10
Lehen libratze eguneko goiza zen. Ikusmina gori-gori. Jendea dantzaretoko ate aurrean errenkadan jartzen hasi zen eguna hasi aurretik. Zortzietarako errenkadak etxesail bateko luzera zeukan eta gero eta luzeagoa zen. Inork ez zuen benetan sinesten Hermanek Mavericka libratu ahal izango zuenik. Baina lehen gehienek ere ez zuten sinestu jango zuenik. Egin egin zuen ordea. Eta orain libratzeko ordua zen. Libratu ahal izanez gero, ikuskariak aurrera egingo zuen epe gabe. Denek ulertu zuten Mavericka libratzea mugimendu gakoa zela. Herman euren begi aurrean bertan uzkiko odoljarioz hiltzea gerta litekeen zurrumurrua zabaldua zen.
Mister eta Easymailadiko goialdean eserita zeuden, jendetza ilaran dantzaretora nola sartzen zen begira. Mister ahiturik eta bozkarioz beteta zegoen. Ahiturik, aitak gau osoan esna eduki zuelako Cadillac modelo berriaren kirrinka bilatzen. Seta hartua zuen baietz aurkitu eta finkatuko zuela. Baina ezin. Misterri berriro Park 'N Lockeraino gidarazi zion, non erreminta-kaxa gorderik zeukan, hamargarren estaian zegoen bere International-Harvesterraren atzealdean, eta guztiarekin ere, ezin izan zuen kirrinka aurkitu.
Erreminta-kaxa Cadillacaren maletegian sartu eta gau osoa eman zuten Jacksonvilleko kale ilunetan zehar errodatzen, han hemenka farolaren baten pean geratuz, Easyk zerbait askatu edo zerbait estutu edota olio txortaren bat botzearren zerbaiten azpian edo barruan. Une batez, tresna-taula osoa desmuntatu eta atzeko esertokian kontuz jarrita zeukan; baina dena berriro muntatu zuenean, kirrinka han zegoen oraindik. Easyk aurpegia gorri-gorri zeukan. Zainak nabarmen zitzaizkion lepoan eta bekokian. Ez zuen hura horrela uzteko asmorik inondik ere. Mister beldurtuta zegoen. Ez zuen sekulan aita hain amorru bizian ikusi izan.
«Finkatu egingo diat,» oihukatu zuen, gorputz erdia bolante barraren pean tresna-taularen atzean, elektrahariak beso artean kiribilaturik.
Baina ez zuen lortu, eta goizeko zazpiak inguruan Park 'N Lockera sartu zirenean, ahiturik Mister, eta suminak zurturik aita, Cadillacak berekin zeraman oraindik kirrinka fin zoliaren hotsa. Orduan Mr. Edge topatu zuten American Broadcasting Companyko gizonarekin hautsi-mautsika, kontratu dirutan mamitsu bat jadanik hitzartua zutela, Misterren sinaduraren ez besteren zain. Eta Mister, nekea gorabehera, bozkarioz gainezka zegoen ordurako.
«Aita, saiatu ulertzen zer esan nahi duen horrek,» esan zuen Misterrek.
«Ondotxo zekiat nik horren esanahia,» esan zuen Easy Mackek hortzak estutuz.
«Primeran,» esan zuen Misterrek gartsuki. «Geure on-beharrez.»
Antzematen zuenez, Misterrek ezin ulertarazi zion aitari telebistako kontratuaren esanahia. Herman kostalderik kostalde saldu izan zuten. Japoniara joango zen satelite bidez. Hotelean eperik gabe zeuzkaten gelak eta sekulan amestu baino askoz diru gehiago.
Alabaina Easy Macki bost axola zitzaizkion dirua eta hoteleko gelak. Orain bertan, semearen ondoan mailadiko eserlekuan jesarrita, jendetza dantzaretora ilaran sartzen ikuska, berriro beste ezerk ere axola izango ez ziola sentitu zuen. Berak beti maite eta begirunez hartua zuenak lepotik helduta zeuzkan haiek denak. Eta bere burua askatu ezinean zegoen. Ihes-gasak usaintzen zituen bakoitzean, goitika egin nahi izaten zuen.
