Euskal Herriko iruditegiak
Oihana Etxebarrieta Legrand
Euskal nazionalismoak, euskal emakumearen irudi bat sortu du, eta horrek eragin handia izan du historian.
(Diez eta Bullen, 2010: 3)
Ikuspegi orokorraz aritu gara orain arte. Bakea/Gatazka dikotomiak aztertzen, dikotomia hauetan maskulinitate eta feminitate hegemonikoek duten tokia ikusarazten... Orain, testuinguru konkretu batean horrek guztiak duen eragina azaltzen eta aztertzen ahaleginduko gara, espetxean hain zuzen. Espetxea, Euskal Herriaren eta bertako herritar askoren historiari lotuta joan den zera da. Mamua, sinboloa, denbora, etxea... hor egon da, hor dago. Zeharka edo zuzenean begiratu diogu, beldurtu gaitu eta altxarazi, amesgaizto edo ilusio bilakatu da. Baina zenbat dakigu espetxeaz? Zer dakigu espetxeaz? Nork hitz egin digu espetxeaz eta nori entzun diogu?
Frankismo garaiko espetxeez etxeko sukaldean istorioren bat entzungo zuen zuetako inork, baina duela gutxi(egi) atera ditugu testigantza horiek plaza publikora. Gure buruetan espetxe barruko zuri-beltzeko irudiak izango ditugu (Carabanchel, Yeserias, Modelo, Basauri...) eta batzuek gorputzean iltzatuta izango dituzte bertan pasatutako bizipenak. Baina kolektiboki, zenbat dakigu gaur egungo kartzelez, beren funtzionamenduaz, barruan atxikita dituzten pertsonez, sistemaz?
Argazki batzuek irudi batzuk sortu dituzte gure buruan. Testigantza batzuek denbora lerro bat eraiki dute. Albiste batzuek, gure barnean ahal bezain gordeen ditugun iruditegiak, ezinegonak berrazaleratzen dituzte. Baina, non daude emakume presoak? Non espetxeetako atariak betetzen dituzten emakumeak (senideak, bikotekideak, lagunak)?
Duela gutxi jakin genuen Saturrarango kartzelan gertatutakoa, eta duela oso gutxi hasi dira zenbait preso ohi ere euskal emakumezko presoen egoeraz hitz egiten. Aldi berean, espetxearen ondorioak pairatzen dituztela esatera ausartu dira zenbait senide eta lagun, eta haien egoeraren berri ematen hasi. Baina orokorrean emakumezkoek kartzela barruan eta kanpoan bizitu izan dutena ez da gure interesekoa izan. Haien bizitzako istorioek ere gure historia osatzen dutela uste dugu eta gehiago entzun behar ditugula konbentzituta gaude.
Analisi horrek guztiak balio dezala abolizionismoaren lupa esku artean izan dezagun. Zigor-sistemaz (espetxe-sistemaz) ari garenean, hitzak ondo dioen bezala, zigorrean oinarritutako sistemaz ari gara, minean eta mendekuan oinarritutako sistemaz, alegia. Ez dugu lupa hau eskuetatik galdu behar. Sistema bera aztertzeak egoeraz kontzientzia hartzen laguntzen digun moduan, beste egoera batera salto egiteko beharra sortu behar liguke.
Zenbait ikerketa egin dira emakume presoaren egoera aztertzeko, eta haien egoera espezifikoetan jarri da jo-puntua, adibidez, emakume ijitoak, espetxeratutako amak, jatorri ezberdinetako emakumeen egoera... berezitasun bakoitzak emakume presoaren zigorra baldintzatzen du, presoen senide eta lagunen testuinguruak ondorioak baldintzatzen dituen moduan. Gure kasuan, Euskal Preso Politikoen Kolektiboan (EPPK, hemendik aurrera) zentratuko gara, baita kolektibo horretako partaideen bikotekideetan ere. Talde horri, juridikoki eta legalki, eskatzen duen izaera politikoa ez zaio aitortzen, baina “euskal gatazkaren” ondorioz espetxeratuak izan diren pertsona guztiek erregimen berezi batean bizi behar dute espetxealdia. Horretan oinarrituta, eta eskubide murrizketa horiek bikote erlazioak aurrera eramateko sortzen dituzten zailtasunak ikusita (dispertsioa, dei kopuru murriztua, bisitetara sartzeko arazoak, eta abar) egoera hori ezagutzen eta ikusarazten ahaleginduko gara. Hasteko, kolektibo hori historikoki kokatzen saiatuko gara, zein korronte eta ideologiatatik edaten duen, eta horietan emakumearen nolako irudikapena izan den begiratuko dugu bereziki.
