Beti Galizan
Beti Galizan
Alfonso R. Castelao
itzulpena: Bego Montorio
1986, saiakera
174 orrialde
398-8693-4
azala: Joxean Muñoz
Alfonso R. Castelao
1886-1950
 
1986, narratiba
1986, narratiba
1986, narratiba
Beti Galizan
Alfonso R. Castelao
itzulpena: Bego Montorio
1986, saiakera
174 orrialde
398-8693-4
aurkibidea
 

Espainiako lau herriak: Galiza, Gaztela, Euskadi eta Catalunya

Demagun Errepublika abstrakzioen zerutik segitzen duela hegaka, lurrean pausatu gabe, eta ez dugula benetako printzipio demokratikotan finkatzea lortzen. Demagun Espainiako interes moral eta materialen koordinazioa ez lortzeagatik, aintzinako kakomako lokalistak berpizten direla, betebeharrei uko egin eta pribilejioez gozatzeko, eskuzabaltasuna tontakeria eta bekoizkeria arau politiko bihurtuz. Demagun gerraren ondoren ez dela Konstituzioa berrikusteko asmoa sartzen, edo oraindik ere «Espainiako Historiarekin segitu» nahi dutenek garaitzen gaituztela gu federal espainolak. Demagun azkenik, exaltazio patrioteroaren haizeak arriskuan jartzen dituela indarrean dagoen Konstituzioak damaizkigun aukerak. Zein litzateke galego antifazisten eginbeharra? Hauetako edozein kasutan ere, uste dut galego bezala jokatu behar dugula, gure Herria aurkitzen deneko zerga eta ekonomia menpekotasunetik ateratzeko, gure herriaren bizimodua duintzeko eta gure martirien azken eskaria betetzeko.

      Galizak ezin ditu besteen hutsak ordaindu -baldin baleude-, ezin dakioke ezta ere beste herriei eman zitzaiena ukatu ez eta agiri guztiak eskutan erreklamatu duen eskubidea eztabaidatu. Estatu espainola eraikitzeko gure nahiek -guztiz espainolak eta errepublikarrak- porrot egiten duten egunean, irtenbide autonomista besterik ez litzaiguke geldituko gure Herriaren etorkizuna salbatzeko. Nazionalitate gisa Galizari dagozkion eskubideetatik, oraingo Konstituzioak ezartzen dituen mugetaraino bakarrik eman ahal izango genituzke. Erizpide honekin ezker errepublikarrek proposatzen duten jarrera minimalistan ginateke, hots, indarrean dagoen Konstituzioaren eta Galizak Gorte hauetan aurkeztu zuen Autonomi Estatutuaren errespetoan.

      1931ko apirilaren 14ean monarkia hondoratu zen eta herriak jaiez eta festez ospatu zuen errege zitalaren ihesa; baina Errepublika ez zen egun hartan heldu, ezin bait dakioke izen hau eman ez eta militar monarkikoak kontrolatzen ere jakin ez zuen errejimenari. Herri espainola trintxeretatik garaile itzultzen den egunean etorriko da errepublika. Eta orduan, posiblea izango al da errejimen honekin jarraitzea? sublimea izanik ingrabidoa, aplikaezina izanik inutila, liburuetako zientzia besterik ikasi ez zuten hizlari eta juristen lan eta kumea. Ez al da lojikoagoa pentsatzea Espainiako antifazistek Errepublika eredu berria emango diotela munduari, herriaren beraren erraietan sustraiturikoa? Gure jarrera federalaren garaipenean sinisten dugu, separatistas deitzen ziguten eskuma separadora haiek ez dutelako dagoeneko ez hitz ez boturik; baina, badaezpada ere, beharrezkoa da Galizako ikur autonomista menperaezina izatea, gure nahien azken aterbea izango delako.

      Sistema unitario eta zentralistarekin -liberala nahiz despotikoa, monarkiko nahiz errepublikarra- mixeria, gose, zor eta gainontzeko aje orokorren banaketan parte bat izango dugu beti; baina babes publikotik kanpo segituko dugu eta ez zaizkigu Lege bakarraren onura eta opariak helduko, arazo galegoak, politikoen hitzetan «interes orokorrekoak» diren arazo handi horietatik kanpo gelditzen bait dira. Adibide gisa ikusi zenbat kostatzen zaizkigun Galizan aplika ezin daitekeen Nekazal Erreforma bat, gure Herrian egiten ez diren lan Hidraulikoak, gure herrian kokaturik ez dauden industriak babesteko aranzela, etab. Eta zerga hauek jasateko legezkoa da konpensazioak ematea; baina hala ere ez genituzke gure arazoak konponduko legegintzarako autonomiarik gabe eta irabazteko borondate trinkoan finkaturiko erredenzio nahi berberak batzen ez bagaitu.

