—hitzatzea—
Ez hetero eta ez zuzen
Irene Arrarats Lizeaga
1. ORAINGO IRAGANA,
ORAINGO GEROA
Margaret Thatcher eta Ronald Reagan gaurko mundua prestatzen ari zirela, Monique Wittig sasoi betean ari zen garai hartako eta, beraz, oraingo munduari maskara kentzen, naturalizazioaren eta ezinbestearen ideologiari mozorroa eranzten. Harrigarria da gaurko begi-belarrietarako zein bizirik dauden pentsalari eta idazle frantsesaren ideiak eta iraultzarako deiak; harrigarria da nola heldu zien, 80ko urte jadanik urrun haietan, sistemaren erraiei, tira egin, eta haginez txikitu, eta nola haren hozkadei esker orain tresna teoriko zorrotzagoak ditugun, banaka ihes egiteko ez ezik, askatasun kolektiboaren alde borrokatzeko ere. Sobietar Batasunaren kontrapisurik gabeko ez-mundu ultraliberal honetan, ekonomia ordena soziala justifikatzeko ideologia gisa erabili baina zientzia gisa saltzen zaigun honetan, darwinismo soziala dugu egia natural zaharberritua, naturaren egia betierekoa, goian-behean bustitzen duena; azken batean, denetarako balio du eta: zurigarri biribila da gizarte-, arraza- eta, nola ez, sexu-zapalkuntzarako. Bada, horrexetaz mintzo zaigu Wittig.
Onerako zein txarrerako, pentsatzea jarduera sozial bat da: besteekin pentsatzen dugu, besteekiko solasean. Pentsatzea (eta, beraz, ahalduntzea) kolektiboa da: kolektibotik pertsonalera doa, eta pertsonaletik kolektibora. Wittigek dioen bezala, ez gara printze, ez legegile, baizik eta gizarteko kide aktibo. Feminismoa, bistan da, ez da teoria filosofiko bat bakarrik, edo, hobeto esan, eskola filosofiko bat bakarrik: mugimendu sozial bat da. (Barkatuko duzue ironia, baina akaso horregatik ez ohi da ageri filosofo feministarik, ezta Simone de Beauvoir bera ere, pentsamenduari buruzko mota askotako hainbat kanon eta curriculumetan: eragin handiegia izan dute, eta, are okerrago, eragin handiagoa izan dezakete aurrerantzean). Teoria politikoak eta praktika sozial-pertsonalak bat egiten duten tokian, hortxe dabil Wittig; ibili, ezen ez egon: haren lan teorikoa militantziaren eta aktibismoaren parte bat da.
Eta pentsatzea jardun kolektibo bat denez, Wittigek liburu honetako artikuluak idatzi zituen garaitsu hartan, Euskal Herriko militante feministek kartel hau jarri zuten herrietako paretetan, martxoaren 8 batean: “Zergatik zara heterosexuala?”. Horra hor iraultza (lehenik kontzeptual) oso baten intuizioa, lesbiana feministen taldeek mugimenduaren barrukoei nahiz kanpokoei eginiko interpelazio kolektiboa. Ez mundu akademikotik sortua, baizik eta mugimendutik bertatik. Martxoaren 8rako, gainera, eta ez ekainaren 28rako: heterosexualitatea baita Sistema. Kartel hartako leloa ederki asko izan zitekeen liburu honen abiapuntua.
2. EMAKUMEA
SUNTSITU NAHI DUEN
FEMINISTA
Heterosexualitatea, sistema gisa. Emakumea, mito gisa. Eta biak suntsitu nahi ditu Wittigek. Ez da mintzo, jakina, ez sexu-praktikez eta ez banakoez, baizik eta kategoria politikoez. Horregatik hitz egiten du beti emakumeez, plural linguistiko eta sozialean, singular bakuna emakumearen mitoa aipatzeko utzirik.
Beraz, emakumearen kontrakoa dugu Wittig, eta, horrexegatik, feminista izendatzen du bere burua, oso garbi baitu zein den bere genealogia, nola preparatu zaion bidea bere sakontasun erradikalari: badaki aurreko feministek landuriko ildo berean dabilela, baina barrenago. Hain zuzen ere, erroak dira Wittigen joko-zelaia: ez du planteatzen sistema honetan boterea gizonen eskuetatik emakumeenetara pasatzea, ezta boterea banatzea ere, baizik eta sistema bera suntsitzea. Zapalduak giltzapetzeko erabiliriko kategoria politikoak deuseztatu nahi ditu.
Emakumearen mito singular horretan bermatzen da emakume pluralen menderakuntza. Simone de Beavoirrek idatzia du proletarioek “gu” esaten dutela, eta beltzek ere bai, baina emakumeek ez dutela esaten “gu”, eta gizonek, aitzitik, esaten dutela “emakumeak”. Zapalkuntza pertsonalizatua da emakumeena, zapalkuntza pribatizatua: zer hoberik haren kontrako borroka beti-geroratzeko, partikular, zuri, burges, egoista, identitario (!?) izatea leporaturik. Azken batean, herri ez den herria; Amaia Lasaren hitzekin esateko, “herriko desherriratuak”. Wittig, ordea, argi eta garbi mintzo da emakumeen klaseaz: horren kontzientzia zabaldu nahi du, ihes indibidualen gainetik askapen kolektibora iristeko. Klase-kontzientziarekin batera baitator, aurrena, norbanakoen arteko elkartasuna; gero, borroka kolektiboa.
