—4—
Luis Fernandezek bezala hautua altxatuen alde egin eta gobernu demokratikoaren aurka egin zuten gehienek egunerokotasunari ekin ahal izan zioten gerra amaitu eta hurrengo urteetan, itxurazko normaltasun bat berreskuratuz familiaren ondoan: lana, jana, etxea, bakea. Baina Luis Fernandezen garaian jaio, seguru asko berarekin behin baino gehiagotan plazan jolastu, herriko eskolan elkarren ondoan eseri, festetan besotik helduta batera dantza egin eta kantatu zuten beste askoren familiek berrogei urte baino gehiago itxaron behar izan zuten gerran gertatutakoaz hitz egin, senideen patuaz publikoki negar egin eta beren bertsioa eman ahal izateko.
Gatazken teoriko batzuek azpimarratu dute horrelako egoeretan denak direla etsai, kontrakoa demostratu arte.
Altsasu ez zen salbuespena izan. Lekukotasunetan antzematen da gerra piztu eta lehen hilabeteetan beldurra ezarri nahi izan zela bortizkeria erabiliz, erantzun oro galarazteko. Baina egin ziren hainbat gerra kontseiluren dokumentazioan nabaria da, lekuko zuzenek behin eta berriro salatutako indarkeria bat-bateko, isilpeko, bermerik gabeko eta eraginkorraren ondoan, egon zela beste errepresio antolatu eta arautua, helburu zehatz batzuekin. Hor ez zen egon lehen uneetan gertatu ohi den autoritate falta eta, beraz, hor ez dago argudiatzerik kontrolik jabeko sukarraldi igarokorra.
1937aren bukaeratik aurrera, euskal lurraldeetan gerra amaitu eta aginte militarra nagusitu zenean, epaiketa eta gerra kontseilu ugari egin ziren gobernu demokratikoa defenditu nahi izan zutenen aurka. Eta azken urteetan argira atera den dokumentazio jori horretan arakatuta, erraz antzeman daiteke hor ere errepikatzen direla herra politiko eta ideologiko zaharrak kitatzeko argudioak, gorroto eta etsaitasuna ongarritu zutenak, protagonismo handia hartu arte. Aldea da gerra piztu berritan lekukorik gabe eta justiziaren inolako bermerik gabe justiziatu zirela milaka lagun; matxinoen aginte militarra ahalguztidun bilakatu zenean, lekukoekin banatu zen zigorra.
1937ko abuztuan, adibidez, Errepublikaren alde borrokatu ondoren, Antonio Mujika Albisu Altsasura itzuli zen. Bi eguneko baimena zuen, lan behartuetan ari baitzen Zorrotzan (Bilbo). Herriko kaleetan ikusi bezain pronto, Aniceto Azpiroz Posturitas-ek, Anacleto Zelaiak, Domingo Larrazak eta Lorenzo Lahidalgak idazki bat sinatu zuten Mujika atxilotzeko eskatuz. Altsasuko komandante Nicanor Sarasibarrek idazkia Iruņera bidali zuen, herrian “asaldatzaile marxista arriskutsu bat” zebilela salatuz eta ez zeukala horretarako eskubiderik.
“Morroi hau, Komandantzia Militar honetan ditugun agirien arabera, militante sozialista da, jarrera gaiztoa dauka eta boluntario joan zen gorriengana Altxamendu Loriatsua hasi bezain pronto. Beraz, herri honek armada separatistari eman zion borrokalari ugarietako bat izan zen. Altsasu ‘Nafarroako lotsaizuna’ izan zen, Millan Astray jeneralak behin izendatu zuen bezala, eta armada gorriari 308 gizon eskaini zizkion Altxamendu Loriatsua hasi zenean. 308 gizon horien aurrean, zenbatek egin zuten bat gure Aberriaren armada askatzailearen lerroekin? Esku bateko behatzak nahikoak dira zenbatzeko”.
Eta bolondres gutxi horien artean zeudela Mujika atxilotzeko eskatzen zutenak, nabarmendu zuen Sarasibarrek. Horregatik eskatu zien goi mailako arduradunei debekua ezartzeko, behintzat gerrak iraun bitartean, “Espainiako etsaiak” etxera bisitan ez joateko.
Mujikari ez zioten herrira itzultzeko baimenik eman, eta gerra amaitu zenean, 1939an, epaiketa militarra egin zioten, eta bizitza guztirako espetxealdira zigortu zuten. 1943ko ekainaren 1ean, zigorra murriztu zioten, zazpi urteko kartzelaldia ezarriz.
Errepresioa hain izan zen gogorra, bat-batekoa eta, lekukoen testigantzei erreparatuz gero, hain ustekabekoa, autozentsura gogorra ezarri zuela herrietan geratu zirenengan. Urte asko pasa behar izan ziren hitz egiten hasteko. Eta 70eko hamarkadaren bukaeran, hitz egiten hasi ziren gehienek ez zekiten gertatutakoaren benetako dimentsioa.
Asko idatzi da eta asko ikertu da gerrak eragindako hildakoez, fusilatuez eta desagertuez. Gudak ez zuen asko iraun Euskal Herrian, urtebete inguru, baina haren historia erretirada baten historia izan zen: Irundik Santoņaraino. Tartean gertatutako eraso eta kontraerasoak, blokeoak, bonbardaketak, okupazioak, errazionamenduak, denak nahiko ondo dokumentatuta daude, zulo beltz batzuk oraindik badiren arren. Baina militarrek indarrak elkarrekin neurtzen zituzten bitartean, eta batez ere miliziek eta bolondresek eta kanpoko estatu faxistek emandako laguntzak balantza sublebatuen alde desorekatzen zuen bitartean, gizarte osoa beldurtu eta norbanakoen erantzun gaitasuna kamustu zuen errepresio isil eta oso eraginkorra antolatu zen. Hasieran militar matxinoek eta beren aldekoek antolatu ere; ondoren, diktadurak berak. Gutxienez, 70eko hamarkadara arte.
Errepresio isila eta eraginkorra, bai, gerra ekintzek sortutako espantuak berak baino gehiago iraun zuelako, eta gizartea otzantzea lortu zuelako. Muineraino sartu zelako, izua muineraino sartzen den moduan. Asko kostatu zelako beldurraren pisua gainetik kendu eta salatzen hastea. Ahoz ahoko transmisioa ere eten egin zuelako. Errepresio horrekin bizitzen ikasi zutelako gerra zuzenean ezagutu zutenek, haien seme-alabek, eta haien bilobek. Isiltasun luze-luze bat pausatu zelako, oraindik irauten duena, eta mantra bat bezala ezarri zuelako konbentzimendu bat: hobe ahaztea, zertarako gogoratzea?
Harik eta, frankismoaren amaierarekin batera, zirrikitu bat ikusi eta bizitakoari neurria hartzeko moduko testigantzak entzuten hasi ziren arte. (Neurria: gauzen tamainaz ohartzeko lagungarria den konbentzioa. Esaterako: noiztik aurrera hitz egin dezakegu basakeriaz? Zerk erabakitzen du zer den etsaien arteko borroka eta zer garbiketa ideologikoa? Zer kopururi buruz hitz egin behar dugu gerra zibilez hitz egiteari utzi eta genozidioaz hitz egiten hasteko?) Garbi dagoena da lekukotasunik gabe ez dagoela neurria hartzerik.
Nafarroan, Jose Maria Jimeno Jurio izan zen neurri zail hori jarri ahal izateko ezinbestekoak diren testigantzak biltzen hasi zen lehenetako bat. Edo, zuzenago esanda, lan horri sistematikoki eta helburu argi batekin ekin zion lehena. Apaiz ohia zen eta, beraz, ondo ezagutzen zuen elizak eta Nafarroa ofizialak zeukan boterea; irakasle konbentzitua zen eta, beraz, ondo ulertu zuen pedagogiak eta dibulgazioak zeukaten balioa; bokazioz etnografoa zen eta, horregatik, 70eko hamarkadan, Altsasuko Irakaskuntza Ertain eta Lan Institutuan egiten zuen lana ostiralean amaitu bezain pronto, koadernoa, boligrafoa eta magnetofonoa gainean hartuta, Nafarroako erdialdeko eta Erriberako herriak zeharkatzeari ekin zion.
Eta bokazioa etnografiarako zuenez, lehenik Nafarroako jai eta ohiturei buruz informazioa biltzen hasi zen, hala bere jaioterrian, Artaxoan, nola apaiz egondako Zangozako eta Altsasuko lagunen artean. Zortekoa izan zen, bi herri horietan oso bizi zegoelako errepresioaren oroitzapena. Horrek kontzientzia bat piztu zion eta errepresioaz galdezka itzuli zenean, asko lagundu zion. Lekuko paregabeak topatu zituen.
