Lurraren indarra
Zenbait egile
Lurraren indarra
Zenbait egile
itzulpena: Mitxel Sarasketa
1991, narratiba
136 orrialde
84-86766-36-2
azala: Joxean Muñoz
Lurraren indarra
Zenbait egile
itzulpena: Mitxel Sarasketa
1991, narratiba
136 orrialde
84-86766-36-2
aurkibidea
 

Oinetako berriak

Linda Hogan

Linda Hogan: Chickasaw-a, «Calling Myself Home», «Daughters», «I Love You» eta «Eclipse» liburuak idatzi ditu. «Frontiers» aldizkariaren indiar emakumeentzako alearen argitaratzailea zen, eta Idledale-n bizi da, Coloradon.

Izaren tolesdurak berdintzean ere, oinetakoei buruzko galderak zerabiltzan buruan Sulliek. Bazirudien kotoizko ehunkera leunean isladatzen zen arratseko argiaren zurbilean asma zitzakeela erantzunak. Atso batek portzelanazko te kikararen hondoan etorkizuna irakur lezakeen moduan.

Manny astiro sartu zen, gurdia kanpoan, motel sarrerako aterpean utzirik.

-Nire herrian izarak baino egunkariak irakurtzen ditu jendeak -esan zuen Mannyk, eta atetik irten zen berriro, hankak itzal bi gona mehe barruan.

Sulliek izarak koltxoi azpian bildu eta ohegaineko berde higatua berdindu zuen. Alga kolorekoa zen, goroldiotsu eta lehorra. Bezero berriak helduko ziren laster motelera izara artean lo egitera, kotoiari xaboiaren gozoa eta lehorgailu handiaren ihar usaina zeriola. Zimurrune bat berdindu zuten Sullieren esku motzek.Bere buruari begiratu zionarmairuaren ispiluan manta bat tolesten. Lepo aldera zituen eroriak ile batzu. Orratz batez lotu zituen. Ukondo lehor eta ilunak sabairantz bihurturik, aldakan gora altxatu zuen bata urdin argia. Bere buruaren isladari begiratu zion, ohejantzi zikinak metalezko gurdi ondoan esegitako lonazko moltsan sakatzen. Gelako bakartasunean, ispiluak distortsio une bat Sullieren bekoki parean eta beste bat izterretan zituelarik, seguraski besteek ikusten zuten bezala ikusten zuen bere burua, serioegi, betilun, bizkar astunegiak, baina bizia eta mugitzen, sekula maizter iraunkorrik ezagutu ez zuen gela hura betetzen.

Gordailu gelan horma erlojuaren beso beltzek hirurak seinalatzen zituzten. Beranduegi zen autobuserako, eta bera baino lehenago egongo zen Donna etxean, sofan eserita amaren oinotsei adi, aldizkari zaharren baten orriak nagiro pasatzen. Edo beharbada armairu metalikoa zabalduko zuen eta modaz pasatutako Sullieren soinekoren bat jantzi eta ispiluaren aurrean egongo zen,bereburua batera eta bestera jiratzen, paparra gehiegitxo atera eta adats iluna buru gainean metatzen. Sulliek erosi eta eraspenez gordetzen zuen hamar zentabotako ezpainetako barra bakarrarekin Donnak masailetan koloreune tipiak pintatu eta hedatuko zituen, ezpain harroak ilunduz, haurtzarotik zurigorriak. Eta ortuzik, oinetako berriak jantziko zituen, armairuaren ate barreneko ispilu handiaren aurrean iminiko zen, eta aldaken lerro estuei begiratuko zien bizkar laburraren behean koxkortzen.

Bata urdina askatu eta gakoan esegi zuen Sulliek. Poltsikoan, hari gorriz brodaturik, hitz hauek zituen: «The Pines Motel». Hitzak zeru-urdineko oihalean zeuden zintzilik, hegazkin batetik idatziak izan balira bezala.

-Alderdi oso honetan ez dago pinu bat besterik -esan zuen Mannyk-. Erdi eroria dagoen hori da, kalearen bestaldean hor galduta dagoena. Etxe zuriaren ostean.

Artean apaletan jarriak zituen berriz erabili gabeko izarak Mannyk, arropa zikineko lonazko moltsa ikuztegirako bazterrean utzia.

-Oinez joango zara? -galdegin zion Sullieri-. Autobusa hartu beharko zenuke. Zenbat diru aurreratzen duzula uste duzu, bada, hiru kilometro horiek oinez eginda?

-Goizetan baino ez dut egiten.

-Hankak artean ongi dituzunean?

Hortz artetik katekorratza hartu eta alkandora barrena josi zuen Mannyk.

-Nabari zaio?

Irri egin zuen, eta haren begien urrezko diztirek zuzpertu zuten Sullie. Lur koloreko azala zuen Mannyk; gainetik laua emateko beste apaindutako ilea beltza zen, berunezko eta josturarik gabeko azal azpian korronteen tiraleku eta bihurgunetako ura bezala. Pausatua zuen ahotsa, ez gainerako neskameek bezala berriketa arinez itoa, ez mutilagun eta haurrez, dantzan joan edo auto baterako dirua aurreratzeaz hitzegiten.

Sulliek baino hogeitamabost zentabo gehiago jasotzen zuen orduko Mannyk, indioa beharrean koloreduna zelako. Sulliek gerenteari diruaz galdegiteko adorea hartu zuenean, honela esan zion honek:

-Ez berriketarik gero. Nik ez dut marmarka dabilen jendea mantentzen. Eta kendu burutik sumin horiek.

