Zaindaritza zorrotza - Lau orduz Xatilan
Zaindaritza zorrotza - Lau orduz Xatilan
Jean Genet
itzulpena: Mikel Antza
1991, antzerkia - kronika
92 orrialde
84-86766-35-4
azala: Joxean Muņoz
Jean Genet
1910-1986
 
Zaindaritza zorrotza - Lau orduz Xatilan
Jean Genet
itzulpena: Mikel Antza
1991, antzerkia - kronika
92 orrialde
84-86766-35-4
aurkibidea

Aurkibidea

Atarikoa, Iñigo Aranbarri

Lau orduz Xatila-n

Zaindaritza zorrotza

 

 

Atarikoa

 

Gurean Mirandek Haur Besoetakoa argitara eman zuenerako mutu zegoen Geneten makina. Idazteak ez du merezi. Onenak eman dituenak onena ere pisu. 1970a da eta egundo etxerik izan ez duenaren atean jotzen dute. Ameriketatik datoz. Black Panthers Party-koak direla eta laguntza bila datozela, ea zerbait egin dezakeen Boby Seale-ren alde. Barruan dago. Beste hamabirekin. Almazen handi batzuetan lehergailuak jarri nahi zituztela diola poliziak. Batenbat hil ornen zuen Sealek Connecticut-en. Azal zuhailekoa. Eta gainean dela epaiketa. Ematen ez zaion bisaturik gabe sartzen da Estatu Batuetan. Arnegariak garbi hitzegiten du, baina ez zuri: «Ni ez naiz iraultzailea, matxinatua baizik. Ez nator hona nitaz hitzegitera, ia desagertzekotan diren Black Panthers-ei buruz nahi dut mintzatu. Beltz jaiotzea aukera politikoa da dagoeneko; Black Panthersentzat izatearen muin-muina da». Hitzaldi bakoitzaren amaieran bere lan bat jokatzen da, «Negroak» gehienetan, berak hala aginduta beltzak baino ez antzeztua.

        Bitartean behin eta berriro taularatzen dira bere lanak: «Neskameak», «Bionboak», «Zaindaritza zorrotza», «Balkoia», «Negroak»... Baina munduak ez du ertzik, eta Genetek arreaz maite du. Palestinan da urteak azkenak ematerako. Bi urtez egongo da bertan, kanpamendu batetik bestera, Al-Fatah-k gonbidatu eta Arafat-ek emandako salbokonduktoei esker. Arabieraz mintzo da, Marokkoko dialektoan galdetzen du, erbestearen leku guztiez du ardura. Aspalditik hasia zuen «Katibu amorosa»ri ekiten dio berriro. Ez da lehen aldia inguruetan dagoena, Siria legioan zegoela ezagutu zuen, desertatu aurretik.

        Ameriketan eta Parisen ibili ostean Beiruten da 82an. Urteak dira ez duela ez poemarik, ez nobelarik, ez antzeslan berririk argitaratzen: Gaitz zaio ezein fikziobide. Israeleko armada Beiruten sartzen ikusten du. Ondorengo hiru gauetan gertatzen da Sabra eta Xatilako kanpamenduetako sarraskia. Soldaduek aldegin orduko heltzen da Xatilara, eta tximista batek jota bezala, idaztea erabakitzen du. Odolak ez dio begirik ardaitu. Idatzi beharra dago. Idatziko duela ikusia erantzuten dio Xatila irteeran geldiarazi duen ofiziale libaniarrari. Idazlea isilik egoteak zuritzen du, mututasunak bihurtzen du europearra falangista.

        «Lau orduz Xatilan» presaka batean izkribatzen du, abenduaren 23rako «Libération» egunkariak zatirik ederrenak argitaratu zituen gabonetako opari gisa. Osoki hurrengo urtean eman zuen «Revue d'études Palestiniennes»ek. «Katibu amorosa»ren doiak zaizkio ezagun: atalka kontatua, etenik gabeko musikalitatea, filme baten kontuaz muntatua izana. Eta bere obra guziaren herdoila: edertasuna. Indarraren ederra. Lau haizetara zabaldu ohi duen maitasunaren hitza. Irudi hutsak hordi ez dezan ahaleginduz, erakusten duen bezala ezkutatzen bait du irudiak bere eder-itsusia.

        Egun horiez harago Pariseko hoteletako gelak baino ez. Fassbinderrek bere «Bresteko Querelle»z egindako filmea aurkezten du Veneziako zinemaldian. «Katibu amorosa»ren erredakzioan erabat murgildurik jotzen du Erdi-Ekialdera, oroitzapenak ganibet gerta dakizkion, eta honela Xatilan da berriro 84ko irailean. 85ean lehen ukatu antzeslan bati eusten dio: «Zaindaritza zorrotza», begiratu batera orain asago zaion mundu baten zantzuak dakartzanak: Presoak, sozialak, baina preso. Eta bere kartzelaldiak. Sartre eta Cocteauk Errepublikako presidenteari indultoa eskatu ziotenekoa. Baina batez ere filosoforik eta artistarik gabekoak datozkio hatz muturretara. «Lapurraren Egunkaria»ren usaina du, «Galera» edota «Heriotzera kondenatua» poemen zenbait atalena. Garai horretakoa du lehen bertsioa,1944an ama¡tu bait zuen, 47rarte argitaratu ez bazen ere, «Presentziak» izenez «Le Nef» aldizkarian. Lehen emanaldia bi urte beranduago izan zen. Zuzendari bera izateko zen arren Jean Marchat-i utzi zion aginte makila. Kritika zorrotzak jaso zituen obrak. 1966an zinerako moldaketa bat egin zuen Vic Marrow-ek, Nevada State Prison-en filmatu zen, eta aktoreak 1959ko emanaldiko berberak izan ziren. 1965ean bigarren bertsio zuzendu bat argitaratu zuen Genetek. Obrari egin zion azken moldaketatik dago hartua Mikel Antzak itzuli eta hemen ematen den testua. Behin betirako bertsio hau 1985ean idatzi zuen, Michel Dumoulin-ek kudeatu behar zuen telebistako antzespenerako.

        Marokkon ematen ditu bere bizitzako azken hilabeteak. Parisa itzulirik, 86ko apirilaren 14ko gauean hil zen, izen ingelesdun bi izarreko hotel batean. Mesanotxean «Katibu amorosa»ren eskuizkribua eta inprenta frogak, zuzenketak amaitu gabe. Bere nahia betez, Marokkon ehortzi zuten, Larachen, bere lagun Mohamed Choukri eskola maisu zen herrian, Tangerretik larogei kilometrotara eta itsasoari begira. Harri bat buru parean, oinetan bestea, legionario espainol bana du alde bakoitzean.

 

Iñigo Aranbarri