1970ean sotana betiko erantzi zuenean, ez zuen elizarekin harremana erabat eten, eta 1974an hainbat apaizek enkargua egin zioten ea Nafarroako fusilatuen zerrenda bat egiten lagunduko zuen. Proposamena eta ideia ez zen ezerezetik sortu, jakina. Lehenago ere izan ziren gisa horretako eskaerak. Baina Jimeno Juriok baldintzak betetzen zituen lana aurrera eramateko: konfiantza transmititzen zuen; Nafarroa oso ondo ezagutzen zuen; metodikoa eta ausarta zen. Lehenago osatutako zerrendetatik abiatu bazen ere, lanari jarraipena, koherentzia eta anbizioa eman zion inork ez bezala. Hurrengo urteetan, ia bakarrik eta ia klandestinitatean, udal eta eliz artxiboak husteari, biktimen pistari jarraitzeari eta, azkenik, lekuko zuzenak elkarrizketatzeari ekin zion. Lanean 1981era arte jardun zuen, eta 1977ko bukaeran hainbat herritan errepresaliatuen izenak ezagutzeko grina eta beharra nabarmentzen hasi zenean, Jimeno Juriok lan handia aurreratua zeukan. 1979an landa-lana eta artxibo bilketa amaitutzat eman zuenean, lau mila fitxa baino gehiago zituen sailkatuta eta mekanografiatuta. Orduak eta orduak grabatuta. Milaka ohar eskuz hartuta. Ehunka agiri fotokopiatuta.
Geroko historia ezaguna da: bildutakoa argira ateratzen hasi eta, inoiz joan ez balira bezala, atezuan baleude bezala, mamu zaharrak berpiztu ziren. Dokumentazioa argitaratzera ausartu zen Punto y Hora de Euskal Herria aldizkariak zuzenean pairatu zuen esku beltzaren zemaia: bonba bat leherrarazi zuten Iruņeko erredakzioan. Jimeno Juriok berak heriotza mehatxuak jaso zituen etxeko postontzian, eta horren ondorioz dokumentazio guztia Altaffaylla taldearen esku utzi zuen. Herriz herri jasotako ahozko ondare horrekin Navarra, de la esperanza al terror liburu aitzindaria taxutu zuen Tafallako taldeak, gerrak Nafarroan eragindako ondorioak ulertzeko lan kolektibo ezinbestekoa.
Baina Jimeno Juriok bildutako informazio gehiena —ahotsak, datuak, zertzeladak, izen ugari— karpeta eta kartoizko kutxetan bildutako orri mekanografiatuetan geratu zen gordea ezinbestez, eta gehiena oraindik ezezaguna da publiko ororentzat, hain da zabala testigantzen corpusa. Fitxa gehienak Altaffaylla taldearen esku utzi zituen Jimeno Juriok eta, berriki, Roldan Jimeno historialariak aitaren lanen bilduma sailean atondu eta sailkatu ditu, ikerlarien eskura jarriz.
Kutxa eta fitxa horietan pixka bat arakatu baino ez da egin behar antzemateko bilduma sekulako altxorra dela, informazio putzu oso sakona.
Azpimarratu behar da altxor hori ez dela gureganaino iritsi memoriaren alde erakunde publikoek egindako lanaren ondorioz, edo ikerlarien edo historialarien eginahalagatik, ezpada gizon txiki eta saiatu hark lekukoekin harremanetan jarri, interesa agertu, errespetua azaldu eta galdetu zielako: “Eta zuek, nola gogoratzen duzue 36ko gerra?”.
Galdera hark ireki zuen oroitzapenen erreka.
Frankismoa ofizialki atzean utzi arren poro guztietatik naftalina, intsentsu eta gorrotoa jariatzen zuen gizarte hartan jaso ahal izan zuen Jimeno Juriok jaso zuen guztia. Errepresioari buruzko bilduma-lan sakon eta interesgarri horrek ahozkotasuna du oinarri, oroimena, bat-batekotasuna. Informatzaile haietako bakoitzak, norbere txandaren zain luzetsita egon izan ondoren, sukaldeko intimitatearen beroan azkenean oka egin ahal izan balu bezala. Dozenaka lagunek, gizonak eta emakumeak, helduak eta zaharrak, gogoan gordeta zituzten lagun, senide, seme-alaba eta gurasoen izenak ahora ekarri eta herrian gertatutakoa, etxean entzundakoa, ikusitako bortizkeriaren lekukotza eman zuten. Eta borborka botatako oroitzapenek sortu zuten hariari esker, historialariek mihise beltz eta odol kolorekoa zirriborratu zuten. Oraindik gaur egun ņabardura eta hari berriak jostea merezi eta behar duena, katarsiaren ondoren geratzen dena ez delako testu orraztuak edo finduak, hitz-olde etengabea baizik, nahasia askotan, batzuetan are kontrajarria ere.
Eta, harrigarria bada ere, testuinguru orokorra behin baino gehiagotan azaldu bada ere, esan zuten hura, esan zuten bezala, esan zuten moduan, oraindik gaur egun ezezaguna da.
Ordena eskatzen dute testigantza hauek, kontzerturik gabeko musika delako bestela.
Puzzle baten piezak dira.
Esaterako, Martin Somocurcioren eta Alfonso Chicharroren heriotzari buruzkoak.
* * *
Nicolas Mendiaren lekukotasuna,
Altsasun, 1978ko otsailaren 18an
“Aniceto Azpiroz Posturitas eta hauek hor ibiltzen ziren, jendea garbitzen. Gu preso erori ginenean, Santoņan hitzarmena egina zen italiarrekin. Handik astebetera, italiarrekin egon ondoren, espainiarren esku geratu ginen, eta San Frantziskoko elizan sartu gintuzten; beste batzuk, beste nonbait. Eta plazan txarrantxaz inguratuta egon ondoren, horrela geundelako, aterpera eraman gintuzten, barrakoietara. Egun batez han azaldu ziren Pablo eta Posturitas. Hango elizan beharbada 2.000 egongo ginen, baratzea eta dena beteta. Bat-batean, formazioan jartzera behartzen gintuzten, hirunaka, eta matoiak azaltzen ziren gu ikustera. Eta pasatzen ginen haien ondotik. Egun batez, formatzera behartu gintuzten, eta bi horiek han. Esan nuen: ‘Joder! Horiek berriro!’. Altsasuko asko ginen han. Pistola handi batzuekin pasatzen ziren. Altsasuko batengana iristen zirenean, begira geratzen zitzaizkigun. Ez zuten inor atera. Ilara hura aztertu, bi urrats aurrera egin, eta gero atzeko lerroa aztertzen hasten ziren. Eta gero hurrengoa. Elizatik ez zuten inor atera. Gero handik Santoņara joan ziren, Laredotik Santoņara ez dago ezer, eta Santoņan Somocurcio, Chicharro eta horiek atera zituzten.
Joaquin Arregiren lekukotasuna,
1978
“Nire anaia Santanderreko ospitale batean zen, eta eskatu zidan gestioak egiteko, herrira eraman ahal izateko, etxean hil nahi zuelako. Gestioak egin ondoren, eta denbora genuenez, trena berandu ateratzen zelako, han ibili ginen pixka bat. Eta baten batek esan zidan Altsasuko hainbat lagun Norteko estazioan zeudela, eta joan egin ginen. Hala da, han zeuden. Haien artean, nire lagun min bat, aitaginarrebakidea. Han hizketan ari ginela, Altsasuko bi agertu ziren, Pablo Arellano delako bat eta, bestea, Posturitas. Horiek ziren Alfonso Chicharro, Martin Somocurcio eta herriko besteren bat hil zutenak. Orain hil da horietako bat”.
Oiarbideren andrearen lekukotasuna,
1977ko irailaren 7an
“Amillano Altsasukoa, gaiztoa! Ez dakit Altsasun jaioa edo Erriberan jaioa den. Nolanahi ere, oso gaiztoa. Eta Aniceto Azpiroz hori eajkoa omen zen lehenago. Eta ondoren matoia, baina gaiztoa bera bezalakoa. Nire etxe ondoko beste bat dago hura ere gaiztoa. Falangeko sarjentua, horrek ere min handia egin du”.