Kirrinka hura finkatzen asmatu izan balu bederen, desberdin izango zatekeen. Ziur zegoen dena desberdin izango zatekeela. Cadillacak ito-beharrean zegoen. Botere guzti hura. Argi guzti haiek. Guzti guzti hura. Kirrinka egin zuen baina. Kirrinka egin zuen makina aluak! Hamar mila dolar balio zezakeen eta hazbete karratuko lau zigarreta-pizkailu eta ezin konta ahalako edo sekulan ez erabili beharreko argi kopurua eduki, baina kirrinka egin zuen. Eta auto baten kirrinkak eskatzen zuena, gizon bat zen. Gizon mekanikaria. Autoa kontrolatu eta ulertuko zuen gizona. Ahuleziak ulertuko zizkiona. Akatsak. Baina alajainkoa! Ireki zuen Cadillaca eta tresna-taularen atzean miatu, eta beronen hilkortasuna sentitu zuen egundo ez bezalako moduan.Halako kable laberintoa —kable urdinak eta kable horiak eta kable gorriak eta kable berdeak— eta era guztietako fusibleak! Jainkoak Berak nahaspilatuko zuen Berorren Burua halako gauzaren aitzinean. Edo horrela uste izan zuen Easyk. Baina, urrup eta tira esan zuen bere artean. Edo zuk makina menderatu edo makinak zu. Zentzu gabezia gaiztoko itsualdi ezin itsusiago batean konprenitu zuen, finkatu ezean, jan egin beharko zuela. Eta hamar orduz ahaleginetan ihardun ondoren, Park 'N Lockerako bidea hartu zuten, kirrinkatxoak oraindik kirrinka egiten. Bizi artean Easyk ez zuen inoiz ahaztuko, nola semeak abiada gutxitu eta denbora-txartel horia kanporatzen zuen Park 'N Lockeko makinatxo aurrean balaztatu zuen, eta nola, Cadillacaren gurpilak geratzeaz batera, autoaren erraietan nonbait txorino batena bezain hots mehe eta zoliak kirrinka egin zuen.
Dantzaretoa betetzen ari zen orain. Herman berehala agertuko zen libratzera. Mr. Edgek jakinaren gainean jarriak zituen denak, Margok medikuaren aginduz goilarea Hermanen ahora eraman eta katilukada bete ahi janarazi ziola goizeko seietan. Horrek dena ondo ateratzen lagunduko zuela ziurtatu zien medikuak. Hermanek berehalaxe egingo zuen sarrera, tronuan bere tokia hartzera.
Tronua arretagune nagusi bihurtu zen, jendetza sartzen hasi zenetik beretik. Telebista kamerak ia atergabe bertara fokatuta zeuden. Inoiz edo behin kamera gizonek orraztu bat ematen zioten ikuslegoari, baina gehienetan kamera ez zen tronutik aldentzen. Han zeuden zenbait epaile inpartzial dena garbi eta amarru gabea zela egiaztatzearren. Epaile gehienak ABCkoak ziren. Tronua kontu handiz miatua zuten ezkutuko ganbara edo ateskaren baten bila, baina halakorik ez, noski.
Han zen baita ere epaile japoniarrez osaturiko ordezkaritza, New Yorketik berariaz bidalia, Ekialdeko telebistarako Herman babesten ari zen konpainiaren izenean. Harat honat zebiltzan jira eta biran, soineko urdin txukun eta aurpegi somagaitzetan, hasi eta buka dena patxadaz arakatzen, Mavericka, ebaketa sopletea, zilarrezko erretilua, tronua eta agertokiaren beraren sendotasuna, publikoari ziria sartzeko trikimailurik ezkutatzen ez zuela ziurtatzen. Lantzean behin segundu erdi inguruko irri-zuriak izarniatzen zituzten, eta mixka-mixka ziharduten hitzetik hortzera bai japonieraz baita orobat ingelera garbian ere.