Pinua zuen etxea bakarrik altxatzen zen, zuhaiska batzu, belardi tipi bat, baratz hondarra kale berriek zeharretatik moztua eta autobusetatik sortutako ke lainoz inguratuta. Jantoki merke bat eta Sullieren autobus geltokia zeuden etxearen parean. Agerian zen dena moteleko bigarren estaiko behatokitik. Haize ikustezinak okertzen zuen zuhaitz agoniatsua, haurrak ikutzen makurtutako atso nekatua bezala.

Auto erabiliak iragartzen zituen aulkian eseri zen Sullie. Jantokirantz seinalatu zuen Mannyk:

-Kafe bat?

Baina Sulliek ezetz egin zion.

-Zeuk ikusi -esan zion Mannyk, eta jantokirantz abiatu zen, astiro, alkandora eta gona mehar estanpatua baino zeta berdez eta urrezko besoak eramango bailituen. Jantokian sartu zen, atze aldean gela bat zuen erremolke-etxe moldatua. Erdi horituak zituen leihoak sukaldeko koipeaz. Bestaldean, zira marroi eta plastikozko liliak zituzten mustarda txarro tipien ostean, Manny ikus zezakeen Sulliek, aulki batean eseritzen.

Trafiko zurrunbiloan eseri zen Sullie, etxekoaz, bide lohietan zehar migratzen zihoazen ehundaka dordoka handi eta geldoez pentsatzen, igelak uretan murgildu eta haien eztarri hanpatuen soinuekin mundua bizten deneko gau isilez.

Haizea ufaka hasi zen kalean. Sulliek eskuarekin gorde zuen aurpegia harea eta hautsetik. Beste andereek gonei heltzen zieten, ile gorri eta blonda hegaz aurpegi aurrean. Zeru aldean mugimendu batek harrapatu zuen Sullieren begiratua, zuria zen zerbaitek, hegaz dabilen txori handi bat legez. Hondar harrotuak ibili arren gorantz egin zuen so, baina zerura behatzean, begiak erdi itxirik, txoria zabaldu egin zen eta haizean itzulinguruka zebilen plastiko orri soil gisan agertu zitzaion. Suge zuri luze bat bezala luzatu, gero aide bultzada galdu eta erortzen hasi zen.

Autobusean atso bi eseri ziren bere parean. Biak ari ziren elkarri kasurik egin gabe hitzegiten, ziutatean jendeak dagien moduan, bi solas desberdinetan, isilunerik gabe, entzun gabe. Burutazioek jarioa eten baino lehen, beranduegi baino lehen, dena esaten ahalegintzen. Ile urdin metalikoa zuen anderetariko batek. Besteak paper batez ematen zion haizea bere buruari, bero eta heze balego bezala, leihoan isladatzen zen bere aurpegiari haurrei buruz hitzegiten ziola, bat San Diegon flotan zegoela, gasolindegi bat kudeatzen bestea Nevadan. Papera altzoan utzi eta sudurra hautsezten hasi zen, hautsez arrosatutako ispilu borobiltxoan zeharka begira.

Ile beltzeko gizon bat zigarroari tiraka ari zitzaion anderearen parean. Hautseztutako andereak ke aldera haizatu zuen paperaz. Kea goratzen ikusi zuen Sulliek, urdinska, leihoen argitasunean barrena, kulunka, hodeia haize boladetan legez, kristalean markaturiko ile koipezko gandua igurtziz. Egunsenti goizetan laku batetik altxatzen den behelainoa bezalakoa zen. Barazkiak, kalabaza, tomatea, kipula egostean lapikoko lurruna. Usain ona zerion, tabako errearen lurrin gozoa.

Lausotan igarotzen ziren etxeak leihoan bestalde. Hara-honako gizon goiztarrek, barazki otarrak aldean, auto eta autobusetara zeramatzaten. Leihoan labainduz iragaiten oro, filme bat ikusten balego bezala, geldirik eserita, hegoalde barrenera desagertzen doan jendearen filme luzea zirudien, irudi azkarretan. Are iparralderantz oinez zihoan jendea ere haren barrenera ziren harrapatuak, leihoan zehar atzerantz eramanak eta desagertuak azkenean.

Sullie altxatu eta geratzeko tinbreari sakatu zion. Nabarmen sentitzen zen, inguruko jendea berari begira, buru atzean lehen izpi urdinak agertzen zituen motots bilduari, plastikozko aulkian eseriaz zimurturik zuen kotoizko soinekoari, besoaren sendoari, agirian eta nabarmen tinbrea jotzen gorantza luzatzean. Atea zeharkatu zuen. Ziztu batez itxi zen hau bere atzean.

Donna ez zegoen. Mahai gainean haren ohar liburua zegoen, eta baso zikin bat Sulliek azken soldataz erositako plater-xukadera berri distiratsuaren ondoan. Basoa garbitu eta ahozpez jarri zuen plastikozko xukadera laranjan Sulliek, basoa eta xukadera lehortu zituen gero. Oinetakoek kirrinka egin zuten linoleo grisa harrotuta zegoen lekuan.

Donnaren jertsea lurrean zegoen, sofa-ohe ondoan. Sulliek hura jaso eta, berriz ere, sofa azpira luzatu eta oinetako beltz distiratsu haietako bat atera zuen. Oinetako berriak. Erluzetsuak ziren, erabili gabeak. Txarolezkoak, takoi estu zorrotza eta grabatu fineko zulo banarekin behatz bakoitzeko. Hautsak kendu zizkien Sulliek gonaren hegiaz. Bere aurpegia ikusi zuen larru argian, bekoki zabala larruaren borobilean. Berriro bizkortu zitzaion bihotza bularrean, oinetakoak lehen aldiz hauteman zituenenan bezala.