Lekuko ezezagunak
“Martin Somocurcio, 1901eko abenduaren 24an Altsasun jaioa. Aita bizkaitarra zuen, Urduņakoa. Ama, Altsasukoa. Ezkondua, Olaztiko Cementosen lan egiten zuen. Etxean gelditu zen [gerra lehertu zenean], baina abisua eman zioten hemen geratuz gero garbitu egingo zutela, eta alde egin zuen. Santanderren harrapatu zutenean, Duesoko presondegian zegoen”.
“Santanderren epaitu zuten eta fusilatu zuten han bertan, bera eta Alfonso Chicharro, egun berean. Santoņan, Santanderren, 1937ko azaroan”.
“Barandallak eta Etxarriko Jauregi izeneko batek ilea moztu zieten Altsasuko emakume ezkertiarrei. Posturitas-ek ere bai, eta Pablo Amillanok”.
Oiarbideren andrearen lekukotasuna,
1977
“Teresa Etxeberriak behin baino gehiagotan kontatu dio gure amari, nola fusilatu zioten senarra, Martin Somocurcio. Hauteskundeetan ezkerrari eman zion botoa, eta taberna batera joan omen zen eta txikitoa eskatu zuen, eta ez zioten atera nahi izan. Hori kontatu zion emazteari. Afaltzen ari zela bere bila joan ziren, eta hanka egitea erabaki zuen, eta Gipuzkoara joan zen. Santanderren harrapatu zuten preso, eta Burgosen fusilatu zuten. Fernando Pooko etxekoa ere bai, Gabilondo. Eta baten batek eskatu zuenez Teresari buruzko informazioa, Teresa hasi zen sinadurak biltzen herrian, eta bakarrik Aristorenarena falta omen zitzaion, eta hara joan zenean, hark sinatzaileen zerrenda hautsi zion muturraren aurrean. Aristorena haien kontrakoa zen, nola sinatuko zion? Paper guztiak hautsi zizkion”.
Joaquin Arregiren lekukotasuna,
1977
“Etxeberriatarrak Osasunaren iturrian bizi ziren, aurrerago dagoen etxe abandonatu batean. Cristobal Etxeberria aita etxean zen, eta hiru semeek eta suhiak, Martin Somocurcio, denek leihotik salto egin behar izan zuten Guardia Zibila haien bila joan zenean. Autoaren argiak etxerantz zuzentzen zituztela ikusi zutenean, esan zuten: ‘Hauek gure bila heldu dira’. Mendira hanka egin eta ez zituzten harrapatu; salto egin zutelako. Alzate teniente zen taldearen buru, eta Rufino Larrea, Aristorena eta horiek guztiak. Etxeberriatarrak ez ziren ezertan sartuak, oso katolikoak izan ziren beti. Cristobal Etxeberria eskuindarra zen, eta horregatik are herra handiagoa zioten.
Ni kalean nintzen Lucas Elizalderekin hizketan, denda aurrean. Berak hitz egin eta nik entzun. Martinek Cementosen lan egiten zuen, eta bizikleta gainean pasatu zen gure aurretik. Eta Elizaldek esan zidan: ‘Baina zertan ari duk koitadu hau hemen, zergatik geratuko huen hemen. Gaur gauean edo bihar faltarik gabe, hartu eta mendira eramango diate! Eta kito!’. Ileak laztu egin zitzaizkidan. Pentsatu nuen: gezurra ematen du. Jende ona zen. Eta nire alabarekin mandatua bidali nion, alde egiteko, bestela atzeman eta eramango zutela, entzun nuela bera bizikletarekin gure ondotik pasa zenean, eta berak ikusi ninduela norekin nengoen. Baina ez zidan sinetsi. ‘Zer egingo didate niri ba!’. Emazteren gurasoen etxean zegoela, Etxeberriarenean, leihotik salto egin eta alde egin behar izan zuen. Ez zidan sinetsi gau hartan bertan komandantziatik amaginarrebari deitu eta non zegoen galdetu zioten arte. ‘Ez dakit non dagoen; etxean, seguru’. ‘Eta hori nola gelditu da hemen? —galdetu zioten—. Hura ez da Espainiakoa; hura errusiarra da. Esaiozu alde egiteko, bestela bide bazterrean utziko dugu seko’. Emakumea negar batean itzuli zen etxera”.
Martin Somocurciok
familiari idatziko eskutitza,
1937
“Santoņa. 1937ko irailaren 29an. Emazte maitea, semeok. Poza hartuko dut lau lerro hauek jasotzen dituzunean, ondo baldin bazaudete. Ni ondo nago, jainkoari eskerrak. Honako hau bidaltzen dizuet adierazteko nire portaeraren inguruko agiria behar dudala, eta apaiz jaunak emango dizuela, edo udalak, edo Cementoseko lantegiko zuzendaritzak, beti ere Falange Espaņolaren oniritziarekin. Duesoko espetxeko zuzendariari igor iezaiozue, Santoņara. Besterik ez gaurkoz, zure senar honek agurtzen zaitu, goraintziak gurasoei eta musuak semeei eta gainerakoei. Arriba Espaņa. Arriba Franco. Viva Espaņa. Martin Somocurcio”.
Agustin Gonzalez parrokoak
Luis Lezauni idatzitako eskutitza,
1943
“Luis Lezaun parroko Jaun agurgarria, kide estimatu hori: Jaso ditut zure eskutitzak, baina ezin izan diet erantzunik eman, eta ez kasu honekin interesik ez dudalako, ezpada nire eginbehar ugariengatik, eta, baita ere, uste dudalako nire laguntza eskatzen duten senideek ez dutela ezer lortuko izaera pribatuko lerro hauetatik. Bestalde, senideen heriotza kristauari buruzko dokumenturen batek sor dezakeen kontsolamenduagatik baldin bada, gustu handiz egiten dut, bere garaian egin nuen bezala.
Diot, beraz, hala dela: 1937ko azaroan Santanderren apaiz nengoela, Lurraldeko Gizonen Espetxera joan ohi nintzela Borondatezko Kaperau gisa, nire ministerioari dagozkion zerbitzuak ematearren espetxeratutako hango gizajoei. Eta orduan ezagutu nituen beraz Martin Somocurcio eta Alfonso Chicharro izenekoak. Egia da ere ondo hiltzeko prestatzera ateratzen ari ziren unean, ez nirekin, jesulagun batekin baizik, galdetu niela ea senideei haien berri ematea nahi zuten, eta esan zidaten asko eskertuko zidatela, eta horrela lasaiago hilko zirela. Ondoren, konfesatu, meza entzun eta jauna hartu ondoren, exekutatuak izan ziren, esan nahi baita fusilatuak, diodan bezala.
Martin Somocurcioren eta Alfonso Chicharroren senideei eta orduko nire dizipulu Imazi bidali nire agurrak, nire agurrik beroenak. Agustin Gonzalez de la Fuente, Malagan, 1943ko otsailaren 10ean”.
Somocurcioren eta Chicharroren azken egunez galdetu eta hainbat lekukok Pablo Amillano aipatu zuten. Gure aitona, berriro ere.
Nafarroako Oroimen Historikoari Buruzko Dokumentazio Fondoan, Martin Somocurcioren eta Alfonso Chicharroren heriotzari buruzko hainbat dokumentu bildu dituzte. “Judizioz kanpoko erailketa” gisa sailkatuta dago dena, Santoņan 1937ko azaroaren 17an fusilatu baitzituzten bi borrokalariak. Biak ala biak San Roman de la Llanillako (Santander) Ciriegoko hilerrian omen daude lurperatuta, hango hilobi komunean. Datu hori Altsasu Memoria izeneko lan taldeak egindako ikerketan jasota dago.
Eusko Jaurlaritzaren Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora Institutuaren eta Arantzadi Zientzia Elkartearen artean bada hitzarmen bat, 36ko gerraren ondorioz desagertutako, fusilatutako eta atxilotutako pertsonak ikertzeko eskaera egiten dutenei laguntzeko. Hara idatzi nuenean, jaso nuen Somocurcio eta Chicharroren inguruko daturik, Eusko Gudarosteko 8 zenbakidun Rusia batailoiko Carlos Marx konpainian aritu zirelako biak, miliziano. Jaso nituen, esaterako, hamabostaldi bakoitzeko nominaren agiriak, eta baita 1937ko urriaren 11n Santoņako plazan egindako Presa Handiko 88/37 zenbakidun prozedura guztiz sumarioaren laburpen bat ere, zeinaren bidez heriotza zigorrera kondenatuak izan ziren “altxamendu militarrera batzeagatiko delitu” batengatik.
