Hitzostea
Bada ttikirik Bilbon
Gaizka Sarasola
Liburu hau osatzen duten testuak Gilkitxarorentzat propio idatziak ez badira ere, zaila egiten zait Galder Perezen antzerkigintza irudikatzea Gilkitxarotik aparte. Hamaika herri ttiki eta auzo handitan ibiliak dira Ane Zabala eta biak, bertze hainbat taberna, gaztetxe eta ganbaratan beraien lanak eskainiz. Hainbertzetan ikusi izan ditugu ailegatzen beraien bisera deigarri, zapatila koloretsu eta jarrera “irekiarekin”. Horrek egin izan ditu deigarri batez ere jende zenbaiten begietara.
Egia erran, erraz atzeman ohi dira “teatrokoak” herriko tabernan dauden gainerakoen aldean. Batzuetan iduri luke, herri eta auzoetara ailegatzeko momentuak antzezlanaren lehen agerraldia izan beharko lukeela. Eta imajinatzen hasita, ez zait zaila suertatzen Galder eta Ane pelikularen bateko eszena batean irudikatzea, herri galduren batera iritsi berri diren bi pertsonaia hiritar, kosmopolita eta nabarmenen paperean.
Agian horregatik, Galder normalean “ez-lekuan” zegoenaren sentsazioa izan dut aunitzetan. Begira zuen jendearentzat arrotz. Bilbotarra izanik bera, herri ttikietako taberna eta ganbaretan ikusi izateagatik dela pentsa nezakeen; baina antzeko sentsazioa izan dut Bilbon bertan ere. Han ere arrotz sumatu izan dut. Zoritxarrez, ez da hain harritzekoa hori ere, antzerkia euskaraz eginik eta bere antzerkigintza ezagututa… Bilbon ttiki izatea.
Eremu ttikiak, espazio itxiak gustukoak ditu Galderrek. Beharra dohain bihurtzen jakin izan du. Normala, beraz, lan honetako hiru “geltokiak”, sauna bat, erietxe bateko gela bat, eta bulego bat izatea. Eta espazio itxi horretan sartu ditu bere pertsonaiak. Eta iduri du, hiru lanetan bere pertsonaietako bat bederen “ez-lekuan” legokeela; Galderren beraren antzera. “Ez-lekuan” dago Jesus, “ez-lekuan” gidaria, eta “ez-lekuan” Karmele. “Ez-lekuan”… edo deseroso behinik behin.
Baratze baten erdian dagoen aulkiak bezala, “ez-lekuan” dauden objektuek arreta eta kuriositatea sortzen dute guregan. “Ez-lekuan” dauden gauzek, jendeak, hitzek… Seguruenik, informazio baliotsuagoa eskaintzen digute horrelakoek, bai espazioari buruz, baita bertan bizi edo bertatik pasatzen den jendeari buruz ere. Eta horretan da abila Galder; arreta bizten.
Umorea eta algara ausarki erabili ohi ditu Galderrek bere lanetan. Liburu honetakoetan baina, normalean baino giro lainotuagoa erabili duela erranen nuke, normalean baino biluziagoa. Bere ohiko lanak barrearekin mozorrotuagatik, sakonean ere badute minetik. Umorea eta mina. Antzerkiak eta bizitzak umorea beharrezkoa dute. Mina, mina berezkoa da. Eta berezkoa du Galderrek antzerkia. Berezkoa da bera. Horregatik izanen da, beti “ez-lekuan” egonagatik ere, inoiz ere ez dagoela lekuz kanpo.
Ttikia da Bilbon, baina handia da gure herrietara ailegatzen denean, inportantea gure artean izatea. Beti lortzen duelako jendearekin konektatzea, ikuslegoari atentzioa ematea. Izan gaztetxe, taberna edo ganbara batean… adarretatik zintzilik dagoen astronautaren moduan.