EUSKAL NAZIONALISMOAREN
IRUDITEGIA
Emakumearen iruditegia eta bere erreferentzia, euskal nazionalismoaren oinarrietako bat izan da. Emakumearen figura nagusi eta garrantzitsuena amarena izan da. Familiaren ama, aberriaren ama. Azterketa historiko txiki honetan euskal nazionalismoaren bi korronte aipatuko ditugu. Alde batetik, Sabino Aranak sortutako Eusko Alderdi Jeltzalea (EAJ), eta bere emakume mugimendua zen Emakume Abertzale Batza (EAB) izango genituzke, abertzaletasun tradizionalaren adierazle garrantzitsuenak. Bestetik, Euskadi Ta Askatasuna (ETA) eta Ezker Abertzalea izango genituzke, aurrekoaren ideologiatik edan baina abertzaletasun erradikalago bat planteatuko dutenak.
Sabino Arana eta Eusko Alderdi Jeltzalea
“Jaungoikoa eta Lege Zaharra” aldarrikatuz hasten den alderdi batek oinarria Eliza katolikoaren dotrinan izango duela argi dago. Emakumearen irudia horren arabera eraiki zuen mugimenduaren teorialari nagusi zen Sabino Aranak. Mundu mitifikatu eta harmoniatsu horretan, emakumearen irudi idilikoa emazte baserritarraren rolean kokatu zuen, haren izaera horrela definituz:
...El hombre debe considerar a la mujer, 1 como hermano menor que necesita de su protección para vivir...; 2 como hija suya, pues madre de la mujer es el hombre...; 3 como seres semejantes a él y a Dios...; 4 como compañera que le ayude a sobrellevar las penas de este mundo, a servir a Dios y a educar los hijos para Él; 5 como madre de sus propios hijos y persona entre todas las del mundo que más ama a esos pedazos de sus entrañas[7]. (Del Valle, 1985: 228)
Emakumearen barnean amaren figura gailenduko du Aranak, katolizismotik zuzenean edanez. Harentzat, emakumea indartsua eta antolatzailea da eta haurren fedea, arau tradizionalak eta moralak babestuko ditu; baina aldi berean ahula da eta gizonaren babesa behar duen adin txikikotzat joko du. Estereotipo hori euskal jendartean errotu zela diote Teresa Del Vallek zuzendu zuen Mujer Vasca. Imagen y realidad lan antropologiko ezinbestekoan. Idatzi nazionalistetan, emakumea amari, lurrari, birjinari eta aberriari lotuta aipatuko da etengabean: Ama, Ama-lurra, Ama Aberria eta Ama Birjina. Purutasunari, gorenenari, gizakiaren gainetik dagoenari lotuta. Aldi berean, emakumea arrazaren, hizkuntzaren eta familiaren euskarri gisa aipatuko da.
Emakume irudi hori sustatzeko 1922an Emakume Abertzale Batza sortuko da, eremu pribatuan antolaketa lanak egiteko. EABk, hala ere, emakumezkoen antolakuntzari eta beroriek esparru publikoan agertzeari bidea ireki zion, bultzatu behar zuen emakumearen irudiari nolabait kontra eginez. Horrek, zigor gogorrak ekarri zizkien eta Gerra Zibilaren ondoko urteetan kartzela eta heriotza-zigorrak jasan zituzten.