Anne Mayk uda hartan Tulsatik gizon baten motozikleta ostean etorri zenean zeramatzan oinetakoak baino politagoak ziren. Eta Anna Mayk hauts artean ibiliak zituen, larru gorrizkoak, ziutatetik gurdibideetan barna ia bide osoa, lurrak bustitzera zabaltzen diren uharre handietan gaindi. Etxean ere haietxek erabiltzen zituen, motozikletaren ostean hegaz zegien soineko gorri eta urdinarekin batera.

Bai handia etxekoek egin zioten abegia, soineko eta oinetako gardenak miretsiz, harik eta Anna May eta begitarte iharreko bere mutilaguna agurtu aurretik ere. Belarriak garbitu zizkien Sulliek ahizparen oinetakoei, jarri eta gela inguruan ibili zen oinetako gorri haietan, handiegi eta kilin-kolon, hanka lehor eta zikinak makila zaharrak balira bezala haietatik sortzen eta orkatilak bihurtzen zizkiotela.

Sofa azpira itzuli zituen Donnaren oinetako berriak. Elkarren ondoan eta mahaitik ez ikusteko moduan imini zituen.

Ilun zegoen Donna etxeratu zenean. Sullieren begiak Donnaren aurpegian behera irristatu ziren, bizkar motz altuegiak, esku handiak beti lekuz kanpo, zapata zaharretako oinekin artez topatzeraino. Donnaren azal argiko masailari begiratu zion berriro.

-Kezkaturik nengonan -esan zuen.

-Lagun batenean egon naiz -esan zuen Donnak.

-Goserik hago?

-Jan dugu.

Sulliek hozkailua ireki eta argiunean egonzen zutunik. Lurrunak irabiatu eta inguratu egin zuen. Bolonia atera eta, mahaian eseriz, ogitarte bat gertatu zuen berarentzat.

Leihoari begiratu zion Donnak, kristalezko isladari so eginez. Eurak bezalako anderea eta neska zeuden eserita kristalezko koadratu ilunean.

-Zer jan duzue?

-Haragi-bilgua patatekin.

Molde beltzeko irudia marraztu zuen Donnak hatzarekin plastiko urregorrizko mahaian.

-Begira, aiztorea ematen du. Ikusten duzu? Honako hau hegala da. Mokoa antzematen diozu? «Badator trena» esaten du.

-Ehun urte edo izango dira ez dudala haragi-bilgua jaten -esan zuen Sulliek.

Donnaren eskua ukitzearren, mahai gainetik altxatu zuen eskua. Donna aldendu egin zen, jaiki eta txorrotako urez bete zuen basoa. Ura lainotu eta argitu egin zen.

-Ama, egia esatera, zure ustetan, zer esango zukeen aiztoreak?

Sullie geldirik zegoen. Altxatu eta Renak eginiko burusia biltzen hasi zen. Kontu handiz zerabilen burusia sofa-bizkarretik jaso zuenean. Atal bakoitzak Sullieren bizitzaren gertaerak zituen brodatuak. Nahikoa luze bizi izanez gero gertakizun gehiago josiko ahal zukeen Renak; Sullieren bizitza Donnaren aitarekin. Atal horrek auto bat hartuko luke, eta gizon bat zigarroa erretzen. Donnaren jaiotzarako ere atal bat izango litzateke, azal argiko indio tipia, egunen batean oin meharretan txarolezko oinetakoak jantziko zituzkeena. Koadro bat ere izango litzateke, «The Pines Motel»a eta Sullie behatokian zutunik agertuko zukeena, orratz gehienak galdurik zituen eta atsoa negarretan zirudien pinu arbola laru aldera begiratzen. Zer gehiago? Zerraldo tipi bat seme hilarekin. Sullie Denver-ko autobusa hartzen Donna koxkorra bere ondoan zintz eta negarretan. Irudi bana zegoen Sullieren haurtzaroko gertaera berezi guztietarako; Sullieren jaiotzako irudia, erluntziak, urrezko zirkulu tipiak kotoi urdin argian hegaz,adinekosenideak etxezaharraren aterpe aurrean eseriak. Haietariko bat, Lemon izeneko atsoak, soineko horia zeraman eta ume iluna aupatzen zuen eguzkirantz. Gorriak zituen hankak. Anil koloreko hodeiak zeuden.

Azken atala ez zen inoiz amaitu. Horretan zebilen Rena hil zen udaran. Aintzira eta uhin koltxatuetan jositako arrain urreztatuak zeuden bertan. Eta bertan mando gorri loriatsu biak, bizkarrak hari horiz markatuak zituztenak, eguzkiak gainetik joko balu bezala. Gizonak baltsa eta txalupetan. Andere talde bat mahai inguruan tintaz ozta-ozta zirriborratuak soslaioz. Ezer trinkorik gabe. Ezer osotu edo bete gabe. Erdiune zurbileko itzalak bezalakoak.

Burusia bildu eta mahai gainean jarri zuen Sulliek, sofaren ondoan.

-Aizan, laztana, lagun nazan sofa hau mugitzen.

Donnari begiratu zion:

-Badakin, nire ustetan hauxe lerrake aiztoreak: «Gizonen eginek antzutu egingo dute mundu osoa, horixe gertatuko da».

Burusiari begiratu zion Donnak:

-Lo egiten ahal dugu horrekin?

-Gordetzen ari naun -esan zion Sulliek berriro.

-Zertarako? Zahartu eta hiltzen zarenerako?

-Ez laztana, bere edertasunean iraun dezan baino ez dinat nahi. Hiretzat izango dun handitzen haizenean.

Izaren artean etzan zen Donna. Sullie ondoan eseri eta ilekorde soltea laztandu zion.