Mr. Edge handik hona eta hemendik hara zebilen dena begira eta gainbegira. Mailadiko goialderaino ere igo zen Mister aitarekin jesarrita zegoen tokira.
«Zer moduz dena hemen goian?» txilio egin zuen histeriazko ahots suharrez.
Easyk amorru biziko begirakunea bota zion eta gero saihestu. Baina Mister prest zegoen Mr. Edge lasaitu eta poztarazteko.
«Dena primeran, Homer,» esan zuen Misterrek. «Ezin hobeto.»
«Mister, niri ahaztutako zeozer bururatzen bazaizu, badakizu, esan.» Anaiak bezain hurkoak egin ziren, Misterrek Hermanengandik eskuduntza-ahala bere gain hartu eta kontratu berria, batez ere TV kontratua, sinatu zutenetik.
«Batere ez, Homer,» esan zuen Misterrek. «Dena kontrolpean daukagu.»
«Putza, orain ezin dugu huts egin, orain ez,» esan zuen Mr. Edgek. «Inork ezin digu ezer leporatu epaile guzti horiekin hor inguruan. Mundu guztiak ikusiko du hemen ez dagoela ez marro ez amarrurik. Bai ala ez?»
«Horixe baietz,» esan zuen Misterrek.
«Bai?» garrasi egin zuen Mr. Edgek, Easy Macki belaunean ostiko joaz. Easyk Mr. Edgeri begiratu zion eta korrok egin zuen ozen, mihiaren erroan Maverick osoa dastatuz.
«Zer deritzozu Cadillacari?» galdegin zion Mr. Edgek Easyri, erantzunik ez zuela ohartuta. «Bikaintasun neurria. Ez al da ba ezer? Bikaintasun neurria.»
«Auto ederra,» esan zuen Misterrek. «Ederra autoa.»
«Kirrinka egin du,» esan zuen Easyk poz-atseginez.
«Kirrinka!»
«Kirrinka,» esan zuen Easyk.
«Ez da ezer,» esan zuen Misterrek.
«Garantia osoa dauka,» esan zuen Mr. Edgek otoika antzera.
«Ziur egon Cadillac etxeak puntu-puntuan ipiniko duela.»
«Egingo diotena egingo diotela, alferrik da,» esan zuen Easyk bere txanka mehea zur-mailan egokituz, «kirrinka egingo du.»
«Halako memelokeriarik,» ebaki zuen Mr. Edgek. «Esatea ere!»
«Gogaituta dago, besterik ez,» esan zuen Misterrek, sorbaldan Mr. Edgeri takada joz.
«Dena den, halako lerdakeriarik,» esan zuen Mr. Edgek. «Egun haundia dugu gaurkoa eta ez duzu zertan zapuztu beharrik horrelako gauzak esaten.»
«Gogaituta dago,» esan zuen Misterrek. «Gogoan hartu bere semea dela gaur agertokiaren erdian dagoena.»
«Argi-fokuaren erdian!» garrasi egin zuen Mr. Edgek. «Argi-fokuaren erdian!»
«Jokalaririk hoberena!» Begi-tximistak elkarrengana jo zituzten. Zeharo ahaztuta zuten Easy Mack, orduantxe ukabil itxiaren atzean beste gasezko ahopats bat gorde nahian ziharduena.
Beheko eserlekuetatik hitzots ozen eta heze bat iritsi zitzaien airez belarrietara. Bigarrenez ondoren. Lelo mongoliar batengandik zetorren. Ume begi-zehar, buruhandi, azal ilun, eta ahoa bete mihi. Beste ume itxuragabe eta errukarri batzuek pilpilka irakindako zenbait eserleku-ilararen erdian zegoen umea.