Baina insistitu nuen: epaiketa guztiz sumarioei buruzko informazio gehiago nahi nuen, zehazki Pablo Amillanoren esku hartzeari buruzko informazioa. Lekukoek esaten zuten bezala, Santoņan preso hartutakoen artean Somocurcio eta Chicharro ezagutu eta seinalatu bazituen, jakin nahi nuen ea aitonak parte hartu zuen bi borrokalari ezkertiarrak hormara bidali zituen epaiketan; lekuko izan ote zen. Propio salatzera joan ote zen. Bidaia egin ote zuen Altsasutik Santoņaraino, familia herrian utzita, tartean amona Jesusa eta Maria Angeles, Julia, Venancio, Fernando eta Gerardo osaba-izebak, zertara eta herriko bi gizonen kontra lekukotasun zuzena ematera. Aldameneko bi ezagun hormaren kontra jarriko zituen lekukotza emateko erabaki kontzientea hartu ote zuen aitonak, horixe jakin behar nuen.
Arantzadiko lankide atsegin batek idatziz erantzun zidan, eta telefonoz berretsi gero, horrelako informaziorik senideek bakarrik eska zezaketela, baina, nolanahi ere, Ferrolgo espediente militarrean ez zela Pablo Amillanoren testigantzaren arrastorik agertzen. “Batzuetan, izenak zabaltze hutsagatik zabaltzen dira herrietan, eta seguru asko zure aitonarena kasu hauetako bat izango da”, esan zidan.
Martin Somocurcioren eta Alfonso Chicharroren heriotzek bezala, Gregorio Zufiaurrerenak ere arrastoa utzi zuen altsasuarren gogo kolektiboan, besteak beste Marino Aierra apaizak No me avergoncé del Evangelio liburu sonatuan aipatu zituelako haren bizia salbatzeko ahaleginak eta fusilatzeak eragin zion desosegua. Eta arrastoa ez ezik zirrara ere eragin zuen Gregorio Zufiaurreren alaba txikia, Dori, aitaren azken egunen lekuko zuzena izan zelako. Ezpainetako barra xume baten irudiak, bortxaz hildako gizaseme baten patrikan, asko iraun dezakeelako, iraun ere, denboran eta gogoan.
Arrebaren lekukotasuna,
1977
“Gregoriok 29 urte zituen, eta Altsasuko Fundiciones-en lan egiten zuen. Lizarrustin hil zen; gorpuzkiak ekarri genituen hilerrira. Hil zuten egun berean ikusi nahi izan genuen, baina ez ziguten utzi. Eta hango parrokoak esan zigun ekar genezakeela nahi bagenuen, eta non zeuden bagenekienez, bi baitziren, ekarri genituen. Bestea Felix Lopez zen, Etxarrikoa, Joaquinaren aita. Uste dut irailaren 22an izan zela”.
Agustina Arakama emaztearen lekukotasuna,
1977ko irailaren 11n
“Bera hiltzeko, zera argudiatu zuten... Oraintxe esango dizut egia:
Movimientoa etorri zenean, tropak iritsi zirenean, gizon guztiak izutu egin ziren; ez zuten ezer egin nahi. Denek alde egin zuten beldurrez. Ni beste emakume batekin joan nintzen, berak han zuelako senarra, eta ni joan nintzen ekartzera, bandoa eman zuten eta. Donostiaraino joan ginen, beraz, nire senarra ekartzera. Nik han banituen ezagunak, eta han egon ginen beraiekin, etxe batean sarturik. Gizonak ez zuen ezer egin. Nazionalak Altsasun sartu zirenean, anaia etorri zitzaidan eta esan zidan: ‘Orain onena izango da Gregorio Donostian geratzea, oraindik bizirik dagoelako. Zu itzuli zaitez etxera’. Bi urte egitera zihoan alaba txikia neukan, eta anaiak ekarri ninduen Altsasura. Lucas Elizalde zen orduko alkatea. Etorri zen niregana, eta nire gizon hori ez zenez inorekin sartzen —ez zen politikazalea, ez zuen periodikorik irakurtzen, lana besterik ez zuen egiten—, holaxe esan zidan: ‘Orain Gregorio ekarriko duzu, eta bihar baino hobe, gaur’. ‘Erraz esaten duzu ekartzeko!’, esan nion, anaiak esan zidalako han uzteko, hau guztia pixka bat baretu arte. ‘Zuk ekarri Gregorio, eta alde egiteagatik zortzi eguneko espetxe zigorra izango du, baina ekarri lehenbailehen, bihar baino hobe gaur’.
Berehala joan nintzen senarrarengana, eta fidaturik ekarri genuen, beti ondo moldatu ginelako beraiekin. Nola pentsatuko nuen nik hark horrenbesteko mina eragingo zidanik? Handik bi egunetara harrapatu zuten, eta eraman egin zuten. Eta berak esaten zidan: ‘Gregorio datorrela bakarrik, e! Bakarrik’. Ba, bakarrik eraman genuen.
Dori, alaba txikia, nire amarekin geratu zen. Ni joan nintzen bere bila, bakarrik. Eta esaten zuten alaba ikustea eskatu zuela. Baina guk ez genekien. Esaten zuten alaba eskatzen zuela, mesedez alaba eramateko berarengana.
Ziegatik idatzi zigun, despeditzeko. Nik ez dakit zer egin nuen, oso urduri nengoen eta. Uste nuen erotu egingo nintzela. Ez nuen ezer gorde. Alabarena Marino Aierraren liburuan [No me avergoncé del Evangelio] jartzen du. Ni eroturik nengoen, ez nekien zer egiten nuen ere.
Nirekin egon zen beste emakumea lehengusu propioa zen senarraren aldetik, eta bera ere etorri zen eta esan zidan: ‘Nik ez nekien hori’. Gizona salbu zeukanez, esan zidan: ‘Nik datu guztiak ekarriko dizkizut, non egon garen eta’. Eta emakumea Donostiara joan zen eta datu guztiak ekarri zituen, non egonak ginen eta. Eta gero esaten zuten horrek ez zuela balio.
Ni Agustina Arakama naiz. Lau urte egin behar genuen ezkonduta; neskato hori genuen, Dori besterik ez.
Han barna ere hil zuten jendea, baina nik ez dakit deus, pena handia bainuen, eta badut. Ez pentsa urteekin pasa egin zaidanik, badira eta egunak ezinegona daukadala baita etxean egoteko ere. Horrelako jendea egotea, engainatu ninduten bezala engainatzeko... Denak engainatu gintuzten. Eta gizon hura hiltzea!
Egun batez irakasle bat hil zuten, eta batek esan zidan: ‘Ai emakumea! Izututa nator. Bergerak esan dit —gizon jatorra, ez du inoiz gutaz gaizki hitz egingo—: Izututa ikusten zaitut, eta etxera eramango zaitut’. Eta gero: ‘Hau eta bestea’. Jendea izutu egiten da. Ikusi gabe, jendea izutu egiten da, eta horrela joan ziren gauzak.
Nik diot: bat gaixorik baldin badago ohean, hau eta bestea egingo diot; baina gizon honi egin ziotenak ez du neurririk, ezin zaiolako pertsona bati bizia kendu.
Nik ez dakit berak zer uste zuen, Iruņera eramango zutela, edo ez dakit. Nire koinatuari, joan zenean, eskatu omen zion zerbait, idazteko, eta ezpainak pintatzekoa eman zion. Nire koinatak, gorpuzkiak ekarri zituenean —hemen kutxa batean egon ziren—, esan zuen: ‘Ondoan ezpainak pintatzekoa omen zeukan’, eta esan zuen: ‘Hau da’. Eta idazkiaren kolore berekoa zen. Han baziren kaminero batzuk, eta haiek erakutsi zuten: ‘Hemen daude’. Eta hor zeuden biak”.