Euskadi Ta Askatasuna
Euskadi Ta Askatasunak hasieratik (1958) ez-konfesionaltzat jo zuen bere burua, eta horrek, emakumearen definizioan mesede egin zezakeen, nazionalismo jeltzaleak zuen kutsu moralista eta kristaua kentzen zitzaiolako gainetik. Bestalde arrazaren kontzeptua alde batera utzi zen, etniari garrantzi handiagoa emanez (hizkuntzak berebiziko funtzioa jokatuko du puntu honetan). Marxismoak ere faktore eta arrazoibide berriak ekarri zituen eta euskal nazionalismoaren irakurketa ezkertiar bat egiten hasiko dira. Baina orokorrean, emakumearen inguruko lanketarik ez du egiten hasierako ETAk, eta emakumea aipatzen duen lehen aldietako bat Moral de resistencia nacional testuan (1979an Documentos Y lanean argitaratua) izango da:
Frente al concepto tan generalizado de la mujer como promesa placentera, frente a la mentalidad de Don Juan, frente al concepto de dama (cosa bella e idealizada, pero despersonalizada), opone el vasco su concepción transcendente de la mujer como madre y como etxekoandre: es decir como elemento fundamentalmente humano y de primera importancia en la organización social. (Ibidem: 234)
Emakumearen inguruko diskurtsoaren jarraipena ematen dela ikus daitekeen arren, pixkanaka beste ikuspegi bat bultzatzen duten ideiak sartzen joango dira (etxeko lanengatik soldata bat jasotzearena, kasu). Carta a los intelectuales vascos (1964-65) delakoan, emakumea modu esplizituan aipatzen den lehen aldia izan zen. Dirudienez testuak polemika biziak sortu zituen eta kartaren berrargitalpenean paragrafo hau ez zuten berriz sartu:
En cuanto a la posición de la mujer en la sociedad vasca, consideramos que debe gozar de idénticos derechos y posibilidades que el hombre en todos los sectores de la vida política, social, económica y cultural. No obstante conscientes de la especial función que le incumbe en el hogar como esposa y madre, deberá la sociedad prestar la debida atención y facilitar su cumplimiento. Una de las medidas a emprender sería la concesión de un salario a la mujer con hijos en tanto que legítima compensación por su trabajo y educación de los futuros ciudadanos vascos y su consiguiente aportación a la formación de la sociedad. (Ibidem: 235)
ETAren sorreran ez zuen emakume batek ere parte hartu, baina Miren Alcedok ETA erakundeari buruz egindako ikerlanean ikusi ahal izan zen moduan pixkanaka erakundean parte hartzen hasi ziren. Hasieran, 60ko hamarkadan, batez ere egiturazko lanak egiten aritu ziren eta 80eko hamarkadan zenbait ekintzatan parte hartu zuten (Alcedo, 1997). Burgosko epaiketak eragina izango du emakume askorengan, lehen aldiz hiru emakume preso ikusiko baitituzte, gainera hiltzera kondenatuak izateko arriskuan. Horrek, emakumeen parte hartzean eragina izan zuen. Horretaz gain, emakume asko, aukerak zabaltzeko, irekitasuna sentitzeko, emakume bezala askeak eta erabakiak hartu ahal izateko... ETAn sartu ziren (Del Valle, 1985: 237).
Baina emakumezkoaren irudi bat zegoen bezala, gizon borrokalariaren estereotipoa oso indartsua zen eta eredu hori bereganatzen ahalegindu ziren hasierako emakume militante horiek. Hala ere, gizonezkoen eredua soilik jarraitzeak alienaziora eraman ahal zituela ikusten zuten eta “femeninotasun kontzeptu berri bat sortu behar” (Alcedo, 1997: 35) zela aldarrikatu zuten militante haietako askok. Genero kontzeptua berreraikitzeko nahia azaldu zioten Alcedori ETAn parte hartu zuten hainbat emakumek, militantziaren bidez generoen arteko harremanak aldatu nahi zituztela.
Emakumeek erakundean parte hartzen zutela ezaguna bada ere, ETAren espazio sinbolikoak espazio maskulinoa izaten jarraitu zuen. “Idatzietan, karteletan, pintadetan edo eranskailuetan ETAren irudia indarraren eta erresistentziaren sinboloz osatzen zen, eta irudiak maskulinoa izaten jarraitzen zuen: gizon ukabil bat, gizonezko baten besoa metraileta bat heltzen duela” (Del Valle, 1985: 244). Espazioen banaketa ematen jarraitu zen (modu sinbolikoan beti) eta emakumezkoarena zaintzarekin zerikusia duten erakundeetan irudikatzen zen gehiago, presoen aldeko elkarteetan, adibidez.
Iruditegi hori beste hainbat antolakundetara zabaldu daiteke, eta egun oraindik ere indarra du. Ihintzaren kasuan, bere atxiloketa egunean sarekadaren bat izango zela zurrumurrua heldu zitzaion, eta bikotekidea atxilotu ahal zutenetako bat zela pentsatuta, bere gurasoen etxera lo egitera eraman zuen. Bertan atxilotu zuten Ihintza, nahiz eta hasiera batean bere bikotekidea atxilotzen ari zirela pentsatu.
