Nora bilduko gara?
Asko sofritzen dute
hiri honetako farolek egunsentian.
Hain goian egonda
ezin dute begirada
langile presatuengandik aldendu
eta besapean daramaten otartekoan
preso dagoen bihotz fresku hori
nahiko lukete askatu goizero.
Lehen zigarreten ke mingotsak
parkeko kurloiak mutu arazten ditu,
sabaipeetako uso betizuak beldurtu.
Lotan dirauten haurtxo samurrek
ez dakite begiak behin eta berriro
irekitzera kondenaturik daudela,
egunen jario moreak
betirako izoztu arte haien betazalak.
Hiri honetan katedralik ez bilatu.
Ez galdetu museoa non dagoen,
inork ez baitu
zure galdera xelebre hori ulertuko.
«Ongi etorri.
Botiken lurraldean zaude».
Beraiek nagusitzen dira
gure geografia apalean.
Bertara biltzen gara hiritarrok
aterpean gure arima gordez,
bertan ogirik zuriena jan,
ardorik zuriena ere edan egiten dugu
eta era honetan indarberritu, zuzperturik,
aurre egiten diogu kementsu
etengabe erasotzen gaituen euri petralari.
Zainak bezalako trenek
zeharkatzen gaituzte goitik behera.
Olio eta koipe lodia
izerditzen ditugu motoreen antzo:
semen, hazi iluna
makadamaren larru ezin beltzagoan.
Makinetako kafe indargean
lo egiten dugu
eta lantegien amets ugarietan
kristalak urratzen ditu gure besoak.
Arratoien eskeleto nimiñoak
eztanda eta zarataz betetzen dira,
haien inguruan ugaritzen dira zizak.
Ibilgailuen abiadura hezeak
mila gauza itsuen urdindura
bizkortzen du denboraren lepoan.
Ez egon hemen udaberriaren zain.
Hemen beti dugu negua,
eta hiri erdiko kanposantua
gure baratzerik oparoena.
Hemen ere espaloiaren egia
ito egiten da gezurraren igeltsuaz.
w 1988