Oiarbideren andrearen lekukotasuna,
1977ko azaroaren 7an
“Doriren aita Lizarrustin hil zuten, eta Fernando Pooko Luisa Isigorri-rena, eta Joaquinarena (bost denera). Baina haiek ez zituzten hemen harrapatu: frontean atzeman zituzten, eta zigortuak izan ziren. Herrietan gutxi batzuk hartu zituzten, gehienek hanka egin zutelako. Eta baten bat itzuli egin zen, ezer gertatuko ez zitzaiolakoan. Donostia erori zenean, Doriren aita itzuli zen, koinatu karlistek ekarri zuten, eta bera fidaturik ekarri zuten. Iritsi eta berehala, hara joan zen alkatea, atxilotzera. Eta esan zion: ‘Espetxera eramango zaitut, baina ez da denbora askorako izango’. Horixe gutxirako zela! Bi edo hiru gautarako baino ez. Espetxean lo egiteko etxetik eraman zizkioten arropa, mantak eta horrelakoak. Atera zutenean, Marino Aierrak konfesatu egin zuen, eta gizonak eskatu zuen alaba txikia eramateko berarengana, azken besarkada eman nahi ziolako. Eta agurra idatzi zuen. Eta orduan esaten zuten: ‘Nola moldatuko zen gizon hura paper baten gainean teila baten puskarekin idatzi ahal izateko!’. Hori esaten zuten. Kontua zen Dori txikia han jolasean ari zela aitarekin espetxean, eta ezpainetako barra sartu zioten. Eta gorpuzkiak atera zituztenean, barra hori bilatu zuten, eta osorik ageri zen gorpuaren ondoan. Eta orain jendeak dio: ‘Begira zerekin idatzi zuen aitak!’. Teilaren kolorekoa zen ezpainetako barra. Eta papera burukoaren zorroan sartu zuen, eta gero etxera eraman zutenean, eta andrea hasi zenean garbitzen, agurra aurkitu zuen. Gizon hori Gregorio Zufiaurre deitzen zen”.
(Bere heriotzaren agiria 1942ko urtarrilaren 13koa da: “Gregorio Zufiaurre Zufiaurre, Altsasun jaioa 1906ko maiatzaren 9an, Martin Francisco eta Maria Aguedaren semea. Langilea, Agustina Arakama Oiarbiderekin ezkondua, 34 urtekoa, alaba bat uzten dute, Dorotea, 7 urtekoa. Lizarrustin hil zen 1936ko irailaren 22an, gerra ekintza batean)”.
Beste lekuko bat
“Ez leporatu Lucas Elizalderi Agustina Arakamaren gizonarena. Agustinak bazituen bi anaia nagusi Falangekoak, Andres eta Ignacio Arakama. Eta koinatua ere bazen. Zeukaten botereagatik, Lucasek esan zuen: ‘Datorrela!’. Ekarri zuten, eta Soltxaga komandantea zegoenez, hark ez zeukan errukirik. Heriotza margotu ohi den bezalakoa da: argala, eta segarekin ibiltzen da. On Marino joan zenean Gregorio Zufiaurreren alde zerbait egitera, apaizak hitz egin zuen luze, eta Soltxaga komandanteak erantzun zion: ‘Zu ardura zaitez arimez, ni arduratuko naiz gorpuez’. Eta komandantziatik bultzaka atera zuen”.
Beste lekuko bat
“Gregorio Zufiaurrerekin Donostian gorderik zeuden senar-emazteak Jose Agirrebengoa eta Josefa Etxeberria Zufiaurre ziren. Hemen bizi dira, San Pedroko okindegiaren ondoan, geltokirako bidean, Buenoren erloju-dendatik eskuinera. Gregoriok ez zeukan beste buruhausterik, ea noiz bilduko zuen dirua etxetxo bat egiteko. Ni konstruktorea nintzen, eta esaten zidan: ‘Tira, etxe txikitxo bat, harako hari egin diozunaren antzekoa, zenbat izango zen? Ba nik dauzkat 18.000 pezeta’. ‘Pixka bat gehiagorekin, izango duzu nahikoa’. Ez zeukan beste ilusiorik, etxetxo bat izatea. Beharbada ugtkoa zen, denak zirelako ugtkoak. Fundiciones-en lan egiten zuen”.
Beste lekuko bat
“Agustina Arakama, senarra fusilatu ondoren, Jose Maria Uriberekin ezkondu zen berriro, zinegotzia zena Movimientoarekin, eta Gerra batzorde karlistako kidea, alper hutsa. Alaba Dorik gizon batek bezala lan egiten zuen baratzean, berari jaten emateko. Uribe tratantea zen, eta txandrioak egiten zituen. Bi anaia zituen Agustinak: Andres eta Ignacio Arakama, horiek ere Gerra Batzordekoak, Aldasororekin eta”.
* * *
Gerra piztu eta berehala, ehunka lagunek hanka egin zuten herritik. Batzuk, basoan ezkutatu eta etxetik zetozen berrien zain geratu ziren; beste batzuk, Gipuzkoan Errepublikaren alde borrokan hasi zirenekin batu ziren; eta izan ziren herriz herri eta basoz baso noraezean aritu zirenak ere, lehen aste ero haietan. Haien ibileretan nahasten dira patu txarra, esker oneko keinuak eta epitafiorako moduko gogoetak.
Lekuko ezezaguna
“Miguel Bengoetxea basozain zegoen, Gregorio Sarasolarekin. Zegaman edo Ormaiztegin hazitakoak ziren, eta eskopetekin zeuden, herria zaintzen. Falangistak herrira iritsi zirenean, haietako lau ukabila altxatuta iritsi ziren, eta Altsasukoek trago bat hartzera gonbidatu zituzten. Tabernan zeudela, falangistek pistolak atera zituzten. Altsasukoek han utziak zituzten eskopetak. Falangistek, orduan, hilerriko hormara eraman eta hantxe garbitu zituzten biak”.
Nicolas Mendiaren lekukotasuna,
1978
“Gerra hasi zenean, eskopetekin ibiltzen ginen, baina gehienok ez genuen ohiturarik. Orduan, igual talde batean zinen eta izkina guztietatik iristen ziren tiroak. Bat horrela hil zen: taldekideen eskopeta bati tiroak ihes egin ziolako, eta hari eman zion. Movimientoaren lehen astean gertatu zen, uztailean, lehen egunetako batean. Handik bi edo hiru egunetara hil zen Juanito Akulluren anaia ere, berdin, tiro batekin: bat-batean, eskopeta batek tiro egin zuen. Arriskutsuagoa zen eskopetekin ibiltzea jende artean, frontean egotea baino.
Nazionalak Zegama inguruan zebiltzan, eta Olaberriara hurbildu zirenean, Anboton hil zen Migel hau eta ni Beasaingo pasonibelera bidali gintuzten beste bi guardia zibilarekin batera. Migelek 19 urte izango zituen eta nik 17. Altsasun egondako soldaduak iritsi ziren, eta balak ziztuan pasatzen ziren eta Migelek eta biok jaramonik ez. Guardiak trenbidearen kutxa barruan sartuta zeuden, etzanda, haien buruak gorde nahian. ‘Etzan!’, oihukatzen ziguten. ‘Zer pasatzen da!’. ‘Balak!!’. ‘Zer balak?’. Migel horrek fusila kendu zion guardia bati, eta nik besteari. Baina ez genekien zer egin haiekin, ez genekien erabiltzen!
Beasainen gotortu ginen, baina herria hartu egin zuten azkenean, eta udaletxe aldean bada mendi handi samar bat. Felix Lezea Larrea eta biok elkartu ginen han. Joan ginen mendi horretara, Murumendira, eta han bi egun galduta ibili ginen, biok bakarrik, goseak amorratzen, jakin gabe nora joan. Txabola batean artzain bat aurkitu genuen. Agurtu genuen. ‘Zer zabiltzate ba hemen?’. Ez zekien gerra zegoenik ere. Gazta eman zigun, eta irentsi egin genuen. Bidea erakutsi zigun, eta Errezilera jaitsi ginen, eta handik Azpeitira. Han eman ziguten jaten. Movimientoa gertatu eta astebetera edo izango zen hori”.
Joaquin Arregiren lekukotasuna,
1978
“Kaputxinoetara joaten ziren erreketeak eta falangistak eskuak patriketan, eta handik ateratzen ziren uhaleria, fusilak eta denetarik. Aita Gregorio, a zer nolakoa zen. Egun hartan predikua eman zien plazan. Han zeuden baboek ulertu izan baliote! Ulertu izan baliote, Altsasun ez ginatekeen bakar bat ere geldituko. Fraide hark esan zien ez sinesteko dena egina zegoela, otsoak ezkutatuta zeudela artaldean, bildots jantzita, eta ahal bezain pronto atzaparrak aterako zituztela. Onena ‘esterminioa’ zela. Han zeuden erreketeek, hemen ingurukoak zirenez, ez zuten ezer ulertu. Zer ulertuko zuten horiek! Hori esan zuen udaletxe plazan, apaizaren etxearen terrazatik, gerra piztu eta egun gutxitara. Ni han nengoen, ez zegoen jende askorik. Udaletxe zaharrean zegoen harrizko banku batera igo nintzen eta morroiak esaten zuena entzuten egon nintzen. Sekulakoak esan zituen. Nik esaten nuen: eskerrak hauek ez duten ezer ulertzen. Ulertuko bazuten, hemen ez zen inor bizirik geratuko”.