Gauzak zahartzarorako gordetzen. Bai on bada! Sulliek haserre egin zion bere buruari. Gauzak gordetzen neskatoak oraintxe nahi duenean zerbait eduki eta haztatu. Kontu makala. Horixe gertatzen zaizu ezkontzen zaren gizona bi urtetan hor zehar ibili ondoren udararen beroeneanautoz iritsi eta semearen heriotzakoak esanbehar, eta negar egin eta geroberarekin joaten zarenean, edonora ere joan, berotasunetik eta leku goibel hartatik alde egitearren bederik. Osabak mozkortuta etxeratu eta emaztea tirokatu zuen leku hartatik alde egitearren bederik; lehengusuak egun batean botila bat erosteko zure ondasun guztiak saldu eta gero saman musukatzen ahalegindu zitzaizun lekutik. Ez zegoen askotarako, baina gurdi batean ekialde urrunetik bide zetorren agertu bikote gazte bati saldu zion. Eta gizon zuriarekin alde egin zenuen, eta hura armadan sartu zen. Horixe esango zukeen aiztoreak.

Hobe zen hura kanpoan egonda, senarra kanpoan egonda. Are bizimodua ateratzen saiatzeko ere. Bi lagunentzat barruko arropak eta galtzerdiak emendatu. Tabernetan kantuan zebileneko beisbol talde handi hartan edo bestean jokatzen zueneko gizon haren harrokeriak entzun beharrik ez izateko ere. Are hobeago haren gutunak edo argazkiak gehiago ez jasotzeko ere, tabernetan bera eta armadako lagunak elkarren ondoan eserita ekialdeko andere polit eta irrigarriekin atera eta bidaltzen zituen argazki distiratsu haiek. Dena dela, beste mundu batera ari zen hazten Donna. Arrotza legez. Neska zuria izango zen. Nabaritzen ahal zion. Larriunetako jarkeran, oina mugitzeko eran. Ile mozkera laburrean. Autobus eta autoen zarata artean ari zen hazten, leihoz lekorako gaueko soldadu eta gorriz jantzitako andereen irri algaren artean. Ez zen haziko udaran ere biztuta mantentzen ziren egur estufen bero ondoan, ez eta ere ipurtargiek izotu eta amatatzen zituzten argitxoen artean. Ordea, ez zen Wooddrufftarrentzat kotoia batzen ibiliko, ez Sullie bezala, amorratzen Wooddruff anderea erdi indioa izanik zetazko soinekotan eta leku liluragarrietan bazkaltzen xahutzen zuelako kotoi haren dirua, Sullie bera begiak malkotan urtzen hautsez beteriko soroetatik batzen zebilen artean. Eta ez zatekeen haziko gizonekin bideetan etzaten gauez, Anna May bezala.

Burusia izan zatekeen sorterriko laku handian gaindi zebilela amets erazi zioena. Ura epel zegoen hanken parean. Isiltasuna, irristatzen zitzaizkion ur tanten soinuaz izan ezik, erritmo geldoaz ugertza igurtzeraino zabaltzen, lehorra maitatuko balu bezala. Eta batbatean, kale erdian zegoen, jantoki haren ondoan, autoak gainean zituela, eta geldi, bere burua salbatzeko indargabe.

Sullie itzarri egin zen. Hotz zegoen. Bere manta erdiarekin Donna estali eta altxatu egin zen. Leihoaren bestaldera zerua argitzen ari zuen, kotoizko gortina zuria egunsentiaren arrosa kolorearekin biztutzen hasiaz. Trafikoa gora zihoan. Azpikogona zurbilean, tente, adats luze laxoa gerri ingururaino, Sulliek, kafea irakin artean, gortinak zabaldu zituen. Emeki deitu zuen beste gela barrenera. Eta gero, estalkiak jasotzen hasi zen.

-Altxatzeko garaia.

* * *

Kanpoan, zutunik geratu zen Donna aulki ertzean, autobusaren zain. Bi soldadu gazte zeudenaulkian, ganoragabe jarriak biak. Jantzi urdin oliba zeramaten, bat, armadako kapelua makurturik lo bailegoen, hanka bat bestearen gainean zeharkatuta. Eskuak tripa gainean nasai bilduak. Ia irmo zegoen bestea.

Tren bat iragan zen gainetik. Zarataka eta burrunbaka zurkaitzeetan, Donnaren jertse estua kolpe batez urratuko zuela ematen zuen. Bero eta aidezko laino batek biztu zizkion ileak, udarako berotasunak errepidean edo soroan espejismoa sortzen duenean bezala eragiten. Agur egin zion eskuaz artez eseritako soldaduak bagoien arteko plataforman bermaturiko gidari ikustezin bati. Donnari begira geratu zen gero. Haren begiak neskaren gorputz lirainetik bularretan pausatu ziren. Zurrun eta geldirik zegoen Donna haren begiradapean, aurrera so eginez, gorputza jertse urdinarre barrenean larri.

Laster baten iragan zen trena, bagoi beltz izerditsuetan ikatza eramanez eta ekialderantz azeleratuz ibilbide dardarrean.

Donna geldirik zegoen mugimendu guztiaren erdigunean. Jendez beteriko autoak, auto erabilien saltoki inguruan bihurtzen eta gora egiten zuten plastikozko altxagarri gorri eta urreztatuak, geldirik zegoen, eta joana zen trena.

Etxean, sukaldeko zapiaz garbitu zituen Sulliek oinetako beltzak. Mahai gainean jarri zituen, plastikoz xaflatutako aztore hiztunaren gainean. Plater xukadera lehortu zuen. Polita zen basaloreen kolorea etxean. Laranja mina haurren jostailu berriak legez, edo ziutateko kolunpioen gisan pintatutako mexikar gatzontziak legez. Goizeko argitan distiratsu agertzen zen sukalde osoa, gauza guztiak argi eta beren edertasunaz beteak. Urdin ilunak laneko ontziak. Kafe kikarea, arre ilun bitxia, mahai gainean, oinetako beltzen ondoan zegoen.

