99 pauso ganorabakoen aldamenean
99 pauso ganorabakoen aldamenean
Peru Calabaza Saban
Azaleko irudia: Juncal Altzugarai
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
90 orrialde
978-84-17051-76-1
Peru Calabaza Saban
1973, Iruņea
 
 

 

Heroiaren kontuak

 

 

— Zu ez al zara heroia?

 

— Ez, ni ez naiz inoren heroi, ni arrunt taldekoa naiz.

 

— Baina zu ez al zara Ulises Pena?

 

— Bai, eta zer?

 

— Orduan heroia zara.

 

— Eta zer egin behar dut ba?

 

— Ibili, bilatu, bizi, galdu, berreskuratu, urrundu, borrokatu, besteak askatu, altxorrak bilatu eta hurkoekin banatu, lagunak galdu noizbehinka, kateatua izan, ihes eginez askatu, ezinbestean bizirik jarraitu, eta horren jakitun izanik abenturazale ibili munduan gora eta behera... eta azkenean, itzuli.

 

— Heroi klasiko bat beraz.

 

— Bai, mundua ez da horrenbeste aldatu, azalean bestelako itxura badu ere.

 

— Baina ile orrazkera honekin...

 

— Azaleko kontuak.

 

— Gurasoengandik jaso dudan heziketa aurrerakoia...

 

— Azalekoa ere. Beti izan dira bai bortizkeria bai bakezaleak, beti izan da bidaiari jendea eta beste batzuk etxekoiak. Estetikan eta higienean aldatu gara, genetikan ezer gutxi. Noiz abiatuko zara, Ulises?

 

— Arrunt taldekoa naiz ni, gurasoak helenismo zaleak izatea gauza bat da, eta izendapen horren poderioz ni heroi izatea oso gauza bestelakoa.

 

— Ezetz ba, konturatuko zara ezetz, zure istorioak interesatzen zaizkigu, gizateriari interesatzen zaizkio, zure kontakizunak giza-ondare garrantzitsua dira, tori grabagailu hau, zoaz, eta graba itzazu ikusten dituzun gauzen kontakizunak, itzuleran ikusiko dugu zer egin materialarekin.

 

— Berriro esango dizut: Ni ez naizela inongo...

 

— Zoaz!

 

istorio hau ondo hasten da. Ulises Penak esnagailuaren deiari doi-doi erantzun dio eta eskumako hankaz altxatu da ohetik. Egunsentia bere horretan dabil eta lehen printzak ikusten ditu. Egun zoragarria. Ulisesek bizitzeko darabiltzan fundamentu guztiak janzten ditu goizeroko erritual osoa egiten duen bitartean. Txiza, dutxa, kafea, ogi txigortua, marmelada... Kotxea hartu eta lanera abiatu da. Erraz aurkitu du aparkatzeko lekua. Autotik ateratzean lagun gerlari bat aurkitu du, errealitatearen aurkako gerran dabilena, arku eta guzti bizkarrean, bizarra egin gabe, alkandora irekia, hotzik ezagutzen ez duen gerlaria, gure gerlaria, gerlari aparta, maitagarria zeharo, bihotzeko laguna, hamar bat urtetan ikusi gabea. Pozten da Ulises. Besarkada estua eman eta bestea mintzatzen hasi zaio, tinko. Laburbilduz, hau esan dio:

 

      — Iritsi da eguna, Ulises, aspaldi espero genuen eguna da gaur. Ulises harrituta zeharo. Iraultzaren eguna da gaur, zure bila nator, gudari guztiok bat egitera goaz, aspaldi adostu bezala. Honi guztiari buelta emango diogu behingoz.

 

      Ulisesek iskin egin dio:

 

      — Horiek aspaldiko kontuak dituk, motel, ze mundutan bizi haiz ba! Lanpetuta nabilek ni orain. Ezin diat hi eta hire matxinadaren alde ezer egin.