Felix Muruzabalen arrebaren
eta koinataren lekukotasuna,
1977ko irailaren 11n
“Felix Muruzabalen arreba etxean zegoen, Eguzkitzan. Lagun bat etorri zen paseo bat emateko, eta neska batekin gurutzatu ziren trenbidearen pasabidean, eta harekin abiatu ziren. Neska hark baratzea zeukan Irubidetik gora. Baina mutilari ez zitzaion ondo iruditu arratsaldeko seietan hara joatea, eta errepidetik jarraitu zuten. Hango lur sailean beste emakume bikote bat zegoen, eta dena ikusi zuten.
Kamioian ba zihoan Altsasuko bat, Juan Kruz Goikoetxea, ardandegikoa; txofer zihoala esango nuke, furgoneta edo kamioia zutelako, estali gabeko kamioneta bat. Gure mutila han inguruan zen eta ‘Arriba Espaņa!’ oihukatu zutenean eta berak erantzun ez zuenean, kamioia gelditu egin zuten, jaitsi eta gurea igoarazi nahi izan zuten. ‘Ni ez nauzue horra igoko’, erantzun omen zien. 21 urte zituen, eta katagorriek bezala egiten zuen salto. Graziosoren batek fusila hartu eta kulatarekin jo zion, bezatzeko. Masailean zauritu zuten. Korrika egin nahi izan nuen hara, tiroak entzun nituenean, baina beste neska batek esan zidan, ‘baina nora zoaz?’ ‘Tiroak entzun ditut eta gure mutiko hori paseo bat ematera atera da, besterik ez!’. Eta esan zidan: ‘Goazen etxera, etxera’. Lepotik heldu eta etxera ekarri ninduen. Irubiden buelta eman eta ni zubian bertan bizkarra emanda jarri nintzen, eta kamioia pasatu zen eta ikusi nuen anaia, masaila odoletan zuela. Espetxera eraman zuten, eta gaueko bederatzietan osasun etxera. Han sendatu zuten, eta hamaiketan atera eta garbitu egin zuten. Beste biak hil ondoren, geureari esan omen zioten: ‘Segi, tira. Egin ezak korrika, ea alde egiten duan!’. Hasi zen korrika eta atzetik bi tiro jo zioten, eta elorri baten gainera erori zen. Han geratu zen. Esan zioten otoitz egiteko, eta berak erantzun zien: ‘Egin zuek otoitz, gaiztakeriak zeuek egingo dituzue eta’”.
Izan ziren, izan zirenez, gaiztakeria hutsez edo ezinikusiak tarteko hildako herritarrak, gizon gazteak gehienak. Baina, lehen hilabeteetan, aiher ideologikoa nagusitu zen, inork ez zuelako ahaztu bakoitza nondik zetorren, nori eman zion botoa, non militatu zuen.
* * *
JOSE UBEDA
Zufiaurreren lekukotasuna,
1977
“Pepe Ubeda tren geltokiko maleta arduraduna zen. Ezkonduta zegoen. Lehendabizi Gil eraman zuten, eta gero bera. Koadro artistiko bat egin zuen, hemengo familia batentzat: Cuadro artístico de Alsasua. Ubeda horrek eszenatokietako dekorazioak egiten zituen. Sindikatuak antzerkiak antolatzen zituen familia txiroen alde dirua ateratzeko asmoz. Antzezlanak prestatu eta, ateratzen zuten diruarekin, 500 edo mila pezeta jaso eta familia behartsuei ematen zieten. Sorospen etxea jarri zutenean ere egin zuten, materiala ordaintzeko. Horretara dedikatzen zen. Eta gizon hori, Ubeda hori, tramoiaria zen. Eszenatokiak prestatzen zituen”.
Lekuko ezezaguna
“Frantzian hil zen, kontzentrazio eremu batean; ez dakite nola hil zen”.
Joaquin Arregiren lekukotasuna,
1978
“Adelino Gil agureak cntko periodikoak saltzen zituen. Kanpotarra zen, ezkongabea, Floraren semea. Urbasan fusilatu zuten. Betaurreko beltzekin ibiltzen zen. Pezeta bat ateratzearren, Diario de Navarra ez ezik periodiko guztiak saltzen zituen. Zer egingo zuen ba gizajoak! Berdin dio periodiko ezkertiarrak edo eskuindarrak izan, denak saltzen zituen. Ubeda delako bat harrapatu nahi zuten, maletekin aritzen zena. Gauez joan ziren hura harrapatzera baina hara non nahastu ziren eta periodikoak saltzen zituena hartu eta eraman zuten. Hil egin zuten. Eta udaletxera itzuli zirenean, han baitzuten bilera, galdetu zuten: ‘Zer, listo?’. Eta besteek erantzun: ‘Bai, garbitu dugu hori ere. Hantxe geratu da bere betaurrekoekin’. ‘Baina nola, betaurrekoak? Horrek ez zituen eta betaurrekoak!’. Joan ziren begiratzera eta Gil zen garbitu zutena, pentsaturik Ubeda zela, epaitegiko idazkaria. ‘E, ez du axola horrek! Bihar beste hori!’. Eta horrela egin zuten. Biharamunean Jose Ubeda eraman zuten. Gil haren Maria geratzen da, andrea. Txiroenean dago, udal idazkariarentzako neskame, eta esaten zuten eskaileretan ematen ziotela jaten. Erdi itsua da gaixoa”.
* * *
CONSTANTINO SALINAS
Joaquin Arregiren lekukotasuna,
1978
“Altxamenduaren lehen egunetan alde egin zuen. Demokrata zen goitik beherakoa. Ez zuen inor behartzen. Esaten zuen: ‘Gauza hauetan ezin zaio inori agindua eman; norberak egin dezala nahi duena’. Hura ez zen xaxatzailea, bakarrik ona zabaltzen zuen. Jende ona zen, eta jende on bezala hil zen. Argentinan zela, gerra amaitu zenean kontsularengana joan zen. ‘Hola eta hola nago. Itzul naiteke?’. (Hementxe bertan zegoen eserita kontatzen zidanean). ‘Odolez zikinduta ez bazaude, joan zaitezke’. ‘Orduan ezin naiz joan. Medikua naiz! Alde baten zein bestearen odolaz zikinduta nago. Nire beharra zuten guztien odolaz’. Eta etorri egin zen, hala ere.
Bazen beste Salinas bat, Alaska hotelekoa, Constantinoren lehengusu propioa. Hark leizetik bertatik ihes egin zuen. Baten batek esan du dirua eman ziela borreroei. Berak kontatzen zuenez, autotik jaitsarazi zutenean eta bere burua han ikusi zuenean, ‘ostia bana eman nien’ (oso handia zen), ‘eta autoaren fokuetatik atera nintzen; eta ilunpean...’. Gaua han goian eman zuen, eta halako batean jaitsi egin zen. Gauez Bakaikura joan zen. Han bazuen lehengusu bat, eta han egon zen ezkutatuta. Araban gobernadore zegoenaren laguna zen. Abisua eman zioten eta gobernadorea Bakaikura etorri, hartu, eta Altsasutik eraman beharrean, Lizarratik barna Gasteizera eraman zuten. Haren etsaiak Altsasun eta Olaztin zeudelako”.
* * *
VICTOR URKIJO
Iturri ezezaguna,
1977
“Lantegian zuen beharra. Argindarraren kontadoreek ordu oro markatzen zutena erregistratzea zen bere lana. Fabrikan atzeman zuten lanean zela, gauerdian, eta zuzenean leizera eraman zuten. Andrea bizi da, eta semeak ere bai. Hamar semerekin geratu zen”.
* * *
Urbasa mendizerraren lautadak eta leizeak amesgaiztoen gordeleku bilakatu ziren gerra ondoren. Desagertutako guztiak irentsi zituen zuloz betetako esparru ia mitikoa. Hilobi ilun erraldoia, non mamuak zulo batetik kexaka oihuka aritzen ziren gau eta egun.
Lekuko ezezagunak
“Hemengoen leloa zen: ‘Afaldu eta gero, jendea hiltzera’. Baina badaude hiltzaile ezagunak eta, hori da bitxia, mozkortu egiten zituzten lehenago. Buruzagiek hartzen zituzten, mozkortu egiten zituzten, eta gero leizera bidaltzen zituzten, jendea hiltzera. Etxabarritarren semeetako bat behartu zuten aitaren autoarekin Urbasara igotzera. Mutilak 19 bat urte zituen. Autoaren barruan hil zuten presoa, eta gero leizera bota. Berak hura guztia ikusi zuen, eta gaixotu eta hil egin zen. Heriotza arraroa izan zen. Beste heriotza arraroa Alejandro Goienetxe Ezkerrarena izan zen. Biak hil ziren gaizki”.