Nik banekien gerta zitekeela, beti egon naizelako militatzen eta gainera urtebete neraman zerrenda beltzen[8] asuntoarekin. Baina nire buruan neska-lagunaren papera hartu nuen, bera lehenago atxilotuko zutela uste nuelako. Mundu guztia ere sorpresaz harrapatu zuen ni lehenago atxilotzeak. (Ihintza)
Emakumezko militanteek “bikotekidearen papera” hartzen dute eta gizonezkoak atxilotuak izateko arriskua dutenak bezala identifikatzen ditugu. Militantearen identifikazio maskulinoa egin izan dugu. Harritu egiten gara emakume bikotekidea atxilotzen badute gizonaren ordez.
Poliziarengan ere eragina izango du militantearen irudi horrek eta inkomunikazio aldian egindako galdeketetan paper feminizatuaz galdegingo zaio, edo horrekin ahuldu nahiko dute psikologikoki (komandoko puta zela, sukaldari bezala lan egiten zuela, ama izateko aukera galdu duela...).
ZEN Plana[9] izenez ezaguna izan zen Espainiako Gobernuaren 80ko hamarkadako plangintzak aldaketa ekarri zuen emakumeen ikusgarritasunaren inguruan. Garai hartara arte Gobernutik eta komunikabideetatik ETA antolakundeaz hitz egiten zen, erakundeko kideen homogeneotasuna bultzatuz. Momentu horretatik aurrera “etarrez” hitz egiten hasi ziren, norbanakoengan eta haien bizitzetan zentratuz. Horrek, ETAko militanteak banaka aurkeztera eraman zituen Gobernua eta prentsa, kideen eromena edo odol-zaletasuna azaltzeko haien bizitzetako momentuetara joz[10].
Iruditegia bakarra izan arren, azpimarratu behar da, historia guztiak bezala, ETA erakundearen historia ez dela homogeneoa eta bakarra izan. Emakumeek izan zuten parte hartzeak eragina izan zuen, eta adibidez, aipatzekoa da 1980an emakumez osatutako komando batek Usparitxa medikuaren kontra egindako atentatua. Bere Lekeitioko txaletean bonba bat leherrarazi zuen ETA militarrak “medikuaren hipokrisia”[11] salatzeko. Atentatuaren ondoren kaleratu zuten agiri batean jakinarazi zuten mediku hori abortuaren kontrako mugimendu baten burua zela, baina aldi berean ordain zezaketen emakumeei abortuak egiten zizkiela bere klinika pribatuan. “Emakumeen askapena babesteko ekintza” bezala izendatu eta “emakumeen askapenean aurrerapausoak eragin ditzakeen edozein ekimenarekin bat egingo” zutela esan zuten (El País, 2016-05-25). Beraz, esan dezakegu, emakumeen parte hartzeak eragin zuela horrelako gaiak mahai gainean jartzea, nahiz eta ez ziren gertakari edo ekintza mota ohikoenak izan.
Ezker Abertzalea
Bi mugimendu edo korronte handi horiek berebiziko eragina izan dute euskal jendartean. Historiaren hariari tiraka jarraitzen badugu, Ezker Abertzalearen ideologia eta mugimendura ailegatuko gara, eta interesgarria da horretan ere arreta jartzea. EPPK-k bere burua korronte ideologiko eta politiko horren baitan duen heinean, haren aspektu zenbaiti begira jar gaitezke momentu batez. Ez da gure asmoa Ezker Abertzalearen erradiografia zabal bat egitea, lan honetan interesgarriak izan daitezkeen antolakunde eta gertakari historikoak markatzea baizik.