Tipiak ziren oinetakoak. Donnaren neurrikoak. Barrenean, Donnaren oinlepo leunak ibiltzean ukitu eta aupatuko zukeen gunean, «Montgomery Wards» jartzen zuen. Tximino Wards, Sullieren lehengusuek Brodwayko erostetxe handi zuri mardulari deitzen zioten bezala, burdinariak bait zituzten sabaian eta salmahaietan, hodi tipiak dirutarako, aidean irristatu eta han geratzen zena.

Sullieren oinetakoak zapal eta zirpilak ziren, higatuak. Narriaturik zeuden orpoetan zolak. Aurreko astean iltze batek azpia zulatu eta orpoan sartu zitzaion.

Demagun Donnak lapurtu egin dituela, galdetzen zion bere buruari, atzera egin eta oinetako berriei begiratuz. Kafea zurrupatu zuen. Demagun Donnak anderezko oinetakook lapurtu egin dituela. Edo Sullieren dirua ohostuta? Sulliek moltsa hartu eta txanponen kremailera ireki zuen. Hamazortzi dolar eta hogeitabederatzi zentabo. Bertan zegoen dena.

Donnaren pottoka-oin tipietan irudikatu zituen Sulliek oinetako arranditsuak. Behatz zurigorri eta atzazal muturrak zulo landuetatik agertzen. Donnaren xorkatileko gihar guriak takoiaren altueran bihurtuak. Esnegainaren koloreko zango mehar, txiro eta behartsuak, ile fin eta zirtzilekin, eta belaunburu tzarrok, guztia askoz itxura okerragoarekin oinetako beltz distiratsuetan. Eta hantxe zeuden soldadu gazte haiek, artean bular tipinoei eta sorbalda hegiangora eta beheramugitzenzenadats gorri ilunari begira. Zer pentsatuko zuketeenneska oinetako haiek jarrita oker ibiltzen ikustean? Seguraski ez zuketela gogorik ere izango izter eta zango motz haiek ukitzeko, ez eta bularren tontorrak esku handi koxkortuez biltzeko.

Norbaitek emango zizkion. Haragi-bilgu lagunak.

Donnak ez zekien dirua kontatzen eta lotsatu egiten zen dendarien aurrean, penike eskukada gorputzari estuegi heldurik, esku bustitik dendariek nahi zutena har eta konta zezaketeen, bera zain egoten zen bitartean. Donnaren maistrak, Fiedler andereñoak berak esana zion Sullieri Donnak ez zekiela dirua kontatzen. Euren etxean izan zutenean bisitan gela inguruetatik zebiltzan Fielder andereñoaren begi urdinak, Sulliengan inoiz pausatu gabe. Honek zorri eta hats bila ari zela pentsatu zuen. Artaloreko begi urdin haiek horma haustuetako iltze zuloei begiratzen zieten, leiho ondoan sukaldeko horman zelofanez itsatsitako Donnaren marrazkiei, burusiari eta jositako marrazkiei, Sullie eta haren ama arto berdezko soro baten erdian zutunik, zeruan eguzki handi bat bezalako dordoka gorri bat kulunkatzen zela eta bazter bakoitzean igel horia eta eskorpioi harrotua ikusten zituela.

-Zer da hori? -dordoka eta eskorpioia seinalatu zituen Fiedler andereñoak-. Ene, dordoka gorri bat! Igerian dabilela dirudi.

-Zeruko dordoka. Gure aitak kontatu ohi zuen istorio batekoa.

Fiedler andereñoak lurrean irmo eta belaunak baturik zituen oinak. Ez zegoen batere eroso brusa berdearekin. Plantxatuta zegoen, baina estua zen besazpietan. Aurrerantz makurtzea otu zitzaion Sullieri, beste andereei egiten ikusi bezala, maistrari aurpegira begiratzeko edo, lantzean behin, jertse hori zurbilari, haren leunari eta ile harro horailari. Maistra egun horretan sofa erdian eseri zen urregorrizko argi bat legez, beiduren marrazkietako burusi batez inguraturiko elizako amabirjina bezala.

Artez begiratu zion Fiedler andereñoak Sullieri azkenean:

-Hemen inguruan nenbilela-eta, sar nintekeela pentsatu dut. Gutun bat bidaltzea baino hobeto legokeela pentsatu dut.

-Bai?

-Donna ez dago zazpigarren mailara pasatzeko gerturik. Ez dago zalantzarik. Dirua kontatzen ere ez daki. Gainera ez da beste neskekin ongi moldatzen -gaineratu zuen.

Eta hitzen ondoko isiltasun luzean, gela biztu egin zen eguzki dordoka gorria hodei baten atzetik irten zenean. Maistraren ilea latoia legez argitu zen. Sulliek zerbait esango zuela espero zuen. Andereñoaren aurpegia bizten ikusi zuen.

-Arte lanetan onada baina, ezduzu uste? -esan zion maistrari orduan. Eta aurreratu egin zen, kutxa ireki eta bertan gordetzen zuen marrazki saila atera zuen-. Ikusten duzu? Hau Lucy Vine da. Bere berean atera du -eta hantxe zegoen Lucy zaharra, landare batzu bizkarrean, oihalezko langa batez zintzilikatuta. Okertuta, ile ia urdindua, su baten gainera makurtzen ari zen. Atzean zituen metalezko hodi bat ikuzketako, gizonezko alkondara batzu hesi baten luzeran esegiak txorimaloak bailiran eta bele bat hegaz, hegal urdin ilunak zabal zabalik.

-Bai polita! Oso polita da.

Maistrarengana altxatu zituen begiak Sulliek:

-Arte lanetan ona da.

Eta ezer esan gabe itzuli zion begiratua maistrak Sullieri.

