Beti Galizan
Beti Galizan
Alfonso R. Castelao
itzulpena: Bego Montorio
1986, saiakera
174 orrialde
398-8693-4
azala: Joxean Muñoz
Alfonso R. Castelao
1886-1950
 
1986, narratiba
1986, narratiba
1986, narratiba
Beti Galizan
Alfonso R. Castelao
itzulpena: Bego Montorio
1986, saiakera
174 orrialde
398-8693-4
aurkibidea
 

Hizkuntz aniztasuna

Bagoaz aldapan behera, Buenos Aires-erantz, eta untzian idatzitako guztia, bidai orduak kontsumitzeko bilatu nuen atseginetako bat dela onartzen dut. Orain filosofatzeko gogoz nago, oraintxe berriketa bat izan bait dut giza ugaritasuna ulertzeko gauza ez zen kosmopolita grabe batekin; nahiz eta bera munduko bazter guztietan dagoen ergel talde txiki batetako partaidea izan.

      Gizona animalien gainetik dagoela diote erremintak eta tresnak egiten dituelako (uste dut Carlyle-k esan zuela). Gizonak beraz aurreratu egiten du eta animaliek ez. Gaur eguneko asto bat adibidez, orain mila urtetako asto bat bezalaxekoa da eta bere oinordeko guztiak bera bezain asto izango dira. Gaurko gizon batek ostera, bere aitonek egiten ez zituzten gauzak egiten ditu. Ikusi al duzue inoiz hegan egiten hegalik gabeko animaliarik? Hara ba, gizonak hegazkina asmatu zuen eta inongo txoririk baino hobe egiten du hegan. Guzti honek esan nahi du gure intelijentziak miseria igualitariotik ateratzen gaituela eta perfekziorantz goazela guk geuk asmaturiko bideetatik. Pentsatzeko askatasunari esker ez gara inoiz etsiturik geldituko jainkoak izatera heldu arte.

      Erle eta txinaurrien antolaketa guztiz egokia litzateke izpiriturik ez duten zenbait gizonentzat eskala zoologikotik jeistea zerura igotea baino nahiago dutenak, tresnen bidez edo imajinazio soilaz. Zoriontsu izan nahi dute eta hortik datorkie erle eta txinaurrien bizitzara itzultzeko nahia.

      Horri dagokionez Paradisuaren drama gogora eta intenpreta dezakegu. Sugeak jainko izatea gomendatu zigun eta itxuragabeko anima kaotiko eta multitudinarioan bizitzea ez onartzea. Mito biblikoaren arabera (ez dezagun ahantz Ekialdetik zetorrela, hots, etsipen guztien aberria) gomendio txarra eman zigun sugeak; baina, intelijentzia eta askatasunetik ate datozkio gizonari bere zoritxarrak? Ez dakit animaliak gainditzeko nahia ezeztatuz zoriontsu izatera hel gintezkeen; baina inoiz ez jainkotasuna gehiago merezitzera. Kontua da gizonak -animalia izan nahi ez zuelako Paradisutik jaurtikia- bideak zabaldu zituela, kultura eta zibilizazioak sortu zituen eta egun oraindik azken puntutik oso urrun dago. Babelgo Dorreko mitoan gaude oraindik, giza taldeak hizkuntza desberdinak hitz egiteari ekin eta elkarri ulertzen ez ziotenean. Jainkoaren zigortzat jo daiteke itxurazko zoritxar hau? Inolaz ere ez. Kultura, hizkuntza, bizimodu eta pentsamolde ugaritasuna, superazio gertaerak dira, eta ezartzen duten borrokagatik -batzutan odoltsua- Paradisutik urrunduz goaz. Erlijioek -Ekialdetik datozelarik- ezinezkoa lortu nahi dute: paradisura itzul gaitezela, bertan bakarrik dagoelako zoriona. Baina mendebaldeko batentzat zorion honek gizonak duen jainko aldeari uko egitea esan nahi du. Beraz, Paradisutik urruntzen segituko dugu guk, gure patuak ezartzen duen bezala, hizkuntza desberdinez mintzatuz, kultura desberdinduak sortuz eta gero eta zibilizazio hobeagoak burutuz. Ai, noiz sortuko da igoteko eta Jainkoarengana heltzeko indarrak emango dizkigun erlijioa!

      Nekazari errusiar batek honela esan zion Gorki-ri: «Txoriek bezala hegan egin nahi izan zenuten eta hegan egin zenuten; arrainak bezala igerian egin nahi izan zenuten eta igeri egin zenuten; baina oraindik ez duzue ikasi gizonak bizi diren bezala lurraren gainean bizitzen». Egia handia zioen nekazari horrek. Ikas dezagun beraz lurraren gainean bizitzen, gizonak bizi behar duen bezala; baina saia gaitezen gure giza handitasuna ez gutxitzen. Animalien eskalatik jeisten diren eta txinaurrien antolaketa soziala miresten duten horiek uko egiten diote giza handitasunari, gure goragoko intelijentzian oinarritua. Izan ginen lehoi eta txinaurri; baina gizon gara, eta zoritxar guztiak onartu behar ditugu, horiekin bukatuko dugulako segurantzaz. Eguna ailegatuko da «negarretako haran» hau gure jakintzaz bake hiri bihurtuko dena.

      Ideien burruka zintzo eta leialak bermatzen du aurrerapena. Batzuk desiratzen duten uniformetasuna heriotzaz bakarrik lor daiteke; eta zalantzarik ez dago «Liberté, Fraternité, Egalité» esaldiko terminoak antitetikoak direla, zeren askatasuna dagoen bitartean berdintasuna ekidingo duten burrukak egongo bait dira; baina aldi berean anaitasuna posiblea izango deneko perfekziorantzako igoera bermatzen dute.

