Eusko bidaztiarena
Unamuno’tar Mikel iaun argiari,
gure ausardi gorriaz iabetu dedin.
Heuskara, ialgi adi kanpora!
Heuskara, habil mundu guzira!
Etxeparek, orain lareuntsu urte.
BIDAZTIAR-DEI
Aberriaren abots eztia,
gogamenaren ezkon xuria:
ekatzan esku guria,
atorkit geldi-geldia,
uztagun, aldikoz, Euskalerria.
LARRE-LORE
Eder aunagu, mintzo yoria,
eder, benetan, garoz yantzia:
larre-loretik eztia,
basotik euskal mamia,
laster sortzen âl duk, Olerkaria!
Ta, ala Yaunaren gogo baledi
nik gogo dudan bezin gartsuki,
euskotar azal ta mami,
gure erriaren olerki
garaia, norbaitek lênbailên begi!
ORO-MINTZO
Baña nik, izkuntza larrekoa,
nai aunat ere noranaikoa:
yakite egoek igoa,
soina zâr, berri gogoa,
azal orizta, muin betirakoa.
AMETS BIDEETAN BARNA
Ez adi beldur, nere Maiteder:
baserriz landa nai aunat ager-
arazi, bazterrik bazter,
arroki; ezpaitun ezer
lurbiran ederrik i bezain eder!
Gogamenaren ezkon ez antzu,
ezteiondoko bide diñagu.
Otoi, Yauna, ibilgo-buru,
maitasun-edermin-zitu,
aur begi-argirik anitz bekargu.
* * *
Itsaso bare, zelai urdiña,
muga biribil, belar berdiña:
goizaldea duk sorgiña!
Dirdaiez ikus egiña
mende-neurle dugun kurpil ariña...
* * *
Iguzkipean ugartedia...
Ur zabalean oial zuria...
Zuaitz arrotzen azpia,
eun oztiñek itzalia!
Or bide zetzan Gerbault bakartia...
* * *
Lekaro zabal lurraren gerri,
ondardi kiskal eriogarri:
bidazti begiek sarri
aidean baso ta iturri:
bertarañokoan ondarra gorri!
* * *
Dagigun arraun Izotz-errira,
zârren aztarrik danentz begira:
amaika yoan ta bira
eginik igaz baitira,
eskuan arpoia, soñean zira!
Legorra zuri, beltz itsasoa:
izotz bat untzi gure ibilgoa...
Bakarte yaungoikozkoa!
Xoil, egazti bat diyoa
odeien senide, zabal egoa...
Kanta ditzagun ango gau luze,
ango illunabar su gorriz bete;
gizonek elurra aterpe,
lurralde gizenik gabe,
gure Euskalerriaz ain guziz beste!
* * *
Iri nagusi, giza erlauntza:
zorapenezko aruntz-onuntza,
sumabearra, yakintza,
sal-eros ekurugaitza,
gure elkar-indarrak itzuli bitza!
* * *
Ortzi oro ta egute oro
yaso, ikus-âla, ta abes gozoro...
Apaindu zernaitarako:
agi gai adirazteko
gizaki guzien alderdi ta asmo.
GURENTZA
Ta, bêko gaiok agor-ezkeroz,
Iguzki-k ezin urtuzko egoz
(Ikar-ek ez bezelakoz)
goazeman zerura igoz,
izar urdiñetarañoko asmoz!
w 1931