      Jakin badakigu galegoek, indibidualki, mixeriatik erredimitzeko indarra badutela -intelijentzia, lana eta perseberantziaren bidez-, munduko klima guztietan burrukatzen eta irabazten dakiten bezalaxe; baina egia da neurri berean gure berriak ez duela zentzu kolektiborik dagozkion eskubideak galdatzeko. Zer gertatu zen Galizan kalitate indibidualak kalitate kolektiboekin bat etor ez daitezen? Zer gertatu zen galegoak -indibidualki ausartak- menperatu eta abailduriko artalde bezala ager daitezen? Zer gertatu zen galegoek protestatu beharrean ixilean emigra dezaten? Galiza herri zaharra zen, zoritxarreko esperientziaz betea. Esperientzia hauek zuhur egin zuten. Ez zen alferrik esan Kixotea galegoa izan balitz ez zukeela bigarren irtenaldirik egingo; baina gutxitan esan zen kixotadak egin eta galenak hartzeaz nekaturik dagoela Galiza. Hara ba, hauxe diotzuet nik, gure herriak gerra bukatzean ezin duela aintzineko talde apal eta eskuzabala izaten segitu, gure martirien odolak mundu berriak sortuko dituelako, mundu zaharrak izan ziren bezain handiak. Berriz ere ausartak izango gara, eta gure Lur osoan zehar entzungo dira garaipen aturuxo-en oihartzunak. Suzko, burdinezko eta odolezko proba honetatik harrizko bihotzez eta pentsamendu birjinez irtengo gara izar berrirantz abiatzeko.

      Hala eta guztiz ere, ezabatu egin beharko dugu Espainiako girotik monarkiak utzitako patriotismo faltsua, gizon askoren burutan oraindik ere Isabel Katolikoa-ren memoriarako kultua mantentzen baita. Oraindik ere señorito zentralisten iraina astuna bait da autonomisten bizkar gainean. Ez al duzue gogoratzen? Batasun espainiarra ugaritasunaren gainekoa eta aintzindania zenik uste ez genuenok, zitalak ginen. Sistema uniformistak Espainiako hondamen material eta morala ekarri zuela uste genuenok faltsarioak ginen. Austria eta Borboi-tarrek hasitako bortxa asimilistari amore eman nahi ez genuenok asaldariak ginen. Sistema federalak Espainia handiaren boterea berpiztuko zuela pentsatzen genuenok traidoreak ginen. Errepublikako Konstituzioa onartzearren autonomia errejional hutsa eskatzen eta nazionalitateen borondatea Parlamentu zentralaren esanetara jartzen genuenok kriminalak ginen. Modu horretan, katalan, euskaldun eta galegook etengabe irainduak izan ginen, kafeetan, mitinetan, prentsan, katederetan, pulpitoetan... Irain eta kalumnia guzti horietatik giroan ezer gelditzen ez dela uste al duzue? Bada, nik aintzineko ulertezintasunaren aztarra argiak badaudela esaten dizuet, baina esaten dizuet halaber galego antifazisten elkartasun politikoak Pondal-en desio poetiko hura betetzeko hainakoa dela: «Breogan-en semeengandik etorriko zaio argia Iberia zaharkituari».

      Galizako mugimendu autonomista jarrera mimetiko hutsa zela esan zuten, katalanen kutsaduraren ondorioz sortua, gure nortasun desberdinduaren konzientzia izango ez bagenu bezala. Gure Herrian Autonomi Estatutuaren beharrik ez dela somatzen esan zuten, Monarkia edo Errepublikako gobernuak gure arazoetaz inoiz arduratu izan bailiran, ezagutzeko besterik ez bazen ere. Galegook geure burua gobernatzeko gauza ez ginela ere esan zuten, Espainia osoa askotan gobernatu izan ez bagenu bezala. Oraindik errepika daitezkeen gauza asko esan zituzten, uxatu eta ekidin behar ditugunak geure eta espainolen izpirituak aurreritzi ustelduez purifikatuz.