      Kosmopoliten obsesio unibertsalista edo ergelkeria degradatua, beltzak desager daitezela nahi izatea bezain absurdoa da. Munduko konstituzio politiko guztiek esan zezaketen «Beltz izatea debekaturik dago», eta arraza horretako partaide guztiak hil litezke, baina berriro sortuko lirateke tropikoetako arragoan. Egin ezin daitekena, gaur egun, beltza zuri bihurtzea da. Eguzki bat besterik ez dago guztientzako; baina eguzki bakar horrek beltzak egiten ditu Afrikan eta ilegorriak Eskandinavian. Onar ditzagun beraz ezabatu ezin ditugun errealitateak eta errespeta ditzagun ezabatu ahal ditugun arren gure gizon izaera naturalak sortu zituenak. Eta errespetagarriena ugaritasuna da, bertan datzalako altxor amankomuna, Jainkoarenganako giza igoeraren jatorria burrukan datzan bezala.

      Mundutik ibiltzeko eta beste herrietako jendearekin elkar ulertzeko baliagarri ez zaionean bere hizkuntzari uko egiten dion jendea badago. Hau, izan ere, beharrezko zoritxarra da eta, beraz, ez dago arrazoirik gizon batek bere hizkuntzari edo berak ulertzen ez dituen hizkuntzei uko egin diezaien. Lurreko Paradisutik irten ginenetik kultura eta hizkuntza desberdintasunaren menpe gelditu ginen, naturaren legeaz. Animaliak bezala bizi ginelako zoriontsuak ginenean «gure espeziearen himnoa» besterik ez genuen kantatzen -gure behar murriztu eta aldagaitzetarako mintzaira gisa balio zigun orroea- (Askotan esan dut animalia gixajoak oraindik hizkuntza unibertsalaren mailan daudela).

      Hizkuntza bat ez da gizonen borondatez sortzen, beren aurrerapenaren beharrez baizik, eta ez da geldi geratzen nahiz eta herriko legeek horrela agindu eta hura finkatzeko Akademiak sortu. Hizkuntzen bilakaera ezinbestekoa da eta politikak herri baten garapen linguistikoa oztopatu edo bortxatu besterik ezin dezake egin, beti ere herriaren ahalmen sortzailearen kaltetan. Hizkuntza bat indarkeriaz ezar daiteke eta inperio bat eskuratu; baina zapaldutako hizkuntzak desagertzen ez diren bitartean inperio hori mutua izango da arte nahiz izpirituaren edozein sorkuntzarako, eta erabateko garaipenaren ondoren hizkuntza inperiala ustelkeriak jota geratzen da eta beraz heriotzak jota. Une honetan ustelduriko latin batez ari naiz idazten eta hizkuntza hau Gaztelan mintzatzen den beste latin ustel baten aurka defendatzen, duela lau mende baino gehiago Gaztelatik Estatu hizkuntza gisa hedatzen dena. Esan daiteke beraz latina usteldu eta hil egin zela. Ameriketan mintzatzen den gaztelera usteldu eta hilko den bezalaxe. Edonork ikus dezake Estatu Batuetako ingelesa ez dela Inglaterran mintzatzen den hizkuntza, eta denboraz ingeles batek eta amerikar batek ezin izango diote elkarri ulertu. Guzti hau egiazkoa eta ezinbestekoa da, eta gizon batek hizkuntza unibertsalaz hitz egiten duenean ez daki zertaz ari den.

      Hala ere, nazioarteko hizkuntza bat egotea desia dezakegu eta behar dugu, mundutik ibili eta herri guztietako jendearekin ulertu ahal izateko. Herri guztien arteko akordioz eskola guztietan nahi eta nahi ez ikasitako bigarren hizkuntza litzateke hau; baina -ondo uler bedi- hizkuntza lagungarria litzateke, ikasgai gisa ikasia. Gizonok naturaren legeaz eskuratu nahi dugu ondasun hau, hizkuntz aniztasunari uko egiten ez diogun bezalaxe. Ez genukeen batere lanik izango eskola garaian nazioarteko hizkuntza bat ikasteko, gurea, ama hizkuntza, ondo ezagutu ondoren. Guztion desio natural hau, hain zuzen ere, Estatu handietako inperialismo tematika bortxatzen du. Ez da zaila ulertzea nazioarteko hizkuntza ezarri ahal izateko dagoen oztopoa, munduko hejemonia kulturala lantzeko burrukan dauden lau edo bost hizkuntzen anbizioak sortzen duela, desio hori menperatze, hots, herri ahulen zapaltze nahiekin uztarturik dagoelarik.

      Galegoei esango diegu, ondorio gisa, hizkuntza aniztasuna dela eta nazioarteko hizkuntzara ailegatu ginela lehendabizi eta gu galegoz eta gazteleraz mintzatzen garen bezala (titian hartu genuen galegoa eta eskolan ezarri ziguten gaztelera) hobe genukeela gure hizkuntza ondo ikasi eta ondoren mundu osoan mintzatzen dena ikastea, horren bidez -kultura berdintasunean- gainantzeko espainolekin elkar ulertuko genukeelarik. Gaztelarrak horrela ez lirateke harro egongo gu baino hobe mintzatzen direlako... Guzti hau, jakina, lojikaren ildotik azaltzen dugu, arrazoituz separatismora ailegatzea ez dela zaila frogatzeko.