Gogoratuz ere lotsatu egiten zen Sullie, aurpegia ere berotu egiten zitzaion. Amantala erantzi eta ateko kristalezko girten astunean esegi zuen. Larba kolorekoa zen, argiak zeharkatua. Sulliek amantala jaso eta ate girtenari begiratu zion berriro, gela ehun alditan hantxe isladatua, bera ere buruz behera moteleko apartamentuko aldaki minimoei begiratuz. Estali gabe utzi zuen. Sukaldeko aulki-bizkarrean jarri zuen amantala. Ate girtena gelako gauza politena zen burusia eta Donnaren marrazkiez gain. Maitagarriak ziren marrazkiak. Bazegoen bat, Donnak Sullie atzetik zirriborratu zuenekoa, sorbaldak leun eta borobilak, ilea orraztu barik eta aurpegi nekea ozta-ozta soslaioz antzemana. Bazegoen baita ere biribilketa-dantzan ari ziren andere batzuren marrazki bat. Gonak aldaka astunen gainetik zeramatzaten bilduak, eta ikur batzu erropetan josiak, Diamante Erronboarena, Malkoen Bidea, Jainkoen Eskua. Eskuz-ukondoz heldurik zeuden. Lakio dotorez lotzen zituzten amantal zuriak bizkarrean. «Hauek soineko bitxiak!» esan zuen Donnak marrazkia osotu zuenean.

Posta-txarteletako argazkia bezain polita, eskuak gurutzaturik zegoen Meers anderea atarian, bere atzean altxagarri gorri eta urreztatuak hegaz zebiltzala auto sailean. Aurreko kristalean xaboi zuriz $250 zioen Chevrolet erabili batek banderatxoak zituen antenan. Meers anderea, gerentea, ileekin ari zen dostatzen, beste eskua urdailean jarrita zuen artean. Sulliek atea ireki zuen.

-Telefonoz deitu zaituzte moteletik. Gaur oso berandu zabiltzala esan dute.

-«The Pines»etik? Ez dut joan behar.

Ez zirudien mezuarekin harrituta zegoenik Sullie.

-Ez dizut bada gaiso trazarik hartzen.

Aldaketan imini zituen eskuak. Meers andereak fraka zuri nahiko estuak zeramatzan.

-Ez dut esan gaiso nagoenik. Esaiezu han izango naizela bihar bertan, besterik gabe.

Betilunago egin zion so Meers andereak, sendagileak ikusgelan esertzerakoan oso atsegin ez zaudena antzematen zaituenean bezala egingo zukeen legez.

Begiak erdi-itxirik, masailak xurgatu zituen:

-Ez da zure gauzetan sartzeagatik, baina egia esatera nik ez dut gezurretarako balio. Esaiezu zeuk. Eta esan ez gehiago deitzeko niri.

Sorbaldak kuzkurtu zituen Sulliek:

-Ez da gezurrik esatea.

Kuzkurtze zeinu hain arina ezen Meers anderea ez bait zen konturatu ere egin. Eta Meers andereak hitzegiten segitu zuen, emekiago orain:

-Zer duzu horren inportantea ez joateko? Zergatik jarri lanpostua galtzeko arriskuan?

-Hara! -kalerantz ari zen seinalatzen Sullie-. Hara! Ez al da zure katua?

Ezinegona antzematen zitzaion Meers andereari.

-Badakizu-eta nik ez daukadana katurik!

-Zanpatu egingo dute.

Alkandora gorria atondu zuen Meers andereak.

-Begira, garbi dagoena da ni ez naizela inkilinoak zaintzen ibiliko.

-Nabarmen geratzen da -esan zuen Sulliek.

-Zer?

-Zure alkondara. Nabari da fraketan barrena.

Etxekoandereak eskuari eragin zion samindurik:

-Halakorik ere. Nire alkandoraz arduratzen...

Sulliek ez zuen erdia baino entzuten. Baietz egin zuen. Katuari begira zegoen artean, autoen gurpilpetik ihesian.

-Ongi. Ongi dago. Esango diet.

Marmarka atera zen Meers anderea esanez ea holako jendeak nola erosten ahal zituen mahai gainean zeuden fantasiazko oinetako haiek lanera ere joaten ez bazen. Gobernuaren laguntza edo bide zen. Berak ez zuen halako oinetakoak erosterik etxeko gerentea izanik ere. Eskuari eragin zion bere burutazioak argitu nahian, Sullie eta honen ume isil ezkutu hartaz zelan libratzeko edo.

-Lanpostua galtzea merezi du -esan zuen marmarrean.

Eta bitartean hankanpoan zebilen Sullie, kalean, katuari deika, larru koipetsuko katu erkin haren bila.

-Animaliarik ez! -oihukatu zion Meers andereak Sullieri-. Hemen ez dira animaliak zilegi. Koloretako arrainik ere ez dugu lagatzen!

Katua sofa gainean kizkurturik, Sulliek eskuak garbitu eta oinetakoetan jarri zuen arreta. Lapurtuak baziren, itzuli egin beharko lirateke. Hori izango zen zuzenena, oinetakoak dendariari ematea. Jantzi marroia eta alkondara lazo batez saman daramaten atso efiziente horietako bat dateke. Perlazko belarritakoekin. Edo soineko fina daramaten luze horietako bat. Dendaria gaztea balitz, urduri jar liteke eta nagusiari deitu. Nagusiek estu hartzen dituzte arauak. Arauetan finkatuta daude. Poliziari dei liezaiokete.

Sulliek ez zuen sekula ezer lapurtu. Pentsatzeak ere bihotza bizkortu eta belaunak ahulerazten zizkion. Ez zuen adorerik irakasleei, dendariei, poliziei edo nagusiei aurre egiteko, eta orain ere, beldurra barreneraino hondoratzen zitzaion.