“Juan Ignacio eta Juanaren semea zen, 1937ko urtarrilaren 17an hil zen, 25 urte zituela. Erdi erotuta hil zen, asko komentatu zen heriotza hori. Horrelako gauzak ikusi omen zituen, eta gaixotu zen. Apaiza deitu zuten konfesatzeko, astakeria guztiak oihuka ari zelako salatzen, nortzuk ziren hiltzaileak-eta, eta erotuta hil zen, eta apaizaren laguntzarik gabe azkenean, abadeari ez ziotelako sartzen utzi, jakin ez zezan”.
Lekuko ezezaguna,
1978ko otsailaren 18an
“Gu, ama, anaia eta hirurok, Urbasara joaten ginen egurretara, gurdiarekin. Etxabarriko alargunak egur sorta handi bat zeukan Udabeko arrasotik Arratondo aldera; handik sartu ginen eta egun batez hango sortako egur lehorra hartu genuen, batek deitu zigulako atentzioa. Hango gizonarekin adiskidetu ginen azkenean, eta gero egurra prestatzen zigun. Amak babarrunak eta tabako pakete batzuk eramaten zizkion, eta hara joaten ginenean, egurra prest genuen. Gizon hark kontatzen zigun: ‘Atzo gauean jendea bota zuten hor’. Joaten ginen guztietan, beti esaten zigun hori. Haiek tiroak entzuten zituzten txabolatik: ‘Nik ez baitakit hainbeste tirorekin bat edo batzuk hilko dituzten’. Ondoren, ogi bila ateratzen zen, leizetik pasatzen zen, eta han odol freskoa zegoen. ‘Uste genuen jende asko zegoela hor sartuta’, esaten zigun”.
Nicolas Mendiaren lekukotasuna,
1978ko otsailaren 18an
“Victoriano Goņik kontatzen zuen Ziordiako bat nola behartu zuten autora igotzera, esan ondoren Altsasura eramango zutela komandantziara, deklaratzera, baina Urbasarako bidea hartu dutenean, nola ondo baitzekien zein izango zen bere akabera, mutil hori hasi da peleatzen, eta Goņik hara non atera duen aiztoa edo labana, eta sartu dio, eta hainbeste mugimendurekin labana hautsi zaio; jaitsi da bestea labana puskatuta barruan duela, eta harropuzkeriatan hasi da. Dio hori guztia erreboltan gertatu dela, eta autoa bidetik atera dela, eta denak atera direla bidetik, eta han utzi dutela bestea larri zauritua. Biharamunean, soka batekin autora lotu eta arrastaka eraman omen zuten leizeraino. Ziordiako bat zen”.
Oiarbideren andrearen lekukotasuna,
1977ko azaroaren 7an
“Duela 15 egun edo, leizearen irteeran gurutze handi bat paratu zuten, metro bateko alturakoa. Ezetz han segitu! Baietz baten batek kendu! Seguru! Batzuek ez dute nahi. Han inguruan, lehen, pago asko baziren eta gurutzeak egiten zituzten enborraren azalean, eta joaten ziren beste batzuk eta ezabatu egiten zituzten. Pago horietako asko kendu dituzte, baina badago bat gurutzea egin berria daukana. Pagoa bera ez zuten kenduko.
Berrogeiko hamarkadan, Olaztin, tifus izurrite bat egon zen, eta jendeak pentsatu zuen urak txarrak zetozela leizean zegoenagatik. Hasi ziren esaten hildakoen gorpuzkiengatik izango zela. Eta orduan leizea tapatu zuten abarrekin, lurra eta harriekin. ‘Leze bi’ deitzen da.
Lehen dena zuhaitzak ziren. Movimientoa hasi eta gutxira, artzain batek esan zidan: ‘Leizea ez da oso sakona, periodiko batzuk piztu eta bota eta dena gorputzez beteta ikusi genuelako, eta haietako bat biluzik eta galtzontzillotan. Beharbada haiek kendu zizkioten galtzak. Gehienak biluzik zeuden’. Ba omen zegoen San Roman bat, hiru egun bizirik egon zena leize barruan, eta esan zien: ‘Hildako biluzien artean nago’. 1936an, Santiago egunean, erreketeak etorri ziren gure txabola miatzera, Urbasara, horien artean Berbintzanako Uveroa. Eta hark esan zigun: ‘Baten bat azaltzen bada eskean, ez eman jateko ezer. Eta jaten ematen badiezue, joko dizkizuegu bi tiro’. Urbasa jorratzen ari ziren Manuel Irujoren bila, antza”.
Lekuko ezezaguna,
1978ko azaroaren 18an jasoa
“Paulino Rubio Araban hartu zuten eta Ameskoetatik ekarri zuten harkaitzetatik edo Zudairiko iturburutik behera botatzeko. Eta bizirik bota zuten. Borreroak bidean geratu ziren zerbait jateko, eta bera zuhaitz batera lotu zuten. Jaten zuten bitartean, hezurrak botatzen zizkioten, lotuta baitzegoen”.
* * *
Urbasa bezala, Altsasuk Gipuzkoarekin daukan muga ere mausoleo berria bilakatu zen desagertuentzako: Aitzgorri, Sorozarreta, Zumistiurkullu.
Manuel Iriarteren lekukotasuna,
1977ko irailaren 11n,
eta beste ezezagunen lekukotasunak
“Altsasuko dermio batean, hemendik zazpi kilometrora, Aitzgorri hotela dagoen tokian, Zegamarako gurutzean (muga gorago dago), han hil zuten Olaztiko bat, Miguel Miquelez deitzen zen bat, eta han utzi zuten. Igande batez atzeman zuten tabernan, Miguel Miquelez han baitzen borrokalarien aitarekin kartetan jokatzen, eta iritsi ziren boluntarioak, eta esan zioten: ‘Miguel, jaitsi’. Jaitsi zen eta etxe aurretik pasatzean esan zien: ‘Utzi arropa aldatzen’. Eta ezetz, ez zuela beharko. Igo zuten hilerri aurretik, atera zuten errepidera, eta hor zuten autoa. Sartu eta Gipuzkoako mugara eraman zuten. Han garbitu zuten, eta trenbideko langile batek estali zuen. Pixka bat lurrean aztarrika egin eta han utzi zuen, errepidearen bidegurutzean. Eta aita, Kubako gerran ibilitakoa, eta arreba, [Urbasako] leizera joan ziren lehendabizi, eta soka batekin jaitsi zen gizon hori leizera, ikustera semea han zen. Bazen bat bizirik, bost egun zeraman eta hilda bezala zegoen, baina bizirik zegoen. Horixe kontatu zigun gizonak. Hurrengo egunean joan ziren Gipuzkoako mugara. Trenbideko langile batek esan zien: ‘Ba katean bazen bat, neuk tapatu nuen’. Joan ziren, eta han ibili ziren aztarrika txakurrak bezala, ea arropa kenduta zeukan. Eta bera zen. Herrira ekarri nahi izan zuten, lurra ematera, baina ez zieten utzi. psoekoa zen. Beremundo eta Sebastianaren semea. Han bertan baziren beste bi: Eustaquio Bengoetxea, ezkongabea, Teodoro eta Angelaren semea, San Jose kofradiakoa. Nekazaria zen. Hilario Goikoetxea Agirre ere bai, 21 urtekoa, Juan Miguel eta Julianaren semea, San Jose kofradiakoa, nekazaria. Eustaquio eta Hilario Donostian egon ziren hura erori zen arte, eta ondoren Olaztira itzuli ziren, etxera. Ez zituzten ideia politikoak batere. Nire aitaginarreba zena han zegoen, kaminero, eta errepidea zabaltzen ari zirela agertu ziren hezurrak, eta Fernando Poo deitzen den etxeko txakurrak hara joaten ziren eta puskaka jaten zituzten. Hil egin zituzten txakurrak, Bautistarenak. Principe de Vianako paradorera iritsi baino zerbait lehentxeago da tokia, Aitzgorri hotela zegoen inguruan, han dagoen erreboltan, harresietan. Eta orduan alkate zenak manatu zuen berriro tapatzeko ondo. Sasiak eta lurra bota zuten eta han utzi zituzten. Erreboltan, katetik honantzago. Bidegurutzean bertan, baziren beste bi, Aitzgorriko transformadorearen ondoan, pixka bat aurrerago; han zen Olaztikoa eta, gero, beheratxoago, partzoneriatik iristen den ura sartzen den tokian bertan, han beste bi, eta haietako bat eskua kanpoan zuela. Hara joan zen koinata, ahuntzen bila, eta ikusi zuen eta izuak hartuta alde egin zuen etxera. Esan zidaten nola ageri ziren gorpuzkiak, eta ea ekarri behar zituzten lurra ematera. Nik esan nien: ‘Hil dituenak lurpera ditzala’. Eta seguru asko han utziko zituzten”.