EPPK
Kolektibo honetako pertsonek gatazka politiko armatu baten baitan gertatutako atxiloketa batzuen ondorioz amaitu dute espetxean, eta bertan, elkartzeko hautua egin dute, izaera borrokalari eta aldarrikatzailearekin:
Jatorri eta izaera politikoa dugun heinean, kartzelatuak izan garen euskal herritarrok EPPK osatzen dugu, Euskal Herriaren alde egiten segitzeko asmoz. Kartzela esparrutik eta molde bateratuaz eragiteko tresna dugu, izan ere, kolektiboa. Gatazka politikoarekiko loturari irmoki eutsi eta gure parte hartzea prozesu politikoan bideratzeko tresna modukoa, alegia. Hori besterik ez baita EPPK. (Auzolana, 2010)
Haien egoera gatazka politiko baten oinarrian kokatzen dute kolektiboko kideek, nazio baten (Euskal Herriaren) ukazioan hain zuzen. Haien ustez Estatu frantsesak eta Estatu espainiarrak ukatzen duten autodeterminaziorako edo independentziarako eskubidearen alde bidea egiteagatik daude kartzelan, hainbat akusaziopean: erakunde armatuko kide izateagatik; Ezker Abertzaleko kide izateagatik; edo azken urteetan Baltasar Garzon epaileak abiarazitako “dena ETA da” leloari jarraiki, herri eta gizarte mugimenduetako kide izateagatik.
Historikoki 1978an kokatu ahalko genuke kolektibo horren hasiera, aurretiaz haien izaera politikoa aldarrikatzen zuten presoak egon arren, 1977ko abenduan bururatu zen amnistia prozesuarekin atera baitzituzten kalera. Beraz, 1978an atxilotutako lehenengo euskal herritarrekin osatzen hasten da EPPK.
Presoen senide eta lagunen elkartea. Etxerat[12]
Preso politikoen sostengurako elkarte hau senide eta lagunez osatua dago, batez ere ama eta bikotekide emakumez. Arlo pribatua eta publikoa uztartzen dituen erakundea dela esan dezakegu, zaintzan eta babesean oinarritzen den arren —EABrekin ikusi dugun bezala— plaza publikoa hartzen baitute kideek, salaketak eta lan politikoa bultzatuz.
KAS Emakumeak eta Prozesu Feminista
1978an KAS Emakumeak sortu zen. Ezker Abertzalean zeuden emakumeak biltzen zituen antolakunde honek (HASI alderdiko emakumeak, KAS blokearen baitako emakumeen erakundeak, Euskal Emazteak Beren Askatasunaren Alde eta emakume independenteak bildu zituen), eta bertan euskal feminismoaren oinarri nagusia den zapalketa hirukoitzaren ideia lantzen hasi ziren: jazarpen Nazionala (Espainiaren eta Frantziaren aldetik), Genero jazarpena (Gizonen aldetik) eta Klase jazarpena (Burgesiaren aldetik). Aurreko 15-20 urteetako borroketan emakume gutxik parte hartu zutela-eta, emakumeekin zer ikusia zuten aldarrikapenak ez zirela kontuan hartu uste zuten (Epelde et al., 2015: 111), eta horregatik emakumez osatutako antolakundearen beharra ikusi zuten KAS koordinakundearen baitan.
1981ean taldea desegin eta gero, KASetik kanpo kokatutako Aizan! taldea sortu zen, euskal feminismoaren eta zapalketa hirukoitzaren ideiari heldu ziona. Bide propio eta indartsua izan zuen Aizan!-ek, baina erdibideko linbo batean mugitu zen, ENAMen (Euskal Nazio Askapenerako Mugimendua) aldarrikapen feminista txertatzeko ahaleginean, eta Euskal Herriko Mugimendu Feministan nazio askapenerako borrokaren aldeko aldarrikapenak eransteko ahaleginean.
1988an Egizanek Aizan!-en bidea hartuko du, baina kasu honetan KASen barruan kokatuko du bere burua, koordinakunde abertzaleak 1983an bere oinarri ideologiko eta politikoen baitan kokatu baitzuen emakume antolakunde baten beharra. Bide luzea egin zuen Egizanek, eta aipagarria da 1998an Ezker Abertzaleari erakunde feminista izateko erronka proposatu izana. Horrek, Ezker Abertzale feministarantz prozesua abiatu zuen eta 2001ean erakunde guztietako zuzendaritzek eragile feminista izateko konpromisoa hartu zuten. Hori egikaritu ahal izateko, Prozesu Feminista abiatu zen Ezker Abertzalean eta hamar urtez luzatu zen. Bide horretan, zenbait egoera desorekatu identifikatu zituzten: “parte hartze desorekatua, kontzientzia feministarik eza, emakumeen egoera ikusteko zailtasunak. Horiei aurre egiteko barne planaren ardatz nagusiak adostu zituzten, eta Ezker Abertzalearen oinarri ideologiko feministak onartu”. (Ibidem: 233) Prozesu horren amaieran Egizanek bere jarduna amaitutzat eman zuen.