«Hara,» esan zuen Mr. Edgek harro. «Ezagutu nau txikitxoak.» Eskua eragin zuen umearenganantz, eta berriro hots luze eta hezea egin zuen umeak. Mihiak, oso puntazorrotz, urdinska eta luzea, bitarte zabal bat miazkatu zuen kokots eta ezpainen inguruan. «Ezagutu nau txikitxoak! Eta hilabete pasa da ni ikusi gabe, hilabete baino gehiago!»
Umeak ziren Mr. Edgeren erruki-egintzetariko bat. Jacksonvilleko Rotary Club Nagusiaren bitartez umeentzat saiorako txartelak banatzeko moldatu zen. Denek zeuzkaten plastikozko Maverick miniaturak beren eskutxo bustietan atxikita eta FORD ETXEAK IDEIA HOBEAK DITU ZURETZAT eranskailuak gerri inguruan estekatuta, eta denak barrez ari ziren eta negarrez eta kantari eta begiraleengandik —hiru andraundi gaitz bata zuritan— hanka egiteko ahaleginetan eta orohar bapo pasatzen han beraientzat gordetako bost ilaretan.
«Eta txikitxo hauek ikasteko gauza ez direla esango dute gero!» jaulki zuen Mr. Edgek. «Txikitxo horrek jakin badaki nor naizen ni.» Oso harro zegoen ume errukarriekin egindako lanaz.
«Hobe zenuke txikitxo madarikatu horiek denak errekara bota eta bertan itotzea,» purrust egin zuen Easy Mackek.
Zurbil eta hitzik gabe geratu zen Mr. Edge.
«Aita, gogaituta zaude,» esan zuen Misterrek. «Eta gogaitu egingo duzu Homer.»
«Hobe zenuke zorioneko ume tentel horiek gaseatzea,» esan zuen Easyk. «Emaiezu gasa!»
«Gogaituta dago,» esan zion Misterrek Mr. Edgeri. Besoa sorbalda gainean ezarri eta tinko estutu zuen. «Ez kasu egin. Gogaituta dago, ez du besterik.»
Hitzik esan gabe Mr. Edge zutitu eta mailaditik behera jaitsi zen. Geratu eta hots egin zion umeari musu eman zion. Umeak Mr. Edgeri lamikada eman zion mihitxo urdin zorrotzaz, baina ez zirudien horrek Mr. Edgeri axola zionik. Umeari buruan txaka-txaka jo, beste masailean musu eman eta mailaditik behera agertokirantz jarraitu zuen.
«Aita, min egin diozu,» esan zuen Misterrek. «Min egin diozu gizonari eta berak zuri ezer egin gabe gainera.»
«Emaiezu gasa,» esan zuen Easyk ahots gupidagabez.
Baina Misterrek ez zion aditu. Honezkero lepoa okerturik zeukan ate ondoan gertatzen ari zenari adi. Jendetza zunburrun eta marmarka ari zen, berbarotsa atean jo eta gero uhinetan itzuliz. Herman zen.
«Bera da,» esan zuen Misterrek bapatean pozez gainezka. «Bera dugu, aita.»
«Pikutara,» esan zuen aitak ahots motel gupidagabe berberaz. «Doala pikutara kakazar guzti hau.»
Sari gisa eraman zuten Herman. Tenis galtzamotz zuria eta feldrozko etxeko txapin beltzak jantzita zeramatzan soilik. Berezkoa baino arrosagoa zuen azala, gorputz osoa gorriztatua. Ikusi zutenean jendetzak aurrera egin zuen lasterka, beti ere haren inguruan tarte zabala utziz. Hurbildu ahala atzera egiten zuten. Hermanen aurrean Joe zihoan, hegal zabaleko patruilari-kapela buruan doitua eta pistola-zorroaren botoia askatua. Hermanen eskuinean Margo zihoan eta ezkerrean Junell. Joeren taldekide bat atzetik, kapela zabal eta botoitu gabeko pistola-zorro berdintsuarekin. Haien erdian Herman zihoan, zoratuta bezala, konortea galduta ia. Ahoa erdi-zabalik zeukan. Arnasak ziztu egiten zuen bere ezpain arrosa bustietan. Lausotu eta hondoratuak zituen begiak. Sabelzorro haundituak pauso bakoitzean dardar egiten zuela ematen zuen, aurrea hartuko balio bezala.
