Aurkibidea
Sarrera. Koldo Izagirre
Nun habil orai?
Etxahun!
Izen bero, izen ilun...
Nun habil orai, Etxahun, zoin bidetan kantuz,
Hire pertsuño minkorrak jender karkailatuz?
Hire bihotz kartsu eta zabalegi hori
Bidetan ote deramak zarrapo ta zauri?
Herrestan ote haiz beti beilaz beila joaki,
Ezpain zimurrak irri, barnea urriki?
Ez ote ditek gehiago, ontsa bazkaldurik,
Kikera zolan kausitzen hire trufa txarrik?
Etxahun!
Izen bero, izen ilun...
Etxahun!
Xiberotarrak hastean jauzi errabian,
Ez ote haiz hor kantari dantzaren erdian?
Elizen hiru dorreak ari direnetan,
Euskaldun zintzurren bortxaz, kantu daldaretan,
Ez ote haiz hor, Etxahun, bozek airatua,
Zerurat eskaintzen ari euskaldun kantua?
Hor haiz ote aize luzek, gau-intzirak lagun,
Gauez gau diotelarik: Etxahun, Etxahun...?
Hor bertze Etxahun baten deiadar beroa
Guziak pizten aitzean: «Agur, Ziberoa...»?
Etxahun!
Izen bero, izen ilun...
Etxahun!
Hi bezein pertsularirik ez duk orai nihun...
Begia ortzi ta ximixt, jeiki ba Etxahun.
Badituk bai noiz edo noiz xutitzen direnak
Eta arno-sukarrean pertsutan dauzinak,
Bainan hik bertze sukarrik, bertze surik huen:
Minez, maitez, errabiaz hintzen hi pertsutzen.
Ai, iragan, inarrosiz euskal lur hoztua;
Haugi nola gau-itzala, nola hil-zeinua...
Etxahun!
Izen bero, izen ilun...
Etxahun!
Entzun beza nork edo nork, hire deia, entzun;
Eta gora egin bezo pertsuka oiharzun.
Euskal minak eta suak hezurretan jana,
Jalgi bedi oihutzeko bihotzen auhena.
Hezur ta larru doala kantuz eta eske,
Munduko bidetan bilduz jende-trufa merke.
Bai, doala, bidez-bide eta beilaz beila,
Euskal anaien amorez Jainkoaren bila...
w1946