Prozesu horiek, eta politika feministak Ezker Abertzalearen baitan izandako garapenak eragina izan zuten EPPK-ko kideengan. Laura Vara antropologoak (2011) idazki batzuk hartu zituen kontuan, eta batez ere 2005eko Emakumeen Mundu Martxarako idatzitakoa, prozesu feministak izan zuen eragina ikusarazteko:
Herri bezala hanka azpian hartzen gaituzten estatu ukatzaileen aurka egiten dugu borroka, eta horregatik gaituzte espetxeratu. Estatuok ezarri eta gurea ez den eredu politiko-soziala eraldatu nahi dugulako egiten dugu borroka. Herri, nazio eta gizarte berri bat eraiki nahi dugulako, alegia. Askea, gizon-emakume askez osatua, justizia sozialean errotua eta sexuen arteko harreman parekideetan oinarrituta. Halako Euskal Herria nahi dugu eta, euskal emakume preso politikook eusten diogu gure borroka-tokiari, bai eta askapen prozesuan ere[13].
Agiri honetan ere, Euskal Herriko Emakumeen Eskubideen Karta erreferentziatzat hartzen dute, eta bertan haien ekarpena egingo dutela azaltzen dute, “euskal gatazka eta guk jasaten dugun espetxe egoera izango dira gure ekarpenaren ardatzak” (Etengabe, 2016-05-23). Gatazkaren konponbidean, beraz, emakumezkoen egoera bereziaren ikuspegia txertatzera konprometitzen dira agiriaren bidez. Horrek gatazka beste modu batean bizi ahal dela ikusarazten du, emakumezkoek beste modu batean bizi dezaketela gatazka.
ESPETXEAREN IRUDITEGIA
Gizonezkoek osatzen dute oraindik ere espetxeaz dugun iruditegi kolektiboa. Emakumeak ere tartean noski, baina normalean, zaintzailearen eta bisitatzailearen paperean irudikatuko ditugu. Baina zenbat du errealetik iruditegi horrek? Edo hobe esanda, zerk eragiten du gure irudikapenean rolen banaketa dikotomiko hori egotea?
Zenbakiei begiratuz gero, estatistiketan portzentaje txiki bat izaten jarraitzen dute emakume presoek. Espainian, 2016ko urtarrilean kartzelan zeuden pertsona guztien % 7,6 (61.423 presotatik 4.695)[14] ziren emakumeak eta Frantzian, 2016ko martxoan % 3,3 (67.580 presotatik 2.249 emakume)[15]. Azpimarragarria da Estatu espainiarrak duen emakume preso kopurua, Frantziakoa bikoiztu eta Europako batez bestekoa gainditzen baitu (% 5ekoa zen 2013an)[16]. Eta zergatik daude “horrenbeste” emakume Estatu espainiarreko espetxeetan? Dolores Julianok dioenez, gaur egun delitu txikiarekiko politika “zero tolerantziakoa” bihurtu da (Juliano, 2011: 44). Horrek emakume asko kartzelan sartzea eragin du, haien delituak ehuneko handi batean drogen trafikoarekin eta salerosketarekin zerikusia izanik; osasun publikoaren aurkako delitu kontsideratuak dira (% 47, 2005ean Marta Cruellsek eta Noelia Igaredak koordinatu zuten ikerketaren datuen arabera) eta horiek geroz eta gogorrago zigortzen dituzte politika penalek. Emakumeek, beraz, kartzelan egonaldi luzeak egin behar izaten dituzte delitu “txikiengatik” (Aguilera, 2009). Beste estatuetan, ordea, delitu horiek beste modu batean (lan komunitarioak, hirugarren graduak...) zigortzen dira eta horregatik ez dago hainbeste emakume kartzeletan.
Estatu espainiarrean, emakume presoen kopurua konparazioan altua bada ere, gizonezkoekin alderatuta “oso txikia” izaten jarraitzen du eta horrek kolektiboa ikusezin bihurtzen du. Politika penalaren eta kartzela politikaren sorreran emakumea kanpoan uztea edo ukatzea dakar egoera horrek, aurrerago ikusiko dugun moduan.