 

— Korrika joan da. Ulisesek lanera heltzea lortu du beraz, jefea baino lehenago. Une honetan hankaz gora ditu eskema guztiak. Zisko egina dago. Botaka hasi da. Txarrena, ez dakien zerbaiti huts egin izanaren betirako kondena hori. Komunera doa. Bulegoko komun ziztrinean amaitzen da istorioa. txarto amaitzen da.

 

— Beste bat: pelikula hau txarto hasten da. Protagonistari ondo zihoakion dena baina bat-batean arazo batzuk agertu zaizkio. Konpontzen ahaleginduko da eta, bitartean, gertakizun paralelo batzuek kontuak zaildu egiten dizkiote. Horrenbeste trama paralelo dago munduan... Azkenean nola-hala protagonistak arazoak konpontzen ditu eta nolabaiteko zoriona aurkitzen du. Musuren bat ere tokatuko zaio, agian, txirrindulari garaileei bezala. Istorio honetan berdin dio protagonistak, bidean eraildako pertsonek etorkizunean ezinegon emozional eta intelektual itzela sortuko badiote ere, pisu-bola hori nola eramango duen. Berdin dio ere bere musu-bikotearekin batera irudikatutako paradisu hori hurrengo hilabeteetan infernu bihurtuko den ala ez. Istorio mota honetan berdin da gizonak emakumea noizbehinka jipoitzen duen ala ez. Baina, beti ere, ondo amaitzen da.

 

— Beste bat: istorio hau txarto hasten da. Martinek zubi baten azpian kizkurtuta igaro du gaua. Amesgaiztoak, gosea eta hotza pasa ditu, besteak beste. Orain Martin eraikinaren teilatura igota dago eta bitan pentsatu gabe bere burua botatzen du. Txikitatik amestutako gauza. Hegan egitea. Inoiz parapenterik ezin izan du probatu. Airean dagoela irribarre handi bat dauka aurpegian. Hau da istorioaren bukaera, besoekin hegan bezala egiten eta bere etxeko bizilagunei leihotik barrena begiratzen. Pozez txoratzen. ondo amaitzen da istorio hau ere, beraz, hementxe bertan.

 

istorio hau ondo hasten da. Hilketa batekin hasten da. Norbait hiltzen dute...! Moralki ez dirudi oso zuzena hilketa batekin hastea ondo hastea dela esatea, baina istorioari komeni zaio. Hilketa bat badago istorioak engantxatu egingo du entzuleen % 95 inguru. Asmatu beharko da nor den hildakoa, nor hiltzailea eta, batez ere, zergatik hil duten eta ea harrapatuko duten. Oso arrakastatsuak dira horrelako istorioak. Beraz, ondo hasten da. Baina istorio labur hau txarto amaitzen da, beraz hainbat aukera agertzen dira norabidea aldatzeko:

 

      A. Hildakoa ez da gizakia, animalia baizik. Kito arazo morala eta delitua. Bai, baina istorioak interesaren erdia eta audientziaren gehiengoa galduko luke. Ekoizleak bigarren orrialdea irakurri orduko paperontzira botako du gidoia.

 

      B. Hildakoa, pertsona bai, baina gaizkile hutsa zen, eta istorio honetako guztiak daude horretan ados. Inongo lagunik ez zeukan tipo ankerra eta zikoitza zelako. Istorioa ondo hasi arren ez dago istoriorik beraz. Edozeinek hil zezakeen eta inork ez du justiziarik eskatu. Txarto amaitzen da, interesik gabe.

 

      C. Hildakoa oso gaixorik zegoen eta heriotza eske zebilen aspaldian. Bere sinesmenen arabera, bestelako izaki bizidun batean berraragituko da orain eta horrek poztu egingo du hasieran, baina berehala konturatuko da bizimodu are aspergarriago batean jausi dela. Gatibu jaiotako dortoka bat da orain.