0.
“Ez zaitez nabarmendu”
Neure burua da agian ezagutzen dudan errealitate bakarra, baina sinetsita nago neure buruaz zintzo idatzita irakurleaz ere ari naizela, beste batzuen barruetan dauden beldur eta mamuekin bat egin dezakedala. Nitaz idaztea da zutaz idazteko nire modua.
Alaine Agirre, 2015
Meneko izateko sortu gintuzten mundura; esaneko, apal, otzan, diskretu, neurritsu... Batez ere, neurritsu. Arnasa eteten zigun kortse estuegi bat josi ziguten larruazalera. Bezatu egin nahi izan gintuzten. Hankak gurutzatuta esertzen irakatsi ziguten, ahalik eta espazio txikiena okupatzen, barre egitean ahoa eskuarekin estaltzen... Ikasgelako mutilei barre egiten ikasi genuen geure algara propioak mutilatu ahala. Inork entzun ez gintzan, barrurantz barre egin zitekeela ere ikasi genuen.
Artean nerabeak ginela, oholtza agertu zen gure bizitzetan. Oholtza eta publikoa. Publikoa eta txaloak. Gure egunerokotasunean apalagoa zen dramatismorako joera garatu genuen gainalde hartan, inkontzienteki. “Zeinen onak zareten seriotik kantatzen”. Eta txaloak. “Zeinen abilak zareten diskurtsoak garatzen”. Eta txaloak. Arrazoi potologintzan trebatu ginen pixkanaka. Ez ginen ohartu, ordea, bide horretan trebatu ahala beste zenbait sormen-esparru alboratzen ari ginenik. Eta ia nahigabe hasi ginen ulertzen besteenak zirela hainbestetan goraipatzen ziren berezko grazia hura, azkartasuna eta zirtoa. Besteena zela umorea. Edo, akaso, gu ginela besteak.
Taula gainekoa azpikoaren isla zela ulertzen hastearekin batera, gertatzen zena —eta zitzaiguna— deskodetzeko beharra sentitu genuen. Hasierako intuizioari hitzak jartzen hasi ginen; elkartzen, gure aurrekoei entzuten, eztabaidatzen, aztertzen, ikertzen[1]... Eta elkarrekin kantatzen.
Mari Luz Estebanen antropologia haragiztatua deskubritzean berretsi nuen umorea izango nuela aztergai. Estebanek (2004) ikerketaren maila auto-etnografikoa aldarrikatzen du kontzeptu honen bidez, hau da, besteak ulertzeko orduan norberarengandik abiatzeak duen komenigarritasuna, batez ere, antzerako bizipenak izandako kasuetan. Hain zuzen ere, norberaren gorputz esperientzia dimentsio kulturalera iristeko bitartekotzat baliatzea defendatzen du.
Bide horretan, genero-sistemak[2] umorearen garapenean duen eraginaz jardun nahi nuen, batetik, eta, bestetik, umorearen erabilera aztertu nahi nuen genero-sistemaren eragin horrekiko erresistentzia edo transgresiorako bide bezala.
Hainbat elkarrizketa sakon egin nituen horretarako. Niretzat oparia izan zen Beatriz Egizabal Ollokiegi ipuin kontalari eta clownarekin, Idoia Torregarai Martija bakarrizketari eta formatzailearekin[3], Aitziber Garmendia Mendizabal aktorearekin eta Irantzu Varela Urrestizala aktibista feministarekin[4] biltzea. Baita, beranduago, oholtzakide ditudan Alaia Martin Etxebeste, Uxue Alberdi Estibaritz, Nerea Elustondo Plazaola, Onintza Enbeita Maguregi, Ainhoa Agirreazaldegi Rekondo, Amaia Agirre Arrastoa, Maialen Lujanbio Zugasti eta Nerea Ibarzabal Salegi bertsolariekin eta Maite Berriozabal Berrizbeitia gai-jartzailearekin elkartzea ere (Labaka, 2017, 2018)[5].
Beraien bizipenak transkribatu eta nireekin txirikordatu ahala ohartu nintzen aztergaitzat umorea hautatzeko erabakia ez zela, beharbada, nik hasiera batean uste bezain ausazkoa izan. Ordutik, zauriak gatzez laztantzearen parekoa izan da prozesua; aldizka barea, aldizka errea.
Umorea ia obsesio bilakatu zitzaidan garai bertsuan, Euskal Herriko helduen hainbat bertso-eskolatan gaiaren inguruko ikastaroak emateko aukera eskaini zidaten. Ikastaro horietan, beste ezer baino lehen, burura zetorkien lehen bertsolari umoretsuaren izena idazteko eskatu ohi nien bertaratutakoei. Haiek idatzitako izenak generoka bereizten genituen gero kartulina batean. Zutabe bat izenez betetzen zen berehalaxe; espero zitekeen moduan, asko ziren umoretsutzat jotako gizon bertsolariak —hildakoren bat edo beste ere bai tartean—. Emakumeei zegokien zutabea, ordea, huts-hutsik geratzen zen beti. Hutsune hori gogoan dudala idatzi nahi izan ditut hurrengo lerroak. Irudi huts hori gogoan eta, gorputzean, emakumeen[6] barre hotsez betetako plazak.
[1] Zentzu honetan, adierazgarria da, aztergai oso desberdinen inguruan izanagatik ere, zenbat emakume bertsolarik egin izan dugun bertsolaritzaren eta feminismoaren inguruan ikertzeko hautua.
[2] Dominazio sistema maskulinoa; patriarkala.
[3] http://www.barretartia.eus
[4] “El tornillo”: http://www.faktorialila.com
[5] 2017an eta 2018an egindako elkarrizketa hauetatik galbahetutako pasarteak baliatuko ditut liburu osoan zehar.
[6] Uler bedi “emakume gisa sozializatua” eta “emakume gisa irakurria”, definizio sakonagoetan sartu gabe. Eta aplika bedi liburu osoan zehar “emakume” aipatzen den kasu guztietan.