Emakume presoen egoeraz gehiago jakiteko, egokiena tokiko azterketa bat eta baldintzen argazkia ateratzea litzateke, baina Elisabet Almeda ikertzailearen hitzetan, Estatu espainiarreko kartzeletara sartzea ez da erraza, ez ikertzaileentzat, ezta elkarteentzat ere. Kartzela sistemaren inguruko salaketa egin bezain laster, aurretiaz sartzea lortu izan zuen talde, profesional edo ikertzaile batek, ezin izango du berriro sartu edo zailtasun ugari izango ditu.
Gure herriko kartzela sistemen bahiketaz hitz egin daiteke. Naturalki, hau demokrazia batean ez litzateke gertatu behar, baina paradoxikoki, herri demokratiko bat izanik, indarrean den legeditik horren urrunduta dagoen kartzelako errealitatea isilean ezkutatzeko beharra handiagoa izan daiteke[17]. (Almeda, 2002: 206)
Esaldi horretan bi egoeraren berri ematen zaigu: alde batetik, paperean idatzita dagoenetik nahiko urrun dagoela egungo kartzela sistema, eta bestetik, oso zaila izaten dela horren inguruko informazioa lehen eskutik jasotzea eta, beraz, horren inguruko informazioa zabaltzea. Hala ere, bada instituzio itxi hau barrutik edo ertzetatik ikertu duenik, baita ikuspegi feministatik egin duenik ere (Almeda, De Miguel, Arostegi et al., Vara, Juliano...). Horien guztien lanari esker, emakumezkoen espetxeen, emakume presoen eta haien senideak preso dituzten emakumeen argazkitxo bat atera ahal izango dugu.
Estatu espainiarrak ibilbide luzea izan du emakumezkoentzako atxilotze guneak sortzen. Almedak (2006) aipatzen duen lehenengo erreferentzia, duela lau mendeko Galera Etxeak (Casas Galera) dira. San Jeronimoko sor Magdalenak sortu zituen etxe horiek, eta bertan “prostitutak eta eskaleak giltzaperatzen ziren, hau da, gizonezkoen kontroletik eta etxeko giltzapetik kanpo bizi ziren emakume pobreak”. (Juliano, 2011: 23). Etxe horiek baino lehen, emakumezkoak, gizonezkoen espazioetan giltzapetzen zituzten, eta gaur egungo arrazoi bera erabiltzen zuten emakumezkoentzako kokapen itxiak ez sortzeko, emakumezkoak soilik giltzaperatzeko eraikinak altxatzeak ekarriko zukeen “kostu handia” alegia. Galera Etxeak izan ziren beraz, emakumezkoentzat eraiki ziren lehen espetxeak. Bereziki orientazio moralizatzailea zuten eta helburu argiak zituzten: bertan giltzapetuta zeuden emakumeen izate “okerra” zuzentzea. Espetxearen historiari buruzko hainbat analisi egin izan dira, eta gehienetan espazio horien sorrera ez da kontuan hartzen. Gaur egungo espetxe ereduaren helburu berekin sortutako Galera Etxeak mugarri historikoa izan baziren ere, Foucault bezalako ikertzaileek XVIII. eta XIX. mendeetan kokatu izan dute espetxe modernoaren sorburua, gizonezkoen atxiloaldia erregulatzen hasten den momentuan alegia. Horrek guztiak (estatistikoki kopuru txikia izatea, bereizi gabeko espetxe baldintzak, espazio falta...), aurrerago ikusiko dugun bezala, eragina du emakumeek kartzelan dituzten baliabide eta egoeren gainean.
Emakumeentzat sortutako presondegi eredua erreferente bilaka zitekeen, baina tamalez espetxeen iruditegian ez du tokirik izan. Espazio maskulino bezala ikusten jarraitu dugu. Eta espazioaren ordena hertsatzailearekin kritikoak izan diren horiek ere, ikuspegi maskulino hegemonikoa birsortu dute. Ikusezintasun bera EPPKren adierazpenetaraino heltzen da eta hor jarri nahi genuke lupa.