Eta hortxe sistemaren arrakala: heterosexualitatean emakume kategoriari adjudikaturiko bizimolde eta eginkizunei uko egiten dieten emakumeak. Eta hortxe Wittigen baieztapen itxuraz bakarrik probokatzailea, harako “Lesbianak ez dira emakumeak” hura. Wittigek esklabo iheslariekin parekatzen ditu lesbianak, sistema feudaleko jaunaren kontrolari itzurtzen zitzaizkion jopuekin, eta pareka zitzakeen euskal baladetan aipatzen diren neska soldaduekin ere, emakumetasunaren desertore izateko soldadu sarturiko haiekin: “Etxetik urten neban / Mariatzeko illian / hamasei urterekin / neure txoramenian. // Soldadu sartu nintzan / Agorraren bostian / Kabo edo sarjento / izateko ustian. // [...] Rejimentu bi izan ditut / amar urte onetan: / Angel de Ondasetan / Buenas Airesetan. // Nerau emakumia / ofizialia / letrarik eskolarik / batere gabia. // Agustin Antonio / izan da neure izena. / Ori aitu dezutenok / ezta neure izena. // Oraintxe da denboria / izena muratzeko / Agustina Antonia / naizela esateko”.
“Neure txoramenian”. Zoroa edo legez kanpokoa baita sistematik alde egiten duena. Ez hetero eta ez zuzen.
3. NON IDATZI DIREN
IDATZI GABE DAUDENAK
Rousseauk honela definitzen du kontratu sozialaren mamia: “Gizartean bizitzeak berekin dakartzan konbentzioak, nahiz eta, beharbada, ez diren sekula enuntziatu modu formalean”. Esan gabe doana esan beharrik ez dago: nahikoa du nonahi egotea. Ez da harritzekoa, beraz, Rousseauz geroztik ia erabat desagertu izana kontratu sozialaren nozioa. Erregimena guztiz naturalizatzeko, onena historiatik eta teoria politikotik ateratzea da, hura ere inbariante bat balitz bezala; hartara, ez dago alternatibarik, ez dago galdetzerik, Beaumarchaisekin batera: “Zergatik gauza hauek, eta ez beste batzuk?”. Wittigek gaztigatzen digu heterosexualitatea dela, hain zuzen, erregimen politiko eta ekonomikoa. Erregimen horrexek ezkutatzen ditu emakumeen lanaren bi herenak, soldata batez ordaintzen ez denez gero. Ekonomiaren aldare ofizialean, esan gabe doa lan hori guztia ere, sistemak ezinbestekoa ez balu bezala, klase jakin batek egina ez balitz bezala.
Kontratu soziala, egiaz, gizonen artekoa da: aita eta senarra; senarra eta anaia. Emakumeen sumisioan eta haren gaineko jabetzan oinarritzen da. Beraz, hautsi egin behar da, baina heterosexuala den aldetik, ez soziala den aldetik. Wittig baino lehen, patriarkatua da zapalkuntzaren ardatza; Wittigen ondoren, heteropatriarkatua.
4. IDEOLOGIA, IRAIN HORI
Eta behin eta berriz eta aldez eta moldez esaten direnetan, hona ultraliberalen gezurrik indartsuena, zinezko sugegorria: halakoak dira gauzak, izan ere; beraz, gainerako guztia hitzontzikeria da, eta alferrik da beste ezertan saiatzea, diferentziak naturak ekarririko izaerak baitira, ez zapalkuntzak sorturiko kategoriak. Egoera, izaera bihurturik.
Diskurtsoa menderatzea nahikoa da zer den eta zer ez den erabakitzeko, subjektibitatea eraikitzeko. Azken batean, hizkuntza da lehen kontratu soziala. Horregatik, Wittigek proposatzen du zapalduen zientzia behar dela beste diskurtso bat osatu ahal izateko, pentsamendu heterozuzenaren eta, ondorioz, gizarte-zientzien kategorien aldamio ideologikoa bistan uzteko. Zeren, kontzientzia dagoen momentutik, akabo naturala, eta naturaltzat pasatu nahi izaten den guztia ez da inpostura bat baino. Generoa, arraza...: ezaugarri fisikoak neutroak dira; ez, ordea, ezaugarri horien interpretazioa. Gizartean ez dago naturarik, baizik eta naturaren fikzioa, natura behartua.
Baina hau guztia, badakizue, generoaren ideologia baizik ez da. Ba al dago irain zuriagorik, irain maltzurragorik, zerbaiti ideologia izatea leporatzea baino? Zientziek (ezta gizarte-zientziek ere) eta erlijioek (!) ez dute onartzen beren ideologikotasuna. Ideologia, beti, besteak gara.