SENTIMENDUEZ
Dendua lortu behar dela, ideien mundua apur bat alboratu eta sentimenduei egin behar diedala toki eta kasu. Horrela dio adituak. Baina sentimenduak askatzen direnean ez nago oraindik konbentziturik onerako denik.
Sentimenduei beren menpean hartzen utziz gero, menpeko bihurtzen gara berez, definizioz? Eta zer egin maitasunaren aurrean? Norbaiten menpeko bihurtu? Fereka eta musu eske itxoiten duen animalia higuingarri bihurtuko ote gara? Atzoskol eta letaginak prest hori baino lehenago.
Zer ote den maitatzea. Zer den, zergatik den eta zertarako den. Nork bere buruari galdetzen dio ea adimenaz zentzunik topa ahal dion. Metodo induktiboaz, hipotetiko-deduktiboaz, baita, eta zelan ez, metodo dialektikoaz ere aztertzen ahalegindu. Eta ez.
Tesiak eta antitesiak. Baina lortu beharreko, gomendatutako, sintesia inondik ere ez.
Teoria atzean ezkuta gaitezke, baina iluntasunean praktika dago aiduru, zelatan, erasotzeko momentu egokienaren zain, teoria alferrikako ezkutalekua izan dela aurpegiratzeko.
Eta zer egin sentitzen dena esan nahi eta ezin denean? Zer egin denboran gordetakoek, on eta txarrek, sugar purpura, ezpal zorrotz, itzal printza bihurturik, airea bat-batean pitzatzen dutenean, kontrol barik, ordena barik, barnetik ezpainetara, ezpainetatik kanpora?
Sentimenduei egin behar diedala toki eta kasu. Dena ezin dela teorizatu, aztertu eta hausnartu. Sendabidearen partea ei da hori. Baina sendabidearen parte horretan norberaren aurrekoak gaixotasunaren isla besterik ikusten ez badu?
Oraindik ez nago konbentzituta onerako denik.