Bestalde, espetxea bera sufritzea tokatzen zaion beste kolektibo bat sartuko dugu ekuazio honetan: presoen senide eta lagunena, kasu honetan bikotekide emakumeena. Kataluniako Observatori del Sistema Penal i els Drets Humans (OSPDH) behatokiak egin zuen txosten batean (2015) ohartarazten zen kartzelatzearen ondorioak ez dituela soilik pertsona presoak bizi, eta zigorrak preso dagoen pertsonaren familiarengan ondorioak dituela. Ondorio horiek askotan “larriak” direla gaineratu zuten, eta ikusezinetan ikusezinena den kolektibo horri espazioa ematea behar-beharrezkoa dela argi utzi. Bisitetara doazen pertsonen daturik ez dago, baina bertan egon denak badaki “espetxeetako itxarongelak emakumez beteta daudela”. Zaintzarekin lotuta dagoen lan horretan gehiengoa emakumea izatea ez da kasualitatea, baina geroago sartuko gara zergatietan. Horretarako, eta emakume presoen egoera aztertzeko, erabat ikusezinak diren baina aldi berean espetxeko egoerari aurre egiteko oinarria diren harremanetan zentratuko gara, batez ere harreman afektibo sexualetan, maitasun harremanetan, bikoteetan.
Rol banaketa patriarkalak kartzelaren antolaketa ereduan, sisteman, espazioan, egunerokotasunean... eragin oso bortitza dauka. Baina, esan bezala, espetxearekin kritikoak diren eremuetan ere eragingo du, eta bi hari mutur horiek non topatzen diren, korapiloak non sortzen eta non askatzen diren begiratzen ibiliko gara hurrengo orrialdeetan. Hasteko, Tolosan “Emakumea eta kartzela”[18] hitzaldi batean parte hartu zuen Eider Ijurkoren hitz batzuk erabiliko ditugu. Haren bikotekidearekin batera atxilotu zuten, eta polizia-etxean, baina baita bere inguru sozialean ere, horrek eragina izan zuela adierazten du. Emakumea zaintzaile eta gizona militante irudikatzen jarraitzen dugu:
Bikotekidea eta biok batera atxilotu gintuzten. Polizia-etxean etengabe esaten zidaten mutilak engainatu ninduela, eta “pobre niña” bezalakoak esaten zizkidaten. Herrian ere, intentzio txarrik gabe, baina Ekaitz kartzelara sartuko zutela eta ni aske utziko nindutela uste zuten. Mutila jotzen da militante politikotzat eta gu, emakumeok, haien bikotekide bezala ikusten gaituzte. (Eider Ijurko)
[7] Testu historikoetako aipuak jatorrizko hizkuntzan utziko ditugu.
[8] Zerrenda beltzak, Nafarroan atxilotutako gazteek torturapean egindako deklarazioetan agertutako lagunen izenez osatuta zeuden. https://www.diagonalperiodico.net/listas-negras-sobreviven-al-cambio-ciclo-politico.html
[9] Zona Especial Norte izenekoa 80ko hamarkadan PSOEren Gobernuak garatutako plan bat izan zen. Bertan, ETA desagerraraztearren bere ingurune soziala ere jomugan jarri zen. Plana desklasifikatu zenean, komunikabideei eman zitzaien garrantzia ikusi ahal izan zen. (El País, 1983-05-21, http://elpais.com/diario/1983/05/21/espana/422316014_850215.html) [Azken kontsulta: 2016-05-27].
[10] Emakumeez garai horretatik aurrera izandako irudikapena aztertu du Zuriñe Rodriguezek (2012) bere tesinan.
[11] http://elpais.com/diario/1980/11/12/espana/342831610_850215.html [2016-05-25].
[12] Ezker Abertzaleko antolakundea ez den arren zerrenda honetan sartuko dugu, EPPK-ko kideen senideez osatua delako eta analisi honetan guztian berezibiko garrantzia duelako.
[13] http://etengabe.wordpress.com/2005/05/24/eppkren-agiria-ongi-etorri-euskal-herrira-emakume-martxa/ [2016-05-23].
[14] Estatu espainiarreko estatistika institutuaren (INE) datuak. (http://www.ine.es) [2016-05-23].
[15] Estatu frantseseko Justizia Departamentuaren datuak. (http://www.justice.gouv.fr) [2016-05-23].
[16] Europar Batasuneko estatistika erakundearen (Eurostat) datuak (http://www.ec.europa.eu/eurostat) [2016-05-23].
[17] Artikuluan zehar agertuko diren liburuetako zita gehienak egileek itzulitakoak dira. Jatorrizkoak gaztelaniaz.
[18] Tolosan, 2013ko otsailaren 27an egin zen “Emakumea eta kartzela” hitzaldia.