«Hobe bart gure mutilarekin geratu izan banintz,» esan zuen Misterrek. Aitarengana jiratu zen. «Cadillacean hor bueltaka ibili beharrean, hobe gure mutilarekin geratu izan bagina.»
Baina aitak ez zion jaramonik egin. Ez zitzaion Hermani begira ari, ez Misterri, ezta jendeari ere —denak batera zutitu eta aupaka orain—. Harrigarriki, Easy-ren aurpegiko keinua une hartan agertokira eramaten ari ziren Hermanena bezalakoa zen.
«Zer daukazu, aita? Zer duzu?»
Easyk ez zuen ezer esan.
«Tira, goazen behera, familiari dagokion ilarara.» Aitari besotik heldu eta astindu xumea eman zion. «Itxura txarra emango du hemen goian geratzeak. Denek dakite familiarentzako ilara agertokiaren aurre-aurrekoa dela.»
Bien bitartean Margo, honezkero denetan eskua sartzen ziharduen Mr. Edgeren aginduz, astiro jira-birak ematen ari zitzaion Hermani agertokiaren inguruan, eta jendeak ikusi zuen norbaitek artez antzaldatuta zituela Hermanen tenis galtzamotzak. Norbaitek ateska bat ebaki zuen —zirriztu bat— galtzamotz zurien atzealdean, eta gero botoi beltzak josi ateska ixteko. Jendeak bazekien zertarako zen hura, eta poz-algara antsiatiak hain ziren zoliak non Misterrek ezin entzunarazi baitzuen gehiago bere ahotsa, beraz, aita mailadiko goialdean utzi eta lasterka jaitsi zen agertoki ondoko familiarentzako ilarara.
Gastu handiz —Mr. Edgek etengabe errepikatu bezala— autoaren lehenbiziko ontzerdia urtu eta Maverickaren irudia moldeatuko zuen makina instalatua zuen Mr. Edgek. Makina agertokian muntatua zuten tronuaren ondoan. Jukebox baten tamainakoa zen, aurrealdea plastiko gorri-berdezkoa zuen eta goialdea plastiko gardenezkoa, horretara ikuslegoak bertatik bertara ikusi ahal zezan ontzerdiko koskor urtu eta moldeatua.
Ekialdeko telebista-konpainien ordezkari japoniarrak, begibistakoa zen, ez ziren Hermanen ateskaz fio. Horrek, ordea, ez zion Mr. Edgeri batere ardurarik. Zoriontsu egin zuen. Haiek susmotan ibiltzea nahi zuen, baita ikuslegoa susmoak hartuta zegoela ikustea ere. Horrela, Herman ikuskatu eta ez marro ez amarrurik ez zegoela ikustean, ikuslegoak sinestuko zituen. Gonbidatu egin zituen Herman aztertzera, tenis galtzamotz zirriztudunak, tronua, urtu eta moldeatzeko gailua, dena.
«Ondo da, ondo da,» hoska esan zien. «Aztertu, azter ezazue.» Margori bultz egin eta japoniarrak multzoan bildu zituen Hermanen ingurura.
Herman geldi-geldi zegoen eta hurbiltzen utzi zien. Aurpegian arreta galdua duenaren keinu geldoa zeukan oraindik. Burua atzeraxe eroria, begirada hondoratua gorantz dantzaretoko sabairantz zuzendua. Japoniarrek erabat inguratuta zuten orain. Hermanen burua eta sorbaldak baino ez ziren ageri, makurtuta buru-belarri ziharduten japoniar buru beltzen zirkuluaren gainetik. Apurka-apurka, zirkulua estuagotu ahala, laidozko bihurtu zen Hermanen keinu geldoa. Goratu, zolitu egin zituen begi hondoratuak. Masailak gorrilunduta zituen, belarri-gingilak ubelduta ia. Eta japoniarrak are eta estuago bere inguruan, ahots gero eta biziagotan hizketan. Azkenean, Hermanen ahoa O haundi batean ireki zen astiro. Baina ez zitzaion hotsik atera.