Oiarbideren andrearen lekukotasuna,
1977ko azaroaren 11n
“Etzegarateko mendatetik behera, erreboltan, ez dakit handian edo txikian, han lurperatu zuten Zegamako bat. Amari entzuna diot hori. Eta semea etorri zen Altsasura aitaren bila, eta hartu eta Urbasara eraman zuten. Aske ekarri zuten, nonbait. Eta, ohartu zenean garbituko zutela, ez zuen autotik atera nahi izan. Norbertok eraman zuen, Etxabarritarren txoferrak. Norberto Aldasoro, Olaztikoa, oraindik bizirik dago. Hil zuten hori familia desastrea zen eta badirudi bati dirua zor ziotela, eta besteak eskatu zion; eta ordaintzen ez zionez, Movimientoa iritsi zenean, aita hil egin zuten, bihurgunean. Urbasan, semea, leizera botatzeko, autotik aterarazi nahi zuten, baina mutilak ez zuen nahi, eta autoaren barruan hil egin zuten. Horrela kontatu zidan amaginarrebak, Norberto lehengusu propioa daukalako, eta galdetu zion: ‘Eta autoak dituen zulo hauek?’. ‘Mutila atera nahi izan zuten, eta ezin izan zutenez, autoaren barruan hil zuten. Tiro hauek horiek dira, bera hil zutenekoak’. Eta leizera bota zuten. Han omen zen Olaztiko bat, estankeroaren semea, eta ez dakit horregatik edo zergatik, gerra amaitu zenean, etorri zen mutila etxera eta badirudi harra zuela barruan, eta ‘nire bila datozela, nire bila datozela’, hil zen arte, erdi erotuta”.
Beste lekuko bat
“Nazionalek Segura okupatu ondoren Beasainera joan ziren, eta 26an edo 27an okupatu hura ere. Handik egun batzuetara, Martin Haundi Zegamako artzaina, azken hauteskundeetan ezkerrari botoa eman ziona, kanpoko falangista kuadrilla batek Zegamatik Altsasura eraman zuen. Bere semeak 19 urte zituen, eta galdetu zion alkateari aita non zen. Esan zioten Altsasun zela. Hemen esan zioten Zegamara eraman zutela. Biak, aita-semea, hilda agertu ziren Zumistiurkullun, Altsasu eta Otzaurte-Etzegarateko gurutze ondoan”.
Beste lekuko bat
“Beasain hartu eta egun gutxira, Martin Haundi artzaina atxilotu zuten segan ari zen soroan, eta Altsasura ekarri, falangistek gidatutako auto arin batean. Gizona ez zen itzuli. Senideak, izututa, hasi ziren galdezka. Zegamako alkatearengana joan ziren, eta esan zien ez zekitela ezer, galdetzeko Altsasun. Altsasura joan ziren eta esan zieten Zegamarantz atera zela. Semeak 18 urte zituen, eta bila ari zela, Altsasun desagertu zen misteriotsuki, eta handik gutxira biak ageri ziren suzko armak hilda, Zumistiurkullu deritzon inguruan, Zegama eta Altsasu arteko errepidetik gertu. Inguru honetan ezagutu gabeko pertsonen hilotz ugari ageri ziren, lur eman gabeak. Ez dakit zenbat. Egun haietan inor ez zen ausartzen horrelako toki ilunetara sartzen”.
* * *
Esanda dago: gerra aitzakia izan zen inbidia zaharrak kitatzeko, arerioak garbitzeko edo, besterik gabe, miseriak azaleratzeko.
Lekuko ezezaguna
“Simon Betelu Arruatzukoa zen, Amerikan ibilitakoa, eta La Barranquesa izeneko autobus bat jarri zuen. Otxoatarren La Burundesakoekin bazuen lehia, eta azkenean autobusa kendu eta taxia jarri zuen Iruņean. Orain 81 urte izango zituen. Bere anaiak 83 urte ditu orain. Sei hilabete eman zituen zerbitzari Ameriketarako baporean. Etxarri-Aranatzen hil zuten. Autoak beti berri-berriak zituen, eta Iruņean ez zuten aguantatzen aberatsek berarekin joan nahi zutelako. Bere bila joaten ziren eta eskupekoak ematen zizkioten, eta hortik inbidiak. Hark ez zuen laboraria izateko batere gogorik, eta etxetik alde egin eta lau urte eman zituen Esparzarekin lanean, kamioarekin. Geroago hartu zuen taxia, bidaiatzeko. Familia ezaguna zen, eta Olaztiko Cementosen akzioak zituzten. Hainbat anai-arreba ziren: bost anaia eta hiru arreba. Simon laugarrena zen. Sozialista zen, baina pixka bat nazionalista ere bai. Eta Iruņeko taxistarik onena zenez, traje dotoreenak janzten zituen. Bera garbitu eta hurrengo astean, lagunak bere trajeekin atera ziren kalera”.
* * *
Urbasako leizeetan oihuak bezala, azalera irten ezinik ere gelditu zen besterik: emakumeek jokatu zuten papera, sufritu zuten errepresioa, izan zuten protagonismoa. Aztertu gabe geratzen den alderdia da hau.
Oiarbideren andrearen lekukotasuna,
1977ko irailaren 11n
“Gerra garaian, Altsasun, eskupeko edo laguntza zerbitzu bat antolatu zuten fusilatutakoen alargunentzat. Haietako bat Maria Alzate zen. Hilean behin bost pezeta ematen zieten. Bost pezeta horietatik bi Luis Lezaun apaizari eman behar zizkioten, elizarentzat. Eta Lezaun apaiza bi pezeta horiek kobratzera joaten zen beti. Bost pezeta jasotzen genituen garaian, bi pezeta ematen genizkion. Baina handik sei hilabetera edo, amaitu zen laguntza. Egun batez, Elena eta Maria Alzate etorri ziren, eta esan zuten: ‘Begira, Manuela, ja ezin dizugu bost pezeta eman’. Eta ez zioten eman! Baina, diotenez, apaiz jauna bi pezeta horien bila joan zen. Behar da ere! Alargun bat, lau seme-alabekin, lurrean harramazka ibili behar zuena zerbait ateratzeko. Eta esan zion: ‘Begira, On Luis, honezkero ez dizkigute bost pezeta horiek ematen eta nik ezin dizkizut bi pezeta eman’. ‘Emakume! Bi pezetarengatik!’. ‘Nik bi pezeta horiek behar ditut seme-alabei ogia erosteko. Ezin dizut eman’. ‘Ez, ez, ezin baduzu eman...’ eta joan zen. Baina gainerako emakumeek, ez baitzuten adorerik izan apaizari esateko ezin zizkietela bi pezeta horiek eman, bost pezeta horiek jaso ez arren ematen jarraitu zuten, eta apaizak jarraitu zuen bi pezeta horiek kobratzen”.
Juanito Goikoetxea Akulluren lekukotasuna
“Espetxetik atera ginenean, Altsasura iritsi eta ez genuen errazionamendu-liburuxka tabakorako. Nik ez dut erretzen, baina orduan estraperlo egiten zen tabakoarekin. Iritsi eta Oiarbideren tabernara joan ginen. Eta Oiarbidek esan zigun Jose Cobo, Quiros eta hiruroi: ‘Atera zarete beraz espetxetik, ezta?’. ‘Bai, itzuli gara’. Han ziren, sukaldean, karka guztiak. Eta Oiarbide zaharrak esan zuen: ‘Lotsagabe hauek, zertara etorri dira?’. Eta gutako batek: ‘Alua!’. Han hasi ginen korrika, eta alde egin genuen horrela. Handik Paca Larrearengana joan ginen, eta oso jator portatu zen. Liburuxka egin zigun, tabakoa eta guzti eman zigun. Gero besteek esaten zuten ni izan nintzela, baina hirurok izan ginen”.