3.
(Ibilian, isilean. Halako batean, gurditik tiratzeari uzten dio alazne gazteak. Pauso batzuk aurreratu eta urrutira begira geratzen da, bideak ekar dezakeena ikusi nahian edo. Segizioa atzean gelditzen da.)
abuela: Aizue, zergatik gelditu gara? Iritsi al gara akaso? Hau bidaia luzea! Iritsi al gara azkenean? Hau poza!
santi (gaztea seinalatuz): Gaztetxoa da, etorkizunak ekarriko diona garaiz baino lehen ikusi nahiko du, agian.
ailem: Ez al daki etorkizunak etorkizunean baino ez duela esaten etorkizunak zer ekarriko duen?
santi: Gaztetxoa da, ez al gara bekatu horretan denok bekatari izan noizbait?
abuela (urduritzen hasita): Baina iritsi gara, ala ez? Iritsi al gara, azkenean?
ailem: Nonbaitera iritsi behar dugun ere ba al dakigu, Abuela?
abuela: Jakingo ez dugu, bada! Herrira! Al pueblo!! Entzun duzu, Txaldatxur? Sorterrira! Jaioterrira! (txaldatxur zaharra kontu handiz magaletik kendu eta gurdian arakatzeari ekiten dio) Soineko dotoreena jantzi beharko dut!
alpontso (besteei): Hara, ez al zaigu hasi berriro Abuela… Zeinek esan du al pueblo goazela?
santi: Nola al pueblo… hau ez da gure herria, ala? Bizi garen herria gurea ez bada, zein da gure herria orduan, bada?
alpontso: Ai, Abuela, ehun eta hamaika urte ez dira debalde pasatu, e? Ehun eta hamaika… edo gehiago ez dira izango?
ailem: Memoriak gogoratzen ez dituen urteak ditu. Kontua galduta daukagu dagoeneko…
santi: Kontua, bidea, zirimiria… Zer da honezkero galdu ez duguna? Ba al dago zerbait honezkero galdu ez dugunik?
alazne (taldera itzuliz): Etorkizuna agian? Ez dakit, esperantza hori ez al daukagu? Nik neuk, behinik behin, horretan sinetsi nahi dut batzuetan.
alpontso: Nik, behintzat, dagoeneko, abanikoa daukat galduta dagoeneko, ziur baino ziurrago…
ailem: Ba al dago, akaso, galdu behar ez dugun zerbait? Dena galtzeko jaio ez ote ginen, horixe daukat susmoa… Ni neu bederen, galtzaile baino ez naiz izan beti, jaio nintzenetik. Horregatik izango da.
alpontso: Hau beroa… Ez duzue nire abanikoa ikusi?
abuela (pozez zoratzen): Alegrķa, alegrķa, alegrķa! Jaia eta poza! Al pueblo! Jaio nintzen Utrerara! Erromeroa eta olibondoak! (Arnasa hartzen) Arnastu dituzun lehenengo usainen memoria ez dela inoiz galtzen ez al dakizue?
ailem: Ez? Smarako basamortuaren usaina ez dut gogoan, bada… Basamortuko hauts laino fina gogoratzen dute nire begiek. Eta harean kakalardoen ibilerak utzitako oinatzak, hauts lainoak gero, mara-mara, presarik gabe ezabatzen zituenak. Horiek bai, baina usainik ez dut gogoratzen.
alpontso (abuelari): Utrera, Utrera, Utrera… beti Utrera gora eta behera. Baina zer galdu zaizu Utreran, Abuela?
santi: Horixe esaten nion nik, zer da honezkero galdu ez duguna?
ailem: Horixe esaten nuen nik, bada. Ba al dago, akaso, galdu behar ez dugun zerbait? Dena galtzeko jaio ez ote ginen daukat zalantza…
alazne: Bada, horixe esaten dute hauek, Abuela, zer da Utreran honezkero galdu ez duzuna? Zuk bertan ezagututakoak desagertuak dira, beraientzat zu la vasca zara.
abuela: Eta hemengoentzat la andaluza…
alpontso: Hemengoentzat ez zara vasca, beraientzat ez zara andaluza… Nongoa zara orduan?
santi: Hemengoentzat takoneo, takata eta ole-ole zara! Hangoentzat aizkolari… Ba al dago, horrela, nonbaitekoa izaterik?
abuela: Ni olibondoa naiz, aizue, jakingo ez dut nik, bada! Utreran dauzkat sustraiak…
santi: Baina Kantauriko haizeek astintzen dizkizute adarrak, hemengo txantxangorriek egiten dituzte bertan habiak…
alazne: Txantxangorriak ere, gaixoak, baleak baino gehiago geratzen al dira?
alpontso: Hau beroa, ez dago arnasa egiteko modurik… Non dago nire abanikoa?
santi: Sagastiak ere… Zirimiria desagertu eta sagastiak ere aspaldian aldatu zituzten olibadiak landatzeko haien ordez.
abuela: Nongoa naiz ni orduan…?
santi: Horixe, bada, olibondoak ere, nongoak dira olibondoak? Beraien adarretan pausatzen diren txoriak diren leku berekoak, ezta?
abuela: Hara! Zu ere poeta edo sasipoeta edo…
santi: Ezta pentsatu ere! Tira, ez dut uste…
(Isilunea.)
alpontso (isilunea apurtuz): Aizue, benetan, zergatik ez gara hementxe bertan geratzen? Total…
(alazne gazteak, ordea, gurditxoa bultzatzeari ekin eta haren atzetik martxan jartzen dira besteak, baita alpontso ere pauso batzuk atzetik.)