikoa areagotuz eta horren naturalizazioaren alde eginez. Besteekin berdindu ahal gaituzten zaurgarritasunen onarpenak ez du berez harreman guztiz horizontalen sorrera ekarriko. Pribilegioen gaineko kontzientzia baten baitan soilik murriztu daitezke botere harremanak.

 

 

 

[5]  Panoptikoa dorrea erdian eta ziegak inguruan dituen kartzela da. Dorrearen goiko aldetik funtzionarioak ziega guztiak zelatatzen ditu eta, ondorioz, presoek beren jarrera kontrolatzen dute zigorraren beldurrez.

[6]  Ni-aren teknologiek ez dute zertan boterearen alde egin behar. Gorputzek agentzia hartzeko orduan ere kontraboterearen alde egiteko tresna izan daitezke.

[7]  Denboraren eta espazioaren kontrolaren bitartez giza gorputzetik bere indar produktiboa ateratzeko diziplina-gailuak. Eskola, ospitalea, lantokia eta kartzela dira eredu anatopolitikoa ezartzen den instituzio tradizionalak.

[8]  Gizakiak hiltzen utzi edo bizitzea baimentzen duen boterea.

[9]  Wittigen izendapena, gorputz zitala, edo norma heterosexualetik at dagoen gorputza izendatzeko.