Aurkitu zituen lekuan utzi zituen berriro. Eguna lasaia zen. Lasaiak arratsaldeko lehen orduak. Trafikoa urritu egiten zen. Altxagarri gorri eta urreztatuak bizigabe zeuden. Egun egokia ibili baterako.

Kreosta eta metal olioztatuaren usaina zerizkien trenbide trabesetatik iragan zen. Liliak zireneko belar zuri urriez eta bestelako belarrez beteriko soilunean zehar jo zuen. Etxe sailaren atzean aintzira bat eta zumar urri batzu zeuden. Usoak entzuten zituen goizaldean sukaldetik eta orain irrikitzen zegoen ura eta bertan zeru urdina etzanda begiratzeko.

Ahate bi igerian ari ziren. Kolore biziduneko arrak plantak egiten ziharduen. Buruari eragiten zion, lumak harrotzen eta hanka laranjekin palastaka zebilen. Enoratu egiten zitzaion emea, urpean murgiltzen zen atzekaldea agirian. Hondoratzen eta azaleratzen. Hegazkin bat iragan zen gainetik eta Sulliek haren argia hauteman zuen uretan.

Kapela iluna zuenmakuludun agureak. Zamarra astuna zeraman negua bailitzan eta artean urte oro aldaketaz, eguzkiaren beroaz eta zumar urrien orri berde eta haustuez konturatuko ez balitz bezala. Andere bat kolunpioan eseri zen, bere haur biak elkarri bultzaka zebiltzala. Ahateei begiratu zien andereak. Arpegiera aspertua eta hutsala zuen, haur tipiak dituen amaren irudia. Sullierekin mintzatuko zatekeen argalagoa eta bestelako itxura bat izan balu. Frakak eta loredun brusa jantzi balitu. Andereak norbaitekin hitzegin gogo zuen. Agurea agurtu zuen.

Itzuleran abiatu zenean tren bat iragan zain egon behar izan zuen Sulliek. Bidaztien trena zen, eta oinaztuaren pare iragan ziren leihoetako aurpegiak. Agur egin zion mutiko batek eskuaz. Gurpilek mailukotsa zegiten, metala metalaren kontra jotzean. Gizon eta andere bikote bat zutunik plataforman, ilea eta aurpegiak haizetara. Gizonezkoak gerri ingurutik heltzen zion andereari. Soinuek durrundatu zuten Sullie belarrietan, oin azpiko lurrak ikara eta dardar jarri ziren, eta gero trena tipiagotu egin zen urruntasunean, geroz eta arinago, eta bideari ekin zion trenbidea iragan eta larreko belarretan zehar, berotasun eta zimentotatik lekora janari dendetako usainaren freskuran sartzeko. Freskura. Banana usaina, xaboi lurrina. Arraultza kartoiak apalategian, kanela koloreko arraultzak, euren neurri betean, obalantzekoak, eta haragi gorriei zerien usainarekin.

-Zenbatetan? -galdegin zuen behiki xehatua seinalatuz.

Kapela zuria zeraman gizonak keinu bat egin zion salneurria jartzen zuenmarkaren aldera. Sulliek libra bat eskatu zuen eta besteak palaz hartu, harategiko paper zurian bildu eta 0,31 idatzi zion gainekaldean lapitz beltzez.

Sulliek kalera jo zuen, geldiro, poltsa handia eskuen artean, aurpegia zorroaren alde batetik espaloiko koxka eta zuloei begira. Esnea, irin paketetxo bat, arraultza dozena erdia, sagar bat Donnarentzat, patata bi zeramatzan. Boltsan kanela ontzi tipi bat ere bazeraman. Andere geldoek oskol marroi okerrak zeramatzaten saskietan irletarako, lurralde arrotzetarako, gozoki gorria zeukan ontzi urreztatu eta berdea. Metalezko kutxa andere haien jantzietako koloretakoa zen, urdin-berdea eta eguzkiaren kolorekoa.

Pudding ogia egingo zuen Sulliek eta apartamentua irletako eta Mexikoko usainez beteko, lurralde berotsu eta saminetako usainez, jendea kolore biziko jantziz dantzan aldakei eraginez, berak imaginatzen zueneko bederen.

Sullie heltzean beste usain bat zegoen apartamentuan, Donnaren ezpainlapitzaren ezko eta lurrinaren usaina. Masaila eta ezpain gorrituek irudi gazteagoa ematen zioten, neskaren asmoaren kontra. Ezpain gorri bizien aldean xaloak ziren begi ilu handiak. Ezpainlapitzak azala zurbiltzen zion. Masail gorriskak eta ezpain pintatuek ahulune guztiak nabarmentzen zizkioten, soiltasunak normalean indarra emango balio bezala, adieraziaren kontzientzia, mugimenduaren baldarra eta sorbaldaren bihurgune iluna ezkutatu balitu bezala. Begiratua apartatzen zuenjendeak hitzegiten zuenean eta ez zuen Sullieren begietara so egin paperezko zorro marroiarekin han zutunik zegoen artean. Sullie geldirik egon zen une batez, janariak mahai gainean imini aurretik.

-Horixe -esan zion-. Ez gehiagorik ez gutiagorik. Horixe -besterik ez.

Katua haurraren altzoan zegoen lotan. Atzaparrak uzkurtzen zituen arian-arian. Bere baitan, transmisio jarioaren usainaz bestaldera, gustoko zerbaitekin ari zen ametsetan katua. Esnegaina agian. Edo euli berde tzar disdiratsuen zelatan egotearekin.

-Jauna,Jauna -esan zuen erdi hasperenka Sulliek-, zelako gauzak ibiltzen ditugun buruan. Denok burua itxaropenez betetzen. Dolarestra edo lanpostu on baten begira beti. Aurpegiera horiek jartzen. Katuak berak ere bai.