«Gure anaia japoniarrak punttalakurloak izan! Punttalakurloak izan!» oihu egin zion Mr. Edgek entzulegoari, eta azterketaren ikuskizunari adi egondako entzulegoak orroaka erantzun zion. Jakin aspaldian zekiten ezinezkoa zela Hermanek anaia japoniarrei ezertxo ere ezkutatzea. Hamarrak jota ziren eta Hermanek autoa libratzea nahi zuten. ABCko kamerak errodatzen ari ziren.
«Utikan azal-hori madarikatuok!» garrasi egin zuen lehen ilarako gizon batek.
«Utzi libratzen!» txilio egin zuen gizonaren emazteak.
Baina Mr. Edgek ondo asko zekien behar adina denbora utzi behar ziela. Xehetasun guztiak filmatzen ari ziren. Jukutria izpirik ez. Azkenean japoniarrak, oneritzita, taldean aldendu ziren Hermanengandik. Zutik zegoen tokian dardarka utzi zuten. Zango-ikaraz tronura hurbildu eta bertan erori zen. Margo zuen lagun, haren besoa bere kanpai-antzeko aldaka zabalen inguruan. Mr. Edge mikrofonora aitzineratu zen. Besoak buru gainean jaso zituen V bat eginez.
Bost ilaretan eserita zeuden ume leloak begiraleek irakatsiak zeuden, denek batera Mr. Edgeren izena esateko. Bi andraundiek keinu egin zieten umeei.
«HO MER! HO MER!» txilio egin zuten umeek.
Homer Edgek irribarre egin zien maitekiro eta eskuez musuak banatu. Gero seriotu eta «Kirolen Mundu Zabala» aldera bueltatu zen. Klak, zeinu egin zion hiriko gau-klub batean kontratatutako danbor jole bati. Danbor joleak makilei eragin eta txinda kolpe batez amaitu zuen.
«Eta orain!» esan zuen Mr. Edgek bere Zeremoni Maisuaren ahotsik onenaz.
Beste txindatako bat. Beste danbor arrada bat. Telebistako kamerak itzulinguru bat egin zuen danbor jolea hartzeko, urrezko hortz margulak zituen mutil beltza. Zilarrezko erretilua tronupeko hutsartean kokaturik zegoen. Ikuslegoaren begirada kolektiboa erretilura bihurtu zen. Mr. Edgek bira eman eta tronu aldera seinalatu zuen.
«Herman Mack! Inoiz bada oraintxe!»
Ikuslegoak arnasa hartzeari eutsi zion. Japoniarrak, taldean, aurrera makurtu ziren. Herman tronuan eserita zegoen zurbil eta izerditan. Ez zen ezer gertatu. Danbor jole beltz pipatua lokaikuak egiten ari zen makilen gainean. Hotzikara xume batek dardarazi zuen Herman. Oraindik ez zen ezer gertatu, eta dantzaretora hedatu isiltasunaren pisua jasanezina bihurtzen ari zen. Hermanek Mr. Edgegana jiratu zuen aurpegia, begiak zuri-zuri eginda ahaleginaren ahaleginez.
Ping!
Erori zen metalezko ontzerdia zilarrezko erretilu lauera. Aurreneko ilarako gizona, lehenago azal-horiak Hermanengandik uxatzeko garrasi egin zuena, salto batez zutitu zen eta «Bost mila dolar» oihu egiteaz batera, Mr. Edgek ziplo behera egin zuen konorterik gabe.
Begiraleek berriro keinu egin zieten ume leloei eta denak batera zinkurinka hasi ziren: «HO MER! HO MER!»
Baina Homerrek ez zien gehiago entzun.