Mami Lebrun
Mami Lebrun
Kepa Errasti
Azaleko irudia: Ane Pikaza
Diseinua: Metrokoadroka
2020, antzerkia
94 orrialde
978-84-17051-45-7
Kepa Errasti
1981, Aretxabaleta
 
 

 

Mami Lebrun kabareta,
amona Kontxa eta metabizitza

 

Ainara Ortega

 

      Mami Lebrun ikuskizunaren teilatupean bizi izan garenok askotan eman dizkiogu eskerrak kontatzen zena guk kontatzeko izan dugun zorteari. Ez da halako zoririk ordea, Einsteinek zioen bezala “Jaungoikoak —Andregoikoak ere esango nuke nik— ez du Unibertsoarekin dadoetara jokatzen”. Guri tokatzen zitzaigun (eta ez beste bosti) amona Kontxaren istorioa piztea, bizitzea eta joaten uztea. Kepa, Getari, Xabier, David, Ane eta seiok.

      Tristurarik sakonena eta zalantza erraldoienak sortzen dizkigun gaia jarri zigun mahai gainean Kepak 2015. urtean: heriotza; eta maite dugun norbait joaten denean ernatzen zaigun samina, amorrua, joan-etorrian ageri diren mamuak, geure arbasoen beldur berberak, tentazio ankerrak… Antzerkiak beste behin ere geure artean ordu luzez hizketan aritzeko parajerik ederrenetakoa zabaldu zigun, epairik gabeko irakaslea teatroa, beste hainbat kontestutan esan ezin direnak ere entzuten dakien laguna, izutzen ez eta maitekor jasotzen gaituena, urrikalkor besarkatzen gaituen amona bezalaxe. Nire lankideez esango nuke hizki larriz, bizitza errealean are abilagoak direla emozioetan, egoki bada, entsegurik onartzen ez digun akto bakarreko teatroan; Mami Lebrunen istorioa kontatzeko erabili ziren hauts magikoak ez genituzke inolaz ere geure bihotzetako bizipen eta xokoetatik kanpo atzemango, haietatik ernamuinduko baizik. Haurrak ginelarik eskuko bost hatzekin kontatzen ziguten kontu-xaharra bezalaxe, gutariko bakoitzak edabea neguan osatu eta maiatzeko ilberrian ontzeko jakirik goxoenak botatzen saiatu ginen lapikora.

      Metateatroa egin genuela zioten kritikari adituek, ba oso ondo, aizu, esan genuen geuk, begira nolako gauzak egiten ditugun! Baina bizitza bera are gehiago kiribiltzen zaigu batzuetan eta metateatroaren baitan metagertakari metagaitza heldu zitzaion nire bikoteari, hilabete batzuetan minbizia deitzen diogunaz berak bizimin egin baitzuen. Kontxaren eta Mitxelen istorioa Egoitzek eta Mirenek kontatzen ziguten bitartean taldean hirugarren istorio erreala bizitzen ari ginen, gu seiok baino gazteagoa zen sasoiko mutil eder baten agurra. Gestalt eta bere terapia, honekin alderatuta, afizionatu hutsa! Txantxari malkoei bezainbat leku egin diogu beti Mami Lebrundarrek, zorionez, Mixelen istorioan, Miren eta Egoitzenean eta baita Landerrenean ere. Gaitzak ez gaitzala ozpindu behintzat. Hilabete batzuk lehenago lantzen eta eztabaidatzen eta probatzen ibili ginen guzti-guztia praktikan jartzeko abagunea heldu zitzaigun ba, Kontxa agurtzen ikasi genuen bezalaxe agurtu genuen Lander 2017an. Fikzioa, metafikzioa, iragana, oraina, fantasia eta errealitatearen artean gertatu ziren sinkroniak harrigarriak izan dira, benetan sinesgaitzak, datak, erabilitako abizenak eta aho bete hortz utzi gaituzten beste hainbat, inoiz kontatuko ez ditugunak. Nik esan ohi dut susmagarriak direla denak, jakin sakonki bai baitakit ez nuela zoriz topo egin halako metabidaia lagunekin. Eszenatokian, ezagutu ez nituen pertsonen argazki zaharren lekuan gu bion zuri-beltzeko batekin egin nituen ondorengo emanaldi guztiak eta zin degizuet, sakonki begira gelditzen nintzenean argazkitik guri begira zeudela Mixel, Kontxa, Lander, Miren, Egoitz, Maritxu… Eta galdetzen nion neure buruari funtzioetan: Eta hor beste alde horretatik geuri begira daudenek gertatzear zena askoz lehenagotik bazekiten? Eta metateatroko fikzioaren partea geurea balitz, errealtzat duguna? Eta orduan, zeinek bildu gaitu gu bostok? Baina nola asmatu zituen Kepak aldez aurretik…? Eta orduan, Platonen kobazuloa…? Baina Gestaltek ez al zioen…?

      Eta… Eta orduan berriz ere berandu sartzen nuen nire esaldia. Mami Lebrun ikusi ondoren “eskerrik asko” esan ez digunik gutxi izanen dira, malkoz betetako aurpegi irribarretsuak zientoka ikusi ditugu, mina eta poza nahasten diren hasperen aunitz aditu, askatu nahi eta ezinean zebilen ikusle andana, libratu behar eta nahi ez zebilen asko, antza. Amamak, amatxiak, amumak, amonak, ama onak… Eskerrik asko denei.

      Eskerrik asko bihotzez ikustera etorri diren guztiei, guk zuei bezainbat lagundu diguzue agurtzen ikasten.