Eta katua hantxe zegoen, eroso asko Meers anderea berataz nola libratu asmatzen zebilen artean. Animaliarik ez. Amets eta esperantza guztiak, eta kanpoan arauak eta legeak besterik ez. Are hilerrietan ere. Are pintura eta igandeetako bazkari benedikatu moduko usaina zerioten etxe handietan ere. Are atean noiz alde egin behar duzun esaten duen zeinua duten moteleko geletan ere. Egin eta egin beharrez beteriko biblia. Nagusia zu sartzean fitxatzen. Argi gorriak. Eta hantxe ezpain gorridun neska bat, zeinen begiek ez bait dituzte zureak biltzen eta burua gauza politez eta bakardadetik ordu guti batzutan atereaz maite izango zukeen gizonez beterik bait dauka. Burua perlez, zetazko soinekoz, ile disdiratsuz beterik. «Eveningin Paris» lurrina ontzi urdin politaz. Gauza guztiok han barnean inguruka hegaz, beleak bidean eroritako zerbaiten gainetik jiraka bezala.

Isilik zegoen Sullie janariak ateratzen. Oinetakoak erantzi eta linoleo gris gainean jarri zen, hankak lurraren kontra, animalien moduko soinu leuna eginez. Pospolu bat biztu zuen estufan, sufrearen hatsa, eta gero gasarena labe iluneko zulo tipiari heltzen zion artean. Batbatean, sua biztearekin batera, erretzearen soinua hedatu zen, kutxa tankerako labe irekiaren suarena. Haragi-bilguak prestatu behar zituen. Donnak, katua eskuetan, marmol beltzeko irudiak marrazten zituen hatzez mahai ondoan.

-Tximino bat da.

-Hitz egiten al du?

-Esaten du bota egin zaituztela gaurko lan husteagatik.

Sulliek tenedorea utzi zuen.

-Nork dio hori?

-Meers andereak esan diola dio tximinoak.

-Gezurra esaten dinate tximinoek. Gainera, zertan ari da ile sustrai beltzak dituzten andereen inguruan bueltaka?

-Telebisioaz entzun al duzu ezer? Berria da. Irratia bezalakoa, irudietan baina. Eta filme baten bezala mugitzen dira.

Jota zegoen haren magiaz eta liluraz. Begiak goibeldu zitzaizkion.

-Bat ikusi dut.

-Eta zelan hartzen dituzte irudiak?

-Aidetik datoz.

-Irudiak? Aidean daudela esan nahi dun?

-Hemen ere bai, eta botoi bat sakatu ahal bageneza agertuko lirateke. Bai, agertuko lirateke.

Eta Donnak apartamentua jendez beteta ikusten zuen, gizonak eta andereak, animaliak, leku berriak, dena bere inguruan, munduaren gainekoa irudi zuri-beltzetan.

-Baliteke. Denean pentsatzen dinate, ezta? Washingtonen Eisenhower zaharrarekin jarri eta denean pentsatzen dinate.

Sulliek hitz egiten zuen artean xaboia igurtzi eta bitsak gora egiten zuen harrian. Irri egin zion Donnari. Eskuak xukatu zituen.

-Eseri hadi. Egon hadi hor.

Sofa aldera hurbildu zen.

-Ezhadi mugitu.

Donnak mahaian zirauen ama makurtu, eta sofa azpian oinetakoen bila hasi zen artean. Donnaren eskuak estutu egin ziren.

-Haurra -esan zuen Sulliek altxatzean-. Ez zekinat nondik etorri diren baina hire neurrikoak edo ditun.

Donna geldirik zegoen. Ileansabaiko argiazuen gainetik, eta lanpara tipiak bere ingurunea bizten zion atzetik, su tipi batek edo pospolu batek eginen ziokeen legez. Aurpegiera leunak aditzera gozoa zuen, are ezpain gorriekin ere.

-Aurkitu egin ditinat. Hartu, jantzitzan.

Donna altxatu eta kulunkatu egin zen, Sullieri eta gero aulkiari oratuta. Oin tipia jarri zuen oinetako batean, gero bestea. Lehen baino luzeagoa eta argalagoa zirudien. Indarge ematen zuen. Zango giharrak finkatu egin ziren. Ekilibrioak zegitzan.

Armariora hurbildu eta atea zabaldu zuen Sulliek ispiluak bere irudia erakuts ziezaion.

-Begira -esan zuen ia arnasgabetuta-. Begira. Polita haiz.

Donnak goitik-behera begiratu zion bere irudiari. Ispiluaren barrenari begiratu zion aidean hegaz zebiltzan gizonezkoen irudi mugikorrak edo telebisioan «Halo» xanpua saltzen zuten andereak ikustearren. Haien ahotsak entzuten zituen. Txarol beltzezko oinetakoei begiratu zien. Oin bat altxatu eta zangoaren atzekaldea igurtzi zuen zapatarekin. Zutunik egon zen, ispilu aurrean jiraka. Larruazal hezea ikusten zitzaion, umearena bezalakoa, epeltasun eta poro gabetasunean.

Zutunik zegoen Sullie bera ere, ortuzik, kulunkan. Ama ikus zezakeen Donnak ispiluaren hondoan, andere xume eta iluna, bere atzean urruntasunean zutunik, mototsa bildua, ortuzik, astunkera aide hartan zegoeneko maneran, non sukalde zuri guztiek flotatzen bait zuten, non almidoidun andere horail guztiak noraezean bait zebiltzan, fantasmak bailiren. Aurreratu egin zen Sullie ispiluan osoago bilakatzeraino, neska zurbilaren ondoan bere iluna itzal miresgarria balitz bezala, eskua neskaren sorbalda estuan jarririketa, esan zion:

-Polita, polita haiz gero.